Nafarroa

“Nahi eta ezin”

“Nahi eta ezin”

Edurne Elizondo

A gerikoak dira, oraindik ere, azken istripuaren arrastoak N-121-A errepidean. 47 urteko Zaragozako (Aragoi, Espainia) kamioi gidari bat hil zen haren ondorioz, apirilaren 29an, Lantz ondoan. Joan den astean, karrikara atera ziren CGT, ESK, ELA, LAB, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak, azken istripu hori salatzera. "Errepidea oso gaizki dago; ez da inbertsiorik egin, eta egoera kaskarra da", nabarmendu du Hiru Garraiolarien Euskal Herriko Sindikatuko komunikazio arduradun Jaione Ugaldek.

Iruñea eta Behobia lotzen ditu N-121-A errepideak. Batez beste 12.000 ibilgailu inguru pasatzen dira egunean bide tarte horretatik. Haietako 2.700 dira astunak. Datu horiek islatzen duten egoera onartu du Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko kontseilari Manu Aierdik: "Trafiko oso handia dago. Azken urteotan, gainera, ez da gutxieneko inbertsiorik egin errepidea mantentzeko lanetarako; ondorioz, Nafarroako errepide sare osoaren kalitateak egin du behera". Hainbat irizpideren araberako zerrendetan Nafarroa "azken postuetan" dela zehaztu du Aierdik, hain zuzen: asfaltoaren eta seinaleen egoerari dagokionez, adibidez. "Egoerak konponbide orokor bat behar du, baina ez dago dirurik. Hori da kontua. Nahi eta ezin", laburbildu du presidenteordeak.

N-121-A errepidean dauden arazoak ez dira oraingoak; aspaldikoa da bide hori hobetzeko aldarria. Azken hamarkadetan egin dituzte lanak, eta horien ondorio dira, adibidez, Belateko eta Almandozko tunelak. 1993. urtean hasi zituzten obrak, eta 1997an inauguratu zituzten. Bera eta Behobia artekoa izan da moldatu duten azken zatia; 2009. urtetik dago zabalik egungo bidea. Obra horien ondorioz, hain zuzen, gora egin du errepide horretako trafikoak, batez ere ibilgailu astunenak. Ugaldek onartu du: "Errepidearen egoera kaskarra izan arren, motzagoa da, eta merkeagoa". Bi faktore horiei hirugarrena erantsi die Hiruko kideak: kamioilariek Leitzarango autobian dauden aldapak baino nahiago dutela N-121-A errepidea. "Leitzarango bidea gogorra da".

"Errepide berria egin zutenean uste genuen seguruagoa izanen zela, baina ez da hala izan. Jendea ere azkar ibiltzen da autoarekin. Beratik Behobiarakoa zazpi minutuko bidaia da; zenbatean egin nahi dute?", galdetu du Berako alkate Josu Iratzokik. Bortzirietako, Baztango, Malerrekako eta Bertizaranako alkateentzat, hain zuzen ere, betiko kezka izan da N-121-A errepidea. Hamaika aldiz egin dituzte bilerak gobernuko garaian garaiko arduradunekin, konponbideen bila. Argi dutelako abiadura ez dela arazo bakarra, eta errepidea moldatzeko egin dituzten urratsak ez direlako nahikoak izan, haien ustez. 2013an, adibidez, errepidean izandako luiziek eragindako egoerak ekarri zuen alkateek bat egitea neurriak eskatzeko. Tunelak itxi, eta errepide zaharretik joan behar izan zuten ibilgailuek hainbat egunez; Belateko mendatetik, alegia.

"Oraingo agintariekin ere egon gara, eta dirurik ez dagoela erran digute", azaldu du Iratzokik. Beran hainbat puntu beltz ditu N-121-A errepideak. Zalain auzo inguruan dago horietako bat. 2014. urtean hainbat istripu izan ziren toki berean. Asfaltoa moldatzeko lanak egin zituen orduan gobernuak. "Egoerak hobera egin zuen, baina gertatzen dira istripuak, oraindik ere".

Lan osasunaren egunaren harira, hain zuzen, Zalaingo toki arriskutsu horretan protesta egin zuen Bortzirietako Sortuk, apirilaren 28an. Elkarretaratzearekin bat egin zuen LAB sindikatuak ere. "Argi dago arazo bat dagoela: errepide nagusi bat dugu hemen, baina ez dago prest jasan behar duen trafikoari eusteko", nabarmendu du Koldo Saenzek, Baztan Bidasoko LABeko kideak.

Hori dela eta, egoera horren inguruan eztabaida pizteko beharra badela erantsi du Saenzek. "Eztabaida sozial sakona eta benetakoa egin behar da egun dagoen arazoari konponbidea emateko".

Hainbat kontu daude mahai gainean. Abiadurarena da bat. Autoena aipatu du Iratzokik, baina kamioiei buruz ere bada zer erran. 2011. urtean, N-121-A errepidean gertatutako hainbat istripuren ondorioz, ibilgailu astunen abiadura kontrolatzeko operazioa egin zuen Guardia Zibilak, istripu horietako gehienetan halakoak zeudelako tartean. 154 kamioi gidariri jarri zieten isuna, abiadura mugak ez errespetatzeagatik.

Sei errepide nagusi

Abiadura, kamioien kopurua, toki arriskutsuak... arazo horiek hor daudela baina ikuspuntu zabalagoa behar dela nabarmendu du Manu Aierdi presidenteordeak. N-121-A errepidearen auzia, ondorioz, herrialdeko errepide sarearen egoerari buruzko hausnarketaren barruan jorratu behar dela erran du. Nafarroan sei errepide nagusi zehaztu ditu Aierdik: Pirinioetako eta Bideko autobiak, Tuterako autobidea, Leitzarango eta Gasteizerako autobiak eta N-121-A bera. "Tuterakoa eta N-121-A errepidea daude egoera kaskarrenean", onartu du Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak.

