Nafarroa

Ozonoak gora, eta kalitateak behera

Ozonoak gora, eta kalitateak behera

Edurne Elizondo

Ez du ikasgaia gainditu. Nafarroak huts egin du airearen kalitateari buruzko azterketan, bertze behin ere. Horixe nabarmendu du Ekologistak Martxan erakundeak. Txostena egin du, eta ondorio nagusi bat jarri du mahai gainean: nafar guztiek aire kutsatua arnastu zutela iaz. Herrialde osoan gainditu zituen kutsadurak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio gisa zehaztutako mugak. Erriberan, gainera, legeak ezarritakoak gainditu egin zituen ozono troposferikoak. "Arazoa larria da, eta bada garaia Nafarroako Gobernuak neurriak hartzeko", erran du Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Nabaskuesek. Ozonoak gora eta kalitateak behera egin duelako.

Ez bakarrik ozonoak. OMEk mugatzat ezarritako kopuruak gainditu zituzten iaz nitrogeno dioxidoak, sufre dioxidoak eta partikula esekiek. Iruñerriko industria, trafikoa eta Castejongo zentral termikoak jo ditu Ekologistak Martxan taldeak kutsatzaile horien iturritzat. Ozono troposferikoa bigarren mailako kutsatzaile bat da, kutsatzaile aitzindariek eragiten dutena; zehazki, nitrogeno oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek, bat egiten dutenean. Udan agertzen da ozono troposferikoa, batez ere, aitzindari horiei tenperatu handiak eta eguzki erradiazioak eragiten dietenean.

Airearen kutsadurak gizakien osasunari eragiten dio, zuzenean. Munduan, hiru milioi pertsona hiltzen dira urtean, kutsaduraren ondorioz. "Espainian 25.000 pertsona hiltzen dira urtean airearen kalitatearen ondorioz; osasunaren esparruan, gainera, gastuak eragiten ditu kutsadurak: 32.000 milioi euro urtean, Espainian", azaldu du Nabaskuesek.

Airearen kalitatearena ez da oraingo arazoa Nafarroan. Ekologistak Martxan taldeko kideak azken hamar urteotan aritu dira, gutxienez, egoera salatzen. Batez ere, Erriberan, han eskualdearen orografiak larriago bilakatzen baitu kutsaduraren arazoa. "Kutsatzaileak bertan gelditzen baitira". Tuterako Udaleko agintariek ere bat egin dute ekologisten kezkarekin. Adierazpen instituzionala onartu berri dute Nafarroako Gobernuari eskatzeko airearen kalitatea hobetzeko plana martxan jar dezala lehenbailehen.

Nafarroako Gobernuak ez dio erantzun Tuterako Udalari, oraindik ere. Asmoa dute herriko agintariek gobernuko arduradunekin bilera eskatzeko, auzia jorratzeko. Ekologistak Martxan taldeak eskaera bera egin zion gobernuari, eta erakunde horrek jaso du erantzuna. "Ezezkoa eman digute", azaldu du Nabaskuesek.

Nafarroako Gobernuak, hain zuzen ere, mezu bat nabarmendu du ekologistek egindako txostena zabaldu eta gero: "Legeak ezarritako mugak betetzen dira herrialdean, ozono troposferikoaren kasuan eta Erriberan izan ezik".

Javier Verak erran ditu azken hitz horiek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen eta Klimaren Aldaketaren Zerbitzuko teknikaria da. Onartu du legeak agintzen duela airearen kalitatea hobetzeko planak egin behar direla kutsatzaileek legez ezarritako mugak gainditzen dituztenean. Nafarroako Gobernuak planik ez du egin, ordea. "Ez dugu esku hartzeko tarterik; ezin gara eraginkor izan, Erriberari eragiten dioten kutsatzaileak Nafarroatik at sortzen ahal direlako". Hori dela eta, gobernuak Espainiako Ingurumen Ministerioari "plan orokor bat" osa dezala eskatu diola azaldu du Verak.

Nabaskuesek ez du erantzun hori ontzat eman. Ezta Olga Risueñok ere. Tuterako Udaleko Ingurumen zinegotzia da Risueño, eta uste du gobernua bere ardura "bazter" uzten ari dela. "Espainiako Gobernuak plan bat osatu arte zain egon behar badugu, ez diogu inoiz helduko arazoari", erran du zinegotziak. Nafarroako Gobernuak zerbait egin behar duela eta zerbait egin dezakeela berretsi du Risueñok, eta bat egin du Nabaskuesek ere.

