“Iltzatuta segitzen dugu desgaitasunaren eredu medikoan”

“Iltzatuta segitzen dugu desgaitasunaren eredu medikoan”

Edurne Elizondo

Gizarte langilea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Giza eta Gizarte Zientzietako doktorea; Txiribuelta elkartean desgaitasun intelektualen bat dutenekin ari da lanean Marrubi Rodriguez Luna (Iruñea, 1985). Pertsona erdigunean jarri beharra aldarrikatu du.

Arlo akademikotik at ere, adimen desgaitasunaren arloan aritzen zara egunerokoan. Behar da jarduera praktiko hori, teoria behar bezala lantzeko?

Bai. Ni betetzen nauena, gainera, hori da, aukera izatea lotzeko pertsonekin egiten dudan eguneroko lan hori eta esparru teoriko edo akademikoagoa. Finean, egunerokoan ikusten da teoriak balio digun edo ez.

Ikuspuntu kritiko bat behar da?

Bai, noski. Eguneroko lan horretan ikusten eta ikasten dugunaz gogoeta egiteko gai izan behar dugu, eta ikuspuntu kritiko bati eutsi, ahalik eta lan onena egiteko.

Hori da Txiribueltan duzuen helburua?

Bai. Ekimen sozialeko kooperatiba bat da gurea, eta desgaitasun intelektuala duten pertsonekin eta haien familiekin lan egiten dugu. Hainbat programa ditugu, autonomia garatzeko, familiak laguntzeko eta abar. Gure oinarria Snoezelen kontzeptua da: pertsona jarri nahi dugu erdigunean, eta zentzumenen ikuspuntu batetik lan egin.

Zer erran nahi du horrek?

Desgaitasunak pertsona baten adimenari eragiteak ez du erran nahi zentzumenen esparruari edo arlo emozionalari ere eragin behar dionik. Horregatik hartzen dugu ikuspuntu hori abiapuntutzat.

Parametro neurotipikoez harago joateko ordua da?

Bai, argi eta garbi. Hori da guk azaldu eta zabaldu nahi dugun mezua: arrazoiaz harago badirela kontuan hartu behar ditugun bertzelako gaitasunak. Neurotipiko garenoi ere eragiten digu begirada batek, eragiten digu ahots tonu jakin batek, eguraldiak, dutxa hartzeko uraren tenperaturak... Horrek guztiak lotura zuzena du bizi kalitatearekin eta ongizatearekin. Ongi sentitzea ez da bakarrik hitz egiteko gai izatea, edo bertzeekin arrazoiaren bidez harremantzea; zentzumenen eta emozioen bidez jasotzen duguna ere bada garrantzitsua.

Funtzionatzeko bertze modu batzuk daudela ulertzea da kontua?

Bai, eta, finean, denak du lotura etikarekin. Inportanteena da dibertsitatea eta pertsonen duintasuna errespetatzea; eta errespetatu behar dugu pertsona oro den bezala. Denok, jaiotzen garen une beretik, gaitasun batzuk ditugu; oinarrizkoak izan daitezke, baina hor daude. Denonak ez dira berdinak, baina horrek ez du erran nahi ezberdina dena aldatu behar dugunik. Begirada aldatu behar dugu, eta bertzeek dituzten gaitasunei so egin. Inklusioak ezin du ekarri bertzea aldatu nahi izatea. Nerbio sistemaren bertzelako konfigurazio bat izateak ez du erran nahi bertzelako konfigurazio horrek txarra izan behar duenik. Errespetuz aritu behar dugu beti, eta pertsonak lagundu beren beharretan, eta dituzten gaitasunak nabarmendu.

Komunikazioak ez du zertan ahozkoa izan, ezta?

Hori da. Ohikoek funtzionatzen ez badute, bertzelako bideak bilatu behar ditugu komunikatzeko eta bertzeekin lotzeko. Gakoa da esperientzia esanguratsuak izatea.

Etikaz ari zara, errespetuaz. Oraindik ere bada hain oinarrizkoa dirudiena nabarmentzeko beharra?

Desgaitasunaren esparruan eredu ezberdinak egon dira pertsonak artatzeko; garai batekoa, zokoratzearen aldeko eredu bat zen. Horren arabera, lotsatzeko moduko zerbait zen desgaitasuna, jainkoaren zigor bat. Gero garatu zen eredu medikoa, desgaitasuna zuena sendatu nahi zuen eredua, alegia. Horren arabera, desgaitasunen bat duen pertsonarengan eragin behar dugu, alda dadin eta gizartearekin bat egin dezan. Eredu hori mundu osora zabaldu zen, eta indar handiz, gainera.

Eredu soziala, eredu mediko horri aurre egiteko sortu zen. Desgaitasuna zuten pertsonek bultzatu zuten, 1960ko hamarkada inguruan; desgaitasun fisikoa zutenek, bereziki. Eredu horrek dibertsitatearen balioa onartzen du, eta zabalduz joan da. Orain dugun ereduak nolabaiteko nahasketa islatzen du. Egia da kontuan hartzen dituela desgaitasuna dutenen berezitasunak, haien testuinguru ekologikoa eta bertze, baina, oraindik ere, neurri handi batean, aspaldiko eredu mediko horretan iltzatuta segitzen dugu. Deigarria da hori: oraindik ere, sendatzea edo errehabilitazioa hartzen da oinarri adimen desgaitasuna dutenekin lan egiteko.

Horregatik diozu lan egiteko moduak aldatu behar direla?

Bai. Oraindik ere, nagusi da ikuspuntu funtzional bat: garrantzia ematen zaio adimen desgaitasuna duenak hanka bat mugitzeari, edo eskuan arkatz bat hartzeari. Ikuspuntua aldatu behar dela uste dut nik, eta pertsona jarri erdigunean, haren zoriontasunaren alde. Eta desgaitasuna duen norbait zoriontsu izan daiteke bere bizitza osoan arkatz bat hartu gabe.

Paradigma oso bat aldatu behar da?

Bai. Neurri batean, nik uste dut ideia horiek eta lan ereduak aldatzeko behar hori onartu dugula, gure egin dugula diskurtso hori, baina gertatzen da egunerokoan zailagoa dela aspalditik errotuta dauden moduak aldatzea.

Profesionalon zeregina da modu horiek aldatzen ahalegintzea?

