Ekonomia

Etorkizunak ihes egin die gazte langileei

Etorkizunak ihes egin die gazte langileei

Kattalin Barber

Gazteak dira, eta ikerlariak. Soziologiako ikasketak amaituta, eta lan merkatuan haien diziplina aurrera eramateko aukera gutxi zituztela ohartuta, haien kabuz ikerketa bat egitea erabaki dute: Poniendo en forma a la juventud. Decathlon y la situación laboral de los jóvenes en Navarra (Gazteak sasoian jartzen. Decathlon eta Nafarroako gazteen lan egoera) ikerlana egin dute sei gaztek. "Gure ezagutza praktikan jartzeko modu bakarra da, inkestetatik harago", dio Xabier Elizalde soziologoak.

Prekaritatea jasaten dute haiek eurek, eta Nafarroako gazte askoren errealitatea aztertu dute, Decathlon enpresa abiapuntu hartuta. Ehunka gaztek lan egiten dute edo egin dute bertan, eta "gaur egungo panoramaren isla" da saltoki handia. "Beste enpresa askotan bezala, lan baldintza kaskarrak, prekaritatea eta malgutasuna dira Decathlonen ezaugarriak", azaldu du Gari Lopezek. Haiekin batera, Xabier Torrea, Felipe Lopez, Ander Gorraiz eta Anchel Reyes aritu dira ikertzaile lanetan.

Bi urteko lana izan da, eta inolako aurrekonturik gabe aurrera atera dute. Bidean "gorabehera" asko izan arren, pozik agertu dira lortutakoarekin. "Ez dugu nahi kaxoi batean geratzea; espero dugu gizartearentzat erabilgarria izatea", adierazi du Lopezek. "Kontzientziak berpiztu nahi ditugu", gaineratu du Elizaldek.

Decathlonen lan egiten duten pertsona ia guztiak gazteak dira. Kirolari edo kirolzaleak izatea izan ohi da beste baldintza bat. Gazteei aldi baterako kontratua eskaintzen diete, eta zenbaitetan egun bakarreko kontratua ere izaten da: "Hasieratik argi dute gazteek haien lanak iraungitze data duela. Sei hilabete pasatu eta gero, lan kontratuak mugagabea izan behar du, baina enpresari ez zaio komeni, eta kalera botatzen dituzte", dio Lopezek.

Horrek ondorio larriak dituela salatu du Elizaldek, gazteen "desegonkortasuna" bilatzen eta sustatzen duelako enpresak: "Gazte askok behartuta ikusten dute beren burua horrelako lanak onartzera, merkatuan ez dagoelako beste aukerarik, eta dagoenarekin konformatu behar dute". ELA sindikatuak aditzera eman duenez, Nafarroako gazteen langabezia tasa %38,1ekoa da.

Adierazi dutenez, bertan lan egiten duten gazteek ere ez dute beren burua ikusten Decathlonen urte luzez. Aldi baterako lantzat jotzen dute. "Alde batetik, aldi baterako lanak egitera ohituta dauden gazteak daude, eta, bestetik, goi mailako ikasketak dituzten gazteak eta lehendabiziko lan bat behar dutenak. Askorentzat, Decathlon lan merkatuan sartzeko aukera bat da, eta baldintzak onartzera behartuta daude", azaldu du Lopezek.

Enpresek ere hori sustatzen dutela argi dute bi soziologoek. Aldi baterako lanak, egonkortasunik eza, lansari txikiak eta langileen malgutasun handia dira Decathlonen ezaugarri. Malgutasuna eta prekaritatea txanpon beraren bi aldeak direla diote, hain zuzen ere.

Joan-etorri prozesua

Egoera horrek guztiak ondorioak ditu, eta ez bakarrik gazteen lanetan. "Nafarroako egoera orokorrarekin alderatuta, 'joan-etorri prozesuan' daude gazteak, bai lanean, bai beren bizitzan ere: etxetik joaten dira, emantzipatzen dira, etxera itzultzen dira... Horrek zerikusia du enpresek eskaintzen duten malgutasun eta behin-behinekotasunarekin", dio Lopezek.

Lan baldintzei buruz hitz egitean aipatzen dute prekaritatea, baina gazteen bizimodura hedatu dela uste dute Lopezek eta Elizaldek. Etorkizuna beltz ikusten dute: "Ez dago horrela bizitzerik. Soldata aldetik ere ez du askorako ematen. Ez da bakarrik Decathlon, arazoa egiturazkoa da. Azken finean, prekaritatearen menpe gaude, eta onartzera eramaten gaitu egoerak. Hori da larriena", ziurtatu du Elizaldek.

Eredu bezala hartu dute Frantziako enpresa, baina beste edozein izan zitekeela argi dute Elizaldek eta Lopezek. "Gu ere izan gintezke". Prekaritatea da lan merkatuaren eta gazteen arteko loturaren hari mutur bat: ordukako kontratuak, soldata murritzak, behin-behinekotasun erabatekoa... Enplegua lortu arren oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten langileak dira.

Decathlonen kasuan, lana produkzioaren arabera asko aldatzen dela diote, horrek dakartzan ondorioekin: "Horrek babesik ez izatea eragiten du. Gazteak ez daki zenbateko diru sarrerak izanen dituen hilabetean; enpresaren menpe dago, enpresak nahi duenerako beti prest". Gazteen egoera lanaren esparruan, oro har, kaskarra da.

Zuzenean, bitartekaririk gabe

Zuzenean, bitartekaririk gabe

Edurne Elizondo

Herritarrak etxean artatzeko zerbitzua zaharrenetakoa da Iruñean. 1970eko hamarkadan jarri zuten martxan Iruñeko Udalak eta Caritas eta Gurutze Gorria elkarteek. Nafarroako Gobernuak zuen, orduan, zerbitzuaren ardura, baina udalaren esku utzi zuen 1997an. Hurrengo urtean, zerbitzua zuzenean kudeatzen hasi zen erakunde hori. 21 langile hasi ziren, 1998ko martxoan, eta haien artean zen Nerea Esparza, gerora osatutako Asimec enpresa publikoko langile batzordeko burua. Ia hasieratik ari dira herritarrak etxean artatzeko zerbitzuan, halaber, Marian Velaz eta Loli Serrano; baina biak, beti, lan hori egin duten enpresa pribatuetan izan dira. Bada aldea, nabarmendu dutenez. "Enpresa baten xedea dirua irabaztea da, eta horrek berekin ekartzen du, gehienetan, langileen lan baldintzek okerrera egitea", nabarmendu du Serranok. Horregatik, "kontent" da Iruñeko Udalak hartu duen erabakiarekin: hain zuzen ere, bere esku hartu du orain arte bi enpresaren esku egon den zerbitzuaren kudeaketa, eta udaleko langile mugagabe ez-finko bilakatu ditu Asimec eta Sarquavitaen ari zirenak.

