Nafarroa

Kultur espazio bat, berpizturik

Kultur espazio bat, berpizturik

Ane Eslava

Orain dela urtebete Auzolan liburu denda itxi zutenean, Iruñeko literaturazale asko "umezurtz" geratu ziren; hiriko erreferentziazko kultur espazio bat galdu zuten, berrogei urteren ostean. Baina, haien zorionerako, orain, beste liburu denda batek okupatu du aurrekoaren lekua; berpiztu egin da San Gregorio kaleko 3. zenbakiko kultur oasia. Menades du izena espazio berriak, eta Pilar Escalada eta Marta Martinez dira haren jabeak. Iazko udaren aurretik eskuratu zituzten lokaleko giltzak, eta azaroan ireki zituzten ateak berriro.

Escalada eta Martinez liburu saltzailea eta editorea dira, eta liburuen munduan izandako hartu-emanarengatik ezagutzen zuten elkar. Literatura bizitzeko modu ezberdinak zituzten, baina "bateragarriak". Escalada iruindarra da, baina Zaragozan bizi izan da urte luzez, eta Iruñera itzuli nahi zuen; Martinez katalana da, baina Iruñera etorri nahi zuen bizitzera. Hain zuzen ere, Auzolan izandako tokia errentan ipini zuten une berean. "Hori jakin genuenean, gure aukera zela ikusi genuen; polita iruditu zitzaigun kultur espazio bat irekitzea beste bat ixten zuten tokian", adierazi du Escaladak. Hala, proiektua martxan jarri zuten.

Tokia berregokitzeko lanekin hasi bezain laster, kartel bat jarri zuten lokalaren kanpoaldean, aditzera emanez liburu denda berri bat irekiko zutela. Azkar heldu zen iruindarren eskertzea: egun batean, atea zabaltzerakoan, eskuz idatzitako ohar bat aurkitu zuten lurrean; norbaitek atearen azpiko tartetik sartu zuen. "Ateak noiz irekiko dituzuen zain, ilusioz, Auzolanen umezurtz bat", zioen oharrak. Hizkiak ez ziren ongi irakurtzen, hezetasunak hondatu baitzuen papera, eta hitz bakar bat mantentzen zen bere horretan: ilusio. "Hain ederra iruditu zitzaigun, gorde egin baikenuen, eta zabaltzean, markoa ipini eta paretan zintzilikatu genuen", kontatu du Escaladak. Hor jarraitzen du oharrak.

Auzolanen espazio berean dago denda, baina ez da denda bera. Atetik sartu bezain laster suma dezake hori bisitariak: Auzolan argitsua eta koloretsua zen; Menadesen, berriz, kolore zuria nabarmentzen da, eta dekorazioa soilagoa da. Escaladak azaldu duenez, proiektua aurrera ateratzea erabaki zutenean, pentsatu zuten toki berezi bat sortu behar zutela; beren izaeraren zati bat izan behar zuela dendak. "Eta emaitzan argi ikusten da emakumeen liburu denda bat dela".

Emakumeen liburu denda bat da, izenetik beratik hasita: Menadeak greziar mitologiako izaki femeninoak dira, eta eromenarekin eta estasiarekin lotutako Dioniso jainkoarekin erlazionatuta daude. Teoria batzuen arabera, Dionisioren jarraitzaileak, Bakanteak, estasian sartzen direnean, Menade bihurtzen dira. Beste teoria batzuek, berriz, diote Menadeak erdi jainkosak direla, eta borrokan hasten direnean guztia suntsitzen dutela. "Iruditu zitzaigun irudi klasiko bat zela, baina baita indartsua eta femeninoa ere: borrokalaria", azaldu du Escaladak.

Bestalde, haien helburu nagusietako bat izan da egungo kontsumo gizartearen zurrunbilotik ateratzea; erritmoa moteltzea. Izan ere, egun bizitzako esparru askotan dagoen abiadura azkarrak kutsatu egin ditu liburu denak ere, eta argitaletxe talde handiek ito dituzte txikiak, Escaladak azaldu duen moduan: "Orain, argitaletxe handi batek 200 produktu berri izan ditzake hilabetean, eta liburuen ibilbidea oso laburra da: lehen, liburu berri batek hilabete bat iraun zezakeen mahaian; orain, astebetean aldatu behar duzu, eta, ondorioz, lan on asko ez dira nabarmentzen". Horren aurrean, haiek erritmoa mantsotu nahi dute; liburuei denbora eskaini; argitaletxe txikiei tokia egin; bezeroekin hitz egiteko tartea hartu. Finean, ohitura zaharrak berreskuratu.

Liburuen artean poesiakoei egin diete tokirik handiena, hutsune bat ikusten baitzuten hor: "Poesia beherantz doa; badirudi orain boom txiki bat gertatzen ari dela, baina idazle on asko ez dira nabarmentzen". Haiei tokia eskainiz eta klasikoak berreskuratuz osatu dute liburu dendaren funtsa. Poesiaz bestalde, saiakera da Menadesen bigarren indargunea, eta umorezko liburu ilustratua eta narratiba ere badute.

Baina, liburuak saltzeaz gain, kultur militantzia ere egin nahi dute Menadesen. Horretarako, aurkezpenak, topaketak eta irakurle klubak antolatu dituzte, besteak beste. Hainbat idazle eraman dituzte dendara dagoeneko: Gemma Pierola, Ana del Paso, Emma Southon, Flavita Banana… Escaladak eta Martinezek "garrantzitsu" ikusten dute bertako egileei oihartzuna ematea, baina, horretaz gain, kanpokoak ere eraman nahi dituzte, "Iruñea mapan kokatzeko". Alor horretan, Auzolanen lekukoa hartu dute, Foro Auzolan egitasmoarekin antzekoa egiten baitzuten. Baina, Auzolanen ez bezala, haiek dendaren atzeko aldean egiten dituzte liburuen aurkezpenak; eserlekuak jarri dituzte, eta egongela itxura eman diote espazioari, jendea eroso egon dadin. Aurkezpenak "oso arrakastatsuak" izan dira, Escaladaren esanetan, eta, hortaz, pozik daude, halakoak antolatzea "errusiar erruletara jokatzea" bezala delako: "Inoiz ezin duzu jakin zein izango den erantzuna".