Funtsezkoa da desgaitasuna dutenekin lan egiten dugunok ohartzea zer neurritan eragiten ahal dugun haien egunerokoan. Gure jarduerak zehazten du, neurri handi batean, haien bizitza nolakoa den. Hagitz ardura handia da, eta kontuan izan behar dugu, beti, ikuspuntu etiko batetik. Profesionalon artean gogoeta egitea hagitz garrantzitsua da, eta guk proposatzea, dugun ardura hori oinarri hartuta, behar diren aldaketak egitea, erabiltzaileen zoriontasuna bultzatze aldera.

Erabiltzaileen erabakitzeko eskubidea bazter gelditzen ohi da?

Eredu mediko batean erabiltzaileak betetzen duen rola pasiboa da. Erabakitzeko edo parte hartzeko eskubidea ukatu izan zaie; ukatu izan zaie, finean, beren bizitza kontrolatzeko aukera. Eta horrek guztiak berekin ekarri du adimen desgaitasuna dutenen inguruko irudi jakin bat sortzea.

Nolakoa da sortu den irudia?

Nik anitzetan lan egiten dut adimen desgaitasun handia duten pertsonekin. Anitz ez dira gai ahoz komunikatzeko, baina sekulako gaitasuna dute ahozkoa ez den komunikazioa garatzeko. Eskubide bat ez da paper batean idatzita dagoen zerbait. Desgaitasuna duenak egin nahi duena erabakitzen duenean, orduan ari da bere eskubideak erabiltzen. Eta, guri, profesionaloi dagokigu zer nahi duen asmatzea, eta eskaintzea. Ez du zertan nik proposatzen dudana gustuko izan. Nire lana, finean, laguntzea da.

Diagnostikoak, oraindik ere, pisu handia du?

Diagnostikoak estigma bat ezartzen du, eta berekin ekartzen du desgaitasuna duenak uko egitea den bezalakoa izateari. Guk, gizarteak aldatu behar dugu begirada.

Iritzia: Faseak

Iritzia: Faseak

Lur Albizu Etxetxipia
Zero fasea, lehenengoa, bigarrena, hirugarrena eta infinitura arte. Ezinegona eta etorriko denari beldurrez begiratzea ohiko bihurtu zaigu hamabost egun izanen zirela pentsatzen genuen azken aste eta hilabete hauetan. Erraz esaten...

Nahi duten auzoa eraikitzen

Nahi duten auzoa eraikitzen

Edurne Elizondo

Auzo bat bizitzeko, edo auzo bat kontsumitzeko; auzo bat zaintza sustatzeko, edo auzo bat espekulazioari eta negozioari emateko. 2018ko ekainean, Iruñeko Alde Zaharrean sortu berri zuten Pisutekako kideek orriotan nabarmendu zuten "bi auzo ereduren talka" zegoela hiriburuko zati horretako karriketan. "Bizilagunentzako auzo baten aldekoa" zen orduko haien apustua, eta berretsi egin dute orain, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoeraren testuinguruan: nahi duten auzoa eraikitzeari ekin diote, zaintza sare bat sortuz, auzolana bultzatuz, eta osasun krisiak ekarri duen etxebizitzaren arloko espekulazioa salatuz.

Gentrifikazioak eta turistifikazioak jo ditu Europako hiri anitz, azken urteotan. Euskal Herrira ere ailegatu dira prozesu horiek, bai eta Iruñera ere, nahiz eta Bilbon edo Donostian baino neurri apalago batean garatu. Arazoari "berandu baino lehen" eutsi nahi izan diote hiriburuko Alde Zaharreko bizilagunek, eta anitz dira azken urteotan auzia jorratzeko eta konponbideak bilatzeko egin dituzten jardunaldiak eta sortu dituzten taldeak: etxebizitza, aisialdia eta bertze hainbat gai landu dituzten plataformak osatu dituzte, eta gehienek AZ Ekimena izeneko proiektuan egin dute bat.

Bizitzeko Alde Zaharra plataforma da Iruñeko auzo horretan mamitu direnetako bat. Espainiako Gobernuak alarma egoera indarrean jarri bezain pronto ekin zioten lanari talde horretako kideek. "Nahi dugun auzo eredua gauzatzen ari gara, finean", azaldu du plataformako kide Leticia Molinak. Auzolana eta zaintza ditu oinarri eredu horrek, hain zuzen ere, eta bizitzeko auzo bat aldarrikatu nahi du, batez ere. Horregatik, zaintza sarea osatzea izan zen egin zuten lehendabiziko urratsa: "Berrehun pertsona baino gehiago gaude sare horretan. Beharrak non dauden zehaztu dugu, bai eta sareko kide direnak non bizi diren ere, laguntzaile bakoitzak bere lana ahalik eta ongiena egin dezan; informazio horri esker errazagoa da nor eta nora bidali jakitea".

Plataformako kideak harremanetan dira Iruñeko Udalarekin eta auzoko osasun etxeko arduradunekin, gainera, laguntza behar duten bizilagunak identifikatzeko.

Josi eta Josi izeneko taldea ere martxan jarri du plataformak. Hogei bat pertsonak egin dute bat, maskarak josteko eta banatzeko. "Mila baino gehiago eman ditugu jada". Karrikan, hain zuzen ere, bizilagunen esker ona jaso dutela nabarmendu du Molinak, eta hori da gehien pozten duena: "Itxialdian denon baldintzak hobetzeko egin dugu bat, eta hori lortzeko ari gara lanean. Bizilagunen esker onak erakusten digu ongi ari garela", nabarmendu du.

"Sarea indartu"

Karrikan egindako lan horri esker, plataforma ezagutzen ez zuten anitzek haiekin bat egin dutela erantsi du Molinak, eta, ondorioz, "sarea indartzea" lortu dutela. Auzoko denda txiki eta ertainen berri emateko kanpaina ere egin dute, tokiko eta hurbileko produktuen alde egiteko, eta auzoko dendariek ekinaldia "ederki" hartu dutela azaldu du Leticia Molinak. "Gero eta jende gehiago dago laguntzeko prest", nabarmendu du. Auzokoak auzoa egiteko gogoz dira, finean.

