Asteko Gaiak

Isun eta mehatxuen gainetik

Isun eta mehatxuen gainetik

Edurne Elizondo

Besta eta erresistentzia. Hiru urte bete ditu Iruñeko Arrotxapeko Gaztetxeak, eta ospatzeko aukera ez dute bazter utzi nahi izan auzoko kideek; urteurren jaia, halere, isunen eta husteko arriskuaren mehatxupean egin behar izan dute. Arrotxapeko gazteak hamaika aldiz saiatu dira, azken urteotan, beren gaztetxea martxan jartzen. 2016ko irailaren 3an hasi zen oraingo okupazioa, eta orain arteko luzeena izan da. Aurrera egiteko gogoa berretsi dute gaztetxeko kideek.

"Isunen eta mehatxuen gainetik, gure proiektuaren alde egiten jarraituko dugu, autogestioaren bidetik", nabarmendu dute. Bide horretan ez dira bakarrik, urteurrena ospatzeko hilaren lehendabiziko astean egindako ekinaldietan agerian gelditu denez. "Jende asko etorri da gurekin bat egitera". Besta nagusia joan den larunbatekoa izan zen: kalejira egin zuten gaztetxearen alde, eta, gero, bazkaria. 80 pertsona inguruk parte hartu zuten. Kontzertuak ere antolatu zituzten, baina egoitzatik kanpo.

Izan ere, Iruñeko Udaletik ekitaldi publikoak antolatzeko debekua jaso dute Arrotxapeko Gaztetxeko kideek. "6.000 eta 60.000 euro bitarteko isuna jaso dezakegu, eginez gero, eta espazioa ixten ahal dute". Urtarrilean, adibidez, Saioa Alkaizarekin eta Julio Sotorekin egin behar zuten bertso afaria bertan behera utzi behar izan zuten, Iruñeko udaltzainen deia jaso eta gero. Maravillas gaztetxeari elkartasuna agertzeko antolatu zuten urtarrilaren 18ko ekinaldi hori.

Zailtasunak zailtasun, urratsak egiten jarraitu du Arrotxapeko Gaztetxeak, 2016an ateak ireki zituenetik. Asmo nagusietako bat izan da, hasieratik, auzoko talde, elkarte eta eragileekin elkarlana sustatzea, eta emaitzarekin "kontent" direla nabarmendu dute. Larunbateko bestan Arrotxapeko Batean kolektiboko kideekin aritu ziren haurrentzako jokoak prestatzen; ikasturte berriarekin batera, berriz, Zaporeak kolektiboarekin lan egiteko asmoa dute gaztetxeko kideek.

Auzoko mugak gainditu ditu Arrotxapeko Gaztetxeak elkarlanerako erakutsi duen gogoak, eta hamaika izan dira Iruñerritik Artika karrikako gaztetxearen egoitzara beren hitzaldiak eta bestak egitera joan diren elkarteak eta kolektiboak.

Diagnostikoa

Herritar anitzen topagune bilakatu da Arrotxapeko Gaztetxea. 2016ko irailean okupatu zuten, baina lanean aurretik hasi ziren auzoko gazteak. Arrotxapeko gazteen beharren inguruko diagnostikoa egin zuten, bertzeak bertze, 300 pertsonak bete zuten galdetegiaren bitartez. "Ikerketa horrek agerian utzi zuen auzoko gazteok guk kudeatutako espazio bat behar eta nahi genuela", azaldu dute gaztetxeko kideek. 2015ean, gainera, gazteek eraikin bat okupatu zuten Iruñeko Alde Zaharreko Compañia karrikan. "Okupazio horrek, neurri handi batean, piztu egin zuen, berriz ere, Iruñerriko okupazio mugimendua". Eta azken bultzada eman zien Arrotxapeko gazteei Artikako eraikinera sartzeko.

2016tik, anitz izan dira Arrotxapeko Gaztetxean garatutako ekinaldiak. Hamaika taldek egin dituzte han beren hitzaldiak, tailerrak eta bertzelakoak; gaztetxeak berak, gainera, rokodromoa zabaldu du, serigrafia tailerrak egin ditu, eta okindegi komunala ere jarri du martxan.

Orain, hori guztia kolokan da, neurri handi batean, gaztetxean ekitaldi publikoak egiteko debekuarekin batera, husteko arriskuak ere baldintzatzen duelako auzoko gazteen jarduera. Duela hilabete bat agerraldia egin zuten gaztetxeko kideek arrisku horren berri emateko, eta, geroztik, "eusten" ari dira. Hau da, hogeita lau orduz bada norbait eraikinean, alarma pizteko asmoz.

Maiatzeko hauteskundeek ere izan dute eraginik gaztetxekoen egunerokoan. Navarra Sumak irabazi zituen Iruñeko Udalerako bozak, eta, ondorioz, alkatetza galdu zuen laukoaren babesa zuen Joseba Asironek (EH Bildu). "UPN hor egonda, argi dugu edonoiz etor daitezkeela gaztetxea hustera".

Aurreko udal gobernuarekin ere gauzak ez ziren nahi bezala atera Arrotxapeko Gaztetxeko kideentzat. Negoziazioak hasi zituzten, baina emaitzarik lortu gabe utzi zituzten bertan behera: "Helburuetan ez genuen bat egiten; argi genuen ez genuela deus lortuko", erran dute. Gaztetxeko kideen apustua autogestioaren aldekoa izan da, hasieratik, eta negoziazioek ez zuten bermatu beren espazioan beren erabakiak hartzeko aukera, azaldu dutenez.

Maravillas, hain zuzen, maiatzeko hauteskundeak egin aurretik hustu zuten. Alde Zaharreko gaztetxeko kideentzat nolabaiteko babesleku bilakatu da Arrotxapeko eraikina, geroztik. "Lehen ez genuen harreman handirik, baina lotura sendoa sortu da gure artean, elkarri laguntzeko eta elkar babesteko", nabarmendu dute Arrotxapeko gazteek.

