Herritarren bozgorailu

Herritarren bozgorailu

Ane Eslava

Argazkien plataforma bat eta ikus-entzunezko edukien atari bat. Garai ezberdinetan eta euskarri ezberdinekin sortutako bi hedabide. Bien helburua, berriz, berbera: herri mugimenduaren bozgorailu izatea. Asmo horri jarraitu diote Ekinklik Argazkiak-ek eta Ahotsa.info-k 2009an eta 2014an sortu zituztenetik, hurrenez hurren; hamar eta bost urteren ostean, horretan dihardute. Bi komunikabideak "aliatu" izan dira hasieratik, eta elkarrekin heldu dira urteurrenera ere: festa batekin ospatu zuten, martxoaren 30ean, Iruñean.

Hutsune bat betetzeko jarri zuten martxan Ekinklik 2009an, Dabid Sanchez kideak gogoratu duenez: "Zenbait kolektibotan elkarlanean aritu ginen lagun batzuek ikusi genuen gizarte mugimenduak egiten zituen gauza asko ez zirela hedabideetan islatzen, eta argazkilari aktibisten kolektibo bat sortzea erabaki genuen". Hala, "hedapenik gabeko borroka txikiei" zabalkundea emateari ekin zioten.

Ahotsa.info-ren sorrera ulertzeko, berriz, 2007ra jauzi egin beharra dago. Urte hartan, Nafarroako hainbat kazetarik Apurtu.org hedabide digitala sortu zuten, "eskubide zibil eta politikoen urraketak salatzeko", baina 2011n, Espainiako Auzitegi Nazionalak webgunea itxi egin zuen. Ondoren, Ateak ireki sortu zuten, aurrekoak utzitako tokia betetzeko, eta hori ere itxi egin zuten. Horren ondotik sortu zen Ahotsa.info.

Ahotsa.info-ko kide izan da hasieratik Miguel Angel Lamas Pitu, eta argi ikusten du beste webguneen itxierek sortutako haserreak ekarri zuela komunikabide berriarentzako "babes olatu bat". Hain zuzen, herritarren laguntzarekin lortu zuten finantzaketaren arazoari aurre egitea: "Finantzaketa kolektibo bidez bildu genuen dirua". Kontatu duenez, hasieratik argi ikusten zuten multimedia formatuko edukien aldeko apustua egin behar zutela. "Hori izan da gure ikurra".

Ahotsa.info-ren orduko lantaldea ez da gaur egungo bera. Garai hartan zeuden kideetako lauk jarraitzen dute orain, eta bi baino ez dira langileak; gainontzekoak boluntarioak dira. "Eta halako baldintzekin normala denez, gorabeherak izan ditugu taldean", onartu du Pituk. Gaur egun, hamar lagunek osatzen dute Ahotsa.info. Antzeko kasua da Ekinklik-ena ere, Sanchezek kontatu duen moduan: "Lau kidek eutsi diogu hasieratik, baina laguntzaile eta kolaboratzaile asko izan ditugu". Eta zehaztu du: haiek ez dira profesionalak, "argazkigintzaren aktibistak" dira.

Urte hauetan, eskura izan dituzten teknologiak baliatuz eta ilusioz, "gauza handiak" egitea lortu dutela adierazi dute Pituk eta Sanchezek. Haien ustez, bi webguneak dira erreferentziazkoak; batik bat Nafarroan, eta Ahotsa.info baita Euskal Herrian zein atzerrian ere. Pituren ustez, haien arrakastaren gakoa da erraz kontsumitzen diren edukiak ekoiztea, eta kalean zerbait gertatzen den aldiro han izatea. Sanchezen irudiko, haiek asmatu dute herri mugimenduarekiko gertutasuna izaten, eta ekintzarik txikienetako irudiak ere jasotzen.

Ekinklik eta Ahotsa.info herri mugimenduen komunikabideak dira. Baina hura aldatu egin da azken urteetan, eta kazetariek aldaketetara moldatu behar izan dute. Gizartearen eta instituzioen arteko "konfrontazio handiko" garaietan sortu zituzten biak, Sanchezek azaldu duen moduan: "Gu hasi ginenean, adibidez, greba orokor asko zeuden, eta borrokak toki handia zuen kalean".

Baina Nafarroako instituzioetara aldaketaren gobernua iritsi zenetik, gizartearen eta instituzioen arteko harremana aldatu egin dela ikusten dute: "Ukapen orokor batetik elkarlanera pasatu gara; pankartek tokia galdu eta proiektu eraldatzaileek bereganatu dute", adierazi du Pituk. Proiektuak, baina, ez dira horren deigarriak ikus-entzunezkoetan, haren ustez. Halere, "kostata" bada ere, uste du lortu dutela garai berrietara egokitzea. Adibide bat jarri du: lehen, kaleko istilu bat grabatuko lukete, eta, orain, berriz, Skolaeren inguruko erreportaje bat egin dute. "Eta onartzen dugu lehenak gehiago saltzen duela, bigarrenak lan handiago eskatu arren". Gainera, Pituk eta haren kideek beste oztopo bati ere egin behar izan diote aurre: zentsuraren mamuari. Mozal legea aplikatzeko mehatxuak egin izan dizkiete. "Halere, oraingoz mehatxu guztiak saihestu ditugu", zehaztu du.

Lagunarekin bat dator Sanchez ere. Haien kasuan, beste zailtasun bat ikusten dute: gaur egun, edonork du argazki kamera bat, eta jende guztia da gai argazki txukunak egiteko. Haiek, baina, badute balio handiko "altxor" bat: azken hamar urteetako artxiboa. "Milaka argazki ditugu, askotarikoak".

