gaiak

Inoren etxe ez diren horiek

Inoren etxe ez diren horiek

Uxue Rey Gorraiz

Hutsak bete daitezen. Hori du helburu Nafarroako Gobernuak hasitako prozesuak, haren arduradunen esanetan: foru erkidegoan hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko prozesu bati ekin diote, horiek merkatuan jartzeko, alokatzeko moduan. Gaur-gaurkoz, sei udalerritan egin dute bilaketa, eta 1.971 etxebizitza identifikatu dituzte "etxe huts" modura, hau da, azterketak ondorioztatu du ez dela inor bizi horietan.

Iruñean, Burlatan, Antsoainen, Tafallan, Erriberrin eta Caparroson egin dute miaketa. Osotara, 2.638 etxebizitza aztertu dituzte, hutsik egon zitezkeen zantzuak antzeman ondotik. Batik bat etxebizitza horietako uraren kontsumoari erreparatuz osatu zuten aztergai izanen ziren etxebizitzen zerrenda, eta, gero, gutunak bidali zitzaizkien jabeei. Azkenik, baieztatu dute hutsik daudela horien %74, ia bi mila etxebizitza, alegia. Halaber, bankuren baten jabetzakoak dira horietatik 596.

Jose Maria Aierdi Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak azaldu du helburua dela etxebizitza horiek alokatzeko erabilgarri izatea. "Kontraesana da Nafarroan milaka pertsona egotea alokatzeko etxebizitza bila eta, aldi berean, hainbat etxebizitza hutsik egotea. Berdin asko edo gutxi izan", adierazi du parlamentuan. Eneko Larrarte Etxebizitza zuzendari nagusiak esan du, gainera, etxebizitzak "eskubide bat" izan behar duela, eta ez "espekulatzeko ondasun bat".

Parlamentuko talde gehienekbegi onez ikusi dute hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko prozesua abian jarri izana. Navarra Sumak, ordea, gogor kritikatu du. "Herritar batzuei (jabeei) legez zilegi ez diren kalte batzuk egin zaizkie, eta gutunari mehatxu kutsua dario", adierazi zuen Juan Luis Sanchez de Muniainek.

Prozesuaren bigarren faseari ekin diote irailean. Oraingoan, Nafarroako beste 30 bat udalerritan eginen dute azterketa. Honezkero, beste 952 kasutan dute hutsik dauden susmoa.

Lerro eteneko sormen bideak

Lerro eteneko sormen bideak

Edurne Elizondo

Kontu zail batera etorri naiz". Arazorik gabe onartu du Angel Errok ez zaiola erraza bere lanaz hitz egitea. Iruñean, Civican fundazioak antolatutako Letrakide programan aritu da bere obraz: ez irakurleak jasotzen duen azken emaitzaz, baizik eta liburua irakurleen esku jarri aurreko prozesuez: idazteko moduez eta letren bidez azaldu nahi dituenez. Horretarako, Lerro etena (2004-2018) bere azken liburua hartu du abiapuntu (Elkar, 2019). Lerro etenez jositako bidea baita Errok literaturan eta bizitzan egindakoa, egileak jendaurrean eta maskara jantzita azaldu duenez.

Civican egoitzako patioan aritu da Erro, eguraldia eta egungo osasun krisiaren jokalekuan baimendutako ikus-entzule kopuru mugatua lagun. "Ohitu beharko dugu halako tokietan aritzera". Karrikara eraman ditu koronabirusak kultur ekinaldi anitz, eta hortxe, karrikan, herabetasun puntu batekin, ireki egin du Errok bere kontuen, bere liburuen eta bere literaturaren oharrak gordetzen dituen kutxa.

"Pixka bat zaila da", berretsi du. Civican erakundeko euskarazko irakurle klubeko arduraduna da idazlea aspalditik, baina bere buruaz aritzeko hartu du hitza, oraingoan. "Ez nago ohituta".

