Iritzia: EreduAz

Iritzia: EreduAz

Amets Aranguren Arrieta

Telefono dei batek aterarazi nau kontserbatorioko mediatekatik. Gorde gabeko zenbakia da. Astelehena da, hamar ordu daramat kontserbatorioan, eta eguneko azken klasean sartzear nago.

—Bai?

Eskegi, eta ahoan irribarre bat dudala hasi naiz gauzak biltzen. Berandu nabil.

—Amets! Maite hurbildu zait. Zer moduz?

—Ongi, ongi, zu?

—Joe, pozik ematen duzu.

—Bai, dei bat jaso berri dut…

Zalantzati nago, kontatu ala ez, izan ere, Faltzesko 23 urteko laguna da Maite, A ereduan ibilitakoa… Merezi du kontatzea…? Tira, saiatuko naiz, zergatik ez?

—Kontua da BERRIA egunkariak eskualdekako gehigarriak ateratzen dituela astero, Nafarroako Hitza hemen. Mobida da, ez dakit zerbait entzun duzun, duela bizpahiru aste bertako kolaboratzaileetako bat hil egin zela…

('Aber, Amets, zer ari zara kontatzen? Apenas ezagutzen zenuen zuk, nola ezagutuko du honek…', pentsatu dut nire baitarako.

Baztango idazle eta bertsolari…

—Jon. —Esan dit Maitek nik esaldia bukatu aitzin-.

'Bai…' harritu eta lotsatua atera zait.

—Bua, hau pena jakin genuenean… Euskara irakasle izan genuen txikitan eskolan, Faltzesen. Bera izan zen, Urkorekin, beste euskara irakaslearekin batera, Faltzesko euskararen egunaren sortzaile. Eta horren harira, eskolaz kanpoko gazte askorekin ere izan zuen harremana. Arrakasta itzela izan du gure herrian euskararen egunak urte luzez, orain pixka bat gain behera badago ere. Garai hartan, inguruko herri guztietako jendea biltzen zen Faltzesera egun horretan, kristona montatzen zen. Egia esan, erreferentzialtasuna lortu zuen Erriberan. Gogoan dut, irakasle ona izateaz gain, irakasle berri-gazte-guapo tipikoa zela Jon, badakizu… ikasle guztiek maite duten horietakoa. Euskara maitatzen irakatsi zigun, eta ni, pertsonalki, markatu ninduen. Zer pena…

Ez dut jakin zer esan.

Irentsi behar izan ditut nire pentsamenduak, eta poliki egin dugu Maitek eta biok mediatekatik 03 gelarako bidea. Maite hizketan. Ni isilik gelditu naiz, eta adi.

Ezjakintasunetik miresmenerako 30 metroko bidaia motza bezain sakona.

Begira, Jon, zenbat gauza kabitzen den zu bezalako hutsune batean.

Etenik izan ez duen bidea

Etenik izan ez duen bidea

Edurne Elizondo

Puntako mendizalea izateaz gain, bazuen ardura eta jardun bat mendialdean ikusten zuen jendearen bizi baldintzen inguruan". Iñaki Otxoa de Olzaren anaia Pablo Otxoa de Olzak erran zituen hitz horiek, iaz, BERRIAn, mendizalearen heriotzaren hamargarren urteurrena bete zenean. Kirolari nafarra hil zenetik, haren familiak sortutako SOS Himalaia fundazioa ari da mendizale horrek bukatu ezin izan zuen lana egiten.

"Mendiak eman ziona hangoak lagunduz eskertu nahi izan zuen Iñakik". Horixe nabarmendu du fundazioko kide Elena Sagasetak. Hamargarren urteurrena ospatu berri du SOS Himalaiak, asteburuan Izaban egindako ekitaldi baten bidez. Bat egin duten mendizale eta herritar guztien babesa eskertu du Sagasetak, baina onartu du datak "zerbait mugitu" diola barruan. Izan ere, Otxoa de Olzak hasitako lana egiten ari da fundazioa, mendizalea Annapurna mendian (8.091 metro) gelditu baitzen azken espedizioan. "Gogorra da Iñaki gurekin ez dela onartzea".