Zalantza garaia

Oztopoak oztopo, aurrera jarraitu dute. Horregatik, "poztasunez" ospatu dute bi hedabideen urtemuga; elkarrekin, eta haien komunitatearekin. "Jendea pozik zegoen, bost eta hamar urte ez direlako gutxi, jakinda gaur egun dauden oztopoak", kontatu du Ahotsa.info-ko kideak. "Eta beste hainbeste izan daitezela".

Aurrera begira haien helburuak zeintzuk diren galdetuta, zalantza da nagusi bi lagunen artean. Hauteskundeei so daude biak, bozen emaitzen arabera Nafarroan gauzak asko alda daitezkeela uste baitute. "Aldaketaren gobernuak jarraitzen badu, eraldaketarako proposamenak zabaltzen jarraituko dugu", adierazi dute. Eskuina nagusituz gero, ordea, "konfrontazio" garai berri bat hasiko dela pentsatzen dute. Eta, hala izanez gero, argi dute zein izango den haien lana: "Kaleko borrokei lehen lerrotik jarraitzea". Herri mugimenduen bozgorailu izateko aurrerantzean ere.

G7koen asmoen aurka bat eginda

G7koen asmoen aurka bat eginda

Edurne Elizondo

Hiriz hiri antolatzeko ordua da oraingoa. Eta Iruñean egin dute jada: jendaurrean aurkeztu dute G7koen aurka sortutako taldea. Euskal Herrian osatutako plataformaren adar gisa jarri da martxan talde berria, Iruñeko herritarrak, elkarteak eta eragileak aktibatzeko asmoz.

Lan horrekin hasteko, hain zuzen, bilerara deitu du Iruñeko taldeak. Hilaren 16an eginen dute, 18:30ean hasita, Zabaldi elkartasunaren etxearen egoitzan. Asmoa argia da: "Iruñean gailurraren aurkako erresistentzia eraikitzea".

G7koen gailurra, zehazki, datorren abuztuaren 24tik 26ra eginen dute, Miarritzen (Lapurdi). G7ko estatuburuen goi bileraren aurka egiteko sortu da, hain justu, G7 Ez plataforma nazionala, munduko herrialderik aberatsenen politikak salatzeko, eta, aldi berean, Euskal Herriko egoera agerian uzteko.

Hamaika pertsonak, elkartek, sindikatuk, alderdik eta eragilek egin dute bat Nafarroako hiriburuan sortutako taldean, asmo berarekin. Datorren astearteko bileran hasiko dira egin beharreko urratsak zehazten. Helburua izanen da G7koen "politika hiltzaileen" aurrean "beste mundu bat eraikitzeko" beharra aldarrikatzea.

"Jada eraikitzen ari gara beste mundu hori", erran dute Iruñeko plataformako kideek. Justizia sozialaren, elkartasunaren eta berdintasunaren aldeko lana nabarmendu dute, hain zuzen ere, eta G7ko estatuek "guztiz kontrako balioak" ordezkatzen dituztela gaineratu.

Aliantzak

G7koen aurkako herritarrek argi dute erakunde horretako estatuen bideak orain arteko bere politiken ondorioak sakontzea baino ezin duela ekarri. "Desberdintasunek gora eginen dute; klimaren aldaketaren arazoa larriago bilakatuko da, eta gerra inperialistek aurrera jarraituko dute". Egungo "sistema kapitalista globalizatua" jo dute Iruñeko taldeko kideek heteropatriarkatuaren eta kapitalaren arteko aliantzari eusten dion zutabetzat.

Sistema horrek eragiten dituen zapalkuntzen inguruko lana egin nahi du G7 Ez plataformak, abuztura bitarte. Estatuburuen goi bilerak Miarritzeko eta inguruko herritarren egunerokoan izanen duen eragina ere salatu dute Iruñeko taldeko kideek, eta nabarmendu dute, goi bilerak iraun bitartean, "askatasun publikoak erabat mugatuko" dituztela. Bertzeak bertze, manifestazio eskubideari eraginen dio G7koen bileraren inguruan ezarriko dituzten kontrol neurriek.

Bilerak "egiazkoa setioa" ekarriko duela erantsi dute taldeko kideek, eta horren aurka lan egitera deitu dituzte herritarrak. Iruñean bezala gainerako hiriburuetan sortutako taldeak nor bere kabuz ariko dira, baina, betiere, G7 Ez plataformak zehaztutako bidean.

“Jendearentzat bozgorailu izateko joaten gara kanpora”

“Jendearentzat bozgorailu izateko joaten gara kanpora”

Edurne Elizondo

Iruñera ekarri du Ana del Paso kazetariak (Madril, 1961) Reporteras españolas, testigos de guerra bere liburua (Debate, 2018). Euskal Herriko hainbat emakumezko kazetarik ere hartu dute hitza lan horretan. Haien lana ikusgarri bilakatu nahi izan du egileak, nazioarteko berriemaile gisa hamaika hedabidetan duen esperientziatik abiatuz.

Emakume kazetariei eman diezu hitza. Bazen garaia?

Egia da orain badela mugimendu bat emakume kazetarien artean, baina ni duela bost urte hasi nintzen liburua prestatzen. Ez dut egin liburua orain dagoen mugimendu horren harira, edo emakumeak modan garelako. Izan ere, modan egote horrek gogaitzen nau. Egia da Martxoaren 8ko bultzada nabarmena izan dela emakume kazetarien artean, baina anitz dago egiteko, oraindik ere. Uste dut badela garaia emakume kazetariok jendaurrean salatzeko denok jasan ditugun jazarpenak, bertzeak bertze, lan esparruan.