Esparzak argi du enpresa pribatuan ari ziren langileen egoerak hobera egin duela aldaketarekin; eta ontzat jo du hori, "zalantzarik gabe". Kezka agertu du, ordea, orain arte Asimec enpresako kide izan diren langileen etorkizunari buruz. Esparzak nabarmendu du urte luzez borroka egin dutela langileek egun dituzten baldintzak lortzeko, eta beldur direla aldaketarekin atzera eginen ote duten. Ez dira hori onartzeko prest.

"Prozesua hasi bertzerik ez dugu egin, baina lanaren antolaketan arazoak sumatu ditugu; goiz da, eta behar duen denbora emanen diogu udalari. Argi dugu kudeaketa zuzena dela eredurik egokiena, baina adi egonen gara, gauzak ongi egin ditzaten", erantsi du.

Zerbitzu bat eta bi enpresa; bat publikoa, eta bertzea pribatua. Ia 200 langile. Eta erdian, Iruñeko Udala. Egoera hori atzean uzteko eta langile guztiak multzo berean jartzeko prozesua ezberdina izan da batzuentzat eta bertzeentzat. Hasierako asmoa, gainera, bertze bat zen: langile guztiak enpresa publikoan sartzea, alegia. Halaxe aitortu du udalak berak. "Oposizioan ginenean ere argi ikusten genuen bazela tartea zerbitzuak hobera egiteko; lehen apustua langile guztiek enpresa publikoan bat egitea izan zen", azaldu du Edurne Eginok, Gizarte Ekintzako eta Garapen Komunitarioko zinegotziak. Udaleko zerbitzu juridikoek, ordea, txostena egin zuten, eta bazter utzi zuten aukera hori: "Enpresa publikoak sinatua zuen hitzarmena hagitz zurruna zen, eta ez zen hura betetzeko modurik langile gehiago hartuz gero", gaineratu du zinegotziak. Ondorioz, hilaren 1ean errealitate bilakatu zen alternatibaren alde egin zuen udalak: enpresa publikoan eta pribatuan ari zirenak erakunde horretako langile bilakatu ditu.

"Egoera erabat aldatu da guretzat: aldaketak berekin ekarri du gure lana kontuan hartzea eta aitortzea", nabarmendu du Edurne Arandigoienek. Sarquavitaen aritu da azken urteotan familia langilea. Zerbitzuan duela 13 urte hasi zen, eta, geroztik, Gaztelan fundazioko Miluze enpresako, Ammako eta Azvaseko langile izan da, zerbitzua Sarquavitaeren esku gelditu aurretik. Etxe horien artean, Miluze izan da irabazi asmorik gabeko bakarra. "Enpresetan, finean, zenbaki hutsak izan gara. Beti egin behar izan dugu lan gure eskubideen alde, enpresen, bai eta udalaren aurrean ere. Formakuntzaren esparruan egin ditugun urratsak, adibidez, gure ahaleginen ondorio izan dira", nabarmendu du Arandigoienek.

Eginok ez du ukatu orain arteko lan baldintzak ez direla egokienak izan. Batez ere, esparru pribatuan aritu diren langileenak. Iruñeko Udalak 2008an sortu zuen Asimec, eta, geroztik, orain arte, enpresa horren esku egon da herritarrak artatzeko zerbitzuaren zati bat. "Esparru publikoan ezinezkoa zen malgutasuna arlo pribatuan aritu diren langileei eskatu zaie; horrek berekin ekarri du, adibidez, ordu gutxiko kontratuak egitea", azaldu du zinegotziak.

Merkeagoa

Eginok gogoratu du legeak ezartzen duela udalek kudeaketa zuzena hobetsi behar dutela zerbitzu bat ematerakoan; bigarren tokian legokeela kudeaketa hori erakunde autonomo baten esku uztea; hirugarrenean, enpresa publiko baten esku; eta, laugarrenean, azkenik, enpresa pribatu baten esku. "Hemen ez da hori gertatu. Azken hogei urteotan, sinetsarazi nahi izan digute kudeaketa pribatua merkeagoa zela; zerbitzuak enpresen esku utzi ditugu, inolako azterketarik egin gabe. Errealitatea da kudeaketa zuzena gure enpresa publikoa baino merkeagoa ere badela", erran du udaleko zinegotziak.

Herritarrak etxean artatzeko zerbitzuaren kasuan, hain zuzen ere, urtean bost milioi euro inguruko aurrekontua beharko duela zehaztu du udalak. Hau da, orduko 27,06 euroren gastua eginen luke batez beste 2017an; kopurua, iaz, 28,46 izan zen. Beraz, %5 merkeagoa litzateke.

Eginok errandakoarekin bat egin du Nerea Esparzak; azken urteotan udalak arlo pribatuaren aldeko apustua egin duela uste du familia langileak ere. "Zerbitzua ez da behar bezala garatu: ez dira garatu gure enpresak zituen gaitasun guztiak", salatu du. Esparzak, gainera, Asimec enpresa bera sortu zutenean galdu ziren lanpostuak ekarri ditu gogora. "1998an, zerbitzua zuzenean kudeatzen zuen udalak. 2008an sortu zuen Asimec, eta, enpresa martxan jarri zenean, 35 langile karrikan gelditu ziren; ezin dugu hori ahaztu", erran du langileak.

Hasierako urte zailak gogoan dituzte, halaber, Sarquavitae etxeko Loli Serranok eta Marian Velazek. "Inoiz ez genekien egunean zenbat ordu eginen genuen lan, ezta zenbat kobratuko genuen ere", nabarmendu dute langileek. Lanarekiko eta eskaintzen zuten zerbitzuarekiko konpromisoa berretsi dute biek, halere. "Horri esker egin dugu aurrera".

Arlo pribatuko eta publikoko langileen ezaugarri izan da hori, urteotan guztietan: lanarekiko konpromisoarena. Askotarikoa da artatzen dituzten erabiltzaileen soslaia. Mila baino gehiago direla zehaztu du Edurne Egino zinegotziak. Zenbaki hutsen atzeko istorioak ederki ezagutzen dituzte familia langileek. "Haien etxeetan sartzen gara, haien esparrurik intimoenean; lanak mugak ezartzen ditu, noski, baina ezinbertzean sortzen dira gure eta erabiltzaileen arteko loturak", azaldu du Velazek.

Erabiltzaileetako anitz dira zaharrak. Oro har, mendekotasunen bat duten erabiltzaileak artatzen dituzte. "Gerta daiteke istripu batengatik edo ebakuntza bat egin diotelako ere laguntza behar izatea norbaitek", zehaztu du Arandigoienek. "Finean, erabiltzaileak eta haien familiak laguntzea da gure lana; behar duen horretan artatzea", erantsi du: "Ohetik altxatzea, paseatzea, garbitzen laguntzea, jaten ematea...". Etxe bakoitzean gehienez bi ordu ematen dute.

