“Zalduan aurkitutakoak irauli egin du 50 urteko ikuspegia”

“Zalduan aurkitutakoak irauli egin du 50 urteko ikuspegia”

Edurne Elizondo

Aranzadi zientzia elkarteak Auritzen duen lantaldeko kide da Oihane Mendizabal (Donostia, 1992). Aurkitutako aztarnen garrantzia nabarmendu du ikerlariak.

Ari zarete puzzlea osatzen?

Bai, baina pieza asko falta da oraindik. Eraikin handia da; 600 metro koadro baino gehiago ditu, eta oraingoz espazioaren erdia aztertu dugu. Hiru urte daramagu aztarnategi hau induskatzen, eta, hasieratik, gure hipotesia zen hemen termak izan zirela. Baina ez genekien ziur hala izan zen, ateratzen zitzaizkigun elementuak ez zeudelako beren jatorrizko lekuan kokatuta. Aurten, azkenean, ura eta gelak berotzeko erabiliko zuten egitura bat aurkitu dugu, bere jatorrizko lekuan, eta horri esker baieztatu ahal izan dugu eraikinaren funtzioa.

Zuen hipotesia zuzena zela baieztatu duzue, beraz?

Bai, eta urrats garrantzitsua da hori. Argi genuen eraikin inportante bat zela, botere leku bat, aurkitzen genituen egiturek, teknikek eta materialek horixe erakusten baitzuten, baina ezin genuen ziurtatu. Eta ezin genuen zehaztu zer-nolako botere lekua izaten ahal zen. Orain, bai, esan dezakegu terma publikoak izango zirela.

Zer-nolako garrantzia zuen horrelako azpiegitura batek?

Erromatarren garaiko zenbait ohitura asko hedatu ziren inperioan, eta Erroman edo Italian edo inperioko beste lurralderen batean jaio ez arren, bertako biztanleak ere joan ziren pixkanaka erromatarren bizimodu horretan integratuz; ohituretako bat zen bainuetara joatea. Garbitzeko joaten ziren, garai hartan gorputzaren zaintzari garrantzi handia ematen baitzioten, bai eta besteekin harremanetan jartzeko ere. Espazio sozial bat ziren termak, bizitza sozialerako toki bat.

Kokapenak ere erakusten du eraikinak zuen garrantzia?

Bai. Geofisikari esker, badakigu herriguneak nondik norako espazioa hartzen zuen, gutxi gorabehera, eta termak izango ziren galtzada edo bide nagusiaren ertzean, eta, gainera, herriguneko erdigunean. Badakigu, beraz, leku garrantzitsu batean kokatuta zegoela.

Bertze aurkikuntza bat nabarmendu duzue aurtengo kanpainan. Zer da, zehazki?

Irudi antropomorfo bat. Aurkitu dugun terma erabiltzeari utzi zioten, noizbait. Aprobetxatzen ahal zen guztia eraman zuten handik, eta gainerakoa harriz eta hondakinez beteta gelditu zen. Arkeologoak halako toki batera ailegatzen garenean, lehen pausoa da aurkitzen ditugun hondakin horiek guztiak ateratzea, zehazteko hondakina non amaitzen den eta non hasten den eraikina. Harriak kentzen ari ginenean, konturatu ginen haietako batek grabatu bat zuela. Eskematikoki bada ere, pertsona baten irudikapena dago, eta, azpiko aldean, hiru letra idatzita. T bat eta E bat irakur daitezke, baina hirugarrena ez, harria hautsita dagoelako.

Hipotesirik baduzue?

Goiz da jakiteko. Ikertzen jarraitu behar dugu. Baina nabarmentzekoa da ez dela batere ohikoa erromatarren aztarnategietan horrelako materialak aurkitzea. Nafarroan, oso gutxi dira harrian grabatuta aurkitutako pertsonen irudiak, beraz, pista esanguratsu bat izan daiteke.

Ikertzen jarraitzeko gogoak gora egiten du aurkikuntzekin?

Bai, zalantzarik gabe. Urtez urte, puzzlea osatzen ari gara, baina oraindik ez dakigu puzzle horren ertzak non dauden. Ateratzen zaizkigun materialen arabera, ikerketa ildo berriak garatuz goaz.

Zein izan zen lehen pista Zalduako puzzlea osatzen hasteko?

Juan Mari Martinez Txoperena Aurizberriko herritar eta Aranzadiko kideak egindako aurkikuntzarekin hasi zen dena. Material erromatarrak aurkitu zituen soro batean; lehen indusketak hasi genituen, eta bilatzen hasi ginen ere hemengo ingurua zeharkatu zuen galtzada erromatarraren arrastoak. Orain badakigu Donibane Garazitik Zangoza ingururaino zein izan zen galtzada horren bidea, Martinez Txoperenak egindako lanari esker. 2012an egin zen Zalduan lehen indusketa, galtzadaren ondoko eremu horretan besteetan baino material gehiago ateratzen zelako. Orain badakigu arrazoia dela hor termak zeudela.

Nafarroako testuinguruan, zer garrantzi du Zalduako aztarnategiak?