Poema liburuak dira Errok idatzitako lehendabiziko biak: Eta harkadian ni (Elkar, 2002) eta Gorputzeko humoreak (Alberdania, 2005). 2019an argitaratu zuen Elkarrekin orain arteko azkena: Lerro etena (2004-2018). 2005eko eta 2019ko liburuok lerro etenez osatutako bere sormen prozesuaz mintzatzeko erabili ditu Angel Errok: batetik, balio izan diote kronologikoak ez diren gertaeren arteko harremanak sortzeko; eta, bertzetik, agerian utzi dute idazlearen genero aldaketa. Poesiaren lerroa eten, eta dietarioarena hasi du egileak bere azken liburuarekin. Baina zintzo jokatu nahi izan du irakurleekin: "Tranpa egin dut". Memoriak ez duelako bide kronologikoa egiten Lerro etena liburuko orrietan, eta liburua "eginda" zegoela sentitu duelako idazten hasi aurretik. Eta gehiago erran du: "Idazten sufritzen duten idazle horietakoa naiz ni; emaitza bat lortu nahi duzu, eta emaitza hori eskuan duzula disfrutatzen duzu; baina, horrat iristeko, nik sufritu egiten dut".

Aspaldiko koaderno bat

Denboraren perspektibak emandako kokapenetik egin dio so Errok Lerro etena osatzen duen "ernamuinari": "Kasualitatez eta etxe aldaketa batean aurkitu nuen koadernoa; nire oharrak eta nire gauzak gordeak zituen".

Garai jakin bateko kontuak jaso zituen Errok aurkitutako koaderno horretan, eta, haiei berriz ere so egin zienean, konturatu zen amaren gaixoaldiak eta Gorputzeko humoreak liburua kaleratzeko prozesuaren azken txanpak bat egin zutela: editoreak liburuari buruz bidalitako zuzenketen ingurukoak idatzi zituen amak ospitalean emandako garaiari buruzkoekin batera, bertzeak bertze. "Baina amari buruz idazten nuen ez barrua husteko, baizik eta egunero gertatzen zena jasotzeko. Ohar horiek berriz ere irakurri nituenean ohartu nintzen poema liburua sortzeko prozesuaren bukaerak amarenarekin bat egin zuela, hilabete horretan hil baitzen. Horrek ukitu ninduen, eta iruditu zitzaidan adierazgarria izan zitekeela, polita. Horrek eraman ninduen hautatutako generoaren alde egitera".

Dietarioa osatu du Errok bere lerro etenen bidez. Eta dietarioak, ezinbertzean, niaren literaturara eraman du. Eta egin du hausnarketa: "Garai batean eleberriak zuen freskotasuna galdu egin du: garai batean, dena har zezakeen edukiontzia zen eleberria, baina fosildu egin da". Dietarioan aurkitu du Errok aitortzak, hausnarketak eta bertze jasotzeko euskarria. "Esku libreagoa izaten dute idazleek dietarioetan eta egunerokoetan. Irakurle gisa maite dudan genero bat da", erran du.

Aitortzak, hausnarketak, eta memoria. Lerro eteneko memoria. Horixe gorde du Erroren azken liburuak. Memoria ez da kronologikoa, ezta Erroren liburua ere. "Gure memoria ez baita lineala; kronologikoak ez diren gertaeren artean harreman magikoak sortzen ditugu". Lerro eten horiek maite ditu idazleak; lotura magikoek osatutako memoriak. Baina ezin izan du isildu: "Hamalau urtekoak jaso ditu liburuak; gehiegi, jarraian jartzeko".

Lerro etenen arteko harreman magiko eta bitxien aldekoa dela berretsi du Errok. Liburua osatzeko, baina, harriari puskak kentzen dizkion eskultorearen gisa aritu behar izan du, "autozentsuraren bidetik": "Niretzat katartikoak izan zitezkeen testu guztiak ez ziren egokiak liburuarentzat". Eta, halere, "gehiegi biluzi" ote den pentsa dezake irakurleak, egilearen ustez. "Nik badakit zer ez dudan sartu, eta ez zait iruditzen gehiegi biluzi naizenik".

Bere idazteko moduaz aritzea zaila zaiola aitortuz hasi du Errok solasaldia. Argi utzi du, bukatu arte, bere burua lerro eten baten gisa ikusten duela, eta bere memoriako lerro etenak ageri direla bere testu guztietan. Erroren sokak lotutako lerro etenak.

