Baterien burrunba aterako dute plazara

Baterien burrunba aterako dute plazara

Kattalin Barber

Musikak hartuko du Iruñeko Gazteluko plaza, igandean, ezohiko kontzertu baten bidez: 35 bateria jotzaile ariko dira elkarrekin, Vesarte herri arte kolektiboak antolatuta. Hamabi pertsonak osatutako rock taldea arduratuko da emanaldiaz, eta haiekin egonen dira 35 bateriak, burrunba Iruñeko Alde Zahar osoan zabaltzeko asmoz.

Ez da kolektiboak antolatzen duen gisako lehen ekinaldia. Iaz, Vesartek kontzertu bat eskaini zuen hamargarren urteurrena ospatzeko, eta hainbat taldetako musikariak eta 20 bateria jotzaile elkartu zituzten plazan. "Egun izugarria izan zen; bertan elkartutakoek sentsazio biziki ona izan genuen, eta bukatu bezain laster pentsatu genuen aurten ere zerbait prestatu behar genuela", esan du Javier Orduña kideak. Horregatik, aurten errepikatuko dute, baina pauso bat harago joan nahi dute oraingoan. "Iruñean ez da horrelakorik inoiz egin, diru laguntza eta babeslerik gabe; herritarren parte hartzea da gure xedea".

Orduñak azaldu duenez, iazko bateria jotzaile gehienek parte hartuko dute aurten, berriz ere. Artista eta antolatzaileen artean 70 pertsona inguru dabiltza kontzertua prestatzeko lanetan. Urtarriletik ari dira. Kontzertu "ezohikoa eta berezia" izanen dela aurreratu du Vesarteko kideak, eta Gazteluko plazan egitea ez dela kasualitatea: "Iruñeko egongela da plaza hau, eta hor egon nahi dugu; gehienetan enpresa pribatuek erabiltzen duten espazioa da, eta herritarrena dela aldarrikatu nahi dugu". Inor hotz utziko ez duen kontzertua izanen dela esan du, "ongi pasatzeko eta aldarrikatzeko".

Lan handia egin dute, eta hilabeteak daramatzate prestatzen, ez baita erraza ia 50 musikariren kontzertua koordinatzea. Kolaboratzaile asko izan dituzte. Nafarroakoak ez ezik, Hego Euskal Herriko hainbat hiritako eta Madril eta Errioxako (Espainia) musikariek ere parte hartuko dute.

Arte alternatiba

Ohi duen moduan, Vesartek herritarren parte hartzea plazara eraman nahi du. Probokatzaileak izan nahi dute, eta "kontsumoaren gizarteari" alternatibak eskaini. Horregatik ez dute nahi administrazioaren diru laguntzarik, ez baitute inongo erakunderen menpe egon nahi: "Hamaika urte daramatzagu posible dela erakusten, eta horrela jarraituko dugu; musu truk egiteak ez du esan nahi ez duela kalitaterik".

Hamar pertsonak parte hartzen dute egunerokoan, baina ekitaldiz ekitaldi, jende gehiago batzen da. Kolektiboak sormen gune bat kudeatzen du Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta doako ikastaroak antolatzen dituzte. Heldu den astetik, besteak beste, argazkilaritza, margolaritza, eta serigrafia tailerrak eskainiko dituzte.

“Helmugan denak hunkituta ikusteak hunkitu ninduen ni”

“Helmugan denak hunkituta ikusteak hunkitu ninduen ni”

Edurne Elizondo

Bakarrik ailegatu zen Maialen Oñate (Iruñea, 1992) helmugara, urrezko domina eman zion Abiadura Patinajeko Europako Txapelketako maratoian. "Ezin sinetsi" zegoen. Patinen gainean zoriontsu da, baina, kirol emaitzen gainetik, lehian hasi zenetik lortutako lagunak jarri ditu.

Irabazi bezain pronto, ezin sinetsi zinela erran zenuen. Zergatik?

Aurreko eguna nahiko txarra izan zelako. Nekatuta nengoen, eta ezin nuen imajinatu ere egin hurrengo egunean irabaziko nuenik. Presiorik gabe atera nintzela uste dut, eta gauzak ongi atera zitzaizkidan.

Nolakoa izan zen lasterketa?

Italiarrak ziren aurkari nagusiak, argi eta garbi. Maratoia lasterketa luzea da, eta argi genuen erasoaldiak izanen zirela. Hala izan zen, baina lortu genuen ongi erantzutea. Bi buelta falta zirenean erabaki zen lasterketa. Konturatu nintzen bi patinatzaile frantziar mugitzen hasi zirela. Ongi ezagutzen ditut, eta ohartu nintzen poliki-poliki ari zirela aurrera egiten. Haien atzean jartzea erabaki nuen, eta, azkenean, erritmoa aldatu zutenean, haiekin joan nintzen.

