Iritzia

Iritzia: Langileen komeriak

Kalera irtengo gara berriz ere bihar. Beste behin ere, lan duinen alde, lanpostuen alde eta kaleratze eta injustizien kontra. Enpresa multinazional batek egin du oraingoan erasoa; eta bete-betean jo du gure etxeko atea. Gurea, eta beste askorena. 250 familiarena, zehazki.

Baina ez omen da garai txarra oraingoa, diotenez. 2008tik askok eta askok sufritu dugun krisialdia gainditzen ari gara. Zorionekoak gu. Datu makroekonomikoek eta asko ulertzen ez ditudan beste zenbait datuk diote hori. Datu horiek gure etxeetan dagoen egoeraz hitz egingo balute bezala jasotzen ditugu guk, gainera (zoritxarrekoak gu). 2015ean joera aldaketa bat sumatu omen da. Aurreko urteekin alderatuz, gero eta langile gehiago kontratatzen dituzte enpresek. Baina nahikoa ote? Nolakoak dira kontratu horiek?

Egoera onera doala sinetsi, eta eroso zaudenean egiten ohi du eraso arerioak; eta hala gertatu da oraingoan ere. Kolokan dago TRWk Iruñean duen lantegia. Baina kaleratzeak "derrigorrezkoak" omen dira. Zeinentzat?, galdegiten diot neure buruari. Enpresari handien poltsikoa are eta gehiago betetzeko? Lantegiaren etorkizuna ziurtatze aldera 250 langile kaleratu behar dituela esan du zuzendaritzak. Eta bada datu okerrago bat ere: ez dira 250 behargin bakarrik arriskuan; zuzendaritzak 2018ra arte baizik ez die lana bermatu beste 370ei. Enpresa da arriskuan, langileak eta atzean dauden familia guztiak.

Elkartasunik beroena bidali nahiko nieke TRWko langile guztiei; ezagutzen eta ezagutzen ez ditudanei. Baina ez horiei bakarrik, tamalez hau ez baita izan azken asteotan jasan dugun eraso bakarra. Buñuelgo General Electric enpesa itxiko dutela iragarri zuten orain gutxi. Etxeko gastuei aurre egiteko beste irabaziko ez duten beste ehun bat familia izanen dira Nafarroan, krisialditik irteten ari garen arren. Noren kontura ari da ekonomia gora?

Langileen ikuspuntutik galdutako gudua dela pentsa daiteke. Baina ez dut uste horrela denik. Enpresen etorkizuna edozein dela, langileek erakutsi diguten duintasuna nabarmendu nahi dut. Lehen egunetik gelditu egin zituzten makinak, esaterako, TRWn. Kalera irten dira. Oihukatu dute "iruzur galanta" dela enpresaren arrazoibidea. Nahiz eta enpresak bidalitako eskutitzean grebarik ez egiteko eskakizuna (mehatxua) jaso.

Hainbat egunetarako stocka du enpresak, eta etsigarria izan da ziurrenik askorentzat xehetasun hori. Baina ez da borroka egiteari uzteko aitzakia izan. 24 orduko geldialdi batekin hasi zuten bidea, eta berdin egin dute astearte honetan ere. Kaleratzeak salatzeko, lau orduko lanuzteak egin dituzte; baita hainbat bilera ere. Fabrika geldirik utzi dute zenbait orduz; baina ez dira geldirik egon. Bihar ere, lan gatazka bizirik dela erakutsiko dute Iruñean egingo duten manifestazioan.

Iritzia: (Emakume) itsusiak

Antonio Burgos deitzen omen da tipoa. Duela aste batzuk idatzi zuen artikuluak hautsak harrotu zituen sare sozialetan. CUPeko eta Bilduko emakumeak izan zituen mintzagai, baina edozein erasana sentitzeko modukoak izan ziren zutabegileak bota zituenak. Ni ere ez naiz atzean geldituko.

Askotan entzun izan dugun zerbait da, ezta? Bada denbora bat emakume euskaldunen estetikari buruz foroetan eta komunikabideetan hitz egiten zela, Nekane-ak gora eta behera, zutabean Burgosek berak aipatuak. Duela hilabete batzuk (edo gehiago, ez dut gogoan) La Semaine du Pays Basque astekariak euskaldunen itxurari buruzko erreportaje bat ere oparitu zigun, Le look abertzale deitua; gurean ez da gai berria, beraz.

