Naiara Elola
Bada mutiko bat, 8 edo 9 urte ingurukoa. Herri txiki batean bizi da. Berez herriarena den etxe txiki eta zahar batean bizi da, zehazki. Negu euritsu eta hotzak besteenean baino lehenago hasten dira etxe horretan, eta luzeagoak ere izaten ...
Gizartea
Bazterra hautu bat denekoa
Edurne Elizondo
Bazterrean mugitzen den subjektu politiko bat gara". EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduko kide Kepa Yecorak erran ditu hitzok, kolektibo horrek bihar Iruñeko Kondestablearen jauregian eginen duen jardunaldiaren atarian. Buruari ekin bazterrean izenburupean antolatu dute biharko saio hori, asmo nagusi batekin: kolektiboa "berrindartzea", eta bere diskurtsoa "garatzea eta sendotzea". Egun osoko egitaraua prestatu dute hausnarketa kolektiboa bultzatzeko.
Ez da kasualitatea orain hartu izana gogoeta egiteko tarte hori. Biharko saioaren bidez, EHGAMeko kideek nahi dute bidean une batez gelditu, nolabait: gelditu, egindako urratsak aztertu, eta aurrera begirakoak zehaztu. Kolektiboaren egungo jarduera ez baita hasierako bera, eta kideek aurrean duten gizartearen errealitatea ere ez. Orain arte lortutakoa "defendatu" nahi dute, "sortzen" jarraitzeko.
1976an sortu zen Nafarroako Homosexualen Batzordea, eta handik bi urtera, 1978an, Ekainaren 28ko manifestazioa egin zuten, Tuteran, lehen aldiz. Iruñean, 1982an egin zuten protesta aurrenekoz, eta seiehun pertsona inguruk parte hartu zuten han. 1970eko hamarkada bukaeran sortu zuten EHGAM, hain zuzen, eta, 1980ko hamarkada amaieran eta 1990ekoan, batez ere, indar handia izan zuen Iruñeko karriketan, "ekintza zuzenaren" bidez. Orduko manifestazioak eta kanpainak oroitu, eta garbi erran du EHGAMeko kide Oskar Sadak badela "zer ospatu".
2000. urtean, EHGAMek bertze gisa bateko lana lehenetsi zuen karrikako jardueren gainetik. "Jendeak bere bizi kalitatea hobetzeko tresnak eskatzen zizkigun. EHGAMeko bi kide egon ginen Herbehereetan, Alemanian eta Katalunian, eta, hango kolektiboen lan egiteko moduak ezagutu eta gero, Kattalingorri jarri genuen martxan", kontatu du Sadak.
"Mariken diskurtsoa"
Kattalingorri aholkularitza jasotzeko eta elkarri babesa emateko toki bilakatu zuten hasieratik. Bat egiteko eta hitz egiteko espazio aske eta seguru bat, finean. EHGAMek jarri zuen martxan, baina joan zen nortasun propioa garatuz, kideek beren kolektiboaren izena behin-behinean bazter utzi arte.
Orain, baina, erdigunera itzultzeko ordua du EHGAMek. Izen eta abizenez. "Gero eta diskurtso ezberdin gehiago garatzen ari dira LGTBI+ kolektiboaren barruan; orain arte, elkarlanean aritu gara besteekin, eta albo batean utzi dugu gure diskurtsoa osatzeko lana. Orain horri ekin nahi diogu, gure diskurtsoa indartzeari", erran du Kepa Yecorak.
"Gure diskurtsoa". Yecorak eta Sadak azaldu dute horrek zer erran nahi duen: "Gure diskurtsoaz ari garenean ari gara mariken diskurtsoaz". Eta "marikak" dira "bazterrean" mugitzen den subjektu politiko bat, Yecorak bertze deus baino lehen nabarmendu duenez. "Mariken diskurtsoa bazterrean eta bazterretik" osatu nahi dute EHGAMeko kideek, hain zuzen ere, bere egin baitute bazterrean egoteko aldarria: sistemak ezarritako arauen araberako erdigunea ez dute maite.
Botere harremanak nagusi dituen egungo sisteman, zisheteropatriarkatuaren eredua da hegemonikoa; gauza guztien neurria ezartzen duena, alegia; erdian dagoena. Horregatik nahi dute EHGAMeko kideek bazterrean bizi. Gauza guztien neurria ezartzen duen arau horrek badu eragina ere homosexualen kolektiboan, eta egoera horrek pizten dituen eztabaidak erdigunean jarri nahi dituzte, biharko jardunaldiaren bidez: "Egungo jendartean bada berdintasunaren aldeko nolabaiteko aldarria; ematen du jendarteak balioa ematen diola berdintasun asmo horri, baina ez da egia: jendarteak arautik hurbil dauden ereduak baino ez ditu onartzen; benetako berdintasuna aldarrikatzen dugu guk, eta horretarako ez dugu inoren baimena behar", nabarmendu du Kepa Yecorak.
Sistemak, beraz, "arautik hurbil dauden homosexualak" onartuko lituzke, EHGAMeko kidearen hitzetan: homosexual "zuri, eder eta aberatsak", alegia. "Gay izateari buruz ere oso diskurtso arautzaileak ari dira garatzen, azken urteotan; maskulinitatea, gay direnen maskulinitatea ere, oso lotuta dago eredu bakar batekin, eta gu ez gara eroso sentitzen eredu horretan".
Egungo gizarteko eredu hegemonikoak binarismoa du ezaugarri nagusietako bat; EHGAMeko kideek, baina, horren kontrako jarrera hartu dute. "Binarismo arautzailearen aurka gaude", erran du Oskar Sadak. Hausnarketarako mami diren galderak, auziak eta ereduak aipatu ditu EHGAMeko kideak, eta horien inguruan gogoeta egiteko beharra nabarmendu du: "Gu non kokatzen gara? Zer gara? Marikak? Marikak izateko gizon izan behar dugu? Zis gizonak? Edo trans gizonak ere?". Hausnartzera eta hitz egitera deitu ditu Sadak jardunaldian ariko diren herritarrak: "Auzi pila dugu jorratzeko, libreago izateko; libreago izateko lan hori ez da bakarrik guretzat, gainera, gure askatasunak ere besteena ekartzen baitu".