Castejongo zentralak

"Eredu aldaketa behar dugu". Horixe nabarmendu du Nabaskuesek, eta kutsaduraren arazoa egungo garapen ereduarekin lotu du, argi eta garbi. Castejongo zentral termikoen auzia jarri du mahai gainean Ekologistak Martxan taldeko kideak. Azpiegitura horiei buruz, hain zuzen ere, Erriberako ozono troposferikoarekin ez dutela zerikusirik azaldu du Javier Verak. "Azken urteotan ia geldirik egon dira, eta ozonoaren arazoa ez da desagertu". Hori egia dela onartu du Nabaskuesek. Argi du zentralak ez direla ozonoa eragiten duen kutsadura iturri bakarra. "Denak eragiten du, halere; zentralek ere bai". Iruñeko industrian sortzen den kutsadura, trafikoarena, eta Zaragozaren eta Logroñoren (Espainia) gisako hiriek eragiten dutena pairatzen dute Erriberan, Nabaskuesek gaineratu duenez.

Iritzi horrekin bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek. Castejongo zentralen kontrako plataforman aritu da urte luzez. Argi du azpiegitura horiek martxan jarri izanak "burbuila energetikoarekin" duela lotura. "Gobernuak dio Erriberako ozonoa ez dutela Castejongo zentralek eragiten; ahaztu egiten zaigu aipatzea Errioxan [Espainia] badirela beste bi; ez da zabaltzen, halaber, Castejongo zentralak ireki zituztenetik nabarmen egin duela gora Nafarroan nitrogeno oxidoen kopuruak".

Nabaskuesek eta Risueñok bezala, ikuspuntu orokor baten beharra nabarmendu du Lorentek ere. Kutsatzaileak alde batetik bertzera mugitzen direlako eta hemengoek eta hangoek han eta hemen eragiten dutelako. Horrek ez du erran nahi, ordea, Nafarroak neurriak hartzeko modurik ez duenik. Horixe nabarmendu dute hirurek.

Batetik, informazioaren auzia aipatu dute. Alde horretatik, "kutsatzaileen eta kutsatzaile horien iturrien inguruko azterketa sakona" eskatu du Tuterako Udaleko zinegotziak. "Jakin beharko genuke zer motatako industriak ditugun, eta zer motatako kutsatzaileak eragiten dituzten; aztertu beharko dira klima, orografia eta kutsaduraren arazoari eragiten ahal dioten gainerako elementu guztiak", erran du Risueñok.

Datuak jasotzeko estazioek duten garrantzia aipatu du, bertzalde, Nabaskuesek. Lorentek gogoratu du garai batean Castejongo zentralen inguruko airea aztertzeko zeuden bi estazioak "hondatu" egin zituztela. Egun, Nafarroa osoan airearen kalitatea kontrolatzeko bederatzi estazio daude: hiru daude Iruñean, eta bana Lesakan, Altsasun, Erriberrin, Zangozan eta Funesen. "Tuteran ere badago bat", erantsi du Verak.

Baieztapen hori ez dela zehatza erantzun du Nabaskuesek, ordea. "Bai, udalerri barruko eremu batean dago, baina hirigunetik kanpo, landa eremu batean". Hori dela eta, hain zuzen ere, Ekologistak Martxan taldeak, bai eta Tuterako Udalak ere, Tuterako erdigunean bertze estazio bat jar dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

Estazioek jasotzen duten informazioaren berri zabaltzeko galdegin diote gobernuari, gainera. Nafarroako Gobernuak webgunea du airearen kalitatearen berri emateko: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Calidad+del+aire/. "Estazioek orduro jasotzen dituzte datuak, eta datu base batera igortzen dute informazioa. Webgunean herritarren esku jartzen dugu informazio hori", azaldu du Javier Vera gobernuko Ingurumen Departamentuko kideak. Nabaskuesek argi du hori ere ez dela nahikoa. "Informazio kanpaina eraginkorragoak behar ditugu, herritarrak ohartarazteko mugak gainditzen direnean".

Autoa "etsai"

Garapen ereduari buelta ematen hasteko bidean urratsak proposatu dituzte ekologistek. "Argi dago etsai nagusietako bat autoa dela", erran du Ekologistak Martxan taldeko kideak. Alde horretatik, hirietan bizikletaren erabilera bultzatzeko neurriak eskatu ditu. Bat egin du Risueñok. "Ausardiaz jokatzeko ordua da", erran du.

Erregai fosilak atzean utzi eta energia berriztagarrien aldeko apustua jarri dute ekologistek, laburbilduz, mahai gainean. Nabaskuesek zalantza du, ordea, gobernuak bide horretan urratsak eginen ote dituen. "Volkswagenek hemen duen indarra kontuan hartuta, zail ikusten dut", erran du, ezkor.

Lorentek ere gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera: "Aurreko gobernuaren energia eredu bera du oraingoak ere; industria ekoizpenerako eta garapenerako eredu bera", salatu du. "Aurreko gobernua baino arriskutsuagoa da oraingoa, aldaketaren inguruko irudia saltzen duelako, baina aldaketa hori ez da gertatu".

Bakterioak txorrotan

E. Elizondo

Airearen kalitatea txarra, eta txorrotako urean bakterioak. Cintruenigon esku hartu zuen joan den astean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, txorrotako urean bakterio koliformeak antzeman eta gero. Zehaztutako protokoloa martxan jarri zuten, eta ostiralean, hilaren 10ean, konpondutzat jo zuen arazoa Nafarroako Gobernuak.

