Hutsetik hasten laguntzeko

Hutsetik hasten laguntzeko

Edurne Elizondo

Irribarreari eutsi dio elkarrizketa osoan; hasi eta bukatu arte. "Egun on" batekin agurtu du kazetaria, euskaraz, eta amazigeraz galdetu dio ea zer moduz dagoen: "Salam mat anit?". Marokotik ailegatu zen Mohamed Unasser Nafarroara, duela zortzi hilabete. Txalupaz egin zuen bidaia, bertze 35 pertsonarekin batera. 16 urte zituen Marokon ontziratu zenean; orain, 17 ditu. Sorterrian utzi du familia.

2018. urtean, heldurik gabeko 62 adingabe atzerritar hartu zituen Nafarroak, herrialdeko gobernuak eta Espainiakoak sinatutako akordioaren bidetik. Haietako bat da Unasser. Itsasoan hamabost ordu eman zituen, txalupa Andaluziara (Espainia) ailegatu zen arte. La Linea de la Concepcion hirian, adingabeentzako zentro batera eraman zuen Guardia Zibilak. Hiru egun eman zituen egoitza horretan, eta handik etorri zen Nafarroara. Barañainen bizi da orain, Nafarroako Gobernuaren babespean.

Azken bi urteotan, gora egin du heldurik gabe herrialdera ailegatu diren adingabe migratzaileen kopuruak. 62 izan ziren 2018an, eta 24 baino ez 2017an. SEI Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa elkartean artatzen dituzte horietako hainbat; tartean, Unasser. "Hutsetik hasten laguntzen diegu. Gure helburu nagusia da komunitate bat osatzea haiekin, eta haien inguruan. Ahal dugun harrerarik beroena egin nahi diegu, migrazioaren doluari aurre egiteko tresnak izan ditzaten", azaldu du elkarteko koordinatzaile Maite Zigandak.

SEIko kideen laguntzari esker sorterriko eta bertze hainbat herritako gazteak ezagutu dituela nabarmendu du Unasserrek; ari dela bere sarea osatzen. Gaztelania ikasten laguntzen diote, bai eta ikasketekin ere. "Elektrizitatea ikasten ari naiz", erran du, irribarrea zabalduz. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin zuen sorterrian. Handik atera nahi izan zuen, halere, "etorkizun hobe bate bila".

Lan egiteko aukerarik ez zuela izanen argi ikusten zuen, eta bertze bide bat probatu nahi zuen. "Hasieran, gurasoek ez zuten nahi nik alde egitea; baina konturatu ziren hau nahi nuela nik, eta utzi zidaten". Eta jaioterritik kanpora joan zen, azkenean. Marokon utzi zituen ama, aita, bost arreba eta hiru iloba. Harremana ez dute galdu, halere. "Ia egunero aritzen gara, WhatsApp bidez, batez ere". Tuteran osaba bat du, eta asteburuetan elkartzen da harekin.

"Kontent naiz", berretsi du. "Ez zenuen bidaian beldurrik izan?", jakin nahi izan du Zigandak. Eta ezetz erantzun du 17 urteko gazteak, irribarrea galdu gabe. Itzultzeko asmoa baduela gaineratu du. "Baina bakarrik bisitan". Ez du uste bere tokia Marokon dagoenik. Hemen gelditu ahal izateko paperak eskatu ditu, eta horiek lortzeko prozesua martxan da Bilboko Marokoko kontsulatuaren bidez. "Une honetan, Espainiako eta Europako adingabeentzako legeen babespean dago; gazteok 18 urte betetzen dituztenean, zailtasunek gora egiten ohi dute", ohartarazi du Zigandak.

"Konpromisorik eza"

Duela hogei urte hasi zen lanean Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa, eta kideek salatu dute erakunde publikoek oraindik ere ez dutela behar bezainbertzeko konpromisoa hartzen migrazioaren auzian. "Utzitako egoitza batean gaude; ez dugu komunik, eta ailegatzeko eskailerak igo behar dira. Iaz berrehun gazte artatu genituen, eta, oraindik ere, hitzarmen baten edo egoitza duin baten zain jarraitzen dugu. Migrazioaren auzia ez dute serio hartzen erakundeek; egungo gizartea kulturartekoa da, eta bada onartzeko garaia", erran du SEI elkarteko koordinatzaileak.

1999. urtean lanean hasi zirenetik, anitz aldatu da SEIko kideek hartzen dituzten pertsonen soslaia. "Gure ibilbidean, batez ere, denbora luze bat pasatu eta gero berriz elkartu diren familiak artatu ditugu: ama etorri izan da, lehendabizi, eta, handik hamar urtera edo, amatxirekin utzitako haurrak ekarri ditu". Halakoetan, familiako kideen arteko harremana ere hutsetik lantzen hasi behar izaten dute migratzaileek. "10 edo 12 urterekin sorterritik alde egin behar duen haur edo nerabe horrentzat hagitz zaila da ezagutzen ez duen pertsona batekin bizitzera etorri behar izatea, bere ama den arren ez baitu ezagutzen", azaldu du Zigandak.

Gisa horretako egoerak gero eta gutxiago gertatzen direla erantsi du. Azken urteotan, batez ere, heldurik gabe etorri diren adingabeak hartu dituzte, batetik, eta, bertzetik, batera ailegatu diren familietako kideak. Hori da Gabriela Garmendiaren kasua. Duela urtebete eta erdi ailegatu zen Garmendiaren ama Nafarroara, eta handik hilabetera egin zuten bide bera, Hondurastik, 15 urteko gazteak eta haren aitak eta nebak. "Sorterriko segurtasunik ezak ekarri gaitu honat, batez ere".

Unasser bezala, "kontent" da Garmendia Nafarroan. Hasiera, hala ere, ez zen erraza izan. Hori ere nabarmendu nahi izan du. "Tarte batez, zalantzan jarri nuen sorterritik ateratzeko hartutako erabakia", onartu du. Baina orain argi du hemen egon nahi duela. Hondurasen familia duela erantsi du, eta ez duela lotura hori galdu nahi.

Burlatan bizi da Garmendia. Sorterrian Batxilergoan hasi behar zuenean utzi zuen Honduras; Nafarroan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila eginen du datorren ikasturtean. "Lehendabiziko egunetan irakasleak erraten zuena ulertzeko ere zailtasunak nituen!", gogoratu du.

SEIko kideen laguntza eskertu du, eta nabarmendu du egoerak hobera egin duela babes horri esker. Gako nagusi bat aipatu du Garmendiak: "Hemen, nire egoera berean izan den jendea aurkitu dut, eta horrek anitz lagundu nau; esperientzia bera partekatzeak konfiantza eta segurtasuna eman dit". Beldurrak uxatu ahal izan ditu gazteak, finean.