Sadaren hitzen ildotik, emakume transak baztertzen dituen feminismoaren aldarriek azken boladan izan duten "oihartzuna" aipatu du Yecorak, eta argi utzi nahi izan du zer erran badutela auzi horri buruz: "Guk ez diogu inori esanen zer den gizon edo emakume izatea; ez dugu esanen nor den gizon edo emakume; ez ditugu ezarriko gauza bat edo beste izateko baldintzak. Genero autodeterminazioan sinisten dugu, eta, ondorioz, argi dugu nork bere burua definitzeko eskubidea duela". Hau da, "hamaika modu" daudela gizon, emakume edo bertze izateko. Kontua ez baita bazterra erdigunera eramatea, baizik eta erakustea erdigunea egon daitekeela bazterrean ere: aniztasunaren balioa eta genero adierazpen askotarikoen balioa nabarmenduko duen bazterrean, hain zuzen ere.
"Autoestimutik eraiki"
Biharko jardunaldiak biharko diskurtsoa sendotzera eraman nahi ditu EHGAMeko kideak; prozesu horretan, kolektiboko arduradunek ezinbertzean egin diote so orain arte egindako bideari, eta, gaurkoak eta atzokoak alderatuta, "pozik" erran du Oskar Sadak: "Iruditzen zait autoestimu polit batetik eraikitzen ahal direla gauza politagoak erresistentziatik bainoago; eta hori da guk gure borrokarekin egungo gazteei eman dieguna".
"Egungo gazte horiek jakin behar dute aurretik zer egin den; jakin behar dute hor daudela beste batzuek egindakoari esker", erantsi du Kepa Yecorak. Memoria jorratzeko beharra aipatu du Sadak ere, baina, bertze gauza guztien gainetik, "ahalduntzeko" urratsak jo ditu funtsezko: "Guk kaleak hartu genituen, eta, gisa berean, ahalduntzeko beharra dute egungo gazteek".
EHGAMeko bi kideek eskertu dute, hain zuzen ere, kolektibo horrek emandako "ahalduntzerako arnasa". Talde hori sortu zutenean baino anitzez ere kolektibo gehiago dago Nafarroan, gaur egun, eta ontzat jo dute hori EHGAmeko kideek. "Inportantea da erreferentziazko gune askeak izatea, are gehiago herri txikietan", erran du Yecorak.
Gune askeak izatea ez da nahikoa EHGAMeko kideentzat; gizarte aske bat nahi dute, bazterreko guztientzat. Argi dute gizarteak urratsak egin dituela azken hamarkadetan, eta, egun, bertzeak bertze, erakunde publikoen esku dira garai batean herritarrek sortutako kolektiboek eskaintzen zituzten zerbitzuak. Kattalingune du Nafarroako Gobernuak, adibidez, LGTBI+ kolektiboa artatzeko eta bere eskubideak babesteko.
"Aurrerapauso" horiek onartu dituzte EHGAMeko kideek, baina erakundeak "zaintzeko" beharra nabarmendu dute. Ez hori bakarrik: "Nork bere esparrua du; badira zerbitzu publikoak, batetik, eta bertzetik daude gure aldarriak. Osagarri izan daitezke, edo elkarren kontrakoak", azaldu du Yecorak. "Kritiko" izateko beharra erantsi du Sadak. Horretarako aukera izanen dute biharko jardunaldian. Hausnartzeko, kritiko izateko, eta sortzen jarraitzeko aukera.
Gorrien memoria
Edurne Elizondo
Suhiltzailea da lanbidez, baina Mikel Huartek artxiboetako agirien artean sartu du burua azkeneko hilabeteotan, helburu garbi batekin: frankisten errepresioa sufritu zuten Osasuna taldeko kideen memoria jaso eta zabaltzea. Sare sozialetan hasi zuen bide hori, eta liburu batean jaso du orain, Txalaparta etxearen eskutik: Rojos. Futbol, política y represión en Osasuna (Gorriak. Futbola, politika eta errepresioa Osasunan). Gaur aurkeztuko dute, Iruñean.
Felix Monreal kazetariak emandako pistek eman zioten atentzioa Mikel Huarteri gaia lantzen hasteko. "Osasunako hainbat kidek 1936ko altxamendua gertatu eta gero errepresioa sufritu zutela aipatu zuen; izen batzuk eman zituen, eta gehiago ote ziren pentsatuz, bila hasi nintzen", gogoratu du Huartek.
Soziologiako eta Gizarte Laneko ikasketak egin zituen Huartek, baina futbola beti izan du pasio; jardunaldiak antolatu zituen Futbola ere lapurtu ziguten izenburupean, 2015ean, bertze hainbat kiderekin batera, dirua oinarri duen oraingo futbolari buruz hausnarketa egiteko.
Jardunaldi horien bidetik sortu zen Twitterren kontu bat irekitzeko asmoa: Huartek kontu horren bidez zabaldu zuen frankisten errepresioa sufritu zuten Osasunako kideen berri, iazko uztailaren 18an.
Interneten bidez egindako lan horri esker, ezagutzen ez zituen testigantzak eta datuak jaso ditu Huartek. Eta jasotako hori guztia behar bezala gordetzeko beharrak eraman du liburua egitera. "Osasunari buruzko liburuetan jaso izan da frankisten aldean hildako kideen berri Antonio Oloriz, Jose Bezunartea, Angel Avizcuri, Otxoa de Olza eta Dueñas; ez, ordea, frankisten errepresioa sufritu zutenena. Argi nuen memoria hori jaso eta errepresioa pairatu zutenei aitortza egin behar zitzaiela; arrastoa utzi zuten hamaika arlotan", nabarmendu du Huartek.
Bengarairen biografia
Frankistek Osasunako zuzendaritzako kide edo jokalari izandako sei fusilatu zituzten, 1936ko altxamendua gertatu eta gero: Eladio Zilbeti, Natalio Cayuela, Fortunato Agirre, Filomeno Urdiroz, Alberto Lorenzo eta Ramon Bengarai. 1920ko udazkenean sortu zen Osasuna kluba, eta Agirre eta Zilbeti izan ziren sortzaileetako bi. 1922an, Donibaneko zelaia ireki zuten, eta Espainiako Ligan 1928an egin zuen debuta taldeak. 1934-1935eko denboraldian aritu ziren gorritxoak lehen mailan aurrenekoz. 1936ko apirilean berriz jaitsi ziren. Uztailetik aurrera, halere, zelai barruko arazoak hutsean gelditu ziren, militarrak altxatu eta gero.
Frankistek hildakoen artean, nabarmentzekoa da Ramon Bengaraik egin zuen bidea. Horregatik, Huarteren eskutik sortutako proiektu beraren barruan, Osasunako zuzendaritzako kide izandakoaren biografia argitaratu du Katakrakek: Ramon Bengaray, Osasuna y república (Ramon Bengarai, Osasuna eta errepublika). Esther Aldabe historialariak sinatu du, baina argi utzita "talde lana" dagoela liburu horren atzean. Josu Chueca historialariak idatzi du hitzaurrea.
