Edurne Elizondo
Inbertsioak egiten hasteko garaia da orain". Horixe erran du Atarrabiako jarduneko alkate Mikel Oteizak Egoki2 proiektuari buruz. Jasangarritasunaren Aldeko Nafarroako Tokiko Erakundeen Sareak bultzatu du egitasmo hori; Nafarroan, Atarr...
Asteko Gaiak
Maisu-maistren lanak idatzitako intrahistoria
Edurne Elizondo
Maisu izan naiz ni. Orain irakasle anitz dago, baina maisu gutxi. Dena aldatu da". Malenkonia pixka bat sumatzen zaio Guillermo Iriarte Aranazi, eskolari buruz hitz egiten duenean. Bokazioak eraman zuen irakaskuntzaren esparrura, eta bokazioak bultzatuta idatzi du, orain, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak argitaratu berri duen Nafarroako eskolaren historia ilustratua (1828-1970) liburua.
Iriartek Hezkuntza Departamentuko jarduneko agintari nagusien aurrean aurkeztu du bere lana, Nafarroako eskoletan maisu eta maistra izandako lagun anitzen babespean. Pertsonak jarri nahi izan ditu Iriartek erdigunean, bere liburuaren bidez: ikasleen ahaleginak eta maisu eta maistren lanak idatzitako intrahistoria utzi du agerian; eraikin zaharretako gelek xurgatutako istorioak gogoratu ditu; jaso ditu pedagogiaren esparruko gako nagusiak; eta, oro har, herrialdeko eskolen garapena jorratu du, hitzak eta irudiak uztartuz.
Bostehun orri baino gehiago eta bostehun argazki baino gehiago biltzen dituen lana da emaitza, eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du Hezkuntza Departamentuak.
Maisu eta orientatzaile izan da Iriarte, 2009an erretiroa hartu zuen arte. "Eskola da garaian garaiko testuinguru historikoa hobekien islatzen duen esparrua", erran du. Hain zuzen, garaian garaiko testuinguruari egin dio so bere liburuan, urte luzez eta bere lanbideari esker lortutako materialak lagunduta.
Jasotako agiri, argazki eta testu horiekin liburua osatzeko prozesuan, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxarte izan du Iriartek bultzatzaile nagusi. Liburua aurkezteko agerraldian ere ondoan izan du egileak eskola kontseiluko burua. "Gazte eta zaharrentzako liburu bat da hau, hamaika irakurketa eskaintzen dituena. Gure eskolen errealitate historikoa kontatzen du; gustuko duguna, bai eta gustuko ez duguna ere, gustuko ez dugunari buruz ere hitz egin behar baitugu", erran du Etxartek, Iriarteren lanari buruz.
Bost atal
Iriartek ia mende eta erdiko bidea egin du Nafarroako eskolaren historian, 1828tik 1970era. Bost atalen bidez kontatu du historia hori: XIX. mendeko eskolari buruzkoa da lehenengoa; XX. mendeko lehen hereneko hezkuntza politikari egin dio so bigarrenean, eta, hirugarrenean, berriz, Espainiako II. Errepublikan egindako urratsei eta 1936ko gerrak eragin zuen atzerakadari. Laugarren atala da frankismoaren garaiko hezkuntzari buruzkoa, eta bosgarrenak, azkenik, irakaskuntzan lanean aritutako hainbat maisu eta maistraren ibilbideak nabarmendu nahi izan ditu.
Nafarroako hezkuntza publikoaren lehendabiziko urratsak izan ditu Iriartek ardatz, liburuko aurreneko atalean. Egileak nabarmendu du 1831n Hezkuntzako Batzorde Nagusiak egindako Lehen Hizkien Eskoletako Araudia. "Irakaskuntzaren oinarriak ezarri zituen". Nafarroa bere berezitasunei eusten saiatu zela erantsi du Iriartek, eta, ahalegin horren ondorioz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat derrigorrezkoa zen eskolara joatea. "Estatuan, 5 eta 9 urte bitartekoek joan behar zuten; Nafarroan, gainera, 150 biztanle baino gehiagoko herrietan nesken eskolak baziren, estatuko gainerako herrietan ez bezala".
