Ingurunea

Auzoko karriketatik mendi tontorretara

Auzoko karriketatik mendi tontorretara

Edurne Elizondo

Mendira joan, lehendabizi, eta taldea sortu, gero. Auzoko kideen arteko harremana sakontzeko asmoz antolatu zuten aurreneko txangoa Iruñeko Iturramako hainbat gaztek, Erletokieta taldeak eskatuta. Duela bospasei urte jarri zuten martxan elkartea, eta ohartu ziren auzotarren arteko sarea indartzeko beharraz. Asmo horrekin antolatu zuten mendi irteera. "Bakarra egiteko asmoz antolatu genuen, baina jendea kontent gelditu zen, eta urtebete eman genuen, hilean behin, mendira ateratzen. Taldea sortzea erabaki genuen azkenean".

Haritz Salinasenak dira hitzak, Iturramako Erletokieta mendi taldeko kidearenak. Auzoko gazteek osatzen dute, baina, pixkanaka-pixkanaka, hiriburuko bertze hainbat auzotako jendea ere ari da Iturramako mendizaleekin. bat egiten. Lau urte bete dituzte, eta, ospatzeko, argazki erakusketa bat antolatu dute. Geltokin ikus daiteke egunotan.

Oraingo sasoiko lehendabiziko txangoak Zumaia eta Deba arteko bidera eraman ditu Erletokieta taldeko gazteak, hilaren 8an. Urrikoa prestatzen ari dira jada, eta ekainekoa izanen da denboraldiko azkena. Iturramakoa ez da ohiko mendi talde bat, "autogestioaren bidetik" egiten baitu aurrera. Salinasek eta bertze hainbat kidek osatzen dute "talde eragilea", baina parte hartzen dutenen neurrira antolatzen dituzte txangoak. "Jendeak proposatzen ditu nahi dituen ibilbideak, eta besteei erakusten dizkie". Zumaia eta Deba arteko txangoan, adibidez, taldeko kide gipuzkoar batek egin zuen gidari lana. "Hemen bizi da, baina Zarauzkoa da; txangoa proposatu, eta gidari lanetan aritu da besteentzat", azaldu du Salinasek.

Salinas gurasoekin hasi zen mendian, Oberena taldeak antolatutako txangoen bidez. Zaletasuna ez du galdu, eta mendian lagun ditu auzoko bertze gazte anitz, oraindik ere. Taldea martxan jarri bezain pronto, hain zuzen, jendea bat egiteko prest agertu zen Iturraman. "Guk hainbat txango prestatu genituen, hasteko, eta gero jendea hasi zen nor berea proposatzen; mendira joatea, elkarrekin bazkaltzea eta inguruaz gozatzea da kontua".

Gazteentzat eta euskaraz

"Gazteek osatutako talderik ez da, guk ez dugu besterik ezagutzen", erran du Salinasek. Kirol elkarteek antolatzen dituzte haurrentzako mendi irteerak, eta helduentzako taldeak ere badira, baina gazteek gazteentzat egindakorik ez da. "Guk argi dugu gazteek eskertzen dutela gurearen gisako talde bat, mendian eta euskaraz aritzeko talde bat, alegia", berretsi du.

Larrara egin zuten taldearen abiapuntu izan zen aurreneko txangoa; geroztik, Nafarroako hamaika txoko ezagutu dituzte. "Hamaika aukera dugu herrialdean". Ezagutzeko prest dira.

Olatu bat ibaiak babesteko

Olatu bat ibaiak babesteko

Edurne Elizondo
Ibaiei so egiteko garaia izan ohi da udakoa; uraz eta ibai ondoko zuhaitzen itzalaz gozatzekoa. Zer gozatu izaten jarraitu nahi dutelako, hain zuzen, beren ibaiak zaintzeko eta babesteko lanean hasi dira, gainera, Zaraitzu eta Ega ibaie...

Etorkizuna irabazi nahi dute gazteek

Etorkizuna irabazi nahi dute gazteek

Edurne Elizondo

Gero eta gehiago gara". Horixe erran du klima aldaketaren aurkako Fridays for Future (Ostiralak Etorkizunarentzat) mugimenduko Nafarroako ordezkari Iruña Errok. 22 urte ditu, eta, bertze gazte anitzekin batera, martxan jarri da ingurumenaren alde. Oporretan ere, lanean jarraitzen dute gazteok, protesta eginez hasi nahi baitute ikasturte berria: nazioarteko deialdiarekin bat egin dute, eta greba prestatzen ari dira, irailaren 27rako.

"Klima aldaketaren auzia serio har dezatela eskatu nahi diegu mundu osoko agintariei; bai eta Nafarroakoei ere. Entzun dezatela zientzialariak erraten ari direna, eta har ditzatela neurriak klima aldaketari aurre egiteko", nabarmendu du Errok.

Hori da Fridays for Future mugimenduaren helburu nagusia. Gazteek aldarrikatu dute etorkizuna irabazi nahi dutela, eta ez dutela galdu nahi daukaten planeta bakarra. Munduan, Suediako Greta Thunberg gazte autista bilakatu da Fridays for Future mugimenduko ikur. Klima aldaketaren aurkako gazteen protestak oihartzuna izaten hasi ziren, hain zuzen, Thunberg bere herriko parlamentuaren aurrean agertzen hasi zenean, 2018ko udan.