Herritarrek hainbat egunez ezin izan zuten txorrotako ura edan. Bakterio koliformeak ohiko azterketa batean aurkitu zituzten. Tarteka uraren laginak hartzen dituzte, analisiak egiteko. Maiatzaren 31koan, teknikariak ohartu ziren legeak ezarritako mugak gainditzen zituela bakterio koliformeen kopuruak: 100 mililitroko 201 baino gehiago. Kopuru horrek "osasun arriskua" ekartzen zuela ikusita, txorrotako ura edatea debekatu zuen Nafarroako Gobernuak.

Hilaren 9an, lagin berriak hartzera joan ziren osasun publikoaren institutuko arduradunak herrira. Gainera, Cintruenigoko Udaleko agintariekin batera, ur hornidurarako sarea eta biltegia aztertu zituzten, kutsaduraren iturburua non zen zehaztu ahal izateko. Bi puntutan antzeman zituzten bakterioak sarean, bai eta ur biltegiaren irteeran ere. Ura garbitzeko neurriak hartu eta gero, analisiak egin zituzten berriz ere hainbat tokitan hartutako laginekin. Duela astebete jaso zituen gobernuak emaitzak, eta ontzat jo zituen. Ondorioz, txorrotako ura edateko baimena eman zuen, berriz ere.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Maria Jose Perez Jarautak nabarmendu du herriko ura garbitzeko sistemak huts egin duela. Ondorioz, neurriak har ditzala eskatu dio Cintruenigoko Udalari.

Tuterakoa "txarrenetakoa"

Bakterioek eragin dute Cintruenigoko arazoa. Txorrotako uraren kalitatea arazo bat da, hala ere, Erriberako bertze hainbat herritan ere. Horixe salatu du Uraren Kultura Berria fundazioak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Erakunde horretako kide Fito Jimenezek nabarmendu du Tuterako txorrotako ura dela Nafarroako "txarrenetakoa". "Edateko ona da, eta legeak ezarritako baldintzak betetzen ditu, baina herrialdeko txarrenetakoa da".

Egoera "larria" dela azaldu du Jimenezek: "Hainbat analisitan minbizia eragiten duten herbizidak antzeman dituzte; eta horiek ez dituzte araztegiek desagerrarazten".

Arazoak ez dio bakarrik Tuterari eragiten; Ebroko ura kontsumitzen duten bertze hainbat herriri ere bai. "Ebroko eta ibai horren ubideetako ura kontsumitzen dute Tuterak, Fontellasek, Castejonek, Cabanillasek, Fustiñanak eta Funesek, eta guztietan dute arazo bera; herri horiek dira, hain zuzen ere, botilako ur gehien kontsumitzen dutenak", azaldu dute Uraren Kultura Berria fundazioko kideek.

Uraren kalitate txarra nabarmenagoa da udako hilabeteetan, Jimenezen hitzetan. Fundazioak hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean arazoari aurre egin ahal izateko. Eraginkorrena litzateke, erakunde horren aburuz, Queiles ibaiko eta El Ferial urtegiko ura erabiltzea udan, eta, neguan, berriz, Ebrokoa. Hala erantsi du Jimenezek: "Ona litzateke, gainera, uraren kudeaketarako sistemak bateratzea, Erribera osorako mankomunitate baten bidez, adibidez".

Herri ekinbideak, lehiaketa publikora

Herri ekinbideak, lehiaketa publikora

Asier Garcia Uribarri

Gaztetxetik gaztetxera. Lelo hori erabili dute Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideek Compañia kaleko eraikinetik Caparrosoko txaletera doazela ospatzeko. Hau da, udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker gune egonkor bat izango dutela ospatzeko. Hala ere, leku aldaketa ez da behin betikoa. Joxe Abaurrea Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotziak adierazi duenez, heldu den ikasturtean lehiaketa publikora deituko dute eraikinaren kudeaketa emateko. "Espazio hori gazteentzat izango da. Hori kontuan hartuta, edonor aurkeztu daiteke".

Berri horrek "ezustean" hartu ditu Oihana Idoate eta Marc Fernandez gaztetxeko kideak. Fernandez udalarekin bilera egin duten gaztetxeko kideetako bat da. Haren arabera, lehiaketaren gaia "gainetik aipatu" baino ez du egin udalak, eta prozesu osoan izandako jarrera salatu du: "Udalak beti hartu ditu erabakiak bere kabuz. Leku aldaketa onartu genuenean, berehala publikatu zuten prentsan nolakoa izango zen akordioa eta udal teknikariak egongo zirela bertan. Prentsaurreko bat egin behar izan genuen hori gezurtatzeko. Espazioaren inguruko akordioa lortu genuelako, ez erabilerari buruzkoa". Oraindik ez dute batzarrean lehiaketaren inguruan hitz egin, baina Idoatek eta Fernandezek ez dute begi onez ikusten. "Ezin dira herri ekinbideak lehiaketa publikora atera. UPNk Jai Gunearekin egiten zuen gauza bera da".