Epaiketaren zain

2016tik, gora eta behera egin du Arrotxapeko Gaztetxearen bideak. Azken bi urteotan, adibidez, bi epaiketari egin behar izan diote aurre auzoko gazteek. "Ez ditugu irabazi, baina lortu dugu prozesuok geldiaraztea", azaldu dute gaztetxekoek. Epaiketa egiteko aukera, halere, ez da bazter gelditu, oraindik ere, eta arrisku hori mahai gainean dela ohartarazi dute Arrotxapeko kideek.

Beren aurkako debekuen, isunen eta salaketen aurrean, "auzo alternatibo" bat eraikitzen jarraitzeko asmoa eta gogoa berretsi dute Artika karrikako gaztetxeko partaideek. Kulturen arteko elkarrizketa aldarrikatu dute, auzoak espekulaziorako gune bilakatu nahi dituztenen interes ekonomikoen gainetik. Lanean jarraitzeko prest daude, auzoan eta auzokoentzat, besta eta erresistentzia uztartuz.

Elkartasun jaialdia, urrian

Elkartasun jaialdia, urrian

E. Elizondo

Ez Dago Hilda musika jaialdia eginen du izen bereko kolektiboak, urrian, Berriozarko Ilargi parkean. Bi eguneko ekinaldia izanen da, Iruñeko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeen alde: urriaren 25ean, 19:00etan hasita, Rude Pride, Streetwise, Hexen, Los Zopilotes Txirriaos eta Unidad Alavesa taldeek kontzertua eskainiko dute. Urriaren 26an, berriz, Txan Magoa eta Andreina Jolin ariko dira goizez, eta bazkaria egin eta gero, 19:00etan, kontzertua eskainiko dute Egurra Ta Kitto, Afu, Dinamita, Herdoil eta El Sonido de la Metralla taldeek.

Duela sei hilabete sortu zen EDH Ez Dago Hilda kolektiboa; musikaren arloko hamaika taldek eta eragilek osatzen dute, eta helburu dute Iruñerriko eszena antikomertziala sustatzea. Gaztetxeetan aurkitu izan dute nahi zuten oholtza talde horiek, eta, horregatik, Ez zaituztegu bakarrik utziko, euskal eszena gaztetxeen alde lelopean kanpaina jarri zuten abian, duela hainbat hilabete, errepresioak jotako gaztetxeetako kideak laguntzeko asmoz.

Zehazki, Iruñeko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeak laguntzeko izanen da urriko Berriozarko jaialdiaren bidez lortuko diren irabaziak. Kontzertuak egin ez ezik, kanpainak iraun bitartean EDH kolektiboko kideek lortu duten materiala zozketatuko dute ere. Nahi duenak badu aukera txartelak erosteko. Diskoak, elastikoak eta musikarekin eta musika taldeekin lotutako bertze hainbat objektuk osatzen dute zozketatuko duten sari nagusia.

Iruñeko gaztetxeen aurkako azken urratsek hainbat ondorio izan dituzte, eta zama ekonomiko handia ezarri diete, bertzeak bertze, bertako kideei. Iruñeko Maravillas iazko abuztuan hustu zuten lehendabiziko aldiz; gazteak berriz sartu ziren barrura, baina urtarrilean berriz kanporatu zituzten, indarrez.

Epaiketa, urriaren 17an

Prozesua oraindik ez da itxi. Maiatzean egitekoa zen Maravillas gaztetxeko hogeita bi kideren aurkako epaiketa, baina udazkenera atzeratu egin zuten. Urriaren 17an eginen dute, hain zuzen ere. Usurpazio delitu arina egotzi diete gaztetxeko kideei, eta isun ekonomikoa jaso dezakete. Gaztetxeko kideek ezagutarazi dutenez, 70.000 euro baino gehiagoko isuna eskatu du gobernuak akusatuentzat; 36.000 euro erantzukizun zibilari dagozkionak lirateke.

Gaztetxeen aurkako isunek ez dituzte bakarrik beren kideak ukitu, EDH kolektiboko arduradunek azaldu dutenez. Izan ere, gaztetxeetan isunak jasotzen hasi zirenean, egoitza horietan aritu izan diren musikariei eta soinu teknikariei ere, bertzeak bertze, ezarri dizkiete. "Errepresioaren gainetik", gaztetxeek Euskal Herriko musika talde eta musikari anitzentzat duten balioa nabarmendu nahi izan dute EDH kolektiboan bat egin duten eragileek, eta laguntza sarea antolatzeko urratsa egin dute.

Lan horren emaitza da azken hilabeteotako kanpaina. Ekitaldi nagusia eta ekinaldia amaituko duena izanen da Berriozarko urriaren 25eko eta 26ko jaialdia, hain zuzen ere. Azken eguneko kontzertuak amaitu eta gero, gauerdian, kanpainari amaiera ofiziala emateko ekitaldia eginen dute Ilargi parkean.

Elkartasunaren bidetik egin nahi diote aurre errepresioari, musikaren esparrutik. Isunen eta epaiketen gainetik, gaztetxeak ere musikarentzat espazio direla aldarrikatu nahi dute, gune autogestionatuen alde eginez, zirkuitu komertzialetatik urrun.

Oroitzeko eta sortzen segitzeko

Oroitzeko eta sortzen segitzeko

Edurne Elizondo

Ez dago, baina badago. Jose Mari Apezetxea margolari baztandarra 2017. urteko irailean zendu zen, baina jarraitzen du parte hartzen eskualde horretako artistek uda oro egiten duten errituan: beren etxeak, tailerrak eta herrietako kultur etxeak betetzen dituzte beren obrekin, herritarrek eta bisitariek artelan horiek ikus ditzaten. Apezetxearen familiak aurten ere zabaldu ditu pintorearen Erratzuko etxeko tailerreko ateak, iaz egin bezala. "Gure artean solastatu, eta aitaren erakusketa antolatzen jarraitzea merezi zuela erabaki genuen. Etxean ditugun koadroak paratu ditugu, nahi duenak ikusteko aukera izan dezan", azaldu du margolariaren seme Josetxo Apezetxeak. Hilaren 18ra bitarte egonen da zabalik.