Martxotik lanean

"Sekulakoa da Greta Thunbergek egin duena; jende anitz altxarazi du klima aldaketaren aurka", erran du Errok. Nafarroan ere izan du eraginik. Hemengo taldea martxoan hasi ziren mamitzen. "Martxoaren 15ekoa protesta eguna izan zen; bizpahiru egun lehenago hasi ginen hemen antolatzen, korrika eta presaka, baina lortu genuen jendea mugitzea. Lauzpabost ginen hasieran, eta elkarretaratzean berrehun inguruk egin genuen bat".

Berrogei pertsona inguruk osatzen dute taldea, gaur egun. Estatuko bertze taldeekin elkarlanean aritzen dira, sare sozialen bidez hamaika hiri eta herritako ekintzaileek egin baitute bat, ingurumenaren alde mugitzeko. "Nafarroan, taldeko kiderik gazteenak 12 urte ditu, eta zaharrenak, berriz, 40 baino gehiago", zehaztu du Errok.

Gazteek, oraindik ere, informazioa behar dutela argi du Errok. "Horregatik, garrantzitsua da gurearen gisako mugimendu bat sortzea. Klima aldaketa hemen dugu, eta ordua da duen eraginaz ohartzeko, eta gaian sakontzeko".

Ikastetxe orotan klima aldaketa erdigunean jartzeko eskatu du Errok, hain zuzen. "Beharrezkoa da kontzientzia hartzea, ahalik eta azkarren". Administrazioak ere lan egin behar duela argi du, bere esku direlako baliabideak. "Hasi gara Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Parlamentuko taldeekin bilerak egiten, kontuan har gaitzaten". Horixe izanen da irailaren 27ko grebaren xedea ere: klima aldaketa mahai gainean jartzea, neurriak hartzeko.

Lurra eta etorkizuna jokoan

Lurra eta etorkizuna jokoan

Edurne Elizondo

Asmo berak lotzen ditu Baztanen eta Zangoza aldean zutik jarri diren herritarrak: beren lurrak eta etorkizuna jokoan jar ditzaketen egitasmoen aurka altxatu dira. Zangoza aldean, Geoalcali enpresaren Muga proiektuak eragin du kezka, azken urteotan, eta kezka hori handitu egin da, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egitasmo horren ingurumen eraginaren aldeko adierazpena onartu eta gero. Baztanen, berriz, 2008an bazter utzitako proiektuari eutsi dio Magna etxeak, berriz ere Erdiz izeneko eremuan magnesita ustiatzeko meategia egiteko. Erdiz Bizirik plataformako kideak karrikara atera dira, jada, asmo hori salatzeko, eta "ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren alde" egiteko asmoz.

Erdiz Bizirik plataformako eledun Jon Elizetxek zalantzarik ez du, eta Magnaren egitasmoak baztandarren egungo gizarte eredua "puskatuko" lukeela nabarmendu du. Lekarozen egin nahi duten Aroztegia proiektua ere eredu horren aurkako "mehatxu bat" dela erantsi du, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.

Erdiz Bizirik plataformako kideak ez ditu ezustean harrapatu Magnak berriz ere mahai gainean jarri izanak Aldude mendiko inguru horretan meategia egiteko proiektua. "Ez genekien noiz eta nola emanen zuten pausoa, baina eginen zutela espero genuen". Baztandarren haserrea eragin du, halere, Magna enpresaren jokatzeko moduak. Izan ere, uda aukeratu du proiektuaren memoria aurkezteko, eta, gainera, Iruñean aurkeztu du.

Zehazki, hilaren 5ean aurkeztu zuen Magnak Erdizen meategia egiteko egitasmoaren inguruko bere memoria, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko erregistroan. "Enpresak bazuen memoria hori Baztanen aurkezteko aukera, baina, udala bazter utzita, Iruñera jo du; gainera, sanferminak hasi aurreko egunean egin du", salatu du Elizetxek.

Enpresak memoria hori aurkeztu eta gero, hilabete dago iradokizunak egiteko. Hurrengo urratsa litzateke proiektua aurkeztea. Oraingoz memorian jasotako informazioaren arabera, Elizetxek azaldu du proiektua aurretik aurkeztu zutenaren "hagitz antzekoa" dela. Aldaketa nagusia da sarbidea Artesiagatik izanen lukeela oraingoak.

Magnak 2003. urtean aurkeztu zuen Erdizen magnesita ustiatzeko egin nahi zuen proiektua, eta 2008an erabaki zuen hutsean uztea. Baztango herritarren mobilizazioek eragin zuten enpresak atzera egitea. Erdizko asmoak porrot egin eta gero, Zilbetiko Antzeri pagadian saiatu zen enpresa meategia eraikitzen, baina han ere, herritar anitzen protestekin egin zuen topo. Auzitara jo zuten herritar horiek, eta lortu zuten proiektua bazter uztea. Izan ere, babes bereziko eremua da Aldude mendia; bertzeak bertze, okil gibelnabarraren etxe delako. Erdiz ere Aldude mendian dago, eta, ondorioz, Zilbetiko auziko sententzia Magnaren asmoen aurka egiteko "tresna garrantzitsua" izan daitekeela erran du plataformako kide Jon Elizetxek.