Gizakiak azken aukera direnekoa

Gizakiak azken aukera direnekoa

Edurne Elizondo

Beren senak gizakiengandik urruntzen ohi ditu naturan bizi diren animaliak. Gaixo edo zaurituta direnean, ordea, ezin mugitu edo minez daudenean, gizakiak bilakatzen dira euren aukera bakar, salbatzeko. "Hartzen uzten badigute, hagitz gaizki diren seinale", azaldu du Ilundaingo fauna zaintzeko zentroko arduradun Enrique Castiensek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Bioaniztasun Zerbitzuko burua da Castiens, eta argi erran du: "Jasotzen ditugun animalien erdiek baino ezin izaten dute naturara itzuli, suspertzea lortu eta gero".

Helburu nagusia hori da: artatzen dituzten animaliak euren berezko habitatera itzultzea. Anitzetan, baina, egindako ahaleginak hutsean gelditzen dira. Uztailean, adibidez, Iruñeko Udaleko langileek enara azpizurien bederatzi habia jaso zituzten, Buztintxurin, eraistekoak ziren eraikin batetik, eta, denera, hamahiru arrautza eraman zituzten Ilundaingo zentrora: "Bi txita bertzerik ez ziren jaio; bat berehala hil zen, eta bertzea, jaio eta zenbait egunera", azaldu du Castiensek.

Babestutako espezie bat da enara azpizuria, eta legez babestuta daude hegaztion habiak ere; hala ere, anitzetan, suntsitu, eta lurrera botatzen dituzte. "Jendeak pazientzia gutxi du: etxe ondoko habiak suntsitzen dituzte, gorotzak traba egiten dielako. Gero, kexu dira eltxoak etxean sartzen zaizkielako. Kontraesan handi bat da; izan ere, enarek, sorbeltzek eta saguzarrek, bertzeak bertze, eltxoak jaten dituzte", erran du Castiensek.

Hegaztiok jatekoa duten tokietan bilatzen dute habia egiteko lekua. Buztintxurin, eraikina eraisteko lanetan ari ziren langileak berandu ohartu ziren arrautzak han zirela: "Eraikina botatzen hasiak ziren; lanak geldituz gero, bazen arriskua ezbeharren bat gertatzeko. Horregatik hartu genituen habiak. Arrautzak, baina, jarri berriak ziren, eta ezin izan zuten aurrera egin", azaldu du Ilundaingo arduradunak.

Basa animalientzat

Ilundainen hartzen dituzten gizakiz bertzeko animalia gehienak hegaztiak izaten dira. Zentroko atea ez da hegazti guztientzat zabalik, halere. "Karrikan zauritutako uso bat aurkitzen baduzu, adibidez, ez dugu hemen jasoko", zehaztu du Castiensek. "Ezta karrikan aurkitutako eta zaurituta dagoen katu bat ere", erantsi du. Azken batean, Ilundainen ez dute artatzen "etxekotutako" animaliarik. "Haientzat, bertzelako baliabideak bideratzen dituzte erakundeek. Guk basa animaliak hartzen ditugu, mehatxatuta dagoen fauna". Bada salbuespen bat, halere: "Espezie exotiko guztiak jasotzen ditugu, bertakoei kalterik egin ez diezaieten".

Berezko habitatera itzultzeko aukerarik ez duten basa animalien kasuan, hainbat bide daude: "Aztore heldu bat hartzen badugu hegala erabat txikituta, adibidez, eutanasiaren alde egiten ohi dugu. Gisa horretako animalia batentzat, sekulako sufrimendua ekarriko luke itxita egoteak, jendaurrean. Pentsa: beldurrez egonen litzateke uneoro, eta gizakien ondotik ihes egiteko aukerarik gabe", erran du Castiensek. Egoera bestelakoa da jasotako hegazti mota arriskuan den espezie batekoa denean, adibidez. "Halakoetan, animaliok itxita hazteko programetan erabiltzen ahal dira".

