Beste albiste batzuk

Ekainerako espero da Nafarroako Ospitale Guneko eremu urdina

Iruñean dagoen Nafarroako Ospitale Gunean dagoen aparkaleku arazoari aurre egiteko asmoz, ordainpeko aparkalekua ezartzea adostu zuten duela zenbait hilabete Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak. Hainbat astez proiektua atzeratu den arren, ekain amaierako ezarriko dute erietxeen ingurunean eremu urdina, sanferminak baino lehen alegia. Bi administrazioek hartutako ebazpena kritikatu du LAB sindikatuak. "UPNko kudeatzaileen konponbideak izutzeko modukoak dira", salatu du.

Nafarroa Ospitale gunean zeuden aparkaleku arazoen irtenbidea eremu urdina ezartzea dela zalantzan jarri du LABek: "Inor ez doa ospitalera denbora-pasan edo plazer hutsagatik. Mundu guztia halabeharrez joaten da. Batzuk, artatuak izateko; beste batzuk, gaixoak laguntzeko; eta gainerakoak, lanera", adierazi du sindikatuak. Gainera, neurriak zirkulazioa arindu beharrean Osasunbideko langile eta erabiltzaileak zigortzen dituela.

Beste langileekin bidegabea

Nafarroako Ospitale Gunean lan egiten duten langileek eremu urdina ez ordaintzeko aukera erabat baztertu du Iruñeko Udalak. Jakinarazi duenez, osasun etxeetan lan egiten dutenek eremu urdinean aparkatzeagatik ordaindu egin behar izaten dute. Hala, langile guztien arteko "berdintasuna bermatzeko", Nafarroako Ospitale Gunera lanera autoz joaten direnek ere ordaindu egin beharko dute han aparkatzeko.

LABen iritziz, UPN izan da arazoak sortu dituena, eta gero euren burua zuritu nahi dute langileen arteko bidegabekeriak argudiatuz. "Eurek sortu dute arazoa, hiriko lurzoru publikoa pribatizatuz, eta beren burua zuritzeko langileen bidegabekeriez hitz egiten dute".

Sindikatuak salatu du irtenbideren bat aurkitzeko instituzioak ez direla bildu kaltetutako kolektiboekin. Gainera, gogoratu dute 2012tik martxan behar zuten hainbat azpiegiturek itxita jarraitzen dutela, hala nola larrialdiak, C pabiloiak eta bloke kirurgikoak.

Trukerik ez D ereduko ikasleekin

Okzitaniara frantsesa ikastera joateko aukerarik gabe gelditu dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila D ereduan ikasten duten hamar ikasle. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezarritako baldintza guztiak bete arren, truke programatik at utzi dituzte ikasleok, argudiatuta trukea egiteko Okzitanian ezin izan dutela bikoterik aurkitu. Joan den astean izan zuten albistearen berri programan onartu ez dituzten ikasleek eta haien guraso eta irakasleek. Jakinarazpenak haserrea eta etsipena eragin du, batez ere, hamar ikasle horiek D ereduan ikasten dutelako "diskriminatu" dituztela irizten diotelako.

Oraindik Hezkuntza Departamentuaren erabakia ezin duela ulertu esan du Ana Botellok, Iruñeko Txantrea auzoan dagoen Eunate institutuko zuzendariak. Hasiera batean, truke programan hogei lagunentzako eskaintza egin zuen Hezkuntza Departamentuak. "Aste Santurako behin-behineko sailkapenaren berri izan genuen, eta gure ikasleak lehen hamasei ikasleen artean zeuden", azaldu du Botellok.

Truke programatik at utzi dituzten D ereduko hamar ikasleetatik hiruk Eunaten ikasten dute, beste hiruk Iturraman, bik Biurdanan, batek Larraintzarren eta besteak Alaizen. Erabakiak ikasleen artean haserrea eragin duela ohartarazi du Botellok, Aste Santuan jasotako behin-behineko sailkapenaren ondoren, ia ziurtzat jotzen zutelako Okzitaniara denbora batez frantsesa ikastera joateko moduan izango zirela.

Baina usteak erdia ustel. Jose Iribas buru den departamentuak hartutako erabakiaren zioa ulertezina egiten zaio Botellori. "Truke programan parte hartzeko baldintzak ezarri zituztenean, guk baldintza horiek betetzen zituzten ikasleak proposatu genituen". Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan egotea, ikasten dituzten gaien artean frantsesa egotea eta zazpiko gutxieneko notarekin gainditzea ziren hasiera batean departamentuak ezarritako betebeharrak. Inondik inora ez zen aipatzen D ereduan ikasten zutenek ezin zutenik parte hartu.

