Nafarroa

Mundua, zuhaitz gaineko etxolatik

Mundua, zuhaitz gaineko etxolatik

Edurne Elizondo

Tiradera batean aurkitutako hainbat marrazki dira Cosimoren katiuskak izenburuko liburuaren abiapuntu; zehazki, Ana Ibañez ilustratzaile iruindarrak egin, eta Dani Martirena kazetari legasarrak tiradera batean aurkitutako marrazkiak. "Marrazkiei begira, pentsatu nuen bazela haien inguruan zerbait idazteko aukera", gogoratu du Martirenak.

Pentsatu eta egin. Elkarrekin lanean hasi, eta Cosimoren katiuskak izenburuko liburua sortu zuten kazetariak eta ilustratzaileak. Adin guztietako haurrentzat da, eta Etxepare saria eskuratu zuen, iaz. Orain, Pamiela etxeak eman du argitara 32 orrialdeko lana.

Ingurumenaz hitz egiten du liburuak; gaurko gizarteaz, gaurko munduaren arazoez eta erronkez. Cosimo du protagonista, izenburuak argi utzi duenez. Zuhaitz batean etxola eraiki du haurrak, eta handik egiten dio so inguruari: "Hiriko parkerik txikienean nago eta Cosimo dut izena. Trebea izan nahi dut zuhaitzetan gora. Trebeena. Adarretik adarrera ibili nahi duzunean, beherantz ez begiratzea da hoberena".

Adin guztietako haurrentzako lana da, Martirenak nabarmendu duenez. Hartzeko moduan, halere, bada aldea, adinaren arabera. "Helduek erran izan didate tristea dela; baina haurrek badute itxaropena". Gazteenen irakurketaren alde egin du egileak. Argi utzi du haurrentzat idaztea ez dela nolanahiko erronka.

Martirenak ere baikor izan nahi du. Liburua eskuetan, "kontent" dela nabarmendu du, eta harekin bat egin du Ibañezek ere. Pozik da lanarekin. Ez da, hala ere, elkarrekin egindako lehendabizikoa. Ibañezen irudiek eta Martirenaren hitzek bertze bi liburutan egin dute bat: Hankaz gora du amak mundua (2015) eta Jonek Jone izan nahi du (2017). Haurrentzako literaturaren arlokoak dira bi horiek ere, eta bietan egileak izan dira autoekoizle.

Bost aldiz hartu dute parte bi egileek Etxepare sarian, eta bosgarrenean irabazi egin dute. Horrek ekarri du Pamielak beren lana argitaratzea. Martirenak eskertu du babes hori, baina onartu du, aurreko liburuekin alderatuta, prozesua ezberdina izan dela. "Ongi dago argitaletxe batek ardura hartzea, baina zure kabuz egiten duzunean, dena kontrolatzeko eta zaintzeko aukera gehiago duzu. Zuk nahi duzun bezala egiten duzu". Emaitzarekin gustura gelditu dela zehaztu du, hala ere.

Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea eta Asun Agiriano haur liburuzaina izan ziren iazko Etxepare sariko epaimahaiko kide. Hirurek nabarmendu zuten Martirenaren eta Ibañezen lana "gogoetarako kontakizuna" dela. Gainera, testuak poesia, umorea eta jolasa badituela erantsi zuten. Martirena ados da horrekin, eta erantsi du "kaosak" ere baduela bere tokia Cosimoren katiusken artean. Kaos horrek, azkenean, ordena ekartzen duela zehaztu du istorioaren egileak.

Bere burua idazletzat jotzea kosta egiten zaio Martirenari. Ogibidez kazetaria da. "Idazle hitzari errespetu handia diot; ez da nahikoa zerbait idaztea idazle zarela errateko". Hamaika lehiaketatan parte hartu du, eta bere lanak hainbat liburutan argitaratu ditu. Pamielak emandako 39 idazle nafar (2017) izenburuko argitalpenean jasota daude, bertzeak bertze, Martirenaren testuak. Liburu horretan Martirenaren Listu balak ageri da, hain zuzen ere.

Ana Ibañez Arte Ederretako lizentziaduna da, eskulturaren alorrean. Hainbat sari eta beka jaso izan ditu. Martirenarekin batera lan egiteak "konfiantza" eman diola onartu du ilustratzaileak. Kanpoko bultzada bat jasotzea aurrera egiteko pizgarri izan duela azaldu du egileak, zehazki. Martirenak Ibañezen lanaren kalitatea nabarmendu du, hain zuzen ere. "Marrazki liburuak, gainera, haur eta helduek maite dituzte", erran du. Haurrentzako istorioak ere badira helduen gogoeta pizteko gai, erantsi duenez. Adina, beraz, ez da Cosimoren unibertsoa ezagutzeko muga. Gustura dira Martirena eta Ibañez elkarrekin lanean, eta argi dute lan horrek emanen duela bertze fruiturik.

2019ko sariketa, prest

Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek antolatutako sariketa da Etxepare izenekoa. Haurrentzako bilduma ilustratuen sariketa da, zehazki. 2004. urtean sortu zuten. 2006an, haurrentzako lanak sortzeko beka bilakatu zuten saria, baina 2009. urtetik sari izaera du, berriz ere. Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza badute euskara zerbitzuek Etxepare sariketa antolatzeko.

Iazko irabazleen lana argitaratu eta gero, prest da lehiaketaren hurrengo aldia, 2019. urtekoa alegia. Iaz, denera, hemeretzi lan aurkeztu zituzten sariketara. 2019. urtekoan parte hartzeko, maiatzaren 17ra bitarte izanen da lanak aurkezteko aukera. Bakarka parte hartu ahal izanen dute egileek, edo, bertzela, ilustratzaileentzako eta idazleentzako osatutako taldean.

Iritzia: #Behingoz

Lur Albizu Etxetxipia

Eremu desberdinak ezagutu izan ditut, baina nik ez nituen aukeratu. Txikitan, zazpi urtez eremu mistoan bizi izan nintzen; gerora, eremu ez-euskalduna ezagutu nuen urte luzez, eta berriz itzuli nintzen eremu mistora. Lehen eremu ez-euskalduna zena eremu misto bilakatu zen duela urte bat eta hilabete batzuk. Nafarroatik kanpo beste bi eremutan bizi izan naiz: ofizialtasunarenean eta ofizialtasunik gabekoan. Loteria horretan, egoera desberdinak bizi izan ditut.

Euskararen egoeraz ari garenean, komeni da ez ahaztea euskaldunoi buruz ari garela. Pertsonei buruz ari garela eta eskubideen inguruan ari garela. Gure herria handiagoa balitz eta eskolarik izan balu, haurrak ginenean ez genukeen euskaraz ikasteko eskubiderik izanen. Duela urte batzuk, ez genukeen D ereduan ikasteko garraiorik izanen, are gutxiago diruz lagunduta. Euskaraz ikasteko eskubidea ukatuko ziguketen.

