Dagoena kendu, eta deus ez jarri

Dagoena kendu, eta deus ez jarri

Edurne Elizondo

Azalpenik eman gabe. Iruñeko Udalak, bere kabuz, bertan behera utzi du Yoar elkartearekin zuen akordioa, Arrosadiko migratzaile ijito errumaniarrak artatzekoa. Iazko urrian sinatu zuten kontratua kolektibo horrek eta orduan Joseba Asironek (EH Bildu) zuzentzen zuen udal gobernuak. Urte baterako zen, bertze urtebetez luzatzeko aukerarekin. Lehen hamabi hilabeteak pasatuta, hutsean utzi du Enrique Maia (Navarra Suma) buru duen oraingo udalak.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak haurren lagun izendatu zuen Iruñea, urtarrilean. Hiriko agintariek Arrosadiko eta Azpilagañako umeekin kezka handirik ote duten zalantzan jarri dute Yoar elkarteko kideek, ordea, taldeak auzo horietako haur eta gazteekin egiten duen lan guztia gelditu baita kolokan, udalarekin zuten kontratua bertan behera gelditu eta gero.

Yoar elkarteko arduradunek argi dute arretaren kalitateak behera eginen duela, eta behera eginen duela, halaber, beren programetan hartu ahal izanen dituzten pertsonen kopuruak. Kontratua ez berritzeak ekarri baitu, jada, hilaren 17tik aurrera, hiru pertsona gutxiago ariko direla lanean taldean.

"Ez digute azaldu zein den kontratua ez berritzeko arrazoia; programari buruzko ebaluaziorik ez dute egin; ez digute emaitzen berri eskatu; ez dute bertze alternatibarik jarri mahai gainean. Behar zen zerbitzu bat kendu dute, bertze deus eskaini gabe". Horixe salatu du Yoar elkarteko kide Zahira Iturbidek. "Gerta zitekeela bagenekien, baina, hala eta guztiz ere, ezustean hartu gaitu gertatu denak", erantsi du.

Yoar 1996. urtetik ari da Iruñeko Arrosadia eta Azpilagaña auzoetan lanean, haur eta gazteekin. "Auzo horietako herritarrek sortutako elkarte bat da; kezka zuten haurtzaroarekin eta haurren eskubideekin, eta arlo horretan eragiteko hasi ziren lanean", azaldu du Iturbidek. Talde txikia ziren, hasieran, baina gora egin du inplikatu diren pertsonen kopuruak, eta horrek ekarri du Yoar elkarteko kideen lan esparrua zabaltzea.

Egoitza Arrosadian du, auzoko zentroan. "Auzo konplexua da", Yoar taldeko kideek erran dutenez. "Migratzaile anitz bizi dira hemen. Bertze toki anitzetan baino merkeagoak dira hemen etxebizitzak, eta horrek jendea erakarri du". Auzoaren egunerokoaren bilakaerak eragin ditu aldaketak, bai eta gatazkak ere, hainbatetan. Arrosadiko auzoko zentroko paretetan ere agertu izan dira ijito errumaniarren aurkako pintaketak, adibidez.

Egoerak piztu du Yoar elkarteko eta bertze hainbat kolektibotako kideen kezka; bai eta udalarena ere. Ondorioz, auzoko egoerari buruzko diagnosia egin zuten hiriko agintariek, eta mahai gainean jarri zituzten datuak, iaz: Arrosadiko biztanleen %34 daude pobrezia edo bazterketa arriskuan; kopurua anitzez handiagoa da bizilagun migratzaileen artean: %68. Eta 15 urte baino gutxiago duten migratzaileen egoera da larriena, ikerketak agerian utzi duenez, %47 bazterketa egoeran baitira.

Errealitate horri aurre egiteko baliabideak urriak izan dira. Diagnosiak berak nabarmendu zuen bazterketa egoeran ziren pertsonak gizarteratzeko programarik ez zegoela auzoan. Yoar elkarteak, hain zuzen ere, behin eta berriz eskatu ditu baliabideak eta auzoan eragiteko tresnak, azken urteotan.

