Nafarroa

Auzoa berritzeko norabidean

Auzoa berritzeko norabidean

Kattalin Barber

Hiri eredua aldatzea du xede Alde Zaharra Arian-arian proiektuak. Horretarako, herritarrek 45 proposamen adostu dituzte, besteak beste, auzoa bizileku egokiagoa izateko, ibilgailuen presentzia mugatzeko, zarata bolumena eta kutsadura tasak murrizteko, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta txirrindulari eta oinezkoen arteko bizikidetza errazteko.

Prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan Iruñeko Udalak joan den irailean, eta bertan jasotako 782 proposamenak abiapuntutzat hartuta, eragile inplikatuen eztabaida lanaren ostean, adostutako 45 proposamen dira emaitza. "Hezkuntza Departamentuaren ondoan bizilagunentzat aparkaleku bat egitea, billabesak auzora gerturatzea eta Alde Zaharrerako ibilgailuen sarrera kontrolatzea adostu da, tartean", adierazi du Ioar Cabodevilla arkitekto eta prozesuko kideak.

Prozesuaren lehenengo hiru faseak amaitu direla azaldu du Cabodevillak, eta, orain, Iruñeko Udalari dagokio Alde Zaharreko mugikortasun plana diseinatzea. Udaleko lantalde teknikoak proposamenak aztertuko ditu, eta kontuan izanen ditu auzoko mugikortasun proiektua diseinatzerakoan. Horren ondotik, proposamen berriak modu esperimental eta itzulgarrian abiaraziko dira. "Egiten duenaren arabera, ikusiko da prozesu parte hartzaileak garrantzia duen ala ez".

Lau ardatzen inguruan lan egin dute prozesuan: zirkulazioa murriztu eta oinezkoei lehentasuna ematea, oinezkoen eta txirrindularien elkarbizitza, Alde Zaharrerako sarbide eta loturak, eta zamalanak.

Bertan parte hartu dute inplikatutako eragileek, ehun ekonomikoko eta elkarteetako ordezkariek, teknikariek eta herritarrek. Horrez gain, parte-hartze prozesua garatu eta dinamizatu du hirigintza arkitekto, soziologo eta komunikazio talde batek. "Lantaldeetan nahi genukeen baino pertsona gutxiagok parte hartu duten arren, haien inplikazioa eta parte hartzea oso positiboa izan da, elkarrizketak, elkar entzuteak eta kontrako ideiekiko begiruneak bideratu baitzuten lana", dio Cabodevillak. Xedea izan da adostasunak eta desadostasunak bilatzea mugikortasunaren inguruan.

Irailean, 11.000 triptiko banatu zituzten Alde Zaharrean, eta 42 postontzi paratu zituzten proposamenak jasotzeko. Gainera, webguneko plataforman eta parte hartzeko egon diren lau kale dinamiketan auzoa hobetzeko ideiak jaso dira. Kale dinamiketan, guztira 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute; eta 192 proposamen egin dituzte.

"Prozesua guztiz positiboa izan da, eta parte hartu nahi izan duenak aukera izan du horretarako; hala ere, Iruñeko bizilagunok eta erakundeak ez gaude prozesu parte hartzaileetara ohituta, eta bide horretan zaila izan da", dio Cabodevillak. Gutxika-gutxika herritarrak parte hartzera "ahaldunduko" direla uste du. "Orain, udalari dagokio arduratsu jokatzea. Parte hartu duten guztiek ikusi behar dute bere proposamenak balio izan duela".

Cabodevillak aipatutako proposamenez gain, beste neurri batzuen artean, herritarrek adostu dute kale estuetan aparkatzea debekatzea, San Frantzisko kaleko espaloiak kentzea eta kalea oinezkoendako bihurtzea, tabernetako barrika eta mahai altuak kentzea, bizikletentzat udal aparkaleku seguruak, estaliak eta merkeak gaitzea eta bizikleten abiadura kontrolatzea, eta bizikleta modu egokian erabiltzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak abian jartzea.

Auzo hobe baten alde

Prozesu parte hartzailea irailean abiatu bazen ere, joan den urteko azaroan du jatorria. Mugikortasunaren gaiak aspalditik kezkatzen ditu auzoko bizilagunak, kolektiboak eta ehun ekonomikoa. Orduan sortu zuten Alde Zaharreko hainbat bizilagunek AZ Ekimena, auzoko mugikortasuna hobetzeko asmoz. "Zer-nolako auzo eredua nahi dugu? galderaren harira hasi ginen antolatzen", adierazi du Txetxu Alonso taldeko kideak. Eragile guztien interesa pizten duen gaia da, auzoan elkarbizitza hobetzeko gakoa baita. Alde Zaharreko "benetako erradiografia bat" egitea eskatu zioten Iruñeko Udalari, eta Arian-arian prozesu parte hartzailea izan da emaitza.

"Positiboa izan da eragile anitzek parte hartu dugulako bertan: banatzaileen ordezkariek, ostalaritzako ordezkariek eta Alde Zaharreko hainbat elkarte eta bizilagunek", dio Alonsok. Cabodevillak bezala, udalarengan jarri du erantzukizuna: "Prozesua ez da bete beharrekoa. Beraz, zer eginen dute orain adostutako 45 proposamenekin?". Ahal bezain pronto udalak 45 proposamenak aztertzea eta zein epetan zer eginen duen adieraztea exijitu du Alonsok. Iruñeko Udalak adierazi du proposamenak abiapuntu izanen direla lanean hasteko, baina horrek ez duela esan nahi nahitaez beteko dituztela.

"Alde Zaharreko trafikoa antolatzea eta murriztea beharrezkoa da". Alde Zaharreko bizilagunak argi du udalak hartuko dituen erabakiak ez direla inplikatutako eragile guztien gustukoak izanen, baina amore eman beharko dutela. Halaber, udalari eskatu dio, neurriak hartzeko garaian, informazioa zabaltzeko kanpaina egin dezala: "Aldaketak beti dira zailak, kostatzen da joerak aldatzea, eta bizilagunok informazioa behar dugu". Lehen urratsa egin dute; eta Alde Zaharra norabide berri bati begira dago.

Bost minutu Pirinioentzat

Bost minutu Pirinioentzat

Edurne Elizondo

Bost minutu eskatu dizkiete Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako biztanleek Nafarroako Parlamentuko kideei. Bost minutu, lege bat onartzen duten bakoitzean arau horrek eskualde horretako herritarrengan izanen duen eraginari buruz pentsa dezaten. 1.400 pertsonak baino gehiagok egin dute bat jada eskaera horrekin, Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiak eta Bizirik Gaude elkarteak sarean martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez. "Mugimendua eragin nahi dugu; kontzientzia hartu, eta bat egin dezatela herritarrek, gure gabeziak eta arazoak mahai gainean jartzeko".