Eta lehena ailegatu zinen helmugara; non, eta etxean. Berezia izan da garaipena?

Helmugara ailegatu, eta mundu guztia hunkituta zegoela ikusi nuen, eta horrek hunkitu ninduen ni. Sekulakoa izan zen. Azken lau kilometroak bakarrik egin nituen, eta gogorrak izan ziren, baina jendeak izugarrizko indarra eman zidan.

Protagonista izateko ohiturarik ez duzula ere erran zenuen. Patinatzailea edo emakume kirolaria zarelako?

Patinajea ez da futbolaren gisako kirol bat. Gutxi ezagutzen da, eta are gutxiago emakumezkoena. Erdigunean egoteko ohiturarik ez dugu, eta, horregatik, helmugara ailegatu nintzenean, hagitz txiki sentitu nintzen.

Ez da kirol hagitz ezaguna, oro har, baina Iruñean zaletasun handia dago, ordea.

Bai, Iruñean bada patinajearen inguruko kultura. Espainian bertze inon baino gehiago. Patinatzaile anitz daude. Baditugu estalitako hiru pista inguruan, eta erdigunean, gainera, hiri zirkuitu bat. Udaberrian hasten gara Antoniuttiko pista hori erabiltzen, eta jendeak patinatzen ikusten gaitu. Zaletasuna sortzen laguntzen du horrek. Europako txapelketa egin izanak ere eman dio bultzada gure kirolari.

Zu nola hasi zinen?

Bost urte nituenean hasi nintzen. Kirola beti maite izan dut. Donibaneko igerilekuan ikusi nuen ikastaroa egin behar zutela patinatzen ikasteko, eta nebak eta biok izena eman genuen. Nebak laster utzi zuen, baina nik ez. Gero eta gehiago murgilduz joan nintzen, eta hogei urte joan dira jada.

Zer eman dizu kirolak urteotan guztietan?

Niretzat hagitz kirol erakargarria da patinajea. Kirol bizia da, beroa, eta harrapatu egiten zaitu. Gainera, kirol arloaz harago, patinajeak aukera eman dit jende anitz ezagutzeko. Lagun hagitz onak lortu ditut, eta haiekin izan ditudan momentuak biziki estimatzen ditut. Erranen nuke lagunekin bizi izandako gauza horiek guztiak kirol emaitzen gainetik daudela niretzat. Elkar zaintzen dugu denok.

Maite Anzin patinatzailea ondoan izan duzu zure bidean, adibidez. Garrantzitsua da kirolaren esparruan gisa horretako harremanak garatu ahal izatea?

Hamalau urte nituenetik izan dut ondoan Maite. Gero kanpora joan zen ikastera, eta, denbora tarte batez, nork bere bidea egin zuen. Baina itzuli zen, eta azken urteotan egunero entrenatu gara elkarrekin. Gauza anitz partekatu dugu. Ongi ezagutzen dugu elkar, eta pistan elkarri laguntzen diogu. Pistatik kanpo ere, lagun handiak gara.

Zaila da kirolak eskatzen dizun erritmoari eustea?

Lan handia egin behar da. Hemezortzi urte bete nituenean, erabaki nuen lehiaketa bazter uztea. Patinatzen jarraitu nuen, baina ez nuen neure burua gehiegi estutu nahi. Itzultzea erabaki nuen, halere, kirol hau maite dudalako. Neure buruari gehiegi ez exijitzea erabaki nuen, eta gauzak ongi joan direla uste dut.

Zaletasuna handia da emakume gazteen artean, baina gutxiago dira lehian aritzen direnak. Zergatik?

Egia da. Kategoria apalenetan emakume gehiago daude, baina, adinean gora egiten dugun neurrian, joera alderantzizkoa da, gehiago dira mutilak. Gu desagertuz joaten gara: kirola uzten dugu, hamaika arrazoi direla medio. Finean, emakumeak ikusezinago gara kirolaren esparruan, eta horrek badu eragina. Hainbat herritan, oraindik ere, emakumeok sari txikiagoa jasotzen dugu.

Zu patinatzaile gazteak entrenatzen ari zara. Nolakoa da bertze arlo hori?

Hagitz kontent nago lan horrekin. Patinajea deskubritzen ari diren neskekin ari naiz, eta hagitz polita da hori.

Erreferente bilakatu zara haientzat. Garrantzitsua da hori?

