#Izugarria

Lohizune Amatria

Iritsi da udazkena. Benito Lertxundi jarri dute irratian; eguraldiari tarte luze xamarra eskaini diote telebistan, eta sare sozialetan Iratiko oihana bisitatzeko gonbita egin dute. "Irati, Pirinioetako oihan magikoa. Udazkeneko plazera. #Bidaiatu. #Ezagutu". Arrazoirik ez zaio falta tituluari: ederra jartzen da Iratiko oihana hori, gorri, laranja eta marroi kolorez tindatzen denean. Eta, bisita egitea erabaki duzun egun horretan eguraldi ona egiten badu, gainera, mirari bilakatzen da bidaia.

"Irati, argazkigintzaren paradisua. #Izugarria. #Bilatu. #Aurkitu". Ez da zaila, ez, Twitterretik hartutako beste mezu horrek dioena egitea. Irati bilatu eta aurkitzea erraza da; Iruñetik ordubetera baino ez dago. Errepidea oso ona ez dela esango dizuete zenbaitek; baina lasai, Iratiko oihanak merezi du, "#izugarria" baita.

Mendietako zuhaitzen eraldaketari erreferentzia eginez, "udazkeneko sorginkeria Nafarroako Irati oihanean", zioen beste mezu batek. Sorginkeria zeinek eragin ote duen galdegin diot neure buruari hura irakurtzean. Aldaketa ez baita soilik zentzu horretan izaten. Iratin ez da dena hori, gorri, laranja eta marroi kolorekoa. Oraindik ere sare sozialetan batera eta bestera dabiltzan artikuluak auto ilara luze bihurtu dira azken asteotan. "#Turismoa".

Bai bertakoentzat eta bai bisitarientzat ere eremu deseroso bilakatu da parajea. Orduak eman behar izan dituzte gidari askok zain; zenbait, gainera, Iratira sartzeko aukerarik gabe geratu dira, eta autoarekin buelta emateko egin dute ilara. Argazki idilikorik gabe itzuli dira etxera. Iratik bi sarrera ditu, Otsagabikoa eta Orbaizetakoa. Bigarren horretan egon nintzen ni udazkeneko lehenengo zubian, eta lehenengo pertsonan bizi izan nuen sortu zen auto-ilaretako bat.

Arratsaldeko zazpi eta erdiak ziren. Nahita, berandu xamar igo ginen portura, bordara jaitsi behar genituen ardi batzuen bila. Baina autokarabanekin eta furgonetekin lo egiteko prestatuta dagoen Arrazolatik pasatzean zanpatu behar izan genuen frenoa. Hirietan ohikoagoa izaten den irudia genuen aurrean: aparkatzeko tokirik ez, eta gidari zenbait haserre aurpegiarekin. Guri ere aldatu zitzaigun aurpegia egoera horren aurrean. Tarte batez zain egon ondoren, baina, jarrera hori lagungarria ez dela konturatu nintzen.

Gero eta ohikoagoa den eszena da kolapsatutako Irati oihanarena. Gaur egun, eremu honek ez du hainbeste turista hartzeko azpiegiturarik. Baina, eskualdearen gainbehera kontuan izanda, besteen artean, beharrezkoa du turismoa. Hortxe arazoa: bertakoek eta turistek lilura galdu dute egoeraren aurrean. Denen arteko elkarbizitza eta oreka bilatu beharko da, beraz.

Zaraitzuk aurreratu du jada aparkaleku handiago bat egiteko nahia. Iruditzen zait, baina, izozmendiaren puntan dagoen arazoa konpontzeko neurrietako bat izango dela planteatu duten hori. Muinera jo beharko da irtenbidearen bila, eta, lan horretan, bertako bizilagunak, instituzioak eta Nafarroako Gobernua eta Landa Garapenerako departamentua beharko ditugu.

