“Hurbiltasuna zaindu, eta distantziak kudeatzen ditugu”

“Hurbiltasuna zaindu, eta distantziak kudeatzen ditugu”

Kattalin Barber

Emakumeak kontinentea astintzen ari dira. Latinoamerikan indar handia hartu dute emakumeen mugimenduek azken urteotan. Gertatzen ari den matxinada feministari buruzko ikuspegi orokorra eman du Raquel Gutierrez soziologoak (Mexiko Hiria, 1963), Iruñean. Militante eta pentsalari internazionalista hori Mexikoko Pueblako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta ikertzailea da. Zabaldik gonbidatuta, zenbait hitzaldi eskaini ditu Nafarroan.

Latinoamerikan gertatzen ari den matxinada feminista duzu hizpide. Zeintzuk dira gakoak?

Herrialde bakoitzak bere gakoak ditu, baina guztiek badute antza. Alde batetik, ezagutza eta esperientzia handiko feministen konbergentzia bat sortu da, eta, bestetik, gazteen parte hartzea handitu da. Feminismoa berritzen ari dira. Batzuek eta besteek ikusi dute mobilizatzeko beharra, eta feminizidio eta inpunitate maila handiko gaietan esku hartzeko antolatu dira. Gai basatiei erantzuteko elkartu dira. Are gehiago, nahasi dira, eta loturak sortu dituzte; guk ezohiko aliantza deitzen diogu horri, bat egin dutelako akademikoek, gazteek, auzoetako emakumeek, kolektibo lesbofeministek.... Beste egoera batean topo eginen ez luketen emakumeak elkartu dira. Loturak zaintzen ari gara ekintza zehatzak aurrera eramateko, biolentziaren aurka. Horregatik diogu hurbiltasuna zaindu eta distantziak kudeatzen ditugula.

Horrek ekarri du ekintzak masiboak eta erradikalak izatea?

Uruguain eta Argentinan izan dira, batez ere, jendetsuenak. Argentinan, adibidez, ohitura handia dago emakumeen topaketak egiteko. Orain izan da azkena, eta oso esanguratsua izan da. Emakumeen Topaketa Nazionala zen lehen, eta Emakume, Lesbiana, Transexual, Trabesti, Bisexual eta Ez-Binarioen Topaketa Plurinazional bihurtu da orain. Are gehiago, izena oraindik eztabaidatzen ari dira. Guztiak izendapenarekin ados egon ez arren, han elkartu dira. Zer eginen luke politika patriarkal batek? Nola kudeatu diferentzia? Ziur asko, bost topaketa antolatuko lirateke, bakoitza izen batekin. Baina 200.000 emakumek baino gehiagok topo egin zuten. Hori praktika politiko desberdina da. Guk ez ditugu kontraesanak eten nahi: kontraesanak habitatu nahi ditugu, kontraesanak bizi. Nola egin hori? Nik ez dut ondokoa baliogabetuko.Beharbada ez naiz ados egongo, eta kritikatuko dut, baina egin dezala nahi duena. Hau da, anbiguotasunean moldatzea. Hori ez da berria, baina orain hain da jendetsua eta hainbeste urtean sostengatu da, energia oso interesgarria baitago. Gainera, orain zera gertatu da: egiten eta praktikan jartzen ari garen bitartean pentsatzen ere ari garela, hausnartzen.

Nola antolatzen ari zarete?

Estatutik kanpo egiten ari gara guztia. Asmatu nahian ari gara nola bermatu bizitza estatutik kanpo. Estatuzentrikoa ez den politika bat praktikan jartzen ari gara. Horrek ez du zertan antiestatala izan. Beti aukeratu behar dugu, eta guk ezetz esaten dugu, guri dena gustatzen zaigula iraultzea, eta dikotomia horretatik atera nahi dugu. Esan nahi dut, ez-binarioak izanen gara, baina alderdi guztietan, ez bakarrik gure nortasunean. Ez-binarioak izanen gara gure pentsamenduan. Zimenduak mugitzen ari garelako eta borroka bizitzaren aldekoa delako. Eta bizitzaren aldeko borroka erdigunean jartzen duzunean, begirada antikapitalista interesgarria sortzen da.

Historikoki, Latinoamerikako emakumeak izan dira lurralde borroketako protagonistak. Ekuadorren oraingoan ere horrela izan da.

Bai, eta ez da kasualitatea Marichuy Mexikoko CNI Batzar Nazional Indigenako presidentetzarako hautagaia izan izana, eta, era berean, ez zen kasualitatea izan Berta Caceres aktibistaren hilketa. Ahots indartsua duten emakumeak dira, eta gai izan dira borrokak lotzeko; horregatik hil zuten Berta, adibidez. Horrez gain, egia da emakumeak ia beti izan direla protagonista borroken hasieran; ez, ordea, amaieran. Negoziazioa iristen denean, gizonak egon ohi dira hor. Prozesuan hierarkia handia dago, eta emakume eta disidentzien ahotsak ikusezin egiten dira. Orain kontua da emakumeek ez dutela beren ahotsa eman; are gehiago, komunitateetako bilbeak ari dira aztoratzen. Ekuadorren ikusi dugu nola hartzen duten ahotsa emakumeek. Ez dute bakarrik bizitza erreproduzitu borrokaren erdian; ahotsa hartu dute, eta eztabaidak gidatu dituzte. Gainera, oso trebeak dira beste batzuekin loturak egiteko. Emakumeek eutsi diote borrokari.