XIX. mendekoak dira Nafarroan maisuentzat eta maistrentzat sortutako lehen eskolak. Gizonena 1840. urtean jarri zuten martxan. Gisako bertze eskola bat bazen, garai hartan, Madrilen. "1847an, berriz, maistren lehen eskola ireki zuten Nafarroan", azaldu du Iriartek.
XX. mendeko lehen herenari buruz, Iriartek liburuan nabarmendu du ikasteko eta irakasteko modu berriak sartu zirela eskoletan. "Neurri pedagogikoak eta sozialak hartu zituen administrazioak, eta ahalegina egin zuen Heziketa Libreko Erakundearen korronte berritzaileetara eta Eskola Berriak defendatzen zuen hezkuntza mugimendura egokitzeko".
Primo de Riveraren diktadurak izan zuen ondoriorik hezkuntzaren esparruan. "Aberria goratzeko jarduerek gora egin zuten eskoletan; eraikin guztietako aurrealdean armarriak jarri zituzten. Askatasuna galdu zen, baina eskola anitz eraiki zituzten", kontatu du Iriartek.
Espainiako II. Errepublikak loraldia eragin zuen irakaskuntzan. "Eskola eredu moderno, aske, laiko eta sozial bat lortu zen. Eskolak denentzako toki bilakatu ziren; hezkuntza eraman zuten herrialdeko txoko guztietara, eta eskolek gogoz egin zuten lan analfabetismoaren aurka. Elebitasuna eta hezkidetza bultzatu zituzten", azaldu du egileak. Nafarroako lehen ikastolak ere garai horretan sortu zirela gogoratu du Iriartek, eta sortu zirela hezkuntza zabaltzeko jarduera anitz: "Liburutegi ibiltariak eta misio pedagogikoak, bertzeak bertze".
Federico Garcia Lorca Nafarroan izan zeneko aldia nabarmendu du Iriartek, hain zuzen ere. "Iruñean eta Lizarran izan zen, baina prentsan ez zen horren berririk agertu. Garcia Lorcak Argentinatik idatzi zuen hemengo esperientzia, ordea: Iruñeko Gaiarre antzokia doan utzi zietela, eta Lizarran harrika hartu zituztela bera eta La Barraca bere taldeko gainerako kideak. Gero, ordea, oholtza gainera igo zirenean, txalo egin zieten".
Errepresioa
1936ko altxamendu militarrak bertan behera utzi zituen ordura arte egindako urratsak. "Errepresio latza jasan zuten irakasleek eta eskolek", nabarmendu du Iriartek. Frankismoarekin "hezkuntzarentzako eta askatasunarentzako etaparik ilunena" garatu zen. "Eskolak aberriaren eta erlijioaren aldeko tresna bilakatu ziren, doktrinamendu politiko eta erlijiosorako tresna", erran du liburuaren egileak.
1970eko Hezkuntza Lege Nagusia da Guillermo Iriarteren liburuko azken helmuga. "Franco hil ondokoa da hezkuntzaren urrezko aroa", erran du Iriartek. "Hezkuntza eskumenen transferentzia garaia da, eta Nafarroa gai izan zen bere hezkuntza sistema antolatzeko". Hezkidetzaren esparruan egindako urratsak ekarri nahi izan ditu Iriartek gogora, azken hilabeteotan Skolae programaren inguruan sortutako eztabaidei aurre egiteko: "Harrigarria da, oraindik ere, erabat gaindituta egon beharko lukeen eztabaida bati eutsi nahi izatea. Aspaldikoak dira hezkidetzaren inguruko saioak Nafarroan", erran du.
"Eztabaida hutsalak" ez dira egungo hezkuntza sistemaren arazo bakarra, egilearen hitzetan. "Sakonera ailegatu ordez, azalean gelditzen gara, eta irakasleak ez dira gai ezartzen diren aldaketa guztietara egokitzeko. Ez genuke ahaztu behar eskolaren lana dela ikasleak gai izatea beren ezagutza eraikitzeko, elkarlanean".