Adiskidetzeko bidean, alkateak motor

Adiskidetzeko bidean, alkateak motor

IDOIA ZABALETA / ARP

Joan den larunbatean, alkateen bilkura antolatu zuen Foro Sozialak Iruñeko Kondestablearen jauregian. Nafarroan "bizikidetza berri bat" bultzatzeko helburua agertu zuen foroak, eta bide horretan alkateei "motor" izateko eskatu. "Udalak herritarrengandik gertuen dauden instituzioak dira, eta, horrela, prozesuaren arrakasta eta behetik goranzko perspektiba bermatuko dira", azaldu zuten. Horrekin batera, ETAri eta agintariei gatazkaren irakurketa "kritikoa", "eraikitzailea" eta "partekatua" egiteko eskatu zien Foro Sozialak.

Norabide berrian aurrera

Norabide berrian aurrera

Iker Tubia

Bestondo goxoa utzi du 10. urteurreneko bestak. Ondorioak begi-bistakoak dira. Uharten, artilez egindako koloretako bufandak zintzilik ageri dira nonahi. Joan den larunbatean, Uharteko arte garaikideko zentroak besta antolatu zuen bere urtemuga ospatzeko eta jendearekin biltzeko. Polemika, ezjakintasuna eta noraeza agerikoak izan dira ibilbidearen hainbat unetan. Hori hautsi, eta proiektu berria sendoa dela erakutsi du Uharteko zentroak.

2007. urtean inauguratu zuten arte garaikideko zentroa. Bi ekitalditan egin zuten. Lehenbizikoa inaugurazio hutsa izan zen, adiera guzietan. Inaugurazio bat baizik ez zen izan, oraindik hutsik zegoen zentro baten aurkezpena. Apirilean izan zen hori, kalean uhartear batzuek, pankarta eskuan, protesta egiten zuten bitartean. Bigarrena, berriz, urte bereko azaroan izan zen. Orduan bai, orduan zentroak bazuen zer eskaini.

Inaugurazio horretan izan ziren gaur egun zuzendaritzan dauden lau emakumeak. Oskia Ugarte zentroko kudeatzaile eta koordinatzaileak gogoan du anekdota esanguratsu bat. Eskailerak jaisten ari zen, aurrean gizon eta emakume zaharrak zituela. Behean bi emakume zeuden, performance bat egiten. Bata lurrean etzanda, bestea lurrera so. Gizona larritu zen, zerbait gertatzen zitzaiola uste zuen, eta aldamenekoari esan zion lagundu behar ziotela. Nafarrak ez zeuden arte garaikidea ikustera ohituta.

Hamar urte igaro dira ordutik. Ibilbide horretan bi osagai nabarmen izan dira: polemika eta ezjakintasuna. Hasieran, uhartearrak proiektuaren aurka agertu ziren. Zentroa udalak eraiki zuen, bederatzi milioi euro gastatuta. Gerora, Nafarroako Gobernuaren ekarpena milioi batekoa baizik ez zen izan. Urtean 1,2 milioi euroko aurrekontua behar zuen zentroak, udalaren aurrekontuaren %20. Egoerak ez zuen luze iraunen.

Uhartekoa 6.500 metro koadroko eraikina da. Haietatik 2.300 erakusketa aretoetarako diseinatu zituzten. "Eraikin erraldoi eta hotza zen; Uharte bezalako inguru batean ez zuen tokirik. Sentsazio hori gogoan dut, baina aldatuz joan da urteek aurrera egin ahala eta eraikin honekin izan dudan harremanarekin", azaldu du Nerea San Millan zentroko hezkuntza arduradunak. Garai hartan bi pentsamendu kontrajarri izan zituen Ugartek: "Zer egiten du honek Uharten?" eta "Tira, hau aukera". Nerea de Diego zentroko arte bisualen arduradunak ere gogoan du une hura: "Jakitun ginen kontainerrak eraikitzeko garaia zela, eta arazoa gerora etorriko zela, hori edukiz bete behar zenean".

Herri guzietan kultur etxe handiak eraikitzeko urteak ziren, baina helburu zehatzik gabe. Edukirik gabeko edukiontziak ziren. Uhartekoa ere bai. "Edukian ez duzunean pentsatzen, ondorioa da ez duzula etorkizuneko begiradarik, eta proiektuak aldatuz joan behar du ahal duen bezala aurrera egiteko. Hori da gertatu dena", zehaztu du San Millanek.