Gainera, Okzitaniara joan ezin izan diren Eunateko ikasleek frantsesean nota onak dituztela jakinarazi du Botellok. Izan ere, bi ikaslek 10 nota dute frantsesean, eta hirugarrenak, 9. Nafarroa osoko zazpi ikasle onenen artean dauden arren, truke programan parte hartzeko aukerarik gabe gelditu dira. Eunateko institutuko kideek zerrenda bertan behera utz dezala eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, "diskriminatzailea" dela argudiatuta. Gainera, zerrenda berri bat egin behar dela aldarrikatu du Botellok.

Irailean dira Okzitaniara joatekoak sailkapenean lehen 46 postuetan gelditu diren neska-mutilak. Zortzi asteko egonaldia egingo dute han, eta, itzultzean, Okzitaniako beste gazte bat izango da euren institutu edo ikastetxean beste zortzi astez. Alor horretan dago auziaren gakoa. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Bordeleko Akademiarekin sinatutako akordioan adostu zuen truke programaren bitartez atzerrira joaten zen ikasleak eta bertakoak ikastetxe berean ikasi behar dutela.

Hala, Okzitaniako ikasleek D ereduko institutu edo ikastetxeetan zortzi asteko egonaldia egiteak "zentzurik" ez duela iritzita utzi zituzten euskaraz ikasten duten hamar ikasleak truke programatik kanpo. Puntu hori gatazkatsua izan zitekeen ustea hasieratik zuen Txaro Iriartek. Eunaten ikasten duen Ander Aranguren ikaslearen ama da. "Hezkuntza Departamentuko teknikoari galdetu nion semeak izena eman zuenean ea D ereduan ikasteagatik arazorik sor zitekeen, eta erantzun zidan ziurrenik truke programatik kanpo geldituko zirela".

Erabakia ez dela "ulergarria" salatu du, D ereduko ikasleak baztertzen dituelako. Arrazoi horregatik, maiatzaren 12an kexa formala aurkeztu zuen truke programatik kanpo gelditu diren sei ikasleren gurasoekin batera. Argi du ez dagoela geldirik egoteko prest. Semearen ilusioa zapuztu dutela dio. Justizia egin dadin borrokatuko direla argitu du.

Helburu hori erdiesteko ahaleginetan, asteartean, Javier Eneriz arartekoarekin bildu ziren hiru guraso, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariarekin batera. "Gure egoera azaldu diogu arartekoari, eta ahal duena egiten saiatuko dela esan digu", jakinarazi du Iriartek. Hala ere, aitortu du egoera bideratuko den esperantza gutxi duela, batez ere ikasturtea amaitzear dagoelako.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak D eredua gutxiesten duen zalantzarik ez du, bestalde, Lucia Iriartek. Iruñeko Iturrama institutuan ikasten duen Marcela Rodriguezen ama da. Joan den maiatzaren 12an bertan truke programan onartutakoen zerrenda inpugnatzeko eskaera egin zuen, "D eredukoak alboratzeagatik". Argi eta garbi adierazi du ez duela amore emateko inolako asmorik.

Hezkuntza Departamentuaren ebazpenak harrituta utzi ditu irakasleak ere, Barañaingo Alaiz institutuan frantsesa irakasten duen Puri Baños kasurako. Dioenez, sortu den arazoari irtenbide bat topatzea ez da horren zaila: "Guk ondoan daukagu A eredua eskaintzen duen institutu bat; Bordeletik etortzekoa zen ikaslea lasai asko joan zitekeen hara", adierazi du.

Oraingoz, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du erakutsi truke programan parte hartzeko inolako aukerarik gabe gelditu diren D ereduko hamar ikasleen egoera konpontzeko asmorik. Ondorioz, oraingoz ez dute heldu den irailaren 1etik aurrera Bordelen zortzi asteko egonaldia egiteko aukerarik.

“Gosaltzeko txokolate tableta jatea osasungarria da”

Birraitona, aitona eta aita txokolategileak zirelako egin zen Jesus Subiza ere txokolategile (Erro, 1920). Familiako tradizioari halabeharrez eutsi zion, nahiz eta hartutako erabakiarekin ez den batere damutzen; are gehiago, erretiroa hartuta ere txokolategiletzat jotzen du bere burua. Sasoi betean dago; harro kontatzen du inoiz ez dela gaixorik jarri, eta osasun ona txokolateari esker duela. Goizero, gutxienez 125 gramo txokolate jaten ditu. "Gosaltzeko txokolate tableta jatea osasungarria da, oso, gainera", dio pozik.

Osasuntsu dagoen arren, zaildutako eskuak ditu Subizak. Hamarkada luzeetan egindako lan gogorra seinale dute esku horiek. Dena den, badira urte batzuk txokolatea egiteari utzi ziola. Lekukoa alabek hartu zuten. Baina, goizero-goizero, Iruñeko Amaia kalean duten txokolate denda irekitzera joaten da. "Dendara etorri eta lana nola egiten duten ikustea gustatzen zait". Izan ere, txokolatea baita bere bizitzaren funtsa. "Beste gauzarik egiten ez dakit; txokolatea da egiten dakidan gauza bakarra", dio irri artean.