Gabeziak, arazoak eta desorekak. "Bazter" direla sentitzen dute Ekialdeko Pirinioetako biztanleek. "Bigarren mailako herritarrak" direla nabarmendu du Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kide Joseba Martinezek. Aurizberrin bizi da, eta argi du herria ez duela utzi nahi. Eskualdean etxebizitzaren, enpleguaren eta hezkuntzaren arloan dauden arazoek, ordea, jende anitz bultzatzen dute herriotatik herri handiagoetara edo Iruñera. Herriak hustuz joan dira, eta kinka larrian gelditu dira zerbitzu anitz. Egoera hori irauli nahi dute hango herritarrek, eta horregatik jarri dute martxan sinadura bilketa. Merezi duten arreta jaso nahi dute. Horretarako eskubidea badutelako. "Zergak ordaintzen baititugu, bertze edozein herri edo hiritako herritarrek bezala".

Ekialdeko Pirinioetako ibarretako hiru dira Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzukoa. Herriotako populazioaren mugimenduak erakusten du Martinezek azaldu duen errealitatea. Erronkarin, populazioak goia jo zuen 1910. urte aldera, 4.704 biztanlerekin. 2.344 ziren 1975. urtean; 1.644 2005ean; eta 1.423, berriz, 2015ean. Aezkoan, 3.679 pertsona bizi ziren 1857. urtean; 1.546 ziren 1975ean; 1.046 biztanle zituen ibarrak 2005. urtean; eta 903 baino ez iazko datuen arabera. Populazioak behera egin du, halaber, Zaraitzun: 4.073 ziren 1857. urtean; 2.448 1975ean; 1.704 2005. urtean; eta 1.478, azkenik, iaz.

Populazioaren beherakada ez da arazo bakarra. "Orografiak eta klimak ere eragiten digute. Gutxi gara, eta sakabanatuta gaude, gainera. Eskoletan ahaleginak egin behar ditugu ratioak betetzeko eta eutsi ahal izateko". Osasunaren arloan, anbulantzia herrietara ailegatzeko "zailtasun handiak" daudela erantsi du Martinezek, eta etxebizitzaren eta enpleguaren esparruan dauden "eredu zaharkituek", berriz, ez dutela aukera ematen herrien husteari aurre egiteko.

Legeak eta justizia

Martinezek argi eta garbi erran du: "Nafarroako Gobernuari dagokio zerbitzu publikoak bermatzea". Eta, horretarako, ustez denentzat egindako legeek sor ditzaketen "desorekei" so egiteko eskatu diete Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kideek herrialdeko agintariei. Eskolako ratioen adibidea aipatu du, berriz ere. "Lege bat denentzat izateak ez du erran nahi lege horren oinarrian justizia dagoenik". Ekialdeko Pirinioetako herrientzat bertze hainbat txokotako herrietan baino anitzez ere zailagoa izan baitaiteke legeak ezarritakoak betetzea.

Pirinioko herrien errealitatea "desitxuratzen" duen bertze elementu bat aipatu du Martinezek. Pirinioak erraten denean zer herri eta ibar aipatzen diren, hain zuzen ere. "Agoitz, Zangoza eta Baztanen gisako udalerrietako errealitatea eta gurea ezberdinak dira". Ondorioz, Martinezek uste du Pirinioetaz hitz egiteko herriotako datuak sartzen dituztenean benetako errealitatea ezkutatu bertzerik ez dutela egiten. "Agoitzen, adibidez, industria dute, baina guk ez". Sinadura bilketa martxan jarri dutenek zehaztu dute Ekialdeko Pirinioek zer eremu hartzen duten: Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar, Erroibar, Orreaga, Auritz, Luzaide, Orotz-Betelu eta Nabaskoze almiradioa.

"Gure eskualdean lehen sektorea inportantea da, baina egoera, egun, ez da ona", azaldu du Martinezek. Turismoak azken hamarkadan izandako gorakada nabarmendu du, halaber. "Jende anitzek egin du horren aldeko apustua; herriko etxea moldatu, eta landetxe bilakatu dute".

Hiriko jendearentzat, hain zuzen ere, asteburua edo oporrak pasatzeko tokia dira, neurri handi batean, Pirinioak. "Guri ongi iruditzen zaigu jendea honat etortzea asteburua pasatzera; baina kontuan hartu behar da gu hemen gelditzen garela haiek joaten direnean".

Turismoaren esparrua bakarrik bultzatzeak ere ondorioak izan ditzakeela uste du Martinezek. "Turismotik bizi bagara, kontuan izan behar dugu gure herrietan kulturaren arloko eta bertze hainbat alorretako aldaketak gertatzen ahal direla". Egungo testuinguruan "etorkizuna bermatzea" zaila dela erran du Martinezek, eta horrek eragiten dio tristura. "Izan beharko genuke aukera hemen bizitzeko, nahi dugulako, orekari eutsiz". Parlamentariak Pirinioetara begira jarri nahi dituzte. Aurrera egiteko.

Iritzia: Nafarroa, Breaking Brand

Tania Arriaga Azkarate
Berrikuntzaren alorrean, oinarrian, Europako Batasunak bi mekanismo erabiltzen ditu ikerketa eta garapen teknologikoa garatzeko: Ikerketarako eta Garapen Teknologikorako Zazpigarren Esparruko Programa (FP7) eta Egiturazko Funtsak...

Beren bidezko defentsan

Beren bidezko defentsan

Edurne Elizondo

Munduan egoteko modu bat da. Jarrera bat. Emakume gisa bizitzari aurre egiteko dugun tresna". Horixe erran du Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Idoia Arraizak, autodefentsa feministari buruz. Antzeko hitzak baliatu ditu Maitena Monroy ekintzaile eta irakasle feministak ere: "Bizitzeko jarrera bat da, eta lotuta ekartzen du herritar gisa ditugun eskubideen defentsa".

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, eta indarkeria horrek egunerokoan erakusten dituen hamaika aurpegiak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko tresna gisa autodefentsa feministak duen garrantzia nabarmendu dute Arraizak eta Monroyk, bai eta bertze hainbat talde feministatako kideek ere. "Ahalduntzea da", erran dute Emakume Internazionalistak taldeko Hortensia Serranok eta Miriam Perezek. "Ekintzazko borroka politikoa da, ikuspuntu feminista batetik, emakumeek eta arauz kanpo dauden subjektu eta gorputzek sufritzen dituzten eraso sexisten aurka", erantsi dute Farrukas kolektiboko kideek —eraso sexisten kontrako feminista autonomo, zalapartari eta erradikalek—.

Maitena Monroy duela ia 30 urte hasi zen autodefentsa feministako ikastaroak egiten. Urteotan guztiotan, Euskal Herriko 25.000 emakumek baino gehiagok parte hartu dute. Azaroaren 14tik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta Nafar Lansareren eskutik, autodefentsa feministako trebatzaileentzako ikastaroan ari da Monroy, Burlatan, irakasle gisa.

Autodefentsa feministak, halere, herri mugimenduarekin du loturarik sakonena. Emakumeek emakumeentzat sortutako tresna da. "Azken helburua da indarkeria matxista eta indarkeria hori ekartzen duen ezberdintasuna hutsean uztea; urgentziazkoa da, berriz, emakumeei beren kontrako indarkeria mota guztiak identifikatzeko behar dituzten ezagutzak ematea, beren eskubideak urratzen dituzten egoera guztiei aurre egiteko gai izan daitezen", azaldu du Monroyk.

