Parekorik gabeko ibilbide bati aitortza

Parekorik gabeko ibilbide bati aitortza

Ane Eslava

Hilaren 9an 175 urte bete ziren Julian Gaiarre kantari entzutetsua jaio zenetik. Erronkari ibarreko laborari familia batean sortu zen Gaiarre, eta munduko tenorrik onenetako bat bihurtu zen gero. Erronkariarrek "beren nortasunaren partetzat" daukate abeslaria. Hala ere, uste dute lana dutela oraindik abeslariari "dagokion tokia" egiteko.

Musikaren munduan sartu aurretik, Gaiarre artzaina, saltzailea eta errementaria izan zen. Lanean ari zela abesteko ohitura zuen, eta lankide batek, haren ahotsarekin liluratuta, Iruñeko Orfeoian sartzera bultzatu zuen. Hilarion Eslava konpositoreak solfeoa irakatsi zion, eta Madrilgo Kontserbatorioan sartzen lagundu zion. Diru laguntza bati esker, Milanera joateko aukera izan zuen, eta orduan hasi zen haren arrakasta. Munduko areto garrantzitsuenetan abestu zuen: Madrilen, Milanen, Vienan, Erroman, Lisboan, Moskun, Buenos Airesen...

"Hainbat gauzak erakusten dute munduko kantaririk onenetako bat izan zela", adierazi du Fernando Hualde idazle eta ikerlari erronkariarrak. "Batetik, garai hartako kazetarien kronikek diote inoiz ez zutela entzun harena bezalako ahots bat; bestetik, tenorrak, gehienez, hamar piezatan espezializatu ohi dira, baina Gaiarrek bere zintzurra hezi zuen 30 pieza abesteko; eta orduko konpositorerik onenek harentzako obrak sortu zituzten".

Gaiarrek 1876an lortu zuen bere ibilbidearen unerik gorena: Milango La Scala antzoki entzutetsuan abestu zuen Gaetano Donizettiren La Favorite opera, artean tenor italiarrak baino ez zirenean agertoki horretara igotzen. "Izugarrizko arrakasta izan zuen entzule zorrotzenen aurrean".

Baina Gaiarrek Pirinioetan jaiotzearen "oztopoa" izan zuen. "Beste toki batean jaio izan balitz, oso famatua izango zen; baina, gurearen gisako bailara batean jaiotzearen ondorioz, ahanzturan geratu da", deitoratu du Hualdek. Hala ere, argi utzi du Erronkarin "inoiz" ez dutela ahaztu.

Hualde bera musikariaren inguruko dokumentazio lan mardula egiten ari da: XIX. mendeko egunkariak aztertu ditu, bai eta tenorraren korrespondentzia ere. Kontatu duenez, Gaiarrek milaka gutun jasotzen zituen: diru arazoak zituzten pertsona askok idazten zioten, laguntza eske. "Eta hark beti ematen zien dirua", ziurtatu du. "Dirua irabazteko abesten zuen, gero diru hori behar zutenei emateko". Adibide esanguratsu bat jarri du: Jaurrietako 1880ko sutea. "Sute batek herria suntsitu zuen, eta Gaiarrek kontzertu bat antolatu zuen orduko musikaririk onenekin. Lortu zuten diru guztia Jaurrieta lehengoratzeko erabili zuten". Hortaz, Hualderen iritziz, pertsona gisa ere "lehena" izan zen.

Mundu mailako ospea lortu bazuen ere, Gaiarrek inoiz ez zuen bere jatorria ahaztu. Hori erakusten dute hark eskualde horretan ordaindu zituen proiektuek: Erronkaritik igarotzen den errepidea, frontoia eta eskola. "Gaiarrek ulertzen zuen erronkariarra izatea zela bere titulurik garrantzitsuena", adierazi du Hualdek. Eskolak zabalik jarraitzen badu ere, aurtengoa azken ikasturtea izango da, eraikinak ez baitu araudia betetzen. Erronkariko bailarako ikastetxe berria eraikitzen ari dira dagoeneko. Hori dela eta, eskolako haurrak izan dira aurtengo protagonistak Gaiarreren jaiotzaren 175. urtemugako omenaldian: 175 arrosa eraman dituzte Gaiarreren mausoleora, XIX. mendetik eskolan ikasi duten haur guztien izenean.

Oroitarria eta mausoleoa

Gaiarre 45 urterekin hil zen, bere ibilbidearen unerik gorenean. Haren gorpua Erronkariko hilerrira eraman zuten, eta, han, Mariano Benlliure eskultoreak mausoleo bat zizelkatu zuen harentzat. 1988an, abeslariaren oinordekoek erabaki zuten Gaiarreren etxea eta haren ondasunak Nafarroako Gobernuari ematea, museo bat sortzeko eta abeslariaren memoria iraunarazteko. 1989an, Gaiarreren oinordekoek, Nafarroako Gobernuak eta Erronkariko Udalak Julian Gaiarre fundazioa eta museo-etxea sortu zituzten.

1944an omendu zuten Gaiarre lehen aldiz, haren jaiotzaren mendeurrenean; ondoren, 1950ean, haren omenezko oroitarri bat eraiki zuten, Iruñeko Takonerako lorategietan. Baina, ordutik aurrera, ez zuten deus gehiago egin, fundazioaren sorrerara arte. Ordutik, maizago oroitu dute kantaria. Hualdek 2000. urtea ekarri du gogora: "Iruñeko oroitarriaren 50. urteurrena zela eta, urte oso bat eskaini genion".

Erronkariko biztanleentzat Julian Gaiarre "beren nortasunaren zati bat" da. Hori uste du Hualdek. "Baina orain hasi gara horretaz konturatzen: bailaran despopulazioaren arazoa agertu denean, eta gure nortasuna eta historia lausotzen hasi direnean". Ondorioz, Gaiarreren memoria babesteko ahalegin "berezia" egiten ari direla dio. "Hura ahanzturatik ateratzeko".

“Negar eta barre egin dugu elkarrekin; prozesu bizia izan da”

“Negar eta barre egin dugu elkarrekin; prozesu bizia izan da”

Edurne Elizondo

Oholtzara lehendabizikoz igoko dira gaur, Barañaingo auditoriumean, Mejorana eta Perro Verde elkarteetako hainbat kide. Sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonak dira, eta haien testigantzak oinarri hartuta osatu dute Que nadie camine por mi mente con los pies sucios lanaren gidoia. Sormen prozesuan ikasitakoaz aritu da Garbi Losada zuzendaria (Algorta, Bizkaia, 1959).

