Edurne Elizondo
Zer ikara!". Liubomira Alievak ez du kazetariarekin hitz egin nahi. "Oso lotsatia da", azaldu du Leitzako bere etxean hartu duen Mari Carmen Arregik. Ukrainakoa da Alieva, eta 8 urte ditu. Laster beteko ditu 9 urte, hilaren 28an. 6 urte...
Nafarroa
Magia, egonaldia arintzeko
Edurne Elizondo
Izan dadila espazio atsegin bat, tratamenduak eta gaixotasunak tarte batez ahazteko aukera emanen duena". Horixe hartu du helburu Nafarroako Ospitale Guneko Humanizazio Batzordeak, Bideko Ama Ospitaleko laugarren solairuan atondu duen g...
Buelta eman dute kamioiek
Edurne Elizondo
Helburua bete dute. Horixe uste du Nafarroako Gobernuak Belateko mendatean ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko hartutako neurriei buruz. Ekainaren 4an jarri zituzten indarrean. Egun hartan, Belateko eta Almandozko tunelak itxi zitu...
Iritzia: Kontraesanak
Lohizune Amatria
Bizitza kontraesanez beteta dago". Zenbatetan entzun ote dugu gisako baieztapenik? Geure burua zuritzeko erabiltzen dugu gehienetan esaldi hori; onartuta, gainera, hala izan behar duela. Oraingoan, halere, inguratzen gaituzten kontraesanak begiratu nahi ditut. Kontraesanez betea da mundua, kontraesanez beteta kontatzen ari zaizkigu historia.
Nafarroako kaleetan gero eta ikur frankista gutxiago daudela irakurri dugu berriki astekari honetan bertan. Memoria historikoan eragiteko asmoz pozez hartu den erabakia izan da. Hitz hauek idazten ari naizen bitartean, gainera, Ezkabako lau iheslariren gorpuzkiak aurkitu dituzte Larrasoañako hilerri kanpoaldeko hobi batean. 80 urte dira kartzela frankistatik 800 presok ihes egin zutela, eta horietatik asko daude desagerturik.
Larrasoañako Paula Lizoainen testigantzari esker aurkitu dituzte azkeneko laurak, eta frankismoak eragin duen isiltasunaz pentsatzea eragin dit albisteak. 89 urte ditu egun Lizoainek; haurra zenean ikusi zuen gertatutakoa. Gogorra izango zen, segur aski. Horregatik, agian, gaur arte ez du hura kontatzerik izan. Esteribarren beste gorpuzki batzuk atera zituztenean eman zuen pausoa, askok eskertuko dioten urratsa. Gizartearen beldurra agerian uzten du istorio txiki horrek. Memoria nahastearen beldur gara, eta ez luke hala izan behar. Tamalez, ez dira horiek gaiaren inguruan azken asteotan izan ditugun albiste bakarrak. Eta jarraian aipatutakoak erakusten du benetako kontraesana.
2016ko azaroan, Jose Sanjurjo militar kolpistaren gorpuzkiak Erorien Monumentutik atera zituen Iruñeko Udalak. Hori saihesten saiatu zen familia, baina, memoria historikoaren legeak argudiotzat hartuta, epaitegiek ez zuten eskaria onartu. Egoera irauli egin da, ordea; eta gorpuzkiak monumentuaren kriptara itzultzea aitortu dio familiari Iruñeko auzitegiak. Epaitegiak legean irakurri duenez, Sanjurjo ez da frankismoaren sinbolo. Aski ezagunak zaizkigun beste kasu batzuk gogoraraziz, berriz ere, herriaren norabidearen kontra ari dira Iruñeko epaileak.
Lau egun barru, 82 urte beteko dira Espainiako gerraren atariko izan zen estatu kolpea gertatu zenetik. Sanjurjo izan zen errepublikaren kontra altxatu zenetako bat. Estorilen (Portugal) bizi zen, eta handik hartu zuen parte konspirazioan. Adostu zuten organigraman, Sanjurjo ageri zen matxinadako buruzagi nagusi gisa. Ez da hori Sanjurjoren biografian frankismoarekin lotzen duen gauza bakarra. Primo de Riverak estatu kolpea jo zuenean, bat egin zuen harekin; baita Sevillan 1932an ere. Sanjurjada deitu zioten saiakera horri. Baina, antza, detaile horiek ez dira sinbolo adieraren pareko.