"Eraso guztiei ezin diegu kolpe batekin erantzun", nabarmendu du Arraizak. Autodefentsa feministako ikastaroak ere egiten ditu, eta argi utzi du eraso fisiko bati aurre egiteko gai izateko trebatzea baino anitzez ere gehiago dela. "Hilketak eta bortxaketak gertatzen direnean ateratzen da jendartea kalera, baina izozmendiaren tontorra dira halakoak; beste eraso askoz ere sotilagoak badira, eta egunero gertatzen dira, dela txiste bat, begirada bat, edo zuk esateko duzunari kasurik ez egitea, emakume zarelako".

Ukabilkadak ez du balio bertze eraso mota horiei erantzuteko. Baina autodefentsa feministak baditu bertzelako tresnak ere: "Inportantea da autoestimua lantzea, bai eta emozioak eta gorputzaren jarrera ere. Nire gorputzarekin, ibiltzeko moduarekin edo nire ahotsaren tonuarekin lor dezaket eraso bati aurrea hartzea".

"Funtsezko" bertze elementu bat jarri du Arraizak mahai gainean: "Emakumeon arteko elkartasuna. Ulertu behar dugu niri ez didatela eraso egiten bakarrik Idoia naizelako, baizik eta emakume naizelako, edo emakume gisa sozializatu naizelako". Hau da, kolektibo bateko kide gisa egiten die eraso indarkeria matxistak emakumeei. "Subjektu hori indartzea inportantea da, sentitzea beste emakumeak nire aliatuak direla eta sare baten parte garela denok". Segurtasunezko espazioak eta babesak sortzen dituztelako sare horiek, hain zuzen ere.

"Jazartzea ez da ligatzea"

Iruñeko eta, oro har, Nafarroako mugimendu feministak badaki sareak osatzea zer den. Elkar elikatzen dute mugimendu horretako parte direnek. Eta elkarlan horrek eman ditu hamaika fruitu. Besten esparruan, adibidez, nekez uler daiteke aurtengo Iruñeko sanferminetan gertatutako eraso sexistei emandako erantzuna, mugimendu feministak azken hogei urteotan egindako kanpainak kontuan hartu gabe. Aurten egindako elkarretaratze jendetsuak ez dira hutsetik sortu, eta atzean emakume anitzen lana dago. Eraso eta jarrera matxistak ere ez baitira egungo kontu, bakarrik.

Sanferminetan gertatzen ziren erasoekin "nazkatuta" zeudelako hasi ziren Emakume Internazionalistak taldeko emakumeak mugitzen, hain zuzen ere, 1996. urtean. "Itsasgarriak egin genituen Jazartzea ez da ligatzea leloarekin, eta tabernetako komunetako paretetan jartzen hasi ginen", gogoratu du Hortensia Serranok. Hurrengo urtean kartelak prestatu zituzten; betiere, inoren izenean sinatu gabe. "Gure kanpainak beti izan dira irekiak, eta parte hartu duten emakume guztienak izan dira, ez talde batenak edo bertzearenak", argitu du Serranok.

Kartelak egin zituztenean, tabernetako jabeekin hitz egiten hasi ziren emakumeak ere. "Eraso bat gertatuz gero emakumeak laguntzeko eskatu genien, musika kentzeko, erasotzailea kanporatzeko; nolabait, jarrera bat hartzea nahi genuen", erantsi du Miriam Perezek. Hasierako urte haietan ezezkoak jaso zituzten, batez ere. Taberna horietan lan egiten zuten hainbat emakume zerbitzarik haiekin bat egin zuten arte. "Orain, gure kartelak, Gora Iruñea plataformako kideena eta udalarena daude tabernetan, baina hasieran gauzak ez ziren batere errazak", gogoratu dute.

2000. urtean bertze urrats bat egin zuten, eta hasi ziren eraso sexisten aurkako pankartekin Alde Zaharreko balkoiak eta hiriko sarreretako zubiak apaintzen. Leloa indarkeria matxistaren aurkakoa izaten zen beti, baina behin baino gehiagotan amaitu zuten pankartek polizien esku, jartzen ari ziren emakumeak identifikatu eta gero.

Pankarta horiek eta eraso sexisten aurkako leloa duten sanferminetako zapiak indarkeriaren aurkako ikur bilakatu dira Iruñeko bestetan. "Iruñetik bertze hamaika herritara salto egin du kanpainak, gainera; hori izan da politena", nabarmendu du Perezek. Prozesua bera "jardun politiko biziki interesgarria" izan dela erantsi du Serranok. "Hori da mugimendu feministaren ikurra". Bilgune Feministak Gora Iruñea plataformaren bitartez besta feministen alde egindako lana ere nabarmendu dute emakumeok, bai eta Arraizak ere.

Urratsak egin ditu mugimendu feministak, baina sistema heteropatriarkala indar handiko arerioa dela nabarmendu dute emakumeok. Haren eragina, finean, egunerokoan islatzen da. "Emakumeok generoaren arabera gizarteratzen gaituzte, eta horretaz jabetzea funtsezkoa da. Kontuz ibiltzeko erran digute beti; beldurra eragin digute beti, gertatzen ahal zaigun guztia nabarmenduz. Hori atzean uzteko ordua da. Subjektu gisa agertu behar dugu, eta geure buruaren defentsan aritu", erran du Monroyk.

Bidezko defentsaren ideia jarri du Arraizak ere mahai gainean. Eta agerian utzi ditu, oraindik ere, autodefentsa feministaren inguruan dauden erresistentziak. Sanferminetako erasoak eta haien aurrean herritarrek emandako erantzuna jarri du adibide. "Lortu dugu jaien testuinguruan gertatzen diren erasoak jendartearentzat kezka bilakatzea; baina erasoei erantzutea, oraindik ere, ez da bidezkotzat jotzen. Autodefentsa feminista ez da erabat bidezkotzat hartzen". Emakumeek erantzuten dutenean, hain zuzen ere, "zigor soziala" jasaten dute. "Zalantzan jartzen da emakumearen kontaketa; erasoa bera jartzen da zalantzan, eta erantzuten duten emakumeak histerikotzat hartzen ditu jendarteak".

Karrika hartu

Histeriko, feminazi... horrelakoak entzun dituzte behin baino gehiagotan Farrukas kolektiboko kideek. 2013. urtean sortu zuten taldea, Txantreako bestetan izandako eraso sexisten ondorioz. "Pilatutako amorrua askatzeko" modu bat izan zen, neurri handi batean, eta karrika eta espazio publiko guztiak berreskuratzeko eta okupatzeko helburua jarri zuten kideek mahai gainean. "Autodefentsa feministatik".

Mugimendu feministaren indar hori ikusgarri bilakatu nahi izan zuten; indarra erakutsi; eta, horretarako, duela hiru urteko sanferminetan gaueko manifestazioa egin zuten, lehendabiziko aldiz, uztailaren 4an. Beltzez jantzita agertu ziren karrikan, aurpegia estalita, eta zuziak eskuetan. Beldurra aldez aldatuko dugu leloa bere egin zuten. "Asmo politiko bat dago horren guztiaren atzean; hemen gaudela erran nahi izan dugu, kalea, besta eta gaua gureak ere badirela; erantzuteko prest gaudela, geure burua defendatzeko prest", azaldu dute.