Ez dakit erreferente bat ote naizen haientzat. Ni saiatzen naiz nire onena ematen, eta, lehiaketaren gainetik, garrantzitsuena egiten dutenarekin gozatzea dela irakasten. Ongi pasatzea irabaztea baino garrantzitsuagoa da.

Zer asmo duzu datozen hilabeteotarako?

Patinatzen ongi pasatzen jarraitu nahi dut, batez ere. Asteburuan Zubiri, Iruñea eta Gares arteko bi etapako maratoia dugu. Proba gogorra da, baina hagitz polita, eta maite dut.

Iritzia: Kale nagusiak

Iritzia: Kale nagusiak

Lur Albizu Etxetxipia

Aurretik hamaika aldiz kontatu dizkigutenak bizitzeak ez du preziorik (noizbehinka). Egoera nolakoa den eta bere nondik norakoak esplikatzen ahalegindu zaizkizu; istorioaren —eta historiaren— zergatiak. Gatazkaren ibilbidea, korapiloa non zegoen, nora mugitu zen, non dagoen orain eta zein bide geratzen den egiteko. Oraindik ere. Irakurri dituzu liburuak, kronikak, ahotsak entzun. Bideoak ikusi (joan aurretik prestatzeko).

Memorian daukazu zerbait gertatzen dela herri horretan —behintzat— urtean behin, baina neurri batean egunerokoa guztiz baldintzatzen duela: nortasuna, ohiturak, lagunak, non ikasi eta non ez, non poteoan ibili eta non ez, nor bozkatu eta nor ez, nor agurtu, nori bizkarra eman.

Deialdia egina zegoen, eta aurten bertaratzeko aukera genuen. Baietz, joateko, giroa ez zela erraza izaten eta babesa ematea garrantzitsua zela. Baietz, oso goiz zela, baina merezi zuela urtean behin egitea. Baietz, festa bera —eta haren zergatiak— sobera ongi ulertu gabe eta berezko ospakizunarekin ados egon gabe ere, joan behar genuela. Autoa goizeko seietan hartu igande batean. Igande batean, goizeko seietan.

Hartu genuen autoa goizeko seietan eta abiatu ginen. Aurreko guztiari euria batu zitzaion, eta ustekabean harrapatu gintuen. Han geunden, Hondarribian, goizeko zazpiak pasatxo, gu, galdurik. Hitzordurako lekua topatu genuen, nahiko azkar. Aurpegi ezagunak ikusten hasi ginen, etxean sentitzen —pixka bat gehiago—. Konturatu orduko, Kale Nagusian gora igotzen ari ginen hamarnaka emakume, ahal genuen moduan aurre eginez euriari. Ez dakit tentsioa usaintzen den, aurretik prest dagoen edo ezustekoan harrapatzen zaituen. Baina sentitu, sentitu egiten da. Tentsioari eta borrokari gorputz osoa jarri genion.

Hortik aurrerakoa bideoetan eta asteleheneko titularretan ikusiko zenuten. Jaizkibelek beste aurrerapauso bat eman du, eta atzeraezina da duela urte gehiegi hasitako bidea. Bizkarra ematen zutenen gainetik eta plastiko beltzen gainetik txalo-zaparrada amaigabeak, oihuak, barreak eta animoak. Zarata horren guztiaren gainetik ere, desfilea egiten ari ziren guzti-guztiei aurpegira eta begietara begiratzeko nahia, aitortza keinuak, malkoren bat edo beste eta, azken finean, zerbait berezia bizitzen ari izatearen sentsazio indartsu hori.

Zein surrealista den batzuetan gure herrietan gertatzen dena. Edo hori iruditzen zaigu? Duela ez hainbesteko Baztango irudiak ditugu gordeta buruan, eta duela ez hain hamarkada gutxi geure amek borroka gogorra egin behar izan zuten elkarteetan bazkide izan ahal izateko, adibidez. Zenbat lan oraindik ulertzeko ezetz, gizonak bakarrik ezin direla erdigune bakar, absolutu eta normal izan. Tradizioak zalantzan jarri ahal izateko ere aukera berak eman behar zaizkigula. Bestela, guk hartu beharko ditugu. Tradizioak zalantzan jarri nahi ditugulako ere. Baina plazak, erdiguneak eta kaleak guk (ere) okupatuta. Baimenik eskatu gabe.

