Nafarroa

Ez dutelako ahaztu nahi

Ez dutelako ahaztu nahi

Edurne Elizondo

Deus gertatu izan ez balitz bezala. Hiru urte joan dira jada Elhadji NDiaye Espainiako Poliziaren esku hil zenetik, eta, oraindik ere, inork ez du heriotza horren ardura bere gain hartu. "Zigorgabetasuna eta isiltasuna dira nagusi".

Horixe salatu dute migratzaile senegaldarra gogoratzeko elkarretaratzea antolatu duten eragileek. Joan den ostiralean egin zuten, Iruñeko Udaletxe plazan, NDiayeren heriotzaren hirugarren urteurrenaren egunean. Africa United elkarteak, SOS Arrazakeriak, Paperak eta Eskubideak Denontzat taldeak eta EH11 Kolore kolektiboak deitu zuten protestara. Karrikara atera ziren, ez dutelako ahaztu nahi. Ezin dutelako ahaztu.

Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotu zuten Elhadji NDiaye, 2016. urteko urriaren 25ean; lurrean etzanda, gainean hainbat polizia zituela agertzen da zenbait bizilagunek egindako bideoetan. Ezin mugitu. Konorterik gabe eraman zutela nabarmendu zuten hainbat lekukok. "Hilik". Polizien bertsioaren arabera, ordea, ziegan sartzeko zain zela konturatu ziren ez zuela arnasa hartzen. Espainiako Gobernuaren Nafarroako orduko ordezkari Carmen Albak uko egin zion Nafarroako Parlamentuan azalpenak emateari.

2017. urtean, Elhadji NDiayeren heriotzari buruzko dokumentala plazaratu zuten Ahotsa.info agerkari digitalak eta SOS Arrazakeriak. Ordura arte ikusi gabeko irudiak erakutsi zituzten, eta irudiok kolokan jarri zuten bertsio ofiziala. "Bat-batean konortea galdu eta hil" zela erran zuen Espainiako Poliziak. Atxiloketa gertatu zen egunean grabatutako irudiek erakutsi zuten, ordea, Poliziaren egoitzan arrastaka sartu zutela senegaldarra; ez zela bere kabuz sartzeko gai, alegia.

"Memoria kolektiboaren egutegian markatu nahi dugu gaurko eguna, ezarri nahi diguten ahanzturaren aurka egiteko", erran dute NDiaye gogoratu duten elkarteetako ordezkariek, Udaletxe plazan. Memoria kolektiboaren bidez, migratzaile guztien egoera erdigunean jarri nahi dute, "hirietan dauden muga ikusezinak" salatzeko.

Kontrol arrazistak

Muga horien adibidetzat jo dituzte kontrol arrazistak. "Azalaren kolorearen araberako kontrolak dira, eta agerian uzten dituzte mugek gure egunerokoan zeharkatzen gaituztela". "Arrazakeria instituzionala" dago egoera horien atzean, gogor salatu dutenez. "Atzerritarren legearen gisako tresnak baliatzen dituzte erakunde publikoek".

Motorrean zihoala geldiarazi zuten Espainiako poliziek Elhadji NDiaye, duela hiru urte. Bertsio ofizialaren arabera, "jokabide susmagarria" zuelako geldiarazi zuten. Africa United elkarteak eta SOS Arrazakeria erakundeak hasieratik salatu zuten beltza zelako atxilotu zutela senegaldarra; kontrol arrazista baten biktima izan zela, hain zuzen ere.

Ez hori bakarrik. NDiaye hil eta gero, heriotza drogek eragin ahal izan zutela erran zuen Espainiako Poliziak. "Gazte afrikarra droga saltzailea zela erran nahi izan zuten, susmo hori zabaltzeko herritarren artean". Autopsiak, hala ere, bertan behera utzi zuen bertsio hori.

Ikerketa itxi zuten, Elhadji NDiaye berez hil zela ondorioztatu eta gero. Zigor bidea amaitutzat jo zuen erabaki horrek, baina administrazioaren bidetik saiatzea erabaki zuten Africa United eta SOS Arrazakeria elkarteek. Erantzun gabe zeuden galderak behin eta berriz mahai gainean jartzeko prest zirela argi utzi nahi izan zuten. Bide hori, hain zuzen ere, zabalik da, oraindik ere.

Galderak erantzuteko beharra, gainera, karrikan aldarrikatu dute NDiayeren heriotza salatu duten elkarteek eta herritarrek. Epaileek eta erakunde publikoek azalpenak eman behar dituztela berretsi dute, senegaldarraren heriotza behingoz argitu ahal izateko. Berriz gerta ez dadin, gainera, polizien jarduera kontrolatzeko protokoloak ezartzeko beharra nabarmendu dute. "Sistema arrazista da, eta bazterketa, ondorioz, egiturazkoa", salatu dute. Epaitegiak "arrazakeria instituzionalaren bertze adar bat" direla gaineratu dute.

Elhadji NDiaye erdigunean jarri dute haren lagunek, Poliziaren esku hil zenetik hiru urte joan direnean. Bizitza handiena dela nabarmendu dute. Elkartasunera deitu dute, bai eta sareak ehuntzeko elkarlanera ere. "Bizitza eta aniztasuna jarri behar ditugulako eraiki nahi dugun eredu berriaren erdigunean".

Iritzia: ‘C’est fini’

Iritzia: ‘C’est fini’

Amets Aranguren Arrieta

Bukatu dira. Finitu dira. Agortu dira. Gastatu dira. Ez, ez da Hatortxurako sarrerarik geratzen. Bai. Benetan. Nola da posible? 10 urtean ez duzu jaialdira huts egin eta orain esanen dizute aurten ez zarela joanen? Beti erosi izan duzu sarrera abenduan; aurten azarora heldu gabe gaudela atera dute Sold Out dioen kartela.

Ea, itxoin. Zurekin batxilergoa egin zuen neska beltzaran argal hura antolakuntzan dabil, ezta? Idatz iezaiozu, fijo ulertuko duela eta sarreraren bat eman ahalko dizula, ziur aski ez dio inork horretarako idatzi. (Ideia brillantea).

-Aupa, Maddi! Ongi? Aizu, Hatortxuko antolakuntzan zabiltza, ezta? Begira, kontutxo bat...

