gaiak

Jaso, eman ahal izateko

Jaso, eman ahal izateko

Edurne Elizondo

Desagertzeko asmoz sortu zuten Paris 365 jantoki solidarioa, duela hamar urte, Iruñean; elkartasun horren beharrik ez izatea hartu baitzuten helburu proiektua bultzatu zuten Gizakia Herritar fundazioko kideek. Eta desagertzeko arriskuan da orain, hain zuzen, baina ez beharrik ez dagoelako, fundazioaren egoera ekonomikoak txarrera egin duelako baizik. Laguntzen jarraitu ahal izateko laguntza behar du jantokiak, eta SOSParis365 lelopeko kanpaina jarri dute martxan, herritarren babesa jasotzeko.

2008. urtean eztanda egin zuen krisi ekonomikoak eragindako larrialdi egoerari erantzuteko jarri zuten martxan Paris 365 jantoki solidarioa, 2009. urtean. Gizakia Herritar fundazioko kideek argi izan dute beti erakunde publikoei dagokiela herritarren oinarrizko eskubideak bermatzea, baina krisi ekonomikoak itota zirenen premiazko egoerari konponbidea emateko beharrean zirela sentitu zutelako jarri ziren martxan.

Hamar urteotan, 278.000 gosari, bazkari eta afari baino gehiago banatu dizkiete Gizakia Herritar fundazioko kideek jantokiko erabiltzaileei, Jarauta karrikan hasieran, eta Descalzosen orain. Gainera, 10.250 elikagai saski baino gehiago banatu dituzte.

Batetik, 1.700 boluntario baino gehiago izan dituzte laguntzen fundazioko kideek hori guztia lortzeko; bertzetik, 500 bazkide baino gehiagoren babesa lortu du egitasmoak. Proiektua garatuz joan da, gainera, eta jantoki gisa sortutakoari hamaika adar atera zaizkio gero: Paris 365 Txokoa, sukaldea, bigarren eskuko arropa saltzeko dendak eta haurrentzako ludoteka, bertzeak bertze.

Urtarrilera arte

"Egoera larria da". Horixe nabarmendu du Gizakia Herritar fundazioko presidente Patxi Lasak. Bera da Paris 365 egitasmoko sortzaileetako bat. Egoera aldatzen ez bada urtarrilera arte eutsi ahal izanen diotela azaldu du, baina gero itxi egin beharko dutela jantokia. Elikagai saskiak banatzeko proiektuarekin ere ezin izanen lukete jarraitu, egoerak bere horretan jarraitzen badu.

Irailean, mahai gainean jarri zituzten fundazioko kideek beren ekonomiari buruzko datuak, eta ezustekoa hartu zuten, agerian gelditu zelako 67.000 euroren galera dutela. 2017an, gainera, 50.000 euroko bi mailegu eskatu zituen fundazioak, eta horiek ordaintzen segitu behar dute.

Fundazioko bazkide diren 500 pertsonen ekarpenekin 103.000 euro jaso zituen jantokiak 2018an. Aurrekontua, berriz, 750.000-800.000 euro ingurukoa da, urte oro. Urtean 400 boluntario baino gehiago aritzen dira proiektuan lanean, eta, gainera, zortzi langile ditu soldatapean fundazioak.

Jantoki solidarioak 600 pertsona inguru artatzen ditu hilabete oro. Beharrak, beraz, ez du behera egin; alderantziz: itxaron zerrenda ere badutela azaldu dute Gizakia Herritar fundazioko kideek. Haien ustez, azken urteotan krisia amaitutzat ematen duen mezua zabaldu da gizartean, eta, horren ondorioz, behera egin dute haien gisakoaren jantoki solidarioentzako laguntzek. "Jada ez gara lehentasun. Kezkagarria da hori, beharra badelako. Erabiltzaileen kopuruak gora egin du", azaldu dute.

Egungo egoera ekonomikoak kolokan jarri du euro baten truke behar gehien dutenak laguntzeko aukera. Herritarren babesa "beharrezkotzat" jo dute jantokia ez ixteko. Erakunde publikoen babesa ere behar dutela gaineratu dute Gizakia Herritar fundazioko kideek, arlo horretan ere behera egin baitu jantokiak jasotako laguntzak. "Hainbat proiektutan murrizketak egin beharko ditugu, eta herritarren laguntza beharko dugu urtarriletik aurrera".