Nola sortu da proiektua?

Giza eskubideen gaia jorratzeko prestatzen dugun hirugarren obra da hau. Lehen urtean, langabetuekin eta migratzaileekin egin genuen lan, eta, iaz, berriz, zaharrekin. Orain, dibertsitate mentala duten pertsonekin ari gara, Acronica Producciones taldeko kideekin batera.

Zergatik hautatu duzue dibertsitate mentala dutenen kolektiboa?

Uste dugulako gai hori tabutzat hartzen dela oraindik ere. Ez dugu ahaztu behar, ordea, datuek diotela lau pertsonatik batek izanen duela adimen osasuneko arazoren bat. Baina ez dugu horri buruz hitz egin nahi ere. Estigma sozial handia dago, eta autoestigma ere bai. Acronica taldeko kideek ere gaia jorratu nahi zutela jakin genuenean, aukera ona zela pentsatu genuen.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Diagnostikoa duten pertsonekin eta aktore profesionalekin egin dugu lan. Prozesua hagitz aberasgarria izan da. Egia erran behar badut, uste dut hitz hori motz gelditzen dela zer sentitu dudan azaltzeko. Biziki hunkigarria izan da dena. Gidoia dibertsitate mentala duten pertsonen testigantzak oinarri hartuta osatu dugu. Hagitz eskuzabalak izan dira, eta lanerako gaitasun handia izan dute.

Ongi moldatzen dira oholtza gainean?

Bai. Hasieran uste genuen baino asmo handiagoko lana osatu dugu azkenean, arrazoi horregatik, hain zuzen ere: ikusi dugulako oholtza gainean lan egiteko gaitasun handia duela taldeak. Talentu handikoak dira, eta erabat murgildu dira prozesu osoan. Zenbait unetan, profesionalak ez direla ere ahaztu egin zait, hagitz ongi egiten dutelako lan, eta eskatzen diedan guztia egiteko prest direlako. Eszenarik zailenak ere ederki prestatu dituzte, beti daudelako lan egiteko prest. Ziur naiz hagitz lan interesgarria izanen dela emaitza.

Ongi uztartu duzue, beraz, amateurren eta profesionalen arteko lana?

Bai. Mila Espiga aktoreak aspaldi hasi zuen bere bidea, eta egunotan erran dit hau izan dela gehien gogobete duten proiektuetako bat. Profesional eta pertsona gisa izandako esperientzia zoragarria izan delako.

Estigmaren auzia aipatu duzu; gero eta biziagoa da, halere, dibertsitate mentalaren arloko aktibismoa. Sumatu duzue mugimendu horren eragina?

Mejorana eta Perro Verde elkarteetako kideak ditugu taldean. Lan handia egin dute dibertsitate mentalaren aldeko mugimendu horretan, eta hori sumatzen da. Hasieran, adibidez, erabat hunkitu ninduen beren istorioak kontatzeko eta sentitzen zutena azaltzeko erakusten zuten eskuzabaltasunak. Anitz eman digute. Dena. Hori guztia natural kontatzeko lana egina dute, eta hori agerikoa da. Eskertzekoa da. Nik uste dut pertsona indartsuagoak direla beren istorioen berri eman eta gero. Ahaldundu direla. Bide horren zati bat elkarrekin egin dugu, obrari esker. Negar egin dugu elkarrekin, hunkitu gara, barre egin dugu, denetarik. Hagitz prozesu bizia izan da elkarrekin egindako lana.

Elkar ezagutzea da estigmak bazter uzteko gakoa?

Bai. Eta hori da, hain zuzen ere, lanaren bidez zabaldu nahi dugun mezua. Elkar ezagutzeko beharra. Gure helburua izan da, gainera, dibertsitate mentala duten pertsonek hartzea hitza. Haien esku utzi dugu eman nahi izan duten mezua aukeratzea. Hori da gakoa. Arlo teknikoa, ikuskizunarekin lotutakoak, guk zuzendu ditugu; baina mezua, gidoia, erran nahi duguna, haiek erabaki dute. Haien eskutik egin dugu guk aurrera.

Erronka izan da bi alde horiek, arlo artistikoa eta arlo soziala edo politikoa batzea?

Bai. Bi arlo horiek ongi uztartzea izan da gure erronka nagusia. Gidoia osatzeko prozesua, adibidez, neketsua izan da; neurri handi batean, bizia izan delako, eta denen artean osatu dugulako, entseguetan. Musika, bideo irudiak eta bertze ere erabili ditugu, eta horrek guztiak ongi funtzionatzen duela uste dut. Poesiak badu bere tokia, umoreak ere bai. Oro har, nik uste dut lan honek lortuko duela ikuslea hunkitzea.

Azken uneko urduritasuna bazter utzita, dena prest?

Bai. Urduritasuna berezkoa du antzerkiak. Ni urduri nago, eta aktoreak ere bai. Baina, batez ere, ilusio handia dugu gure lana erakusteko. Kontuan izan behar dugu anitzentzat oholtza gainera igoko diren lehen aldia izanen dela hau. Anitzek ohitura handia dute jendaurrean hitz egiteko, ekintzaile sutsuak direlako.

Barañainen estreinatu eta gero, zer bide eginen duzue?

Igandean Atarrabian aurkeztuko dugu lana, eta otsailaren 1ean eta 3an, berriz, Antsoainen eta Arangurenen. Oraingoz aurkezpen horiek lotu ditugu, baina izanen dira gehiago. Estreinaldiarekin, nolabait, amaiera emanen diogu orain arteko prozesuari.

Hasiera bat ere izanen da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe, oholtza gaineko aldi guztiak ezberdinak baitira. Gauzak beti dira ezberdinak, eta hori da, hain zuzen ere, antzerkiak duen onena eta txarrena, aldi berean. Espazioak ezberdinak dira, eta tokian tokiko egoerara egokitu behar dugu dena. Iruñerriko antzoki guztietan egin ditugu entseguak, eta horrek abantaila txiki bat ematen digu.

Zuretzat zer izan da obra hau prestatzeko lana?

