Kapazitismoaren aurka, bat eginda

Kapazitismoaren aurka, bat eginda

Edurne Elizondo Askotarikoak dira. Eta horregatik egin dute bat. Askotarikoak direlako, baina gizarteak arau bilakatutako bidetik at: batzuek ezin dituzte hankak mugitu, eta aulki gurpilduna erabiltzen dute toki batetik bertzera joateko. Bertze batzuek keinu hizkuntza erabiltzen dute hitz egiteko, eta eskuak altxatuz eta mugituz txalotzen dituzte hizlarien diskurtsoak. Nafarroako Cermi erakundeak desgaitasuna duten nesken eta emakumeen foro soziala egin du,...

Futbola, gizartea eraldatzeko tresna

Futbola, gizartea eraldatzeko tresna

Edurne Elizondo Izar den garaian, futbola aitzakia huts bilakatu dute Helena Bengoetxeak, Joseba Zabalzak eta Ivan Pastorrek, Palestinako Markaz Tulkarem taldeari buruzko beren proiektuaren bidez: iaz jarri zuten martxan, finantzaketa kolektiboari esker antolatutako argazki erakusketa batekin; orain, berriz, liburua prestatu, eta Iruñean aurkeztu dute, Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasaterekin batera. Futbola boterearekin eta diruarekin lotzen deneko garaian, elkartasuna lantzeko eta gizartea...

Atzoko itzala, gaurko argia

Atzoko itzala, gaurko argia

Kattalin Barber Hamar urte. Hamar atxilotu. Auzo bat: Iturrama. Hodei Ijurkoren espetxeratzeak eta hamar urte geroagoko askatzeak markatzen dute Iruñeko auzo horretako garai baten hasiera eta amaiera. Iazko irailean atera zen espetxetik Ijurko, eta, orain, euskal preso politikorik gabeko auzoa da Iturrama. Hamarkada «luze eta iluna» bizi izan du, eta ordutik honako ibilbidea jaso nahi izan du asteon aurkeztu duten...

Iritzia: ‘Soilik’ agur

Iritzia: ‘Soilik’ agur

Amets Aranguren Arrieta Lau gai izan ditut buruan egunotan gaurko zutaberako. Bat, aspaldi baztertua. Beste hirurak gutxinaka utzi ditut alde batera: ez nuen mami nahikorik batendako eta ausardia falta izan zait beste bien kasuan. Bueno, ba aspaldi bazterturikoa aritu da goiz osoan kax-kax, ate joka. Ireki behar izan diot atea… Bai, nik ere honen inguruan. Jolin, sentitzen dut, benetan, nik...

Berandu baino lehen

Berandu baino lehen

Edurne Elizondo

Etsipen sentipenarekin, baina lanean jarraitzeko asmo garbiz. Halaxe zegoen Itxaso Andres, hilaren 14an, Iruñeko Udaletxe plazan egindako protestan. AZ egitasmoak deitu zuen elkarretaratzera; plataforma horren barruan dago Bizitzeko Alde Zaharra izeneko elkartea, eta talde horretan aritzen da Andres, gentrifikazioaren eta turistifikazioaren aurka. Plazan protesta egiten zuten bitartean, herriko etxean hiriko etxebizitza turistikoen eta hotelen inguruko ordenantza berria onartu zuten udaleko taldeek.

"Ez da nahikoa; ez da ona", laburbildu du Andresek arautegi berriaren mamia. Alde Zaharrean bizitzen jarraitzeko aukera jokoan dela erantsi du, eta neurriak behar direla, berandu baino lehen, turistifikazioaren aurka. "Ez gara Bilbo edo Donostia, baina egungo Iruñea ere ez da duela hamar urtekoa", ohartarazi du.

Ordenantza berriak epe motzerako urratsak baldintzatuko dituela argi du, gutxienez hiru urtez egonen delako indarrean, baina lanean segitzera deitu ditu herritarrak, Alde Zaharreko bizilagunek bizitzeko auzo bat izaten jarrai dezaten. "Oreka behar dugu", berretsi du.

