Gizartea

Saretuz eginen diote aurre datorrenari

Saretuz eginen diote aurre datorrenari

Uxue Rey Gorraiz

Elkar zaintzeko egin dute bat Sanduzelaiko bizilagunek, irits daitekeenari so. Askok iragarri dutenez, koronabirusak eragin duen krisiaren ondotik beste ekonomia krisialdi batek astinduko du gizartea datozen hilabeteetan, eta, hari aurre egiteko, indarrak batzearen alde egin dute bertako auzokideek: Sanduzelaiko Sare Soziala sortu dute, auzoko kolektibo eta bizilagunen elkartasunerako sarea. Joan den larunbatean aurkeztu zuten, Gortari plazan, berrehun bat lagunen babespean.

Bi helburu nagusi ditu Sanduzelaiko sare berriak: batetik, aldarrikapenak egiteko tresna eraginkorra izan nahi dute, eta, bestetik, datorren krisialdi ekonomikoari aurre egiteko balioko duten alternatibak eraiki. Bizilagunek nahi dute auzoak berak sortzea baliabideak; izan ere, ez dira fidatzen agintariek hartuko dituzten neurriez. Aurrea hartu nahi diote etor daitekeenari.

2008. urteko krisialdi ekonomikoan gertatutakoak dituzte buruan bizilagun askok. Gogoan dute aldi hartan murrizketa asko izan zirela, osasunaren eta hezkuntzaren esparruetan adibidez, eta, diotenez, ez dute onartuko "biktima berriz langile klasea izatea".

Ez dute nahi murrizketarik, ez etxegabetzerik, ezta jendea lanetik botatzerik ere. Irmoki diote hori. "Krisialdietan instituzioek eta boterean direnek egiten dituzten politikek ondorio bera dakarte normalean: benetan dirua dagoen tokietatik hartu beharrean, jende xeheak estutu behar izaten du gerrikoa, eta langileek ordaindu behar izaten dituzte kalteak".

Juantxo Goien sareko kidearenak dira hitzak. Haren ustez, etorkizuna "ilun samarra" da, eta nabarmendu du, hain zuzen ere, horregatik dela "ezinbestekoa" bizilagunek elkarri laguntzea. "Ondorioak latzak izanen dira, baina guk behintzat leunagoak izan daitezen eginen dugu lan", azaldu du Goienek.

Auzolan askoko auzoa da Sanduzelai, eta, lehendik ere, hainbat ziren esparru sozialean lan egiten zuten kolektiboak. Horietako zenbait zerrendatu ditu Goienek: etxegabetzeen aurkako taldea, apustu etxeen kontrako mugimendua eta ikastetxeetako gurasoen elkarteak aipatu ditu, besteak beste. Asko izanagatik ere, ordea, "bakoitzak bere espazioan" lan egin izan du, orain arte.

"Auzoan ez dugu denek elkarrekin ekintzak antolatzeko topagunerik izan, eta, horregatik, diziplina anitzeko espazio bat sortzeko premia ikusi dugu". Gainera, beste helburu bat ere erdietsi nahi dute bide hori hartuta: kolektibo jakin batean ez daudenek ere parte hartzea. Lantaldeak sortuko dituzte horretarako.

Arreta, behar dutenei

Gaur egun, 13.000 pertsona inguru bizi dira Sanduzelain. Langile auzoa da, Landaben industrialdearen ondoan kokatua. Goienek azaldu du, baina, Iruñeko Udala ez dela inoiz, oro har, "askorik kezkatu" Sanduzelairekin, eta, ezinbestean, aldarrikapen askoko auzoa izatera eraman dituela horrek, bai eta "identitate indartsua" izatera ere. "Iruñeko aldirietako auzoa gara, eta betidanik daramagu gainean ahaztuak izatearen zama", erantsi du.

Sareak arreta handia eskaini nahi die "bereziki zaurgarriak" diren zenbait kolektibori, hala nola adinekoei, haur eta gazteei, etorkinei, baliabide gutxiko pertsonei eta langabeei. Goienek dioenez, auzokide guztiek nabarituko dute krisialdiaren eragina, baina talde batzuek are modu nabarmenagoan sufrituko dituzte haren ondorioak. "Esaterako, bizilagun batzuek itzalpeko ekonomian egiten dute lan, eta horiek, jakina, oso babesgabe daude horrelako egoera batean". Guztiengana heltzen ahaleginduko dira sarekoak. Hori dute asmoa.