Sare sozialen bidez, laguntza hori jasotzeko kanpaina bat jarri du martxan Paris 365 egitasmoak. Arduradunek argi dute lanean aritu diren hamar urteotan lortu dutela toki bat gizarte mugimenduetan eta auzoko dinamiketan, eta ez dute hori galdu nahi. "Bazterketaren aurka ari gara, eta zuzeneko harremana dugu jendearekin. Ezin dugu hori guztia bertan behera utzi", nabarmendu dute. Elkartasuna eskatu du jantokiak, elkartasuna eta justizia soziala elikatzen segitu ahal izateko.

Atzoko itzala, gaurko argia

Atzoko itzala, gaurko argia

Kattalin Barber Hamar urte. Hamar atxilotu. Auzo bat: Iturrama. Hodei Ijurkoren espetxeratzeak eta hamar urte geroagoko askatzeak markatzen dute Iruñeko auzo horretako garai baten hasiera eta amaiera. Iazko irailean atera zen espetxetik Ijurko, eta, orain, euskal preso politikorik gabeko auzoa da Iturrama. Hamarkada «luze eta iluna» bizi izan du, eta ordutik honako ibilbidea jaso nahi...

Artelanak, gerraren negozioaren kontra

Artelanak, gerraren negozioaren kontra

Edurne Elizondo

Maniobra militarrak, berriz ere, Bardeako tiro eremuan. Ostiralean egin zituen Espainiako armadak, Bardeako Batzarrak bere webgunean ezagutarazi zuenez. Egun berean, erakusketa zabaldu zuen azpiegitura horren aurkako Bardea Libre plataformak, Iruñeko Kondestablearen jauregian. 59 artelan zintzilikatu dituzte, Odolezko dirua izenburupean, gerra eta gerraren negozioa salatzeko. Abenduaren 15era bitarte ikusi ahal izanen da.

1951. urtetik dago martxan Bardeako tiro eremua. Azpiegitura horri eusteko azken kontratua, hogei urterako, 2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. Iazko abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berritu zen, bertze hamar urtez. Aldaketa bakarra Bardeako Komunitatean bat egiten duten erakundeek jasoko zuten ordainaren kopurua izan zen: bikoiztu egin zen. 2008. urtetik, zazpi milioi euro jaso dute erakundeok, urtean; 2019. urte hasieratik, berriz, bikoiztu egin da kopuru hori, eta hamalau dira orain.

"Odolezko dirua" da hori, Bardeako tiro eremuaren aurkako plataformako kideentzat, eta horregatik egin dute izenburu hori hartu duen erakusketa. "Argi izan behar dugu diru horren atzean zer dagoen; herriek diru hori hartzen dute NATOren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko akordioen berri jaso ez dezaten. Auzi hagitz iluna da", erran dute Bardea Libre taldeko kideek, erakusketaren aurkezpenean.

Plataforma laguntzeko

Dirua da Kondestablearen jauregian zabaldu duten erakusketako ardatz: billeteak erabili dituzte parte hartzen duten artistek beren lanak osatzeko. Gerrak eta dirua lotu dituzte artista horiek beren obren bidez. Bardea Libre plataformako kideek gogoratu nahi izan dute hemendik at egiten diren gerra horiek Bardeako tiro eremuaren gisako azpiegituretan hasten direla; Bardeakoaren gisako tiro eremuak "armak probatzeko" tokiak direla, alegia.

59 lan hartu ditu Kondestablearen jauregiak. Haien bidez, bertze helburu batzuk ere badituzte tiro eremuaren aurkako herritarrek: batetik, auzia, berriz ere, mahai gainean jartzea, eztabaida pizteko; eta, bertzetik, tiro eremuaren aurkako lana egiten jarraitu ahal izateko dirua lortzea. Obren kopiak eros daitezke, hain zuzen ere, diru horren bidez plataformaren jarduera babesteko.

Iruñean erakutsi eta gero, Nafarroako bertze hainbat herritara eramanen dute erakusketa. Tiro eremuarena "nafar guztien arazoa" dela nabarmendu dute Bardea Libre plataformako kideek, argi eta garbi.

Kontsentsua eskatu dute

Kontsentsua eskatu dute

Edurne Elizondo
Kontsentsua. Horixe eskatu du Nafarroako Gobernuak, Belateko tunelen auziari buruz. Nafarroako Parlamentuan aritu da Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ziriza, eta talde guztien arteko adostasuna behar dela berretsi du. 1997. urt...