Azken urteotan, Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek jarri dute turistifikazioaren auzia mahai gainean, behin eta berriz. Kezka piztu du turismoaren azken garaiko garapenak, eta, batez ere, etxebizitza turistikoen kopuruak nabarmen gora egin izanak eta jarduera horren gaineko kontrolik ezak. Kezka horrek jo ditu udaletxeko taldeak ere, eta, ondorioz, iazko otsailean, jarduera hori mugatzeko neurriak hartu zituzten, lehendabizikoz. Orduan hasitako prozesua orain amaitu da, hilaren 14ko osoko bilkuran behin betiko ordenantza onartu eta gero.

Bi ardatz nagusi ditu onartutako arautegiak: batetik, etxebizitza turistikoen alokairuaren esparruan, ordenantzak ezarri du eraikinetako lehendabiziko solairuan egon ahal izanen direla, bakarrik; eta, betiere, ezin izanen dutela eraikinaren %25 baino gehiago hartu. Udaletxeko talde guztiek egin dute bat neurri horrekin.

Hirian hotel berriak zabaltzeko aukera ere mugatu du ordenantzak: Alde Zaharreko edozein etxaditan jarri ahal izanen dituzte, baina, edozein kasutan, ezin izanen dute etxadi horren %25 baino gehiago hartu. Neurri horren aldeko botoa eman dute Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik; EH Bildu, berriz, abstenitu egin da.

Hotelen jarduera mugatzeko onartutako neurria ez da prozesuaren hasieran mahai gainean jarritako bera. Lehendabiziko asmoa izan zen gutxieneko distantzia bat ezartzea hotelen artean. "Egokiagoa zela uste dugu, hiriko erdigunea hotelez ez betetzea bermatzen zuelako", erran zuen EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurreak, joan den asteko osoko bilkuran, bere taldearen abstentzioa azaltzeko.

Bizitzeko Alde Zaharra elkarteko Itxaso Andresek bat egin du. Ez du ontzat jo etxadi bakoitzeko hotel bat zabaltzeko aukera. "%25eko muga jarri dute, baina kontuan hartuta Alde Zaharreko etxadiak handiak direla, bakoitzean hotel bat jar dezakete. Neurriak ez du balio muga bat ezartzeko", salatu du Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak.

Unzuko aterpetxea

Itxaso Andresek adibide bat aipatu du hotelen jarduera mugatzeko aztertutako bi moduen eragina azaltzeko. "Udaletxe plazan hotel bat dago orain; distantziaren araberako muga ezarrita, lehengo Unzuren eraikinean zabaldu nahi duten aterpetxea ezin izanen lukete ireki; etxadi bakoitzeko bat ezartzen duen neurriarekin, berriz, Unzu aterpetxe bilakatzen ahal dute orain, arazorik gabe, ondoan beste hotel bat egon arren".

Aukera hori ematen duelako babestu du neurri hori Iruñeko alkate Enrique Maiak, hain zuzen ere. Hilaren 14ko osoko bilkuran "ontzat" eman zuen ordenantzak "etorkizuneko proiektuei ez eragitea".

Udaletxe plazaren ondoko Mercaderes karrikan da Unzu. Proiektu horren inguruko kezka ez da oraingoa: 2017an, jada, karrikan egin zuten protesta Alde Zaharreko bizilagunek proiektu horren aurka. 275 ohatze eskainiko ditu Unzun egin nahi duten aterpetxeak. Hasieran multinazional baten esku zen proiektua, baina, zarata hastearekin batera, Espainiako enpresa baten esku geratu da. Ereduarekin ere zalantza handiak daude. Hasieran, erromesentzat zen, eta, orain, familientzat omen da. Proiektuaren bultzatzaileek kartelez bete dituzte eraikineko balkoiak. Berdintasuna, Bizikidetza, Akordioa eta gisako hitzak jasotzen dituzten pankartak zintzilikatu dituzte, zehazki. AZ egitasmoko kideek ere Unzura eraman dute haiek egindako kartel bat, onartutako arautegiarekin hiriko Alde Zaharrean egon daitezkeen ostatu plaza guztien berri emateko. Kontua da, Andresek nabarmendu duenez, Alde Zaharra jada "saturatutako eremu bat" dela. "Ez dugu ostatu plaza berri gehiago nahi", erran du auzoko kideak.