A ereduan edo G ereduan ikasi izan bagenu, batxilergoan institutua eguerdiko ordubietan bukatuko genukeen, eta ez hiruretan. Gainera, eredu erdaldunekoak izan bagina, bueltako autobusa doan izanen genukeen. Baina D eredukoak ginen, eta erdaldunek baino ikasgai bat gehiago genuen, ez genuen gainontzekoekin autobusean itzultzerik, beste bideak topatu behar izan genituen.

Guk ez genuen beste institutu batera joateko beharrik izan; baina beste toki batzuetako ikasleek bai. Eremu ez-euskaldunak hori esan nahi (izan) du askorentzat: goizeko seietan jaikitzea, busa hartzea, Iruñeraino joatea, itzultzea... ordu eta energia asko bidean galdurik, herrian bertan erdarak bakarrik zeukalako eta daukalako tokia (momentuz). Eremu ez-euskaldunak beste batzuentzat esan nahi du bizilekua aldatu behar izatea euskaraz ikasi ahal izateko. Altsasun, Tuteran edo Iruñean jaiotzeak asko alda ditzake kontuak gure herrialde honetan. Eta Altsasun, Tuteran edo Iruñean jaio, kontuak ez dira errazak euskaldunontzat ez Altsasun, ez Tuteran, ez Iruñean. Ez orain, ez lehen.

Kontuak ez dira errazak euskaldunontzat eta euskararentzat. Eta ez dira errazak izanen, iraupena da euskararen misteriorik handienetakoa. Baina beharrezkoa dugu bidea egiten jarraitzea, eta bide horrek izena badauka: ofizialtasuna. Ofizialtasunak ez gaitu, beharbada, salbatuko. Baina ofizialtasunik gabe, gureak egin du.

Aukera hori nahi eta behar dugu; ofizialtasunak irekiko dizkigun ateak zabaldu eta bide berriak eraiki ahal izateko aukera. Euskaldunok behingoz justizia, behingoz kohesioa eta behingoz berdintasuna behar dugulako. Euskaldunok eta euskarak arnasa egiteko beharra dugulako. Euskaraz bizi nahi dugula esatetik bizi ahal izatera pasatu nahi dugulako. Euskaraz esnatu, jolastu, ikasi, amets egin, eztabaidatu, lan egin eta abestu nahi dugulako. Behar dugulako. Bigarren mailakoak izateari utzi nahi diogu, eta horretarako beharra dugu. Ez dezagun aukera galdu, ez ditzagun aukerak galdu.

Bihar bete ditzagun kaleak. Gure txanda da. Euskarak behar gaitu; baina, batez ere, guk behar dugu euskara eta guk behar ditugu eskubideak. Behingoz.

Besteen pareko ala berezi izan

Besteen pareko ala berezi izan

Edurne Elizondo

Estrategikotzat" jo zuen Nafarroako Kultura zuzendari nagusi Dori Lopez Juriok, iaz, 948 Merkatua ekinaldia. "Lan handia egin genuen, baina emaitza oso ona izan zen", berretsi du, aurten, arteen azokaren lehen aldiari buruz. Kulturaren arloko programa nagusitzat jo du gobernuak 948 Merkatua, eta bigarren aldiz antolatu du, ondorioz: hilabete barru eginen dute, Iruñean, azaroaren 21etik 23ra.

Kulturaren esparruko herrialdeko eragileek "ontzat" jo dute azokari segida emateko urratsa egin izana, baina nabarmendu egin dute, halere, ekinaldiari buruz gogoeta egiteko beharra. Gogoeta eskatu dute, zehazki, azokak bide propioa egin dezan. Bertze azoken pareko ala berezi izatea baita kontua, haien ustez.

948 Merkatuaren bigarren aldiaren bidez, euskarri horren aldeko bere apustua berretsi egin du Nafarroako Gobernuak. Kultura kontseilari Ana Herrerak argi eta garbi erran du ekinaldiaren aurkezpenean: "Asmoa da azoka erreferentziazko topaketa bilakatzea kulturaren arloko gure produktuentzat; ezagutza partekatzeko eta proposamen berritzaileak erakusteko espazio bihurtu nahi dugu".

Hori lortzeko, 180 proposamen jasotzen dituen programa bat prestatu du Kultura Zuzendaritza Nagusiak, azarorako. Proposamen horien artean izanen dira hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak, bilerak, eztabaidak, aurkezpenak eta bertze. Gobernuaren asmoa da, denera, kulturaren eta artearen esparruko mila profesional inguru hartzea bere azokan. "Diziplina askotako hirurogei proposamen artistikori baino gehiagori eman nahi diegu espazio bat, kulturaren esparruko eragileen arteko sinergiak sor daitezen; elkarlana eta elkar ezagutza bultzatu nahi ditugu", gaineratu dute gobernuko arduradunek.

Sektoreko kideek Baluarte auditoriuma izanen dute agertoki nagusi, baina bertze hainbatetan garatuko da, gainera, aurtengo programa; bertzeak bertze Nafarroako Antzerki Eskolan, Zentral eta Indara aretoetan, Ziudadelan, Civivox aretoetan, Nafarroako Filmotekan eta Joaquin Maia musika eskolan.

Hainbat gai nagusi edo ardatz zehaztu dituzte Kultura Departamentuko kideek azokan garatzeko: genero ikuspegia, jabetza intelektuala, internazionalizazioa, diseinua edo sektorearen profesionalizazioa… Aipatzekoa da, gainera, Nafarroa-Akitania Berria-Euskadi euroeskualdeko herrialdeak izanen direla aurtengo 948 Merkatua azokako gonbidatu nagusiak. Espainiako Errioxa eta Aragoi erkidegoek ere parte hartuko dutela erantsi dute antolatzaileek.

Programari, gonbidatuei, eta, oro har, aurtengo egitarauari so, azoka "asmo handiko egitasmo bat" dela nabarmendu du Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteko presidente Rebeca Esnaolak. "Lehen aldiz egin zutenean ere halakoxea izan zen, asmo handikoa". Horrek ekarri du, Esnaolaren hitzetan, antolatzaileek sektore guztietara ailegatu nahi izatea. Eta asmo horrek jarri du zailtasuna mahai gainean, hain zuzen ere: "Zaila da 948 Merkatuaren gisako azoka bat martxan jartzea; arlo eta sektore guztiak ukitu nahi izateak are zailago bilakatzen du", azaldu du Kuna elkarteko buruak.

Esnaolak zalantzarik ez du ona dela gobernuak kulturaren esparruko gisa horretako ekinaldi baten alde egin izana. "Aukera hagitz garrantzitsua ematen du elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko, elkarren arteko dinamikak sortzeko". Kunako presidenteak uste du, gainera, 948 Merkatuak lortu duela Iruñea eta Nafarroa "kulturaren mapan" jartzea. Hori ona dela berretsi du, egiten diola mesede arloari.