Urrats hori egitea zaila da oraindik ere?

Nik uste dut falta zaigula hainbat urrats egitea. Ez da nahikoa karrikara ateratzea soldatetan berdintasuna nahi dugula aldarrikatzeko; lan esparruan sufritzen dugun jazarpen hori ere salatu behar dugu. Harago joan behar dugu.

Orriotan erran du June Fernandez kazetariak feminismoak kazetaritza kultura osoari eragin beharko liokeela; ados zara?

Bai. Baina oraindik ere urrun garela uste dut. Iazko Martxoaren 8tik zer aldatu da emakume kazetariontzat?

Ez duzu aldaketarik sumatu?

Karrikak bete ditugu emakumeok; eta emakume kazetariok ere bai. Baina hasitakoari azkena ematea falta zaigu. Ez dut sumatu gure lan esparruan aldaketarik eragin duenik karrikan egindako protesta horrek. Mobilizazioek ekarri beharko lukete, adibidez, soldata berdintasuna, eta hori gertatzen ez bada, salatu beharko genuke. Ez da erraza, prekaritateak jotako sektorea baita kazetariona, eta anitzek lana galtzeko beldurra dute. Mobilizatzeko dugun gaitasunak emaitzak eman behar dizkigu, oraindik ere.

Prekaritate horrek nola eragin dio lanbideari?

Hainbat elementu jarri behar dira mahai gainean. Emakumeoi gertatzen zaigu hedabide patriarkal eta matxistentzat ez garela behar bezain on gu kanpora bidaltzeko, nazioartean sor daitezkeen gatazka armatuen berri emateko, adibidez. Aldi berean, inor ez bidaltzea erabakitzen dutenean, eta tokian dauden kazetari freelance-ak erabiltzen dituztenean, berdin zaie gizon edo emakume izan; haien bizitza arriskuan jartzen dutela berdin zaie, eta prezio irrigarriak ordaintzen dizkiete egindako lanagatik. Zinismoa erakusten du jarrera horrek. Lantaldean joateko gogoz diren emakumeei ez diete aukera ematen, garestiagoa delako baina baita patriarkatuaren paternalismoaren ondoriz; tokian daudenei, berriz, miseria ordaintzen diete lan egiteagatik.

Oraindik ere zailagoa da emakume kazetarientzat horrelako lanak lortzea?

Uste dut egoera aldatzen joan dela. Orain 70-80 urte dutenen artean, adibidez, Maruja Torresek erran izan dit denetarik egin behar izaten zuela erredakzioan, nagusien baimena lortzeko kanpora joateko; haserretu behar zuen, kolpea eman mahaian, joan ahal izateko. 50 urte inguru ditugun nire belaunaldikoak hagitz txaplatak izan garela uste dut, behin eta berriz eskatu dugu, eta lortu dugu, azkenean. 40 urte ingurukoen belaunaldikoek uste dut aprobetxatu ahal izan dituztela aurrekoek egindako urratsak. Hainbat arazo ez dira desagertu, eta borroka egin behar dute, oraindik ere, kanpora joateko, baina egin dira urratsak.

Hamaika txokotan aritu zara. Anitz aldatu da lan egiteko era?

Baietz uste dut. Bada, halere, aldatu ez den zerbait, eta nik hori jarriko nuke erdigunean: irakurleari kalitatezko informazioa eskaini behar diogula beti. Horrek izan beharko luke gure helburua, beti. Kazetarion betebeharra da informazioa dagoen tokian egotea. Siriaren gisako herri batean, miresgarria da hango kazetariek egiten duten lana; haiek, gainera, ez dute alde egiteko aukerarik, guk bezala. Baina guk ere egon behar dugu han.

Emakume kazetariak egon badaude; isilpean gelditzen da haien lana, anitzetan, ordea?

Gutxiago nabarmentzen gara emakumeok. Ez dugu protagonista izatea maite. Gizonen egoa handiagoa izaten ohi da. Hollywoodeko filmek utzi diguten iruditeria ere hor dago, eta horietan gizon altu, kementsu eta ausartak dira gerra berriemaile. Emakumeok, oro har, ez dugu nabarmentzea maite. Gure lana istorioak kontatzea da, eta hori da asetzen gaituena. Gure lana ongi egiteak. Jendearentzat bozgorailu izateko joaten gara joaten garen tokietara. Baina orain zaila da. Ez gaituzte bidaltzen. Europan gertatzen ari den eskuin muturraren gorakadak kezkatzen nau, eta uste dut gizarte osoak kezkatu beharko lukeela. Baina ez dugu horren berri ematen modu sakon batean. Gabeziak badira.

Nolako gabeziak?

Anitz hitz egiten da trantsizioaren garaiaz, baina informazio askatasunak, adibidez, gabeziak baditu, mugak baditu. Espainian, adibidez, ustelkeria ez da behar bezainbertze jorratzen. Eta nekez lortuko duzu herri demokratiko bat kazetariei mugak ezartzen badizkiezu. Hagitz arriskutsua da. Kazetariok ere badugu zer aldatu. Argi izan behar dugu gure lana dela kritiko izatea, eta boterea zalantzan jartzea; ez babestea.

Iritzia: Kontrolak

Lohizune Amatria

Korrika lasterraldian parte hartzeak sortzen didan zirrara, ilusioa eta emozioa bildu nahi nituen lerro hauetan: lekukoa lehen aldiz hartzen duen horren irribarrea nolakoa izan den zuei kontatu; herri batean kilometro bat egin, atzetik zen autoan igo, Korrika aurreratu, eta maldan gorakoa saihestuz beste kilometro batean nola batu garen azaldu; Pirinioetako bailarek egunotan euskararekiko erakusten duten konpromisoa islatu…

Halakoak, baina, asko irakurriko zenituzten egunotan. Horregatik agian, edo kontatzera noan honek sortzen didanagatik, aldatu dut zutabe honen edukia. Edo edukia baino, ikuspuntua.