2016. urtean, azkenean, elkarteak eta Iruñeko Udalak hitzarmena sinatu zuten. "Udalak bere gain hartu zuen prebentzioa lantzeko zerbitzu bat jartzeko ardura; bertze hainbat auzotan ere badira gisa horretako programak. Udalak, hain zuzen ere, auzo elkarteen bitartez hasi zen prebentziorako lan hori egiten", erran dute Yoar elkarteko kideek.

Arrosadiko eta Azpilagañako haur eta gazte guztiekin lan egin izan dute taldeko arduradunek, baina Europa ekialdeko migratzaileen etorrerak aldatu egin ditu Yoar elkarteko kideen dinamikak, azken urteotan: "Ijito errumaniarrek behar eta ezaugarri bereziak dituzte, eta horrek ekarri du haiek artatzeko ahaleginak gure zerbitzuetatik kanpo utzi izana bertze erabiltzaile anitz", azaldu du Itxaso Arangurenek. Hau da, Yoar taldeak ijito errumaniarren kolektiboa artatzeko bideratu behar izan ditu baliabide anitz, eta, ondorioz, bertze lan esparruak bazter utzi behar izan dituzte. "Ezin izan baitugu dena egin".

Arreta osoa

"Ijito errumaniarrek arreta handia behar dute; gobernuak ere esku hartu beharko luke, gure ustez, esparru guztietan eragin ahal izateko. Badira, adibidez, eskolan inoiz egon ez diren hamahiru urteko nerabeak. Egungo hezkuntza sistema ez da gai gazte horiek hartzeko. Egoerak okerrera baino ez du egiten pertsona horiek arreta osoa jasotzen ez badute". Horixe nabarmendu nahi izan du Itxaso Arangurenek, egin beharreko lana zenbaterainokoa den azaltzeko.

2018. urtean, bertze urrats bat egin zuen Iruñeko Udalak lan horretan laguntzeko. "Guk egiten genuen lana sendotu beharrean, bertze proiektu bat jarri zuen udalak martxan, bizikidetza lantzeko", erran du Iturbidek.

Prebentzioa lantzeko programa batekin eta bizikidetza lantzeko beste batekin, ontzat eman dute Yoar taldeko kideek azken urtean egindako lana. Lantaldea sendotu ahal izan dute, eta eskura izan dituzten baliabideekin, arreta hobetu. "Ijito errumaniarrak artatzen hasi ginenean, kolektibo horretakoak ez ziren erabiltzaileen kopuruak behera egin zuen nabarmen; egoera hori aldatzea lortu dugu". Azken urtean, laurehun erabiltzaile inguru izan ditu Yoar elkarteak; haietatik 108 ziren ijito errumaniarrak: 59 adingabe, eta hamasei inguru 18 eta 25 urte bitartekoak. "Helduen artean, gehienak emakumeak izan dira". Bertzeak bertze, alfabetatze programetan parte hartu dute Yoar taldeko kideek. Programa horietan bitartekari lana egin duten hainbat emakume errumaniar ijito ere aritu dira.

Datozen hilabeteotarako ikastaroak prest zituen jada Yoar elkarteak, Iruñeko Udalaren erabakiaren berri jaso zuenean. Kontratua ez berritzeak ekarri du, ondorioz, ikastaro horiek guztiak bertan behera uztea: "Denak beteta zeuden; jendeak badu parte hartzeko gogoa eta interesa, eta ez dute ulertzen zergatik ezin izanen duten egin. Guretzat, zaila da azaltzea udalak hartu duen erabakia, guk ere ez baitugu inolako azalpenik jaso", erran du Iturbidek.

Eneko Elizari eta Marta Tabernero aritu dira, azken hilabeteotan, udalarekin adostutako bizikidetza programan lanean. Hilaren 17tik aurrera, lanik gabe geldituko dira. "Tristuraz hartu dugu berria, baina larriena ez da gure egoera; guk eginen dugu aurrera. Arazoa da jende anitz geldituko dela behar duen arreta jaso gabe", nabarmendu du Eneko Elizarik.

"Ez dakigu zer eginen dugun; gure lan guztia berrantolatu behar dugu. Ezin izanen dugu lehen egiten genuen guztia egin". Egoerak kezka sortu die Yoar taldeko kideei; eta, batez ere, ezintasun sentipena. "Zergatik hartu du udalak hartu duen erabakia? guri ez digute azaldu. Nork bere analisia egin dezala".