Eta ez da berria emakumeei egiten zaizkien fisikoari lotutako kritikak edota iruzkinak anitz izatea. Ohikoa da esaten dutenari buruz baino gehiago haien janzkera edo itxurari buruzko epaiak botatzea —ikus Kataluniako presidentea hautatzeko saioan Ines Arrimadas eta Anna Gabrieli buruz eginiko iruzkin batzuk—.

Bai, itsusiak gara, eta harro gaude.

Itsusiak gara ezinegona sorrarazten dugulako. Itsusiak gara eremu publikoan gaudelako, gure izaera erakusten dugulako eta parte hartzen dugulako; gure eskubideak praktikan jartzen ditugulako, mintzatzen garelako, aldarrikatzen dugulako. Deserosoak gara. Eta, jakina, hori batzuei ez zaie atsegin egiten.

Ez dakit noiz ailegatuko den momentua, baina noizbait konturatu beharko dute iraindu nahi bagaituzte, emakume baten ibilbide politikoari eraso/gutxietsi/kritikatu nahi badute, beste metodo batzuk probatzen hasi beharko dutela. Oso kutrea da zirku hau guztia martxan jartzea, oso kutreak dira horrelako kazetaritza eta zutabeak.

Horrela bukatu zuen gure Antoniok haren zutabea: "Ez dute Espainiatik bereizi nahi: guk haiek botatzea nahi dute. Itsusi eta zatarrak direlako". Hasteko, ez gara orain Antonio Burgosen edertasunari buruz eztabaidatzen hasiko; luze joko liguke eta, gainera, ez zaigu inporta. Utz diezagutela erabakitzen argal, mehe, polit, itsusi izan nahi dugun, ilea zein kolorez tindatu nahi dugun edo zer-nolako zuzentasuna izan behar duen gure flekilloak; nolakoa den gure gorputza, eta nolakoa nahi dugun. Ez dugu onartuak izan nahi, guk geuk dakigulako zer garen eta zer nahi dugun. Esaldiaren hasieran utzi digu Burgosek gakoa: ea behingoz erabakitzen uzten diguten zer izan nahi dugun, norekin bizi nahi dugun (eta norekin ez), non, nola. Espainiatik botatzen bagaituzte, nik alai hartuko dut albistea. Nahi duzunean, Antonio Burgos. Itsusiok pozik egonen gara, zuri esker!

Burgosek eta bere lagunek ez dakitena da haien zutabe txundigarriei esker gero eta itsusi gehiago garela eta izanen garela.

Iritzia: Gailurretik

Lortuko dugulakoan nago", erran nuen azaroan. "Lortu dugu", erraten ahal dut orain. Bertze behin, Iruñeko Alde Zaharreko Liburutegi Publikoaz ari naiz. Orain bai, publikoaz. 2016ak ekarri digun lehendabiziko berri ona hau izan baita: kudeaketa pribatua moztu, eta kudeaketa publikora pasatu da hiriaren erdiguneko liburutegia.

Bidea, baina, luzea izan da; 2011ra arte, Nafarroako Liburutegia Iruñeko San Frantzisko plazan egon zen, Nafarroako ondarearen bilketa eta zaintza egiteaz gain auzoari liburutegi publiko baten zerbitzuak emanez.

Egoitza txiki gelditu zen, eta UPNk kulturari zegokion lursaila Corte Ingles etxeari saldu eta gero, liburutegia hiriko bihotzetik atera eta Mendebaldea auzoan jartzea erabaki zuen.

Politika horrekin liburutegien arloko nazioarteko erakundeek gomendatzen dutenaren kontra egin zuen UPNk, baina horrekin nahikoa ez, eta gainera Alde Zaharra liburutegirik gabe uztea ere bidezkoa iduritu zitzaion.