Ikuspuntu zabala eskatu du Aierdik N-121-A errepidearen auziari buruz. Bat egin du konponbidea bilatzeko beharrarekin, bai eta gaiari buruz eztabaida egitekoarekin ere. Argi eta garbi erran du, hala ere, bere departamentuaren egungo aurrekontuak gauza handirik egiteko tarterik ez duela uzten. "180 milioi euro ditugu, eta 60 Bideko eta Pirinioetako autobien itzalpeko sariek eramaten dituzte", azaldu du.

Hori dela eta, Europak zehaztutako zuzentarauen harira, errepideen erabiltzaileek ordaintzeko aukera aipatu du Aierdik. "Europak dio etorkizunean moduak bilatu beharko ditugula gutxienez errepideak mantentzeko lanetarako diru sarrerak lortzeko". N-121-A errepidean ere nolabaiteko saria ordaintzeko aukera, beraz, mahai gainean jarri du. "Ez da nire asmoa legealdi osoa ematea dirurik ez dugula esaten; erronka handia da errepideena, eta eutsi beharko diogu. Gizarteak, hala ere, argi izan behar du egoera zein den. Onartu behar du egun baliabideak urriak direla", azaldu du.

Berako alkate Josu Iratzokik uste du kamioien kopurua mugatu beharko litzatekeela. LABeko Koldo Saenzek ere argi du egunean ia 3.000 pasatzea "gehiegizko zama" dela errepidearentzat. Hala ere, ez da agertu ibilgailu astunei saria ordainaraztearen alde. Hiruko Jaione Ugaldek ere argi du konponbidea ez dela hori. "Finean, gu lanean ari gara, eta ez da bidezkoa guk ordaindu behar izatea. Gipuzkoan ari dira Etzegaraten saria ordainarazteko aukera aztertzen; Nafarroak esan du koordinazioa bilatuko duela haiekin. Horrek esan nahi du Nafarroan ere ordaindu beharko dugula?", galdetu du. Zergen bidezko ordainketaren alde egin du Ugaldek.

Saenzek argi du garraiolariek ere zer erran badutela N-121-A errepideari buruz proposatu duen eztabaida horretan. Eragile guztiek parte hartu beharko luketela uste du. Errepide mota izanen da eztabaidagaietako bat, ziurrenik, auzi horri buruz iritzi ezberdinak baitaude jada. "Herritar batzuek autobia eskatzen dute; nik ez dut uste hori behar denik", erran du Berako alkate Josu Iratzokik. Eztabaidarako prest da LABeko Koldo Saenz, baina zehaztu ditu marra gorriak: "Proiektu txikitzailerik ez dugu nahi, noski".

Egungo egoerak markatzen duen abiapuntutik mintzatu da Aierdi, bertzalde: "Noski, sekulakoa izanen litzateke autobia izatea, baina ez dugu aztertu ere egin zer-nolako aurrekontua izanen lukeen gisa horretako proiektu batek".

30 milioi euro

Errepideari buruzko azterketa egin du, hala ere, Nafarroako Gobernuak. Azterketa hori oinarri hartuta bide horren egoera hobetzeko hamaika neurri zehazten dituen aurreproiektua ere bai. Baina Garapen Ekonomikorako Departamentuko tiradera batean dago, gaur egun. "30 milioi euro inguruko proiektu bat da. Ez dugu gauzatzeko aukerarik, ordea". Bertzeak bertze, Berako toki arriskutsuetako bat konpontzeko neurriak jasotzen ditu proiektu horrek; zehazki, Alkaiagako tunelaren ondoko sarbidetik Iruñerako bidea hartzeko bidegurutzea moldatzeko neurriak jasotzen ditu. "Proiektua hor dago, baina geldirik", erran du, etsita, Iratzokik.

Errepideen auziari "modu oso batean" aurre egiteko beharra berretsi du Aierdik. "Ez dugu ahaztu behar errepideek ere lurraldea egituratzen dutela, eta, ondorioz, eskualde batzuen eta besteen arteko oreka bilatu behar dugula konponbideak zehazterakoan", erran du gobernuko kideak. Badu lana Aierdiren departamentuak. Konponbidea eskatzen jarraituko dute garraiolariek eta tokian tokiko agintariek; eta jarraituko dute ibilgailuek N-121-A errepidetik pasatzen. Egunean 12.000.

Lanak tuneletan, segurtasuna indartzeko

E. Elizondo
N-121-A errepideak dituen arazoen artean nabarmentzekoa da Belateko eta Almandozko tunelen egoera. Izan ere, obrak hasi zituztenetik egon da ezbaian haien segurtasuna. Suhiltzaileek egindako txostenek horixe utzi dute agerian azken urteotan...

Berriz ere gerta ez dadin

Berriz ere gerta ez dadin

Asier Garcia Uribarri

Hiesak jota eta inolako arreta medikorik gabe. Horrela hil zen 1993ko maiatzaren 15ean Pello Mariñelarena euskal presoa, Parisko Antoine Beclere ospitalean. Igandean, heriotzaren urtemugarekin, Mariñelarenaren margo eta olerkien erakusketa aurkeztuko du Sarek Etxarri Aranatzen. "Pello [Mariñelarena] gogoratzeko eta haren lana aitortzeko egin dugu erakusketa. Baina baita gaixorik dauden presoen eskubideak aldarrikatzeko ere. Hark pairatu zuena inork berriz paira ez dezan", azaldu du Mikel Mundiñano Sareko kideak.

Mariñelarena Etxarri Aranatzen jaio zen, 1963. urtean. Nerabea zenetik lan egin behar izan zuen etxeko ekonomian laguntzeko. Horrez gain, goiz piztu zitzaion inguruan zuen munduarekiko ezinegona. Era berean, beste hainbat garaikideri gertatu bezala, droga mendekotasunak harrapatu zuen Mariñelarena. Zuen arazoaz jakitun, Mondoñedoko desintoxikazio zentrora jo zuen, Galiziara. Han lortu zuen drogaren atzaparretatik ihes egitea. Baina, handik gutxira, militantzia politikoaren ondorioz erbestera jo behar izan zuen. "1987. urtea berezia izan zen Pellorentzat [Mariñelarena]. Lagun eta militantziako kide bat hil zitzaion, istripuz. Garai hartan, ihes egin behar izan zuen".