Emakumeen matxinada zabalduz doan heinean, ari dira mehatxu faxistak jasotzen ere. Zer-nolako eragina dute?

Ondorioak izaten ari dira, eta batek daki nola joanen zaigun aurrerantzean. Erlijio, kapital eta militarren eraso handia dago. Eskuinerantz lerratu dira herrialde asko, eta indarkeriak gora egin du. Elizak indar handia du, ekonomikoki eta ideologikoki. Kolonbia eta Mexikoko hainbat eskualde militarizatu dituzte, eta paramilitarrak indartuta bueltatu dira. Ez da egoera ona, eta egoera latz horri ez da erraza aurre egitea. Baina ari gara. Ekuadorren, adibidez, pobretzearen aurka altxatu ziren. Une interesgarria da, borroka asko pizten ari direlako. Garrantzitsua da borroken arteko loturak sortzea. Mereziko luke internazionalismo feminista batean pentsatzea, bakoitzak parte hartzen duen borrokak lotzeko eta sendotzeko.

Iritzia: Idatzi ez ditudanak

Iritzia: Idatzi ez ditudanak

Lohizune Amatria

Gauza asko gertatu dira azkenekoz idatzi nuenetik. Gehiegi. "Errudunez" bete nuen zutabea duela hilabete. Orain, erredunak nonahi dira, egunkarietan orrialdeak betetzen.

Egun nahasiak izan dira niretzat, zaila egiten zait sentimenduak eta iritziak albo batera uztea lanean nagoela, eta geratu direnek hunkitu naute. Sare sozialak erabiltzen dituzte zenbaitzuek halakoetan. Baina nik aspaldi galdu nuen ohitura hori eta ez dut egin. Hori dela eta, barkatuko didazue, idatzi ez ditudan txioak irakurtzera zoaz orain.

Urria iristearekin batera idatziko nukeen lehenengoa; orduan jaso genuen lehenengo kolpea. Urriak 1. Sindikatu bat garaile, baina ez da albiste ona. Halako zerbait izan zitekeen idatziko nukeena, harrigarria baita UGTk langile publikoen eskubideak nola defendatzen dituen ikustea. Afixetan, karteletan, ikur eta seinaleetan euskara askori "deserosoa" egiten zaiela esan ere egin dute. Baliteke, dena den, honek alde onik edukitzea. Ikusi baitugu dekretu bidez ez dugula hobetuko egungo legea.

Hiru egun geroago, WhatsApp taldeetako batean jasotako argazki zenbait atxikiko nizkioke txioari. Pirinioetako biztanleak azaltzen dira argazkietan, irribarretsu, baina haserre. Garralda, Aribe, Garaioa, Otsagabia, Orreaga, Auritz, Aurizberri, Erro, Erronkari… Herritarren indarra eta borrokarako gogoak hunkitu ninduten. Harrotasunetik idatziko nukeen txioa.

Urriak 4. Bost minutuz hutsik izan dira Nafarroako Pirinioetako lanpostuak. Bost minutuko geraldia, hustea ez dadin betikotu. Herriko bizitza defenda eta babestu dezagun!

Baten kale, bestean bale dio esaerak. Zartakoa dator bada hurrengo txioarekin batera:

Urriak 9. Ezin dut burutik kendu Altsasuko gurasoei egindako azken elkarrizketa. Hau ez da justizia. Amaia Amilibia eta Koldo Arnanz aditzeko aukera izan genuen Auzitegi Gorenak auzia aztertu baino egun bat lehenago. Zorotzat definitu zuten egoera, eta, nekaturik zeudela aitortu bazuten ere, beharrik ez zen, nabari zitzaien. Epai irmoa ezagutu nahi zuten, bukaera bat eman honi. Baina susmorik txarrenak baieztatu zaizkie. Ez da amaitu. Bihar Iruñeko Justizia Auzitegiaren atarian izanen gaituzte.

Gaur idatziko nukeen txioa litzateke azken esaldi hori, baina jarrai dezagun kronologikoki. Esaera baieztatuko lukeen salbuespena urriaren 14arekin gertatu zen. Urriak 14. 70 urte izanen zituen. Pozez malkoka irten zen Lleidako nekazaritzako lurralde zerbitzuen egoitzatik. Haren herriaz erabakitzeko aukerarik ez zuela izanen sinetsita zegoen, boto papera hautetsontzian sartu aurretik. Gaur nola dagoen jakin nahiko nuke. Erreferenduma ez da delitua! Ez dago presondegirik hainbeste duintasunarentzat leloa gogorarazi dit lagun batek. Egia da.

Azken txio bat erantsiko diot zutabeari, gozoagotik amaitzeko. Urriak 26. Gazta bat, 170 kilometro, bizimodu bat. Arruazu-Isaba. Egurra, Aritz!

Mende laurdena taupadaka

Mende laurdena taupadaka

Edurne Elizondo

Bihotza: erdian dagoelako, eta eraikin bizia delako, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutakoa. Duela hogeita bost urte hasi zen taupadaka NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko liburutegia, eta, egunotan, mende laurdena bete duela ospatu dute eraikineko langileek eta erabiltzaileek. 1992. urtean hasi ziren egoitza eraikitzen, eta handik bi urtera amaitu zituzten obrak, 1994. urtean.

