Baztanen bizitza eta lana gogoan

Garapenak, sintesi antzekoak dira Kepak [Arizmendi] egin zituen azken lanak. Margolan serieak dira, eta lan bakoitzean elementuak kentzen zituen, funtsarekin geratzeko". Horrela azaldu ditu Tomas Sobrino margolariak Kepa Arizmendi Baztan-en azken lanetako batzuk. Ekainaren 8an bost urte bete ziren Arizmendi hil zela; Baionan hil zen. Urteurrenarekin, Arizmendiren sei lagunek haren bizia eta obra biltzen dituen liburu bat argitaratu dute. Horretaz gain, azken urteetan egindako lanen erakusketa prestatu dute. Hilabete bukaerara arte Elizondon ikusi ahalko da, Arizkunenean. Uztailean, berriz, Senpereko Larralde etxera eramango dute, Lapurdira. Elizondon, heriotzaren bosgarren urteurrenarekin, Mikel Arizmendi Bereau 'Baztan' liburua aurkeztu zuten. Bertan, Arizmendiren ia ibilbide osoa bildu dute. Horregatik, margolariaren familiak haren azken urteetako lanak bildu nahi izan ditu erakusketan, haren kezkak ageri baitira horietan.

"Kepak egundoko karisma zuen. Haren izena aipatuta, mundu guztia prest dago laguntzeko", azaldu du Sobrinok. Pertsona ezaguna zen Baztanen, sorterrian. 1989an sorterritik ihes egin behar izan zuen. Elizondon oso ezaguna zen Arizmendi: Forteneko tabernaria, euskaltzalea eta margolaria. Elizondoko ikastolaren aldeko mugimenduan buru- belarri aritu zen. Fortenea taberna abertzalea ere ezaguna zen. Baina inor gutxik zekien noraino heltzen zen ihes egitera behartu zuen konpromiso politikoa.

Bizitzako azken hogei urteak etxetik kanpo eta egoera zailean eman bazituen ere, Baztango herritarrek beti izan dute gogoan. Baita bertako margolariek ere. "Baztango margolariak beti oso ondo portatu dira Keparekin. Urterik gogorrenetan ere, haren margolanak lortzen zituzten erakusketak egiteko", azaldu du Peio Hachek, Arizmendiren lagunak eta liburuaren sustatzaileetako batek. Sostengu horrekin guztiarekin erraza izan da antolatzaileentzat Elizondoko erakusketarako margolanak lortzea, lanetako asko jabe pribatuen esku zeuden arren. "Kanpoan erakusteko baldin bada, zailagoa da jendeak lanak uztea. Baina Elizondon bertan denez, ez dugu arazorik izan. Nik uste dut, jendeak harrotasun puntu bat duela euren margolanak erakusten direnean", esan du Sobrinok. Lana finantzatzeko ere, uste baino arazo gutxiago izan dituzte. "Mutildantza izena duen margo handi baten zatiak 20 euroan saldu genituen. Erosten zuenak, liburua jasotzeaz gain, margolanaren erreprodukzio baten zozketan parte hartzen zuen. Liburua inprentara bidali genuenean ia ordaindua genuen", azaldu du Hachek.

Margolari estimatua

"Jean François Larralde arte kritikariak esan zuen Keparen lana oso ona zela", dio Hachek. Larraldek aukeratu ditu liburuan agertzen diren obra gehienak, baina ez guztiak. "Liburuan haren ibilbide osoko lanak jarri nahi izan ditugu. Hasierakoak eta ihesaldiko urterik gogorrenetakoak ere. Larraldek zioen horiek ez zirela haren lanik onenak, baina guk sartu nahi izan ditugu. Haren bizipenak eta sentimenduak agertzen direlako", azaldu du Hachek. Horrez gain, Arizmendi ezagutu duten hainbat pertsonaren testigantzak bildu dituzte biografia txiki bat aurkezteko. "Keparen bizia azaldu nahi genuen, pertsona eta artista gisa. Militante gisa ez, hori askoz zailagoa delako. Bukaeran, oroigarri txiki bat egin nahi izan dugu", adierazi du Hachek.