Leloak berak "konfrontaziorako" asmoa duela argi utzi dute Farrukas kolektiboko emakumeek. "Gogoeta eta eztabaida bultzatu nahi dugu", nabarmendu dute.

Urtero egin dute sanferminen aurreko manifestazioa; aurten, gainera, autodefentsa feministaren aldeko pankarta sartu zuten plazan txupinazoan. Jasotako erantzuna eskertu du kolektiboak. "Emakume gazte anitzek bat egin dute gurekin; gure batzarretan eta taldeetan aritzen ez diren emakumeak dira, baina lortu dugu haiekin lotzea. Ez dugu deus berririk asmatu, eta argi dugu mugimendu feministak aurretik egindako lanaren emaitza garela, baina uste dugu asmatu dugula gure borrokarako molde berriekin", azaldu dute.

Autodefentsa feministatik abiatuta, indarkeriari buruz gogoeta egiteko beharra nabarmendu dute Farrukas kolektiboko kideek. "Kontuan hartu behar dugu, halabeharrez, amorrua edo sumina adierazteko aukera ukatu egin zaigula emakumeoi, historikoki, halakoek ez dutelako bat egiten feminitateari buruzko irudi hegemonikoarekin". Ideia horri eutsi dio Monroyk ere, eta "emakumeon ikasitako babesgabetasuna" aipatu du: "Beldurraren ideia barruraino sartu digute, blokeatu arte".

"Hiltzen gaituzte, egunero kolpatzen gaituzte, eta ez gara geure burua defendatzeko gai", erantsi dute Farrukas taldeko kideek. Errealitate hori irauli behar dela zalantzarik ez dute. "Autodefentsari zilegitasuna emateko ordua da".

Erakundeek jokatzen duten rolari buruz ere errateko anitz badela azaldu du Monroyk. "Sistema patriarkalaren parte" direla gogoan izateko beharra nabarmendu du, batetik. Bertzetik, erakundeon betebeharra "emakumeen eskubideak" defendatzea dela zehaztu du, "ez emakumeak". Praktikan, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen kasuan, adibidez, erakundeen babesak emakumeen kontrola ekartzen duela gaineratu du Monroyk.

Arraizak argi du iraultza ez dela erakundeetatik etorriko. "Huts egin dutela esan baino, egin dezaketenari buruz esperantza gehiegi izan dugula esan beharko genuke, nire ustez".

Farrukas kolektiboko eta Emakume Internazionalistak taldeko kideek argi dute mugimendu feministari dagokiola protagonismoa, eta erakundeen eginbeharra dela mugimendu horrekin bat egitea, eta babestea. "Herri mugimenduek egin ezin dezaketena egin beharko lukete erakundeek", erran du Serranok: "Hitzaldiak eta manifestazioak antolatzeko, hemen dago mugimendu feminista; erakundeek egin ditzatela emakumeak hartzeko zentroak, adibidez".

Ahalduntzeak duen garrantziari heldu dio Serranok, berriz ere. Bat egin dute Farrukas kolektiboko kideek. "Elkarrekin aritzen garenean indar handia dugu; ahaltsuak gara". Kolektiboak duen indarra berretsi du Monroyk ere. "Bat ukitzen dutenean guztiok ukitzen gaituztelako; guztioi eragiten digulako baten aurkako indarkeriak".

Kolektiboa osatzea da autodefentsa feministaren bidea. Denen indarra batzea. Talde gisa aritzea. Emakumeak beren buruaren bidezko defentsan aritzea. Erantzutea.

Hitzak, batua janzteko

Hitzak, batua janzteko

Kattalin Barber

Dagoeneko galduta dago Odietako euskara, baina gure bailarako euskalkira gerturatzeko tresna da; liburuxka xume, eroso eta erabilgarria". Anotzibarren (Odieta) bizi den Iñigo Ibarraren hitzak dira. Odietako Udalarekin batera, Heldu arnasari! Zure euskara bertako hitzez busti dezazun kaleratu du, eta hemendik gutxira herriz herri banatuko dute, doan.

Koldo Artola ohorezko euskaltzainak egindako lana oinarri hartu du Ibarrak. Izan ere, Artola 80ko hamarkadan Odietako ia herri guztietan elkarrizketak egiten aritu zen euskararen inguruan. Ziorditik Uztarrozeraino. Euskara hegoaldeko mugetan barrena argitaratu zuen gero, eta han agertzen dira, besteak beste, Odietako euskararen ezaugarriak.

Artolaren lanaz gain, beste hainbat egile eta dokumentu aztertu ditu Ibarrak. Besteak beste, Labrit Multimedia enpresak herritarren artean egindako hogeita sei orduko elkarrizketak eta herritarrekin izandako solasaldiak izan ditu dokumentazio iturri. "Adineko lau pertsona hemengo euskaraz mintzatzen dira, eta pare bat etxetara jo nuen informazio bila". Gaur egun, Odietako biztanleen %60 gutxi gorabehera euskaldunak direla uste du Ibarrak, baina gehienek ez dakite bertakoa. "Zaharrez gain, baten bat esaldi batzuk edo lau hitz esateko gai da, baina ez du behar bezala hitz egiteko gaitasuna". Hain justu ere, euskara ezagutzera eta erabiltzera gonbidatzea du helburu liburuak. Euskara batua bertako hitz eta aditzez bustitzeko. "Eskerrak eman nahi dizkiot Koldo Artolari. Harengatik ez balitz, ezinezkoa litzateke", aitortu du. Gogora ekarri du Artolak 1983an ikerketa egin zuenean euskaldun gehiago zeudela ibarrean.

Artolak berak lerro batzuk idatzi ditu liburuan, eta hor azaldu du Odietako euskara. Louis Lucien Bonaparte printzeak 1863an argitara eman zuen euskalkien mapan, Odietako euskara Olaibarko aldaera deitu zuenaren barruan kokatu zuen. Sailkapena, hortaz, era honetan taxutu zuen: euskalkia, hegoaldeko goi nafarrera; azpieuskalkia, cispamplones; eta aldaera edo barietatea, Olaibarkoa. "Ultzamaren kutsua du Odietako euskarak, eta baita Baztango euskararen antza ere", azaldu du Ibarrak. Baditu zenbait ezaugarri "deigarri", eta horiek biltzen saiatu da liburuan. Horrez gain, ehun hitz baino gehiagoko hiztegia osatu du. Erakargarriago egiteko, komiki formatua erabili du Ibarrak.

"Zerbait atsegina egin nahi nuen, gaurkotua, eta komiki itxura ematea erabaki nuen, irakurterraza eta herritar guztientzat izateko". Harrera ona izatea espero du Ibarrak. Komikiaren pasarte batean, etorkinak marraztu ditu. Palestinatik, Senegaldik eta Venezuelatik Odietara etorritakoak. "Kanpotik etorritako pertsona batzuek euskara ikasten dute, eta ez hori bakarrik: ohartu dira bertan ere badela euskalki bat, eta trebatzen ari dira". Ibarrak kontatu du Latasan hegoamerikar bat bizi dela eta euskaltegian izena eman duela.