Edo bestela... musika taldeek ere badituzte gonbidapenak. Bidali Tasiori mezu bat, gertukoa da tipoa eta ez dizu ezetz esanen. (Garun pribilegiatua).

- Ei Tasio! Ze bizi? Aurten Hatortxun joko duzue, ezta? Bua, qué guay. Ba badakizu zer? Ni sarrerarik gabe geratu naiz, tío....

Bueno, egia esan, lortzen ez baduzu ere, Nogen, Xabi Bandini, Huntza... Puf... Hatortxu Rock baino, hobe luke Hatortxu Pop deitu. Urteak daramatzazu hori esanez eta arrazoi... Gainera, 20 euroan saldu dituzte sarrerak aurten, eta duela urte batzuk 15 euroan zeuden... Eta bueno, bide batez, kuadrillako batek egiteko eskatu zizun txandaz libratuko zara, zeren, Hatortxura juerga egitera joaten ez bazara, txandarik ez duzu eginen, noski. Falta zena.

Eta hori da, jaun-andreok, hain zuzen, Hatortxu Rockek nahi eta behar ez duen jendea.

1. Hamar urte daramazu Hatortxura joaten... primeran. Horrek ez dizu betirako premium bonurik, urrezko sarrerarik edo antzekorik emanen. Bilatu bestela antolakuntzan hogei urte baino gehiago ibilita daudenetatik zenbatek pasatu duten Hatortxu bat sarrerarik erosi gabe. Zorte on.

2. Hatortxu Rock-Hatortxu Pop. Benetan? Bueno ba, itzul gaitezen festibal honen lehen urratsera, lehenengo mailara. Hatortxu Rock ez da musika jaialdi bat. Bai, musika taldeak daude, kantuak, oholtzak, alkohola, bokatak, taldeen merchandising-a... Bai, jaialdi batek dituen ezaugarri berberak. Eta ehunka boluntarioak? Eta etekinaren helmuga? Gaueko ekitaldia (kontzertu artean rolloa moztu eta hizketan hasten diren tarte hori)? Festibala sortzeko arrazoi, abiapuntu eta helburua? Hatortxu Rock ELKARTASUN jaialdia da, beste dena aieru.

3. Sarrera 20 euroan. Kalkulu azkar batzuk: hemezortzi musika talde/bakarlari/DJ. Batez beste hamabi bat kantu jo/jarriko ditu bakoitzak. 0,09€ kantuak. Bederatzi zentimo kantu batek. Kantu bat = 9 zentimo. Broma ematen du. Zenbat kostatzen zaigun immateriala denagatik, ukitu ezin dugunagatik pagatzea, e?

4. Hatortxu Rockek (bai, izenean oraindik Rock darama) boluntarioekin funtzionatzen du. Elkartasun jaialdia da (berriz, badaezpada). Boluntariorik ez = Hatortxurik ez. Txanda bat egiteko eskatu eta zure erantzuna "depende zein txanda", "depende zein ordutatik zein ordutara", "depende non, norekin edo zein kontzertu galtzen dudan" bada, ez duzu ezer ulertu.

5. Utzi Maddi eta Tasio bakean. Sarrera lortzeko aukerarik balute ere, ez lukete zuretzat lortuko.

Sarrera lortzen baduzu, egidazu fabore bat. Esaiozu duela hamabi urte etxetik hamar ordura 18 metro koadroan bizi denari Hatortxu Rockek Hatortxu Pop beharko lukeela. Esaiozu asteburuero 1.300 kilometroko bidaia egin behar duenari zenbat izorratzen dizun sei orduko txanda egiteak eta puf... Igual 20 euro gehiegitxo dela dagoen eskaintzaren truke.

Behar diren aldi guztietan

Behar diren aldi guztietan

Edurne Elizondo

Behar zaituztegu; guk behar zaituztegu, eta behar zaituztete gazteek. Badakigu ez diguzuela hutsik eginen". Altsasuko Gurasoak elkarteko Edurne Goikoetxearenak dira hitzak. Altsasun erran zituen, joan den asteburuko herriko ferien lehen egunean. Ostiralero bezala, karrikara atera ziren herritarrak, injustizia salatzera. Bihar, Iruñean eginen dute protesta, Espainiako Auzitegi Gorenaren bidez epaileek emandako azken mailukadaren aurka. Altsasuarrek argi utzi dute behar diren aldi guztietan aterako direla karrikara, "erasoak herri guztia jo" duelako.

Auzitegi Gorenak hilaren 9an plazaratu zuen Altsasuko auziaren inguruko bere epaia: 79 urtetik 51 urtera jaitsi die espetxe zigorra zortzi gazteei. Diskriminazio larrigarria kendu du, eta bi auzipeturi kalifikazioa aldatu die, lesio delitua kendu baitie Aratz Urrizolari eta Iñaki Abadi. Amaia Izko abokatuak ontzat jo du zigorrak jaitsi izana, baina salatu du epaiak ez duela egoera zuzentzen; alderantziz, "neurrigabekeria" berretsi du. "Gorenera jo genuenean, justizia eta proportzionaltasun bila joan ginen", erran du. Ez dute horrelakorik jaso, ordea.

Kolpea izan da azken epaia gazteentzat eta beren familientzat; eta kolpea izan da altsasuar gehienentzat. Herriko karriketan agerikoa da Altsasuko gazteen aurkako auziak utzitako arrastoa. Paretetan eta balkoietan zintzilik dira justizia eskatzen duten pankartak eta banderak. Bihar Iruñean eginen duten elkarretaratzea iragartzen duten kartelak dira, hain justu, jarri dituzten azkenak: Hau ez da justizia. Urriaren 26an, 17:00etan, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean.

Hiru urte joan dira jada herriko zortzi gazte auzitara eta haietako zazpi espetxera eraman zituen liskarra gertatu zenetik. Ferietan izan zen. Aurreko asteburuan ospatu dituzte aurtengoak. Besta egin dute altsasuarrek, berriz ere. Ospatu dute. Baina ez da berdina. "Aurrera egin bertze erremediorik ez dugu; baina sumatzen da auziaren arrastoa; ez bakarrik ferietan, egunero sumatzen dugu. Hor dago beti", erran dute Altsasuko hainbat gaztek, herriko taberna batean.