Motxila horrekin hasi genuen bidea. Zaila. Baina gailurrean gara. Beheko kanpalekura auzoak liburutegi bat lortzearekin iritsi ginen. Hasierako esfortzua beti da gehien kostatzen dena, eta emaitzak, gainera, anitzetan ez dira pentsatutakoak: gobernuak ez zuen liburutegi publiko berria bere gain hartu nahi izan, eta pilota udalari pasatu zion. Horrek, auzokide eta liburuzainen presioaren ondorioz, zerbitzua bere gain hartu zuen, eta hilabete batzuz Kondestablearen Jauregian modu txarrean liburutegi bat-edo jarri zuen, San Frantziskoko egoitza zaharberritu bitartean.

2012ko azaroan, liburutegi berria egoitza moldatura mugitu zuten, baina kudeaketa pribatua eman zion Iruñeko Udalak. Liburutegi berria eri sortu zen. Gailurra egiteko oxigenorik gabe. Harekin batera, enpresa pribatua lan baldintza prekarioan zeuzkan langileak itoz joan zen, zerbitzua bera ere modu eskasean emanez eta Alde Zaharreko bizilagunei merezi ez zituzten kalteak eraginez.

Mendian gora segitzen genuen, baina 2015ean bai, aldaketa iritsi zen, lehendakari, alkate, zerbitzuburu eta bertze hainbertze langile berri ekarriz. Horiek denek urte hauetan guztietan kalitatezko liburutegi publiko baten alde borrokan genbiltzanen hotsak aditu zituzten, eta astelehen honetan, azkenean, gure mendira igo gaituzte, Mikel Urdangarinen kantak erraten duen bezala.

Baina Mikelen hitzak oroituz, zenbaitzuek, udalean eta gobernuan, jakin beharko lukete ez direla jainko lurtiarrak. Eskertuak gaudela egindako esfortzuarekin, baina espero dugula gailurraren lilurak itsutu ez ditzan.

Azken egunetan zenbait erabaki kaxkar hartu dira, tontorrera lehenbailehen ailegatzeko gogoz. Gailurra egin dugu, eta izandako gorabeheretan pentsatzeko aukera ematen digu. Har dezala nire animorik beroena liburutegia kudeatzen hasi den liburuzain berriak. Animo, eta eutsi!

Iritzia: Hilabeteak

Hilabeteak daramatzagu jadanik abesti berbera entzuten. Urte osoa. Batetik atera eta bestean sartu, ez dugu besterik egin. Ematen du ez dagoela besterik; gaia iraunkorki sartu da batzuon bizitzetan, eta ez dago ateratzerik.

Bai. Hauteskundeez ari naiz. Noiz hasi zen aurrekoa? Zenbat egun, aste, hilabete pasa genituen maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina egiten? Nola heldu zen aldaketa? Zenbat esfortzu egin behar izan zen? Erraza da orain horretan pentsatzea, batzuei bizitza osoa kostatu zaien eta lortu duten horri begiratzea, betikoa balitz bezala. Gauzak betikotzen trebeak garelako; memoriak ez digu eskaintza handirik egiten horrelakoetan. Horrelakoetan erraz ahazten zaigu zenbat izerdi bota behar izan zuten eta duten batzuek ditxosozko aldaketa gerta zedin. Orain, guzti-guztion ardura da eta izan behar du aldaketa horretan sakontzea, zerbait eskainiko badigu.

Erraza izaten da, behin aldaketa hori lortuta, norbera etxera bueltatu eta sofan esertzea, zer gertatuko. Telebistaren aurrean jarri eta datorrena datorrela, bata eta bestea(k) kritikatzea. Denok egiten ari gara, espero genituen gauza asko etorri zaizkigulako gainera: Haranbururen kargugabetze bidegabea, oposizioen inguruan sortu den zalaparta, ultrakatolikoak hemendik eta handik, euskarari diru-laguntza eskasak, Iruñeko gaztetxe berriaren aurrean Nafarroako Gobernuak hartu duen jarrera, izendapenekin egondako ezusteak…

Sofan eserita jarraitzen dugu, baina ikusi dugu eta ikusten ari gara nola ateratzen ari diren, indar handiz, oposizioan dauden indarrak eta haien lagun guztiak (Eliza, Diario de Navarra, Navarra Televisión…), eta badakite nola kolpatu. Badakite non eta nola jo behar duten, nola egin tanta batetik itsaso oso bat. Badakite, eta ezustean harrapatu gaituzte. Sofan gaudelako. Sofan gaudelako, nekatuta, indar gutxirekin.