NUPeko liburutegiak, halere, lehenago egin zituen bere lehendabiziko urratsak. Nafarroako Parlamentuan sinatu zuten unibertsitate publikoa sortzeko lege proiektua, 1987ko apirilaren 21ean, eta 1989-1990 ikasturtea izan zen erakunde horren lehendabizikoa. Garai hartan, Sario eraikineko areto batean ziren liburuzainak, hori izan baitzen NUPen aurreneko egoitza.

Concha Guijarro orduan hasi zen liburutegian lanean; hasieran, bakarrik aritu zen. "Paper batean jasotzen nituen erositako liburuen izenak. Dena hutsetik hasi behar izan genuen", gogoratu du. Liburutegiko zerbitzuen saileko buru da orain.

Sariotik NUPeko ikasgelategira mugitu zuten liburutegi zerbitzua, Guillermo Sanchezek sail horren ardura hartu eta gero. Eta handik, azkenean, oraingo egoitzara eraman zuten; azken hogeita bost urteotako egoitzara, alegia. 1994. urtetik, Arrosadiko campuseko eraikinak azalari eutsi dio, baina haren mamia etengabe joan da aldatuz eta garaian garaiko beharretara egokituz.

Behar horiek bereziki baldintzatu ditu azken urteotako digitalizazio prozesuak. Hainbat datuk agerian uzten dute digitalizazioaren eraginak zenbateraino aldatu duen liburutegiko kideen egunerokoa, hain zuzen ere: 1994an, hamasei ordenagailu zeuden eraikinean; egun, berriz, 197; liburutegia zabaldu zutenean, ez zen liburu elektronikorik; denek zuten papera euskarri: 140.079 ziren hasieran; orain, berriz, 443.137 dira, eta liburu horien guztien %21 elektronikoak dira. Aldea nabarmena da, batez ere, aldizkari elektronikoen arloan: 1994. urtean bakar bat ere ez zegoen; orain, berriz, liburutegiak dituen 11.584 aldizkarien %95,7 dira elektronikoak.

"Digitalizazioaren eraginak ekarri du aldaketarik handiena NUPeko liburutegira". Horixe nabarmendu du Carmen Etxeberria zuzendariak. 2007. urtetik ari da erakunde horretan lanean, eta joan den irailetik liburutegiko buru da. Eskertu du unibertsitateak egunotan liburutegiko kideen lanari egindako aitortza. Liburutegia ikasle eta irakasleen topagune dela erran du, eta espazio horretan liburuzainak bilakatzen direla ikasleon eta irakasleon laguntzaile eta aholkulari; elkarlanerako espazio bat dela, beraz, liburutegia.

NUPeko liburutegian ari diren profesionalen sareak ia 70 kide ditu. Arrosadiko campuseko eraikina da mende laurdena bete berri duena, baina unibertsitate publikoak bertze bi liburutegi ditu: bat Osasun Zientzien Fakultatean, Iruñean, eta, bertzea, berriz, NUPek Tuteran duen campusean.

Angela Berasategik, Carlos del Campok eta Maria Jose Quintanak Arrosadiko eraikina dute lantoki, baina egoitza hori egin aurretik bilakatu ziren NUPeko liburuzain, Concha Guijarro bezala. Berasategi Ruiz 1992. urtetik ari da NUPen lanean. Egun, ikerketarako bildumen zerbitzuko burua da. Urtebete lehenago ailegatu ziren Del Campo eta Quintana NUPera, 1991. urtean. Liburutegiko irakasleak eta ikerlariak laguntzeko zerbitzuko arduraduna da Del Campo, eta erosketen zerbitzukoa, berriz, Quintana. Liburutegiarekin batera egin dituzte azken hogeita bost urteotako urratsak, eta nabarmendu dute etengabe "aldatzen eta moldatzen" ari den tokia eta zerbitzua dela. "Guk ere, ondorioz, etengabe moldatu behar izaten dugu gure lanak eskatzen dizkigun elementu berrietara", erran du Del Campok.

Espazioak moldatu

NUPeko liburutegiaren jardueran, ikerketaren esparruak toki gero eta nabarmenagoa hartu du. Horrek eragin du, batetik, espazioa aldatu behar izatea. Lehen, liburutegia "Isiltasun eremu bat zen, baina hori aldatu egin da: taldean aritzeko toki bilakatu da; elkarrekin hitz egitekoa eta lan egitekoa, alegia", azaldu du Ana Amigotek, liburutegiko zuzendariordeak. "Hainbat aretotan, mahaiak kendu, eta besaulkiak jarri ditugu". 2002tik ari da Amigot NUPen, eta irailetik liburutegiko zuzendariordea da.

Bertzetik, ikasleek eta irakasleek talde lanak eta ikerketak egiteko duten behar gero eta handiagoak eragin du liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak egokituz joatea. Erabiltzaileek lanerako eta ikerketarako materiala bilatzen dute, eta behar duten informazio digital hori aurkitzeko eta eskuratzeko prestakuntza eskaintzen dute liburutegiko profesionalek, gero eta gehiago.

Liburutegia gero eta "birtualagoa" da, nolabait erranda, langileek nabarmendu dutenez. Errealitate hori ederki islatzen dute maileguen inguruko datuek, hain zuzen ere: liburutegiaren hastapenetan, NUPen urtean 62.480 liburu inguru ematen zituzten maileguan; gaur egun, mende laurdena joan eta gero, behera egin du kopuru horrek, eta 58.265 inguru dira urtean maileguan ematen diren liburuak. Liburutegiko materiala begiratzeko eta jasotzeko bertzelako moduak daude orain, ordea: urtean 676.750 dokumentu elektroniko jaisten dituzte NUPeko liburutegiko erabiltzaileek, hain zuzen ere.