Helduleku horri eusteko prest dira Erdiz Bizirik taldeko kideak. Enpresak ere bereak badituela zalantzarik ez dute, halere. Nagusia, Nafarroako Gobernuaren babesa. "Zilbetiko proiektuaren aurkako sententzia atera zenean, Manu Aierdi enpresako arduradunengana joan zen erratera ahal zutena eginen zutela. Aierdi tartean izanda, gauza onik ez da izanen Baztanentzat", salatu du Elizetxek. Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariordeak Aroztegiaren aldeko jarrera ere hartu du, argi eta garbi. "Herritarren erabakitzeko ahalmenak ez du inporta haientzat; prest daude interes pribatuak defendatzeko", erantsi du.

Udalez gaindiko plana

Gobernuak proiektuari ematen ahal dion babesa ez da Erdiz Bizirik plataformako kideen kezka pizten duen auzi bakarra. Une honetan, mehatxu nagusia da, haien ustez, proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko aukera. Kontua da Esteribar eta Baztan arteko muga aldatu dutela berriki. "Enpresak dio proiektuak Baztango zati txiki bati baino ez diola eragiten; gezurra da hori, ordea. Sarbidea Baztanen legoke, Baztango herri lurrei eraginen lieke, eta, Esteribarren egonagatik ere, Baztango ondare lurrak dira proiektuak ukitzen dituen bertze hainbat".

Magnaren asmoen aurka egiteko konpromisoa berretsi du Erdiz Bizirik plataformak, eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak, berandu baino lehen. Zangoza aldean egin nahi duten Muga proiektuaren aurkako plataformako kideak ere borrokan jarraitzeko prest dira.

"Kezkagarritzat" jo du taldeko kide Fermin Riezuk egoera, hain zuzen ere. Geoalcalik ekainean ezagutarazi zuen bere egitasmoak ingurumen eraginaren aldeko adierazpena jaso zuela. Horrek erran nahi du Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak oniritzia eman diola proiektuari, eta aurrera jarraitzen duela. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea.

"Arrisku geologikoak"

Ingurumen eraginaren adierazpena jaso eta gero, proiektuak ukitzen dituen udaletako obrak egiteko baimena eskuratu beharko luke enpresak, eta meategia ustiatzeko baimena lortzea litzateke azken urratsa.

"Hori ingurumen adierazpena lortzea baino zailagoa izanen da", erran du Riezuk. Onartu du, halere, prozedura ez dagoela argi. "Egitasmoak Nafarroa eta Aragoi ukitzen dituenez, gerta daiteke erkidego horietako gobernuen baimena behar izatea lehendabizi, eta Espainiako Industria Ministerioarena bigarrenik", azaldu du Muga proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Riezuk uste du Industria Ministerioko agintarien esku utzi nahi izan duela azken ardura Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, egitasmoari oniritzia emanez. Izan ere, aldeko adierazpena onartu arren, erakunde horrek ohartarazi du meategiak "arrisku geologikoak" izan ditzakeela.

"Lur azpiko galeriak egin nahi dituzte; Esako urtegiko presatik hagitz gertu egonen lirateke galeria horietako hainbat; Ebroko Ur Konfederazioak berak ohartarazi du meategiak urtegian izan dezakeen eraginaz, txosten batean", erran du Riezuk.

Erreniegan aspalditik dakite potasa ustiatzeko meategi batek zer-nolako eragina izan dezakeen inguruan. Erreniegako meategia duela 30 urte itxi zuten, baina jarduera horren ondorioak pairatzen dituzte, oraindik ere, inguruko herrietan. "Zuloak agertu dira, azken garaian, Undion eta Espartzan, bertzeak bertze", salatu du plataformako bozeramaileak.

Gertatzen ari dena kontuan har dezatela eskatu die Riezuk Geoalcali enpresako arduradunei, bai eta Nafarroako Gobernuko agintariei ere. "Egindako hutsek balio behar dute gaizki egindakoak berriz ez egiteko. Herritarron segurtasuna dago jokoan, eta enpresaren helburu bakarra espekulazioa da", nabarmendu du Riezuk.

Geoalcali enpresak enplegua baliatu du, batez ere, bere proiektuaren berri zabaltzeko. "Zortziehun lanpostu sortuko dituztela esaten dute behin eta berriz; baina proiektuan ez da zehazten lanpostu horiek zeintzuk diren", erran du Riezuk. Edozein modutan, herritarren segurtasuna lehentasuntzat jo du, eta herritarrek "etorkizuna galtzeko" dutela gaineratu du. "Proiektuak gure lurraldea kondenatuko luke", berretsi du.

Aire kutsatua arnasten da Nafarroan

Aire kutsatua arnasten da Nafarroan

Ane Eslava

Hobekuntza batzuk izan dira, baina egoera "kezkagarria" da: Nafarroako biztanle guztiek arnastu zuten aire kutsatua 2018an, Ekologistak Martxan taldeak argitaratu berri duen txosten baten arabera. Datuek erakusten dute zenbait substantzia kutsatzailek behera egin zutela iaz, prezipitazioei esker, baina, hala ere, Nafarroan "populazio osoak eta lurraldearen bi herenek" jasan zuten Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duen baino kutsadura maila altuagoa.