Abeltzaintzak kutsatutako ura

Abeltzaintzak kutsatutako ura

Edurne Elizondo
Europak ezarritako isun bat da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde batek egindako lan baten abiapuntua. 2018ko azaroan, Europako Batzordeak Espainiako Gobernua ohartarazi zuen, nitratoekiko kalteberak diren eremuak ez ...

Lautik hiru, lanik gabe

Lautik hiru, lanik gabe

Edurne Elizondo
Lanaren esparrua arrotza da, neurri handi batean, herrialdeko gazteentzat: 25 urte baino gutxiago dutenen %26,8 dira langabezian, 2019ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera. Egoera zailagoa da, 20 urte baino gutxiago dutenen errealit...

Okilek herrialdeko basoak maite dituzte

Okilek herrialdeko basoak maite dituzte

Edurne Elizondo

Ez dago eskinosoaren alarma hotsa bertze inorenarekin nahasterik. Nafarroako baso anitzetan, halere, bada espazio horiek berezi bilakatzen dituen bertze ahots nahasezin bat: okilena. Ez da bakarra, okilak ere bat baino gehiago baitira, eta nork bere ahotsa baitu. Txorion arrastorik ikusi gabe ere, zuhaitz artean danbor kolpetxoen gisako hotsak entzuten direnean, okilak gertu direla iragartzen du basoak. Gorka Gorospe ornitologoa eta gidaria da, eta igandean hegaztion bila joateko txangoa gidatuko du, Mirua etxearen eskutik.

Kintoa, Irati, Bertiz. Hiru horietako edozein da toki ona okilei behatzeko; okilen ahotsa entzuteko. Zuhaitzak jotzen dituzte mokoarekin, arboletan dauden intsektuen bila. Nafarroa, oro har, herrialde ezin hobea da okilei so egiteko, penintsulan bizi diren zazpi okil espezieak ikus baitaitezke hemen. Bertizen, adibidez, zazpiak daude: okil txikia, okil ertaina, okil handia, okil beltza, okil berde iberiarra, okil gibelnabarra eta lepitzulia. Herrialdeko basoak maite dituzte.

Okila ematen ez duen okila

Okil gibelnabarra eta lepitzulia nabarmendu ditu Gorospek: gibelnabarra, ia bere populazio osoa Nafarroan dagoelako; eta lepitzulia, berriz, bertze okilekin alderatuta hagitz bertzelako ezaugarriak dituelako. "Ez du ematen okil bat; marroia da, eta ez du moko luze eta indartsua, besteek bezala".

Gibelnabarra, zehazki, mendebaldeko Pirinioetan bizi da, hegoaldeko isurian. "Nafarroan dago populazio osoa, bikote bat izan ezik; beste hori Huescan dago", azaldu du Gorospek. Ondorioz, ornitologo anitz etortzen da herrialdera, prismatikoekin okil gibelnabarrak bilatzera.

Lepitzuliari buruz, "berezia" dela erran du Gorospek. "Ez du okilen ohiko jokabidea, eta, gainera, migratzailea da. Apiril aldera etortzen dira, eta irailean edo urrian itzultzen dira Afrikara, negua pasatzera".

Lepitzuliak parke eta ibar basoetan egoten dira, batez ere. "Baso nahiko irekietan, oro har". Okil gibelnabarrak, berriz, baso hagitz bereziak maite ditu: "Pagadietan egoten da; izei pagadietan ere bai, Iratin, adibidez". Baso horietan, zuhaitz zahar eta handiak maite dituzte okilok, batez ere.

Bertze hainbat okil ikusteko aukera gehiago izaten da. Iruñetik gertu, adibidez, Arga ondoko bazterrak dira aproposak: "Okil txikia, okil handia eta okil berdea ikus ditzakegu bazter horietan". Hegaztiok ikusteko aukera izateak ez du bermatzen, halere, haiekin topo egitea: "Hegazti lotsatiak dira". Martxo aldera dute araldia, eta orduan "aktiboago" direla erran du ornitologoak. "Aukera gehiago dago okilak ikusteko; mokoarekin zuhaitzetan jotzen dute, eta basoan entzuten da haien hotsa", erantsi du Gorospek. Igandean eginen dute saiakera.

Ez dutelako ahaztu nahi

Ez dutelako ahaztu nahi

Edurne Elizondo

Deus gertatu izan ez balitz bezala. Hiru urte joan dira jada Elhadji NDiaye Espainiako Poliziaren esku hil zenetik, eta, oraindik ere, inork ez du heriotza horren ardura bere gain hartu. "Zigorgabetasuna eta isiltasuna dira nagusi".