Historialaria ez ezik, "futbolzale amorratua" ere bada Aldabe: "Erraza izan zen Huarteren proposamenari baiezkoa ematea". Artxiboko agirien artean ezagutu zuten elkar, eta proiektuaren berri jaso bezain pronto erabaki zuen Aldabek Bengarairen biografia idazteko lanean inplikatzea. Lanbidez tipografoa zen Bengarai, baina "hamaika arlotan" egin zuen bidea: "Sindikalista izan zen, Iruñeko Orfeoiko abeslari, bai eta politikari ere", aipatu du Aldabek. Fronte Popularreko presidente izan zen Nafarroan; 1936an fusilatu zuten.
Bengarairen eta errepresioa sufritu zuten Osasunako gainerako kideen memoria "ezabatu" egin dutela nabarmendu du Aldabek. "Klubak berak ez du ahaleginik egin gertatu zena zabaltzeko. Orain plazaratu diren liburuen atzean ere herritarren ekimena dago", erantsi du historialariak. "Gorritxoen memoria jaso beharra zegoen; futbolaren esparruan egindako lanaz gain, herrialdeko gizartearekin eta kulturarekin ere konpromisoa hartu zuten", bukatu du Huartek.
Osasuna, erdigunera
Edurne Elizondo
Osasunak egon behar du erdigunean. Espetxeetan ere bai. Mezu hori nabarmendu eta zabaldu nahi izan dute Salhaketa erakundeko kideek. Salatu dute koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak "are latzago" bilakatu dituela kartzeletako baldintzak, eta horrek ekarri duela "berez gogorra" den presoen egoerak "okerrera" egitea.
Nafarroako Salhaketako kide Libertad Francesek garbi erran du: "Koronabirusak eragin duen egoerak lotura zuzen eta sendoa du hilabeteotan espetxeetan gertatu diren heriotzekin. Zigorrak betetzeko baldintzek presoen eskubideak urratzen dituzte; haien osasuna bermatzeko modu bakarra da espetxeak hustea".
Zaballan gertatu da azken heriotza. Nafarroako 32 urteko gazte bat zendu da Langraiz Okako (Araba) kartzelan, irailaren 12an. Iruñeko espetxean hasi zen betetzen epaileek ezarritako zigorra, baina abuztuaren 4an mugitu egin zuten Zaballakora. "Dakigunez, hark eskatu zuen mugitzea. Pisikologoak ez zuen ikusi espetxean sartu zuten egunean; gerora, psikologoak arta zezala eskatu zuen presoak, baina ez zuen hartu. Kartzelako laugarren moduluan zegoen, eta hango bertze presoek aurkitu zuten ziegan hilda", azaldu du Francesek.
Nafarroako presoen eskubideen aldeko kolektibo batzuek —Sare, Etxerat, Salhaketa eta Altsasuko Gurasoak— sarea osatu zuten osasun krisiak eztanda egin eta gero, espetxeetan gertatzen ari zena ikusgarri bilakatzeko: alarma egoerak ekarri zuela kartzeletan itxita zirenak are gehiago bakartzea.
Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak bertan behera utzi zituen bisitak, bertzeak bertze, eta udaberrian kartzelatik at konfinamendua arintzeko neurriak ezartzen hasi ziren arren, "barruan" oraindik ez dira itzuli pandemiaren aurreko egoerara. Are gehiago: itxialdian herritarren eta gobernuz kanpoko erakundeen presioz hartutako zenbait neurri —bideo deiak jasotzeko aukera bazter utzi zituzten alarma egoera amaitu zenean, eta, pandemiak okerrera egin arren, "ez dituzte berriz ere indarrean jarri", Libertad Francesek salatu duenez.
Eskumenen auzia
Egungo osasun krisiak "gaizki" zegoena "are okerrago" bilakatu duela bazter utzi gabe, Salhaketako arduradunek funtsezkotzat jo dute eustea, "behingoz", kartzeletan preso diren pertsonen osasunaren auziari. Izan ere, egiturazko arazoak badaudela salatu dute, eta horiek zailtzen dutela urratsak egiteko aukera.
Francesek nabarmendu du Nafarroak ez dituela bere esku espetxeko osasun eskumenak; legez, bertzelakoa behar zuen egoerak aspalditik, 2003koa baita espetxeko osasun eskumenak erkidegoen esku utzi nahi zituen Espainiako Kongresuko legea. Egun, Kataluniak kartzelen gaineko eskumen osoa du, eta Euskal Autonomia Erkidegoa da osasun eskumenak dituen bakarra.
Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak horixe nabarmendu du, Zaballako azken heriotzaren berri jakin eta gero: "Osasun eskumena Osakidetzarena da", azaldu diote erakunde horretako komunikazio arloko kideek NAFARROAKO HITZAri. Erantsi dute preso nafarrak "denbora gutxi" zeramala Zaballako kartzelan, eta psikologoak artatu zuela: "Behin edo gehiagotan izan zen ez dakigu, baina artatu zuen". Psikologoak arriskua sumatzen badu, suizidioari aurrea hartzeko protokoloa ezartzen dutela erantsi dute. "Kasu honetan, ez zen hori gertatu".
"Guk dakigunez, psikologoak ez zuen presoa artatu", berretsi du Salhaketako Libertad Francesek. "Eta artatu bazuen, emaitzak erakusten du jasotako arreta ez zela izan behar zena". Argi du Osakidetzak eta Espainiako Gobernuak dutela Zaballako espetxean gertatutako heriotzaren ardura. Irailekoa izan da azkena, baina urtea hasi zenetik hiru dira, denera, Arabako espetxe horretan hildakoak. 2019an, berriz, bost izan ziren. "Ditugun datuak ditugu, baina ez dugu jasotzen espetxe barruan gertatzen diren heriotza guztien berri", nabarmendu du Arabako Salhaketako abokatu Marta Aldanondok.
Suizidioen prebentziorako protokoloari buruz, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiko arduradunek azaldu dituzte zer urrats egiten duten: "Presoa erizaintzara eramaten ohi da, eta bertze preso batekin egoten da, une oro". Hau da, presoa zaintzeko ardura bertze preso baten esku uzten dute. "Ikaragarria da", erran dute Salhaketako kideek.
