Mendian gozatzen jarraitzeko

Mendian gozatzen jarraitzeko

Edurne Elizondo

Zauria sendatzen jarraitzeko bi urtean behin egiten duten bisita: horixe da Berako Agerra mendi taldeak eta Manttalek Taillon mendira igotzeko antolatzen duten txangoa. 2017an egin zuten azkenekoz, eta bihar itzuliko dira berriz: mendiaz gozatzeko, eta Pirinioetako txoko horretan hildako eskualdeko mendizaleak gogoratzeko. "Ipar paretaren ondotik pasatzen garenean, goiti begiratzen dugu, eta imajinatzen dugu non ibiliko ziren. Momentu hunkigarriak dira, baina aurrera jarraitu, eta txangoa besta bilakatzen da; hori da gure helburua".

Iñaki Pikabearenak dira hitzak. 2007. urtean hil zen haren anaia Luis Mari Pikabea Loro mendizale beratarra, Taillon mendiko ipar paretan. Harekin batera zendu ziren, istripu berean, Xabier Zubieta beratarra eta Xabier Saralegi lesakarra ere. Handik lau hilabetera igo zen Iñaki Pikabea, lehendabizikoz, Taillonera. Tokia ezagutu nahi zuen. Mendira itzuli, mendian gozatzen jarraitu ahal izateko. Anaiak egiten zuen bezala.

2007ko urtarrilaren 13an zendu ziren 33 urteko Pikabea eta Zubieta, eta 32 urteko Saralegi. Astebete lehenago, Lesakako bertze mendizale baten erreskate lanetan aritu ziren hirurak: 29 urteko Unai Etxepare Anayet mendian (Huesca, Espainia) hil zen, erorita, 2007ko urtarrilaren 6an. Astebetera, hilaren 13an, 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten istripua Zubieta eta Pikabea lehengusuek eta Saralegik, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), mendi horretako iparraldeko horma eskalatzen ari zirela.

Edurne Pasabanekin eta Asier Izagirrerekin ziren Bortzirietako mendizaleak, Taillonen, istripua gertatu zenean. "Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat aukeratu beharko banu, horixe izango zen. Himalaian hainbeste ibili, eta etxe ondoan gertatu zait istripurik larriena, Pirinioetan", nabarmendu zuen Pasabanek 2017an, ezbeharra gertatu eta hamar urtera.

Ehun pertsona inguru

Mendiak eman, eta hartu ere egiten du. Baina Iñaki Pikabeak argi du istripuak "nonahi" gerta daitezkeela. Horregatik, 2007an Taillonen gertatutakoak ez du ekarri zendutako mendizaleen lagunek eta senideek mendia uztea. Bortzirietan beti izan da zaletasuna, eta grina horri bidea eman nahi izan diote Agerra mendi taldeak eta Manttalek, bi urtean behin antolatzen duten txangoaren bitartez.

2009. urtean egin zuten irteera lehendabiziko aldiz. Gero eta jende gehiagok parte hartu izan du. Biharkoan, 80-100 pertsona inguruk bat egitea espero dute antolatzaileek, hain zuzen ere. "Autobusa antolatzen dugu guk, baina bada autoz joaten den jendea ere", azaldu du Iñaki Pikabeak. Autobusez joanen direnak 05:30ean aterako dira Beratik, Iamotenea aurreko aparkalekutik, zehazki. Hamabost euroren truke, bidaia eta bazkaria ordaintzen dute mendizaleek. 21:00-22:00 aldera itzuliko dira denak herrira.

Pirinioetan, bi ibilbide prestatu dituzte Agerra mendi taldeko eta Manttaleko kideek, mendizale guztien neurrira. Batetik, lau ordu inguruko txangoa egiteko aukera izanen da, Gavarnietik Bujarueloko lepora. 600 metrokoa da bide horretako desnibela. Bertzetik, denera sei ordu iraunen duen bertze bideak Taillon mendiko tontorrera eramanen ditu mendizaleak. 1.200 metrokoa da desnibela bigarren ibilbide horretan.

Bujarueloko lepoan eginen dute bat mendizale guztiek. Zubieta, Pikabea eta Saralegi gogoratzeko monolitoa dago han, eta haren aurrean omenduko dituzte. "Gauza xume bat eginen dugu; familia argazkia atera eta kito. Natur parke bat da, eta gu ere ez gara ekitaldi handien zale", erran du Iñaki Pikabeak. Gero, Gavarnie herriaren ondoan bazkalduko dute.

Beratarrak berretsi du egunak mendiaz gozatzeko aukera eman nahi diela herritarrei. "Polita da, beti baitago lehen aldiz joaten den norbait; bakarrik joateko beldurrez direnak gustura joaten dira talde handi baten arrimuan", nabarmendu du Pikabeak. "3.000ko erraza da Taillon, baina jakin behar duzu pixka bat ibiltzen, eta errazagoa da jende artean".

Taillonen zendutako hiru mendizaleen "herentzia" da, nolabait erranda, bi urtean behin Beratik Pirinioetako txoko horretara antolatzen duten txangoa. Horixe erran du Pikabeak. Lehenagotik ere bazuten zaletasuna etxean. "Ni ibili izan naiz, eta Patxi anaia ni baino gehiago; baina zaletasuna beti izan dugu: lagun arteko zaletasuna izan da mendia guretzat".