Frankismoko ikurrak kentzen, iheslariak eta fusilatuak aurkitzen eta memoria berreraikitzen ari garen bitartean, ohoreekin Sanjurjo Iruñeko monumentuan hobiratzea erabateko kontraesana da. Gaizki egiten dugunari garrantzia kentzeko esaten dugu —onartzen dugu— kontraesanez beteta dagoela bizitza. Herri gisa ezin dugu hori onartu. Memorian, egian, justizian, ez dago balio duen kontraesanik.
Absentziak presentzia bilakatzeko omenaldia
Edurne Elizondo
Nagore Laffageren absentziak ekarri du Iruñeko Gazteluko plazan, asteon, Andreak eta Astelehen Lilek egin dioten omenaldia. Bi ordu eta erdiko ekinaldian, halere, Irungo 20 urteko erizainaren presentzia izan da nagusi. "Denak gara Nagore", errepikatu dute, behin eta berriz, parte hartzaileek; batez ere, Jose Diego Yllanesek hil zuenean Laffagek zuen adin bertsua duten emakume gazteek. Haren ama Asun Casasolari so erran dituzte hitz horiek. Eta amak besarkadaz bete ditu. "Urduri nago, beti jartzen naizelako urduri; baina omenaldiok, niretzat, terapia baten modukoak dira; izugarri eskertzen ditut, eskertzen dut jendearekin egotea", erran du Casasolak.
Hunkituta eman eta jaso ditu babesa agertu nahi izan diotenen besarkadak. "Hamar urtez etorri naiz omenaldira, eta inoiz ez naiz musu ematera ausartu. Gaur eman nahiko nizuke", erran dio gizon batek Casasolari; Laffageren amak eskertu du keinua, eta eman dizkio bi musu eta besarkada estua. Malkoak isuri ditu Casasolak, baina irribarreak ere hartu dio aurpegia, behin baino gehiagotan. Hitzak, musika eta dantza nahastuz, omenaldi hunkigarri bezain alaia egin baitiote Nagore Laffageri.
Hamar urte joan dira Jose Diego Yllanesek erizain gaztea hil zuenetik. 2008ko sanferminetan, Laffagek ezetz erran zion Opus Deiren Unibertsitate Klinikako psikiatrari, eta gizonak hil egin zuen. Hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, 2009. urtean. Baldintzapean aske da, halere, joan den martxotik. "Izugarria da", erran du Laffageren amak, tristuraz.
Emakume guztien omenez
Laffagek urtero jaso du iruindarren omenaldia, eta, hamargarren urteurrena gogoratzeko, ehunka herritarrek bat egin dute Gazteluko plazan. Laffage gogoratuz, indarkeria matxistak jotako emakume guztiak omendu nahi izan dituzte. Herritarrekin batera, ekinaldian izan dira Nafarroako Gobernuko, Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko eta Irungo udaletako ordezkariak.
Datu gordin eta latzak mahai gainean jarrita hasi dute Andrea eta Astelehen Lilak elkarteetako kideek omenaldia: "2018. urtea hasi zenetik, 45 feminizidio gertatu dira estatuan; 2017. urtean, 99 izan ziren. 16 urte edo gehiago dituzten emakumeen %12,5ek sufritu dute sexu indarkeria edo indarkeria fisikoa; sei orduan behin emakume bat bortxatzen dute, eta kontuan hartu behar dugu bortxaketen %80 ez direla salatzen". Errealitate hori iraultzeko grina utzi dute agerian antolatzaileek; omenaldi gehiago egin behar ez izateko gogo benetakoa.
Helburu horrekin bat egin du Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere, hitza hartu duenean. Hala aitortu du: "Ekinaldi polita, baina, aldi berean, gogorra eta zaila da gaurkoa [astelehenekoa]". Kontseilariak argi du Laffageren hilketa "mugarri" izan dela indarkeria matxistak herritarren aldetik jaso duen erantzunean. "Gizarteak eta erakundeok bat egin behar dugu, gure indarrak batu, indar horren bultzada areagotzeko".
Ollo ez da bakarra izan Casasolaren ondoan. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteetako kideekin batera izan da Helena Taberna zinemagile altsasuarra ere. Nagore izenburuko dokumentala egin zuen Laffageren hilketari buruz. Familiaren ondoan egon nahi izan du hamargarren urteurrenean. "Laffageren hilketak lehen lerroan jarri zuen, duela hamar urte, emakumeon aurkako indarkeriaren auzia. Garrantzitsua da hemen egotea eta gogoratzea. Ez gaude duela hamar urteko egoera berean; egin dugu aurrera, eta ospatu behar dugu. Herriak hartu du indarra erasoen aurka". Laffage omendu eta gogoratu behar dela berretsi du, eta bere filmaren bidez, hain zuzen, hori egin nahi izan duela nabarmendu du: "Memoria".