Elkarlanaren ideia nabarmendu nahi izan du Iriartek. "Arlo guztiek inplikatu behar dute haurren hezkuntzan". Iritzi berekoa da Esther Pagola. 83 urte ditu, eta maistra izan zen urte luzez, bai eta Hezkuntza Departamentuko aholkulari ere. Pagolarena da Iriartek liburuko azken atalean jaso dituen testigantzetako bat. Kontent da lanarekin, eta eskertu du aitortza. "1950eko hamarkadan bilakatu nintzen maistra. Madrilen aritu nintzen lanean, eta, gero, Nafarroan. Behar bereziak zituzten haurrekin egin nuen lan urte luzez". Pagolak ez du zalantzarik: "Hezkuntza sistemak helburu hartu behar du nork bere onena ematea, inguruan dituenen laguntzarekin eta babesarekin".
Pagolari eta hezkuntzaren esparruan inplikatu diren maisu eta maistrei eskaini die Iriartek bere liburua: "Atzoko, gaurko eta betiko maisu eta maistrei, nire omenaldirik beroena", idatzi du lehendabiziko orrietan. Liburua aurkezteko hautatu duen aretoko paretetako batean ageri diren izenei egin die so egileak, atzoko eta betiko maisu-maistra horiek aipatu dituenean. Frankismoaren garaian errepresioa pairatu zutenen aldeko plaka dago Hezkuntza Departamentuko areto nagusian zintzilik. Haiek izan nahi ditu gogoan Iriartek; bai eta aurrerantzean ere hezkuntzaren ardura hartuko dutenak ere.
Babesa etiketa bilakatuta
Edurne Elizondo
Zerbait hondatzea nahi baduzu, babes ezazu". Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesek erran ditu hitzok, eta horien bidez azaldu nahi izan du espazio bat eremu babestu izendatzeak ez duela bermatzen babes horrek legez jasotakoa betetzea, eta, finean, ekosistema hori zaintzea. Haren ustez, Nafarroako naturguneekin eta horiek babesteko garatutako araudiekin hori gertatu da: "Babesa etiketa huts bilakatu da, eta ez dira lehenetsi ingurumenarekin lotutako balioak".
Natur Parkeen Europako Eguna da gaur, baina Navascuesek nabarmendu du ospatzeko gutxi dagoela herrialdean. 1999. urtean hasi ziren natur parkeen eguna ospatzen, Europan, Europarc fundazioak bultzatuta. Berrogei herri inguruko naturgune babestuak ordezkatzen ditu erakunde horrek. Nafarroako Gobernua ere bada fundazioko kide. Maiatzaren 24a aukeratu zuten natur parkeen eguna ospatzeko, 1909. urteko maiatzaren 24an izendatu zituztelako Europako lehendabiziko natur parkeak, Suedian.
Nafarroan, sarea osatzen dute espazio babestuek; sare horren barruan, hiru natur parke daude herrialdean: Bertiz, Urbasa-Andia eta Bardea. Bardea, gainera, Biosferako Erreserba izendatu zuen Unescok, 2000. urtean. Hiru parke horiek Nafarroako Natura 2000 Sarean daude. Denera, herrialdeko eremuaren %27 hartzen du sare horrek: 281.000 hektarea, alegia.
Legea eta aldaketak
Natura 2000 Sareak oinarrian ditu Europako bi zuzentarau: habitaten ingurukoa, batetik; eta hegaztiena, bertzetik. Habitatak duen balioa kontuan hartuta, Nafarroan 43 espazio babestu daude; hegaztiak babesteko, berriz, hamazazpi ZEPA daude herrialdean. Hegaztien Babeserako Eremu Bereziak dira horiek.
Paperean, habitata eta hor bizi diren gizakiz bertzeko hainbat espezie babesten dituzte Europako zuzentarauek eta Nafarroan horien arabera garatutako legeek. Paperetik at, egoera bertzelakoa da. Naturguneen Legea, adibidez, bitan aldatu du jada Nafarroako Parlamentuak, bi proiektu zehatz egin ahal izateko: Itoizko urtegia eraikitzeko, lehendabizi, 1996. urtean; eta Larrako eski estazioa egiteko, bigarrenez, 2003an. Bietan prozesu bera gertatu da: aurretik legez babestutakoa babesik gabe utzi zuten, espazio horiek gune babestutzat jotzeko ezaugarriak aldatu ez baziren ere.