Bada garaia honi buelta ematekoa. Kalean egon behar dugu, telebista itzalita eta geureari indarra emanez. Kalean. Horrela bakarrik lortuko dugu aldaketari benetako izaera ematea, bultzada.

Nahi dugun hori herritarrek erabaki eta sortu behar dugu, behetik, erabakigarritasunez. Protesta egitea erraza da; zaila dena horren alternatibak, proposamenak egitea da. Sortzea.

Lasterketa hasi besterik ez da egin. Hasi besterik ez. Igande honetan gertatuko denak, ni behintzat, itxaropen gutxirekin nauka. Orain egoera zaila bada, hauteskundeek ez dakit deus onik ekarriko duten.

Egin dezagun indar, erabaki dezagun hemen, erabaki dezagun guk geuk. Erabaki dezagun zer, nola, norekin eta nora nahi dugun. Zartakoak Madriletik etorriko direlako. Eta oraingoan ez. Oraingoan ezin gaituzte ezustean harrapatu.

Iritzia: Urrezko domina liburuzain bati

Jimeno Juriori Nafarroako Urrezko Domina eman zioten joan den abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, Euskararen Egunean. Ezin data aproposagorik. Pozgarria benetan pertsona hori aukeratu izana, egin zuen ikerketa lan guztiak egin eta gero aski ongi merezitakoa baitzuen errekonozimendua, hil eta hamahiru urtera eman badiote ere…

Baina, dudatan nago harritzekoa ote den edo ez, liburuzaina ere izandakoaren bizitzaren partea ez baita aipatzen. Historialari, etnografo, ikertzaile… eta liburuzain. Zerrenda osatzen duen ogibide garrantzitsua eta zuzenean egiten zuenarekin lotua, baina berari buruz ari direnean gehienetan atzendua...

"1970. urtetik aitzin…" irakurri dut dominaren harira egindako zenbait artikulutan, eta pentsatu, orain aipatuko dute urte hartatik aurrera liburuzain lanetan ibili zela. Baina ez, ezta ere. Data hortan erreparatzen da, preseski hortan, baina ez San Pedroko liburutegiko zuzendari izendatu zutela errateko, Iruñeko lehen auzo liburutegia ireki zela aipatzeko (datu horrek berak daukan garrantziarekin, Jimeno Jurio buru egon edo ez) baizik, eta urte hartatik aitzin bere lan garrantzitsuenak egin zituela errateko. Eta nik pentsatu: eta zergatik ez da aipatzen liburutegien munduan ere aitzindari izan zela? San Pedroko liburutegia ireki eta lehenengo egunetan izandako jende jarioa zela-eta sarrera 14 urtetik goitikoei mugatu behar izan zitzaiela? Hala ere, bera horrekin ados ez eta haurrentzako gela bat irekitzea proposatu zuela, irakurketa ttikitatik sustatzea garrantzizkoa zela uste zuelako? Hau da, bildu zuen informazio hori guztia biltzeaz gain, denon eskura jartzea garrantzizkoa zela pentsatzen zuela erratea, eta denon eskura liburutegian baino inon hobe egonen zela pentsatzen zuela. Ikertu eta informazioa zabaldu, txanpon beraren bi aldeak direla, alegia. Bata ikerlariak egina, bertzea, liburuzainak. Bietan, bera. Horrela pentsatzen zuen hark, horrela egin zuen. Eta horrela mantentzen da gaur egun, Jimeno Jurio deituriko San Pedroko liburutegian haren lan guztiak biltzen dituen tokiko funtsean.

Hortaz, harritzekoa dela diot lan horiek guziak aipatu eta goraipatzen direnean, eta berak nahi izan zuen bezala denon eskura non aurkitu daitezkeen ez aipatzea. Nafarroako Liburutegian ere, Nafarroako ondarea izanik, haren lan gehiena bilduta dago, eta, Urrezko Domina dela-eta, interes gune berezi bat egin da oraindik ere eskuragarriago paratuz eta, bide batez, Jimeno Juriok liburuzain lanak nola egiten zituen erakusketa baten bitartez erakutsiz.