Bizitzeko auzo bat nahi dutela argi dute Alde Zaharreko herritarrek, hain zuzen ere. Horregatik, etxebizitzaren auzia bereziki jorratu duten gaietako bat izan da AZ Ekimeneko kideentzat eta proiektuaren barruan diren talde anitzentzat. Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideek ez dute esparru hori bazter utzi, alarma egoerak baldintzatutako egungo testuinguruan, eta salatu dute, hain zuzen, "gehiegikeriak" gertatzen ari direla.

"Iruñeko egoera aztertzen hasi baino lehen, Madrildik ailegatu zitzaigun berria: hogeita lau orduan, 230 etxe jarri zituzten alokairuan; noski, turistentzako etxeak ziren guztiak". Itxialdiaren ondorioz, turistentzako etxeak alokatzeko negozioak behera egin du, eta etxebizitza horiek "merkatu arruntera" ailegatu dira, nolabait erranda.

Iruñekoa ez da Madrilgo egoeraren parekoa, baina bada zer salatu, Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kidearen hitzetan: "Denbora tarte labur batean alokairuan emateko etxe asko agertu dira Iruñeko Alde Zaharrean". Idealista-ren gisako webguneak aztertu dituzte, zehazki. "35 etxe inguru ageri dira, eta gehienek 26 inguruk ez dute legedia betetzen".

Kasu anitzetan, legeak zehaztutakoa baino diru gehiago eskatzen dute berme gisa. "Legez, bi hilabeteko alokairua eskatzen ahal da; zenbaitetan, sei hilabetekoa ere eskatzen dute", azaldu du Molinak. Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak gogoratu du etxe bat alokatzen denean jabeak ezin duela etxebizitzan bizi dena udan, adibidez, handik aterarazi. "Hori ere gertatzen da. Etxe bat alokatu, baina sanferminetan edo udako hilabeteetan hutsik utzi behar duzula esaten dizute; hori ez da legezkoa", erantsi du.

Alokairuen berri ematen duten webguneetako arduradunekin harremanetan jarri dira Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideak, eta ardura haiena ez dela erantzun diete: "Iragarkia jarri besterik ez dutela egiten esan digute; guk nabarmendu diegu beren ardura ere badela iragartzen dituzten etxebizitzek legea betetzen dutela ziurtatzea, baina ez digute gehiago erantzun".

Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideen asmoa da orain arte egin duten azterketa horretan sakontzea, eta, horretarako, herritarren laguntza eskatu dute. "Norbaitek bizi izaten ari den egoera salatu nahi badu, guregana jo dezake, bat egin ahal izateko". Plataformako kideen helbide elektronikoa ondokoa da: bizitzekoaldezaharra@gmail. com.

Alarma egoerak era askotako egoerak utzi ditu agerian, etxebizitzaren esparruan, Molinak azaldu duenez: "Batzuei gertatu zaie etxeko jabeak alokairua murriztea edo hilabete batez ez kobratzea; baina kontrakoa ere bai: ordaintzeko epea luzatzeko eskatu, eta ezezkoa jaso dutenak badira".

Alde Zaharrean antolatuta dauden herritarrek zaintza jarri nahi izan dute erdigunean. Hori da SET sareko kide diren hirien helburuetako bat, hain zuzen ere. Iruñea ere sare horretako kide da. Turistifikazioari aurre egiteko Europako hegoaldeko hirien sarea da SET, eta koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, manifestu bat plazaratu du.

Krisiak desberdinkeriak areagotzeko arriskuaz ohartarazi dute sareko hiriok, eta eskatu dute herriek ez dezatela turismoaren sektorea erreskatatu. "Turismoaren desazkundeari ekiteko garaia da, eta gizarteko geruzarik zaurgarrienak babestuko dituen ongizate politikak lehenestekoa", nabarmendu dute SET sareko hiriek.

Osasuna eta negozioa

Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek sortutako bertze elkarteetako bat da Alde Zaharrean Bizi izenekoa. AZ Ekimenarekin egin du bat proiektu anitzetan, baina bide propioa egin du. Gentrifikazioaren eta turistifikazioaren aurka egiteko elkarte bat da, labur erranda. Oraingo alarma egoeraren testuinguruan beren iritzia zabaldu dute elkarte horretako kideek ere, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko arduradunen adierazpenei erantzunez.

Izan ere, ostalaritzaren arloko enpresariek kezka agertu dute Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko iragarritako neurrien inguruan. Tabernetan eta terrazetan egon daitekeen jende kopurua mugatu dute, bertzeak bertze. Ostalariek salatu dute negozio anitzek ateak itxi egin beharko dituztela, eta egoerari aurre egiteko proposatu dute, adibidez, terrazen eremua handitu ahal izatea.

Alde Zaharrean Bizi elkarteko kideek argi dute alarma egoerak kalte egin diela negozio askori, tartean ostalaritzakoei. Ondorioz, sektoreko langileen inguruko kezka agertu dute; baina argi utzi dute, halaber, ordua dela zehazteko zein neurritan diren "funtsezko eta ezinbesteko" tabernak, jatetxeak, hotelak, turismorako etxeak, bidaia agentziak eta abar. "Gauza bat da langileak ez abandonatzea, eta beste gauza bat da negozioei eustea, kontuan hartuta horietako asko ez direla familia negozio txikiak".

Alde Zaharreko espazio publikoaren okupazioa izan da Alde Zaharrean Bizi taldeko kideek mahai gainean jarri duten auzietako bat, azken urteotan. Oraingo testuinguruan, "egokitzeko beharra" nabarmendu dute, bai eta "guztien osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzekoa ere". Alarma egoera ezarri aurretik ere bazen zer hausnartu hiri ereduari buruz, eta Alde Zaharreko bizilagunak ari dira.

Bueltan dira aitzur kolpeak

Bueltan dira aitzur kolpeak

Uxue Rey Gorraiz

Ez goldearekin lurra harrotzerik, ez aitzurtzerik, ez gorozterik, ezta hazirik ereiterik ere. Iragan den larunbatera arte, maiatzaren 2ra arte, baratzera joatea debekatua izan da Nafarroan. Orduraino, elikagaiak biltzeko baizik ez zuten beren lurrak bisitatzeko baimena baratzezainek, eta muga horiek sumina sortu zuten askorengan. Horiek horrela, sinadura bilketa bat egin zuten protesta moduan, eta Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzari eraman zizkioten apirilaren 29an. Biharamunean, araudiaren aldaketaren berri eman zuen Madrilek, baratze lana baimenduko zela esanez.