Hutsak eta gabeziak
Nafarroan Espainiako Gobernuaren esku dago espetxean preso direnen osasunaren ardura. Ez, ordea, Osasun Ministerioaren esku, baizik eta Barne Ministerioarenean. "Espetxe Erakundeek dituzte osasunaren inguruko eskumenak, eta horrek erran nahi du presoen osasuna kartzelako bertzelako interesen azpitik dagoela", erran du Libertad Francesek. Adibide baten bidez azaldu du egoera horrek zer-nolako ondorioak dituen: "Presoek espezialistekin dituzten hitzorduak galtzen dituzte, anitzetan, koordinaziorik ezaren ondorioz poliziarik ez dagoelako presoak osasun zentroetara eramateko".
Horrelakoek erakusten dute sistemak "huts" egiten duela, Salhaketako kidearen hitzetan, eta huts horiek ondorio latz eta larriak izan ditzakete. Preso bat hiltzen denean egiten du sistemak hutsik gordinena, hain zuzen ere. Hori gertatzen denean, gainera, dauden gabeziak gelditzen dira agerian: "Pertsona batek ez luke espetxean egon behar epe labur batean heriotza eragin diezaiokeen gaitz bat baldin badu; preso bat gaindosi baten ondorioz hiltzen denean agerian gelditzen da, batetik, droga kontsumoari aurre egiteko tratamendurik ez dagoela espetxe barruan, eta, batez ere, kartzelan drogak badirela; preso batek bere buruaz bertze egiten duenean, berriz, argi gelditzen da espetxeetan osasun mentala ez dela behar bezala artatzen".
"Kartzelak ez dio lehentasuna ematen presoaren osasunari". Esaldi horren bidez laburbildu du Francesek espetxeetan gertatzen ari dena. "Inork ez du presoen osasunaren ardura bere egin nahi", erantsi du Aldanondok. Nafarroan, Espainiako Gobernuarena da eskumena, baina Francesek argi eta garbi erran du Nafarroako Gobernuak ere baduela erantzukizuna. "Osasun eskumenak bere esku izan gabe ere, anitzez ere gehiago egin dezake Osasunbideak, Nafarroako osasun legeen arabera berea baita herrialdean bizi diren pertsona guztien osasunaren ardura".
Negoziazioak Madrilen
Nafarroako Gobernuak martxan du espetxeko osasun eskumenak bere esku hartzeko negoziazio prozesua Espainiako Gobernuarekin. Salhaketa erakundeko kideek lan handia egin dute bide horretan, hain zuzen ere: 2017an, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuten Nafarroako Foru Erkidegoak bere gain hartzea espetxe eskumenak, bultzada baten beharra izenburuko txostena.
Iruñeko espetxeari hiru mediku dagozkio, baina bakar bat ere ez zen lanean urte hasieran: batek erretiroa hartu eta haren tokia ez zelako berehala bete, eta bertze biek gaixo-agiria hartu eta ordezkorik ez zietelako jarri. Egoera horren aurrean, Nafarroako Gobernuak mediku bat bidali zuen kartzelara, astean hainbat egun eta zenbait orduz. Egoerak hobera egin du, eta, orain, hiru mediku daude Iruñeko espetxean. "Bi lanaldi osoa betetzen ari dira, baina hirugarrena ez", zehaztu du Francesek. "Bada zer hobetu".
Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiko arduradunek ere onartu dute presoen osasunaren arloan arazo bat badutela; medikuak falta direla onartu dute, eta horregatik, erkidegoak premiatu dituzte osasun eskumenen ardura hartzera.
Salhaketak interes horren inguruko hainbat datu jarri ditu mahai gainean: "Eskumenak erkidegoei emateko legea 2003koa da, baina Espainiako Gobernua azken urteotan baino ez da hasi erkidegoak premiatzen; hepatitis C gaitza da interes horren arrazoi nagusia", azaldu du Francesek. "Zehazki, hepatitis C gaitzari aurre egiteko tratamenduak ordaindu behar izatea", erantsi du. "Gaitz horrek preso anitz jo ditu, eta Espainiako Gobernua ohartu da garesti ateratzen zaiola denen tratamendua ordaintzea".
Salhaketako kideek espero dute urrian urrats bat egitea Nafarroak espetxeko osasun eskumenak bere gain hartzeko. Francesek ohartarazi du, halere: "Egin beharreko urrats bat da, baina ez ditu arazo guztiak konponduko". Zaballan gertatu den azken heriotza gogoratu du, ildo horretan. Iruñeko espetxean bertze arazo anitz ere badela aipatu du, gainera: "Hagitz gaizki funtzionatzen du; ez dago jarduerarik, presoek ez dute zer egin; horrek mugitzeko eskatzera eramaten ditu anitzetan". Tokiz aldatzeak ekartzen ahal du familiaren bisitei uko egin behar izatea. Zigorrak badu adar anitz, eta Salhaketak argi du presoen osasunak egon behar duela erdigunean.
Herriko zaharren gurpilean
Edurne Elizondo
Toño Peña duela 22 urte ailegatu zen Corellara, eta, lehenengo egunetik, atentzioa eman zion herriko zahar gehienak ibiltzen zirela bizikleta gainean. "Batez ere, emakumeak", zehaztu du. Corellako Bizikletazaleak taldeko kidea da Peña. Duela hamabost urte sortu zuten, herriko zaharrek markatutako bidetik aurrera egiteko asmoz. Bizikletaren alde ari dira geroztik, karrikan dagokien espazioa eskatzeko.
Bizikleten aldeko apustuak gora egin du koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak eztanda egin zuenetik. "Alternatiba merke eta erosoa da", erran du Peñak. Nafarroako Gobernuak ere egin ditu urrats batzuk bizikletaren erabilera sustatzeko, oraingo egoera kontuan hartuta. Itxialdia amaitu bezain pronto, hain zuzen, Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritza Nagusiko arduradunek bilera bat egin zuten Corellako Bizikletazaleak taldearekin eta Erriberako bertze hainbat kolektiborekin, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko asmoz. Lan horren ondorioz, kanpaina bat prestatu du gobernuak orain: 50 euroren laguntzak banatuko ditu, hondatuta edo aspaldi erabili gabe dauden bizikletak konpontzeko. Urriaren 6an jarriko dute martxan.
Gobernuaren asmoa da hirian eta udalerrietan bizikleten erabilera sustatzea. Gaur egun, herritarren %2k baliatzen dute, egunero. Kopuru horrek gora egitea lortu nahi du Garraio Zuzendaritza Nagusiak.