Pintorearen alarguna da Encarna Larrainzar. Semeak azaldu du ez duela hedabideetan agertzea gustuko, baina argazkilariaren kameraren aurrean eseri da [azaleko argazkian], senar zuenak margotutako koadroen artean. Jose Mari Apezetxea jada ez dago. Baina badago. Bere obran, bere etxean badago.

"Margolariz beteta egon da beti gure etxea; giro horretan hazi gara", gogoratu du Josetxo Apezetxeak. Erratzuko etxean aterpe aurkitu izan duten artista horietako bat da Tomas Sobrino. Elizondoko margolariak argi eta garbi erran du: "Jose Mari lagun handia izan zen niretzat; lankide izan ginen azken unera arte; pinturaren munduan, nire aita izan da".

Emozioz mintzatu da Sobrino Apezetxeari buruz, eta eskertu du familiak erakusketa antolatzeko ohiturari eutsi izana. Sobrinok ere antolatu du berea. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean dago ikusgai, irailaren 1era bitarte. Toki berean, bertze solairu batean, Eva Irazoki margolariak zintzilikatu ditu bere koadroak ere. Apezetxea zena gogoratu nahi izan du Irazokik. Artearen esparruan Irungo udal akademian egin zituen lehendabiziko urratsak Irazokik, baina Apezetxearekin eta Sobrinorekin ikasitakoa nabarmendu du.

Apezetxea eta Cezanne

Pintore anitzen maisu izan zen Apezetxea, hain zuzen ere. Margolariak, gainera, zubi lana egin zuen garai bateko artisten eta egile gazteen artean. Denen artean zegoen gustura. Apezetxeak txoko kutun anitz zituen Baztanen, mihisearekin atera eta kanpoan margotzeko. Baina espazio fisikoez harago, bertze mota bateko lekuak aldarrikatu zituen pintoreak: "Denak heldu gara toki beretik, eta toki hori Cezanne da", erran zuen, duela hamar urte luze, BERRIAko orrietan. "Nire historia guztia dago Cezannerengan. Cezanne gaur egun da... Erran daiteke egiten den pinturaren erdia egiten dela Cezanne dela medio. Hark ireki zuen atea, eta ate horretatik pasatu gara anitz. Cezanne da margolari bat aski txarra zena hasieran, baina puskaka-puskaka, bere gogo guztiarekin, ailegatu zen azken mutur horretara. Berak egin zuena baino gehiago da zer utzi zuen bertzeek egiteko".

90 urte zituen Apezetxeak hil zenean. Gaztetan izan zuen Madrilera edo Parisera margotzera joateko asmoa, baina etxean lana bazelako uko egin behar izan zion desio horri. Javier Ziga izan zuen maisu, eta, gero, Apezetxea bilakatu zen bertze anitzentzat erreferente.

Sobrinorekin harreman estua izan zuen. Elkarrekin antolatu dituzte, urte luzez, udako pintura ikastaroak Baztanen. Orain, Apezetxea gabe egiten ditu Sobrinok. Datozen bi asteotan ariko dira aurtengo parte hartzaileak, astelehenetik ostiralera. "Goizez atera, margotu, eta denen lanei so eginez ikastea da kontua. Ikastaroa amaitzen dugunean, erakusketa egiten dugu Elizondon", azaldu du Sobrinok.

"Pinturaz gozatzea" da gako nagusia, Elizondoko margolariaren hitzetan. Irazokik ere horixe uste du. Eta Sobrinoren eta Apezetxearen eskutik egindako ikastaroetan "ikasi eta disfrutatu" egin duela nabarmendu du. "Aurkikuntza handia izan zen niretzat: kanpora atera, eta mihise zuriaren aurrean jartzea. Zaila da, neurri handi batean, baina askatasun handia ematen dizu. Sobrino eta Apezetxea beti ziren irakasteko prest".

Irakatsi eta ikasi. Horixe nabarmendu du Sobrinok. Nolabaiteko elkarrizketa sortzen dela ikastaroan parte hartzen duten artista guztien artean. Elkarren ondoan margotuz, elkarri eragin eta elkarri irakasten diote. "Hori hagitz polita da", erran du Sobrinok.

Apezetxearentzat ere, karrikan margotzea zen kontua: "Baztan-Bidasoko margolarion ezaugarria da naturan bertan margotzen dugula. Ibaia ere bada gure arteko lotura, hemen Baztan eta gero Bidasoa deitzen dena". Bidasoko margolarien eskolaz hitz egitea, halere, ez zuen hagitz gustuko. "Gauzak sobera sailkatzea ez zuen maite aita zenak", gogoratu du Josetxo Apezetxeak. "Duela ehun urte, bazen mugimendua, eta, orain ere, bertze modu batera bada ere, badu segida. Nik uste dut hori dela politena", erantsi du.

Irazokik ez du zalantzarik, eta Baztan-Bidasoko eskolako kidetzat jo ditu eskualdean bertze artisten erreferente bilakatu diren horiek. "Margotzeko eta paisaiari so egiteko berezko modua badute; Baztango margolarien begirada horretan badira zertzelada, kolore eta mugimendu propioak, hain zuzen ere. Baztango eskolako parte dira maisu eta maistra bilakatu diren aurreko belaunaldiko artistak".

Eskolaz harago, pinturak eskualdean pizten duen interesak pozten du Irazoki. Sobrino ere bai. Biek argi dute zaletasunak gora baino ez duela egin. Udako ikastaroa eta erakusketak, gainera, ez dira eskualdeko margolariek elkarrekin aritzeko duten aukera bakarra. "Hilabetean behin, kanpora ateratzen gara margotzera. Nahi duena etor daiteke", nabarmendu dute bi margolariek.