Zerbitzuak egokitu

"Puntakoa izan da liburutegia, hasieratik". Hori argi du Guijarrok. Ontzat jo du NUPek liburutegi nagusi eta zentralizatu baten aldeko apustua egin izana. "Bertze unibertsitate askotan ohikoena zen fakultate bakoitzak bere liburutegia izatea; hemen bertze bide bat egin zuten, eta liburutegi sendo bat sortu zuten. Erabiltzaileek zerbitzu guztiak dituzte toki berean eskura", azaldu du liburuzainak.

Hasieran, halere, Saenz de Oizaren eraikina zutik izan arte, espazio falta izan zen arazo nagusietako bat, eta departamentuka banatu zituzten liburutegia eskuratuz joan zen liburu bildumak. "Aurten, oraindik ere, bilduma horietako hainbat berreskuratzen aritu gara", erran du Ana Rosa Casimiro liburuzainak.

Ikerketa bildumen artean egin ditu Casimirok urte gehienak, 1996an NUPeko liburutegira ailegatu zenetik. Orain kontrol bibliografikoko arduraduna da. Ilusioz gogoratu ditu hasierako lan haiek. "Liburutegi bat sortzea proiektu biziki aberasgarria izan da".

Lankideek gogo eta ilusio bera dutela berretsi dute. "Liburutegia espazio berezi bat da: eraikin bizi bat. Mugimendu handia dago. Hemendik pasatzen dira unibertsitateko kide guztiak", erran du Quintanak.

Del Campok, zehazki, NUPeko lehen mailako ikasle guztiekin du harremana, guztiei eskaintzen dielako unibertsitateak informazioaren esparruan gaitasunak garatu ahal izateko formakuntza saioa. "Gure zerbitzuak du formakuntza horren ardura. Dauden baliabideen berri zabaltzea eta baliabide horiek erabiltzen ikastea da kontua. Ez hori bakarrik, ikerketa lanetan ere babesa eta laguntza ematen baitiegu irakasleei", gaineratu du.

Del Campok argi du aldaketa nagusia liburutegiko erabiltzaileek eskura dituzten tresnetan gertatu dela: "Bibliografia bilatzeko tresnen esparrua izugarri aldatu da azken urteotan; klik bakar baten bidez, munduko hamaika txokotan argitaratu denaren berri jaso dezakete ikasleek eta irakasleek". Hasieran, paperezko euskarritan ziren argitalpen horien zerrendak, eta liburutegian kontsultatu behar zituzten ikerlariek. Disko konpaktuen gisako euskarriak izan ziren hurrengo urratsa, baina horiek ere liburutegian egoten ziren. "Orain, ikerlariak etxetik egin ditzake kontsultak".

08:00etan zabaltzen ditu ateak Arrosadiko campuseko liburutegiak, eta 21:30ean ixten ditu. Ikasleak taldeka elkartu ahal izateko 24 areto ditu, gaur egun. Ikasleen eta irakasleen joan-etorria etengabekoa da Saenz de Oizak diseinatutako eraikinaren inguruan. NUPeko bihotza da liburutegia, eta indar handiz ari da taupadaka.

Memoria, begirada aldatzeko

Memoria, begirada aldatzeko

Edurne Elizondo

Kontent nago, liburuak balio izan duelako hitz egiteko, eta gu osatzeko". Kattalin Miner idazlearenak dira hitzak; Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (Elkar) lanari buruz erran ditu, Iruñean egindako aurkezpenean. Trans Urria programan parte hartu du, hiriko Zikutak eta Bullerak taldeek antolatutako ekinaldian. Tene Mujika bekari esker argitaratu zuen Minerrek liburua, maiatzean, Hernaniko Aimar Elosegi Ansaren heriotzak eragindako mina abiapuntu hartuta. Bere buruaz bertze egin zuen trans gazteak 2007. urtean; lagun mina eta herrikidea zuen Minerrek.

Aimar Elosegi Ansa Moio zen Hernaniko bere kuadrillako kideentzat. Minerrek ez du liburua idatzi lagunari buruz, halere; ez du lagunaren bizitza ardatz hartu; bertze ertz batetik heldu dio gaiari: Elosegi Ansak bere buruaz bertze egin eta gero herrian auziari buruz ezarritako isiltasunaren inguruan hitz egin nahi izan du idatzitako orrietan. Isiltasun hori apurtzeko, hain zuzen ere; isiltasun hori zerk eragin zuen ulertu ahal izateko.

Izan ere, Elosegi Ansaren heriotza gertatu eta gero, Hernaniko herriko plazan egin zioten hileta zibila; omenaldiak ere izan zituen; eta, ekitaldiotan guztietan, familiak eta lagunek mahai gainean jarri zuten gaztea transa zela eta bere buruaz bertze egin zuela. Haren heriotzak, beraz, izan zuen oihartzun sozial eta politikoa; baina oihartzun horren indarrak behera egin zuen denborak aurrera egin ahala, gaia isilpean utzi arte.

Elosegi Ansaren suizidioaren hamargarren urteurrena izan zen, duela bi urte, Minerren liburuaren pizgarri. "Lehenengo aldiz, ez nuen sentitu omenaldirik egiteko beharrik". Doluaren amaieratzat hartu zuen seinale hori, baina hasierako lasaitasuna ezinegon bilakatu zitzaion, eta eguneroko bat idazten hasi zen, gogoeta egiteko, memoria lantzeko. Eguneroko hori idazten konturatu zen Miner lagunaren heriotzari buruz jada ez zutela hitz egiten kuadrillan; ez zirela auziaz gehiago mintzatzen herrian. "Isilpean zegoen", gogoratu du.