Giza eskubideen arloa jorratzeko beharra sortu zitzaidan Koldo nebaren heriotzagatik. Nik banuen nire barruan bete egin behar nuen huts bat. Eta giza eskubideen arloko lan horri ekin nion. Amak beti erran izan dit buruarekin lotutako kontuek edozein unetan egiten dutela eztanda. Eta hala dela uste dut. Alzheimerrari buruzko lan bat egin nuen. Gai honen inguruko interesa banuen, baina gauza anitz ez nituen ezagutzen. Lan hau egin dudan bitartean konturatu naiz oraindik ere indarrean direla desagertutzat jotzen nituen hainbat egoera.

Dibertsitate mentala duten pertsonak ospitaleetan ohera lotzeko sistemez ari zara?

Bai. Ikaragarria da. Giza eskubideak daude jokoan. Sufrimendu handia dago, eta uste dut jendeak ez duela horren berri. Nik ere orain ikusi dut gauzak nolakoak diren. Lan handia bada egiteko.

Iritzia: Zapore berbera dugu

Jon Barberena Ibarra
Ondokoaren usteek eta parekoaren iritziek egiten gaituzte nor. Moda-modako arropen gainetik armadura ikusezina janzten dugu egunero kalera atera aitzinetik. Barne-barnean bakerik sentitzen ez dugulako prestatzen gara existitzen ez ...

Artearen bidez gizarteratzeko

Artearen bidez gizarteratzeko

Ane Eslava

Gazte batzuk dantzan, haur bat mozorroturik, bikote bat elkarri musuka, neska bat ile apaindegian... Egunerokoaren hainbat une erakusten dituzte Zangozaldeko Anfas elkarteak antolatu duen erakusketa ibiltariko argazkiek. Erakusketa Somos espe(a)ciales proiektuaren barruan antolatu dute, eta haren helburua da adimen urritasuna duten pertsonei ikusgarritasuna ematea, beren ahalmenak erakustea eta aniztasunari balioa ematea. Eguberrietan, Irunberriko udaletxean egon zen erakusketa; iragan asteburuan, Ledeako gizarte eta kultur etxean, eta, laster, Oibarrera, Kasedara, Agoitzera eta Zangozara eramango dute.

"Adimen urritasuna artearen eta sorkuntzaren perspektibatik erakutsi nahi dugu", adierazi du Elena Etxegoien Anfas elkarteko kideak. Haren irudiko, arteak "berdin" sentitzeko aukera ematen die pertsona guztiei. "Sentsibilizaziorako tresna zoragarri bat da, ezberdin izatearen balioa ulertzen eta balioesten laguntzen diguna".

Hamasei argazkik osatzen dute erakusketa, eta, Etxegoienek azaldu duenez, horietan adimen urritasuna duten pertsonen bizitza ibilbidea irudikatu dute: "Pertsona hauen bizitzako garaiak islatu ditugu, eta, era berean, saiatu gara erakusten prozesu horretan Anfasetik haiei eta beren familiei ematen diegun babesa". Hain zuzen, Zangozaldeko Anfasek eskaintzen dituen zerbitzuen artean daude arreta goiztiarra, tutoretzapeko etxebizitza, familientzako aholkularitza eta gizarte, komunikazio eta heziketa gaitasunen programa.

Erakusketa osatu duten argazkilarietako bat Virginia Juanto da. Azaldu duenez, argazkietan, "maila berean" jarri nahi izan dituzte adimen urritasuna duten eta ez duten pertsonak. "Erakutsi dugu pertsona horiek eskolara doazela gainontzeko haurrak bezala, helduago direnean beren kabuz bizitzeko eta familia osatzeko gai direla, aisialdia izan eta disfrutatu dezaketela...".

2017ko proiektua

Somos espe(a)ciales proiektuaren barnean antolatu dute argazki erakusketa. Egitasmo hori 2017an sortu zen, Selva Etxeberriak, La Hormiga Maia Internet bidezko arropa dendaren jabeak, Anfas elkarteko kideei elkarlanerako proposamen bat egin zienean. "Selvak esan zigun bere material guztia utziko zigula guk egoki ikusten genuena egin genezan", azaldu du Elena Etxegoienek. "Orduan, eskualdeko hainbat sortzaile gonbidatu genituen, denon artean pentsatzeko zer egin genezakeen eskaintza horrekin; poeta bat, antzerkilari bat, ilustratzaile bat eta argazkilari bat elkartu genituen. Eta, azkenean, egutegi bat egitea bururatu zitzaigun".

Egutegiko argazkiak egiteko, Virginia Juantok ez ezik, Pablo Blanco, Sonia Senosiain, Laura Gogorzena eta Nora Sola eskualdeko argazkilariek ere parte hartu zuten. Argazki saioetan herrietako hainbat bizilagunek parte hartu zuten, eta eskualdeko toki bereizgarri batzuk erabili zituzten agertoki gisa, hala nola Irunberriko arroila eta Zangozako Carmengo klaustroa. Egutegian hamabost argazki sartu zituzten, baina, oso material "baliotsua" zela ikusita, erabaki zuten harago joatea eta erakusketa bat antolatzea.

Horrekin batera, proiektua argitara ateratzeko helburuz, arropa desfile bat antolatu zuten, iazko maiatzean, Zangozan. Anfaseko erabiltzaileek eta eskualdeko biztanleek elkarrekin desfilatu zuten, La Hormiga Maia dendako arroparekin. "Oso hunkigarria izan zen, gazteek izugarri disfrutatu zutelako", adierazi du Selva Etxeberria jabeak. Desfile horren ostean beste bat egin zuten, iazko abenduan. Etxeberriak kontatu duenez, bi kasuetan, Anfaseko erabiltzaileen gurasoak "ezin sinetsita" gelditu ziren beren seme-alabek desfileetan parte hartzea proposatu zietenean. "Izan ere, lehen, pertsona hauek ezkutuan egon behar zutela zirudien; baina, orain, halako ekintzekin, erakusten ari gara denak berdinak garela, eta edozer egin dezaketela".

Lehenbiziko jardueren arrakasta ikusita, kultur ekintza gehiago antolatzen hasi ziren. Poesiak, kasurako, toki handia hartu zuen egitasmoan. Batetik, eskualdeko poeta batzuek proiekturako esaldi batzuk idatzi zituzten, eta egutegian sartu zituzten, argazkiekin batera. Esaldi horien artean daude, adibidez, Neure espazio ontziaren kapitaina izan nahi dut eta Ahal dudalako maite zaitut. Era berean, bi poesia errezital antolatu zituzten, eta, horietan, Anfaseko erabiltzaileek agertokia partekatu zuten eskualdeko hainbat poetarekin. Poesia irakurraldiez gain, Anfaseko neska-mutilek, besteak beste, ipuin kontaketetan eta antzezlanetan parte hartu dute azken hilabeteetan.