Sobrinok eta Irazokik hilaren 22an zabaldu zituzten beren erakusketak. Azken urteko lanak zintzilikatu ditu Sobrinok, zehazki. "Ohi baino itsas pintura gehiago ditut aurten", azaldu du. Baztango paisaiek, noski, toki nabarmena dute, baina badira Nafarroa erdialdekoak eta Bardeakoak ere. Irazokik, bertzalde, 2005. urtetik gaur egunera bitarte egindako koadroak eraman ditu Elizondoko Arizkuneneara. Irazokik abstrakzioaren alde egin du bere azken lanetan, eta hautu horren atzean dagoen prozesua erakutsi nahi izan die ikusleei, bere azken urteotako lanak zintzilikatuz. "Hasieran, Sobrinoren eta Apezetxearen eragina nabarmena zen nire lanetan; bidean, nire margotzeko modua bilatuz joan naiz. Figurazioa bazter utzi gabe, bilaketa horrek eraman nau abstrakziora", azaldu du margolariak. "Beti hutsetik hasteko" asmoa duela erantsi du.

Hutsetik hasteko urratsak testuinguru zehatza du artearen esparruan, Sobrinoren ustez. "Noski, nork bere bidea egin behar du. Baina idatzi ahal izateko, irakurri egin behar duzu; eta margotzeko, pinturari so egin behar diozu. Bertzeen bidea ezagutu behar duzu zurea egiteko", erran du.

Hamahiru erakusketa

Apezetxearen, Sobrinoren eta Irazokiren erakusketak ez dira egunotan ikus daitezkeen bakarrak, Baztanen. Denera, hamahiru antolatu dituzte. Elizondon, Arizkunenea kultur etxean bada bertzerik: Manuel Bermejo eta Xabier Celestinoren Hamalau izenburukoa, eta Miquel Cazañaren Baztandik mundura. Kultur etxeko erakusketez gain, Ana Mari Marin margolariak berea antolatu du Elizondoko bere etxean. Hilaren 13an zabalduko du. Jaime Urrutia karrikako 15ean, gainera, Lesagibelen erakusketa dago zabalik; eta kale bereko 3an, Jose Luis Alzugarairena.

Arizkunen, Xabier Santxotenaren museoan daude egile horren eskulturak eta Teresa Lafraguaren margoak; Sasternea etxean, berriz, Xabier Soubeletenak ikus daitezke. Erratzun, Apezetxearen erakusketarekin batera, Roque Lasaren lanak ikusgai daude Zubieta etxean. Diana Iniestak ere ireki ditu bere tailerreko ateak, eta Loreak, sagarrak, besarkadak izenburuko erakusketa prestatu du. Irailaren 1era bitarte egonen da zabalik.

Iniestak eginen du bertzerik, artistentzako hainbat proposamen antolatu baititu udako datozen asteotarako. Lau eguneko ikastaroak eginen ditu, batetik, irailera bitarte, naturan margotzeko; bertzetik, bost edo zazpi eguneko formakuntza saioak eginen ditu bere etxean eta tailerrean. Irakasteko eta ikasteko prest dira Baztanen. Beti paisaiari so.

Lurra eta etorkizuna jokoan

Lurra eta etorkizuna jokoan

Edurne Elizondo

Asmo berak lotzen ditu Baztanen eta Zangoza aldean zutik jarri diren herritarrak: beren lurrak eta etorkizuna jokoan jar ditzaketen egitasmoen aurka altxatu dira. Zangoza aldean, Geoalcali enpresaren Muga proiektuak eragin du kezka, azken urteotan, eta kezka hori handitu egin da, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egitasmo horren ingurumen eraginaren aldeko adierazpena onartu eta gero. Baztanen, berriz, 2008an bazter utzitako proiektuari eutsi dio Magna etxeak, berriz ere Erdiz izeneko eremuan magnesita ustiatzeko meategia egiteko. Erdiz Bizirik plataformako kideak karrikara atera dira, jada, asmo hori salatzeko, eta "ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren alde" egiteko asmoz.

Erdiz Bizirik plataformako eledun Jon Elizetxek zalantzarik ez du, eta Magnaren egitasmoak baztandarren egungo gizarte eredua "puskatuko" lukeela nabarmendu du. Lekarozen egin nahi duten Aroztegia proiektua ere eredu horren aurkako "mehatxu bat" dela erantsi du, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.

Erdiz Bizirik plataformako kideak ez ditu ezustean harrapatu Magnak berriz ere mahai gainean jarri izanak Aldude mendiko inguru horretan meategia egiteko proiektua. "Ez genekien noiz eta nola emanen zuten pausoa, baina eginen zutela espero genuen". Baztandarren haserrea eragin du, halere, Magna enpresaren jokatzeko moduak. Izan ere, uda aukeratu du proiektuaren memoria aurkezteko, eta, gainera, Iruñean aurkeztu du.

Zehazki, hilaren 5ean aurkeztu zuen Magnak Erdizen meategia egiteko egitasmoaren inguruko bere memoria, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko erregistroan. "Enpresak bazuen memoria hori Baztanen aurkezteko aukera, baina, udala bazter utzita, Iruñera jo du; gainera, sanferminak hasi aurreko egunean egin du", salatu du Elizetxek.

Enpresak memoria hori aurkeztu eta gero, hilabete dago iradokizunak egiteko. Hurrengo urratsa litzateke proiektua aurkeztea. Oraingoz memorian jasotako informazioaren arabera, Elizetxek azaldu du proiektua aurretik aurkeztu zutenaren "hagitz antzekoa" dela. Aldaketa nagusia da sarbidea Artesiagatik izanen lukeela oraingoak.

Magnak 2003. urtean aurkeztu zuen Erdizen magnesita ustiatzeko egin nahi zuen proiektua, eta 2008an erabaki zuen hutsean uztea. Baztango herritarren mobilizazioek eragin zuten enpresak atzera egitea. Erdizko asmoak porrot egin eta gero, Zilbetiko Antzeri pagadian saiatu zen enpresa meategia eraikitzen, baina han ere, herritar anitzen protestekin egin zuen topo. Auzitara jo zuten herritar horiek, eta lortu zuten proiektua bazter uztea. Izan ere, babes bereziko eremua da Aldude mendia; bertzeak bertze, okil gibelnabarraren etxe delako. Erdiz ere Aldude mendian dago, eta, ondorioz, Zilbetiko auziko sententzia Magnaren asmoen aurka egiteko "tresna garrantzitsua" izan daitekeela erran du plataformako kide Jon Elizetxek.

