Asteko Gaiak

Tokiz kanpoko lur eta memoriak ostenduta

Tokiz kanpoko lur eta memoriak ostenduta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Amonak neba bat izan zuenik ere ez zekien Maru Mangadok, baina haren gorpuzkiekin egin du topo. Iruindarra da Mangado, eta Gernikara bidaia egin du asteon. Bitxia da bisitaren zioa: Gernikako hilerrian 1936ko gerran hilak "omentzeko" frankistek eraikitako kripta zabaldu eta haren osaba handiaren arrastoak jasotzea. Valentin Romeo Segues zuen izena, eta Mendabian (Nafarroa) jaio zen, 1916an. 20 urte zituen 1936ko uztailean armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zenean. Preso hartu, eta faxistekin borrokatzera behartu zuten Romeo. Desagertuta egon da ordutik.

Dokumentu, izen zerrenda eta aztarna ororen atzetik ibili ondoren, Gernikako kripta izan du azken geltokia Mangadok. Asteazkenean joan zen osaba zaharraren gorpuzkinak handik ateratzera, baina, azken ezustekoarekin egin du topo: hobia irekitzean bi pertsonaren gorpuzkinak azaldu dira zulo berean. DNA probak egiteko laginak hartu, eta emaitzak esku artean izan bezain pronto itzuliko da Mangado Gernikara berriz, Romeoren gorpuzkinak sorterrira eramatera.

1936ko gatazkak eta ondorengo diktadurak ezarritako isiltasun kate luzearen beste begi bat da Romeorena. Milaka kasuren arteko beste bat. 1936ko gatazkaren ondorioz, lurrak irentsi zituen 250 biztanletik bat, eta desagertutako ala hildako sendiaren mina irentsita igaro dute belaunaldi ugarik bizitza, harik eta hirugarren belaunaldia isiltasuna hautsi eta iraganarekiko hariak josten hasi den arte.

Isiltasunean arakatzen

Espero gabe, kasualitatez aurkitu zuen Mangadok amonaren neba, 1936ko gatazkarekin zerikusia zuen ikerketa bat egiten ari zela. "Nafarroako Lerin herriko errepresaliatuei buruzko informazioa biltzen ari nintzen, bertakoa baitut familia, eta herriko hainbati buruzko informazioa jaso nahi nuen. Bada, Juanjo Casanovak Iruñeko presondegian preso egon zirenekin osatutako zerrenda aurkitu nuen blog batean, eta aitaren aldeko amonaren abizenak ikusi nituen presoen izen-abizenen zerrendan: Romeo Segues".

Harriduraz begiratu zion izenari, ez baitzuen sekula Valentin izeneko senitartekorik ezagutu. "Oso arraroa egin zitzaidan, eta aitarengana jo nuen berehala. Esan zidan ezagun egiten zitzaiola gerran gazte hil zen osaba bati buruz zerbait entzun izana etxean". Besterik ez zion argitu aitak.

Angelita Mangado Romeorengana jo zuen ondoren, Valentin zenaren ilobarengana. "Nire izebarengana jo nuen. Oso nagusia da, baina izena aipatu nionean berehala hasi zen hizketan. Esan zidan baietz, bazekiela nor zen Valentin Romeo Segues. Gogoan duela bera txikia zela amak eta amonak janari poltsa prestatu eta Iruñeko espetxera eramaten ziotela, harik eta bidaietako batean Romeo bertatik atera zutela azaldu zuten arte". Hunkituta aritu zitzaion izeba. "Nagusia da, eta buruz ez dabil oso fin. Istorio honekin joan nintzaionean, negar besterik ez zuen egiten".

Bizkaiko frontera eraman zutela esan zioten sendiari. "Besterik ez zuten jakin". Azaldu duenez, bere aitonak ere egin zuen Romeo bilatzeko saiakera. "Aitonak kamioi bat zuen, eta, gatazka hasi zenean, konfiskatu eta faxistak laguntzera behartu zuten, gidari lanetan. Aukera izan zuenean, Bilbora joan zen, koinatuaren bila, baina esan zioten gerra frontean hil zela".

Sendiko kideek emandako informaziotik abiatuta hasi zen Romeoren aztarnen atzetik. "Artxibategietara jo nuen, ahalik eta datu gehien biltzeko asmoz". Horrela jakin zuen 1936ko altxamendu militarra gertatu eta egun gutxira atxilotu zutela amonaren neba, eta 1936ko uztailaren 22an Iruñeko presoen zerrendan ere azaltzen dela 1937ko urtarrilaren 27ra bitarte.

Bizkaiko frontera eraman zuten handik, Amerika 23 Erregimentuarekin borrokatzera. "1937ko maiatzaren 10ekoa da berari buruz dudan azken aztarna. Egun horretan, Bizkargiko borroketako batean hil zela jakin dut, 21 urte betetzear zituela. Romeoren aitari ordaintzen zioten pentsioagatik jakin dut noiz hil zen: Espainiako Estatuko 1940ko Aldizkari Ofizialeko argitalpenen bidez jaso dut informazioa".

Bizkargin hildakoak non hobiratu zituzten ikertzea izan zen hurrengo urratsa, eta Gernikako hilerrian aurkitu zuen osaba handiaren izena, kostata. "Gernikan, Valentin Romeo izenez agertu beharrean, Valentin Romero gisa azaltzen da, eta bilaketa lanak zaildu ditu horrek".

Ez den lekuan

Gernikako Erorien Monumentuan hilobiratuta dauden dozenaka herritarren artean dago Romeo duela 80 urtetik, "Espainiako aberriaren alde" eroritakoen artean. Areago, Iruñeko Erorien Monumentuko "erorien" izen-abizenen zerrendan ere aurkitu du Mangadok osaba zaharra. Ez zegokion toki batean egon da galduta, 1936ko gatazka piztu, faxistek atxilotu, preso hartu eta behartuta eraman baitzuten frontera ondoren, beren bandoaren alde borrokatzera. Preso hartu zuten berberek egin zuten beren martiri.

Ezagutzen ez zuen senide baten aztarnak berreskuratuko ditu Mangadok DNA frogen emaitzak jaso eta berehala, eta esaten du antzeko beste horrenbeste kasu egon daitezkeela Euskal Herrian. Osaba zaharraren hilobian aurkitu duten beste gorpuzkinaren kasua izan liteke.

Esku hutsik egin du asteon Bizkaitik Nafarroara bidaia. Datozen hilabeteetan itzuliko da, osaba zaharra jaso eta, behingoagatik, Mendabian lur emateko.

Kontuak eskatu ditu auzitegiak

Kontuak eskatu ditu auzitegiak

Edurne Elizondo
Uda beltza izan zen 2003. urtekoa Nafarroan. Zazpi herri galdu zituen herrialdeak, makinek suntsituta. Duela hamabost urteko ekainean, Itoitz bota zuten behera. Ez da hori nafarrak zutik jarri dituen urtegi bakarra, halere; Esakoa handi...

Denon esku egon behar duelako

Denon esku egon behar duelako

Edurne Elizondo

Kultura inklusiboaren aldeko sarea da Kataluniako Apropa, eta Sonia Gainza kideak eman du helburu horrekin lotutako gako nagusietako bat: "Gutxi batzuen aldeko neurriek, finean, denei egiten ahal diete mesede". Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteak antolatutako jardunaldian aritu da Gainza, Iruñean. Irisgarritasunaz eta kultura inklusiboaz gogoeta egin nahi izan dute herrialdeko kultura kudeatzaileek, bide horretan urratsak egiteko asmoz.

Ez da Kunarena esparru horretan zabaldutako ate bakarra, gainera: Nafarroako Parlamentuak onartu berri du Irisgarritasun Unibertsalerako Foru Legea, eta Nafarroako Gobernuko Kultura departamentua, berriz, kultura eskubideena prestatzen ari da. Herritar ororenak dira eskubide horiek, ustez, baina, egun, oraindik ere, badira hainbat kolektibo kulturaren esparrutik at uzten dituzten mugak eta oztopoak.

Aipatzekoa da, adibidez, Iruñeko Gaiarre antzokian berriki egin dituztela igogailua jartzeko eta antzokiko sarrera egokitzeko lanak, irisgarritasuna errazteko asmoz. Obrak egiteko gastua 300.000 eurorena izan da, eta, ordaintzeko, "mezenasgo kanpaina bat" jarri dute abian; finantzaketa kolektiboa, alegia. Parlamentuak onartu berri duen Irisgarritasun Unibertsalerako Foru Legeari buruz, hain zuzen ere, "baliabidez" horni dezatela eskatu du Cerminek, bertze deus baino lehen. Ezintasunen bat dutenen erakunde ordezkarien batzordea da Cermin.

Kultur espazioetara eta jardueretara iristeko oraindik ere indarrean diren mugen eta oztopoen kontra lan egiteko asmoz antolatu du Kunak Iruñeko jardunaldia. Gaur egun bazter gelditzen diren talde eta kolektiboei egin nahi izan diete so: ezintasunen bat dutenak edo baztertzeko arriskuan direnak. Batetik, kolektibo horietako kideek kultura garatzeko espazioetara iristeko eta sartzeko dituzten zailtasunak jorratu dituzte; bertzetik, berriz, kultura produktuak sortzeko, zuzentzeko edo kudeatzeko aurkitu ohi dituztenak.

Sonia Gainzak irisgarritasunari egin dio so, batez ere, bere hitzaldian. Kultura denen esku jartzeko bideak bilatzea da Apropa sarearen lana, hain zuzen ere. Berretsi du hasieran errandakoa, gutxi batzuen alde hartutako neurriek denei egiten ahal dietela mesede, alegia. Eta adibide argi bat jarri du mahai gainean: "Antzoki batera sartzeko arrapalak aulki gurpilduna dutenei egiten die mesede, beti. Momentu zehatz batean mugitzeko zailtasunak dituenak ere eskertuko du, eta, denok joko dugu ontzat, berriz, zahartzen garenean".