Luis Mari izan zen mendian bide sendoena egin zuena, halere, Pikabeatarren artean. Zubieta eta Saralegi bezala, mendizale zaildua zen alpinismoan, eskaladan, bai eta mendiko eskian ere. Pirinioetan eta Alpeetan trebatu ziren hirurak. Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Andeetako mendiak ere ezagunak zituen: 1997an, Peruko Mendikate Zurian izan zen, Zubieta lehengusuarekin batera.

Himalaiarako jauzia izan zuten hurrengo urratsa, eta, 1999an, Gasherbrum II (8.035 metro) igo zuten bi lehengusuek. Sisha Pangma igotzen saiatu zen Pikabea, 2006an. Edurne Pasabanekin aritu zen urte hartan. Bortzirietako mendizaleak hil zirenean, hain zuzen, hamalau 8.000koak amaitzeko proiektua hasten ari zen mendizale tolosarra. "Nire taldean ziren; istripua gertatu izan ez balitz, nirekin izango ziren", erran izan du Pasabanek.

Elkar babestu

Asmoak eta proiektuak bertan behera gelditu ziren 2007ko urtarrilaren 13an, Taillon mendiak Zubieta, Pikabea eta Saralegi hartu zituenean. Zazpi eguneko tartean lau herritar galdu zituzten Bortziriek Pirinioetan, eta doluak hartu zuen eskualdea. Zendutako mendizaleen familiak eta lagunak izan dira, halere, egoerari aurre egiteko indar handiena erakutsi dutenak, eta mendiaz gozatuz eta mendia maitatuz egin dute hori. "Argi genuen etxean geldituz ez genuela deus konponduko. Bakoitzak ahal duena egiten du. Guk elkarri eman diogu babesa; elkarrekin egin dugu aurrera", erran du Iñaki Pikabeak.

Taillon mendira anaia hil berritan igo zen aurrenekoz. Egun hartako eguraldi txarra du gogoan; lore sorta utzi zutela mendian galdutako anaiaren eta lagunen omenez. Eta tokia ezagutzeak, nolabait, "lasaitua" eman ziola. Bertze hainbat aldiz egin du bide bera, baina, oraindik ere, badu kendu nahi duen bertze arantza bat: anaia hil zen iparraldeko horma eskalatzea. "Badakit bertze urrats bat dela; eskalatu behar dela; baina egin nahi dut", berretsi du.

Taillon mendi berezia izanen da beti Bortzirietako mendizaleentzat. "Berezia da, anaia eta lagunak han gelditu zirelako". Galerak eragindako minaz harago, aurrera segitzeko bidea eman dio Iñaki Pikabeari bi urtean behin txangoa antolatzeko ilusioak eta lanak. Pozten du irteerak hainbertze jende erakartzen duela ikusteak, anaiaren eta lagunen memoria bizirik dela erakusten duelako. "Polita da ohartzea jendea anaiaz oroitzen dela".

Hurbilekoa baina ezezaguna

Hurbilekoa baina ezezaguna

Edurne Elizondo

Agerian da. Hiriko erdigunean. Baina, hala eta guztiz ere, ezezaguna da, neurri handi batean. Nafarroako Museoak egoera hori aldatu nahi du, eta herritarren jakin-mina piztu. Barruan dituen lanen berri zabaldu nahi du, gordetako altxorra nafarrekin eta bisitariekin partekatzeko asmoz. Bisita gidatuak antolatu ditu horretarako. Ekainaren 28an hasi zituzten, eta sanferminetako etenaldiaren ondoren, berriz eginen dituzte, astelehenetik aurrera, abuztuaren 31ra bitarte.

Silvia Roa iruindarra da gidarietako bat. Historia ikasten ari da, Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hirugarren maila eginen du hurrengo ikasturtean. Udako lan gisa hartu du Nafarroako Museokoa. Bisitak hasi baino lehen, lau astez aritu da prestatzen. Gogoz prestatu du, gustukoa baitu museoko lanen berri emateko aukera. Sumatzen zaio kontent dela, obrei buruzko azalpenak ematen dituenean. Piezen inguruko bitxikeriak xehetasun osoz kontatzen ditu bisitarien aurrean.

"Museo ederra da hau, eta pena da herritar anitzek ez ezagutzea. Merezi du", erran du. 1956. urtean inauguratu zuten, Andre Maria Errukizkoaren ospitalea zenaren gainean. XVI. mendekoa zen eraikin hori, baina museoko aurrealdeak eta eraikin nagusiaren ondoko kaperak baino ez diote eutsi. 1980ko hamarkadan egin zituzten museoa moldatzeko lehendabiziko lanak. Aldaketa nagusiak, halere, azken hamarkadakoak izan dira: 2011n, historiaurreko piezen inguruko aretoa berritu zuten; eta 2015ean, Nafarroako Gobernuak ikerketa bat egin zuen NUPeko Edarte taldeko kideekin batera, eta, lan horren ondorioz, museko hirugarren eta laugarren solairuak egokitu zituzten. "Asmoa zen publikoa erakartzea, ikerketak agerian utzi zuelako herritarrek ez zutela museoa nahi bezainbertze ezagutzen".