Tabernaren filma erakutsi du Asun Casasolak Nafarroako hamaika ikastetxetan, hain zuzen. "Ezin duzue imajinatu niretzat zeinen garrantzitsua den hori", erran du, plazan, zinemagilearen aurrean. Herritarren berotasuna beti sumatu duela nabarmendu eta eskertu du. "Hor ikusten dut zuen alkatea; hasieratik izan da nire ondoan", erran du Casasolak, Joseba Asironi so —jendearen artean dago—. "Ongi ospatu bestak; disfrutatu, errespetatuz. Ez dezatela bertze inor hil; ez dezatela emakume gehiago bortxa. Baina, zerbait gertatzen bada, sinetsi biktimari; atera karrikara; ondoan ez bazaituztegu hondoratzen baikara", bukatu du.
Hitzen tokia hartu du musikak; Etxaniz taldeak, Sabicas etxeko Jolis Muñozek, El Camarotek, Maite Menek eta Aurora Beltranek bete dute oholtza, bertzeak bertze. Aurreskua dantzatu dute Laffageren eta haren familiaren omenez; olerkiak irakurri dizkiote erizain gazteari, eta Towanda Rebels ekinaldiko kideek eta Cristina Fallaras kazetariak "nahikoa" dela erran dute, ozen. Indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten alde egin dute. Erasorik gabekoa. Feminismoaren alde. Nagore Laffageren absentziak ekarri ditu Iruñera; haren presentzia gogoratu dute.
“Indarkeriaren aurka egin beharreko lanaren eredu bilakatu da Iruñea”
E. Elizondo
Urduri dela aitortu du Cristina Fallaras kazetariak (Zaragoza, Espainia, 1968), Nagore Laffageren omenezko ekinaldian hitza hartu baino lehen. Haren amaren aurrean, Laffage gogoratzen dutenengan beti bizirik izanen dela nabarmendu nahi izan du.
Zer duzu gogoan Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuen egunari buruz?
Berria zabaldu zenean, gauzak ez zeuden batere argi. Hasieran, ez zen hilketa aipatzen. Ez gara konturatzen, baina hamar urteotan gauzak anitz aldatu dira. Hilketari buruz orduan hedabideetan zabaldu zenari buruz, gogoan dut nahasmena zela nagusi. Emakume bat hilik zela aipatzen zuten, ez zuten erraten gizon batek hil zuela, ustez bazen ere. Nahasmen hori dut gogoan, batez ere.
Sanferminetan gertatzen diren eraso matxistak ez dira oraingo kontu. Orain, ordea, gehiago salatzen dira, eta karrikan egiten dute haien kontra. Kanpotik, zer iritzi duzu Iruñean azken urteotan gertatu denari buruz?
Azken urteotan, Iruñeko sanferminak eredu bilakatu dira, besta giroan gertatzen den indarkeria matxistaren aurka egin beharreko lanaren eredu. Zalantzarik gabe, udalaren eta gizartearen jarrera mugarri izan da. Protokoloak zehaztu dira, eta, ondorioz, eraso bat gertatu denean, emakumeak argi izan du nora jo. Ez dira Poliziaren protokoloak, gainera. Gizarteari eta udalari lotutako protokoloak dira, hau da, ordezkatzen gaituztenei lotutakoak, eta hori hagitz garrantzitsua da.
Erasoak ez dira bakarrik bestetan gertatzen, halere.
Erasoak gertatzen dira ez bizi dugun sistemaren ondorioz, baizik eta sistema bera direlako eraso horiek. Sistema patriarkal batean bizi gara, eta sistema hori indarkeriaren gainean dago eraikia; oinarria da gizonak duela agintea bere esku. Ondorioz, sufritzen dugun indarkeria hori guztia sistema beraren oinarria da.
Besten esparruan, Iruñetik kanpo sanferminetara ez etortzeko mezua zabaldu dute hainbat taldek eta emakumek; bertakoek besta espazioetan egoteko beharra nabarmendu dute, ordea. Zer uste duzu zuk?