Denen neurrikoa

Kultura garatzeko espazioa kudeatzen duenak kontuan hartu behar du anitza dela kultura kontsumitzen dutenen soslaia. Espazio horrek, ondorioz, denen neurrikoa izan behar du. "Anitzetan, argibide gutxi batzurekin lor dezakegu hori", azaldu du Gainzak. Bertze adibide bat ekarri du: "Autistentzat garrantzitsua da, adibidez, espazioa ezagutzea. Lagungarria da, adibidez, espazioaren webgunean jartzea informazioa azaltzeko nola heldu, sarrerak non erosi eta abar. Argazkiak jar daitezke prozesua errazteko. Tokia ezagutzen ez duen orok eskertuko du hori, gainera".

Irisgarritasuna, halere, ez dago bakarrik espazio fisikoarekin lotuta. "Bazterketa arriskuan direnekin ere egiten dugu lan, adibidez. Haientzat prezio bereziak eskatzen ditugu". Ez hori bakarrik. "Ohiko saio batera joaterik ez dutenentzat, adibidez, entseguak zabal ditzakegu; edo saio bereziak egin haiekin. Komunikazioarekin, espazio fisikoarekin, prezioarekin, inguruarekin, edukiarekin eta profesionalen jarrerarekin lotutako mugak bazter uzteko lan egitea da kontua".

Edukiaren berri emanen duten eskuorri irakurterrazak sortzea; atsedenaldiak egiteko aukera emanen duten saioak antolatzea; zaharrekin edo ezintasun jakin bat duten pertsonekin saio bereziak prestatzea, giro lasai batean... Gisa horretako proposamenak egin ditu Apropak, eta lan ildo horiek lantzen ari dira jada Kataluniako hamaika kultura espaziotan.

Asmo horiek jasotzen ditu bere baitan Apropak sareko antzokiei eta gainerako espazioei eskatzen dien konpromisoak: tokien %2 gordetzea gizarte erakundeentzat, hiru euroko prezioan. Gainzak gisako konpromisoak hartzera deitu ditu Nafarroako kultura espazioak ere.

Ohiko zurruntasunetik aldentzea eta begirada aldatzea da lehen urratsa. Madrilen, Una Mirada Diferente izeneko jaialdiak hori egitea hartu du helburu, hain zuzen ere. Espainiako Arte Dramatikoen Zentroko kide Ines Enciso da arduradunetako bat, eta kultura inklusiboaren alde egin du Kunak antolatutako jardunaldian.

Encisok funtsezkotzat jo du, lehenik eta behin, argi uztea gizarteak "rol erabakigarri bat" duela kultura inklusiboa garatuko duten politikak ahalbidetzeko orduan. "Baztertutako kolektibo anitz daude, eta ezintasunen bat dutenena ikusezina da; estigmaren zama du gainean. Kulturak izan behar du bizi garen gizartearen isla, eta, egun, ez dugu hori lortu". Ez da gizartearen isla, bere aktore anitz oholtzatik kanpo gelditzen direlako.

Encisok nabarmendu du ezberdintasuna "balio erantsi bat" dela artearen arloan, eta argi du Una Mirada Diferente jaialdian parte hartzen duten konpainia inklusiboek horixe erakusten dutela, beren lanak sortzen eta aurkezten dituzten bakoitzean. Encisok ezintasunen bat dutenekin garatutako bertze proiektu batean parte hartu du, Campeones filman, alegia. Javier Fesser zuzendariak aurten aurkeztutako lana da. Lan horretako aktore da Jesus Vidal, eta bat egin du Encisorekin. "Arteak anitz irabazten du ezberdina den hori bere egiten duenean; aukera bat da".

Ezintasun fisiko bat du Vidalek: ikusmen arazo larriak. "Campeones filman, halere, ezberdintasun intelektuala duen pertsona baten rola bete dut, nire itsutasunetik". Filologia ikasi zuen Vidalek, baina antzerkiaren arloak laster harrapatu zuen; aktore gisa, bai eta idazle gisa ere. "Artearen bidez, errealitatean parte hartu, eta aldatu egiten dut. Beti harritu nau ohartzeak zein neurritan alda daitekeen bertzeek gutaz duten iritzia, betaurreko lodiak eramaten ditugulako, edo ezaugarri fisiko jakin batzuk ditugulako".

Antzerkiaren esparruan trebatu dela nabarmendu du Vidalek. Ines Encisok ere "funtsezkotzat" jo du lan amateurraren eta profesionalaren arteko bereizketa argi uztea. Arrisku batez ohartarazi nahi izan du, halaber: ghetto bat sortzekoa, alegia. "Helburu hartu behar dugu aniztasuna oinarri dituzten jaialdiak antolatzea? Nire ustez, gaur egun gogoeta zehatz hori eginen duten ikuskizunak eta espazioak sortzea garrantzitsua da. Baina helburutzat hartu behar dugu lan egitea halako toki eta produktu propioak izateko behar hori desagertzeko".

Esperientziak

Bertze hainbat sortzailek parte hartu dute Kunak antolatutako jardunaldian. Haietako bat da Mikel Belaskoain. Arazo neurologikoak dituzten hainbat pertsonaren inguruan garatu du Personas izenburuko bere proiektua. Artistak berak behin-behineko paralisia eragin zion gaitz bat izan zuen. Esperientzia hori oinarri hartuta osatu du bere arte lana. Ezintasunaren marra malgua dela ikasi du bere proiektuaren bidez, batetik. "Denok egon gaitezke gaur alde batean, eta bihar, berriz, bertzean". Bertzetik, emozioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du. "Emozioa aldarrikatu nahi dut artearen esparruan". Aulki gurpilduna behar duen pertsona bat, amnesia duen bertze bat, eta alboko esklerosi amiotrofikoak jota den hirugarren bat dira, bertzeak bertze, Belaskoainen Personas proiektuko parte.

Arte plastikoen arloan ari da Alicia Otaegi ere, eta Nafarroako Gobernuak sustatutako Landarte programaren bidez, Otsagabiko zahar etxeko erabiltzaileekin egin du lan. Parte hartzeko izan duten borondatea eta gogoa nabarmendu ditu artistak.

Zaharren kolektiboarekin lan egin nahi izan du Ados Teatroa konpainiak ere, aurten giza eskubideen arloan garatzen ari den El baile de los años proiektuan. Giza eskubideak oholtzara izenburuko programa du konpainia horrek 2016tik, eta aurtengo lanerako zaharrekin aritzea erabaki du, "bazter gelditzeko arriskua duen kolektiboa" badelako, Jose Antonio Vitoria konpainiako arduradunaren hitzetan.

Migratzaileekin eta langabeekin ere egin dute lan Ados Teatroa konpainiako kideek. Aurtengo proiekturako Becky Siegel dantzari eta koreografoa dute lagun. Siegelek badaki ezintasunen bat dutenekin lan egitea zer den, Konmocion Danza konpainiaren bidez jorratu baitu esparru hori. Koreografoak argi du: "Artea gizartearen aurretik dago, arteak ederki ikasi baitu aniztasuna aberastasuna dela, ezberdintasunetik aukera berriak sor daitezkeela".

Esklerosi anitza zuten pertsonekin hasi zen dantza lantzen Siegel. Bere esperientzia abiapuntu hartuta, argi utzi nahi izan du inklusioa hitz konplexua dela, eta, batez ere, kultura inklusiboa lortzeko formula magikorik ez dagoela. Adibide bat aipatu du: "Neska bat etorri zen niregana; aulki gurpilduna behar zuen. Dantza egin nahi zuen, eta eskola bat bilatzen lagundu nion. Aurkitu genuen. Lehen egunean pozik egon zen; bigarrenean bertze ikasleek ez zioten jaramonik egiten; hirugarrenean okerrera baino ez zuen egin egoerak. Kontua ez da bakarrik aritzeko espazioak aurkitzea; espazio horretan aritzeko giro egokia behar dugu ere".

Giro positibo hori bilatzen dute Atena Fundazioko kideek, hain zuzen. Ezintasun intelektuala dutenek artea erabiltzen dute, han, garatzeko. Artea sortu eta erakusten dute. Bide luzea bada, oraindik ere, egiteko. Kunak urrats bat egin nahi izan du aurrera.

Hiri zati bat, bertan bizitzeko

Hiri zati bat, bertan bizitzeko

Edurne Elizondo

Auzoan bertan da auzoaren etorkizunaren giltza. Auzoan bizi direnen eta auzoa egiten dutenen esku. Horixe uste dute Pisuteka sortu berri duten Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek. Etxebizitzaren inguruko auzolagunen sarea da, eta asmo garbi batekin jarri dute martxan: egun gertatzen ari den gentrifikazioari aurre egitea. "Ez dugu nahi Alde Zaharra merkataritza gune handi bat bilakatzea. Gure auzoa da, hemen bizi garenon eta hemen lan egiten duten dendari txiki eta ertainen etxea".

Alde Zaharreko bizilagunen etxean ez da giro, ordea. Arazoa ez da oraingoa, ezta bertakoa bakarrik ere. Madril, Bartzelona eta Donostiaren gisako hirietan gertatu denari, hain zuzen, kezkaz egin diote so Iruñetik. "Hemen egoera ez da hain larria, oraindik ere; neurriak hartzeko garaiz garela uste dugu. Horregatik jarri gara martxan. Ez dugulako hiriotan duten errealitatea guretzat nahi".

Iñigo Laluezarenak dira hitzak. Alde Zaharreko bizilaguna da, eta Pisutekako kide. Argi du egungo egoera bertze hiriotan duten gentrifikazio prozesura eramaten ari dela Iruñea. Kezka hori mahai gainean jarri zuten iazko urrian, Iruñeko Alde Zaharrean egin zituzten auzo topaketetan. "Hainbat gai jorratu genituen, eta haietako bat izan zen etxebizitzarena", azaldu du. Orduan hasi ziren mamitzen Pisuteka osatzeko ideia.