Emakumeen presentzia

2015eko aldaketen helburua izan zen, batez ere, emakume artisten lana nabarmentzea, ordura arte museoak ez baitzuen erakusten emakumeren batek egindako obra bakar bat ere. Lydia Anoz argazkilari nafarraren lanak ikus daitezke orain museoko aretoetako batean. Arte garaikidea ere lehen baino gehiago nabarmentzen du museoak orain, eta, ikusleen eta obren arteko harremana laguntzeko, moldatu eta egungo museoetako moldeetara egokitu ditu lanen egileen, izenburuen eta xehetasunen inguruko informazioa zabaltzeko kartelak.

Moldatutako museo hori da bisita gidatuen bidez ezagutzera eman nahi dutena, hain zuzen ere. Obrak eta egileak beren testuinguruan kokatzeko ahalegina egin du erakundeak, San Domingo aldapako eraikina kulturarako esparru atsegin eta erakargarri bilakatzeko asmoz. Roak sartzera deitu ditu herritarrak. Museoak gordetako lanen lagin bat erakusteko prestatu du bisita, nabarmendutako sei piezaren bidez ikusleak harrapatzeko.

Sei pieza horien bidezkoa da museoa ezagutzeko egin daitezkeen bisitetako bat. Eraikin nagusiaren ondoko XVI. mendeko kaperan hasten da. Obra garaikideek hartu dute espazio hori, eta lan horiek kaperako berezko erretaulekin "hizketan" jarri dituzte museoko arduradunek. Orain, zehazki, Carlos Irijalba artista nafarraren erakusketa dago ikusgai. Egile horren proposamenak elkarrizketa sortu nahi izan du bere eta museoko hainbat obraren artean, eta, ondorioz, kaperara eraman dute historiaurreko aretoan egon ohi den Abaunzko mapa. 10.000 urte inguru ditu, eta Europa mendebaldeko lehen mapatzat jotzen dute.

Turbilgo estela estatua da Roak aurkezturiko bigarren lana. Burdin Aroko gerlari bat islatzen du, eta Beiren aurkitu zuten. Burua aurkitu zuten lehenbizi, eta erromatarren garaiko hilarri bat zela pentsatu zuten hasieran, harik eta indusketak aurrera egin eta estela estatua osoa aurkitu zuten arte.

Gerlaria utzi, eta Erroman gelditu da Roa. "Erromatarren garaiko heriotzarekin lotutako errituen inguruko aretoa da hau", azaldu du, hilarriei eta errautsentzako kutxei so. Bada gehiago ondoko aretoetan; bertzeak bertze, Iruñeko katedral erromanikoa: "Egungoa eliza gotikoa da, aurrealde neoklasikoarekin, baina badakigu azpian eraikin erromanikoa zegoela", kontatu du Roak.

Leireko kutxatila hispaniar-arabiarra da Roak bisitan erakutsitako obretako bertze bat. "Gorte omeiatarrean egindako lan bat da, Kordoban, 1004-1005. urte inguruan. Gizakien figurak ageri dira, eta hori ez da ohikoa musulmanen artean". Hagitz bertzelakoa den bertze obra batekin amaitu du Roak bisita: Goyak egindako San Adriango markesaren erretratua. "Goyaren erretratu onenetako bat da, eta, aldi berean, museoan gutxien ezagutzen diren obretako bat".

Herritarrei lanaren berri emateko irrikan da Roa. Asteartetik larunbatera bada aukera, egunean hiru aldiz: 11:00etan, 12:30ean eta 17:30ean. Igandeetan, berriz, 11:00etan. Euskaraz izanen dira hilaren 19ko eta abuztuaren 2, 16 eta 31ko 11:00etako bisitak.

Kultura bazter guztietaraino

Kultura bazter guztietaraino

Ane Eslava

Udan kultur eskaintza Nafarroako txoko guztietaraino zabaltzeko helburua duen programa da Kultur. Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatzen du, urtero, Turismo eta Merkataritza Departamentuarekin elkarlanean, kultura "deszentralizatzeko". Aurtengoa martxan da dagoeneko: ekainaren 21ean hasi zen, Lesakan, Balerdi Balerdi taldearen kontzertuarekin, eta irailaren 7ra arte iraungo du. Denbora horretan, 35 kultur jarduera egongo dira herrialde osoko herrietan eta "intereseko" tokietan. Asteburuero, hiru artista edo taldek beren kultur eskaintza eramango dute Nafarroako hiru tokitara.

Kultur programa antolatzen den 24. aldia da aurtengoa, eta urteekin aldatuz eta garatuz joan da, egungo formatura iritsi arte. Aurtengo proposamen nagusiak musika ikuskizunak izango dira: folk, jazz, blues, pop, rock eta koru musikako 32 musikarik eta taldek parte hartuko dute. Horietako asko Euskal Herrikoak dira, baina badira kanpokoak ere.

Euskal Herritik etorritakoen artean daude, adibidez, Lemon y Tal, Izaki Gardenak, Iñaki Plaza Band eta Eunate XXI taldeak eta Aranguren haraneko abesbatza. Kultur programaren bitartez, Nafarroako Gobernuak "beren lana lurraldean zabaltzeko" aukera bat eman nahi die horiei guztiei. Kanpoko taldeen artean daude, besteak beste, Nat Simons espainiarra, eta Stacie Collins eta Elliott Murphy estatubatuarrak.

