Hilabete bat falta da maiatzeko foru eta udal hauteskundeetarako, baina alderdiak kanpaina betean dira aspalditik. Partida, ordea, ez da plazetako mitinetan edo frontoietako ekitaldi politikoetan jokatzen ari, pantailetan baizik: telefono adimendunen, tableten eta bestelako gailuen pantailetan. Izan ere, sare sozialen hedatzeak sakoneko aldaketak bultzatu ditu alderdien barruan. Askok hausnarketa egin behar izan dute, beren mezua formatu eta komunikazio molde berrietara...

Aldaketa ardatz, ‘Hitza’-ren eta Euskalerria irratiaren solasaldi zikloan
Badator aldaketa. Azken urteetan, nafar gizarteak askotan entzun du esaldi hori, ordezkari politiko batzuen zein besteen ahotan. Gehienetan, gainera, aldaketa hitzak eragindako ilusioak etsipenari eta amorruari bide eman dio. Oraingo honetan, ordea, haize berriaren freskotasuna inoiz baino nabarmenagoa da, eta ez dio soilik politikari edo alor instituzionalari eragiten. Egoera politiko eta ekonomiko nahasiaren erdian, itxaropen zantzu argiak, ideia eta proposamen...

Aurrera pausoa, sarean
Urtzi Urkizu / BERRIA BERRIAk hasitako aldaketa prozesuaren bidean, «jarraipen naturaltzat» jo du Ion Orzaiz Nafarroako Hitza-ko zuzendariak webgunea berritzea. «Bere garaian apustua egin genuen papereko diseinua eta edukiak indartzeko: irudi erakargarriagoa, diseinu ikusgarriagoa… eta, aldi berean, sakoneko erreportaje eta elkarrizketak». Horren osagarria dator orain, euskarri digital berria: Nafarroa.hitza.eus. «Nafarroako Hitza-k bazuen webgune bat, baina ez zen batere dinamikoa. Hori aldatzen saiatu...

Euskara, ez hain urrun UNEDen
Ander Perez Ia ikusezina da euskara UNED Espainiako Urruneko Hezkuntzako Unibertsitateak Iruñean duen zentroan. Urrunekoa, irakaskuntza eredua bezainbeste. Instituzio zentralista da UNED: Madrilen (Espainia) ditu aginte organo, eduki, eta irakasleak. Gainerakoak, Espainiako Estatuan dituen zentroak, nukleo horren ordezkaritzak baino ez dira. Irakasle bainoago, tutoreak dira bertako langileak, bitartekariak Madrilgo irakasle eta tokian tokiko ikasleen artean. Eta euskararen kalterako da jardun...

TVEk baztertu egin du sanferminetan ‘reality’ bat egiteko asmoa
Sanferminetako peñen federazioak arbuiatu egin du jaiei buruzko reality bat egiteko Espainiako Telebistak esku artean duen proposamena. El Periódico egunkarian argitaratu da berria: hainbat jende ezagunek sanferminetako entzierroan parte hartuko luke, eta telebista saioak, berriz, entzierroan korri egiteko nola prestatu diren erakutsiko luke. Zeppelin ekoiztetxeak ekoitziko luke programa. TVEk aitortu du proiektua mahai gainean zegoela eta aztertzen ari zela aukera, baina baztertu egin du...

Ehun urte harresirik gabe
Iker Tubia / BERRIA Iruñea aspalditik dago harresiez inguraturik. Gaztelarrek konkistatu aurretik, eta hiru burguek bat egin aurretik ere izan zituen paretak inguruan. Baina, zalantzarik gabe, hiria ito zuen harresia XVI. mendean eraiki zuten, konkistaren ondoren. Harresiak hiria kanpoko mehatxuetatik babesteko, harresiak hirian erregeak zuen subiranotasunari eusteko, eta harresiak hiriburuaren hazkundea saihesteko. Horregatik, Iruñea itota egon zen 400 urtez, 1915ean...

Nafarroan, inoiz baino gehiago
Jokin Sagarzazu / BERRIA Maiatzaren 24an bozetan, Nafarroako Parlamenturako inoiz baino zerrenda gehiago aurkeztuko dira, 1983an hautatze sistema aldatu zutenetik, bederen. Denera, hamalau alderdi ariko dira lehian, baina orain arte eginiko inkestetako datuak berretsiko balira, haietarik zazpi-zortzik baino ez lukete aukera izango parlamentariren bat lortzeko: UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Ezkerra, Ahal Dugu eta Ciudadanos edo UPDk. Legeak...