Duela 11 urte zendu zen. Bost gau 7.400 metroan pasatu ondoren, 2008ko maiatzaren 23an hil zen. Horia Colibasanu mendizale errumaniarrak eman zion zoritxarreko albistea familiari. Colibasanu Otxoa de Olzarekin egon zen ia azken unera arte. Nafarrak garuneko lesio larria zuen, eta biriketako edema. Ueli Steck mendizalearen ondoan eman zuen azken hatsa; Steck igo zenean baino ez zuen laguna utzi nahi izan Colibasanuk. Suitzarrak emandako botikek piztu egin zuten mendizalea hasieran, baina ezin izan zion eutsi. Annapurna mendiaren hegoaldeko horman geratu zen iruindarraren hilotza, betiko.

Otxoa de Olzak hasitako bidean urratsak egiten jarraitu nahi izan dute haren senideek eta lagunek. "Guretzat handiegia den helburu bat zuen Iñakik: Himalaiak ukitzen dituen herrietan eskola bat, ospitale bat eta umezurztegi bat eraiki nahi zituen. Zendu zenean, asmo horiek betetzen ahalegindu behar genuela sentitu genuen, gure gaitasunaren arabera", azaldu du Sagasetak.

Hainbat eskolatara material informatikoa bidaltzea izan zen SOS Himalaia fundazioak emandako lehendabiziko pausoetako bat. Poliki baina sendo hasi nahi izan zuten bidea. Helburu horrekin, zenbait etxe zaharberritzen ere hasi ziren fundazioko kideak. 2015. urteko lurrikarak Nepal astindu zuen orduan, eta sortutako larrialdiari aurre egiten saiatu ziren Otxoa de Olzaren senideak eta lagunak.

Ospitalea prestatzen

Langtang izeneko eskualdea izan zen kalte gehien izan zutenetako bat, eta han aritu ziren, batez ere, SOS Himalaiako kideak lanean. 183 familiaren etxebizitzak berreraiki zituzten, eta hemezortzi eskola konpondu. "Lan hori bukatuta, fundazioak Nepalen duen koordinatzaileak bertze proiektu bat hasteko aukera proposatu zigun, eta lanari ekin genion", azaldu du Sagasetak.

Proiektua zen Seduwan herrian, Makaluren azpian, ospitale bat martxan jartzea. Gobernuz kanpoko erakunde batek hutsik utzitako eraikin bat bazen, eta erosi egin zuen SOS Himalaia fundazioak, egokitzeko eta ospitale bilakatzeko. "Hori da orain esku artean dugun proiektu nagusia", nabarmendu du Sagasetak.

Proiektu handia da, eta poliki-poliki ari dira urratsak egiten. Oraingoz, osasun etxe baten zerbitzua eskaintzen du eraikinak. "Ahal dugunean, asmoa da kardiologia unitate bat martxan jartzea, bai eta ebakuntza gela bat ere", erantsi du fundazioko kideak.

Ospitalearen ondoan dagoen eskolan ere bertze proiektu bat garatzeko asmoa dute SOS Himalaiako kideek. Hirurehun haur hartzen ditu eskolak, eta denentzako hamaiketakoa prestatzen hasiko dira. Gainera, eguerdian han gelditzen diren 30 haurrei bazkaria emanen diete. "Sukaldari bat kontratatu dugu zerbitzu hori eskaini ahal izateko". Herriko emakume bat ariko da, zehazki. "Bertako jendearen parte hartzea funtsezkoa izan da, hasieratik. Ospitaleko eraikina atontzeko lanetan hasieratik inplikatu dira".

Elena Sagasetak joan den martxoan ezagutu zuen fundazioa lanean ari den tokia. Lehendabiziko aldiz joan zen. "Iñakik arrazoia zuela konturatu naiz; Himalaiak harrapatu egiten zaitu".

Iritzia: Bagara nor

Iritzia: Bagara nor

Lur Albizu Etxetxipia

Gaur hasiko dira Euskal Herriko neska* gazteon topaketak. Lizarran elkartuko gara ehunka emakume* gazte, maratoi labur baten antza izanen duten 28 bat ordutan. Topaketak eta Lizarra bera topaleku, gune zentral, jakintza espazio, sorkuntza leku, bateragune bilakatuko dira.