Asteburu honetako programazioan, estilo ezberdineko hiru talde daude: atzo, Hutsun txalaparta talde iruindarraren kontzertua izan zen Zugarramurdiko Sorginen Leizean; gaur, Alberto Arteta Garesko saxofoi jotzaileak osatu berri duen Laurok jazz taldeak kontzertua joko du Ribaforadako Zaldun Tenplarioen kalean, 22:00etan; eta bihar, berriz, Iñaki Plaza trikitilari, txalapartari eta perkusionista bilbotarraren Iñaki Plaza & Band taldeak Otsagabiko plazan emango du kontzertua, ordu berean. Heldu den astean, berriz, Baobabs Will Destroy Your Planet, Buffalo River Band eta Adriana Olmedo & The Disappointment taldeak egongo dira Olatzagutian, Artaxoan eta Mendigorrian, hurrenez hurren.

Dantza eskaintza bakarrak izango dira MugMus laborategiaren Esku Harriak ikuskizuna eta Mikelats taldearen dantza emanaldia; lehena Erronkarin izango da, eta bigarrena, Agoitzen.

'Dantza' filma, argazkietan

Musika eta dantza ez ezik, Kultur programak arte plastikoetako eskaintza ere badu: Xabier Artola Zubillaga EHUko irakaslearen Kamaren aurrean dantzari: 'Dantza' filmeko argazki sorta bat izeneko argazki erakusketa. Telmo Esnalen Dantza filmaren grabaketan egindako argazkiekin osatuta dago, eta uztailaren 4an zabaldu zuten, Bertizko jaurerrian. Zubillagak adierazi duenez, erakusketan ikus daitezkeen argazkien bitartez film horren estetika islatu nahi du, filmean agertzen diren koreografien eta eszenen "edertasuna" erakusteko. Abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai.

Turismoari lotutako eskaintzaren barruan, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte Nafarroako toki "tipikoetara". Bisitatuko dituzten lekuen artean daude Martzillako gaztelua, Los Arcosko Santa Maria eliza, Azagrako Manzanos upategia eta Leireko monasterioa. Kontzertuak eta ikuskizunak ostegun, ostiral eta larunbatetan egingo dituzte, eta turismo jarduerak, berriz, larunbatetan. Egitasmoarekin elkarlanean ari diren udal eta tokiko erakundeek baimenak eman eta azpiegiturak jarriko dituzte.

Iritzia: Kirola eta obsesioa

Iritzia: Kirola eta obsesioa

Jon Barberena Ibarra

Ez dut kirolari buruz gehiegi solastatzeko ohiturarik, hare gutiago, idaztekoa. Halere, duela guti, berriz ere, dopin hitzak lekua hartu du txirrindularitzan. Horrek ez ninduen sobera harritu, baina, kontua da, oraingo honetan, afera ez dela maila profesionalean pasatu, denbora-pasa eta afizio gisa praktikatzen dutenen artean baizik. Berriki, El Correo-k jakinarazi du Raul Portillok eta Jose Antonio Larreak EPO baliatu zutela euren balentriak edo ekintza gogoangarriak lortzeko. Portillo, errate baterako, alimaleko negozio bilakatu den Quebrantahuesos martxa zikolturistan lehendabizikoa ailegatu izan da, eta harena da Irati Xtrem martxa zikloturistan Larrau hupatzeko eginiko denborarik onena. Berarendako izan ziren, behin eginbeharrak akituta, ondokoen miresmena, txaloak eta laudorioak. Burrunba horren erdian, autoestimua hanpatu eta bere egoa hauspotu zuen.

Gainera, zenbait egunkari irabazle hitza erabiltzen tematu dira martxa horien berri ematerakoan, eta, horrez gain, Internet dago, dena erakusten duen leiho preziatu hori. Dudarik ez dago, izena eta abizenak zenbait hedabidetan barreiatzeak norberaren egoan eragina du, eta, nonbait, urrearen prezioa du fama eta itxurakeria gainbaloratuak dauden gizartean. Onenak izan behar dugu kiroletan, prestigiozko lanpostua lortu, irribarre perfektua erakutsi.

Agerikoa da norgehiagoka eta apustua errotuak ditugula, izaera lehiakorra baitugu euskal herriko gizonok, batik bat. Rh negatiboaren eta geneen kontuak aipatzen dira, baina horren gibelean ez ote dago sistema neoliberal basatiaren izpiritua? Mugaraino ailegatu beharra, hoberena izan beharra, estatus sozial eta ekonomiko jakin bat eskuratu beharra… Etengabeko gainditze fase batean bizi gara, eta, horrek momentuko pozak ekartzen badizkigu ere, geure buruarendako zama bihurtzen da, frustrazio.

Egoa inoiz ase ezin den barne sits apetatsua da, eta tranpa edo iruzur egiteko prest gaude lauda gaitzaten. Era berean, batzuk, akaso, ez dira dopina hartzera ailegatuko, baina bai kirola obsesioz bizitzera. Horrela, sozialki euren buruak baztertuko dituzte forma fisiko egokia erdiesteko helburua lehenetsiz. Hori guztia, El Diario Vasco-k Behobia-Donostia lasterketaren biharamunean argitaratzen duen sailkapenean postu batzuk aitzinatzeko edo hogei orduz menditik barna lasterka aritzeko. Obsesibo hau ez da euskal kulturaren ezaugarri, sistema kapitalista eta patriarkal honen parte baizik.