Datuak jarri dituzte mahai gainean sareko kideek, etxebizitzaren inguruan duten kezka nondik datorren azaltzeko. Batetik, auzokideen kopuruak behera egin izana. 2006tik, hain zuzen ere, ia %11. Migratzaileen kopuruak, zehazki, nabarmen egin du behera azken hamarkadan: %41 baino gehiago. "Etxebizitzaren prezioak gora egin du kontrolik gabe, eta egoerarik kaskarrenean direnei eragin die, batez ere. Migratzaileek beste auzo batzuetara alde egin dute", azaldu du Pisutekako kide eta Alde Zaharreko bizilagun Leticia Molinak.

Bertzetik, Alde Zaharrean turistentzat alokairuan gero eta etxebizitza gehiago dagoela utzi dute agerian Pisutekako kideek. Iruñean dauden gisa horretako etxe gehienak, hain zuzen ere, Alde Zaharrean dira. Auzo horretan jarduera horren inguruko kontrolik eza izan da nagusi orain arte, Laluezak eta Molinak salatu dutenez. "Hiriko bertze auzoetan, halako etxebizitzek eraikinetako lehen solairuan egon behar zuten, derrigorrean; Alde Zaharrean, ordea, ez zen horrelakorik zehazten. Hemen, nahi izan dutena egin dute", erran du Molinak.

Iruñeko Udalak egoera hori kontrolatzeko asmoa agertu izana eskertu dute Pisutekako kideek. Nafarroako Gobernuak ere neurriak jarri ditu martxan, azkenaldian. Turistei alokatzen dizkieten etxebizitzen jarduera kontrolatzeko, isilpean ari ziren jabeen egoera arautzeko neurriak abiatu ditu gobernuak, zehazki, eta, ondorioz, urtea hasi zenetik, turistek erabiltzeko 107 etxe erregistratu dituzte, haietako 57 Iruñean.

Denera, Nafarroan, jarduera horretan ari diren 695 etxebizitza badira, eta haietako 201 daude hiriburuan. Gobernuak berak nabarmendu du gora egin duela turistentzako etxebizitzen kopuruak, azken urteotan: iaz, adibidez, %34 baino gehiago.

"Auzoan bizi nahi dugunontzat, gero eta garestiagoa da etxebizitza; auzoak bizirik jarraitzeko, ordea, behar gaitu", erran du Molinak. Prezioen igoerak auzoko dendari txiki eta ertainei ere eragin diela erantsi du Laluezak, eta gogoratu du auzoko jendea dela denda horietako bezero. Sorgin gurpila ekartzen du egoera horrek: "Auzoa husten bada, dendariek itxi beharko dituzte beren negozioak; betiko denda horiek gabe ere, zailagoa izanen da auzokoontzat egunerokoa".

Ereduen arteko talka

"Bi auzo ereduren arteko talka dago". Horixe erran du Laluezak. Pisutekaren bidez aldarrikatu nahi duten bizilagunentzako auzoa da eredu horietako bat. "Ongi hartuko ditugu gainerako auzoetakoak eta turistak, baina gure auzoa bizitzeko espazio bat dela ahaztu gabe". Azken urteotan indarrean izan diren politikek islatzen duten auzo eredua da bertzea. UPNko alkateak buru izan dituen udalak egin du eredu horren alde. Pisutekako kideek gogora ekarri dituzte, bertzeak bertze, Yolanda Barcinak eta Enrique Maiak hiriko ardura beren esku zutenean errandakoak. Barcinak erran zuen, adibidez, asmotzat zuela Alde Zaharra "merkataritza, kultura, turismo eta aisialdi jardueren zentro" bilakatzea; Maiak errana da, berriz, "fruta dendekin eta mertzeriekin" ez dela lortuko Alde Zaharra biziberritzea. Ez zuen hori erran alkate zenean, halere: joan den otsailekoa da adierazpen hori.

Auzoa kontsumitzeko, edo auzoa bizitzeko. Alde Zaharra kontsumorako gune huts dutenen jarduerak gero eta zailago bilakatzen du bertan bizi ahal izatea. Hori da kontua. Pisutekako kideek gogoratu dute, adibidez, 2007. urtean taberna gehiago zabaltzeko aukera jarri zuela udalak mahai gainean, berriz ere. Molinak eta Laluezak auzoarekin duten konpromisoa berretsi dute. "Hemen bizi nahi dugu". Eta bizitzeko auzo baten alde egin nahi dute Pisutekarekin. Alokairuan bizi da Molina; Laluezak, berriz, etxe bat erosi du. "Alokairuek gora egin dute; ez nuen erosi nahi, baina, azkenean, egoerak ez dit utzi beste aukerarik".

Aukeren zerrenda zabaldu nahi du Pisutekak, hain zuzen ere, eta erakunde publikoekin eta etxebizitzetako jabeekin elkarlanean aritzeko prest dira hori lortzeko. Sarea zabaldu nahi dute, auzoa bizitzeko toki bat izan dadin.

Auzoan dauden etxe hutsekin kezka agertu dute Pisutekako kideek, eta etxe baten beharra duen jende anitz badela nabarmendu dute. "Udaleko arduradunek esana da Alde Zaharrean bizitzeko 200 pertsona daudela zain erakunde horren etxebizitza poltsan", erran du Molinak.

Udalak dituen etxeetako anitzek zaharberritzeko beharra dute. Udalak horretarako dituen laguntzek, ordea, ez dute aurrekontu osoa ordaintzen. "Udalak, gehienez ere, 12.000-14.000 euro pagatzen ditu. Gastu gehiago behar dutenak ez ditu konpontzen", azaldu du Molinak. Eta horiek erabiltzeko proposamena egin dute, hain zuzen, Pisuteka sareko kideek: "Etxea hartzen duenak har dezake falta dena ordaintzeko ardura bere gain, eta, trukean, ez ordaindu zenbait urtetako alokairua. Hutsik diren etxeak erabiltzeko bideak bilatzea da kontua", erran du Molinak.

Etxeetako jabeek sarearekin bat egitea nahi dute Pisutekako partaideek ere. "Zuzenean azaldu nahi diegu auzoarentzat garrantzitsua dela bertan bizi nahi dutenei alokatzea". Aztertu nahi dituzte bertzelako proposamenak ere: etxebizitza partekatzea, adibidez. Belaunaldi ezberdinetako auzolagunek etxe berean bat egiteko aukera jarri dute mahai gainean. "Bakarrik bizi diren zaharrak badira auzoan; azter dezagun haiek eta gazteek etxea partekatzeko aukera", azaldu dute Pisutekako kideek.

Alde Zaharra husteko joerari buelta eman nahi dio Pisuteka sareak. Bizitzeko auzo bat sortu. Eta, horretarako, lehentasuntzat jo du, batetik, taberna gehiago zabaltzeko aukera bertan behera uztea, eta, bertzetik, turistentzako alokairuen inguruko jarduera kontrolatzea eta arautzea. Erakundeen laguntza eta esku hartzea behar dutela badakite sareko kideek. Baina auzoak hitza hartu behar duela ere argi utzi dute. Auzoak duela auzoko etorkizunaren giltza. Behar dituen baliabideak izanen dituen auzoa nahi dute. Hiri zati bat, bertan bizitzeko.

Bihurgunez betetako bidea

Bihurgunez betetako bidea

Edurne Elizondo

Kezka. Otsailean erran zuen Nafarroako Gobernuak zazpi hilabetez itxiko zituela Belateko tunelak, azpiegitura hori Europako segurtasun eskakizunetara egokitzeko lanak egiteko, eta, geroztik, kezkak hartu ditu N-121-A errepideko erabiltzaileak, bai eta bide horren inguruan bizi diren herritarrak ere. Zalantzaz eta bihurgunez beteta dator datozen hilabeteotako bidea.

Nafarroa iparraldeko herriak hiriburuarekin lotzeko errepide nagusia da N-121-A. 1997an inauguratu zituzten Almandozko eta Belateko tunelak. Azpiegitura hobetzeak ekarri du Belateko mendateko bide zahar eta bihurgunetsua bazter uzteko aukera; ekarri du, halaber, ibilgailuen kopuruak nabarmen gora egitea. Egunean, 3.900 ibilgailu astunek zeharkatzen dituzte Belateko tunelak, hain zuzen ere. Zazpi hilabetez itxiko dituzte orain, eta ibilgailuek mendateko bidea erabili beharko dute, berriz ere.

Obren bidez, substantzia toxikoak eta sukoiak aterarazteko drainatze sistema bat eta suarekin hausten ez den kable sistema bat jarriko dituzte bi tuneletan, batetik; bertzetik, Belatekoan larrialdi egoeretan ibilgailuak gelditzeko bi gune berri eginen dituzte. 4,9 milioi eurokoa da lanok egiteko aurrekontua.

Obrak egiteko asmoa agertu zuenean, eskualdeko hautetsiek gobernuari eskatu zioten pasaeran ziren kamioiak A-15 autobiara desbideratzeko, Belateko lanak egin bitartean. Gobernuak ez du proposamen hori onartu, ordea.

Gobernuak hainbat neurri jarriko ditu martxan, astelehenetik aurrera, baina neurri horiek ez dute lagundu batzuen eta bertzeen zalantzak eta kezkak argitzen eta bazter uzten. Eskualdeko hautetsien ustez, gobernuak zehaztutako neurriak ez dira nahikoak, eta, gainera, "kudeatzen zailak" izanen dira. Horixe nabarmendu du Baztango alkate Joseba Otondok. "Neurriek ez dituzte asebetetzen eskualdeko herritarren eskaerak".

Zehazki, pasaeran diren lau ardatz edo gehiagoko merkantzia ibilgailuen zirkulazioa mugatuko du gobernuak. Ez erabat, ordea. Matrikularen arabera eginen du: datorren astean, hilaren 4tik 10era, matrikula bakoitia duten gisa horretako kamioiek egunez erabili ahal izanen dute mendateko bidea. Hurrengo astean, berriz, matrikula bikoitia dutenek erabili ahal izanen dute. Txandaka ariko dira hurrengo asteetan. Neurriok uztailaren 15era bitarte egonen dira indarrean. Gero, gobernuak erabaki beharko du ezartzen jarraitu edo egokitu eginen dituen.