Emaztea alzheimerrak jota dauka, eta, horregatik, etxetik ateratzeko beharra sentitzen du. Emazteaz hitz egitean begiak bustitzen zaizkio, izan zirena gogoan hartuta. Hala ere, baikorra izaten saiatzen da. "Txokolategiak ematen dit niri indarra. Bezeroak etorri, eta 'bai txokolate ederra' esaten dutenean", azaldu du. Subiza txokolatearen sekretua zein den galdetuta, "sekretua sekretu" dela azaldu du. Izan ere, ohartarazi duenez, txokolatea egiten dutenek bakarrik ezagutzen dute Jesus Manuel Subiza birraitonaren errezeta.

Iruñean gelditzen den txokolategile bakarra da Subiza. Nostalgiaz mintzatzen da Iruñea izan zenaz. Dioenez, garai batean hamabost txokolategile izatera iritsi ziren. "Hemen, lehen nonahi zegoen txokolategi bat; orain, ordea, ez da horrelakorik". Azaldu duenez, enpresa multinazionalek ekoizten dituzten txokolateak ez dira "ez txokolate, ez ezer!". Hark enpresan ekoitzitakoak soilik jaten ditu.

Hala ere, ez zaio gustatzen besteek egindako txokolateak kritikatzea. "Batzuek diote belgikarra dela onena; beste batzuek, berriz, suitzarra. Niri berdin zait, nik besteena ez baitut probatzen", azaldu du tinko. Gainera, nabarmendu du hemengo produktuak kontsumitzea "izugarri" garrantzitsua dela. "Azkenaldian, izugarri galdu da elikadura zaintzeko ohitura, eta horregatik sortzen dira dozenaka eta dozenaka gaixotasun".

Egungo elikagai gehienenen kalitatea "eskasa" dela adierazi du: "Frutek eta barazkiek ez dute lehen zuten zaporerik. Orain dena da artifiziala". Ildo beretik, azken hamarkadetan Iruñean merkataritzak izan duen beherakadaz ere mintzatu da Subiza: "Lehen hemen, Amaia kalean, dozenaka denda txiki zeuden, eta orain asko eta asko itxita daude". Iruñerrian ireki dituzten merkataritza gune handiek sektorearen pattalaldian "zerikusi zuzena" dutela irizten dio.

Arazoak arazo, onartu du oraindik badela artisauen lana estimatzen duenik: "Gipuzkoa eta Bizkaitik jende andana etortzen da gurera txokolatea erostera, eta horrek izugarri pozten nau". Izan ere, Subizak egindako txokolatea, Amaia kaleko dendan ez ezik, Euskal Herriko dozenaka txokotan eros daiteke. Bezeroen artean txokolate purua dela estimatuena irizten dio Subizak,%80 kakaoa duena. Horrekin batera, laranja zatiekin egindakoa ere asko saltzen dutela nabarmendu du.

Orotara, hamabost txokolate mota baino gehiago egiten dituzte, tartean turroiak ere bai. Kakaoa gehienbat Boli Kostatik ekartzen dutela azaldu du Subizak: "Oso kalitate oneko kakaoa ekoizten duten Boli Kostan". Hala ere, noizean behin, gutxitan bada ere, Venezuelako kakaoa ere baliatzen dutela adierazi du. Egunean 5.000 tableta inguru ekoizten dituzte, eta gosaltzeko 100.000 kilo txokolate hauts urtean. Ekoizpen hori aurrera ateratzeko lan handia egin behar dela ohartarazi du Subizak.

Lana guztiaren gako

XIX. mendean hasi zen Subiza txokolatearen ibilbidea. Ordutik, garai onak zein zailak izan dituzte, baina guztiak gainditu dituzte. Jesus Subizaren birraitona izan zen familiako lehen txokolategilea. Antza, 1820an, birraitona astero Arnegiko Polit etxera (Nafarroa Beherea) joaten zen txokolatea nola egiten zen ikastera. "Polit etxea eskualdeko txokolate lantegirik onena zen", azaldu du Subizak. Birraitonari, soldata eman beharrean, gauzaz ordaintzen zioten Arnegin. Hala, ekartzen zuen kakao eta azukrearekin Erroibarko txokolatea egiten zuten, ondoren emazteak sal zezan. Enpresa, ofizialki, 1841ean sortu zuten. Birraitonaren tokia lehenik aitonak eta ondoren aitak hartu zuten. 1950eko hamarkadan hartu zuen lekukoa Jesus Subizak. Halako enpresa batek horrenbeste denboran irauteko sekretua zein den galdetuta, argi erantzun du: "Garaian garaiko egoerara moldatzen jakin behar da". Onartu du horri esker ekoizten dutela oraindik txokolatea.