Espainiako Auzitegi Gorenaren azken ebazpenak orain arteko ezinegona areagotu bertzerik ez du egin herritarren artean. "Guretzat zaila da onartzea gure gazteak espetxera eraman dituen bidegabekeriak aurrera egiten duela. Mingarria da". Horixe nabarmendu dute izena ez eman nahiago duten bi altsasuarrek. "Esperantza? Gutxi genuen, hasieratik agerian gelditu delako zenbaterainokoa den auziaren inguruan eraiki duten azpijoko mediatiko, politiko eta judiziala", erantsi dute. Zehaztu dute, halere, ez dutela etsiko. "Karrikan izanen gara behar den guztietan; Espainiako Auzitegi Konstituzionala eta Estrasburgo izan daitezke hurrengo urratsak, eta, gu, gazteak eta familiak babesten egonen gara bidean".

Amaitu ez den injustizia

Gazteak eta familiak ditu buruan Erkuden Ruiz Barrosok ere. "Elkartasuna agertzeko ekitaldi guztietan parte hartu, eta kalean jarraitu, besterik ezin dugu egin. Gurasoen ondoan egon behar dugu egiten dituzten urrats guztietan, gertatu den injustizia salatzen", nabarmendu du Altsasuko kazetariak.

"Zer gehiago egin dezakegu?", galdetu du, etsipen puntu batekin. "Auzitegi Gorenaren epaiak ez du orain arteko injustizia zuzendu". Bidegabekeriak bertze urrats bat egin duen sentipena dute bertze herritar anitzek ere. Egindako protestek ez dutela errealitate hori aldatzea lortu, alegia. Aldi berean, argi dute injustiziaren aurka lanean jarraitu behar dutela. Egunerokoaren zurrunbiloak hartu arren, protestak eta aldarrikapenak izan behar dutela beren tokia altsasuarren artean.

"Gu izaten ahal ginen". Horixe pentsatzen dute gazte anitzek. Altsasuko auziko zortzi kideei gertatu zaiena haiei gertatzen ahal zitzaiela. Institututik atera berri diren bi neska gaztek argi dute hori. "Gu ere gazteak gara; guri gertatzen ahal zitzaigun, eta espetxean egoten ahal ginen orain, azpijoko baten ondorioz", nabarmendu dute.

Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiarekin "gaizki" direla erantsi dute. "Zigorra jaitsi dute, baina gazteek espetxean segitzen dute. Ez da bidezkoa gertatzen ari dena". Gorenaren ebazpenak injustizia zuzenduko zuen esperantza bazutela onartu dute, eta, ondorioz, epaiarekin jasotako kolpea "okerragoa" izan dela erran dute.

Bihar Iruñean izanen dira biak. "Ezin dugu atzera egin. Kalean jarraitu behar dugu, Auzitegi Gorenak bere epaia eman arren. Bidea ez da hemen bukatu, jarraitu behar dugu". Herritarrak protestarekin bat egiteko gogoz direla uste dute gazteek: "Azken ebazpenaren berri jaso eta gero, jendeak badu kalera ateratzeko beharra eta indarra".

Salatzen jarraitzeko behar hori berretsi du Mikeldi Diez altsasuarrak ere. Espainiako Auzitegi Gorenak orain arteko bidegabekeria zuzenduko zuen sententzia emanen zuenik ez zuen espero berak. "Argi utzi dute haiekin ezin dugula deus egin. Ezinezkoa da. Horixe da dugun sentipena. Familiak, lagunak, herri osoa saiatu da auziarentzat neurriko erantzun bat emanen zuen bidea zabaltzen, baina ezinezkoa izan da", erran du.

Espainiako erakundeek, alderdiek eta hedabideek Altsasuko auziaren inguruan garatu duten diskurtsoak erakusten du "atzera" egin dutela, Diezen ustez. Hala eta guztiz ere, "justizia eske" jarraitu bertze biderik ez dagoela uste du altsasuarrak. "Kalean jarraitu behar dugu, mobilizatzen. Ez da bakarrik Altsasu; Katalunia ere bada. Han eta hemen, kalean jarraitu behar dugu. Deus ez dugula egiten sentitu arren, argi izan behar dugu etenik gabeko protestekin lortu dezakegula gauza asko. Atzera eta atzera ari dira Espainiako agintariak. Aurrera egiteko bide bakarra mobilizatzea da", erantsi du.

Protesta gehiago

Mobilizatzen jarraituko dute altsasuarrek. Nafarroako Justizia Jauregiaren aurreko elkarretaratzea ez da biharko protestarako aukera bakarra izanen, ekitaldi horrekin bat eginen duen bizikleta martxa ere antolatu baitute; Altsasutik abiatuko da, eta Iruñeko Antoniutti parkera ailegatuko da 16:30ean. Handik eginen dute auzitegirainoko bidea.

Azaroaren 2an, bertzalde, kontzertua eginen dute Altsasun, espetxean diren gazteen alde. Azaroaren 5ean, erakusketa bat inauguratuko dute kultur etxean, Santiago Sierraren Preso politikoak Espainia garaikidean izenburuko obrarekin. Arcon zentsuratu egin zuten lan hori. Azaroaren 8an, mahai ingurua eginen dute Altsasuko auziari buruz, eta, hil horren 24an, berriz, bertze kontzertu bat, Euskal Herriko eta Kataluniako artistekin.

Altsasuko Gurasoek borrokari eta protestari eutsi nahi diote, eta herri bat dute atzean, familiak bide horretan Estrasburgoraino laguntzeko prest. "Herri guztiaren aurka egin dute; herri guztiaren aurkakoa da bidegabekeria", errepikatu dute altsasuar anitzek.

"Astakeria judizial ikaragarria da hau". Hitz horiekin laburbildu du Adur Ramirez de Aldaren ama Bel Pozuetak Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean sentitutakoa. Babesa eskatu dute gurasoek. Eta herria emateko prest da.

Biltzea ez da aukera bakarra

Biltzea ez da aukera bakarra

Edurne Elizondo

Urte oroko jarduna dute, astelehenetik aurrera, Iruñerriko mikologoek eta Gorosti zientzia elkarteak: hilaren 28an hasiko da Luis Garcia Bonak zuzendutako onddoen inguruko ikastaroa. Hamar egunez, mikologiaren esparruan sakontzeko aukera emanen du Gorostik. Perretxikoak biltzeaz harago, ikerketa sustatzea izanen da helburu nagusietako bat, onddoak eta haien fruituak ezagutzeko eta sailkatzeko asmoz.