Biografia txikiaz gain, pertsona jakin batzuei eskatu zieten Arizmendiri buruzko testu bana idazteko, besteak beste, Jean François Larralderi, Elixabete Garmendiari eta Floren Aoizi. Elixabete Garmendia ETBko kazetaria da, eta Arizmendiri elkarrizketa bat egin zion 2008an, Baionan. Haren testuaz gain, Garmendiarenak dira margolanak laguntzen dituzten testuak. Aoizen ekarpena, ordea, politikoagoa da. Liburuan ez dute alderdi hori asko sakondu, baina Arizmendiren lagunek ezinbesteko iritzi diote erreferentziaren bat egitea. "Floren Aoizek eta Kepak elkar ezagutzen zuten. Gainera, Keparen urterik zailenetan Floren ezker abertzaleko bozeramailea izan zen, eta oso ondo idazten duenez, Kepari buruz zerbait idazteko eskatu genion".

Lan handia egin dute Arizmendiren sei lagunek liburua argitaratu ahal izateko. Erakusketa ere martxan dago. Helburua bete dute margolariaren lagunek, haren lana eta izena ez baita galduko. Oihaletik liburura egin du salto Arizmendik.

Aingeru Zudaireren auzia “ikertzeko eta argitzeko” eskatu du haren familiak

"Justizia nahi dugu". Mezu hori zabaldu du Aingeru Zudaireren familiak, asteon. Atarrabiako gazteak begi bateko ikusmena galdu zuen 2012. urtean, irailaren 26ko greba orokorraren harira Iruñean izan ziren istiluetan. Espainiako polizia batek pilotakada bat eman zion, hurbil-hurbiletik. Epaileak polizien aurkako salaketa artxibatzea erabaki zuen, hil honen 2an. Erabaki horren aurka agertu da Zudaireren familia.

Auzia "ikertzeko eta argitzeko" eskatu du pilotakada jaso zuen gaztearen anaiak, Raul Zudairek, "erantzuleek haien ardura onar dezaten". Elkarretaratzera deitu dute Zudaireren senideek eta hainbat herritarrek, gainera, hilaren 26rako, Atarrabiako udaletxearen aurrean. 19:00etan eginen dute.

Atarrabiako Gazte Sozialistek ere bat egin dute deialdiarekin, eta babesa eta elkartasuna agertu diote Aingeru Zudaireri, prentsa ohar baten bidez. Gazte Sozialistek "polizien zigorgabetasunaren aurka" egin dute, eta gomazko pilotak debeka ditzatela eskatu dute. "Bidezko sententzia behar du Zudaireren auziak, jasotako erasoaren arduradunak zigortuko dituena. Eraso hori ezin da zigorrik gabe gelditu", erantsi dute.

Aingeru Zudaireren familiak helegitea aurkeztu du epailearen erabakiaren aurka. Poliziak "erabateko zigorgabetasunez" jokatzen duela salatu du Raul Zudairek, 2012an zauritutako gaztearen anaiak. "Epaileak berak zauria pilotakada batek eragin zuela iradoki du; poliziaren oldarraldia neurrikoa izan zela erantsi du; erantzulerik ez du zehazten, ardura inork ez balu bezala", nabarmendu du.

Familiak argi du gertatu denaren erantzule nor den: "Murrizketak bultzatzen dituzten politiken atzean dauden agintariena da ardura; haiek bidali zituzten poliziak protesta egiten ari ziren herritarren aurka".

"Begia ere gal dezake"

Gaztearen ama Martina Borge ere jendaurrean agertu da asteon. "Ez da bakarrik begi bateko ikusmena galdu duela. Kolpe psikologikoa ere hagitz gogorra izan da", azaldu du. 2012an jasotako pilotakadaren ondorioak, gainera, ez dira oraindik amaitu. "Begia galtzeko arriskua ere badu. Kolpeak hautsi zizkion begiari eusten dioten hezurrak ere", erran du Borgek. Ondorioz, Zudaireren osasunak okerrera egin dezakeela nabarmendu du haren amak.

Aingeru Zudaireren polizien aurkako salaketa ez da egunotan mahai gainean egon den bakarra. 2012ko irailaren 26ko greba orokorreko istiluetan bertze hainbat pertsonak jaso zituzten kolpeak polizien oldarraldian. Haietako hiruk jarritako salaketen harira, hain zuzen ere, bi epaiketa izan dira asteon.

Sabino Cuadra Amaiur koalizioko diputatuarena da salaketa horietako bat. "Nafarroan defizit demokratikoa dugu", salatu du. Hori erakusten du 2012ko iraileko greba orokorrean gertatu zenak, Cuadraren ustez. "15.000 pertsonak manifestazio baketsua egin zuten, eta bukaeran poliziak oldartu ziren". "Justizia defizita" ere badela erantsi du Amaiurreko kideak, eta denak ez direla berdinak epaileen aurrean. Protesta egiten duten herritarren aurkako errepresioa salatu du Amaiurreko diputatuak.