Horixe salatu dute migratzaile senegaldarra gogoratzeko elkarretaratzea antolatu duten eragileek. Joan den ostiralean egin zuten, Iruñeko Udaletxe plazan, NDiayeren heriotzaren hirugarren urteurrenaren egunean. Africa United elkarteak, SOS Arrazakeriak, Paperak eta Eskubideak Denontzat taldeak eta EH11 Kolore kolektiboak deitu zuten protestara. Karrikara atera ziren, ez dutelako ahaztu nahi. Ezin dutelako ahaztu.

Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotu zuten Elhadji NDiaye, 2016. urteko urriaren 25ean; lurrean etzanda, gainean hainbat polizia zituela agertzen da zenbait bizilagunek egindako bideoetan. Ezin mugitu. Konorterik gabe eraman zutela nabarmendu zuten hainbat lekukok. "Hilik". Polizien bertsioaren arabera, ordea, ziegan sartzeko zain zela konturatu ziren ez zuela arnasa hartzen. Espainiako Gobernuaren Nafarroako orduko ordezkari Carmen Albak uko egin zion Nafarroako Parlamentuan azalpenak emateari.

2017. urtean, Elhadji NDiayeren heriotzari buruzko dokumentala plazaratu zuten Ahotsa.info agerkari digitalak eta SOS Arrazakeriak. Ordura arte ikusi gabeko irudiak erakutsi zituzten, eta irudiok kolokan jarri zuten bertsio ofiziala. "Bat-batean konortea galdu eta hil" zela erran zuen Espainiako Poliziak. Atxiloketa gertatu zen egunean grabatutako irudiek erakutsi zuten, ordea, Poliziaren egoitzan arrastaka sartu zutela senegaldarra; ez zela bere kabuz sartzeko gai, alegia.

"Memoria kolektiboaren egutegian markatu nahi dugu gaurko eguna, ezarri nahi diguten ahanzturaren aurka egiteko", erran dute NDiaye gogoratu duten elkarteetako ordezkariek, Udaletxe plazan. Memoria kolektiboaren bidez, migratzaile guztien egoera erdigunean jarri nahi dute, "hirietan dauden muga ikusezinak" salatzeko.

Kontrol arrazistak

Muga horien adibidetzat jo dituzte kontrol arrazistak. "Azalaren kolorearen araberako kontrolak dira, eta agerian uzten dituzte mugek gure egunerokoan zeharkatzen gaituztela". "Arrazakeria instituzionala" dago egoera horien atzean, gogor salatu dutenez. "Atzerritarren legearen gisako tresnak baliatzen dituzte erakunde publikoek".

Motorrean zihoala geldiarazi zuten Espainiako poliziek Elhadji NDiaye, duela hiru urte. Bertsio ofizialaren arabera, "jokabide susmagarria" zuelako geldiarazi zuten. Africa United elkarteak eta SOS Arrazakeria erakundeak hasieratik salatu zuten beltza zelako atxilotu zutela senegaldarra; kontrol arrazista baten biktima izan zela, hain zuzen ere.

Ez hori bakarrik. NDiaye hil eta gero, heriotza drogek eragin ahal izan zutela erran zuen Espainiako Poliziak. "Gazte afrikarra droga saltzailea zela erran nahi izan zuten, susmo hori zabaltzeko herritarren artean". Autopsiak, hala ere, bertan behera utzi zuen bertsio hori.

Ikerketa itxi zuten, Elhadji NDiaye berez hil zela ondorioztatu eta gero. Zigor bidea amaitutzat jo zuen erabaki horrek, baina administrazioaren bidetik saiatzea erabaki zuten Africa United eta SOS Arrazakeria elkarteek. Erantzun gabe zeuden galderak behin eta berriz mahai gainean jartzeko prest zirela argi utzi nahi izan zuten. Bide hori, hain zuzen ere, zabalik da, oraindik ere.

Galderak erantzuteko beharra, gainera, karrikan aldarrikatu dute NDiayeren heriotza salatu duten elkarteek eta herritarrek. Epaileek eta erakunde publikoek azalpenak eman behar dituztela berretsi dute, senegaldarraren heriotza behingoz argitu ahal izateko. Berriz gerta ez dadin, gainera, polizien jarduera kontrolatzeko protokoloak ezartzeko beharra nabarmendu dute. "Sistema arrazista da, eta bazterketa, ondorioz, egiturazkoa", salatu dute. Epaitegiak "arrazakeria instituzionalaren bertze adar bat" direla gaineratu dute.