Abiapuntua hori izanda, halere, kontuan hartu beharreko elementuak badirela argi du Esnaolak ere, eta elementu horien inguruko gogoetak eta lanak ekarriko dutela azokak hemendik aurrera izanen duen izaera zehaztea. Haren ustez, hori da erronka nagusia: "Ezberdin bilakatuko duen hori bilatu behar du Iruñeko azokak; espezializazioa bilatu behar du; bertzela, urtero egiten diren bertze azoken pareko izanen da, eta horrek ez du erreferente bilakatuko".

Azoka erreferente bilakatuko da bere marka propioa sortzea lortzen duenean. Hori uste du Esnaolak. Argi du 948 Merkatua ekinaldiak bide hagitz motza egin duela eta goiz dela, oraindik ere, izan ditzakeen helburu guztiak bete ditzala eskatzeko. "Argi dago gisa horretako ekinaldiek behar dutela denbora, sendotzeko. Halere, hasi behar du bere ezaugarri bilaka daitekeen hori garatzen", erantsi du Kunako presidenteak.

Formakuntza nagusi

Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteak hitzarmena du Nafarroako Gobernuarekin, eta akordio hori baliatu zuen erakundeak iazko azokan bazkideen, parte hartzaileen eta adituen arteko topaketa antolatzeko. Bigarren urteko egitarauari so, Esnaolak nabarmendu du aurten ere formakuntzari eman diola garrantzia gobernuak, batez ere. "Topaketarako eta formakuntzarako azoka izanen da, batez ere; ez hainbertze, ordea, proiektuak eta ekoizpenak erakustekoa".

Nafarroako Ganbera Abesbatzako kudeatzaile Iñigo Osesek ere sumatu du proiektuak eta ekoizpenak erakusteko espazioen eta aukeren falta. Esnaola baino kritikoago agertu da 948 Merkatuaren lehen aldiaren emaitzekin, eta, datorren azaroan eginen duten azokan parte hartuko dutela argi utzi duen arren, ez du ukatu zalantzak badituela. "Iaz profesional gisa parte hartu nuen, eta abesbatzak ere izan zuen bere erakuslekua. Aurten, ordea, ez dugu jarriko, iazko emaitza ez baitzen ona izan", erran du Osesek, argi eta garbi.

Azokaren neurriak eta arlo guztiak ukitu nahi izateak eragin zuen, abesbatzako kudeatzailearen hitzetan, nahi zutena lortu ez izana: "Arlo guztiak ukitu nahi izan zituzten: musika, dantza, literatura, antzerkia, arte plastikoak... Musikaren gure esparruan, behintzat, zailtasun handiak izan genituen programatzaileekin harremanak jorratzeko", azaldu du Osesek.

Osesek nabarmendu du esparru bakoitzak izaten ohi dituela bere zirkuitu propioak, eta, ondorioz, zaila dela denak uztartu nahi dituen azoka bat "erreferente" bilakatzea. "Argitaletxeek Durangoko Azoka dute, adibidez. Abenduan da, eta horretan jartzen dute indarra etxeek. Musika modernoaren arloan ere Bilboko Bime azoka dago. Halako ekinaldien ondoan, desitxuratuta gelditzen da diziplina guztiak ukitu nahi dituen ekinaldi bat".

Osesek gobernuaren apustua txalotu du, eta eskertu egin du kulturaren arloan urratsak egin nahi izatea. "Ona da ekinaldiak antolatzea; guk, noski, parte hartuko dugu". Baina gehiago hausnartu behar da , haren ustez, azokari norabide egokia emateko.

Osesek kritikatu egin du, adibidez, gobernuak diruz laguntzen dituen proiektu edo ekoizpenak erakusteko espazio berezi bat ez antolatzea. "Gobernuak ez badu ordaintzen duen hori saltzen, nork salduko du?", galdetu du. Espezializazioa eskatu dio administrazioari, azokak ardatz sendo bat izan dezan. Berezia izan dadin.

Balioak kantu bilakatu nahi dituzte

Balioak kantu bilakatu nahi dituzte

Edurne Elizondo

Mutilak eta neskak berdinak gara; eta denak izan behar du denontzat". Horrela azaldu du Kaiet Albizuk berdintasuna zer den. Bederatzi urte ditu, eta Getariakoa da. Baloreak taldeko kide da, Netsanet Iriart, Luna Gonzalez, Iradi Gonzalez eta Asier Lusarretarekin batera. Deepsoda ekoiztetxea da Baloreak proiektuaren bultzatzaile. "Giza balioak sustatzeko egitasmoa da", azaldu du Pello Reparaz kideak. Musikari nafarrak idatzi ditu Baloreak taldeko kideak grabatzen ari diren zortzi kantak. Durangoko azokarako kaleratuko dute lehendabiziko diskoa.

Zortzi kanta horietatik hiru Baloreak taldeko bost kideek landu dituzte, elkarrekin. Gainerako bostak, berriz, bakoitzak Euskal Herritik kanpoko bertze haur batekin prestatutakoak dira. "Balio jakin baten inguruan aritu da bikote bakoitza, eta hitz egindako hori abiapuntu hartuta osatu dut nik kanta", azaldu du Pello Reparazek.

Kaiet Albizu berdintasunari buruz aritu zen Mexikoko bere kidearekin. Eta ondorio hori jarri zuten biek mahai gainean: mutilak eta neskak berdinak direla, alegia. "Oso pozik" dago Albizu Baloreak taldeko gainerako kideekin. "Musika eskolako andere-ñoak kontatu zigun casting bat egiten ari zirela, eta parte hartzea erabaki nuen".

"Semearentzat bezala, guretzat ere esperientzia berri bat da hau", azaldu du Albizuren ama Josune Aizpuruak. Nabarmendu du parte hartzeko ideia haurrarena izan zela. "Guk ez genion deus esan; castingaren berririk ere ez genuen. Azken egunean bidali zuen bere bideoa, eta hartu egin zuten; dena izan da ezuste bat guretzat".

Deepsoda ekoiztetxeko kideen babesa nabarmendu du Aizpuruak. Hasieratik sentitu dute taldea osatu duten haur eta gazteenganako erabateko errespetua eta zaintza. "Gurasook ere babes hori sentitu dugu, eta horrek dena errazago bilakatu du". Reparazek argi du gurasoak ere proiektuko parte direla, eta azaldu du Baloreak taldeko sustatzaileentzat "garrantzitsua" dela haien babesa izatea.

Deepsoda etxean Reparazek, Joseba Razkinek eta Paxkal Etxeparek egin dute bat. Vendetta taldeko kide da Reparaz, musikaria eta ekoizlea. Razkin, berriz, musika managerra da, eta Etxepare, soinu teknikaria. Etxeparek eta Reparazek, halere, badute musika baino zerbait gehiago komunean, eta partekatzen duten interes hori da, hain zuzen, Baloreak taldea sortu duena: "Irakasletza ikasi genuen biok. Musikaren aldeko apustuak urrundu gintuen arlo horretatik; bagenuen gogoa, ordea, zerbait egiteko, eta Baloreak taldea sortzea erabaki genuen, bi diziplinak uztartzeko", azaldu du Reparazek.