Jasotako arrautzek aurrera egiten dutenean, bertzalde, Ilundaingo langileek bertze toki bat bilatzen ohi dute jaiotako txitentzat. "Ez dira hemen gelditzen; toki egokiagoak bilatzen ditugu". Toki horietako bat Arguedasko Sendaviva zoologikoa da, Castiensek adierazi duenez. Ekainean, hain zuzen, Nor talde antiespezistak zentro horren inguruko ikerketa bat aurkeztu zuen, eta agerian utzi zuen, bertzeak bertze, han bizi diren zenbait animalia gaixo direla, "zookosiak jota", eta arrautzaren zikloa azaltzeko egunero erakusten dituzten txitak bertze animaliei jaten emateko erabiltzen dituztela. "Ez dut horren berririk", azaldu du Castiensek. Erantsi du gero eta gehiago hausnartzen dela gizakien eta bertze animalien arteko harremanari buruz, eta argi erran du Ilundainen "gizarteak nahi dituen animaliak" artatzen dituztela. "Hurbil sentitzen dituen animaliak inporta zaizkio jendeari, batez ere".

Lurra zula ez dezaten

Lurra zula ez dezaten

Edurne Elizondo
Aurrera segitzen du herrialdean meategi bat martxan jartzeko Muga proiektuak; eta aurrera segitzen du, aldi berean, egitasmo hori bertan behera uztea helburu duen plataformak. Udan egin dituzte bi aldeek azken urratsak: administrazioak ...

Casals pentsatu, jo eta zabaldu

Casals pentsatu, jo eta zabaldu

Edurne Elizondo

Lehendabiziko lana da beretzat, eta sumatzen zaio esperientziak bete egin duela. Eman dizkion aukerekin, bai eta bidean aurkitutako zailtasunekin ere. "Oso bide aberasgarria izan da", kontatu du Eloy Orzaiz musikariak, Pau Casals: miralls- reflets aurkeztu berri duen diskoari buruz. Piano jotzailea da Orzaiz, eta Naaman Sluchin biolinistarekin batera grabatu du Casals biolontxelo jotzaile kataluniarra omendu nahi duen lana. Bien artean pentsatu eta prestatutako disko bat da, eta diru bilketa publiko bat egin eta gero gauzatu ahal izan dute.

Beren diskoa grabatzeko, 5.000 euroko diru bilketa publikoa jarri zuten martxan Orzaizek eta Sluchinek; jaso dute hurbilekoen laguntza, espero bezala, baina Orzaizek atseginez nabarmendu du Casalsen omenezko lanak piztu duela bertze jende anitzen interesa ere. Egileen interesaren lehen txinparta, berriz, Casalsen partitura jakin batek piztu zuen: musikariaren biolin eta piano sonatak. Lan horrek ekarri du disko batekin burutu den prozesua.

Iruindarra da Orzaiz, eta, Iruñean eta Donostiako Musikenen ikasketak egin eta gero, Herbehereetarako bidea hartu zuen lehendabizi, eta Suitzarakoa gero. Zortzi urte eman ditu nafarrak Basilea hirian, hain zuzen, eta handik Iruñera itzuli da orain, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko klabezin irakasle aritzera.

"Basilean ezagutu nuen Naaman [Sluchin]; hasieratik izan genuen harreman ona, baina gauza bat da lagunak izatea, eta beste bat elkarrekin jotzeko bat egitea eta gustura aritzea". Musikariek lortu dute, eta, horregatik, Orzaizek jakin zuenean Sluchinek Casalsen lan baten partitura bat bazuela, mamitzen hasi ziren lan horren inguruan disko bat egiteko proiektua. Sluchinek Pradako Pablo Casals jaialdian jaso zuen konpositorearen partitura. "Casalsen erbesteko sonata da", azaldu du Orzaizek.

Izan ere, Francoren diktadurari ihes egin, eta Roselloko Pradan (Herrialde Katalanak) bilatu behar izan zuen aterpe Casalsek. Frankismoaren aurka egin zuen beti, gogor. San Juanen (Puerto Rico) zendu zen, 1973. urtean. "30 urteko erbestean izan zuen pieza hori bidelagun. Apenas dagoen lan horren grabaziorik, eta musika klasikoaren munduan ia ezezaguna da", kontatu du piano jotzaileak.

Casals, Gaubert eta Manen

Casalsen sonatarekin batera, bertze bi pieza jaso dituzte Orzaizek eta Sluchinek aurkeztu berri duten diskoan: batetik, Philippe Gauberten biolin eta piano sonata; eta, bertzetik, Joan Manenen Kapritxo katalana. Bi musikariok lagun izan zituen Casalsek; Parisen ezagutu zuen Gaubert; hiri horretako Ecole Normaleko irakasle izan zen, kataluniarrarekin batera. Manen, berriz, herrikide izan zuen Casalsek, eta lagun minak izan ziren biak. Musikaren esparruan ere anitzetan aritu ziren elkarlanean.