Isiltasun horri memoria landuz erantzun nahi izan dio Minerrek, hain zuzen ere: memoria kolektiboaren bidez. Horretarako, esparru ezberdinetako testigantzak jaso ditu. Elosegi Ansaren anaia Ander eta lagunak elkarrizketatu ditu, bai eta Medeak talde transfeministako kideak, Maialen Lujanbio bertsolaria, Iratxe Retolaza kultur kritikari eta EHUko irakaslea, eta Hernaniko Brayan Altimasbere gazte transa ere.

Hiri eta herri "bizigarriak"

Liburua osatzeko elkarrizketatu dituen guztien inplikazioa nabarmendu du Minerrek. "Errespetu eta ardura kolektibo handia topatu ditut. Uste dut denek parte hartu dutela badakitelako, pertsonaletik harago, gizartean eragiteko asmo bat baduela proiektuak". Horixe erran zuen egileak, maiatzean, liburua aurkeztu zuenean.

Eragiteko asmo horren bidetik, hain zuzen ere, idazleak argi utzi du gizarteak baduela hiri eta herri bizigarriak eraikitzeko ardura eta betebeharra. "Denentzako bizigarriak izango diren hiri eta herriak". Elosegi Ansaren anaiaren hitzak ekarri ditu gogora Minerrek, ardura horri lotuta: "Urteak eman ditu anaiari buruz hitz egin gabe. Tabua ez zen suizidioa; tabua bestea zen: anaiak bere buruaz beste zergatik egin zuen azaldu beharra. Ezjakintasunari eta komentario ergelei egin behar izan zien aurre, eta isiltzea erabaki zuen".

"Isiltzea erabaki zuen gaiak eztabaida eragiten zuelako, baina baita berak behar zuelako ere, berak ere ez zuelako ondo ulertzen zer zen transexualitatea", erantsi du Minerrek. 2007. urtetik gauzak aldatuz joan direla uste du idazleak, eta orduko diskurtso anitz bazter gelditu direla jada. Minerrek nabarmendu du, halere, anitz dagoela ikasteko, oraindik ere, trans pertsonen errealitateari buruz. "Transfobia handia zen garai hartan; prezio garestia ordaindu zen gaia garrantzitsua zela ikasteko".

Ikusezina dena ikusgarri bilakatzea da gakoa, erantsi duenez. Transentzat ere bizigarri izanen diren espazioak eta gizarteak eraikitzea. Eta, hori lortzeko, ardurak ez du haien bizkar egon behar: "Zis pertsonoi dagokigu begirada aldatzea; oraindik ere, gure asmo onenekin ere, ez dugu lortu espazio bizigarri horiek sortzea. Lan pila dugu egiteko, asko dugu ikasteko. Oraindik ere, traba egiten digu indefinizioak". Minerren liburuak isiltasuna apurtu du, eta fase bat itxi. Bidea eman du ikasten eta ezagutzen jarraitzeko. Espazio bizigarriak sortzen laguntzeko.

Kulturan, lan egiteko baldintza duinen eske

Kulturan, lan egiteko baldintza duinen eske

Kattalin Barber

Prekaritatea, lan baldintza txarrak eta murrizketak". Horixe salatu dute Nafarroako hainbat kultur azpiegitura kudeatzen dituen Sedena enpresako langileek. Hiru egunez egon dira greban, "lan baldintza hobeak aldarrikatzeko". Urriaren 8, 9 eta 10ean izan zen lanuztea, eta langile batzordeak adierazi du erantzun "ezin hobea" izan zuela. Besteak beste, grebak eragina izan zuen Iruñeko Civivox sarean; Mendillorriko, Sanduzelaiko eta Iturramako udal liburutegietan; Gazteriaren Etxean; Kondestablearen jauregiko Herritarren Arretarako Bulegoan eta Elkarlanerako Zentroan; Beriaingo Gazte Zentroan; Liburutegi Nagusian; Uharteko Arte Garaikideko Zentroan; Tuterako gizarte etxean; eta Nafarroako Artxibo Nagusian.

Beren lan baldintzak hobetu ditzatela eskatu diete Sedenak azpikontratatuak dituen langileek enpresari. Hori lortu bitartean, orain arte adina denbora "eusteko prest" daude.

Denera, berrehun langile ditu enpresak, eta hainbat kultur azpiegitura kudeatzeko kontratu publikoak lortuak ditu. Ainara Izko langile batzordeko kidea da, Nafarroako Artxibo Nagusiko langilea. Azaldu du zerk eragin duen greba: "Sedenak irabazi zuen Iruñeko Civivox sareko garbiketa lizitazioa; are gehiago, aurkeztutako enpresa bakarra izan zen". Deialdian, Iruñeko Udalak %30 murriztu zituen baldintzak, eta enpresak %20ko beherapenarekin lortu zuen. "Kaltetuek erabaki zuten ez zutela inolako murrizketarik negoziatuko, eta kultur arloan lan egiten dugunok bat egin genuen lankideekin, gure egoera ere ez delako batere ona". Esaterako, Izkok salatu du hamabi urtean ez dela igo KPIa. Hortaz, Civivox sarean lan egiten duten garbitzaileei eta aisialdiko eta denbora libreko hitzarmenarekin aritzen diren beharginei eragin die grebak.