Gaur, nondik gatozen ikusiko dugu eta ikasiko dugu. Non gaude feministak antolatuta? Zein herri, auzo eta eskualdetan? Zein dira egunerokotasunean ditugun korapiloak? Talde asko daude, eragile asko… herri bakoitzean talde feminista bat (edo gehiago) egotea eguneroko kontu bilakatu da, ohituta gaude dagoeneko horretara. Baina… norantz goaz? Zein eztabaida berri daude? Zein tresna behar ditugu mugimendu feminista indartzeko? Nola egin gazte perspektibatik?

Ez dago jakiterik gaur nor garen, atzo nor izan ginen jakin gabe. Nondik etorri ziren eztabaida haiek eta non piztu zen borroka hau. Zein olatu egon diren eta olatu horiek ea gorantz, beherantz eraman gaituzten eta zergatik. Zein izan dira mugimendu feministan izan diren eztabaida nagusiak? Zein izan dira borroka feminista esanguratsuenak? Nondik datoz jardunaldi feministak? Gazte topaketak noiz egin izan dira eta nola heldu diogu garai desberdinetan gazteek feminismoari? Mugimenduaren genealogiak ezagutuko ditugu.

Bihar ere galdera eta erantzun berriak sortu eta eraiki nahi ditugu. Zer da autodefentsa feminista? Zein tresna erabili izan dira eta erabiltzen ditugu orain? Taldeetan, nola lantzen dugu autodefentsa feministaren gaia? Festetan autodefentsak goia jo du? Non jarri nahi dugu bereziki arreta, zein esperientzia hartuko ditugu aintzat?

Lizarrak eztabaida anitzak jarriko ditu mahai gainean: feminismo dekolonialak duen rola eta hemen egin diezaiokegun ekarpena, marxismoaren eta feminismoaren arteko loturak eta hausturak zein izan diren, zein den borrokarako subjektua, nola lotzen diren borrokak, zein diren ditugun (eta beste batzuek esleitu dizkiguten) kontraesanak.

Feminismoak gauza asko dira. Ez bakarrak, ez monolitikoak, ez homogeneoak, ez borroka ildo bakarrekoak. Borroka egiteko moldeak ere hamaika dira. Horretan ere, beste hausnarketa eta zirkuitu proposatzen dira: zer da bollera izatea 2019an, Euskal Herrian? Nola borrokatzen gara landa eremuan? Nolako militantzia eskatzen dute herriek? Zein dira feminismo antiespezistaren oinarriak? Zein sorkuntza espazio nahi ditugu eta zein da guk geuk sortu nahi dugun iruditegia? Zer esanen dugu Jardunaldi Feministetan, gazte moduan? Ekintza zuzenaren inguruan zein lanketa ditugu? Bizitzak erdigunean jarri behar direla esaten dugun honetan, zein dira horretarako gako ekofeministak?

Asko izanen gara asteburu honetan, azaroan askoz gehiago izateko. Gazte gisa guk ere badugulako zer esan, zer egin eta zer partekatu. Badugu zer borrokatu.

Zein eder egonen den Lizarra, eta zer udazken goxoa datorkigun Euskal Herrira.

Erresumina gozatzeko liburua

Erresumina gozatzeko liburua

Edurne Elizondo

Azkarra, atsegina eta jatorra zen. Haurrentzako ipuin zoragarriak asmatzen zituen". Teresa Aierrak erran ditu hitzok, Marino Aierra aitari buruz. Sotana utzi ondoko gizona ezagutu zuen: haurrentzako istorio liluragarriak asmatzen zituen hori. Sotana jantzi zueneko garaia hagitz bertzelakoa izan zen Aierrarentzat, ordea. Haurrentzako ipuinik ez zen, orduan, eta saminez betetakoak ziren Aierraren hitzak. Ikusi, entzun eta sufritutakoak No me avergoncé del Evangelio (Ez nintzen Ebanjelioaz lotsatu) izenburuko liburuan jaso zituen, 1958. urtean. Txalapartak berrargitaratu du orain.