Casals eta haren lana dagokien testuinguruan jarri nahi izan dituzte Orzaizek eta Sluchinek egin duten diskoaren bidez. Horregatik, hain zuzen ere, xehetasunak zaindu nahi izan dituzte, lanak bere zentzu osoa lor dezan. Horren adierazgarri da diskoa grabatzeko aukeratutako tokia: "Casalsen sorterrian grabatu genuen, El Vendrellen". Tarragonako herri horretan jaio zen Casals, 1876. urtean, eta haren izena duen auditoriuma aukeratu zuten Orzaizek eta Sluchinek diskoa prestatzeko.

La Ma de Guido etxearekin plazaratu dute diskoa musikariek. "Lau egunez aritu ginen grabatzen; hamar edo hamabi orduko saioak egiten genituen. Dena grabatzen zen, eta, une oro, hamaika mikrofonok inguratuta geunden. Ez zen lan erraza izan, baina esperientziak merezi izan zuen", gogoratu du Orzaizek.

Diru bilketan parte hartu zutenak hasiak dira Casalsen omenezko diskoak jasotzen. Lanaren berri emateko antolatutako kontzertuak, baina, bertan behera gelditu dira koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz. "Kataluniako hainbat auditoriumetan jo behar genuen, baina krisiak betean harrapatu gaitu. El Vendrellen egin behar genuen kontzertua hurrengo urtean eginen dugu; gainerakoak bertan behera gelditu dira", erran du Eloy Orzaizek, triste samar.

Izan ere, diskoaren eta musikarien helburu nagusia jotzea da, eta beren emanaldien bidez Casalsen eta gainerako musikarien lanak ezagutaraztea eta zabaltzea. Kontzertuak egiteko aukera berrien zain, diskoa dute Orzaizek eta Sluchinek hori egiteko. Kontent dira emaitzarekin, eta, batez ere, Casals omentzeko pentsatu, prestatu eta gauzatutako beren proiektua burutu ahal izan dutelako.

Zauri gehiago ez irekitzeko

Zauri gehiago ez irekitzeko

Uxue Rey Gorraiz
Bizirik diren emakumeen artean berrehun milioik baino gehiagok jasan dute ablazioa munduan, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera. Urteek aurrera egin ahala, indartzen ari da horren kontrako jarrera, baina, adituen esanetan, ez dago ...

Euskarak uda blaitu dezan

Euskarak uda blaitu dezan

Uxue Rey Gorraiz

Hala nahi duenak euskaraz egin dezan aisialdian ere. Hori dute xede era.eus plataformako kideek. Horretarako, udarako proposamen "berritzaile eta freskagarria" aurkeztu dute berriki: Jolasean Blai mahai joko digitala. Sarean eskuragarri dauden hainbat eskaintza kultural bildu dituzte sortzaileek egitasmo berrian, eta helburu nagusi bat erdietsi nahi dute, batik bat: eskolatik kanpo, eta Nafarroako edozein txokotan egonik ere, gomendioak eta baliabideak ematea haurrek euskaraz goza dezaten uda.

Hilabetetako prozesu baten ondotik ailegatu da Jolasean Blai. Izan ere, ez da bestela bezala sortu, konfinamenduan baitu jatorria ekimenak. Martxoaren 18tik maiatzaren 31ra bitartean, egunero, era.eus plataformak proposamen bana egin zien, bere webgunearen bidez, koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz etxean itxita egon behar zuten familiei. Askotarikoak proposatu zituzten, hala nola ipuinak, kantuak, ikus-entzunezkoak eta aplikazioak. Hain justu, bilketa oparo horretatik abiatuta egindako hautaketaren emaitza da mahai joko berria.