Musika jolasa bihurtzeko emanaldia

Ez da ohiko musikaria Maite Arroitajauregi Mursego. Eibarko (Gipuzkoa) artistak musikarekin jolastea maite du. Arroitajauregik berak aitortu duenez, ez dio garrantzirik ematen entzule kopuruari; kontzertuetara joaten direnak bere jokoan parte hartzeko prest egoteari bai, ordea. Ostegunean, 20:30ean, iragan urtean kaleratutako Hiru diskoa aurkeztuko du Iruñeko Alde Zaharrean, bertako Erraldoien Txokoan.

“Uste dugu Erreniegako proiektua guztiz espekulatzailea dela”

Erreniega mendian zabaldu nahi duten potasa ateratzeko meategiaren aurka tinko agertu da Blanca Vazquez Undioko Kontzejuko lehendakaria (Iruñea, 1957). Duela urtebete izan zuten Geoalcali SL enpresaren asmoen berri. Atzo agerraldia egin zuen Erreniega inguruan dauden kontzeju eta udaletako hainbat ordezkarirekin batera, Nafarroako Parlamentuan. Vazquezek salatu du ez dagoela behar adina informazio proiektuaz.

Bi urteren buruan zabaldu nahi dute potasa ateratzeko meategia, Erreniegan. Zertan da proiektua gaur egun?

Egitasmoaren berri izan genuenean, meategiaren aurka helegitea aurkezteko epea iraungita zegoen. Beraz, soilik proiektuaren zati baten helegitea jarri ahal izan genuen martxan. Aurkeztu ditugun helegite guztiak atzera bota dizkigute. Enpresak zundaketa batzuk egitea aurreikusi zuen, potasaren kalitatea aztertu ahal izateko. Zundaketa guztiak ezin izan ditu egin, ez dituelako behar bezala eskatu horretarako behar diren lizentziak. Betebehar batzuk betetzera behartu ditugu. Hala ere, proiektua oraindik gauzatzeko bidean dago.

Aurrez ere izan dira Erreniegan potasa ateratzeko meategiak.

Egia esan, ez dakigu potasa meategiak izan diren toki berean eraiki nahi duten. Enpresak ez du inoiz zehaztu nahi izan zein tokitan zabalduko duten meategia. Informazio asko falta da. Enpresak ez du informazio zehatzik ematen. 2016an hasi nahi dute meategia ustiatzen, eta begira oraindik nola dauden. Dugun informazio apurra enpresa sustatzaileak duen webgunearen bitartez dakigu.

Hala ere, baduzue haien asmoen zantzurik?

Konfirmatu gabeko informazioa daukagu. Baina badirudi aurrez potasa meategia egon zen gunean erabat ustiatu gabeko bi eremu daudela. Beraz, litekeena da erabat ustiatu gabe dauden eremu horietan zabaltzea meategia.

Zein da meategiaren sustatzailea?

Guk dakigunez, enpresa sustatzailea Australiako Highfield Resources da. Erreniegan zituzten asmoen berri eman zutenean, izugarri handitu ziren haren burtsako akzioen balioak. Uste dugu Erreniegakoa proiektu guztiz espekulatzailea dela. Azken finean, badirudi akziodunei begira egindako proiektua dela potasa ateratzeko meategia.

Orduan, uste duzu meategia ez dutela egingo?

Nire ustez, meategia ustiatzeari uko egingo dio Highfield Resources enpresak. Baimena lortzen dutenean ustiatzeko eskubidea beste enpresa baten esku utziko dutelakoan nago. Horregatik diot proiektuak berez helburu espekulatzailea duela. Ziurrenik, hemengo enpresaren bat arduratuko da meategia ustiatzeaz.

Proiektua iluna dela uste duzu?

Inolako zalantzarik gabe, ez dagoelako egin nahi dutenaren informazio argirik. Geoalcali SL 2011n sortu zuten. Oso enpresa txikia da. Salamancako (Gaztela Leon, Espainia) bost lagun dira kudeatzaileak. Kapital soziala 4.000 eurokoa da. Datu horiekin, argi ikusten da ez dela meategien sektorean lan egiten duten enpresa handi horietakoa. Guri, behintzat, susmagarri egiten zaigu.