Bi jarrera horiek bateragarriak direla uste dut nik. Ulertzen dut hemengoek nabarmentzea egiten ari diren ahalegina, eta karrikan jarraitu nahi izatea; ulertzen dut, halaber, kanpoko emakumeek etorri nahi ez izatea Nagore Laffage hil zuten edo 2016ko taldeko bortxaketa gertatu zen tokira. Urtero gertatzen dira erasoak, eta ulergarria iruditzen zait emakume anitzek bestan parte hartu nahi ez izatea. Ez dut uste, halere, etorri nahi ez duten horiek sanferminen aurka egin nahi dutenik, bereziki. Uste dut gisako bertze bestetan gertatzen diren erasoak ere salatu nahi dituztela.
2016ko erasoa ez du bortxaketatzat jo justiziak. Zigorgabetasun sentsazioa areagotu da?
Justizia patriarkala da, eta ez dut justizia mota hori laster amaitzeko esperantza handirik. Nagore Laffageren heriotza ere ez zuten hilketatzat jo. Horren eta 2016ko erasoaren gisako kasu argien aurrean justiziarik ez badugu lortzen, ezin dut esperantza handirik izan. Bortxaketaren auziko sententzia irakurri nuenean, ezin nuen sinetsi horrelakorik erabaki izana.
Emakumeak karrikara atera dira justizia patriarkala salatzera; ez duzu hori aurrerapausotzat?
Bai, ari gara justizia patriarkala agerian uzten. Baina justizia patriarkalak ba al du kezka horrekin? Gizartearen zati hagitz handia du bere alde. Bost axola dio, beraz. Agerian gelditzen ari da, halaber, herritarren zati handi bat prest dagoela biktima berriz ere biktima bilakatzeko, eta prest dagoela gure kontra egiteko indarkeria salatzeagatik, errua gure gain jarrita.
Emakumeen erantzun sendoa ere eragin dute azken garaiko erasoek.
Egia da, erantzuna zabala eta sendoa izan da. Uste dut hainbat faktorek bat egin dutela hori gertatzeko. Mugimendu horren atzean ongi prestatutako emakumeak daude. Urte luzez eutsi dugu, eta, azkenean, karrikara atera dugu egoerak eragindako amorrua. Ezin genuen orain arte bezala jarraitu.
Martxoaren 8ko grebak lagundu du mugimendua astintzen?
Bai. Eta uste dut sare sozialen rola ezinbertzekoa izan dela. Ohiko hedabideetan gure kontakizuna egiteko aukera izan ez dugun emakumeok sare sozialak baliatu ditugu saretzeko eta gure mezuak zabaltzeko. Horrek ekarri du, nire ustez, azkenaldiko astintze hori.
Zer ardura dute hedabideek?
Isilarazi gaituzte. Minaren oinarrian daude hedabideak. Indarkeriari buruzko komunikaziorik gabe ezin diogu aurre egin. Eta isilarazi gaituzte, orain arte.
‘Teresa’-k ere aske bizi nahi duelako
Edurne Elizondo
Teresa da Oscar Hortak Plaza y Valdes etxearekin idatzitako Un paso adelante en defensa de los animales (Aurrerapauso bat animalien defentsan) liburuaren azaleko protagonista. Hiltegira kondenatu zuten behia, 2011n, Sizilian, baina ezarritako patu horri ihes egitea lortu zuen. Haztegitik alde egin zuen, lehendabizi; gero, handik 25 kilometrora, itsasora ailegatu zen. Hiru orduz egin zuen igeri, ontzi batean harrapatu zuten arte. Berriz ere ihes egiten saiatu zen lurra ukitu bezain pronto. Lotua zuten animalia, ordea. Eta ezin izan zuen deus egin.
Bizitzeko erakutsi zuen grinak, halere, jaso zuen saria, azkenean. Siziliako herritarrak hunkitu ziren behiak aske izateko egin zituen ahaleginekin, eta egindako presioari esker, salbatzea lortu zuten. Teresa-k, azkenean, helburua bete zuen.
Teresa-ren istorioa hartu du Hortak ardatz bere liburuan, galdera nagusi bat egiteko irakurleei: "Zergatik kezkatu behar dugu gizakiok bertze animaliekin, zergatik egin behar dugu haien alde, edo haien kontra egiteari utzi? Buelta ematen ahal zaio galdera horri: zergatik ez genuke bertze espezietako animaliez arduratu behar?". Gogoeta hori bera egin du idazleak Iruñeko Katakraken eskainitako hitzaldian.
