Aste honetan Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatuko da Nafarroako Parlamentuan. Gobernuaren murrizketa politikek nafar jendartean eragindako ezinegona haraino ailegatu da. Herritarrok, aukera dugun eremu guztietan eragiteko beharra daukagu, ...
Emakumeen ehunekoa Iruñeko aterpetxean.
Iaz Iruñeko aterpera jo zutenen artean, %10 baino ez ziren izan emakumeak. Datua baxua bada ere, "pobreziaren feminizazioa" gertatzen ari dela diote adituek: gero eta emakume gehiagok zerbitzua behar dute.
Lege erreforma aldarrikatu dute taxilariek
Taxilarien sektoreak Nafarroan egoera "larria" bizi duela jakinarazi du Tele Taxi San Fermin Elkarteko kudeatzaileak, Juan Luis Garciak. 2005ean onartu zen Taxiaren Legea berriztatu beharra dagoela ohartarazi du, sektoreak aurrera jarraitu ahal izatek...
Bizitza berreskuratzea posible delako
"Ez dugu pena eman nahi". Ion Molinuevoren hitzak dira, Iruñeko aterpearen erabiltzaile ohiarenak. 17 hilabete eman zituen han. Orain, bizitza berreskuratu du. Umezurtz geratu zen, eta haurtzaro gogorra izan zuen. Hurrengo urteak ez ziren errazak izan. Alkoholikoa zen, eta urteak eman zituen hiriz hiri, leku finkorik gabe. 50 urte bete arte. "Ezin nuen horrela jarraitu; laguntza behar nuen". 2011ko urtarrilean atera zen aterpetxetik. Orain, logela bat alokatu du, eta familia batekin bizi da Iruñean. "Familiaren parte sentitzen naiz; oso ongi hartu naute". Gainera, ez du harremana eten aterpearekin: bisitan joaten da, eta haien laguntza jasotzen du oraindik ere. "Haiei esker naiz orain naizena, izugarri lagundu didate". Ez dela erreza, baina ahaleginarekin egoera horretatik edonor atera daitekeela uste du. Berak egin zuen bezala.
Iruñeko kartzelara hiri garraioa iristea nahi du Salhaketak
"Inork ez du ospitale bat eraikitzen garraio publikoa iristen ez den toki batean. Iruñeko kartzela zerbitzu publikoa da, baina ez dago inolako garraio zerbitzu publikorik hara joateko". Salhaketa elkarteak "beharrezkoa" ikusten du Iruñeko kartzela hiriaren erdigunearekin lotzea hiri garraioaren bidez, zerbitzuak onurak ekarriko dizkielako presondegira joan behar duten pertsonei.
Nafarroako Parlamentua, Iruñerriko Mankomunitatea eta Iruñerriko zenbait udal hiri garraioa ezartzearen alde azaldu badira ere, finantzaketa eta errentagarritasun ekonomikoaren arazoak jarri dituzte mahai gainean. Presoen aldeko elkarteak, berriz, uste du giza interesa interes ekonomikoaren aurrean jarri behar duela gobernuak eta, kartzela zerbitzu publikoa den heinean, herritarren beharrak ase behar dituztela.
2012. urteko ekainean estreinatu zuten kartzela berria Santa Luzia muinoan, eta, ordutik, presondegiko langileek, presoen familiek eta gainerako erabiltzaileek taxiz, autoz edo oinez joan behar izaten dute. Autobus geltoki hurbilenak Buztintxurin eta Berriozarren daude. Espetxetik 1,5 eta 2 kilometrora daude, eta oinez 20-30 minutu inguru egin behar izaten dituzte. Horren guztiaren harira, joan den astelehenean elkarretaratzea egin zuen Salhaketak Iruñean Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza aurrean.
Ez da lehenengo aldia Salhaketak hiri garraioa presondegiraino iristea eskatzen duena. Iaz, beste bederatzi elkarterekin batera, manifestu bat aurkeztu zuten, "beharrezkoa" den zerbitzu hori eskatuz. 1.100 sinadura ere bildu dituzte. "Hirugarren graduko presoentzat, senideentzat, langileentzat eta beste edozein herritarrentzat ere nahitaezkoa da autobus zerbitzua", azaldu dute. Lanean jarraituko du Salhaketak, bai talde politikoekin baita gizarte eragileekin ere, espetxeraino hiri garraioa iritsi arte.
“Haien egoera latza izan arren, beti dute irribarrea ahoan”
Zazpi mila irlak baino gehiagok osatzen dute Filipinak. Horietako hiru handiak dira, eta gainerakoak, txiki-txikiak, mapan ez dira ikusi ere egiten. Uharte handietako batean, Luzonen bizi da Ainara Peñalver (Aroztegi, 1985) 2010. urteaz geroztik. Tesia egitera joan, lana aurkitu, eta egun, doktoretza egiten dihardu.
Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Faro izeneko beka jaso zuen, Filipinetan bere tesia egiteko. Egun, IRRI izeneko institutuan lan egiten du, entomologiako departamentuan. "Arroz motak aztertzen ditugu, eta ni arduratzen naiz aztertzeaz arrozaren erabilerak zer-nolako eragina duen landare erresistenteetan". Izurriteak kontrolatzeko modu bat da, eta ekosistema aberatsa izatea du helburu. "Modu ekologikoan lantzen dugu, eta pestizidak erabiltzea saihesten dugu". Arroza da Filipinetan gehien kontsumitzen den produktua. Iparraldetik hegoaldera arroz soroak daude, eta filipinarren eguneroko jakia ere bada. "Bitxia da, inguru bakoitzean era batera ekoizten dutelako. Iparraldean, adibidez, baratze mailetan edo terrazatan lantzen dute".