Halaber, Nafarroako Gobernuak akordioa egin du Audenasarekin, eta, Belateko lanek iraun bitartean kamioiek ez dute bidesaria ordaindu beharko A-15ean; BEZa soilik: 0,39 edo 0,50 euro, ardatz kopuruaren arabera

Bertzelako neurriak ere zehaztu ditu gobernuak: txirrindulariak ezin izanen dira mendatetik ibili, eta ezin izanen dira kirol probak egin, adibidez. Gainera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gauez baino ezin izanen dira mendatetik pasatu.

Kamioien herenak, bidetik at

Hautetsientzat ez da nahikoa gobernuak adostutakoa. "2011ko datuen arabera, Belateko tuneletatik pasatzen diren ibilgailu astunen %65ek nazioarteko zama garraiatzen dute; %35ek baino ez dute eskualdea helmuga. Gobernuak hartutako neurrien bidez, ibilgailu astunen herenak baino ez dituzte kenduko bidetik".

Garraiolariek ere ez dituzte ontzat jo neurriok. Arrazoiak bertzelakoak dira. "Ezarritako murrizketekin ez gaude ados. Kamioilariak lanean dira errepidean, zerbitzu bat eskaintzen. Gure ustez, egokiena zen kamioilariek natural erabakitzea bide batetik edo bestetik joan. Denbora asko galtzen badute, neurririk ezarri gabe hartuko dute A-15etik joateko erabakia", erran du Hiru garraiolarien sindikatuko ordezkari Esteban Muruamendiarazek.

Bidaiariak garraiatzen ditu Elizondoko Baztanesa autobus etxeak. Gobernuak hartutako neurriek ez diete eragiten gisa horretako ibilgailuei. Mendatetik joan beharrak, halere, zerbitzuan eragina izanen duela argi dute Baztanesako arduradunek. "15-20 minutu gehiago beharko ditugu bidaia bera egiteko. Ordutegiak moldatu beharko ditugu. Kezka eragin digu egoerak. Adibidez, zalantza dugu Iruñera eramaten ditugun ikasleak garaiz iritsiko diren", erran du Koldo Ruizek.

Elizondotik Iruñera egunean lautan joaten dira Baztanesako autobusak; eta egunean bertze lau aldiz egiten dute alderantzizko bidea. Zenbait ibilbidek Oronozen bat egiten dute; mendatetik joan behar izanen dutenez astelehenetik aurrera, zerbitzuak batzeko aukera kolokan dela azaldu dute enpresako kideek. Ondorioz, Iruñetik 13:15ean ateratzen den zerbitzua, adibidez, ordu laurden bat aurreratzea erabaki dute jada, Oronozen bat egin behar baitu Elizondotik Donostiarako bidea egiten duen autobusarekin.

Neguko eta udako ordutegiak ditu Baztanesak, baina aurten ez aldatzea erabaki dute, Belateko lanen ondorioz. Neguko ordutegiak jarraituko du indarrean. "Espero dugu obrak garaiz amaitzea". Neguan mendatean sor daitezkeen arazoak buruan dituzte Baztanesako kideek, hain zuzen ere.

Kezka da nagusi, halaber, Baztango Udalean. Joseba Otondo alkateak argi utzi du ez direla Belaten eginen dituzten lanen kontra, baina zalantzarik ez du obrek ez dituztela egungo segurtasun arazoak konponduko. Horretarako, egun N-121-A errepideak hartzen duen nazioarteko zama garraioa desbideratu beharko litzateke, alkatearen hitzetan. Nabarmendu du oraingo lanez harago arazo nagusia dela N-121-A errepidea ez dela gai egun duen ibilgailu kopurua hartzeko. "Leitzaran ibilgailu astunentzat egin zuten. Azken urteotan, behera egin du han zirkulazioak; Belateko tuneletan, aldiz, gora".

Hiriburura begira

Egungo egoerak lurralde antolaketarako ereduarekin lotura zuzena duela erantsi du Otondok. "Hiriburuarekiko gero eta menpekotasun handiagoa dugu". Hau da, osasun zerbitzuak, lana eta bertze Iruñean daude, batez ere, eta horrek ekartzen du Baztanen gisako eskualdeetako biztanleek egunero egin behar izatea hiriburura joan-etorriko bidaia. Kamioien kopuruak gora egin izana garapen sozioekonomikorako ereduarekin lotu du Baztango alkateak ere, eta salatu du eredu horrek ekartzen duela salgaiak toki batetik bertzera gero eta gehiago mugitu behar izatea.

Felix Gamiok egunero egiten du Iruritatik Burlatarako bidea, lanera joateko. Autoak konpontzeko tailerra du herri horretan baztandarrak. Belateko tunelak obrak egiteko itxiko zituztela jakitea "gogorra" izan zela aitortu du. "Badakigu mendatetik ibiltzea zer den; 05:30ean pasatzen ohi naiz, eta ordurako jada badira kamioiak errepidean. Azken hamar urteotan kopurua bikoiztu dela esanen nuke".

Kamioien kopurua "arazotzat" jo du Gamiok, eta erantsi du ez duela uste errepidea prest dagoenik egun duen zirkulazioa hartzeko. Argi du txarrena, halere, neguan etor daitekeela. "Orain ere, lainoa izaten dugu anitzetan; neguan mendatetik joan behar badugu, zaila izanen da egoera".

Kezka eta zalantza anitz ditu Gamiok. Kezka eta zalantza anitz ditu, halaber, Baztango alkateak. Uztaileko lehen hamabostaldian bilera eginen du Nafarroako Gobernuak Belateko lanen jarraipena egiteko osatutako batzordeak, eta Otondok argi utzi du eskualdeko hautetsiak beren "datu eta ikuskapenekin" joanen direla bilera horretara.

"Ez dugu uste erraza izanen denik gobernuak onartutako neurriak martxan jartzea. Ez dugu argi nola moldatuko diren foruzainak kamioilari bulgariar batekin, adibidez, errateko ezin dela errepidetik pasatu", erran du Otondok. Erantsi du mobilizazio gehiago egiteko asmorik ez dutela, baina "errepidean" izanen direla lanak hasi eta neurriak martxan jartzen dituztenean, zein neurritan betetzen diren ikusteko.

Gobernuak erran du informazioa zabaltzeko kanpaina eginen duela, eta gora eginen duela, halaber, errepidean izanen diren polizien kopuruak.

"Bat-batekotasuna" aipatu du Otondok, gobernuak hartutako neurrien inguruan. "Hautetsiek eskatuta moldatuko ditu gobernuak mendateko errepide zaharreko hainbat zati, adibidez". Zenbait bihurgune "hagitz itxiak" direla gogoratu du Otondok, eta kamioiek nekez hartu ahal zituztela bihurgune horiek kontrako norabideko bidean sartu gabe. "Horrelako gauzak kontuan hartu behar zituen gobernuak inork eskatu gabe".

Bihurgunez betetakoa izanen da datozen hilabeteotako bidea, eta oraingo lanek, gainera, ez dituzte mahai gainean diren arazo guztiak konponduko.

Hizkuntza, eskubide eta berme

Hizkuntza, eskubide eta berme

Edurne Elizondo

Tuterakoa naiz, euskalduna. Batxilergora arteko ikasketak euskaraz egin ditut; Iruñera etorri, eta gaztelaniaz ikasi behar dut Erizaintza; halabeharrez, ordea. Etsigarria da". Amaia Muelarenak dira hitzak. Nafarroako Parlamentuan erran zituen, joan den astean, Erizaintzako ikasketak euskaraz jar ditzatela eskatzeko egindako agerraldian. Fakultateko ikasleen erdiak dira euskaldunak, eta martxan jarri dira, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Gobernuari exijitzeko Erizaintza euskaraz irakasteko urratsak egin ditzatela.

Ez dira bakarrik. Euskalgintzak bat egin du eskaera horrekin; osasunaren arloko profesionalek ere bai. Jardunaldia egin du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak NUPeko Osasun Zientzien fakultatean, hain zuzen ere, eta argi utzi du, batetik, ikasleek eskubidea badutela euskaraz ikasteko, eta, bertzetik, herritarrek ere bai euskaraz arta ditzaten. Erabiltzailearekin nahi duen hizkuntzan mintzatzeak eta komunikatzeak duen garrantzia nabarmendu dute erizainek eta medikuek.

Egindako praktiketan ikasi du Muelak hori. "Euskaldunekin euskaraz egiten duzunean, harreman hurbilagoa sortzen da, konfiantzazko giro bat; etxean direla sentitzen dute". Maite Velasco erizainak badaki Muela zertaz ari den. 1980. urtean bukatu zituen Erizaintza ikasketak, eta lehen arretan aritu zen, hasieran, lanean. Duela hamar urte, ospitaletik kanpoko larrialdien arlora aldatzea erabaki zuen, eta Iruñeko San Martin Doktore zentroan ari da geroztik. Euskaraz badakiela azaltzen duen txapa jartzen du beti soinean.

Euskaldun berria da Velasco, eta aitortu du hasieran kosta egin zitzaiola zerbitzuko erabiltzaile euskaldunekin hizkuntza horretan mintzatzeko urratsa egitea. "Euskaraz egiteko gai nintzen, baina halako beldurra sentitzen nuen. Azkenean, txapa jantzi, eta euskaraz egiten hasi nintzen gaixoekin".

Ez da damutu. Are gehiago, hainbat kasutan euskaraz egitea arretarik egokiena emateko berme izan dela nabarmendu du erizainak. "Zahar etxe batetik deitu gintuzten behin. Emakume bat artatu behar izan genuen. Oso urduri zegoen. Lasaitzeko zerbait ematea nahi zuten hango langileek. Ez zuen behar izan, ordea. Galduta zegoen, eta gelara itzuli baino ez zuen nahi. Gauez zen, eta momentuko urduritasunaren eraginez ezin zuen gaztelaniaz azaldu zer gertatzen zitzaion. Euskaraz mintzatu nintzen harekin, eta berehala lasaitu zen".