Filosofian doktore da Horta, Galiziako Santiago de Compostelako Unibertsitatean irakasle. Etika Animala taldeko kidea ere bada. Hortak argi utzi du bertze animalien alde egin behar dutela gizakiek. Horrek ekarri beharko luke, batetik, animaliok esplotatzeari eta erabiltzeari uztea; eta, bertzetik, beharra dutenean haiek laguntzea, bai eta naturan bizi direnean ere.
Gizakien eta bertze animalien arteko egungo harremana iraultzeko gakoa sentitzeko gaitasuna da. "Hori da garrantzitsuena: gozatzeko eta sufritzeko gai izatea". Gaitasun horren ondorio izan beharko luke, Hortaren hitzetan, bertze gizakienganako, bai eta bertze animalienganako errespetuak. Adibide bat aipatu du: "Imajinatu gureaz gain bertze mundu bat badela; baina bigarren horretan espezismorik ez dagoela; hau da, ez dago espeziearen araberako bazterketarik. Gizaki, oilo, txerri edo behi jaio behar ote duzun ez badakizu, bi mundu horietako zeinetan bizi nahiko zenuke?".
Hortak argi du gehiengoak espeziearen araberako bazterketarik gabeko mundua aukeratuko lukeela, norbanakoek zein taldetan egon behar duten jakinen ez balute. "Modu inpartzial batean egindako hautua izanen litzateke, eta halakoak izaten dira bidezkoenak".
Nerbio sistema zentrala
Zientziaren munduak onartu du, jada, animalia espezie kopuru handi batek baduela sentitzeko gaitasuna. "Zalantzak eta eztabaidak daude animalia batzuen eta bertzeen esperientziak nolakoak diren azaltzeko orduan, eta zalantzan jarri da hainbat espeziek benetan sentitzeko gaitasuna ote duten; halere, adostasuna bada animalia kopuru handi bat sentitzeko gai dela nabarmentzen duen ideiaren inguruan".
Sentitzeko gaitasuna nerbio-sistema zentralarekin dago lotuta. Hau da, sentitzeko gai diren animaliek badituzte informazioa jaso, igorri eta prozesatzeko egitura fisikoak edo nerbio sistemak, eta horrek ekartzen du animaliok esperientzia positibo eta negatiboak izatea. "Egitura horiek ez ditugu gizakiok edo gizakion antza gehien duten animaliok bakarrik; bertze anitzek ere badituzte, bai eta zenbait ornogabek ere".
Hortak onartu du zalantza dagoela hainbat espeziek izan dezaketen sentitzeko gaitasunari buruz. "Kontua da hainbat animaliak ez dutela informazioa prozesatzeko burmuinik, baina badituzte, ordea gongoil zerebroideak, eta horiek ere, neurri batean, informazioa prozesatzeko gai dira". Halako kasuak dira molusku kuskubikoena eta gastropodoena, adibidez.
Sentitzeko gaitasuna gakoa dela berretsi du Hortak, eta salatu du, bertze animaliei gaitasun hori aitortu arren, ez dutela izan beharko luketen errespetua. Alderantziz. Hainbat datu jarri ditu mahai gainean bertze animalien errealitatea zein den azaltzeko: 70.000 milioi ugaztun eta hegazti hiltzen dituzte, urtean, hiltegietan. "Kasu gehienetan, gainera, sufrimenduz betetako bizitzak izan eta gero hiltzen dituzte". Kopuruari erreparatuz gero, arrainak dira esplotaziorik latzena sufritzen dutenak: "Urtean bi bilioi inguru hiltzen dituzte". Eta kopuru horri erantsi behar zaio arrain haztegietan hildakoena. "100.000 milioi inguru izan daitezke".
"Animaliok jaten ditugunean, ezin dugu ahaztu benetako prezioa zein den: guk ordaintzen dugun diruaz gain, animaliak pagatzen duen prezioa hor dago, sufrimenduz betetako bizitza eta heriotza, alegia".
Bertze animaliak esplotatzea eta zapaltzea ez da espezismoak duen ondorio bakarra, Hortak nabarmendu duenez. Naturari ere egin dio so, bertze ondorio nagusi bat mahai gainean jartzeko: "Natura idealizatzen dugu; baina naturan bizi diren animalien bizitza gogorra da, kasu gehienetan". Gizakiak laguntzen ditugun kasuetan bertze animaliei laguntza hori ukatzea espezistatzat jo du, eta nabarmendu du laguntza hori emateko beharra. "Ongi aztertu behar dira egoerak, eta argi izan ez dugula eraginen saihestu nahi duguna baino kalte handiagoa". Aipatu du, adibidez, Jane Goodallek polio eritasunaren kontrako botika eman ziela txinpantzeei, eta Europako iparraldeko hainbat herritan amorruaren aurkako botikak banatu dituztela, airez botatako gaileten bidez.