Nafarroako 300 entitatek baino gehiagok adierazi zuten ez zeudela konforme ordura arte Espainiako Gobernuak erkidegoan ezarriak zituen neurriekin, eta, horregatik, bat egin zuten EHNE sindikatuak, Nafarroako Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluak eta nekazarien eta ekologisten beste talde batzuek argitaratutako manifestuarekin. Egin dezagun planto: Nafarroak bere baratzetik jan nahi du, jarri zioten izenburu testuari. Haren sustatzaileek eta sinatzaileek gogor kritikatu zuten araudia, eta eskatu zuten "berariaz eta interpretaziorik gabe" eman zezatela baimena "autokontsumorako elikagaiak ekoizteko behar diren jarduera guztiak" egin ahal izateko baratzeetan; alegia, bilketa hutsera mugatu beharrik gabe.

Administrazioak autokontsumorako baratzeen zeregina gutxietsi duela kritikatu dute entitateek. "Baratze-lana aisialdia besterik ez balitz bezala hartu dira erabakiak", azaldu du Imanol Iberok, Nafarroako EHNEko lehendakariak, eta gaineratu du baratzeak hori baino askoz gehiago direla. "Ohitura zaharren gordeleku dira, bertako landare mota askorenak ere bai, eta, jakina, elikagai iturri dira Nafarroako etxe askorentzat".

Iberoren ustez, baratzeek funtzio horiek dituztela ukatzeak kontsumo eta sorkuntza eredu jakin batera darama jendea. "Beregain izateko aukera ematen diguten espazioak dira, eta bistan da, alde horretatik, gizartearen logikarekin talka egiten duela". Dena dela, ez du uste debekuaren atzean "maltzurkeria intentziorik" egon denik, eta beste ideia batzuei leporatu die gertatutakoa: "Arauak hirietara begira egiten dira beti".

Zer, non eta nola

Izan hirietan edo landa eremuan, honakoa da gaur egun baratze-lanari buruz indarrean dagoen araudia: baratzeetara joaten ahal da jendea, barazkiak biltzeko eta lurra eta landareak zaintzeko, baina mapari erreparatu beharko dio lehenbizi. Izan ere, baratzea norbera bizi den udalerrian bertan edota aldamenekoan baldin badago baizik ez da onartuko bertaratzea.

Salbuespen bakarra dago halakoa posible izan dadin: bertan animaliarik baldin badago, ez da debekurik izanen urrutiago joateko. Bestalde, derrigorrezkoa da bakarrik joatea, non ez den adin txikikoei, zaharrei edo premia bereziak dituzten pertsonei laguntzeko. Hala eta guztiz ere, gomendatu dute ahalik eta gutxienetan joatea.

Baratzezainek pozik hartu dute debeku neurrien arintzea, ikusi baitute, oro har, erantzuna eman zaiela manifestuan egindako eskakizunei. Imanol Iberok aldarrikapenek izandako indarra azpimarratu du: "Batzuetan ez dugu sinesten sinadura batekin zerbait lor daitekeela, baina balio du estutzeko". Dena dela, azaldu du ez daudela guztiz ados Madrildik agindutakoarekin, zehazki geografikoki mugak ezartzearekin, eta "malgutasuna" eskatu die agintariei, baratzea edonon egonda ere landu ahal izateko.

Sindikatu eta elkarteekin batera, hainbat udalek ere sinatu zuten autokontsumorako baratzeen aldeko manifestua, hala nola Tafallak, Agoitzek, Altsasuk, Berriozarrek, Lizarrak eta Erriberrik. Alejandro Antoñanzas Nekazaritza eta Industria zinegotzia da Erriberrin, eta kontatu du herriko baratzezainen kezka nabarmena dela itxialdia hasi zenetik. "Ziurgabetasuna handia izan da, eta, azkenaldian, baratzeen araudiari buruzkoak ziren telefonoz egiten zizkiguten galdera asko". Atseginez hartu dute araudi berria. Zinegotziak azaldu du, bestalde, Erriberrin askok dituztela horrelako baratzeak, eta kopurua handituz doala urtetik urtera. Antoñanzasen iritziz, gainera, autokontsumorako baratze horiek "are inportanteagoak" izanen dira hemendik aurrera, herriko jendea hasi baita dagoeneko askok aurreikusi duten krisi ekonomikoaren kalteak nabaritzen.

Krisi horri aurre egiten laguntzeko erreminta egokiak izan daitezke baratzeak, Iberoren ustez, eta sinetsia dago administrazioak bultzatu egin beharko lituzkeela horrelakoak. Nabarmendu du baratzeek "askatasuna" ematen dietela erabiltzaileei elikaduraren aldetik burujabeak izateko, hein batean behintzat.

EHNEren datuen arabera, 15.000 baratze baino gehiago daude Nafarroan autokontsumora bideratuta. Aitor Arana iruindarrak, adibidez, Txantreako Magdalenan du baratzea. Aranaren etxean, beren baratzean bildutako barazkietan oinarritzen dute elikaduraren parte handi bat, eta, produktu horiek erosteko aukera izanda ere, nahiago dute beren lurrean landatuak kontsumitu. Azaldu du ez dela erraza izan baratzea ongi zaindua mantentzea aurreko araudia indarrean izan den denboran. "Hain justu, lurra prestatu eta udarako barazkiak landatu behar ziren garaian harrapatu gintuen debekuak".

Baratzeen zainketa behin-behinean geldirik egon izanak kalteak eragin ditu, baina Iberok azaldu du "zorionez" oraindik garaiz dela udako produktuak landatzeko. Gaineratu du, bestalde, "baratzea legearen gainetik" jarri izanak asko lagundu duela. "Eskerrak jendea zentzuduna izan den eta pixka bat desobeditu dituen arau burugabe horiek", azaldu du Iberok.

Denak ez dira berdin egitera ausartu, ordea. Bestela bizi izan du kontua Esperanza Elzaurdiak. Igantzin du baratzea, etxetik 500 metrora. "Beldurka aritu ginen. Herri txiki-txikia da, baina foruzainak eta guardia zibilak hemen ibili dira anitzetan, eta ez nuen isunik jaso nahi". Arindu ederra hartu du jakinda baratzera joaten ahal dela orain. "Eskerrak, ereiten ez duenak ezin baitu bildu!", esan du, pozik.