Gazteek abenduan okupatu zuten Compañia kaleko eraikina, eta, ordutik, udalarekin eginiko negoziazioek luze jo dute. "Luzeak eta nekagarriak izan dira negoziazioak. Udalarekin akordioa onartu genuenean, esan ziguten astebetean lokal berria izango genuela. Baina, azkenean, hilabeteak izan dira", azaldu du Fernandezek. Idoateren arabera, negoziazioek barne mailan ere asko eragin diete. "Eztabaidak etengabe errepikatu behar genituen, egoera aldatzen zelako. Horrek asko erretzen du jendea, bereziki negoziazioetan aritu direnak".

Gazteek adierazi dute bizitako negoziazio prozesuak baieztatu egin dituela euren hasierako tesiak. "Gure helburua udalarekin hitzarmena egin eta espazio bat lortzea zen. Okupazioa presio neurri bat baino ez da izan, espero genituen traba legal eta burokratikoak saihesteko". Euren arabera, legeriak interes batzuei erantzuten die, eta uste dute herri mugimendua ezin dela horren zain egon. "Legeriari so baldin bagaude, blokeatuko gaituzte. Guk lokala behar genuen, eta biderik zuzenena hartu genuen. Ez genuen beste leku batzuetan bezala urteak zain egon nahi".

Idoatek eta Fernandezek azaldu dutenez, gaztetxeak hiru funtzio nagusi bete ditu. Alde batetik, auzoko gazteentzako erreferente berri bat dela diote, "taberna eta etxabetatik harago". Bestetik, auzoko herri mugimendua batzeko aukerak sortu ditu. "Kolektibo bakoitza bere lokalean zegoen, besteak beste, feministak Txoko Feministan, internazionalistak Zabaldin eta auzo elkartekoak Auzoenean. Gaztetxeak errealitate horiek batzeko balio izan du". Azkenik, gaztetxea sorkuntzarako toki gisa ere definitu dute. "Dinamika, borroka eta iniziatiba ugari sortu dira gaztetxean: besteak beste, euskara eskolak, talde feminista, bertso eskola, gimnasioa eta antzerki taldea".

Auzoarekin harremana

Alde Zaharra aberatsa da herri mugimenduetan, eta, gaztetxeak sei hilabeteko ibilbidea baino ez badu ere, bere tokia hartu du. AZ ekinbidea auzoko herri mugimendua batzeko ekinaldia da. Toni Iragik bertan parte hartzen du, eta gaztetxearen jarduna begi onez ikusten du. "Euskal Jai desagertu zenetik, behar bat zegoen auzo honetan, eta gaztetxe berria hori betetzeko sortu da". Gaztetxeak AZ ekinbidearekin bat egin du, sortzen ari diren auzo eredu berrian gazte ikuspegia txertatuz.

Gaztetxeko kideek adierazi dute ez dutela arazo berezirik izan auzokideekin. "Zarata izan da auzokideen beldurretako bat. Alde Zaharra oso masifikatua baitago. Horregatik, neurri zehatzak hartu ditugu: besteak beste, kontzertuak 21:00etan eta pintxo-poteak 22:30ean bukatu ditugu".

Sei hilabeteko ibilbidea du gaztetxeak. Bidean negoziazio luzeak eta hamaika ekinbide sortu dituzte. Orain, lokal berrian proiektuan sakontzen jarraituko dute. Arazo burokratikoek jarraituko badute ere, bihar gaztetxe berria zabalduko dute.

Eraberritzeko erronka

Eraberritzeko erronka

Asier Garcia Uribarri
Nola zabaldu museoa ohiko publikotik harago? Hori ari dira planteatzen Nafarroako Museoan, haren 60. urtemugan. "Ulertzen dut museoak erakunde estatiko gisa ikustea jendeak. Ondarea babesteko betebeharra duten gune kulturalak bait...

Lehendabizikoz

Lohizune Amatria
Asteazkena zen. Ekainaren 17a. 2015. urtea. Egun berezia Nafarroako politikagintzan. Urduri izanen ziren seguruenik egun Nafarroako Parlamentuko hemizikloan esertzen diren politikariak. Batzuk besteak baino gehiago, noski. Urtebete iga...

Ikasmahai bat euskararentzat

Ikasmahai bat euskararentzat

Edurne Elizondo

Eneko Espartza Igantzikoa da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aritu da oraingo ikasturtean. Soziologiako ikasketak ari da egiten. Lehendabiziko lauhilekoan zazpi ikasgaietatik bost egin ditu euskaraz. Bost horiek, hala ere, Soziologiak Irakasletzarekin elkartuta dauzkan ikasgaiak dira. Bigarren lauhilekoan bi bertzerik ez dira izan euskarazko ikasgaiak Espartzarentzat. "Eta hortik aurrera, dena gaztelaniaz".