"Zerbait larria gertatu dela dirudi, inoiz baino polizia gehiago dabil errepidean". Duela pare bat aste iritsi zitzaidan mezua, ostirala zen. Nirekin ere gurutzatu ziren argidun auto zenbait hiritik Pirinioetarako bidean gora nindoala. Ohikoan baino gehiago zirela pentsatu nuen nik ere bai.

Sumo horrekin bat eginez, bigarren batek idatzi zuen: "Kontrola ezarri dute hemen". Minutu gutxira heldu zen hurrengo mezua: "Hemen ere ezarri dute, bi norabideetan". Eta ez ziren mezu bakarrak izan asteburu horretan. Hurrengo egunean, antzerako beste bi jaso nituen.

Inguratuta eman genuen asteburua, kontrolatuta. Eta nahigabe hasierako hipotesi hura izan nuen buruan bueltaka: "Egia izango ote da bada? Zerbait larria gertatu ote da?". Baina igaro dira zenbait egun, eta, ez, ez da aparteko ezer entzun inguruan.

Gertatukoari azalpen xume bat eman dakiokeen albistea zekarren egunkari espainiar batek duela aste gutxi. Landa eremuko kuartelak sendotuko ditu Espainiako Gobernuak despopulatzeari aurre egiteko. "Gutxiegi erabiltzen dituen" azpiegiturak indartuz, jendez hustutako eremuak dinamizatu nahi ditu Pedro Sanchezen gobernuak. Diotenez, lanpostuak bakarrik ez, "herrietan falta diren" zerbitzuak eta sareak heda ditzakete.

1.820 guardia zibil ditu aktibo Guardia Zibilak Nafarroan. Langile gehien dituen erakundea da - 1.100 foruzain eta 739 polizia daude Nafarroan -, baina PSOEk gehiago jarri nahi dizkigu. Garai ilunak datozkit burura.

Korrika abiatzeko egun gutxi geratzen zirela beste berri bat iritsi zitzaidan. "Aupa! Aste honetan guardia zibilak bi isun jarri dizkigu Korrikaren harira". Erronkarin ezarri zuten lehenengo isuna: karrika-korrikan parte hartzen ari zirenei 500 euro eskatu dizkiete. Bigarrena, Aezkoan jarri dute. Kilometroak markatzen ari zirenek jaso dute, autoa errepidean uzteagatik. 80 euro.

Argi dago, ari da jada Guardia Zibila landa eremuan lanean. Diskurtsoa aldatuko dute, baina molde bera erabiltzen ari dira. Beti bezala, euskararen aldeko mugimendua oztopatzen dabiltza, errepideak kontrolez josiz izua hedatzen… Noren arazoak konpontzeko neurria izango ote da kuartelak sendotzearena?

Gauzak gertatu dira, bai; eta larriak dira, gainera. Baina, tamalez, ez dira apartekoak izan. Eskerrak oraindik asko garen lekuko baten atzean hamaika egunez korrika egiteko prest gaudenak hemen. Herri zoro zoragarria da gurea.

Musika egiteko pasioa

Musika egiteko pasioa

Edurne Elizondo

Gogoan dut, behin, oholtza gainera igo, eta pentsatu nuela: hau da benetan maite dudana, hau da beti egin nahi dudana; oholtza gainera igotzen jarraitu nahi dut, eta gauzei beren kasa gertatzen utzi". Maite Beaumont mezzosoprano iruindarra da mintzatu dena. Adi entzun ditu lagunaren hitzak Sabina Puertolas Tafallako sopranoak, eta buruarekin keinu bat eginez baieztatu ditu. Gehiago erantsi nahi izan du: "Maite duguna egiten dugulako sortzen da magia oholtza gainean. Musika egiten dugu, sortzen dugu, eta hor magia bada".

Iruñean eta Tuteran egin dute bat Beaumontek eta Puertolasek. Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritu dira hiriburuko Baluarte auditoriumean eta Tuterako Gaztanbide antzokian, Manuel Hernandez-Silvaren zuzendaritzapean. Pergolessiren Stabat Mater obra eskaini dute abeslariek.

"Bi kantariok elkarrekin entzun nituen lehendabiziko aldiak erabat hunkitu ninduen; beti gogoratuko dut orduko sentsazio zoragarria", erran du Hernandez-Silvak, Beaumonti eta Puertolasi buruz. Bien arteko harremana estua da oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere.

"Pablo Sarasate kontserbatorioan ezagutu genuen elkar. Oroitzen zara garai hartaz? Nire ahizpak ere han ikasten zuen", galdetu dio Beaumontek Puertolasi. Gogoan ditu ordukoak, bai, Tafallakoak. Ikasketak amaituta, halere, nork bere bidea egin zuen, eta Euskal Herritik kanpo egin zuten topo, berriz ere. "Bruselan", gogoratu dute.

Iruñean kantu eta biolin ikasketak amaituta, Alemaniara joan zen Maite Beaumont, trebatzen jarraitzeko. Hanburgoko Musikhochschulen aritu zen, zehazki, Hanna Schwarzekin. Hanburgoko Opera Studioko kide bilakatu zen, eta, gerora, Ensemblekoa. Puertolasek, berriz, Iruñetik Italiarako bidea egin zuen: Sienako Accademia Chigianan ikasi zuen, bai eta Bussetoko Accademia Verdianan ere. Hamaika kontzertu eta operatan parte hartu dute bi abeslari nafarrek, eta hainbat disko grabatu dituzte.