Proiektua berehala hustu zen. Lehenbiziko urtean 1,6 milioi euroko aurrekontua izan zuen, hurrengoan 1,2 milioikoa, eta beheranzko joerari jarraitu zion 300.000 eurora ailegatu arte. Gaur egun, egoera ekonomikoa hobetu egin da: 400.000 euro dituzte jardueretarako, 90.000 euro artistak laguntzeko programarako, eta 40.000 euro baliabideetan inbertitzeko.

Hasierako aurrekontuak kontuan izanda, Uharteko Udalak nekez euts ziezaiokeen egoera horri. 2010. urtean Nafarroako Gobernuak zentroaren ardura hartu zuen. "Erabateko erreskatea izan zen. Erreskatatu edo itxiko zuten", dio Ugartek. "Kontua da ez zuela zentzurik Nafarroak ez izateak arte garaikideko zentro bat eta Uharte bezalako herri batek bai", gehitu du De Diegok. Beharren arabera jokatu izan balitz, bestelako proiektu bat sortuko zuketen, seguruenik.

Orain arte, noraezean

Arazo nagusia kultura plan estrategiko baten falta izan zela nabarmendu dute zentroko zuzendaritzako kideek. "Ez dakit utzikeria den, edo ezjakintasuna. Ez dut uste fede txarrez jokatu denik, baina ez da helburuen arabera aritu", dio Ugartek. Baziren bestelako aferak ere. Ziudadela arte garaikideko zentro bihurtu behar zuten, eta bertan Joxefa Uharteren bildumak behar zuen. Oraindik ere Ziudadelakoa birpentsatzen ari dira, eta bilduma hori Opusek du bere museoan.

Dena den, zuzendaritzako kideak itxaropentsu agertu dira, egungo gobernua plan estrategikoa prestatzen ari baita sektoreko eragileekin batera. Ugartek haien sentsazioa azaldu du: "Kultura kontseilua oso aktibo dago, eta hori berme bat da fundamentuzko plan bat izateko. Uste dut sakontasunez egiten ari direla epe luzerako plan bat".

Uharteko zentroaren historian hiru zuzendaritza aritu dira lanean. Enrique Ordoñez 2009ra arte aritu zen, eta garai horretan erakusketa handiak ekarri zituzten, aurrekontu handiak zirela aprobetxatuta. Ordura arte Nafarroan ez zen horrelako erakusketarik antolatu, eta hori baliagarria izan zitzaien artistei. "Aukera bat izan zen, ez soilik aurrekontu eta gastu handiak. Hemengo artistendako leiho bat izan zen", onartu du Ugartek.

Aurrekontuak beherakada izugarria izan zuen, baina, eta Uharteko Udala ez zen gastuari aurre egiteko gai. Egoera horretan Ordoñezek kargua utzi zuen, eta denboraldi batez zuzendaririk gabe aritu zen zentroa. Ez zen itxi, baina jarduera asko apaldu zen. 2011tik aurrera, Javier Manzanosek gidatu zuen arte garaikideko zentroa. Izendapena polemika iturri izan zen, patronatuko kide izan zelako —dimisioa eman zuen zuzendari kargua lortu aurretik—, eta zentroaren lan ildoak eta filosofia zehazteko dokumentua idaztean jokatu zuen rol nagusiarengatik.

Manzanosen garaian ez zen aurrekontu handirik izan; beraz, baliabide gutxirekin aurrera egitea tokatu zitzaion. Sasoi horretan herrira gehiago ireki zen zentroa De Diegoren aburuz. "Aurrekoa herriari bizkar emanez zegoen erabat, eta Javierrekin parte garrantzitsu hori lortu zen". Herritar asko aurka izanik, zentroa haiengana gerturatzea onuragarria zen.

Hirugarren zuzendaritza lau lagunek osatzen dute 2015. urtetik. Ugarte, De Diego eta San Millanekin batera ari da Elisa Arteta jarduera eszenikoen arduraduna. Garai berri honetan erabateko itzulia eman diote proiektuari. Hiru zuzendaritza izan diren arren, zentroaren historian bi fase bereizten dituzte zuzendariek. Lehenbiziko bi zuzendarien proiektua arte garaikideko erakusketa zentroarena izan zen. Orain, erakusketa zentro izatetik, arte ekoizpenerako gune izatera pasatu da. Egoera guziz aldatu da, nahiz eta hamar urteko ibilbidea ez duten baztertu. "Aurrekoen gauza asko hartu ditugu, noski", aitortu du San Millanek.