UPNri euskara errespetatzeko eskatu diote

"Batzordeetan eta osoko bilkuretan udal gobernuak euskararen araudia urratzen jarraitzen duela etengabe salatzen dugun arren, UPNk ez du inolako borondaterik euskararen araudia betetzeko", adierazi du EH Bilduk. Iruñeko Udalak euskaren erabilera arautzeko ordenantza "maltzurkeriaz eta mespretxuz" urratzen duela gaineratu dute. Euren aburuz, udal gobernuko kideek "ongi dakite legez kanpokoa dela euskararekin duten jarrera".

Jokaera hori salatzeko, hainbat adibide jarri ditu mahai gainean koalizio abertzaleak. Esaterako, udalaren webgunea gaztelania hutsean eguneratzen dutela jakin zutenean, eskaera formal bat egin zuten erregistroan webgunea bi eletan egoteko. Hala ere, udalak eskatutakoa ez duela aintzat hartu adierazi dute.

Horrez gain, koalizioak beste urraketa baten berri eman du: Iruñeko igerileku publikoetan gaztelaniaz eta katalanez soilik eman daiteke izena. Egoera horrek bereziki sumindu ditu EH Bilduko kideak. "UPNk ongi daki euskara gutxiestea Iruñeko euskaldun guztiei burla egitea dela", azaldu dute.

Ildo horretatik, Iruñeko Euskalgintza taldeak jakinarazi zuen Iruñeko hizkuntza paisaia aldatzen hasia zela, nahiz eta poliki izan. Hain justu, hizkuntza paisaiarekin udalak duen jarrera ere salatu du EH Bilduk. Izan ere, Rodezno kondearen plazan dagoen erakusketan euskara "gutxiesten" dela salatu dute. Euskarazko izenburuak gaztelaniazkoak baino hizki xeheagoa dauka. Horregatik guztiagatik udal araudia bete dezala eskatu dio EH Bilduk Enrique Maia alkateari.

Espazio falta eta bestelako gabeziak salatu dituzte 30 ikastetxetan

"Ikasleen familien bi herenek irakaskuntza publikoa aukeratzen dute, eta gure eskubideak errespetaraziko ditugu", adierazi du Itziar Muro Iruñeko Biurdana institutuko guraso elkarteko kideak. Nafarroako 30 ikastetxe publikotan espazio falta eta beste hainbat gabezia salatu dituzte Sortzen-ek eta Herrikoak. Egoera hori aldatzeko batu dira kaltetutako ikastetxetako guraso elkarteak, eta euren aldarrikapenen berri eman dute.

Eskola Batzordearen arabera, 2012-2013 ikasturtean 65.835 ikaslek ikasi zuten ikastetxe publikoetan. Baina eskola publikoa aukeratzen duten gurasoek ez dute gobernuaren sostengua sentitzen. "Nafarroako Gobernuak ez du hezkuntza publikoa lehenesten", adierazi dute. Hainbat aldarrikapen egin dizkiote Hezkuntza Departamenduari.

Hasteko zonifikazio bakarraren aurka egin zuten. "Neurri horrek indargabetu egiten du, hein handi batean, gobernuak auzo eta herri guztietan ikasteko leku publikoa bermatzeko duen ardura", ohartarazi dute Sortzen-ek eta Herrikoak. Era berean, gogoratu dute legediaren arabera ikasle orok haren etxetik gertuen duen zentroan hezkuntza jasotzeko eskubidea duela. Horrekin batera, ohartarazi dute Hezkuntza Departamenduak euren ikasleak aukeratzeko eskubidea bermatzen diela itunpeko eskolei. Gaineratu dute behin ikasturtea hasita ez dutela atzerritik datozen ikasle berrientzako lekurik gorde behar. Euren arabera, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek jaso beharko lituzkete atzerriko eta gutxiengo etnikoetako ikasleak.

Gurasoek atzeman dituzte Hezkuntza Departamenduak itunpeko eskolen alde eginiko beste neurri batzuk; izan ere, murrizketetan "desorekak" daude. "Irakasleak ez kontratatzeak eta funtzionamenduko murrizketek ekarri dute hezkuntza publikoan urtero 30 milioi euro gutxiago inbertitzea. Itunpeko eskoletan, berriz, inbertsioa lau milioi eurokoa izan da", adierazi du tinko Txentxu Juaniz Sarrigurengo eskola publikoko guraso elkarteko kideak.