Erromatar garaiari buruz asko ikertu da Nafarroan, baina, batez ere, Ebro ibaiaren inguruan, Iruñerrian, gehienbat lauak diren tokietan, eta nekazaritzak garrantzi handia izan zuen lekuetan; klima eta paisaia lehorrak dauden lekuetan, oro har. Pirinioetako eremua eta mendialdea beti bigarren mailan gelditu dira. Zalduako terma hau eta hemengo galtzada aurkitu izanak irauli egin du 50 urtez hemen zegoen ikuspegia. Duela hamar urte, ez zegoen ia ezer, eta orain herrigune bat eta galtzada bat ditugu. Garai hartako errealitatearen nondik norakoak ezagutzen ari gara, finean.

Erromatarren eragina, beraz, uste zena baino handiagoa izan zen?

Hori da. Beti izan dugu mito erromantiko hori, euskaldunok mendialdeko artzainak, independenteak izan zirela beti, eta etorri ziren beste herriek ez zituztela menperatu. Gaur egun ikusten dugunak bestelako errealitate bat erakusten digu, eta erromatarren eragina nabarmena izan zela.

Lanean segitzeko prest?

Bai, noski. Dirua ere behar da horretarako. Nafarroako Gobernuaren eta Aurizko Udalaren laguntza izan dugu orain arte. Herritarrek ere bat egin dute, eta aritu dira boluntario gisa. Eskertzekoa da inplikazio hori. Bestelako finantzaketa bideak ere bilatu nahi ditugu. Urtetik urtera antolatzen ditugu kanpainak.

Iritzia: Eskua altxatu zutenekoak

Iritzia: Eskua altxatu zutenekoak

Lohizune Amatria

Portugalen harrapatu nau zutabe hau idatzi beharrak. Portugalgo kostaldean zehatzago esanda, Peniche herrian. Herria penintsula txiki batean dago kokatuta, eta arroila ikaragarri politak daude zona honetan. Horiek ikusteko leku aproposarenaren bila, azkenean, herriaren sarreran dagoen aparkalekuan utzi dugu autoa. Herria ezagutzeko paseo bat eman, eta arroilaraino iritsiko ginela pentsatu dugu.

Ez da hala izan. Ez ditugu arroilak aurkitu; bai, ordea, askoz interesgarriagoa izan den eraikin zaharberritu bat: Penicheko gotorlekua. Antza, garai batean herria ez zen gaur egun dena, eta irlatxo bat zuen ondoan. Irla hori penintsulari lotuz joan zen denborarekin, eta gizakiak berehala aprobetxatu zuen hori hantxe eraikitzeko. Gaztelu bat izan zen lehenik, gobernadorearen etxea, 1836aren inguruan.

Lehenengo Mundu Gerraren garaian kartzela izan zen. Alemaniarrak eta austriarrak atxiki zituzten barruan. 1930az geroztik, 1974ra arte, Portugalgo Estatu Berria bitartean, Oliveira Salazar diktadoreak hasitako eta Marcello Caetanok jarraitutako agintaldi autoritarioan, segurtasun handiko espetxe politikoa izan da. Egun, ordea, erresistentzia antifaxistaren museo bilakatu dute.

Zer zen ongi jakin gabe sartu ginen gotorlekuan. Presoek familiakoekin hitz egin ahal izateko gelaxkak bisitatu ditugu. Baita sekretu izeneko bakartze zelda txikia ere. Antonio Dias Lourenço komunista eduki zuten han, esaterako, 1954an. Atean zulo txiki bat eginez alde egitea lortu zuen. Hogei metroko hormatik zintzilikatu zen, zapi batzuekin egindako soka bat baliatuta. Apurtu, eta itsasora jauzi zen. Arrantzale zenbaiten laguntzaz lortu zuen ihes egitea. 1960an, berriz, Penicheko ihesa gertatu zen. Hamar bat komunistak egin zuten ihes, tartean Portugalgo Alderdi Komunistako idazkari nagusiak.

Gertakariei buruz irakurtzen ari ginela, nahigabean Iruñea etorri zait gogora. Iruñea eta Ezkabako gotorlekua. Ihesa. Hildakoak. Fusilatuak. Elkarte eta senideengatik izan ez balitz, ezer gutxi jakingo genukeen gertatutakoaz.

Aitonaren anaia ere badut gogoan. Ezkaban eduki zuten. Galiziara eraman zuten ondoren. Camposancos kontzentrazio esparrutik idatzi zituen azken eskutitzak. Han ere izan naiz. Ez zen erreza izan eraikina aurkitzea. Ez dago plakarik, ez informaziorik. A Guardako biztanleei galdetu behar izan genien. Harritu egin ziren.

Landarediak jan egin du Jesuiten eskola izandako eraikina. 90eko hamarkadan egin zuten azken erreforma, baina kresalak nabarmenki kaltetu ditu hormak.

Krabelinen Iraultzaren ondotik askatu zuten Penicheko gotorlekua, 1974an. Sei urte geroago bilakatu zuten museo. 1945ean itxi zuten Ezkabakoa, eta frankismoa amaitu zela 44 urte dira. Itxita jarraitzen du.

Espainiako estatuak memoriarako baino, desmemoria elikatzeko ditu gordeak.

