Txibiteren poltsikoan da giltza

Txibiteren poltsikoan da giltza

Edurne Elizondo

Amaitu da lauko gobernuaren denbora, oraingoz: Navarra Suma koalizioak irabazi ditu foru hauteskundeak, azken orduko gainsariarekin: 19 eserleku eman zizkioten igandeko emaitzek, baina herenegun atzerriko eta gorabeheraren bat izan zen mahaietako botoak zenbatuta, hogei lortu ditu, EH Bilduren kaltean. PSN izan da bigarren indarra, 11 eserlekurekin. Geroa Baik bederatzi lortu ditu, EH Bilduk zazpi azkenean, Ahal Dugu-k bi, eta bakarra Ezkerrak, justuan.

Gobernua osatzeko giltza, beraz, Maria Txibite sozialistaren esku dago. Asteotako negoziazioek argituko dute PSNko burua gobernua osatzeko gai izanen ote den, Navarra Sumaren gobernu bat ahalbidetuko duen, edota berriro bozetara joan beharko den.

Igandeko emaitzak jakin bezain pronto, gobernua zuzentzeko asmoa agertu zuten Javier Esparza buru duen Navarra Sumako agintariek, hiriburuko hotel batean egindako agerraldian. Sarasate pasealekuko sozialisten egoitzan ere, "presidentetzat" jo zuten Maria Txibite. "Ez diogu botorik emango Esparzari, eta ez dugu akordiorik egingo EH Bildurekin", zehaztu zuen PSNko buruak; Txibite "gobernu aurrerakoi" baten lidergoa hartzeko prest agertu zen.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak apirilean egin zituzten, baina sumatu da haien eragina, oraindik ere, maiatzeko herrialdeko bozetan. Eskuin muturreko alderdien mehatxuak eraginda, neurri handi batean, PSNk nabarmen egin zuen gora apirilean, eta bultzada horrek ekarri du foru hauteskundeetan bigarren indarra izatea. 2015eko hauteskundeetan bosgarrenak izan ziren sozialistak, 45.164 botorekin; apirilean 94.094 jaso zituzten; orain, berriz, 70.143 (atzerriko botoak aintzat hartu gabe).

Geroa Baik eta EH Bilduk ere gora egin dute boto kopuruan: Geroa Baik 53.497 boto jaso zituen 2015ean, eta igandean, berriz, 59.106; EH Bilduk 48.166 herritarren babesa izan zuen duela lau urte, eta 49.744 boto, berriz, igandean. "Aurreko legegintzaldian bestelako Nafarroa baten alde egindako lanak zilegitasuna eman digu", erran du Bakartxo Ruizek, asteon.

Bertzelakoa izan da bi taldeok laukoan lagun izan duten Ahal Dugu-ren emaitza. Amildu egin da: 45.164 boto jaso zituen duela lau urteko hauteskundeetan, eta 16.124 igandekoetan. Alderdi horren barruko liskarrek min handia egin diote laukoari, eta hautesleek beren botoen bidez erakutsi dute haserrea. Zigor bilakatu dituzte botopaperak. Bost eserleku galdu ditu. Ezkerrak ere behera egin du: 2015ean, bi eserleku eta 12.482 boto jaso zituen; orain, berriz, eserleku bakarra, 10.226 botorekin.

Geroa Baik orain arteko parlamentari kopuruari eutsiko dio. Igandean, Uxue Barkosek onartu zuen PSNri dagokiola gobernua zuzentzeko ardura. Bi mezu jarri zituen mahaian, sozialistentzat: "Udaletako gehiengo aurrerakoiak ere kontuan har ditzatela, eta bila dezatela akordioa, anbiziozko posizioei uko eginda".

Igande gaueko ajea pasatuta, asteon lanean hasi dira jada alderdi eta koalizioetako kideak. Abian jarri dute gobernua osatzeko aulki jokoa. PSNko zuzendaritzako kideek astelehenean egin zuten bilera. Egun berean, Navarra Sumako hautagai Javier Esparzak lehen telefono deia egin zion Maria Txibiteri, konstituzionalisten arteko elkarrizketa eskatzeko. Agintari sozialistak erantzun zion "gobernu aurrekoia" osatuko duela. Esparzak argi du, ordea, "PSNren posizioa bideraezina" dela: "Edo Navarra Sumarekin hitzartzen du, edo EH Bildurekin". Ekainaren 19an eginen dute Parlamentua osatzeko saioa.

Gehiengo osotik hurbil

Iruñeko Udalean eskuz aldatuko da aginte makila heldu den legealdian. Parlamentuan bezala, Navarra Suma koalizioa nagusitu da hiriburuan ere, eta gehiengo osotik hurbil gelditu da lortu dituen hamahiru eserlekuekin. Dezente hobetu ditu Navarra Sumak UPNren duela lau urteko emaitzak. Bigarren gelditu da EH Bildu, zazpi zinegotzirekin, duela lau urte baino bi gehiago, alegia. Hirugarren indarra da PSN, bost zinegotzirekin, aurreko hauteskundeetan baino bi gehiago.

Geroa Baik emaitza kaskarra izan du, eta bi zinegotzirekin gelditu da, hiru galduta. Bereziki txarrak izan dira Aranzadiren eta Ezkerraren emaitzak, halere. Aranzadik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k larrutik ordaindu dute nor bere aldetik aurkeztea: botopaperen %4ra iritsi ezinik aritu dira Ahal Dugu eta Ezkerra, berdinketa teknikoan. %5 da udalean eserlekua lortzeko muga. Aranzadik hartu du kolperik handiena, botoen %0,8 bertzerik ez baitu lortu. Hiruren artean 8.000 boto dituzte, baina zinegotzirik ez.