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kide da Velasco, eta erakunde bereko kide Arantza Zabala erizainarekin batera, Erizaintzako ikasleekin partekatu ditu bere esperientziak. Ikasleok ere badute zer erran hizkuntzak beren lan jardueran duen garrantziari buruz. Batek kontatu du ospitalean praktikak egiten ari zenean beti isilik zegoen gaixo bat ezagutu zuela, eta hitz egiten hasi zela ikaslea euskalduna zela jakin zuenean. Bertze batek, berriz, alzheimerrak jota zegoen emakume euskaldun bat artatu zuela bere praktiketan, eta urduri zenean, euskaraz egiten ziotenean lasaitzen zela.

Diagnostiko okerra

Ikasleon kontakizunak entzun ditu Lesakako osasun etxeko familia mediku Irune Tubiak. Bere lanean ere izan ditu antzeko egoerak. Herritarrek euskaraz ikasteko eta osasun zerbitzuetan euskaraz arta ditzaten duten eskubideaz harago, diagnostiko bat egiteko orduan hizkuntzak errateko duena nabarmendu du sendagileak.

Larrialdietan izandako kasu bat ekarri du gogora Tubiak. "Iktusa izandako gizon bat etorri zen. Aurretik euskalduna ez zen mediku batek artatu zuen, eta gaixoaren historia klinikoan jaso zuen iktusak eraginda ez zela gai esaldiak osatzeko. Harekin euskaraz hitz egin nuen, eta ez zuen inolako arazorik. Kontua zen gaztelaniaz ez zela esaldiak osatzeko gai, hizkuntza ez zuelako menperatzen. Diagnostikoa okerra zen; gertatzen dira halakoak".

Diagnostikoan sor daitezkeen hutsak bazter utzita, larrialdietara ailegatzen diren erabiltzaile anitz urduri eta kezkatuta egoten direla erantsi du medikuak, eta euskaldunek eskertzen dutela profesional euskaldun batekin hitz egin ahal izatea. "Lankideek niregana bidaltzen zituzten euskaldunak, konturatzen zirelako askoz ere lasaiago egoten zirela". Nork bere hizkuntzan hitz egin ahal izateak osasun zerbitzuaren kalitatea bermatzen laguntzen duela argi du Tubiak.

Orain Lesakan ari da lanean, baina berriki Arantzako osasun etxean eman zituen bi aste. "Adin bateko jendea etortzen zen, eta erizainari galdetzen zioten medikua euskalduna ote zen; erizainak azaldu zidan kontua zela medikuak euskaraz ez bazekien seme-alabekin itzuli nahiago izaten zutela". Bazekitelako zailagoa izanen zela mediku erdaldunarekin komunikatzea.

Profesionalek eta ikasleek argi dute euskara eskubide eta berme badela osasunaren arloan. Administrazioak, ordea, ez du hain garbi auzia. Ez, behintzat, datuen arabera. "Eremu euskaldunean, 70 lanpostutan baino ez da euskara eskakizuna; eremu mistoan, berriz, bakarrean". Zehazki, Nafarroako Ospitale Guneko 6.142 lanposturen artean, erizain postu bakar batean da euskara eskakizuna. Hori da egungo egoera; eta eremu euskalduneko postu horien artean daude sendagileak, erizainak, gizarte langileak eta administrariak.

Nafarroako Gobernuak administrazioan euskara arautzeko dekretua onartu zuen iaz, eta urtebeteko epea zehaztu zien departamentuei, nork bere euskara plana egin zezan. Asmoa da departamentuek beren beharrak jasotzea plan horietan. Oraindik ez dituzte aurkeztu.

Erizaintza ikasketen arloan, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak badute zer erran euskaraz eskaintzeko aukerari buruz. Ikasleek euskalgintzako ordezkariak izan zituzten lagun parlamentuan egindako agerraldian. Maite Inda da ordezkarietako bat, eta argi eta garbi egin du ikasleon mezuaren alde: "Erizaintza ikasketek dute euskaraz egin ahal izateko aukera gehien, ikasle euskaldunen kopurua kontuan hartuta; gainera, ikasketa horien bidez zerbitzu publikoa eskainiko duten profesionalak trebatzen dira; ondorioz, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen lagunduko dute".

Behatokiko ordezkari Arantxa Aranburuk bat egin du Indarekin. Azaldu du Arartekoarekin jorratu dutela auzia, eta erakunde horrek ere egin duela Erizaintza euskaraz eskaintzeko aukeraren alde. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak babestu du proposamena; NUPek, ordea, "zailtasun teknikoak" jarri ditu mahai gainean aukera hori bazter uzteko.

Ikasleek eta euskalgintzako ordezkariek parlamentuko taldeei eskatu diete laguntza Erizaintza euskaraz ikasi ahal izateko urratsak egiteko, parlamentuak asmo horrekin bat egin baitzuen otsailean onartutako mozio baten bidez.

Bitartean, euskaraz ikasteko eskubidearen alde lan egiten jarraituko dute Erizaintzako ikasleek, berretsi dutenez. Euskaraz ikasi ahal izateko, hain zuzen, Nafarroatik kanpo joan behar izan dute hainbat Erizaintza ikaslek. Haietako bat da Irati Lasa. Idatziz hartu du hitza parlamentuan, "bazterketa" salatzeko.

NUPen gelditu direnek ikasgai eta erdi dituzte, egun, euskaraz, lau urteko ikasketetan. Euskaraz ikasteko dituztenak ez dira aurkitutako oztopo bakarrak. Kanpaina hasi dute ikaskideen artean sinadurak biltzeko, ikasketak euskaraz eskatzeko, eta ez dute beti jaso euskaraz ez dakiten kideen elkartasuna. Azaldu dute hainbat ikaslek uko egin diotela sinatzeari, "lanik gabe gelditzeko beldur" direlako. "Mito anitz dago; tartean, euskaraz egiteagatik puntu pila lortzen dugula", erran du Tubiak. Bertako hizkuntzak jakitea "gutxienekoa" dela argi du. Hizkuntzek balio erantsi bat ematen dutela.

Gaitzak eta bazterketak jota

Gaitzak eta bazterketak jota

Edurne Elizondo

Ez digute jaramonik egiten. Gutxi gara, eta, gaixo eta emakume gisa, tratu txarra ematen digute. Genero kontua da! Ozen erran behar dugu, kexatu, eta ikusgarri bilakatu". Fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, sentsibilitate kimiko anizkoitza eta elektrohipersentsibilitatea dutenen nazioarteko eguna izan zen larunbata, eta, gaitz horien berri emateko, Unrest dokumentala bistaratu zuten Frida elkarteko kideek, larunbatean bertan, Iruñean. Ikusle batenak dira hasierako hitzak; neke kronikoaren sindromea duen emakume batenak. Gaitz hori du filma zuzendu duen Jennifer Break ere, eta ordu eta erdiko lanean jaso ditu hura sufritzen dutenen egunerokoan gaitzak dituen ondorioak; bai eta eritasunak, batez ere, emakumeak jotzeak duen eragina ere.

Fibromialgiak, neke kronikoaren sindromeak, sentsibilitate kimiko anizkoitzak eta elektrohipersentsibilitateak sentsibilizazio zentraleko sindromeen multzoa osatzen dute, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak 1992an aitortu zien gaixotasun izaera. Herritarren %4 ingururi eragiten diete, eta hamar gaixotik bederatzi emakumeak dira.

Frida elkarteko kideen artean gehienak dira emakumeak. Maider Agirre da presidentea, eta argi eta garbi erran du gaitzok, bereziki, emakumeak jotzeak ekarri duela "kasurik ez" egitea. "Arlo guztietan baztertzen gaituzte", salatu du. Bazterketa horrek dituen aurpegietako hainbat zehaztu ditu: "Gutxi ikertzen dira gaitzok; medikuarengana jotzen dugunean, emakumeok psikiatrarengana bidaltzen gaituzte, anitzetan; ez, ordea, gizonak. Diagnostikoa jaso eta gero ere, gizonentzat errazagoa da ezintasun absolutua jasotzea emakumeontzat baino".

Unrest dokumentalak neke kronikoaren sindrome larria dutenen kasuak azaltzen ditu, batez ere. Munduan, 15-30 milioi pertsonak badute gaitz hori. %75ek ezin dute lanik egin, eritasunaren ondorioz; %25ek, berriz, ohean gelditu behar izaten dute. Frida elkarteko Maider Agirre ez da gaitza duen bakarra; elkarte bereko Patricia Murciak eta Susana Arangurenek ere badute. Fibromialgia diagnostikatu diete hirurei, halaber. Arangurenek, gainera, sentsibilitate kimiko anizkoitza du.

Gorputz osoko mina, nekea eta indarberritzen ez duten loaldiak dira fibromialgiaren bereizgarri nagusiak; hala ere, beste hainbat sintoma ere lotzen zaizkio: heste minberaren sindromea eta zefa-leak, adibidez. Sintoma anitz partekatzen ditu fibromialgiak neke kronikoaren sindromearekin. "Gaitzok batera agertzen dira, kasu anitzetan". Arazo kognitiboak ere eragin ditzakete gaixotasunok. Beren egunerokoa erabat baldintzatzen dutela erran dute Fridako kideek. "Niretzat, nekea da okerrena; hori da gehien mugatzen nauena. Nekatuta altxatzen naiz, eta bazkaldu eta gero jada ezin dut deus egin. Energia kudeatu behar dut, arratsaldean zerbait egin ahal izateko", azaldu du Agirrek.

Unrest filmeko zuzendari eta protagonista Jennifer Break ia amaitzear dagoen bateriaren irudiarekin lotu du neke hori. Funtzionatzeko modu berezia izanen luke bateria horrek, gainera: betetzea kosta egiten zaio, batetik; eta, bertzetik, ahaleginik txikienak ere eragin dezake erabat hustea. "Metafora hori hagitz egokia da sentitzen duguna islatzeko", adierazi du Agirrek.

Onespenik eza

Onespenik ezari egin behar izaten diote aurre fibromialgia edo neke kronikoaren sindromea duten gaixo gehienek. "Niri 2008an erran zidaten neke kronikoaren sindromea nuela. Egun batetik bertzera, ohetik ezin altxatu gelditu nintzen, batere indarrik gabe. Diagnostikoa jaso eta gero, konturatu nintzen fibromialgia txikitatik izan dudala. Beti izan dut mina. Kontua da min horrekin bizitzen ikasi dudala", azaldu du Arangurenek.

Aurre egin behar izan die, batetik, bere gaitzak "psikologikoak" direla erraten dutenen hitzei; aurre egin behar izan die, bertzetik, bere buruan sortutako zalantzei: "Hasieran, zer duzun ez dakizunean, zalantzak dira nagusi. Neure buruari galdetzen nion: ez duzu nahi ezin duzulako, edo ezin duzu nahi ez duzulako?". Agirrek ongi ezagutzen du sentsazio hori: "Medikuen eta gizartearen onespenik ezak ekartzen du geure burua zalantzan jartzea".

"Eztabaida sortzen duten gaixotasunak dira", erran du Iñigo Murga medikuak. Neke kronikoaren sindromea du Murgak ere, eta Eman Eskua elkarteko kide da. EHUko hainbat ikertzailerekin batera, neke kronikoaren sindromeari buruzko ikerketa egiten ari da. Gaitz horren inguruko eztabaidari aurre egiteko "ezinbertzekotzat" jo du ikerketa bultzatzea, hain zuzen ere. "Ikerketak ekarriko du medikuen eta gizartearen onespena".

Murgak nabarmendu du 1956. urtetik baino ez dela hitz egiten neke kronikoaren sindromeaz; fibromialgiari buruz, 1976tik; eta sentsibilitate kimiko anizkoitzari buruz, berriz, 1988tik. Gaixotasun neurologikotzat jotzen da neke kronikoaren sindromea, egun, zalantzarik gabe. Fibromialgia ere gaitz neurologikotzat dute gero eta profesional gehiagok, baina Murgak zehaztu du, sailkapen ofizialetan, "eritasun erreumatologikotzat" dutela, oraindik ere. Inolako zalantzarik gabe baztertu du, halere, eritasun horiek buruko gaitzak izatea.

Halakotzat tratatu dituzte denbora luzez, ordea. Errealitate hori ederki islatzen du Unrest dokumentalak, eta Frida elkarteko kideek ere badute zer erran horri buruz. "Behin, medikuak etxera etorri behar izan zuen, ezin altxaturik nengoelako. Karrikara aterata sendatuko nintzela erran zidan, gaitza neure buruan baino ez zegoelako", kontatu du Arangurenek.

Unrest filmak errealitate are gordinago baten berri eman du, Danimarkan jazotako kasu baten bidez. Herri horretan, Poliziak etxetik atera zuen neke kronikoaren sindromea zuen Karina Hansen nerabea, psikiatra batek aginduta. 2013. urtean gertatu zen, eta hiru urtez egon zen emakumea zentro batean itxita. 2016an itzuli ahal izan zen etxera.

Unrest dokumentaleko zuzendari Jennifer Brea gaixotu zenean ere "konbertsio nahasmendua" zuela erran zioten medikuek, hasieran. "Hitz horiek erabiltzen dira orain lehen emakumeei egozten zitzaien histeriaz hitz egiteko", zehaztu du Murgak. Estigma horren eragina indarrean dela argi dute Frida elkarteko kideek. "Beti kexatzen ari garela erraten digute, gertatzen zaiguna handitzen dugula emakumeok; bertzela, depresioak jota gaudela", azaldu du Arangurenek.

Unrest dokumentalak Nancy Klimas immunologoaren hitzak jaso ditu, bertzeak bertze. Klimas da neke kronikoaren sindromearen esparruko aditu nagusienetako bat, Murgak nabarmendu duenez; eta Klimasek berak argi eta garbi erran du Brearen lanean "arazoa" dela gaitz horrek, batez ere, emakumeei eragitea. Ez delako aintzat hartzen, eta, ondorioz, ikerketarako behar diren baliabideak ez direlako bideratzen.

Frida elkartearen bidez, hain zuzen, egoera horri aurre egin nahi diote. 2006. urtean sortu zuten. Ordura arte, Afina elkarteak hartzen zituen Nafarroan fibromialgia, neke kronikoaren sindromea eta lotutako gainerako gaitzak zituzten gaixoak. Taldea bitan zatitu zen, eta Afina eta Frida ari dira lanean egun. Bi elkarteok gogoratu dute asteburuan gaitzon nazioarteko eguna. Ikerketa eskatu dute, batez ere.

Arangurenek eta Agirrek erantsi dute Fridan egiten duten lanak laguntzen diela aurrera egiten. "Elkartean bat egin dugun emakume gehienok hagitz bizitza aktiboa genuen gaitzak agertu baino lehen; zenbaitetan gogorra da elkarteak eragindako lanaren erritmoa, baina hemen elkar laguntzen dugu, elkarri babesa ematen diogu", nabarmendu dute.

"Zure egoera berean denak ulertzen zaitu hobekien", berretsi du Agirrek. "Zure egoera berean diren horiek ezagutzen dituzunean konturatzen zara zure kasua ez dela bakarra, eta horrek lasaitzen zaitu", erantsi du Arangurenek.

Unrest dokumentalak islatzen du Jennifer Break gaitz bera duten bertze milaka pertsonarekin mundu zabalean osatutako sarea. Interneten bidez osatutako sarea da hori. "Interneten konturatu nintzen bazirela nire gaitz bera zuten bertze pertsona anitz", kontatu du Break filmean. Testigantza gordin eta gogorra da Unrest lanean egiten duena. "Hilda nagoela sentitzen dut zenbaitetan, baina munduak aurrera nola egiten duen ikustera behartzen naute, aldi berean". Brearen hitzek eta ordu eta erdiz jositako irudiek eman diete zer pentsatu Fridako kideei. Barrua nahastu diotela onartu du Agirrek. "Gure etorkizuna hori izanen ote?", galdetu du. Ez du zain gelditu nahi, deus egin gabe. Ikerketa eskatu du. Ikerketa eta onespena. Aintzat har ditzatela.

Egituran dagoen arazo baten sintoma

Egituran dagoen arazo baten sintoma

Edurne Elizondo

Beren funtzioa betetzen ari dira epaileak eta hedabideak: sistema patriarkalari eusten ari dira". Horixe erran zuen Montse Pinedak, iazko azaroan, Iruñean, 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko sexu erasoaren inguruko epaiketa hasi zenean. Creacion Positivako ekintzaile feminista da, eta indarkeria matxistetan aditua. Auzi horren inguruko epaia ezagutu eta gero, errandakoa berretsi du Pinedak: "Zoritxarrez, erran nuenari eutsi behar diot; sistema judizialak eta zigor kodeak gure gizartearen balioak azaltzen dizkigute, eta balio horiek patriarkalak dira".

Bost gizonen artean 18 urteko emakume bat inguratu, atari bateko gelan sartu, paretaren kontra inmobilizatu, sexu harremanak izatera behartu, bideoan grabatu, emakumea lurrean botata utzi eta haren sakelakoa ebatsi, laguntza eskatzerik izan ez zezan. Hori gertatu zen Iruñean, 2016ko uztailaren 7ko goizaldean. Nafarroako Lurralde Auzitegiak frogatutzat jo du sekuentzia osoa. Hala ere, epaileen arabera, eginikoa ez zen sexu erasoa izan.

"Abantailakeriazko sexu abusu jarraitua" egotzi, eta bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri diete bost akusatuei. Epaileek onartu dute sexu harremanak ez zirela "adostuak" izan, eta emakumea "behartu" egin zutela, euren "nagusitasun fisikoa" baliatuz. Hala ere, ez dute frogatutzat jo auzipetuek "indarkeria fisikoa, mehatxuak edota larderia" erabili zutenik. Magistratu batek boto partikularra eman du, gainera, eta absoluzioa eskatu bost gizonentzat.

"Sexu eraso batean beti bada indarkeria". Horixe erran du Clara Timonelek. Sexu osasunean eta giza eskubideetan aditua da. Onartu du "estutasun handia" eragin ziotela epaia ezagutu aurreko egunek. "Absolbituko zituztela uste nuen. Zigortu zituztela jakin nuenean, lasaitua hartu nuen, baina amorru bilakatu zen, berehala, gertatutakoa abusutzat jo zutela jakin nuenean".

"Genero indarkeriei buruz ari garenean, sistemak ziurtzat jo ohi du emakumeak gezurra erraten duela. Egoera hori bazter uzteko ordua dugu. Ez da erraza, ordea, inguru patriarkal eta misogino batean bizi baikara", nabarmendu du Timonelek.

Justiziaren arloa inguru patriarkal eta misogino horren barnean dagoela argi du Timonelek; June San Millan abokatu eta Salhaketako kideak ere ideia hori nabarmendu nahi izan du: "Sententziak agerian utzi du, batez ere, justiziaren esparruan inolako genero ikuspegirik ez dagoela, eta emakumeak erabat salduta daudela; justiziak ez ditu betaurreko moreak jantzi, oraindik ere", erran du, argi eta garbi. Arazoa da, haren ustez, jurisprudentziak bizkarra ematen diola genero ikuspegi horri. "Sententziak onartzen du emakumeak egia erran duela. Larderia ez du onartzen, ordea, jurisprudentzia halakoa delako, genero ikuspegirik gabea, alegia".