Bilera bat eskatu dute auzoko hainbat elkartek, baina ez dute erantzunik jaso. Ijito errumaniarrak artatzen dituztenen Roma Sareko kideek ere idatziz egin dute eskaera, baina haiei ere ez diete deus erantzun.

Aurrera egin nahi dute Yoar taldeko kideek, bidea maldan gora dutela ederki jakin arren. Halere, Arrosadian eta Azpilagañan elkar ezagutu nahi duten bizilagunen ondoan jarraitu nahi dute, argi baitute hori dela bizikidetzaren gako nagusietako bat: ondoan dagoena ezagutzea. Gisa horretako zubi lana sendotu nahi dute, hitzarmenik gabe zaila dela jakin arren.

Feministak eta antiespezistak

Feministak eta antiespezistak

Edurne Elizondo
Lizarratik, Durangora. Bide hori eginen du Euskal Herriko mugimendu feministak, datozen asteotan. Aurreko asteburuan, neska gazteen topaketak egin zituzten Lizarran, Egin dezagun topa lelopean; eta azaroaren 1, 2 eta 3an, Euskal Herrik...

“Inposizio bakarra kontrakoa da: euskara hutsean ez dago deus”

“Inposizio bakarra kontrakoa da: euskara hutsean ez dago deus”

Edurne Elizondo

Euskararen alde aritu da beti Sagrario Aleman (Etxaleku, 1952). Euskaldun anitzek sentitu duten haserre bera sentitu du, Nafarroan hizkuntzaren aurkako azken erasoa ikusita. Erantzunak zein behar duen argi du: hizkuntza ikasi eta erabili.

Azken urteotako kolperik gogorrena izan da oraingoa?

Gogorra da, baina ez nuke esanen gogorrena; gogorrena izan zen Euskararen legea bera, eta lege hori nola interpretatu duten behin eta berriz: beti eskubideak urratzeko, eta ez errespetatzeko. Oraingoa egun oroko kontu bat da, neurri handi batean.

Amorru handia eragin du, halere, euskaldunen artean.

Uste dut eragin fisikoa ere izan duela oraingo eraso honek guregan. Gorputzak ere sumatzen du; nik, behintzat, bai. Ez da bakarrik arlo arrazionalean eta sentimenduen alorrean eragina duen zerbait; eragin fisikoa ere badu.

Oraingo egoeraren oinarria, beraz, legez ezarritako zonifikazioa da, zure ustez?

Legea onartu zenetik, batzuen ikuspuntua zen lege txarra edo ez hain ona izanagatik ere, aurrera egiten ahal zela. Eta egia da; legerik gabe ere, gauza asko egiten ahal dira, borondatea eta gogoa badira. Administrazioak uste badu bere betebeharra dela bertako hizkuntza zaintzea, garatzea eta sustatzea —legeak bere helburuetan zehazten duen bezala—, horretarako borondatea badu, egin dezake gauza asko. Borondateak, baina, huts egin du, eta, legeak administrazioa gauza gutxitara behartzen badu ere, beti interpretatu izan da modu murriztaile batean: halaxe egin dute epaileek, aurkeztutako helegiteen bidetik; eta halaxe egin du gobernuak berak, bere dekretuetan eta erabakietan. Legeak, berez, ez baitu deus debekatzen. Baina beti ulertu izan da baietz, debekatzen zuela. Adibidez, hezkuntzan.

Eremu ez-euskaldunaz eta D ereduaz ari zara?

Bai. Ematen zuen gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzen ditugunok ere sinetsi genuela legeak debekatzen zigula D eredua ezartzea eremu ez-euskaldunean. Legeak ez zuen hori esaten, baina hainbeste aldiz errepikatu digute eremu ez-euskaldunean eskola ezin zela euskaraz izan, ezen sinetsi egin baitugu debeku hori bazegoela. Egun oroko politika bilakatu dute hori, egun oroko diskurtso; eta diskurtso horrek, azkenean, guztiak konbentzitu gaitu.

Diskurtso horri eman diote babesa oraingo sententziek?