Ekologistak Martxan taldearen txostenean bildu dituzte Nafarroako hamabi tokitan kokatuta dauden airearen kalitatea neurtzeko estazioetako datuak. Irizpenean jaso dutenez, klima aldaketak, autoen isurtzeek eta erregai fosilen erabilerak eragin dute egoera, eta Castejongo zentral termikoa, Iruñea eta zenbait industriagune dira kutsadura foku nagusiak.

Eguraldiak eragin handia du kutsaduraren gainean. Iaz, eguraldia ezegonkorra izan zen, eta prezipitazio ugari izan ziren, baina, aldi berean, udan tenperatura oso beroa izan zen. Eguraldiaren ezaugarri horiek zenbait ondorio izan zituzten, Miguel Angel Ceballos txostenaren koordinatzaileak azaldu duen moduan: "Alde batetik, hezetasunak, haizeak eta atmosferaren ezegonkortasunak gutxiagotu egin dute partikula eta gas kutsatzaileen kopurua; ondorioz, kutsadura maila, orokorrean, aurreko urteetakoa baino baxuagoa izan da". Zehazki, partikula esekien, nitrogeno dioxidoaren eta sufre dioxidoaren kopuruak egin du behera, eta berreskuratu da 2008an hasitako krisialdiaren aurretik zegoen beheranzko joera.

Hala ere, adituak ohartarazi du partikula kutsatzaile horiek behera egin dutela "meteorologiaren koiunturarengatik", eta ez isurtzeen gutxitzearengatik. Gainera, atmosferaren ezegonkortasunak badu alde negatibo bat: partikulak barreiatu egiten ditu, eta, ondorioz, kutsadura lurraldean zabalduz doa. "Nafarroan, kutsaduraren gune nagusiak Iruñea, Castejongo zentral termikoa eta zenbait industria instalazio dira; baina horiek sortzen duten kutsadura herrialde osoan barreiatzen da", Ceballosek azaldu duenez.

Bestalde, azken urteetan muturreko tenperaturak areagotzen ari dira: udan gero eta bero handiagoa egiten du, eta horrek handitzen du ozono troposferikoaren maila. Substantzia hori beste zenbait substantzia kutsatzaileren arteko erreakzio baten ondorioz sortzen da. Nafarroari dagokionez, Castejongo zentral termikoak, zenbait industriak eta autoen ihes hodiek isurtzen duten substantziek sortzen dute ozonoa. Txostenean ikus daitekeenez, 2018an Nafarroako Erdialdean eta Erriberan ozono kopuru altuak egon ziren, osasunean eta ingurugiroan kalte egin dezaketenak. "Hala ere, arazo hau aspalditik dator: airearen kalitatearen inguruko txostena egiten dugunetik ikusten ari gara", aipatu du Ceballosek. 2005etik egin dute txostena, urtero.

"Ozonoa da Nafarroan dagoen kutsadura arazorik handiena", adituaren hitzetan, baina partikula esekien kopuruaz ere ohartarazi du. Iaz, Nafarroako herritarren %60k arnastu zituzten partikula horiek, batik bat Iruñeko biztanleek. Horien kutsadura maila oraindik legeak onartzen duen mugaren barruan dago, baina osasunarentzat "mehatxua" da, adituak ohartarazi duenez. Bestalde, Zubiriko Magnesitas Navarra lantegiaren ondoan dagoen estazioak sufre dioxido maila altuak erregistratu zituen; OMEk onartzen duen mugaren gainetik.

Osasunarentzat kaltegarria

Kutsadurak kalte larriak eragin ditzake osasunean. Europako Ingurumen Agentziaren arabera, Europan 800.000 pertsona hiltzen dira urtean airearen kutsaduraren ondorioz. Arnas aparatuko eritasunak eta kardiobaskularrak eragiten ditu: asma, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, gaixotasun koronarioak eta bihotzekoak, besteak beste. "Kalkuluek erakusten dutenez, batez beste 342 pertsona hiltzen dira urtero Nafarroan kutsaduraren ondorioz sortutako gaixotasunengatik", zehaztu du Ceballosek. Gizakien osasunari ez ezik, kutsadurak naturari ere eragiten dio; Nafarroaren kasuan, bereziki hegoaldean.

Egoera ikusita, Ekologistak Martxan taldeko kideek "premiazkotzat" jotzen dute Nafarroako Gobernuak airearen kalitatea hobetzeko plan bat martxan jartzea. Ceballosek azaldu duenez, egungo legediak jasotzen duen neurri bat da hori, eta ez dira betetzen ari: "Kutsadura maila altuak daudenean —hemen ozonoarekin gertatzen den moduan—, autonomia erkidegoak behartuta daude airearen kalitatea hobetzeko planak egitera; Nafarroan, behin baino gehiagotan eskatu dugu plana egin dezatela, baina ez dute egiten". Salatu du, halaber, gobernua "arazoaren jakitun" dela, txostenetarako erabiltzen dituzten datuak administrazio publikoak ematen dituelako. "Eta, hala ere, ez dute deus egiten". Haren hitzetan, airearen kalitatea hobetzeko modu bakarra da plan bat egitea eta trafikoaren eta industriaren isurtzeak mugatzeko neurri zehatzak hartzea. "Premiazkoa da".