Espartzak onartu du hizkuntza "sakrifikatu" egin duela Iruñean ikasteko. "Hurbiltasunagatik" erabaki du Nafarroako hiriburuan gelditzea, euskaraz ikastera Bilbora joan beharrean. D ereduan aritu da beti. "Ez hori bakarrik; euskaraz bizi naiz, eta euskaraz garatzen ditut nire harreman gehienak". Ondorioz, unibertsitatean euskaratik gaztelaniara jauzi egin behar izatea "gogorra" egin zaio, zenbaitetan.

NUPen, Irakasletza da euskaraz egin daitekeen gradu bakarra. Bertze hainbat ikasketatan badira euskarazko ikasgaiak, batez ere lehen mailan, baina ez, ordea, gradua osorik euskaraz ikasteko aukera. "Eskaintza urria da goi mailako ikasketetan", salatu du Espartzak.

Ikasle Abertzaleak taldeko kide da Igantzikoa. Erakunde horretako arduradunekin egon dira Espartzaren kezka bera agertu duten D ereduko hainbat guraso. Taldea osatu dute, hain zuzen ere, kezka horri bidea emateko. Ikasmahai bat eskatzeko euskararentzat, NUPen. Taldeko kideetako bat da Josune Bizkai. Batxilergoko bigarren maila bukatu berri du haren alabak. Asteazkenetik NUPen selektibitatea egiten ari diren ia 3.000 ikasleetako bat da. Asteazkenean hasi zituzten azterketak, eta gaur amaituko dituzte. "Alabak zuzenbidea ikasi nahi du. Euskaraz aritu da orain arte, baina Iruñean ez du Zuzenbidea euskaraz ikasteko aukera. Donostiara joan beharko luke. Oraindik ez du erabakia hartu; horretan ari gara, zer egin pentsatzen. Ekonomiaren ikuspuntutik erabaki horrek ekartzen duena ere hartu beharko dugu kontuan", azaldu du Bizkaik.

Egoera berean dira bertze hainbat guraso Iruñean. Horregatik egin dute bat. Eta lanean hasi dira, institututik unibertsitaterako bide horretan euskara bazter gera ez dadin. Hasteko, datuak jaso eta mahai gainean jarri nahi izan dituzte. Datu horiek aurretik uste zutena berretsi egin dutela nabarmendu du Bizkaik. Zehazki, inkesta bat egin dute Iruñeko D ereduko zazpi ikastetxetan. Sare publikokoak eta pribatukoak aukeratu dituzte. Zentro horietako gurasoei lau galdera egin dizkiete. Denera, 408 erantzun jaso dituzte. Lehen galderaren harira, 408 horietatik 397k argi utzi dute seme-alabek euskaraz ikasten jarraitzea nahiko luketela. Batek bakarrik erran du ez lukeela hori nahi, eta bertze hamarrek, berriz, ez dakitela erantzun dute.

Inkesta erantzun duten gurasoen ia %58k erran dute nahiago luketela seme-alabak kanpora bidali, euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. Ia %39k, berriz, Iruñean gelditzeko aukera lehenetsiko lukete, hizkuntza sakrifikatuta.

Iruñean gelditu edo kanpora joan aukerari buruzko arrazoiak galdetu dizkiete gurasoei. Iruñean gelditzea lehenetsi dutenen artean, gehienek arrazoi ekonomikoak jarri dituzte mahai gainean (%75,3). Iruñetik kanpora joateko aukera babestu duten guztiek, berriz, "hezkuntzari lotutako arrazoiak" aipatu dituzte.

"Hezkuntzarekin lotutako arrazoien artean dago hizkuntzarena, noski", azaldu du David Dominguezek. Inkesta martxan jarri duen guraso taldeko kide bada Dominguez ere, eta Iturrama institutuko irakaslea, gainera. "Ziklo guztietan euskaraz ikasteko eskubidea izan beharko genuke".

"Eskaintza urria"

Lehen Hezkuntzan bi alaba ditu Dominguezek. Unibertsitatera joateko aukera urrun du, oraindik, baina argi utzi du kezkatzen dutela goi mailako ikasketetan alabek euskaraz ikasten segitzeko izan ditzaketen zailtasunek. Oraina ez du ongi ikusten. NUPen eskaintza urria dela uste du. Inkesta erantzun duten gurasoek ere uste dute eskaintza hori ez dela nahikoa. Horixe azaldu dute parte hartu duten gurasoen %84,55ek, hain zuzen ere.