Halako ekintzetan parte hartzea "positiboa" da adimen urritasunen bat duten pertsonentzat, "beren ahalmenen jabe" izaten laguntzen dielako, Etxegoienek azaldu duenez: "Haiek hasieran oso harrituta zeuden halako gauzak egiteko aukera izateagatik, ez zekitelako horretarako gai zirenik; baina, hasi bezain laster, ikusi zuten oso gauza politak egin zitzaketela". Gazteek "beren burua gainditzeko" baliagarria dela gaineratu du: "Gauza berri batekin topo egiten dutenean, beldurtu egiten dira, baina, beren ondokoek egiten dutela ikusten dutenean, pausoa ematen dute". Jarduera berri bakoitza amaitu bezain laster, hurrengoa noiz izango den galdetzen diete arduradunei, Etxegoienek kontatu duenez.

Egoitza bat behar dute

Proiektuaren oinarrian, bestalde, Zangozaldeko Anfasek duen arazo bat azaleratzeko helburua dago: egoitza baten premia. "Tutoretzapeko pisu bat dugu, baina beste lokal bat behar dugu, adimen urritasuna duten eskualdeko pertsona guztien kohesioa bultzatzeko, proiektuak eta jarduerak antolatu ahal izateko… Eta Zangozaldea da halako egoitza bat ez duen eta Anfaseko ordezkaritza duen Nafarroako eskualde bakarra", esan du Etxegoienek. Halere, egindako lanak emaitzak ekarri dituela gaineratu du arduradunak, dagoeneko hasiak baitira negoziatzen hutsik dagoen Zangozako lokal bat eskuratzeko.

Antolatzaileak "pozik" daude proiektuak izandako arrakastarekin, eta uste dute erronka nagusia lortu dutela: gizarteratzea. "Hasi ginenean, ez genuen pentsatzen herritarrengan halako eragina izango zuenik", esan du Etxegoienek, eta herrietako udaletatik jasotako babesa nabarmendu du: "Ahalegin guztiak egin dituzte guri laguntzeko; erakusketa herrietara eramanez, eskerrak eman nahi dizkiegu".

Aurrera begira, irismen kognitiboa lantzeko asmoa dute, Anfaseko erabiltzaileek aukera izan dezaten beren irakurtzeko gaitasuna garatzeko. Horrekin lotuta, herrietako dendariekin ere landuko dute gaia. "Dendariei proposatuko diegu saiatzeko beren produktuak pertsona guztientzat irisgarri eta ulergarri jartzen, eta dendariek ere adimen urritasunen bat duten pertsonak modu egokian jasotzen dendetara doazenean", azaldu du Anfaseko arduradunak. Hala, autonomia eman nahi diete pertsona horiei, beren kabuz egin ditzaketen gauzak ez ditzaten beste pertsona batzuek egin. Gizartean egon dadin denentzako tokia.

Koska bat igotzeko prest

Koska bat igotzeko prest

Edurne Elizondo

Datorren otsailaren 9an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Denera, 24 bertsolari ariko dira lehian, aurten. Azken seirak hautatzeko kanporaketa aurrekoak gaur eta bihar eginen dituzte, hain zuzen ere; Iruñean eta Irunberrin izanen dira saioak. Txapelketan lehendabizikoz aritzeko asmoz izena eman duten sei bertsolari beren bidean bertze koska bat igotzen saiatuko dira bi kanporaketa horietan.

Aitor Irastortza Arrizurieta (Azpirotz), Mintxo Astiz Goñi (Barañain), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu), Xabat Illarregi Marzol (Leitza), Endika Legarra Nuin (Iruñea) eta Ander Baiano Saralegi (Barañain) dira txapelketan lehengoz aritzeko aukera irabazten ahaleginduko diren sei bertsolariak. Haiekin lehian ariko dira, gaur eta bihar, duela bi urteko txapelketako azken sei sailkatuak.

Gaur, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegin eginen dute lehendabiziko kanporaketa aurrekoa. 19:30ean hasiko da saioa. Parte hartuko dute Joana Ziganda Olano (Oskotz), Diego Riaño Barroso (Leitza), Aitor Irastortza Arrizurieta, Sahats Aleman Sadaba (Iruñea), Mintxo Astiz Goñi eta Idoia Granizo Uribarrena bertsolariek.

Bigarren kanporaketa aurrekoa bihar eginen dute, Irunberriko gizarte etxean, 17:30ean hasita. Bigarren saio horretan ariko dira Xabat Illarregi Marzol, Endika Legarra Nuin, Oskar Sanz de Acedo Pollan (Iruñea), Ander Baiano Saralegi, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren) eta Saats Karasatorre Martinez (Etxarri Aranatz).

Arkaitz Goikoetxea, Joseba Beltza eta Saioa Mitxelena izanen dira epaimahaiko kide kanporaketa aurreko bi saioetan. Bertsolariek egin beharreko lana zehaztu dute: zortziko handian, binaka, hiruna bertso osatu arte; zortxiko txikian, binaka, hiruna bertso osatu arte; eta hamarreko txikian, binaka, hiruna bertso osatu arte. Kartzelako lana ondokoa izanen da: zortziko txikian, bi punturi erantzun; eta gaia emanda, bakarka, bi bertso.

Kanporaketa aurrekoetan sailkatuko diren sei bertsolariek osatuko dute aurtengo txapelketan lehian ariko den taldea. Denera 24 izanen dira. Lau final-laurden eginen dituzte. Otsailaren 9koa izanen da lehendabizikoa, eta hori Tuteran eginen dutela azaldu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Ander Perezek. "Zabaldu nahi dugu txapelketaren egoitza izanen diren herrien zerrenda".

Gainerako final-laurdenak otsailaren 10an, 16an eta 17an eginen dituzte; hiru final aurreko izanen dira, martxoaren 3an, 9an eta 10ean, eta, finala, berriz, martxoaren 23an eginen dute, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira lehian.

Bi urtean behin

Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros Terre eta Julen Zelaieta aritu ziren duela bi urteko finalean, eta Sotok jantzi zuen txapela. 2012. urtetik, hain zuzen ere, txapelketa bi urtean behin baino ez dute egiten Nafarroan. Bi urtean behin antolatzen dute, halaber, txapelketa ez dagoenean, Bardoak izeneko taldekako lehiaketa.