Bi irakurle klub ere abiatu dituzte. Hilean behin elkartzen dira; batekin, goizez, eta, bestearekin, arratsaldez. Goizeko talderako askotariko liburuak aukeratu dituzte, eta, Escaladak esan duenez, erantzuna "oso ona" izan da. Arratsaldekoa berezia da: Aitortzen dut izena jarri diote, eta bizitzan irakurri behar diren liburu klasikoak irakurriko dituzte; "zeren, aitortzen dugu, ez ditugu irakurri". Klasikoen zerrenda bat egin zuten denda zabaltzean, eta irakurleek aukeratu dituztenak irakurtzen ari dira: Gerra eta Bakea, Mendi magikoa, Lolita, Suminaren mahatsak… "Oso interesgarria izaten ari da".

Proiektua martxan jarri zutenean, Escaladak eta Martinezek bazekiten ez zela erronka makala, ez baitira garai errazak liburu denda txikietarako. Azkenaldian, Iruñean urteak zeramatzaten denda asko itxi dituzte, saltoki txikiek zailtasunak dituztelako kate handien dinamikei aurre egiteko, eta oztopoak areagotzen dira kulturaren esparruan. "Gure kasuan, zabaltzera gindoazenean, batzuek esaten ziguten zoratuta geundela", aitortu du Escaladak. Baina haiek eskarmentua dute liburuaren munduan, eta bazekiten nora zihoazen; horregatik, ez zuten zalantzarik izan. Eta pozik daude erantzunarekin: "Onarpena izugarria izan da, eta bizilagunak pozik daude, tristea delako ikustea betiko dendak galtzen ari direla".

Liburu saltzaileen sarea

Denda ireki behar zutenean gainontzeko liburu saltzaileengandik jaso zuten babesa ere aipatu du Escaladak: "Iruñean liburu saltzaile izugarriak daude, eta haiek esan ziguten aurrera egiteko, denontzako tokia zegoela". Izan ere, salmentek erakusten dute itxi dituzten liburu dendetako bezeroak ez direla besteetara joan; hortaz, eskaria zegoen. Liburu denden espezializazioak eragin zuzena du horretan, Escaladaren ustetan: "Hiriko liburu dendak elkarren osagarriak gara; gauza ezberdinetan espezializatuta gaude, eta bakoitzak bere bezeroak ditu". Dendariek elkarri bidaltzen dizkiete bezeroak, eta harreman ona dago haien artean. "Liburu denden sare polita dago Iruñean". Orain, sare horretan bada kide berri bat, eta luzerako etorri da.

Argi izpi bat bakardadean

Argi izpi bat bakardadean

Eider Goenaga Lizaso

Maria Lakunza, ikasgelan, Rosa Parks autobusean bezala irudikatzen du Luis Garbaio idazle eta kazetariak (Lizarra, 1956): bakar-bakarrik. Izan ere, bere ikasketa prozesu osoan emakume bakarra izan zen gelan; bakarra batxilergoan, bakarra zuzenbide ikasketetan... Ibilbide profesionalean ere Lakunzak (Iruñea, 1900-1984) "genero bakardade izugarria" pairatu zuela dio Garbaiok.

Nafarroan emakumezko lehen abokatua izan zen Lakunza. 1927ko urtarrilean kolegiatu zen; garai hartan, berrogei abokatu aritzen ziren Iruñean. Hurrengo emakumea, Julia Alvarez Resano, 1933an sartu zen elkargoan. Nafarroan ez ezik, Gipuzkoan ere aritu zen abokatu Lakunza; han ere lehen emakumea izan zen.

Garbaiok Nafarroako abokatuen elkargoaren 200. urteurrenerako lan bat egiten ari zela jakin zuen Lakunzaren berri. Aitzindaria izan zen arren, ohartu zen haren izena ez zuela inoiz entzun. "Garai hartako beste emakume abokatuen izenak ezagutzen nituen, baina Mariari buruz ez zegoen ezer. 'Hemen istorio bat dago', pentsatu nuen, eta ikertzen hasi nintzen". Horrela konturatu zen Gipuzkoan ere lehen emakumea izan zela abokatuen elkargoan.

Garbaiok zerbait egitea erabaki zuen, eta liburu hau da emaitza: Un momentu en la luz (Momentu bat argitan). Gipuzkoako zein Nafarroako abokatuen elkargoaren laguntzaz argitaratu du. Garbaiok ez du erraza izan Lakunzaren biografia idaztea. "Haren eskutik idatzitako ia ezer ez dago, eta ondorengoei ez zien inoiz hitz egin gerra aurreko bizimoduaz. Hil ostean semea amaren gauzetan begiratzen hasi zenean aurkitu zuten, adibidez, Mariaren toga". Testigantza zuzenik ezean, artxiboetan miatuz eta testuinguruari erreparatuz eraiki du Garbaiok Lakunzaren biografia.

II. Errepublikaren aurretik, Espainiako Estatuan soilik sei emakume aritu ziren abokatu: Clara Campoamor, Victoria Kent, Matilde Huizi, Concha Peña, Ascension Chirivella eta Lakunza bera. "Euren militantzia politikoagatik, besteek proiekzio publikoa izan zuten gerora ere. Mariaren kasuan, badirudi abokatu gisa jardutea zuela asmo bakarra, baina nik jakin nahi nuen zer gertatu zen harekin".