Lau urte alkandora urdinekin
Espainiako izaera zatiezinaren parte da Nafarroa. Nafarrak, nafar diren heinean, espainolak dira. DNE Derecha Navarra y Española -Naparro ta Españico Escuñe alderdiaren printzipio ideologikoen artean, hori da lehena, baina gainontzekoek ere argi eta garbi azaltzen dute alderdiaren izaera ultranazionalista, eskuindar eta katoliko sutsua: "Bizi guztiko kartzela zigorraren aldekoak gara, eta baita zigorrak, murrizketarik gabe, osotasunean betetzearen aldekoak ere"; "funtsezkotzat jotzen dugu legez kanpoko immigrazioa zorrotz kontrolatzea, ez baita gizartearen garapenerako lagungarria"; "gizonaren eta emakumearen arteko ezkontzatik sortutako familia da gizartearen oinarria eta ardatza, bestelako ezkontzarik ez da existitzen"; "milaka urteko vascuence jatorrizkoa babesten du DNEk, ikastolen, euskaltegui-en eta euskara batuaren laguntzaren beharrik ez duen hori"... Zerrenda luzea da.
Printzipio horiekin aurkeztu zen DNE 2011ko foru eta udal hauteskundeetara, eta emaitza kaskarrak erdietsi zituen: ez zuen parlamentari bakar bat ere eskuratu, eta Nafarroako hamaika udalerritan lehiatu arren, zinegotzi bakarra lortu zuen Leitzan. Hautetsontzietan jaso ez zuen babesa azpijokoen bidez lortzea erabaki zuen orduan Nieves Cipresen alderdiak, eta udalbatzarik gabeko bi herritara zuzendu zuen begirada: Garinoain eta Lukinera.
Behin-behineko batzorde banak gobernatzen zituzten udalerri txiki horiek, hautagaitzarik ez baitzen aurkeztu. DNEk abagunea baliatu zuen zinegotzirik gabeko herri horietara paraxutistak bidaltzeko, eta inori ezer esan gabe, sekretupean kasik, zerrendak aurkeztu zituen Garinoainen eta Lukinen. 2011ko azaroan egin ziren ezohiko bozak.
Eskuin muturraren azpijokoaz jabetu eta berehala, mobilizatzen hasi ziren herri bateko zein besteko bizilagunak. Botoen %5 lortu ezean, DNEk ez zukeen ordezkaritzarik izanen; beraz, boto zuria emateko deia egin zuten herritarrek. Lukinen, boto bakarra jaso zuen eskuin muturrak —Nieves Cipres alderdiko buruak "abertzaleen mehatxuei" egotzi zien emaitza—. Garinoainen, berriz, hemezortzi pertsonak eman zioten babesa eskuin muturrari. Botopaperen %5,6 lortuta, udalbatza osatzen duten zazpi zinegotziak eskuratu zituen DNEk.
Hauteskunde gauean bertan hasi zen amesgaiztoa garinoaindarrentzat. Udaletxe aitzinean protesta egin zuten 500 bat bizilagunek, eta iruzur egitea leporatu zieten eskuindarrei. Foruzainek eskoltaturik atera ziren zinegotzi berriak, eta iritsi bezala alde egin zuten: autoko kristal belztuen atzean ezkutaturik, ustez gobernatu behar zuten herria ikusi behar ez izateko.
Izan ere, DNEren hautagaitzan ez zegoen garinoaindar bat bera ere. Lizarrako, Tafallako eta Tuterako militanteak jarri zituzten zerrendaren lehen postuetan, eta, AES Alternativa Española alderdi xenofobo kristauarekin sinatutako itunaren ondorioz, eserleku bana eman zieten Madrildik etorritako bi ultraeskuindarri.
Herritarrek protesta ekintza ugari antolatu zituzten bozketaren hurrengo egunetan, eta, horiei esker, Gonzalo Vicuña alkategaiak uko egin zion karguaren zina egiteari. Hori dela eta, zerrendako bigarrena izendatu zuten alkate, Javier Etxarri, 2012ko urtarrilaren 4an. Hala ere, dimisioak etengabeak izan dira agintaldi osoan: DNEren zerrendan zihoazen zazpi pertsonetatik seik kargua utzi dute azken hiru urteetan.