Lurra eta etorkizuna jokoan

Lurra eta etorkizuna jokoan

Edurne Elizondo

Asmo berak lotzen ditu Baztanen eta Zangoza aldean zutik jarri diren herritarrak: beren lurrak eta etorkizuna jokoan jar ditzaketen egitasmoen aurka altxatu dira. Zangoza aldean, Geoalcali enpresaren Muga proiektuak eragin du kezka, azken urteotan, eta kezka hori handitu egin da, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egitasmo horren ingurumen eraginaren aldeko adierazpena onartu eta gero. Baztanen, berriz, 2008an bazter utzitako proiektuari eutsi dio Magna etxeak, berriz ere Erdiz izeneko eremuan magnesita ustiatzeko meategia egiteko. Erdiz Bizirik plataformako kideak karrikara atera dira, jada, asmo hori salatzeko, eta "ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren alde" egiteko asmoz.

Erdiz Bizirik plataformako eledun Jon Elizetxek zalantzarik ez du, eta Magnaren egitasmoak baztandarren egungo gizarte eredua "puskatuko" lukeela nabarmendu du. Lekarozen egin nahi duten Aroztegia proiektua ere eredu horren aurkako "mehatxu bat" dela erantsi du, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.

Erdiz Bizirik plataformako kideak ez ditu ezustean harrapatu Magnak berriz ere mahai gainean jarri izanak Aldude mendiko inguru horretan meategia egiteko proiektua. "Ez genekien noiz eta nola emanen zuten pausoa, baina eginen zutela espero genuen". Baztandarren haserrea eragin du, halere, Magna enpresaren jokatzeko moduak. Izan ere, uda aukeratu du proiektuaren memoria aurkezteko, eta, gainera, Iruñean aurkeztu du.

Zehazki, hilaren 5ean aurkeztu zuen Magnak Erdizen meategia egiteko egitasmoaren inguruko bere memoria, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko erregistroan. "Enpresak bazuen memoria hori Baztanen aurkezteko aukera, baina, udala bazter utzita, Iruñera jo du; gainera, sanferminak hasi aurreko egunean egin du", salatu du Elizetxek.

Enpresak memoria hori aurkeztu eta gero, hilabete dago iradokizunak egiteko. Hurrengo urratsa litzateke proiektua aurkeztea. Oraingoz memorian jasotako informazioaren arabera, Elizetxek azaldu du proiektua aurretik aurkeztu zutenaren "hagitz antzekoa" dela. Aldaketa nagusia da sarbidea Artesiagatik izanen lukeela oraingoak.

Magnak 2003. urtean aurkeztu zuen Erdizen magnesita ustiatzeko egin nahi zuen proiektua, eta 2008an erabaki zuen hutsean uztea. Baztango herritarren mobilizazioek eragin zuten enpresak atzera egitea. Erdizko asmoak porrot egin eta gero, Zilbetiko Antzeri pagadian saiatu zen enpresa meategia eraikitzen, baina han ere, herritar anitzen protestekin egin zuen topo. Auzitara jo zuten herritar horiek, eta lortu zuten proiektua bazter uztea. Izan ere, babes bereziko eremua da Aldude mendia; bertzeak bertze, okil gibelnabarraren etxe delako. Erdiz ere Aldude mendian dago, eta, ondorioz, Zilbetiko auziko sententzia Magnaren asmoen aurka egiteko "tresna garrantzitsua" izan daitekeela erran du plataformako kide Jon Elizetxek.

Helduleku horri eusteko prest dira Erdiz Bizirik taldeko kideak. Enpresak ere bereak badituela zalantzarik ez dute, halere. Nagusia, Nafarroako Gobernuaren babesa. "Zilbetiko proiektuaren aurkako sententzia atera zenean, Manu Aierdi enpresako arduradunengana joan zen erratera ahal zutena eginen zutela. Aierdi tartean izanda, gauza onik ez da izanen Baztanentzat", salatu du Elizetxek. Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariordeak Aroztegiaren aldeko jarrera ere hartu du, argi eta garbi. "Herritarren erabakitzeko ahalmenak ez du inporta haientzat; prest daude interes pribatuak defendatzeko", erantsi du.

Udalez gaindiko plana

Gobernuak proiektuari ematen ahal dion babesa ez da Erdiz Bizirik plataformako kideen kezka pizten duen auzi bakarra. Une honetan, mehatxu nagusia da, haien ustez, proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko aukera. Kontua da Esteribar eta Baztan arteko muga aldatu dutela berriki. "Enpresak dio proiektuak Baztango zati txiki bati baino ez diola eragiten; gezurra da hori, ordea. Sarbidea Baztanen legoke, Baztango herri lurrei eraginen lieke, eta, Esteribarren egonagatik ere, Baztango ondare lurrak dira proiektuak ukitzen dituen bertze hainbat".

Magnaren asmoen aurka egiteko konpromisoa berretsi du Erdiz Bizirik plataformak, eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak, berandu baino lehen. Zangoza aldean egin nahi duten Muga proiektuaren aurkako plataformako kideak ere borrokan jarraitzeko prest dira.