Etxeko lanak egiteko, hiria ezagutzeko eta aisialdia betetzeko laguntza jaso dute Garmendiak eta Unasserrek SEI elkarteko kideen bidez, bertzeak bertze. "Hemen dena da ezberdina; nire herria txikia da, eta ez dago hemen dagoen zarata", kontatu du gazte marokoarrak. Zigandak zehaztu du elkartean egunerokorako behar dituzten baliabideak eman nahi dizkietela nerabe migratzaileei: "Billabesak nola erabili ikas dezaten, edo udan bainatzeko tokiak non dauden jakin dezaten".

Horrelako kontuen bidez, "komunitatea egitea" da helburua, Zigandak erantsi duenez: "Migratzea denon eskubidea da; ezin dugu hori ahaztu. Beldurraren politikak nagusitzen ari dira orain, han eta hemen eraikitzen dituzten harresien bidez; herritarroi dagokigu zabaldu nahi duten mezu horrekin kritiko izatea. Kulturartekoa da egungo gizartea, eta denon artean eraiki behar dugu".

Ekainaren 20a iheslarien nazioarteko eguna izan zen. Munduan, ia 71 milioi pertsona dira egun iheslari, Nazio Batuen Erakundeak plazaratutako datuen arabera. Duela hogei urteko kopuruaren bikoitza da.

Boluntario

"Errealitatea ezagutzeko", SEI elkarteko boluntario izatera deitu ditu Maite Zigandak herritarrak. Uztailerako eta abuzturako programa bat antolatu dute, hain zuzen ere. "Gazteok ezagutzea da estereotipoak apurtzeko modurik eraginkorrena", gaineratu du koordinatzaileak. Eta horren adibide gisa aipatu du SEI elkartean artatzen dituzten gazteek eta Iturrama institutuko ikasleek batera egindako proiektua: "Elkar ezagutzea izan zen helburua, eta emaitza ezin hobea izan zen".

D eredukoa da Iturramako institutua. Unasserrek eta Garmendiak onartu dute Nafarroara ailegatu zirenean euskara ez zutela ezagutzen. Orain interesa badutela erantsi dute.

Garmendiak eta Unasserrek ere argi dute beren bide bera egin dutenak lagundu nahi dituztela. Horretarako, begirale bilakatuko dira udan. Datorren astean formakuntza saioak eginen dituzte, eta, gero, haiek jasotako harrera eginen diete herrialdera ailegatuko diren nerabe migratzaileei.

Anitz dira, SEI elkartearekin bat egin eta gero, bertako kideekin jorratutako harremanari eutsi nahi izaten dioten migratzaileak. "Laguntza jaso eta gero, laguntza eman nahi izaten dute. Eta ez da pertsona aproposagorik", nabarmendu du elkarteko koordinatzaileak.

Mendira joatea maite du Unasserrek; Garmendiari, berriz, musika eta literatura gustatzen zaizkio. Bertze kide batekin, Mentes brillantes rapa idatzi eta grabatu berri du Garmendiak, hain zuzen ere, gazte migratzaileei buruz. Kontent da, udako lana egiteko gogoz. Unasser ere bai. 18 urte beteko ditu hurrengo urtean. Ikasten jarraitzea eta lan egitea bertzerik ez du buruan. Irribarrea erakutsiz erran du.

Aurreiritzien aurkako ahotsak

Aurreiritzien aurkako ahotsak

Ane Eslava

Gu pertsona normalak gara, helburu batzuk ditugu, borroka egin nahi dugu, eta geure burua ezagutarazi". Angela Gabarre Azkoiengo gaztearenak dira hitzak, Helena Baiona kazetariak zuzendu duen Romipen izeneko dokumentalaren protagonistetako batenak. Film labur horrek emakume ijitoen inguruko aurreiritziak hautsi eta haiengana gerturatu nahi du ikuslea, begirada feminista eta politiko baten bitartez. Maiatzean egin zuten lanaren aurkezpen pribatua, eta laster aurkeztuko dute jendaurrean.

Zazpi emakumeren ahotsak jasotzen ditu dokumentalak: Carmen Jimenez, Saray Borja, Andrea Khalfaoui, Angela Gabarre, Joana Amador, Silvia Aguero eta R. Jimenezenak. Gehienak euskal herritarrak dira, guztiak ijitoak, baina guztiak ezberdinak. Bat doktoretza ikasketak egiten ari da, beste batek etxean lan egiten du; batek toki guztietan esaten du ijito dela, beste batentzat ijito izatea "zama bat" izan da; batek flamenko musika gustuko du, besteak ez... "Ez dago ijito izateko modu bakarra; emakume edo feminista izateko modu bakarra ez dagoen bezala", laburbildu du Saray Borjak filmean. Helena Baionarentzat hor dago lanaren gakoa: "Ijito ez garenok komunitate horren estereotipo bat dugu, eta helburua izan da erakustea zer alde dagoen haietako bakoitzaren artean". 28 minutuko filma osatu du Baionak, eta saiatu da "gaian sakontzen eta kontzeptu garrantzitsuak lantzen".

Romipen dokumentalak iaz du jatorria. Baionak Mordiendo el aire izeneko dokumental laburra egin zuen gradu amaierako lanerako, eta Nafarroako Gobernuaren, Gaz Kalo Nafarroako ijitoen elkartearen eta Pikara Magazine hedabidearen laguntzarekin gaian sakontzeko aukera izan du. Angela Gabarre da Mordiendo el aire dokumentalean agertu ziren emakumeetako bat, eta oraingoan berriro eman du testigantza. Haren ustez, bi lanak baliagarriak dira gizartearen iruditerian finkatuta dauden ideiak hausteko. "Beti ikusten da ijitoon alde negatiboa, eta nazkatuta gaude: guk gauza batzuk gaizki egin ditugu, edozeinek bezala; baina ari gara ikasten, lanean, borrokan… Eta hori erakutsi behar da", adierazi du. Bera da protagonisten artean gazteena, eta beti izan du argi zer bide hartu nahi zuen: ez zen gazte ezkonduko, eta ikasi egingo zuen.

Hartutako bidearengatik "presioa" sentitu izan duela aitortu du Gabarrek: "Sentitu izan dut nire komunitateak ez ninduela ulertzen, eta horrek beldurra sentiarazi dit". Baina berak argi dauka inoiz ez diola uko egingo bere komunitateari. "Ikasteagatik utziko diot ijito izateari? Ez", laburbildu du. Zuzendariaren ustez, "urrats garrantzitsua" da Gabarrek kameraren aurrean beldurra duela esatea: "Guztiok izan dugu beldurra noizbait, baina hori ez da ahultasun bat, indargune bat baizik: indarra duelako da gai esateko beldur dela".

Gai zehatz batek zeharkatzen du dokumental osoa: feminismoak. Protagonistek modu ezberdinetan bizi eta ulertzen dute feminismoa; batzuek diskurtso teorikoagoa dute, eta beste batzuk bizitzak berak egin ditu feminista; emakume eta ijito izateak dakarren zapalkuntza bikoitzak. Halere, filmean aipatzen dute sentitu izan dutela feminismo hegemonikoak "alboratu" egin dituela ijitoak; ez dituela aintzat hartu beren aldarrikapenak. Saray Borjak, kasurako, beharrezkotzat jotzen du feminista guztien arteko elkarguneak bilatzea: "Patriarkatuak zapaltzen gaitu emakume guztiok; horrek izan beharko luke abiapuntua".

Gabarrerentzat, "dena da feminismoa". Bere askapenerako bidean tresna garrantzitsua izan dela esan du, eta amona jarri du feminismoaren eredutzat. R. Jimenez da, dokumentaleko protagonistetako bat. Jimenezek bizi osoa eman du lanean familia aurrera ateratzeko, eta, Gabarrek kontatu duenez, kalean ere bizi izan zen. Amonaren istorioa ezagutzeak "ahalduntzen" lagundu diola ziurtatu du gazteak.

Zuzendariaren iritziz, ezinbestekoa da feminismoa "birpentsatzea" eta kide ijitoengandik ikastea: "Euskal Herrian komunitate anitz biltzen duen feminismo bat garatzen ari gara, baina horretan jarraitu behar dugu, guztiok ez ditugulako zapalkuntza eta klase baldintza berberak".

Dokumentala zuzentzeak zalantza asko eragin dizkio Baionari, esan duenez. Botere harreman oro apurtzen saiatu da lanerako, ijitoak berdintasunez tratatzen; horizontaltasunez. Baina, galdera bat sortu zaio: "Zergatik egin behar dut nik lan hau, eta ez ijito batek?". Protagonistekin zalantza hori partekatzean, ordea, gehienen erantzuna izan da "kooperazio" gisa ikusten dutela lana. "Gizarte berean bizi gara emakume ijito eta ez ijitoak, eta proiektu komun bat egitea zoragarria da", Gabarreren hitzetan. Zuzendariak egindako ahalegina eskertu du: "Helena errespetuz etorri zaigu, begirada garbi batekin, epaitu gabe... Ni oso eskertuta nago".

Sareak indartzeko aukera

Dokumentalak 28 minutuko iraupena badu ere, Baionak patxadaz elkarrizketatu ditu protagonistak: luze eta zabal. Eta asko ikasi du solasaldietan. Aitortu duenez, elkarrizketetan bere aurreiritziez jabetu zen: "Erantzun zehatz batzuk espero nituen, eta ez zen hala izan. Orduan, pentsatu nuen: agian ezin da teoriarik erabili kasu hauekin, agian teoria, egin egin behar dugu; horretarako, haiek esaten digutena entzun beharko dugu". Alde pertsonalean, bestalde, "aurkikuntza handia" izan da dokumentala sortzea: "Emakume zoragarri hauek ezagutzeko aukera eman dit". Era berean, emakume ijitoek haien arteko sareak indartzeko aukera izan dute filmari esker.

Maiatzean egin zuten dokumentalaren estreinaldia, Nafarroako Filmotekan. Baionarentzat eta Gabarrerentzat "oso une berezia" izan zen. Bi lagunak urduri zeuden: elkarrekin eseri ziren, eta eskutik helduta ikusi zuten dokumentala. Baionarentzat, hura izan zen dokumentala sortzeko esperientziak utzitako unerik berezienetako bat. "Amaitzerakoan, Angelaren aurpegia ikustea oso polita izan zen", adierazi du. Gabarrek, berriz, sorpresa hartu zuen lagunaren lanarekin: "Oso lan ona espero nuen, baina askoz hobea izan zen; lan ikaragarri bat ikusi nuen". Gehien "asebete" zuena izan zen amona pantailan hizketan ikustea: "Izugarria izan zen".

Aitatxiren eta bilobaren etxea

Aitatxiren eta bilobaren etxea

Edurne Elizondo

Saria merezi duen etxe bat; saria merezi duen aitatxi baten eta bilobaren arteko harremana. Etxe honetan izenburuko bildumak jaso berri du Etxepare saria. Asier Iturraldek egin ditu ilustrazioak, eta Aintzane Usandizagak idatzi du testua. Pamiela etxeak udazkenean argitaratuko du lana.

Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea eta Idoia Sobrino liburuzaina izan dira Etxepare sariko epaimahaiko kide. Aurkeztutako hogeita hiru lanen artean hautatu dute Etxe honetan. "Edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte egileek, umorea maisuki erabiliz", nabarmendu dute.

Zehazki, etxe berean elkartu diren aitatxi baten eta bilobaren arteko gorabeherei eta harremanari egin diete so Iturraldek eta Usandizagak. Etxeko arauak ezartzera ohituta dagoen gizon bat da aitatxi hori, baina egunerokoa eta errutinak hankaz gora jarriko dizkio bilobak. Neskaren ama eta osaba ere bilakatu dituzte egileek Etxe honetan sortutako familiako kide, eta, epaimahaiko kideek erantsi dutenez, eraikina bera istorio horretako pertsonaia ere bada, marrazkien eta hitzen bidez. "Istorioan pasatzen dena azaltzen laguntzen du etxeak", erran dute.

Iruñeko Udalak antolatutako Biko-Teka topaketetan, batera aritu dira Iturralde eta Usandizaga, eta elkarlan horren emaitza izan da orain Etxepare saria jaso duen lana, hain zuzen ere. "Kontent" hartu dute. "Lanean hasi ginen unean bertan erabaki genuen istorioa moralkeriatik aldendu nahi genuela", nabarmendu du ilustratzaileak. "Familia guztietan daude arauak elkarbizitzarako, baina, aldi berean, pertsona oso ezberdinak bizi gara etxe baten barruan", erantsi du idazleak. Etxe honetan bildumako etxean bizi diren aitatxi hori eta haren biloba "oso ezberdinak" direla pentsa dezake irakurleak hasieran, egileek azaldu dutenez, "baina segituan konturatuko da halako lotura berezia dutela, eta gauza garrantzitsuetan ados direla".

Toki entitateen saria

Nafarroako hogeita bi toki entitatek antolatzen dute Etxepare saria, beren euskara zerbitzuen bidez. Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea dituzte laguntzaile, eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea, berriz, babesle. Saria 2004. urtean antolatu zuten lehendabizikoz. Hasieran, haur, gazte eta helduentzako euskarazko literatura lanak saritu zituzten, baina, 2006. urtean, beka bat sortzea erabaki zuten, haurrentzako bildumak sortzeko asmoz. 2009. urtean egin zuten azken aldaketa, eta beka sari bilakatu zuten berriro. Haurrentzako bildumak saritzen dituzte Etxepare antolatzen duten hogeita bi toki entitateek, zehazki, eta Pamiela etxeak argitaratzen ditu gero.

Iaz, Cosimoren katiuskak bildumak jaso zuen Etxepare saria. Dani Martirenak idatzi zuen testua, eta Ana Ibañezek egin zituen marrazkiak. Pamielak iazko udazkenean argitaratu zuen lana, eta abenduan Durangoko Azokan aurkeztu zuten egileek.

Iturralderen eta Usandizagaren Etxe honetan ere argitaratuko du Pamielak; udazkenerako izanen dute prest, zehazki. Etxepare sariko antolatzaileek argi eta garbi erran dute: "Irakurleek erabaki dezatela nork agintzen duen etxe honetan". Usandizagaren eta Iturralderen aitatxiak eta haren bilobak bikote berezia osatzen dute; idazleak eta ilustratzaileak ere bikote gisa egin dute lan Etxe honetan bilduma ontzeko. Elkarri emanez aritu dira. "Irudi argi eta baretsuak lortzea" izan da Iturralderen helburua, hasieratik. Epaimahaiko kideek irudi horien "narratibotasuna" nabarmendu dute: "Ederki uztartu dituzte hitza eta irudia", erran dute.

Asier Iturralde donostiarra da, eta Arte Ederretan lizentziaduna. Irudigilea eta diseinatzaile grafikoa ere bada. 2017an, Studio Gaston sortu zuen, batez ere erakundeentzako lan egiteko. Aintzane Usandizaga, berriz, Lasarte-Oriakoa da, eta Artearen Historian lizentziaduna. 2014an, Zumaiako Udaleko Julene Azpeitia ipuin lehiaketako lehen saria irabazi zuen; aurten, berriz, Kabitu ezina izenburuko liburua argitaratu du, Elkar etxearekin. "Betidanik" maite ditu istorioak. Grina horrek eraman du saria jaso berri duen lana sortzera, Asier Iturralde ezinbertzeko bidelagunarekin.

“Oinarriari eutsi dio mugimenduak, nahiz eta gutxi izan”

“Oinarriari eutsi dio mugimenduak, nahiz eta gutxi izan”

Edurne Elizondo

Duela 50 urte gertatu zen Stonewalleko errebolta. Data hori gogoratu nahi izan du E28 plataformako Edur Gartziak (Iruñea, 1995), LGTBI mugimenduaren izaera politikoa nabarmentzeko. "Borrokak antikapitalista, antifaxista eta antikolonialista behar du".

Zer prestatu du plataformak ekainaren 28rako?

Manifestaziora deitu dugu. 19:00etan abiatuko da, Baluartetik, Gazteluko plazaraino. Han manifestua irakurri eta gero, Nabarreriara joanen gara, ospatzera.

Borroka eta besta uztartzeko modua bada?

Bai. Urtero egiten dugu besta protestaren bukaeran, merezi duelako. Eguneko ahalegin nagusia manifestazioan eginen dugu, halere, haren bidez karrikara eramanen dugulako gure aldarrikapena. Aurten, gainera, saiatu gara deialdi ahalik eta zabalena egiten, eta dibertsitate funtzionala dutenentzako espazioa gordeko dugu, parte hartzeko arazorik izan ez dezaten. Ez haiek, ez bestelako beharrak dituztenek.

Hilabete osorako antolatu dituzue ekinaldiak aurten. Inoiz baino behar gehiago dago?

Bai. Nafarroan, eta Iruñean, eskuinaren eta Opus Deiren zapalkuntza sufritu dugu luzaroan. Zulo horretatik ateratzen hasiak ginen azken urteotan. Ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den, baina argi dugu karrikan egon behar badugu egonen garela, aterako garela.

Karrika duzue berezko esparru?

Bai. Hemen, onerako eta txarrerako, gutxi gara, eta horrek ekartzen du karrikan dugun presentzia ez galtzea. Mugimenduak lortu du bere oinarriari eustea, nahiz eta gutxi izan. Mugimenduaren nortasunarekin fidel jokatzen jarraitzen dugu. Madrilen gisako hirietan, hori zailagoa da, eta, neurri batean, Ekainaren 28ko borroka edukiz hustu dute. Guk hori aldarrikatu nahi dugu, are gehiago aurten, 50 urte beteko baitira Stonewalleko errebolta gertatu zenetik. Data hori gogoratzeko, karrikak jendez bete nahi ditugu. Agian batzuei ahaztu egin zaie kaleak gureak ere badirela.

Borrokarekin lotutako oinarria jarri nahi duzue erdigunean?

Bai, hori egin nahi dugu. Gaur egun, LGTBI+ mugimenduari buruzko ideia kolonizatzaile eta kapitalista bat saltzen da. Iruñean, beste mugimendu bat sortu da: mugimendu transmarikabolloa. Mugimendu horretan gaudenok gara antikapitalista, antifaxista, eta antikolonialista. Sumatu dugu hiri handietan gure borroka edukiz hustu dutela, eta kapitalismoak xurgatu egin duela. Herrialde bakoitzak bere testuingurua du, eta nork bere esparrura egokitu behar du. Ezin ditugu ahaztu arrazializatutako pertsonak, eta ezin dugu ahaztu zapalkuntzen intersekzionalitatea oraindik ere ezkutuan gelditzen dela.

Horrek are ikusezinago bilakatzen du batzuen errealitatea?

Bai. Horregatik segitu behar dugu borrokan, denon eskubideak eta askatasunak onartu arte. Nik ezin dut aske izan besteak aske ez badira. Gurea kolektibo zabala da. Ezberdintasunak egon daitezke, baina garrantzitsuena da argi izatea borroka kanpoan dagoela. Ezberdintasunen gainetik dago sufritu dugun indarkeria. E28 plataforman dauden pertsona asko dira, gainera, mugimendu feministako kide, edo Hiesaren Aurkako Batzordeko kide edo beste hainbat mugimendutako kide.

Azken lau urteotan, aldaketaren gobernuek izan dute agintea Iruñean eta Nafarroan. LGTBI kolektiboaren alde egindako lana ontzat ematen duzue?

Bai. Udalak martxan jarritako Harrotu zerbitzua eta gobernuaren Transbide urrats garrantzitsuak izan dira. Ni transa naiz; bi zerbitzuok erabili ditut, eta esperientzia oso ona izan da, ni bezala sentitzen duten pertsonekin bat egin ahal izateko. Askotan gertatzen da zure lagunak edo familia ez direla kolektiboaren parte, eta kolektiboko jendea ezagutu nahi duzula. Halako zerbitzuen bidez, mugak zabaldu egiten dira, zurearen gisako bizipenak dituzten beste pertsonak ezagutzen dituzulako.

Navarra Sumako hautagai Enrique Maia da orain Iruñeko alkate. Harrotu zerbitzua arriskuan egon daitekeela uste duzu?

Duela urte eta erdi jarri zuten martxan, eta ongi funtzionatu duela uste dut. Orain zer gertatuko den ez dakigu, baina espero dugu egoera ez aldatzea. Eta, aldatzen bada, argi dugu zerbitzuaren alde lan eta borroka eginen dugula. Harrotu itxi baino, finantzaketa murriztuko duten beldur gara.

Zerbitzua beharrezkoa dela uste duzue?

Bai, erabat. Familiek ere erabiltzen dute. Nire gurasoek erabili dute, adibidez, bai eta nire lagunek ere. Funtzio asko ditu: ez da bakarrik arreta psikologikoa; elkarbizitza da, elkar errespetatzea. Eta horrek balio handia du.

Eta, hala ere, horren alde borrokan segitu behar duzue?

Hala da. Jende askok ez du ulertzen. Askotan esaten digute jada gainerakoek dituzten eskubideak baditugula, ea zer gehiago nahi dugun. Hori esaten dutenei erantzuten diet eraso bat sufritzen badute, haiekin bat egiten duten pertsonen babesa jasotzen badute, orduan konturatuko direla saretze horrek zenbaterainoko garrantzia duen. Finean, zure burua zaintzea eta elkar zaintzea da kontua. Eta zaintza horren bidez ahalduntzea. Horrek indar handia ematen digu.

Dibertsitatearen ingurukoak oraindik ez ditugu behar bezala jorratzen, eskolatik hasita?

Lan handia bada egiteko. Nire ikasle garaian, adibidez, gure gelan ez zegoen marikarik, ezta bollerarik, ez eta transik ere. Horri guztiari buruz ez genuen hitz egiten. Sexuari buruz mintzatzen ginenean, dena zen heteroarauari buruzkoa eta koitoaren ingurukoa. Nik argi dut nire egoera asko aldatu izanen zela eskolan auzi hau beste modu batera jorratu izan bagenu.

Oraindik ere LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak gertatzen dira.

Bai. Tamalez, oraindik ere gertatzen dira. Gutxiago, baina gertatzen dira. Nik trans gisa ez dut erasorik sufritu, baina emakume gisa bai. Ni genderqueer naiz, pertsona ez-binarioa, eta trans gisa izendatzen dut neure burua. Jendeak erraz uler dezan, lehen emakumea nintzen, eta orain mutila. Emakume gisa indarkeria sufritu nuen bollera izateagatik. Horrelakoak zergatik gertatzen diren galdetzen nion nire buruari.

Eta zein da erantzuna?

Boterea gizon zisheteroen esku dago, eta botere hori erakustea zen nire kontrako eraso horien arrazoi bakarra. Hori da halakoen helburua. Ni, halere, aske sentitzen naiz orain, ahaldunduta kalera ateratzeko, Harrotun egindako lanari eta plataformari esker.

Zer erranen zenieke iruindarrei kalean zuekin bat egiteko?

Guztion artean lor dezakegula behar dugun aldaketa, eta sarea osatuko dugula.

Iritzia: Jaiak: gizartearen maketa

Iritzia: Jaiak: gizartearen maketa

Saioa Alkaiza
Normaltasuna bueltatuko diogu hiriari. Sanferminetara begira, gauza batzuk ezin izanen ditugu ukitu, Errekoletak plazako txosnak, adibidez, baina heldu den urtean, halakorik ez da egonen, ziur".Bota du bere mehatxua Enrique Maiak. Aurten ...

Hitzen altxorra jasotzeko sarea

Hitzen altxorra jasotzeko sarea

Edurne Elizondo
Historia eta istorioak. Eskualdeko herritarren iragana eta oraina lotzen dituzten hitzak. Hitz horien atzean gordetzen den altxorra. Horixe jaso du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma ...

Egiak kantatuz barrena hustu

Egiak kantatuz barrena hustu

Ane Eslava

Egia. Hori da kantu batek behar duena: "Egia esan; benetakoa izan". Hori uste dute Areta Senosiain, Amets Aranguren, Ibai Osinaga, Eder Escalera eta Javier Larrañeta musikariek. Egiak kontatzeko eta barrenean zutena musikaz kanporatzeko, Ibil Bedi taldea sortu berri dute. Erlojuaren kontra ondu dute lehenbiziko diskoa, eta Berandu baina garaiz izena jarri diote, urteetan taldearen proiektua geroratzen aritu ostean egin baitute urratsa; berandu, baina garaiz.

"Ines Osinagari entzun nion kantu batek egia esan behar zuela funtzionatzeko", adierazi du Amets Arangurenek. Hori bera pentsatzen dute hark eta haren taldekideek, eta hori egiten saiatu dira: sentimenduak hitz bihurtu, eta, gero, kantu bidez, hartzaileekin partekatu. Zazpi abestiko lana osatu dute, eta gai pertsonalei buruz mintzatu dira horietako bakoitzean. Sentimendu jakin batek zeharkatzen du diskoa, bereziki: galerak. Osinagak eta Arangurenek idatzi dituzte hitzak, azkenaldian bizitako bolada txarretan, ezinegonak airatzeko eta barrena sendatzeko. Hala, aurrera egiteko baliatu dute musika: aurrera ibiltzen jarraitzeko. Eta ideia hori bera eraman dute taldearen izenera.

Musikak elkartu ditu bost kideen bideak, baina aldez aurretik ezagutzen zuten elkar. Senosiain eta Aranguren Iruñekoak dira, eta, taldean, lehenak biolina jotzen du, eta bigarrenak, pianoa eta saxofoia; biek egiten dituzte koroak. Escalera Erriberrikoa da, eta taldeko bateria jotzailea; Osinaga Irunberrikoa da, eta abeslaria eta gitarra jotzailea; Larrañeta, berriz, Zangozakoa da, eta baxu jotzailea. Lehenbiziko laurek institutuan eta kontserbatorioan ezagutu zuten elkar; Osinaga eta Larrañeta, berriz, herrien gertutasunarengatik dira lagun.

Senosiainek, Arangurenek eta Osinagak institutu garaitik zeukaten musika talde bat sortzeko ideia, baina Silvia Perez Cruzen kontzertu baten ostean hartu zuten erabakia. Bi neskek elkarrekin ikusi zuten abeslari kataluniarraren kontzertua, iaz, Donostian, eta, ateratzean, pentsatu zuten saiatu behar zutela jendeari sentiarazten egun hartan haiek sentitutakoa. "WhatsApp talde bat egin genuen, Ibairekin, eta Benetan izena jarri genion; esan genuen: egingo dugu zerbait, baina benetan", kontatu du Senosiainek. Iazko udan izan zen hura. Erabakia hartuta, lehenbiziko kantu batzuk lantzen hasi ziren, eta, beste taldekideak bilatu ondoren, aurtengo urtarrilean jarri ziren martxan bost lagunak. Azkar sortu dute diskoa, beraz.

Proiektua gerorako uzten aritu izanak inspiratu zituen diskoaren izena erabakitzeko. Zehazki, Arangurenek proposatu zuen. "Behin, esaldi bat irakurri nuen [Karmele Jaioren] liburu batean; zera zioen: Garaiz esaten ez direnak, gero ezin izaten baitira esan. Eta pentsatu nuen gu berandu gindoazela, baina ez beranduegi; epearen barnean", azaldu du.

Laguntasunak eta musikarekiko pasioak ez ezik, musikan ibilbide bat egina izateak berdintzen ditu bost taldekideak. Osinagak kontserbatorioan ikasi zuen; Altxatu punk-rock taldean aritu da bederatzi urtez, eta hainbat txarangatan jotzen du. Aranguren, Senosiain eta Escalera ere kontserbatorioan ikasten ari dira, eta azken hori txarangatan ere ibiltzen da. Larrañagak, berriz, Soul Meeting taldean jotzen du, eta, Osinagarekin batera, Hordeum Vulgare proiektua sortu zuen, baina eten egin dute. Kontatu dutenez, denek musika jakintzak izateak kantuak sortzeko erraztasuna emateaz gain, exijentzia handia izatera eramaten ditu, horrek dakartzan gauza on eta txarrekin. "Guri erakutsi digute inoiz ez dela perfektua; beti hobetu daitekeela", aipatu du Senosiainek. Ondorioz, onartu dute diskoarekin "gustura" egon arren oraindik xehetasun batzuk aldatuko lituzketela.

Askotariko esperientziak dituzten modu berean, musikan erreferente ezberdinak ere badituzte. "Ez dugu erreferentziazko talde jakin bat, baina gugan eragina izan dezaketen taldeak daude", azaldu du Arangurenek. Horien artean aipatu dituzte Anari, Katamalo, Izaki Gardenak, Itoiz eta Hertzainak taldeak. Ez dakite nola definitu sortzen duten musika, eta ez dute definizio itxi bat egiteko asmorik, baina gustatu zaie nola deskribatu duten taldea Euskal Irratietan: "Pop folkeroa, rock kutsuekin". Edonola ere, hala laburbildu du Osinagak haien musika: "Ez da gaueko hamabietarako musika bat: geratzeko musika bat da; entzutekoa".

Ibil Bedi-ren nortasuna, halere, hitzetatik etorri da, "hitzen mesedetara" konposatzen baitute musika. Hortaz, garrantzizkotzat jotzen dute entzuleek ere horiei erreparatzea. Bost kantu Osinagak idatzi ditu —Agur, Sua, Zaldi zangarra, Gaindosia eta Ama—, eta beste biak —Ihesean eta Hariak—, berriz, Arangurenek. Eta "hustu" egin dira, "barnetik eta lehen pertsonan" idatzi dituzte hitzak. Osinagaren kasuan, amaren heriotzak markatu eta zeharkatu ditu kantu guztiak: iaz hil zitzaion, eta minetik eta galeratik hasi zen sortzen, bizitakoari erantzuna emateko. "Niretzat disko hau monografiko bat da: azken urte honetako nire egoera pertsonalaren isla", adierazi du abeslariak. Hain zuzen ere, amari eskainitako kanta bat sartu du diskoan, eta ama bere "kantu guztietan" dagoela adierazi du.

Arangurenek ere garai gogor batean idatzi zituen kantuak, buruan zituen gauzak idatzita eta kantu bihurtuta "kanporago" zeudela sentitzen baitzuen. Bolada horretan lagun izandakoei eskaini die kanta bat; bestea, gaizki pasarazi ziotenei. "Gorka Urbizuk kontzertu batean esan zituen hitz batzuk buruan geratu zitzaizkidan", esan du "Ez dakit norenak ziren, baina zioten kantatu behar dela galeratik, ez gorrototik; nik, orain, abesti hauek kantatzean, hori dut buruan".

Asteburu batean grabatuta

Maiatzean grabatu zuten diskoa, Amorotoko (Bizkaia) Musikorta estudioan. Estudioaren jabeak ezagunak zituztelako erabaki zuten hara joatea, eta haien gertutasunari eta tokiaren berezitasunari esker "oso gustura" egon zirela esan dute taldekideek, aho batez. Azkar egin zuten grabaketa, asteburu bakarrean, eta hori ere erronka bat izan zen haientzat. Pablo Blanco ilustratzaile zangozarrak diseinatu du diskoaren azala: bost aurpegi abstraktu agertzen dira marrazkian, bost taldekideenak. CDaren diseinua, berriz, Olrait Studiorena da.

Taldekideek argi dute, dena dela, haien musika ezagutzeko modurik onena kontzertuetara joatea dela. Dagoeneko hasiak dira batzuk ematen: Irunberriko Saira tabernan egin zuten estreinaldia, maiatzaren 30ean, eta ondoren Iruñeko Karrikiri elkartean, Bilboko Bira kulturgunean eta Miarritzeko gaztetxean izan dira. Kontzertu bakoitza "oso ezberdina" izan dela kontatu dute taldekideek, eta guztiak "bereziak eta gertukoak". Modu bitxi batean hasi eta bukatu dituzte kontzertuak: bertso bat kantatuz, ahots hutsez. Arangurenek konposatu du, Oskorriren Negu partean mizpira kantuaren doinuarekin. Honakoa dio: Beterik gatoz sendagaiaz, gu prest gaude eta hi non haiz? Bidea hasi da eta ibil bedi. Ekainaren 30ean eta uztailaren 8an dituzte hurrengo kontzertuak, EHZ jaialdian eta sanferminetan.

Ibilbidea hasi berritan, Ibil Bedi taldeko kideak "harrituta" daude jendearen erantzunarekin. Izan ere, badakite gaur egun ez dela erraza kontzertu batean kantu batekin entzuleei negarra eragitea, edo ezagunek mezuak idaztea esanez diskoa entzun eta malkoak isuri dituztela. Baina haiek lortu dute. Eta argi dute zergatik den: kantuetan "egia" esan dutelako.

Mendeurren besta erraldoia

Mendeurren besta erraldoia

Edurne Elizondo

Besta gune. Ospatzeko toki bilakatu zen Iruñeko zezen plaza, larunbatean, hiriko Pamplonesa udal musika bandako kideei esker. Ez ziren bakarrik izan: herritarren babesa izan zuten, batetik ordu eskas batean saldu zituzten kontzerturako sarrera guztiak, eta, bertzetik, mundu osoko laurogei bandatako 3.100 musikarirena. Iruñeko erraldoiek ere parte hartu nahi izan zuten, eta lehen mailako dantzari bilakatu ziren Pamplonesaren mendeurren bestan.

Aurtengo ekaina berezia izaten ari da bandako kide guztientzat. Hilaren hasieran, 6an, 7.000 ikasleren aurrean jo zuten musikariek, mendeurrenari lotutako ekinaldiak martxan jartzeko. Hogeita hamabi ikastetxetako haurrek egin zuten bat Nafarroa Arenan, egun horretan, bandako kideak entzuteko prest. Haur horiek ikasturte osoan landu dute Pamplonesaren lana eta historia, eta ekainaren 6ko kontzertuak eman zien egindako lana biribiltzeko aukera. Pamplonesako kideentzat ere "berezia" izan zen emanaldia, kontzertua zuzendu zuen Jesus Garisoainek bukatu bezain pronto nabarmendu zuenez.

Datorren uztailaren 6koa ere egun berezia izanen da, segur aski, Pamplonesa bandako zuzendariordearentzat, Garisoainek berak botako baitu aurtengo sanferminak hasteko txupinazoa, Iruñeko herriko etxetik. Ia aho batez erabaki dute iruindarrek Pamplonesak abiatuko dituela Iruñeko bestak: 9.472 herritarrek eman dute botoa, eta ia guztiak eskuratu ditu musika bandak, %92,1 alegia. Osasunako presidente Luis Sabalza zen bertze hautagaia.

Iruñeko Udalak joan den astean ezagutarazi zuen Pamplonesak botako zuela bestetako txupinazoa. Joseba Asiron jarduneko alkatea zen, eta argi erran zuen: "Pamplonesa esatean, Iruñea esaten dugu, eta sanferminak". Izan ere, suziriak eztanda egin bezain pronto, Pamplonesako musikariak arduratzen dira plazan lehendabiziko obra jotzeaz: Gaintza biribilketa. Garisoain izaten dute bandako kideek zuzendari egun horretan. Besta lehenago hasiko da, aurten, musikarientzat.

Liburua

Momentuan gozatzeko dira Pamplonesaren kontzertuak, baina mendeurrena ospatzeko, bertzelako euskarriak ere jorratu ditu musika bandak: Cien años con la Pamplonesa (Ehun urte Pamplonesarekin) lana ondu dute Luis Maria San Martin musikologo, irakasle eta bandako kideak, Rebeca Madurga musikologo eta arte eta humanitateetako doktoreak, eta Javier Vazquez historialari eta udaleko teknikariak.

Bandaren historia jaso du liburuak. 1919. urtean sortu zuten hainbat herritarrek, orduan banda militarrak baino ez zeudelako hirian. 1941. urtean, Iruñeko Udalak hartu zuen bere gain. Urte horretatik 1987. urtera bitarte, Iruñeko Musika Bandaren Patronatuak izan zuen taldearen ardura. 1987an, patronatua desegin, eta jatorrizko eredura itzuli zen: kultur elkarte bihurtu zuten; eta kultur elkarte da, oraindik ere. Ehun urtekoa.

“Galerei aurre egiteko, etengabe egokitu behar dute zaharrek”

“Galerei aurre egiteko, etengabe egokitu behar dute zaharrek”

Edurne Elizondo

Oraingo zahartze prozesuak ez dira lehengoak. 65 urteko pertsona batek erretiroa hartzeak ez du erran nahi aktibo izateari uzten dioenik. Hori nabarmendu du Tania Camino Sanchez psikologoak (Gasteiz, 1981). Zaharrek behar bereziak dituztela erantsi du, eta erantzuna eman behar zaiela. Horretarako dute talde berezia Nafarroako Psikologoen Elkargoan.

Zahartze prozesuak artatzeko taldea baduzue elkargoan. Behar bereziak daudelako?

Taldea duela hainbat urte sortu zen, psikologoak hasi ginelako bat egiten zaharrak artatzen dituzten zentroetako gainerako langileekin. Zahar etxeetan eta eguneko zentroetan lanean hasi ginenean, ohartu ginen bazirela erantzunik ez zuten beharrak. Horregatik erabaki zen taldea osatzea; behar horiei erantzuten hasteko, eta, aldi berean, zaharrekin lan egiten dugun psikologoen arteko elkarlana eta gogoeta bultzatzeko.

Zeintzuk dira zaharrek dituzten behar berezi horiek?

Zaharrentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan aritzen garenok artatzen ditugu, batez ere, narriadura kognitiboa dutenak. Kasu horietan, gure lana da kaltearen ebaluazioa egitea, zer gaitasun landu behar den zehazteko, eta, horrekin batera, pertsona horrekin lan egiten duten gainerako profesionalekin aritzen gara, zaharrok nola artatu lantzeko.

Kasu zehatz horietan, etxetik kanpo egoteak ere eraginen die, ezta?

Bai. Elementu anitzek eragiten diete, eta hori kontuan hartu behar da. Horregatik sortu genuen taldea. Zaharrek galera anitzi egin behar diete aurre: gaitasunak galtzen dituzte, etxetik atera behar izaten dute anitzek, lagunak hiltzen joaten dira... Erretiroak ere badu eragina. Fase berri batera egokitzeko beharra dute. 65 urte baino gehiago badituzu, gizarteak zahartzat hartzen zaitu, eta inork azaldu ez dizkizun aldaketak gertatzen hasten dira zure inguruan. Galera horien aurrean egokitzen joan behar dute, etengabe. Eta hori egiteko laguntza da, anitzetan, eskatzen dutena.

Egungo gizarte ereduan, lanik egiten ez duenak ez du balio?

Lanarekin lotuta dago identitatea, neurri handi batean. Estereotipo anitz dago indarrean, oraindik ere, eta zahartzaroa lotzen da ahultasunarekin. Kontua da gaur egun 65 urte dituzten pertsonak hagitz aktiboak direla, kasu anitzetan; hamaika gauzatan aritzen dira. Zahartzea ez da lehen zen prozesu bera, jada. Ondorioz, artatu behar dugun sektorea ere aldatzen ari da, eta kontua ez da bakarrik narriadura kognitiboa dutenak artatzea.

Erraza da 65 urte baino gehiagoko horiek psikologoengana jotzea laguntza bila?

Gure inguruan ere estereotipo anitz dago indarrean, oraindik ere, eta gazteentzat ere zaila izaten da guregana jotzea. Guk zaharrak artatzen ditugu, batez ere, haientzako egoitzetan, eta, ondorioz, erraz hartzen gaituzte, artatzen dituzten profesionalen artean bertze bat garelako, finean.

Zure ikuspuntutik, nolakoa da zaharrekin egiten duzun lana?