Onddoak eta perretxikoak ezagutzeko toki hagitz aproposa da Nafarroa. "Aberastasun handikoa da gure herrialdea", nabarmendu du Garcia Bonak. Biologoa 1972. urtetik ari da mikologiaren esparruan lanean. Onddoen inguruan egin zuen tesia, hain zuzen ere. Mikologian doktore da, eta 1992. urtean sortu zuen esparru hori ikertzeko atala Gorostin. 2017. urtean, zientzia elkarteko bere kideekin batera berrogei urtez egindako lanaren emaitza sarean jarri zuen Garcia Bonak, navarra.observation.org webgunearen bidez.

Zientziarekin lotutako interesak eramaten ditu Gorostiko kideak onddo bila. Garcia Bonak badaki, hala ere, Nafarroako mendietan perretxiko biltzaileak direla nagusi. Jarduera hori bazter utzi gabe, biltzen den hori ezagutzera deitu ditu herritarrak Gorostiko kideak. "Anitzez ere gehiago gozatzen ahal dugu perretxikoak bilatzen, argazkiak egiten, identifikatzen eta sailkatzen". Lau hamarkadatan jasotako datuak sarean eta denen esku jartzeko urratsak jakin-mina piztu nahi du, hain zuzen ere, perretxiko biltzaileak mikologo bilakatzeko.

Astelehenean hasiko duten ikastaroak ere helburu bera du. Hilaren 28koa izanen da lehendabiziko saioa, eta azaroaren 12koa, berriz, azkena. Teoria jorratzeaz gain, txangoak ere eginen dituzte: lehendabizikoa azaroaren 2an, eta bigarrena, berriz, azaroaren 9an. Hogei pertsonarentzako ikastaroa antolatu dute Gorostikoek, eta ia betea dute. "Interesa bada", erran du Garcia Bonak.

Piztutako interes hori zientziaren arloko datuekin elikatzea da Gorostiko kideek antolatu duten ikastaroaren bidez egin nahi duten lana. "Lortu nahi dugu, adibidez, jendeak gogoeta egitea onddoek naturan betetzen duten rolari buruz", erran du biologoak.

Eman ditu galdera hori erantzuteko hainbat zertzelada: "Onddoen funtzio nagusia da lurzoruko gai organikoen hondarrak deskonposatzea. Hori egiten dute onddo gehienek. Batzuk landareen parasito izan daitezke, eta bertze anitzek, berriz, landareak elikatzen laguntzen dituzte".

Nafarroan 2.100 onddo espezie baino gehiago identifikatu dituzte Gorostiko kideek. Sarean eman dute ikusitako perretxikoen berri, behaketa bakoitzaren kokapenarekin. 70.000 dira, denera, azken lau hamarkadatakoak.

Luis Garcia Bonak nabarmendu du azken hamar urteotan klima aldaketak onddoei eragin diela, eta gero eta gutxiago direla herrialdeko mendietan agertzen diren perretxikoak. "Ez du euririk egiten behar duen bezala, eta, ondorioz, perretxiko gero eta gutxiago ateratzen da. Sasoia, gainera, anitz laburtu egin da", azaldu du. Gorostiko kideen jardueran ere izan du eraginik egoera horrek: bi ikastaro egiten zituzten hasieran, baina bakarra antolatu dute azken bost urteotan. Astelehenean hasiko dena prest dute.

Iritzia: Idatzi ez ditudanak

Iritzia: Idatzi ez ditudanak

Lohizune Amatria

Gauza asko gertatu dira azkenekoz idatzi nuenetik. Gehiegi. "Errudunez" bete nuen zutabea duela hilabete. Orain, erredunak nonahi dira, egunkarietan orrialdeak betetzen.

Egun nahasiak izan dira niretzat, zaila egiten zait sentimenduak eta iritziak albo batera uztea lanean nagoela, eta geratu direnek hunkitu naute. Sare sozialak erabiltzen dituzte zenbaitzuek halakoetan. Baina nik aspaldi galdu nuen ohitura hori eta ez dut egin. Hori dela eta, barkatuko didazue, idatzi ez ditudan txioak irakurtzera zoaz orain.

Urria iristearekin batera idatziko nukeen lehenengoa; orduan jaso genuen lehenengo kolpea. Urriak 1. Sindikatu bat garaile, baina ez da albiste ona. Halako zerbait izan zitekeen idatziko nukeena, harrigarria baita UGTk langile publikoen eskubideak nola defendatzen dituen ikustea. Afixetan, karteletan, ikur eta seinaleetan euskara askori "deserosoa" egiten zaiela esan ere egin dute. Baliteke, dena den, honek alde onik edukitzea. Ikusi baitugu dekretu bidez ez dugula hobetuko egungo legea.

Hiru egun geroago, WhatsApp taldeetako batean jasotako argazki zenbait atxikiko nizkioke txioari. Pirinioetako biztanleak azaltzen dira argazkietan, irribarretsu, baina haserre. Garralda, Aribe, Garaioa, Otsagabia, Orreaga, Auritz, Aurizberri, Erro, Erronkari… Herritarren indarra eta borrokarako gogoak hunkitu ninduten. Harrotasunetik idatziko nukeen txioa.

Urriak 4. Bost minutuz hutsik izan dira Nafarroako Pirinioetako lanpostuak. Bost minutuko geraldia, hustea ez dadin betikotu. Herriko bizitza defenda eta babestu dezagun!

Baten kale, bestean bale dio esaerak. Zartakoa dator bada hurrengo txioarekin batera:

Urriak 9. Ezin dut burutik kendu Altsasuko gurasoei egindako azken elkarrizketa. Hau ez da justizia. Amaia Amilibia eta Koldo Arnanz aditzeko aukera izan genuen Auzitegi Gorenak auzia aztertu baino egun bat lehenago. Zorotzat definitu zuten egoera, eta, nekaturik zeudela aitortu bazuten ere, beharrik ez zen, nabari zitzaien. Epai irmoa ezagutu nahi zuten, bukaera bat eman honi. Baina susmorik txarrenak baieztatu zaizkie. Ez da amaitu. Bihar Iruñeko Justizia Auzitegiaren atarian izanen gaituzte.