Jon Barberena bertsolaria hil da, ‘Nafarroako Hitza’-ko kolaboratzailea

Jon Barberena bertsolaria hil da, ‘Nafarroako Hitza’-ko kolaboratzailea

Garikoitz Goikoetxea Goizaldean hil da Jon Barberena Ibarra (Elizondo, Nafarroa, 1979), ondoeza izanda. Bertso munduan urteetan ibili da. Txapelketak albo batera utzi zituen orain urte batzuk, baina arlo horretan zebilen, Baztango bertso eskolako kide eta irakasle. Nafarroako Bertsolari Txapelketan, 2007an eta 2008an txapeldunorde geratu zen; aurretik, 2004an eta 2003an, Mariano Izeta eta Xalto sariak irabazi zituen. Ogibidez euskara irakaslea zen...

Musikariak geletara itzuliko dira

Musikariak geletara itzuliko dira

Edurne Elizondo

Ongi funtzionatu du; uste dut interesgarria izan dela. Abestera ere animatu dira, eta, beraz, oso pozik nago". Horrelaxe laburbildu zuen Jon Basagurenek iazko azaroan Musikariak Ikastetxeetan programan egindako saioa. Zizur Nagusiko institutuko ikasleen aurrean agertu zen Izaki Gardenak taldeko abeslaria, bere gitarrarekin, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako emanaldi berezi batean.

Basagurenekin batera, bertze hogeita bi musikarik parte hartu zuten aurreko ikasturteko programan: 88 saio egin zituzten, herrialde osoko institutuetako 4.000 ikasleren aurrean. Lortutako arrakastak bultzatuta, bigarrenez jarriko dute martxan programa, orain hasiko den ikasturtean.

Bide berean urratsak egiten jarraitzea da asmoa, baina hainbat berrikuntzarekin. Batetik, musikari eta ikasle gehiagok parte hartuko dute: 41 abeslari izanen dira denera, eta 191 saio eginen dituzte. Bertzetik, programan lantzeko ikastetxeetarako materiala sortu dute. Zehazki, hamar unitate didaktiko prestatu ditu gobernuak.

A eta D ereduko eskoletan

Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzea da Musikariak Ikastetxeetan ekinaldiaren helburu nagusia. Horretarako, parte hartzen duten abeslariek gazteen aurrean abesten eta jotzen dute, eta, gainera, euskal kulturaren inguruko edukiez mintzatzen zaizkie. Nafarroako A eta D ereduko ikastetxe guztiek izanen dute programan parte hartzeko aukera. Musikariek 50 minutuko saioak eginen dituzte, hamalau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleekin.

Oraingo ikasturtean parte hartuko duten musikarien artean izanen dira Gari, Joseba Tapia, Musego, Alex Sardui, Gorka Urbizu, La Basu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Maite Larburu, Eñaut Elorrieta eta Mikel Urdangarin.

Zuriñe Hidalgo abeslaria ere ariko da. Iaz ere parte hartu zuen proba gisa egindako lehendabiziko ekinaldian, eta "ontzat" jo du esperientzia. "Oso polita eta gertukoa izan da, baina, horrez gain, beharrezkoa da: nik institutu garaian ez nuen jaso halako bisitarik, eta niretzat izugarria izango litzateke nire erreferente baten bisita izatea", erran zuen Hidalgok, orain martxan jarriko den programari buruz.

Ekinaldi horrek lortzen du, hain zuzen ere, ikasleen eta musikarien arteko hartu-eman zuzena gertatzea, eta hori "aberasgarria" da denentzat, antolatzaileen ustez. Programaren bigarren aldian, gainera, gelako esparrutik at ere izan nahi du oihartzunik gobernuaren ekinaldiak. Asmoa da musikariak ikastetxeetara joaten diren egunetan herri horietan musikarion emanaldi irekiak antolatzea. Horretan ari dira antolatzaileak lanean tokian tokiko eragileekin.

“Euskal Herri ttipi batean ginen hor, gure mundutxoan”

“Euskal Herri ttipi batean ginen hor, gure mundutxoan”

Iker Tubia

Hamabost edizio eta 80 lagun baino gehiago. Hori da Hator Hona egitasmoaren uzta. Necocheako (Argentina) euskal etxeko gazteek antolatzen duten programa da Hator Hona, eta Euskal Herriko eta euskal diasporako gazteak harremanetan jartzea du helburu. Urtero, euskal kulturari lotutako ikastaroak eskaintzen dituzte hemendik hara joandakoek. Aurten, hamabosgarrena izanik, berezia izan da, eta dagoeneko han egondakoak gonbidatu dituzte. Itzuli diren horietako bat da Eztitxu Hariñordoki (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1990).

Zergatik erabaki duzu Necocheara itzultzea?

Zinez esperientzia ederra izan zelako. Nahiz eta duela bi urte izan, eta hiru asteko programa izan, lagunak egiten dira. Necocheako lagunak eta familia berriz ikusteko eta haiekin elkartzeko, dudarik gabe erabaki nuen itzultzea.