Nafarroatik kanpo aurkitu dituzte biek operaren munduan bide bat egiten hasteko lehen aukerak, baina estimatzen dute anitz Iruñeko kontserbatorioan jasotako heziketa. Sorterrian maite eta estimatzen dituztela sentitzen dute. "Tafalla herri txiki bat da, baina kultur jarduera guztietan parte hartzen nuen nik, eta beti eskertuko ditut abesteko izan nituen aukera horiek guztiak", erran du Puertolasek.

"Maila handiko musika heziketa jasotzeko aukera bada Iruñean; hutsunea mundu profesionalera jauzia egiteko orduan sumatzen da, ikasketen eta lanaren esparruen arteko zubirik ez baitago", azaldu du Beaumontek. Horregatik erabaki zuen Alemaniara joatea. "Lehendabiziko rolak lortzeko, sasoi iraunkor bat dagoen toki batera joan behar duzu. Oholtza gainean egoten ikasi behar duzu, pixkanaka", erran du. Ados da Puertolas ere. "Ikasketak amaituta, garrantzitsuena da esperientzia lortzea, eta hemen ez dago azpiegitura egokirik. Dagoen tokira joan behar duzu, trebatzeko, ikasten jarraitzeko", erran du.

Heldutasunean

1996. urtean, Julian Gaiarre kantu txapelketako hirugarren saria irabazi zuen Puertolasek. Ordutik egindako urratsek moldatu eta aldatu dute sopranoa. "Nire burua, nire gorputza, nire ahotsa aldatu dira". Beaumontek ere heldutasunak emandakoa nabarmendu du, eta eskertu du esperientziak ekarritako segurtasuna. "Ikasten duzu zuretzat zer den onena; zer-nolako rolek egiten dizuten mesede eta zeintzuk ez".

Abeslariek, batez ere, abesten jarraitzeko izan duten aukera eskertu dute. Beaumont: "Nik ez nuen uste, duela hogei urte, musika nire lanbide bilakatu ahal izanen nuenik". Puertolasek ere ez. Horregatik, helburuak zehaztea ez du gustuko Tafallako sopranoak. "Inportanteena bidea da; urrats bakoitzarekin gozatzea". Egiten dutena gustuko izatea ezinbertzekoa da operaren esparruan aurrera egiteko. Hori argi dute sopranoak eta mezzosopranoak; eta ongi dakite, halaber, gustuko duten hori egitea ez dela nahikoa. "Lan egin behar duzu; aukerak bilatu behar dituzu; eta zortea ere alde izan behar duzu. Lehia handiko esparrua da gurea", erran du Beaumontek.

Oholtzaren atzean gertatzen direnei buruz jendeak gutxi dakiela azaldu du mezzosopranoak, baina oholtzaren atzean hartzen dira erabaki nagusiak, hain zuzen ere. "Produktu bilakatzen gara, neurri batean; abeslari bakoitzak baditu bere ahotsa, bere nortasuna, hobeki egokitzen zaizkion rolak, oholtzan mugitzeko bere modua, eta hori guztia hartzen du zuzendariak kontuan zu edo bertze bat kontratatzea erabakitzen duenean".

Agentzien lana aipatu du Sabina Puertolasek. "Haien zeregina da sortutako produktua saltzea". Nabarmendu du, halaber, opera baten atzean talde lan handia dagoela, eta denen lanak eragiten diola bertzeei. "Bertzeen lana ere kontuan izan behar duzu zurea egitean". Ezinbertzeko bertze ezaugarri bat badela nabarmendu du Puertolasek: "Malgutasuna. Malgutasunez jokatu behar duzu mundu honetan aurrera egin ahal izateko, zuzendarien lan egiteko moduetara, oholtzetara, bertze abeslarien eretara egokitzeko".

Maite Beaumontekin lan egitea erraza da Puertolasentzat. Hori baino gehiago: "Kolpean maitemindu nintzen bere lan egiteko moduarekin, bere ahotsarekin. Babesa sentitzen dut elkarrekin abesten dugunean". Agerikoa da bi abeslarien arteko konplizitatea; agerikoa da musikarekiko duten grina eta pasioa. Eta agerikoa, batez ere, oholtza gainean dena emateko duten ardura. "Zure onena ematera atera behar duzu beti oholtza gainera. Sabinarekin erraza da. Ongi ulertzen dugu elkar, eta gure ahotsek bat egiten dute", erantsi du Beaumontek.

Jendez betetako espazioa da antzoki bat. Opera bat estreinatu ondoko besta giroa nabarmendu du Puertolasek. Baina makillajea kendu eta hoteleko gelara itzultzearekin batera, bakardadeak harrapatzen du artista. "Momentu hori zaila da; arrakasta lortu edo porrot egin, bakarrik zaudenean, jakin behar duzu zure burua eta zure emozioak kudeatzen; bertzela, zureak egin du".

Lagunarekin bat egin du Iruñeko mezzosopranoak ere. "Zu zeu zara zure kritikaririk zorrotzena. Zuk inork baino hobeki dakizu noiz eman duzun onena". Gerta daiteke onena emanda ere nahi edo espero bezainbertze txalo ez jasotzea. Baina horrek ez du Beaumont gehiegi kezkatzen. "Nire buruarekin ongi eta lasai sentitzea da kontua; hori lortuta, gainerakoek bost axola", erran du, irmo.