Gaur idatziko nukeen txioa litzateke azken esaldi hori, baina jarrai dezagun kronologikoki. Esaera baieztatuko lukeen salbuespena urriaren 14arekin gertatu zen. Urriak 14. 70 urte izanen zituen. Pozez malkoka irten zen Lleidako nekazaritzako lurralde zerbitzuen egoitzatik. Haren herriaz erabakitzeko aukerarik ez zuela izanen sinetsita zegoen, boto papera hautetsontzian sartu aurretik. Gaur nola dagoen jakin nahiko nuke. Erreferenduma ez da delitua! Ez dago presondegirik hainbeste duintasunarentzat leloa gogorarazi dit lagun batek. Egia da.

Azken txio bat erantsiko diot zutabeari, gozoagotik amaitzeko. Urriak 26. Gazta bat, 170 kilometro, bizimodu bat. Arruazu-Isaba. Egurra, Aritz!

Mende laurdena taupadaka

Mende laurdena taupadaka

Edurne Elizondo

Bihotza: erdian dagoelako, eta eraikin bizia delako, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutakoa. Duela hogeita bost urte hasi zen taupadaka NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko liburutegia, eta, egunotan, mende laurdena bete duela ospatu dute eraikineko langileek eta erabiltzaileek. 1992. urtean hasi ziren egoitza eraikitzen, eta handik bi urtera amaitu zituzten obrak, 1994. urtean.

NUPeko liburutegiak, halere, lehenago egin zituen bere lehendabiziko urratsak. Nafarroako Parlamentuan sinatu zuten unibertsitate publikoa sortzeko lege proiektua, 1987ko apirilaren 21ean, eta 1989-1990 ikasturtea izan zen erakunde horren lehendabizikoa. Garai hartan, Sario eraikineko areto batean ziren liburuzainak, hori izan baitzen NUPen aurreneko egoitza.

Concha Guijarro orduan hasi zen liburutegian lanean; hasieran, bakarrik aritu zen. "Paper batean jasotzen nituen erositako liburuen izenak. Dena hutsetik hasi behar izan genuen", gogoratu du. Liburutegiko zerbitzuen saileko buru da orain.

Sariotik NUPeko ikasgelategira mugitu zuten liburutegi zerbitzua, Guillermo Sanchezek sail horren ardura hartu eta gero. Eta handik, azkenean, oraingo egoitzara eraman zuten; azken hogeita bost urteotako egoitzara, alegia. 1994. urtetik, Arrosadiko campuseko eraikinak azalari eutsi dio, baina haren mamia etengabe joan da aldatuz eta garaian garaiko beharretara egokituz.

Behar horiek bereziki baldintzatu ditu azken urteotako digitalizazio prozesuak. Hainbat datuk agerian uzten dute digitalizazioaren eraginak zenbateraino aldatu duen liburutegiko kideen egunerokoa, hain zuzen ere: 1994an, hamasei ordenagailu zeuden eraikinean; egun, berriz, 197; liburutegia zabaldu zutenean, ez zen liburu elektronikorik; denek zuten papera euskarri: 140.079 ziren hasieran; orain, berriz, 443.137 dira, eta liburu horien guztien %21 elektronikoak dira. Aldea nabarmena da, batez ere, aldizkari elektronikoen arloan: 1994. urtean bakar bat ere ez zegoen; orain, berriz, liburutegiak dituen 11.584 aldizkarien %95,7 dira elektronikoak.

"Digitalizazioaren eraginak ekarri du aldaketarik handiena NUPeko liburutegira". Horixe nabarmendu du Carmen Etxeberria zuzendariak. 2007. urtetik ari da erakunde horretan lanean, eta joan den irailetik liburutegiko buru da. Eskertu du unibertsitateak egunotan liburutegiko kideen lanari egindako aitortza. Liburutegia ikasle eta irakasleen topagune dela erran du, eta espazio horretan liburuzainak bilakatzen direla ikasleon eta irakasleon laguntzaile eta aholkulari; elkarlanerako espazio bat dela, beraz, liburutegia.

NUPeko liburutegian ari diren profesionalen sareak ia 70 kide ditu. Arrosadiko campuseko eraikina da mende laurdena bete berri duena, baina unibertsitate publikoak bertze bi liburutegi ditu: bat Osasun Zientzien Fakultatean, Iruñean, eta, bertzea, berriz, NUPek Tuteran duen campusean.

Angela Berasategik, Carlos del Campok eta Maria Jose Quintanak Arrosadiko eraikina dute lantoki, baina egoitza hori egin aurretik bilakatu ziren NUPeko liburuzain, Concha Guijarro bezala. Berasategi Ruiz 1992. urtetik ari da NUPen lanean. Egun, ikerketarako bildumen zerbitzuko burua da. Urtebete lehenago ailegatu ziren Del Campo eta Quintana NUPera, 1991. urtean. Liburutegiko irakasleak eta ikerlariak laguntzeko zerbitzuko arduraduna da Del Campo, eta erosketen zerbitzukoa, berriz, Quintana. Liburutegiarekin batera egin dituzte azken hogeita bost urteotako urratsak, eta nabarmendu dute etengabe "aldatzen eta moldatzen" ari den tokia eta zerbitzua dela. "Guk ere, ondorioz, etengabe moldatu behar izaten dugu gure lanak eskatzen dizkigun elementu berrietara", erran du Del Campok.

Espazioak moldatu

NUPeko liburutegiaren jardueran, ikerketaren esparruak toki gero eta nabarmenagoa hartu du. Horrek eragin du, batetik, espazioa aldatu behar izatea. Lehen, liburutegia "Isiltasun eremu bat zen, baina hori aldatu egin da: taldean aritzeko toki bilakatu da; elkarrekin hitz egitekoa eta lan egitekoa, alegia", azaldu du Ana Amigotek, liburutegiko zuzendariordeak. "Hainbat aretotan, mahaiak kendu, eta besaulkiak jarri ditugu". 2002tik ari da Amigot NUPen, eta irailetik liburutegiko zuzendariordea da.