Helduleku horri eusteko prest dira Erdiz Bizirik taldeko kideak. Enpresak ere bereak badituela zalantzarik ez dute, halere. Nagusia, Nafarroako Gobernuaren babesa. "Zilbetiko proiektuaren aurkako sententzia atera zenean, Manu Aierdi enpresako arduradunengana joan zen erratera ahal zutena eginen zutela. Aierdi tartean izanda, gauza onik ez da izanen Baztanentzat", salatu du Elizetxek. Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariordeak Aroztegiaren aldeko jarrera ere hartu du, argi eta garbi. "Herritarren erabakitzeko ahalmenak ez du inporta haientzat; prest daude interes pribatuak defendatzeko", erantsi du.

Udalez gaindiko plana

Gobernuak proiektuari ematen ahal dion babesa ez da Erdiz Bizirik plataformako kideen kezka pizten duen auzi bakarra. Une honetan, mehatxu nagusia da, haien ustez, proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko aukera. Kontua da Esteribar eta Baztan arteko muga aldatu dutela berriki. "Enpresak dio proiektuak Baztango zati txiki bati baino ez diola eragiten; gezurra da hori, ordea. Sarbidea Baztanen legoke, Baztango herri lurrei eraginen lieke, eta, Esteribarren egonagatik ere, Baztango ondare lurrak dira proiektuak ukitzen dituen bertze hainbat".

Magnaren asmoen aurka egiteko konpromisoa berretsi du Erdiz Bizirik plataformak, eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak, berandu baino lehen. Zangoza aldean egin nahi duten Muga proiektuaren aurkako plataformako kideak ere borrokan jarraitzeko prest dira.

"Kezkagarritzat" jo du taldeko kide Fermin Riezuk egoera, hain zuzen ere. Geoalcalik ekainean ezagutarazi zuen bere egitasmoak ingurumen eraginaren aldeko adierazpena jaso zuela. Horrek erran nahi du Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak oniritzia eman diola proiektuari, eta aurrera jarraitzen duela. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea.

"Arrisku geologikoak"

Ingurumen eraginaren adierazpena jaso eta gero, proiektuak ukitzen dituen udaletako obrak egiteko baimena eskuratu beharko luke enpresak, eta meategia ustiatzeko baimena lortzea litzateke azken urratsa.

"Hori ingurumen adierazpena lortzea baino zailagoa izanen da", erran du Riezuk. Onartu du, halere, prozedura ez dagoela argi. "Egitasmoak Nafarroa eta Aragoi ukitzen dituenez, gerta daiteke erkidego horietako gobernuen baimena behar izatea lehendabizi, eta Espainiako Industria Ministerioarena bigarrenik", azaldu du Muga proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Riezuk uste du Industria Ministerioko agintarien esku utzi nahi izan duela azken ardura Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, egitasmoari oniritzia emanez. Izan ere, aldeko adierazpena onartu arren, erakunde horrek ohartarazi du meategiak "arrisku geologikoak" izan ditzakeela.

"Lur azpiko galeriak egin nahi dituzte; Esako urtegiko presatik hagitz gertu egonen lirateke galeria horietako hainbat; Ebroko Ur Konfederazioak berak ohartarazi du meategiak urtegian izan dezakeen eraginaz, txosten batean", erran du Riezuk.

Erreniegan aspalditik dakite potasa ustiatzeko meategi batek zer-nolako eragina izan dezakeen inguruan. Erreniegako meategia duela 30 urte itxi zuten, baina jarduera horren ondorioak pairatzen dituzte, oraindik ere, inguruko herrietan. "Zuloak agertu dira, azken garaian, Undion eta Espartzan, bertzeak bertze", salatu du plataformako bozeramaileak.

Gertatzen ari dena kontuan har dezatela eskatu die Riezuk Geoalcali enpresako arduradunei, bai eta Nafarroako Gobernuko agintariei ere. "Egindako hutsek balio behar dute gaizki egindakoak berriz ez egiteko. Herritarron segurtasuna dago jokoan, eta enpresaren helburu bakarra espekulazioa da", nabarmendu du Riezuk.

Geoalcali enpresak enplegua baliatu du, batez ere, bere proiektuaren berri zabaltzeko. "Zortziehun lanpostu sortuko dituztela esaten dute behin eta berriz; baina proiektuan ez da zehazten lanpostu horiek zeintzuk diren", erran du Riezuk. Edozein modutan, herritarren segurtasuna lehentasuntzat jo du, eta herritarrek "etorkizuna galtzeko" dutela gaineratu du. "Proiektuak gure lurraldea kondenatuko luke", berretsi du.

Mendian gozatzen jarraitzeko

Mendian gozatzen jarraitzeko

Edurne Elizondo

Zauria sendatzen jarraitzeko bi urtean behin egiten duten bisita: horixe da Berako Agerra mendi taldeak eta Manttalek Taillon mendira igotzeko antolatzen duten txangoa. 2017an egin zuten azkenekoz, eta bihar itzuliko dira berriz: mendiaz gozatzeko, eta Pirinioetako txoko horretan hildako eskualdeko mendizaleak gogoratzeko. "Ipar paretaren ondotik pasatzen garenean, goiti begiratzen dugu, eta imajinatzen dugu non ibiliko ziren. Momentu hunkigarriak dira, baina aurrera jarraitu, eta txangoa besta bilakatzen da; hori da gure helburua".