Txangoak, tailerrak, saria
Corellako Bizikletazaleak taldeko kideek helburu bera izan dute ardatz martxan jarri zirenetik, eta ez dira lan hori egiten ari diren bakarrak Erriberan: 2015etik, Recicleta kolektiboa ere ari da urratsak egiten bizikletaren erabileraren alde. "Hainbat taldek egin dugu bat kolektiboan, eskualdean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz", azaldu du Abel del Rey Recicletako kideak.
Helburu berarekin, baina nor bere bidetik ari da. Corellako Bizikletazaleak taldeko kideek ez dute ahaztu nahi izan herriko zaharrenen ereduari so bururatu zitzaiela taldea martxan jartzea, eta herriko zahar horiek kontuan dituzte antolatzen dituzten ekinaldi anitzetan. Bizitza oso bat bizikletan izenburuko sariarekin, adibidez, herrian alde batetik bertzera mugitzeko beti bizikleta erabili izan duten adineko pertsona horiek omentzen dituzte, urtero. Eta bizikletaz mugitzeko gai ez direnentzat, berriz, zerbitzu berezi bat dute, asteburuetan: taldeko kideek gidatutako trizikloak baliatzen dituzte herriko zaharrak goiz osoko paseo batera eramateko. Asteburuko irteerak eta egun bateko txangoak ere egiten dituzte Bizikletazaleak taldeko kideek, bai eta bizikletak konpontzen ikasteko tailerrak ere.
Bizikletak konpontzea da Recicleta taldeko kideen jardueraren oinarri, hain zuzen ere. "Hasieratik, gure asmo nagusia izan da etxean erabili gabe ditugun bizikletak martxan jartzea", azaldu du Del Reyk. Bizikleta zaharrak jaso, eta konpondu eta gero banatu egiten dituzte.
Bizikleta horiek "segurtasunez" erabili ahal izatea ere badute helburu. Azken urteotan egindako urratsei esker, hain zuzen ere, Tuteran gora egin du hirian dituzten bidegorrien kopuruak, eta bide horien arteko loturak ere prestatu dituzte, erdigunean.
Egindako urratsak eta udalaren jarrera eskertu du Del Reyk, baina nabarmendu du lan handia dagoela egiteko, oraindik ere. Corellako Toño Peñak ere argi du administrazioak pausoak ematen jarraitu behar duela, bizikletek gero eta toki gehiago izan dezaten. "Eta horretarako, noski, autoak galdu egin beharko luke egun karrikan duen nagusitasuna". Ez da lan erraza hori lortzea, ordea, Peñaren ustez: "Autoaren industriak pisu handia du".
Recicleta kolektiboan diren taldeetako bat da Erriberako Ekologistak Martxan, eta talde horretako bozeramaile Eduardo Navascuesek ere salatu du Nafarroako Gobernua "behar baino urrats gutxiago" egiten ari dela. "Ongi dago bizikletak konpontzeko laguntzak ematea, baina ez da nahikoa: 50.000 euro baino ez dute gastatuko. Bitartean, Nafarroako ubidea sustatzen jarraitzen dute. Hori bai ez dela jasangarria".
Moztuta ere hiltzen ez den lilia
Edurne Elizondo
Memoria historikoak Josefina Lambertoren aurpegia du Nafarroan: moztuta ere hiltzen ez den mendiko lilia. Hezur-haragizko memoria da harena: memoria bizia; oroitu, egin eta eragin nahi duen memoria; oroitu eta justizia eskatzen duena. Josefinak Vicente Lamberto zuen aita; Maravillas, berriz, ahizpa. Biak eraman eta hil egin zituzten falangistek, 1936ko abuztuan. Familiaren historia bere egin du Lambertok, eta Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal zinemagileek Florecica (Loretxo) dokumentalean jaso dute orain. Atzo aurkeztu zuten, Iruñean.
"Kontatu, zabaldu, ez ahaztu". Bertzerik ez die eskatu Josefina Lambertok bere bizitzari buruzko laneko egileei. Bertzerik ez du egin hark, 1936ko abuztuaren 15ean senideak ondotik indarrez eraman zizkiotenetik. 1929. urtean sortu zen Josefina Lamberto, Larragan; zazpi urte bertzerik ez zituen 1936ko abuztu hartan, baina, hala eta guztiz ere, inoiz ez du ahaztu: "Etxeko atea jo zuten goizeko ordu bietan. Ama koitaduak ez zuen atea ireki beste erremediorik izan. Hala, gizon horiek metrailetak eskuetan zituztela sartu ziren etxean, eta zuzenean aitaren bila joan ziren".
2014. urteko uztailean, Josefina Lambertok Berria egunkariko orrietan kontatu zuen falangistek aitari eta ahizpari zer egin zieten: "Maravillasek 14 urte zituen, eta bazekien herrian ordurako pertsona asko desagertuak zirela. Hori zela eta, falangistei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten jakiteko, eta haren arrastoa ez galtzeko. Eraman bai, baina bueltan ekarri ez. Ez genuen ezer gehiago jakin haietaz".
Bilatu eta bilatu, baina Josefinak ezin izan ditu aurkitu Vicente eta Maravillas Lambertoren gorpuzkiak. "Antza denez, aita Ibirikura eraman zuten. Ingurune guztia induskatu zuten, baina ezer ere ez. Ahizpari dagokionez, herritar batek esan zigun behin animaliak bazkatzera eraman zituela eta, gauean haien bila joan zenean, hilotz usaina sumatu zuela. Hara hurbildu, eta gorpu bat ikusi omen zuen, guztiz desitxuratua; txakurrek janda. Gainera, ordurako erabat usteldua zegoen, eta erre egin ei zuten".
Latza eta gordina da Lambertoren kontakizuna. Eta latzak eta ezin adierazgarriagoak dira Florecica lanean jaso dituzten haren isiluneak ere. "Izugarri ukitu naute Josefinaren isilune horiek; hainbat segundoz gelditzen zen begirada galduta, auskalo zein oroitzapenera iltzatuta", nabarmendu du Virginia Senosiain egileak.
"Oparitzat" jo du Lambertoren testigantza jasotzeko aukera eduki izana, eta zehaztu du errepresioaren inguruko Insurgencia (Insurgentzia) dokumentalerako egindako elkarrizketa izan dela Lambertori buruzko lanaren abiapuntua: "Sei-zazpi minutuko elkarrizketa egitera joan, eta ordu eta erdiko solasaldia oparitu zigun Josefinak".
Solasaldi horretan, Josefina Lambertok aitaren eta ahizparen bozgorailu izan nahi zuen: egin zietena kontatu, denek jakin eta eta inork ez dezan ahaztu. Senosiainek eta Napalek, baina, Josefina Lamberto ere jarri nahi izan dute erdigunean: errepresiorik gordinena sufritu zuelako, baina, samin eta arantza guztien gainetik, "memoria bizi" eta "benetako ekintzaile" bilakatu delako. "Merezi du aitortza", erran du Napalek.