Arduraz ospatzeko
Kattalin Barber
Hondakinik onena sortzen ez dena da. Iraultza dakar asteon aurkeztu duten Nafarroako hondakinei buruzko legeak. Bukatu da kontsumitu eta botatzeko garaia, eta, besteak beste, hondakin plastikoen murrizketa du ardatz legeak. Neurriak har...
Iritzia: Zupatu eta ixo
Saioa Alkaiza
Zupatu eta ixo. Tonta izateko ez zara horren polita. Zure ipurdia nirea izanen da. Zupa Zupa (Chupchups enpresaren logoa imitatzen duen letra tipoarekin). Ekar ezazu zerbeza; berriz ere itsusi jartzen ari zara. Denok larrua joko dugu edo puta ibaira joanen da. Birjina izateak ez zaitu santu bihurtzen. Hanka politak dira, zein ordutan irekiko dute?
Sanferminetako bestetan, iaz salgai ipini zituzten hainbat txapatan eta elastikotan irakur daitezkeen esaldiak dira, denak, indarkeria sexistaren apologia, batzuek bortxaketa eta erailketa justifikatzeraino. Lilith Feministak salatu zuen bere Twitter kontuaren bitartez; Takonerako postutxoen azokan zeuden salgai.
Saltzaileari ohartarazpena eginda, "umorea" zela erantzun zion, eta gaizki hartzea "exajerazioa" zela: "Ea orain ez dugun askatasunik izan behar adierazteko umore pixka batekin", adierazi zuen, hedabide zenbaitek jaso zutenez.
Saltzailearen erantzuna kasu bakandu bat dela pentsa dezake baten batek (saltzailea gizona da, bai), baina txioaren erantzunetara jotzea besterik ez da egin behar, egoeraren gordina ulertzeko: "WTF, nora heldu behar dugu indarrean dagoen zuzentasun politikoarekin?", dio batek; "Txapak zakurraren putza izanen dira, baina esaldi horiek gazte guztiek esaten dituzte festan irteterakoan", beste batek; "Beno, badakizue esaten dela umorea pribilegioen antzekoa dela: batzuek badute eta feministek, ez", azkenak.
Umorea. Askatasuna. Exajerazioa. Politikoki zuzena denaren tirania… Postzentsuran gaudela dioten mantrak errepikatzen dituzte zisheteropatriarkatuaren zimenduak ezartzen jarraitu nahi dutenek, indarkeria sexista eta LGTBIQ+foboa baimentzen, are, biolentziari txantxa berniz geruza bat ematen.
Iruñeko kaleetako salmenta gune batean baino gehiagotan omen zeuden gisako salgai sexistak. Ez ziren salbuespena, erregela baizik. Eta Iruñeko Udaltzaingoak konfiskatu zituen horietako batzuk (gutxi batzuk baino ez, noski); Fiskaltzak, baina, artxibatu egin zuen Emakumeen Tratu Txarren Kontrako Batzordeak gertatutakoagatik jarritako salaketa.
Aurten, ordea, berrikuntza ezarri du Iruñeko Udalak, mugimendu feministaren salaketaren ondorio baino ez dena, hain zuzen: irudi eta lelo sexistak dituen materiala debekatuko dute. "Bandoan dio, inor halakoak saltzen atzematen badute, kentzeko eskubidea dutela, eta baita behin kendutakoa gehiago ez itzultzekoa ere", BERRIAk argitaratu duenez.
Aurrerapausoak aurrerapauso, auzia ez da soilik intentsitate handiko erasoak elkarretaratze zinez jendetsuen bitartez salatzea (mugimendu feministaren lan eskergaren ondorioz, argi gera bedi; eta oso beharrezkoa dena), baizik eta kultura zisheteropatriarkala sortzen, birproduzitzen eta eusten duten adierazpen guztien inguruan eztabaida abiatzea. Haiekin amaitu arte.
Kontua ez baita txapa eta elastiko sexistak salgai dauzkatenik (bakarrik), erosi egiten dituztela baizik.
Memoriak har ditzala paretak
Edurne Elizondo
Ez dugu historia aldatzeko inongo asmorik. Memoriari eragin nahi diogu, espazioak demokratizatzeko". Horixe nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko buru Alvaro Baraibarrek, ikur fra...