Aurkezpena egin berritan, hemendik aurrera egin beharko diren urratsei buruz hausnartzen ari dira Sanduzelaiko Sare Sozialeko kideak. "Eraketa fasean" daude, oraindik ere, baina ahalik eta lasterren hasi nahi dute lanean. Ez dakite koronabirusaren kontrako neurriek baldintzatutako uda honetan ekintza asko egiterik izanen duten, baina, oraingoz, iragarri dute udatik bueltan egiteko zenbait jarduera antolatzen ari direla. Adibidez, irailean jardunaldi batzuk eginen dituzte sarearen funtzionamenduari buruzko zenbait kontu zehazteko: lehenik eta behin, asmoa dute auzoaren egoerari buruzko "diagnostikoa" egiteko, eta orduan aterako dituzten ondorioetatik abiatuta finkatu nahi dituzte sarearen lehentasunak.

Krisialdian lagunduko duten neurri konkretuak diseinatu beharra dute orain. Hainbat aurreikusi dituzte dagoeneko: zaintza sareak eta herri baratzeak, esate baterako. Azken horiek baliabide gutxiko familiei elikagai iturri on bat eskaintzeko balioko dute. Argitu dute neurrietako batzuk konfinamenduan sortu diren eta indarrean mantenduko dituztenak direla, eta, aldiz, berriak izanen direla beste batzuk.

Bestalde, sarearen bidez, auzoko denda eta zerbitzuei lagundu nahi diete Sanduzelain; itxialdian ere zenbait ekinaldi antolatu ziren horiei babesa emateko, eta hemendik aurrera ere laguntza beharko dutela ikusi dute auzokideek. "Denda eta negozio txikiak aspaldi hasi ziren nabaritzen oso zaila dela denda handiekin edo multinazionalekin lehiatzea, eta, orain, koronabirusaren eraginez, kinka larrian daude horietako batzuk", esan du Goienek.

Koronabirusak eragin duen krisiari erantzuteko sortu dute sarea, baina horrek ez du esan nahi bizialdi motzekoa izateko jaioa denik. "Ez da oraingo problemei bakarrik erantzuteko sortua: epe luzeagoan erdietsi nahi ditugun helburuak ere baditugu", zehaztu du Goienek. "Badakigu ez dagoela gure esku mundu mailako krisi bat geldiaraztea, baina gauza asko aldatu eta hobetu daitezke auzoetatik eta herrietatik ere". Jakitun daude beste toki batzuetan ere antzeko sareak edo ekinaldiak antolatzen ari direla, eta sinetsiak daude hori dela bide zuzena: bakoitzak bere esparrutik lan egitea, eta gainerako herriekin batera aritzea herritarren eskubideen alde.

11 PROPOSAMEN

11 PROPOSAMEN

Sustrai Erakuntza fundazioak eta Urbizik proposamen zehatzak helarazi dizkiote Nafarroako Gobernuari:Emari ekologikoa. Egin dezala ur emari ekologikoen inguruko ikerketa, Natura 2000 Sareko helburuak betetzeko.Ureztatzeko lurrak. Ureztatzeko lurren za...

Hezitzaileak, berriz estualdian

Hezitzaileak, berriz estualdian

Uxue Rey Gorraiz

Behingoz aditu ditzaten atera dira berriz kalera protesta egitera. 0-3 zikloko hezitzaileek jasaten duten diskriminazioari kontra egiteko borrokan jarraitzen dute Nafarroako 0-3 Plataformako kideek. Urteak dira lan baldintza hobeak eskatzen ari direla, eta orain pandemiak nabarmen kaskartu du hezitzaileen egoera. Itxialdiak normaltasunez lan egitea galarazi dien honetan, kontratua eten diete askori, eta apenas duten etorriko denari buruzko informaziorik. Etorkizunari so, ziurgabetasuna da nagusi, epe motzean zein luzean. Plataformako kideek eskatu dute langileak berehalakoan itzul daitezela lanera. "Kinka larrian" daudela salatu dute.

"0-3 zikloa oso zaurgarria izan da beti, eta, zaurgarritasun hori areagotu egin da orain, pandemia garaian", azaldu du Steilas sindikatuko Diana Bruñok. Krisialdia iritsi aurretik ere asko ziren, plataformako kideen esanetan, zikloan hobetu beharrekoak. Batik bat, soldatak igotzea eta lan baldintzak hobetzea aldarrikatzen dute aspaldi hezitzaileek, baita ratioak jaistea ere. Salatu dute, gainera, haur eskolak kudeatzeko eredu desberdinak izateak kalte nabarmena egin diela, beste behin, profesional batzuei.