Erbestean hasi zen margotzen eta olerkiak idazten. "Haren ibilbide osoa ikus daiteke haren margoetan: droga mendekotasuna, sendatzea, konpromiso politikoa eta ihesa". 1990. urtean atxilotu zuten, Bretainian. Zailtasunak zailtasun, La Santeko espetxean (Frantzia) margotzen jarraitu zuen. Espetxean bi urte eta erdi zeramatzala hiesa diagnostikatu zioten, eta hilabete baten buruan hil zen.

Gaixo dauden presoen askatasuna da Sareren aldarrikapen nagusietako bat. Mariñelarenaren lana baliatu nahi dute aldarrikapen horretan sakontzeko. Presoen eskubideen alde, Eskubideen trena egitasmoa garatzen ari da Sare. Alor ezberdinetan lan egiten duten pertsonen ekarpenak jasotzeko. Kanpaina horretan kokatu ditu Mundiñanok erakusketa eta igandeko aurkezpena. "Erakusketa aurkezteaz gain, Sakanako sortzaileen ekarpena garrantzitsua izango da". Aurretik, antzeko ekinbide parte hartzaileak egin dituzte eskualdeko kirolari eta musikariekin.

Erakusketa igandean Etxarri Aranatzen aurkeztuko badute ere, datozen asteetan Sakanako hainbat herritan egongo da ikusgai. Ekainaren 6tik 17ra, berriz, Iruñeko Katakraken izango da.

Egitarau zabala

Egun handia igandea izango bada ere, gaur egingo dute lehen ekitaldia. Etxarri Aranazko Leku Ona tabernan Burdin hariak eta plastikozko koilareak ikuskizuna taularatuko dute. "Markel Ormazabal eta Oier Gonzalez preso ohiek landutako solasaldia da, espetxearen ingurukoa, bideo eta musikarekin lagunduta. Galdera bati erantzutean otu zitzaien ideia: berdin pisatzen du koilara batek espetxearen bi aldeetan?", azaldu du Mundiñanok.

Igandean, 11:00etan aurkeztuko dute erakusketa Etxarri Aranazko plazan. "Badakigu ez dela egokiena erakusketa bat kalean jartzea. Baina herriak ikustea nahi dugu. Eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko arkupeetan jarriko dugu". Ordu berean, Uribe Crew grafitigileek Mariñelarenaren irudia margotuko dute herriko horma batean.

Eguerdian, Artie Kalia Etxarri Aranazko sortzaileen taldeak serigrafia tailerra eskainiko du. "Pelloren [Mariñelarena] lanen irudiekin zorroak eta elastikoak egingo dituzte. Bertan izango dute materiala; beraz, ez da etxetik eraman beharko".

Horrekin batera, sormen parte hartzailerako ekinbidea prestatu du Altsasuko Artebide taldeak. Eskualdeko hainbat margolariren topagunea da Artebide. "Pentsatu dute biltzen den jendearen artean Pelloren [Mariñelarena] olerkiak banatzea. Bertan, panel handi batzuk jarriko dituzte. Orduan, bakoitzak olerkiak irakurtzean, norberari ateratzen zaiona margotzeko aukera izango du".

Goizeko azken ekitaldia 13:00ean hasiko da. "Froga txiki" gisa definitu du Mundiñanok. Triki edo bertso poteoa egin beharrean, "olerki poteoa" egingo dute. Horretarako, sortzaile ezagunen laguntza izango dute.

Oraingoz, Jon Arretxe idazleak eta Maider Ansa abeslariak eman dute baiezkoa. Baina beste hainbatekin harremanetan daudela nabarmendu du Mundiñanok. "Tabernetan sartu eta isiltasuna eskatuko dugu. Orduan, Edur Zubeldia musikariak akordeoiarekin musika inprobisatuko du, eta sortzaileek Pelloren [Mariñelarena] olerkiak irakurriko dituzte. Ez dugu sekula egin, baina uste dugu oso interesgarria izango dela".

Prismatikoak hartzeko ordua

Prismatikoak hartzeko ordua

Edurne Elizondo
Teknologia berrien erabilerak nabarmen eragin dio ornitologiaren esparruari. Hegaztiei so egitea gustuko dutenek, ohiko paperezko libretarekin batera, bertze hamaika tresna dituzte orain eskura, behatutako txoriei buruz jasotako datuak ...

Alderantzizko mundua

Lohizune Amatria

Salatzen bada, baina ez bada zigortzen, ez da torturarik gertatu". Bai, bada hori sinesten duenik. Telebistan entzuteko aukera izan genuen, gainera; eta esaldia bota zuen pertsonari ahotsak ez zion dardararik egin. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albarenak dira hitzak, eta beraz luze batekin amaitu zuen esaldia, tortura gure asmakeria bat dela iradokiz edo.

Nafar Telebistako kazetariak zuzenean galdetu zion. "Espainian torturatzen da?". Eta beste erantzun irmo bat eman zuen Albak: "Ez, demokrazian ez da inor torturatzen, eta ez da inor torturatu". Iraingarriak suertatu zaizkit bere hitzak. Ezagutzen ditugu adibideak, gehiegi. Ez al zituen Guardia Zibilak Lasa eta Zabala demokrazian hil? Ez al du Amnesty International taldeak tortura kasurik salatu? Ez al du Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenen berri?

Euskal Herrian torturatzen da. Bai. Baina ezin da hori esan, adierazi edo idatzi. Iñigo Iruin abokatuak aurreko astean EHUn antolatutako mahai inguruan esan bezala, epaileak Poliziaren laguntzaile dira, alderantzizkoa baino. Isiltasun arau batek babesten du torturatzailea, eta estalki horren pean zigorgabetasunez joka dezakete. Auzitegiek, gobernuak, estatuak eta sistemak berak egiten dute posible hori gertatzea; eta legeen babespean, bai, esan dezakete tortura salatzea "gezurra" eta "irain" bat dela. Torturatuaren hitza sistemaren aurka jartzen dute, eta dena du galtzeko.