Iñaki Pikabearenak dira hitzak. 2007. urtean hil zen haren anaia Luis Mari Pikabea Loro mendizale beratarra, Taillon mendiko ipar paretan. Harekin batera zendu ziren, istripu berean, Xabier Zubieta beratarra eta Xabier Saralegi lesakarra ere. Handik lau hilabetera igo zen Iñaki Pikabea, lehendabizikoz, Taillonera. Tokia ezagutu nahi zuen. Mendira itzuli, mendian gozatzen jarraitu ahal izateko. Anaiak egiten zuen bezala.

2007ko urtarrilaren 13an zendu ziren 33 urteko Pikabea eta Zubieta, eta 32 urteko Saralegi. Astebete lehenago, Lesakako bertze mendizale baten erreskate lanetan aritu ziren hirurak: 29 urteko Unai Etxepare Anayet mendian (Huesca, Espainia) hil zen, erorita, 2007ko urtarrilaren 6an. Astebetera, hilaren 13an, 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten istripua Zubieta eta Pikabea lehengusuek eta Saralegik, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), mendi horretako iparraldeko horma eskalatzen ari zirela.

Edurne Pasabanekin eta Asier Izagirrerekin ziren Bortzirietako mendizaleak, Taillonen, istripua gertatu zenean. "Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat aukeratu beharko banu, horixe izango zen. Himalaian hainbeste ibili, eta etxe ondoan gertatu zait istripurik larriena, Pirinioetan", nabarmendu zuen Pasabanek 2017an, ezbeharra gertatu eta hamar urtera.

Ehun pertsona inguru

Mendiak eman, eta hartu ere egiten du. Baina Iñaki Pikabeak argi du istripuak "nonahi" gerta daitezkeela. Horregatik, 2007an Taillonen gertatutakoak ez du ekarri zendutako mendizaleen lagunek eta senideek mendia uztea. Bortzirietan beti izan da zaletasuna, eta grina horri bidea eman nahi izan diote Agerra mendi taldeak eta Manttalek, bi urtean behin antolatzen duten txangoaren bitartez.

2009. urtean egin zuten irteera lehendabiziko aldiz. Gero eta jende gehiagok parte hartu izan du. Biharkoan, 80-100 pertsona inguruk bat egitea espero dute antolatzaileek, hain zuzen ere. "Autobusa antolatzen dugu guk, baina bada autoz joaten den jendea ere", azaldu du Iñaki Pikabeak. Autobusez joanen direnak 05:30ean aterako dira Beratik, Iamotenea aurreko aparkalekutik, zehazki. Hamabost euroren truke, bidaia eta bazkaria ordaintzen dute mendizaleek. 21:00-22:00 aldera itzuliko dira denak herrira.

Pirinioetan, bi ibilbide prestatu dituzte Agerra mendi taldeko eta Manttaleko kideek, mendizale guztien neurrira. Batetik, lau ordu inguruko txangoa egiteko aukera izanen da, Gavarnietik Bujarueloko lepora. 600 metrokoa da bide horretako desnibela. Bertzetik, denera sei ordu iraunen duen bertze bideak Taillon mendiko tontorrera eramanen ditu mendizaleak. 1.200 metrokoa da desnibela bigarren ibilbide horretan.

Bujarueloko lepoan eginen dute bat mendizale guztiek. Zubieta, Pikabea eta Saralegi gogoratzeko monolitoa dago han, eta haren aurrean omenduko dituzte. "Gauza xume bat eginen dugu; familia argazkia atera eta kito. Natur parke bat da, eta gu ere ez gara ekitaldi handien zale", erran du Iñaki Pikabeak. Gero, Gavarnie herriaren ondoan bazkalduko dute.

Beratarrak berretsi du egunak mendiaz gozatzeko aukera eman nahi diela herritarrei. "Polita da, beti baitago lehen aldiz joaten den norbait; bakarrik joateko beldurrez direnak gustura joaten dira talde handi baten arrimuan", nabarmendu du Pikabeak. "3.000ko erraza da Taillon, baina jakin behar duzu pixka bat ibiltzen, eta errazagoa da jende artean".

Taillonen zendutako hiru mendizaleen "herentzia" da, nolabait erranda, bi urtean behin Beratik Pirinioetako txoko horretara antolatzen duten txangoa. Horixe erran du Pikabeak. Lehenagotik ere bazuten zaletasuna etxean. "Ni ibili izan naiz, eta Patxi anaia ni baino gehiago; baina zaletasuna beti izan dugu: lagun arteko zaletasuna izan da mendia guretzat".

Luis Mari izan zen mendian bide sendoena egin zuena, halere, Pikabeatarren artean. Zubieta eta Saralegi bezala, mendizale zaildua zen alpinismoan, eskaladan, bai eta mendiko eskian ere. Pirinioetan eta Alpeetan trebatu ziren hirurak. Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Andeetako mendiak ere ezagunak zituen: 1997an, Peruko Mendikate Zurian izan zen, Zubieta lehengusuarekin batera.

Himalaiarako jauzia izan zuten hurrengo urratsa, eta, 1999an, Gasherbrum II (8.035 metro) igo zuten bi lehengusuek. Sisha Pangma igotzen saiatu zen Pikabea, 2006an. Edurne Pasabanekin aritu zen urte hartan. Bortzirietako mendizaleak hil zirenean, hain zuzen, hamalau 8.000koak amaitzeko proiektua hasten ari zen mendizale tolosarra. "Nire taldean ziren; istripua gertatu izan ez balitz, nirekin izango ziren", erran izan du Pasabanek.

Elkar babestu

Asmoak eta proiektuak bertan behera gelditu ziren 2007ko urtarrilaren 13an, Taillon mendiak Zubieta, Pikabea eta Saralegi hartu zituenean. Zazpi eguneko tartean lau herritar galdu zituzten Bortziriek Pirinioetan, eta doluak hartu zuen eskualdea. Zendutako mendizaleen familiak eta lagunak izan dira, halere, egoerari aurre egiteko indar handiena erakutsi dutenak, eta mendiaz gozatuz eta mendia maitatuz egin dute hori. "Argi genuen etxean geldituz ez genuela deus konponduko. Bakoitzak ahal duena egiten du. Guk elkarri eman diogu babesa; elkarrekin egin dugu aurrera", erran du Iñaki Pikabeak.