Zehaztu du bizilagunek argi dutela turismoak onurak ekartzen dizkiola hiriari, baina ez dira prest, ordea, turismoaren zama guztia beren bizkar hartzeko: "Batetik, beste auzoek ere izan behar dutelako aukera turismoa aprobetxatzeko; bestetik, ezin dugulako onartu hirian egiten diren jarduera guztiak Alde Zaharretik pasatzea. Paseatzeko eta ongi pasatzeko auzoa da gurea, baina bai eta bizitzeko ere; eta bizitzeko baldintzak behar ditugu".

Legez kanpoko jarduera

Iruñeko udal ordenantzak etxebizitza turistikoen jarduera arautzea du helburu, baina legez kanpo ari direnen erregistroa sortzeko urratsik ez duela egin erran du Itxaso Andresek. "Informazioa falta zaigu, ez dugu datu zehatzik, eta udalak ez du neurririk hartu legez kanpo ari diren etxebizitzak identifikatzeko", erran du.

2017. urtean, ikerketa egin zuen Iruñeko Udalak, eta hirian 227 etxebizitza turistiko inguru legez kanpo ari zirela ondorioztatu zuen. Etxebizitza horiek, denera, 790 ostatu plaza zituzten. Etxebizitza horietako %34 zeuden Alde Zaharrean.

Urte bereko datuen arabera, legez 149 etxebizitza turistiko ari ziren Iruñean, 939 ostatu plazarekin. Kopuruak gora egin du, geroztik. 2018ko datuen arabera, Nafarroan 700 etxebizitza turistiko inguru dago, eta haietako 201 daude Iruñean. Iruñeko etxebizitza turistiko gehienak, gainera, Alde Zaharrean dira: %47, zehazki. "Gure auzoan, ostatu plaza bat dugu 5,4 biztanleko; gainerako auzoetako batezbestekoa da, berriz, ostatu plaza bat 38 biztanleko", azaldu du Itxaso Andresek.

Horregatik salatu du Alde Zaharra saturatutako eremua dela. Ez dira iritzi berekoak, ordea, Naparture Nafarroako Etxebizitza Turistikoen Elkarteko kideak: "Legez ari diren etxebizitzek ez dute arazorik eragiten; arazoa dira inolako kontrolik gabe ari diren legez kanpoko etxebizitzak; kontrolik ezak eragiten du auzoa saturatuta egoteko sentipena", erran dute.

Elkarteak ere ez du ontzat jo Iruñeko Udalak onartutako ordenantza. Ez dituzte, halere, Alde Zaharreko bizilagunek mahai gainean jarritako arrazoiak arautegi berriaren aurka egiteko. Elkarteko kideentzat arazo nagusia da jabe txikiei egiten diela kalte ordenantza berriak, eta mesede egiten diela, aldiz, enpresa handiei.

Enpresa handiei mesede

"Etxebizitzen esparrua anitz mugatu du arautegiak; eraikin oso bat erosteko aukera izanen duten jabe handiei egiten die mesede. Berriz ere, laguntzarik behar ez dutenak laguntzen ditu ordenantzak", salatu dute elkarteko arduradunek. Alde horretatik, Napartureko kideek argi utzi nahi izan diete Alde Zaharreko bizilagunei enpresa handi horiek direla denek duten etsai komuna. "Ez lukete gure kontra egin behar; benetako arriskua dira Unzuren gisakoaren proiektuen atzean daudenak".

Ordenantza izatea, halere, positibotzat jo dute elkarteko arduradunek, haien ustez lagunduko duelako legez kanpoko jarduerari aurre egiten. "Orain, behintzat, badugu erabil dezakegun araudi bat; denok bete beharko ditugu udalak mahai gainean jarri dituen joko arauak", nabarmendu dute Naparture elkarteko arduradunek.

Etxebizitza turistikoen inguruko joko arauak onartu eta gero, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideek. Itxaso Andresek salatu du, hain zuzen ere, arazo anitz eragiten dituela jarduera horrek auzoan. "Ez da bakarrik turisten kopuruak gora egitea; auzoa turistentzat izateak ekartzen du alokairuek gora egitea. Gertatzen ari da, jende askok alde egin behar izan du. Horrek bizilagunen egunerokoari eta auzoko denda txikiei eragiten die", azaldu du. Funtsean, "auzo eredua" dago jokoan.