Hiru urte arteko haurrentzako zikloa ez dago Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barrenean, eta, hortaz, udalen esku dago haur eskola bakoitzaren kudeaketa. Udal batzuek modu zuzenean egiten dute lan hori, baina askok enpresa pribatuen bitartez kontratatzen dituzte hezitzaileak. Udal haur-eskola gehienek funtzionatzen dute horrela (zehazki, %92k), plataformako kideen arabera. Hain justu, plataformak salatu du kudeaketan enpresa batek parte hartzen duen kasu horietako askotan kontratuak eten egin zaizkiela hezitzaileei, eta kexu dira hori ikusita.

Plataformak eskatu du martxoaren 25eko Errege Dekretuak jasotzen duena betetzeko. Izan ere, dekretu horren arabera, ezin da aldi baterako enplegu erregulaziorik egin Administrazio Publikoarentzat lan egiten duten enpresetan, baina hezitzaileek salatu dute baldintza hori ez dela bete, hori baita askok egun bizi duten egoera.

Azaldu dute "premiazkoa" dela langileak "berehalakoan" lanera itzultzea. "Ikasturtea ixteko eta datorrena antolatzeko garaia da orain", esan du, kezkatuta, LAB sindikatuko Amaia Urzelaik. Haren esanetan, "ezinegona" da nagusi hezitzaileen artean.

Itzuli beharra argudiatzeko asmoz, plataformako kideek zerrenda bat osatu dute, erakuste aldera egiteko asko dituztela haurrak eskoletara itzuliko ez badira ere. "Memoria idaztea, familiak agurtzea, materialak itzultzea, telefono bidezko arreta ematea, matrikulazioa antolatzea… Lan handia dago orain", zehaztu du Bruñok. Gainera, orain ekin behar liokete, haien esanetan, abuztuan hastekoa den ikasturtearen antolaketari; esaterako, koronabirusaren eraginez aintzat hartu beharko diren protokoloak prestatzeari.

"Baztertuta gaude"

"Krisialdi honek agerian utzi du inoiz baino beharrezkoagoa dela udal haur-eskolak kudeaketa eredu bakarraren menpe egotea, eta argitu du kudeaketa horrek zuzenekoa izan behar duela", adierazi du Bruñok. Hezitzaileek maiz kritikatu dute handiak direla 0-3 eta 3-6 zikloen artean dauden desberdintasunak, "biak borondatezkoak izan arren". Horregatik, plataformaren eskakizun nagusia da Hezkuntza Departamentuak osorik har dezala 0-6 zikloaren gaineko kudeaketa, finean bi adin-tarteetan baldintza beretan aritu daitezen. Hala balitz, egungo egoera oso bestelakoa litzateke, Bruñoren iritziz. "Hezkuntza Departamentuak esan izan balu ziklo hau premiazko zerbitzua dela, 3-6 zikloarekin esan duen bezala, udalek beste modu batean jokatu izanen lukete, eta hezitzaileak etxetik lanean arituko ziren behintzat".

Errealitatea oso bestelakoa da, ordea, LABeko Urzelaik erantsi duenez: "Dena airean dago, eta, kasu batzuetan, langileek ez dakite abuztuan lanera itzuliko diren ere". Zalantzaz beteak daude, eta erantzun premian dira, ezinbestean.

Hain zuzen ere, erantzun eta irtenbide bila, 0-3 Plataformak hainbat erakunderi helarazi dizkie bere aldarrikapenak, Hezkuntza Departamentuari berari, kasurako, udal haur-eskolak hark kudeatu beharko lituzkeela sinetsita daudenez gero. Bestalde, eta udalez gain, alderdi politikoekin ere saiatu dira harremanetan jartzen.

Oraingoz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa da plataformari modu zuzenean erantzun dion bakarra. Helarazitako gutunean, federazioak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak erabaki duela udal haur-eskolak aurtengo ikasturtean berriz ez irekitzea, eta gaineratu du toki-entitateek, hau da, udalek, "ahalmen txikia" dutela horren gainean bestelakorik egiteko. Era berean, azaldu dute hezitzaileen lanari dagokionez ere Nafarroako Gobernuak zehaztutakoa errespetatu behar dutela, eta, haur eskoletarako matrikula eta aurrematrikula abian den honetan, prozedurak egoki funtzionatzeko behar adina langile ari direla lanean dagoeneko.

Dena dela, Udal eta Kontzejuen Federazioa prest agertu da 0-3 Plataformako kideekin bilera bat egiteko, plataformakoen aldarrikapenak "xehetasun handiagoz" zein diren jakiteko.

Plataformari ongi iruditu zaio federazioa hitz egiteko prest agertu izana, baina kideek argitu dute ez dutela askorik espero. "Oso errealistak gara. 0-3 zikloa azkeneko postuan dago Hezkuntza Departamentuaren lehentasunen zerrendan", esan du Bruñok. Bestalde, gaineratu du udalak "lanez gainezka" daudela orain, eta ez dela erraza gaiari heldu ahal izatea. Kideek adierazi dute, ordea, aldarrikapenei eutsiko dietela, "langileen eta haurren eskubideengatik".