Aldaketak hainbat alorretan egin dituzte. Hasteko, zentroa zuzentzeko moduan, lau lagunen artean egiten dutelako. "Aldebakartasunarekin haustea askoz ere errazagoa da horrela. Lau izanda, laurehun izan gaitezke. Norberak ez du iritzi bakar bat", dio De Diegok. "Arte garaikidean praktika artistiko kolaboratiboak asko izaten dira, geroz eta gehiago. Zergatik ez eraman hori kudeaketara?", gehitu du San Millanek.

Horretaz gainera, zentroak komunitate artistikoan eta ingurunean du arreta jarria. Ekoizpenerako gune izanda, sormena bultzatzeko aukera eskaintzen du Uhartek. "Soilik erakustaldian jartzen bada arreta eta ez ekoizpenean, azkenean artea inportatu behar da", dio San Millanek. "Makurra da Madrilen bizi diren nafarren obrak inportatu behar izatea", gehitu du Ugartek. Azken finean, Nafarroa ekoizpenerako, ikerketarako eta partekatzeko gune izan daitekeela demostratu nahi dute. Alde horretatik, artistekin harreman sendoagoa dute. "Orain, artistak zentroaren parte dira; hemen bizi dira. Egunero ditugu hemen; batzuk erresidentzian, beste batzuk estudioan lanean edo gela bat publikoaren begiradapean sortzen", dio De Diegok. Gainera, gogora ekarri dute kanpoko artistak izan dituztela, atzerritik Txilekoak eta Alemaniakoak, besteak beste, eta bueltatzeko gogoa azaldu dietela.

Publikotik gertu

Zenbakiek agerian uzten zuten erakustoki gisa ez zuela etorkizun handirik Uharteko zentroak. Publiko zabala ez da haraino mugitzekoa erakusketa bat ikusteko. Bestela izan liteke esperientzia bat bizitzeko bada. Betiere, ikuste hutsari interesa kendu gabe. Baina ez da zuzendaritzak bilatzen duena. "Publikoa oso aldendurik dago arte garaikidearengandik. Guk uste dugu artearen prozesuak gertuago jarraitu eta ezagutzeak gerturatzea bultza dezakeela", dio De Diegok. Gainera, arte garaikideko proiektuak komunitatearendako oso aberasgarriak izan daitezkeela sinetsita dago.

Arte garaikidea jendeari eta zentroa herriari gerturatzea, biak dituzte helburu. Herritarrekin duten harremana hobetu dela nabarmendu dute. "Bi noranzkoetako proiektuak sortu nahi ditugu. Elkarrekin sortu nahi dugu, hori baita gune hau herriarena izateko modu bakarra", azaldu du De Diegok. Horretarako, osagai bat funtsezkoa da: denbora. Ez dago presarik. Hamar urte igaro dira, eta zuzendaritza berriarekin ailegatu da metamorfosia.

Elkarbizitzarako beste eredu bat

Elkarbizitzarako beste eredu bat

Kattalin Barber

Zer gertatuko da gurekin zahartzen garenean?". Galdera horri heldu diote Etxekide kolektiboko lagunek, baita erantzunak bilatu ere: "Etxe kolaboratiboak nahi ditugu, autogestionatuak, espazio pribatu eta komunak dituztenak, ekologikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak". Kontxesi San Juanenak dira hitzok. 59 urte ditu, eta Etxekide kolektiboko kidea da. "Gure bizitzaren eta etorkizunaren jabe izan nahi dugu", aldarrikatu du. 50 eta 70 urte bitarteko pertsonentzat etxebizitza kolektiboak bultzatzen ari da haren kolektiboa, eta, joan den astean, proiektua aurkezteko jardunaldiak egin zituzten Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Ohiko formuletatik urrunduta, zahartzaroan zaintza modu komunitarioan ulertzen duen eredua da etxe kolaboratiboena. Bertan, apartamentuak pribatuak izanen lirateke, baina espazio edo zerbitzu komunekin. "Kide bakoitzak bere espazioa eta bere intimitatea izanen du, baina, era berean, ezinbestekoa da gune komunak izatea elkar laguntzeko: lorategia, jantokia...", azaldu du San Juanek. Espazioaren banaketa egokia lortuz gero, pertsonak elkarrekin bizi daitezke intimitatea bortizki galdu gabe, eta espazio intimotik publikorako trantsizioa askoz naturalagoa egiten da.