Aitortu du hasieran ez zuela liburu bat egiteko ideia buruan. "Urtero antolatzen dugu euskararen eguna bailaran, eta aurten bertako euskararen fotokopia batzuk banatzea otu zitzaidan. Udalera jo nuen, eta haiek zerbait dotoreagoa egiteko eskatu zidaten". Esan eta egin. Ostitz, Ziaurritz, Anotzibar, Erripa, Gendulain, Latasa, Gaskue eta Gelbentzu herriek osatzen dute Odieta harana. Herri txikiak dira guztiak, 360 biztanle baitira denera. Heldu den astean herriz herri banatuko dute Ibarraren liburua.

Eskualde bizia

2012an, Odieta ibarraren egunerokoa eta historia bertsotan kontatu zuen Ibarrak, Odieta, izkutuko altxorraren aztarrikan liburuan. Bertsoekin batera, haranaren argazki ugari ageri dira bertan, Iñaki Bergara argazkilariak egindakoak. "Hor kontatu nuen, esaterako, Euskal Herrian euskaraz idatzitako bigarren liburuaren historia. Santxo Elso Latasako apaizak idatzi zuen, baina ez da alerik topatu", azaldu du.

Eskualde txikia den arren, gero eta "biziagoa" dagoela dio Ibarrak. Denbora gutxian, kulturaren inguruan ekitaldi eta batzordeak antolatu dituzte: euskara batzordea eta kultura batzordea, kasurako. "Iraultza txiki bat da bailara honetarako; mugimendu asko dago. Adibidez, Santurberko baseliza herriak berreskuratu zuen, eta hilero ekitaldi kulturalak egiten ditugu han".

Hilabete bat baino gutxiago

Hilabete bat baino gutxiago

Edurne Elizondo

Hilabete bat ere ez da joan Iruñeko gaztetxea inauguratu zutenetik, hiriko udalak itxi duen arte. Joan den urriaren 29an egin zuten Caparrosoko txaleta zabaltzeko besta, eta azaroaren 15ean eman zuten udaleko agintariek hura ixteko agindua. Sarrailak aldatu, eta sarrerak zurkaiztu zituzten udaltzainek joan den astean. "Aurretik inolako abisurik eman gabe hustu dute eraikina", salatu dute gaztetxeko kideek.

Udalak segurtasun arrazoiak jarri ditu mahai gainean gaztetxea ixteko, Caparrosoko txaletean "baimenik gabeko" obrak egin dituztelako. Erakunde horrek hilaren 14an egin zuen lehen urratsa: Geroa Baik aurkeztutako mozioa onartu zuen Lehendakaritza Batzordeak, udalari eskatzeko gaztetxeko kideekin zuen kontratua bertan behera uzteko. Hurrengo egunean bete zuen udalak eskaera hori, hain zuzen ere.

Gaztetxeko batzarreko kideek ez dute bat egin udalak emandako azalpenekin, eta iazko abenduan Compañia karrikako eraikina okupatu zutenetik egin duten negoziazio prozesuan izandako gorabeherak salatu dituzte. "Eraikina husteko mehatxupean aritu ginen negoziazio horietan; udalari lagapen kontratu bat proposatu genion, baina ez zuen onartu; udalak egindako kontratua onartu genuen gero, erabat ados ez egon arren". Sinatzeko orduan, ordea, "aurrez adostuta ez zegoen lagapen kontratu prekario bat" aurkeztu zuen Iruñeko Udalak, eta hori onartu zuten, azkenean, gaztetxeko kideek.

Jendaurrean agertu dira asteon, eta Iruñeko hamaika gizarte talderen eta eragileren babesa jaso dute. Udalarekin kontratua sinatu eta gero, otsailean hasi ziren gazteak eraikina egokitzeko proiektua garatzen, erakunde horrekin. Baina "ez aurrera eta ez atzera" gelditu zenez, udan urrats bat egitea erabaki zuten gaztetxeko kideek. Ekainaren 18an, Compañia karrikako eraikina utzi, eta Caparrosoko txaletera mugitu ziren. Lanak egin dituztela aitortu dute, eraikina gaztetxe gisa erabiltzeko egokitzeko. "Udalarekin diseinatzen hasi ginen proiektuari jarraitu diogu, eta teknikariek gainbegiratuta", zehaztu dute gazteek. Ez udalaren teknikariek, halere. Berretsi dute ez dutela egin eraikinaren egiturari eragin dion lanik.

Lanak gaztetxea ixteko arrazoia baino gehiago aitzakia izan direla uste dute gaztetxeko kideek. Salatu dute, gainera, ez zutela itxieraren berririk jaso aurretik, erakunde horrek eta gazteek harremana izan arren. "Gure gauzak barruan genituen; udalari eskatu genion udaltzainik ez egotea guk haien bila joan behar genuenean, baina hamar genituen zain, gutxienez", salatu dute gaztetxeko kideek. Konfiantza galdu dutela erantsi dute.

"Ezustean"

Ezustean harrapatu zituen gaztetxeko kideak, joan den astean, udalaren erabakiak. Izan ere, hilaren 14ko Lehendakaritza Batzordean, EH Bilduko zinegotzi Patri Peralesek mozioa aurkeztu zuten taldeei egotzi zien "presaka" aritu nahi izatea gaztetxearen auzian. Lanengatik txostena zabaldu zietela azaldu zuen, baina ebazpenaren zain zirela. Azkenean, ordea, mozioa onartu eta biharamunean agindu zuen udalak gaztetxea ixtea. Udalaren asmoa da eraikinean beharrezkoak diren obrak martxan jartzea, eta datorren urtarrilean, berriz, lehiaketa publikoa egitea, kudeaketaren ardura emateko.

Gaztetxeko kideen hitzetan, gertatutakoak agerian utzi ditu "erakundeen eta herri mugimenduaren arteko tentsioak". Beren proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu dute; abenduaren 2an ezagutaraziko dute, eta 3an, berriz, gaztetxeen eta autogestioaren aldeko mobilizazioa eginen dute. Parte hartzera deitu dituzte herritarrak. "Oraingoa izan da gaztetxe baten itxierarik isilena": horrela laburbildu dute Caparrosoko txaletaren inguruan gertatu den guztia.

Historia gorde, egin, zabaldu

Historia gorde, egin, zabaldu

Edurne Elizondo

Isiltasuna da nagusi giroan. Harrizko pareten artean, halere, lanean ari dira dozena bat pertsona. Historia egiten ari dira, historia gordetzen den tokian, gero zabaltzeko. "Oraingo Nafarroaren historia hemen egosten da", erran du Nafarroako Artxibo Nagusiko goi teknikari Pello Monteanok, erakunde horretako ikerlarientzako gelan.

Agiri eta liburu zaharrei so dira han bat egin dutenak. Gutxi dira gazteak. Langileek kontu handiz mugitzen dituzte, toki batetik bertzera, ikerlariek eskatutako paperak. Ongi ezagutzen du gela Fernando Mikelarena historialariak; orduak eta orduak eman ditu artxiboan. Nafarroako Jauregian, lehendabizi; eta Alde Zaharreko Rafael Moneok diseinatutako eraikinean, gero, 2004. urtetik aurrera. Gaztelaniazko saiakerako Euskadi saria jaso berri duen 1936ko garbiketa politikoari buruzko Sin piedad liburua han aurkitutako agiriekin osatu du, neurri handi batean.