Aztnugal kanpainak piztu egin du azken hilabeteotako eztabaida. Mural batetik hasi, eta ehunka ditugu orain Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Agoitzen dago horietako bat, Merkatuko plazan. Tortura hitza ezabatuta azaltzeaz gain, Agoizko mural horretan, gainera, Mikel Zabalza gogoan! leloa, haren aurpegia, eta 1960 eta 2013. urteen bitartean Euskal Herrian 3.587 tortura salaketa izan direla azaltzen da.

Delitua. Bai. "Terrorismoari gorazarre egitea" izan daitekeela adierazi dio Carmen Albak Agoizko Udalari. 30 eguneko epea eman dio instituzioari margoketa ezabatzeko, Espainiako Auzitegi Nazionalaren 2009ko uztailaren 7ko instrukzio baten arabera, "ETA erakunde terroristarekin erlazioa duten sinbolo denak (ETAko kideen argazkiak, pankartak eta anagramak edo erakunde terroristaren aldeko babes leloak dituzten afixak...)" kendu behar dira eta. Egunero igarotzen naiz horma horren paretik, eta oraindik ez diot ETArekiko loturarik aurkitu.

Euskal Herrian bizikidetza baketsu bat lortzeko, ezinbestekoa da egiaren aitortza. Guardia Zibilaren eskuetan hil zen nire osaba Mikel Zabalza, torturapean, duela 30 urte, eta demokrazian. Eta estatuak hori onartzen ez duen bitartean edo hormetatik haren irudia, memoria, ezabatzen duten bitartean, ez gara bakean biziko.

"Alderantzizko munduan" kokatu zuen bere burua Carmen Albak Nafarroako Parlamentuak haren dimisioa eskatu zuenean. Eta esanen nuke ez dabilela oker: alderantzizko munduan bizi gara.

Indarkeria gelan sartzen denekoa

Indarkeria gelan sartzen denekoa

Edurne Elizondo

Bederatzi edo hamar urte nituenean hasi zen dena. Ez nuen gaztelaniaz ongi egiten, eta nire aurka egiten zuten horregatik gelako kideek. Etxeraino etortzen ziren nire atzetik, korrika; lurrera bota eta jo egiten ninduten; liburuak lapurtzen zizkidaten. Baina uste dut okerrena ziberbullying-a izan zela. Suntsitu egin ninduen. Bizi izandako guztiak suntsitu ninduen"

Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak bere azken txostenean jasotako testigantza da aurrekoa; eskola jazarpena sufritu zuen gazte baten hitzak. Hitzezkoa izan daiteke jazarpen hori, mehatxuen eta irainen bidezkoa; indarkeria psikologikoa, baina baita fisikoa ere. Bakarra izaten da erasotzailea zenbaitetan; talde bat bertze anitzetan. Gelakideen isiltasuna izaten du gehienetan lagun. Nafarroan, txosten horren arabera, ikasleen %5,2k pairatu dute bullying-a. Kopurua handiagoa dela uste dute, halere, Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko kideek. Urtarriletik daude martxan herrialdean, eta orain arte, 34 kasuren berri jaso dute. Jazarpenaren aurkako astea egin dute egunotan, arazoaren berri zabaltzeko.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Sailean eskola jazarpenarekin lotutako 138 kasu hartu dituzte, joan den uztailaren 1etik. "Guk esku hartzen dugun kasuak dira horiek, ez baitugu gertatzen diren guztien berri jasotzen. Eta hori ona da, ikastetxea auzia bere kabuz kudeatzeko gai izan dela erran nahi baitu", nabarmendu du saileko arduradun Nerea Serranok. Ikastetxe bakoitzak baditu bere datuak, eta departamentuaren eskura daude, baina Serranok onartu du gobernuak estatistika propiorik ez duela, eta horrek zailtzen duela arazori buruzko "ikuspegi oso bat" izateko aukera. "Hori egitea, finean, ez da gure eskumenetako bat", zehaztu du.

Departamentura ailegatu diren kasuen kopuruak gora egin duela nabarmendu du Serranok. "Ez dut uste egoerak okerrera egin duenik; gorakada horren arrazoia da, nire ustez, ikastetxeek laguntza gehiago behar dutela, eta horregatik jotzen dutela lehen baino gehiago guregana". Murrizketak daude egoera horren atzean, Serranoren hitzetan. "Irakasleek ez dute bullying kasuak behar bezala kudeatzeko denborarik eta aukerarik, kasu anitzetan", onartu du.

Bizikidetzarako Saila 2004. urtetik dago martxan. 2010etik, berriz, eskola jazarpenari aurre egiteko protokoloa bada herrialdean. Haren eskutik, bizikidetzarako batzordeak daude, adibidez, ikastetxeetan, bullying-aren auzia lantzeko. Laguntza izeneko programa prestatu du gobernuak orain, gainera, jazarpenaren aurka urratsak egiten jarraitzeko. "Helburu nagusia da haurrek eta nerabeek ez sufritzea ikastetxean; berdinen arteko harremanetan indarkeria bazter uztea. Argi izan behar dugu, hala ere, une zehatz batean bi ikasleren artean gerta daitezkeen interes gatazkak ez direla, berez, jazarpena. Bullying-ak ekartzen du gatazka horri eustea denboran", erran du Serranok.

Jazarpenak infernu bilakatzen du eskola, pairatzen dutenentzat. Horri buruz anitz dakite Iñakik eta Maiderrek. Asmatutako izenak dira. Iñakiren ama da Maider. Nahiago du benetako izenik ez eman. Urte luzez sufritu du gazteak eskola jazarpena. "Hagitz gogorra izan da, eta bada. Orain 17 urte ditu, baina 8-9rekin hasitako amesgaiztoaren ondorioak hor daude, oraindik ere. Ama batek ez luke inoiz entzun behar semearen ahotik nahiago duela bere buruaz bertze egin eskolara joan baino. Niri hori erran zidan. Beldur nintzen, amorruak eta tristurak jota", azaldu du Iñakiren amak.