Norbera izateko, askatasun osoz

Norbera izateko, askatasun osoz

Edurne Elizondo

Inor ez dadila bakarrik sentitu; suma dezatela gure babesa badutela, norbera izateko, askatasun osoz". Horixe du helburu Erriberan sortu duten Kukuluak kolektiboak. LGTBIQ komunitatearentzako babes sare izateko asmoz jaio da, Tania Gonzalez Agirre kideak nabarmendu duenez. Argazki lehiaketa bat egin berri dute, sare sozialen bidez, erakusteko eta aldarrikatzeko Erribera ere askotarikoa dela; eta Vero Laytonen Estellerriko Erriberari so lanak irabazi du.

Kukuluak taldeko kideek otsailean egin zuten kolektiboaren aurkezpena. Koronabirusaren pandemiak eragindako konfinamenduak bete-betean harrapatu ditu, eta jada prest zituzten hainbat gauza ezin izan dituzte egin. Horrek ez du erran nahi, halere, lanean ari ez direnik. Orain, elkartea ezagutaraztea dute helburu nagusi, Tuteratik kanpo ere bai, Erribera osoko kolektiboko kideek bat egin dezaten.

"Iruñean talde anitz daude; Tafallan ere badute Alaia izeneko bat, baina hemen ez zegoen deus. Hutsune bat sentitzen genuen, eta bete nahi izan dugu", azaldu du Gonzalez Agirrek. Iruñeko eta Tuterako testuinguruak ezberdinak direla nabarmendu du; Tuterako eta Erriberako gainerako herrietako egunerokoa ere bai. Horregatik, errealitate horiek guztiak kontuan hartzeko beharra jarri nahi izan du Kukuluak taldeak erdigunean: "Tuterako edo bertze herriren bateko kolektiboko norbaitentzat anitzez ere zailagoa izan daiteke jendaurrean agertzea; jendea itxiagoa da".

Hiriburutik kanpoko errealitateak ezagutzeko eta agerian uzteko sortu zuten Ausartu Zaitez izenburuko proiektua hainbat arlotako profesionalek, iaz. LGTBI+ kolektiboko kideekin, sexu orientazio eta genero identitateen inguruko gogoeta pertsonalak eta kolektiboak pizteko tailerrak egin dituzte azken hilabeteotan. Lehenengoa, hain zuzen, Tuteran izan zen, 2019ko irailean. Tailer horretan parte hartu zuten kideetako bat da Tania Gonzalez Agirre; ez da bakarra: "Tailerrean parte hartu genuen guztiok gaude Kukuluak kolektiboan".

Horregatik, arazorik gabe onartu du: "Gabonak pasatuta sortu genuen kolektiboa, baina argi dago benetako oinarria iraileko tailerra izan zela; bultzada handia eman zigun", kontatu du Gonzalez Agirrek. Tailerra egin eta gero, Whatsapp talde bat sortu zuten parte hartu zutenek, eta sare sozial horren bidezko elkarrizketetan mamitu zuten Kukuluak martxan jartzeko asmoa.

Sarea ehuntzeko

Ausartu Zaitez proiektuko kideekin harremanetan jarraitzen dute orain Kukuluak taldea osatu dutenek. Gonzalez Agirrek, adibidez, Ausartu Zaitez proiektuko kideek egindako izen bereko dokumentalean parte hartu du (http://www.atrevete.lgbt).

Kukuluak kolektiboaren bertze helburuetako bat da sareak ehuntzea, hain zuzen ere, eta elkarlana sustatzea. "Talde askotarikoak daude, eta, akaso, auzi guztietan ez gara ados izanen, baina LGTBIQ kolektiboko kide izateak batzen gaitu".

Kukuluak kolektiboan zortzi pertsona inguruk egin dute bat, oraingoz. "Eta gu ere askotarikoak gara", erran du Tania Gonzalez Agirrek; argi du izaera askotariko hori balio erantsi bat dela elkartearentzat.

Izan ere, LGTBIQ kolektiboa bera askotarikoa dela gaineratu du Kukuluak taldeko kideak. Sufritzen duten zapalkuntza komunak batzen ditu, baina batzuen eta bertzeen egoera aldatzen da beren gorputzak zeharkatzen dituzten gainerako zapalkuntzen arabera. "Bollerek, adibidez, zapalkuntza bikoitza sufritzen dute, bizi garen sistema kapitalista heteropatriarkalaren arabera emakumeon zeregina baita gizon batekin egotea, seme-alabak izateko eta familiari eta sistemari eusteko; emakume eta lesbiana garelako baztertzen gaituzte".

Argi du, halere, kolektiboko talderik "ikusezinena" trans pertsonena dela. "Lan anitz dugu egiteko, oraindik ere, gizarte gisa. Egoerak are gehiago kezkatzen nau oraingo konfinamendu garaian, trans pertsona horiek errespetatzen ez dituztenekin egon behar dutelako etxe berean itxita, kasu anitzetan".

Lan anitz delako egiteko sortu dute Kukuluak, eta Erribera osoko herritarrak deitu dituzte, kukuluak@gmail.com helbidearen bidez kolektiboarekin bat egitera.

Iritzia: Apirila, hil hila

Iritzia: Apirila, hil hila

Amets Aranguren Arrieta

Egunero ikasten du kantu berri bat txirularekin patioa gurekin partekatzen duen bizilagun batek. "Eta zein da problema?", pentsatuko duzue askok. Eskolako txirula horiarekin egiten du.

Aitortuko dizuet, hasia naiz te poltsatxoek dakartzaten mezu superpositibista happyflower-ak irakurtzen, eta ez dakit zenbat aldiz eman diodan dagoeneko bostekoa Fausto Murillori, galdu egin dut kontua.

Tarte horretan irakasle bat mozkor heldu da teleklasea ematera, Klimten Musua koadroa etzanda ikusi dut, eta pareko atikoko gizonak Veinte años jo du gitarraz. Grabatu dut, baina ez diot inori bidali.