1936. urtean, Altsasun apaiz zegoen Marino Aierra. Altxamendu militarra gertatu aurreko egunean ailegatu zen herrira. Zapalduen alde lerratu zen bere pulpitutik, argi eta garbi, eta frankismoaren errepresioaren aurka. 1958. urtean, Argentinako Periplo etxeak argitaratutako lanaren bidez, barruan zuen erresumina gozatzen saiatu zen.

Irunberrin jaio zen, 1903an, eta Buenos Airesen (Argentina) zendu, 1988an. Haren hitzak, halere, ez dira galdu, eta Txalapartak eta Altsasuko Udalak, elkarrekin, apaiz ohiaren liburua berrargitaratu dute. Asteon aurkeztu du haren alaba Teresa Aierrak Iruñean, Altsasun eta Irunberrin. Emakumearen ahalegina dago orain liburu dendetara ailegatu den lanaren atzean, hain zuzen ere. Bere aitak idatzi zuena irakurtzeko beharra badela uste duelako, batetik, 1936ko gerran eta gero gertatu zirenak berriz ez gertatzeko, eta Aierrak argitaratu gabe utzitako bertze lan bat zabaldu nahi duelako, bertzetik. "Liburu honen bidez lortuko dugun guztia bertze lan hori argitaratzeko baliatuko dugu; eta bigarren horren bidez lor dezakeguna, berriz, Altsasun behar gehien dutenei laguntzeko izanen da", erran du.

Altsasura

"Aitak ez zuen apaiz izan nahi", gogoratu du Teresa Aierrak. Familiak behartuta hasi zuen bide hori, baina bere onena ematen saiatu zen, beti. "Sari anitz lortu zituen bere ikasketetan. Horregatik, apaiz bilakatu zenean, Iruñeko artzapezpikuak aukera eman zion nahi zuen parrokiara joateko". Behar gehien non zegoen galdetu zuen Aierrak, eta Elizako agintariek Altsasu aipatu zioten.

Trenbidearen eraginez azkar aldatzen ari zen Altsasu orduan. Industrializazioaren eragina nabarmena zen garai hartako ekonomian eta testuinguru sozialean. "Gizarte plurala zen; ezkertiarra, batez ere. Alderdi sozialistak eta UGT sindikatuak indar handia zuten", erran du Altsasuko alkate Javier Ollok.

Aierraren liburua berrargitaratzeko proiektuarekin hagitz kontent da Ollo. Teresa Aierrak jo zuen Altsasuko Udalera, liburua berriz zabaltzeko proiektuarentzat laguntza bila. Udalak berehala egin zuen bat egitasmo horrekin, eta erakunde horrek hartu du lana finantzatzeko ardura, hain zuzen. Liburua "egia bilatzeko" tresna hagitz baliagarria dela nabarmendu du, eta erakunde publikoek egia bilatzeko bide horrekin konpromiso sendoa hartu behar dutela erantsi du: "Omenaldiak antolatzea beharrezkoa da, eta gisa horretako ekinaldiak egiten jarraituko dugu, noski; baina, halakoez harago, garrantzitsua da egia bilatzea, ikertzea, zer gertatu zen jakitea".

Horretarako, lehen eskuko testigantza eskaintzen du Marino Aierraren liburuak. "Gorriz eta ateoz betetako herri batera joan zen, eta, ailegatu eta biharamunean, altxamendu militarra gertatu zen", kontatu du apaiz ohiaren alabak. Gogoratu du, gainera, Elizak emandako agindu zehatz batekin ailegatu zela 1936ko uztail hartan Altsasura: "Ezkertiarren artean ezkertiarrena izan behar zuela erran zioten, herritarrak Elizara hurbiltzeko".