Baina hori dena ez omen da interesgarria edo, bederen, mediatikoa. Toki guttitan ikusi dut nik, edo, agertu bada, albiste nagusiaren aldameneko artikulu ttiki batean izan da, informazio gehigarri gisa, osatzeko edo.

Arrazoia izanen zuen Tomás Yerrok, azaroan Nafarroako Liburuzainen Elkarteak antolatutako Jardunaldi Profesionaletan, liburuzainaren ofizioa ez dela aski baloratzen edo ikusarazten zioenean. Hedabideetan ez zela apenas agertzen zioen hark, eta nik erantzun ez nengoela guztiz ados, nire izena eta nire ogibidea hilabetero ateratzen zirela BERRIAN, adibidez. Baina ni ez naiz inor, eta norbait baden Jimeno Juriori ez bazaio liburuzain hitza hasieratik lotzen, zer pentsatu ematen du…

Iritzia: Film bat, eta ohera?

Nora joango gara asteburu honetan? Zer egingo dugu?". Ostiralero Whatsappeko talde jakin batean errepikatzen dugun galdera da. Lagunen erantzuna gero eta etsigarriagoa da: "Ni, pijama jantzi, eta ohera joango naiz". A ze plana! Baina larunbata da, 21:00ak, eta sutondoan bero nagoela pijama janztea erabaki dut. Larunbat gaueko film txar bat ikusi, eta ohera noa.

"Ez dugu deus egiten, ez gara ateratzen". Horrelakoak ere irakurtzen ditut talde berean. Eta nik ere jartzen ditut halakoak. Baina zeinena da errua? Gauzak antolatzen dira, elkartzeko gogoa dugu; beraz, zergatik ez dugu egiten? Galderari erantzuna emateko, gure taldearen hainbat ezaugarri jakitea komeni da. Aezkoa ibarreko lagun talde bat gara, herri txiki batean gaztetatik elkartzen den taldea. Eta nongoak garen aipatzeak garrantzia du, horrek eragiten duelako dugun egoera, nire ustez.

Pirinioetan ez dago bizitzarik. Hilzorian dago. Pirinioetan ez dago bizitzeko aukerarik, ez dago gazteentzako erraztasunik. Hoberena Iruñera joatea da. Bertan bada lana, bizitza soziala egiteko aukera, badira zinema aretoak, milaka jatetxe, marka ezberdinetako dendak, liburutegi asko, kiroldegiak... Bai, horrela pentsatzen dugu. Zulo beltz batean bizi garela errepikatzen diogu geure buruari behin eta berriz. Egoera horrelakoa dela sinisten dugun arte. Nahi gabe askotan.

Baina ez da egia. Besteak beste, utzikeria instituzionalak eragin duen mitoa da. Pirinioetan bada bizitza, badira bizitzeko baliabideak, eta bada lanetik kanpo bizitzaren alderdi soziala garatzeko aukera ere. Egun hainbestetan errepikatzen den hitza da gakoa: ahalduntzea. Pirinioetako herritarrengandik sortu beharreko gauza da, ez baitira kanpotik etorriko gure egoera konpontzera. Guk erabaki beharko genuke nolako Pirinioak nahi ditugun, nolako garapen ekonomikoa nahi dugun. Gure zonaldean, esaterako, turismoa bultzatu izan da nagusiki, baina herritar guztiak ez dira horri esker bizi. Zein beste sektore bultzatu behar dugu? Nola?

Eremuaren garapenerako bestelako estrategia bat beharko genuke, eta hori sortzeko herritarren parte hartzea sustatu. Herritarrek osatzen baditugu Pirinioak. Indarrak batuz goragoko erakundeetan eragiteko aukera izanen dugu, urrunago iristeko aukera. Eta herritarren parte hartzetik sortutako estrategia batek, gainera, babes sozial zabala izango luke herrian.