Arbizukoa da musikaria, eta herri hori bilakatu dute, neurri handi batean, Baloreak taldeko kideen egoitza nagusi. Han grabatu dute taldearen izena hartu duen lehen kantaren bideoklipa, eta han ezagutu zuten elkar taldea bera osatu duten kideek.

"Askotarikoa eta aberatsa"

Deepsoda etxeko hiru kideek martxoan jarri zuten martxan Baloreak osatzeko castinga. "Bideoak bidaltzeko eskatu genien Euskal Herriko haur eta gaztetxoei. Asko jaso genituen, eta denak aztertu eta gero, taldea osatu duten bostak aukeratu genituen", azaldu du Reparazek egindako prozesua.

Euskal Herriko hainbat txokotakoak dira taldekideak: Netsanet Iriart Baionakoa, Kaiet Albizu Getariakoa, Luna Gonzalez Bilbokoa, Iradi Gonzalez Berriozarkoa eta Asier Lusarreta, berriz, Iruñekoa. "Sentitu genuen talde honek zerbait ematen ahal diola gizarteari; talde askotarikoa eta aberatsa da".

Haien ahotsen bidez, giza balioen esparruan egin nahi dute lan Deepsodako kideek. "Errespetuaren, elkartasunaren edo umiltasunaren gisako balioak, neurri handi batean, desitxuratuta daude egun. Erlijioaren ikuspuntutik lantzen dira askotan, adibidez. Guk hori bazter utzi nahi izan dugu, eta giza balio gisa landu".

Taldea ari da diskoa grabatzen, eta Durangon aurkeztea da asmoa. Kontzerturik eskaintzeko intentziorik ez dute, ordea; oraingoz, ez, behintzat. "Ez dugu epe luzerako helbururik zehaztu nahi", azaldu du Reparazek.

Argi utzi nahi izan du abeslarien lehentasuna orain ikasketak direla, eta beren prozesuak errespetatu nahi dituztela. Haiekin eta beren gurasoekin hartuko dituzte hartu beharreko erabakiak, musikariak erantsi duenez.

Orain diskoa egiteko prozesuaz ari dira denak gozatzen. "Esperientzia polita" izaten ari dela nabarmendu du Kaiet Albizuk, eta bat egin du Reparazek. Lanaz disfrutatzen ari dira.

Ahanzturatik atera dute haren izena

Ahanzturatik atera dute haren izena

Ane Eslava

Carmen Baroja Nessi idazlea Iruñeko Kale Berriko 30. zenbakian jaio zen, 1883an. Orain, eraikin horren aurrealdean plaka bat dago haren omenez. Iruñeko Udalak jarri zuen, iragan astean, Iruñean Emakumeak Izendatu taldearen eskariz. Urrats garrantzitsu bat izan da idazlea ahanzturatik ateratzeko eta aintzat hartzeko kulturan eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan egin zuen lana.

"Emakume feminista, adimentsua, kosmopolita eta euskalduna zen, eta, gaurko hitzak erabilita: ahaldundua". Hala definitu du Carmen Baroja haren biografoak, Amparo Hurtado filologo eta itzultzaileak. Hain zuzen, Baroja 98ko belaunaldiko idazlea eta etnologoa izan zen, eta artikuluak, liburuak eta katalogoak idatzi zituen. Izen handiko gizonez inguratuta bizi zen, baina lortu zuen horien artean bere tokia egitea: Pio Baroja idazlearen eta Ricardo Baroja margolariaren arreba zen, baita Julio Caro Baroja antropologoaren eta Pio Caro Baroja zinemagilearen ama ere. Hainbat hiri eta herritan bizi izan zen: Madril, Valentzia, Zestoa (Gipuzkoa) eta Donostia. 30 urterekin, Rafael Caro Raggiorekin ezkondu zen.

Emakume engaiatua izan zen. 1926an, Lyceum Club Femenino taldea sortu zuen, beste emakume batzuekin batera, Madrilen, kulturaren bitartez emakumeen independentzia bultzatzeko. Idazleak lan garrantzitsua egin zuen konferentziak eta erakusketak antolatzen. Hurtadok elkarte horren garrantzia azpimarratu du: "Europa osoan eta AEBetan zeuden halako klubak, eta garrantzi handia izan zuten emakumeentzat, baina gutxi hitz egiten da horien inguruan". Barojak talde horretako emakumeengan aurkitu zuen sostenguari esker egin ahal izan zuen bere bidea, Hurtadoren arabera: "Beste emakume batzuekin aliatu zelako egin zuen bere tokia gizonen artean; Lyceum Cluben, emakumeak elkartu ziren elkarri laguntzeko eta babesteko". 36ko gerra piztu zenean itxi zuten elkartea.

Barojak frantsesa, ingelesa eta pianoa ikasi zuen. Poemak eta haurrentzako ipuinak idatzi zituen, baina haren gairik kuttunenak etnografiari eta folkloreari lotutakoak ziren. 1933an, El encaje en España liburua idatzi zuen, eta, lanak hain oihartzun zabala izan zuen, ezen idazlea Prado museoko patronatuko batzorde exekutiboko kide izendatu baitzuten. Horrez gain, 1945ean, Catálogo de la colección de amuletos lana publikatu zuen, Trabajos y materiales del Museo del Pueblo Español serieari hasiera eman ziona. Kazetaritzaren arloan ere egin zuen ekarpenik: artikuluak idatzi zituen Buenos Airesko La Nación egunkarian, Vera de Alzate ezizenez. Halaber, haren anaia Pioren zenbait obra zinemara moldatu zituen. 1925ean, antzerki talde berritzaile bat sortu zuen hainbat intelektualekin batera, Madrilen: El Mirlo Blanco.

Carmen Baroja Nessiren historia ahaztuta egon zen urte askoan, Amparo Hurtadok haren berri izan zuen arte. Julio Caro Barojaren memoriak irakurtzen ari zenean ezagutu zuen. Hurtado: "Hark aipatzen zuen bere etxean guztiek idazten zutela: osabek, aitak, anaiak… eta amak. Orduan, nik pentsatu nuen: zein bitxia… Andre bat Baroja familiaren etxean".

Oroitzapenak berreskuratu

Emakume horren historia ezagutzeko irrikaz, Hurtadok familiarengana jo zuen: gutun bat idatzi zien. Haiek azkar erantzun zuten, eta Beran zuten Itzea izeneko baserrira gonbidatu zuten. Han gordetzen zituzten emakumearen argitaragabeko idatziak. Karpeta batean aurkitu zituzten ipuinak, erreportajeak, oharrak, zinema gidoiak, komediak eta oroitzapenak. "Memoriak eskuz idatzitako ehun orri inguru ziren, inolako ordenarik gabeak". Hurtadok horiek txukuntzeari ekin zion. Anabasa sekulakoa bazen ere, ziurtatu du idatziak kalitate handikoak zirela eta emakumearen adimena, sentiberatasuna eta umorea erakusten zutela.