Zundaketa batzuk eginak ditu enpresak. Zer emaitza jaso dituzte?

Guk jakin ahal izan dugunez, Erreniegan dagoen potasaren kalitatea oso ona da. Gainera, azken hilabeteetan potasaren balioa izugarri handitu da. Beraz, esan daiteke meategia ustiatzea errentagarria izan daitekeela.

Afera honetan guztian, nolako jarrera izan du Nafarroako Gobernuak?

Enpresak erabateko babesa jaso du; Nafarroako Gobernuak ez dio inolako oztoporik jarri. Beste esperientzia batzuen bitartez dakigu haientzat ingurumena ez dela lehentasuna. Erreniegan ikerketa eskubidea eman zion enpresari. Horri esker dakite bertako potasa nolakoa den.

Erreniega inguruko udal eta kontzejuek bat egin duzue proiektuaren aurka?

Undion izan ginen lehenak potasa ateratzeko meategiren berri izaten. Kasualitatez jakin genuen, orain urtebete. Orotara, proiektuak 26 herri eta kontzejuri eragiten die. Formalki ez dugu sortu proiektuaren aurkako plataformarik. Hala ere, noizean behin egiten ditugun bileretan, 23 udalerri eta kontzejutako ordezkariok parte hartzen dugu.

Eutsi!

Iazko sanferminetan, aspaldiko partez, herri-bestendako gune propio bat lortu zen Iruñean, eta aurten, besta horiek hurbil ditugun honetan, orduan lortutakoari eusteko beharra datorkigu gogora. Nabarmentzekoa da, gure ustez, nola Iruñeko Udalak espazio hura lehiaketan eskaini eta enpresa bakar batek ere ez zuen hartu; horren aldean, ehunka herritarren auzolanari eta oro har iruindarren gogo, borondate eta determinazioari esker osatu zen Jaigunea. Hau da, merkatu-ikuspegitik eraginkorra ez izanik ez zen deus ere sortu, eta, aldiz, bai herritarren gogotik, auzolanean, txandak eginez. Merkatu-irizpideak agintzen duen ikuskizuna pasiboki kontsumitzeko ereduari irabazten baitio Gora Iruñea!-k bultzatzen duenak. Diru-irabazi asmoaren aldean, txosnetan, eta bertze, guztion artean txandak egitearen eredua ageri zaigu eraginkor.

Jai gunearen gisako ekimen bat aitzinera ateratzeko behar-beharrezkoa ikusten dugu bai ekintzaileek eta bai herritarrek ere horretarako zilegitasuna onartzea, are gehiago, autoritatea aurka dagoenean. Zilegitasuna izanda ere, gogo eta borondaterik gabe nekez lortuko litzateke indar aski. Eta behar adina indar metatutakoan, berriz, ezinbertzekoa iruditzen zaigu determinazioa, asmoari irmoki eustekoa, bidean ager daitezkeen traba anitz gaindituz aitzinera egiteko. Bertze modu batean ezin uler ditzakegu iruindarrek hamaika aldiz izan dituzten lorpenak hiriaren herri-izaerari bizirik eusterakoan.

Lorpenak aipatzen ditugu, jakinik porrotak ere izan direla. Batzuetan indar aski ez, bertze batzuetan autoritateen ankerkeriaren tamainak prestaketa oro gainditu duelako. Baina badago ezaugarri bat azpimarratu nahi genukeena: autoritateari bere boterea aitortzea ala ez, horra hor herri-indarraren tamainan erabakigarri izan daitekeena. Herri-ekimenak autoritateekin darabilen pultsoan, etengabe neurtu behar du bere ekinaren eta errepresio-ondorioen arteko oreka, eta, noski, jarduera horren nekeak maiz ahitzen du edozein indar eta ahalegin.

Porrotei buelta ematea edo galdutako eremuak berreskuratzea zinez zaila suertatzen da, eta, beraz, ahalegin berezia eskatzen du horiei eusteak. Lortzea bera bezain garrantzitsua, edo are gehiago, baita eustea ere. Zainduz eta babestuz. Lortze-prozesuan bildutako gogo, indar eta determinazio berberaz. Eta determinazioa hor izanen da zilegitasuna aitortzen baldin bada; hau da, autoritateen legitimitatea kuestionatuz, herriaren zilegitasuna gailentzen den heinean.