Izkoren esanetan, lan baldintza horiek izateko bi gako daude. Alde batetik, estatu mailako hitzarmen bati lotuta daude, eta hitzarmen sektoriala eta lurraldekakoa galdegin du. Bestetik, kultur munduan nagusi diren prekarizazioaren eta azpikontratazioaren aurka mintzatu da. "Azpikontratazioen bidez, kultura lan prekario bihurtzen ari dira. Azpikontratazioekin lortzen da langileei gutxiago ordaintzea, eta gu gara beti galtzaile".

Horrez gain, Nafarroako administrazioek zerbitzua azpikontratatzeko garaian eginiko deialdien aurka jo du: "Beharrezkoa da administrazioak beren erantzukizunaz jabetzea; esaten digute lan kontuetan ez direla sartzen, gure baldintzak okertzen ari direla jakinda". Murrizketen eraginez, lanaldia murriztuko zaie langileei, eta, hortaz, soldata ere bai. "Proposatu genion enpresari bere gain hartzea murrizketak, baina ez ginen ados jarri", esan du Izkok. Oraindik ez da murrizketarik aplikatu, norbaitek helegitea jarri duelako deialdian, "baina asmoa hori da".

Izkok gogorarazi du zerbitzu publiko bat ematen dutela, eta, prekaritatea "edonon" dagoen arren, zabaltzen ari dela kulturaren esparruan.

Grebari ekin aurretik ere hainbatetan agertu zioten kexa Sedenari, baina kasu egin ez izana salatu du Izkok. Egoera aldatzen ez zela ikusita, langileek ez zuten ikusi grebara jotzea beste biderik. Hain zuzen ere, ez da lehen aldia Sedenako langileek greba egiten dutela. Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegia kudeatzen du enpresa berak, eta bertako bitartekariek zazpi hilabeteko greba egin zuten. Abuztuan lortu zuten baldintzak hobetzea.

Elkartasuna, erruz

Grebak iraun duen hiru egunetan izandako erantzunarekin eta jaso duten elkartasunarekin "pozik" agertu da Izko. Babes handia izan dute: "Auzokoen eta ohiko erabiltzaileen elkartasuna izan dugu". Gertu sentitu dituzte herritarrak eta langileak. Lanuztearen ondoren, oraindik ez dute erabaki zer-nolako bidea hartuko duten. Argi dute, halere, baldintza duinak lortu arte egonen direla lanean. "Grebak balio izan du, gainera, gure artean gehiago ezagutzeko eta elkarrekin aritzeko; oso bereizita lan egiten dugu, eta ia ez genekien enpresa berarentzat lan egiten genuela ere; prozesuak batu gaitu". Indarra ematen die horrek guztiak, eta adierazi dute lan baldintza duinak lortu arte ez daudela amore emateko prest.

Oraingoz, enpresarekiko harremana eten da. Prentsa ohar baten bidez, Sedenak adierazi du "hitzarmen probintzial eta sektorial baten alde" ari dela lanean eta ez duela greba "egokitzat" hartu. Langile batzordeak babesten du aipatu hitzarmena, baina baldintzak "orain" hobetu behar dituztela dio. "Ezin diogu etorkizunari begiratu; erantzunak nahi ditugu lehenbailehen".

Iritzia: Erromantizismo iraultzaileaz

Iritzia: Erromantizismo iraultzaileaz

Saioa Alkaiza

Guk ez dugu printze eta printzesetan sinesten, are hala hasten den zutabe bat irakurtzen haste hutsak pereza ematen du, oinarrizkotasunaren oinarrizkotasunaz, jakin badakigu-eta maitasun erromantikoaren kontra gaudela, maitasun pentsamendua dela laranja erdiak bilatzera garamatzana, norbera zukutu arte, heteroarauaren zurrunean sakontzen duena, generoaren eraikuntzan bertan beste adreilu bat jartzen duena. Maitasun erromantikoaren kontra gaude, nahi ez genukeen gizarte horren isla delako, eta Mari Luz Estebanen hitzak gogora ekarriz, eredu hori delako mendeak pasatuta ere indarrez mantendu dena, gauzak bere horretan utziz. Honako hau, beraz, urteek aldatu ez dutena: "Maitasun eredu burgesa eta kapitalista, zeinean maitasunak (irrazionala arrazionalizatzen duena) gizonak eta emakumeak bereizten dituen, eta bikotea (heterosexuala) erdian jartzen duen".

Bestela esanda, bere garaian Anna Jónasdóttirek El poder del amor ¿Le importa el sexo a la democracia? liburuan Firestoneren pentsamendua jasotzerakoan azaldu zuen bezala, maitasuna beharrezkoa da patriarkatuaren mantenurako: "Patriarkatu garaikidean, maitasuna dominazio maskulinoaren zutabea da; izan ere, estatistikoki, emakumeek egindako maitasun inbertsioa handiagoa da: jaso baino gehiago ematen dute". Dioenez, maitasun plus hori dela-eta irteten dira gizonak esparru publikora autoestimu handiagoarekin, jasotako erreziprozitaterik gabeko kariñoaren ondorioz. Gauzak horrela, eta berriz diot, maitasun erromantikoaren kontra gaude. Ezinbestean.