Ekainaren 15ean osatuko dituzte udalak. Joseba Asironek egun horretan emanen dio aginte makila alkate berriari. Astelehenean hedabideen aurrean agertu zen. Etorkizunaz galdetu zioten kazetariek: "Bihotzetik mintzo naiz. Nire irteera ziurtzat jotzen duten editorial edo artikuluak gonbidapen onena dira jarrai dezadan. Batzuek presa dute ni joateko".

Hauteskunde gaueko PSNko Maite Esporrinen hitzak ere aipatu zituen. "Agur, Asiron!", oihukatu zuen sozialistak militanteen aurrean. "Ez zuen baloratu PSNri botoa eman ziotenek ez zutela pentsatzen udala eskuinari ematea", erran zuen.

Iruñerrian, aldaketak eutsi die udal gehienei: lehen indarra izan da EH Bildu Atarrabian, Antsoainen, Berriozarren eta Uharten. Altsasun, berriz, Geroa Baik marka guztiak hautsi ditu, hamar zinegotzi lortuta. EH Bilduk lortu ditu gainerako hiru eserlekuak.

Artea itsasoak garbitzeko

Artea itsasoak garbitzeko

Ane Eslava

Datuek argi erakusten dute: ozeanoak zaborrez betetzen ari dira. 1950eko hamarkadan gizakia plastikoa masiboki erabiltzen hasi zenetik, kontsumoko oinarrizko material bilakatu da. Dagoeneko 8.300 milioi tona plastiko baino gehiago ekoitzi dira, eta, aurreikuspenen arabera, mende erdirako 34.000 milioi tonaraino irits daiteke, AEBetako Georgiako Unibertsitateak emandako datuen arabera. Zientzialariak aspaldi hasi ziren ohartarazten itsasora botatako plastikoak bost gune nagusitan biltzen ari direla eta, erritmo horri eutsiz gero, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egon daitekeela itsasoan.

Egoera larria da, beraz. Eta, horretaz jabetuta, asko dira arazoaren inguruko kontzientziazioa zabaltzeko lanean dihardutenak, baita Nafarroan ere. Hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitateak helburu horrekin antolatu du Skeleton Sea erakusketa. Itsasotik bildutako zaborrekin sortutako hamahiru artelan jarri dituzte Iruñerriko hiru tokitan.

Joao Parrinha, Xandi Kreuzeder eta Luis de Dios surflariek egin dituzte eskulturak. Lisboakoa, Munichekoa eta Alacantekoa dira, hurrenez hurren, baina Portugalgo hondartza batean ezagutu zuten elkar. Surfean aritzen zirenean uretan ikusten zuten zaborrak kezkatuta, zerbait egin behar zutela pentsatu zuten.

"Beti ikusten genuen zabor pila bat hondartzetan", kontatu du Kreuzederrek surfari buruzko webgune batean; "baina behin, Indonesiako leku zoragarri batean geundela, plastiko multzo izugarri handi bat ikusi genuen uretan, eta ezin sinetsita gelditu ginen".

Orduan, hondakinak jasotzea eta artelan bihurtzea erabaki zuten, eta hala sortu zuten Skeleton Sea erakusketa, 2005ean. Ordutik hainbat herrialdetara eraman dute, eta oraingoan Mendillorriko ur biltegian eta Atarrabiako San Andres errotan zein batanean ikus daiteke. Uztailaren 5era arte egongo da zabalik hiru tokietan.

Egileek itsasoko animaliak irudikatu dituzte zaborrekin: karramarro bat herdoildutako burdin zatiekin, olagarro bat arrantzaleen sareekin, arrain bat latekin... Artelan gehienek irudi etsigarriak erakusten dituzte: ahotik plastikoa darion balea, soka artean harrapatutako izurdea... Artistek mezu argia bidali nahi dute: "Izan itsasoak garbi; errespeta dezagun natura".

Mobilizazioa helburu

Iruñerriko Mankomunitateak Libera proiektuarekin bat egin du erakusketa antolatzeko. SEO Birdlife GKEak eta Ecoembes enpresak abiatu zuten egitasmo hori, 2017an, naturara heltzen diren hondakinek eragiten dituzten kalteen inguruko kontzientzia sortzeko, eta gizartea mobilizatzeko. Mankomunitateak ere helburu berarekin antolatu du erakusketa, Igor Rico kideak azaldu duen moduan: "Gizarteak ulertu behar du zabor gutxiago sortu behar duela eta sortzen duena ongi kudeatu; izan ere, hondakinak edozein tokitara botaz gero, azkenean estoldetatik ibaira heltzen dira, eta handik, itsasora".

"Erakusketaz gain, beste hainbat jarduera antolatu ditugu Libera proiektuaren testuinguruan", esan du Ricok. Hitzaldiak eta bisita gidatuak egingo dituzte, besteak beste. Beren alea jarri nahi baitute mankomunitateko kideek itsasoa behingoz zaborretik askatzeko.

iritzia: (Des)aldaketaren esanahiaz

iritzia: (Des)aldaketaren esanahiaz

Saioa Alkaiza

Isiltasun: iz. 1. Hotsik edo soinurik eza; ezer entzuten ez den toki baten egoera. 2. Isilik egotea, isilik dagoenaren jarrera".