Bertzetik, ikasleek eta irakasleek talde lanak eta ikerketak egiteko duten behar gero eta handiagoak eragin du liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak egokituz joatea. Erabiltzaileek lanerako eta ikerketarako materiala bilatzen dute, eta behar duten informazio digital hori aurkitzeko eta eskuratzeko prestakuntza eskaintzen dute liburutegiko profesionalek, gero eta gehiago.

Liburutegia gero eta "birtualagoa" da, nolabait erranda, langileek nabarmendu dutenez. Errealitate hori ederki islatzen dute maileguen inguruko datuek, hain zuzen ere: liburutegiaren hastapenetan, NUPen urtean 62.480 liburu inguru ematen zituzten maileguan; gaur egun, mende laurdena joan eta gero, behera egin du kopuru horrek, eta 58.265 inguru dira urtean maileguan ematen diren liburuak. Liburutegiko materiala begiratzeko eta jasotzeko bertzelako moduak daude orain, ordea: urtean 676.750 dokumentu elektroniko jaisten dituzte NUPeko liburutegiko erabiltzaileek, hain zuzen ere.

Zerbitzuak egokitu

"Puntakoa izan da liburutegia, hasieratik". Hori argi du Guijarrok. Ontzat jo du NUPek liburutegi nagusi eta zentralizatu baten aldeko apustua egin izana. "Bertze unibertsitate askotan ohikoena zen fakultate bakoitzak bere liburutegia izatea; hemen bertze bide bat egin zuten, eta liburutegi sendo bat sortu zuten. Erabiltzaileek zerbitzu guztiak dituzte toki berean eskura", azaldu du liburuzainak.

Hasieran, halere, Saenz de Oizaren eraikina zutik izan arte, espazio falta izan zen arazo nagusietako bat, eta departamentuka banatu zituzten liburutegia eskuratuz joan zen liburu bildumak. "Aurten, oraindik ere, bilduma horietako hainbat berreskuratzen aritu gara", erran du Ana Rosa Casimiro liburuzainak.

Ikerketa bildumen artean egin ditu Casimirok urte gehienak, 1996an NUPeko liburutegira ailegatu zenetik. Orain kontrol bibliografikoko arduraduna da. Ilusioz gogoratu ditu hasierako lan haiek. "Liburutegi bat sortzea proiektu biziki aberasgarria izan da".

Lankideek gogo eta ilusio bera dutela berretsi dute. "Liburutegia espazio berezi bat da: eraikin bizi bat. Mugimendu handia dago. Hemendik pasatzen dira unibertsitateko kide guztiak", erran du Quintanak.

Del Campok, zehazki, NUPeko lehen mailako ikasle guztiekin du harremana, guztiei eskaintzen dielako unibertsitateak informazioaren esparruan gaitasunak garatu ahal izateko formakuntza saioa. "Gure zerbitzuak du formakuntza horren ardura. Dauden baliabideen berri zabaltzea eta baliabide horiek erabiltzen ikastea da kontua. Ez hori bakarrik, ikerketa lanetan ere babesa eta laguntza ematen baitiegu irakasleei", gaineratu du.

Del Campok argi du aldaketa nagusia liburutegiko erabiltzaileek eskura dituzten tresnetan gertatu dela: "Bibliografia bilatzeko tresnen esparrua izugarri aldatu da azken urteotan; klik bakar baten bidez, munduko hamaika txokotan argitaratu denaren berri jaso dezakete ikasleek eta irakasleek". Hasieran, paperezko euskarritan ziren argitalpen horien zerrendak, eta liburutegian kontsultatu behar zituzten ikerlariek. Disko konpaktuen gisako euskarriak izan ziren hurrengo urratsa, baina horiek ere liburutegian egoten ziren. "Orain, ikerlariak etxetik egin ditzake kontsultak".

08:00etan zabaltzen ditu ateak Arrosadiko campuseko liburutegiak, eta 21:30ean ixten ditu. Ikasleak taldeka elkartu ahal izateko 24 areto ditu, gaur egun. Ikasleen eta irakasleen joan-etorria etengabekoa da Saenz de Oizak diseinatutako eraikinaren inguruan. NUPeko bihotza da liburutegia, eta indar handiz ari da taupadaka.

Memoria, begirada aldatzeko

Memoria, begirada aldatzeko

Edurne Elizondo

Kontent nago, liburuak balio izan duelako hitz egiteko, eta gu osatzeko". Kattalin Miner idazlearenak dira hitzak; Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (Elkar) lanari buruz erran ditu, Iruñean egindako aurkezpenean. Trans Urria programan parte hartu du, hiriko Zikutak eta Bullerak taldeek antolatutako ekinaldian. Tene Mujika bekari esker argitaratu zuen Minerrek liburua, maiatzean, Hernaniko Aimar Elosegi Ansaren heriotzak eragindako mina abiapuntu hartuta. Bere buruaz bertze egin zuen trans gazteak 2007. urtean; lagun mina eta herrikidea zuen Minerrek.

Aimar Elosegi Ansa Moio zen Hernaniko bere kuadrillako kideentzat. Minerrek ez du liburua idatzi lagunari buruz, halere; ez du lagunaren bizitza ardatz hartu; bertze ertz batetik heldu dio gaiari: Elosegi Ansak bere buruaz bertze egin eta gero herrian auziari buruz ezarritako isiltasunaren inguruan hitz egin nahi izan du idatzitako orrietan. Isiltasun hori apurtzeko, hain zuzen ere; isiltasun hori zerk eragin zuen ulertu ahal izateko.

Izan ere, Elosegi Ansaren heriotza gertatu eta gero, Hernaniko herriko plazan egin zioten hileta zibila; omenaldiak ere izan zituen; eta, ekitaldiotan guztietan, familiak eta lagunek mahai gainean jarri zuten gaztea transa zela eta bere buruaz bertze egin zuela. Haren heriotzak, beraz, izan zuen oihartzun sozial eta politikoa; baina oihartzun horren indarrak behera egin zuen denborak aurrera egin ahala, gaia isilpean utzi arte.