Oraindik gauza asko dituzte definitzeko, eta bidea hasi baino ez da egin, baina kooperatiba izanen da Iruñeko etxe kolaboratiboen izaera juridikoa. Eratuko duten bazkideen batzarrak definituko ditu kooperatibaren oinarriak, bai eta irizpideak eta proiektuaren arauak ere. Ezinbestekotzat jo du San Juanek parte hartzea: "Argi dago proiektuak funtzionatzeko guztiok hasieratik parte hartu behar dugula; parte hartzen ez badugu, ez dugu inoiz geure sentituko". Horregatik, etorkizunean bertan biziko diren pertsonen lantaldea osatzen ari dira orain. Gutxika-gutxika elkar ezagutzeko, eta etxe kolaboratiboekin urratsez urrats aurrera ekiteko.

San Juanek adierazi duenez, 25-40 pertsonako talde bat osatzea da ideia; dagoeneko herritar askok agertu dute interesa. Iruñeko Udala lur zati bat uzteko prest agertu da, eta Sanduandia kaleko orube bat eskaini du. Hamarkadak daramatza hutsik, eta hamar etxe inguru eraiki ahalko lirateke bertan. "Guretzat, ordea, ez da egokia, espazioa txikia delako; lur zati handiagoa behar dugu. Baina beste talde batentzat egokia izan daiteke", dio San Juanek. Finantzaketari dagokionez, behin Iruñeko Udalak lur zatia utzita, bakoitzak bere etxea ordainduko du, eta diru laguntzak ere eskatuko dituzte.

Etxe kolaboratiboek onura handiak dituztela ziur da San Juan. "Zentzu guztietan, osasungarria da: bai guretzat eta baita hiriarentzat ere. Gure artean laguntzean eta antolatzean, ekarpen handia egiten ahal diogu komunitateari, eta, modu berean, jaso ere bai". Suedia, Danimarka eta Alemanian, esaterako, aspalditik daude martxan pertsona nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak. Horiek izan ditu hizpide San Juanek: "Etxebizitza horietan, herritarrak autonomoki antolatzen dira espazioa, elkarrenganako laguntza eta zaintza profesionalak partekatzeko, besteak beste". Nafarroan, Artieda herrian, Arterra Bizimodu proiektua dagoela jakinarazi du Etxekideko kideak: "Ez da guztiz gurea bezalako proiektua, baina antzekotasunak ditu".

Adibideak ekarri dituzte

Partekatzen eta elkarlanean bizitzeko modu bat. 'Cohousing' edo etxebizitza kolaboratiboak izenburupean antolatu zituen jardunaldiak Etxekidek, Iruñeko Udalaren babesarekin. Besteak beste, etxe kolaboratiboetan dihardutenek hitz egin zuten. Jardunaldietan Bartzelonako adibide batez mintzatu ziren. Otsailaz geroztik, La Borda kooperatiba sei solairuko egurrezko eraikin bat egiten ari da Sants auzoan, udalaren lur zati batean. Adin guztietako 50 lagun inguruk bizitza partekatu ahal izanen dute bertan eginen diren 28-30 etxeetan.

"Gure proiektua hiritarra da, eta Iruñean kokatzen da. Hirian bizi gara, eta kale giroarekin ditugu loturak. Garrantzitsua iruditzen zaigu inguruan jendez betetako hirigune bat izatea, zahartzearekin batera gero eta beharrezkoagoak eginen zaizkigun dendak, kultura, aisialdi, garraio eta osasun zerbitzuak gertutik eskainiko dizkiguna", dio San Juanek. Munduan dauden ereduei jarraikiz, Iruñean ere etxebizitza kooperatiboak nahi dituzte. Lehen zimendua jarria du Etxekide kolektiboak.