Edo bestela, Estebanen Crítica del pensamiento amoroso lanean irakur daiteke Jónasdóttiren pentsamenduaren beste ale bat; eta merezi du gogora ekartzea: "Kapitala alienatutako lanaren metaketa bada, autoritate maskulinoa (emakumeengan duen eragina dela eta) maitasun alienatuaren metaketa da". Horregatik, berriz ere: maitasun erromantikoaren kontra gaude.

Ez naiz hutsetik ari, ez naiz berritik ari; aspaldi dago "gure" ezkerreko giroetan mugimendu antierromantikoa. Hau bagenekien. Aurrekoan, lagun batek, baina, gako bat eman zidan pentsatzeko ez ote garen ari geure buruari jarritako tranpan erortzen deseraikitze lan hauetan: "Bikotearen tiraniatik ihes egin nahian, lagun talde batean jarri nuen nire indarra, kolektibo batean, aurrera begirako proiektu bat garatzeko, eta, total, azkenean, bikotea baino gehiago erromantizatu nuen kolektiboa!".

Eta azaldu zidan nola imajinatu zituzten denen artean etxe berri bateko planoak, eta kolektibitatean nola pentsatu zituzten inoiz jaioko ez diren alegiazko haur batzuen bizitzak eta nola indar pila jarria zuen proiektuan, ia ahitzeraino, eta nola azkenean, bada, nola hautsi zen.

Eta nik neure burua ikusi nuen, binakako egitasmotik ihesi, eta lagun taldeak eta proiektu politikoak erromantizatzen. Erromantiko bezain inkoherente.

Dagoena kendu, eta deus ez jarri

Dagoena kendu, eta deus ez jarri

Edurne Elizondo

Azalpenik eman gabe. Iruñeko Udalak, bere kabuz, bertan behera utzi du Yoar elkartearekin zuen akordioa, Arrosadiko migratzaile ijito errumaniarrak artatzekoa. Iazko urrian sinatu zuten kontratua kolektibo horrek eta orduan Joseba Asironek (EH Bildu) zuzentzen zuen udal gobernuak. Urte baterako zen, bertze urtebetez luzatzeko aukerarekin. Lehen hamabi hilabeteak pasatuta, hutsean utzi du Enrique Maia (Navarra Suma) buru duen oraingo udalak.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak haurren lagun izendatu zuen Iruñea, urtarrilean. Hiriko agintariek Arrosadiko eta Azpilagañako umeekin kezka handirik ote duten zalantzan jarri dute Yoar elkarteko kideek, ordea, taldeak auzo horietako haur eta gazteekin egiten duen lan guztia gelditu baita kolokan, udalarekin zuten kontratua bertan behera gelditu eta gero.

Yoar elkarteko arduradunek argi dute arretaren kalitateak behera eginen duela, eta behera eginen duela, halaber, beren programetan hartu ahal izanen dituzten pertsonen kopuruak. Kontratua ez berritzeak ekarri baitu, jada, hilaren 17tik aurrera, hiru pertsona gutxiago ariko direla lanean taldean.

"Ez digute azaldu zein den kontratua ez berritzeko arrazoia; programari buruzko ebaluaziorik ez dute egin; ez digute emaitzen berri eskatu; ez dute bertze alternatibarik jarri mahai gainean. Behar zen zerbitzu bat kendu dute, bertze deus eskaini gabe". Horixe salatu du Yoar elkarteko kide Zahira Iturbidek. "Gerta zitekeela bagenekien, baina, hala eta guztiz ere, ezustean hartu gaitu gertatu denak", erantsi du.

Yoar 1996. urtetik ari da Iruñeko Arrosadia eta Azpilagaña auzoetan lanean, haur eta gazteekin. "Auzo horietako herritarrek sortutako elkarte bat da; kezka zuten haurtzaroarekin eta haurren eskubideekin, eta arlo horretan eragiteko hasi ziren lanean", azaldu du Iturbidek. Talde txikia ziren, hasieran, baina gora egin du inplikatu diren pertsonen kopuruak, eta horrek ekarri du Yoar elkarteko kideen lan esparrua zabaltzea.

Egoitza Arrosadian du, auzoko zentroan. "Auzo konplexua da", Yoar taldeko kideek erran dutenez. "Migratzaile anitz bizi dira hemen. Bertze toki anitzetan baino merkeagoak dira hemen etxebizitzak, eta horrek jendea erakarri du". Auzoaren egunerokoaren bilakaerak eragin ditu aldaketak, bai eta gatazkak ere, hainbatetan. Arrosadiko auzoko zentroko paretetan ere agertu izan dira ijito errumaniarren aurkako pintaketak, adibidez.

Egoerak piztu du Yoar elkarteko eta bertze hainbat kolektibotako kideen kezka; bai eta udalarena ere. Ondorioz, auzoko egoerari buruzko diagnosia egin zuten hiriko agintariek, eta mahai gainean jarri zituzten datuak, iaz: Arrosadiko biztanleen %34 daude pobrezia edo bazterketa arriskuan; kopurua anitzez handiagoa da bizilagun migratzaileen artean: %68. Eta 15 urte baino gutxiago duten migratzaileen egoera da larriena, ikerketak agerian utzi duenez, %47 bazterketa egoeran baitira.

Errealitate horri aurre egiteko baliabideak urriak izan dira. Diagnosiak berak nabarmendu zuen bazterketa egoeran ziren pertsonak gizarteratzeko programarik ez zegoela auzoan. Yoar elkarteak, hain zuzen ere, behin eta berriz eskatu ditu baliabideak eta auzoan eragiteko tresnak, azken urteotan.