Bardoen bidez, txapelketa bezain ofizial eta zurrun ez den lehiaketa bat eman nahi izan die Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak herrialdeko bertsolariei. Bardoak antolatzen hasi ziren plazan aritzeko aukera eskaintzeko bertsolari hasi berriei, txapelketan hasi aurretik esperientzia izateko. "Horrek ez du esan nahi, halere, Bardoak direnik txapelketara jauzi egiteko ezinbesteko koska", nabarmendu du Perezek.

Izan ere, lehiaketa bakoitzak badu bere giroa, bai eta bere publikoa ere. Besta eta umore giroa izaten da nagusi, anitzetan, Bardoen saioetan; bertzelakoa da, noski, txapelketak ematen eta eskatzen duena.

"Prestigiatu nahi dugu", erran du Perezek. Elkarteko kideek argi dute bertsolari gazteek eta hasi berriek izan behar dutela beren tokia lehiaketa nagusian; baina argi utzi dute, halaber, garrantzitsua dela txapelketak bere mailari eustea. Asmo horrekin lotu du Perezek kanporaketa aurrekoak egiteko urratsa, hain justu. "Nolabaiteko hautaketa egin behar dugu", erran du.

Gaur eta biharko kanporaketa aurreak egin eta gero, otsailaren 9an hasiko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak, eta guztien inguruko xehetasun gehiago emanen ditu Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak. Perezek gogoratu du bertsolaritzaren aldeko ekinaldia ez ezik, euskararen aldekoa ere badela txapelketa. Martxoaren 23ra bitarte, zaleek izanen dute bertsolari nafarren lanarekin gozatzeko aukera. Berriak ere koska bat igotzeko prest dira.

“Irabazteko gai zen gorputza, baina nire burua ez zen prest”

“Irabazteko gai zen gorputza, baina nire burua ez zen prest”

Edurne Elizondo

Bide propioa egin du Ioseba Fernandez (Iturmendi, 1989) abiadura patinatzaileak kirol horren esparruan. Entrenatzailerik gabe aritu da urte luzez, eta bere buruaren aurkako lehia lehenetsiz egin du aurrera. Udan Munduko Txapelketa irabazi zuen, laugarrenez. Europakoan bederatzi aldiz nagusitu da.

Laugarrenez irabazi duzu Munduko Txapelketa 2018an, eta munduko marka onduz, gainera. Zer asmo duzu 2019rako?

Aurtengoa sasoi berezia izanen da niretzat. 2017an, kirola uzteko aukera aztertzen hasi nintzen. Urte horretan Munduko Txapelketa irabazi nuen. Lau probatan lortu nuen domina. Pentsatu nuen une egokia izan zitekeela uzteko.

Baina ez zenuen utzi. Zergatik?

Federazioak erran zidan 2019an Bartzelonan eginen zutela Munduko Txapelketa. Aukera hori ezin nuela galdu pentsatu nuen. Ondorioz, bi urterako plana egin nuen, datorren uztailean eginen den txapelketa hori prestatzeko.

Emaitzei so eginez gero, argi dago bide onean zarela. 2018an, laugarrenez, munduko txapeldun. Espero zenuen?

Ezustekoa izan da 2018koa. Ez nuen espero. Argi dago Munduko Txapelketa batean aritzen zarenean beti ahalegintzen zarela zure onena ematen; baina 2018koa irabaztea ez zen nire helburua, nik 2019koan nuelako burua. 2019rako prestatzeko parte hartu nuen, eta ezusteko ederra izan zen irabaztea eta marka ontzea.

2017an kirola uzteko asmoa bazter utzi zenuen. 2019ko txapelketa egin eta gero, zer?

2017an kirola uzteko aukera hagitz hurbil izan nuen. Azkenean, federazioak txapelketaren aitzakiarekin iritzia aldarazi zidan; ez zen zaila izan, iritzia aldatzeko prest izan nintzen ni ere. Orain, nire muga 2019. urtea da. Uste nuen Munduko Txapelketakoak izanen zirela nire azken lasterketak; orain Nafarroako federazioak erran dit Europako txapelketa antolatuko dutela, aurten ere, Iruñean. Abuztuan izanen da. Uste dut nire ibilbidea luzatu nahi dutela! Baina ez dut deus erabaki oraindik. Oraingoz, Bartzelona dut buruan. Gero gerokoak.

Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Poliki-poliki egin dut beti aurrera. Oraingo emaitzak lortzeko bidea ez da erraza izan, eta lan handia egin behar izan dut. Ez naiz izan hasieratik nabarmendu diren haur horietako bat. Alderantziz, hainbat kirol saiatu, eta patinajea hautatu nuen niretzat zaila zelako, kosta egiten zitzaidalako.

Zure buruaren aurka egin behar duzu lehia ere?

Niretzat erronka bat izan zen. Patinatzea erabaki nuen nire burua probatzeko aukera ematen zidalako. Zaila zen, eta erronka handi bat niretzat. Eta horrek erakarri ninduen, batez ere. Entrenamenduetan anitz gozatzen nuen, baina egoera bertzelakoa zen txapelketetan. Gaizki pasatzen nuen bertzeekin lehiatzen.

Ez zenuen gustuko?

Txapelketetara joan behar izaten nuenean, ez nuen gozatzen. Bertze lehiakideak ikusten nituenean, beldurtzen nintzen. Gogoko nuen neure buruarekin lehian aritzea, baina ez bertzeekin.

Nola gainditu zenuen beldur hori?

Urtebetez egon nintzen txapelketetan aritu gabe. Baina patinatzea maite nuen, eta gurasoei erran nien, azkenean, berriz ere saiatu nahi nuela. Lehia entrenamendu gisa ikusten hasi nintzen, eta horrek lagundu zidan; on egin zidan pentsatzeak txapelketak izaten ahal zirela nire buruaren aurkako lehiak ere. Bertzeak ahaztu, eta egunetik egunera hobera egiten saiatu nintzen.

Kirolean buruak duen garrantzia erakusten du zure kasuak?

Hagitz garrantzitsua da. Nire burua erdigunean jarri nuenean hasi nintzen lehiaz gozatzen, txapelketetan lortzen nuen postuari erreparatu gabe.

20 urterekin irabazi zenuen Europako Txapelketa lehen aldiz, eta Munduko Txapelketan laugarren gelditu zinen, munduko marka ondu eta gero. Orduko zure oroitzapenak ez dira hagitz onak, halere. Zergatik?