"Kezkagarritzat" jo du taldeko kide Fermin Riezuk egoera, hain zuzen ere. Geoalcalik ekainean ezagutarazi zuen bere egitasmoak ingurumen eraginaren aldeko adierazpena jaso zuela. Horrek erran nahi du Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak oniritzia eman diola proiektuari, eta aurrera jarraitzen duela. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea.

"Arrisku geologikoak"

Ingurumen eraginaren adierazpena jaso eta gero, proiektuak ukitzen dituen udaletako obrak egiteko baimena eskuratu beharko luke enpresak, eta meategia ustiatzeko baimena lortzea litzateke azken urratsa.

"Hori ingurumen adierazpena lortzea baino zailagoa izanen da", erran du Riezuk. Onartu du, halere, prozedura ez dagoela argi. "Egitasmoak Nafarroa eta Aragoi ukitzen dituenez, gerta daiteke erkidego horietako gobernuen baimena behar izatea lehendabizi, eta Espainiako Industria Ministerioarena bigarrenik", azaldu du Muga proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Riezuk uste du Industria Ministerioko agintarien esku utzi nahi izan duela azken ardura Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, egitasmoari oniritzia emanez. Izan ere, aldeko adierazpena onartu arren, erakunde horrek ohartarazi du meategiak "arrisku geologikoak" izan ditzakeela.

"Lur azpiko galeriak egin nahi dituzte; Esako urtegiko presatik hagitz gertu egonen lirateke galeria horietako hainbat; Ebroko Ur Konfederazioak berak ohartarazi du meategiak urtegian izan dezakeen eraginaz, txosten batean", erran du Riezuk.

Erreniegan aspalditik dakite potasa ustiatzeko meategi batek zer-nolako eragina izan dezakeen inguruan. Erreniegako meategia duela 30 urte itxi zuten, baina jarduera horren ondorioak pairatzen dituzte, oraindik ere, inguruko herrietan. "Zuloak agertu dira, azken garaian, Undion eta Espartzan, bertzeak bertze", salatu du plataformako bozeramaileak.

Gertatzen ari dena kontuan har dezatela eskatu die Riezuk Geoalcali enpresako arduradunei, bai eta Nafarroako Gobernuko agintariei ere. "Egindako hutsek balio behar dute gaizki egindakoak berriz ez egiteko. Herritarron segurtasuna dago jokoan, eta enpresaren helburu bakarra espekulazioa da", nabarmendu du Riezuk.

Geoalcali enpresak enplegua baliatu du, batez ere, bere proiektuaren berri zabaltzeko. "Zortziehun lanpostu sortuko dituztela esaten dute behin eta berriz; baina proiektuan ez da zehazten lanpostu horiek zeintzuk diren", erran du Riezuk. Edozein modutan, herritarren segurtasuna lehentasuntzat jo du, eta herritarrek "etorkizuna galtzeko" dutela gaineratu du. "Proiektuak gure lurraldea kondenatuko luke", berretsi du.

Uda, ikasten jarraitzeko

Uda, ikasten jarraitzeko

Edurne Elizondo

Errektore berria aukeratu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) aurreko ikasturtearen azken txanpan; hurrengoarekin batera, berriz, Medikuntzako gradua jarriko du erakunde horrek martxan, Espainiako Gobernuaren oniritzia jaso eta gero.

Erritmo bizikoak izan dira azken hilabeteok NUPen, eta, udan ere, lanak ez du behera egin. Ekainean jarri zituen martxan udako bere ikastaroak, baina, oraindik ere, bada zer aukeratu: astelehenetik aurrera, eta urrira bitarte, hamaika ikastaro eginen dituzte (www.unavarra.es).

DRONEAK EGITEN, ERABILTZEN
ETA KONPONTZEN IKASI

Hamasei urte baino gehiagoko herritarrek parte hartu ahal izanen dute, astelehenetik aurrera, NUPek droneak egiten, erabiltzen eta konpontzen irakasteko antolatu duen ikastaroan. Helburu nagusia da droneen ustezko teknologia konplexua era ulergarri batean azaltzea, eta droneak egiteko eta erabiltzeko aukera ia edonoren esku jartzea.

Aisialdirako tresna gisa jorratuko dituzte. Gailu horien garapenari buruzko zertzeladak landuko dituzte, halere, azken hiru urteotan bereziki droneen inguruko teknologiak anitz egin baitu aurrera. Erabilerak eta motak askotarikoak dira, eta horien berri ematea da NUPen xedea. NUPeko Ingeniaritza Departamentuko irakasle Andres Abrego Arlegik zuzenduko du ikastaroa. Astelehenean hasi, eta abuztuaren 2an amaituko da, NUPen.

ADIMEN EMOZIONALA ETA
ESTRESAREN KUDEATZEA

Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko irakasle Ines Gabarik zuzenduko du adimen emozionalari eta estresa kudeatzeko tresnei buruzko NUPeko ikastaroa. Astelehenetik ostegunera eginen dute, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Asmoa da adimen emozionalaren inguruko informazioa eta, batez ere, baliabideak lantzea. Pertsona anitzek zailtasunak dituzte beren emozioak eta estresa kudeatzeko; bertzeak bertze, nola egin irakatsi ez dietelako. Ikastaroaren helburua da oinarrizko edukiak jorratzea, emozioen arloko bizipenak kudeatzen ikasteko.