Euskara gutxietsi egin dute; uste dut sententziek eragin duten arrisku nagusia dela, gaur egun, Nafarroakoa bertakoa ez den edozein hizkuntza euskararen gainetik jarri dutela. Hori da esaten ari direna. Legeak ez du esaten euskara meritutzat ezin dela hartu eremu mistoan eta ez-euskaldunean. Beste gauza bat da batzuek zer irakurketa egiten dituzten. Maria Txibitek, adibidez, esan du administrazioko lanpostu asko kolokan direla. Ni ez naiz jurista, baina ez dut uste irakurketa hori zuzena denik.

Euskararen aurkakoen inposizioaren ideiari bidea eman diote epaileek oraingo ebazpenekin?

Bai. Inposizioaren ideia zabaltzeko erabili dituzte hedabideak, erabili dute parlamentua. Inposizioaz mintzatzen dira, jakinik ere euskaldunok garela bazterketa sufritzen dugunak, administrazioak bere betebeharra bere esku hartzen ez duelako: hiritarren eskubideak bermatzekoa, alegia. Inposizio bakarra kontrakoa da: euskara hutsean ez dago deus; beti ele biz behar du. Norbanako batek hasten badu harremana administrazioarekin euskaraz, zergatik jaso behar du erantzuna ele biz? Ez da gauza bera gertatzen gaztelaniaz jotzen dugunean administraziora. Hor ikusten da bazterketa non dagoen, eta inposizioa zein den. Epaiak hiritarren eskubideak aipatzen ditu, baina, aldi berean, eskubide horiek mugatzen eta urratzen ditu.

Tokiaren araberakoak direlako eskubide horiek?

Hori da. Baina, eskubideak hiritarronak badira, ez al du bost axola non gauden? Eskubidea gurea bada, ez genuke galdu beharko gauden tokiaren arabera. Kontraesan handia dago hor, eta nire ustez auzi larria da. Eskubidea hiritarrena bada, epaiak berak dioen bezala, esan beharko lukete egungo euskararen legea baztertzailea dela, eta konstituzioaren aurkakoa; ezberdintasunak ezartzen dituelako eskubideetan, bizi zaren tokiaren arabera.

Aurreko legegintzaldian galdu zen zonifikazioaren oztopoa gainditzeko aukera bat?

Beste helduleku bat izanen genuke; halere, zonifikaziorik gabeko legeak dituzten beste hainbat tokitan ere izan dituzte arazoak, interpretazioak egiten direlako beti. Baina, noski, zonifikazioak larritu egiten du egoera. Ausardia falta izan da, nire ustez, aurreko legegintzaldian. Zailtasun handiak bazirela badakit, iritzi eta sentsibilitate ezberdineko taldeak zeudelako, baina iruditzen zait batzuentzat hizkuntza eskubideak bigarren mailako eskubideak direla. Batzuek, oraindik ere, ez dute onartu herritarrok hizkuntza eskubideak ditugula. Legea ez da aldatu, eta, ondorioz, legez zailtasun gehiago ditugu edozer aldaketa defendatzeko.

Hizkuntza ez da lehentasuna izan?

Hartu diren neurriak azken momentuan hartu dira. Zailtasunak badaudela badakit, gauzak ongi aztertu behar direla, baina uste dut gehiago eta lehenago mugitu behar zutela martxan jartzeko. Gaia utziz joan dira. Euskalgintzan ari garenon ustez, gainera, hartu diren neurriak eskasak izan dira. Hartu dituzten neurriak ez dira izan eskubideen bermatzaile. Guretzat eskasa zen horretan ere atzera egin dute; egoerak txarrera egin du.

Sozialistak dira orain gobernuko buru. Zer espero duzu?

Ez nau gehiegi kezkatzen sozialistek zer eginen duten. Gehienetan ez dira agertu eskubideak bermatzearen alde. Orain kontua da gobernuan direla, eta gobernuan dauden beste taldeek beste iritzi bat dutela. Nik uste dut Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztu beharko lukeela. Gobernuak dekretu bat onartu zuen, eta, orain, gobernuari dagokio dekretu hori aurrera eramateko ahaleginak egitea. Bestalde, uste dut gobernuak segitu behar duela departamentuetako euskara planak garatzen. Halere, ez dakit zenbateraino diren prest PSNkoak eta gobernuan diren besteak gai honetan hordagoa jotzeko. Ez dakit zenbateraino den euskara lehentasuna haientzat guztientzat.