Aierrak, baina, militarren altxamenduarekin eta haiek eragindako errepresio gordinarekin egin zuen topo Altsasun, ailegatu bezain pronto. 1936ko gerrak ez zuen fronterik izan Nafarroan, eta, hala eta guztiz ere, frankistek 3.200 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten. Garbiketa ideologikoa egin zuten. "Altsasura ailegatu, eta herriko arekak hildakoen gorputzekin bete zitzaizkion aitari", erran du Teresa Aierrak. "Ezkutuan, ziegetan ziren gizonengana joaten zen nire aita, haiekin hitz egitera. Denek argi zuten hilko zituztela eliteak bere pribilegioei eutsi ahal izateko".

Pulpitutik, altxamenduak azpian hartutakoak babesten saiatu zen Marino Aierra: saiatu zen preso zituztenak askatzen eta heriotzara kondenatutakoak salbatzen; hildakoen alargunekin egon zen, eta hildakoek bakarrik utzitako haurrekin. Frankismoa bere gordinean izan zuen Aierrak aurrean, eta ikusi eta entzundakoek arrasto hagitz sakona utzi zioten. "Anitzetan, ziegetan preso zirenekin hitz egiten zuenean, haiek kontsolatzen zuten nire aita. Haiek negarrez ikusi zuten; nik, ordea, behin ere ez", gogoratu du Aierraren alabak.

"Txikituta"

Teresa Aierrak ez du zalantzarik: "Altsasun gertatutakoak bitan puskatu zuen nire aita; psikologikoki txikituta utzi zuen. Liburuek odola balute, aitak idatzitakoak etengabe isuriko luke".

Altsasuko etapak sakon ukitu zuen Marino Aierra. "Nik ez dakit herrira ailegatu zenean ezkertiarra ote zen edo ez; baina argi dut atera zenean bazela, hagitz ezkertiarra". Altsasutik eta Euskal Herritik alde egin behar izan zuen apaizak, hain zuzen ere, frankisten errepresioa salatzeagatik. "Elizak epaitu zuen", nabarmendu du Teresa Aierrak.

Bizirik atera zen prozesutik. "Elizak mehatxu egin zion, erranez Guardia Zibilari edo militarrei eman beharko zietela haren kontrako auziaren berri. Aitak, orduan, argi eta garbi erantzun zien Elizako agintariei haien aginduak bete bertzerik ez zuela egin Altsasun; ezkertiarren artean ezkertiarrena izan, alegia". Elizak, azkenean, Aierraren aurkako frogarik ez zuela ebatzi zuen.

Egoera horrek guztiak ezin konpon zitekeen haustura eragin zuen Aierraren barruan. Horixe uste du haren alabak. Elizaren epaiketa jaso eta gero, Aralarrera joan zen Marino Aierra, eta, han egindako gogoeten ondorioz, Elizaren eta estatuaren arteko banaketa defendatu zuen, aurrerantzean. "Erlijioak eskoletatik atera behar zuela erran zuen; ezkontza zibilak babestu zituen; eta Elizari zuzenean galdetu zion aldaketa horiekin guztiekin bat egin ordez zergatik babestu zuen militarren altxamendua", azaldu du Teresa Aierrak.

Barruan eragindako hausturak eta errepresioaren mehatxuak Ameriketara eraman zuten Marino Aierra. "Esku hutsik ailegatu zen; ez zuen deus. Apaiz izateko prestatu zuten, ez bertze edozein lan egiteko", gogoratu du haren alabak. Ile apaintzaile aritu zen bi urtez; lortu zuen aurrera egitea. Eta unibertsitatearen esparruan ere gai izan zen bi katedra lortzeko. "Baina ez zioten lana eman; autozentsurak funtzionatu zuen. Ez zuten arazorik izan nahi, eta Elizarekin arazoak izan zituena ez zuten kontratatu nahi izan".

Sotana atzean utzita, Argentinan ezkondu egin zen Marino Aierra. Sorterrikoek markatuta gogoratzen du haren alabak. "Ez zuen maite ordukoaz hitz egitea". Baina bazuen kontatzeko beharra, eta barruko sentimenduak eta bizipenak liburu bilakatu zituen. "Katarsi moduko bat izan zen lan hori aitarentzat", nabarmendu du Teresa Aierrak.