Elosegi Ansaren suizidioaren hamargarren urteurrena izan zen, duela bi urte, Minerren liburuaren pizgarri. "Lehenengo aldiz, ez nuen sentitu omenaldirik egiteko beharrik". Doluaren amaieratzat hartu zuen seinale hori, baina hasierako lasaitasuna ezinegon bilakatu zitzaion, eta eguneroko bat idazten hasi zen, gogoeta egiteko, memoria lantzeko. Eguneroko hori idazten konturatu zen Miner lagunaren heriotzari buruz jada ez zutela hitz egiten kuadrillan; ez zirela auziaz gehiago mintzatzen herrian. "Isilpean zegoen", gogoratu du.

Isiltasun horri memoria landuz erantzun nahi izan dio Minerrek, hain zuzen ere: memoria kolektiboaren bidez. Horretarako, esparru ezberdinetako testigantzak jaso ditu. Elosegi Ansaren anaia Ander eta lagunak elkarrizketatu ditu, bai eta Medeak talde transfeministako kideak, Maialen Lujanbio bertsolaria, Iratxe Retolaza kultur kritikari eta EHUko irakaslea, eta Hernaniko Brayan Altimasbere gazte transa ere.

Hiri eta herri "bizigarriak"

Liburua osatzeko elkarrizketatu dituen guztien inplikazioa nabarmendu du Minerrek. "Errespetu eta ardura kolektibo handia topatu ditut. Uste dut denek parte hartu dutela badakitelako, pertsonaletik harago, gizartean eragiteko asmo bat baduela proiektuak". Horixe erran zuen egileak, maiatzean, liburua aurkeztu zuenean.

Eragiteko asmo horren bidetik, hain zuzen ere, idazleak argi utzi du gizarteak baduela hiri eta herri bizigarriak eraikitzeko ardura eta betebeharra. "Denentzako bizigarriak izango diren hiri eta herriak". Elosegi Ansaren anaiaren hitzak ekarri ditu gogora Minerrek, ardura horri lotuta: "Urteak eman ditu anaiari buruz hitz egin gabe. Tabua ez zen suizidioa; tabua bestea zen: anaiak bere buruaz beste zergatik egin zuen azaldu beharra. Ezjakintasunari eta komentario ergelei egin behar izan zien aurre, eta isiltzea erabaki zuen".

"Isiltzea erabaki zuen gaiak eztabaida eragiten zuelako, baina baita berak behar zuelako ere, berak ere ez zuelako ondo ulertzen zer zen transexualitatea", erantsi du Minerrek. 2007. urtetik gauzak aldatuz joan direla uste du idazleak, eta orduko diskurtso anitz bazter gelditu direla jada. Minerrek nabarmendu du, halere, anitz dagoela ikasteko, oraindik ere, trans pertsonen errealitateari buruz. "Transfobia handia zen garai hartan; prezio garestia ordaindu zen gaia garrantzitsua zela ikasteko".

Ikusezina dena ikusgarri bilakatzea da gakoa, erantsi duenez. Transentzat ere bizigarri izanen diren espazioak eta gizarteak eraikitzea. Eta, hori lortzeko, ardurak ez du haien bizkar egon behar: "Zis pertsonoi dagokigu begirada aldatzea; oraindik ere, gure asmo onenekin ere, ez dugu lortu espazio bizigarri horiek sortzea. Lan pila dugu egiteko, asko dugu ikasteko. Oraindik ere, traba egiten digu indefinizioak". Minerren liburuak isiltasuna apurtu du, eta fase bat itxi. Bidea eman du ikasten eta ezagutzen jarraitzeko. Espazio bizigarriak sortzen laguntzeko.

Kulturan, lan egiteko baldintza duinen eske

Kulturan, lan egiteko baldintza duinen eske

Kattalin Barber

Prekaritatea, lan baldintza txarrak eta murrizketak". Horixe salatu dute Nafarroako hainbat kultur azpiegitura kudeatzen dituen Sedena enpresako langileek. Hiru egunez egon dira greban, "lan baldintza hobeak aldarrikatzeko". Urriaren 8, 9 eta 10ean izan zen lanuztea, eta langile batzordeak adierazi du erantzun "ezin hobea" izan zuela. Besteak beste, grebak eragina izan zuen Iruñeko Civivox sarean; Mendillorriko, Sanduzelaiko eta Iturramako udal liburutegietan; Gazteriaren Etxean; Kondestablearen jauregiko Herritarren Arretarako Bulegoan eta Elkarlanerako Zentroan; Beriaingo Gazte Zentroan; Liburutegi Nagusian; Uharteko Arte Garaikideko Zentroan; Tuterako gizarte etxean; eta Nafarroako Artxibo Nagusian.

Beren lan baldintzak hobetu ditzatela eskatu diete Sedenak azpikontratatuak dituen langileek enpresari. Hori lortu bitartean, orain arte adina denbora "eusteko prest" daude.

Denera, berrehun langile ditu enpresak, eta hainbat kultur azpiegitura kudeatzeko kontratu publikoak lortuak ditu. Ainara Izko langile batzordeko kidea da, Nafarroako Artxibo Nagusiko langilea. Azaldu du zerk eragin duen greba: "Sedenak irabazi zuen Iruñeko Civivox sareko garbiketa lizitazioa; are gehiago, aurkeztutako enpresa bakarra izan zen". Deialdian, Iruñeko Udalak %30 murriztu zituen baldintzak, eta enpresak %20ko beherapenarekin lortu zuen. "Kaltetuek erabaki zuten ez zutela inolako murrizketarik negoziatuko, eta kultur arloan lan egiten dugunok bat egin genuen lankideekin, gure egoera ere ez delako batere ona". Esaterako, Izkok salatu du hamabi urtean ez dela igo KPIa. Hortaz, Civivox sarean lan egiten duten garbitzaileei eta aisialdiko eta denbora libreko hitzarmenarekin aritzen diren beharginei eragin die grebak.

Izkoren esanetan, lan baldintza horiek izateko bi gako daude. Alde batetik, estatu mailako hitzarmen bati lotuta daude, eta hitzarmen sektoriala eta lurraldekakoa galdegin du. Bestetik, kultur munduan nagusi diren prekarizazioaren eta azpikontratazioaren aurka mintzatu da. "Azpikontratazioen bidez, kultura lan prekario bihurtzen ari dira. Azpikontratazioekin lortzen da langileei gutxiago ordaintzea, eta gu gara beti galtzaile".