Familia langileen lana koordinatzeko ardura dute zerbitzuko gizarte langileek. Haietako bat da Cristina Chasco. Duela 11 urte hasi zen. Geroztik egindako lanari so egin, eta zerbitzuaren kudeaketa "gero eta zailagoa" zela nabarmendu du. Horregatik, ontzat jo du orain hartutako erabakia. "Udalak sendo egin du zerbitzuaren alde, kudeaketa zuzenean bere esku hartuta".

Udalaren hasierako asmoen berri bazuten langileek, eta uste zuten, kudeaketa zuzenean egin beharrean, enpresa publikoan bat eginen zutela denek. Nerea Esparzarentzat, urrats egokia zen hori. Bat egin du, halaber, azkenean hartutako erabakiarekin, baina zalantzak dituela berretsi du. Arlo pribatuan ari ziren langileak baino anitzez ere "ahaldunduago" dira enpresa publikokoak, Esparzaren hitzetan. Eta argi utzi du ez dutela bidean atzera egin nahi.

Bada eztabaida sortu duen bertze auzi bat: oposizioarena. Asmoa langile guztiek enpresa publikoan bat egitea zenean ere, Asimec etxean ari zirenek eskatu zuten beraiek enpresa horretan sartzeko egin zuten azterketa egitea arlo pribatutik helduko ziren langileek ere. Egoera aldatu egin da, eta langile guztiak udaleko langile dira orain. Horrek berekin dakar, hain zuzen ere, oposizioa gainditu behar izatea, antolatzen denean. Asimec enpresako kideek, ordea, ez dute uste beraiek berriz egin behar dutenik 2008an egindako azterketa, eta jarrera hori defendatzeko prest dira.

Edurne Egino zinegotziak aitortu du gai horrek "erresumina" eragin duela Asimec enpresako langileen artean, batez ere; argi utzi du, hala ere: "Duela zortzi urte egindako kontratazio zerrendak ez du betiko balio".

Postuak sortzeko aukerari buruz ere, deus gutxi aurreratzen ahal dela erran du Eginok. "Asmoa da, hala ere, postuak ateraz joatea, ahal dugun neurrian, eta, ahal dugun neurrian, halaber, egungo kolektiboari kalte egin gabe".

Arlo pribatuan ari ziren langileek ere aitortu dute "kezka" eragiten diela oposizioa egin behar izateak, baina kudeaketa zuzenaren aldeko apustuak berezko duen urratsa dela uste dute.

Gogoetarako beharra

"Etorkizunera begirako proiektua izan daiteke hau; aukera ematen ahal digu zerbitzuak hobera egin dezan". Horixe nabarmendu du Loli Serranok, eta Edurne Egino zinegotziak bat egin du familia langilearekin.

Egun, astelehenetik iganderako zerbitzua eskaintzen du udalak herritarrak etxean artatzeko; 07:30etik 22:00etara. Hala eta guztiz ere, hainbat esparru zerbitzu horretatik kanpo gelditzen direla aitortu du udalak, eta horri buruzko gogoeta egiteko beharra jarri du mahai gainean. Bertzeak bertze, Iruñeko Udalaren babespean diren 144 etxebizitzetan bizi diren herritarrak artatzeko moduaz hausnartzeko beharra aipatu du Eginok.

Oro har, populazioa gero eta zaharragoa dela kontuan hartuta, egungo zaintza ereduak aldatzeko eta moldatzeko aukera nabarmendu du Eginok, gainera. Eutsi beharreko gaia dela argi du, eta udalaren erronken artean kokatu du hori ere. Familia langileen kudeaketa zuzenean bere esku hartu eta gero, tresna interesgarri bat du udalak orain gogoeta prozesu horiei aurre egiteko. Zerbitzua moldatu berri dute, eta goiz da, oraindik ere, emaitzak zein izango diren jakiteko. Alde guztiek ontzat jo dute udalak kudeaketa zuzena egitea. Hori nola gauzatuko den ikusteko zain dira langileak. Adi egonen direla ohartarazi dute Asimec etxetik heldu direnek. Zerbitzuak aurrera egin dezan. Eta ez atzera.

“Errazagoa izan da andreak esplotatzea”

“Errazagoa izan da andreak esplotatzea”

Edurne Elizondo

Borroka feminista da gurea, eta emakume guztion kontua da. Egiten duguna lan duin bat da, eta bada kontuan hartzeko ordua. Gure gizartean errazagoa izan da emakumeak esplotatzea, baina gure eskubideak aldarrikatzeko unea da oraingoa". Myriam Barrosenak dira hitzak, Lanzaroteko (Kanariak, Espainia) Las Kellys taldeko kidea. SOS Arrazakeria elkarteak arrazakeriaren aurka antolatu duen astean aritu da, Iruñean. Bertakoak eta kanpotarrak, erresistentziak ehuntzen izenburupean egindako jardunaldietan "izaera mestizodun borroka moldeak ikusgarri" bilakatu nahi izan ditu SOS Arrazakeriak, Natalia Nilo kidearen hitzetan. Biharkoa izanen da azken ekinaldia: manifestazioa eginen dute Nafarroako hiriburuan, Gazteluko plazan, 12:00etan hasita.

SOS Arrazakeriak nabarmendu nahi izan dituen izaera mestizodun borroka molde horien adibide da Las Kellys taldeko kideena. Hoteletako gelak garbitzen dituzten langileek osatu dute elkartea. Lanzarotekoa izan zen lehena, baina gisako bertze anitz sortu dira, jada, hamaika tokitan. 2016ko martxoaren 28an egin zuen Lanzarotekoak lehen bilera. "300 pertsona etorri ziren!", gogoratu du Barrosek. Gehien-gehienak emakumeak.

Zerbitzari gisa aritu izan da Barros, baina azken hiru urteotan hoteletako garbitzaile lan egin du. "Denek erraten zidaten hagitz lan gogorra zela, baina uste nuen baino anitzez ere gogorragoa da", nabarmendu du. Gizarte mugimenduetan aritu izan da beti, eta, ondorioz, garbitzaileen lan baldintza gogor eta eskasen berri izan bezain pronto, zerbait egin behar zuela argi izan zuen.

"Sare sozialen bidez gure arteko taldeak osatu genituen lehendabizi; baina garbi ikusi genuen gure artean salatzen genituen kontu horiek guztiak jendaurrean salatzeko eta mahai gainean jartzeko ordua zela", azaldu du. Eta hori da egin dutena. Beren burua antolatu, eta beren eskubideen eta lan baldintza duinen alde lanean hasi dira.