Egia da euskarazko ikasgaien kopuruak gora egin duela NUP sortu zenetik. Iazko datuen arabera, 216 ziren, denera. Gauza bat da ikasgai bat euskaraz egiteko aukera paperean jasota egotea, eta bertze bat aukera hori errealitatean gauzatzeko modua, hala ere. Horixe nabarmendu du IAko Eneko Espartzak. "Nire kasuan, adibidez, gertatu zait eskolak euskaraz jasotzea, baina ikasgai horretako material guztiak, berriz, gaztelaniaz izatea".

Euskaraz irakasten duten hainbat irakasle DBHn ere aritzen direla erantsi du Espartzak, eta horrek eragina duela euskaraz ikasi nahi dutenen ordutegietan. "DBHn ari direnak arratsaldez etortzen dira unibertsitatera; lehen lauhilekoan eskola guztiak nituen arratsaldez; bigarrenean, berriz, goiz eta arratsaldez; hagitz ordutegi txarra zen".

Geletatik kanpo ere euskarak toki gehiago izan beharko lukeela uste du IAko kideak. "Kafetegian inork ez daki; liburutegian zenbaitek egiten dute euskaraz, baina joaten zarenean langile horiek ez badaude, zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera galtzen duzu".

NUPek eskaintzen dituen graduondokoei buruz ere hainbat kontu mahai gainean jarri nahi izan dituzte hainbat ikaslek. DBHko irakasletzarako graduondokoan, adibidez, hamabi kide ari dira aurten; sei dira gaztelaniazkoak, eta bertze sei euskarazkoak. Azken horiek ez dute aukera izanen ikasketen amaierako proiektua euskaraz aurkezteko, "epaimahaia ez delako euskalduna". Bertze hainbat urtetan aukera hori izan dute parte hartzaileek. "Tutoreen borondatearen araberakoa izaten ohi da aukera hori".

Euskara, anitzetan, borondate kontua dela nabarmendu du David Dominguezek. "Gertatu da euskarazko irakasle batek gaixo-agiria hartu behar izatea NUPen, eta ordezkoak euskaraz ez jakitea; ez dago jarrera serio bat hizkuntzarekiko unibertsitatean", salatu du guraso taldeko kideak. "Ia 30 urte joan dira NUP martxan jarri zenetik; bada garaia gauzak beste modu batera egiteko".

Administrazioak ere zer egin baduela uste dute inkesta bultzatu duten gurasoek. Iritzi horrekin bat egin du Espartzak ere. "Unibertsitatean ez dut egungo errealitatea aldatzeko borondaterik ikusten; ea aldaketa famatuaren gobernuak presioa egiten duen", erran du.

IAko kideak argi du gizarte osoak egin behar duela presioa, NUPen euskarak toki gehiago izan dezan. Ontzat jo du D ereduko gurasoek egin duten lana, eta elkarlanaren aldeko apustua egin du, hain zuzen ere, urratsak egiten jarraitzeko.

Gurasoek, orain, unibertsitateko arduradunekin bilera egiteko asmoa azaldu dute, inkestaren bidez lortutako datuak haiekin lantzeko, eta beren aldarrikapenen berri emateko. NUPek onartu berri duen Plan Estrategikoan ere parte hartu dute. Aurten, lehen aldiz, herritarrek ekarpenak egin ahal izan dizkiote unibertsitateak aurkeztutako zirriborroari, eta D ereduko guraso taldeko kideek aurkeztu dituzte NUPek kontuan hartu dituen hainbat auzi. Ekarpen horien harira, euskal kulturari buruzko erreferentzia orokor bat jaso du testuak, bai eta euskararen plan gidaria egiteko asmoa ere, bertzeak bertze.

Euskaraz bizi

Unibertsitateari egin diote so D ereduko guraso horiek, baina NUPen euskaraz ikasi ahal izateko aldarrikapena bertze eskaera orokorrago batekin lotu dute. "Euskaraz bizitzeko dugun eskubideaz ari gara, finean", azaldu du Dominguezek.

Horri lotuta, Iruñean haur eskolak euskaraz izateko eskubidea defendatzen ari diren gurasoen egoera ekarri du gogora Dominguezek. "Haur eskoletan eta goi mailako ikasketetan dagoen hutsunea nabarmena da", azaldu du, eta horrek euskaraz bizitzeko apustua zaildu egiten duela erantsi du. "Nik argi dut nahiko nukeela nire alabek euskaraz ikastea, baita unibertsitatean ere; haien esku ere badago erabakia, baina, behintzat, egon daitezela aukera guztiak mahai gainean".

Oraingoz, ez daude. Edozein gradu euskaraz ikasteko aukera nahi du Espartzak. Urrun ikusten du, oraindik ere. "Hori lortzeko jarraitu beharko dugu lanean", erran du Bizkaik. D ereduko gurasoek egin dute lehen urratsa. Administrazioari eta unibertsitateari eskatu diete bigarrena.