Zer aurkitu duzu oraingoan Necochean?

Batetik, nahiko desberdina izan da, baina, hala ere, antzekoa ere bai. Desberdina, itzuli naizelako, orduan ez zen deus berri: duela bi urteko sorpresa handiak ez ziren horrenbesterako sorpresa. Desberdina izan da, halaber, haiek desberdin muntatu dutelako proiektua: egunero tailer bat egin dugu, eta denak ginen parte hartzaile tailer guzietan. Aurrekoan bakoitza bere tailerretan izaten zen, bere aldetik.

Euskara irakasle aritu zara Argentinako egonaldietan. Espero zenuen han euskararekin duten lotura?

Aurten itzuli naizelako ez da sorpresa handia izan, baina, hala ere, beti harritzen naiz ikusirik hango jendeak zenbat interes duen euskal kulturan oro har, eta euskal hizkuntzan ere bai. Eta hango gazteek euskara nola ikasi eta praktikatzen duten, eta zer pasiorekin lantzen duten.

Gaztelaniaz bakarrik ez, euskaraz ere aritzeko aukera izateak zer esanahi izan du zuretzat?

Duela bi urte, ez nuen batere espero euskaraz egiteko aukera izatea. Horrek etxean bezala sentiarazten nau. Argentinako Euskal Herri txoko batean, Euskal Herri ttipi batean ginen hor, gure mundutxoan. Egunero-egunero euskal etxera joanez, eta euskaraz mintzatzen, anitzetan ahanzten nuen hasteko Argentinan nintzela. Baina, hala ere, bistan da, denek ez dakite euskaraz, eta hango gaztelaniaz ere egin behar izan dut. Horren aldetik ere anitz ikasi dut, aurten ere gaztelania praktikatu baitut.

Nola bizi izan duzu Hator Hona programa?

Zaila da hizketan azaltzea; uste dut bizi behar dela jakiteko benetan zer den proiektu hori. Sekulako esperientzia da, ene bizitzaren parte dena. Anitz-anitz ikasi dut, esperientzia aberasgarria da, eta, orain, espero dut laguntasunen partez atxikiko dela Argentinako euskal diasporarekiko lotura hori; ez dela bakarrik oroitzapen bat izanen. Haiek ere noizean behin aukera dute hona etortzeko; beraz, haiekin elkartzeko aukera izanen dugu.

Lagunak ez ezik, familia ere baduzu Argentinan?

Bai. Hori bikaina da. Gu familiako bat bagina bezala hartzen gaituzte, seme-alabak bagina bezala. Beste familia bat sortzen da, eta biziki sakona bilakatzen da. Ni duela bi urte familia batean egon nintzen, eta, Hator Hona bukatu zelarik, azken egunean, etxeko giltza eskaini zidaten. Erabaki nuelarik Necocheara itzultzea, badaezpada ere giltza hori eraman nuen. Eta haiek ere itxoiten zuten lehen momentuan nik giltza ateratzea eta nire etxeko atea irekitzea. Sinbolikoa da, xehetasun bat da, baina gauza anitz erran nahi ditu.

Diaspora ezagutu aurretik, zer irudi zenuen haiei buruz?

Banekien euskal etxeak bazirela, euskaldunak bazirela eta euskal kultura praktikatzen zela euskal etxeetan. Baina ez nekien deus gehiago. Euskal etxea alimalekoa da, eta belaunaldi guziak elkartzen dira. Harritu nau zer maitasun eta lotura duten euskal kulturarekin. Zer handia den euskal mundua eta zer ttipia ber momentuan. Ez nuen pentsatzen hain konektatuak egonen zirenik gaur egungo euskal kulturarekin. Xehetasun bat emateko: oraingo musika taldeak ongi ezagutzen dituzte. Hango euskaldunek erran zidatenez, alde batetik Hator Honari esker izan da hori.

Lotura hori beste zentzuan ikusten duzu? Euskal Herria badago diasporari lotuta?

Ez hainbeste, beharbada. Oro har, Euskal Herrian ez dugu ezagutzen hango errealitatea, geografikoki ere urrun delako, baina beharbada ez garelako hainbeste interesatzen. Ene ustez, gehienak harrituak izanen lirateke jakinen balute zer errealitate den han. Erraten den zortzigarren probintzia hori, uste dut hala dela. Denek jakin beharko genuke munduan badela zortzigarren probintzia hori.

Zer iritzi duzu Hator Hona eta gisako programez?