Hilabeteei kanpotik begiratzeko aukera eman dit konfinamenduak, nahiz eta inoiz baino barrurago egon eta, konturatu naiz, ez dago hain hurbil hilabeteak eternitatea zireneko garaia. Lotarako arazo handirik ez dut izan, baina egia da ez dudala gogoan non jartzen nituen besoak lehen, beti izan dira horrelakoak? Zer egiten nuen haiekin?

Gaur maiatzak bi ditu, ohetik altxatu eta balkoira egin dut. Plaza ederra dugu etxe parean, eta gaurkoan, gainera, Arane entzun dut oihuka. Ez dut ezagutzen, baina hau poza. "Bat, bi eta hiru" esan, eta bankutik aitaren besoetara egin du salto. Behin eta berriz. Barrura sartu, eta gosaltzeari ekin diot, arratsaldeko paseoa buruan irudikatzen dudan bitartean.

Beti bezala, planeaturikotik deus ez. Arga ingurura egin dut, pasareletara. Han naiz geratua aspaldi ikusi ez dudan lagun batekin, eta, bai, gutaz aparte Iruñeko merindade osoari okurritu zaio bertara joatea. Bueno, topatu dut laguna, eta hasi gara paseoan. Hazi eta dena egin naizela esan dit (altueran).

Txakurrari bainatzen utzi eta gero, harresien inguruan jarraitu dugu paseoan, berriz alde zaharrean sartu garen arte. Adokin, pareta eta balkoi bakoitzari inoiz baino adiago begiratzen niela, Nahiaren balkoipean gelditu, eta oihu egin dut "Nahia!", "Nahia, June!", "Nahia, June, Nekane!". Nekane, atera, eta esan dit Nahia eta June paseoan daudela. Batzuei tontakeria irudituko zaizue, baina holakoak nik pelikuletan eta gurasoen ahotik besterik ez nituen entzunak. 70eko hamarkadan sentitu naiz.

Lehendik ere ba omen zeuden zuhaitz, etxe eta harri horiek denak hor, baina gaur dira lehendabiziko aldiz subjektu eta ez objektu. Paseoa kalerik lasaienetatik bukatzea erabaki dugu, jende gehiegi izaten ez duten horietatik, alegia, eta bat-batean norbaitek hots egin digu. Txabo da, bere etxe berriko balkoi loretsutik.

Kale horri egiten zaion gutxiespenaz aritu gara, eta baita, parean, oraindik ere, Elizak dituen jabetza horiekin guztiekin zer eginen genukeen pentsatzen. Eta, gutxinaka, azkenean, erretirada egin dugu etxera. Lagunok, zenbat gauza pasatzen ahal diren hiru ordutan.

Sukaldeko mahaiaren bueltan eseri eta datorkiguna nolakoa izanen den hasi naiz pentsatzen. Eta, zer nahi duzue esatea, ni pozten nau uztailaren 9an urtebetetzea nahi dudan koloretako soinekoa jantzita ospatuko dudala pentsatzeak.

Enegarren kolpea pilotari

Enegarren kolpea pilotari

Edurne Elizondo

Zazpi saio, azken urteotan". Erriberan golf zelai bat eraikitzeko egon diren egitasmoez ari da Eduardo Navascues. Denak hutsean gelditu direla nabarmendu du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideak. Behintzat, orain arte; Tuterako Udalak azken hilabeteotan egindako urratsek, baina, egoera aldatzeko atea ireki dute: hirian golf zelai publiko bat egiteko Graas elkarteak sustatutako asmoa jaso du udalak bere Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategian.

"Erriberan aspalditik egon da jende multzo bat golf zelai bat eraikitzeko asmoa bultzatzen; asmo horren atzean daude eraikuntza enpresen arloko interesekin lotutako pertsonak". Hori argi du Navascuesek, eta horren adierazgarri aipatu ditu mahai gainean egon diren azken egitasmoak: 2000ko hamarkadan, Tuteran, Eco-City proiektua garatu nahi izan zuten, eta helburua zen 3.500 biztanle inguru izanen zituen auzo berri bat eraikitzea, golf zelai batekin, bertzeak bertze; Fontellasen, berriz, Monrepos eraikuntza enpresak herri horretako Cerro Fontellas kirol elkartearekin egin zuen bat, etxebizitzak eta golf zelai bat eraikitzeko.

Bi proiektuon bideragarritasunik ezak utzi zituen hutsean golf zelaia egiteko asmoak; Fontellaskoa egiteko proiektua onartu egin zuen Nafarroako Gobernuak, halere. "Ez zuten egin, behar zuten dirua ez zutelako lortu, baina proiektu horren udalez gaindiko eragina duen plana indarrean da, oraindik ere", gogoratu du Eduardo Navascuesek.

Fontellasko proiektuak huts egin eta gero sortu da Tuterako azkena, Ekologistak Martxan taldeko kideak erantsi duenez. Iazko martxoan, Graas izeneko elkartea aurkeztu zuten Erriberako hiriburuan, Tuteran golf zelai publiko bat egin dezatela eskatzeko. Aurkezpen ekitaldi horretan parte hartu zuten Graas elkarteko presidente Ignacio Lopezek eta Nafarroako Golf Federazioko buru Joaquin Anduezak, bertzeak bertze. "Tuterako UPNko alkate ohi Luis Casado ere han zegoen", gaineratu du Navascuesek.

Casadok 2015ean amaitu zen legegintzaldian utzi zuen postua; duela bost urteko maiatzean egindako hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen, hamabi urtez Tuterako alkate izan eta gero. 2015eko hauteskundeetan udal gobernutik at gelditu zen UPN, eta Ezkerra, Tudela Puede eta PSNk hartu zuten agintea.

Hiruko udal gobernu horrek martxan jarri zuen, berriz ere, 2009tik ukitu gabe egon zen Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzeko prozesua. Lehen urratsa izan zen Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategiaren agiria garatzea. "Legegintzaldia amaitu baino lehen, estrategia behin-behinean onartu genuen", azaldu du hiruko udal gobernuarekin Tuterako ingurumen zinegotzi izan zen Olga Risueñok.