Elhadji NDiaye erdigunean jarri dute haren lagunek, Poliziaren esku hil zenetik hiru urte joan direnean. Bizitza handiena dela nabarmendu dute. Elkartasunera deitu dute, bai eta sareak ehuntzeko elkarlanera ere. "Bizitza eta aniztasuna jarri behar ditugulako eraiki nahi dugun eredu berriaren erdigunean".

Biltzea ez da aukera bakarra

Biltzea ez da aukera bakarra

Edurne Elizondo

Urte oroko jarduna dute, astelehenetik aurrera, Iruñerriko mikologoek eta Gorosti zientzia elkarteak: hilaren 28an hasiko da Luis Garcia Bonak zuzendutako onddoen inguruko ikastaroa. Hamar egunez, mikologiaren esparruan sakontzeko aukera emanen du Gorostik. Perretxikoak biltzeaz harago, ikerketa sustatzea izanen da helburu nagusietako bat, onddoak eta haien fruituak ezagutzeko eta sailkatzeko asmoz.

Onddoak eta perretxikoak ezagutzeko toki hagitz aproposa da Nafarroa. "Aberastasun handikoa da gure herrialdea", nabarmendu du Garcia Bonak. Biologoa 1972. urtetik ari da mikologiaren esparruan lanean. Onddoen inguruan egin zuen tesia, hain zuzen ere. Mikologian doktore da, eta 1992. urtean sortu zuen esparru hori ikertzeko atala Gorostin. 2017. urtean, zientzia elkarteko bere kideekin batera berrogei urtez egindako lanaren emaitza sarean jarri zuen Garcia Bonak, navarra.observation.org webgunearen bidez.

Zientziarekin lotutako interesak eramaten ditu Gorostiko kideak onddo bila. Garcia Bonak badaki, hala ere, Nafarroako mendietan perretxiko biltzaileak direla nagusi. Jarduera hori bazter utzi gabe, biltzen den hori ezagutzera deitu ditu herritarrak Gorostiko kideak. "Anitzez ere gehiago gozatzen ahal dugu perretxikoak bilatzen, argazkiak egiten, identifikatzen eta sailkatzen". Lau hamarkadatan jasotako datuak sarean eta denen esku jartzeko urratsak jakin-mina piztu nahi du, hain zuzen ere, perretxiko biltzaileak mikologo bilakatzeko.

Astelehenean hasiko duten ikastaroak ere helburu bera du. Hilaren 28koa izanen da lehendabiziko saioa, eta azaroaren 12koa, berriz, azkena. Teoria jorratzeaz gain, txangoak ere eginen dituzte: lehendabizikoa azaroaren 2an, eta bigarrena, berriz, azaroaren 9an. Hogei pertsonarentzako ikastaroa antolatu dute Gorostikoek, eta ia betea dute. "Interesa bada", erran du Garcia Bonak.

Piztutako interes hori zientziaren arloko datuekin elikatzea da Gorostiko kideek antolatu duten ikastaroaren bidez egin nahi duten lana. "Lortu nahi dugu, adibidez, jendeak gogoeta egitea onddoek naturan betetzen duten rolari buruz", erran du biologoak.

Eman ditu galdera hori erantzuteko hainbat zertzelada: "Onddoen funtzio nagusia da lurzoruko gai organikoen hondarrak deskonposatzea. Hori egiten dute onddo gehienek. Batzuk landareen parasito izan daitezke, eta bertze anitzek, berriz, landareak elikatzen laguntzen dituzte".

Nafarroan 2.100 onddo espezie baino gehiago identifikatu dituzte Gorostiko kideek. Sarean eman dute ikusitako perretxikoen berri, behaketa bakoitzaren kokapenarekin. 70.000 dira, denera, azken lau hamarkadatakoak.

Luis Garcia Bonak nabarmendu du azken hamar urteotan klima aldaketak onddoei eragin diela, eta gero eta gutxiago direla herrialdeko mendietan agertzen diren perretxikoak. "Ez du euririk egiten behar duen bezala, eta, ondorioz, perretxiko gero eta gutxiago ateratzen da. Sasoia, gainera, anitz laburtu egin da", azaldu du. Gorostiko kideen jardueran ere izan du eraginik egoera horrek: bi ikastaro egiten zituzten hasieran, baina bakarra antolatu dute azken bost urteotan. Astelehenean hasiko dena prest dute.