Argentinan argitaratu zuten No me avergoncé del Evangelio lanaren lehen edizioa, baina ailegatu zen Euskal Herrira. "Ezkutuan banatzen zuten", alabak azaldu duenez. Euskal Herrian ere argitaratu zuten, gero. "Mintzoak egin zuen, azkenekoz", aipatu du Txalapartako editore Jon Jimenezek. Tafallako argitaletxeak argi du "ezinbertzeko" lana dela Marino Aierrarena: "Guztiz beharrezkoa zen berriz ere argitara ematea". Teresa Aierrak idatzitako epilogoa gehitu diote lanari, irakurleek Altsasutik atera eta geroko Aierra ezagutzeko. Saminak barruan zituela joan zen, eta Argentinan bilakatu zituen hitz.

Marino Aierra, salbuespena kolpe militarra babestu zuen Elizan

Marino Aierra, salbuespena kolpe militarra babestu zuen Elizan

E. Elizondo

Salbuespena. Marino Aierrak eta bertze hainbat apaizek frankismoaren errepresioaren aurrean hartu zuten jarrera salbuespena izan zen garai horretako apaizen artean. Gehienek, eta Elizak berak, erakunde gisa, altxamendu militarrarekin egin zuten bat. Horixe nabarmendu du Javier Dronda historialariak, Aierraren liburuaren berrargitalpena oinarri hartu duen mahai inguruan.

Drondak bere tesia egin zuen Elizak 1931tik 1933ra bitartean Nafarroan bete zuen rolari buruz. Espainiako Bigarren Errepublikaren lehen biurtekoa da hori, eta funtsezko epea izan zen, historialariaren hitzetan, gizarteko hainbat arlotan hasi zituztelako aldaketak gauzatzeko prozesuak. Sekularizazioaren aldeko neurriak abiatu nahi izan zituzten, bertzeak bertze.

"Elizak, garai hartan, eragin handia zuen gizartean, eta ez zegoen galtzeko prest; bere pribilegioei eutsi nahi zien; ondorioz, sekularizazio prozesu horren aurkako kanpaina egin zuen", azaldu du Drondak. Kanpaina horrek lortu zuen nahi zuen emaitza. "Herritar anitzek barneratu zuten Elizak zabaldutako mezua". Drondak argi du 1936ko uztailaren 18koa ez zela izan estatua aldatzeko kolpe hutsa: "Asmo nagusia zen errepublika berriz ezartzeko aukera guztiak bazter uztea; errepublika ekar zezaketenak desagerraraztea".

Olaetxearen zalantzak

"Altxamenduan zuzenean parte hartu zuen errateko daturik ez da, baina Elizak hasieratik txalotu zuen; gurutzadatzat jo zuen", erantsi du historialariak. Garaiko Iruñeko artzapezpiku Marcelino Olaetxearen rola gogoratu du, zehazki: "Zalantzazko jarrera bat erakutsi zuen askotan. Halere, egia da gurutzadatzat jo zuela 1936ko gerra. Azaroan, berriz, errepresioa gelditzeko eskatu zuen. Ordurako hildakoen kopurua handia zen jada, baina eskaera hori egin zuen bakarra izan zen".

Testuinguru horretan, Drondak garrantzitsutzat jo du Marino Aierrak errepresioaren aurka hasieratik erakutsitako jarrera. Kasedako apaiz Eladio Zelaiak ere altxamenduaren aurka egin zuen, eta fusilatu egin zuten. "Aierra ez zen Ebanjelioaz lotsatu; bai, ordea, hainbatek haren izenean egin zutenaz".

Duten zorra osorik kitatu arte

Duten zorra osorik kitatu arte

Edurne Elizondo

Handia da Nafarroako erakunde publikoek Emiliana Zubeldia Indarekin duten zorra. Hasi dira pagatzen, baina oraindik ez dute osorik kitatu. Konpositore eta piano jotzaile handia izan zen Zubeldia Inda; bertze musikari anitzen maistra eta eredu. Eta, hala ere, ahanzturak hartu du artista nafarra, urte luzez. Euskal Herritik Mexikora joan, eta han hil zen, Hermosilla herrian, 1987. urtean. Musikari handitzat dute han; sorterrian, berriz, azken urteotan hasi da haren lana merezi duen oihartzuna jasotzen. Asteburuan, hain zuzen, omenaldia egin zioten jaioterrian.