Senosiainek nabarmendu nahi izan du Lambertok elkartasunerako izan duen gaitasuna. "Bide ezin gogorragoa egin du haur bat zenetik, baina, hala eta guztiz ere, elkartasunez jokatu du beti; maitasuna dario. Horrek hunkitu nau". Paris 365 proiektuko boluntario gisa urte luzez egindako lana aipatu du zinemagileak, bertzeak bertze. "Orain, bisitan baino ez da joaten, baina inoiz ez esku hutsik". Napalek azaldu du "gerra ondoko jarrerak" badituela Lambertok: "Dena gordetzen du, bertzeei emateko".
Kalean eskean
Esku hutsik egotea zer den ederki daki Lambertok. Falangistek aita eta ahizpa hil eta gero, ama kartzelara eraman zuten. "Bizpahiru egunez egon zen espetxean, eta ahizpa eta biok bakar-bakarrik geratu ginen etxean. Ama espetxetik aterata, militar baten etxera joan zen lanera, eta gu beste familia batekin utzi gintuen urtebetez. Oso egoera txarrean bizi ginen, behin eta berriz mespretxatzen gintuzten. Ez hori bakarrik: etxe hartatik atera ondoren jakin genuen etxe hartako semeak bortxatu eta hil zuela gure ahizpa".
Larragatik Iruñera mugitu zen familia. "Gure ama eskean ibili zen hasieran. Oso haurtzaro tristea izan genuen". Gero, moja sartu zen: "Asko damutu naiz nire bizitzako 46 urte eta nire osasuna bizimodu hari eskaini izanaz. Kriminal hutsak dira: ez dute beste izenik. Segituan erakutsi zidaten esklaboak behar zituztela, eta ez mojak". Pakistanen eta Madrilen egon zen Lamberto, Iruñera itzuli baino lehen.
"Elizaren ardura erdigunean jarri nahi izan du Josefinak", erran dute Napalek eta Senosiainek. "Behin eta berriz erran digu kriminalak direla; sekulako irmotasunez errepikatu du mezu hori". Pakistanen malariak jo zuen, behin baino gehiagotan. Osasun txarrak eraman zuen Madrilera, eta, hango komentuan aitaren eta ahizparen berri galdetu zuen, Francisco Franco diktadorea hil eta gero: "Zerbait eginen zuten". Hori erantzun zion komentuko arduradunak, Iñaki Egaña historialariak 2009ko artikulu batean jaso zuenez.
Napalek eta Senosianek sumatu dute errepresioak Josefina Lambertori eragin dion minaren arrastoa haren hitzetan. Baina, horren gainetik, zapalduen alde jartzeko egin duen ahalegina nabarmendu dute, eta jarrera horrek bilakatu duela bertzeentzat erreferente. "Bai eta gazteentzat ere".
Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideekin duen harremana aipatu dute, batez ere, dokumentalaren egileek. Eraikina 2018. urtean hustu zutenean, han egon zen Lamberto. "Iruñeko udaletxera joan zen lehendabizi; Joseba Asiron alkatearekin hitz egin nahi zuela erran zien ateko udaltzainei. Gaztetxearen aurrean, foruzainen eta polizien aurrean saiatu zen bitartekari lana egiten", azaldu dute zinemagileek. "Bihotz hondoan gordeta du gaztetxeko kideek Maravillasi egin zioten omenaldia; 'nire gaztetxoak' erraten die", kontatu du Juan Luis Napalek.
Bada Lambertok bihotz hondoan gordetako bertze oroitzapen berezi bat: Iruñeko Udalak Maravillas plaza inauguratu zuenekoa. "Asironi sekulako esker ona dio Josefinak. Ahizparen plaza opari ezin politagoa izan da harentzat".
Omenaldia
Florecica dokumentala pasa den martxoan estreinatzekoa zen, baina osasun krisiak aurkezpena atzeratu du. Ekainean, Laudioko (Araba) Orbeko Etxean bota zuten, eta Ondarroan (Bizkaia) eta Oñatin (Gipuzkoa) ere ikusi dute. Josefina Lamberto atzo Iruñean egindako aurkezpenean egotekoa zen, baina ezin izan zuen, azkenean, hiriburuko Erruki Etxean —han bizi da— koronabirusarengatik ezarritako protokoloen ondorioz. Lambertok jaso zuen, halere, dokumentalaren egileek egin nahi zioten omenaldia, egoitzan bertan, egun bat lehenago. Atzoko aurkezpenean, gainera, Fermin Balentzia musikariak eta Leizeak taldeak gogoratu eta omendu zituzten Maravillas eta Josefina Lamberto.
Florecica dokumentalaren bidez, sorta bereko bi loretxo horien memoria zabaldu nahi dute egileek: "Hori da Josefinak eskatu diguna, eta hori egin nahi dugu. Memoria lantzeko tresna bilakatu nahi dugu dokumentala", erran du Virginia Senosiainek.
Zenbait kultur etxetako eta memoria jorratzen duten elkartetako arduradunak harremanetan jarri dira jada zinemagileekin, Florecica erakutsi ahal izateko. Gainera, egileek asmoa dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko agintariekin hitz egiteko, dokumentala herrialdeko ikastetxe eta institutuetara eramateko.
"Balio dezala gure lanak zer gertatu zen jakiteko, eta ez errepikatzeko", nabarmendu dute. "Faxismoaren oraingo gorakadaren aurkako borrokara batzeko" beharra ere aipatu dute, eta haiek dokumentalaren bidez egin dutela bat borroka horrekin.
Mahai baten bueltako agurra
Edurne Elizondo
Omenaldi izan nahi du mahai inguruak, eta hori baino gehiago lortu du, azkenean: lagunari agur errateko saio xume eta benetakoa egin dute Katakraken Bixente Serrano Izko ezagutu eta bidean lagun izan zutenek. Geronimo Ustariz Institutuak, Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolatu dute saioa, Bixente Serrano historialari, dibulgatzaile eta sortzailea gogoratzeko (Saratsa, 1948-Iruñea, 2020). Pasa den ekainaren 4an zendu zen, erietxean. 72 urte zituen.
Katakraken bat egin duten gehienentzat Bixentiko zen Bixente Serrano Izko. "Bixentiko esaten genion, ez txikia zelako, baizik eta estimu handia geniolako; gizon apala izan zen, baina lan handia egin zuen, baldintza zailetan", erran du Josu Chueca historialariak. "Historia aztertu eta historia egin zuen", erantsi du.