Zorionez, badugu zer ikasi eta zer desikasi anitzek. Erkuden Almagrok sortu zuen Bizikume, eta han adin eta erritmo aski desberdinetako emakumeak biltzen dira pedalei eragiteko. Gizon anitzen filosofiarekin alderatuz gero, bertzelakoa da: "Beste erritmo batzuk ditugu, beste elkarrizketa gai batzuk… Beste modu batera ibiltzen gara. Ez zaigu axola helmugara azkar iristea: disfrutatu egin nahi dugu". Horixe da erronkarik handiena, obsesionatu gabe, disfrutatzea.

Mina, nekea, bakardadea

Mina, nekea, bakardadea

Edurne Elizondo
Baietz. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide Javier Arzaren eta Jose Carronen hitzak entzun, eta baietz, hala dela, erran dute buruarekin hainbat emakumek, behin eta berriz, NUPek Afina elkartearekin fibromialgiari buruz egindako ike...

Aire kutsatua arnasten da Nafarroan

Aire kutsatua arnasten da Nafarroan

Ane Eslava

Hobekuntza batzuk izan dira, baina egoera "kezkagarria" da: Nafarroako biztanle guztiek arnastu zuten aire kutsatua 2018an, Ekologistak Martxan taldeak argitaratu berri duen txosten baten arabera. Datuek erakusten dute zenbait substantzia kutsatzailek behera egin zutela iaz, prezipitazioei esker, baina, hala ere, Nafarroan "populazio osoak eta lurraldearen bi herenek" jasan zuten Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duen baino kutsadura maila altuagoa.

Ekologistak Martxan taldearen txostenean bildu dituzte Nafarroako hamabi tokitan kokatuta dauden airearen kalitatea neurtzeko estazioetako datuak. Irizpenean jaso dutenez, klima aldaketak, autoen isurtzeek eta erregai fosilen erabilerak eragin dute egoera, eta Castejongo zentral termikoa, Iruñea eta zenbait industriagune dira kutsadura foku nagusiak.

Eguraldiak eragin handia du kutsaduraren gainean. Iaz, eguraldia ezegonkorra izan zen, eta prezipitazio ugari izan ziren, baina, aldi berean, udan tenperatura oso beroa izan zen. Eguraldiaren ezaugarri horiek zenbait ondorio izan zituzten, Miguel Angel Ceballos txostenaren koordinatzaileak azaldu duen moduan: "Alde batetik, hezetasunak, haizeak eta atmosferaren ezegonkortasunak gutxiagotu egin dute partikula eta gas kutsatzaileen kopurua; ondorioz, kutsadura maila, orokorrean, aurreko urteetakoa baino baxuagoa izan da". Zehazki, partikula esekien, nitrogeno dioxidoaren eta sufre dioxidoaren kopuruak egin du behera, eta berreskuratu da 2008an hasitako krisialdiaren aurretik zegoen beheranzko joera.

Hala ere, adituak ohartarazi du partikula kutsatzaile horiek behera egin dutela "meteorologiaren koiunturarengatik", eta ez isurtzeen gutxitzearengatik. Gainera, atmosferaren ezegonkortasunak badu alde negatibo bat: partikulak barreiatu egiten ditu, eta, ondorioz, kutsadura lurraldean zabalduz doa. "Nafarroan, kutsaduraren gune nagusiak Iruñea, Castejongo zentral termikoa eta zenbait industria instalazio dira; baina horiek sortzen duten kutsadura herrialde osoan barreiatzen da", Ceballosek azaldu duenez.

Bestalde, azken urteetan muturreko tenperaturak areagotzen ari dira: udan gero eta bero handiagoa egiten du, eta horrek handitzen du ozono troposferikoaren maila. Substantzia hori beste zenbait substantzia kutsatzaileren arteko erreakzio baten ondorioz sortzen da. Nafarroari dagokionez, Castejongo zentral termikoak, zenbait industriak eta autoen ihes hodiek isurtzen duten substantziek sortzen dute ozonoa. Txostenean ikus daitekeenez, 2018an Nafarroako Erdialdean eta Erriberan ozono kopuru altuak egon ziren, osasunean eta ingurugiroan kalte egin dezaketenak. "Hala ere, arazo hau aspalditik dator: airearen kalitatearen inguruko txostena egiten dugunetik ikusten ari gara", aipatu du Ceballosek. 2005etik egin dute txostena, urtero.

"Ozonoa da Nafarroan dagoen kutsadura arazorik handiena", adituaren hitzetan, baina partikula esekien kopuruaz ere ohartarazi du. Iaz, Nafarroako herritarren %60k arnastu zituzten partikula horiek, batik bat Iruñeko biztanleek. Horien kutsadura maila oraindik legeak onartzen duen mugaren barruan dago, baina osasunarentzat "mehatxua" da, adituak ohartarazi duenez. Bestalde, Zubiriko Magnesitas Navarra lantegiaren ondoan dagoen estazioak sufre dioxido maila altuak erregistratu zituen; OMEk onartzen duen mugaren gainetik.