Iruñeko sanferminek ez lukete gure arreta hainbertze bereganatuko, herri-ekimenak darabilen borrokarengatik ez balitz. Izan ere, aunitz dago jokoan bertan, eta kasu honetan kultura arloan gertatzen ari dena gainerako eremuetara ere eraman genezake. Diru-irabazi eredua elikatzen dugu, ala txandagilearena?

Ventura Tome presoa askatzeko manifestazioa egingo dute bihar

IRUÑEA. Ventura Tome Tafallako preso politikoak 60 urte ditu, eta bi urtean bi minbizi antzeman dizkiote. Hala ere, Murtziako espetxean lehen graduan jarraitzen du preso. Haren egoera salatu eta aska dezatela eskatzeko, manifestazioa iragarri dute biharko, Iruñean, hainbat eragile politiko eta sindikalek. Osasunbideko zenbait langilek bat egin dute mobilizazioarekin.

Kalamu elkarteak arautzeko herri ekinaldi legegilea abiatu dute

Sinadura biltzen hasi dira Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoa zein kalamu elkarteetako kideak. Helburua herri ekinaldi legegile baten bidez Nafarroan dauden kalamu elkarteak arautzea da. Joan den maiatzaren 12an, Nafarroako Parlamentuak tramitera onartu zuen ekinaldi legegile hori. Beraz, sei hilabete besterik ez dute 5.000 sinadura bildu eta parlamentuan ekinaldia defendatu ahal izateko.

Sinadura biltzen hasi direnetik hilabete eskas igaro den arren, dagoeneko 1.500 lagun ingururen babesa jaso dutela jakinarazi du Ramon Morcillo Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko idazkariak. Dioenez, ekinaldiak oso harrera ona izan du, eta datozen asteetan "indartzea" espero du. Dena den, alderdi politikoen jarrerarekin ez da batere fio. Izan ere, salatu du askori ez zaiela "interesatzen" halako elkarteak arautzea.

Hala ere, kalamu elkarteak arautzeko lanean jarraitu nahi dute Morcillok eta Ordezkaritza Kanabikoko gainontzeko kideek. Datuak ofizialak ez diren arren, Iruñerrian zazpi bat kalamu elkarte daude. Bakoitzak bere bidea egiten du; guztiak dira legezkoak, eta guztiak daude elkarte moduan erregistratuta. Hala ere, Morcillok ohartarazi du funtsean kalamu elkarteak ez direla ohiko elkarteak, eta salatu du ez dutela segurtasun juridikorik. Izan ere, une oro poliziak atxilotuko dituzten beldur direla aitortu du.

Morcillo, Ordezkaritza Kanabikoko idazkari izateaz gain, Antsoaingo kalamu elkarteko bazkidea ere bada. Urtarrilean sortu zuten elkartea, eta jadanik ia 200 bazkide dituzte. Pozik daude izan duten harrerarekin. Dena den, halako elkarteak iragartzea "delitua" dela ohartarazi du. Horregatik ez du elkartearen egoitza zehazki non dagoen esan nahi; arazoak saihestu nahi dituzte.

Kalamua kontsumitzen dutenek neurri batean "babes juridikorik" ez dutela uste du Morcillok. Iritzi berekoa da Laura Salamanca Antsoaingo kalamu elkarteko diruzaina ere: kalamuaren kontsumoari buruzko legedia "oso murriztailea" dela irizten dio hark. Ez dute ez ekoizterik, ez garraiatzerik, ezta saltzerik ere. Baina norbanakoak kontsumi dezake, baldin eta besteei eragiten ez dien eremu pribatu batean egiten badu.

Morcillok galdetu du agintariek zergatik ez duten legeztatzen kalamuarekin lotutako guztia. Dioenez, badira legeztatuta dauden beste substantzia batzuk kalamua baino "kaltegarriagoak" direnak. Egoera horren atzean interes ilun asko daudela uste du Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko kideak: "Kalamua legeztatuko balute, guk ordaindutako zergen bitartez administrazio publikoak dirua erdietsiko luke".

Alde horretatik, uste du administrazioak "bizkar" ematen diola kalamuaren kontsumoarekin lotutako guztiari. "Sarritan, badirudi errealitatea ere ukatu egin nahi duela", dio Salamancak. Datu ofizialik ez dagoen arren, Nafarroan gehien kontsumitzen den substantzietako bat da kalamua, bai helburu ludikoetarako baita helburu terapeutikoetarako ere.