Ikastetxe publiko berriak eraikitzeko oztopoez ere hitz egin du Murok. Biurdanako guraso elkarteko kideak salatu du hainbat herritako eta Iruñeko zenbait auzotako ikastetxeak handitzea oztopatu duela gobernuak. Horretaz gain, gogoratu dute eraikin berriak behar dituztela Iruñeko Biurdana institutuan eta Sarrigurengo eta Erronkariko eskoletan. Lehen bietan ikasleentzako tokirik ez dagoelako, eta Erronkarikoan, eraikinak 130 urte dituelako. "Hezkuntza publikoan distortsioa eragiteko estrategia darabilte familiek itunpeko eskolak aukeratzeko", esan du Murok. Orotara, hamaika ikastetxek handitzeko beharra dute, hamalauk azpiegituretan hobekuntzak behar dituzte eta bostek mantentze lanen falta dute.

Era berean, Nafarroako Gobernuak Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren alde egitea salatu dute. "Gobernuaren lege berriarekin, sexuaren arabera ikasleak bereizten dituzten ikastetxe pribatuek itunpeko bilakatzeko aukera izango dute, Nafarroako legediari kontra eginez". Baina zailtasunen gainetik, familia guztiei dei egin diete hezkuntza publikoa aukeratzera.

“Nire lana erdian egotea da, ez ikasleekin eta ez irakasleekin”

"Institutuaren azpiegituraren mantentze lanez arduratzen naiz. Zerbait hondatzen denean, konpondu egiten dut, berdin dio aulki bat edo leiho bat den", azaldu du Josu Alkaldek (Iruñea, 1983). Leitzako Amazabal institutuko atezaina da bera. Gaztetatik gustuko izan du trasteekin ibiltzea, apurtutako gauzak desmuntatzea eta konpontzen saiatzea. Hala ere, Alkalderen lan bakarra ez da azpiegitura ongi mantentzea. Institutuko pertsona guztiekin erlazio ona mantentzea garrantzizkotzat jotzen du. "Nire lana erdian egotea da, ez ikasleekin ezta irakasleekin ere".

Alkaldek zurgintza metalikoa ikasi zuen. Leitzan urte eta erdi darama lanean. Ez zuen pentsatua atezain moduan lan egitea, baina amak konbentzitu zuen. "Amak beti esaten zidan: 'oposizioetan izena eman ezazu'. Nik ez nuen inongo gogorik horretan hasteko. Baina amak nire izena eman zuen ordezkapen batzuk betetzeko egin zuten deialdi batean". Ikasi gabe joan zen azterketara, eta lehen 300en artean bukatu zuen. Horrek animatu zuen hurrengo oposizioak prestatzera. "Kuadrillako lagun batekin eman nuen izena. Biok hasi ginen ikasten. Akademia batean ere izena eman nuen. Horrenbeste urteren ostean, ikasteko ohitura erabat galdua bainuen".

Azterketa gainditu eta lanpostua lortu zuen Leitzako institutuan. Oso pozik dago hartutako erabakiarekin. "Ama urtetan izan da atezaina. Nik haren lana ikusi, eta oso lan ona iruditzen zitzaidan, izugarrizko pagotxa. Ez delako bat ere errutinazkoa. Beti daude irakasle eta ikasle berriak. Horrez gain, gaztetatik gustuko izan dut gauzak konpontzea". Leitza herri txikia da, eta institutuan 200 ikasle inguru daude. "Bertan mundu guztiak ezagutzen du elkar, eta oso giro ona dago". Aurretik Tuterako institutu batean lan egin zuen bi hilabetez. "Ez du Leitzarekin zerikusirik. Mila ikasle baino gehiago daude bertan, eta bost atezain daude".

Alkalde funtzionarioa da, eta horrek hainbat onura dituela uste du. "Funtzionario bat nahiko librea da, ez du ezer ezkutatu behar. Hau da, ez dio inori ezer zor, zerbitzu publikoari baino ez". Horrez gain, atezaintzak baditu bestelako onura batzuk. Haren kuadrillan bi lanbide mota bereizten dituzte: lanean sartu baino lehenago dutxatzekoak eta lanetik ateratakoan dutxatzekoak. Haren lana lehen taldean dago. "Ez da gauza bera jendearen aurrean edo harrobian lan egitea".

Harremanen garrantzia

Institutuetako atezainak instituzioaren parte dira, baina ez dute irakasleek duten irudi autoritarioa. Alkalderi egoera hori gustatzen zaio, eta irakasle zein ikasleekin harreman ona izateko baliatzen du. "Niretzat oso erosoa da. Irakasleekin eta ikasleekin hitz egiten dut. Bakoitzak bere errealitatea azaltzen dit. Gainera, ni ez naiz arlo akademikoan sartzen. Berdin zait nor den ona matematiketan edo nork aukeratu duen erlijio irakasgaia".

Atezainaren lana nabarmenagoa da arazoak hasten direnean. Goizean goiz eskola irekitzen du Alkaldek. Berogailua erregulatzearen eta fotokopiagailuaren ardura ere berea da. "Nik egiten ditut fotokopiak. Makina izorratzen bada ere, neronek konpontzen dut". Horrez gain, egunerokoan sortzen diren arazoak konpontzen ditu.