Espezismoa dute jomugan

Espezismoa dute jomugan

Edurne Elizondo

Espezismoa jomugan. Gizaki ez diren animalien bazterketaren eta erabileraren kontrako astea izanen da hurrengoa; bertze animalien interesak gutxiesten dituen aurreiritziaren aurka lan egitekoa. Nazioartean jarri dute martxan kanpaina hori, eta bat egin du, Nafarroan, LiberAbere taldeak. Urriaren 30etik azaroaren 5era, "espezismoaren biktima guztiak gogoratu" nahi dituzte ekinaldi horren bidez.

Data ez dute kasualitatez hautatu. Batetik, beganismoaren nazioarteko eguna da azaroaren 1ekoa. 1994. urtetik ospatzen dute, urte hartako azaroaren 1ean 50 urte bete zituelako Erresuma Batuko Elkarte Beganoak. Bertzetik, Ingalaterrako ekintzaile eta kale garbitzaile Barry Horneren heriotzaren urteurrena beteko da azaroaren 5ean. 1997an, 18 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Boots botika enpresaren azpiegituren kontrako hainbat sute egotzita. Lau aldiz egin zuen gose greba kartzelan, bibisekzioaren aurka; azkenaren ondorioz zendu zen, 2001eko azaroaren 5ean. Horne eta hark egindako lana gogoratu nahi du urriaren 30ean hasiko den nazioarteko kanpainak; azaroaren 4an, Madrilen, espezismoaren aurka eginen duten manifestazioak ere Northhamptongo ekintzailea omenduko du.

Kanpainarekin bat egin, eta Iruñean ere antiespezismoaren berri zabaltzeko egitaraua osatu du LiberAberek datorren asterako, Alde Zaharreko gaztetxean. Azaroaren 2an, 3an eta 4an, dokumental bat eta bi hitzaldi eginen dituzte. Ostegunean Tras el pasamontañas dokumentala izanen da, Animalien Askapenerako Frontearen lanari buruzkoa, 18:30ean. Ostiralean, berriz, beganismoaren inguruko hitzaldia, 19:00etan. "Mugimendu politiko bat dela azaldu nahi dugu", erran du LiberAbereko kide Leire Morrasek. Larunbateko hitzaldiak, azkenik, Nafarroan animaliekin egiten dituzten esperimentuen auzia jorratuko du, 18:00etan. Egunero, gainera, ekitaldien ostean, pintxo %100 begetalak izanen dituzte. Antolatzaileek parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Iruñeko Ekintza Antiespezistako kideek osatzen dute LiberAbere taldea. Izen berriarekin, hain zuzen ere, etapa berria hasi nahi dute, "bertze animalien kontrako bazterketa eta sufritzen duten zapalkuntza" salatzeko, eta haren kontra lan egiteko. Izen berriaren aitzakiarekin, nortasun propioa garatu eta "ikusgarriago" bilakatu nahi dute.

Ongi dakite espezismoa "errotuta" dagoela gizartearen egunerokoan. "Gizakiek baliabidetzat dituzte beste animaliak". Hainbat datuk ematen dute errealitate horren berri: ia 1,3 milioi behi, ardi, ahuntz eta txerri baziren, iaz, adibidez, Nafarroako haztegietan. Herrialdeko hiltegietan, berriz, espezie horietako 671.000 animalia akabatu zituzten, 2016an. 361.500 ziren ardi eta bildotsak, eta 286.700, berriz, txerri eta txerrikumeak. Nafarroako Gobernuak berak nabarmendu du txerrien esplotazioak herrialdeko abeltzaintzan duen "garrantzi estrategikoa". Erriberan daude haztegirik handienak.

2015eko datuekin alderatuta, iaz nabarmen egin zuen behera Nafarroako hiltegietan hildako txerrien kopuruak, 420.000 izan baitziren duela bi urte. Kontsumoa bultzatzeko, hain zuzen ere, Became a pork lover izeneko ekinaldi ibiltaria hasi zuen industriak, irailean, Bartzelonan. Azaroaren 14ra bitarte, Herrialde Katalanetako, Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Erresuma Batuko 22 hiri bisitatuko ditu kanpainak. Hainbatetan protestak egin dituzte jada.