Garinoaingo udal gobernu taldeak hartutako lehen neurriak hautsak harrotu zituen herrian: ikurren legea baliatuz, Espainiako bandera udaletxean jartzea. "Garinoain herri txikia da, 500 bat biztanlekoa, eta inoiz ez dugu banderarik eduki, haizeak hondatzen dituelako", azaldu du Aritz Intxusta kazetari eta Garinoaingo bizilagunak. "Hala eta guztiz ere, alkatea tematu egin zen gai horrekin, eta ikurren legea betetzera behartu zuen udala". Intxustaren ustez, mahai gainean lehen kolpea ematea izan zen hori. Indar erakustaldi hutsa.
Ordutik, DNEk Garinoainen egindako lana "hutsaren hurrengoa" dela uste dute herriko biztanle gehienek. "Legeak ezarritakoaren arabera, osoko bilkuretara etortzen ziren hiru hilabetean behin. Eta kito. Ez zuten besterik egiten". Utzikeria horrek hainbat arazo eragin dizkio herriari. Intxustaren irudiko, udal gobernu taldeak "erabateko gaitasunik eza" erakutsi du behin baino gehiagotan, eta herritarrak izan dira hutsunea bete dutenak.
"Udaletxea, esate baterako, aspaldi konpondu behar zuten, egitura arazo larriak zituelako, baina ez zuten ezertxo ere egin, eraikina hustera behartu zituzten arte. Ez dira jabetzen herrian gertatzen denaz", dio kazetariak. "Nafarroako Administrazio Auzitegiak behin baino gehiagotan zigortu du udala, utzikeriaz jokatzen duelako, duen erantzukizunari uko eginez".
Axolagabekeriaz gain, DNEren agintaldiaren bigarren ezaugarri nagusia alkatearen eta zinegotzien jarrera oldarkorra izan da. "Hainbat bizilagun auzibidean jarri gaituzte, alkatearen eta zinegotzien kontrako ustezko jazarpenean parte hartu dugulako, baina, gerora, gure kontrako frogarik ez zegoela eta esandako guztia gezurra zela frogatu da epaitegian. Nire kontrako salaketa jarri zuten, protesta ekintza batean parte hartu nuelakoan. Epaiketan, alkateak serio demonio esan zuen mehatxu egin niola, baina egun horretan ez nengoen Garinoainen, Iruñean baizik. Lanean".
Beste zenbait bizilagunek 150 euroren isunak ordaindu behar izan dituzte alkateari oihu egiteagatik edo osoko bilkurak oztopatzeagatik. "Ematen du herritarrak zigortu nahi dituztela. Murriztu egin dituzte elkarteei ematen zaizkien diru laguntzak, eta, aldi berean, udal zergak bikoiztu egin dituzte, inongo justifikaziorik eman gabe".
Alternatiba, auzolanean
Udalaren jarrera ikusita, alternatiba eraikitzen hasi ziren garinoaindarrak 2012an. Lehen bilera horietan sortu zen Aupa Garinoain elkartea, eta herritarrak oso harro daude auzolanari esker lortu dutenaz. "Krisi honek alde on bat izan du. Herritarrak batu egin gara, ideologiak alde batera utzita, inongo legitimitaterik ez duen udal horri aurre egiteko: UPNko boto-emaileak izan ala ezker abertzaleko militanteak izan, denok egin ditugu kontzesioak, proiektu bateratu bat sortze aldera", azaldu du Intxustak. Hamaika lan egin ditu Aupa Garinoain plataformak; besteak beste, herriko jaiak antolatu, futbol zelaia konpondu eta bideetako garbiketa egin. Agintaldia amaituta, hauteskunde zerrenda bat ere osatu dute, maiatzeko bozetan parte hartzeko. Eta alkandora urdinen amesgaiztoa behin betiko ahazteko.