GIZARTE IRAUNKORRA ETA
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Galdera nagusi bat erantzuten saiatuko da NUPeko Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Komunikazioko Ingeniaritza Departamentuak antolatutako ikastaroa: lor dezakegu gizarte iraunkor bat? Hori egiteko, bi ardatz nagusi jarriko ditu Alberto Berruetak zuzendutako saioak erdigunean: batetik, egungo energia kontsumoa aztertuko dute; eta, bertzetik, kontsumo hori murrizteko ideiak gauzatzeko tailerrak eginen dituzte.

Energia berriztagarrien esparruan sakontzeko asmoz, eguzki energiaren inguruko tailer bat eta hiriko mugikortasun iraunkorrari buruzko bertze bat eginen dute, zehazki. Astelehenetik ostegunera eginen dute ikastaroa, Kondestablearen jauregian.

MONTESSORI PEDAGOGIA
3 URTETIK 6 URTERA

Ines Gabarik bigarren ikastaro bat zuzenduko du, abuztuaren 5etik 9ra, NUPen: Montessori pedagogiari buruzkoa izanen da bigarren hori. Zehazki, hiru eta sei urte bitarteko hezkuntza landuko du ikastaroan, eta erdigunean jarriko ditu irakurtzeko eta idazteko gaitasunak garatzeko tresnak.

Pedagogia aktiboaren inguruko interesa duen edonorentzat da ikastaroa, baina, bereziki, irakasleak, hezitzaileak, hezkuntzaren arloko ikasleak eta gurasoak hartu nahi ditu.

MUSIKA, GENEAK ETA
IZARRAK: TXIKITIK HANDIRA

Musika, geneak eta izarrak uztartuko dituen ikastaroak abuztuko Pertseidak hartuko ditu ardatz gisa, eta, aitzakia hori baliatuz, astronomiaren eta medikuntzaren inguruan ariko dira parte hartzaileak, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Departamentuko katedradun Humberto Bustinzeren zuzendaritzapean.

Bereziki, genomika eta onkologia jorratuko dituzte, bai eta arlo horiek astronomiarekin lotzen dituzten datuak tratatzeko teknikak ere. Uxuen eginen dute ikastaroa, abuztuaren 11n eta 12an. Astronavarra elkarteak antolatuta, zeruari so egiteko saio bat eginen dute 12an.

ARTEA, KLIMA ALDAKETA
ETA BERTZE

Urria bitarte, bertze hainbat ikastaro eginen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Klima aldaketari buruz ariko da, adibidez, irailean eginen duten bat. Zehazki, Nafarroako egoera eta herrialdean dauden erronkak aztertuko dituzte, irailaren 9tik 11ra.

Irailaren 26tik urriaren 30era, berriz, kultur ondarea jarriko du erdigunean NUPek eginen duen ikastaroak. Obren zaharberritzea jorratuko dute; zehazki, zenbait pieza hondatu dituzten esku hartzeen inguruko gogoeta egiteko asmoz.

“Beti izaten dira une magikoak; naturan bi eta bi ez baitira lau”

“Beti izaten dira une magikoak; naturan bi eta bi ez baitira lau”

Edurne Elizondo

Afizioa ofizio bilakatu du Gabi Berasategik (Iruñea, 1978). Biologia ikasi, eta Ornitolan etxea sortu zuen, ikasketak amaituta. Gobernuarentzat ari da, hamargarrenez, Lindus 2 proiektuan, LPO eta SEO Birdlife elkarteekin eta Aurizko Udalarekin batera. Migrazioari so egitea dute xede.

Hegaztiei behatzeko prest?

Bai. Lanean hasi gara jada. Hilaren 15ean hasi ginen, eta azaroaren 15era arte egonen gara Lindusen. Aurtengoa hamargarren kanpaina izanen da. 2009. urtean proba bat egin genuen, garairik egokiena zehazteko, eta 2010ean ekin genion lanari.

Zergatik aukeratu zenuten Lindus?

Ornitologoentzat beti izan da gustuko toki bat; aspalditik joan izan da jendea tontor horretara. Ehizara ere bai. Duela hainbat mende, sareekin harrapatzen zituzten pagausoak Lindusen. Hegaztientzako pasabide ona delako aukeratu zuten. Lepo egokiak dira, eta aukera dago hegaztiak eta bertze hainbat animalia gertutik ikusteko: burruntziak eta saguzarrak, besteak beste.

Espezie anitzentzako pasabidea da Linduskoa?

Hamar urteotan, 1,5 milioi hegazti inguru zenbatu ditugu, 80 espezietakoak. Toki aproposa da hegaztiekin disfrutatzeko. Penintsulan ikus ditzakegun fenomeno natural itzeletako bat da hegaztien migrazioarena.

Espezie bakoitzak badu bere garaia Lindusetik pasatzeko?

Bai. Orain, adibidez, sorbeltzak eta miru beltzak ari dira pasatzen, batez ere. Gero, abuztuaren bukaeran, zapelatz liztorjaleak hasiko dira pasatzen. Giro epelagoa eta zer jan bilatzen dute hegaztiek. Egun bakar batean, bi mila edo hiru mila harrapari ikus daitezke Lindusen. Oso ikuskizun polita da, toki gutxitan ikus daitekeena Pirinioetan.