Osasunarentzat kaltegarria

Kutsadurak kalte larriak eragin ditzake osasunean. Europako Ingurumen Agentziaren arabera, Europan 800.000 pertsona hiltzen dira urtean airearen kutsaduraren ondorioz. Arnas aparatuko eritasunak eta kardiobaskularrak eragiten ditu: asma, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, gaixotasun koronarioak eta bihotzekoak, besteak beste. "Kalkuluek erakusten dutenez, batez beste 342 pertsona hiltzen dira urtero Nafarroan kutsaduraren ondorioz sortutako gaixotasunengatik", zehaztu du Ceballosek. Gizakien osasunari ez ezik, kutsadurak naturari ere eragiten dio; Nafarroaren kasuan, bereziki hegoaldean.

Egoera ikusita, Ekologistak Martxan taldeko kideek "premiazkotzat" jotzen dute Nafarroako Gobernuak airearen kalitatea hobetzeko plan bat martxan jartzea. Ceballosek azaldu duenez, egungo legediak jasotzen duen neurri bat da hori, eta ez dira betetzen ari: "Kutsadura maila altuak daudenean —hemen ozonoarekin gertatzen den moduan—, autonomia erkidegoak behartuta daude airearen kalitatea hobetzeko planak egitera; Nafarroan, behin baino gehiagotan eskatu dugu plana egin dezatela, baina ez dute egiten". Salatu du, halaber, gobernua "arazoaren jakitun" dela, txostenetarako erabiltzen dituzten datuak administrazio publikoak ematen dituelako. "Eta, hala ere, ez dute deus egiten". Haren hitzetan, airearen kalitatea hobetzeko modu bakarra da plan bat egitea eta trafikoaren eta industriaren isurtzeak mugatzeko neurri zehatzak hartzea. "Premiazkoa da".

Borrokaren soinu banda

Borrokaren soinu banda

Edurne Elizondo

Lagun artean aritu dira, eta lagunari buruz. Mahai ingurua egin dute Julieta Itoiz eta Maite Mene musikariek eta Jose Mari Esparza idazleak, Fermin Balentziaren lanari buruz. Memoriaren Autobusak eta Iruñeko Peñen Federazioak aurtengo Txupin Etxepare saria eman diote kantautoreari, eta, aitzakia hori baliatuz, borrokarako musikaz aritu dira Itoiz, Mene eta Esparza, Katakrak liburu dendan. Balentziaren abestiez aritu dira, neurri handi batean; musikak kontzientzia astintzeko duen gaitasunaz ere bai; musikak sistemaren aurkako tresna gisa duen indarraz, finean. Entzuleen artetik egin die so Balentziak lagunei, lagun artean.

Julieta Itoizek eta Maite Menek "eredutzat" jo dute Balentziaren musika, eta, bertze gauza guztien gainetik, nabarmendu dute kantautorea "hagitz eskuzabala" dela, eta "herritarren aldeko jarrera" hartu duela beti. "Beti dago kantatzeko prest", berretsi du Menek. Esparzak erdigunean jarri nahi izan du Balentziaren musikaren osagai nagusia maitasuna dela: "Ferminek maite du bere herria; maite du bere klasea, eta maite ditu bere hurbilekoak; eta hori guztia islatzen dute bere abestiek".

Bidegabekerien soinu banda osatzen dute Fermin Balentziaren abestiek. Horren adibide dira langileen borroken edo 1936ko gerraren errepresioaren berri ematen duten kantak. Hainbat belaunaldirentzat benetako ikur bilakatu da, adibidez, Balentziak Maravillas Lambertori buruz idatzitako pieza. Frankistek hil zuten Larragan, aitarekin batera.

Memoria historikoaren parte dira Balentziaren abestiak. Maite Mene musikariak ere helburu horrekin ulertzen du bere lana: "Gertatzen diren injustiziak salatu behar ditugu". Menek argi du borrokarako gaitasuna dutela abesti anitzek. Julieta Itoizek, berriz, musikariak jarri ditu erdigunean: "Kantak borrokarako tresna bilakatzen dira musikariak borrokalariak direlako".

Liburua eta diskoa

Balentziaren borrokarako grinaz inolako zalantzarik ez du Jose Mari Esparzak. Mahai ingurua baliatu nahi izan du laguna proiektu berritan murgiltzeko. Txalapartako editore izan da urte luzez Esparza, eta ofizioaren arrastoa nabarmena da harengan, oraindik ere: "Liburu bat idatzi behar duzu". Balentziaren hitzen atzeko istorioak eta historiak kontatzeko garaia dela argi du Esparzak.

Liburuarekin batera, noski, diskoa grabatzeko eskatu dio Esparzak musikariari. Eta proposamen horrekin bat egin dute, berehala, Maite Menek eta Julieta Itoizek. Are gehiago, disko horretan parte hartzeko prest direla nabarmendu dute. Balentziarekin "abesteko gogoz" direla erran dute bi kantariek.

Balentziak eskertu ditu lagunen hitzak; irribarre artean hartu ditu bota dizkioten loreak. Umiltasunez erantzun du, halere, eta maite duena egin duela argi utzi du. Etxetik datorkio musikarako zaletasuna, azaldu duenez. Koplak entzun, koplak kantatu eta koplak idatzi eta sortu ditu Balentziak. Eta ez du aski, oraindik ere. "Musikaren bidez egin dut borroka, eta musikarekin gozatu dut, izugarri; nire bizitzaren parte da. Kantatzen dut, barruak hori eskatzen didalako", erran du.