Bizitzeko auzo bat nahi dutela argi du Andresek; eta oreka behar dutela horretarako. "Jarraituko dugu auzoak dituen arazoak mahai gainean jartzeko eta lantzeko lanean", erantsi du.

Iruñeak onartu du etxebizitza turistikoen inguruko bere ordenantza, jarduera hori orain arte baino gehiago mugatzeko asmoz. Iruñetik kanpo, Nafarroako Gonernuak eta Espainiako Gobernuak onartutako zuzentarauak daude indarrean, Napartureko kideek azaldu dutenez. Gora egin du etxebizitza turistikoen kopuruak, herrialdean, azken urteotan, eta gora egin du, halaber, jarduera horren inguruko kezkak herritar anitzen artean.

Behetik eta ezkerretik lan egin

Behetik eta ezkerretik lan egin

Kattalin Barber
Europa, xenofobia eta faxismoa. Elkarrekin agertzen dira maiz hitzok, eta horien inguruan hizketan aritu dira Askapenak antolatutako Herrietatik Europa berria eraikitzen izenburuko jardunaldietan. Katakraken egin dituzte, hilaren 15ean ...

Artelanak, gerraren negozioaren kontra

Artelanak, gerraren negozioaren kontra

Edurne Elizondo

Maniobra militarrak, berriz ere, Bardeako tiro eremuan. Ostiralean egin zituen Espainiako armadak, Bardeako Batzarrak bere webgunean ezagutarazi zuenez. Egun berean, erakusketa zabaldu zuen azpiegitura horren aurkako Bardea Libre plataformak, Iruñeko Kondestablearen jauregian. 59 artelan zintzilikatu dituzte, Odolezko dirua izenburupean, gerra eta gerraren negozioa salatzeko. Abenduaren 15era bitarte ikusi ahal izanen da.

1951. urtetik dago martxan Bardeako tiro eremua. Azpiegitura horri eusteko azken kontratua, hogei urterako, 2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. Iazko abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berritu zen, bertze hamar urtez. Aldaketa bakarra Bardeako Komunitatean bat egiten duten erakundeek jasoko zuten ordainaren kopurua izan zen: bikoiztu egin zen. 2008. urtetik, zazpi milioi euro jaso dute erakundeok, urtean; 2019. urte hasieratik, berriz, bikoiztu egin da kopuru hori, eta hamalau dira orain.

"Odolezko dirua" da hori, Bardeako tiro eremuaren aurkako plataformako kideentzat, eta horregatik egin dute izenburu hori hartu duen erakusketa. "Argi izan behar dugu diru horren atzean zer dagoen; herriek diru hori hartzen dute NATOren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko akordioen berri jaso ez dezaten. Auzi hagitz iluna da", erran dute Bardea Libre taldeko kideek, erakusketaren aurkezpenean.

Plataforma laguntzeko

Dirua da Kondestablearen jauregian zabaldu duten erakusketako ardatz: billeteak erabili dituzte parte hartzen duten artistek beren lanak osatzeko. Gerrak eta dirua lotu dituzte artista horiek beren obren bidez. Bardea Libre plataformako kideek gogoratu nahi izan dute hemendik at egiten diren gerra horiek Bardeako tiro eremuaren gisako azpiegituretan hasten direla; Bardeakoaren gisako tiro eremuak "armak probatzeko" tokiak direla, alegia.

59 lan hartu ditu Kondestablearen jauregiak. Haien bidez, bertze helburu batzuk ere badituzte tiro eremuaren aurkako herritarrek: batetik, auzia, berriz ere, mahai gainean jartzea, eztabaida pizteko; eta, bertzetik, tiro eremuaren aurkako lana egiten jarraitu ahal izateko dirua lortzea. Obren kopiak eros daitezke, hain zuzen ere, diru horren bidez plataformaren jarduera babesteko.

Iruñean erakutsi eta gero, Nafarroako bertze hainbat herritara eramanen dute erakusketa. Tiro eremuarena "nafar guztien arazoa" dela nabarmendu dute Bardea Libre plataformako kideek, argi eta garbi.