Ez du arazo handirik izaten, baina Leitzan lanean hasi eta gutxira, ezaguna egin zen herri osoan. Hori ez da oso ona izaten. "Eskolako txirrina birprogramatzeko eskatu zidan zuzendariak. Nik ez nuen tenporizadore hori ezagutzen. Beraz, ikertzen hasi nintzen. Azkenean, ez dakit nola, baina lortu nuen eskolako ordutegiarekin programatzea, eta lanaldia bukatzean, etxera joan nintzen". Baina hurrengo egunean, lanera joan zenean, txirrina jotzen ari zela konturatu zen. Segituan itzali zuen. Baina zuzendariak, institutura heldu zenean, azaldu zion gauerditik zeramala txirrina jotzen. "Txirrinak gogor jotzen du. Jendeak uste zuen institutua erretzen ari zela, eta alkateak adibidez ez zuen ia lorik egin. Institututik hurbil bizi da, eta bertatik ozen entzuten da txirrina". Arazoa izan zen, Alkaldek nahi gabe programa berri bat sortu zuela tenporizadorean, gauerditik aurrera gelditu barik jotzeko.

Beste batean, Alkalde institutuko galdarekin tematu zen. "Bi galdara daude institutuan, eta batek besteak baino askoz gehiago kontsumitzen zuen". Fakturak aztertu, eta egunero galdara bakoitzak kontsumitzen zuena apuntatzen hasi zen. Azkenean, gertatzen zenaz konturatu zen: "Galdaratako bat ez zen itzaltzen, gauetan eta udan funtzionatzen jarraitzen zuen". Herriko iturginari deitu, eta tenporizadore bat jarri zion galdarari. "Tontakeria bat da, baina inor ez zen aurretik horretaz arduratu. Baina txikikeria horregatik 3.000 euro inguru aurreztuko ditugula uste dut".

Alkaldek eginbehar finko gutxi ditu. Egunerokoan sortzen diren arazoak konpontzea da haren lana. Zoriontsu da Alkalde Leitzan, eta esan ohi den bezala: gustuko tokian, aldaparik ez.

Polizia frankistak Jose Luis Cano hil zuela gogoratu dute

Maiatzaren 13an 37 urte bete dira Espainiako Poliziak Jose Luis Cano gaztea tiroz hil zuela Iruñeko Alde Zaharrean. Heriotza hori salatzeko eta oroimen historikoa aldarrikatzeko, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Canori omenaldia egin zion astearte arratsaldean. Patxi Velasco elkarteko kidea da, eta salatu du udalak ez duela errespetatzen oroimen historikoa. "Canoren omenez ezin dugu plakarik jarri. Baina, bestalde batetik, hor dago Rodezno kondearen plaza".

1977ko maiatzaren 13an, Amnistiaren Aldeko astean, hil zuen Espainiako Poliziak Cano. Debekatutako ekitaldi baten ostean, istiluak izan ziren Iruñeko Alde Zaharrean. Caldereria eta Xabier kaleen artean dagoen Imanol tabernan zegoen Cano. Poliziak tabernako jendea kalera atera zuen. Euretako bat Cano zen. "Polizien kolpeak jaso ostean, poliziaburu batek tiro egin zion. Lehendabizikoan, arma trabatu zitzaion. Baina bigarrenean tiro egitea lortu zuen, eta zerraldo erori zen", azaldu du Velascok.

Hilketa gertatu eta egun batzuetara Jose Luis Canoren omenez plaka bat jarri zuten, eta 30 urtez egon zen han. Baina, 2007. urtean Canori omenaldia egitea erabaki zuten elkarteko kideek, eta hor hasi ziren arazoak. "Canori omenaldia egitea erabaki genuen, han gertatutakoa erabat ahaztua zegoelako. Omenaldi xume bat antolatu genuen, eta, hori egin ostean Udaltzaingoak plaka kendu zuen. Hori horrela dela badakigu, bizilagunek esan digutelako". Elkarteko kideek plaka berriro jartzea erabaki zuten, baina udalak hori ere kendu zuen. Velascok esan du sei aldiz kendu dietela Canoren plak zazpi urtetan. "Iaz, Caldereria kalea hiru furgonetekin itxi zuten, eta, eskailerarik ez zutenez, bata bestearen gainera igota kendu zuten", esan du Velaskok. Iazko omenaldiaren ondoren, auzokide talde batek beste plaka bat jarri zuen, baina astearteko omenaldiaren ostean plaka berriro desagertu egin dela salatu du Velascok.

Udaltzainekin eta Espainiako poliziekin gorabeheretan ibili beharrean, plaka ofiziala jartzeko eskatu zuen elkarteak udalean duela bi urte. "Mozio bat aurkeztu genuen Iruñeko Udalean, Canori plaka ofiziala jartzeko. Baina ez zuten mozioa onartu, UPNk ezezkoa eman zuelako eta PSN abstenitu zelako", azaldu du Velascok.