Historia horretako urrats batzuk nabarmendu nahi izan ditu Chuecak jendaurrean, hain zuzen ere: 1969an deportatu egin zutela, Opus Deiren unibertsitatean izandako istiluen ondorioz; 1972an ikasketak amaitu, eta ETAn sartu zela; 1973az geroztik sasian ibili behar izan zuela, 1974an atxilotu zuten arte, eta Segoviako (Espainia) espetxeko ihesaldian parte hartu zuela, 1976an.
Serrano Izko 1977. urtean atera zen kartzelatik, "baina jarraitu zuen militantzia politikoan; beti espiritu kritiko batekin: Euskadiko Ezkerratik alde egin zuen, adibidez, 1980ko hamarkadan, Nueva Izquierda korrontea osatzeko", erran du Chuecak.
Segoviako espetxealdian "euskaldundu" egin zen Bixente Serrano Izko, historialariak gogoratu duenez, eta nabarmendu du euskararen aldeko lan hori irakaskuntzara eraman zuela, 1987an. "Hutsetik aritu behar zuten garai batean sekulako lana egin zuen ikasle askoren aurrean".
Serrano Izkok ikasle izan zituenetako bat da Amaia Alvarez NUPeko irakaslea. Euskokultur Fundazioan ere aritzen da, Nafarroaren historiari buruzko ikastaroko arduradun. Serrano Izkoren eskutik hartu zuen Alvarezek ardura hori. "Parte hartzen jarraitu nahi zuen, baina ez dugu denborarik izan elkarrekin aritzeko", azaldu du Alvarezek.
Iturrama institutuan irakasle izan zueneko garaia gogoratu du, eta Serrano Izkok han erakutsitako "jarrera pedagogikoa" eskertu du, bereziki. Ez hori bakarrik: "Gauzak azaltzeko zuen lasaitasuna dut gogoan, irakasle eta dibulgatzaile gisa zuen gertukotasuna", erantsi du. Serrano Izko irakasle izan zuten anitzek erran dutenarekin egin du bat: "Oso irakasle gustukoa nuen; komunikatzeko modu zintzo eta gertukoa zuen", nabarmendu du Amaia Alvarezek.
Pamielarekin sortzaile
Historia aztertu eta historia egin zuen Bixente Serrano Izkok, eta historia hori azaltzeko, gizarteratzeko eta zabaltzeko interes berezia izan zuen, gainera. Serrano Izkok historiaren eta dibulgazioaren arloan egindako lanaz gain, baina, sormenaren esparruan egindako ekarpena jarri nahi izan du erdigunean Pamielako Pello Eltzaburuk. Proposamen zehatz bat egin die mahaiaren bueltan lagun izan dituen erakundeetako arduradunei: "Bixente Serrano Izkoren dokumentu funtsa sortzea".
Serrano Izkoren eta Pamielaren arteko harremana estua izan zen, argitaletxea 1983an martxan jarri zuten unetik beretik. "40 urtez ezagutu genuen elkar. Topikoa dirudi, baina benetan gizon apala zen; gizon ona. Isiltasun luzeko gizona ere bai; urduritu ere egiten ninduen batzuetan!".
Ia mende laurden batez partekatutako bidean hamaika dira Serrano Izkok Pamielarekin sortutako lanak, eta horietako zenbait ekarri ditu Eltzaburuk gogora: 1987ko Onkoteak izenburuko narrazio liburua argitaratu zuen. "Bixentek literaturan egindako lehen sartu-ateraldia izan zen".
2000. urtetik aurrera egindako bidea nabarmendu du Eltzaburuk: 2002ko Beldurra bera zaldi, eta 2003ko Bakezale gerlari horiek, bertzeak bertze. "Juan Zelaia sariko finalista izan zen lan horrekin". 2003ko urte horren bueltako garaia "zaila" zela erran du Eltzaburuk: "Ematen zuen indarkeriaren zirimola zoro horretatik inoiz ez ginela irtengo; Bixentek oso hausnarketa ausarta egin zuen, eta, zorionez, ezker abertzalearen munduan, hamar urteren bueltan, askok bere egin zuten hausnarketa hori".
2011ko Jauzika liburuarekin bertze urrats "txiki" bat egin zuen Serrano Izkok, Eltzabururen hitzetan: "Haren konpromiso politikoa utzi gabe, hor hasten da literatura hausnarketarako bide bat". Aforismo liburu bat da Jauzika, zehazki. "Hor hasten da bukatu ez den bide bat", berretsi du Pamielakoak. Izan ere, Serrano Izkok argitaratu gabe dagoen liburu bat aurkeztu zion Pamielari 2018an. "Eguneroko baten gisa dago antolatua, eta hamaika arlori buruzko hausnarketak jasotzen ditu. Liburu sailkaezina da". Hasitako lana utzi behar izan zuten Pamielak eta idazleak, Serrano Izko gaixotu zelako. Tumore bat zuen burmuinean. "Onik atera zen, eta ari ginen, berriz ere, edizioa prestatzen". Espero ez zuten berriak bide hori moztu zuen arte: "Ekainean joan zitzaigun".
Eltzaburu damu da memoriak idatzi gabe joan delako Serrano Izko. Baina Euskokultur Fundazioko kideek eman diote esperantzarako helduleku bat: "Lau orduko elkarrizketa grabatu genion". Pozik hartu du oparia Pamielakoak, sortzailearen bidea ez delako benetan amaitu.
Inoren etxe ez diren horiek
Uxue Rey Gorraiz
Hutsak bete daitezen. Hori du helburu Nafarroako Gobernuak hasitako prozesuak, haren arduradunen esanetan: foru erkidegoan hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko prozesu bati ekin diote, horiek merkatuan jartzeko, alokatzeko moduan. Gaur-gaurkoz, sei udalerritan egin dute bilaketa, eta 1.971 etxebizitza identifikatu dituzte "etxe huts" modura, hau da, azterketak ondorioztatu du ez dela inor bizi horietan.
Iruñean, Burlatan, Antsoainen, Tafallan, Erriberrin eta Caparroson egin dute miaketa. Osotara, 2.638 etxebizitza aztertu dituzte, hutsik egon zitezkeen zantzuak antzeman ondotik. Batik bat etxebizitza horietako uraren kontsumoari erreparatuz osatu zuten aztergai izanen ziren etxebizitzen zerrenda, eta, gero, gutunak bidali zitzaizkien jabeei. Azkenik, baieztatu dute hutsik daudela horien %74, ia bi mila etxebizitza, alegia. Halaber, bankuren baten jabetzakoak dira horietatik 596.