Zure isiltasunak salatzen zaitu. Harluxet hiztegiak dio. Maiatzak 27, astelehena, eguna ernatu berri. Ez dut Aranzadik hauteskundeen emaitzei buruz egindako hausnarketa (edo autokritika) aurkitzen. Botoen %0,8. Zutabe hau argitaratzen denerako, egonen da nonbait topatzerik. Ea isiltasunak baino gehiago dioen. Enbor batek erortzerakoan zarata egiten du, bai, ondoan inor ez egonagatik. Galdetu Iruñeko Udalean bestela.

"Ulermen: iz. Ulertzeko ahalmena; adimena". Harluxetentzat lotura dute ulermenak eta adimenak. "Adimen: iz. 1. Ulertzeko ahalmena, pentsamendu bidez nor bere buruaz eta inguruaz jabetzeko ahalmena. 2. Egoera bati aurre egiteko, arazo bati irtenbidea emateko, zirkunstantzien arabera aukera egiteko ahalmena". Batzuetan ez dauka zerikusik zerbait ulertzeko ahalmena izan eta ulertzeko gai izateak. "Norbaitek azalduko dit Iruñeko Udalekoa? Zergatik doaz bereizita Aranzadi, Ahal Dugu, Ezker Batua eta Ganemos?". Galdera, Twitterren. Zerrenda fantasmak baino mamu gehiago inguruan.

"Esanahi: iz. Hitz edo zeinu batek adierazten duena edo esan nahi duena". Eduardo Santos Ahal Dugu-ko buruak "emaitzak ez dira onak izan", adierazi du. Bada onak ez diren gauzak izendatzeko beste adjektibo bat, esateko are errazagoa dena, agian: "Txarra". Hitz batek, baina, gauza bat adierazten du eta besteak, bestea. Esanahien polisemia. "Hausnarketa" behar da orain ulertzeko zer gertatu den alderdiarekin. "Patxadarekin" so eginen diete emaitzei, "aztertzeko". Aztertzeko nola ote den posible legealdi erdia liskarretan pasatu duen talde batek (momentu batetik aurrera bi ere izan zena) halako emaitzak lortzea. Auskalo. 7tik 2ra pasatu dira parlamentuan.

Geroa Baik boto gehiago parlamentuan, udal garrantzitsu askotan behera eginda. Iruñea, Tutera, Lizarra, Barañain… Horren inguruko hausnarketarik ia inon ez, Hedoi Etxartek egindako irakurketa kenduta. Munizipalismorik gabe nekez eraikiko da bestelako politika. Baikor, dena dela, Barkosen taldea. EH Bilduk gora egin du parlamentuan eta Iruñeko udalean. EH Bilduren Euskal Herriko sare sozialetan dena da "Zorionak, Hego Euskal Herria" (zenbait txiotan bakarrik Euskal Herria, Hego gabe) eta 345.000 botoen aldarria. Historia egin omen dute, lurralde historikoak behea jotzen duen bitartean. Nafarroakoa is different, dena dela. Bakartxo Ruiz: "Aldaketa zen helburua eta ez dugu lortu". Aitortza. Laukoaren azkena, Ezkerra. "Inondik inora" ez zituen emaitza horiek espero, Marisa de Simonek dioenez. Betiko boto emaile fidel batzuei eutsi, beste batzuk galduta.

"Sinboliko: izond. 1. Sinboloari dagokiona, sinbolo bidez adierazia. Irudi sinbolikoa. 2. Bere horretan esanahirik ez duena, baina asmo jakin baten adierazgarri dena". Maite Esporrinek (PSN) "agur, agur, agur, Asiron!" oihukatu du bere baitan kabitu ezinik, Esparza zoriontzeaz gainera. Agur hori da euskaraz esandako bakarra.

Desaldaketa: iz. 1. Gauzak erregimenaren garaira itzultzea, euskara zokoratzea, eskubideak murriztea; zuri-beltzezko Nafarroa. 2. Kaleak berreskuratzeko aukera, herri mugimenduan zentratzeko garaia, borroka hauspotzeko unea. Guk idatziko dugu historia.

“Jokalari guztien indarrak ekarri du gure kirolak aurrera egitea”

“Jokalari guztien indarrak ekarri du gure kirolak aurrera egitea”

Edurne Elizondo

Kontent, baina oporrak hartzeko irrikan. Halaxe da Osasunako kapitain Mai Garde (Iruñea, 1987). Balentria egin du taldeak, Bigarren Maila irabazi baitu, hiru urteko bidea egin eta gero. Datorren sasoian, sortu berri duten Lehen B Mailan ariko dira nafarrak.

Zaleen txaloak jaso dituzue asteburuan, Sadarren, gizonen taldeko jokalariekin batera. Eskertzen dira horrelakoak?

Bai. Sasoia hagitz polita izan da guretzat; taldearentzat, oro har, denboraldi hagitz ona izan da, eta orain dagokigu egindako lanaren aitortza jasotzea. Hori eskertzekoa da beti.

Sasoia biribila izan da Osasunarentzat. Espero zenuten horrela amaitzea hasi zenutenean?