Taillon mendira anaia hil berritan igo zen aurrenekoz. Egun hartako eguraldi txarra du gogoan; lore sorta utzi zutela mendian galdutako anaiaren eta lagunen omenez. Eta tokia ezagutzeak, nolabait, "lasaitua" eman ziola. Bertze hainbat aldiz egin du bide bera, baina, oraindik ere, badu kendu nahi duen bertze arantza bat: anaia hil zen iparraldeko horma eskalatzea. "Badakit bertze urrats bat dela; eskalatu behar dela; baina egin nahi dut", berretsi du.

Taillon mendi berezia izanen da beti Bortzirietako mendizaleentzat. "Berezia da, anaia eta lagunak han gelditu zirelako". Galerak eragindako minaz harago, aurrera segitzeko bidea eman dio Iñaki Pikabeari bi urtean behin txangoa antolatzeko ilusioak eta lanak. Pozten du irteerak hainbertze jende erakartzen duela ikusteak, anaiaren eta lagunen memoria bizirik dela erakusten duelako. "Polita da ohartzea jendea anaiaz oroitzen dela".

Mina, nekea, bakardadea

Mina, nekea, bakardadea

Edurne Elizondo
Baietz. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide Javier Arzaren eta Jose Carronen hitzak entzun, eta baietz, hala dela, erran dute buruarekin hainbat emakumek, behin eta berriz, NUPek Afina elkartearekin fibromialgiari buruz egindako ike...

Hutsetik hasten laguntzeko

Hutsetik hasten laguntzeko

Edurne Elizondo

Irribarreari eutsi dio elkarrizketa osoan; hasi eta bukatu arte. "Egun on" batekin agurtu du kazetaria, euskaraz, eta amazigeraz galdetu dio ea zer moduz dagoen: "Salam mat anit?". Marokotik ailegatu zen Mohamed Unasser Nafarroara, duela zortzi hilabete. Txalupaz egin zuen bidaia, bertze 35 pertsonarekin batera. 16 urte zituen Marokon ontziratu zenean; orain, 17 ditu. Sorterrian utzi du familia.

2018. urtean, heldurik gabeko 62 adingabe atzerritar hartu zituen Nafarroak, herrialdeko gobernuak eta Espainiakoak sinatutako akordioaren bidetik. Haietako bat da Unasser. Itsasoan hamabost ordu eman zituen, txalupa Andaluziara (Espainia) ailegatu zen arte. La Linea de la Concepcion hirian, adingabeentzako zentro batera eraman zuen Guardia Zibilak. Hiru egun eman zituen egoitza horretan, eta handik etorri zen Nafarroara. Barañainen bizi da orain, Nafarroako Gobernuaren babespean.

Azken bi urteotan, gora egin du heldurik gabe herrialdera ailegatu diren adingabe migratzaileen kopuruak. 62 izan ziren 2018an, eta 24 baino ez 2017an. SEI Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa elkartean artatzen dituzte horietako hainbat; tartean, Unasser. "Hutsetik hasten laguntzen diegu. Gure helburu nagusia da komunitate bat osatzea haiekin, eta haien inguruan. Ahal dugun harrerarik beroena egin nahi diegu, migrazioaren doluari aurre egiteko tresnak izan ditzaten", azaldu du elkarteko koordinatzaile Maite Zigandak.

SEIko kideen laguntzari esker sorterriko eta bertze hainbat herritako gazteak ezagutu dituela nabarmendu du Unasserrek; ari dela bere sarea osatzen. Gaztelania ikasten laguntzen diote, bai eta ikasketekin ere. "Elektrizitatea ikasten ari naiz", erran du, irribarrea zabalduz. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin zuen sorterrian. Handik atera nahi izan zuen, halere, "etorkizun hobe bate bila".

Lan egiteko aukerarik ez zuela izanen argi ikusten zuen, eta bertze bide bat probatu nahi zuen. "Hasieran, gurasoek ez zuten nahi nik alde egitea; baina konturatu ziren hau nahi nuela nik, eta utzi zidaten". Eta jaioterritik kanpora joan zen, azkenean. Marokon utzi zituen ama, aita, bost arreba eta hiru iloba. Harremana ez dute galdu, halere. "Ia egunero aritzen gara, WhatsApp bidez, batez ere". Tuteran osaba bat du, eta asteburuetan elkartzen da harekin.

"Kontent naiz", berretsi du. "Ez zenuen bidaian beldurrik izan?", jakin nahi izan du Zigandak. Eta ezetz erantzun du 17 urteko gazteak, irribarrea galdu gabe. Itzultzeko asmoa baduela gaineratu du. "Baina bakarrik bisitan". Ez du uste bere tokia Marokon dagoenik. Hemen gelditu ahal izateko paperak eskatu ditu, eta horiek lortzeko prozesua martxan da Bilboko Marokoko kontsulatuaren bidez. "Une honetan, Espainiako eta Europako adingabeentzako legeen babespean dago; gazteok 18 urte betetzen dituztenean, zailtasunek gora egiten ohi dute", ohartarazi du Zigandak.

"Konpromisorik eza"

Duela hogei urte hasi zen lanean Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa, eta kideek salatu dute erakunde publikoek oraindik ere ez dutela behar bezainbertzeko konpromisoa hartzen migrazioaren auzian. "Utzitako egoitza batean gaude; ez dugu komunik, eta ailegatzeko eskailerak igo behar dira. Iaz berrehun gazte artatu genituen, eta, oraindik ere, hitzarmen baten edo egoitza duin baten zain jarraitzen dugu. Migrazioaren auzia ez dute serio hartzen erakundeek; egungo gizartea kulturartekoa da, eta bada onartzeko garaia", erran du SEI elkarteko koordinatzaileak.