Ezkaba mendiko loreen aniztasunaren argazkia

Ezkaba mendiko loreen aniztasunaren argazkia

Ane Eslava

Orkidea, oreganoa, armiarma lorea, azafraia, ezkila lorea, kurkubia... Sei landare horiek, eta beste 404, ikus daitezke Iruñe iparraldeko Ezkaba mendia osatzen duten mila hektareetan. Oscar Perezek, Xabi Egurzegik, Marion Stefaniek eta Marga Galdeanok bost urte daramatzate Ezkaba mendiko bazterrak zeharkatzen eta han topatzen dituzten landareak fotografiatzen eta erregistratzen. Modu horretan, lau lagunek eremuko floraren aniztasuna erakutsi nahi diete herritarrei. Izan ere, gizartea "naturatik urruntzen" ikusteak kezkatu egiten ditu, eta antzina gizakiak landareekin zuen lotura berreskuratu nahi dute.

Oscar Perez da Ezkabako landareak erregistratzeko proiektuaren sortzailea. 43 urte ditu, eta betidanik bizi izan da Iruñean; lehen Arrotxapean eta gaur egun Ezkaban. Txikitatik izan du landareekiko interesa, baina gaztetan, jakin-mina asetzea erabaki zuen, eta Gorosti zientzia elkartera jo zuen, ikastera. "Garai hartan ez zegoen Internetik, libururik ere ez kasik, eta han asko ikasi nuen", kontatu du. Elkarte horretan German Rodriguez Nafarroako Unibertsitateko irakaslearen liburu bat aurkitu zuen. Rodriguezek Ezkaban aurkitutako 450 landare erregistratu zituen liburuan. Lan hori ikusi ondoren hasi zen Perez haren argazki makinarekin Ezkabara joaten.

2014an, Egurzegi, Stefanie eta Galdeano batu zitzaizkion, eta ordutik elkarrekin doaz mendira, landareak bilatzera. Txangoetan argazki makinak "oso baliagarriak" direla esan du Perezek: "Lehen, landarea etxera eraman behar zuten hura identifikatzeko, orain xehetasun handiko argazkiak egin ditzakegu, eta aski dugu". Dagoeneko espezie ugari identifikatu dituzte. "German Rodriguezek 450 aurkitu zituen, eta guk 410 daramatzagu; hark ikusi ez zituen batzuk identifikatu ditugu, eta, urteak pasatu arren, oraindik ikusten ditugu berriak". Aurkitzen dituzten landareak katalogatzen ari dira, eta hitzaldiak ere eman dituzte Iruñerriko hainbat auzo eta herritan.

Arrazoi bat baino gehiago dago Ezkaban hainbeste lore egoteko. Batetik, oso mendi zabala da eta 450 metroko altitudetik 895 metroraino heltzen da. Bestetik, iparraldeko eta hegoaldeko orientazioak dauzka, eta lurzoru mota bat baino gehiago. Eta, azkenik, klima trantsizioko eremu batean dago: Iruñerri hegoaldeko klima mediterraneoa da, Sakanatik gertuko eremukoa atlantikoa, eta Agoiztik gertukoa kontinentala. "Horrek guztiak eragiten du espezie asko egotea".

Baina ez bakarrik Ezkaba; Iruñerria ere aniztasun handiko tokia da; landare mota asko ikus daitezke kalean. "1.000 espezie ere egon liteke Iruñerri osoan", zehaztu du Perezek. Baina hark eta haren kideek kritikatzen dute hiriko lorategietako belarra asko moztearen eraginez landare asko ezkutuan geratzen direla. "Belarra pixka bat gehiago hazten utziko bagenu, landare asko ikusiko genituzke", azaldu du.

Mendia aldatu da

Perez argazkiak egiten hasi zenetik —orain dela hamabost urte—, asko aldatu da Ezkaba mendiko flora. "Garai hartan, larre gehiago eta zuhaitz gutxiago zeuden", azaldu duenez. "Eta duela 80 urte arte, adibidez, mendiak ez zuen zerikusirik oraingoarekin, asko aldatu baita lurzoruaren erabilera". Gero eta larre gutxiago egoteak kalte egiten dio floraren aniztasunari, adituaren hitzetan. "Larreetan argia sartzen da, eta basoetan baino espezie gehiago hazten dira; gainera, landare horiek intsektuak erakartzen dituzte", azaldu du. Hortaz, "premiazkotzat" jo du larreak babestea, ekosistemaren mesedetan.

Mendia aldatu da, baina gizartearen ohiturak ere aldatu dira. Hori uste du Perezek, eta kexu da: "Galdu egin dugu naturarekiko gertutasuna; gu, txikitan, beti genbiltzan landareekin jolasean; orain, landareak soilik lorategietan ikustera ohitu gara. Hirietan autoa eta hormigoia lehenetsi ditugu eta natura baztertu dugu". Hori aldatzeko bidea informazioa zabaltzea dela uste dute Perezek eta haren kideek. Horregatik, dibulgazioa egiten jarraituko dute, "gizarteak naturarekiko erlazioa berreskura dezan".