Harentzat ere hagitz gogorra izan da semeak bizi izandako guztia. Gogoan ditu hasierako kolpeak. "Ubeldurak ikusten nizkion semeari gorputzean; kosta egin zitzaion sufritzen ari zena onartzea". Igande arratsaldeak ere fresko ditu memorian: "Igandero gaixotu egiten zen; ez zuen eskolara joan nahi".

Herri batetik bertzera mugitzea erabaki zuen familiak. "Gertatzen ari zenaz jabetu nintzenean ikastetxera joan nintzen, baina ez zuten auzia batere ongi kudeatu. Ez zidaten inolako konponbiderik eman. Jazarpena ezkutatu nahi izan zuten. Erabat babesgabe sentitu gara prozesu osoan", salatu du Maiderrek.

Altxatu Bullying-aren Aurka elkartearekin bat egin nahi izan du, hain zuzen ere, "bertze familiak laguntzeko". Taldeko arduradunek argi utzi dute Maiderrena ez dela gisako kasu bakarra. "Egia da hezkuntzaren esparruan ari diren gehienak profesionalak direla, eta halaxe jokatzen dutela eskola jazarpenaren auzian ere; baina hainbatetan ikastetxeak saiatu izan dira bullying kasuak ezkutatzen", erran du elkarteko sail psikopedagogikoko arduradun Maria Luisa Duranek.

Kexak parlamentuan

Duran eta Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko buru Julen Sesma Nafarroako Parlamentuan izan ziren, apirilean, eta han mahai gainean jarri zituzten haien kexak. Ez bakarrik Hezkuntza Departamentuari buruz; baita Osasunbideari buruz ere. "Ezin da onartu eskola jazarpena sufritu duen neska batek hiru hilabetez zain egon behar izatea psikologoak artatzeko", erran zuten elkarteko kideek, parlamentarien aurrean egindako agerraldian.

Errandakoa berretsi dute. "Hezkuntza Departamentuak, anitzetan, jazarpena jaso duena bertze eskola batera mugituz konpondu nahi izaten du arazoa. Baina hori ez da konponbidea. Erasotzaileak bertze biktima bat aukeratuko baitu", erantsi du Sesmak.

Hainbat kasutan proposatutako neurria hori dela onartu du Bizikidetzarako Saileko buru Nerea Serranok; jazarpena jasan duen ikaslea bertze eskola batera aldatzea, alegia. Zehaztu du, hala ere, eraso egiten duenarekin eta erasoa sufritzen duenarekin lan egitea dela lehentasuna. "Kontua da zenbaitetan arazoaren berri jasotzen dugunerako denbora luzea pasatu dela, eta jazarpena jasan duenak aurrera egin dezan eta haren autoestimuak gora egin dezan beharrezkoa izaten dela bertze eskola batera mugitzea, hutsetik hasteko aukera izan dezan. Hainbatetan gertatzen da, bertzalde, gurasoek zuzenean eskatzen dutela jazarpena jaso duen haurra bertze eskola batera mugitzea".

Neurri hori ez dela lege nabarmendu du Serranok. Are gehiago, Laguntza programaren bidez, ikastetxetik erasotzailea mugitzeko aukera ari dira lantzen, batez ere. "Urtebete barru edo hori egiteko moduan izanen garela uste dut".

Bertze hainbat berrikuntza ekarriko ditu Laguntza programak. Helburua da ikastetxeetan jada existitzen diren bizikidetzarako batzordeetan pertsona bat eskola jazarpenarekin lotutako kontuetan aditu bilakatzea. "Ikastetxeetako batzordeetako pertsona horiek trebatzeko ikastaroak eginen ditugu; helburua da aditu horiek jazarpenaren aurkako lan guztien bultzatzaile eta dinamizatzaile bihurtzea", azaldu du Nerea Serranok.

Bullying-aren aurkako borrokak gizarte guztia ukitu beharko lukeela argi utzi du Bizikidetzarako Saileko arduradunak. "Denon arazoa da, eta denon artean konpondu behar dugu. Azken finean, helduok ere bagara eskoletara zabaltzen den indarkeria horren erantzule; gizartean, oro har, indarkeria bada berdinen arteko harremanetan, eta halako egoeren ispilu dira eskoletan gertatzen diren kasuak".

Familiek ere zer erran badute. Horixe nabarmendu du Serranok. "Zailena erasotzaileen gurasoekin hitz egitea izaten da; ez da erraza halako egoera bat onartzea". Jazarpena egiten duen ikasleari buruz, Serranok argi utzi du enpatia landu behar dela harekin. "Ezin dugu ahaztu eraso egiten duena ere ez dela pertsona segurua; harreman sozialei beldur diela; eta barneratuta dituela, tamalez, harreman horiek indarkeriaren bidez bideratzeko pautak".

Serranok erantsi du erasotzaileari argi utzi behar diotela bere jokabideak ez duela zilegitasunik, eta taldearen arauen arabera jokatzen ikasi behar duela. "Taldeak adostutako arauak dira horiek". Eta errespetua dute oinarri.

"Kasu gehienetan, arazoa landu eta gero, erasoa egin eta jasan dutenek eskola berean jarraitzen dute. Argi izan behar dugulako indarkeria baliatzen duenaren jokabidea bideratzen ahal dugula. Anitzetan, erasoa jaso duena bilakatzen da erasotzaile, eta, halakoetan, enpatia tresna hagitz baliagarria da bere jokatzeko modua alda dezan. Biktima zenean bizi izandakoak gogoratuz egin daiteke hori".

Aldagelak edo jolastokia dira jazarpena gertatzeko ohiko tokiak. "Erasoa hor egin, baina gelan deus gertatu izan ez balitz bezala jokatzen dute ikasleek", azaldu du Nerea Serranok. Bullying-ak, hala ere, eskolako mugak gainditu ditu, teknologia berrien eta sare sozialen bitartez. "Eskola jazarpenaren beste eszenatoki bat da ziberbullying-a", erran du Hezkuntza Departamentuko kideak.

Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko kideek nabarmendu dute jazarpen mota horrek "arrastoa" uzten duela, eta, anitzetan, erasotzaileen aurka egiteko tresna bilakatzen dela. Elkarteak, hain zuzen, arlo juridiko bat ere badu. Duranek nabarmendu du, hala ere, "bitartekari" izatea dela haien lehentasuna, "familien, ikastetxeen eta gobernuaren artean". Serranok, oraingoz, ez du proposamen hori onartu. "Hasi berri dira; oraindik ez dakigu zein den haien funtzionamendua". Eskola jazarpenaren aurka Nafarroan dagoen elkarte bakarra da hori.

Bizikidetzarako Saileko kideak lehen errandakoa berretsi du. Gizarte osoarena dela bullying-aren arazoa, eta gizarte osoak egin behar duela haren aurka.

“Talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru”

“Talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru”

Asier Garcia Uribarri

"Ijitoek gizarteko arlo guztietan parte hartzea". Hori da Nafarroako ijito elkarteek lortu nahi dutena. Horretarako, bi norabidetan ari dira lanean. Batetik, zerbitzu publikoetatik kanpo dauden pertsonak lagunduz, eta, bestetik, gizartearen aurreiritziak eraitsiz. Ricardo Hernandez (Tutera, 1975) Gaz Kalo Nafarroako ijito elkarteen koordinatzailea da. Haren ustez, gizarteak talde gutxituak erabiltzen ditu bere arazoak ezkutatzeko.

Apirilaren 27an parlamentuan egon zineten Nafarroako Ijitoen Egunean. Zer balorazio egiten duzu?

2005etik ari gara Nafarroako Parlamentuan antzeko ekitaldia egiten. Baina, niretzat, aurtengoa ekitaldi berezienetakoa izan da. Bukatu zenean, jende guztia hunkitua zegoen. Ez da erraza hori lortzea Nafarroako Parlamentuan. Gonbidatu mordoa genituen, hala nola familia ijitoak, ijito elkarteetako kideak eta alderdi guztietako ordezkariak. Zaila da, horrelako aniztasunarekin, denak hunkitzea. Esan dezakegu Ijito Herriak pertsona horiek guztiak batu zituela.

Uste duzu horrelako ekitaldiek gizartean eragina dutela?

Apirilean, parlamentuak eta Iruñeko eta Berriozarko udalek Ijito Herriaren eskubideen aldeko mozioak onartu zituzten. Horiek garrantzitsuak dira, ijitoak instituzio publikoetan ikusarazten dituztelako. Ordezkari politikoek jabetu behar dute Ijito Herriaren egoeraz. Nola egin daiteke hori? Adierazpenak eginez. Egia da adierazpen batek ez dituela konponduko Ijito Herriak dituen behar guztiak, baina dauden arazoak mahai gainean jarriko ditu. Ijitoek agenda politikoan egon behar dute, ezin baitugu ahaztu gure biztanleriak arbuioa eta bazterketa pairatzen dituela, neurri handi batean gainera.

Nafarroako gizarteak alde horretatik hobera egin duela uste duzu, edo berdin jarraitzen du?

Aurreiritziak existitzen dira, eta gizarteak betikotzen ditu. Asko kostatzen zaigu horri buelta ematea, guztioi. Baina talde gutxitua zarenean, horrek oraindik traba gehiago jartzen dizkizu gizarteko eskubideen jabe izateko. Adi! Eskubideez ari naizenean, betebeharrez ere ari naiz, batera baitoaz. Nik ez nuke esango Nafarroako gizartea arrazista denik, baina egia da Ijito Herria dela zentzu guztietan arbuio eta diskriminazio mailarik handienak pairatzen dituena. Akaso, hemen ez da eraso zuzenik ematen. Nafarroan arrazakeria ikusezinagoa da. Ijitoen estereotipoekin bat datorren pertsona batek zailtasun handiagoak ditu lana aurkitzeko edo etxe bat alokatzeko. Bestalde, egia da gero eta pluralagoa den gizarte batean bizi garela, eta pixkanaka ijito kultura merezi duen tokian kokatzen ari dela.

Zer lan ildo garatzen ari zarete ijito elkarteetan?

Arlo askotan lan egiten dugu. Baina bereziki lau nabarmenduko nituzke: hezkuntza, osasuna, lana eta etxebizitza. Ardatz horiei jarraitzen diete Ijito Herria gizarteratzeko Espainiako 2012-2020 estrategiak eta Europako zuzentarauek. Pertsona guztientzat oinarrizko beharrak dira. Horiek lantzean kontuan izan behar dira Ijito Herriaren kultura eta harekiko diskriminaziorik eza. Era berean, arreta berezia eskaintzen diegu emakume eta gazteei.

Nola lantzen dituzue lau ildo horiek?

Elkarteok nahi duguna da ijitoek parte hartzea gizarte osora bideratuta dauden politiketan. Batzuetan ijitoak ez baitira politika horietara iristen hainbat arrazoirengatik, besteak beste, informazio eta bitarteko faltagatik. Guk ez ditugu nahi ijitoentzako osasun etxeak eta eskolak. Nahi duguna da gizarte osoarentzat diren zerbitzu horietatik kanpo geratu diren ijitoei bertan parte hartzen laguntzea. Esan daiteke zubi lana egiten dugula. Hala ere, kontuan izan behar dugu Nafarroako ijito askok normal-normal parte hartzen dutela zerbitzu horietan, eta gizartean euren ekarpena egiten dutela lan eginez eta zergak ordainduz.

Esan duzu arreta berezia eskaintzen diozuela emakumeen errealitateari. Zer lan egiten duzue horren harira?

Emakume ijitoak gehien parte hartzen dutenak dira. Gizonoi askoz gehiago kostatzen zaigu. Adibidez, badago emakume talde bat euren ikasketak berreskuratu dituztenak. Emakume batzuk goiz ezkondu ziren, eta euren ikasketak utzi zituzten. Baina, orain, berriz ikasi nahi dute. Eta zer egoera dute emakume ijitoek gizonekiko? Bada, gizartean duten bera. Desabantaila asko dituzte, eta askotan aukera gutxiago dituzte. Beraz, saiatzen gara desabantaila horiek orekatzen. Baina ñabardura garrantzitsu batekin. Ez dugu nahi Ijito Herria herri matxista gisa markatzea. Ijito Herria gizartea bere osotasunean izan daitekeen bezain matxista izango da. Baina talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru. Bidegabea da gizarteak guri leporatzea berak konpondu ez dituen arazoak.