"Oro har, emakumeek osatutako kolektiboa da gurea; horrek are errazago bilakatu du gure lana prekario bihurtzea, gure gizartean errazagoa delako emakumeak esplotatzea", berretsi du Barrosek. Hoteletako garbitzaileen egoera hori dela nabarmendu du. "Egoera hagitz kaskarra da; lan karga izugarria dugu; enpresek nahi dutena da gero eta gela kopuru gehiago garbitzea denbora tarte gero eta txikiagoan. Eta are eta okerragoa da azpikontratatutako garbitzaileen egoera; anitzetan, 500 euro eskaseko soldata baino ez dute", azaldu du Barrosek. Erantsi du anitzetan kontratuak asterokoak izaten direla, eta oporrak edo baimenak izateko eskubiderik ez dutela. Baldintza horiek guztiek, gainera, ondorioak dituzte langileen osasunean. "Egiten ditugun mugimenduak hagitz errepikakorrak dira, eta maiz gaixotzen gara". Ondorio fisikoez harago, "depresioak edo estresak jota" daude garbitzaile gehienak.

"Garbitzaileon errealitateak ez du tokirik izan sindikatu handien agendetan", erran du Las Kellys taldeko kideak. Horregatik erabaki zuten urrats bat egitea aurrera, beren kabuz antolatzeko. Sindikatu horiek "mehatxutzat" hartu dituztela erantsi du Barrosek. "Ez gara ari oinarrizko sindikalistei buruz, sindikatuetako buruez baizik. Sentsazioa dugu uste dutela beren esparruan sartu garela. Ondoan nahi bagaituzte, gu prest gara, baina ez badute gure alde deus egiten, aurrean izanen gaituzte".

Barrosek onartu du, halere, garbitzaileek ere badutela ardura zati bat. "Orain arte, ez gara mugitu, ez gara borroka sindikaletan murgildu. Negoziazio mahaietatik at izan gara; ez dute gure berri, eta inork ez du egiten gure alde".

Elkarri lagundu

Las Kellys taldeko kideek egiten duten lanaren arlo garrantzitsuenetako bat da langileak laguntzea. "Norbaitek bere enpresa salatzen badu, ez da batere atsegina egunero lan egitera joatea; argi utzi nahi diegu langile guztiei ez daudela bakarrik", azaldu du Barrosek.

Erakundeen laguntza ere bilatu dute iazko martxoan hasitako bidean, eta jasotako erantzunarekin "kontent" dira Lanzaroteko hoteletako garbitzaileak. "Presio handia egin dugu, eta, ondorioz, Lan Ikuskaritzak kanpaina bat egin du: legez kanpoko 5.000 kontratu salatu dituzte; laster, gisako bertze kanpaina bat jarriko dute martxan".

Europara begira jarri dira, halaber, Las Kellys taldeko kideak. Izquierda Unidako Marina Albiolen bidez, Europako Parlamentura bidali dituzte garbitzaileek beren proposamenak; bertzeak bertze, lan arriskuen esparruko araudia betetzen dela kontrolatzea, haurdun diren langileak babestea eta erretiroa hartzeko adina jaistea eskatu dute. "Tramiterako onartu dituzte; Bruselan defendatzeko aukera noiz izango dugun zain gara", azaldu du Barrosek.

Egungo egoerari ezin diotela eutsi berretsi du Las Kellys taldeko kideak. Martxan direla garbitzaileak, eta ez dutela atzera eginen beren eskubideen defentsan. Borrokan direla emakumeak. "Hasieran, bertakoak kontratatzen zituzten; 2000. urtetik aurrera, Hego Amerikakoak kontratatzen hasi ziren; egun, Saharaz hegoaldeko herrialdeetako emakumeak kontratatzen dituzte. Langileon egoera are prekarioagoa da, anitzetan hizkuntzarekin ere arazoak dituztelako, eta nekez aldarrika ditzaketelako beren eskubideak".

Haien eta gainerako garbitzaileen alde lan egiteko sortu dute Las Kellys, hain zuzen ere. Borroka molde propioa osatu dute, orain arte izan ez duten ikusgarritasuna lortzeko. Eragiteko. Aldatzeko.

Zientzia eta ekoturismoa

Zientzia eta ekoturismoa

Edurne Elizondo

Lindus tontor gainetik iaz 83 espezietako 400.000 hegazti pasatu ziren, abuztua eta azaroa bitarte. Hegazti horiei so egon ziren LPO elkarteko eta Ornitolan etxeko kideak. Nafarroako Gobernuaren ordezkari da azken hori, Lindus 2 izeneko proiektuan. Aurizko Udalarekin eta SEO BirdLife elkartearekin batera osatzen dute lantaldea. Pirinioetako bazter horretatik pasatzen diren hegaztien migrazioari buruzko informazioa jasotzea dute helburu, eta, datu horien bidez, klima aldaketaren gainekoak aztertzea, bertzeak bertze.

Zientzia eta turismoa uztartuz egiten dute lan, gainera: ornitologiak bisitariak erakartzeko duen gaitasuna baliatu nahi dute, Aurizko eta inguruko ekonomiaren pizgarri izan dadin. Proiektuak Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren babesa jaso du: 1,4 milioi euroko aurrekontua du, eta erakunde horrek ordainduko du %65.

Ornitolan etxeko kideak 2009. urtetik ari dira Lindusen lanean, migrazio garaian hango tontorraren gainetik pasatzen diren hegaztiei so. 2010ean, Lindus 1 jarri zuten martxan, jasotako datuak Nafarroako Gobernuaren esku jartzeko. Oraingo Lindus 2 egitasmoarekin bertze urrats bat egin nahi izan dute parte hartzaileek: migrazioari so jarraituko dute uztaila eta azaroa bitartean, baina bertze hainbat ekinaldi ere bultzatuko dituzte; saguzarrak behatuko dituzte, adibidez, Lindusek haien migrazioan zer garrantzi duen argitzeko asmoz.

2009tik, metodologia bera erabili dute migrazioa aztertzen duten Ornitolan etxeko eta LPO elkarteko kideek. Uztailaren bigarren hamabostaldian ekinen diote lanari aurten, berriz ere, eta azaroko lehendabizikoan amaituko dute. Orain arte, argi ordu guztiak baliatu dituzte Lindus gainetik zer espezie eta espezie bakoitzeko zenbat hegazti pasatu diren zenbatzeko. "Saguzarrekin, gauez ere izanen dugu lana aurten", azaldu du Ornitolan etxeko arduradun Gabi Berasategik.

Lindus 2 proiektuak duen garrantzia nabarmendu du biologoak. Izan ere, hainbat urtez jasotako datuak behar dira ingurumenean gertatzen diren prozesuen eta gerta daitezkeen aldaketen berri jasotzeko. "Hamabost urte inguruko epemuga batek emanen digu aukera ondorioak mahai gainean jartzeko", erran du Berasategik.