Behin-behinean bai; ez, ordea, behin betirako. Azken urrats hori oraindik ez du egin Tuterako Udalak, hain zuzen ere, eta noiz eginen duten ere ez dago argi, hiriko agintarien jarduera egungo alarma egoerak baldintzatu baitu. Kontua da azken hauteskundeetan Navarra Sumak lortu zuela Tuterako Udaleko agintea, eta koalizio horrek jaso egin ditu, estrategia behin-behinean onartu eta gero, testua moldatzeko egindako iradokizunak. Horietako bat da Graas elkarteak aurkeztutakoa, hirian golf zelai publiko bat eraikitzeko asmoz.

"Egoera ez da samurra guretzat; estrategia guk garatu dugu, baina ezezkoa eman beharko diogu, golf zelaia egiteko aukera zabaltzen badu", nabarmendu du Risueñok. Argi utzi du estrategiak golf zelaia eraikitzeko asmoa jasotzeak ez duela erran nahi proiektua garatu eta gauzatuko dutenik. "Estrategiaren asmoa da zehaztea zer-nolako azpiegiturak nahi ditugun hirian, nolako garapena nahi dugun. Ez gara orain proiektu zehatz bat eztabaidatzen ari". Egoerak, halere, kezka eragin dio Tuterako zinegotziari: "Golf zelai bat egiteko asmoa jasotzen duen estrategia onartuz gero, proiektu hori errealitate bilakatzeko aukerari atea zabaltzen diogu. Ez hori bakarrik; eginez gero, non egonen litzatekeen ere zehazten dugu", azaldu du.

"Egitasmo elitista bat"

"Lotsagarria da. Egitasmo elitista bat da", nabarmendu du Eduardo Navascuesek. 2008. urteko Eco-City proiektua bizi-bizi du memorian, garai horretan egin zuelako bat Erriberako Ekologistak Martxan taldearekin. "Prozesu luze eta gogorra izan zen, baina borroka irabazi genuen", gogoratu du.

Fontellasko egitasmoaren kasuan, arazo nagusia dirua izan dela nabarmendu du Navascuesek. Monrepos eraikuntza enpresa izan zen proiektua bultzatu zutenetako bat, eta etxe hori hartzekodunen konkurtso batean sartuta dela erran du. "Beren hasierako asmoa zen hemezortzi zuloko zelai bat egitea; Cerro Fontellas kirol elkarteak jarriko zuen lurra, eta enpresak obra ordainduko zuen zelaiaren inguruan eraikitako etxebizitzen salmentaren bidez. Gero, zelai txikiago bat egitea proposatu zuten, baina asmo horrek ere ez zuen aurrera egitea lortu", kontatu du Navascuesek.

Golf zelai publikoa

Oraingoan, Graas elkarteko kideek golf zelai publiko bat bultzatu nahi izan dute. "Tuterako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren parte hartzea beharko luke". Graasek duela urtebete eman zuen bere asmoen berri, baina orduan urratsik ez egitea erabaki zuten ekologistek. "Elkarteak nahi duena eskatzeko aukera du". Orain, proiektuaren aurka egitea erabaki dute, Tuterako Udalak asmo hori jaso eta gero proiektua gauzatzeko prozesua martxan jar daitekeelako.

Apirilaren 21ean, Ekologistak Martxan taldeak bilera batera deitu zituen herritarrak, baina ezin izan zuten egin, martxoan osasun krisiak eragindako alarma egoera indarrean sartu eta gero. "Baina ez genuen deus egin gabe egon nahi", erantsi du.

Ekologistek argi dute Erriberako herritarrek golf zelairik ez dutela behar, ezta nahi ere. Aurreko legegintzaldian hamaika bilera egin zituzten Tuterako Udaleko agintariek hiriko herritarrekin eta elkarteekin, Lurralde Antolamenduaren Udal Estrategia prestatzeko, baina egindako bilera eta jardunaldi horietako bakar batean ere ez zuen inork aipatu golf zelai bat egiteko aukera. "300 orriko dokumentu bat osatu genuen, herritarrekin behin eta berriz hitz egin eta gero; Tuteran ez du inork horrelako azpiegiturarik eskatu", nabarmendu du Olga Risueñok.

Graas elkarteko kideek, hasieran, zelaia eraikitzeko balizko hiru toki aztertu zituzten, baina, Tuterako Udalak jasotako iradokizunaren testuan, azkenean bat aukeratu zuten: Valdetellas izeneko eremua. "Ureztatzeko lurrak dira eremu horretakoak; nekazari handientzat balio handiko lurrak, alegia", azaldu du Navascuesek. Ekologistak harremanetan jarri dira jada UAGN sindikatuko arduradunekin, eta, antza, UAGNko kideek ere ez dute ontzat jo Tuteran golf zelai bat eraikitzeko aukera.

Ingurumenaren ikuspuntutik, asmo horrek inolako zentzurik ez duela erran du, argi eta garbi, Eduardo Navascuesek: "Tuteran euri gutxien egiten duen tokietako bat da hori; golf zelai batek behar duen ur kopurua beldurgarria da. Erriberako nekazariak urte luzez aritu dira erraten ura behar zutela beren lurrentzat; Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egin eta gero, agerian gelditu da proiektuon errentagarritasunik eza; lehen faseko nekazari batzuek uko egin diote Itoizko urari, garestiegia delako. Eta orain, zer, eta golf zelai bat egin nahi dute batzuek, pilota bati kolpeak emateko. Ez dute lotsarik", salatu du, gogor, Ekologistak Martxan taldeko kideak.

Ekologistek bilera bat eskatu diete Tuterako Udaleko Hirigintza arduradunei, baina ez dute erantzunik jaso, orain arte. Oraindik ez dute zehaztu Lurralde Antolamenduaren Udal Estrategia behin betiko onartzeko data, baina ekologistak jada alarma egoeran dira.

Aske izan da azkeneraino

Aske izan da azkeneraino

Uxue Rey Gorraiz

Eskultorea, etnografoa, kultur eragilea, euskaltzalea, historiazalea… Gauza asko izan da Joxe Ulibarrena (Azkoien, 1924 - Iruñea, 2020), eta guztiak aldi berean. Lau urte besterik ez zuen falta mendea betetzeko, eta azken unera arte aritu da lanean. Ondare aberatsa utzi du, bai fisikoki, bere artelanetan eta Artetan sortutako etnografia museoan, baita askoren oroimenean ere. Nafarroako Erresumako artista gisa gogoratuko dute askok, eta memoria historikoari estuki lotutako zizelkari modura beste anitzek. Joan den astean zendu zen.