Zubeldia Inda Jaitzen sortu zen, 1888. urtean, baina, hemezortzi hilabete zituenean, familia Iruñera mugitu zen, eta han hazi zen artista. Hiriburuko kultur giroan murgildu zen, Santa Cecilia elkartearen, Iruñeko Orfeoiaren eta musika banden bidetik. Aitonaren pianoa izan zen Zubeldia Indaren musikarako grina piztu zuen txinparta nagusia, halere.

"Konpositore bikaina izan zen; onena", nabarmendu du Ana Diez de Ure historialariak. Jaitzen egindako omenaldian parte hartu zuen, larunbatean. Duela hogei urte deskubritu zuen Diez de Urek Zubeldia Inda, eta hari buruz idatzi zuen, Silvia Fernandez, Sonia Pinillos eta Paco Rodarekin batera, Iruñeko emakumeen historiari buruz hiriko udalak argitaratutako liburuan. "Liluratuta" gelditu zen historialaria piano jotzailearen ibilbidearekin, hasieratik. Helena Taberna zinemagilea ere liluratu zuen Zubeldia Indaren bideak, eta hari buruzko ordu erdiko film bat grabatu zuen, 1993an. Jaitzen egindako omenaldian izan zuten aukera ikusteko. Zubeldia Indari buruzko lanak musikariaren bakardadea islatzen du, bertze gauza anitzen gainetik. Tabernak erran izan du "miresten" duela piano jotzailearen bakardade hori: "Bakardadea eta sorkuntza eskutik helduta ibiltzen baitira, eta bakardadea ez baita txarra borondatez hautatzen denean".

Iruñetik Parisera

Zubeldia Indak ez zuen egin bere garaiko gizarteak emakumeentzat zehaztutako bidea. Artista handia zen, eta ahalegindu zen, beti, bere bokazioa arlo guztietan garatzen. Piano jotzaile eta konpositore ez ezik, irakasle ere izan zen, adibidez. 1920an, irakasle plaza lortu zuen Iruñeko Udal Musika Eskolan. Aurreko urtean, Joaquin Fuentes kimikariarekin ezkondu zen Zubeldia Inda, baina elkarrekin bide motza egin zuten. 1922an, Parisera joan zen musikaria, eta betiko utzi zuen zientzialaria atzean.

Parisen, abangoardia artistikoekin bat egin zuen; ez zuen hiri hori helmuga bakar izan Europako bere bidean, hala ere. Belgikan, Suitzan, Italian, Ingalaterran, Alemanian eta bertze hainbat herritan jo zituen kontzertuak. 1923an, Zubeldia Indaren pianorako lanak argitara eman zituen B. Roudanezek. Ezagutu zituen herri guztietan, hotelak izan zituen etxe musikariak.

Ameriketara ere egin zuen salto. Brasil, Argentina, Uruguai eta bertze hainbat herri ezagutu zituen, baina AEBetako New York hiriak ukitu zuen bereziki. Amerikako Emakumeen Elkartearekin eta kide ziren emakume artistekin bat egin zuen, bertzeak bertze. Kontzertu anitz eman zituen AEBetan, baina handik Mexikora joan zen, 1937an, eta han gelditu zen, hil arte. Sonorako Unibertsitateko kide izan zen, eta han ikasle izan zituenengan aztarna sakona utzi zuen.

Nafarroatik at txaloak baino ez zituen jaso Emiliana Zubeldia Indak egindako lanak; hemen, berriz, ezezaguna izan da, eta oraindik ere bada, neurri handi batean. "Androzentrismoa da nagusi, eta emakume profesionalen lana ezkutuan gelditzen ohi da; musikaren esparruan, egoera hori bereziki nabarmena da. Gizarte patriarkala da gurea, eta emakume musikariak isilpean gelditu izan dira beti", azaldu du Diez de Urek.