Konturatu nintzelako ez nintzela gai egoera hori guztia onartzeko; nire burua ez zegoen irabazteko prestatua, eta egoera horri aurre egitea zaila egin zitzaidan. Nire urte hartako helburua Europako Txapelketa zen, eta Munduko Txapelketara inolako asmorik gabe joan nintzen. Nire gorputza irabazteko gai zen, baina nire burua ez zegoen prest. Orduan hasi nintzen kirol psikologoekin lan egiten, eta on egin didate.

Kirolaz gozatzea da zure helburu nagusia?

Bai, zalantzarik gabe. 29 urte ditut, eta ilusioari eta mailari eutsi diot gozatzen jarraitzen dudalako patinak jantzi orduko. Nire buruarekin lehiatzen naiz, eta gainerako guztiak bazter uzten ditut. Irabazten hasi nintzenean, urte batean lehenengo eta hurrengoan bigarren edo hirugarren edo laugarren gelditzen nintzen. Ohartu nintzen lehiakideei egiten niela so lehen postura ailegatu baino lehen, baina irabaztea lortu nuenean, ez nuen nori so egin. Orduan ikasi nuen nire buruarekin egin behar nuela lehia, eta bertzeak ahaztu. Bost urtez anitz sufritu nuen. Gakoa nire bidea egitea zela ohartu nintzen arte.

Zure bidea egin duzula zalantzarik ez da, entrenatzailerik gabe lortu baituzu lortutakoa. Zergatik egin duzu hautu hori?

Hasieran talde batean aritzen nintzen, banuen entrenatzaile bat. Baina entrenatzaile horrek une batean pentsatu zuen nik ezin nuela hobera egin, eta une horretan nire bidea egitea erabaki nuen. Nik argi nuelako hobera egiten jarraitzen ahal nuela. Hainbat urtez nire kabuz egin nuen lan. Orain, Nafarroako Kirol Arloko Ikasketen, Ikerketen eta Medikuntzaren Zentroko profesionalen laguntza eta babesa badut. Talde bat gara.

Bartzelona da helburu bakarra?

Hori da helburu nagusia. Eta gero gerokoak. Ez dut bertze deus pentsatu nahi, oraingoz.

Iritzia: Hamar egun

Lohizune Amatria

Zein egunera arte esan dezakegu "urte berri on"? Azken egunotan irratian behin baino gehiagotan entzun eta galdetu dugu hori. Non dago muga? Egun zehatzik al da?

Urtearen lehen hamabostaldia igaro da, baina urteko lehenengo zutabea da honakoa. Zilegi al da "urte berri on" esanez abiatzea? Hobeki esanda, zintzoa al da?

Urtarrilak 2, asteazkena. Urteko lehenenengo laneguna. Eguerdian iritsi zen albistea. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Nafarroako Gobernuak Espainiako Poliziak eta eskuin muturreko taldeek egindako indarkeriazko ekintzak ikertzeko eman asmo zuen diru laguntza. Polizia indarkeriaren Nafarroako legea indargabetzea gutxi izan ez balitz, bizikidetzan beste atzerapauso bat.

Urtarrilak 3, osteguna. Iritsi da urteko bigarren atzerapausoa. Aske utzi dituzte sanferminetako erasotzaileak epaia irmoa izan arte. Epaileek baztertu egin dute ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskua. Altsasuko gazteen kasuan, ordea, alderantzizkoa. 794 egun daramate kartzelan. Badirudi aurten halako prebentzio politika izanen dugula.

Urtarrilak 4, ostirala. Elkartasun eguna, Azkoienen. Hamargarren eguna dute greban Huertas de Peraltako langileek. Enpresak ez du hitz egin. Poliziak, bai. Baina borrekin. Onetik badu, baina, egun honek. Tinko eutsi diotelako langileek borrokari.

Urtarrilak 5, larunbata. Errege egunaren bezpera, lasaitasuna iritsi da. Errege magoak hartzeko parentesia egin du hiriak. "Gau magikoa da gaurkoa". Andoainen gertatutakoaren berri izan dut, sutan dira sare sozialak. Atzo ez bezala. Halako gaiek arduratuko gaituzte aurten.

Urtarrilak 6, igandea. Errege eguna. Oso magikoa ez omen da izan gaua. Orain Baik iritziz aldatu, eta ostiralean Ahal Dugu-rekin lortutako akordioa apurtu du eta. Mahai eta eledunen batzar interesgarria zetorkigula argi zegoen. Aldaketaren parlamentuko oinetako bat erortzear.

Urtarrilak 7, astelehena. Zubia gurean. Azken egunotakoak salatzeko eguna izan da. Huertas de Peraltako langileek hirira ekarri dute aldarrikapena. Sanferminetako erasotzaileen askatasunaren aurka ere irten dira kalera. Bala batek leiho baten kristala puskatu du, Amurrion.

Urtarrilak 8, asteartea. Goiz esnatu da gaur eguna. 04:30ean, zehazki; Foruzaingoa Maravillas gaztetxera heldu denean. Ikuskaritza teknikoak aurten ordu horretan hasiko omen dira. Poliziaren oldarraldiak ere itzuliko dira. Setiatu dute Alde Zaharra.

Urtarrilak 9, asteazkena. Egun batekin aski ez, eta bigarrenez ere oldartu zaizkie gazteei poliziak.

Urtarrilak 10, osteguna. Iritsi da hormigoia gaztetxe atarira. Eta, hirugarrenez, oldarraldia Nabarreria plazan. Ez da eguneko bakarra izan, baina. Aldaketaren aurka oldartu da Aranzadi Iruñeko Udalean. Aurten aurrekonturik ez. Unzuko hostela eginen da, eta atzera bota beharko dituzte aurreikusita zeuden inbertsioetako asko. Aldaketa indargabetzen ari da Iruñeko Udalean ere.

Urtarrilaren 11, ostir… Ez al da nahikoa? Nik hemen ezarriko dut muga. Urte berri on?

Erribera, Sakanaren ordez

Erribera, Sakanaren ordez

Edurne Elizondo

Sakanako eredua da emaitzarik onenak ekartzen dituena; hori hautatu beharrean, ordea, emaitzarik txarrenak dituena aukeratu du: Erriberakoa". Horixe erran du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek, Iruñerriko Mankomunitateak aurrerantzean hondakinak kudeatzeko hartutako erabakien inguruan.