Ohiz kanpokoa

Emakume batek ikastea "ohiz kanpokoa eta salbuespenezkoa" zen garai batean ikasi zuen Lakunzak. "Batxilergoko urteetan, Maria izan zen institutuan gelako neska bakarra. Zuzenbideko lehen ikasturtean, Zaragozan, fakultateko emakume bakarra izan zen, eta Madrilen, hurrengo lau urteetan, berdin". Ikasketak bere kasa egiten ari zen beste emakume nafar bat ere bazen Madrilen, Matilde Huizi, baina hura ez zen eskoletara joaten. Huizi ez zen Nafarroan kolegiatu, Madrilen baizik.

Garbaioren ustez, "genero bakardadeari" aurre egin izanak erakusten du Lakunzarentzat Zuzenbidea ikasteak zuen garrantzia. Ikasketek, ordea, ez zuten bidea guztiz irekitzen: gizonak epaile, fiskal eta abar izan zitezkeen; emakumeak, soilik abokatu. Donostiako bulego batean eta Iruñeko beste batean aritu zen Lakunza 1927tik 1931ra, eta ofiziozko kasu bakan batzuk baino ez zituen eraman. "Abokatu izan zitezkeen arren, inork ez zituen kontratatzen".

1927ko uztailaren 29an egin zuen debuta, Aurizberriko gizon bat defendatzen; beste gizon bat suzko arma batekin zauritzea egozten zioten. Bilorian, Lana ibarrean gertatutako hilketa bikoitz bat izan zen Lakunzaren kasu entzutetsuena. Baina apenas egiten zuen lanik, ez Gipuzkoan eta ez Nafarroan. 1927tik 1933ra, Gipuzkoan kasu bakarra eraman zuen, eta lau bakarrik Nafarroan.

Garbaioren arabera, irteera profesional bila joan zen Lakunza Madrilera, bide pribatutik zereginik ez zuela ohartu ostean. "Orduko emakume abokatuetako bakar bat ere ez zen bizi abokatu izatetik: denek beste lanen bat zuten". Ekainaren 25ean iritsi zen Madrilera, Errepublikak bi hilabete baino ez zituela, eta, 1932ko apirilaren 30ean, Nekazaritza Ministerioan hasi zen lanean.

Uztailean, funtzionario izateko oposizioak egin zituen. Bigarren postua lortu zuen, eta hori izan zen goranzko bidearen hasiera. Urtean 2.500 pezeta (15 euro) kobratzetik 1937an 7.500 kobratzera iritsi zen. 1933tik Nekazaritza Erreformarako Institutuan (IRA) aritu zen lanean, eta Europako nekazaritza erreforma ikuskatzera ere bidali zuten, idazkari gisa, pasaporte diplomatikoarekin.

1936ko abenduan, Madrildik Valentziara deitu zuten lanera, gerraren ondorioz han baitzuen egoitza Errepublikako Gobernuak. 1939an funtzionario publikoen depurazioa sufritu behar izan zuen, eta prozesuan bere burua defendatu zuen. "Auzibidean berak ukatu egin zuen arren, nik uste dut garai hartan haren ideiak ezkerraren gertukoak zirela". Zigor gisa, hainbat kargu betetzeko inhabilitazioa ezarri zioten, eta Sevillara bidali zuten. "Uko egin zion Sevillara joateari eta, horrekin batera, bere ibilbide profesionala eraikitzeko egindako ahalegin guztiari".

Lakunza Valentzian bizi izan zen, 1984an hil zen arte: "Pena da, nola egin zion uko aurretik egindako guztiari. Hain gogorra izan zen harentzat, nahiago izan zuen erabat ahaztu, nik uste".

Iritzia: Demagun

Iritzia: Demagun

Saioa Alkaiza
Demagun herrialde batean bizi zarela, lan egiten duzula, familia bat duzula, teilatupe bat duzula behar duzunerako, beheko dendako dendaria agurtzen duzula eta zure izenez deitzen zaituela. Edo ez.Demagun herrialde batean bizi zarela, lan...

Batzen segitzeko ilusioz

Batzen segitzeko ilusioz

Uxue Rey Gorraiz

Urte borobila dugu aurrean. Alfredo aspaldi hasi zitzaigun hori gogorarazten, ez da hala?", dio irribarretsu Maider Betelu Sakanako Guaixe aldizkariko kazetariak. Alfredo Alvarori berari egin dio galdera, erredakzioburuari, eta baietz esan du horrek, buruarekin keinu eginez. Aldizkariak 25 urte beteko ditu aurtengo abenduan, eta, urte hasieratik, gerora etorriko diren ospakizunak prestatzen ari da bederatzi kideko lantaldea erredakzioan. Biek hunkituta begiratzen dute atzera, orain arte egindako bideaz harro, eta aurrera jarraitzeko betiko ilusioaz.

1994tik hilabetero hasieran eta astero ondoren, sakandarren etxeetara ailegatzen da aldizkaria, euskarazko tokiko informazioa emateko. Mende laurdena eginen du Guaixek, Sakanatik eta Sakanarentzat.

Eskualde horretako euskaltzaleen artean piztutako ilusioak abiarazi zuen Guaixe, orain dela 25 urte. Ibarrean gertatzen denaren berri euskaraz emateko premia ikusita jarri zuten martxan proiektua hiru emakumek: Amaia Amilibiak, Olatz Irizarrek eta Aitziber Etxaizek. Kazetaritzako ikasleak ziren hirurak garai hartan, eta Urdiainen hasi ziren, hango udalak utzitako lokal batean.