Ahal dugun lasterren egin beharreko lana da, baina, nire ustez. Egoera ez baita batere ona. Behin eta berriz entzuten dugu Pirinioak jendez husten ari direla, eta hori egia da. Baina gauzak alda daitezke, egoerari buelta emateko saioa egin beharko genuke. Eta ez badugu asmatzen, beste zerbait probatu.

Baina oinarritik abiatu beharko genuke aldaketa. Gure pentsamenduetatik. Gure ingurura begiratu, eta urte hauetan guztietan Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko herritar askok sortu dituzten ekimenak aztertu. Horietatik ikasi. Argi dago bidea ez dela erraza izango. Baina nahi badugu, posible egingo dugu.

Aiba, Whatsappen mezu bat: "Zer egingo dugu asteburu honetan?".

Iritzia: Ez gara hain bestelakoak

Beren buruan, ondasun edo eskubideetan ekintza edo egoera baten ondorio kaltegarriak jasaten dituzten pertsonak dira biktimak. Nire familia, beraz, biktima da. Estatuaren biktima. Hala ere, kostatzen zait nire familia biktima gisa ikustea, neure burua...

iritzia: Nire bizilaguna

Bost eguneko oporraldia izan zuen nire bizilagunak duela hamabi urte. Espainia hegoaldera joan zen, autobusez, eta primerako egunak igaro zituen senideen etxean. Geroztik, baina, ez du besterik izan. Seme-alabak haren lehengusuak ezagutzera eraman zit...

Iritzia: Bidea gozatzeko dagoela diotenean

Gaur ortzirala. 48 ordu eta… Txisssspun! Txupinazorik ez, baina ospakizunaren hasieran egonen gara Baztanen, urte eta erdi lanean aritu ta gero behin eguna iritsita. Eta hau poza! Baina zutabe hau idazten ari naizen honetan, ez dakit zerk pozten nauen gehien: Oinez eguna izateak, Baztanen ospatzeak edo preseski egun hau behin iritsita jada gure "lana" bukatuko dela jakiteak.

Eta ez da gutiagorako ere... Ez naiz ni izan lanez lepo egon den hamarnaka horietarikoa, baina antolakuntza barnetik nola doan ikusi ahal izan dut, batzordeetako batean boluntario gisa parte hartu dudalako. Eta hortxe hitz gakoa: boluntarioak. Baztanen jende anitzek eskaini dio azken urte eta erdi hau era boluntarioan Oinez-i, egunero inurrien modura lan eta lan. Eta anitz izan gara lan horrek guztiak merezi ote duen pentsatu dugunak, helburuekin ados gaudenak baina bidea gozatzeko ere badela pentsatzen dugunak.

Badaude dudetan paratzen ez diren aferak, noski: euskararen alde egitea merezi du, Nafarroa Oinez bat ospatzea merezi du. Baina Oinez egunaz gain egiten diren bertze hamaika jarduera, ekitaldi, ateraldi, aldizkari, bideo, kontzertu, publizitate... Eta horiek ekartzen duten lan karga guztiak merezi du? Erantzun positiboa dute, dudarik ez, eta urrian Nafarroa Oinez eguna iritsiko dela gogorarazten digute urte guztian, baina zeren truke? Hori da galdera.

Jakin badakigu Oinez baten antolakuntzan gehien inplikatzen diren pertsonak, haurrez gain, andereño, maisu, ikasle ohi eta gurasoak direla, eta nik ikusi dudanarengatik, gogoz inplikatu ere. Baina ikusi dut baita bere familia bizitzari, egunerokotasunak dakarren lanari, etxetik kanpoko bakoitzaren betebeharrei nola urte eta erdiz Oinez-i eskainitako ordu guztiak ere sartu behar izan dituzten. Egunero-egunero, urte eta erdiz. Harritu nau nola hainbertze jende gai izan den hori dena emateko. Eta horrela daude, erreta. Eguna noiz pasako orduak kontatzen... Ilusioz egon beharko genukeenean, ezta?

Eta ez gaizki ulertu; ilusioa daukagu, nola ez! Duela 33 urte Baztanen ez genuela Nafarroa Oinez bat ospatzen. Urte anitz dira gure ikastola Nafarroan dauden gainontzeko ikastolekin elkarlanean dabilela; urte anitz, bertze herrietako ikastolen besta ospatzen dugula; urte anitz, urria ailegatuta beti harat eta honat ibiltzen daramatzagunak. Eta gaurgero zuek denak gurera etortzeko gogoz ginen!