Kontent da Txupin Etxapare sariarekin. Kontent, lagun arteko mahai inguruan. Kontent, batez ere, musika duelako. Musika, borrokatzen jarraitzeko.

“Kontzientziak astintzen ditu umoreak, era pedagogikoan”

“Kontzientziak astintzen ditu umoreak, era pedagogikoan”

Edurne Elizondo

Sufritutako lodifobiari aurre egiteko tresna bilakatu du umorea Maider Lazkanok (Iruñea, 1988). Jendeari barre eginarazteko dohaina du, eta horrek eraman du bakarrizketak idaztera.

Nola sartu zara monologoen abenturan?

Niretzat, berezko urrats bat izan da, naturala. Nire izaera horrelakoa izan da beti, beti aritu naiz txantxak egiten. Egia esan, umorea neure burua babesteko tresna bat izan da beti. Umoreak aukera eman dit irainak eta gisakoak beste modu batera hartzeko, terapia moduko bat izan da, finean. Hunkitu egiten naiz hau esaten dudan bitartean...

Zure ezinegona dagoelako zure umorearen oinarrian?

Bai. Aurrera egiteko, umorearen beharra izan dut. Inoiz ez nuen pentsatu jendaurrean ariko nintzenik bakarrizketak egiten; gaia serio hartzen, halere. Berez, niretzat, ez da gauza oso serio bat. Baina lehiaketetan eta jendaurrean aritzeko urratsa egin dut, eta ez nuen uste hori eginen nuenik inoiz.

Zerk bultzatu zaitu?

Lagun batek esan zidan, behin, dohaina dudala jendeari barre eginarazteko. Hori entzun eta gero, urratsa egiteko nire grinak gora egin zuen, eta hasi nintzen antzerkigintza ikastaro bat egiten. Irakasleetako batek, hain justu, bakarrizketak egiten zituen. Harekin hasi nintzen testuak lantzen.

Hasieran beharra zena lodifobiaren aurkako aktibismo bilakatu da?

Bai, bai. Nik uste dut umoreak botere hori duela: kontzientziak astintzen ditu, modu pedagogiko batean. Jendeak ongi pasatzen duen bitartean jasotzen du mezua, eta, ondorioz, errazago barneratzen du. Bakarrizketak egin eta gero, etorri izan zait jendea esatera gogoeta eragin diedala. Beraz, zuzenean jabetu naiz umoreak astintzeko duen gaitasun horretaz. Ahaldundu nau horrek.

Eta mugak ere baditu umoreak, edo izan beharko lituzke?

Askotan hitz egiten da horri buruz. Nik uste dut gakoetako bat dela, lehenik eta behin, zeure buruaz barre egitea. Abiapuntua hori denean, zaila da umoreak inor mintzea. Halere, ezin dugu ahaztu umorea egin daitekeela behetik gora, eta, alderantziz, goitik behera ere bai. Behetik gora egiten denean, balio du zapalkuntzen atzeko estereotipoak apurtzeko; baina goitik behera egiteak ekartzen du estereotipo horiek betikotzea. Umorea egiten duzunean, jendaurrean, oso argi izan behar duzu mina egin dezakeela. Ardura bat duzu, beraz.

Lodifobiaz gain, arrazakeria, drogak,... bertze hainbat gai ere jorratu dituzu.

Bai. Baratxuriez ere aritu naiz!

Botika gisa erabili zenuela kontatzen duzu zure bakarrizketan, baginan infekzioa izan zenuelako.

Bai. Eta benetako istorio bat da! [barrez] Baratxuriak gaitasun antibiotikoak dituela esaten dutenez... Amak entzun zuenean, ea egia ote zen galdetu zidan, eta baietz esan nion. Bakarrizketak egin eta gero, jendea etorri izan zait istorio hori nola bukatu zen galdetzera.

Eta nola bukatu zen?

Ginekologoarengana joan behar izan nuen! Baina ez zuen deus aurkitu. Esan zidan baratxuri bat sartzen nuen bakoitzean joan behar banuen ginekologoarengana, hobe nuela berriz ez egin eta baratxuri gehiago ez sartu [kar-kar-kar]. Eta ez dut berriz egin, egia esan! Idatzi hau, mesedez, horrela jendeak jakinen du baratxuriaren istorioa nola bukatu zen.

Gorputza jartzen duzu zure bakarrizketaren erdigunean. Esparru politiko bat ere bada?

Nik ez dut modu horretan planteatzen; ni bakarrik nago agertokian, eta ez dut inorekin eztabaida egiten. Baina egia da gorputza ere badela esparru politiko bat. Nik ez dut esan nahi lodi egotea onena dela; hori da, finean, patriarkatuak gorputz argalekin egiten duena: gorputz eredu hori jartzen du besteen gainetik. Nik esan nahi dudana da gorputz guztiek balio dutela, eta nahi duzun gorputza izan dezakezula. Edo ahal duzuna, beti ez baita nahi izatea kontua. Nik beti nahi izan dut argal izan, baina nire gorputza den modukoa da.

Loditasuna ez da gauza bera gizonen eta emakumeen artean?