Ez duzu konfiantza handirik?

Badakit politikan egoera baldintzatzen duten beste auzi asko badirela, baina zenbateraino da lehentasuna? Hori da kontua. Arazoak larriak dira, berehalako erantzuna behar dute, baina ez dituzte lehentasun gisa hartzen.

Zer erantzun eman beharko luke euskalgintzak?

Normala da amorrua sentitzea, eta ongi dago manifestazio bat egitea gure haserrea agertzeko, baina egin dezakegun urratsik garrantzitsuena da euskara ikastea eta erabiltzea. Administrazioak baliabideak jarri beharko lituzke denek hizkuntza ikasteko. Errespetuaz hitz egiten dute, baina errespetua haientzat da goiti dagoena ez molestatzea. Niretzat errespetua da ulertzen ez duenak ahalegina egitea ulertzeko.

Iritzia: EreduAz

Iritzia: EreduAz

Amets Aranguren Arrieta

Telefono dei batek aterarazi nau kontserbatorioko mediatekatik. Gorde gabeko zenbakia da. Astelehena da, hamar ordu daramat kontserbatorioan, eta eguneko azken klasean sartzear nago.

—Bai?

Eskegi, eta ahoan irribarre bat dudala hasi naiz gauzak biltzen. Berandu nabil.

—Amets! Maite hurbildu zait. Zer moduz?

—Ongi, ongi, zu?

—Joe, pozik ematen duzu.

—Bai, dei bat jaso berri dut…

Zalantzati nago, kontatu ala ez, izan ere, Faltzesko 23 urteko laguna da Maite, A ereduan ibilitakoa… Merezi du kontatzea…? Tira, saiatuko naiz, zergatik ez?

—Kontua da BERRIA egunkariak eskualdekako gehigarriak ateratzen dituela astero, Nafarroako Hitza hemen. Mobida da, ez dakit zerbait entzun duzun, duela bizpahiru aste bertako kolaboratzaileetako bat hil egin zela…

('Aber, Amets, zer ari zara kontatzen? Apenas ezagutzen zenuen zuk, nola ezagutuko du honek…', pentsatu dut nire baitarako.

Baztango idazle eta bertsolari…

—Jon. —Esan dit Maitek nik esaldia bukatu aitzin-.

'Bai…' harritu eta lotsatua atera zait.

—Bua, hau pena jakin genuenean… Euskara irakasle izan genuen txikitan eskolan, Faltzesen. Bera izan zen, Urkorekin, beste euskara irakaslearekin batera, Faltzesko euskararen egunaren sortzaile. Eta horren harira, eskolaz kanpoko gazte askorekin ere izan zuen harremana. Arrakasta itzela izan du gure herrian euskararen egunak urte luzez, orain pixka bat gain behera badago ere. Garai hartan, inguruko herri guztietako jendea biltzen zen Faltzesera egun horretan, kristona montatzen zen. Egia esan, erreferentzialtasuna lortu zuen Erriberan. Gogoan dut, irakasle ona izateaz gain, irakasle berri-gazte-guapo tipikoa zela Jon, badakizu… ikasle guztiek maite duten horietakoa. Euskara maitatzen irakatsi zigun, eta ni, pertsonalki, markatu ninduen. Zer pena…

Ez dut jakin zer esan.

Irentsi behar izan ditut nire pentsamenduak, eta poliki egin dugu Maitek eta biok mediatekatik 03 gelarako bidea. Maite hizketan. Ni isilik gelditu naiz, eta adi.

Ezjakintasunetik miresmenerako 30 metroko bidaia motza bezain sakona.

Begira, Jon, zenbat gauza kabitzen den zu bezalako hutsune batean.

Etenik izan ez duen bidea

Etenik izan ez duen bidea

Edurne Elizondo

Puntako mendizalea izateaz gain, bazuen ardura eta jardun bat mendialdean ikusten zuen jendearen bizi baldintzen inguruan". Iñaki Otxoa de Olzaren anaia Pablo Otxoa de Olzak erran zituen hitz horiek, iaz, BERRIAn, mendizalearen heriotzaren hamargarren urteurrena bete zenean. Kirolari nafarra hil zenetik, haren familiak sortutako SOS Himalaia fundazioa ari da mendizale horrek bukatu ezin izan zuen lana egiten.