Lindusen lanean aritzen direnak hasiak dira jada, halere, hainbat joeraren berri jasotzen. Argi dute, adibidez, tenperatura igotzeak hainbat ondorio izan dituela eta berekin ekarri duela hainbat espeziek migrazioa hasteko data aurreratzea. "Hori egin dute miru beltzek, adibidez; lehen baino lehenago pasatzen dira orain Lindusetik", azaldu du Ornitolan etxeko kideak.

Europako herrarien %90

Europako hegazti herrarien %90 pasatzen dira Lindusko tontorraren gainetik. 2010. urtetik, denera, bi milioi hegaztik zeharkatu dute Aurizko tontor hori. Datu horiek ornitologoentzako toki aparta bilakatu dute Linduskoa, Berasategik nabarmendu duenez. Azken urteotan, hain zuzen ere, gora egin du bisitarien kopuruak Pirinioetako bazter horretan. Prismatikoak eta teleskopioak hartu, eta Lindusen egin dute bat, zerura eta hegaztiei so egiteko.

Miru gorriak, zikoinak, zapelatz liztorjaleak... Luzea da Lindusko tontorretik ikus daitezkeen espezien zerrenda. "Iruñetik gertu, ikuskizun ederraz gozatzeko aukera dago", berretsi du Gabi Berasategik. "Abuztuaren azken astean, adibidez, milaka zapelatz liztorjale ikus daitezke; uztailaren azkenekoan pasatzen ohi dira miru beltzak; urrian eta azaroan, berriz, kurriloak eta ubarroiak", azaldu du Ornitolaneko kideak.

Hegaztien bideari behatzerakoan, ahalik eta datu gehien jasotzen saiatzen dira ornitologoak: ordua, eguraldia, haizeak jotzen ote zuen... Halako datuen berri izatea garrantzitsua da ulertzeko, adibidez, zergatik egun jakin batean milaka eta milaka hegaztik bat egiten duten elkarrekin toki beretik pasatzeko. Iaz, adibidez, urriaren 9an, 448 miru gorri ikusi zituzten Lindus tontor gainetik; hilabete bereko 29an, berriz, 123.000 pagauso pasatu ziren, eta 31n, bertze 84.000.

Bisitariak erakarri nahi dituzte Auritzera migrazioaren ikuskizunarekin goza dezaten; gainera, Lindus 2 proiektuko kideek ingurumenarekin lotutako ekinaldiekin uztartu nahi dute turismoaren jarduera hori. SEO BirdLife elkarteko kideak lehendabizikoz ariko dira 2018ra bitarte martxan izanen den proiektuan. 2018tik aurrera ere lanean jarraitzeko aukera izanen dutela espero du Berasategik; datuak jasotzen jarraitzeko. Ikertzen eta gozatzen jarraitzeko.

Gurpil zorotik atera nahian

Gurpil zorotik atera nahian

Kattalin Barber
Nafarroako Gobernuaren babespeko etxebizitzak kudeatzen dituen fundazioa da Xilema. Adingabeekin eta bazterketa egoeran dauden pertsonekin lan egiten dute, batez ere. Asteon protesta egin dute langileek, enpresak "lan baldintza onargait...

Energiaren krisiak argituz

Energiaren krisiak argituz

Kattalin Barber

Energia bera zer den argitzen saiatu da Xabier Zubialde Sustrai Erakuntza fundazioko kidea Hacia la soberanía energética: crisis y soluciones desde Euskal Herria izenburuko liburuan (Txalaparta, 2017). Edonon dago energia, eta herritar guztien parte da; bizitzeko ezinbestekoa da, eta funtsezko eginkizuna du gizartean. Azkenaldian, hain justu ere, guztien ahotan egon da argindarraren prezioaren igoera. Inoizko prezio garestienetakoa hartu du hotz handiagoa egin duen asteetan. Zubialderen ustez, zenbait faktoreren emaitza izan da igoera. Analisi politikoa eta teknikoa egin du.

Orain dela 20 urte pribatizatu zen Espainiako eredu energetikoa eta, egun, ondorioz, esku gutxiren menpe dago energia. "Enpresa pribatuak dira gehienak, eta ezin dugu jakin nola kudeatzen duten energia, publiko egiten ez dutelako". Energiari buruz erabaki gehienak "itzalean" daudela dio Zubialdek. Horregatik, eskaera zehatza egin du adituak: energiaren kudeaketa publikoa izatea, gizarteak erabaki guztien jakitun izateko.

Beste arrazoi batzuk eman ditu Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Urtarrilean kontsumoak asko egin du gora, tenperatura zero graduren inguruan ibili delako, eta argindarra sortzea gehiago kostatu da. Zubialderen ustez, hiru "kasualitatek" bat egin dutelako egin du gora prezioak. "Batetik, neguan gaudelako gas natural gehiago erabili dugu etxea berotzeko. Bestetik, gas naturala garestitu da Frantziako hainbat zentral geldirik daudelako, eta, ondorioz, eskaerari erantzuteko, argindarra bitarteko garestiagoekin ekoitzi behar da". Zubialdek aipatutako hirugarren kasualitatea agintariek onartu dutena izan da: euri gutxi egin du, eta haize gutxi egon da. Hori dela eta, energia berriztagarriak ezin izan dira nahi adina erabili.

Aljeriako krisi energetikoa izan du hizpide Zubialdek, argindarraren ingurukoen testuingurua azaltzeko. Herrialde horretatik ekartzen da gas natural gehiena, hain zuzen ere, eta, azkenaldian, "puntu gorenera" iritsi da. "Zaila egiten zaie gas naturala sortzea. Horregatik garestitu da, eta horrek eragin du argindarra garestitzea ere".

Argindarraren prezioaren igoerak menpekotasun energetikoa utzi du agerian, finean. "Alde batetik, ikusi dugu eredu pribatu bat dela hau guztia kudeatzen duena, eta, beste alde batetik, Frantzia eta Aljeria herrialdeekiko menpekotasun ikaragarria dugula". Gizarteak gero eta energia gehiago kontsumitzen duenez, menpekotasuna gero eta handiagoa da.

Argitaratu berri duen liburuan kontzeptu horiek guztiak argitzen saiatu da Xabier Zubialde, energia bera biluzten, hain zuzen ere. Alde horretatik, burujabetza energetikoa du ardatz: "Askotan, kontzeptuak nahasten ditugu. Burujabetza energetikoari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu hitz egiten energia motei buruz. Askok energia berriztagarriei buruz hitz egiten dute, baina sakonago goaz: interesatzen zaigu nork hartzen dituen energiari buruzko erabakiak, nola, zein ondorio eta zein helbururekin. Hori argitzen saiatu naiz". Baliabideen kontrola, eredu energetikoa, eta eredu horrek zer eragin dituen pertsonengan eta ingurumenean, eta kontu horiei guztiei buruz erabakitzeko ahalmena nork izan behar duen biltzen du burujabetza energetikoak, haren hitzetan. Horregatik, plangintza publiko eta demokratikoaren alde egin du.