“Eskaintza handituz doa”

E. Elizondo

Arazoak badirela aitortu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintzarako zuzendari Imanol Nuñezek; baliabideak urriak direla; eta eskaintza ezberdina dela graduz gradu: ikasle anitz dituztenetan gehiago direla NUPek eskaintzen dituen euskarazko irakasgaiak; ikasle gutxi dituztenetan, berriz, gutxiago. Hala eta guztiz ere, urtetik urtera kopuruak gora egin duela nabarmendu du. "Eskaintza handituz doa". Hain zuzen, datorren ikasturtean euskarazko bederatzi irakasgai gehiago izanen direla iragarri du.

Baliabideen kontua jarri du Nuñezek mahai gainean. NUPeko errektore Alfonso Karlosenak berak erakunde horren egoera ekonomiko "larria" utzi zuen agerian, duela hamar egun Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. "Ikasturte franko daramatzagu urtean %5,6ko murrizketa ekonomikoak pairatzen, azpiegituretan eta ekipamenduan inbertsiorik egin gabe eta irakasleen galera gelditu ezinik". Karlosena NUPek onartutako Plan Estrategikoa aurkeztera joan zen parlamentura, hilaren 1ean.

Nuñezek erantsi du baliabideen urritasunak isla ez daukala bakarrik aurrekontuetan. "Giza baliabideak ere urriak dira". Euskarazko irakasleak kontratatzeko zailtasunak areagotzen ditu egoera horrek, azaldu duenez, bereziki ikasle gutxi dituzten graduetan. "Ikasle asko dituztenetan, ia gradua osorik euskaraz emateko moduan gara; baina ikasle gutxi dituzten graduetan badugu lana, oraindik ere. Hainbat arlotan ez da erraza euskarazko irakasleak aurkitzea", azaldu du Hizkuntza Plangintzarako zuzendariak.

Ekonomiak eragindako paralisi egoera gainditzeko, bi lan ildo nagusi proposatu zituen NUPeko errektoreak parlamentarien aurrean. Lan ildo horiek badute lotura zuzena unibertsitateak berak azken egunotan mahai gainean jarritako datu batekin: Nafarroan selektibitatea gainditzen duten ikasleen %35 inguru, herrialdetik kanpora joaten dira unibertsitateko ikasketak egitera. 2014. urtean, adibidez, selektibitatea gainditu zuten 919 ikasle joan ziren Nafarroatik at, bertzeak bertze, Euskal Herriko Unibertsitatera (EHU). NUPek berak onartu du euskaraz ikasten jarraitzeko aukera izateko erabakitzen dutela ikasle horietako hainbatek kanpora joatea.

Unibertsitateak martxan jarri nahi dituen bi lan ildoen helburua da, hain zuzen ere, egoera horri buelta ematea. Horretarako, titulazio berriak eskaini, eta hezkuntza eleaniztuna indartu nahi du NUPek. Karlosenak bere agerraldian onartu zuen ikasketak euskaraz nahiz ingelesez egiteko eskariak gora egin duela, eta, ondorioz, "eskaintza zabaldu eta indartu" beharko dutela uste du.

Ikasketa labeldunak

Plan Estrategikoa onartu eta gero, Nuñezek nabarmendu du tresna bat izan behar duela unibertsitatearentzat. Euskarabidea ere berea prestatzen ari dela azaldu du, eta koordinatuta lan egiteko aukera jarri du mahai gainean. Helburu nagusia euskarari "balioa" ematea dela nabarmendu du, eta, alde horretatik, aipatu du euskaraz egiten diren ikasketei "kalitatezko label bat" emateko aukera, lan merkatuan barneratzeko momentuan ikasle horrek aukera gehiago izan dezan. "Enpresak eta ikasleak lotu behar ditugu, batetik; eta, bestetik, unibertsitatearen testuinguruan ezinbestekoak diren arloetan euskarak duen tokia hobetu behar dugu".

Hitza hartu nahi dutelako

Hitza hartu nahi dutelako

Asier Garcia Uribarri
Nafarroa eta Aragoi (Espainia) artean 50 kilometro koadroko potasa eta gatz meategia egiteko proiektua. Hori da Geoalcali enpresak esku artean duen egitasmoa, Erreniega eta Bailo artean. Lur horien egoera aztertzeko ia baimen guzt...

Nafarroa: lurraldea, estatua eta hizkuntza

Nafarroa: lurraldea, estatua eta hizkuntza

Asier Garcia Uribarri

Ebrotik Garonara. Horiek ziren baskoien mugak Ptolomeo, Estrabon eta Julio Cesar historialari klasikoen arabera. Geroztik, euskaldunen mugak aldatuz joan dira, 1814an egungo Nafarroako mapa ezarri zuten arte. Eneko del Castillo historialariari ezinegona sortzen diote Nafarroako historia gaur egungo maparekin ilustratzen duten liburuek. Horregatik, garaian garaiari egokitutako mapak publikatzen hasi zen Nabarlur blogean. Hainbat historialarik mapak eskatu zizkioten euren liburuetarako. Hori ikusita, erabaki zuen azken bi mila urteetako Nafarroako lurraldetasunak izan dituen aldaketak biltzea Atlas Histórico de Navarra (Nafarroako atlas historikoa) lanean.