Egitasmoaren inguruan babes taldea eratu zen, Bierrik elkartea bultzatzaile, eta abenduan argitaratu zuten lehenbiziko zenbakia. Aldizkarian, Sakanako herrietako kronikak irakur zitezkeen, bakoitzean zeuden berriemaileek idatziak. Maider Beteluk egiten zuen Lakuntzakoa, adibidez. "Hasiera gogorra izan zen, baina oso polita", dio hunkiturik, hastapenak gogora ekarrita.

Kutxa mordoa dute erredakzioan pilaturik asteotan —orain erredakzioa Altsasun dago—, bata bestearen gainean. "Guaixe-ak eta Oixe-ak daude barrenean", argitu du Beteluk. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun Guaixe astekariak hainbat aldaketa izan ditu urte hauetan, gaur egungo itxura eta formatua hartu arte. "Hilabetekaria ginen hasieran, baina ohartu ginen zaharkituta gelditzen ginela. Albisteak berandu iristen ziren." Arazo horri aurre egin nahian sortu zuten Oixe, hilabetekariaz gain astero argitaratu zena. 2001etik 2003ra, bi aldizkariak aldi berean argitaratu eta gero, Guaixe astekariaren aldeko apustua egin zuten. Baita bete-betean asmatu ere, urteek erakutsi dutenez. Erabakia "ausarta" izan zen, Alfredo Alvaroren ustez: "Astekari bihurtzeko pausoa eman genuenean, jende asko beldur zen orrialdeak betetzeko adina material izango ote genuen". Ordutik, ostiralero 24 orrialdeko aldizkaria ateratzeko gai direla ikusi dute, batzuetan baita gehiagokoa ere. "Informazio olatuak gainditu egiten gaitu beti", erantsi du erredakzioburuak.

Letra eta irudiak aski ez, eta irratien uhinetara egin zuen salto Guaixe-k, 1999ko udaberrian. Orduantxe hasi zen Alfredo Alvaroren ibilbidea ere, Beleixe irratiaren sorrerarekin. "Irratiarekin informazio asko igortzea lortu genuen, eta askoz presenteago geunden egunerokoan", azaldu du Beteluk. Gaur egun, astelehenetik ostiralera, egunero egiten dute zuzeneko emisioa Egun On Sakana saioarekin, 10:00etatik 12:00etara. Irratiarekin batera, sareak ere erraztu egin du berehalakotasunez jarduteko bidea, nahiz eta oraindik ere astekari fisikoa den beren produktu kuttuna. "Ohiturak beste batzuk izan arren, batzuek oraindik papera maite dugu", dio umoretsu Alvarok, aleetako bat eskuetan.

Bat-bateko informazioa eta berehalako erantzunak ematea egin du posible guaixe.eus-ek. "Pil-pilean dauden gai batzuen inguruan beharrezkoa dugu hori, erreferenteak gara eta". Bereziki Altsasuko auziaz ari da Maider Betelu.

Bi kazetariak sinetsita daude ibarraz kanpotik ere begiratzen dietela, baina harro azaltzen dute zilborra Sakanan duten komunikabidea direla. Argi dute hori. Gustura jartzen dute fokua beste hedabideek paratuko ez luketen gertaera txikiago horietan. "Guretzat ez dira txikikeriak, eta jendeak horien inguruko informazioa behar du", nabarmendu du Alvarok.

Garai latzetan, babes

Gertukoa eta gertutik; horrela egiten dute lan egunero. "Gaia edozein dela ere, tokiko ikuspegitik lantzen saiatzen gara, gurera ekarrita. Gripe epidemiaz ari bagara, esan dezagun zer eragin izan duen gure herrietan". Alfredo Alvarok argi du tokiko hedabideak bigarren edo hirugarren mailakoak direla askorentzat. "Madrildik begiratuta? Guztien azpian gaude!". Ez Sakanan, ordea.

2012 inguruan, krisi ekonomikoak gogor astindu zuen Sakana, eta, era berean, baita hedabidea bera ere. Guaixe-k eta Beleixek kolpe latza jaso zuten urte horretan, eta kinka larrian egon ziren biak. 2011ko Guaixe-ren azken zenbakia berezia izan zen horregatik: argazkien ordez, zuriuneak ikusten ziren astekarian. Protesta keinu bat izan zen, hedabideek jasaten zuten egoera kezkagarriaren erakusle. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erretiratu zituen, eta Eusko Jaurlaritzak ematen zituenak ere murriztu egin ziren urte berean. Hala ekarri dute gogora Maider Beteluk eta Alfredo Alvarok, ahotsa apalduta. Bien begietan mina nabaritu daiteke oraindik hain garai gogorrak oroitzean.

"Gurea bezalako komunikabide bat beti dago nolabaiteko krisian, baina egon zitezkeen baldintzarik okerrenek bat egin zuten orduan", azaldu du Beteluk. Astekariak ohi baino orrialde gutxiagoko aleak argitaratu zituen denbora batez, eta zuzeneko emisio orduak gutxitu egin ziren irratian.

Okerrena, ordea, lantaldearen murriztea izan zen. Horrela diote Beteluk eta Alvarok aho batez, zalantzarik egin gabe. Bi izan zirela adierazi du erredakzioburuak hatz keinu batekin: bi langilek galdu zuten beren Guaixe-ko lanpostua. "Oso traumatikoa izan zen. Bai joan zirenendako, bai gelditu ginenendako".

Egoera lazgarri horretatik ateratzea lortu zuten, ordea. "Bazkideei esker izan zen gehienbat", dio Alvarok, eta aurpegiera aldatu zaie biei berehala. Oroitzapen goxoa da hori. Herritarrengandik jaso zuten administrazioak ematen ez zien babesa. 2.000 esker izeneko kanpaina abiarazi zuten bazkidetza sustatzeko eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, eta jendeak erantzuten jakin zuen. Galerak izan bazituzten ere, lortu zuten bidean aurrera egitea. "Herritarrak izan ziren gure sostengu nagusia, eta horrela da oraindik. Gurekin jarraitzen dute", dio irribarrez Beteluk.