Zubeldia Indak bere bidea hemendik kanpo egin izanak ere izan zuen eragina, historialariaren ustez. Argi du musikariak Nafarroatik ateratzeko beharra bazuela: "Garai horretako Iruñea oso hiri tradizionala zen; ezkondu eta gero ere, konturatu zen konpositore eta piano jotzaile izateko bakarrik egon behar zuela, ezkontza eta musika ez zirela bateragarriak. Gizarteak ez zion hori barkatu", erantsi du.

Musika zuen Zubeldia Indak benetako pasio. Eta musika bilakatu zuen bere bizitzaren ardatz. Pasio horren emaitza dira artistak idatzitako lan guztiak. Larunbatetik, plaka batek gogoratzen du Jaitzen hangoa zela Zubeldia Inda. Txalotu eta eskertu nahi dute lan hori guztia.

Auzoko karriketatik mendi tontorretara

Auzoko karriketatik mendi tontorretara

Edurne Elizondo

Mendira joan, lehendabizi, eta taldea sortu, gero. Auzoko kideen arteko harremana sakontzeko asmoz antolatu zuten aurreneko txangoa Iruñeko Iturramako hainbat gaztek, Erletokieta taldeak eskatuta. Duela bospasei urte jarri zuten martxan elkartea, eta ohartu ziren auzotarren arteko sarea indartzeko beharraz. Asmo horrekin antolatu zuten mendi irteera. "Bakarra egiteko asmoz antolatu genuen, baina jendea kontent gelditu zen, eta urtebete eman genuen, hilean behin, mendira ateratzen. Taldea sortzea erabaki genuen azkenean".

Haritz Salinasenak dira hitzak, Iturramako Erletokieta mendi taldeko kidearenak. Auzoko gazteek osatzen dute, baina, pixkanaka-pixkanaka, hiriburuko bertze hainbat auzotako jendea ere ari da Iturramako mendizaleekin. bat egiten. Lau urte bete dituzte, eta, ospatzeko, argazki erakusketa bat antolatu dute. Geltokin ikus daiteke egunotan.

Oraingo sasoiko lehendabiziko txangoak Zumaia eta Deba arteko bidera eraman ditu Erletokieta taldeko gazteak, hilaren 8an. Urrikoa prestatzen ari dira jada, eta ekainekoa izanen da denboraldiko azkena. Iturramakoa ez da ohiko mendi talde bat, "autogestioaren bidetik" egiten baitu aurrera. Salinasek eta bertze hainbat kidek osatzen dute "talde eragilea", baina parte hartzen dutenen neurrira antolatzen dituzte txangoak. "Jendeak proposatzen ditu nahi dituen ibilbideak, eta besteei erakusten dizkie". Zumaia eta Deba arteko txangoan, adibidez, taldeko kide gipuzkoar batek egin zuen gidari lana. "Hemen bizi da, baina Zarauzkoa da; txangoa proposatu, eta gidari lanetan aritu da besteentzat", azaldu du Salinasek.

Salinas gurasoekin hasi zen mendian, Oberena taldeak antolatutako txangoen bidez. Zaletasuna ez du galdu, eta mendian lagun ditu auzoko bertze gazte anitz, oraindik ere. Taldea martxan jarri bezain pronto, hain zuzen, jendea bat egiteko prest agertu zen Iturraman. "Guk hainbat txango prestatu genituen, hasteko, eta gero jendea hasi zen nor berea proposatzen; mendira joatea, elkarrekin bazkaltzea eta inguruaz gozatzea da kontua".

Gazteentzat eta euskaraz

"Gazteek osatutako talderik ez da, guk ez dugu besterik ezagutzen", erran du Salinasek. Kirol elkarteek antolatzen dituzte haurrentzako mendi irteerak, eta helduentzako taldeak ere badira, baina gazteek gazteentzat egindakorik ez da. "Guk argi dugu gazteek eskertzen dutela gurearen gisako talde bat, mendian eta euskaraz aritzeko talde bat, alegia", berretsi du.

Larrara egin zuten taldearen abiapuntu izan zen aurreneko txangoa; geroztik, Nafarroako hamaika txoko ezagutu dituzte. "Hamaika aukera dugu herrialdean". Ezagutzeko prest dira.