Uste dut hainbat gauzak egin dutela bat. Azken urteotan gauzak ongi egin ditu taldeak, nire ustez, eta erein duen hazi hori loratu egin da. Uste dut zaila izanen dela oraingoaren pareko bertze sasoi bat egitea. Gizonen taldea Lehen Mailara itzuli da, eta gu igoera lortzekotan izan gara. Emakumezkoen bigarren taldeak lortu du: Bigarren Mailara igo da. Osasunak hagitz urte txarrak izan ditu, baina Taxoaren lan ona egiten hasi dira, eta horren emaitza ari gara zelaian ikusten.

Lehen Mailara igotzea lortu ez izanaren arantza baduzue?

Bai. Igotzeko lehiara iristea lortu genuen, eta, noski, helburua igotzea zen. Baina uste dut egindakoari duen balioa eman behar diogula. Taldearen helburua ez zen liga irabaztea ere. Lehen lau onenen artean sailkatzea zen gure xede nagusia, eta sasoia hasi zenean esango nuke denek uste zutela laugarren izanen ginela, gehienez ere. Talde gaztea da, ia denak gara etxeko jokalariak, eta talde profesionalen aurka aritzea egokitu zaigu, guk lortu dugun postuan egoteko helburuarekin osatutako taldeen aurka, alegia. Tristatu gintuen igotzeko lehia horretako finalera iritsi ez izanak, baina uste dut orain, denbora pixka bat pasatu eta gero, egindako guztiaz ohartzen ari garela.

Igoera lortu ez izanak ilundu du urte osoko lana, neurri batean?

Uste dut igoera lortzeko finalean sartu ez izanak guri eta zaleei erakutsi digula lortu duguna benetan garrantzitsua izan dela. Agerian gelditu da zer zaila zen aurrean genuen erronka, eta uste dut horrek ekarri duela, azkenean, sasoi osoan egindako lan horri benetako aitortza egitea. Ohartu gara sekulako lana egin dugula, eta argi dut kontent egon behar dugula. Faboritoen aurka irabazi dugu sasoi honetan, eta uste dut jendeak ikusi duela lortutakoa zenbateraino den garrantzitsu.

Zuek dakizue zein den egindako ahaleginaren neurria.

Nik orain arte egindako lan guztiaren garrantzia nabarmendu nahiko nuke. Ez bakarrik oraingo sasoikoa. Hainbat urtez bazterrean gelditu da emakumezkoen futbola Nafarroan. Garai batean, Lagunak taldea izan zen nagusietako bat, baina arazo ekonomikoek eragin zioten. Orain gutxi batzuk dugu Osasunan aritzeko aukera, baina jokalari guztien lana eta ahalegina eskertu nahiko nuke nik, talde guztietan behin eta berriz saiatu diren emakumeen indar horrek ekarri baitu gure kirolak aurrera egitea.

Emakumeen kirolaren arazoetako bat da babesik eza?

Bai, babesik eza arazo handia izan da guretzat. Orain arte, emakume anitzek kanpora joan behar izan dute futbolean aritzeko, hemen ez zegoelako aukerarik. Gutxik egin dugu hemen gelditzeko apustu hori. Uste dut helburutzat hartu behar dugula jokalariek hemen aritzeko aukera izatea, eta ez izatea ezinbertzekoa kanpora joatea.

Gauzak aldatzen ari dira?

Argi dago emakumezkoen futbolak gora egin duela, eta uste dut egoera horrek ez duela atzera-bueltarik. Aurrera baino ez dugula eginen. Duela hainbat urte, ziurgabetasunak jota izaten ginen jokalariok, taldeak desagertzeko beldurrez ere bai. Osasunan ere hori gertatu zen. Taldea osatu, baina bertan behera utzi zuten. Argi dut orain hori gertatzea anitzez ere zailagoa litzatekeela; emakumezkoen futbolak bere bidea egin nahi du, eta horretan ari da. Gizartean gertatzen ari denaren isla da kirolaren esparrua, nire ustez: emakumeok rol gero eta nabarmenagoa bete nahi dugu arlo guztietan. Anitz dugu egiteko, baina ari gara gauza handiak lortzen.

Oraindik ere, kirola eta emakumezkoen kirola bereizten dira. Zaila da etiketa hori kentzea?

Orain arte ez ginen existitu ere egiten, eta, egia erran, etiketa gutxienekoa da, niretzat. Inportanteena da taldeek gure aldeko apustu sendoa egitea. Ezin dugu ahaztu duela hiru urte sortutako talde bat dela gurea. Bide onean garela uste dut, baina argi izan behar dugu erronka handia dugula aurrean, urratsez urrats egin behar dugula aurrera. Uste dut ezin ditugula gizonen eta emakumeen kirolak parekatu. Futbolean, adibidez, gizonen taldeek mugitzen duten diruak ez du deus ikustekorik gure errealitatearekin. Ezin da alderatu, inondik inora. Eta ez dugu hori egin nahi. Orain, gure kasuan, gizonen taldearen beharra dugu. Helburua da gure kabuz eustea.

Eta zein da hori lortzeko gakoa?

Gako anitz daude. Hedabideetan tokia izatea garrantzitsua da; garrantzitsua da gu ere Sadarren aritzea; gure lana ikusgarri bilakatzea da kontua. Zelaiak betetzen ari gara, eta horrek erakusten du zaleen interesa pizten dugula. Babesa behar dugu, handitzen jarraitzeko.

Etxekoen babesa izan duzu?