"Mendiak eman ziona hangoak lagunduz eskertu nahi izan zuen Iñakik". Horixe nabarmendu du fundazioko kide Elena Sagasetak. Hamargarren urteurrena ospatu berri du SOS Himalaiak, asteburuan Izaban egindako ekitaldi baten bidez. Bat egin duten mendizale eta herritar guztien babesa eskertu du Sagasetak, baina onartu du datak "zerbait mugitu" diola barruan. Izan ere, Otxoa de Olzak hasitako lana egiten ari da fundazioa, mendizalea Annapurna mendian (8.091 metro) gelditu baitzen azken espedizioan. "Gogorra da Iñaki gurekin ez dela onartzea".

Duela 11 urte zendu zen. Bost gau 7.400 metroan pasatu ondoren, 2008ko maiatzaren 23an hil zen. Horia Colibasanu mendizale errumaniarrak eman zion zoritxarreko albistea familiari. Colibasanu Otxoa de Olzarekin egon zen ia azken unera arte. Nafarrak garuneko lesio larria zuen, eta biriketako edema. Ueli Steck mendizalearen ondoan eman zuen azken hatsa; Steck igo zenean baino ez zuen laguna utzi nahi izan Colibasanuk. Suitzarrak emandako botikek piztu egin zuten mendizalea hasieran, baina ezin izan zion eutsi. Annapurna mendiaren hegoaldeko horman geratu zen iruindarraren hilotza, betiko.

Otxoa de Olzak hasitako bidean urratsak egiten jarraitu nahi izan dute haren senideek eta lagunek. "Guretzat handiegia den helburu bat zuen Iñakik: Himalaiak ukitzen dituen herrietan eskola bat, ospitale bat eta umezurztegi bat eraiki nahi zituen. Zendu zenean, asmo horiek betetzen ahalegindu behar genuela sentitu genuen, gure gaitasunaren arabera", azaldu du Sagasetak.

Hainbat eskolatara material informatikoa bidaltzea izan zen SOS Himalaia fundazioak emandako lehendabiziko pausoetako bat. Poliki baina sendo hasi nahi izan zuten bidea. Helburu horrekin, zenbait etxe zaharberritzen ere hasi ziren fundazioko kideak. 2015. urteko lurrikarak Nepal astindu zuen orduan, eta sortutako larrialdiari aurre egiten saiatu ziren Otxoa de Olzaren senideak eta lagunak.

Ospitalea prestatzen

Langtang izeneko eskualdea izan zen kalte gehien izan zutenetako bat, eta han aritu ziren, batez ere, SOS Himalaiako kideak lanean. 183 familiaren etxebizitzak berreraiki zituzten, eta hemezortzi eskola konpondu. "Lan hori bukatuta, fundazioak Nepalen duen koordinatzaileak bertze proiektu bat hasteko aukera proposatu zigun, eta lanari ekin genion", azaldu du Sagasetak.

Proiektua zen Seduwan herrian, Makaluren azpian, ospitale bat martxan jartzea. Gobernuz kanpoko erakunde batek hutsik utzitako eraikin bat bazen, eta erosi egin zuen SOS Himalaia fundazioak, egokitzeko eta ospitale bilakatzeko. "Hori da orain esku artean dugun proiektu nagusia", nabarmendu du Sagasetak.

Proiektu handia da, eta poliki-poliki ari dira urratsak egiten. Oraingoz, osasun etxe baten zerbitzua eskaintzen du eraikinak. "Ahal dugunean, asmoa da kardiologia unitate bat martxan jartzea, bai eta ebakuntza gela bat ere", erantsi du fundazioko kideak.