Mankomunitateak eta atzean dauden udalek emandako laguntza ere ez du ahaztu nahi izan, ordea. Sakandarren babesa ezinbestekoa izan da beti, erredakzioburuaren hitzetan: "Eskerrak eman besterik ezin dugu egin".

Sakana, euskara, 'Guaixe'

Erredakzioko kartoizko kutxetan bilduak dituzten ale horien antzekoak urte hasieratik ari dira Sakanan barna, batetik bestera, herriak bisitatzen. Erakusketa ibiltaria antolatu du Guaixe-k mende laurdena ospatzeko. Hilabetekariaren eta astekariaren ale zaharrak ikusgai dira bertan. Urdiainen hasi zuten bidea, otsailean, Guaixe-ren jaioterrian, alegia. Ondoren, Ziordira, Altsasura eta Arbizura ere joan da erakusketa, eta herri gehiago ere izanen ditu helmuga.

Sakanako ibarrak berezko duen konplexutasuna nabarmendu dute Beteluk eta Alvarok. Txikitasunetik lan egiten dutela diote behin eta berriz; txikiak direla, baina oso ibar dinamikoa, kulturalki aberatsa, eta bizia. Hogei mila biztanle inguru dira, 28 herritan banatuak. "Batzen gaituen hori zer den? Sakanak guztiok batzen gaituen bezala, euskarak batzen gaitu, eta Guaixe-k ere bai", azaldu du Beteluk. Horregatik dute aukeratua lelo hori: Batzen gaituena.

Guaixe-koek egunero sentitzen dute sakandarrek dieten estimua. Kazetaritza hurbiletik landuta, hurbil nabaritzen dituzte irakurleak. "Faltan sumatzen gaituztela esaten digute oporretan egon eta astekaririk argitaratzen ez denean. Seinale ona, ezta?", dio pozik Maider Beteluk. Beren babesa eta epeltasuna sentitu dezakete, eskaera edo galdera izan, edo kritika edo keinu. Euskal hiztunenak zein erdaldunenak, gainera. "Euskaraz ez dakitenek ere estimu handitan gaituzte: la Guaixe kontzeptua hedatua dago oso", dio Beteluk irriz.

Urteurren berezi bat ospatzea beti da aitzakia ona atzera begiratu, hausnartu eta hurrengo pausoak zein izan daitezkeen hobeki ikusteko. Guaixe-k batu egiten du Sakana, eta asmo horrekin jarraitzeko grina dute oraindik. "Batzen segi dezagun".

Planetaren aldeko loreak

Planetaren aldeko loreak

Edurne Elizondo

Ziudadelako lurrean sortu da klima aldaketaren aurka borrokatzera deitu duen azken oihua: Naturart ekinaldiaren barruan, diseinatutako lorategiak errealitate bilakatu dituzte proiektuan parte hartu duten Iruñerriko ikastetxeetako kideek. Denera, hamar sailkatu dira azken fase horretarako. Haien lana ikusteko aukera izanen da, maiatzaren 12ra bitartean.

Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Emausko Trapuketariek bultzatuta egin dute Naturart, bigarrenez. Ingurumenari so egiteko ekinaldia da, eta Iruñerriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak batu ditu planetaren aldeko borrokara. Plastikoek eragindako kutsadura, tenperaturaren igotzea eta gisako auziak jarri nahi izan dituzte mahai gainean, hitz egiteaz gain ekitea "premiazkoa" dela nabarmentzeko asmoz.

Hori egiteko, ikasleek landareak izan dituzte tresna nagusi. Denera, hamalau ikastetxek hartu dute parte egitasmoan. Ikasturtearekin batera hasi ziren beren ideiak lantzen eta garatzen, Ziudadelak orain hartu dituen behin-behineko lorategiak diseinatu ahal izateko. Asmoa zen, iaz egindako Naturart ekinaldian bezala, lorategi horien bidez laburbiltzea ingurumenaren alde zabaldu nahi duten mezua.

Ehunka ikasle lanean

Hamalau ikastetxe horietan, 12 eta 18 urte bitarteko 624 ikasle aritu dira lanean, irakasleen laguntzarekin. Horretarako, gela barruko saioak aprobetxatu dituzte, eta sarean ere egin dituzte urratsak beren diseinuak osatzeko. Sustatzaileek haietako hamar aukeratu dituzte, azkenean, Ziudadelan lorategiak egiteko. Ikasleek beren herrietako udaletako lorezaintza zerbitzuen laguntza izan dute beren diseinuak gauzatzeko.

Lorategiak ikasleen diseinuaren arabera gauzatu eta gero, hain zuzen ere, Ziudadelan hartu duten eremua herritarrentzat zabaldu du Iruñeko Udalak, lanak ikusi ahal izateko. Maiatzaren 12ra bitarte egonen da espazio hori zabalik. Gainera, azken fase horretarako sailkatu ez diren ikastetxeek egindako lana ezagutzeko aukera ere izanen dute iruindarrek, haien lorategien maketekin osatu baitute Ziudadelako erakusketa berezia.