Bai. Ahizparekin hasi nintzen, Atarrabian. Entrenatzeko aukera genuen, baina ez ziguten uzten partidak jokatzen. Izkoren garaian Osasunara etorri nintzen, baina taldea bertan behera utzi zuten. Orduan, Lagunak taldearekin aritzeko aukera izan nuen, Lehen Mailan. Orain, egoera bertzelakoa da Osasunan. Futbolera itzultzeko nire aukera izan da. Sasoia ez da amaitu, gainera. Nafarroako Kopako finala dugu, ekainaren 9an, Castejonen.

Babesa etiketa bilakatuta

Babesa etiketa bilakatuta

Edurne Elizondo

Zerbait hondatzea nahi baduzu, babes ezazu". Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesek erran ditu hitzok, eta horien bidez azaldu nahi izan du espazio bat eremu babestu izendatzeak ez duela bermatzen babes horrek legez jasotakoa betetzea, eta, finean, ekosistema hori zaintzea. Haren ustez, Nafarroako naturguneekin eta horiek babesteko garatutako araudiekin hori gertatu da: "Babesa etiketa huts bilakatu da, eta ez dira lehenetsi ingurumenarekin lotutako balioak".

Natur Parkeen Europako Eguna da gaur, baina Navascuesek nabarmendu du ospatzeko gutxi dagoela herrialdean. 1999. urtean hasi ziren natur parkeen eguna ospatzen, Europan, Europarc fundazioak bultzatuta. Berrogei herri inguruko naturgune babestuak ordezkatzen ditu erakunde horrek. Nafarroako Gobernua ere bada fundazioko kide. Maiatzaren 24a aukeratu zuten natur parkeen eguna ospatzeko, 1909. urteko maiatzaren 24an izendatu zituztelako Europako lehendabiziko natur parkeak, Suedian.

Nafarroan, sarea osatzen dute espazio babestuek; sare horren barruan, hiru natur parke daude herrialdean: Bertiz, Urbasa-Andia eta Bardea. Bardea, gainera, Biosferako Erreserba izendatu zuen Unescok, 2000. urtean. Hiru parke horiek Nafarroako Natura 2000 Sarean daude. Denera, herrialdeko eremuaren %27 hartzen du sare horrek: 281.000 hektarea, alegia.

Legea eta aldaketak

Natura 2000 Sareak oinarrian ditu Europako bi zuzentarau: habitaten ingurukoa, batetik; eta hegaztiena, bertzetik. Habitatak duen balioa kontuan hartuta, Nafarroan 43 espazio babestu daude; hegaztiak babesteko, berriz, hamazazpi ZEPA daude herrialdean. Hegaztien Babeserako Eremu Bereziak dira horiek.

Paperean, habitata eta hor bizi diren gizakiz bertzeko hainbat espezie babesten dituzte Europako zuzentarauek eta Nafarroan horien arabera garatutako legeek. Paperetik at, egoera bertzelakoa da. Naturguneen Legea, adibidez, bitan aldatu du jada Nafarroako Parlamentuak, bi proiektu zehatz egin ahal izateko: Itoizko urtegia eraikitzeko, lehendabizi, 1996. urtean; eta Larrako eski estazioa egiteko, bigarrenez, 2003an. Bietan prozesu bera gertatu da: aurretik legez babestutakoa babesik gabe utzi zuten, espazio horiek gune babestutzat jotzeko ezaugarriak aldatu ez baziren ere.

Mehatxuak ez dira desagertu. Bardeako natur parkean gertatzen dena da legeak ematen duen zaintzaren ahultasunaren ikur, Navascuesek nabarmendu duenez: "Biosferako Erreserba ere bada, baina, hala eta guztiz ere, tiro eremua du erdian". Gizakien bertze hainbat jarduerak egiten duten kaltea ere jarri du mahai gainean: nekazaritza, abeltzaintza, bai eta turismoa ere. "Kontrolik eza handia da, eta, zenbait garaitan, ekosistemari kalte egiten dion masifikazioa gertatzen da; Bardeako estepako hegaztien kopuruak behera egin du, nabarmen. Arazoak ez daude bakarrik hemen. Iratik edo Urederraren iturburuak ere jendez gainezka egin dute", salatu du Ekologistak Martxan taldeko kideak.

Azken urteotan, hain zuzen, bisitarien kopurua mugatu behar izan du Nafarroako Gobernuak Iratin, hainbat aldiz, dauden aparkalekuak bete eta gero; Urederran ere neurriak hartu behar izan dituzte, eta, orain, beharrezkoa da aurretik erreserba egitea.

"Betiko dilema dugu mahai gainean: ondarea gorde, edo erakutsi. Herritar guztiona da, finean", erran du Juan Goñik. Argi du, halere, herritar guztien jarrera ez dela bera. Inguruaz errespetuz gozatzea da gakoa, bere ustez: "Isilik, arrastorik utzi gabe, eta ezagutzen ari garena zainduz, honda ez dadin". Informatika ikasi zuen Tafallakoak, baina duela 11 urte bere benetako zaletasuna bilakatu zuen bere lanbide: gida lanetan aritzen da herrialdeko naturguneetan. Batez ere, Bertizen. "Iruritan bizi naizelako; edo, agian, Iruritan bizi naiz, Bertiz ondoan dagoelako", kontatu du.