Iritzia: ‘Dura lex, sed lex’

Iritzia: ‘Dura lex, sed lex’

Lohizune Amatria

Legea gogorra da, baina lege. Betebeharra, gu guztion ongizatearen mesedetan, etorkizuneko belaunaldiek desio dugun gizartea bizi dezaten. Hitzez hitz hartu dute beretzat gure agintariek erromatar garaiko zuzenbidetik datorkigun esaera. Lege idatziak hautazko aukera oro deuseztatu zuen, lege saihetsezin eta orokortzaileak ezarriz. Nor-nori-nork aldagaia erabakigarria izan zen orduan; baita orain ere. Nork, zer eta noren mesedetan (eta noren aurka) ezartzen duen, alegia.

Maiatzean onartu zen Iruñean euskararen inguruko udal ordenantza berria. Ez ditu indarrean hilabete asko emanen hizkuntz eskubideak bermatzeko bidean aurrerapauso bat izan zen arauak. Ez gaituzte, baina, apirilean genuen egoerara eramango. Atzerago aurkitu du Enrique Maiak gustuko araua, betiere "gehiegikeriak" atzean uzteko. Ez omen baita onargarria hiriko paisaian euskarazko hitzak azaltzea (barkatu, aukera berdintasunik ematen ez duela esan nahi nuen). 6 Unibertsitate publikoa billabesa hartu eta nora doazen ez dakitela dabiltza elebakarrak.

Hirigunea, Auzogunea, Elkargunea eta Behatokia. Zertarako nahi ditugu euskaraz izendatu parte hartze organoak gaztelaniaz denek ulertzen badugu?

Hedabideen audientziaren arabera ezarriko ditu udalak aurrerantzean udal iragarkiak komunikabideetan. Hori baita "justuena": noraino iristen den, horraino emango zaio. Audientziaren muga, hori bai, guztientzat berdina izango da. Orokortzailea zapaltzailea denaren erakusle neurri hau. Gaztelania hutsean aritzen direnentzako, bi hizkuntzetan aritzen direnentzako edota euskaraz soilik aritzeko erabakia hartu dutenentzako, guztientzako berdin. Baliabideak murriztuz, euskaldunen ahotsa isilarazten saiatzen ari dira berriro.

"Eta kasu haurrei kontatzen diogunarekin, dena xurgatu egiten dute eta". Aurkitu dute hori konpontzeko bidea. Nafarroako ikastetxeetan erabiltzen diren euskarazko testuliburuak zentsuratu nahi dituzte (barkatu, ikuskatu), "Nafarroako curriculumarekin eta Foru Erkidegoko errealitate instituzionalarekin bat datozen egiaztatzeko". Gehiago ere eginen dute. Pailazoak aurten ez dira Iruñean egonen. Txosten tekniko bat falta dela esan, gehiago ez dute behar izan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna bertan behera uzteko. Dura lex, sed lex.

Elebitasuna modu "orekatuan" arautu nahi dute Navarra Sumak eta PSNk. Eskubideen balantza nabarmenki alde batera okerturik izanen dugu berriro elebidunek, eta orekari eusteko nola eginen dugun ez da egonen agintarien esku.

Gaur zortzi ez da haurrez beteko Baluarte. Baina Gaiarre leporaino bete genuen bi egunez jarraian Zaldi urdina antzezlana gozatu genuenok, eta aspaldi zintzilikatu zuten sold out kartela Navarra Arenan gaurko eta biharko kontzertuetarako. Zoritxarrez edo zorionez, euskal aisialdiak gurean asko du borroka eta erresistentziatik.

Ohar labur bat amaitzeko: Ez dut gaurkoaz spoilerrik nahi, eskerrik asko.

Oroitzapenak jotzeko notak

Oroitzapenak jotzeko notak

Edurne Elizondo

Hatz batek piano bateko tekla jotzen duen bezala: halaxe jotzen ahal du musika nota jakin batek pertsona baten burmuinean gordetako oroitzapen jakin bat.