Artea itsasoak garbitzeko

Artea itsasoak garbitzeko

Ane Eslava

Datuek argi erakusten dute: ozeanoak zaborrez betetzen ari dira. 1950eko hamarkadan gizakia plastikoa masiboki erabiltzen hasi zenetik, kontsumoko oinarrizko material bilakatu da. Dagoeneko 8.300 milioi tona plastiko baino gehiago ekoitzi dira, eta, aurreikuspenen arabera, mende erdirako 34.000 milioi tonaraino irits daiteke, AEBetako Georgiako Unibertsitateak emandako datuen arabera. Zientzialariak aspaldi hasi ziren ohartarazten itsasora botatako plastikoak bost gune nagusitan biltzen ari direla eta, erritmo horri eutsiz gero, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egon daitekeela itsasoan.

Egoera larria da, beraz. Eta, horretaz jabetuta, asko dira arazoaren inguruko kontzientziazioa zabaltzeko lanean dihardutenak, baita Nafarroan ere. Hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitateak helburu horrekin antolatu du Skeleton Sea erakusketa. Itsasotik bildutako zaborrekin sortutako hamahiru artelan jarri dituzte Iruñerriko hiru tokitan.

Joao Parrinha, Xandi Kreuzeder eta Luis de Dios surflariek egin dituzte eskulturak. Lisboakoa, Munichekoa eta Alacantekoa dira, hurrenez hurren, baina Portugalgo hondartza batean ezagutu zuten elkar. Surfean aritzen zirenean uretan ikusten zuten zaborrak kezkatuta, zerbait egin behar zutela pentsatu zuten.

"Beti ikusten genuen zabor pila bat hondartzetan", kontatu du Kreuzederrek surfari buruzko webgune batean; "baina behin, Indonesiako leku zoragarri batean geundela, plastiko multzo izugarri handi bat ikusi genuen uretan, eta ezin sinetsita gelditu ginen".

Orduan, hondakinak jasotzea eta artelan bihurtzea erabaki zuten, eta hala sortu zuten Skeleton Sea erakusketa, 2005ean. Ordutik hainbat herrialdetara eraman dute, eta oraingoan Mendillorriko ur biltegian eta Atarrabiako San Andres errotan zein batanean ikus daiteke. Uztailaren 5era arte egongo da zabalik hiru tokietan.

Egileek itsasoko animaliak irudikatu dituzte zaborrekin: karramarro bat herdoildutako burdin zatiekin, olagarro bat arrantzaleen sareekin, arrain bat latekin... Artelan gehienek irudi etsigarriak erakusten dituzte: ahotik plastikoa darion balea, soka artean harrapatutako izurdea... Artistek mezu argia bidali nahi dute: "Izan itsasoak garbi; errespeta dezagun natura".

Mobilizazioa helburu

Iruñerriko Mankomunitateak Libera proiektuarekin bat egin du erakusketa antolatzeko. SEO Birdlife GKEak eta Ecoembes enpresak abiatu zuten egitasmo hori, 2017an, naturara heltzen diren hondakinek eragiten dituzten kalteen inguruko kontzientzia sortzeko, eta gizartea mobilizatzeko. Mankomunitateak ere helburu berarekin antolatu du erakusketa, Igor Rico kideak azaldu duen moduan: "Gizarteak ulertu behar du zabor gutxiago sortu behar duela eta sortzen duena ongi kudeatu; izan ere, hondakinak edozein tokitara botaz gero, azkenean estoldetatik ibaira heltzen dira, eta handik, itsasora".

"Erakusketaz gain, beste hainbat jarduera antolatu ditugu Libera proiektuaren testuinguruan", esan du Ricok. Hitzaldiak eta bisita gidatuak egingo dituzte, besteak beste. Beren alea jarri nahi baitute mankomunitateko kideek itsasoa behingoz zaborretik askatzeko.

Babesa etiketa bilakatuta

Babesa etiketa bilakatuta

Edurne Elizondo

Zerbait hondatzea nahi baduzu, babes ezazu". Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesek erran ditu hitzok, eta horien bidez azaldu nahi izan du espazio bat eremu babestu izendatzeak ez duela bermatzen babes horrek legez jasotakoa betetzea, eta, finean, ekosistema hori zaintzea. Haren ustez, Nafarroako naturguneekin eta horiek babesteko garatutako araudiekin hori gertatu da: "Babesa etiketa huts bilakatu da, eta ez dira lehenetsi ingurumenarekin lotutako balioak".

Natur Parkeen Europako Eguna da gaur, baina Navascuesek nabarmendu du ospatzeko gutxi dagoela herrialdean. 1999. urtean hasi ziren natur parkeen eguna ospatzen, Europan, Europarc fundazioak bultzatuta. Berrogei herri inguruko naturgune babestuak ordezkatzen ditu erakunde horrek. Nafarroako Gobernua ere bada fundazioko kide. Maiatzaren 24a aukeratu zuten natur parkeen eguna ospatzeko, 1909. urteko maiatzaren 24an izendatu zituztelako Europako lehendabiziko natur parkeak, Suedian.