Zinez bikainak dira, eta sekulako aukera dira, hain urruti egon arren, loturak egiteko. Bakoitzak bestearen errealitatea ezagutzeko ere. Hamabost urtez iraun du Hator Honak, eta espero dut beste hainbeste iraunen duela, eta, ez bada Hator Hona, bederen, horrelako beste proiektuak sortu eta garatzea, Argentinan eta mundu osoko diasporetan. AEBetan horrelako proiektu bat egiterik balego, sekulakoa litzateke hura ere.

Itzuliko zara?

Haiek ulertarazi ziguten espero zutela gure itzulera; beraz, itzultzea espero dut.

Iritzia: Enrique Maiaren soldata

Iritzia: Enrique Maiaren soldata

Jon Barberena Ibarra

Bai, badakit. Berriz ere Iruñeko alkatea zarenetik, lanpetua zaude, Enrique. Aginte makila berreskuratu,eta buru-belarri ari zara, hiri buruzagiko aniztasuna kontuan hartuz, hiritar guziendako agintzen eta, batik bat, oinarri-oinarrian elkarbizitza sendotzen eta hauspotzen.

Horren adibide dugu behar-beharrezkoa dugun armada laudatzea. Bakea nagusitu dadin, metrailetak erabiltzen dituzten neska-mutiko fierrak goraipatzea. Aurtengo apirilean, Armadaren etorbidea izena kendu, eta Katalina Foixkoa etorbidea izena paratu zion Joseba Asironen taldeak Iruñeko etorbide nagusienetako bati. Nik ere ez dakit nola atrebitu ziren holako astakeria egitera. Konkista aitzineko azken erregina izan zen Katalina Foixkoa, pertsona baliogarria, kementsua eta azkarra, baina armadaren balioarekin alderatuz gero, ezer guti. Enrique, normala da armadari eta militarismoari gorazarre egitea, gu guzion defentsan eta arma merkeak etikoki darabiltzaten soldaduak omentzea, alegia. "Espainiako armada loriatsuari" eskaini diozu etorbidea. Iñaki Iriartek eta Patxi Perezek Leitzan erakutsi duten gisara, diktadura sasoia presente duzu.

Bertzalde, agerikoa denez, iruindarren erosotasuna bermatu nahi duzu, eta, horretarako, autoen joan-etorri azkarra eta horiek aparkatzeko tokia ziurtatu nahiko zenituzke. Hiritarren erosotasuna lehenetsi, norbanakoaren osasuna eta airearen kutsaduraren aitzinetik. Europako hiri anitzek hartu duten kontrako noranzkoan abiatu, eta autoz betetako karrikak, kez betetako birikak eta bozina soinu lasaigarriak hiri buruzagiko ezaugarri bihurtu. Hori dela eta, Pio XII etorbidean aparkaleku gehiago paratu nahi dituzu, horrela, lau urte hauetan mugikortasun jasangarriaren alde tematu direnei bizkarra eman, eta ohiko hiri bihurtu nahi duzu Iruñea. Ez al dira, ba, hiriaren berezko osagaiak ibilgailuen kaosa, kea eta auto ilara akiezinak?

Eskola publikoa ere beti izaten duzu gogoan, nahiz eta eskola horiek diruz ez dituzun inoiz sobera lagundu. Horren adibide dugu duela guti Joseba Asironen taldeak berritutako Hello Egunsenti haur eskolan eginiko adierazpen aski logikoak. Argi eta garbi adierazi berri duzu heldu den ikasturtean Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza ttipituko duzula, eskaintza gehiegizkoa delako. Azken batean, Europako lurralde bakarra da gurea berea den hizkuntza baten kontra egiten duena, eta, doike, Navarra Sumaren bereizgarri propio hori mantentzea gauza ederra da.

Gogor hasi zara lanean, Enrique. Agintea hartu bezain fite, soldata goititzeko erabakia hartu duzu. Justifikatua dago arras, denok bai baitakigu gorrotoz hartutako hainbertze erabakik nekea eta estres maila handia sortuko dizkizutela. Segi horretan, euskara eta euskaldunak zangotrabatzen; bakearen izenean, metrailatzen dabiltzanak omentzen eta natura kez ureztatzen. Kasu, hainbertze gorrotok urdailean ultzerak sor ditzake; zaindu.

Oroitzeko eta sortzen segitzeko

Oroitzeko eta sortzen segitzeko

Edurne Elizondo

Ez dago, baina badago. Jose Mari Apezetxea margolari baztandarra 2017. urteko irailean zendu zen, baina jarraitzen du parte hartzen eskualde horretako artistek uda oro egiten duten errituan: beren etxeak, tailerrak eta herrietako kultur etxeak betetzen dituzte beren obrekin, herritarrek eta bisitariek artelan horiek ikus ditzaten. Apezetxearen familiak aurten ere zabaldu ditu pintorearen Erratzuko etxeko tailerreko ateak, iaz egin bezala. "Gure artean solastatu, eta aitaren erakusketa antolatzen jarraitzea merezi zuela erabaki genuen. Etxean ditugun koadroak paratu ditugu, nahi duenak ikusteko aukera izan dezan", azaldu du margolariaren seme Josetxo Apezetxeak. Hilaren 18ra bitarte egonen da zabalik.