1999. urtean lanean hasi zirenetik, anitz aldatu da SEIko kideek hartzen dituzten pertsonen soslaia. "Gure ibilbidean, batez ere, denbora luze bat pasatu eta gero berriz elkartu diren familiak artatu ditugu: ama etorri izan da, lehendabizi, eta, handik hamar urtera edo, amatxirekin utzitako haurrak ekarri ditu". Halakoetan, familiako kideen arteko harremana ere hutsetik lantzen hasi behar izaten dute migratzaileek. "10 edo 12 urterekin sorterritik alde egin behar duen haur edo nerabe horrentzat hagitz zaila da ezagutzen ez duen pertsona batekin bizitzera etorri behar izatea, bere ama den arren ez baitu ezagutzen", azaldu du Zigandak.

Gisa horretako egoerak gero eta gutxiago gertatzen direla erantsi du. Azken urteotan, batez ere, heldurik gabe etorri diren adingabeak hartu dituzte, batetik, eta, bertzetik, batera ailegatu diren familietako kideak. Hori da Gabriela Garmendiaren kasua. Duela urtebete eta erdi ailegatu zen Garmendiaren ama Nafarroara, eta handik hilabetera egin zuten bide bera, Hondurastik, 15 urteko gazteak eta haren aitak eta nebak. "Sorterriko segurtasunik ezak ekarri gaitu honat, batez ere".

Unasser bezala, "kontent" da Garmendia Nafarroan. Hasiera, hala ere, ez zen erraza izan. Hori ere nabarmendu nahi izan du. "Tarte batez, zalantzan jarri nuen sorterritik ateratzeko hartutako erabakia", onartu du. Baina orain argi du hemen egon nahi duela. Hondurasen familia duela erantsi du, eta ez duela lotura hori galdu nahi.

Burlatan bizi da Garmendia. Sorterrian Batxilergoan hasi behar zuenean utzi zuen Honduras; Nafarroan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila eginen du datorren ikasturtean. "Lehendabiziko egunetan irakasleak erraten zuena ulertzeko ere zailtasunak nituen!", gogoratu du.

SEIko kideen laguntza eskertu du, eta nabarmendu du egoerak hobera egin duela babes horri esker. Gako nagusi bat aipatu du Garmendiak: "Hemen, nire egoera berean izan den jendea aurkitu dut, eta horrek anitz lagundu nau; esperientzia bera partekatzeak konfiantza eta segurtasuna eman dit". Beldurrak uxatu ahal izan ditu gazteak, finean.

Etxeko lanak egiteko, hiria ezagutzeko eta aisialdia betetzeko laguntza jaso dute Garmendiak eta Unasserrek SEI elkarteko kideen bidez, bertzeak bertze. "Hemen dena da ezberdina; nire herria txikia da, eta ez dago hemen dagoen zarata", kontatu du gazte marokoarrak. Zigandak zehaztu du elkartean egunerokorako behar dituzten baliabideak eman nahi dizkietela nerabe migratzaileei: "Billabesak nola erabili ikas dezaten, edo udan bainatzeko tokiak non dauden jakin dezaten".

Horrelako kontuen bidez, "komunitatea egitea" da helburua, Zigandak erantsi duenez: "Migratzea denon eskubidea da; ezin dugu hori ahaztu. Beldurraren politikak nagusitzen ari dira orain, han eta hemen eraikitzen dituzten harresien bidez; herritarroi dagokigu zabaldu nahi duten mezu horrekin kritiko izatea. Kulturartekoa da egungo gizartea, eta denon artean eraiki behar dugu".

Ekainaren 20a iheslarien nazioarteko eguna izan zen. Munduan, ia 71 milioi pertsona dira egun iheslari, Nazio Batuen Erakundeak plazaratutako datuen arabera. Duela hogei urteko kopuruaren bikoitza da.

Boluntario

"Errealitatea ezagutzeko", SEI elkarteko boluntario izatera deitu ditu Maite Zigandak herritarrak. Uztailerako eta abuzturako programa bat antolatu dute, hain zuzen ere. "Gazteok ezagutzea da estereotipoak apurtzeko modurik eraginkorrena", gaineratu du koordinatzaileak. Eta horren adibide gisa aipatu du SEI elkartean artatzen dituzten gazteek eta Iturrama institutuko ikasleek batera egindako proiektua: "Elkar ezagutzea izan zen helburua, eta emaitza ezin hobea izan zen".

D eredukoa da Iturramako institutua. Unasserrek eta Garmendiak onartu dute Nafarroara ailegatu zirenean euskara ez zutela ezagutzen. Orain interesa badutela erantsi dute.

Garmendiak eta Unasserrek ere argi dute beren bide bera egin dutenak lagundu nahi dituztela. Horretarako, begirale bilakatuko dira udan. Datorren astean formakuntza saioak eginen dituzte, eta, gero, haiek jasotako harrera eginen diete herrialdera ailegatuko diren nerabe migratzaileei.

Anitz dira, SEI elkartearekin bat egin eta gero, bertako kideekin jorratutako harremanari eutsi nahi izaten dioten migratzaileak. "Laguntza jaso eta gero, laguntza eman nahi izaten dute. Eta ez da pertsona aproposagorik", nabarmendu du elkarteko koordinatzaileak.

Mendira joatea maite du Unasserrek; Garmendiari, berriz, musika eta literatura gustatzen zaizkio. Bertze kide batekin, Mentes brillantes rapa idatzi eta grabatu berri du Garmendiak, hain zuzen ere, gazte migratzaileei buruz. Kontent da, udako lana egiteko gogoz. Unasser ere bai. 18 urte beteko ditu hurrengo urtean. Ikasten jarraitzea eta lan egitea bertzerik ez du buruan. Irribarrea erakutsiz erran du.

Hitzen altxorra jasotzeko sarea

Hitzen altxorra jasotzeko sarea

Edurne Elizondo
Historia eta istorioak. Eskualdeko herritarren iragana eta oraina lotzen dituzten hitzak. Hitz horien atzean gordetzen den altxorra. Horixe jaso du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma ...