Tximeleta Nafarroako autokarabana erabiltzaileen elkarteko kideek turismo mota horren aldeko neurriak eskatu dituzte Nafarroako Parlamentuan. 2011n sortu zuten taldea; 130 bazkide ditu jada.
gaiak
Oinarria sendotzeko beharra
Edurne Elizondo
Oinarria sendoa ez bada, gainean duen guztia eror daiteke behera. Horregatik atera dira herritarrak karrikara, bigarren aldiz hil honetan, herrialdeko osasun etxeetako "egoera kaskarra" salatzera, eta baliabideak eskatzera. Nafarroako Osasun Plataformak deitu ditu protestara; urriko lehendabiziko asteazkenean egin zuten aurreneko elkarretaratzea, eta hilaren 21ean eta 28an eginen dituzte azkenak.
"Koronabirusaren pandemiak agerian utzi du oinarrizko arreta dela osasun sistema publikoaren arlorik ahulena", nabarmendu du Nafarroako Osasun Plataformako bozeramaile David Mendazak. Erantsi du, batetik, agerian gelditu direla 2008. urteko krisi ekonomikoaren "aitzakiarekin" egindako murrizketen ondorioak; eta, bertzetik, oraingo osasun krisiarena "baliatu" duela egungo Nafarroako Gobernuak "telefono bidezko arretaren eredua ezartzeko".
Hau da, oinarrizko arreta "sendotu beharrean, ahuldu" egin du Nafarroako Gobernuak. Neurriak hartzea premiazkoa dela erran du Mendazak, eta "behar diren baliabideak" bideratzera deitu ditu Osasun Departamentuko arduradunak: "Barrakoiak jarri behar badituzte, jar ditzatela; bikoiztu ditzatela egiturak, ahal duten neurrian; egin ditzatela bi zirkuitu ezberdin, bat COVID-19rako eta bestea gainerako gaixoentzat; sendotu dezatela oinarrizko arreta, gaixoen eta langileen segurtasuna bermatuz".
31 kontratu berri
Aurreko asteko koronabirusari buruzko datu txarrek segida izan zuten aste honen hasieran: astelehenean, ia 600 positibo izan ziren, Nafarroako Gobernuak egun horretan emandako datuen arabera. Egungo errealitatea egindako "kudeaketa txarraren" ondorio da, neurri handi batean, Nafarroako Osasun Plataformako kideen hitzetan.
Mendazak datu bat jarri du erdigunean, horren adibide: "Martxotik 670 langile berri daude Osasunbidean, baina haietako 31 baino ez dira ari oinarrizko arretan". Aztarnarien kopurua ere "behar baino apalagoa" dela salatu du Mendazak: "Adituen arabera, Nafarroan 200 behar ditugu, gutxienez, biztanle kopurua kontuan hartuta; 50 baino gutxiago izan ditugu, ordea; eta denak ez dituzte propio kontratatu: langile askok aparteko orduak egin dituzte lan hori betetzeko".
Osasun etxeetan ere plataformaren salaketarekin bat egin dute langileek. Lesakako zentroko kideek, adibidez, oharra plazaratu dute "prekaritate egoera" salatzeko. Pandemiaren eraginez, egoerak "okerrera" egin duela erantsi dute. Urriaren 1az geroztik, hain zuzen, hainbat lanpostu hutsik dituztela jakinarazi dute; Lesakan ez ezik, Beran eta Arantzan ere, bertzeak bertze, badira bete gabeko postuak.
Iruñeko Sanduzelai auzoko osasun etxean ere egoera "kaskarra" da, langileek eta herritarrek salatu dutenez. Telefono bidezko arreta "inposatu" dietela argitu nahi izan diete osasun etxeko kideek bizilagunei, hain zuzen ere. Mendazak gogoratu du UPN saiatu zela, bere garaian, telefono bidezko arretaren eredua ezartzen. 2015ean boterea galdu eta gero, "ezin izan zuen egin".
Nafarroako Osasun Plataformak argi du gakoa dela osasun sistema publikoan ezarri nahi den eredua; duela hamar urte sortu zuten plataforma hori osasunaren esparruko hamaika eragilek, eta, orduan bezala, "prebentzioa eta hezkuntza" indartzeko beharra nabarmendu dute, eta "funtsezkotzat" jo dute oinarrizko arretak zeregin horretan duen rola. Oraingo gobernua deitu dute prebentzioaren eta hezkuntzaren eredu horrekin bat egitera.
Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek onartu du "oinarrizko arreta hobetzeko beharra", hain zuzen ere,eta neurriak iragarri ditu Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian: 11 osasun etxetako harrera zerbitzuko lantaldeak sendotuko dituzte, batetik; eta, bertzetik, hemezortzi erizain eta 26 teknikari kontratatuko dituzte. Indurainek garbi erran du: "Kontratu berriekin batera, zerbitzu telematikoak eta telefono bidezkoak sendotuko ditugu".
Zabaldu dute Iruñerriko Mintzakide egitasmoan izena emateko epea
Uxue Rey Gorraiz
Bueltan da Iruñerriko Mintzakide egitasmoa. Bueltan da euskara praktikatzeko, euskara gozatzeko eta, azken batean, euskara bizitzeko aukerak zabaltzea helburu duen programa. Berriz ere, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak bilduko ditu egitasmoak, astean behin, eta ordubeteko hitzorduetan. Pandemia dela eta, bi eredu eskainiko dituzte aurten: aurrez aurrekoa eta Internet bidezkoa. Antolatzaileen esanetan, edozein aukera hautatuta ere, euskararen ibilbidean urratsak egitea da inportanteena.
1993an lotu zitzaion bideari Mintzakide. Bagera Donostiako euskara elkarteak sortu zuen proiektua. Urteek aurrera egin ahala, Euskal Herri osora zabaldu da, eta, zehazki, hamabosgarren aldia izanen du Iruñerrian. Iragan den urtean —hau da, hamalaugarrenean—, mila lagun inguruk hartu zuten parte.
Euskaraz "eroso eta gustura" aritzeko inguruak sortzeko abiarazi zuten Mintzakide. Haren sustatzaileak ohartu ziren euskal hiztunek bazutela horren premia, eta iruditu zitzaien ez zegoela hori asetzeko tresna egokirik; "hutsune bat" zegoen, alegia. Hala azaldu du Edurne Arrizibita Mintzakide egitasmoko langileak: "Oraindik ere, askok izaten dute ezintasuna beren egunerokoan euskara praktikatzeko". Dioenez, premia hori bereziki nabarmena izaten da euskara hezkuntza formalean ikasten dutenenetzat, baina argitu du "euskaldun osoentzat ere" biziki mesedegarria dela egitasmoa. Askotan, haren iritziz, euskarak apenas izaten baitu tarterik aisialdian.
Lasaiago, ausartago
Parte hartzaileek beren beldurrak uxatzea eta lotsak alboratzea erdietsi nahi du Mintzakidek, Arrizibitaren esanetan. "Hanka sartzeko beldurra izaten dute askok, eta, horregatik, batzuk ez dira ausartzen jendearen aurrean euskaraz aritzen. Horri kontra egin nahi diogu. Azken batean, hau ez da eskola bat, lasai aritzeko aukera bat baizik".
Mintzakide programako saioetan ez dago ikaslerik eta irakaslerik, ez eta testuliburu eta arbela aurrean aritu beharrik ere. Izatez, taldeak berak erabakitzen du zertan aritu asteroko hitzorduetan, lehentasunen eta zaletasunen arabera. Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea da parte hartzeko baldintza bakarra.
Aurten, pandemiak behartuta, taldeak txikiagoak izanen dira: bospasei lagunekoak. Betiere, arduradunek bermatu eginen dute talde guztietan egon daitezela bidelariak eta bidelagunak: euskara praktikatu eta gehiago erabili nahi duten pertsonak eta egunerokoan euskaraz aritzeko ohitura dutenak. Bi profilak batzea da haien asmoa, elkarrekin aritzeko.
Bidelaria da Ruben Gutierrez Lakuntza, orain dela hiruzpalau urtetik. Euskaltegian ikasi zuen euskara, baina gerora ohartu zen "ezinbestekoa" zitzaiola euskaraz gehiago aritzea, hizkuntzan gehiago murgiltzea. Kontatu du programak "are erakargarriago" egiten duela hizkuntzan sakontzeko prozesua, eta gaineratu du Mintzakideren funtzionatzeko erak jende anitzi laguntzen diola euskaraz "ausartago" aritzen. Batik bat, argitu du bidelaguna ez dela ikusten irakasle modura, eta zuzentzailea baino gehiago "laguntzen duen pertsona" dela, izenak adierazi gisan.
Udako etenaldiaren ondotik, zabalik da egitasmoan izen emateko epea. Internet bidez egin daiteke, Irunerrikomintzakide.eus atarian, baita webgunean adierazitako hainbat leku fisikotan ere. Aurten, arduradunek gazteak eta bidelagun gisa aritu daitezkeen pertsonak animatu nahi dituzte bereziki, profil horien beharra izaten baita nabariena azkenaldian.
Gurelurrek salatu du azkonarrak hiltzeko baimena eman dutela
Edurne Elizondo
Eztabaida piztu du Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuko arduradunen kudeaketak, Gurelur talde ekologistak salatu baitu administrazioak azkonarrak hiltzeko baimenak eman dituela. Zehazki, Orbaitzetan, bost azkonar akabatzeko ...
Oztoporik gabeko auzoa
Edurne Elizondo Iturramaren atzetik, Donibane da zahar gehien duen Iruñeko auzoa: bizilagunen ia %32k ditu 65 urte baino gehiago, eta %12k, berriz, 80 baino gehiago, Iruñeko erroldaren joan den otsaileko datuen arabera. Donibaneko Adinekoaren Adeko Akordioaren sinatzaileek kontuan izan dituzte datu horiek, eta diagnostiko bat egin dute zaharren beharrak aztertzeko. Agerian utzi dute karrika anitzetan badirela...
Gorrien memoria
Edurne Elizondo
Suhiltzailea da lanbidez, baina Mikel Huartek artxiboetako agirien artean sartu du burua azkeneko hilabeteotan, helburu garbi batekin: frankisten errepresioa sufritu zuten Osasuna taldeko kideen memoria jaso eta zabaltzea. Sare sozialetan hasi zuen bide hori, eta liburu batean jaso du orain, Txalaparta etxearen eskutik: Rojos. Futbol, política y represión en Osasuna (Gorriak. Futbola, politika eta errepresioa Osasunan). Gaur aurkeztuko dute, Iruñean.
Felix Monreal kazetariak emandako pistek eman zioten atentzioa Mikel Huarteri gaia lantzen hasteko. "Osasunako hainbat kidek 1936ko altxamendua gertatu eta gero errepresioa sufritu zutela aipatu zuen; izen batzuk eman zituen, eta gehiago ote ziren pentsatuz, bila hasi nintzen", gogoratu du Huartek.
Soziologiako eta Gizarte Laneko ikasketak egin zituen Huartek, baina futbola beti izan du pasio; jardunaldiak antolatu zituen Futbola ere lapurtu ziguten izenburupean, 2015ean, bertze hainbat kiderekin batera, dirua oinarri duen oraingo futbolari buruz hausnarketa egiteko.
Jardunaldi horien bidetik sortu zen Twitterren kontu bat irekitzeko asmoa: Huartek kontu horren bidez zabaldu zuen frankisten errepresioa sufritu zuten Osasunako kideen berri, iazko uztailaren 18an.
Interneten bidez egindako lan horri esker, ezagutzen ez zituen testigantzak eta datuak jaso ditu Huartek. Eta jasotako hori guztia behar bezala gordetzeko beharrak eraman du liburua egitera. "Osasunari buruzko liburuetan jaso izan da frankisten aldean hildako kideen berri Antonio Oloriz, Jose Bezunartea, Angel Avizcuri, Otxoa de Olza eta Dueñas; ez, ordea, frankisten errepresioa sufritu zutenena. Argi nuen memoria hori jaso eta errepresioa pairatu zutenei aitortza egin behar zitzaiela; arrastoa utzi zuten hamaika arlotan", nabarmendu du Huartek.
Bengarairen biografia
Frankistek Osasunako zuzendaritzako kide edo jokalari izandako sei fusilatu zituzten, 1936ko altxamendua gertatu eta gero: Eladio Zilbeti, Natalio Cayuela, Fortunato Agirre, Filomeno Urdiroz, Alberto Lorenzo eta Ramon Bengarai. 1920ko udazkenean sortu zen Osasuna kluba, eta Agirre eta Zilbeti izan ziren sortzaileetako bi. 1922an, Donibaneko zelaia ireki zuten, eta Espainiako Ligan 1928an egin zuen debuta taldeak. 1934-1935eko denboraldian aritu ziren gorritxoak lehen mailan aurrenekoz. 1936ko apirilean berriz jaitsi ziren. Uztailetik aurrera, halere, zelai barruko arazoak hutsean gelditu ziren, militarrak altxatu eta gero.
Frankistek hildakoen artean, nabarmentzekoa da Ramon Bengaraik egin zuen bidea. Horregatik, Huarteren eskutik sortutako proiektu beraren barruan, Osasunako zuzendaritzako kide izandakoaren biografia argitaratu du Katakrakek: Ramon Bengaray, Osasuna y república (Ramon Bengarai, Osasuna eta errepublika). Esther Aldabe historialariak sinatu du, baina argi utzita "talde lana" dagoela liburu horren atzean. Josu Chueca historialariak idatzi du hitzaurrea.
Historialaria ez ezik, "futbolzale amorratua" ere bada Aldabe: "Erraza izan zen Huarteren proposamenari baiezkoa ematea". Artxiboko agirien artean ezagutu zuten elkar, eta proiektuaren berri jaso bezain pronto erabaki zuen Aldabek Bengarairen biografia idazteko lanean inplikatzea. Lanbidez tipografoa zen Bengarai, baina "hamaika arlotan" egin zuen bidea: "Sindikalista izan zen, Iruñeko Orfeoiko abeslari, bai eta politikari ere", aipatu du Aldabek. Fronte Popularreko presidente izan zen Nafarroan; 1936an fusilatu zuten.
Bengarairen eta errepresioa sufritu zuten Osasunako gainerako kideen memoria "ezabatu" egin dutela nabarmendu du Aldabek. "Klubak berak ez du ahaleginik egin gertatu zena zabaltzeko. Orain plazaratu diren liburuen atzean ere herritarren ekimena dago", erantsi du historialariak. "Gorritxoen memoria jaso beharra zegoen; futbolaren esparruan egindako lanaz gain, herrialdeko gizartearekin eta kulturarekin ere konpromisoa hartu zuten", bukatu du Huartek.
Ezin utzi bertsoa bukatu gabe
Uxue Rey Gorraiz
Bertsoaren azkeneko puntuak oraindik ere kantatu gabe zirela gelditu ziren hutsik agertokiak joan den martxoan. Hain zuzen. urtarrilaren 31n hasi zen Bardoak Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa. 96 bertsolari aritu ziren bertsotan, eta martxoaren 28an zen egitekoa txapelketaren final handia, Lizarran. Hori zuten asmoa, baina ez zen izan hura erdiesterik.
Hasi bai, baina bukatu ezinik gelditu zen Nafarroako Txapelketa, hura ere koronabirusaren pandemiaren eraginez. Ia zazpi hilabeteren ondoren, gaur emanen diote segida orduan erdizka gelditutako proiektuari. Batetik, Goizuetako finalaurrekoan lehiatuko dira Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeak. Bestetik, Jauntsaratsen izanen da Berako Lamixene eta Barañaingo Hego Haizea taldeen arteko norgehiagoka. Bi saio horietan erabakiko da Lizarrako finalera nor iritsiko den, urriaren 17an. Hain zuzen ere, dagoeneko sailkatua den Leitzako Atekaberts Komeni taldearen aurka ariko dira gaurko saioetako irabazleak.
Pandemiak bete-betean harrapatu zituen Bardoak, martxoan. Hain justu, Goizuetako eta Jauntsarasko finalaurrekoak egitekoak ziren egun berean ezarri zuen Madrilek alarma egoera, eta, beraz, saioak atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek. Baita finala ere, ezinbestean. Hala eta guztiz ere, Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, antolatzaileek hasieratik izan zuten argi bertan behera utzi ez, atzeratu eginen zutela txapelketa. "Ez genekien noiz arteko etena izanen zen, baina beti egon gara hasia genuen proiektuari amaiera emateko borondatean". Ekainean egin zitekeela pentsatu zuten lehenbizi. Gerora, ordea, ohartu ziren orduan ere ez zela posible izanen, eta orain, udazkenarekin, bertsoei berriz heltzeko aukera ikusi dute. Txapelketa erdibidean uztea "ez litzateke sobera duina", Perezen esanetan.
Segurtasuna etengabe bermatua egon dadin, neurri bereziak hartuko dituzte txapelketako arduradunek datozen saioetan. "Ez dago ukatzerik pandemia batean gaudela, eta, beraz, neurriak hartu behar ditugula" azaldu du Perezek. Hiru saioetan, gaurko bietan eta Lizarrakoan, mugatu eginen dituzte edukierak. Finalean, esaterako, 180 lagun inguru bildu ahalko dira aretoan. Halaber, hiru saioetan derrigorrezkoa izanen da pertsonen arteko distantzia fisikoa mantentzea, eta ezinbestekoa izanen da maskara jantzita edukitzea. Gainera, ez da otordurik izanen bertso saioen ondotik.
Egoerak hala eskatuta, itxura desberdina hartuko du txapelketaren azken txanpak, baina, edonola ere, itzulerarako aukera izanen dira saiook askorentzat. Baldintza berrietara moldatzen jakitea da egin beharreko lehen urratsa, antolatzaileen esanetan.
Bertso gosea asetzeko
Pandemiaren eraginez, bertsolari asko luze izan dira plazara igo gabe, eta, Perezen ustez, horrek "ziurgabetasuna" dakar, nolabait. "Ez dakigu bertsolariak nola iritsiko diren, eta, are gehiago, ez dakigu nola erantzungo duen publikoak". Hala ere, uste du jendea "eroso" izanen dela saioetan, eta erdietsiko dutela Bardoek berezko ezaugarritzat duten "giro beroa" piztea. "Jendea gogotsu dago, eta guk ahal den guztia egingo dugu txapelketari bukaera duina emateko. Badakigu bertsolariek ere beren onena emango dutela, saioak ahalik eta gozagarrienak izan daitezen denontzat", adierazi du.
Koronabirusak gizartea astindu aurretik, bertsolaritza "sasoi onean" zegoen Nafarroan. Hala uste du Perezek. Badaki gaur egungo egoera bestelakoa dela, baina, aldi berean, itxaropentsu dago aurrerantzean gertatu daitekeenarekin, zailtasunak zailtasun. "Hau heldu aurretik sektorea osasuntsu bazegoen, esan daiteke orain zauritua dagoela bertsolaritza. Dena dela, sinetsia nago baduela nahikoa indar sendatu eta aurrera egiteko". Hala eta guztiz ere, elkarteko kideak gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela konfiantza ematea, hau da, oztopoak jarri beharrean erraztasunak ematea emanaldiak antolatu ahal izateko.
"Bestelako jarduera asko baimentzen direla ikusita, ulertezina da kulturaren inguruan sortu den mantra". Perezen ustez, bertso saioek zer ezaugarri dituzten kontuan izanik, "aise" bete daitezke neurriak, eta horixe bera erakusteko ere balioko dute saiook: agerian uzteko kultura segurua dela, eta, era berean, erakusteko bertsolaritzak baduela gaitasuna areto, plaza eta txokoak kantuz girotzeko eta alaitzeko, birus batek egunerokoa kutsatua duen honetan ere.
Antzerkigintza, gorputzaren bidetik
Edurne Elizondo
Hiru ikasle lehenengo urtean; sei bigarrenean; gero, hamalau, eta, orain, sei urte joan eta gero, hamaika talde, goiz eta arratsaldez. Urratsez urrats egin du bere bidea Iruñeko Teatrolari antzerki eskolak: aurretik egindakoa sendotuz bertze pauso bat eman baino lehen. Azken urratsa eta orain arteko nagusia urrian eginen dute eskolako lantaldea osatzen duten hamar profesionalek: arte eszenikoen gradu propioa jarriko dute martxan.
"Orain bai, orain gure gradua eskaintzeko moduan gaude". Hori nabarmendu du eskolako zuzendari Javier Alvarok. Madrildik etorri zen Nafarroara, 2013. urtean. Arte dramatikoko ikasketak egin zituen han, eta oholtza gainean jarraitu nahi izan du, Iruñean ere. Eskolak ematen hasi zen 2014an. "Orduan Jarautan ginen; baina espazioa txiki gelditu zitzaigun, eta Arrotxapera mugitu ginen", gogoratu du. Errotazar karrikan izan zuten Arrotxapeko lehen egoitza, eta Maiteminduen pasealekuko 33an dira orain, 2018az geroztik. Dena prest dute graduko ikasle berriak eta orain arteko eskoletakoak hartzeko.
"Koronabirusak ekarri digun egoerara moldatu behar izan dugu, baina lanean hasteko irrikan gara", azaldu du eskolako kide Maialen Sanchezek. Erantsi du azken urte luzea eman dutela Teatrolariko arduradunek beren gradua prestatzen: "Ez da erraza izan, baina lortu dugu lan egiteko modu bat garatzea denon artean; gure graduaren atzean bada proiektu bat, bada aurretik egindako lan sakon bat".
Baliabideak eman
Lan egiteko modu horrek badu ezaugarri nagusi berezi bat: Teatrolari eskolako kideek gorputza jarri nahi izan dute ikasketa prozesu osoaren erdigunean. "Hitzari baino, ekintzari ematen diogu garrantzia, mugimenduari", zehaztu du Alvarok. Gorputz adierazpena, ahotsa, dantza, bat-batekotasuna, kamera, historia, clown saioak eta bertze jorratu eta eginen dituzte eskolako aretoetan. "Helburua ez da ikasleek guk errandako testua antzeztea; helburua da interpretatzeko eta nahi badute profesional bilakatzeko behar dituzten baliabideak haien esku jartzea, eta elkarlanean aritzea", erran du eskolako zuzendariak.
Teatrolari eskolako kideek nahi dute oholtza gainera igo nahi dutenen bidelagun izan, finean, eta hori lortzeko garatu dute lau urteko beren gradua; lehendabiziko ikasturtearen helburu nagusia da ikasleek beren gorputza ongi ezagutzea. "Gorputza baita aktoreon lan tresna", erran du Alvarok. Bigarren eta hirugarren urteetan lortuko dute ikasleek arlo bateko zein bertzeko formakuntza; eta, laugarrenean, berriz, ikasleak lan munduarekin lotzeko zubi lana egin nahi du eskolak. "Tresnak eman nahi dizkiegu dei baten zain gera ez daitezen; asmoa da baliabideak izatea beren proiektuak garatzen hasteko", erantsi du zuzendariak.
Alvarok nabarmendu du Nafarroan "kultura anitz" kontsumitzen dela, eta antzerkigintzaren arloan ere "mugimendu handia" dela. "Federazioan 44 talde amateur daude; sekulakoa da".
Ikuspuntua zabaldu
Herrialdeko aretoek egiten duten eskaintzari buruz, Alvarok erantsi du falta dela "ikuspuntua zabaltzea; hitza oinarri duen antzerkigintzaz harago jotzea". Oholtzan egoteko profesionalak trebatzeko hiru eskola daude Iruñean, eta hori "ontzat" jo du Alvarok: "Badugu elkarlana, eta polita da nork bere bidea egitea, ikasleek nahi dutena hauta dezaten". Teatrolarirekin batera, Nafarroako Antzerki Eskola eta Laura Laiglesiaren Butaca 78 eskola ari dira herrialdeko aktoreak trebatzen. "Nork bere ezaugarriak ditu, eta ez diogu elkarri trabarik egiten; alderantziz", berretsi dute eskolako arduradunek.
Arrotxapeko Teatrolari eskolako gelak hasi dira betetzen, bertzeak bertze haurrentzat prestatutako ikastaroen eskutik. Aurtengo ikasturtean, lehen aldiz, dantza eskolak euskaraz ere har daitezke zentroan. Gradua ere ele bitan ematea hartu dute xede.
Herriko zaharren gurpilean
Edurne Elizondo
Toño Peña duela 22 urte ailegatu zen Corellara, eta, lehenengo egunetik, atentzioa eman zion herriko zahar gehienak ibiltzen zirela bizikleta gainean. "Batez ere, emakumeak", zehaztu du. Corellako Bizikletazaleak taldeko kidea da Peña. Duela hamabost urte sortu zuten, herriko zaharrek markatutako bidetik aurrera egiteko asmoz. Bizikletaren alde ari dira geroztik, karrikan dagokien espazioa eskatzeko.
Bizikleten aldeko apustuak gora egin du koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak eztanda egin zuenetik. "Alternatiba merke eta erosoa da", erran du Peñak. Nafarroako Gobernuak ere egin ditu urrats batzuk bizikletaren erabilera sustatzeko, oraingo egoera kontuan hartuta. Itxialdia amaitu bezain pronto, hain zuzen, Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritza Nagusiko arduradunek bilera bat egin zuten Corellako Bizikletazaleak taldearekin eta Erriberako bertze hainbat kolektiborekin, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko asmoz. Lan horren ondorioz, kanpaina bat prestatu du gobernuak orain: 50 euroren laguntzak banatuko ditu, hondatuta edo aspaldi erabili gabe dauden bizikletak konpontzeko. Urriaren 6an jarriko dute martxan.
Gobernuaren asmoa da hirian eta udalerrietan bizikleten erabilera sustatzea. Gaur egun, herritarren %2k baliatzen dute, egunero. Kopuru horrek gora egitea lortu nahi du Garraio Zuzendaritza Nagusiak.
Txangoak, tailerrak, saria
Corellako Bizikletazaleak taldeko kideek helburu bera izan dute ardatz martxan jarri zirenetik, eta ez dira lan hori egiten ari diren bakarrak Erriberan: 2015etik, Recicleta kolektiboa ere ari da urratsak egiten bizikletaren erabileraren alde. "Hainbat taldek egin dugu bat kolektiboan, eskualdean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz", azaldu du Abel del Rey Recicletako kideak.
Helburu berarekin, baina nor bere bidetik ari da. Corellako Bizikletazaleak taldeko kideek ez dute ahaztu nahi izan herriko zaharrenen ereduari so bururatu zitzaiela taldea martxan jartzea, eta herriko zahar horiek kontuan dituzte antolatzen dituzten ekinaldi anitzetan. Bizitza oso bat bizikletan izenburuko sariarekin, adibidez, herrian alde batetik bertzera mugitzeko beti bizikleta erabili izan duten adineko pertsona horiek omentzen dituzte, urtero. Eta bizikletaz mugitzeko gai ez direnentzat, berriz, zerbitzu berezi bat dute, asteburuetan: taldeko kideek gidatutako trizikloak baliatzen dituzte herriko zaharrak goiz osoko paseo batera eramateko. Asteburuko irteerak eta egun bateko txangoak ere egiten dituzte Bizikletazaleak taldeko kideek, bai eta bizikletak konpontzen ikasteko tailerrak ere.
Bizikletak konpontzea da Recicleta taldeko kideen jardueraren oinarri, hain zuzen ere. "Hasieratik, gure asmo nagusia izan da etxean erabili gabe ditugun bizikletak martxan jartzea", azaldu du Del Reyk. Bizikleta zaharrak jaso, eta konpondu eta gero banatu egiten dituzte.
Bizikleta horiek "segurtasunez" erabili ahal izatea ere badute helburu. Azken urteotan egindako urratsei esker, hain zuzen ere, Tuteran gora egin du hirian dituzten bidegorrien kopuruak, eta bide horien arteko loturak ere prestatu dituzte, erdigunean.
Egindako urratsak eta udalaren jarrera eskertu du Del Reyk, baina nabarmendu du lan handia dagoela egiteko, oraindik ere. Corellako Toño Peñak ere argi du administrazioak pausoak ematen jarraitu behar duela, bizikletek gero eta toki gehiago izan dezaten. "Eta horretarako, noski, autoak galdu egin beharko luke egun karrikan duen nagusitasuna". Ez da lan erraza hori lortzea, ordea, Peñaren ustez: "Autoaren industriak pisu handia du".
Recicleta kolektiboan diren taldeetako bat da Erriberako Ekologistak Martxan, eta talde horretako bozeramaile Eduardo Navascuesek ere salatu du Nafarroako Gobernua "behar baino urrats gutxiago" egiten ari dela. "Ongi dago bizikletak konpontzeko laguntzak ematea, baina ez da nahikoa: 50.000 euro baino ez dute gastatuko. Bitartean, Nafarroako ubidea sustatzen jarraitzen dute. Hori bai ez dela jasangarria".
Mahai baten bueltako agurra
Edurne Elizondo
Omenaldi izan nahi du mahai inguruak, eta hori baino gehiago lortu du, azkenean: lagunari agur errateko saio xume eta benetakoa egin dute Katakraken Bixente Serrano Izko ezagutu eta bidean lagun izan zutenek. Geronimo Ustariz Institutuak, Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolatu dute saioa, Bixente Serrano historialari, dibulgatzaile eta sortzailea gogoratzeko (Saratsa, 1948-Iruñea, 2020). Pasa den ekainaren 4an zendu zen, erietxean. 72 urte zituen.
Katakraken bat egin duten gehienentzat Bixentiko zen Bixente Serrano Izko. "Bixentiko esaten genion, ez txikia zelako, baizik eta estimu handia geniolako; gizon apala izan zen, baina lan handia egin zuen, baldintza zailetan", erran du Josu Chueca historialariak. "Historia aztertu eta historia egin zuen", erantsi du.
Historia horretako urrats batzuk nabarmendu nahi izan ditu Chuecak jendaurrean, hain zuzen ere: 1969an deportatu egin zutela, Opus Deiren unibertsitatean izandako istiluen ondorioz; 1972an ikasketak amaitu, eta ETAn sartu zela; 1973az geroztik sasian ibili behar izan zuela, 1974an atxilotu zuten arte, eta Segoviako (Espainia) espetxeko ihesaldian parte hartu zuela, 1976an.
Serrano Izko 1977. urtean atera zen kartzelatik, "baina jarraitu zuen militantzia politikoan; beti espiritu kritiko batekin: Euskadiko Ezkerratik alde egin zuen, adibidez, 1980ko hamarkadan, Nueva Izquierda korrontea osatzeko", erran du Chuecak.
Segoviako espetxealdian "euskaldundu" egin zen Bixente Serrano Izko, historialariak gogoratu duenez, eta nabarmendu du euskararen aldeko lan hori irakaskuntzara eraman zuela, 1987an. "Hutsetik aritu behar zuten garai batean sekulako lana egin zuen ikasle askoren aurrean".
Serrano Izkok ikasle izan zituenetako bat da Amaia Alvarez NUPeko irakaslea. Euskokultur Fundazioan ere aritzen da, Nafarroaren historiari buruzko ikastaroko arduradun. Serrano Izkoren eskutik hartu zuen Alvarezek ardura hori. "Parte hartzen jarraitu nahi zuen, baina ez dugu denborarik izan elkarrekin aritzeko", azaldu du Alvarezek.
Iturrama institutuan irakasle izan zueneko garaia gogoratu du, eta Serrano Izkok han erakutsitako "jarrera pedagogikoa" eskertu du, bereziki. Ez hori bakarrik: "Gauzak azaltzeko zuen lasaitasuna dut gogoan, irakasle eta dibulgatzaile gisa zuen gertukotasuna", erantsi du. Serrano Izko irakasle izan zuten anitzek erran dutenarekin egin du bat: "Oso irakasle gustukoa nuen; komunikatzeko modu zintzo eta gertukoa zuen", nabarmendu du Amaia Alvarezek.
Pamielarekin sortzaile
Historia aztertu eta historia egin zuen Bixente Serrano Izkok, eta historia hori azaltzeko, gizarteratzeko eta zabaltzeko interes berezia izan zuen, gainera. Serrano Izkok historiaren eta dibulgazioaren arloan egindako lanaz gain, baina, sormenaren esparruan egindako ekarpena jarri nahi izan du erdigunean Pamielako Pello Eltzaburuk. Proposamen zehatz bat egin die mahaiaren bueltan lagun izan dituen erakundeetako arduradunei: "Bixente Serrano Izkoren dokumentu funtsa sortzea".
Serrano Izkoren eta Pamielaren arteko harremana estua izan zen, argitaletxea 1983an martxan jarri zuten unetik beretik. "40 urtez ezagutu genuen elkar. Topikoa dirudi, baina benetan gizon apala zen; gizon ona. Isiltasun luzeko gizona ere bai; urduritu ere egiten ninduen batzuetan!".
Ia mende laurden batez partekatutako bidean hamaika dira Serrano Izkok Pamielarekin sortutako lanak, eta horietako zenbait ekarri ditu Eltzaburuk gogora: 1987ko Onkoteak izenburuko narrazio liburua argitaratu zuen. "Bixentek literaturan egindako lehen sartu-ateraldia izan zen".
2000. urtetik aurrera egindako bidea nabarmendu du Eltzaburuk: 2002ko Beldurra bera zaldi, eta 2003ko Bakezale gerlari horiek, bertzeak bertze. "Juan Zelaia sariko finalista izan zen lan horrekin". 2003ko urte horren bueltako garaia "zaila" zela erran du Eltzaburuk: "Ematen zuen indarkeriaren zirimola zoro horretatik inoiz ez ginela irtengo; Bixentek oso hausnarketa ausarta egin zuen, eta, zorionez, ezker abertzalearen munduan, hamar urteren bueltan, askok bere egin zuten hausnarketa hori".
2011ko Jauzika liburuarekin bertze urrats "txiki" bat egin zuen Serrano Izkok, Eltzabururen hitzetan: "Haren konpromiso politikoa utzi gabe, hor hasten da literatura hausnarketarako bide bat". Aforismo liburu bat da Jauzika, zehazki. "Hor hasten da bukatu ez den bide bat", berretsi du Pamielakoak. Izan ere, Serrano Izkok argitaratu gabe dagoen liburu bat aurkeztu zion Pamielari 2018an. "Eguneroko baten gisa dago antolatua, eta hamaika arlori buruzko hausnarketak jasotzen ditu. Liburu sailkaezina da". Hasitako lana utzi behar izan zuten Pamielak eta idazleak, Serrano Izko gaixotu zelako. Tumore bat zuen burmuinean. "Onik atera zen, eta ari ginen, berriz ere, edizioa prestatzen". Espero ez zuten berriak bide hori moztu zuen arte: "Ekainean joan zitzaigun".
Eltzaburu damu da memoriak idatzi gabe joan delako Serrano Izko. Baina Euskokultur Fundazioko kideek eman diote esperantzarako helduleku bat: "Lau orduko elkarrizketa grabatu genion". Pozik hartu du oparia Pamielakoak, sortzailearen bidea ez delako benetan amaitu.