Baigorriko Kulturaldia antolatu dute Nafarroako Egunaren bezperan
Egun gutxi falta dira Baigorrin Nafarroaren Eguna ospatzeko. Aurten, gainera, Basaizea elkarteak musikaldi berezia prestatu du bezperan, Barigorri. 21:00etan izango da Guk ta Guk-tarrak ikuskizuna, Baigorriko elizan. Musikari klasikoz osatutako Xare/Hertz orkestrak lagunduta, Guk-en kantu ezagunenetako batzuk emanen dituzte Aire Ahizpak, Astezkenekoak eta Xendarineko ahizpak Baigorrialdeko kantari taldeek. Horrez gain, Sustrai Colina eta Fredi Paia Iparraldeko eta Bizkaiko bertsolari txapeldunak ariko dira....

“Erreminta baliotsua da umorea jendearen arreta erakartzeko”
Egileek ez zuten espero, baina oihartzun handia izan du Ahotsa.info agerkari digitalak En tierra hostil saioan oinarrituta (Antena3) egindako parodiak. Majaris de la Sorna fikziozko pertsonaiak, kamera eskuan, Iruñean gertatzen diren eskubide urraketak jaso eta zabaldu ditu. Harekin batera, Sergio Labaien Ahotsa-ko kidearekin ere (Iruñea, 1975) batu da Nafarroako Hitza, sare sozialetan bolo-bolo ibili den fenomenoaz solastatzeko.
Majaris, hona etorri aurretik, ba al zenuen Euskal Herriko egoeraren berri?
MAJARIS DE LA SORNA: Euskaldun asko dago Venezuelan, baina EAJkoak dira gehienak, eskuinekoak. Beraz, ez nuen Euskal Herriko egoeraren berri zehatzik. Hona etortzean konturatu naiz.
Zein da ezagutu duzun egoera?
M.S.: Tamalgarria da. Larria da Euskal Herrian gertatzen den giza eskubideen urraketa. Espainiako Gobernuko malandroek [gaiztaginek] asko hitz egiten dute Venezuelaz, baina ez dute hemengoaz ezer esaten, ezta Saudi Arabiaz edo Israelez ere.
Ahotsa.info-ren proiektua da hau. Nola sortu zen halako zerbait egiteko ideia?
SERGIO LABAIEN: Amorrua sentitu genuen En tierra hostil programa ikustean. Hipokrita iruditu zitzaigun: nor eta espainiarrak munduan zehar, giza eskubideez hitz egiten... Munduaren historian Espainia izan da-eta giza eskubideak gehien urratu dituen herrialdeetako bat! Ez dago 500 urte atzera egin beharrik, gaur egun ere ikusten dugu hori, besteak beste, Euskal Herriari eta Kataluniari erabakitzen uzten ez zaienean. Beraz, hipokrisia hori agerian uztea zen helburuetako bat. Bestetik, Euskal Herrian gertatzen dena mundu osora zabaltzeko beharra ere bagenuen. Bi beharrek bat egin zuten proiektu honetan. Hasieran ez genuen asmo handirik ere. Grazia egiten zigun kontuak, baina ez genuen uste halako dimentsioa hartuko zuenik.
Nola daramazu arrakasta, Majaris?
M.S.: Ongi dago, batez ere jendeak tragoak ateratzen dizkidalako kalean. Kontua da orain ez zaidala erraza izango modu isilean lan egitea. Aberri Egunean nabarmena izan zen hori: jendea niri begira geratzen zen.
Uniformea aldatu beharko duzu agian.
M.S.: Bai, egia esan, Venezuelako kamisetak eta kaskoak ez dute asko laguntzen oharkabean pasatzen. Kamuflajezko prakek ere ez, baina horiek nire berezko jantziak dira.
Erreportajea argitaratu eta berehala hasi dira eskuineko hainbat hedabide Ahotsa.info-ren aurka egiten.
S.L.: Gidoiarekin bat zetorren kriminalizazioa. Argi genuen erreportaje horrek oihartzuna bazuen Espainiako prentsa ere tartean agertuko zela. Bilatu ere bilatu genuen. Gure asmoa zen bideoa atera, Venezuelak jaso zezala, eta gero, guk abisua pasatzea Espainiako komunikabideei. Eta horretarako troll bat ere bagenuen Twitterren, albistea Espainiako hedabideetan zabaltzeko. Azkenean ez genuen horren beharrik izan, benetako trollak agertu zirelako, Espainiako hedabide eskuindarrak, alegia. Egia da badugula bertigo pixka bat, aurrekariengatik batez ere. Badakigu zer diren eskuineko hedabideak, eta zer arrisku daukagun. Baina momentu erabakigarria dugu Nafarroan, eta dena eman behar dugu. Ahotsa.info-ren borondatea hori da, esprint komunikatibo bat egitea erregimena botatzeko. Alde horretatik, gure ekarpena egiten jarraituko dugu, mehatxu eta presioen gainetik.