Ondoren, idazlearen bizitza ikertzen aritu zen bost urtez, eta, azkenik, 1998an Recuerdos de una mujer de la generación del 98 liburua idatzi zuen, Barojaren eta haren belaunaldiko emakumeen inguruan. Idazleak berak, oroitzapenetan, esan zuen 98ko belaunaldiko parte sentitzen zela; haren anaiek, ordea, ez zuten inoiz azpimarratu hori. Hurtadoren arabera, hark bere tokia aldarrikatu nahi zuen: "Erakutsi nahi zuen, isilarazi nahi bazituzten ere, 98ko belaunaldian bazirela emakume idazleak ere".

Orain dela 25 urte, Baroja ahanzturatik ateratzen hasi zen Hurtado, eta ordutik lortutakoarengatik kontent dagoela dio: "Barojatarren etxera joan nintzenean, esan zidaten inork ez zuela inoiz hari buruz galdetu; orain, berriz, plaka bat dauka Iruñean. Pozik nago: ahotsa eman diot".

Iritzia: Marrazki bizidunak eta euskara

Jon Barberena

Alimaleko garrantzia izan zuten Nafarroa Garaian 2015eko maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek. Nafarroako Parlamentuan, EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-ren hautetsien batuketak UPN foru gobernutik kanpo uztea ekarri zuen eta urteetan hauen aliatuak izan ziren eta diren PSN eta PP bigarren maila batean utzi zituen. Ospatu genuen eta ospatzen dihardugu. Gero eta hurbilago ditugun hauteskudeen ondotik ere, UPN agintetik kanpo egotea nahiko nuke eta bere bi aliatu fidelek indarra galtzea.

Beraz, zorionekoak gu, erregionalisten gainbehera eta haien doktrinen apokalipsia bizi izan genuenok! Bai, hala da… Zorionekoak gara, berrogi urtez UPNk eraikitako basamortua ortozik zeharkatu eta gero, bidean amesten genuen oasi berdea aurkitu dugulakoz. Oasia aurkitu dugu, baina erabateko udaberria oraindik ez. Aitortu beharra dugu zenbait aldaketa ez direla uste bezain agudo etorri gurera. Uste nuen ETB3ko afera fite konponduko zutela egungo agintariek, baina ez da hola izan. Zorionez, Iruñerriko haurrek ETB3ko marrazki bizidunak telebistan ikusteko aukera dute pasa den hilabetetik. Lizarran, Tafallan, Tuteran eta Zangozan ere, ETB3 2016tik ikusteko aukera dute, baina Baztanen, egun, ez dugu modurik marrazki bizidunek hornitzen duten euskarazko katea ikusteko.

Haur ttipiak ditugun guraso euskaldun anitzek Landetarat egiten dugu erromesaldia eguzkia kukuka hasten den sasoian. Ohatzerat sartzeko errituaren lehendabiziko pausoa izanik, bungalow-eko telebista piztu eta to! ETB3 ikusteko aukera izan genuen Léon-en.

Landetan bai, baina Erratzun, erraterako, ez. Erratzuko haurren egunerokoa euskaraz ematen da batik bat. Euren egunerokoan euskara erabiltzen dute, baina mundu sinbolikoan murgiltzen direlarik, gazteleraz solastatzen dira. Irudimenaren zurrunbiloan guztiz sarturik daudelarik; Leidy Bag, Spider-Man edo Bob Esponja izan daitezke. Irudimenez gorpuzten dituzte fikziozko pertsonaia hauek, baina gazteleraz aritzen dira. Euskarazko ereduak falta dituzte euren irudimena asetzeko. Norbaitek pentsatuko du haur euskaldunek ere gaztelera jakin beharra dutela, eta onuragarria dela hauendako telebista Cervantesen hizkuntzan ikustea. Trankil, ez dute aparteko esfortzurik egin beharko gaztelera ikasteko. Nik ere Euskal Herriko haurrek Euskal Herrian solastatzen diren hiru hizkuntzak jakin beharko lituzketela pentsatzen dut. Baina haiendako gozagarri diren marrazki bizidunak euskaraz nahi ditut. Ez naiz kalitateari buruz mintzatuko, bai baitakit Doraemon katu kosmikoak ia programazio osoa hartzen duela, baina 3txulo eta 3zpa4 ere Doraemonekin batera Baztango telebistetan sar daitezela eskatzen dut!

18. Korrikan, Amets Arzallusek aipatu zuen ama hizkuntza ez dela lehenbizikoa ikasten dena, ez eta amaren altzotik hartzen duguna. Ama hizkuntza pentsamendua sortzen duen hizkuntza dela aldarrikatu zuen eta akaberako mezua argia izan zen: "Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez da izanen". Iruditzen zait irudimenak baduela pentsamendutik eta pentsamenduak baduela irudimenetik. Haurren altxor handienetakoa imajinazioa da; beraz, plazer iturri duten mundu sinbolikoan eman diezaiegun euskaraz aritzeko aukera. Pentsamenduak badu irudimenetik eta, hortaz, nik %100ean euskaraz aritzeko modua duen Nafarroa Garaia irudikatu eta amestu nahi dut.

Ezagutu, ulertu eta laguntzeko zertzeladak

Ezagutu, ulertu eta laguntzeko zertzeladak

Edurne Elizondo

Tailerrean bezala, hamaika sentimenduk egin dute bat erakusketaren inaugurazioan ere. Ez dira agertu parte hartu duten emakume guztiak, eta ekitaldira joan direnetako zenbaitek nahiago izan dute jendaurrean ez hitz egin; beren izena ez eman. Prozesu guztiak ez direlako amaitu; zauri guztiak ez direlako itxi, oraindik ere. Denak daude hasi zirenean baino aurrerago bidean, halere. Eta hori da kontua, nabarmendu nahi izan dutenez. Indarkeria matxista sufritu dute, baina lortu dute aurrera egitea. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek antolatutako pintura tailerrean aritu dira, Lola Rodriguez psikologo eta arte terapeutarekin. Egindako lanekin erakusketa osatu berri dute, Iruñeko Plazara aretoan.

Irriek eta malkoek egin dute bat paretetan zintzilikatutako lanei so. Beren koadroak erakutsi dituztenetako bat da Sandra Iraizoz. 2015ean, En un segundo tu vida cambia izenburuko liburua idatzi zuen Iraizozek, senar ohiak sufriarazi zizkion tratu txar psikologikoen inguruan. "Tailerrean konturatu naiz banuela zer sendatu, oraindik ere", onartu du. Mihiseak eman dio zauria garbitzeko eta erabat ixteko aukera, erantsi duenez. "Uste dut, orain bai, burutu dudala nire prozesua", erran du.