Baina nik, bertze anitzek bezala, Oinez-en prestaketaren eredu hau ikastola komunitatearentzat onuragarria ote den galdetu diot neure buruari, eta ondokoekin anitzetan solastatu ere bai. Helburuak zeintzuk diren argi dut, ados nago, baina formak? Hausnarketa sakon baten beharra ikusten dut nik; fite iritsiko den hausnarketa, espero.

Baina bueno, penak kanpora! Bidea gozatu ezean, goza dezagun eguna! Erran bezala, lan handia egin dugu, ikastolak behar zaituzte, eta dena prest daukagu! Igandean zuen zain egonen gara! Gora Nafarroa Oinez! Gora Baztan Ikastola! Hamabortz, ama bat!

Iritzia: «Aske izan arte»

Irailaren 10ean hil zen. Hil zuten, erail. Bizitza lapurtu zioten, haurdun zegoela. El Salvadorren zebilen lanean, borrokan, FMLNko kideekin batera. Medikuntza ikasketak amaitu berri zituen, eta Gares txikitik itsasoa zeharkatzea erabaki zuen, utopiaren bidean zeuden beste batzuekin ere lan egiteko. Internazionalismoak eraman zuen haraino. Ezagutu zutenengan mirespena ikusten da hari buruz galderak egiten dizkiegunean.

1990ean hil zuten Begoña Garcia Arandigoien, Alba. Herri mugimenduak bizirik gorde du haren memoria herrian, Garesen. Udalak ere alaba kutun izendatu zuen, eta zubi berriaren azpian ditu berari eskainitako plaza, plaka eta murala. Haren omenez egin izan dira, halaber, Cómo no quererte, Alba! liburua eta La lluita a la motxilla dokumentala.

Bortizki bortxatu, torturatu eta hil zutenean batzuk jaio gabe geunden oraindik. Harritzen nau nolako lotura sortu dugun berarekiko, Alba zenarekiko. Pentsatzen dut geure ideia propioa garatzen joan garela, eta norberak Begoñaren irudi desberdina dugula. Ezin da ukatu herriaren oroimenean segituko duela urte luzez.

Hogeita bost urte bete ziren duela bi aste, eta omenaldia egin genion bere plazan. Emozioz betetako uneak izan ziren, eta bertan, Emakumeen Mundu Martxako ereitea egin genuen. Haren ondoan. Landatu genuen zuhaitza Begoñarekin haziko da. Izan ere, lurraren zati bat hura erail zuten tokitik bertatik ekarri zen.

Oroimenak egiten gaitu, memoria kolektiboak. Ezinbestekoa da geure genealogiak ezagutzea, nondik gatozen, zertarako egiten dugun egiten duguna, nora joan nahi dugun. Begoñak lagundu digu, pixka bat bada ere, bidea argitzen. Lagundu digu, eredu delako orain ere. Beste asko diren moduan. Begoñak beste mundu batekin egiten zuen amets, beste askok egiten dugun moduan.

Emakumea zen. Iruditzen zait bizirik egonen balitz geure arteko sareak fintzen, lotzen ibiliko zela. Uste dut hura ere feminismoaren harietan kiribildurik ibiliko zela. Astelehenean, irailaren 28an, Euskal Herrira etorriko den Emakumeen Mundu Martxaren antolaketan parte hartzen ibiliko litzateke, seguru nago. Bere herrian ibiliko zen egun hartan, batetik bestera.

Tafallatik joanen da martxaren karabana Garesera, astelehen eguerdian, 13:30ean. Eta ongietorria, nola ez, Begoñaren plazan eginen diogu, non bestela? Ezin da toki hoberik izan geure aldarrikapenak ozen entzun daitezen. Burujabetzaren bila goaz, eta askatasuna dugu helburu, guztiak libre izan arte. Elkartasuna eta internazionalismoa ardatz hartuta, martxan jarraituko dugu. Guregatik, eta baita zuregatik ere, Alba. Baita zuengatik guztiengatik ere.