Los Bañosen bizi da Peñalver, Manilatik 60 kilometrora dagoen herrian. "Hemen, herria deitzen diote, baina, Nafarroan, hiria litzateke; Iruñeak bezainbeste biztanle ditu". Unibertsitate asko daude, eta ikasle giroa du hiriak.
Tagaloa da filipinarren hizkuntza ofiziala, baina 170 hizkuntza inguru daude, eta ingelesa edonon entzuten da. "Hiri handietan eta leku turistikoetan, mundu guztiak daki ingelesa". Peñalver, hala ere, saiatzen da tagaloz hitz egiten. Bere kabuz ikasi du, lankide filipinarren laguntzarekin, eta, hiru urte ondoren, gutxi gorabehera moldatzen da. "Bertakoekin hitz egiteko, ezinbestekoa iruditzen zait tagaloa ikastea; errespetua da". Filipinarrak, gainera, beti laguntzeko prest daudela adierazi du. "Haien egoera latza izan arren, beti dute irribarrea ahoan".
Irribarrea ahoan, eta abesten igarotzen dute eguna. Filipinarren kirola karaokea dela azaldu du Peñalverrek. "Maite dute". Isiltasuna ez zaiela gustatzen, eta, hortaz, egunero abesten aritzen dira. "Pop estiloko kantak abesten dituzte, eta hamaika karaoke daude". Karaokeetako kantei, gainera, kaleetako trafikoa gehitu behar zaie: "Beti entzuten da soinuren bat; ez dago isiltasunik". Horren falta sumatzen du Peñalverrek, eta mendira joan ohi da lasaitasunaren bila. Los Bañosen ondoan ditu mendi garaiak, eta gehienak sumendiak dira; batzuk aktiboak dira, eta beste batzuek ez dute jarduerarik. Gertu dagoen sumendi bat ezagutzen du Peñalverrek. Aktiboa da, eta bi krater ditu: "Urak hartua duen krater handia du, eta, horren barruan, beste krater txiki bat du. Oso bitxia da".
Peñalverren iritziko, alaiak eta lasaiak dira hango biztanleak, "erritmo filipinarra dute". Haien bizimodura egokitu da, bai lanean, eta bai bidaiatzean. "Abentura izaten da beti: inoiz ezin da jakin noiz iritsiko den zure helmugara". Behin, Manilara joateko autobusa hartu zuen Peñalverrek, eta, autopista erdian, kea ateratzen hasi zen. "Matxuratu egin zen, eta gidariak gelditu egin zuen; jaisteko agindu zigun". Autopistaren erdiko bidera joan zen gidaria, eta errepidetik etortzen ziren autobusak gelditzen hasi zen. "Beste autobus batek Manilara eramatea nahi zuen, eta lortu bazuen ere, egoera oso arraroa izan zen". Horrelakoak egunero gertatzen zaizkiola dio. Hala ere, ez da askotan joaten Manilara. "Eromena da: jende pilaketa, kutsadura, zirkulazio izugarria... ez du merezi". Hiri handietan bizi izan da, Txileko Santiagon kasu, baina zerikusirik ez duela azaldu du. "Santiagok kutsadura handia izan arren, izugarri polita da Manilarekin alderatuta".
Turistei ere ez die gomendatzen hiriburua bisitatzea, baina bai Filipinetako beste txoko batzuk. Padawan irla du gogoan Peñalverrek, inoiz ikusi dituen hondartzarik politenak ikusi baititu han. Horretaz gain, Banaue ingurua gustatzen zaio. "Leku oso polita da, baina gehiegi ustiatu dute turismoa; hori baino gehiago, inguruan dagoen guztia gustuko dut". Iparraldean dago, eta mendiz inguratuta. "Hango haize freskoa eskertzen da". 30 gradu inguru egiten ditu egunero Los Bañosen, eta hezetasun handiko lurraldea da. "Izerditan pasatzen ditugu egunak". Urte osoan, horrelako tenperatura egiten du, baina bi garai daude Filipinetan. Orain, lehorte sasoian daude, eta ez du euririk egiten. Ekainetik azarora izaten da euri sasoia, eta, beroa egin arren, egun osoan daude euripean. "Hilabete txarrenak uztaila eta abuztua dira, orduan izaten dira tifoiak".
Zortea izan du Peñalverrek, ez duelako ikusi tifoi arriskutsurik. "Orain dela hiru urte, hiru gradukoa egon zen; bi egun pasatu genituen ur eta elektrizitaterik gabe; haizea eta euria gogor ari zuen, eta palmerak horizontalean zeuden; ez dut imajinatzen bost graduko tifoia nola izanen den".
Droga mendekotasunaren aurkako plana onartu dute
Nafarroako Parlamentuak Droga Mendekotasunaren Aurkako II. Plana onartu berri du. Besteak beste, erabaki dute droga mendekotasunari buruzko behatokia eratzea, adingabeen artean alkoholaren kontsumoak kontrolatzeko neurriak jartzea eta enpresetan droga...
Iaz Tuterako Gizakia Helburuk artatu zituen pertsonak.
Erriberako 274 lagunek jaso zuten Tuterako Gizakia Helburu fundazioaren laguntza iaz. Erabiltzaileen %56 Tuterakoak ziren, eta gainerakoak, ingurukoak. Hala ere, Aragoi eta Errioxako (Espainia) lagunak izan dituzte.