"Historian adituak ez direnei begira egina da liburua, baina baita historia ikasten edota beste historia liburu sakonagoak irakurtzen ari direnei begira ere. Irakurtzeko oso erraza da, testuak ez baitira oso zabalak eta ez baitut gehiegi sakondu. Horretarako badaude beste liburu batzuk", azaldu du Del Castillok.

Pello Eltzaburu Pamiela argitaletxeko editoreak hori bera nabarmendu du: "Autorea oso modu hurbilean eta didaktikoan gerturatu da Nafarroa deitu den eta deitzen den horretara. Irakurle askok ezustekoak hartuko dituzte".

Liburua hiru ataletan banatua dago. Lehena Baskonia zaharraren ingurukoa da. Geografo klasikoen lehen lekukotasunetatik Iruñeko erreinua sortu arte. Del Castillok lehen geografoek deskribatutako mugen mapa eraman du liburuaren azalera. Garai hori hiru zatitan banatu du egileak: Baskonia erromatarren inperioaren garaia, barbaroen inbasioak eta Baskonia Akitaniako dukerria. "Gaur egun ezagutu duguna baino askoz lurralde zabalagoa zen. Ebrotik Garonara hartzen zuen. Gero Frankoak iritsi ziren, Orreagako gudua, eta Iruñeko erresuma sortu zuten", azaldu du Del Castillok.

Iruñeko erresumaren sorrerarekin hasi eta gaur egun bukatzen da bigarren atala. Bertan Nafarroak izandako estatuaren eta horren lurraldeen garapena aztertu du Del Castillok. Kapitulu horretan ere irakurleak ezusteko ugari hartuko dituela uste du autoreak. "Nafarroako erresuma ez zen egungo Foru Komunitatea. Izen horrekin ezagutzen zen lurraldeak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Errioxa eta mugaz besteko lurraldeak hartzen zituen". Hala ere, gaztelar eta frantsesen konkistak Nafarroako lurra mugatuz joan ziren.

"Publikazio askotan, garai oso zaharrak aurkezten dira gaur egungo maparekin. Hori erabat ilogikoa da", kexatu da Del Castillo. Haren arabera, egun, Antso Azkarraren garaiko mapa da ezagutzen den bakarrenetarikoa. Haren aburuz, ez dira historiari lotutako mapak zabaldu "historiografia ofizialaren aurka" egiten dutelako. Arrazoi beragatik uste du Del Castillok asmatu zutela mendebaldeko lurraldeen euskalduntze berantiarraren teoria. "Gaur egun, teoria hori ezeztatu egin da. Frogatua baitago VI. mendearen aurretik bazirela euskaldunak han".

Atlasaren hirugarren atala euskararen lurraldeari eskaini dio. "Euskara da herri honen hizkuntza. Erromatarrak heldu zirenean latina ekarri zuten, eta euskaldunek erromantzeak izan zituzten baita ere: aragoiera eta gaskoia". Euskararen atzerakada eta berreskurapena jaso ditu Del Castillok.

Hala ere, erromantzeei ere tarte bat eskaini die. "Iruditzen zait euskara mantendu izanaren arrazoietako bat foruak direla. Lege propioak izan ez dituzten lurraldeetan ia galdu dituzte berezko hizkuntzak, adibidez, aragoiera eta gaskoia".

Lan zaharrei begira

Atlasa osatzeko, XX. mende bukaerako hainbat lan aztertu ditu Del Castillok. "Nafarroako mapa historikoen lehen lanak 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetan egin zituzten, besteak beste Gregorio Berak, Artetak eta Jose Maria Lakarrak. Mapa horiek eta haien eguneratzeak oinarri hartuta garatu dut nire oraingo lana. Kontuan izan ditut, gainera, historialari garaikideek egindako lanak".

Liburua bukatzeko kronologia txiki bat eta Nafarroako eta inguruko erreinuaren genealogiak aurkeztu ditu autoreak. "Irakurleak laguntzeko jarri ditut. Dibulgazio lana baita atlasa. Uste dut elementu horiek lagungarriak izan daitezkeela". Horiekin batera bibliografia espezializatua ere proposatu du. "Gaian gehiago sakondu nahi duenarentzat".

Nafarroako lurraldetasunaren inguruan egin den lanik zabalena da Del Castillok osatutakoa. Historia artxibo zaharretatik berreskuratu eta interesa dutenek mapa errealagoak eskura izan ditzatela izan du helburu.

Iritzia: Talkan

Lur Albizu Etxetxipia
Aspalditik gabiltza hausnartzen, pentsatzen eta konspiratzen. Izan ere, aspaldi konturatu ginen errealitate honetan ez genuela bizi nahi. Ez dugula bizi nahi. Ezin garela horrela bizi. Ez dugula honetan sinisten eta, are gehiago, ...