947

Nafarroako sektore publikoak zor dituen milioi euroak. Nafarroako sektore publikoak 947 milioi euro zor dizkie bankuei. Aurreko urteko ekainean 300 milioi euroko mailegua eskatu zion gobernuak Santander bankuari; zazpi urte ditu dirua itzultzeko.

410

Urtero diagnostikatzen diren koloneko minbizi kasuak. Nafarroan urtero 410 koloneko minbizi kasu diagnostikatzen dira. Osasunbideak gaitz hori goiz detektatzeko programa jarriko du martxan datorren astean.

Tafallako ikastolak hurrengo ikasturtean prest izango du eraikin berria

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak bigarren hezkuntzako eraikin berria prest izango du 2014ko irailean. "Prozesu gogorra izan da, bereziki gaur egun dugun egoera zailagatik. Baina pozik gaude, eskualdean euskaraz ikastea abentura den honetan etapa berri bat hastear baikaude", dio Conrado Medrano gurasoen elkarteko lehendakariak. Hainbat burokrazia eta finantzaketa oztopo gaindituta, urriaren 25ean ikastolako eraikin berriko lehen harria jarri zuten. Eraikin berria udalak emandako 4.645 metro koadroko orubean egingo dute, eta hango kirol azpiegiturak herritarrentzat irekiak egongo dira. Horrela adostu baitzuten ikastolak eta udalak.

Eraikin berrian bigarren hezkuntzako ikasleek ikasiko dute. Baina ikastolako arduradunen helburua batxilergoa irakatsi ahal izatea da, ikasleek batxilergoa euskaraz egiteko Iruñera joan behar ez izateko. Kontxi Aranaz ikastolako lehendakaria Jose Iribas Hezkuntza kontseilariarekin biltzekoa da horri buruz hitz egiteko. Hala ere, Aranazek uste du kostatuko zaiela batxilergoa irakasteko aukera izatea: "Ez da ideia burugabea, baina badakigu zaila izango dela".

Lehen harria jartzeko ekitaldian ikastolako ikasle eta langileek parte hartu zuten. Hasteko, ikastolako hiru ikaslek aurreskua dantzatu zuten. Horren ostean, DBHko laugarren mailako ikasleek kutxatila batean hainbat oroigarri gorde zituzten, besteak beste, ikasle eta langileek sinatutako zenbait argazki, DBHko hirugarren mailako ikasleek idatzitako bertso bat, 2011ko Nafarroa Oinez-eko aldizkari bat, egun bereko BERRIA egunkariko ale bat, etorkizuneko ikasleentzako eskutitz bat eta hainbat marrazki.

Botika zaharra, modako edari

Patxaranak mendeetako historia luzea du. Basaranez egindako pattarra Erdi Aroan asmatu zen, eta XXI. mendean bizirik jarraitzen du, etengabeko garapenean. Azken urteetan, patxaranaren kontsumoa murriztu egin da. Egoera hori irauli nahian dabiltza hain...

@sarean

Patxaranarekin lotura duten Interneteko hainbat helbide.

www.pacharannavarro.org. Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseilua.

www.pacharanzoco.es. Zoco patxaran enpresa. Zocok bere upategietan bisita gidatuak antolatzen ditu, eta dastatze eta koktel tailerrak ere egiten ditu.

Patxarana nazioarteko koktel sariketetan lehiatzen ari da

Astelehenean hasi zen Nazioarteko XVII. Koktel Lehiaketa Panamerikarra, Puerto Ricon, eta gaur bukatuko da. Lehiaketan hamabost herrialdetako partaideak izan dira, eta bost mailatan lehiatu dira. Horrez gain, mintegiak eta beste hainbat ekinbide egin dituzte. Parte hartzen ari den euskal herritar bakarra Iñigo Cochero Ataun Nafarroako Barmanen Elkarteko kidea da. Lehiaketan herrialde bakoitzak likore bat aurkeztu behar du, eta horrekin hainbat konbinatu egin behar ditu. Cocherok patxarana aurkeztu du likore moduan, eta edari horrekin egindako hainbat koktel erakutsi ditu, besteak beste, mojitoa eta butanitoa —patxarana, laranja freskagarriarekin nahastua—.