Jose Maria Aierdi Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak azaldu du helburua dela etxebizitza horiek alokatzeko erabilgarri izatea. "Kontraesana da Nafarroan milaka pertsona egotea alokatzeko etxebizitza bila eta, aldi berean, hainbat etxebizitza hutsik egotea. Berdin asko edo gutxi izan", adierazi du parlamentuan. Eneko Larrarte Etxebizitza zuzendari nagusiak esan du, gainera, etxebizitzak "eskubide bat" izan behar duela, eta ez "espekulatzeko ondasun bat".
Parlamentuko talde gehienekbegi onez ikusi dute hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko prozesua abian jarri izana. Navarra Sumak, ordea, gogor kritikatu du. "Herritar batzuei (jabeei) legez zilegi ez diren kalte batzuk egin zaizkie, eta gutunari mehatxu kutsua dario", adierazi zuen Juan Luis Sanchez de Muniainek.
Prozesuaren bigarren faseari ekin diote irailean. Oraingoan, Nafarroako beste 30 bat udalerritan eginen dute azterketa. Honezkero, beste 952 kasutan dute hutsik dauden susmoa.
Gizakiak azken aukera direnekoa
Edurne Elizondo
Beren senak gizakiengandik urruntzen ohi ditu naturan bizi diren animaliak. Gaixo edo zaurituta direnean, ordea, ezin mugitu edo minez daudenean, gizakiak bilakatzen dira euren aukera bakar, salbatzeko. "Hartzen uzten badigute, hagitz gaizki diren seinale", azaldu du Ilundaingo fauna zaintzeko zentroko arduradun Enrique Castiensek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Bioaniztasun Zerbitzuko burua da Castiens, eta argi erran du: "Jasotzen ditugun animalien erdiek baino ezin izaten dute naturara itzuli, suspertzea lortu eta gero".
Helburu nagusia hori da: artatzen dituzten animaliak euren berezko habitatera itzultzea. Anitzetan, baina, egindako ahaleginak hutsean gelditzen dira. Uztailean, adibidez, Iruñeko Udaleko langileek enara azpizurien bederatzi habia jaso zituzten, Buztintxurin, eraistekoak ziren eraikin batetik, eta, denera, hamahiru arrautza eraman zituzten Ilundaingo zentrora: "Bi txita bertzerik ez ziren jaio; bat berehala hil zen, eta bertzea, jaio eta zenbait egunera", azaldu du Castiensek.
Babestutako espezie bat da enara azpizuria, eta legez babestuta daude hegaztion habiak ere; hala ere, anitzetan, suntsitu, eta lurrera botatzen dituzte. "Jendeak pazientzia gutxi du: etxe ondoko habiak suntsitzen dituzte, gorotzak traba egiten dielako. Gero, kexu dira eltxoak etxean sartzen zaizkielako. Kontraesan handi bat da; izan ere, enarek, sorbeltzek eta saguzarrek, bertzeak bertze, eltxoak jaten dituzte", erran du Castiensek.
Hegaztiok jatekoa duten tokietan bilatzen dute habia egiteko lekua. Buztintxurin, eraikina eraisteko lanetan ari ziren langileak berandu ohartu ziren arrautzak han zirela: "Eraikina botatzen hasiak ziren; lanak geldituz gero, bazen arriskua ezbeharren bat gertatzeko. Horregatik hartu genituen habiak. Arrautzak, baina, jarri berriak ziren, eta ezin izan zuten aurrera egin", azaldu du Ilundaingo arduradunak.
Basa animalientzat
Ilundainen hartzen dituzten gizakiz bertzeko animalia gehienak hegaztiak izaten dira. Zentroko atea ez da hegazti guztientzat zabalik, halere. "Karrikan zauritutako uso bat aurkitzen baduzu, adibidez, ez dugu hemen jasoko", zehaztu du Castiensek. "Ezta karrikan aurkitutako eta zaurituta dagoen katu bat ere", erantsi du. Azken batean, Ilundainen ez dute artatzen "etxekotutako" animaliarik. "Haientzat, bertzelako baliabideak bideratzen dituzte erakundeek. Guk basa animaliak hartzen ditugu, mehatxatuta dagoen fauna". Bada salbuespen bat, halere: "Espezie exotiko guztiak jasotzen ditugu, bertakoei kalterik egin ez diezaieten".
Berezko habitatera itzultzeko aukerarik ez duten basa animalien kasuan, hainbat bide daude: "Aztore heldu bat hartzen badugu hegala erabat txikituta, adibidez, eutanasiaren alde egiten ohi dugu. Gisa horretako animalia batentzat, sekulako sufrimendua ekarriko luke itxita egoteak, jendaurrean. Pentsa: beldurrez egonen litzateke uneoro, eta gizakien ondotik ihes egiteko aukerarik gabe", erran du Castiensek. Egoera bestelakoa da jasotako hegazti mota arriskuan den espezie batekoa denean, adibidez. "Halakoetan, animaliok itxita hazteko programetan erabiltzen ahal dira".
Jasotako arrautzek aurrera egiten dutenean, bertzalde, Ilundaingo langileek bertze toki bat bilatzen ohi dute jaiotako txitentzat. "Ez dira hemen gelditzen; toki egokiagoak bilatzen ditugu". Toki horietako bat Arguedasko Sendaviva zoologikoa da, Castiensek adierazi duenez. Ekainean, hain zuzen, Nor talde antiespezistak zentro horren inguruko ikerketa bat aurkeztu zuen, eta agerian utzi zuen, bertzeak bertze, han bizi diren zenbait animalia gaixo direla, "zookosiak jota", eta arrautzaren zikloa azaltzeko egunero erakusten dituzten txitak bertze animaliei jaten emateko erabiltzen dituztela. "Ez dut horren berririk", azaldu du Castiensek. Erantsi du gero eta gehiago hausnartzen dela gizakien eta bertze animalien arteko harremanari buruz, eta argi erran du Ilundainen "gizarteak nahi dituen animaliak" artatzen dituztela. "Hurbil sentitzen dituen animaliak inporta zaizkio jendeari, batez ere".
Sorginkerien aitzakian eramanak
Uxue Rey Gorraiz
Sorginkeriaren akusazioak munduan milaka eta milaka lagunen bizitza baldintzatu zuen joan diren mendeetan. Aparteko botereak edukitzea, akelarreetara joatea eta deabruarekin elkar hartzea leporatzen zitzaien ustezko sorgin horiei. Era ...