Pintorearen alarguna da Encarna Larrainzar. Semeak azaldu du ez duela hedabideetan agertzea gustuko, baina argazkilariaren kameraren aurrean eseri da [azaleko argazkian], senar zuenak margotutako koadroen artean. Jose Mari Apezetxea jada ez dago. Baina badago. Bere obran, bere etxean badago.

"Margolariz beteta egon da beti gure etxea; giro horretan hazi gara", gogoratu du Josetxo Apezetxeak. Erratzuko etxean aterpe aurkitu izan duten artista horietako bat da Tomas Sobrino. Elizondoko margolariak argi eta garbi erran du: "Jose Mari lagun handia izan zen niretzat; lankide izan ginen azken unera arte; pinturaren munduan, nire aita izan da".

Emozioz mintzatu da Sobrino Apezetxeari buruz, eta eskertu du familiak erakusketa antolatzeko ohiturari eutsi izana. Sobrinok ere antolatu du berea. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean dago ikusgai, irailaren 1era bitarte. Toki berean, bertze solairu batean, Eva Irazoki margolariak zintzilikatu ditu bere koadroak ere. Apezetxea zena gogoratu nahi izan du Irazokik. Artearen esparruan Irungo udal akademian egin zituen lehendabiziko urratsak Irazokik, baina Apezetxearekin eta Sobrinorekin ikasitakoa nabarmendu du.

Apezetxea eta Cezanne

Pintore anitzen maisu izan zen Apezetxea, hain zuzen ere. Margolariak, gainera, zubi lana egin zuen garai bateko artisten eta egile gazteen artean. Denen artean zegoen gustura. Apezetxeak txoko kutun anitz zituen Baztanen, mihisearekin atera eta kanpoan margotzeko. Baina espazio fisikoez harago, bertze mota bateko lekuak aldarrikatu zituen pintoreak: "Denak heldu gara toki beretik, eta toki hori Cezanne da", erran zuen, duela hamar urte luze, BERRIAko orrietan. "Nire historia guztia dago Cezannerengan. Cezanne gaur egun da... Erran daiteke egiten den pinturaren erdia egiten dela Cezanne dela medio. Hark ireki zuen atea, eta ate horretatik pasatu gara anitz. Cezanne da margolari bat aski txarra zena hasieran, baina puskaka-puskaka, bere gogo guztiarekin, ailegatu zen azken mutur horretara. Berak egin zuena baino gehiago da zer utzi zuen bertzeek egiteko".

90 urte zituen Apezetxeak hil zenean. Gaztetan izan zuen Madrilera edo Parisera margotzera joateko asmoa, baina etxean lana bazelako uko egin behar izan zion desio horri. Javier Ziga izan zuen maisu, eta, gero, Apezetxea bilakatu zen bertze anitzentzat erreferente.

Sobrinorekin harreman estua izan zuen. Elkarrekin antolatu dituzte, urte luzez, udako pintura ikastaroak Baztanen. Orain, Apezetxea gabe egiten ditu Sobrinok. Datozen bi asteotan ariko dira aurtengo parte hartzaileak, astelehenetik ostiralera. "Goizez atera, margotu, eta denen lanei so eginez ikastea da kontua. Ikastaroa amaitzen dugunean, erakusketa egiten dugu Elizondon", azaldu du Sobrinok.

"Pinturaz gozatzea" da gako nagusia, Elizondoko margolariaren hitzetan. Irazokik ere horixe uste du. Eta Sobrinoren eta Apezetxearen eskutik egindako ikastaroetan "ikasi eta disfrutatu" egin duela nabarmendu du. "Aurkikuntza handia izan zen niretzat: kanpora atera, eta mihise zuriaren aurrean jartzea. Zaila da, neurri handi batean, baina askatasun handia ematen dizu. Sobrino eta Apezetxea beti ziren irakasteko prest".

Irakatsi eta ikasi. Horixe nabarmendu du Sobrinok. Nolabaiteko elkarrizketa sortzen dela ikastaroan parte hartzen duten artista guztien artean. Elkarren ondoan margotuz, elkarri eragin eta elkarri irakasten diote. "Hori hagitz polita da", erran du Sobrinok.