Etxetik urrun

Maite Beaumontek Iruñean du etxebizitza; Sabina Puertolasek, berriz, Madrilen. Etxetik kanpo ematen dute denbora anitz, halere. "Gure lanbideak hori du, hemendik harat ibili behar dugula. Gauza anitz utzi behar ditugu bazter", erran dute. Merezi duela zalantzarik ez dute, halere. Baina zenbaitetan etxekoengandik urruntzea zailagoa dela onartu dute biek.

Alaba bat du Beaumontek, eta seme bat, berriz, Puertolasek. "Haiekin egoteko dugun denbora guztia aprobetxatzen dugu". Amatasuna eta lanbidea uztartzea ez da beti erraza, bi abeslariek onartu dutenez. Baina ez dute uste haientzat bertze edozein lanbidetan ari den emakume batentzat baino zailagoa denik.

Egutegiari so egon behar dute beti, halere. "Harat eta honat". Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritzeko, astebeteko oporraldia eman diote Beaumonti, Madrilen. Verdiren Falstaff lana aurkezteko ari da lanean. Ostegunean eta ostiralean Iruñean, eta larunbatean Tuteran abestu eta gero, igandean itzuli zen mezzosopranoa Madrilera.

Sabina Puertolasek ere Madrilen du hurrengo lana: Doña Francisquita ari da prestatzen. Handik Oviedora joanen da, eta, gero, berriz, Txilera. Atseden hartzeko ia denborarik ez dute. Baina kontent dira. "Maite duguna egiten", berretsi dute. Operara hurbildu nahi dute jendea. "Oraingoa jada ez da diven garaia", erran dute.

Hasieran errandakoa berretsi dute Puertolasek eta Beaumontek, halere. Maite dutena egiten dutelako beren ahotsek magia sortzen dutela oholtza gainean, alegia. Musika egiten dutela abesten dutenean. Eta elkarrekin abestea biziki maite dutela. Agerikoa da elkar ongi ezagutzen dutela; elkar errespetatzen dutela. Oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere, artista direla. "Divak? emakume arruntak gara", barre egin dute.

Bide luze baten lehen urratsa

Bide luze baten lehen urratsa

Ane Eslava

Borroka luze baten ostean lortu dute. Amiantoaren biktimek urteak daramatzate eskatzen kendu ditzatela mineral horrekin egindako eraikin, teilatu eta material guztiak, eta, azkenean, Nafarroako Gobernuak pausoa eman du: amiantoa ezabatzeko plan zuzentzailea onartu du. Biktimak pozik daude, halako egitasmo bat onartzen den lehen aldia delako, baina ohartarazi dute hura aurrera ateratzea "zaila" izango dela, eta arazoa "presazkoa" dela.

Amiantoa mineral oso toxikoa da, eta, bere arroka naturaletatik erauziz gero, zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du. Zuntz horietako bakar bat irentsiz gero, birika albeoloetan iltzatuta gera daiteke, eta hasieran ez du sintomarik sortzen, baina, 30 bat urteren ostean, hainbat eritasun eragiten ditu. Pleurako mesotelioma da ohikoena, baina beste batzuk ere badira: minbizia, asbestosia, perikardioa… Gaitz horiek ez dute sendabiderik; gaixoek kimioterapia jasotzen dute, gaixotasunaren kalteak moteltzeko; baina ez dira sendatzen.

AEBetatik ekarri zen amiantoa, XX. mendean, eta erruz erabili zen industrian, inolako babesik gabe. Lantegietara eramaten zituzten kutxek arriskuaz ohartarazteko zigiluak zituzten; baina, kutxak sartzean, zigilu horiek kentzen zituzten. Europako Batasuna 1983an hasi zen amiantoaren erabilera erregulatzen, baina 2005era arte ez zuen guztiz debekatu. Ordurako toki askotan zegoen: eskoletan, lantegietan, etxeetan… Gaur egun, hor jarraitzen du, eta, deskonposatuz gero, edonork arnas dezake.

"Ezkutuko gaitz bat da", laburbildu du Maria Asun Fernandezek. Amiantoak kalte egindakoen artean dago Fernandez, eta Ananar Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkarteko presidentea da. "Oso positibotzat" jo du Nafarroako Gobernuaren egitasmoa, baina arazoak erantzun azkarrak eskatzen dituela adierazi du. "Izan ere, inork ezin du jakin gaur egun jendea kutsatzen ari den edo ez; kaletik paseatzen ari zarela kutsatu zaitezke, eta hemendik 35 urtera minbizia izan".

Nafarroako Gobernuaren dokumentuak aditzera eman du, lehen aldiz, herrialdean dagoen amianto kopurua. Datua kezkatzeko modukoa da: uralita edo zuntz zementuzko 6,37 milioi metro koadro daude, eta kanalizazioetako 566 kilometro. Gainera, oraindik zenbatu ezin den ezkutuko fibrozementua ere badela esan du gobernuak.

Lanean kutsatutako gaixoei dagokienez, 2018an 3.192 pertsona zeuden Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko erregistroan. Horiek Nafarroako Ospitale Guneko Pneumologia zerbitzuko jarraipena dute. Bestalde, kalkulatu dutenez, pleurako mesotelioma kasuen %20 ez dira lanean kutsatutakoak, ingurugiro esposizio bidez kutsatutakoak baizik.

"Oso kopuru larriak dira, eta, orain arte, gainera, ez zieten inolako garrantzirik ematen", nabarmendu du Ananarko presidenteak. Halere, "kontent" dago azkenean datuak eskura izateagatik, asko kostatu zaielako lortzea gobernuak zenbaketa egitea.