Kanpotik ere etortzen da jendea hegaztiei behatzera. Euskal Herrian bada zaletasuna?

Gero eta gehiago, zalantzarik gabe. Uste dut gero eta ardura handiagoa dugula ingurumenarekiko. Klima aldaketak ere kezkatzen gaitu, eta ardura horrek hurbildu gaitu naturara, nik uste. Hemen, gainera, beti izan gara mendizaleak; gustuko izan dugu mendira joatea. Auritzen ere sumatzen da mugimendua gure jardueraren inguruan. Ekoturismoari bultzada eman dio ornitologiak, eta boluntario lanetan ere aritzen da jende asko.

Nolakoa da egiten duzuen lana?

Egunsentian hasi, eta ilunabarrera arte egoten gara Lindusen, zeruari begira. Hamalau orduko lanaldiak dira oraingoak, eguna oso luzea baita. Gogorra izaten da. 06:30 aldera hasi, eta 22:00 arte egon gaitezke, eguraldia ona bada eta lainorik ez badugu. Hamar-hamabi pertsonako taldea osatu dugu, eta boluntarioen laguntza ere badugu.

Eskertzen dituzue bisitak?

Bai, noski. Ordu asko ematen dugu mendian, eta eskertzen dugu jendearekin egotea. Gure asmoa, gainera, hori da: migrazioari buruzko informazioa ematea etortzen den jendeari, gure ezagutza zabaltzea. Gerta daiteke, noski, Lindusera etorri eta deus ez ikustea, behe lainoa sartu delako. Egun bakar batean urtaro guztiak izan ditzakezu Lindusen. Komeni da eguraldiaren berri jasotzea. Hego haizea dagoenean, adibidez, hegaztiak hurbil ikusteko aukera dago, haizearen kontra hegan egiten dutenean behera jotzeko joera baitute. Ikuskizun ederra da.

Zuek, halere, lanean ari zarete. Zer-nolako informazioa jasotzen duzue, zehazki?

Dena da garrantzitsua: zer espezie, zer egunetan, zer ordutan, zer-nolako baldintzekin pasatu den... Hegaztiak ornodunak dira, eta oso erabilgarriak ekosistemetan gertatzen diren aldaketen berri jasotzeko. Inguruak ematen dienari lotuta daude, eta, aldaketek, noski, eragiten diete. Aldaketa horiei ematen dizkieten erantzunak aztertzen ditugu. Gure jarduera ekonomikoa aldatzen ari da animalion eta beste askoren ekosistema.

Klima aldaketaren eragina sumatu duzue hamar urteotan?

Gertatu da, adibidez, hainbat hegaztik aurreratu edo atzeratu egin dutela beren bidaiaren hasiera. Ikusi dugu, halaber, habia lurrean egiten duten espezieen egoerak okerrera egin duela, basoak itxi egin direlako. Bestalde, behera egin du Lindusetik pasatzen diren mirotz urdinen kopuruak, eta, gora, berriz, kurriloenak edo zikoina beltzenak. Hemen inportanteena da hamar urtez metodologia berarekin eta garai berean aritu garela lanean, eta, ondorioz, lan horri esker jasotako datuak oso baliagarriak dira zientziaren ikuspuntutik. Aukera emanen digute ikusteko zein den aldaketa horien joera.

Zientziaren ikuspuntutik, hamar urte nahikoak dira ondorioak mahai gainean jartzeko?

Hogei edo hogeita bost urte behar izaten dira halako lan batek ematen dituen datuak oso esanguratsutzat hartzeko. Adibidez, gerta liteke urte zehatz batean udaberri oso euritsua izatea, eta hegazti jakin baten populazioak behera egitea hiruzpalau urtez, baina bosgarrenean berriz ere gora egitea. Hamar urteko epean hainbat gauza ikus ditzakegu, baina denbora gehiago behar da. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, duela ehun urte hasi ziren halako ikerketak egiten; Europako hainbat herritan ere, duela berrogei edo berrogeita hamar urte. Hemen beranduago hasi gara, baina tresna baliagarri bat dugu, eta emanen dizkigu datuak.

Hamar urte egin dituzu Lindusen lanean; lehenago hasi zinen, halere, hegaztiei behatzen, ezta?

Txikitan sortu zitzaidan niri zaletasuna. Lumak jasotzen nituen, adibidez. Hamahiru urterekin, lehen aldiz joan nintzen Lindusera, lagun batekin. 1991. urtean izan zen, eta behe laino izugarria izan genuen. Hurrengo asteburuan, Organbidexkara mugitu ginen, eta oroitzen naiz azaldu zigutela migrazioaren fenomenoa, eta interesa piztu zitzaidan. Biologia ikasi nuen, eta, ikasketak amaituta, Ornitolan jarri nuen martxan. Beti naturan.

Lindusek badu oraindik zu harritzeko gaitasuna?

Bai. Urte oro bada zerbait, urte oro gertatzen da zerbait berezia; beti izaten dira une magikoak. Naturan bi eta bi ez baitira inoiz lau. Duela bi urte, adibidez, Luzaide lainoak hartuta zegoen, baina, bat-batean, miru beltzak hasi ziren ateratzen lainotik, eta nire aurretik pasatu ziren, milaka. Niretzat bakarrik.