Artxibora egindako bisitak ezezagun zituen tokietara eraman du Mikelarena, Pello Monteanorekin eta Nafarroako Gobernuko Agiritegien eta Dokumentazio Ondarearen Zerbitzuko buru Joaquim Llansorekin batera. 180 urte bete ditu artxiboak, eta barrukoak erakutsi nahi izan ditu. Nafarroako mila urteko historia gordetzen du eraikinak: 27 kilometro agiri, denera. Etxeak ateak zabalik dituela nabarmendu dute arduradunek. "Herritar guztientzat". Iraganetik etorkizunari egiten diote so, gainera, eta, digitalizazioaren bidetik urratsak eginez, "biharko erabiltzaileen neurriko" artxiboa osatzea hartu dute helburu.

Artxibo irekia izeneko tresnaren bidez, erabiltzaileek informazioa etxetik bilatzeko aukera dute jada. "Datu basea osatzen ari gara; 200.000 erregistro inguru sarean jarri ditugu jada", azaldu du Llansok. "Hainbat kasutan, agiriaren beraren irudiak laguntzen du sareko informazioa, eta ikerlaria, ondorioz, zer eskatu jakinda etortzen da artxibora", erantsi du.

Artxiboko arduraduna, Mikelarena eta Monteano, halere, agiri zaharren paperarekin hunkitzen diren horietakoak dira. Monteano eta Llanso artxiboko erabiltzaile izan dira bertako langile bilakatu baino lehen. 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen orduan Nafarroako Jauregian zegoen artxiboan lanean Monteano. Garai berean hasi zen hango agirietan informazioa bilatzen Mikelarena ere. Orduko artxiboak zerikusi gutxi du oraingoarekin, bi historialariek nabarmendu dutenez. Toki faltak eraman zituen gobernuko arduradunak agirientzako espazio egokiago bat bilatzera. Moneok diseinatutako eraikin berria 2003an inauguratu zuten, baina 2004an jarri zuten martxan. Hamar solairuko eraikin horretan 27 kilometro agiri gordetzen dituzte. Cordovillan, gainera, administrazioaren artxiboa du gobernuak.

"Hemen, agiri baliotsuenak lur azpian daude, baldintzak egonkorragoak direlako", azaldu du Monteanok. Bosgarren solairuan ere nabarmentzeko moduko agiriak gordetzen ditu artxiboak. Pasabideetan gora eta behera, sumatzen zaio Mikelarenari gozatzen ari dela. Monteano eta Llanso ere bai. Azken horrek iazko irailean hartu zuen zerbitzuaren ardura bere gain. Nafarroako Unibertsitate Publikoko artxiboko arduradun aritu zen, aurretik. "Artxibo nagusira etortzeko deia jaso nuenean, berehala erantzun nuen baietz. Hau amets bat da niretzat".

Eskularruak jantzi ditu bosgarren solairuko gordailuan sartu denean. Apaletan dauden agirien artean, Ingalaterrako errege-erreginen koroatze liburua aukeratu du. Kontu handiz hartu, eta zabaldu egin du. Agerian gelditu dira urrearekin egindako marrazkiak, bai eta hainbat kolorez idatzitako esaldiak ere. "XIV. mende bukaerako liburu bat da; Nafarroako errege-erreginen koroatze protokoloa jasotzen du; harribitxi bat da", erran du Llansok, harro.

Ez da artxiboak duen altxor bakarra. Gordetzen dituen funtsengatik, Nafarroako Artxibo Nagusia Europako artxibo garrantzitsuenen pare dela argi utzi dute erakunde horretako arduradunek. Llansok Nafarroako kontuen inguruko serie bat aipatu du, adibide gisa. "Gaur egunera arte ailegatzen den agiri serie bat da". Monteanok zehaztu du 1256. urtetik aurrerakoa dela. Nabarmendu du, gainera, Alde Zaharreko eraikinean Nafarroa egun denari buruzko agiriekin batera "Nafarroa izan zenari buruzkoak" ere gordetzen dituztela. "Nafarroa Behereko Erdi Aroko historiari buruzko agiriak hemen dira, bertzeak bertze", erran du artxiboko goi teknikariak. 981. urtekoa da jatorrizko agiri zaharrena. "824. urteko bertze bat dugu, baina XVI. mendeko kopia batean".

Amateurrak nagusi

Nafarroako Artxibo Nagusiko erabiltzaileen soslaia aldatuz joan da azken urteotan. "Unibertsitate edo ikerketa zentroekin lotutako ikerlari profesionalen tokia hartu dute historia zaletasun dutenek", azaldu du Monteanok. Historialari amateur horien grina eta ikerketarako gogoa nabarmendu dute artxiboko arduradunek. "Nor bere ikerketa eremuan, benetako espezialista bilakatu dira; beren lanak argitaratzen dituzte, gainera, tokian tokiko aldizkari edo liburuxketan", erantsi du artxiboko goi teknikariak.

Monteanoren hitzak berretsi ditu Mikelarenak. "Historialari anitz alfer hutsak dira". Ez da Mikelarena horietakoa. Bere lanerako eta artxiboetan arakatzeko gaitasunaren adierazgarri da Sin piedad liburua. 500 orri baino gehiagoko lana da, 1936. urteko garbiketa politikoak Nafarroan eragindako sarraskiari buruzkoa. Bost urteko ikerketa lanaren emaitza da liburua, eta frankismoaren garaiko errepresioaren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileen izen-abizenak jarri ditu mahai gainean.

Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpistak dira Mikelarenaren liburuan agertzen diren erantzule horietako bi. Zalaparta sortu du azken hilabeteotan udalak bi jeneralen gorpuzkiak Erorien Monumentuko kriptatik ateratzeko erabakiak. Molaren arrastoak urriaren bukaeran atera zituzten, haren familiak eskatuta. Sanjurjorenak ateratzeko lanak, berriz, asteazkenean hasi zituzten. "Lotsagarria da Iruñean halako monumentu bat izatea", salatu du Mikelarenak; ontzat jo du militarren gorpuak handik atera izana.

Frankismoaren inguruko ikerketa egiteko zer aztertu badu Nafarroako Artxibo Nagusiak. Mikelarenak nabarmendu du, adibidez, lehen auzitegiko artxiboan ziren agiri anitz Alde Zaharreko eraikinean direla orain. Horiek baliatu ditu historialariak bere liburua osatzeko, bertzeak bertze.

Ez dira bakarrak. Artxiboak 1936ko gerrari buruz dituen bere agirien erakusketa antolatu du egunotan, hain zuzen ere. 2017rako, berriz, euskarari eta Nafarroa Behereko agiriei buruzko erakusketa bana prestatzen ari da artxiboa. Halako egitasmoak baliatu nahi ditu erakundeak herritarrengana hurbiltzeko. Ontzat jo du ahalegin hori Mikelarenak, eta argi utzi du herritar soilek "informazio anitz" jaso dezaketela artxiboan. "Senide baten bila ari denak hemen aurkitzen ahal du behar duen informazioa".