Ez. Gehiago zigortzen da emakumeen kasuan. Loditasuna, neurri batean, modan dago. Gaztelaniaz gordibuena hitza asmatu dute. Kontzeptu horrek ez ditu kontuan hartzen ehun kilo baino gehiagoko emakumeak. Ontzat jotzen den eredutik kanpo gelditzen dira. Hitz horrek bi multzotan bereizten ditu gorputzak: desiragarri direnak eta ez direnak.

Osasunaren auzia ere jarri nahi izan duzu mahai gainean, gaixotasunarekin lotzen baita, anitzetan, loditasuna.

Askotan aipatzen da loditasunaren eta osasunaren arteko eztabaida, eta askotan esaten da ez dela osasuntsua lodi egotea. Nik uste dut sakon aztertu beharko genukeela zein ikuspuntutatik heltzen diogun pertsona lodi horrek duen gaixotasunari. Gaixo dago lodi dagoelako? Edo lodi egoteagatik jasan dituen presioek eta irainek ekarri dute gaixotzea?

Feminismotik ongi erantzun zaio lodifobiari?

Nik ez dut feminismoaren babes falta sentitu. Baina bai sentitu dut, feminismoan ere, gehienetan nagusitzen den ikuspuntua dela emakume argalena. Nik patriarkatuaren beste aldea bizi izan dut, adibidez. Karrikan txistualdiak eta lerde-jarioen nazkantekeriak aguantatzen dituzte lodi ez direnek; nik, berriz, beti nahi izan dut gizonek karrikan guapa esatea, lodi esan beharrean. Baina feminismoa da nire pentsatzeko modua moldatu duena.

Iritzia: Eztabaiden azpikoaz

Iritzia: Eztabaiden azpikoaz

Lohizune Amatria

Nola dagoen Twitter… Talka birtualen inguruko eztabaida piztu da. Euskal txio-herrian eztabaidek digitaletik baino analogikotik gehiago dutela irakurri nuen aurrekoan. Arrazoia dutelakoan nago. Twitterrek hitzaldi, zutabe, egunkari, agerkari eta kalean gertatzen direnak bildu ditu. Lucia Baskaran, Santi Leone, Danele Sarriugarte, Hasier Etxeberria, Onintza Enbeita, Ernesto Che Guevara, Irantzu Varela, Barbara Goenaga, Borja Semper… Saltsa badago.

Hala eman dezakeen arren, ez naiz hasiko batek edo besteak esan edota idatzitakoak onargarriak ote diren argudiatzen. Horren inguruan aski hitz egin da egunotan. Beharrezkoa iruditzen zait, noski, horien inguruan eztabaidatzea, baina gaurko zutabea gertakari horien atzean dagoen eta, agian, gutxiegi aipatu den kontu baten inguruan idazteko baliatu nahiko nuke.

"Bihar parrandan izanen gara ia denak, eta ahaztu ez dezagun edo, gaia plazaratzea ez dator gaizki", hausnartu dut.

Hasier Etxeberriak Sautrela-n Danele Sarriugarte idazleari esandakoaz hitz egin aurretik, beste anekdota bat kontatu zuen Lucia Bascaranek, Iruñean egindako liburu aurkezpenean. Gorputz madarikatuak liburua idatzi berri du, eta, idazle estatubatuarrak behartzen dituzten gisan, liburuan norekin eta non bizi den gaineratu du. Lagun bat eta katu beltz bat ditu pisukide. Txantxa bat egiteko asmoz egin zuen idazleak, baina ez da ongi ulertu. Madrilen liburua sinatzen ari zela, "euskal idazle lesbiana" baten liburuaren bila gerturatu zen pertsona bat etxolara. "Bi emakume pisu berean, elkarrenganatu dira, seguru", pentsatuko zuen.

Emakumeen sexualitateaz zeinen erraz hitz egiten den erakusten du Baskaranek azaldurikoak. Emakumeei gutxitan onartzen zaigu emakumezko lagunik edukitzea, eta edukitzekotan bekaizkeria egozten du gizarteak berehala. Emakumeen artean gaiztoak garela sinetsarazi nahi izan digute. "Eta hori patriarkatuaren indarkeria sistematikoaren adibide bat da", neure buruari.

Beste bat. Karga sexista duten irainak jasan behar izan ditu Onintza Enbeita bertsolariak urrian BERRIAn argitaratutako artikulu baten harira. Haren sexualitateaz hitz egiteko eskubidearekin sentitu dira zenbait, eta hori ez da kasualitatea.

"Zorra", irakurri dut Twitterren.

Ditugun erreferenteak bere garai historikoan kokatzeko deia egin zuen Enbeitak artikuluaren bitartez. Eta ados nago. Garaian ulertu behar ditugu denak, mitifikatu gabe. Gehienak zergatik diren gizonezkoak galdegin, pribilegioak eta kontraesanak izan zituztela onartu. Ideia erreakzionarioetatik gertuago geundeke ordukoa errepikatu nahiko bagenu. Beraz, gure borrokan lehentasunezkotzat zer hartzen dugun aztertu beharko dugu, horrek botere harreman denak aldatuko ote dituen ikusi, borroka molderik egokiena zein den aukeratu…

Askorentzat mingarria den arren, uneren batean ere jarri beharko dugu arreta horretan.