Hamar lorategiak egiteko, 1.500 metro koadroko eremua erabili dute. Bakoitzaren ondoan, ikasleen lana azaltzen duen kartela jarri dute. Iruñeko Udaleko eta Iruñerriko Mankomunitateko arduradunek bisitatu dute erakusketa jada. Nekazaritza eta Basogintza Institutuko, Cuatrovientos zentroko, Ochoa de Olza ikastetxeko, Jaso ikastolako, Mendillorriko institutuko, Nuestra Señora del Huerto ikastetxeko, Sagrado Corazon eskolako, San Cernin zentroko, Iturrama institutuko eta La Compasion ikastetxeko ikasleek diseinatutakoak dira ikus daitezkeen lorategiak. Maketek, berriz, Sierra de Leire, Vedruna, Luis Amigo eta Isterria ikastetxeetako kideek egindako diseinuak islatzen dituzte.

Naturart ekinaldiaren bidez, ingurumenaren aldeko borroka eta artea uztartu nahi izan dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko premia da lorategien bidez ikasle gehienek zabaldu nahi izan duten mezu nagusia. Eta loreekin idatzi dute, lurrean.

Herri kirolak herriarentzat

Herri kirolak herriarentzat

Ainhoa Larretxea Agirre
Isiltasunaren gainetik aizkora hotsa gailentzen da Oronozen (Baztan, Nafarroa) iluntzetan. Aizkorak egurra moztean egiten duen hots berezia. Hantxe dago Gure Kirolen Kluba herri kirolen eskola, eta hangoxea da aizkora hotsa. Pat...

Iritzia: Bulkadak gara (bide eder hau)

Iritzia: Bulkadak gara (bide eder hau)

Lur Albizu Etxetxipia
Hilabetetan prestatutako 72 ordu izan dira. Ederrak, luzeak, laburrak. Denbora asko zain egon ondoren iritsi zen Lemoara gazte topagunea. Lau hamarkadatan Euskal Herrian gazte mugimenduak egin duen ibilbideari omenaldi handia, ait...

Amorru kolektiboaren indarra

Amorru kolektiboaren indarra

Edurne Elizondo

Amorrua, antolatuz gero, aldaketak eragiteko tresna boteretsu bilaka daiteke. Lelo hori bere egin du Iruñeko Farrukas talde feministak. Indarkeria matxistak eragindako amorruak ekarri zuen kolektiboaren sorrera, duela bost urte, eta amorru horrek eraman ditu bere kideak autodefentsa feministaren aldeko aldarria egitera.

Ozen, gainera. "Amorru kolektiboaren indarra" baliatu nahi dute, patriarkatuaren aurka borroka egiteko. "Erasotzen gaituztenean, geure burua defendatzeko zilegitasun osoa daukagu", erran dute, argi eta garbi,"eta hori sinetsi behar dugu; bada garaia".

Iruñeko Txantrea auzoko bestetan txosnetan gertatuko eraso matxista batek piztu zuen feministen amorruaren kandelaren mukia. Borroka moldeak aldatzeko beharra sentitu zuten Iruñeko hainbat feministak, amorru horri bidea emateko. Karrika, gaua eta besta espazioak gozatzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuten, "askatasunean eta berdintasunean".

Gogo horrek ekarri zuen 2014ko sanferminen aurreko manifestazioa: gauez egin zuten protesta emakumeek, beltzez jantzita, aurpegia estalita, eta zuziak eskuetan. "Lau izanen ote ginen beldur ginen; mila inguruk egin zuten bat", gogoratu dute Farrukas taldeko kideek, hunkituta.

2014. urtekoa izan zen lehendabizikoa, eta haren ondotik sortu zuten kolektiboa, berez. Geroztik, urtero egin dute sanferminen aurreko gaueko protesta, eta Euskal Herriko bertze hainbat herritan eta hiritan ere hasi dira gisa bereko manifestazioak egiten. "Bazen gure barruko amorru hori erantzun bilakatzeko beharra", azaldu dute kolektiboko kideek.

Erasoei erantzuteko zilegitasuna jarri dute mahai gainean Farrukas taldeko kideek, hasieratik. Asmo horrekin bat egiten du kolektiboak lelotzat hartutako esaldiak: Beldurra aldez aldatuko da. "Gure aurkako eraso gero eta bortitzagoen aurrean, modu gero eta bortitzagoan erantzuteko eskubidea aitortu diogu, azkenean, geure buruari", berretsi dute kolektibo feministako kideek.

Urrats hori egin izanak eragin zituen kritikak, hasieran. "Beldurra aldez aldatuko zela erratea gehiegizkoa iruditu zitzaien anitzi; ez zuten ulertu. Egoera aldatuz joan da, halere, eta gure mezua onartzen hasi da gizartea".

Emakumeek beren burua defendatzeko eskubidea dutela; hori da Farrukas taldeko kideen mezua. Oinarrizkoa eta argia, baina, hala eta guztiz ere, barneratzeko zaila, bai eta emakume anitzentzat ere: "Emakume batek jasandako erasoari erantzuten dioenean, kanpotik zalantzan jartzen da jokabide hori; eta barrutik ere, emakumeak joera du pentsatzeko agian ez zela hainbertzerako, erantzuna gehiegizkoa izan dela... Geure burua epaitzen dugu, barruraino sartu zaigun patriarkatuak hartzen duelako hitza". Patriarkatuaren ahotsa isilarazi nahi dute Farrukas taldeko kideek, hain zuzen ere, eta, ematen duen erantzuna edozein dela, babesa agertu egungo sistema matxistak zapaldutako emakume orori. "Bortizkeria jasaten dugunean, erantzun bortitza emateko eskubidea dugu", berretsi dute.

Ahizpatasuna

Munduan egoteko modu bat da autodefentsa feminista. Jarrera bat. Ibiltzeko eta esertzeko modu bat. Eta lotuta ekartzen du herritar gisa emakumeek dituzten eskubideen defentsa. Ahalduntzea da, eta ahizpatasuna bultzatzea. Horri buruz anitz dakite Farrukas taldeko kideek, sororitatea baitute kolektiboaren oinarri nagusi. "Indar asko ematen diogu elkarri".