Zubialderen iritziz, ez dira "beharrezko urratsak egiten ari" burujabetza energetikorantz. Francoren garaian gaur egun baino burujabetza energetiko handiagoa zela dio. "Aurrerapausoak ez, atzerapausoak eman dira urte hauetan guztietan". Gizarte ereduak hartzen dituen erabakiek energia eskaera desberdinak sortzen dituzte, eta horrek ondorioak ditu eredu energetikoan: "Eredu energetikoak gizarteak eskatzen duena ematen du". Izan ere, herri batek duen gizarte eredua eredu energetikoari lotzen zaio, eta alderantziz, Zubialdek nabarmendu duenez.

Etorkizun "gordina"

Abiapuntu gisa, Euskal Herriaren eredu energetikoari buruzko diagnostikoa egin du Zubialdek. Euskal Herriaren eredu energetikoa aipatzean, energia produzitzen, eraldatzen eta kontsumitzen den modua ulertu behar da. "Gertatzen ari dena mahai gainean jarri dut". Eta ez da oso baikorra izan: krisi ekonomikoaz eta krisi energetikoaz jardun du. Bi krisiak ezin dira bereizita ulertu: "Krisi energetikoaren lehen olatua 2008ko krisi ekonomikoa da. Itzalean dagoen eta mundu mailakoa den krisi energetiko horrek sortuko ditu beste krisi ekonomiko batzuk". Harago joan da Zubialde, eta zehazten saiatu da: datorren urtean baliteke beste krisi ekonomiko bat hastea. "Egoera larria da, eta, zoritxarrez, laster beste krisi bat izanen dugu". Baliabideak agortuz doaz, eta energia mugatua da.

Bi krisiek zergatik dauden "hain lotuta" argitu nahi izan du Xabier Zubialdek: "Sortu dugun gizarte ereduak eskatzen du energia kopuru handia. Energia eta ekonomia erabat loturik daude. BPG barne produktu gordinak gora egiten duen heinean, energia kontsumoak ere gora egiten du. Aldi berean ari dira dantzan gorantz eta beherantz". Hortaz, agintariek BPGak igo behar duela esaten dutenean, horren atzean ere ageri da energiaren kontsumoak gora egin behar duela.

Etorkizun "gordina" aurreikusten du Zubialdek, eta panorama gordin horri alternatibak eta erantzunak eman behar zaizkiola argi du. Horri buruz hitz egiten ariko da datorren asteartean, hilaren 14an, Iruñeko Katakrak liburu dendan antolatukotako mahai inguruan. Zubialderekin batera, Antonio Aretxabala geologoa eta Pablo Lorente Sustrai Erakuntzako kidea egonen dira.

Peoia altxatu da

Peoia altxatu da

Edurne Elizondo

Prekaritateak hartu du lanaren mundua. Errealitate gero eta gordinagoa da, gainera, gora baino ez baitu egin, krisia piztu zenetik. Datu batek ematen du egoeraren neurria: Nafarroan, 2015. urtean sinatutako lan kontratuetatik %95 izan ziren behin-behinekoak, eta haietatik %43, berriz, astebete baino gutxiagokoak.

Errealitate hori aldaezina dela ez dute onartu nahi gazteek, ordea. Ez denek, behintzat, eta, horregatik, Langileon Autodefentsa Sarea sortu du gazte mugimenduak, Iruñerrian. Langabeziak eta lan baldintza kaskarrek gogor jo dituzte gazteak, eta egoera horri aurre egiteko ordua dela nabarmendu dute, ondorioz. Aski dela erran dute. "Norbanakoen arazoei erantzun kolektiboa eman nahi diegu; erasoei aurre egiteko behar duten indarra eman langileei". Gazteei, bai eta gazte ez direnei ere. Peoia altxatu da, eta bertze peoiak altxarazi nahi ditu, gainera.

Dani Lacalle eta Ibai Miranda dira sarean lanean ari diren gazteetako bi. Auzoz auzo eta herriz herri sortu nahi dituzte taldeak, merkatuaren gehiegikeriak sufritzen dituzten langileei babesa emateko. Apirilean hasi ziren gazteak proiektua mamitzen, eta inguruko eta urrutiko esperientziak baliatu dituzte sareari forma emateko. Konturatu dira prekaritatea ez dela bakarrik gazteen egunerokoa, batetik, eta, horregatik, argi utzi dute sareak langile guztiak hartu nahi dituela bere barnean. Bertzetik, nabarmendu dute sindikatuen eragin esparrutik at gelditzen diren egoerei egin nahi dietela so. "Ez da gure asmoa sindikatuekin lehiatzea; kontua da sindikatuak ez direla esparru guztietara ailegatzen, eta horietan eragin nahi dugu guk, enpresa handietatik kanpoko errealitateetan, alegia", azaldu du Lacallek.

Gazteen mugimenduaren eta lan esparruaren arteko harremanari buruzko gogoetak ekarri du Langileon Autodefentsa Sarea. "Konturatu ginen gazteon ikuspuntua falta zela arlo horretan; gazteon artean ere klase kontzientzia falta dela ohartu ginen, gainera. Hamaika gizarte mugimendutan ari gara, baina lanaren esparrua borroka horretatik at uzten dugu, arlo horretan zer borrokatu ez bagenu bezala. Militanteak gara, baina ez enpresan". Eta egoera hori irauli nahi dute gazteek.

Maiatzaren Lehenaren harira egin zuten lehendabiziko urratsa, hain zuzen ere. Sindikatuak izaten ohi dira egun horretako protestetako protagonista nagusi, baina aurten bere ekarpena egin nahi izan du gazte mugimenduak ere. Apirilaren 30ean karrikara atera ziren gazteak, ondorioz; manifestazioa egin, eta mahai gainean jarri zuten lanaren esparruko aldarrikapenei segida emateko beharra.

Lehen urrats horrek ekarri zituen bertze hainbat. Gogoeta prozesu sakonago bat egin zuten udako Gazte Boterea Eraiki izenburuko jardunaldietan, adibidez, eta Iruñeko sanferminetan, berriz, lan esplotazioaren aurkako kanpaina jarri zuten abian. Urrats horiek guztiek ekarri dute orain martxan jarri duten Langileon Autodefentsa Sarea. "Sanferminetako lan esplotazioak agerian utzitako baldintza kaskarrak ez baitira bakarrik bestetan gertatzen". Aurreko asteburuan ere izan zuten gogoeta sakontzeko aukera, Euskal Herriko gazte mugimenduen autogestio topaketak egin baitzituzten Barañainen, eta parte hartu zuten sareko kideek.