Une magiko horietako bat?

Bai. 2013. urtean ere, goiz batean, 25.000 kurrilo pasatu ziren Lindus gainetik. Zoragarria izan zen. Isilik ginen denak, eta, bat-batean, kurriloen hotsak hartu gintuen. Hori magikoa da, telebistako dokumental bat zuzenean ikustea.

Iritzia: Turistok

Iritzia: Turistok

Saioa Alkaiza

Astebete daramat hondartzan (baina Euskal Herrian), eta zutabe hau argitaratzerako, Pirinioetan egonen naiz, mendian. Euskaldun onaren bidaiak. Hegazkinik ez, bidaia luzerik ez, kutsadura gutxi eta kontsumo juxtua. Kontzientzia garbiketa zuria, neronen pribilegioak bezainbeste.

Baina oporrak, ai, oporrak, kapitalismoaren troiako zaldi morenotua, etnozentrismoaren zilbor-heste basa, errutinaren blody mary pozoitua; inork ez dizue ukorik egin nahi, ezta nik ere: izan Hego Amerikan, motxila, gitarra, malabare, Las venas abiertas de América latina eta guzti, izan kanpin dendan, musika jaialdi, kanpin gas herdoildu eta musika taldeetako kamisetekin edota mendiko botekin, izan Nuevo Mexikoko resortean, bikini zuri eta lastozko txapela, izan furgoneteo guayan, hondartzara begira lo egin eta bertako dutxak aprobetxatuz, zein Torrevellako lagunaren lagunaren pisu turistikoan, zure burua baino handiagoak diren flotagailuekin. Hortxe goaz denok, zuen bila.

Egiatan gureak ez diren bizitza horien irudikapenak dira oporrak, oasi kontsumistak: oro har, erosiko ez genituzkeen gutiziak erosteko unea, jantziko ez genituzkeen jantziak janztekoa, eginen ez genituzkeen horiek egitekoa. Edota monotoniak ukatzen dizkigunak martxan jartzeko momentuak: parapentea egin, ia inoiz egiten ez duzun txangoa prestatu, bizikletaz gurutzatu herrialde erdia... "Gozatu, ikusi, deskonektatu". Turiston mantrak.

Zeren eta, zeinek bidaiatzen du(gu)? Zeintzuok eta zeinengana? Zertarako? Urrutira goaz, gu, bidaiari dirudunok, antropologiak erabilpenaren erabilpenaz urratu duen Bestearengana goaz. Besteak: gu ez garen horiek. Haiek, exotikoak diren horiek, gehienez ere, "natibo jatorrak" deituko ditugunak, harat-honako tratuan bost euroko mozkina lortu badugu. Bestela, eta gure nahiei izkin eginez gero, lehortzat izendatuko ditugunak.

Eta, horren urrutira ez bagoaz ere, ez diogu utziko turista izateari, gurean tokatuta Go home-ka agurtuko genituzkeenak gara, airbnb-ren eraginez kostako etxeen prezioa sanferminetako terrazen pare jartzen dugunak. Herri batzuk udatiarrez bete eta biziz husten ditugunak gara. Bai eta motxilero alternatiboenak garenean ere.

Paradisuaren paradoxa izendatu zuen Pamela Nowicka idazleak, Vacaciones en el paraiso, turismo y desarrollo liburuan; paradisuaren paradoxa, joaten direnentzako toki idiliko bilakatzen den hori bertakoentzako ez-bizigarri bihurtzen baita aldi berean.

Marc Augé antropologoak "turismoaren kaleidoskopio ilusorioa" utzi eta aniztasunaz gozatu behar zela zioen, ahal dela, gertuko tokietara joanez, eta bidaia agentziek produktu-helmuga bilakatu dituzten tokietatik urrunduz. Batek daki.

Zutabe hau bera ere, autoparodia ilusorio bat baino ez da izan, autokonplazentzia ariketa bat. Motxila egitera noa.

Hazia, berriz loratzeko prest

Hazia, berriz loratzeko prest

Edurne Elizondo
Hazi emankorra: halakoxea da Bortzirietako emakumeen memoriaren baratzean duela urtebete ereindakoa. Eskualdeko andreen historia jasotzea eta zabaltzea hartu zuten helburu bultzatzaileek, eta horretan aritu dira azken hamabi hilabeteota...

Antzerkizale ororen ezinbesteko topagunea

Antzerkizale ororen ezinbesteko topagunea

Ane Eslava

Antzerkia maite dutenek galdu ezineko ekitaldia dute urtero Nafarroan, uztailaren amaiera eta abuztuaren hasiera bitartean: Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia. Hamabost egunez, historiako antzerkigile entzutetsuenen lanak eramaten dituzte herri horretako jauregiaren ingurura, eta herria kulturaren hiriburu bilakatzen da. Gaur hasiko da jaialdia, hogeigarren aldiz, eta abuztuaren 3ra arte hamaika ikuskizun eskainiko dituzte aire zabalean. Gaur, Compañia Ferroviaria taldeak Sofoclesen Antigona antzezlana interpretatuko du, Cava espazioan. Hor egongo da agertoki nagusia, baina, toki horretan ez ezik, jauregian eta herriko zenbait plazatan ere egingo dituzte ikuskizunak.