Garuneko kortex prefrontalaren erdialdea da musika gordetzen den tokia, eta hor daude emozioak eta oroitzapenak ere. Denak lotzea du xede musika terapiak, alzheimerra eta antzeko dementziak dituzten gaixoekin. Afan alzheimerra dutenen senitartekoen elkarteak tailerrak antolatu ditu, herriz herri, hori egiteko. Isabel Laranjeira eta Jose Landa adituak dira arduradunak; urrian jarri ziren martxan, eta abenduaren 17ra bitarte ariko dira lanean.

"Hitz egiteko gai ez dena, bat-batean, abesten hasten ahal da". Musika terapiak lor dezakeena kontatzen duenean, zirrara sumatzen zaio ahotsean Laranjeirari. Iruñeko Erruki Etxeko zaharrak artatzen ditu, duela 11 urtetik. Danbor baten hotsak pizten dituen memoriek hunkitzen dute; musikak gizakien burmuinean eragiteko duen gaitasunak liluratzen du. "Alzheimerrak jo dituenen bizi kalitatea hobetzea da helburu nagusia; gaitza ezin dugu sendatu, baina mantsotzen ahal ditugu haren ondorioak", nabarmendu du Laranjeirak. Musikak lortzen ahal du bertze zerbait ere: "Komunikaziorako esparru bat ematen die gaixoei; hitza ez dagoen tokian, musika egon daiteke", erantsi du.

Nafarroan, 5.500 pertsonak dute dementziarekin lotutako diagnostiko bat; dementzia horren eragile nagusia alzheimerra da: kasuen %70ean dago, hain zuzen ere. Gaitzak emakumeak jotzen ditu batez ere, andreak gehiago bizi direlako. Herrialdean, dementzia duten 5.500 pertsona horietatik %70 emakumeak dira.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jarri ditu datu horiek guztiak mahai gainean. Argi utzi du, gainera, alzheimerra dutenen kopuruak gora eginen duela; batetik, populazioa zahartzen ari delako, eta, bertzetik, diagnostikoa egiteko gaitasunak hobera egin duelako. Hala eta guztiz ere, alzheimerrak jota dauden pertsona anitzek ez dakite gaitz hori dutenik, oraindik ere. Hainbat ikerketaren arabera, gaixo direnen %50ek ez dute diagnostikoa jaso.

Taldeka eta banaka

"Munduan kokatzeko aukera ematen die musikak alzheimerra dutenei". Horixe erran du Isabel Laranjeirak, eta azaldu du munduan kokatze horrek zer ekartzen duen: "Alzheimerra dutenak, neurri handi batean, beren gaixotasuna bilakatzen dira; hau da, gaitzak dena hartzen du. Musika terapiaren bidez, lortzen ahal dugu gaitza alde batera uztea denbora batez. Alzheimerra duenak errealitate propio bat bizi du, baina errealitate hori existitzen da".

Gaixo denaren emozioak balioestea hagitz garrantzitsua dela erran du Laranjeirak, bide horretan. Emozio horiek adierazteko bidea ematen du musika terapiak, hain zuzen ere. Taldeka eta banaka artatzen ditu Laranjeirak gaixoak. Modu batera edo bertzera, metodologia antzekoa da, baina ez berdina. Banakako lana, batez ere, gaitza hagitz garatua dutenekin egiten du. Taldekako saioetan, gaixoen artean sortzen den harremana ere terapiaren zati bilakatzen da, azaldu duenez. "Elkarri egiten diote so, elkar entzuten dute; nota batek aspaldiko kanta bat ekartzen ahal du gogora, bai eta kanta batekin lotutako une edo oroitzapen jakin bat ere", gaineratu du musika terapeutak.

Tresna bat da, finean, gaixotasuna duenarentzat, bai eta zaintzaileentzat ere. "Komunikazioa errazten du, eta gaitasunei eusten laguntzen du. Hobeki sentitzea da kontua". Zaintzaren esparrua ongi ezagutzen du Laranjeirak, bere ama jo baitu alzheimerrak. Gaitza dutenekin lan egiteko arrazoietako bat da hori, hain justu. Musika terapiaren berri izan zuen, eta sakontzen eta trebatzen hasi zen. Ia hamarkada bat egin du lanean jada. Zaintzaileak eta medikuak ditu bidean laguntzaile. "Musikaren onurak agerikoak baitira denontzat".