Nafarroan, sarea osatzen dute espazio babestuek; sare horren barruan, hiru natur parke daude herrialdean: Bertiz, Urbasa-Andia eta Bardea. Bardea, gainera, Biosferako Erreserba izendatu zuen Unescok, 2000. urtean. Hiru parke horiek Nafarroako Natura 2000 Sarean daude. Denera, herrialdeko eremuaren %27 hartzen du sare horrek: 281.000 hektarea, alegia.

Legea eta aldaketak

Natura 2000 Sareak oinarrian ditu Europako bi zuzentarau: habitaten ingurukoa, batetik; eta hegaztiena, bertzetik. Habitatak duen balioa kontuan hartuta, Nafarroan 43 espazio babestu daude; hegaztiak babesteko, berriz, hamazazpi ZEPA daude herrialdean. Hegaztien Babeserako Eremu Bereziak dira horiek.

Paperean, habitata eta hor bizi diren gizakiz bertzeko hainbat espezie babesten dituzte Europako zuzentarauek eta Nafarroan horien arabera garatutako legeek. Paperetik at, egoera bertzelakoa da. Naturguneen Legea, adibidez, bitan aldatu du jada Nafarroako Parlamentuak, bi proiektu zehatz egin ahal izateko: Itoizko urtegia eraikitzeko, lehendabizi, 1996. urtean; eta Larrako eski estazioa egiteko, bigarrenez, 2003an. Bietan prozesu bera gertatu da: aurretik legez babestutakoa babesik gabe utzi zuten, espazio horiek gune babestutzat jotzeko ezaugarriak aldatu ez baziren ere.

Mehatxuak ez dira desagertu. Bardeako natur parkean gertatzen dena da legeak ematen duen zaintzaren ahultasunaren ikur, Navascuesek nabarmendu duenez: "Biosferako Erreserba ere bada, baina, hala eta guztiz ere, tiro eremua du erdian". Gizakien bertze hainbat jarduerak egiten duten kaltea ere jarri du mahai gainean: nekazaritza, abeltzaintza, bai eta turismoa ere. "Kontrolik eza handia da, eta, zenbait garaitan, ekosistemari kalte egiten dion masifikazioa gertatzen da; Bardeako estepako hegaztien kopuruak behera egin du, nabarmen. Arazoak ez daude bakarrik hemen. Iratik edo Urederraren iturburuak ere jendez gainezka egin dute", salatu du Ekologistak Martxan taldeko kideak.

Azken urteotan, hain zuzen, bisitarien kopurua mugatu behar izan du Nafarroako Gobernuak Iratin, hainbat aldiz, dauden aparkalekuak bete eta gero; Urederran ere neurriak hartu behar izan dituzte, eta, orain, beharrezkoa da aurretik erreserba egitea.

"Betiko dilema dugu mahai gainean: ondarea gorde, edo erakutsi. Herritar guztiona da, finean", erran du Juan Goñik. Argi du, halere, herritar guztien jarrera ez dela bera. Inguruaz errespetuz gozatzea da gakoa, bere ustez: "Isilik, arrastorik utzi gabe, eta ezagutzen ari garena zainduz, honda ez dadin". Informatika ikasi zuen Tafallakoak, baina duela 11 urte bere benetako zaletasuna bilakatu zuen bere lanbide: gida lanetan aritzen da herrialdeko naturguneetan. Batez ere, Bertizen. "Iruritan bizi naizelako; edo, agian, Iruritan bizi naiz, Bertiz ondoan dagoelako", kontatu du.

Nafarroako natur ondarearen balioa nabarmendu du gidak. "Europako hiru bioklima nagusiak ditugu herrialdean: mediterraneoa, alpetarra eta itsasaldekoa; horrek aukera ematen digu ikusteko, adibidez, egun berean, Bardeako estepako hegaztiak eta Iratiko basoko okilak".

Iratiko basoa pagadi-izeidia da. "Europako handiena", zehaztu du Goñik. Bertizkoa, berriz, pagadi azidofilo hezea da: "120 urtez ez dute ukitu; penintsulako nabarmenenetako bat da, zalantzarik gabe; eta Europako nagusietako bat ere bai, segur aski", erantsi du. Zaharra da Bertizko basoa, eta horrek bereziki egoki bilakatzen du basoko saguzarrentzat, bai eta okilentzat ere. "Penintsulan dauden zazpi okilak ikus daitezke Bertizen", erran du Goñik.

Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazteek erosi zuten Bertiz, 1898. urtean. 1949an, berriz, nafarren esku utzi zuten, basoari bere horretan eusteko baldintzarekin. XIX. mendean, hain zuzen, Zigak eta Fernandezek erosi aurretik, Bertizko egurra erruz ustiatu zuten. "Donostiako Zabalgunea Bertizko egurrarekin eraiki zuten", erran du Juan Goñik.

Zilbeti gogoan

Bertizko gidak argi du legeek ez dutela bermatzen natur parkeen eta naturguneen babesa. "Bertze hainbat tokitan baino hobea da hemengo egoera, nire ustez, baina ezin dugu horrekin konformatu", gaineratu du. Zilbetiko pagadiko kasua ekarri du gogora Goñik. "Herritarrek protesta egin zuten, eta lortu genuen han egin nahi zuten harrobia bazter uztea. Horrelako proiektu batek hondamendia baino ez du ekartzen", salatu du Goñik.