Emakumeen arteko sareen garrantzia agerian gelditu zen aurreko astean, Farrukas kolektiboak maiatzaren 11n eginen duen besta iragartzeko antolatutako ekinaldian. Zabaldin egin zuten bat taldeko kideek eta haien lagunek, besta giroan. Erakusketa bat jarri dute han, kolektiboak egindako bost urteko bideari buruz. Egindako urratsen lekuko diren kartelak eta argazkiak zintzilikatu dituzte Zabaldiko paretetan.

Haietako bat da 2016ko sanferminetako txupinazoarena. Egun hartan, Farrukas kolektiboak koordinatuta, Euskal Herri osoko 70 emakume sartu ziren Iruñeko Udaletxe plazara, eta Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen pankarta handi bat zabaldu zuten.

Egun horretakoak emozioz gogoratu dituzte Farrukas taldeko kideek. "Sekulakoa izan zen; plaza, txupinazoaren egunean, gizonezkoen espazio bat da, eta emakumeen aurkako bortizkeria handikoa, gainera", salatu dute. Horregatik, argi dute "gauza handia" izan zela han sartzea, pankarta zabaltzea eta beren espazioa defendatzea. "Kolpeak eta irainak jaso genituen", azaldu dute. Baina merezi izan zuela argi dute: bestaren erdigunean jarri zuten autodefentsa feministaren aldeko aldarria.

Borrokan jarraitzeko gogoz dira Farrukas taldeko kideak; amorrua borrokarako tresna bilakatuz, eta sistemak zapaldutakoen arteko sareak osatuz, amorru hori antolatzeko eta bideratzeko. Atzera ere begiratu nahi izan dute kolektiboko feministek, aurrekoek egindako urratsak aldarrikatzeko, eta feminismoaren memoria egiteko. "Hori ere beharrezkoa da". Memoriak eta orainak bat eginen dute maiatzaren 11n, Iruñeko Jazar espazioan. Egun osoz ospatuko dute feministek farrukak direla.

Arteak argituta

Arteak argituta

Edurne Elizondo

Gorputza, emozioak, eremu soziala, burua eta identitatea. Bost ardatz horiek hartu ditu oinarri aurtengo Artea Oinez erakusketak. Iruñeko Kondestablearen jauregiko lehendabiziko solairuan dago jada ikusgai, maiatzaren 12ra bitarte. Hego Euskal Herriko hirurogeita hamar artistak parte hartu dute, nork bere proposamen, teknika eta mezuarekin, denen artean gorputzari, buruari, emozioei, identitateari eta gizarteari buruzko gogoeta saioa osatuz.

"Kontent" da Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz erakusketarekin. Komisario lanak egin ditu, eta argi du bildutako lanak egungo Euskal Herriko artearen lagin interesgarria direla.

Iruñean erakutsi eta gero, bertze hilabete batez ikusi ahal izanen dira obra horiek Tuterako Almirantearen Etxean. Harago joan nahi izan du ikastolen elkarteak aurtengo bere erakusketarekin, gainera, eta ikasgeletan jorratzeko proposamen didaktikoa ere prestatzen ari da, erakusketak berak dituen bost ardatzak oinarri hartuta.

Altsasuko ikastolako kideen eskutik jaso zuten Tuterako Argiakoek aurtengo Nafarroa Oinez besta antolatzeko arduraren lekukoa. Lanean ari dira jada, jo eta ke, Izan argi! lelopean antolatzen ari diren besta prestatzeko. Arteak toki nabarmena izan du, azken urteotan, Nafarroako ikastolek Oinez-aren giroa berotzeko antolatutako programetan, eta Tuterak ez du arlo horretan hutsik egin nahi izan. "Argia ikastola eta bere komunitatea bezain bizia da", erran du Argiako presidente Maru Erizek, erakusketari buruz.

Artea Oinez erakusketan parte hartzen duten artisten artean, batek toki berezia du: Tuterako Javier Sueskunek, alegia. Bere obra bat jaso ez ezik, artista bera omentzeko ekinaldi gisa ere antolatu du Argia ikastolak erakusketa osoa, hain justu. "Sueskunen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dugu, eta, aldi berean, artearen arloan egin duen ekarpen zabala txalotu", nabarmendu dute ikastolako kideek.

Askotariko euskarriak

Eskultura, pintura, argazkigintza, teknika mistoak, bideoak... Askotarikoak dira Kondestablearen jauregian bat egin duten lanak egiteko erabilitako teknikak eta moduak. Artelan horietako hainbat, gainera, propio Artea Oinez erakusketan parte hartzeko osatu dituzte artistek. Halakoak dira, adibidez, Naroa Lizarrenak. Plastikozko gailu elektriko bilakatu ditu kaikuak. Argia ikastolakoentzat propio egin du bere obra Ibon Aranberrik ere: Li-lu-ra-rik-ez izenburuko argazkia, alegia.

Dora Salazar, Mari Jose Rekalde, Lorea Alfaro, Xabier Morras, June Crespo, Miren Doiz, Fernando Pagola eta Txuspo Poyo dira erakusketan parte hartu duten artistetako zenbait. Clemente Bernaden argazki bat ere zintzilikatu dute Kondestablearen jauregian. Artista horrek urtebeteko kartzela zigorra eta 3.000 euroko isuna jaso berri du, hain zuzen ere, Iruñean meza frankistak antolatzen dituen anaidiaren "intimitatea urratzea" egotzita. 2016. urtean, Erorien Monumentuko irudiak grabatu zituzten Bernadek eta Carolina Martinezek, A sus muertos (Beren hildakoei) dokumentala prestatzen ari zirela. Monumentuko azpiko kriptan ere jaso zituzten zenbait irudi. Ondorioz, hango meza frankistak antolatzen dituen Gurutzearen Zaldun Boluntarioen anaidiko kide batek salaketa jarri zuen haien kontra.