Egiari bide berriak irekiz

Egiari bide berriak irekiz

Asier Garcia Uribarri

Udalbatza honen asmoa da Iruñeko instrukzio epaitegietan kereila kriminala jartzea, horiek iker ditzaten diktadura frankistak Iruñeko bizilagunen aurka egin zituen gizateriaren aurkako delituak". Horrela hasten da 2015eko azaroaren 27an Iruñeko udalbatzak onartutako adierazpena. Salaketa hori osatzeko, NUPeko ikertzaile talde bati agindu diote zehazteko 1936ko gerran eta frankismoan iruindarrek jasan zuten errepresioa eta giza eskubideen urraketa. Horretarako, astelehenean ireki zuten informazio gune bat Iruñeko Mercaderes kalean, eskubide horien urraketak pairatutakoen edota urraketa horien lekuko izan ziren pertsonen testigantzak jasotzeko.

Bulegoak urrira arte jasoko ditu herritarren testigantzak. Bertan NUPeko ikertzaile talde bat egongo da lanean. "Jendea etortzen denean, proiektua azaldu eta txosten moduko bat irekitzen diegu. Jendea etorri daiteke euren buruaz hitz egitera, edo senide baten inguruan", azaldu du Nekane Perez NUPeko ikerlari eta Memoria Historikoaren bulegoko kideak. Lehen txosten hori bete ostean, herritarrei bigarren zita bat emango diete elkarrizketa egiteko. Elkarrizketa horiek bideoz grabatuko dituzte.

Lehenengo goizean zortzi lagun hurbildu ziren testigantza eskaintzeko prest. Perez ez da ausartu zenbat jende etorriko den iragartzera, baina espero du bulegoaren lana ezaguna egiten den heinean jendea animatuko dela.

Elkarrizketetatik eta egiten diren ikerketetatik ateratako informazioarekin, peritu txostenaz gain, Iruñeko Udalak 1936ko kolpearen harira hildako iruindarren zerrenda berritua osatu eta omenaldia egin nahi du.

Udalaren ekinbideak Giza Eskubideen Aldeko Espainiako elkarteak egindako deiari erantzuten dio. "Elkarte horrek instituzio publikoak animatu ditu 1936ko gerrako eta frankismoko eskubide urraketen aurkako salaketak jartzera. Nolabait Argentinako kereila indartzeko", adierazi du Olaia Aldaz Iruñeko Udaleko alkatetzako kabinete buruak. Iruñeko Udala izan da lehen erakunde publikoa horrelako ekinbidea martxan jarri duena. Hala ere, badira beste udal batzuk bide bera jarraitu dutenak, besteak beste, Zaragoza (Espainia), Tarragona (Herrialde Katalanak) eta Gasteiz.

"Ekainean Carlos Slepoy Giza Eskubideen Aldeko elkarteko abokatua Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin bildu zen, eta orduan proposatu zion kereila jartzea". Azaroan onartutako adierazpen instituzionalarekin martxan jarri zuten egitasmoa, eta bulegoarekin hasi dituzte peritu txostena osatzeko lanak. Hori bukatzean, udaleko abokatuek kereila jarriko dute Iruñeko epaitegietan.

Justizia egiteko bideak

Espainiako Giza Eskubideen Aldeko elkarteak Argentinako kereilaren aldeko koordinakundean parte hartzen du. "Orain ireki duguna eta Argentinako kereilarena bide osagarriak dira", adierazi du Jacinto Lara Giza Eskubideen Aldeko Espainiako elkarteko kideak.

Larak uste du, Argentinako kereila bere bidea egiten ari bada ere, frankismoaren krimenak gertatu ziren tokian epaitu behar direla. Horregatik martxan jarri dute prozesu berri hau. Zentzu horretan, Espainian egin zen lehenengo ekinbide handia Baltasar Garzon epaileak 2006an martxan jarritako prozesua izan zen. "Auzitegi Gorenak Garzon absolbitu, baina biktimak kondenatu zituen. Euren defentsarako eskubidea ukatu baitzien".

Bide hori 2012an bukatu zen, baina Larak uste du egun badaudela baldintzak antzeko prozesu bat martxan jartzeko. "Argentinako kereilak eragin dituen atxilotze eta estradizio aginduek eta epaileek biktimei hartutako deklarazioek mahai gainean jarri dute frankismoaren biktimek pairatzen duten justizia eza". Zentzu horretan, Larak ez du uste 1977ko Amnistia Legea frankismoko krimenak ez epaitzeko inolako aitzakia denik.

Udalek hasitako prozesuak bide berriak ireki ditu gisa honetako ikerketetan. "Lehenengo aldiz, instituzio publiko batek erabaki du 1936ko gerran eta frankismo garaian egin zituzten giza eskubideen aurkako delituak ikertzea. Biktimen ahozko testigantzak hartuta, eta dena ondo landuta. Gero, udalak epaitegian aurkez ditzan", azaldu du Emilio Majuelo Historia Garaikidean doktore eta eskubide urraketen inguruko peritu txostena egingo duen taldeko kidea. Majuelok gogoratu du Euskal Herrian historialarien lana ez dela inoiz zeregin horietarako erabili. "Testigantzak jasotzea oso interesagarria izango da kereilarako, baina baita ikerketarako ere".

Aurretik antzeko ikerketa garrantzitsuak egin dira Nafarroan. Aipatu beharrekoa da orain 30 urte egin zen Navarra 1936: de la esperanza al terror (Nafarroa 1936: itxaropenetik terrorera) lana. Hori da, Majueloren ustez, Nafarroan memoria historikoaren inguruan egin den lanik garrantzitsuena. Historialari talde batek eta 200 kolaboratzailek baino gehiagok herriz herri batu zituzten 1936ko kolpeak eragindako errepresioaren datuak.