Canoren omenaldia biribiltzeko Espainiako trantsizioa aztertuko duen hitzaldia antolatu dute: Trantsizioa: zigorgabetasuna eta iruzurra. Alfredo Grimaldos kazetari eta idazleak, Mikel Sangalo garaiko militanteak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kide batek parte hartuko dute. Hitzaldia asteazkenean egingo dute, 19:30ean, Iruñeko Zabaldin.

Iruñeko 150 haurrek eskolan gosaltzen dute peñei esker

"Uste dugu, elikagai gabe dauden umeak leku urrunetan daudela. Baina ez, hori hemen gertatzen ari da, gure Suitza txikian", esan du Haritz Pascualek, Gosariak ekinbideko sustatzaile eta Irrintzi peñako kideak. Egun, bi ikastetxetako 150 umeentzako gosariak prestatzen dituzte egunero Iruñeko peñek. Baina beste bost ikastetxe atzetik dituztela adierazi du Pascualek. "Hau ez da karitatea, Nafarroako Gobernuari kargu hartzen diogu. Arazo bat dago, lehen batean guk erantzun dugu, baina hori administrazioaren lana da".

Aurreko udan, lagun arteko elkarrizketa batean hasi zen Gosariak egitasmoa. "Irakaslea den lagun batek esan zigun bere gelako hainbat ume gosaldu gabe joaten zirela eskolara", dio Pascualek. Une horretan Iruñeko hainbat peñetako kide elkarrekin zeuden, eta zerbait egitea pentsatu zuten. "Egoera horri erantzun bat eman behar genion, eta pixkanaka elkartu eta zer egin genezakeen pentsatu genuen". Dirurik gabe lan egiten dute. Elikagaien Bankuarekin harremanetan daude. Kontu bat ireki dute bankuan, bertatik hartzen dituzte beharrezkoak diren elikagaiak. Gero, peñetako kideen ekarpenekin bildutakoa itzultzen diote Elikagaien Bankuari.

Pascualen lagunak lan egiten duen eskolan hasi ziren gosariak banatzen. "Eskolan bertan diagnostikoa egin zuten, beharra duten familiak zeintzuk diren jakiteko". Behin azterketa eginda, gosariak banatzen hasi ziren. Peñetako kideek gosariko elikagaiak eskolako atera eramaten dituzte, eta irakasleek banatzen dituzte.

Urtarrilean hasi ziren lanean. Martxa onean hasi zirenez, irakasleei esan zieten ahoz aho zabaltzeko egitasmoa. "Irakasleek euren arteko sarea dute, eta gauza horietaz hitz egiten dute". Handik gutxira eskari gehiago izan zituzten. Egun, bi ikastetxetako 150 umeentzako gosariak banatzen dituzte. Pascualek ohartarazi du gosariak jasotzen dituztenen artean ez dagoela profil jakinik. "Iruñea osoko umeek behar dituzte gosariak, modelo guztietakoek, bertakoek eta kanpokoek, ikastetxe publiko zein pribatukoek. Oso egoera dramatikoa da".

“Ez gara Elizaren aurkakoak, pribilegioen aurkakoak baizik”

Ehunka gurtza toki jarri zituen Eliza katolikoak bere izenean 1998. urtetik aurrera. Ordura arte, Elizak ezin zituen immatrikulatu gurtza tenpluak, baina Espainiako Gobernuak Hipoteka Legean moldaketa bat egin zuen. Inor gutxik izan zuen aldaketa horren berri, Eliza katolikoaren buruek bakarrik. Halabeharrez, 2007an, Tafallako Udalak jakin zuen herriko eliza eta beste hainbat ondare Eliza katolikoaren izenean zeudela. Egoera hori salatzeko, hainbat herritarrek Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataforma sortu zuten. Urteetako lanaren ostean Elizaren jokaera gizarteratzea lortu dutela uste du Carlos Armendariz plataformako kideak (Atarrabia, 1936). Eliza katolikoaren immatrikulazioei buruzko jardunaldiak antolatu ditu plataformak, gaur eta datozen bi ostiraletan, 19:15ean, Iruñeko Gurutzeko plazako institutuan. Hainbat adituk Elizaren immatrikulazioak aztertuko dituzte, legearen, moralaren eta historiaren ikuspegitik.

Zergatik sortu zenuten Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma?