Abolizioaren alde

Izen berrian jaso dute LiberAbere taldeko kideek helburutzat hartu dutena: "Gure asmoa ez da animalien ustezko ongizaterako legeak aldatzeko lan egitea; sistema espezistaren abolizioaren alde egin nahi dugu borroka", nabarmendu du Morrasek. Taldeko kideek ontzat jo dute, adibidez, Iruñeko Udalak animaliak baliatzen dituzten zirkuak debekatzeko mozioa onartu izana, baina argi utzi dute harago ailegatu nahi dutela. Animalia ororen erabilera oro jarri nahi dute agerian. Izan ere, gizakien egunerokoaren esparru guztietan erabiltzen dira bertze animaliak; ez bakarrik jateko edo janzteko.

Errealitate horren berri eman nahi dute LiberAbereko kideek. Antiespezismoak duen izaera politikoa nabarmendu dute, baina onartu dute, oraindik ere, distantzia handia ikusten dutela bertze animalien aldeko mugimenduaren eta gainerako mugimendu sozialen artean. "Bertze taldeek ez dute antiespezismoa mugimendu sozialtzat hartzen, oraindik ere", azaldu du Morrasek.

Distantzia hori murriztea xede hartu du LiberAberek, hain zuzen ere. Eta, asmo horrekin, Alde Zaharreko gaztetxearekin bat egin dute. Bertze taldeekin eta mugimenduekin harremana lantzeko asmoz. Ostiralero egiten dute bilera gaztetxearen egoitzan, 18:00etan. Hilabetean behin, gainera, elkarretaratzeak egiten hasi dira talde antiespezistako kideak, herritarrengana hurbiltzeko. Lehendabiziko ostiralean egiten dute, 18:00etan, Gazteluko plazan. "Karrikan egon nahi dugu, eta jendeari erakutsi antiespezismoak egunerokoan baduela tokia; antiespezismoa hurbil senti dezatela nahi dugu", erran du Raquel Ariztiak.

Orain arte bide horretan neurri batean huts egin dutela sentitzen dute LiberAbereko kideek. Iruñeko Ekintza Antiespezista 2015. urte inguruan sortu zuten, baina taldeak ez du lortu, bultzatzaileen hitzetan, espero zuten oihartzuna. Horregatik erabaki dute orain, izen berriaren babespean, bide berriak jorratzea, eta, batez ere, gehiago ateratzea karrikara.

Sare sozialetan ere lan egin nahi dute. Gazte anitzen berezko komunikazio esparrua da hori, eta ez dute aukera hori galdu nahi. "Arlo horretan anitzez ere aktiboago izan nahi dugu, anitzez ere ikusgarriago", azaldu du Silvia Dollerer kideak.

Morras, Dollerer eta Ariztiarekin batera, Israel Carbonel, Ada Garrues, Javi Aramendia eta Naiara Azpilkueta dira LiberAbereko kide, bertzeak bertze. Atea zabalik dute. Antiespezismoaren berri jaso nahi duenak hurrengo astean izanen du aukera.

Jantzi berriarekin ireki ditu ateak

Jantzi berriarekin ireki ditu ateak

Berriz ere zabalik da Karrikiri elkartearen denda; betiko tokian, Xabier karrikan. Berritze lanengatik itxita egon da bi hilabetez, baina joan den astean inaugurazioa egin zuten. Ez nolanahi gainera. Hiru ekitaldi antolatu dituzte horretarako: Egile b...

Iruñea zer den ez dakite Pamplonan

Saioa Alkaiza

Zein da Pamplona-ren beste izen ofiziala?" Hori da Espainiako telebista kate bateko lehiaketa ezagun batean parte hartzaileetako bati egindako galdera. Laguntzeko, bi hizki eman zizkioten, r eta ñ, eta 30 segundo. Aipatu beharrekoa da Nafarroari buruzko saio berezia zela eta lehiaketa herrialdearen bueltan antolatu zutela: Nafarroari buruzko galderak ziren. Ez hori bakarrik: lehiakide guztiak nafarrak ziren. Bai, Nafarrak. Are zehatzago, Pamplona Iruñea dela ez dakien mutila Noaingoa da. 30 segundoen amaieran, Tafalla esan zuen, erdi ahopeka, asmatu nahian-edo. Tafalla.