Animalien erakusleiho

Animalien erakusleiho

Edurne Elizondo

Merkataritza gune handi bateko salgaiak balira bezala. Horrelaxe daude zoologikoetan eta akuarioetan esplotatzen dituzten gizakiz bertzeko animaliak, Nor kolektibo antiespezistak egindako ikerketak agerian utzi duenez. "Saltzen dituzte animaliak zaintzeko zentroak balira bezala, baina enpresak dira. Erdian ez dago animalien zaintza, etekin ekonomikoa baizik", salatu du taldeko bozeramaile Maialen Saguesek.

Nor-eko kideek iazko udan egin zuten ikerketa. Euskal Herriko sei zoologiko eta akuario bisitatu zituzten: Donostiako Aquariuma, Miarritzeko Itsas Museoa, Getxoko akuarioa —urte hasieran itxi zuten—, Karpin, Basondo eta Sendaviva; baita Kantabriako (Espainia) bertze bi ere.

Arguedasen dagoen zoologikoa da Sendaviva, eta 2004tik dago zabalik. Zortziehun norbanako dituzte han itxita, bisitariak erakartzeko jolasen artean. Atrakzio batetik bertzerako bidean daude animaliak, eta musika ozena entzun behar dute egun osoan.

"Itxitako gizakiz bertzeko animalia horietako asko gaixo daude", erran du Saguesek. Nor-eko kideek egindako ikerketaren arabera, hain zuzen ere, zookosiak jota daude Sendavivako norbanako anitz. Itxialdiak gizakiz bertzeko animaliei eragiten dien eritasun bat da zookosia: konfinamenduak eragindako psikosia, alegia. Ondorioz, animaliok estereotipiak garatzen dituzte, bertzeak bertze: hau da, helbururik gabeko mugimendu zehatzak errepikatzen dituzte behin eta berriz.

Sendavivako tigreek eta hartzek estereotipiak garatu dituztela salatu dute Nor kolektiboko kideek, adibidez. Bideoz jaso dituzte animalion mugimendu errepikakor horiek, gainera. Nabarmentzekoa da hartzen kasua: hartz arre siriarrak dituzte Sendavivan, eta gutxienez haietako bat etengabe aritzen da beren putzu txikiaren inguruan bueltaka. Baso eremu zabalak behar dituzte animaliok, hartzen ondoko kartel zaharrak jaso duenez. "Arguedasen ez dutena behar dute".

"Adierazpenik ez"

"Ez dugu kaiola handiagoak eskatu nahi; gizakiz besteko animaliak esplotatzeko zentroak ixteko exijitzen dugu". Nor kolektibo antiespezistako bozeramaileak argi du zer helburu duten. Oraingoz, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak lortu du Sendavivako ateak ixtea. Martxoaren 19an hastekoa zen aurtengo sasoia Arguedasko zoologikoan, baina alarma egoera ezarri eta gero, apirilaren 4ra atzeratu zuten. Hori ere ezin izan zuten bete, eta, asteon, zoologikoko arduradunek azaldu dute ez dakitela noiz irekiko duten.

Inauguratu zutenetik, zentroak ez du inoiz hartu bideragarri izateko zehaztutako bisitari kopurua, eta Nafarroako Gobernuak diruz lagundu behar izan du: denera, 70 milioi euro inguru eman dizkio. Kontuen Ganberak gogor kritikatu izan ditu inbertsio publiko horiek, hain zuzen.

Nor kolektiboak egindako ikerketari buruz, bertzalde, Sendavivako kideek ez dute deus erran nahi izan: "Ez dugu adierazpenik eginen". Ikerketak zoologikoen "gezurrak" utzi nahi izan ditu agerian, eta, Sendavivan, arrautzaren zikloa azaltzeko erabiltzen dituzten txiten ingurukoa da gezur horietako bat: "Animaliok errespetatzen dituztela saltzen dute, baina beste animaliei jaten emateko erabiltzen dituzte". Animalien errealitatea erakusleihoaren atzean gelditzen da.

Herriak, itxialdiko memorien gordailu

Herriak, itxialdiko memorien gordailu

Uxue Rey Gorraiz
Koronabirusaren pandemiak etenda utzi ditu gauza asko, baina horrek ez du esan nahi, herritarrei etxean gelditzeko eskatu zaien honetan, bizipenak ohi baino gutxiago izan direnik. Hain zuzen ere, osasun krisiak ekarri duen konfinamendu...