Zenbait gertaerak baldintzatu zuten Ulibarrenaren bizitza. 1936ko gerran, frankistek sarraskia egin zuten Azkoien haren jaioterrian, eta aita izan zen fusilatuetako bat, baita lehengusina bat ere. Ulibarrenak 11 urte besterik ez zuen hori gertatu zenean, eta arrastoa utzi zion. Maiz erakutsi zuen, bere lanen bitartez, ez zituela gerra hartan gertatutakoak ahaztu nahi, eta beti defendatu zuen horiek gogoratu eta biktimak omendu beharra.

Azkoien utzi, eta Iruñera joan zen bizitzera, familiarekin. Han hasi zituen arte ikasketak, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan, eta, aldi berean, zurgindegi batean egiten zuen lan. Han eta hemen aritu ondotik, Parisen hasi zituen Arte Ederretako ikasketak, beka bati esker, eta Venezuelan ere izan zen bolada batez.

1936ko gerrako biktimak omentzeko sortutako Sartagudako Memoriaren Parkean dago haren lan ezagunenetako bat: Gurutzada Santuan tiroz hildakoak eskultura. Artistak oparitu egin zien artelana, eta hori izan zen abiapuntua gero parkea eraikitzeko. Hiru giza figura antzeman daitezke altzairuzko pieza horretan. Hiru pertsona dira, elkarri besarkatuak eta tiro zuloak diruditen hutsunez josiak. Artistak berak ikusitako gertaera bat irudikatzen du artelanak, Reyes Ilintxeta kazetariari aitortu zionez Argia aldizkarirako egindako elkarrizketa batean. Iruñeko Gaztelugibelean hiru gazte nola fusilatzen zituzten ikusi zuen Ulibarrenak.

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea eta Alargunen Herria elkartea izan ziren parkearen sustatzaileak, eta azken horretako kide Carlos Martinez arduratu zen artistarekin elkarlanean aritzeaz. Martinezi "bitxia" iruditu zitzaion Azkoiengoaren lan egiteko modu hura. "Berdingabea zen guztiz, eta teknikaren aldetik oso bestelakoa zen beste artista gehienen aldean". Iritzi berekoa da Daniel Fernandez, parkeko arkitektoa. Biziki harritu zuen materialak lantzeko zerabilen moduak, eskuz egiten baitzuen ia dena, baita oso tamaina handiko piezetarako ere. "Izaera indartsua zuen, eta gogo biziz azaltzen eta defendatzen zituen bere moduak eta ideiak".

Ulibarrena "bihotz handiko gizona" zela azaldu dute biek. Martinezek azpimarratu du, gainera, denboraren joanak ez zuela lortu artistaren grina itzaltzea. "Mundu honetan norbait askea izan bada, hori Joxe dela uste dut".

Bereizi ezinekoak

Artea etnografian, eta etnografia artean. Modu berezian egiten zien so inguruko gauzei Ulibarrenak, eta askori ireki zizkien begiak, erakutsi baitzuen ezen, esaterako, antzina artzaintzan, abeltzaintzan, burdinoletan eta bestelako gremioetan langileek erabiltzen zituzten tresnek, beren funtzio praktikoez gain, artea ere bazutela beren baitan. Ulibarrenak arbasoen 10.000 pieza etnografiko baino gehiago bildu zituen, eta museoa sortu Artetako Fantikorena etxean. Bilduma zabal eta aberatsa da 40 urte baino gehiagoko lanaren emaitza, eta Nafarroako Erresuma zenaren historiaren lagina ere bada, XII. mendetik XX. mendera bitarteko tresnak baitaude museoan. Joxeren alaba Elur Ulibarrena da museoaren arduraduna.

Artistak 90 urte bete zituen egunean estreinatu zen hari buruzko dokumentala, Historia zizelkatuz izenpean. Angel Sanchez Garrok zuzendu eta ekoitzi zuen lana. Aukera izan zuen Ulibarrena hurbiletik ezagutzeko. "Joxe oso eskuzabala izan zen; oso atsegina zen harekin egotea eta edozein gauzari buruz hitz egitea", azaldu du zuzendariak. Esan du, bestalde, "zorioneko" sentitzen dela, iruditzen baitzaio batzuek ez zutela artistaren alde hori ezagutzen eta "pertsona arrarotzat" zeukatela.

Ulibarrenarekin pasatutako orduei esker, zuzendariak argi eta garbi ikusi zuen Nafarroa zela artistaren pasio nagusia. "Ulibarrenaren lan guztiak zeuden Nafarroako Erresumari eta memoria historikoari eskainiak. Ezin dugu esan Ulibarrena halakoa zela eta haren eskultura, berriz, beste modu batekoa, eta haren etnografia beste batekoa. Dena zen bat".

Sareak borborka hasi ziren Joxe Ulibarrenaren heriotzaren biharamunean. Artistaren ibilbidea eta lanak goraipatu dituzte hainbatek egunotan, baita haren izaera berezia askorentzat miresgarria gogora ekarri ere. "Sumendi bat itzali da, Joxe Ulibarrena. Baskoi sakona eta nafar zorrotza. Herri honen grinaren adierazle. Gure iragan partekatuaren mugarriak irudikatu zituen", txiokatu zuen Gaizka Aranguren kazetari eta kulturgileak, artistari buruz. Politikaren mundutik ere eskaini zitzaizkion miresmen hitzak. "Tipo itzela eta artista paregabea", idatzi zuen Koldo Leoz Lizarrako alkateak, eta berdintsu egin zuen Iruñeko alkate izandako Joseba Asironek ere.

Joxe Ulibarrenak kasik azkeneraino egin zuen lan maite zuen horretan. 90 urte egin zituenean, zortziehun lan zituen eginak, eta osasunak horretarako aukera eman zion arte segitu zuen, bere hurbilekoen esanetan, "bizitasunez beti".

Alargunen Herria elkarteak mezu hau idatzi zion Joxe Ulibarrenari egunkariko eskelan: "Zure eskuekin eta zure lanarekin forma eman zeniolako herri honen memoria kolektiboari". Hark memoriari egindako ekarpenengatik, miresten dutenak sinetsiak daude haren lana harrian grabatuta geldituko dela.