Gako nagusia esperientziak partekatzea izan dela argi du Iraizozek. "Liburua idatzi eta gero, ibili naiz hamaika tokitan hitzaldiak ematen. Nonbaitera joan, eta nire istorioa kontatzen nuen. Tailerrean, ordea, baten eta bertzeen istorioak nahastu egin dira; negar eta irri egin dugu elkarrekin. Elkar ulertu eta babestu dugu, bertzearen istorioetan gurea ezagutu dugulako. Zu egon zaren toki berean egon den bertze batek baino ezin du ulertu barruan gertatzen zaizuna".

Ongi daki A.B.S.-k Iraizoz zertaz ari den. Elkar ulertzeko eta babesteko sentsazio hori ezaguna du berak ere. Ezaguna, Rodriguezekin egindako tailerrean ezagutu duelako. Parte hartzaile gehienek bezala, margotzen ez zekiela erantzun zion A.B.S.-k psikologoari pintura tailerrean parte hartzeko aukera lehenengoz aipatu zioenean. Baina azkenean izena ematea erabaki zuen, eta ez da damutu. Alderantziz. Etxean margotzeko gela bat atondu du. "Antsietateak edo beldurrak hartzen nautenean, pintzelari eutsi, eta margotzen hasten naiz. Horrek lasaitzen nau".

Hamar urtez egon zen ezkonduta, eta bereizteko prozesu "gogor" baten ondoren, depresioak hartu zuen A.B.S. "Urte eta erdi egin dut etxean sartuta. Ateratzeko indarrik gabe". Tailerra karrikara ateratzeko giltza izan da A.B.S.-rentzat. "Gauza handia da bakarrik ez nagoela jakitea; nik behar dut bultzatuko nauen norbait. Tailerreko taldeak eman dit behar dudan babes hori", nabarmendu du.

Argi du tailerra hasi zutenean baino indartsuago dagoela orain. Baina oraindik badu lana egiteko. "Oraindik ez naiz gai neure buruari duen balioa emateko; kosta egiten zait. Taldearen babesa behar dut, oraindik ere", onartu du.

"Talde batu eta sendoa"

Tailerrean zortzi emakume aritu dira. "Indarkeria matxista atzean uztea lortu dute denek; hortik aurrera, nork bere prozesuak egin ditu, eta nork bere esperientziak izan ditu. Halere, lortu dute talde batu eta sendoa osatzea". Horixe nabarmendu du Lola Rodriguez arduradunak.

Prozesu guztiak burutu ez direlako, hain zuzen ere, segida izanen du pintura tailerrak. Osatutako taldeak elkarrekin jarraituko du lanean. Gainera, talde berriak osatuko dituzte. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek Nafarroako Berdintasunaren Institutuaren laguntza jaso dute tailerrak egin ahal izateko.

A.B.S.-rekin eta Iraizozekin batera aritu da N.M. Rodriguezen tailerrean ere. Kontent da orain arteko lanak izanen duelako segida. Eskulanak taldera ailegatu baino lehen deskubritu zituen berak, halere, terapia gisa. "Terapia hoberik ez da. Orain, pintura deskubritu dut, eta gustura ari naiz". Margotzeak ekarri dion lasaitasuna nabarmendu du, baina, batez ere, taldekideekin dagoenean sentitzen duen babesa eta enpatia. "Elkarri laguntzen diogu, eta hori zoragarria da".

Rodriguezek argi du elkarri emandako babes hori "funtsezkoa" izan dela pinturaren bidez egin dituzten prozesuetan. "Pintura, finean, tresna bat izan da nork bere mina ezagutzeko, azaleratzeko", azaldu du psikologoak. Iraizozek onartu du aurretik pertsona gutxiren aurrean errandakoa adierazteko gai izan dela tailerrean, eta, hori eginez lortu duela egoera zehatz horrek eragiten zion minari aurre egitea. "Egoerak normalizatzeko gai izan naiz".

Pinturaren bidez, eta, batez ere, talde lanaren bidez, emakumeak ahalduntzea izan da tailerraren helburua, eta Lola Rodriguezek uste du bete egin dutela, neurri handi batean.

Ados daude Iraizoz eta parte hartu duten gainerako emakumeak ere. "Emakume borrokalariak gara, eta girorik ilunenean ere, gai izan gara bizitzak eskaintzen dizkigun koloreak ikusteko", erran du A.B. S.-k.

Egun grisak edo beltzak ez dira erabat desagertu. Horixe onartu dute emakumeek. "Inguratzen gaituen gizartea arrotza da oraindik ere; emakumeon aurkako indarkeria esparru guztietan gertatzen da", erran du Sandra Iraizozek. Eta aipatu du indarkeria matxista sufritu duen emakume baten auziko epaile madrildar batek erran eta hedabidetan zabaldutakoa: "Sugegorritzat" eta "putakumetzat" jo du epaileak andre hori, bertze hainbat kiderekin auzitegian zegoenean, hain zuzen ere. "Epaile horren hitzak entzun nituenean, senar ohiarengandik bereizteko nire epaiketa etorri zitzaidan burura; gogoratu nuen nik orduan sentitzen nuen beldurra; gai nintzen sufritzen ari nintzena zalantzan jartzeko ere. Epaile horrek min handia egin die indarkeria sufritu duten emakumeei, eta bere auziko erasotzailearen jarrera indartu du, gainera. Beldurgarria da".

Zaila da beldurrak erabat uxatzea. Onartu du hori Iraizozek. Baina bertze emakumeen babesarekin, errazagoa zaio beldur horiei aurre egiteko lana. Elkarri heldu diote tailerrean, eta elkarri heldu diote erakusketaren egunean ere. Pinturak eta pintzelak gertu ez dituztenean ere, elkarri heltzen eta eusten jarraitzen dute. Pintzelik gabe ere, elkar ezagutzeko, ulertzeko eta laguntzeko zertzeladak ematen dituzte.

Mendia ez baita merkantzia

Mendia ez baita merkantzia

Ane Eslava

Larhun mendi bat da, ez produktu bat". Hori aldarrikatzeko Aman Komunak sareak eta beste hainbat eragilek kanpaldi bat antolatu dute Larhungo tontorrean. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak turismogune bat eraiki nahi du han, eta herritarrak aurka agertu dira: dagoeneko bisitari gehiegi hartzen duen toki bat are gehiago masifikatuko duela salatu dute. Bihar eta etzi egingo dute kanpaldia, uda hasieran abiatutako mobilizazio uholdea burutzeko.

Larhun Nafarroa eta Lapurdi artean dagoen mendi bat da, eta haren historia kontrabandoarekin hertsiki lotuta dago. Azken urteetan, ospe handia hartu du, eta, urtero, 350.000 bisitari inguru jasotzen ditu. Horiek Saratik (Lapurdi) abiatzen den kremailerako tren batekin igotzen dira mendiaren gailurreraino. Orain, beste hainbat azpiegitura eraiki nahi dituzte han, Larhun 2020 izeneko proiektuaren bitartez.