"Sekulako altxorrak aurkitu genituen, eta ez genuen aste horietan egindako lanaren emaitza kaxoi batean gorde nahi. Iruditu zitzaigun aukera oso polita izan zitekeela udako oporrei begira". Marta Chamorro Iruñeko euskara teknikari eta era.eus plataformako kidearenak dira hitzak. Jokoaren sorkuntza prozesuan parte hartu dutenetako bat da Chamorro, eta, orain, pozik ageri da emaitza familia askorentzat erabilgarri dagoela ikusirik. Zehazki, http://eranafarroa.eus/ webgunean dago jokoa eskuragarri.

Jolasean blaitzeko eta altxorraren uhartean murgiltzeko gonbidapena egiten du jokoak. Izan ere, sortzaileek azaldu dutenez, altxorrera iristea da jotzen duten erronka, baina bideaz gozatzea da inportanteena. Egunero, edo bi egunean behin, bakoitzak nahiago duen erritmoan, laukitxo bat egin behar da taulan aurrera, eta, lauki horietako bakoitzean klik eginez sorpresa ugarirekin eginen dute topo haur zein helduek.

Gainera, Chamorroren esanetan, taulan kokatutako hogeita hamaika laukitxoak betetzen dituzten proposamenak ez dira ausaz aukeratuak izan. Dioenez, "zorroztasun handiz" jardun dute azken emaitzan aurkeztu dituztenak hautatzeko. "Euskara onean erabiltzea ezinbestekoa da, eta baita, esaterako, genero ikuspegitik egokiak izatea ere". Finean, taulan bildutakoak kalitatezko proposamenak izan daitezen lehenetsi dute sortzaileek.

Bizialdi aski laburreko plataforma da oraindik ere era.eus, 2017ko azaroan sortua. Hala eta guztiz ere, emanak ditu bere lehenbiziko fruituak. Euskara zerbitzua duten Nafarroako toki entitateek sortu zuten, elkarlanean, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko. Izan ere, Chamorrok argitu du ez dela aski familiei gomendioak ematea, sinetsia dago azaldu egin behar zaiela "hori lortzeko tresnak eta materialak non aurkitu ditzaketen", eta hori "modu ordenatu batean" egin behar dela.

Chamorrok azaldu duenez, "esparru akademikotik harago joateko premiak" bultzatu zituen era.eus plataformako kideak halako ekimen bat sortzera: "Estrategia aldatu behar genuela ohartu ginen, gure helburua ez baita soilik haurrek euskaraz ikastea, baizik eta bizitzako arlo guztietan euskaraz egin ahal izatea, hala nahi badute".

Haurrek eskolaz kanpo euskaraz egin dezaten nahi dute jokoaren sortzaileek, haren ustez, gazteenen euskalduntzea ez baita soilik eskolan landu beharreko afera. "Askotan esan izan da eskolak ezin duela dena egin, ez duela lortzen, eta hala da, jakina, eskolari ez dagokiolako dena bere gain hartu beharra", argitu du Chamorrok.

Kalean, etxean, gurasoekin eta, oro har, eskolaz kanpoko aisialdian eragin beharra azpimarratu du euskara teknikariak, eta gaineratu du, euskarazko eskaintzari dagokionez Nafarroako toki batetik bestera alde handiak egon badauden arren, leku guztietara iritsi nahi dutela.

Gurasoen inplikazioa

"Ematen du premia euskaldun-dentsitate txikiko inguruetan dagoela bakarrik, baina guztietan behar dituzte horrelako proposamenak". Halere, nabarmendu du euskararen erabilera ahulagoa den inguruetan bereziki lagungarria izan daitekeela "hizkera informala lantzeko".

Bakarrik edo heldu batek lagunduta jostatu daitezke haurrak Jolasean Blai mahai-jokoarekin. Hala ere, Marta Chamorrok aitortu du ariketa "askoz erakargarriagoa" izan daitekeela gurasoekin arituta. "Gurasoen inplikazioa garrantzitsua da. Azken finean, gurasoak beren seme-alaben eredu dira askotan, eta hizkuntza ohituretan eragin handia du gurasoengan ikusten dutenak".

Euskaraz zein gaztelaniaz daude idatzirik jokoaren jarraibideak taula gainean, edonor josta dadin haurrekin. Izan ere, sortzaileen esanetan, "ezinbestekoa" da burutan edukitzea gurasoek euskaraz ez jakiteak ez duela zertan traba izan haurrekin aritzeko. "Gurasoek berek uste duten baino askoz gehiago egin dezakete, euskaraz jakin ala ez. Behintzat, egunean behin euskara etxean sartzeko balio dezake honek". Udako opor garaian bereziki, haurrak eskolara joaten ez direnean, hizkuntzarekin harremanetan segitzeko bidea izan nahi du jolasak. Itxialdian izan zen gisan.