Niretzat hagitz aberasgarria da. Gertutasun handiko pertsonak dira. Finean, egunero ikusten dugu elkar, eta zuregana jotzen dute hitz egiteko, edo gauzak egiteko. Esker onekoak dira; esperientzia hagitz aberasgarria da.

Hilaren 15ekoa izan da zaharren aurkako tratu txarrei aurre egiteko eguna. Sektore bereziki zaurgarria da haiena?

Bai. Eta hori da agerian utzi nahi dena egun horren bidez. Tratu txarrak ikusezin dira, oraindik ere, neurri handi batean, baina are gehiago zaharren artean. Tratu txar horiek familia artean gertatzen dira, batez ere. Halere, datuak falta zaizkigu, auzia ez baita behar bezala ikertu, oraindik ere. Kasu anitzetan arazoa da zaharrak ez duela behar bezalako arreta jasotzen zaintzailea erreta dagoelako, eta ez dakielako aurrean dituen egoerak ongi kudeatzen. Ohartu gara tratu txar ekonomikoa ere gertatzen dela.

Nola, zehazki?

Krisiak eragin zuen lana galduta anitzek gurasoengana itzuli behar izatea bizitzera, eta halakoetan gertatzen da, anitzetan, gurasoen dirua gastatzen dutela seme-alabek. Halako egoerak agerian uztea hagitz zaila da. Noski, gurasoek ez dute seme-alaben aurka egin nahi, baina gehiegikeriak gertatzen dira.

Zaila da datuak lortzea?

Bai. Gu saiatu gara, galdeketa egin dugu Nafarroako gizarte langileen artean, eta haiek argi eta garbi erran digute zaila dela 65 urte baino gehiagokoen etxeetara sartzea, beren errealitatearen berri zehatza jasotzeko. Gehienetan, mendekotasun bat dagoenean badute etxe batean gertatzen denaren berri, halabeharrez sartu behar dutelako, han bizi dena artatzeko. Guk uste dugu beharrezkoa dela auzi hau mahai gainean jartzea.

Emakumeak egoera bereziki zaurgarri batean daude?

Datuek diote baietz. Emakumea bikotekidearen menpe egon bada arlo ekonomikoan, adibidez, arriskuak gora egiten du. Oraindik ikerketa lan handia bada egiteko, halere.

Zaharren egoitzetan eta zentroetan zein da egoera?

Hemengo ereduak antz handia du ospitale bateko zerbitzuekin, eta gertatzen da beti ez direla zaharren interesak kontuan hartzen.

Zaharrak artatzen dituzten profesionalak trebatzeko beharra ere bada?

Bai. Trebatu behar ditugu zaintzaile profesionalak, bai eta profesional ez direnak ere.

Espainiako mendekotasun legeak laguntzak agindu zituen, baina ez da bete. Eragin du zaintzan?

Murrizketa anitz izan dira. Laguntzek behera egin dute, eta zaintzaile anitzek gainezka egiten dute. Zaindu behar dira zaintzaileak ere. Iruñeko Donibane auzoan, adibidez, ituna sinatu dugu hamaika eragilek, denen artean zaharren aldeko estrategiak garatzeko. Kontua da komunitatea inplikatzea.

Iritzia: Gris

Iritzia: Gris

Lur Albizu Etxetxipia

Txuri-beltzeko argazkiak zirela ematen zuen, edo horretara ohitu ginen. Iruñea eta Nafarroa grisaz iraganean hitz egitera. Betiko uxatu bagenitu bezala. Bagenekien ezetz, baina akaso geure buruak pixka bat engainatu nahi izan genituen (gezur bat mila aldiz), errealitateak batzuetan hala ere eraiki egiten direlako. Eta oso egiazko lau urte izan dira, baina amets txiki bat ere izan zen. Ekilibrismorik handienak, kasualitateek, besteek gaizki egindakoek eta kanpoko jokalekuek ekarri ziguten emaitza sinestezina 2015ean: aldaketa. Eta akaso momentuko argazki bat zen, baina aurretik lan handia dagoela eta horretaz kontziente izan behar dugula ikusi dugu azken asteotan. Nafarroa nahi baino matxistagoa, eskuindarragoa, euskarafoboagoa sartu hemen nahi adina abizen— dela. Baina ez gaitezen engaina: Nafarroa aldatu, aldatu egin da azken urteetan. Eta hori ezin da eta ezin izan dute saihestu, eta aldatzen jarraituko dugu. Euskaldunagoa, feministagoa, ezkertiarragoa da gure lur txiki hau.

Ahaztua dugu, akaso, nolakoa zen Nafarroa, nolakoa zen Iruñea UPNk gobernatzen zuenean. Errealitatea, aste honetatik aurrera, zaplaztekoak ematen hasiko zaigu. Prest egon beharko genukeela entzun dut, esan dut azken asteetan. Baina momentu berezi batean gaudela uste dut: errealitateari begiratu eta hau onartzeko garaia da; orduan hasiko gara egoera berriari tamaina hartzen eta, beti bezala, Nafarroa hobea eraikitzeko lanean jarraitzen. Zeren ez, ez gaude prest sobreetarako, borra luzagarrietarako (eh, Esporrin?), kalera erdi urduri ateratzeko, euskara desagerrarazia ikusteko, operazio espekulatiboetarako, herritarrak entzuten ez dituzten eraikinetarako… beste zerbait ezagutu dugu eta badakigu askoz hobea zela, arnasaldi bat izan dela eta, akatsak akats, lortutakoa handia izan dela.

Nire miresmen osoa egunero-egunero esparru desberdinetan (ikastetxeetan, eragile sozial eta sindikaletan, herri mugimenduetan, kultur-taldeetan, lantokietan, udaletan…) lanean aritu direnei, eta udalgintzan aritu eta aritzen diren horiei guztiei. Beharbada orain hartuko diogu benetako tamaina egin duzuen lan guztiari, konturatuko gara zenbaterainokoa zen batzuetan "azaleko, kosmetiko, sinboliko" deitu dugun edo iruditu zaigun hori. Bide luzeak, zailak eta deserosoak hartu dituzue askotan; konpromiso eta ardura handiak. Ez dakit kontziente ote garen egin duzuen guztiaz.

Aspalditik gatoz eta urrunera goaz. Ez gaude egun bakarreko partidetara ohituta, lasterketa luzeetan badakigu ibiltzen eta galtzera ohituta gaude. Baina badakigu gaurko Nafarroa ez dela duela urte batzuetako Nafarroa eta bultzatzen jarraitu behar dugula. Indarrak hartu eta, beti bezala, aurrera segitzea besterik ez zaigu geratzen. Bagenekien zaila izanen zela, baina erronkak gustatzen zaizkigu. Mundu hobe bat eraikitzea beti egonen da oztopoz beterik. Erortzen garenean, zutik erortzea gustatzen zaigu.