Izan ere, 2019ko bere aurrekontuak onartu berri ditu erakunde horrek abenduan, eta 9,7 milioi euroko diru saila gorde du hondakin organikoak, ontziak eta errefusa tratatzeko planta bat eraikitzeko lurra erosteko. Imarkoaingo Garraioaren Hirian dago lur hori, 107.000 metro koadroko sail bat.

Iruñerriko Mankomunitatearen hautuak "harritu" egin ditu Sustrai Erakuntzako kideak; Imarkoaingo bizilagunak ere bai. Planta eraikitzeko asmo horren aurka bat egin dute herritarrek. "EH Bildu izan da Sakanan duten atez ateko ereduaren defendatzaile sutsua; Iruñerriko Mankomunitateko presidentetza badute, baina hemen, ordea, bazter utzi dute eredu hori", kritikatu du Imarkoaingo Juan Etxeberrik.

Hilaren hasieran, hain zuzen ere, EH Bilduko parlamentuko eledun Adolfo Araizek txio bat idatzi zuen, Extremadurako bost herritan (Espainia) atez atekoaren aldeko apustua egin zutelako: "Ez da, beraz, hain eredu txarra izanen. Sakanak duela hainbat urte ezarri zuen eredu hori, eta hango gaikako bilketaren datuak herrialdeko onenak dira", erran zuen Araizek, txio horretan. Iruñerrian, baina, emaitzarik onenak dituena izanagatik ere, ez dute eredu horren aldeko hautua egin.

Nafarroako Gobernuak iazko ekainean onartu zuen hondakinak kudeatzeko plan berria. Sustrai Erakuntzak onartu du "asmo handiko" plana dela, eta, "segur aski, estatuko onena"; ez da, ordea, "egin zitekeen onena", Lorenteren hitzetan. Arazo nagusia da, haren ustez, hondakinen inguruko helburuak ezartzen dituela baina helburu horiek betetzeko eredurik ez. Planak helburutzat jo du 2020. urterako herrialdeko hondakin organikoen %50 birziklatzea; eta, 2027. urterako, berriz, %70.

Mankomunitateen esku dago hondakinak kudeatzeko lana. Eredu ezberdinak daude herrialdean, eta eredu horien emaitzak ere ezberdinak dira. EH Bilduk berak onartua du Sakanako atez atekoa dela eraginkorrena hondakinak gaika biltzeko; Sakanan, hain zuzen ere, hondakinen %56 birziklatzen dituzte. Hau da, hondakinen planak 2020rako zehaztutako helburua lortu eta hobetu du jada eskualde horrek.

Erriberan anitzez ere okerragoak dira datuak: Culebreteko zabortegian jasotzen dituzten hondakinetan dagoen materia organikoaren %3 baino ez dute berreskuratzen. "Iruñerriko Mankomunitateak, ordea, hangoaren gisako planta bat eraikitzea erabaki du", erran du Lorentek.

Alternatibak, bazter

Lorenteren kezkarekin bat egin du Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak ere. Kezkagarritzat jo du, batez ere, Iruñerriko Mankomunitatean gertatu den "norabide aldaketa". Aldaketa hori azaltzeko, bi data jarri ditu mahai gainean: batetik, 2016. urtea. Zelaiak azaldu du urte horren erdialdean mankomunitateko agintariek bi txosten jaso zituztela, erakunde horrek hondakinen kudeaketaren inguruan eskatutakoak. "Txosten horietan, hondakin organikoak tratatzeko moduak jorratu ziren, batez ere; izan ere, 2017an Iruñerriko Mankomunitateko hondakinen %37 baino gehiago zen zabor organikoa". Bertzetik, 2017ko bukaera aipatu du Sustrai Erakuntzako kideak. "Mankomunitateak hondakinen inguruko bertze bi txosten jaso zituen, baina horietan, bereziki, errefusa kudeatzeko moduak jorratu zituzten", erantsi du Zelaiak.

Zabor organikoa edo errefusa erdigunean jartzea ez da gauza bera. Hori uste du Zelaiak. Eta Iruñerriko Mankomunitatearen kasuan, "eredu aldaketa" ekarri duela nabarmendu du. Izan ere, 2016ko txostenek, batez ere Ramon Plana adituak egindakoak, hondakin organikoak tratatzeko hainbat planta txiki egiteko aukera jarri zuten mahai gainean. 2017koek, berriz, planta handi bakar baten aldeko apustua egin zuten. Ez bakarrik hori. Iruñerriko Mankomunitateak baldintza gisa aipatu zuen, txosten horiek osatzeko, planta bakar baten bidezko konponbidea garatu zezatela. Mankomunitateak eskatu zuen, gainera, hondakinak tratatzeko planta ez lotzeko zabortegiarekin. Ez oraingoarekin, ezta etorkizunerako egin beharrekoarekin ere. Izan ere, Iruñerriko Mankomunitateak Gongorako zabortegia erabiltzen du, gaur egun, zaborra biltzeko, baina 2022. urtearekin batera amaituko da azpiegitura hori erabiltzeko epea. Gero, egin nahi duten planta berrian tratatutako zaborra nora eramanen duten ez du zehaztu, oraindik ere, Iruñerriko Mankomunitateak.

Gongoran, gaur egun, 90.000 tona zabor botatzen dituzte urtean. "45.000 inguru dira materia organikoa. Konposta egin daiteke zabor horrekin. Egungo biltze sistemarekin, halere, mankomunitateak hondakin organiko horietatik 8.000-10.000 tona inguru baino ez ditu berreskuratzen urtean", azaldu du Etxeberrik. Gainerako 35.000 tona dira errefusarekin batera nahasten direnak. "Horiek dira planta berrian tratatu nahi dituztenak. Gisa horretako plantetan, baina, %5 inguru baino ez dute berreskuratzen".

Elortzibarko bizilagunek argi dute Imarkoainen egin nahi duten planta ez dela egokia: "Ingurumenari ez diolako mesederik eginen; eta ekonomiaren ikuspuntutik dirua xahutzea ekarriko duelako", erran du Etxeberrik. Erantsi du lurra erosteko eta planta egiteko aurrekontua 60 milioi euro ingurukoa izanen dela, hain zuzen ere.

Oraingoz, planta egiteko nahi duen lurra gordetzeko, 600.000 euroko bermea ordaindu du Iruñerriko Mankomunitateak. "Uste dugu horrek erakusten duela ekintza burutuen bidetik ari dela erakunde hori", salatu du.