Fibrozementuak 30 eta 50 urte arteko bizitza erabilgarria dauka. Horren ostean, zuntzetan desegiteko aukera areagotu egiten da. Beraz, kalkulatu dute instalatuta dauden materialen %65ek izango dutela agortua bizitza erabilgarria 2020rako, eta guztiek, berriz, 2040rako. Hain zuzen ere, Europako Batasuneko irizpen batek agintzen duenez, 2032. urterako EB osoko amianto guztiak kenduta egon beharko luke. Hori dela eta, esku hartzea "urgentziazkoa" dela azpimarratu du Fernandezek: "Egin beharrekoa orain egin dezatela. Ezin dugu 2040ra arte itxaron. Jende gehiegi hil da dagoeneko". Gobernuaren urratsa hauteskundeei begirako estrategia bat ez izatea espero duela esan du Ananarko presidenteak.

Nafarroako Gobenuraren aurreikuspenen arabera, amiantoa kentzeko planak 245 milioi euroren kostua izango du, eta hamabi urte iraungo du. Administrazioko teknikari talde batek diseinatu du plana, eta fibrozementuzko estalkien teledetekzioa eta geolokalizazioa, berriz, Tracasa enpresa publikoaren eta NUPeko Ingeniaritza Departamentuaren ardura izan da. Hornikuntza eta saneamendu mankomunitateei fibrozementuzko kanalizazioen inguruko informazioa eskatu diete, eta, azkenik, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoari eskatu diote txosten bat egin dezala, amiantoa kendu ondoren zabortegian biltzeko aukerak aztertzeko.

Plan zuzentzailean garrantzi handia eman diete amiantoa segurtasunez kentzeko hartu beharreko neurriei, langileen osasuna bermatzeko. Bestalde, herritarrei zuzendutako informazio kanpainak eta talde zein profesionalentzako formakuntza egitea ere proposatu dute.

Ikerketa eta konpentsazioa

Amiantoa kentzea egin beharreko urrats nagusietako bat da, baina ez bakarra; hori uste du Ananarko presidenteak. Horrekin batera, amiantoarekin lotutako gaixotasunen inguruko ikerketa bultzatzea ere ezinbestekoa dela uste du. "Elkartean, baina, ez dugu diru laguntzarik jasotzen ikerketarako, eta Gizarte Segurantzak ez du ezer egin ikerketaren arloan", salatu du. Ananar elkarteko kideak Nafarroako Unibertsitate klinikarekin lanean ari dira, ikerketa batean, baina Fernandezek azpimarratu du "prest dagoen edozeinekin" lan egingo dutela.

Bestalde, kaltetuentzako konpentsazio funts bat sortzea ere eskatzen dute. Dagoeneko lortu dute Espainiako Kongresuak funts baten sorrera onartzea. "Hiru zutabe horiek eskutik helduta egon beharko lukete: amiantoa ezabatzea, ikerketa eta kopentsazioa", azaldu du Ananar elkarteko presidenteak. Eta neurriak hartzen hasteko garaia badela gaineratu du, "berandu baino lehen".

“Lortu dugu burbuila feministatik ateratzea eta erreferente izatea”

“Lortu dugu burbuila feministatik ateratzea eta erreferente izatea”

Edurne Elizondo

Aurreiritziak eta pribilegioak zalantzan jartzen dituzten istorioak maite ditu June Fernandezek (Bilbo, 1984). Kazetaria da, eta Pikara Magazine-ko editore. Astintzen duten istorio horiek kontatzea lanbide hartu du, bertzeak ere astintzeko asmoz. Iruñean egon da lan horretaz hitz egiten.

Zure esperientzia abiapuntu hartuta, zer ematen dio feminismoak kazetaritzari?

Nire kasuan eman dio nire begirada zabaltzea eta aberastea. Teoria feministatik pila bat ikasi dut, eta hori baliagarria izan zait ikuspuntua bilatzerakoan. Pikara-ko esperientziari buruz, hasieran, kazetaritza feministari buruz pentsatzen genuenean, buruan genituen ikuspuntuak, protagonistak; baina gerora konturatu gara feminismoak eragin behar diola kazetaritza kulturari ere; hau da, eragina izan behar du prozesuetan, elkarrizketatzen dugunarekin dugun harremanean, gaiari egiten diogun jarraipenean. Kazetaritzaren esparruan ere zaintza erdigunean jartzea litzateke kontua. Horrek ekartzen du unibertsitatean ikasitako gauza asko zalantzan jartzea.

Zer, adibidez?

Irakasten digute elkarrizketatuei inoiz ez zaizkiela galderak aldez aurretik bidali behar. Agian, zenbaitetan hala egin behar da. Emakume askorentzat, adibidez, zaila da hedabideetan parte hartzea, eta konfiantza hori eman behar diezu. Mezuak behar du izan hedabideen dinamikak zalantzan jarri behar direla, eta despatriarkalizatu.

Bide horretan urratsak egiten ari zarete zuek, Pikara Magazine-rekin?

Gu ere ari gara ikasten. Gure kabuz ikasi dugu. Lantalde txikia dugu oraindik ere, baina bederatzi urte egin ditugu jada, eta paperezko edizioa ere badugu.

Erreferente bilakatu zarete.

Uste dut lortu dugula burbuila feministatik ateratzea, eta hainbat hedabiderentzat erreferente bilakatu gara. Hedabide askorekin lankidetza dugu, ikastaroak ematen ditugu...

Kazetaritza feminista egin daitekeela erakutsi duzue?