Tafallako Udala herriko ondasunen zerrenda egiten ari zen 2007an. Horrela konturatu ziren herriko ia gurtza tenplu guztiak Eliza katolikoaren izenean zeudela. Hori ezusteko handia izan zen, ordura arte ondare publikoak, eta gurtza tenpluak bereziki, ezin zirelako jarri inoren izenean. Gertatutakoa salatzeko, Tafallako zinegotzi batzuek gutun bat idatzi zuten egunkarietara. Idazki horretan, gertatutakoa azaldu eta Eliza salatu zuten guztionak diren ondasunak beretzat hartzeagatik. Egun batzuk geroago, Uxueko erromerian, Iruñeko artzapezpikuak gogor ekin zuen gutuna idatzi zutenen aurka. Orduan, Tafallan lauzpabost pertsona gaia lantzen hasi ziren, eta aurrera begira lan egiteko plataforma sortu zuten. Egun, hamar bat pertsona gara.

Zer-nolako harrera izan du zuen lanak?

Lan handia egin dugu herriz herri. Udaleko hiru batzar egin ditugu, eta, orotara, berrehun herritako ordezkariak bildu ditugu. Ez diogu udal horiek guztiak interesaturik daudenik, baina herri horietan badago norbait interesa duena gai horretan eta bere herrian gaia landu nahi duena. Azken finean, herrietan pilotalekuak, garbitegiak, kaleak eta beste hainbat gauza daude, jendeak bereak sentitzen dituenak. Gure ustez, herrietako elizak ere talde horretan sartzen dira, herritarrek egin zituztelako.

Zergatik ezin ziren jarri gurtza tenpluak inoren izenean?

Hipoteka Legeak hori esaten zuelako. 1946an, frankismo garaian, Elizari nahi zuena erregistratzeko eskubidea aitortu zioten. Horretarako ez zuen inolako agiririk behar; aski zen gotzainaren hitza. Horrela, denetarik jarri zuten euren izenean. Baina legeak kanpoan uzten zituen gurtza tenpluak. Antza denez, Francok horiek mantendu nahi zituen. Baina hori 1998an aldatu zen.

Zenbat ondasun jarri ditu Elizak bere izenean?

Nafarroan, Elizak 1.087 ondasun jarri ditu bere izenean 1998. urtetik aurrera. Zerrenda osoa dugu: elizak, parrokiak eta ermitak. Hori lehen ezin zen egin.

Zer gertatu zen 1998an?

Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak, isilpean, Hipoteka Legea aldatu zuen. Ordura arte, gurtza tokiak ezin ziren immatrikulatu. Gotzainek baino ez zuten izan aldaketaren berri. Hortik aurrera, jaberik ez zuten eraikin guztiak immatrikulatu zituzten. Haien arabera, hori egin dute esku hartze maltzurretatik babesteko. Baina guk uste dugu jabego grinagatik dela. Egun, haiek dira guztiaren jabeak, eta nahi dutena egin dezakete. Gure ustez, hori jabego faltsua da, legeak ez duelako oinarri juridikorik.

Zergatik ez du oinarririk?

Legea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da. Alde batetik, Elizak frankismo garaitik ondasunen bat bere izenean jarri nahi baldin badu, bere hitza baino ez du behar. Hau da, gotzainak esaten badu zerbait berea dela, egiazkotzat jotzen da. Beste edonork zerbait bere izenean jarri nahi baldin badu, prozesu burokratiko konplexu bat bete behar du; Elizak ez du horrelakorik egin behar. Hori pribilegioa da, eta ezin da onartu. Konstituzioaren arabera, legearen aurrean denok gara berdinak, baina, kasu horretan, gutxienez nahiko ezberdinak gara.

Beste alde batetik, konstituzioan jartzen du estatua ez dela inongo erlijiorekin lotuko. Baina Eliza katolikoa estatu erakunde gisa tratatzen du legeak. Iruñeko Artzapezpikutzak uste du Elizaren aurkakoak garela. Oker dabiltza: ez gara Elizaren aurkakoak, pribilegioen aurkakoak baizik.

Hipoteka Legea aldatuko dute. Zertan antzemango da aldaketa?

PPk esan du Hipoteka Legea zaharkitua dagoela eta aldatu egin behar dela. Egungo lege proposamenak ez dio ezer erlijio tenpluei buruz. Hori onartuz gero, Elizari nahi duena immatrikulatzeko eskubidea kenduko diote. Horrek arrazoia ematen digu. Duela zazpi urte, inork ez zekien ezer gai honen inguruan. Gaia zabaltzea lortu dugu, eta hainbat tokitara heldu gara, hala nola Nafarroako Parlamentura eta Espainiako Senatura. Elizaren immatrikulazioen gaia PPren aurka erabil daitekeen arma politiko bat da. Horregatik aldatu nahi dute legea hauteskundeak heldu baino lehen. Hala ere, Elizak bi urte inguru ditu oraindik nahi duena immatrikulatzeko. Horregatik diogu garrantzitsua dela Elizari pribilegio hori kentzea. Baina gakoa da orain arte immatrikulatutakoa itzultzea, konstituzioak dioenaren aurka egin duelako.