Nafarroako natur ondarearen balioa nabarmendu du gidak. "Europako hiru bioklima nagusiak ditugu herrialdean: mediterraneoa, alpetarra eta itsasaldekoa; horrek aukera ematen digu ikusteko, adibidez, egun berean, Bardeako estepako hegaztiak eta Iratiko basoko okilak".

Iratiko basoa pagadi-izeidia da. "Europako handiena", zehaztu du Goñik. Bertizkoa, berriz, pagadi azidofilo hezea da: "120 urtez ez dute ukitu; penintsulako nabarmenenetako bat da, zalantzarik gabe; eta Europako nagusietako bat ere bai, segur aski", erantsi du. Zaharra da Bertizko basoa, eta horrek bereziki egoki bilakatzen du basoko saguzarrentzat, bai eta okilentzat ere. "Penintsulan dauden zazpi okilak ikus daitezke Bertizen", erran du Goñik.

Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazteek erosi zuten Bertiz, 1898. urtean. 1949an, berriz, nafarren esku utzi zuten, basoari bere horretan eusteko baldintzarekin. XIX. mendean, hain zuzen, Zigak eta Fernandezek erosi aurretik, Bertizko egurra erruz ustiatu zuten. "Donostiako Zabalgunea Bertizko egurrarekin eraiki zuten", erran du Juan Goñik.

Zilbeti gogoan

Bertizko gidak argi du legeek ez dutela bermatzen natur parkeen eta naturguneen babesa. "Bertze hainbat tokitan baino hobea da hemengo egoera, nire ustez, baina ezin dugu horrekin konformatu", gaineratu du. Zilbetiko pagadiko kasua ekarri du gogora Goñik. "Herritarrek protesta egin zuten, eta lortu genuen han egin nahi zuten harrobia bazter uztea. Horrelako proiektu batek hondamendia baino ez du ekartzen", salatu du Goñik.

Administrazioa ere ez da babes berme. Argi du Goñik. Abiadura handiko trena eta Nafarroako ubidea aipatu ditu. "Bi proiektuon alde egin du gobernuak; Baztanen ere, Aroztegikoaren mehatxua dugu".

Basoiloekin gertatu dena azaldu du Goñik: "1970eko hamarkadan bost besterik ez ziren gelditzen; populazioa handitzeko neurriak hartu zituzten, eta, orain, 40 urte pasatu eta gero, 50 daude. AHTa eta ubidea mahai gainean jarri dituzte, eta bi proiektuon artean hegaztion ugaltze eremuak suntsituko dituzte, eginez gero", kritikatu du.

Eduardo Navascuesek ere proiektuok salatu ditu. Eta salatu du, halaber, Ablitasko babes bereziko eremuan gertatzen ari dena. "Natura 2000 Sareko espazio bat da, babestuta dago, baina, hala eta guztiz ere, moto gidariak sartzen dira, eta suntsitzen ari dira. Ugaltze garaia da oraingoa, eta jarduera horrek kalte handia egiten die estepako hegaztiei. Kontrola behar da, babesa bermatzeko neurriak". Babes hori etiketa huts ez izateko.

Duina eta ilustratua

Duina eta ilustratua

Edurne Elizondo
Heriotzara bidea, artearen bidez. Horixe egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Heriotza duina eta ilustratua izenburuko erakusketa baliatuz. Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak antolatu du, auzia mahai gainean ja...

Iritzia: Zutik, Nafarroa

Iritzia: Zutik, Nafarroa

Lur Albizu Etxetxipia

Azken lau urteotan hamarkada luzez bizi izan gabeko egoera batean bizi izatera ohitu gara. Ohitu, edo. Nafarroan gehien erabili den hitza, zalantzarik gabe, aldaketa izan da. Aldatu: zerbaiten edo norbaiten ordez, kideko bat jarri edo hartu; erabili den arropa erantzi, eta beste bat jantzi; desberdin bilakarazi, desberdin bilakatu, aldakuntza bat izan. Gauza bat ezin da ukatu: aldaketa instituzionala gertatu zenetik, desberdinak dira Nafarroan gauza asko. Bizitzea ere desberdina da.

Aldaketa instituzionala zerbaitengatik gertatu zen, zerbaiti esker gertatu zen. Ekaitz perfektua. Baina ez kasualitatea. Kausalitatez betetako gertakizuna izan zen. Urte luze (hamarkada) askotan kozinatutako aldaketa, sektore, talde, ideologia, pentsamendu desberdinak batu zituen ekinbidea izan zen. Bat eta bakarra: erregimena etsai, hura instituzioetatik botatzea. Arrakalak ireki, eta kalean gertatzen ari zen aldaketa sozialari bide ematea.

Oso ongi ulertu genuen zein zen bidea. Arnasa hartzea ere zaila zen comunidad diferenciada horretan, forala eta espainola zena. Beste ezeri tokirik egiten ez ziona. Adibideak asko dira; gutako bakoitzak bereak izanen ditu. Memorian iltzatuta geratu zaizkit niri Gazteluko Plazako aparkalekua eta txikizioa, sanferminetako prozesioko polizia okupazioa, Euskal Jai, Olentzero debekatuak, Txantreako kaldereteetako igerilekua, dietak, korrupzioa, euskararen kontrako ekimenak, D ereduko ikastetxeen kriminalizazioa, Fiteroko kuartela, sare publikoan abortatzeko ezina... Jauntxoen Nafarroa, eliteen Nafarroa, navarrísimo-en Nafarroa. Opus Deiren Nafarroa.