Horrez gain, Nafarroako administrazioek zerbitzua azpikontratatzeko garaian eginiko deialdien aurka jo du: "Beharrezkoa da administrazioak beren erantzukizunaz jabetzea; esaten digute lan kontuetan ez direla sartzen, gure baldintzak okertzen ari direla jakinda". Murrizketen eraginez, lanaldia murriztuko zaie langileei, eta, hortaz, soldata ere bai. "Proposatu genion enpresari bere gain hartzea murrizketak, baina ez ginen ados jarri", esan du Izkok. Oraindik ez da murrizketarik aplikatu, norbaitek helegitea jarri duelako deialdian, "baina asmoa hori da".

Izkok gogorarazi du zerbitzu publiko bat ematen dutela, eta, prekaritatea "edonon" dagoen arren, zabaltzen ari dela kulturaren esparruan.

Grebari ekin aurretik ere hainbatetan agertu zioten kexa Sedenari, baina kasu egin ez izana salatu du Izkok. Egoera aldatzen ez zela ikusita, langileek ez zuten ikusi grebara jotzea beste biderik. Hain zuzen ere, ez da lehen aldia Sedenako langileek greba egiten dutela. Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegia kudeatzen du enpresa berak, eta bertako bitartekariek zazpi hilabeteko greba egin zuten. Abuztuan lortu zuten baldintzak hobetzea.

Elkartasuna, erruz

Grebak iraun duen hiru egunetan izandako erantzunarekin eta jaso duten elkartasunarekin "pozik" agertu da Izko. Babes handia izan dute: "Auzokoen eta ohiko erabiltzaileen elkartasuna izan dugu". Gertu sentitu dituzte herritarrak eta langileak. Lanuztearen ondoren, oraindik ez dute erabaki zer-nolako bidea hartuko duten. Argi dute, halere, baldintza duinak lortu arte egonen direla lanean. "Grebak balio izan du, gainera, gure artean gehiago ezagutzeko eta elkarrekin aritzeko; oso bereizita lan egiten dugu, eta ia ez genekien enpresa berarentzat lan egiten genuela ere; prozesuak batu gaitu". Indarra ematen die horrek guztiak, eta adierazi dute lan baldintza duinak lortu arte ez daudela amore emateko prest.

Oraingoz, enpresarekiko harremana eten da. Prentsa ohar baten bidez, Sedenak adierazi du "hitzarmen probintzial eta sektorial baten alde" ari dela lanean eta ez duela greba "egokitzat" hartu. Langile batzordeak babesten du aipatu hitzarmena, baina baldintzak "orain" hobetu behar dituztela dio. "Ezin diogu etorkizunari begiratu; erantzunak nahi ditugu lehenbailehen".

Iritzia: Erromantizismo iraultzaileaz

Iritzia: Erromantizismo iraultzaileaz

Saioa Alkaiza

Guk ez dugu printze eta printzesetan sinesten, are hala hasten den zutabe bat irakurtzen haste hutsak pereza ematen du, oinarrizkotasunaren oinarrizkotasunaz, jakin badakigu-eta maitasun erromantikoaren kontra gaudela, maitasun pentsamendua dela laranja erdiak bilatzera garamatzana, norbera zukutu arte, heteroarauaren zurrunean sakontzen duena, generoaren eraikuntzan bertan beste adreilu bat jartzen duena. Maitasun erromantikoaren kontra gaude, nahi ez genukeen gizarte horren isla delako, eta Mari Luz Estebanen hitzak gogora ekarriz, eredu hori delako mendeak pasatuta ere indarrez mantendu dena, gauzak bere horretan utziz. Honako hau, beraz, urteek aldatu ez dutena: "Maitasun eredu burgesa eta kapitalista, zeinean maitasunak (irrazionala arrazionalizatzen duena) gizonak eta emakumeak bereizten dituen, eta bikotea (heterosexuala) erdian jartzen duen".

Bestela esanda, bere garaian Anna Jónasdóttirek El poder del amor ¿Le importa el sexo a la democracia? liburuan Firestoneren pentsamendua jasotzerakoan azaldu zuen bezala, maitasuna beharrezkoa da patriarkatuaren mantenurako: "Patriarkatu garaikidean, maitasuna dominazio maskulinoaren zutabea da; izan ere, estatistikoki, emakumeek egindako maitasun inbertsioa handiagoa da: jaso baino gehiago ematen dute". Dioenez, maitasun plus hori dela-eta irteten dira gizonak esparru publikora autoestimu handiagoarekin, jasotako erreziprozitaterik gabeko kariñoaren ondorioz. Gauzak horrela, eta berriz diot, maitasun erromantikoaren kontra gaude. Ezinbestean.

Edo bestela, Estebanen Crítica del pensamiento amoroso lanean irakur daiteke Jónasdóttiren pentsamenduaren beste ale bat; eta merezi du gogora ekartzea: "Kapitala alienatutako lanaren metaketa bada, autoritate maskulinoa (emakumeengan duen eragina dela eta) maitasun alienatuaren metaketa da". Horregatik, berriz ere: maitasun erromantikoaren kontra gaude.

Ez naiz hutsetik ari, ez naiz berritik ari; aspaldi dago "gure" ezkerreko giroetan mugimendu antierromantikoa. Hau bagenekien. Aurrekoan, lagun batek, baina, gako bat eman zidan pentsatzeko ez ote garen ari geure buruari jarritako tranpan erortzen deseraikitze lan hauetan: "Bikotearen tiraniatik ihes egin nahian, lagun talde batean jarri nuen nire indarra, kolektibo batean, aurrera begirako proiektu bat garatzeko, eta, total, azkenean, bikotea baino gehiago erromantizatu nuen kolektiboa!".

Eta azaldu zidan nola imajinatu zituzten denen artean etxe berri bateko planoak, eta kolektibitatean nola pentsatu zituzten inoiz jaioko ez diren alegiazko haur batzuen bizitzak eta nola indar pila jarria zuen proiektuan, ia ahitzeraino, eta nola azkenean, bada, nola hautsi zen.

Eta nik neure burua ikusi nuen, binakako egitasmotik ihesi, eta lagun taldeak eta proiektu politikoak erromantizatzen. Erromantiko bezain inkoherente.