Hasteko, aparkalekua handitzea aurreikusten dute, bai eta oinezkoentzako sarbidea hobetzea ere. Bestalde, bi tren hibrido jartzeko asmoa dute, egungoa elektrikoa delako eta zaharkiturik dagoelako. Mendi gailurrean bertan, berriz, hotel moduan funtzionatuko duten bi bagoi jarri nahi dituzte, eta, horiekin batera, txirrista bat eta rokodromo bat. Azkenik, mendia inguratuko duen pasarela bat eraiki nahi dute, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen sarbidea errazteko helburuz. Hori da eztabaida handiena eragin duen instalazioa, tontorraren itxura aldatuko duelako.

Orotara, 36 milioi euroko aurrekontua aurreikusten dute eraikuntza lanetarako, eta EPSA enpresa publikoa arduratuko da horietaz. Obrak amaitzeko epea 2020. urtean ezarri zuten, baina egunak atzeratuz joan dira.

2017ko ekainean aurkeztu zuten proiektua. Larhunen inguruko herrietako udalek, ordea, ez zuten informaziorik jaso, eta prentsaren bitartez izan zuten egitasmoaren berri. Bera (Nafarroa) eta Azkaine, Urruña eta Sara (Lapurdi) dira herri horiek. Handik gutxira, batzar batera deitu zituzten, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentearekin eta Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariarekin, eta proiektuaren ezaugarriak azaldu zizkieten. Ordutik, ez dute informazio gehiagorik jaso, baina datorren astean beste bilkura batera deituak daude, Baionan. Egitasmoaren aurkako taldeek salatu dute prozesuan ez dela egon inolako gardentasunik.

Etekina ateratzea helburu

Pirinio Atlantikoetako Departamenduak dioenez, azpiegitura horiek eraikitzeko helburua da segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Izan ere, Larhungo instalazioak zaharkiturik daude, eta premiazkoa da horiek egokitzea: adibidez, trena 1924an eraiki zuten. Larrun Ez Hunki proiektuaren aurkako kolektiboak, ordea, beste asmo batzuk ikusten ditu atzean, Asier Calderon taldekideak adierazi duenez: "Helburua da Larhun mendia ahalik eta gehiena esplotatzea; merkantzia gisa erabiltzea". Haren ustez, proiektuak turismo masiboa bultzatuko du, eta horrek kalte handia eragin diezaioke Larhun mendiari. "Kaskoan horrenbeste jende ibiltzeak eta horiek sortuko duten zaborrak ez diote onik egingo lurrazalari".

Larrun Ez Hunki-ko kideek hasieratik salatu dute mendian jada eraikita dagoena gehiegizkoa iruditzen zaiela —gailurrean bi benta eta antena bat daude—. Hori dela eta, azpiegitura gehiago eraikitzea "jasanezina" dela salatu dute. "Ez gaude benten kontra, eta jendea etortzen dela onartzen dugu; ezin dugu hori aldatu. Baina mendian dagoena gehiegizkoa bada, hortik kanpo ez da edozer egiten ahal", adierazi du Calderonek. Haren ustez, argudio nagusia segurtasuna bada, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte. "Onartezintzat" jo du, ordea, argudio hori erabiltzea turismoa areagotuko duten neurriak hartzeko.

Inguruko herrietako udalen artean Berakoa baino ez da agertu proiektuaren aurka. Larrun Ez Hunki taldeak mozio bat aurkeztu zuen lau herrietako udaletan, eta Berakoak bat egin zuen horretan planteatu zituzten puntuekin; gainontzekoek, berriz, ez. "Onartzen dugu nahi eta nahi ezko moldaketak egitea, baina hortik goiti, ahal den gutxienak eta kalte gehiago eragin gabe", adierazi du Josu Iratzoki Berako alkateak.

Herri horietako biztanleen artean, berriz, haserrea orokorra da, Calderonen iritziz. "Larhun hagitz erreferentziazko tokia da haientzat: oso barrenean sentitzen dute, historia handia duelako".

Proiektuari ezetz esateko eta auziari oihartzuna emateko kanpaldia egingo dute bihar eta etzi Larhungo tontorrean, Larrun gure altxorra da lelopean. Aman Komunak sareak antolatu du, baina herritar orok parte hartzen ahal du. Bihar eguerdiko ordu bietan emango diote hasiera kanpaldiari. Hitzaldiak eta kultur jarduerak egingo dituzte, eta Larrun Ez Hunki taldeak tartea izango du bere jarrera azaltzeko eta auziaren inguruko eztabaida bultzatzeko.

Kanpaldia mobilizazio olatu baten ondorio da. Uda hasieratik hainbat protesta egin dituzte: kasurako, ekainean mendira igotzen den trena gelditu zuten, eta gertatzen ari denaren inguruko informazioa eman zieten bidaiariei. Mobilizazio horiek eragin handia izan zuten: proiektua kudeatzen duten instituzioek negoziazio esparru bat sortzea proposatu zieten hainbat eragileri. Horietako bat da Larrun Ez Hunki. "Parte hartzea onartu genuen, baina argi utzi genuen zein den gure posizioa: proiektu hori ez dela egiten ahal", zehaztu du Calderonek. Bilera horietan jakinarazi zieten proiektuaren zenbait atal atzera botatzea erabaki dutela.

Larrun Ez Hunki-ko kideak azpimarratu du protestak "ezinbestekoak" izan direla prozesua mantsotzeko, eta ziurtatu du aurrerantzean bide beretik jarraituko dutela. "Mobilizazioek balio dute; hagitz garbi geratu da".

Andreen ezagutza

Andreen ezagutza

Edurne Elizondo

Adituek argi dute klima aldaketak modu ezberdin batean eragiten diela gizonei eta emakumeei. Hori kontuan hartuta, Nafarroan iaz sortutako klima aldaketaren aurkako emakumeen sareak aldarrikatu du andreen ezagutzak duen garrantzia. Nafarroako Gobernuak ere urrats hori egin nahi izan du, ezagutza horren garrantzia aitortu, eta bi eguneko topaketa antolatu du, emakumeak klima aldaketaren esparruan egiten ari diren lana ikusgarri bilakatzeko eta lan horri balioa emateko. Astelehen eta asteartean eginen dute, Nafarroako Parlamentuan eta Baluarte auditoriumean.

"Klima aldaketak agerian uzten du ezin dugula aurrera jarraitu orain arteko bizitzeko moduarekin; ezin diogu eutsi ez arlo ekonomikoan, ez arlo sozialean, ezta ingurumenaren arloan ere", erran du Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek, topaketaren aurkezpenean. Garapen sozioekonomikorako eredua "aldatu" behar dela erantsi du, eta esparru horretan "funtsezkoa" dela emakumeek egin dezaketen lana.

Aipatzekoa da hainbat talde ekologistak horixe bera eskatu diotela gobernuari, garapen sozioekonomikorako eredua alda dezala, alegia, eta bazter utz ditzala, ondorioz, AHTaren aldeko apustuaren gisakoak. Iazko ekainean, 2011n egindako Nafarroa bizirik nahi dugu manifestuari segida eman zion Sustrai Erakuntza fundazioak, eta harekin bat egin zuten hogei elkarte ekologista eta sindikatuk baino gehiagok.