Bai. Oraingoa, gainera, une bitxia da guretzat. El País egunkariak, adibidez, badu genero arduradun bat; Efe agentziak ere martxan jarri du feminismoari buruzko atari bat; eta Eldiario.es hedabide digitalak ere genero sailburu bat du. Ematen du hedabide hegemonikoek ere ulertu dutela feminismoa estrategikoa dela. Albiste ona da, baina, aldi berean, bitxia, hasieran, Pikara-rekin hasi ginenean, feminista hitzak berak estigma bat zekarrelako. Egoera horretan, erronka da argi izatea gurearen gisako hedabide batek zer ematen ahal duen, beste medioek ematen ez dutena.

Eta zer da ematen duen hori?

Kontua da mugimendu feministaren ekarpenak aprobetxatzea, eta begirada benetan kritiko bati eustea.

Hedabide hegemonikoetan zer neurritan da etiketa huts feminismoarena?

Kasuan-kasuan aztertu beharko genuke. Uste dut lankide feministak hor zeudela lehendik ere hedabide horietan, eta borroka egiten zutela. Orain feminismoak zilegitasuna lortu du, eta horrek ekarri du hainbat aldaketa.

Iazko Martxoaren 8ko grebarako deialdi zehatza egin zuten emakume kazetariek. Hortik etorri dira aldaketa horiek?

Uste dut kazetari horien mobilizazioaren ondorio izan direla hedabide horietan genero arduradunak sortzeko urratsak. Oraindik ere, hedabide gehienen egiturak oso patriarkalak dira, baina gure ahotsa entzunarazi dugu.

Erran izan duzu kazetaritzak aukera ematen dizula interesatzen zaizun jendearen istorioak ezagutzeko.

Nire apustua da istorioak konplizitatetik eraikitzea. Norbaiten bizitza interesatzen zaidanean, haren diskurtsoa ezagutarazi nahi dut, errespetutik abiatuz. Elkarlanean osatu behar dugu kontakizuna. 10 ingobernables liburuan, adibidez, prozesua horrelakoa izan zen, oso kolektiboa. Parte hartu zutenek aukera izan zuten aurretik testua irakurtzeko eta aldaketak egiteko. Nire beldurra da pertsonen istorioak nireganatzea, nolabait; horregatik nabarmentzen dut errespetuarena, kontuan izatea zerbait kontatzeak elkarrizketatu duzun horren bizitzan eragina izan dezakeela.

Nola aukeratzen dituzu kontatu nahi dituzun istorioak?

Liburuan, adibidez, protagonista gehienak ez ditut nire kazetari rolean ezagutu; harremana sortu da nire bizitza pertsonalaren esparruan edo aktibismoan. El Salvadorko Nicole Santamaria, adibidez, emakume intersexuala da. Bere istorioaren berri eman zidan konfiantza giro batean, bazkari batean. Entzun nuenean, kontatu nahi nuela pentsatu nuen. Saiatzen naiz ikusezin diren errealitateak ezagutzera ematen. Interesatzen zaizkit, batez ere, gure aurreiritziak zalantzan jartzen dituzten istorioak.

Mugimendu feministaren barruan ere bada zer konpondu?

Nik uste dut mugimendu feminista autonomoak autokritikarako gaitasuna baduela, eta bere subjektu politikoa zabaltzeko apustua. Madrilen emakume arrazializatuen aurkako erasoak egon dira, emakume feminista arrazistak egon badirelako. Baina koordinakunde feministak arrazakeriaren aurkako apustu garrantzitsua egin du; erdigunean jarri ditu etxeko langileen egoera eta atzerritarren legearen aurkako salaketa. Mugimendu gisa, uste dut badela pribilegioak berrikusteko eta hegemonia zalantzan jartzeko apustua. Egia da, hala ere, gertaera kezkagarriak jazo direla.

Zerk kezkatzen zaitu zu?

Adibidez, gertatzen ari da feminismo erradikalaren izenean emakume transak baztertzen ari direla batzuk. Twitterren bada hori egiten duen eta oihartzun handia duen talde bat. Azken boladan, gainera, batzar feministak ere boikotatzen ari dira hainbat tokitan. Bitxia da, eskuin muturraren gorakada gertatzen ari denean, gune feminista batzuetan ere diskurtso transfoboak eta gorroto diskurtsoak azaleratzen ari baitira. Eskuin muturraren mehatxua aurrean dugun honetan, garrantzitsua da feminismoa ez hartzea borroka isolatu gisa; argi izan behar dugu iraultzak izan behar duela feminista, antikapitalista, arrazakeriaren aurkakoa... Hori guztia lotuta dago. Feministok ere entzun behar izan dugu ezkerreko gizonen ahotik klase borroka dela lehentasuna, eta gero datorrela genero zapalkuntzarena. Tamalgarria da hainbat feminista txurik horrelako diskurtsoak errepikatzea.

Kapazitismoaren aurkako borrokarena da anitzetan ezkutuan gelditzen diren errealitate horietako bat.

Bai. Marta Plazarekin asko ikasi dugu, adibidez, neurodibergentziari buruz. Duela gutxi, Pilar Lima ere elkarrizketatu genuen; gorra da, eta argi esan zigun kapazitismoak matxismoak baino gehiago eragiten diola. Orain asko hitz egiten da identitate borrokaz. Nik argi dut identitatearen eta egoera materialaren arteko lotura badela. Transen inguruan mintzatzea, adibidez, ez da soilik identitate kontu bat; osasun eskubideak, prekaritatea eta beste daude erdigunean.

Iritzia: Gizonak auzolanean

Saioa Alkaiza
Maskulinitatearen performance bat da auzolana. Sasiak garbitzen, paretak margotzen, pitzadurak konpontzen, oholtza muntatzen edota mahaiak eramaten zaudenean ikustea nola mundura zis gizon heterosexual sortutakoek elkarren arteko gizontas...