Eta engainuen Nafarroa. Eskuinak boterean jarraitzeko eta Nafarroa gris horrek aurrera egiteko ezinbestekoa izan den makulua: PSN. Urtez urte, hauteskundez hauteskunde eta hamarkadaz hamarkada A esan eta B egin duen zorigaiztoko PSN. Aukera izan duen orotan UPNri, PPri dena oparitu diona. Pribilegioen eta bazterketaren Nafarroa bultzatu duena. Horretan ari dena. 2019an Ribaforadatik bere bizilagunak kanporatzeko lan konplizea egiten duen PSN bera.

Aldaketaz luze hitz egin genezake. Egindako akatsez, egindako hanka-sartzeez, egiteke dagoen bideaz. Baina ezin uka Nafarroan gauza asko aldatu direla eta aldatzen ari direla. Nafarroa aldatu egin dela, orain ezkerrekoagoa delako, feministagoa, justuagoa, solidarioagoa. Guztiontzako Nafarroa batekin amets egiten dugunontzat, bizitzea errazagoa den Nafarroa.

Aurrera egitea ezinbestekoa da. Aldaketak guztiok behar gaitu, bermeak behar ditu. Kalean eta instituzioetan lan eginen duten pertsonak. Epe luzeko aldaketa batek tamaina horretako begiradak behar ditu. Nafarroa bizia, ezkerretik eta behetik eraikia. Kontraesanak kudeatuko dituena, aurrera jarraitzeko. Irautea merezi duen aldaketa.

Horiek guztiak zintzotasunez, konpromisoz eta argitasunez uztartu behar dira. Bide eder hau konpartitzeko, bidea behetik eta mugimendu desberdinetatik egiteko aukera izaten jarraitzeko. Urrunera joateko. Bizitza eta lurralde burujabeak izanen dituen Nafarroara salto egiteko.

Nor bere izenean mintzatu

Nor bere izenean mintzatu

Edurne Elizondo

Hamar-hamabi orduz lotu ninduten. Urteak behar izan ditut gertatutakoa gainditzen hasteko. Sufritutakoa paper batean idatzi, eta Nafarroako Parlamentuan irakurri nuen. Gorputzak eskatutako terapia bat izan zen hori niretzat". Mejoranako Eva Roncerok erran ditu hitzok. Dibertsitate mentala duten eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonek osatzen dute elkartea. Bihar, bigarrenez, harrotasun eroaren eguna ospatuko dute, Iruñean.

Manifestazioa eginen dute, batetik, beren eskubideen alde, eta beren esperientzietan oinarrituta hitz egin nahi dutela aldarrikatzeko. Bertzetik, besta giroan ospatuko dute eguna. Enrique Villarreal El Drogas musikariak kontzertua joko du, bertzeak bertze, Basotxo oinezkoentzako karrikan. 12:00etan abiatuko da protesta, Bakearen plazatik, eta bukatzen denean hasiko da El Drogasen emanaldia.

Dibertsitate mentala duten pertsonak ahalduntzea da Mejorana elkartearen helburuetako bat; hori lortzeko bidean, Nafarroako Parlamentuan izan dira. Erakunde horretan eta karrikan exijitu dute beren giza eskubideak ez ditzatela urra. Hori egin zuen Roncerok, lotu zutenekoak parlamentarien aurrean azalduz, eta hori egiten jarraitu nahi du, harrotasun eroaren eguna tresnatzat hartuta. "Hitz egin behar da, buruko osasunaren gaia ikusgarri bilakatu; eta, batez ere, gure izenean hitz egiteko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu", erran du Roncerok.

Bat egin du Asun Lasaosak. Roncerok bezala, Lasaosak ere badaki zer den ospitaleratze psikiatrikoko unitate batean egotea; badaki zer den ohera lotuta egotea; badaki zer-nolako zama izan dezakeen adimen osasunari lotutako estigmak. Eta argi du: "Ez dezatela profesionalek edo senideek hitza hartu gure izenean. Harrotasun eroari buruz hitz egiteko beharra dago, larria eta gogorra delako diagnostiko bat dugunok sisteman sufritzen duguna. Ahaldundu behar dugu hori salatzeko. Baina guk egin behar dugu, gure esperientzietan oinarrituta".

Nahasmendu bipolarra duela erran zioten medikuek Lasaosari, 2011. urtean lehendabiziko krisia izan eta gero. "Buruko gaitzak ez dira eritasun bat; ez dira antzematen analisi batean edo TAC makina bat erabiliz. Sufrimendu psikikoa hagitz handia denean, zure buruak plast egiten du, eta bertze nonbaitera eramaten zaitu; krisia dator".

Egungo gizarte patriarkalak emakumeak, bereziki, egoera zaurgarri batean jartzen dituela uste du Lasaosak: "Gizonek ez dituzten zama anitz hartu behar ditugu gure gain; zaintzen ardura gurea da, etxean gizonek baino gehiago egiten dugu lan, eta etxetik kanpo, lan bera eginda ere, gutxiago kobratzen dugu. Feminismotik salatzen dugun horrek guztiak badu eragina gure buruko osasunean", nabarmendu du Lasaosak.

Erabateko ezintasuna onartu diote. Roncerok, berriz, %50 du. Lanean ari da Mejoranako kidea, baina salbuespena da dibertsitate mentala duten pertsonen artean: langabezia tasa %80 ingurukoa da, eta bereziki eragiten die emakumeei.