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatu dute ekitaldia, eta egitarau zabala prestatu dute. Aurreko urteetan, asteburuetan antolatu izan dituzte jarduera guztiak, baina, aurten, asteazken eta ostegun batzuetan ere egongo dira emanaldiak; zehazki, hilaren 25ean, 26an eta 31n. Bestalde, aurten Europako eta Latinoamerikako zenbait autore eta talderen obrak egongo dira, eta Portugal izango da jaialdiko gonbidatu berezia.

Luis Jimenez zuzendariak jaialdiaren aurkezpenean azaldu zuen moduan, aurtengo helburua da "jaialdiaren orientazio berria tinkatzea". Izan ere, orain dela hiru urte, erabaki zuten antzezlan klasikoei autore garaikideen eta nazioarteko egileen lanak eranstea, festibalaren "nortasuna aberasteko" helburuz, eta antolatzaileek bide horretatik jarraitzeko asmoa dute. Ondorioz, aurtengo egitaraua helburu horri erantzuten dioten "erreferentzia sozial, politiko eta kulturalen berrespena" izango da, zuzendariaren esanetan.

"Inoiz ez dut sentitu antzerkia denbora-pasa ekintza baten gisan", adierazi du Jimenezek aurkezpen testuan; "Antzerkia ikusten dut, Garcia Lorcari adierazpen eginez, tresna espiritual eta hezitzaile baten moduan, hezten eta geure nortasuna indartzen laguntzen gaituena". Jimenezek 2017an hartu zuen jaialdiaren zuzendaritza, eta hasieratik bihurtu nahi izan du Erriberri "arte eszenikoen zentro estrategiko bat". Alde horretatik, aurten, dantza emanaldi batzuk ere eskainiko dituzte, apustu hori sendotzeko.

Iazko jaialdiak 98ko Belaunaldira gerturatu zituen ikus-entzuleak, Ramon Maria del Valle Inclanen lanaren bitartez; aurtengoa, berriz, 27ko Belaunaldiko poetikari begira jarriko da, Federico Garcia Lorcaren bitartez. Poeta eta antzerkigile horrek toki berezia izango du gaurtik aurrera taularatuko dituzten antzezlanetan. Histrion antzerki taldeak, kasurako, Lorca, la correspondencia personal antzezlana eramango du jaialdira; Juan Carlos Rubio zuzendari andaluziarrak sortu du, Lorcaren gutunetan, hitzaldietan eta idazkietan oinarrituta. Pep Tosar balearrak, berriz, poeta horren bizitzan oinarrituta ondu duen Federico Garcia antzezlana eramango du Erriberrira.

Bihar, Atalaya taldeak Rey Lear lana eskainiko du, Cavako oholtzan, eta, igandean, berriz, Sara Cano dantza konpainiak Vengo ikuskizuna estreinatuko du han. Datorren astean, Nafarroako bi taldek erakutsiko dituzte beren lanak agertoki nagusian: Producciones maestras-ek, Loco desatino, eta R.M. Managementek, berriz, Margaritas de Margarita. Mujer y Renacimiento.

Antzeztoki horretaz gain, aurten, formatu txikiko ikuskizunetarako beste espazio batzuk egongo dira. Karpa batean taularatuko dituzte Fernando Renjifok zuzendu duen Bernard-Marie Koltesen La noche justo antes de los bosques, bai eta Vaiven Producciones taldearen El último tren a Treblinka ere. Jauregian, bestetik, Viridiana zentroaren Amor oscuro eta Bagoa Producciones-en Calígula debe morir obrak ikusi ahal izango dira. Azkenik, Santa Mariako elizpera eramango dute Mexikoko Efe Tres Teatro taldearen Merolico-Entremeses bululuados lana, eta jauregian emango dute Kukai Dantza konpainiaren Erritu dantza ikuskizuna.

Hitzaldiak eta zikloak

Dena ez dira ikuskizunak izango, halere. Batetik, David Rodriguez Massachussetseko Unibertsitateko irakasleak La tradición del teatro itinerante en las dos orillas: del Siglo de Oro a Lorca y Vasconcelos mintzaldia emango du, uztailaren 2an, kultur etxean. Bestetik, uztailaren 28an topaketa bat egingo dute Alfredo Sanzol antzerkigile iruindarrarekin, eta ikusleek aukera izango dute jakiteko nola sortu duen heldu den igandean jaialdian aurkeztuko duen La valentía antzezlana, eta zer beste proiektutan ari den lanean. Horretaz gain, hiru egunez Antzerki Poetika zikloa egingo dute, jauregian, horretarako hautatu dituzten lau talde nafarrekin.

Urtero gonbidatu berezi bat izaten da jaialdian, eta, aurten, herrialde bat da: Portugal. Lisboako Zine eta Antzerki Goi Mailako Eskolak eta Companhia do Chapito taldeak ordezkatuko dute herrialdea. Bigarren horrek, Electra antzezlanaren bertsioa aurkeztu, eta ikastaro bat emango du.