Apezetxearentzat ere, karrikan margotzea zen kontua: "Baztan-Bidasoko margolarion ezaugarria da naturan bertan margotzen dugula. Ibaia ere bada gure arteko lotura, hemen Baztan eta gero Bidasoa deitzen dena". Bidasoko margolarien eskolaz hitz egitea, halere, ez zuen hagitz gustuko. "Gauzak sobera sailkatzea ez zuen maite aita zenak", gogoratu du Josetxo Apezetxeak. "Duela ehun urte, bazen mugimendua, eta, orain ere, bertze modu batera bada ere, badu segida. Nik uste dut hori dela politena", erantsi du.

Irazokik ez du zalantzarik, eta Baztan-Bidasoko eskolako kidetzat jo ditu eskualdean bertze artisten erreferente bilakatu diren horiek. "Margotzeko eta paisaiari so egiteko berezko modua badute; Baztango margolarien begirada horretan badira zertzelada, kolore eta mugimendu propioak, hain zuzen ere. Baztango eskolako parte dira maisu eta maistra bilakatu diren aurreko belaunaldiko artistak".

Eskolaz harago, pinturak eskualdean pizten duen interesak pozten du Irazoki. Sobrino ere bai. Biek argi dute zaletasunak gora baino ez duela egin. Udako ikastaroa eta erakusketak, gainera, ez dira eskualdeko margolariek elkarrekin aritzeko duten aukera bakarra. "Hilabetean behin, kanpora ateratzen gara margotzera. Nahi duena etor daiteke", nabarmendu dute bi margolariek.

Sobrinok eta Irazokik hilaren 22an zabaldu zituzten beren erakusketak. Azken urteko lanak zintzilikatu ditu Sobrinok, zehazki. "Ohi baino itsas pintura gehiago ditut aurten", azaldu du. Baztango paisaiek, noski, toki nabarmena dute, baina badira Nafarroa erdialdekoak eta Bardeakoak ere. Irazokik, bertzalde, 2005. urtetik gaur egunera bitarte egindako koadroak eraman ditu Elizondoko Arizkuneneara. Irazokik abstrakzioaren alde egin du bere azken lanetan, eta hautu horren atzean dagoen prozesua erakutsi nahi izan die ikusleei, bere azken urteotako lanak zintzilikatuz. "Hasieran, Sobrinoren eta Apezetxearen eragina nabarmena zen nire lanetan; bidean, nire margotzeko modua bilatuz joan naiz. Figurazioa bazter utzi gabe, bilaketa horrek eraman nau abstrakziora", azaldu du margolariak. "Beti hutsetik hasteko" asmoa duela erantsi du.

Hutsetik hasteko urratsak testuinguru zehatza du artearen esparruan, Sobrinoren ustez. "Noski, nork bere bidea egin behar du. Baina idatzi ahal izateko, irakurri egin behar duzu; eta margotzeko, pinturari so egin behar diozu. Bertzeen bidea ezagutu behar duzu zurea egiteko", erran du.

Hamahiru erakusketa

Apezetxearen, Sobrinoren eta Irazokiren erakusketak ez dira egunotan ikus daitezkeen bakarrak, Baztanen. Denera, hamahiru antolatu dituzte. Elizondon, Arizkunenea kultur etxean bada bertzerik: Manuel Bermejo eta Xabier Celestinoren Hamalau izenburukoa, eta Miquel Cazañaren Baztandik mundura. Kultur etxeko erakusketez gain, Ana Mari Marin margolariak berea antolatu du Elizondoko bere etxean. Hilaren 13an zabalduko du. Jaime Urrutia karrikako 15ean, gainera, Lesagibelen erakusketa dago zabalik; eta kale bereko 3an, Jose Luis Alzugarairena.

Arizkunen, Xabier Santxotenaren museoan daude egile horren eskulturak eta Teresa Lafraguaren margoak; Sasternea etxean, berriz, Xabier Soubeletenak ikus daitezke. Erratzun, Apezetxearen erakusketarekin batera, Roque Lasaren lanak ikusgai daude Zubieta etxean. Diana Iniestak ere ireki ditu bere tailerreko ateak, eta Loreak, sagarrak, besarkadak izenburuko erakusketa prestatu du. Irailaren 1era bitarte egonen da zabalik.

Iniestak eginen du bertzerik, artistentzako hainbat proposamen antolatu baititu udako datozen asteotarako. Lau eguneko ikastaroak eginen ditu, batetik, irailera bitarte, naturan margotzeko; bertzetik, bost edo zazpi eguneko formakuntza saioak eginen ditu bere etxean eta tailerrean. Irakasteko eta ikasteko prest dira Baztanen. Beti paisaiari so.