Elkarlana oinarri

Iruñerriko bertze hainbat gizarte eragilerekin eta zenbait sindikatutako ordezkariekin bilerak egin dituzte Langileon Autodefentsa Sareko kideek jada. "Harrera ezin hobea egin digute denek", nabarmendu du Mirandak. LAB, CGT eta CNT sindikatuetako kideekin egon dira, oraingoz. ELArekin ere bilera egiteko zain dira. Bertzalde, hipotekek kalte egindakoen plataformetako kideekin egon dira, bai eta SOS Arrazakeria taldeko arduradunekin ere, bertzeak bertze.

Izan ere, auzoetan eta herrietan, bertze gizarte taldeekin elkarlanean ulertzen dute beren eginbeharrekoa Langileon Autodefentsa Sarearen bultzatzaileek. Gehiago erran dute: "Ez dugu uste gureak kolektibo berri bat izan behar duenik; uste dugu bertze elkarte eta taldeetako kideek bat egiteko espazio bat eskaintzen ahal duela gure sareak; sinergia horiek bultzatzea dela gure lana".

Asmoa da antolatzeko eta protesta egiteko zailtasunak dituen langileari baliabideak ematea, eta, batez ere, "babes soziala" eskaintzea. Hipotekek kalte egindako plataformen lana jarri du Mirandak adibide. "Auzoko plataforma auzo horretan aritzen da, baina baita bertzeetan ere. Elkarri babesa ematea da kontua", nabarmendu du.

Bertze hainbat proiekturi egin diote so Langileon Autodefentsa Sareko kideek, beren egitasmoari azala eta mamia emateko. Bertzeak bertze, Bartzelonan sortutako auzo sindikatuei. Bartzelonako Una Posicio izenburuko aldizkarian azaldu dute sindikatu horien bultzatzaileek beren asmoa zein den: "Langile anitz bakartuta daude, eta egoera hori aldatzeko ordua da; mugimendu politiko eta sozialetatik behar dena egin behar dugu lan esparruko borrokak auzoen eta herrien esparrura itzultzeko; auzo eta herrietan aurkituko baitute lan baldintza prekarioak eta behin-behineko lanpostuak dituzten langileek behar duten babes soziala. Lan esparruan beldurra bazter utzi ahal izateko oinarriak ezarri behar ditugu".

Ameriketako Estatu Batuetan sortutako elkartasun sareak ere aipatu dituzte Lacallek eta Mirandak. Seattle hirian garatu dira horietako hainbat, adibidez. Pertsonen arteko babes sareak sortu dituzte hiri horretan, lanaren esparruko edo etxebizitzen arloko bidegabekeriei elkarrekin aurre egin ahal izateko.

"Beldurra"

AEBetako elkartasun sareek eta Bartzelonako auzo sindikatuek zabaldutako mezuekin bat egin dute Langileon Autodefentsa Sareko kideek. Beldurraren auzia nabarmendu dute Lacallek eta Mirandak ere, adibidez. "Gurpil zoro baten gisakoa da errealitatea. Baldintza kaskarrenak dituzten langileentzat bereziki zaila da antolatzea; eta langileak antolatzen ez badira, are okerragoak izaten ohi dira haien lan baldintzak, are zailagoa beren egoera; babes gutxiago izaten dute langile horiek. Argi dugu egoera hori irauli behar dela, eta hori da sarearen helburua", azaldu du Lacallek.

Horretarako, taldeen arteko sarea sortuz, hain zuzen ere, "presioa egitea" da gazteen xedea. "Auzi batek bide judiziala egin dezakeela uste badugu, sindikatuetara bideratuko dugu, guk baino gaitasun handiagoa baitute arlo horretan. Ez da hori gure lan arloa; gure zeregina da presio soziala egitea, lan baldintza kaskarrak jendaurrean salatzeko eta langileak bakarrik ez uzteko". Martxan oraintxe jarri dira, baina sareko kideak hasi dira deiak jasotzen. Webgunea ere martxan dute, Langileautodefentsa.net helbidean.

Langile guztien alde egin nahi dute, baina gazte mugimendutik sortu den ekinaldia da sarea, eta, ondorioz, gazteei eragin nahi die, bereziki. Azken urteotan gazteon artean nolabaiteko "ezkortasun giroa" zabaldu dela uste dute Lacallek eta Mirandak. "Gazteok onartu dugu lanaren esparruan dugun egoera prekarioa. Ez da horren aurka egiteko beharrik sumatzen, eta ez da borrokarako esparrutzat hartzen", nabarmendu du Lacallek; kezka agertu du egoera horri buruz. "Gazteek uste dute gazte garaiari dagokion egoera bat dela egungoa, izanen dutela gero bizitza osorako lanpostu bat, baina ez da egia; ez dugu bizitza osorako lanposturik izanen, eta prekaritatea lanaren esparru guztietan gertatzen da. Ez da bakarrik gazteon kontu".

Lanari buruzko ikuspuntu hori aldatzea erabat beharrezkotzat jo dute Langileon Autodefentsa Sareko kideek. "Gazteontzat larria baita lanak prekario izan behar duela onartzea eta laneko arlo hori gure gizarte borroketatik bereiztea", berretsi du Mirandak.

Lan baldintza prekario horiek hamaika aurpegi dituzte. "Beltzean kobratzen dira ordu anitz; ordu gutxirako kontratuak egiten dira; sinatutakoa baino gehiago lan egiten da, aparteko ordu horiek kobratu gabe; kontraturik gabe lan egiten da...". Zerrenda luzea dela nabarmendu dute Mirandak eta Lacallek. Hala eta guztiz ere, egoera horiek salatzeko eta hutsean uzteko lan egiteko prest dira.

Lan horrekin, gainera, klase kontzientzia piztu nahi dute gazteen artean. "Konturatu behar dute egungo egoera lan munduaren ezaugarri nagusi bilakatu dela, eta horren aurka egin behar dugula. Ezin dugu gertatzen dena onartu".

Sareko kideek onartu dute, halere, gazteek baino zailtasun handiagoak dituztela, anitzetan, adin bateko langileek. "Guk, finean, gurasoen babesa dugu; argi dago seme-alabak dituen 50 urte baino gehiagoko langilearentzat zailagoa dela lan baldintzen kontra protesta egitea".

Protestarik gabe, ordea, egungo errealitatea betikotzeko arriskuak gora egiten du. "Gizarte mugimenduetako ekintzaile izateak eragina izan dezake lanaren arloan; ondorioak are larriagoak izan daitezke lanaren arlo horretan ari bazara. Horregatik da hain garrantzitsua presioa egiteko taldeak eta sareak sortzea, hain zuzen ere", nabarmendu du Lacallek.