Sare sozialetan bolo-bolo dabil gaia. Propio egindako akatsa dela diote askok: hark okerra eginda, beste lehiakide batek eraman zuen botea, eta, txiolari batzuen aburuz, baliteke bien artean egindako tratu baten ondorio izatea, botea eraman eta dirua banatzeko. Trukatuta zegoela, alegia, adostua. Batek daki. Esanak esan, entzun eta senaren parte batek altu eta ozen honako hau esaten badizu ere: "Bai, zera, ezinezkoa da hori ez jakitea; non bizi da, Marten?"; badago beste arantzatxoren bat, kontzientziaren ernamuinen bat, harrotzen dena, eta berriz ere zalantza sortzen dizuna. Ez zait ezinezkoa iruditzen Pamplona-n bizi den norbaitek Iruñea zer den ez jakitea.

"Bi komunitateen arteko harremana irudi batean laburbilduta", idatzi zuen Twitterren Santi Leonek. Une horrek Nafarroako munduen arteko amildegia islatzen zuela zioen. Arrazoia dauka, programa bera egia zein gezurra izan, sintomatikoa da errealista iruditzea gutako askori.

Orduan, neure buruari begira jarri naiz. Lehengusina bat daukat oraindik Erribera ez den baina oso gertu dagoen herri batean bizi dena. Gaztelaniazko eredua baino ez daukate eskolan. Euskara ez da existitzen ia. ETB ez da iristen, bai ordea Tele Rioja. Memoriak atzera egin du: nik 9 urte dauzkat, eta 7 berak. Lurrean etzanda zer edo zer marrazten ari gara, udako bero sargoriak kalea sutan ipini bitartean, haren etxean. Futbol irudiak dira izkiriatzen ari garenak, ateak eta zelaiak, eta talde bakoitzari haren herrialdeko ikurra ipini diogu. Ikurrina marraztu dut nik, berde-zuri-gorri. Albotik esan dit: "Ez da horrela. Gaizki egin duzu. Ingelesena urdin-gorri-zuria da!". Britania Handikoa marraztu nahi nuela pentsatu zuen. Nik ez nion erantzun.

Beste oroitzapen bat: herrian gaude. Goxokiak saltzen dituen gizona ez da hemengoa. Hemen Erriberatik gertu da. Aitatxi-amatxi hizketan ari dira, eta abuztuaren hondarretan egonen gara, ni ere bertan nago-eta. 10 bat urte izanen ditut. Aski jatorra iruditzen zait goxokiak plazako etxola txiki batean saltzen dituen gizona. Nik "eskerrik asko" eta "agur" esaten diot, berak "tori beste txikle bat" xuxurlatzen dit tarteka-tarteka, eta irribarre egiten dit. "Es un buen tipo, el vasco", esan du aitatxik, eta amatxik esan dio baietz, eta ez dakiela seguru nongoa den, "de las montañas" ingurukoa dela uste duela.

Esne-hortz guztiak erori gabe eta belaun buruak oraindik urratuta neuzkala, bi munduen arteko zubi sentitu nintzen.

Euskararen mapak parlamentuan

Euskararen mapak parlamentuan

Euskaltzaindiaren Euskara ibiltaria erakusketa ikusgai da Nafarroako Parlamentuko atrioan asteartera arte. Oraindik burutu gabeko euskalkien atlasaren lagin bat erakusten du. Hainbat mapa paratu dituzte, eta bertan, hitzak ageri dira, euskalki bakoitz...

‘Odesa/Makila operazioa’ “arma gisa” ez erabiltzeko eskatu dute Arrosadian

IRUÑEA. Poliziak Iruñean egindako operazioak kezka piztu du Arrosadia auzoan. Hainbat lagun atxilotu zituzten ustez emakumeen salerosketak eta lapurretak egiteagatik. Hainbat eragilek salatu dutenez, komunikabideek "lerratutako informazioa" zabaldu dute, eta alderdi politikoek "arma gisa" erabili dute afera. Errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu dute, eta horrelako jarrerek auzoan elkarbizitzaren alde egiten ari diren lana arriskuan jar dezakeela ohartarazi.