Hain justu, Antsoaingo elkarteko bazkideen artean denetik dago. "Egia da gehienek helburu ludikoetarako kontsumitzen dutela kalamua, baina elkartean denetarik dago", azaldu du Salamancak. Gaineratu duenez, bazkideekin oso zorrotzak dira. Hiru gune garrantzitsu dituzte egoitzan, baina ziurrenik garrantzitsuena bulegoa da. Bertan erretzea debekatua dago, elkarteko langileek ke guneetatik at egon behar dutelako lan segurtasuna bermatu ahal izateko. Bertan gordetzen dute bazkideek kontsumitzeko prestatuta dagoen kalamua.

Morcillok azaldu duenez, aurreikusia dago gehienez zenbatekoa izango den bazkideen urteko kontsumoa. Hark, esaterako, gehienez 1.020 kalamu gramo kontsumi ditzake. "Batzuek gehienez zenbateko hori kontsumitzen dute; beste batzuk, berriz, ez dira horretara iristen", azaldu du Morcillok. Gainera, bazkide bakoitzak bere fitxa du. Bertan jartzen dute noiz eta zenbat erosi duten.

Kalamu elkarteek ez dute inolaz ere irabazirik izan behar. Irabazirik izango balute, legea urratuko lukete. Horregatik, oso tentuz ibiltzen dira halako gauzekin Antsoaingo elkartean. "Irabaziak izango bagenitu, inbertsioren bat egin beharko genuke; ez dakit, beste lokal batera joan edo horrelako zerbait", dio Salamancak. Oraingoz ez da horrelako egoerarik gertatu Antsoainen. Nahikoa lan badute elkartea bera mantendu ahal izateko.

Baina argi dute ez dutela eurena elkarte handi bat izaterik nahi. Gainera, bazkide egin ahal izateko prozesua erabat zehaztua dute. Bazkidea den pertsona baten bitartez egin daiteke soilik Antsoaingo elkarteko kide. "Kalamu kontsumitzailea izan behar du, eta hemen ditugun arauak errespetatzea ezinbestekoa da", azaldu du Salamancak. Arau horiek errespetatzen ez dituena kaleratu egiten dute.

Elkarteak arautzeko legedia parlamentuan eztabaidatu ahal izateko behar adina sinadura biltzeko, beste bost hilabete besterik ez dute. UPN eta PPN ez beste alderdiekin bildu dira. Bilera egiteko gonbidapena egina diete, baina ez dute onartu. Hala eta guztiz ere, legedia gauzatuko den esperantza badutela esan dute Morcillok eta Salamancak. Izan ere, ziur dira kalamu elkarteak arautzea bi aldeentzat dela onuragarria.

4.250

IRUÑEKO HIZKUNTZA ESKOLAK ESKAINIKO DITUEN PLAZAK

Dagoeneko Iruñeko Hizkuntza Eskola hasia da heldu den ikasturtea prestatzen. Orotara, 4.250 lagunek ikasi ahal izango dute ingelesa, frantsesa, euskara eta italiera. Aurrematrikulazioa ekainaren 26an eta irailaren 16 edo 24an soilik egin ahal izango da.

Kalamu elkarteak arautzen lehena izan da Donostia

Joan den hilabetean egindako udalbatzan, aho batez onartu zuten alderdi politiko guztietako zinegotziek Donostiako kalamu elkarteak arautzeko udal ordenantza. Halako neurriak abian jartzen Euskal Herriko lehenengo hiria izan da Donostia. Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoak eredu antzekoa aldarrikatzen du Nafarroarako ere. Hala ere, Iruñean ez ezik kalamu klubak Nafarroa osoan ere erregulatzea ezinbestekoa dela irizten diote. Arrazoi horregatik aurkeztu dute herri ekinaldi legegilea Nafarroako Parlamentuan, araudia bat eta bakarra izan dadin. Donostiaren kasuan, aste gutxiren buruan espero da ordenantza jakinaraztea.

Tuterako Dialisi Unitateak ezin diola eskariari aurre egin salatu dute

TUTERA. Egun, Erriberako 48 gaixok dute dialisia egin beharra giltzurrunetan dituzten arazoak direla eta. Tuterako Sofia Erregina da gaixo horiei egokitzen zaien erietxea, baina ospitale hori soilik 44 gaixo artatzeko dago prestatuta, eta, horren ondorioz, lau gaixok Iruñera joan behar izaten dute astean hirutan. Halaxe salatu du Acer-ek, Giltzurrunetako Gaixotasunen Aurkako Elkarteak.