Etxeberrik gogoratu du planta egin ahal izateko egungo Garraioaren Hiriko udalez gaindiko eragina duen plana aldatu behar dela, erabilera berriak egokitu ahal izateko. Hain zuzen ere, Sustrai Erakuntza fundazioak asteon aurkeztu ditu asmo horien inguruko bere alegazioak. Horien bidez, gainera, hondakinak tratatzeko plantak ukitzen duen bertze arazo bat jarri dute mahai gainean fundazioko kideek: Garraioaren Hirian egin nahi zuten tren geltokia, Noaingoarekin lotu eta salgaiak garraiatu ahal izateko.

"Garraioaren Hiriaren eta Noainen artean hiru kilometro daude. Egungo trenarekin bi puntu horiek lotzea eta elkarrekin lan egitea zen asmoa", azaldu du Martin Zelaiak. Nabarmendu du Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Manu Aierdik 2018. urteko martxoan iragarri zuela gobernuak hainbat txosten eskatuko zituela Imarkoainen tren geltoki hori egiteko aukera jorratzeko. "Hainbat hilabete pasatu dira, eta asmo hori bazter gelditu da, bat-batean, inolako azalpenik gabe". Izan ere, hondakinak tratatzeko plantarentzat gordetako eremuan egin nahi zuten geltokia.

"Prozesua iluna izaten ari da", erantsi du Sustrai Erakuntzako Pablo Lorentek. Fundazioko kideek uste dute hondakinen kudeaketarekin lotutako interes ekonomikoak dituzten enpresen presioak eragin dituela Iruñerriko Mankomunitatearen azken urratsak. Erakunde horretan aurreko gobernuekin aritu ziren teknikariek eta kudeatzaileek jarraitzen dutela gaineratu du Lorentek, eta sumatzen dela haien eragina mankomunitatearen erabakietan.

Hondakinak tratatzeko planta handi eta bakarra egiteko asmoa bazter uzteko eskatu dio Sustrai Erakuntza fundazioak Iruñerriko Mankomunitateari. Ingurumena baitago jokoan.

Aritz Aiesa: “Planta egiteak ez du esan nahi landa eremuan beste bideak ez garatzea”

Aritz Aiesa: “Planta egiteak ez du esan nahi landa eremuan beste bideak ez garatzea”

E. Elizondo

Iruñerriko Mankomunitateko presidentea da Aritz Aiesa. Hondakinen kudeaketari buruz egindako urratsen berri eman du.

9,7 milioi euro gorde dituzue Imarkoainen lur saila erosteko?

Bai. Baina urrats bat besterik ez da. 2015ean mankomunitatean sartu ginenean, etenaldia zegoen hondakinen arloan. Aurreko gobernuek erraustearen alde egin zuten; gure asmoa zen norabidea aldatzea, ontzi baten norabidea aldatzen den bezala.

Eta zer bide hartu nahi duzue?

Hiru arlo nagusi izanen dituen bidea egin nahi dugu: prebentzioa, gaika biltzea eta tratatzea. Tratamendurako erabiliko genuke egin nahi dugun planta.

Gaika biltzeko, egungo ereduarekin jarraituko zenukete? Hau da, edukiontzi marroia jartzen hondakin organikoak bereizi nahi dituenarentzat?

Horri buelta bat eman nahi diogu. 2018an proba bat egin dugu, 10.000 biztanlerekin. Txartel bidezko edukiontzia jarri diegu. Aztertzen ari gara emaitzak, baina argi dugu urrats bat aurrera egin dezakegula sistema horrekin, hondakin organikoaren %50 baino gehiago bereiztea lortu baita jatorrian, eta errefusak %40 egin baitu behera.

Borondatezko hautua da?

Hezkuntza lan handia egin behar dugu, herritarrak kontzientziatzeko, eta hondakinen planak zehaztutako helburuak betetzeko.

Zergatik baztertu duzue 2016ko txostenetan proposatu zena, hau da, hainbat planta txiki egitea?

Ez dugu baztertu aukera hori. Batera lantzen ahal ditugun gauzak dira. Helburua da, batez ere, jatorrian ongi bereiztea. Baina hondakinak izanen ditugu, eta tratatu beharko ditugu. Hirigunerako Imarkoaingo planta egiteak, halere, ez du esan nahi bestelako konponbideak ez garatzea landa eremuan.

Erran duzu jatorrian ongi bereiztea dela gakoa; atez ateko eredua da horretan emaitzarik onenak lortzen dituena. Zergatik ez duzue hori ezarri?

Iruñerrian sistema ezberdinak ditugu. Atez ate jasotzen dituzte Emausko Trapuketariek, adibidez, tamaina handiko hondakinak. Alde Zaharrean ere atez atekoa erabiltzen dugu dendetako eta tabernetako hondakin organikoak jasotzeko.

Herritar guztien artean ez duzue ezarri nahi?

Uste dugu edukiontzi handien eredua agortuta dagoela, eta tarteko pauso bat eman nahi izan dugu. Hori da txartel bidezkoa. Herritarren kontratua txartel batekin lotzen dugu, eta lortzen dugu errefusak behera egitea, eta jatorrian hobeki bereiztea. Txartelaren bidez, badakigu herritarrak zenbat aldiz irekitzen duen ontzia. Norabidea aldatzea da helburua, eta horretan ari gara.

Planta eginda ere, hondakin guztiak ezin izanen dira birziklatu. Orain, Gongorako zabortegia erabiltzen du mankomunitateak. Zer gertatuko da ixten denean?

Gure asmoa da gero eta gehiago bereiztea jatorrian, eta plantan hondakin organikoekin konposta egitea. Sartuko den organiko horrek, tamalez, izanen du ezin erabil daitekeen zati bat; hori zabortegi batera eraman beharko dugu. Plastikoa plantan tratatzea da asmoa; errefusa, berriz, ahalik eta gehien murriztu nahi dugu. Nonbaitera eraman beharko dugu, halere. Planaren arabera, zabortegi batera. Errausteko aukera ez baitu jasotzen planak. Horrek ez du esan nahi, halere, beste talde batzuk errausteko aukera hori mahai gainean ez jartzea etorkizunean.

Eta Gongora ez dagoenean, nora eramanen duzue zaborra?

Beste aukera bat bilatu behar dugu. Uste dugu askoz ere gutxiago aterako dela, halere, plantatik.