Ospitalearen ondoan dagoen eskolan ere bertze proiektu bat garatzeko asmoa dute SOS Himalaiako kideek. Hirurehun haur hartzen ditu eskolak, eta denentzako hamaiketakoa prestatzen hasiko dira. Gainera, eguerdian han gelditzen diren 30 haurrei bazkaria emanen diete. "Sukaldari bat kontratatu dugu zerbitzu hori eskaini ahal izateko". Herriko emakume bat ariko da, zehazki. "Bertako jendearen parte hartzea funtsezkoa izan da, hasieratik. Ospitaleko eraikina atontzeko lanetan hasieratik inplikatu dira".

Elena Sagasetak joan den martxoan ezagutu zuen fundazioa lanean ari den tokia. Lehendabiziko aldiz joan zen. "Iñakik arrazoia zuela konturatu naiz; Himalaiak harrapatu egiten zaitu".

Iritzia: Bagara nor

Iritzia: Bagara nor

Lur Albizu Etxetxipia

Gaur hasiko dira Euskal Herriko neska* gazteon topaketak. Lizarran elkartuko gara ehunka emakume* gazte, maratoi labur baten antza izanen duten 28 bat ordutan. Topaketak eta Lizarra bera topaleku, gune zentral, jakintza espazio, sorkuntza leku, bateragune bilakatuko dira.

Gaur, nondik gatozen ikusiko dugu eta ikasiko dugu. Non gaude feministak antolatuta? Zein herri, auzo eta eskualdetan? Zein dira egunerokotasunean ditugun korapiloak? Talde asko daude, eragile asko… herri bakoitzean talde feminista bat (edo gehiago) egotea eguneroko kontu bilakatu da, ohituta gaude dagoeneko horretara. Baina… norantz goaz? Zein eztabaida berri daude? Zein tresna behar ditugu mugimendu feminista indartzeko? Nola egin gazte perspektibatik?

Ez dago jakiterik gaur nor garen, atzo nor izan ginen jakin gabe. Nondik etorri ziren eztabaida haiek eta non piztu zen borroka hau. Zein olatu egon diren eta olatu horiek ea gorantz, beherantz eraman gaituzten eta zergatik. Zein izan dira mugimendu feministan izan diren eztabaida nagusiak? Zein izan dira borroka feminista esanguratsuenak? Nondik datoz jardunaldi feministak? Gazte topaketak noiz egin izan dira eta nola heldu diogu garai desberdinetan gazteek feminismoari? Mugimenduaren genealogiak ezagutuko ditugu.

Bihar ere galdera eta erantzun berriak sortu eta eraiki nahi ditugu. Zer da autodefentsa feminista? Zein tresna erabili izan dira eta erabiltzen ditugu orain? Taldeetan, nola lantzen dugu autodefentsa feministaren gaia? Festetan autodefentsak goia jo du? Non jarri nahi dugu bereziki arreta, zein esperientzia hartuko ditugu aintzat?

Lizarrak eztabaida anitzak jarriko ditu mahai gainean: feminismo dekolonialak duen rola eta hemen egin diezaiokegun ekarpena, marxismoaren eta feminismoaren arteko loturak eta hausturak zein izan diren, zein den borrokarako subjektua, nola lotzen diren borrokak, zein diren ditugun (eta beste batzuek esleitu dizkiguten) kontraesanak.

Feminismoak gauza asko dira. Ez bakarrak, ez monolitikoak, ez homogeneoak, ez borroka ildo bakarrekoak. Borroka egiteko moldeak ere hamaika dira. Horretan ere, beste hausnarketa eta zirkuitu proposatzen dira: zer da bollera izatea 2019an, Euskal Herrian? Nola borrokatzen gara landa eremuan? Nolako militantzia eskatzen dute herriek? Zein dira feminismo antiespezistaren oinarriak? Zein sorkuntza espazio nahi ditugu eta zein da guk geuk sortu nahi dugun iruditegia? Zer esanen dugu Jardunaldi Feministetan, gazte moduan? Ekintza zuzenaren inguruan zein lanketa ditugu? Bizitzak erdigunean jarri behar direla esaten dugun honetan, zein dira horretarako gako ekofeministak?

Asko izanen gara asteburu honetan, azaroan askoz gehiago izateko. Gazte gisa guk ere badugulako zer esan, zer egin eta zer partekatu. Badugu zer borrokatu.

Zein eder egonen den Lizarra, eta zer udazken goxoa datorkigun Euskal Herrira.