Ez da arazo bakarra. Fedeafes dibertsitate mentala duten pertsonen eta senideen elkarteen EAEko federazioak ikerketa egin zuen 2015. eta 2016. urteetan, eta jasotako datuek agerian utzi zuten sufrimendu psikosozialeko esperientzia larriak dituzten emakumeek gainerakoek baino arrisku handiagoa dutela indarkeria sufritzeko: %75ek sufritu dute senideren baten edo bikotekidearen indarkeria; bikotea izan duten %80k sufritu dute kide horren indarkeria. Gehienetan psikologikoa da, baina erdiek pairatu dituzte tratu txar fisikoak, eta %40 inguruk, berriz, sexu indarkeria. Gainera, bikotekidearen indarkeria sufritzen dutenen %40k baino gehiagok ez dute halakotzat identifikatzen.

Autonomiarik edo lanik ezak badu eragina dibertsitate mentala duten emakumeen autoestimuan: emakumea bakartzen duen giroa sortzen laguntzen dute elementu horiek. Buruko osasun arazoak dituztenek sufritzen duten estigmak, gainera, indar handia du oraindik ere, eta egoerak okerrera egitea ekartzen du.

Fedeafesek egindako ikerketaren datuak zabaldu ditu Nafarroako Los Perro Verde elkarteak. Lorena de Simon psikiatra da talde horretako kide, bertzeak bertze. Eva Roncerok ere parte hartzen du elkarteak antolatutako jardueretan. "Institutuetan izan gara, adibidez, ikasleen aurrean gure esperientzien berri ematen". Erdigunean jarri du Roncerok, berriz ere, hitz egiteko beharra: hitzen bidez, nor bere izenean mintzatuz eta bere esperientziak azalduz, dibertsitate mentalaren auzia normalizatzeko beharra. Iritzi berekoa da Lasaosa. "Mundua ikusteko bertze modu bat dugu dibertsitate mentala dugunok; hori da gakoa. Erotuta nago, eta zer? Hitz hori irain gisa erabiltzen da; hedabideetan indarkeriarekin lotzen dute, behin eta berriz. Guk gure egin nahi dugu hitz hori, eta buelta eman".

1993. urtetik

1993. urtean ospatu zuten lehendabiziko aldiz harrotasun eroaren eguna, Kanadako Ontarion. "AEBetan ere, 1970eko hamarkadan jada bazen mugimendua. Dibertsitate mentala zutenek aldarrikatzen zuten psikiatriatik bizirik atera zirela", kontatu du Lasaosak.

New Yorken dago, hain zuzen ere, dibertsitate mentala dutenek elkarri laguntzeko sortutako talde nagusietako bat. Parachute izena du. Hemen ere, inguruko herrietan egindako urratsei egin diete so, eta sortu dira gisa horretako taldeak. Espainian, Asturiasko Hierbabuena taldea izan da aitzindari. Dibertsitate mentala dutenen elkartea da, eta 2010. urte inguruan hasi ziren ospatzen harrotasun eroaren eguna. Andaluzian, berriz, En Primera Persona taldea ari da lanean. Eta Herrialde Katalanetan, Bartzelonako Activament da erreferente nagusietako bat. Euskal Herrian, berriz, Iruñeko Mejorana.

Taldean ahalduntzeko izan duen aukera eskertu du Eva Roncerok. Ados Teatroa konpainiarekin elkarlanean, Que nadie camine por mi mente con los pies sucios antzezlana prestatu eta aurkeztu dute Mejoranako kideek, hainbat aktore profesionalekin batera. Hilaren 31n, Burlatako kultur etxean eskainiko dute obra.

Oholtza gainera igotzea "sekulako esperientzia" izan da Eva Roncerorentzat. Argi du dibertsitate mentalaren berri jasotzeko balio duela lanak, eta ikustera deitu ditu herritarrak. Asun Lasaosak, berriz, Zauriak dokumentalean azaldu du, berriki, bere esperientzia, eta, aurretik, bakarrizketa bat prestatu zuen, osasun mentalaz aritzeko.

"Aktibismoak laguntzen du, zalantzarik gabe. Laguntzen du bakarra ez zarela jakiteak. Krisiak jo eta sistemak hartzen zaituenean, amorruak gora egiten du, eta aktibismoa da bideratzeko modu bat. Baina ez da ona horretan gelditzea, nire ustez. Aurrera egin behar dugu. Erotuta nago, baina, gainera, ama naiz, alaba, laguna, bikotea, feminista, abertzalea...".

Aktibismoaren lehen lerrotik aldentzeko beharra sentitu du Lasaosak. Roncerok, berriz, hor du orain ongi sentiarazten duen tokia. Zer hobetu badela argi du, eta horretan lagundu nahi du. Nafarroako Gobernuak 2019-2023 eperako Osasun Mentalerako Plana onartu du berriki. Agiriak helburutzat jo du inor ez lotzen saiatzea. "Xedetzat hartzea ez da nahikoa; egin egin behar da. Adi izanen gara, gure eskubideen urratze oro salatzeko prest".

Baliabideak eskatu ditu Roncerok. Ez hori bakarrik: dibertsitate mentala dutenak artatzen dituzten profesionalak trebatzeko beharra nabarmendu du. Hitza nahi du Roncerok, batez ere. Eta gizarte bat entzuteko prest.