Artxiboak izan dezakeen agiri motaz edo kopuruaz harago, egoitza horretan lan egiteko dauden aukerak ere nabarmendu ditu Mikelarenak. "Hemengo langileen maila izugarria da; etortzen dena laguntzeko prest dira beti. Ez bakarrik profesionalak, bai eta historia zaletasun gisa dutenak ere. Artxiboak erabateko konpromisoa du orain historiarekin eta memoriarekin, ikuspuntu demokratiko batetik". Ez dela beti horrela izan argi utzi du historialariak, eta eskertu du azken urteotan gertatu den aldaketa.

Artxiboak herritar guztiengana ailegatu nahi duela berretsi dute erakunde horretako arduradunek. Egungo erabiltzaileei begira, haientzat prestatutako formakuntza saioak egiten dituztela aipatu du Monteanok. "Artxiboa erabiltzeko saioak izaten dira, edo paleografiari buruzkoak; ikerlarien artean sareak osatzeko saioak ere egiten ditugu, nork bere ikerketa lanaren berri eman dezan".

Bertze urrats bat egin nahi du artxiboak, eta jende gaztea erakarri. "Horretarako, hainbat programa prestatzen ari gara Hezkuntza Departamentuarekin", azaldu du Llansok. Asmoa da gazteek beren ikastetxeetan lantzea gaia, batetik, eta artxiboa bera ezagutzea eta erabiltzea, bertzetik. Bertzelako proiekturik badu erakundeak. Datorren urtean martxan jarri nahi du, adibidez, musikaren eta arte eszenikoen artxiboa. 50.000 euroko diru saila jasoko du artxiboak horretarako. 2017rako aurrekontuetan, hain zuzen ere, %22 igo da Nafarroako Artxibo Nagusiaren saila. "Babes" hori eskertu du Llansok. 1.380.000 eurokoa da artxiboarentzat zehaztutako kopurua. Lanerako prest dira artxiboan.

Sarasate ezezaguna

Sarasate ezezaguna

Kattalin Barber

Pablo Sarasate biolin jotzailearenganako interes berezirik ez zuen Joaquin Calderonek orain dela hiru urte. Baina, "kasualitateak hala nahita", hari buruzko dokumentala egitea erabaki zuen. Sarasate, el rey del violín (Sarasate, biolinaren erregea) izenburuko lana aurkeztu zuen, joan den astean. Abenduan, DVDa salgai egonen da. Nafarroako hiriburuan jaio zenetik mundu osoan ospetsu bilakatu arte Sarasatek egindako urratsak jasotzen ditu dokumentalak.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoan lan egiten duen Anna Radomska biolin jotzaile poloniarrak ateak ireki zizkion Calderoni. Radomska Henryk Wieniawski biolin jole ospetsuaren herri berekoa da, Lublingoa (Polonia). Wieniawski eta Sarasate lagun onak ziren. "Bitxia iruditu zitzaidan, orain Annak Nafarroako Orkestra Sinfonikoan lan egiten duelako, eta, hain justu, Pablo Sarasate du izena orkestrak. Nolabaiteko lotura polita da", adierazi du Calderonek. Hori oinarri hartuta, hainbat pertsonaiaren bitartez Sarasateren bizitza islatu du.

Javier Trias de Mena Sarasateren ilobak testigantza eman du Calderonen dokumentalean. "93 urte ditu, eta plazera izan zen haren parte hartzea lortu ahal izatea; gainera, Sarasateren eskutitzak irakurtzen utzi zigun". Pozik agertu da Calderon, Trias de Menari gustatu zaiolako egindako dokumentala. Sarasateren senidearekin batera, hainbat adituren iritziak eta Ara Malikian, Tianwa Yang, Ana Maria Valderrama, Paco Montalvo, Manuel Guillen eta Pacho Flores musikarien interpretazioak tartekatzen dira dokumentalean.

Hiru urte baino gehiago aritu da Calderon musikari ospetsuaren atzetik. Biografiak irakurri, musikariak elkarrizketatu... "Eta orduan konturatu nintzen ez zegoela Sarasateren inguruko dokumentalik. Ulertezina izan zen niretzat". Sarasate urte askoz "ahaztua" izan zela uste du Calderonek. "Nazioartean hemen baino ospe handiagoa izan zuen Sarasatek. Ez dut oso argi zergatik ez zioten bere meritua aitortu... Galdera irekiak planteatzen ditut dokumentalean", azaldu du.

Hainbat ohar eman ditu Joaquin Calderonek: "Batzuek esaten dute pertsona hutsala zela Sarasate. Birtuosismo handia bai, baina musika eduki onik gabekoa egiten zuela zabaldu zen garai horretan. Nik uste dut hori dela gutxi ezagutzen direlako bere konposizioak. Biolin jotzailea izateaz gain, musika idazten zuen Sarasatek".

Bere piezak azkarrak eta zailak dira, biolinista on-onek bakarrik jo ditzaketenak. Esaten zuten ikuskizuna ematea beste asmorik ez zuela Sarasatek, baina Calderon ez dago iritzi horrekin ados: "Herri musika oinarri zuen Sarasatek, eta jota edo zortzikoak eraldatzen zituen. Bere estiloan bakarra zen", esan du dokumentalaren zuzendariak.

Heriotzari buruz, zalantzak

Hainbat gai "delikatu" agertzen dira filmean, eta "sentsibilitate horrekin" lan egiten saiatu dela azaldu du Calderonek. Musikariaren sexualitatea eta heriotzaren inguruko kontuez ari da. Biarritzen hil zen, biriketako enfisema batek jota, 1908. urtean. Hori izan zen medikuaren heriotza diagnostikoa. Hiru hilabete geroago, halere, medikua Sarasateren familiarekin harremanetan jarri zen, eta zalantzan jarri zuen musikariaren heriotzaren arrazoia. "Medikuak esan zien Sarasatek lepoan ubeldura batzuk zituela, eta gaixotasunak ez zuela horrelakorik eragiten; familiak, orduan, medikuari eskatu zion testigantza emateko, baina honek uko egin zion", azaldu du Calderonek.

Berak ez du garbi zer gertatu zen, eta hainbat hipotesi jarri ditu mahai gainean: "Baliteke norbaiten laguntzarekin eutanasia modukoa egitea Sarasateri. Asko sufritzen zuen musikariak, hain zuzen ere. Baina baliteke norbaitek hiltzea. Interes ekonomikoa handia zen". Bi aukerak planteatzen ditu Calderonek, baina argitu gabe: "Ez dago batere garbi kontua, eta ez dut horretan sakondu nahi izan. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena".