Euskaraz blaitzeko, euskaraz zipriztintzeko eta euskaraz uda freskatzeko proposamen sorta oparoa aurki dezakete haurrek 31 laukiz osatutako taula digitalean. Ongi pasatzea helburua izanik, gutxi inporta du bidea egiteko bakoitzak zenbat denbora behar duen. "Haurrek disfrutatzea nahi dugu. Ongi pasatzeak asko laguntzen du atxikimenduan. Oharkabean gertatzen da, baina nabarmen pizten du gogoa euskaraz aritzeko".

Bizikletak, golf piloten kontra

Bizikletak, golf piloten kontra

Edurne Elizondo

Bertze urrats bat egin dute Palacio de Arozteguia SL enpresako arduradunek, Lekarozko izen bereko proiektua garatzeko bidean: bederatzi zuloko golf zelaia egiteko obra baimena jaso dute, ekainean, eta, ondorioz, makinak lanean hasten ahal dira nahi dutenean. Proiektuaren kontrako herritarrek ere segitzen dute beren bidean urratsak egiten, eta, bihar, Elizondon emanen dute hurrengo pausoa: bizikleta martxa eginen dute, Aroztegikoaren gisako egitasmoak baimentzen dituen sistema osoa salatzeko.

Izterpeko Matxinada izeneko kolektiboak antolatu du biharko protesta, eta Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek babestu dute. "Energia Ona izeneko batzorde bat sortu dute Baztanen, eta hilean behin egiten dituzte klima aldaketaren aurkako bizikleta martxak. Uztailekoa Aroztegiko proiektuaren aurka egitea proposatu ziguten, eta elkarlanean ari gara", azaldu du Aroztegia eta gero zer? plataformako kide Jon Elizetxek. Elizondoko plazan hasiko da biharko protesta, 12:00etan.

Elizetxek argi utzi nahi izan du Palacio de Arozteguia enpresak jasotako obra baimenak ez duela erran nahi proiektu horren aurka egiteko bidea amaitu denik. Izan ere, Baztango Udalak baimena eman bertze aukerarik ez zuen. "Proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa kudeatu dutenez, udalak ezin zuen ukatu", azaldu du Elizetxek.

EH Bilduren esku da Baztango alkatetza, eta koalizioak proiektuaren aurka egin du, hasieratik. Udalak golf zelaia egiteko obra baimena eman eta gero, ohar batean zehaztu du Baztango EH Bilduk lanak baimentzea "araututako ekintza administratibo bat" dela: "Proiektuak hirigintzako arauak betetzen baditu, obra baimena ezin zaio ukatu. Hori da oraingoan gertatu dena", azaldu du koalizioak.

Golf zelaia egiteko baimena eman izanak ez dio proiektu osoari eragiten. Elizetxek nabarmendu du, hain zuzen ere, Aroztegiko egitasmoarekin lotutako hainbat auzi epaileen esku direla, oraindik ere. "Aroztegiko baselizaren jabetza da argitzeko dauden aferetako bat", erran du plataformako kideak. Enpresak proiektuaren barruan sartu zuen baseliza, baina Baztango Udalak helegitea aurkeztu zuen horren aurka, Lekarozko herritarren izenean. Lehen sententzia batean, epaileek erran dute ez dagoela argi baseliza norena den.

Bada gehiago: urbanizazio plana auzitan jarri du LAB sindikatuak, kontratuen legea betetzen ez duelakoan. Vianako Printzea erakundeak, berriz, proiektuko hotelaren aurkako txostena egin du. "Hori guztia ezin dugu ahaztu; proiektuaren aurka lanean jarraitu behar dugu", nabarmendu du Jon Elizetxek.

Golf zelaia egiteko lanak "berehala" hasten ahal dituztela argi du, dena den, eta horrek kezkatzen duela erran du: "Ekintza burutuen politika baliatuko ote duten beldur gara". Aroztegiko proiektuan 228 etxebizitza, spa bainuetxe bat eta luxuzko jatetxe bat egiteko asmo ere bada, hotelaz eta golf zelaiaz gain.