Nafarroako Gobernuak bi zatitan antolatu du astelehen eta asteartean eginen duen topaketa. Batetik, asteleheneko saioak izaera instituzionala izanen du. Nafarroako Parlamentuan eginen dute, eta lan batzorde gisa egituratuko dute. 18:00etan hasiko da saioa, parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezen hitzaldiarekin. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioko ordezkari batek ere parte hartuko du.

Lehen saio hori antolatu dute erakunde publikoetan ari diren emakumeentzat. "Asmoa da erkidegoetako parlamentari, kontseilari, alkate, zinegotzi, senatari eta abarren artean adierazpen bat osatzea Emakumeak Klimaren Alde Aktibaturik. Nafarroa 2018 izenburupean".

Asteartean, Baluarten

Astearteko saioa Baluarte auditoriumean eginen dute, eta Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek zabalduko du topaketa. Astearteko saioan parte hartuko duten emakume adituek klima aldaketarekin lotutako hamaika esparru jorratuko dituzte.

Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publiko eta Ingurumen zuzendari Maria Neirak, adibidez, airearen kalitatea jorratuko du; haren ondotik, Cristina Gallachek hartuko du hitza. Nazio Batuen Erakundean eta Europako Batasuneko Kontseiluan aritu da, bertzeak bertze.

Eguneko lehen lan saioan gizarte mugimenduen eta ezagutzaren inguruan ariko dira parte hartuko duten hizlariak: Uxua Lopez, Cristina Monge eta Asun Ruiz. Lopez Telekomunikazio ingeniaria da, eta aditua energia berriztagarrien esparruan. Monge soziologia irakaslea da Zaragozako Unibertsitatean, eta Ekologia eta Garapena fundazioko kide. Ruiz, berriz, SEO BirdLife elkarteko burua da.

Eguerdiko bigarren lan saioan, politikaren ikuspuntutik ariko dira parte hartzaileak: Elena Cebrian (Valentziako Generalitatea), Isabel Elizalde (Nafarroako Gobernua), Miren Larrion (Gasteizko Udala), Elena Lete (Bergarako Udala), Patricia Perales (Iruñeko Udala) eta Olga Risueño (Tuterako Udala).

Elizalde kontseilariak eginen du topaketa amaitzeko hitzaldia. Baluarteko saioak amaitu eta gero, halere, azken ekinaldi bat izanen dute parte hartzaileek agendan: Emausko Trapuketarien lana ezagutu ahal izanen dute; zehazki, Hemen Konpon izeneko tailerrera eginen dute bisita, Berriozarren. Bizikletak eta bertzelakoak konpontzeko tailerra da; berrerabiltzea eta birziklatzea da asmo nagusia.

Nafarroako Gobernuak argi utzi du topaketa zabalik dagoela interesa duen pertsona ororentzat, baina argi utzi du bereziki interesgarria izan daitekeela politikaren eta gizarte mugimenduen arloetan ari diren emakumeentzat. Kontua da emakumeak klima aldaketaren arloan egiten ari diren lana ezagutzea, eta eztabaida eta gogoeta bultzatzea, emakumeen ezagutza mahai gainean jartzeko.

Iritzia: Non zaude?

Lohizune Amatria

Aurkikuntza. Baikortasun eta esperantzaz beteriko hitza dugu aurkikuntza, ezagutzen ez dena kausitzea; aurkitzea. Gaurko datak, ordea, onetik duen guztia kendu dio terminoari. Orri honen goiburuan dioenez, gaur, urriak 12 egun ditu. Egun seinalatua gure agendetan, gorriz agertzen diren horietakoa; ilusioz, iristeko zain egoten garen horietakoa. Edo ez.

Gaurko egunez, 1492. urtean aurkitu omen zuen Kristobal Kolonek Amerika. (Aurretik galduta egon zen kontinentea, nonbait). Espainiako Errege-erregina Katolikoen mundua konkistatzeko grinak eraman zuen Kolon Guanahani uharteraino (Bahamak) —ondoren San Salvador deitu zuten uhartea—. Ez zebilen, baina, kontinente horren bila. Indiako bidean aurkitu zuen Amerika. Aurkitu daiteke bilatzen ez den zerbait? Antza, bai.

Aurkikuntza hura ospatzen da gaur, eta horregatik da jai eguna gaurkoa. 1492. urteko egun hura, baina, sarraski baten hasiera baino ez zen izan. Milioika herritar hil eta herri indigenak suntsitu zituzten uhartea zapaldu ondoren, herrialde horiekiko zor kultural eta historikoa sortuz.

Aitzakia aurkikuntza izanda, beraz, batek pentsa lezake Amerikako herritarrekin dugun harremana ospatu beharko litzatekeela gaurko egunez. Zentzu horretan, baina, gizarteak ospatzeko baino ikasteko asko du oraindik. Nahiz eta, Amerikako herritarren kontrako sarraskia gogora ekarriz, Nafarroako Parlamentuak, iaz, gaurkoa Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunaren Eguna izatea erabaki zuen, Amerikako beste herrialde askoren antzera.

Baina, zergatik dugu gorriz markatuta urriaren 12a? Gaurkoa, noski, ez da betidanik jai eguna izan. 1918. urtean sortu zuten jai eguna, Espainiar arrazaren eguna izenarekin. Hispanitatearen egunez ezagutzen dugu gehienek. Izendapen hori 1958. urtean hartu zuen, Francisco Franco Espainiako diktadoreak legez hala araututa. Aitzakia, Kolonen ekintza heroikoa.

Baina, zer da benetan gaurko egunez ospatzen dena? Ez baita aurkikuntza ospatzen bakarrik. Pilareko Ama Birjinaren eguna ere bada gaurkoa, eta Pilareko Ama Birjina Guardia Zibilaren eta hispanitatearen zaindaria da. Eta, noski, espainiar abertzaletasunaren eta nazionalismoaren aldarria egiteko ere erabiltzen dute eguna. Baita gurean ere. Urtero bezala, gaur, elizkizuna eginen da San Nikolas parrokian, eta abertzaletasun konstituzionalaren babesean desfilean aterako dira guardia zibilak, Galizia etorbidetik. Eta izango da, segur aski, zigorgabetasunaren babesean debekaturik dagoen ikurren bat aireratuko duenik ere. Demokraziaren izenean.

Faxismoaren gorazarrearen eguna da. Gaur ahaztu egiten zaigu milaka eta milaka gorpu non dauden ere ez dakigula, milaka tortura kasu argitu gabe daudela. Finean, estatua buru duen espainiar abertzaletasunarekin bat egiten ez duen ororen kontrako sistema errepresibo oso bat dagoela dominen azpian.

Gaurkoa jai egun arrotza dela esateko arrazoiak, beraz, sobera ditugu. Baina, iritsi da eguna. Non nago ni? Eta non zaude zu? Lanean?