7 urte zituela eman zuen lehenengo kontzertua Sarasatek. Dudarik gabe, haur miragarria izan zen. 11 urterekin umezurtz geratu zen, eta Parisen jarraitu zuen biolina jotzen ikasten, eta, gutxika-gutxika, kontzertuak eskaintzen. "AEBetara bigarren aldiz joan zenean, 1889. urtean lortu zuen benetako ospea". Konpositore guztiek musika idatzi nahi zioten, hain zuzen ere, garai horretan, horrek ospea ekarriko zielako. "Eminentzia bat zen". Amerika eta Europako ia herrialde guztietan jo zuen Sarasatek. Harrigarria da zenbat kontzertu eman zituen. Azken 25 urteetan, hain zuzen ere, 1.500 inguru.

Han eta hemen ibili zen Sarasate kontzertuak ematen, baina beti itzultzen zen Iruñera, sanferminetan. "Ez zituen inoiz galtzen". Gaur egun Gaiarre antzokia den eraikinean jotzen zuen, eta sarrera eskuratzeko dirurik ez zutenentzat, La Perla hoteleko balkoitik jotzen zituen pare bat pieza urtero. "Gizon modernoa zen Sarasate, munduan ibilia eta jantzia, eta baliteke bat ez egitea bere garaiko Iruñeko gizartearekin".

Horren adibide, Pio Barojaren iritzia aipatu du Calderonek: "Modu itsusi eta baldar batean haren aurka egin zuen behin baino gehiagotan, haren janzkera kritikatzen mespretxuzko tonu batean". Horregatik guztiagatik uste du Calderonek Sarasatek ez zuela izan behar bezalako aitorpena Nafarroan.

Eta dokumentalarekin, hain justu, musikari nafarraren lana aitortu nahi izan du lanaren egileak: "Funtzio pedagogikoa ere badu dokumentalak, eta, hain justu, haur eta gazteek Nafarroako pertsonaia garrantzitsuenetarikoa ezagutzea nahiko nuke".

Gehiago behar dute

Gehiago behar dute

Kattalin Barber

Urritasunari aurre egiteko odola behar dutela jakinarazi du Adona Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak. Nahiz eta ospitaleen premiak urte osoan "gutxi gorabehera" berdin ibili, azken asteetan gora egin du odolaren kontsumoak, eta behera, berriz, odol emateek. Hori jakinarazi du Nafarroako Odol Emaileen Elkarteko komunikazio arduradun Maria Oterminek. "Deialdi berezia egiten dugu herritarrek odola emateko, odol erreserbak gora egin dezan".

Dena den, Oterminek jakinarazi du egoera ez dela "kezkagarria" eta jendea "oso ongi" erantzuten ari dela. Elkarteak badaki abenduan odol emate gutxiago izaten direla, batik bat Gabonak gertu daudelako, eta, hortaz, odol erreserba "ahalik eta handienak izanda" hasi nahi dute hilabetea. Horrez gain, adierazi du emaileei esker Nafarroako odol bankuaren egoera "nahiko egonkorra" dela eta ez dagoela zertan larriturik.

Aurreko astean eman zuten abisua elkartekoek, eta "poliki-poliki" urritasuna gainditzen ari direla jakinarazi du Oterminek. "Justu samar ibiltzen gara, batez ere A+ eta O+ odol taldeetan. Hain justu, bi talde horiek dira ohikoenak Nafarroan". Urtero, odol bankuek urteko sasoi batean eskasago izaten dituzte erreserbak. Odol emateak nabarmen egin zuen behera udan, eta "antzeko zerbait" gertatu dela uste du Oterminek. "Urtero gertatu ohi da: hotza iritsi da, eta, horrekin batera, katarroak. Jende gutxiago etorri da. Gainera, ospitaleko premiek gora egin dute, eta odol emateek, berriz, ez". Argi du Oterminek datozen hilabeteetan odol emaile gehiago behar izanen dituztela. Egun, ehun odol emate izaten dira egunero Nafarroan, eta hurrengo hilabeteetan 120 izan beharko direla aurreikusi du.

40 urte inguru dituzte Nafarroako odol emaile gehienek, Oterminek azaldu duenez. Datozen urteetara begira, gazteak odola ematearen garrantziaz ohartu daitezen eta odola ematera joan daitezen du helburu elkarteak. "Arazoa dugu gazteekin: asko etortzen dira lehenbiziko aldiz, baina kontua da gero ez dutela errepikatzen".

Adibidez, 2015ean odol emaile berrien %44k 30 urte baino gutxiago zituzten, baina Oterminek jakinarazi du gehienek ez dutela odola ematen jarraitzen. Arazoa non dagoen jakiteko ikerketa soziologiko bat egiten ari direla azaldu du, eta elkarteak duen unitate ibiltaria maiz Nafarroako Unibertsitate Publikora joaten dela, gazteek odola emateko. Batez beste, Nafarroako odol emaileek urtean 1,7 aldiz ematen dute odola.

Ebakuntzak egiteko eta gaixotasunak tratatzeko erabiltzen dute odola batez ere. Besteak beste, tumoreak dituzten gaixoek, minbizia eta gaixotasun hematologikoak dituztenek eta anemia larria dutenek hartzen dute odola.

Beharren arabera deitzen dituzte odol emaileak Adonak eta Nafarroako odol bankuak. Odola iraungi egiten da, eta beharrezkoa da odol berriarekin ordezkatzea. "Hilabete jakin batzuetan odol emaile ugari izateak ez du konpentsatzen beste zenbait hilabetetan odolik ez ematea. Odolak iraungitze data du", jakinarazi du Oterminek.

Hilean, 1.900-2.000 odol emate inguru izaten dira Nafarroan. "Kopuru ona da, eta azken urteetan eutsi diogu". Urrian, adibidez, 1.975 odol emate izan zituzten. Aurtengo datuak begiratuta, Nafarroako odol emaileen %53,62 gizonezkoak dira, eta %46,38, emakumezkoak. Etorkizunera begira, Oterminen nahia litzateke emaile boluntario gehiago izatea, urtero egoten diren desorekei aurre egiteko. Udan eta Gabonetan bereziki behera egiten baitute, ia urtero, odol erreserbek.

Iruñean eta Tuteran

Legeak ezartzen duenez, gizonezkoek urtean lau aldiz eman dezakete odola, eta emakumeek, berriz, hirutan. Bi hilabete edo gehiago pasatu behar da aldi bakoitzaren artean. 18 eta 65 urte artekoek eman dezakete. Odola emateko bi gune daude Nafarroan: bata, Iruñean, Nafarroako Ospitalean, eta bestea, Tuterako Esa kalean. Iruñean, astelehenetik ostegunera eman daiteke odola, 08:00etik 20:00etara, eta, ostiralero, 08:00etatik 14:30era. Tuteran, berriz, astelehenetik ostiralera eman daiteke,08:15etik 14:00etara; asteartero, 17:15etik 20:00etara; eta hilabeteko bigarren larunbatean, azkenik, 08:15etik 11:00etara. Horrez gain, unitate ibiltaria dute, eta herriz herri joaten da.

Iritzia: Eguneroko borrokak

Lohizune Amatria
Egia. Justizia. Erreparazioa. Bizikidetza. Bakea. Azkenaldian askotan entzun ditugu kontzeptuok. "Gaixoa hitza", zioen Ana Fernandezek bakeari buruz Nafarroako Parlamentuan egindako jardunaldietan. Arrazoia du, erraz erabiltzen ditugu,...