Zigor kodea aldatzeko aukeraz harago, "egiturazko aldaketa" behar dela nabarmendu du San Millanek. Izan ere, sanferminetako taldeko sexu erasoaren inguruko epaia ez da salbuespena. Azken egunotan, adibidez, Kantabriako (Espainia) epaile batek sexu abusutzat jo du gizon batek haur bati egindakoa, eta ez, ordea, erasotzat, umeak ez ziolako erasotzaileari "aurre egin". Haurrak 5 urte baino ez zituen lehen erasoa sufritu zuenean. "Gisa horretako epaiak eguneroko kontua dira", erran dute adituek.

"Arazoa ez da legea, epaileek egiten duten interpretazioa baizik. Horregatik, zigor kodea moldatzea ez da konponbidea; hamaika aldaketa egin dira, eta denek ekarri dute egoerak okerrera egitea. Kontua da giza eskubideen eta feminismoaren ikuspegia txertatzea", berretsi du San Millanek.

Botere abusua

"Sexu indarkeria terrorea eragiteko tresna bat da". Timonelenak dira hitzak. Gehiago erran du: "Abusua, berez, ez da sexu abusua, beti da botere abusu bat, edo konfiantza abusu bat. Sexualitateaz abusatu daitekeela errateak argi uzten du sexualitateaz, harremanak ezartzeko dinamikez eta indarkeriaz ditugun ikuskera eta definizioa erabat aldatu behar ditugula". Kantabriako sententziaren kasuaren gisakoetan, erasoa umeek sufritzen dutenean, Timonelek uste du sexu abusutzat jotzea "iraina" dela biktimentzat, "umeei ez duten dimentsio sexuala egozten dielako".

Timonelek aipatu duen indarkeriaz, sexualitateaz edo harremanak ezartzeko moduez gogoeta egiteko beharrarekin lotzen da, bertzeak bertze, Laura Casielles kazetariak egunotan idatzitakoa: "Gertatzen ari dena kontzeptuekin lotutako kontu bat da, inguratzen gaituen mundua ikusteko eta izendatzeko dugun moduarekin. Arazoa da dugun zigor kodeak ez duela indarkeria egungo edozein emakumek bezala ulertzen; ez du larderia ulertzen botereak eta pribilegioek gure harremanak gurutzatzen dituztela argi duen edozein pertsonak ulertzen duen moduan".

"Mingarritzat" jo du Casiellesek 2016ko Iruñeko taldeko sexu erasoaren inguruko sententziak jaso izana indarkeriarik ez zela izan. "Baimenik ez bada, indarkeria bada".

Baimenaren inguruan egiten dute lan, hain zuzen ere, La Pregunta 28 taldean. Talde horretako kide Stef Papinek, Cristina Gozalok eta Loreto Aresek idatzi dute Pikara Magazine hedabidean: "Baimena (txarra) eta desioa (ona) kontrajartzen dituen diskurtso bat zabaltzen ari da. Desioarena eremu labainkorra da, bizi dugun heteropatriarkatuan eraikuntza bat baita, gure subjektibotasunek eta esperientziek ukitua. Guk boteretzetik pentsatu nahi dugu: baimentzen dut nire gorputzaren gaineko boterea dudalako; onartzen dut nik hala erabakitzen dudalako; adosten dut hala egin nahi dudalako. Arazoa ez da desioa; arazoa da desioa identifikatzeko edo azaltzeko zer tresna dugun, kontuan hartuta bortxaketaren kulturak denok zeharkatzen gaituela".

Montse Pinedarentzat, baimenaren auzia "funtsezkoa" da. "Erabakiak nork eta nola hartzen dituen oinarrizko auzi bat da sistema patriarkalean, eta ez dugu ahaztu behar sexu indarkeriak direla gizarteak emakumeen bizitza kontrolatzeko erabiltzen duen tresna".

Pinedak uste du ezetza ezetz dela dioten leloak ez direla nahikoak, sexu indarkerien aurkako kanpainetan. Mezuak bertzelakoa izan behar duela. "Onespen positiboaren aldekoak gara gure elkartean. Bakarrik baietz erraten baduzu dela baietz; eta hala eta guztiz ere, baietz hori baldintzatuta egon daitekeela argi izan behar dugu".

Emakumeak subjektu politikotzat aldarrikatu ditu Pinedak, eta Iruñeko sententziak izaera hori ukatzen duela salatu du, hain zuzen ere. Ukatze horrek emakumeak "nazkatu" dituela uste du Pinedak, eta horregatik atera direla karrikara, azken egunotan, patriarkatuaren aurka. Clara Timonelek nabarmendu du "harro" dagoela karrikan epaiari eman zaion erantzunarekin. "Aurrera egin dugu, eta sumatzen dut mugimendu feministaren kritikak ari direla iritzi publikora ailegatzen". Bat egin du Pinedak: "Sententzia honek ekarri du, lehen aldiz, auzi horri buruz hitz egitea espazio guztietan".

Nazioartean ere izan dute oihartzuna mugimendu feministaren protestek, bai eta epaiak berak ere. Europako Batzordeak gogoratu du, adibidez, bortxaketa direla baimenik gabeko sexu harremanak, Istanbulgo akordioaren 36. artikuluaren arabera. Nazio Batuen Erakundeak ere nabarmendu du sententziak "bortxaketaren larritasuna gutxiesten" duela, eta kalte egiten diola, "argi eta garbi", emakumeen eskubideak errespetatzeko beharrari. Europako Batasuneko Justizia eta Genero Berdintasun komisario Vera Jourovak ere hartu du hitza, epaiari buruz: "Espero dut helegiteari erantzun azkar eta justu bat ematea".

Hainbat epaileren artean ere sortu du ezinegona sententziak. Dalila Dopazo (Lugo, Galizia), Nekane San Miguel (Bilbo) eta Angels Vivas (Bartzelona) magistratuek, adibidez, gutuna idatzi diote biktimari, eta argi erran diote epaiak bortxaketatzat hartu beharko zukeela haren kontrako delitua.

Epaileok nabarmendu dute, gainera, eraso baten aurrean "emakume bakoitzak ezberdin" erreakzionatzen duela. Bat egin du Clara Timonelek. "Pentsa dezakegu eraso baten aurrean modu batera edo bertzera jokatuko genukeela, baina ez dago jakiterik. Inoiz ez dakizu nola erreakzionatuko duzun". Timonelek erantsi du "sistemarentzat" ez dagoela "biktima on bat" izateko modurik. "Sistema bera tranpa bat delako. Ezin dugu joko horretan sartu". Sistemak biktima "epaitzen" duela erantsi du, eta errealitate horri "gogor" egin behar zaiola aurre.

Feminismoa eta kartzela

Nafarroako Lurralde Auzitegiak apirilaren 26an eman zuen 2016ko sanferminetako bortxaketari buruzko epaiaren berri. "Arratsalde osoa eman nuen sententzia irakurtzen". June San Millanek argi du larderia gertatu zela duela bi urteko taldekako erasoan, eta, argi du, halaber, genero ikuspegirik ezak ekarri duela epaileek eman duten sententzia. "Denen eskubideak bermatu behar direla zalantzarik ez dut; baina beldur naiz sistemak akusatuen eskubideak bermatzeko joera nabarmenagoa duela emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako kasuetan".

Feminismotik epaiari buruz zabaldu diren hainbat mezurekin ere kritiko agertu da San Millan; zehazki, espetxe zigorraren ingurukoekin. "Feminista batek ezin du espetxea defendatu", erran du. "Kartzela defendatzen duenak ez du ezagutzen. Gaztakak konpontzeko eta biktimari dagokion ordaina emateko bertze sistema bat behar dugu".

Salhaketako kide eta abokatuak onartu du oraingoaren gisako sententziek eta erasoek bereziki ukitzen dituztela herritarrak. "Auzi hagitz mediatikoa izan da, eta gertatu dena izugarria da". Amorrua normaltzat jo du. "Harago" jotzeko beharra berretsi du, halere: "Denen giza eskubideak bermatuko dituzten formulak bilatu behar ditugu; helburua da min gehiago eraginen ez duten bideak bilatzea, eta, batez ere, delitua prebenitzea. Ez dadila horrelakorik berriz gertatu. Justizia konpontzailea existitzen da; badira bertze bideak. Azter ditzagun, kasuz kasu erabiltzeko".

Formula berriak jorratzeko bide horrekin lotu du justiziaren esparruan giza eskubideen eta feminismoaren ikuspegia txertatzeko beharra. "Feminismo gehiago, eta espetxe gutxigo behar dugu", laburbildu du San Millanek. Feminismoa, bertzeak bertze, indarkeria sufritzen duten emakumeak babesteko.

Hezur eta haragizko Maiatzaren Lehena

Hezur eta haragizko Maiatzaren Lehena

Edurne Elizondo

Karrikara atera ziren sindikatuak asteartean, Maiatzaren Lehenean. Mahai gainean jarri zuten, bertzeak bertze, sindikalismo politikoago bat egiteko beharra, eta greba orokorraz hitz egiten hastekoa. Mobilizatzen eta aldarrikatzen jarraitzea ezinbertzekotzat jo zuten erakundeotako buruzagiek, langileen eskubideen alde.

Nafarroan, apirilean zabaldutako datuen arabera, 35.910 pertsona daude langabezian. Ia 21.000 emakumeak dira. Langabeen artean, %9 dira 25 urte baino gutxiagokoak, eta ia %19, berriz, 25 eta 34 urte bitartekoak. Lana dutenen artean ere, prekaritatea da nagusi. Beren esperientzien berri eman dute arlo ezberdinetako hainbat langilek.

IRENE SOTOS

Etxeko langilea

"Emakumeek beti doan egiten duten lana egiten dugu; ikusezinak gara"

Maiatzaren Lehena maiatzaren 1a bertzerik ez da Irene Sotosentzat. Egun bat, edozein egun. Ez du sentitzen sindikatuek ordezkatzen dutenik. "Emakumeek beti doan egin duten lana egiten dugu guk, eta, ondorioz, ikusezinak gara". Etxeko langilea da Sotos, La Rebelde elkarteko kide. Sektore horretan ari direnentzat bilgune izan nahi du elkarteak, denen indarra batuz, beren aldarrikapenak zabaltzeko.