Iruñerriko beharginentzat "tresna eraginkorra" izan nahi du Langileon Autodefentsa Sareak, finean. Eguberrietarako bertze kanpaina bat prest dute jada, Enpresak gonbidatu, baina zuk ordaindu lelopean, enpresek antolatzen dituzten afarien harira. "Ezin dugu ahaztu gure nagusia ez dela gure laguna; nagusia gure lanaz baliatzen da".

Bost minutu Pirinioentzat

Bost minutu Pirinioentzat

Edurne Elizondo

Bost minutu eskatu dizkiete Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako biztanleek Nafarroako Parlamentuko kideei. Bost minutu, lege bat onartzen duten bakoitzean arau horrek eskualde horretako herritarrengan izanen duen eraginari buruz pentsa dezaten. 1.400 pertsonak baino gehiagok egin dute bat jada eskaera horrekin, Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiak eta Bizirik Gaude elkarteak sarean martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez. "Mugimendua eragin nahi dugu; kontzientzia hartu, eta bat egin dezatela herritarrek, gure gabeziak eta arazoak mahai gainean jartzeko".

Gabeziak, arazoak eta desorekak. "Bazter" direla sentitzen dute Ekialdeko Pirinioetako biztanleek. "Bigarren mailako herritarrak" direla nabarmendu du Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kide Joseba Martinezek. Aurizberrin bizi da, eta argi du herria ez duela utzi nahi. Eskualdean etxebizitzaren, enpleguaren eta hezkuntzaren arloan dauden arazoek, ordea, jende anitz bultzatzen dute herriotatik herri handiagoetara edo Iruñera. Herriak hustuz joan dira, eta kinka larrian gelditu dira zerbitzu anitz. Egoera hori irauli nahi dute hango herritarrek, eta horregatik jarri dute martxan sinadura bilketa. Merezi duten arreta jaso nahi dute. Horretarako eskubidea badutelako. "Zergak ordaintzen baititugu, bertze edozein herri edo hiritako herritarrek bezala".

Ekialdeko Pirinioetako ibarretako hiru dira Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzukoa. Herriotako populazioaren mugimenduak erakusten du Martinezek azaldu duen errealitatea. Erronkarin, populazioak goia jo zuen 1910. urte aldera, 4.704 biztanlerekin. 2.344 ziren 1975. urtean; 1.644 2005ean; eta 1.423, berriz, 2015ean. Aezkoan, 3.679 pertsona bizi ziren 1857. urtean; 1.546 ziren 1975ean; 1.046 biztanle zituen ibarrak 2005. urtean; eta 903 baino ez iazko datuen arabera. Populazioak behera egin du, halaber, Zaraitzun: 4.073 ziren 1857. urtean; 2.448 1975ean; 1.704 2005. urtean; eta 1.478, azkenik, iaz.

Populazioaren beherakada ez da arazo bakarra. "Orografiak eta klimak ere eragiten digute. Gutxi gara, eta sakabanatuta gaude, gainera. Eskoletan ahaleginak egin behar ditugu ratioak betetzeko eta eutsi ahal izateko". Osasunaren arloan, anbulantzia herrietara ailegatzeko "zailtasun handiak" daudela erantsi du Martinezek, eta etxebizitzaren eta enpleguaren esparruan dauden "eredu zaharkituek", berriz, ez dutela aukera ematen herrien husteari aurre egiteko.

Legeak eta justizia

Martinezek argi eta garbi erran du: "Nafarroako Gobernuari dagokio zerbitzu publikoak bermatzea". Eta, horretarako, ustez denentzat egindako legeek sor ditzaketen "desorekei" so egiteko eskatu diete Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kideek herrialdeko agintariei. Eskolako ratioen adibidea aipatu du, berriz ere. "Lege bat denentzat izateak ez du erran nahi lege horren oinarrian justizia dagoenik". Ekialdeko Pirinioetako herrientzat bertze hainbat txokotako herrietan baino anitzez ere zailagoa izan baitaiteke legeak ezarritakoak betetzea.

Pirinioko herrien errealitatea "desitxuratzen" duen bertze elementu bat aipatu du Martinezek. Pirinioak erraten denean zer herri eta ibar aipatzen diren, hain zuzen ere. "Agoitz, Zangoza eta Baztanen gisako udalerrietako errealitatea eta gurea ezberdinak dira". Ondorioz, Martinezek uste du Pirinioetaz hitz egiteko herriotako datuak sartzen dituztenean benetako errealitatea ezkutatu bertzerik ez dutela egiten. "Agoitzen, adibidez, industria dute, baina guk ez". Sinadura bilketa martxan jarri dutenek zehaztu dute Ekialdeko Pirinioek zer eremu hartzen duten: Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar, Erroibar, Orreaga, Auritz, Luzaide, Orotz-Betelu eta Nabaskoze almiradioa.

"Gure eskualdean lehen sektorea inportantea da, baina egoera, egun, ez da ona", azaldu du Martinezek. Turismoak azken hamarkadan izandako gorakada nabarmendu du, halaber. "Jende anitzek egin du horren aldeko apustua; herriko etxea moldatu, eta landetxe bilakatu dute".

Hiriko jendearentzat, hain zuzen ere, asteburua edo oporrak pasatzeko tokia dira, neurri handi batean, Pirinioak. "Guri ongi iruditzen zaigu jendea honat etortzea asteburua pasatzera; baina kontuan hartu behar da gu hemen gelditzen garela haiek joaten direnean".

Turismoaren esparrua bakarrik bultzatzeak ere ondorioak izan ditzakeela uste du Martinezek. "Turismotik bizi bagara, kontuan izan behar dugu gure herrietan kulturaren arloko eta bertze hainbat alorretako aldaketak gertatzen ahal direla". Egungo testuinguruan "etorkizuna bermatzea" zaila dela erran du Martinezek, eta horrek eragiten dio tristura. "Izan beharko genuke aukera hemen bizitzeko, nahi dugulako, orekari eutsiz". Parlamentariak Pirinioetara begira jarri nahi dituzte. Aurrera egiteko.

Aldaketa garai baterako erak

Aldaketa garai baterako erak

Edurne Elizondo
Molde zaharrak atzean uzteko garaia da oraingoa; orain arteko hainbat egitura zurrun hausteraino tenkatzekoa. Mezu hori bere egin du LAB sindikatuak Nafar Lansareko kontseiluan, eta mahai gainean jarri ditu erakunde horretan egindako le...

Gizarteratzeko eskubidea

Gizarteratzeko eskubidea

Edurne Elizondo
Karrikan giltza bat aurkitu, eta nire etxekoa zela imajinatzen nuen. Nire burua engainatzen nuen, min handia sentitzen nuelako; nire bizitzak egiten zidan min; bakardadeak egiten zidan min". Ion Molinuevorenak dira hitzak. 57 urte ditu,...