2016. urtean, azkenean, elkarteak eta Iruñeko Udalak hitzarmena sinatu zuten. "Udalak bere gain hartu zuen prebentzioa lantzeko zerbitzu bat jartzeko ardura; bertze hainbat auzotan ere badira gisa horretako programak. Udalak, hain zuzen ere, auzo elkarteen bitartez hasi zen prebentziorako lan hori egiten", erran dute Yoar elkarteko kideek.

Arrosadiko eta Azpilagañako haur eta gazte guztiekin lan egin izan dute taldeko arduradunek, baina Europa ekialdeko migratzaileen etorrerak aldatu egin ditu Yoar elkarteko kideen dinamikak, azken urteotan: "Ijito errumaniarrek behar eta ezaugarri bereziak dituzte, eta horrek ekarri du haiek artatzeko ahaleginak gure zerbitzuetatik kanpo utzi izana bertze erabiltzaile anitz", azaldu du Itxaso Arangurenek. Hau da, Yoar taldeak ijito errumaniarren kolektiboa artatzeko bideratu behar izan ditu baliabide anitz, eta, ondorioz, bertze lan esparruak bazter utzi behar izan dituzte. "Ezin izan baitugu dena egin".

Arreta osoa

"Ijito errumaniarrek arreta handia behar dute; gobernuak ere esku hartu beharko luke, gure ustez, esparru guztietan eragin ahal izateko. Badira, adibidez, eskolan inoiz egon ez diren hamahiru urteko nerabeak. Egungo hezkuntza sistema ez da gai gazte horiek hartzeko. Egoerak okerrera baino ez du egiten pertsona horiek arreta osoa jasotzen ez badute". Horixe nabarmendu nahi izan du Itxaso Arangurenek, egin beharreko lana zenbaterainokoa den azaltzeko.

2018. urtean, bertze urrats bat egin zuen Iruñeko Udalak lan horretan laguntzeko. "Guk egiten genuen lana sendotu beharrean, bertze proiektu bat jarri zuen udalak martxan, bizikidetza lantzeko", erran du Iturbidek.

Prebentzioa lantzeko programa batekin eta bizikidetza lantzeko beste batekin, ontzat eman dute Yoar taldeko kideek azken urtean egindako lana. Lantaldea sendotu ahal izan dute, eta eskura izan dituzten baliabideekin, arreta hobetu. "Ijito errumaniarrak artatzen hasi ginenean, kolektibo horretakoak ez ziren erabiltzaileen kopuruak behera egin zuen nabarmen; egoera hori aldatzea lortu dugu". Azken urtean, laurehun erabiltzaile inguru izan ditu Yoar elkarteak; haietatik 108 ziren ijito errumaniarrak: 59 adingabe, eta hamasei inguru 18 eta 25 urte bitartekoak. "Helduen artean, gehienak emakumeak izan dira". Bertzeak bertze, alfabetatze programetan parte hartu dute Yoar taldeko kideek. Programa horietan bitartekari lana egin duten hainbat emakume errumaniar ijito ere aritu dira.

Datozen hilabeteotarako ikastaroak prest zituen jada Yoar elkarteak, Iruñeko Udalaren erabakiaren berri jaso zuenean. Kontratua ez berritzeak ekarri du, ondorioz, ikastaro horiek guztiak bertan behera uztea: "Denak beteta zeuden; jendeak badu parte hartzeko gogoa eta interesa, eta ez dute ulertzen zergatik ezin izanen duten egin. Guretzat, zaila da azaltzea udalak hartu duen erabakia, guk ere ez baitugu inolako azalpenik jaso", erran du Iturbidek.

Eneko Elizari eta Marta Tabernero aritu dira, azken hilabeteotan, udalarekin adostutako bizikidetza programan lanean. Hilaren 17tik aurrera, lanik gabe geldituko dira. "Tristuraz hartu dugu berria, baina larriena ez da gure egoera; guk eginen dugu aurrera. Arazoa da jende anitz geldituko dela behar duen arreta jaso gabe", nabarmendu du Eneko Elizarik.

"Ez dakigu zer eginen dugun; gure lan guztia berrantolatu behar dugu. Ezin izanen dugu lehen egiten genuen guztia egin". Egoerak kezka sortu die Yoar taldeko kideei; eta, batez ere, ezintasun sentipena. "Zergatik hartu du udalak hartu duen erabakia? guri ez digute azaldu. Nork bere analisia egin dezala".

Bilera bat eskatu dute auzoko hainbat elkartek, baina ez dute erantzunik jaso. Ijito errumaniarrak artatzen dituztenen Roma Sareko kideek ere idatziz egin dute eskaera, baina haiei ere ez diete deus erantzun.

Aurrera egin nahi dute Yoar taldeko kideek, bidea maldan gora dutela ederki jakin arren. Halere, Arrosadian eta Azpilagañan elkar ezagutu nahi duten bizilagunen ondoan jarraitu nahi dute, argi baitute hori dela bizikidetzaren gako nagusietako bat: ondoan dagoena ezagutzea. Gisa horretako zubi lana sendotu nahi dute, hitzarmenik gabe zaila dela jakin arren.

Feministak eta antiespezistak

Feministak eta antiespezistak

Edurne Elizondo
Lizarratik, Durangora. Bide hori eginen du Euskal Herriko mugimendu feministak, datozen asteotan. Aurreko asteburuan, neska gazteen topaketak egin zituzten Lizarran, Egin dezagun topa lelopean; eta azaroaren 1, 2 eta 3an, Euskal Herrik...