Asteburuetan egiten du lan Sotosek, zaharrak zaintzen. "Ordu gutxiko kontratua dut". Hori da bere lanaren arazo nagusietako bat, nabarmendu duenez. "Behin-behineko egoera batean gaude beti. Batetik, ordu gutxiko kontratuak ditugu, anitzetan; eta, bertzetik, epe mugatu baterako. Lanean hasten garenean, inoiz ez dakigu noiz arte ariko garen".

Lana "egun batetik bertzera" amaitzen da, kasu anitzetan. Hori gertatzen denean, gainera, langabezia kobratzeko aukerarik ez dute etxeko langileek. "Ez gaude langileen estatutuan; guk bertze edozein langilek dituen eskubideak izan nahi ditugu".

Nafarroan 14.000 etxeko langile inguru badira, La Rebelde elkarteko kideen datuen arabera. Haietako 9.000 inguru baino ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda, ordea. Soldatak eskasak, eta lan baldintzak gogorrak izaten dira, gehienetan. "Lagun batek zaintzen duen pertsona ospitalean dago egunotan. Langileak ia egun osoa ematen du han, egunez eta gauez. Ez da bidezkoa", salatu du.

"Badakit guk egiten dugun lana ez dela fabrika batean makina bati lotuta dagoenak egiten duenaren gisakoa, baina, anitzetan, lana zure bizitza bilakatzen da, bertze deus egiteko denborarik ez dizulako uzten. Erabat lotzen zaitu".

Etxeko langileen artean migratzaileak dira nagusi. Sotos Argentinatik etorri zen Nafarroara. La Rebelde elkarteko kideekin duela lau urte bat egin zuen, etxeko langileen eskubideen alde lan egiteko asmoz. Oraindik ere, gutxi dira elkartean, aitortu duenez. "Zaintza lanetan ari diren migratzaileek, anitzetan, egoera are gogorragoa utzi dute atzean, eta eskertzen dute sorterrian gelditu direnei zerbait bidali ahal izatea".

Berak argi du borrokatzen jarraitu behar dutela. Borrokan, ikus ditzaten. "Ordua da etxeko langileon lana onartzeko eta duen balioa aitortzeko".

MOISES VANGU

ABLE bidezko langilea

"Ateak ixten dira beltza izateagatik; bigarren mailakotzat gaituzte"

Duela hogei urte utzi zuen sorterria Moises Vanguk. Kongoko Errepublikan jaio zen, eta han hasi zituen zuzenbide ikasketak. Senegalera joan zen ikasketak amaitzera, eta, handik, Espainiarako bidea hartu zuen, azkenean. Hamar urte egon zen Asturiasen, eta azken hamarrak eman ditu Nafarroan. Asturiasen iturgintzan trebatu zen, eta, orain, aldi baterako laneko enpresa (ABLE) baten bidez aritzen da beharrean, Iruñean. "Iturgintzan, eraikuntzan, garbitzaile gisa... ahal den lana egiten dut".

Zuzenbide ikasketak homologatzeko aukerarik ez zuen izan. "Hemen oztopoak bertzerik ez nuen aurkitu; sorterrian, gainera, gerra zegoen, eta ezinezkoa zen agiri bakar bat ere lortzea".

Baikorra da, berez, Vangu. "Amak beti erraten dit eutsi behar diodala, eta hori egiten saiatzen naiz". Aitortu du, halere, beti ez dela erraza izan. Espainiako herritartasuna badu Vanguk, baina argi utzi du Espainiako Nortasun Agiria izan arren beltza izateagatik "bigarren mailako herritar" bilakatzen dutela.

"Arrazakeria bada". Lana bilatzeko orduan ere sufritu du Vanguk. "Ate anitz ixten dira beltza izateagatik. Behin, lagun batek curriculuma eraman zuen enpresa batera. Utzi eta hamar minutura itzuli zen, datu bat falta zitzaiola konturatu zelako; ordurako, curriculuma zaborrontzian zen".

Hiru urteko kontratua izan da, orain arte, izan duen luzeena. Orain, egun gutxi batzuetan edo astebetez aritzeko kontratuak egiten dizkiote, gehienetan. Etxea du, eta gelak alokatuta lortzen du soldata osatzea. "Bertzela, ezinezkoa litzateke".

Sanferminetan karrikan jartzen dituzten komunak garbitzen ariko dela azaldu du Vanguk: "Norbaitek egin behar du". Emaztea Kongoko Errepublikatik Iruñera ekartzeko lanean jarraituko duela erantsi du. "Burokraziarentzat ere beltza naiz".

Duela bi urte hasi zuen emaztea ekartzeko prozesua, eta agiri guztiak eduki eta baldintzak bete arren, Kongoko Espainiako enbaxadak ez dio eman baimena, oraindik ere. Eskaera bat egin nahi izan die nafar guztiei: "Ireki besoak. Badakit batzuetan zaila dela, baina denon artean lor dezakegu denontzako gizarte justuago bat. Ireki besoak".

HAIZEA HUARTE

Psikologo soziala

"Gazteok doan lan egin behar dugu esperientzia lortzeko"

Psikologo soziala da Haizea Huarte. Duela bi urte amaitu zuen gradua, eta berriki, ikasketak amaituta egin zuen masterra. Iazko udan lortu zuen, aurrenekoz, bere ikasketekin lotutako lan bat. Ordezkapenak egiten aritu zen. Orain ere, horretan ari da. "Gaixo agiria jaso duen langile baten ordez ariko naiz, ustez luzerako".

Behin-behinekotasuna izan da, orain arte, Huarteren lan esperientzia zehatzen definitu duen ezaugarria. Horixe nabarmendu du. Ikasten ari zen bitartean, hamaika esparrutako lanetan aritu da: "Ostalaritzan, denda batean, haurrak zaintzen...". Ikasketak amaituta, oztopo nagusietako bat edozein lanpostutan eskatzen duten esperientzia dela azaldu du. "Gazteon betiko arazoa da, esperientzia eskatzen digute lan egin ahal izateko, baina nola izanen dugu esperientzia lanik ematen ez badigute?".

Boluntario gisa arituz lortu du eskatzen duten esperientzia hori. "Arlo sozialean ari diren entitate gehienek badituzte halako programak. Azkenean, doan lan egin behar dugu esperientzia lortzeko". Gazteek, neurri batean, egoera hori barneratu dutela uste du Huartek. "Prozesua hori dela sinetsi dugu, neurri batean. Ezegonkortasun hori dela egungo bizitza eredua. Boluntario gisa hasi behar dugula, gero ordezkapenak egin ahal izateko. Txandarik txarrenak egokitzen zaizkigu, gehienetan". Kontratu mugagabea lortzea litzateke azken urrats eta helburua, baina Huartek, oraingoz, urrun ikusten du aukera hori.

MAITE ELORZ

Loxin enpresako langilea

"Ez dut baztertzen lanera kanpora joateko aukera"

Azken bost urteotan izan duen lanpostua galtzeko zorian da Maite Elorz. Ezkirozko Loxin etxeko langilea da. Enpresa hori kudeatzen duen multinazionalak 64 kideko lantaldea murrizteko asmoa agertu du: 40 langile kaleratzeko, lana erregulatzeko espedientea aurkeztu nahi du, zehazki.

Apirilaren 19an eman zien enpresak bere asmoen berri langileei. Hilabeteko epea zabaldu zuten, orduan, negoziatzeko. "Epe hori bukatu eta hamabost egunera aurkeztu nahi dute lana erregulatzeko espedientea", azaldu du Elorzek.

"Gainean dugu langabeziaren itzala". Elorz ELAko ordezkaria da Loxin etxean. Argi du enpresaren kudeaketa bere esku duen multinazionalaren asmoek ekarriko dutela, batetik, lanpostuak suntsitzea eta, bertzetik, lanean jarraituko dutenen baldintzak eta egoera kaskartzea. "Lantalde gaztea gara, eta espezializatua. Badakigu lana aurkituko dugula, baina ez da erraza izango", erantsi du.

Robotikan aritzen da Loxin, aeronautikaren sektorean. Elorzek ez du baztertzen bertze herriren batera joan behar izatea lan bila, lana erregulatzeko espedientea gauzatzen bada. "Nik ez dut seme-alabarik, eta ez dut baztertzen kanpora joateko aukera. Alemanian bizi da nire neba, eta ez dut baztertzen harat joatea. Enpresan badira seme-alaba txikiak dituzten langileak, eta haientzat zailagoa izanen da mugitzea. Zenbaitek argi dute lan esparrua aldatu beharko dutela".

Lana erregulatzeko espediente bati bigarrenez egin behar dio aurre Elorzek. Aurrekoak Gamesan harrapatu zuen lanean. "Bi urtez aritu nintzen han". Kalean utzi zuten arte. "Natural hartu dut oraingo prozesua", onartu du langileak. Elorzek uste du Loxin etxeko langileen egungo egoerak bertze langile anitz ukitzen dituela. "Eredu ekonomiko zehatz bat dago gertatzen ari denaren atzean, enpresak tokiz aldatzen dituen eta azpikontraten alde egiten duen eredua, alegia", salatu du.

Nafarroan sortutako enpresa dela nabarmendu du, eta "langileen ezagutza" duela altxor nagusi. "Lantalde oso teknikoa dugu. Argi dugu 24 langilerekin enpresak ezin izanen duela aurrera egin".

Makina-erremintaren esparruko etxea da Loxin. "Iruñerrian ez dago aukera asko arlo horretan". Protestak hasi dituzte Ezkirozko langileek. Presioa egiten jarraitzeko prest dira, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote esku hartzeko.

Ziurgabetasuna, zalantza da nagusi Loxin etxeko langileen artean. Ziurgabetasuna, prekaritatea eta zalantza nagusi dira, gaur egun, langile anitzen egunerokoan. Errealitate hori salatzeko eguna da Maiatzaren Lehena anitzentzat; eusten jarraitzeko eguna bertze askorentzat. Bada zer aldatu.