Majuelok goraipatu du 1980ko hamarkadan lan hura egiteko agertu zuten grina. "Guztia erabat boluntarioa izan zen. Bi langilek auto bat lortu zuten eta bi urtetan erabat erre zuten, herriz herri egin zituzten kilometro guztiengatik. Gainera, ez zegoen unibertsitaterik, jendea bere kabuz ibili zen, ez zegoen galdetegi finkorik". Majuelok aitortu du, lan hori gabe, ezinezkoa litzatekeela lau hilabetetan inolako peritu txostenik egitea. "Orain badugu aukera, lan horretan sakontzeko".

Ikerketan Iruñeko kasuak aztertuko dituzte. Iruñeko Udalaren ekinbidea baita. Majueloren ustez, bertakoak dira zehaztasun gehien behar duten datuak. "Garai hartan denak ziren herri txikiak, eta denek dakite nor hil zuten. Zaila da hildako berriak agertzea". Aldiz, arazo gehiago daude hirietako zerrendak egiteko, jende asko aldi baterako geratzen delako eta askok ez dutelako elkar ezagutzen. "Badugu Iruñeko hildakoen zerrenda bat, duela 40 urte egin zena. Baina orain oso aukera ona dugu zerrenda hori garbitu, orraztu eta egon daitezkeen datu okerrak zuzentzeko".

Iruñeko Udalaren asmoa, elkarrizketez harago, garaiko artxiboak ikertzea ere bada. Horien artean, Gobernu Zibila, Guardia Zibila, Iruñeko Probintzia espetxe eta Espainiako Poliziarenak. Udalbatzaren adierazpenak hori esaten badu ere, bide horretatik Majuelok ez du gauza handirik espero. "Urteak dira Gobernu Zibilaren artxibategiak Nafarroako Artxibora eraman zituztela. Baina ezaguna da guztia ez zela heldu. Martin Villaren garaian, Gobernu Zibileko dokumentu asko erre egin zituzten. Nik hori badakit, erre zituenak kontatu zidalako. Esan zioten: 'Hartu hau eta erre'". Guardia Zibilaren eta Poliziaren artxiboetan berriz, Majuelok dio ez dagoela garai hartako agiririk. "Ez dira existitzen". Espetxekoan ordea, badago aukera informazioa lortzeko. Baina soilik pertsona zehatzen informazioa eskatuz gero. "Ezin da bertan sartu eta ikerketa orokor bat egin". Hala ere, Majuelok gogoratu du historialariak prozesuko baliabide bat baino ez direla.

Bide eman

Lur Albizu Etxetxipia

Kontseiluak Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean manifestazioa eginen du, ekainaren 4an. Duela pare bat aste egin zuten horretarako deia euskalgintzako hainbat eragilek, eta zer hausnartua eman dit. Ez dakit ideiak ordena logiko batean idazteko gai izanen naizen, baina, tira. Saiatuko naiz.

Duela ia urtebete UPN, PP eta PSNri aurrea hartu eta aldaketaren indarrek akordioa egin zutenetik. Ia urtebete lau alderdiek sostengatzen duten gobernua eratu zenetik. Akordio programatiko luze eta zabala lau urteri ekiteko. Eta, a zer kasualitatea, euskara dago askatu beharreko korapiloen artean. D ereduan izena emateko aukera Nafarroa osora zabaldu da —ez oztopo gutxirekin, eta gobernuak ezer gutxi eginda—, baina erabaki hori aldaketaren aurretik ere onartua zegoen. Aurten, ez dira gutxi izan euskara erdigunean izan duten eztabaidak, zirkuak eta azpijokoak.

Euskararen Legea aldatzeko oraindik mendeak falta direla ematen du. Eskubideak ez dira eskubide, gutxi batzuen identitate arazoak baizik. "Zergatik aldatuko dugu, bada, zonifikazioa? Zer arazo du? Ez dakit zertaz kexatzen zareten, jadanik Nafarroa osoan D ereduan ikasten ahal baldin bada…". Eta horrela segi dezakegu infinituraino, bueltak eta bueltak ematen…

Honen aurrean zein erantzun eman behar du euskalgintzak? Mobilizazioa beharrezkoa da, ados nago, eta etorri behar zuela uste dut. Zein lanketa eginen da deialdi honekin? Zein izanen da helburua, euskalgintza suspertzea, herrietara heltzea, diskurtsoa finkatzea, inplikazioa sortzea… edo manifestazioa bera? Iazko Anaitasunako ekitaldiak zein hazi erein zuen? Zein izanen da diskurtsoa? Iruditzen zait eskubideak aldarrikatzeaz haratago joan behar dugula, praktikara eraman behar dugula aldarrikatzen ari garena. Euskararen aldeko borrokak konpartitua izan behar du, koordinatua eta herri mugimenduko eta gizarte osoko sektore anitzekin aurrera eramana.

Nik ez dut euskara etsipenerako tresna (bakarrik) izaterik nahi. Ez dut "Europako hizkuntza zaharrena da, zaindu behar dugu, gure arbasoak…" esan nahi, euskara orain da, eta gu gara. Eraldaketarako tresna izan daiteke, berria edo zaharra izan. Ez ditut hamasei urteko gazteak ikusi nahi bi esaldi jarraian esateko beldurrez, ergatiboa edo erlatiboa edo nikezdakitzer gaizki esanen duten beldurrez. Euskaraz entzun nahi ditut gazte horiek, edo euskañolez, haien hizkera propioarekin.

Bide berriak sortu behar ditugu, euskarari mistikotasun hau kendu, museoko pieza izateari utz diezaion. Emozioekin lotu, haserrearekin, borroka grinarekin, minarekin, umorearekin eta baita gozamenarekin ere. Gozamenetik hitz egin nahi dut euskaraz, euskaraz bizi eta gozatu nahi dut.

Euskara beste borroka espazio bat da; moldeak eta moduak berritzen, berrirakurtzen eta birsortzen jakin behar dugula uste dut, egoerak eskatzen duenari erantzuten. Manifestaziotik harago ere honek eragina izan dezan.