Administrazioa ere ez da babes berme. Argi du Goñik. Abiadura handiko trena eta Nafarroako ubidea aipatu ditu. "Bi proiektuon alde egin du gobernuak; Baztanen ere, Aroztegikoaren mehatxua dugu".

Basoiloekin gertatu dena azaldu du Goñik: "1970eko hamarkadan bost besterik ez ziren gelditzen; populazioa handitzeko neurriak hartu zituzten, eta, orain, 40 urte pasatu eta gero, 50 daude. AHTa eta ubidea mahai gainean jarri dituzte, eta bi proiektuon artean hegaztion ugaltze eremuak suntsituko dituzte, eginez gero", kritikatu du.

Eduardo Navascuesek ere proiektuok salatu ditu. Eta salatu du, halaber, Ablitasko babes bereziko eremuan gertatzen ari dena. "Natura 2000 Sareko espazio bat da, babestuta dago, baina, hala eta guztiz ere, moto gidariak sartzen dira, eta suntsitzen ari dira. Ugaltze garaia da oraingoa, eta jarduera horrek kalte handia egiten die estepako hegaztiei. Kontrola behar da, babesa bermatzeko neurriak". Babes hori etiketa huts ez izateko.

Planetaren aldeko loreak

Planetaren aldeko loreak

Edurne Elizondo

Ziudadelako lurrean sortu da klima aldaketaren aurka borrokatzera deitu duen azken oihua: Naturart ekinaldiaren barruan, diseinatutako lorategiak errealitate bilakatu dituzte proiektuan parte hartu duten Iruñerriko ikastetxeetako kideek. Denera, hamar sailkatu dira azken fase horretarako. Haien lana ikusteko aukera izanen da, maiatzaren 12ra bitartean.

Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Emausko Trapuketariek bultzatuta egin dute Naturart, bigarrenez. Ingurumenari so egiteko ekinaldia da, eta Iruñerriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak batu ditu planetaren aldeko borrokara. Plastikoek eragindako kutsadura, tenperaturaren igotzea eta gisako auziak jarri nahi izan dituzte mahai gainean, hitz egiteaz gain ekitea "premiazkoa" dela nabarmentzeko asmoz.

Hori egiteko, ikasleek landareak izan dituzte tresna nagusi. Denera, hamalau ikastetxek hartu dute parte egitasmoan. Ikasturtearekin batera hasi ziren beren ideiak lantzen eta garatzen, Ziudadelak orain hartu dituen behin-behineko lorategiak diseinatu ahal izateko. Asmoa zen, iaz egindako Naturart ekinaldian bezala, lorategi horien bidez laburbiltzea ingurumenaren alde zabaldu nahi duten mezua.

Ehunka ikasle lanean

Hamalau ikastetxe horietan, 12 eta 18 urte bitarteko 624 ikasle aritu dira lanean, irakasleen laguntzarekin. Horretarako, gela barruko saioak aprobetxatu dituzte, eta sarean ere egin dituzte urratsak beren diseinuak osatzeko. Sustatzaileek haietako hamar aukeratu dituzte, azkenean, Ziudadelan lorategiak egiteko. Ikasleek beren herrietako udaletako lorezaintza zerbitzuen laguntza izan dute beren diseinuak gauzatzeko.

Lorategiak ikasleen diseinuaren arabera gauzatu eta gero, hain zuzen ere, Ziudadelan hartu duten eremua herritarrentzat zabaldu du Iruñeko Udalak, lanak ikusi ahal izateko. Maiatzaren 12ra bitarte egonen da espazio hori zabalik. Gainera, azken fase horretarako sailkatu ez diren ikastetxeek egindako lana ezagutzeko aukera ere izanen dute iruindarrek, haien lorategien maketekin osatu baitute Ziudadelako erakusketa berezia.

Hamar lorategiak egiteko, 1.500 metro koadroko eremua erabili dute. Bakoitzaren ondoan, ikasleen lana azaltzen duen kartela jarri dute. Iruñeko Udaleko eta Iruñerriko Mankomunitateko arduradunek bisitatu dute erakusketa jada. Nekazaritza eta Basogintza Institutuko, Cuatrovientos zentroko, Ochoa de Olza ikastetxeko, Jaso ikastolako, Mendillorriko institutuko, Nuestra Señora del Huerto ikastetxeko, Sagrado Corazon eskolako, San Cernin zentroko, Iturrama institutuko eta La Compasion ikastetxeko ikasleek diseinatutakoak dira ikus daitezkeen lorategiak. Maketek, berriz, Sierra de Leire, Vedruna, Luis Amigo eta Isterria ikastetxeetako kideek egindako diseinuak islatzen dituzte.

Naturart ekinaldiaren bidez, ingurumenaren aldeko borroka eta artea uztartu nahi izan dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko premia da lorategien bidez ikasle gehienek zabaldu nahi izan duten mezu nagusia. Eta loreekin idatzi dute, lurrean.