Epaiak Martinez absolbitu eta Bernad zigortu du. Horri buruz, halere, erakusketako komisario eta ikastolen elkarteko kide Josu Reparazek ez du hitz egin nahi izan, lanak aurkezteko egindako agerraldian. "Ez da halakoak baloratzeko unea". Eskertu du, halere, Bernaden parte hartzea. Artea Oinez erakusketan da haren lana, bertze obrekin batera.

Bertze sententzia bat zentralaren kontra

Bertze sententzia bat zentralaren kontra

Edurne Elizondo

Bertze bat. Hamaikagarren sententzia Castejongo zentral termikoen aurka. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Elerebro enpresaren azpiegituraren baimenak ez duela betetzen ingurumen araudia, eta, ondorioz, ixteko agindu dezala eskatu dio Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako Gobernuari.

Castejongo zentral termikoak 2002. urtean egin zuen bat argindarraren sarearekin. Orduan, Castejon I izena zuen zentralak osatzen zuen azpiegitura. Handik gutxira, 2005. urtean, handitzeko baimena eman zuen administrazioak, eta horrela jarri zuten martxan Castejon II proiektua. Orduan hasi zuen zentral termikoen aurkako oposizioak bere ibilbidea epaitegiz epaitegi.

Bide horrek emaitzak eman ditu, Espainiako Auzitegi Gorenak berriki plazaratutako zentralen aurkako sententzia ez baita bakarra izan. 2008. urtean, jada, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen zentralaren inguruko udalerriz gaindiko eragina duen plana. 2011. urtean, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen auziari buruzko bere iritzia, eta bere ebazpenaren bidez argi utzi zuen Castejon II zentrala legez kanpokoa zela; bertan behera utzi zuen Espainiako Industria Ministerioak azpiegitura hori eraikitzeko emandako baimena.

Sententziak mahai gainean egon arren, ebazpen horiek ez dute ondoriorik izan zentralen egoeran, orain arte. Hau da, urratsik ez da egin Castejon II proiektuaren baimena hutsean uzteko eta, ondorioz, sententzia betetzeko. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak berak, 2013. urtean, erran zuen bere sententziak ez zuela enpresa urratsik egitera behartzen, "adierazpen hutsa" zelako. Kontua da epaileek sententzia betearazi baino lehen Espainiako Energia Ministerioak baliozkotu egin zuela zentralaren baimena, 2012an.

Auzi jakin hori da oraingo sententziaren gako nagusia, hain zuzen ere, Sustrai Erakuntza fundazioak nabarmendu duenez. "Gorenak argi utzi du gobernuak baimena baliozkotzeko egindako urratsak lotura zuzena duela Madrilgo epaileen kontrako sententziarekin. Epaiak berretsi du zentralak jasotako baimena ez dela legezkoa", nabarmendu du talde ekologistak.

Frantziara eramateko

"Herritarrek hamalau urte egin dituzte jada zentralen aurka borrokan; epaileek ontzat eman dituzte haien eskaerak, eta, hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak ez du deus egin", gaineratu du Sustrai Erakuntza fundazioak. "Espainiako Auzitegi Gorenak bitan egin du bat Sustrai Erakuntzaren argudioekin, zentralen auzian; zer gehiago behar du gobernuak zentralaren jarduera bertan behera uzteko agindu dezan?", galdetu dute taldeko kideek.

Sustrai Erakuntza fundazioak bertze auzi batekin lotu du Castejongo zentral termikoena: Castejon eta Muru Artederreta arteko linea elektrikoarekin, alegia. "Une honetan, bada proiektu bat linea hori Ezkio-Itsasoraino (Gipuzkoa) eramateko. Linea horren helburua izanen da Castejongo eta bertze hainbat herritako zentraletan sortutako energia Frantziara garraiatzea", salatu dute Sustrai Erakuntzako arduradunek.

Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformak, hain zuzen ere, jendaurrean salatu ditu berriki asmo horiek. Proiektuak 49 herri ukituko lituzke; herri horietako udalek jasoa dute proposamena, aztertzeko. "Ehunka hautetsi lanean ari dira jada proiektuaren aurkako adierazpena onartzeko", azaldu du plataformako bozeramaile Alberto Friasek, Iruñean egindako agerraldian.

Adierazpen hori jendaurrean aurkezteko, hain zuzen ere, batzar batera deitu ditu plataformak hautetsi horiek. Hilaren 27an eginen dute, Nafarroako hiriburuan.

Plataformako kideek berretsi dute ez dagoela beharrik goi tentsioko linea egiteko, eta bat egin dute Sustrai Erakuntza fundazioak errandakoarekin: proiektua argindarra kanpora eramateko asmoekin lotu dute, alegia.

Friasek salatu du goi tentsioko lineak kaltea eraginen lukeela ingurumenean, eta kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen arloan ere izanen lituzkeela ondorioak. "Hori guztia ezkutatzen saiatzen dira bultzatzaileak, ordea", erran du.

Plataformak ontzat jo du hasierako proiektuan aldaketak egin izana. Hasierako asmoa zen, hain zuzen, Deikaztelun azpiestazio bat egitea, eta halakorik ez du jasotzen proiektu berriak. Plataformakoen lanak eragin du, neurri batean, erabaki hori, Friasen hitzetan. Halere, argi utzi du proiektuak ez duela "zentzurik". Hau da, azpiestazioa egiten ez badute ere, goi tentsioko linea berririk ez dela behar nabarmendu du plataformako bozeramaileak. "Lanean jarraituko dugu".