Zuek egindakoa beste toki askotan agertzea lorpena izan da?
S.L.: Bai, akaso Latinoamerikan izandako oihartzuna da interesgarriena. Nahiz eta parodia bat izan, jende asko hasi da Euskal Herriaren ideia gatazkarekin eta eskubideen urraketarekin lotzen. Satira bat dago oinarrian, baina horri esker jende askok jakin du Iruñea izeneko hiri bat dagoela, Euskal Herrian dagoela eta bertan errepresioa eta eskubideen urraketa dagoela. Iruñea zezenengatik soilik ezagutzen zuenak orain badaki hemen herri bat dela, eta herri horri ez zaiola bere etorkizuna erabakitzen uzten.
UPNk eta PPk ere egin dute zuen erreportajearen aurka.
S.L.: Surrealista izan zen hori. UPN agertu zen, errealitatea eta fikzioa nahasten. Bila dezagun kontrako egoera: irudika ezina da Sortu edo Bilduko norbait agertzea 8 apellidos vascos pelikula debekatzeko eskatzen. Alderdi politiko bat satira politiko bati erantzuten hasten zaionean, galdu du partida. Suposatzen baita alderdi politikoek errealitatearen mailan jarduten dutela. Beraz, alderdi batek Majaris de la Sorna bezalako pertsonaia bati erantzuteak ongi erakusten du zein den Nafarroan dugun klase politikoa.
Beldur zara, Majaris?
M.S.: Ez. Kontrakoa, jendeak elkartasun mezuak helarazten dizkit, eta zoriontzen nau. Egia da hurbileko tokietan soilik ibiltzen naizela. Agian, larunbat batean Gazteluko plazara pote bat hartzera joaten banaiz, norbaitek zerbait esango dit.
Zer dio zure familiak?
M.S.: Beti izan naiz familiako ardi beltza; beraz, jada ez daude nirekin harrituta. Euskal Herriko egoerarekin bai, ordea. Harrigarriak zaizkie hainbat gai; besteak beste, presoena, etxe kaleratzeena, Europaren eta Afrikaren arteko mugetan gertatzen diren erasoak...
Hara zoazenean, izango duzu gauza onik kontatzeko.
M.S.: Batez ere hemengo jendearen elkartasuna nabarmenduko nuke. Latinoamerikan uste izan dugu Europan ez dagoela elkartasunik. Eta, beraz, harrigarria egin zait ikustea jendeak elkartasunez erantzuten duela arazoen aurrean, besteak beste, herri harresietan. Horretaz gain, janaria eta patxarana ere asko gustatu zait.
Azkenaldian, formatu berriak ari zarete lantzen Ahotsa.info-n.
S.L.: Gai eta pertsonengana modu garratzago batean hurbiltzen hasi gara. Euskal politikaren geldialdia gainditu nahi genuen: badirudi prentsaurrekoak baino ezin direla egin, euskal politikariak nahiz herri mugimenduetako kideak paper baten aurrean bakarrik sentitzen direla eroso. Guk kaleko kazetaritza egin nahi genuen, kalera atera.
Ez da erraza gai serioez barre egitea...
S.L.: Umorea erreminta baliotsua da jendearen arreta erakartzeko. Politikari buruzko ohiko bideo batek, agian, ez du 150 bisita baino gehiago izanen. Irudimentsua eta umoretsua den bideo batek, ordea, arreta erakar dezake. Komunikazioaren helburua, azken finean, mezu bat helaraztea da. Guk lortu dugu hori.
Noiz arte izango da Majaris gure artean?
S.L.: Berez, Euskal Herrian hiru erreportaje grabatzeko kontratua du Venezuelako telebistarekin. Negoziazioetan ari gara hori luzatzeko, baina irizpide zorrotzak ditu telebistak, eta, beraz, baliteke Majarisek alde egin behar izatea. Hala balitz, eta Iruñean pertsona maitatua dela jakinda, deialdia egingo genuke, jendea autobus geltokira joan dadin, agurtzeko.