Elizegiren epaiketa

Lekarozko Aroztegiko proiektuaren inguruan piztu da bertze polemikarik, egunotan. Izan ere, Baztango Geroa Baik salatu du udalak ordaindu izana Garbiñe Elizegi alkate ohiaren aurkako epaiketako gastuak.

Enpresak bere proiektua aurkeztu eta gero, "kolpez aberasteko egitasmotzat" jo zuen orduko alkate Garbiñe Elizegik. Palacio de Arozteguia SL enpresak, ondorioz, salatu egin zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak Elizegiren alde egin du —Nafarroako Auzitegiaren ebazpena berretsiz—, eta ekainaren 25eko osoko bilkuran, prozesuak eragindako gastuak ordaintzea onartu zuen Baztango Udalak. Geroa Baiko kideen ustez, baina, adierazpen horiek herritar gisa egin zituen Elizaldek, eta ez alkate gisa.

Baztango EH Bilduk berretsi egin du, berriki, Aroztegikoa "enpresa kolpez aberasteko" proiektu bat dela, eta salatu du udalez gaindiko eragina duen plan gisa kudeatu izana, horrek aukera eman duelako "Baztango Udalaren eskumenen gainetik" aritzeko. Bihar, herritarrek eginen dute protesta.

Arte bilakatu ditu itxialdiko behatokiak

Arte bilakatu ditu itxialdiko behatokiak

Uxue Rey Gorraiz
Argaren pasealekuan kokatu du bere azken lana Alicia Otaegi artista iruindarrak, ibaiaren ertzetan dauden baratzeetako batean. Orikaindik Soraurenerako bidea egin, eta aise bereiz daitezke pieza berriaren kolore biziak, inguruan duen n...

Ezkabako iheslari bat identifikatu dute

Ezkabako iheslari bat identifikatu dute

Edurne Elizondo

Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkia identifikatu du, DNA probak baliatuz. 2018an, Larrasoañako hilerriko hilobi batean aurkitu zuten gorpua, eta izenik gabe egon da, orain arte. Toki berean bertze hiru fusilaturen aztarnak aurkitu zituzten Aranzadiko kideek. Laurak ziren Ezkabako gotorlekuko espetxeko iheslariak.

Teilagina zen De la Fuente Ramos, Valladolideko Fresno el Viejo herrikoa (Espainia). 1937. urteko abuztuaren 22an itxi zuten Ezkabako gotorlekuko kartzelan. 36 urte zituen, eta sei seme-alaba; bederatzi hilabete eman zituen Ezkabako espetxean: 1938ko maiatzaren 22an, bertze 794 presorekin batera, ihes egitea lortu zuen. Ihesaldiak, baina, ez zuen hagitz urrun eraman: Larrasoañan harrapatu eta fusilatu zuten, eta hango hilerrian lurperatu, bertze hiru kiderekin batera.

DNA bankua, 2016tik

Nafarroako Gobernuak 2016. urtean sortu zuen bere DNA bankua. Geroztik, 1936ko gerran fusilatutakoen 230 senidek baino gehiagok utzi dituzte beren laginak banku horretan, desagertutako beren senitartekoen gorpuzkiak bilatzeko eta aurkitzeko asmoz. Tartean dira De la Fuente Ramosen familiako kideek utzitakoak, eta haiei esker lortu dute orain iheslariaren gorpua identifikatzea.

2018an atera zuten gorpua Larrasoañako hilerriko hobi batetik. Herriko Paulina Lizoainen lekukotza baliatu zuten Aranzadiko kideek hobi hori aurkitzeko, orain 89 urte dituen emakume horrek ikusi baitzuen iheslariak nola fusilatzen zituzten.

Larrasoañan aurkitutako gorpuak norenak ziren ez zekiten Aranzadiko kideek. Inolako susmorik ez zuten, gainera. Nafarroako Memoriaren Institutuko kideek DNA bankura jo dute, ondorioz, eta hobitik ateratako aztarnek Leoncio de la Fuente Ramosen alaba batek utzitako laginarekin egin dute bat. Familiak, azkenean, senide desagertua aurkitu du.