Mehatxuak ez dira desagertu. Bardeako natur parkean gertatzen dena da legeak ematen duen zaintzaren ahultasunaren ikur, Navascuesek nabarmendu duenez: "Biosferako Erreserba ere bada, baina, hala eta guztiz ere, tiro eremua du erdian". Gizakien bertze hainbat jarduerak egiten duten kaltea ere jarri du mahai gainean: nekazaritza, abeltzaintza, bai eta turismoa ere. "Kontrolik eza handia da, eta, zenbait garaitan, ekosistemari kalte egiten dion masifikazioa gertatzen da; Bardeako estepako hegaztien kopuruak behera egin du, nabarmen. Arazoak ez daude bakarrik hemen. Iratik edo Urederraren iturburuak ere jendez gainezka egin dute", salatu du Ekologistak Martxan taldeko kideak.
Azken urteotan, hain zuzen, bisitarien kopurua mugatu behar izan du Nafarroako Gobernuak Iratin, hainbat aldiz, dauden aparkalekuak bete eta gero; Urederran ere neurriak hartu behar izan dituzte, eta, orain, beharrezkoa da aurretik erreserba egitea.
"Betiko dilema dugu mahai gainean: ondarea gorde, edo erakutsi. Herritar guztiona da, finean", erran du Juan Goñik. Argi du, halere, herritar guztien jarrera ez dela bera. Inguruaz errespetuz gozatzea da gakoa, bere ustez: "Isilik, arrastorik utzi gabe, eta ezagutzen ari garena zainduz, honda ez dadin". Informatika ikasi zuen Tafallakoak, baina duela 11 urte bere benetako zaletasuna bilakatu zuen bere lanbide: gida lanetan aritzen da herrialdeko naturguneetan. Batez ere, Bertizen. "Iruritan bizi naizelako; edo, agian, Iruritan bizi naiz, Bertiz ondoan dagoelako", kontatu du.
Nafarroako natur ondarearen balioa nabarmendu du gidak. "Europako hiru bioklima nagusiak ditugu herrialdean: mediterraneoa, alpetarra eta itsasaldekoa; horrek aukera ematen digu ikusteko, adibidez, egun berean, Bardeako estepako hegaztiak eta Iratiko basoko okilak".
Iratiko basoa pagadi-izeidia da. "Europako handiena", zehaztu du Goñik. Bertizkoa, berriz, pagadi azidofilo hezea da: "120 urtez ez dute ukitu; penintsulako nabarmenenetako bat da, zalantzarik gabe; eta Europako nagusietako bat ere bai, segur aski", erantsi du. Zaharra da Bertizko basoa, eta horrek bereziki egoki bilakatzen du basoko saguzarrentzat, bai eta okilentzat ere. "Penintsulan dauden zazpi okilak ikus daitezke Bertizen", erran du Goñik.
Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazteek erosi zuten Bertiz, 1898. urtean. 1949an, berriz, nafarren esku utzi zuten, basoari bere horretan eusteko baldintzarekin. XIX. mendean, hain zuzen, Zigak eta Fernandezek erosi aurretik, Bertizko egurra erruz ustiatu zuten. "Donostiako Zabalgunea Bertizko egurrarekin eraiki zuten", erran du Juan Goñik.
Zilbeti gogoan
Bertizko gidak argi du legeek ez dutela bermatzen natur parkeen eta naturguneen babesa. "Bertze hainbat tokitan baino hobea da hemengo egoera, nire ustez, baina ezin dugu horrekin konformatu", gaineratu du. Zilbetiko pagadiko kasua ekarri du gogora Goñik. "Herritarrek protesta egin zuten, eta lortu genuen han egin nahi zuten harrobia bazter uztea. Horrelako proiektu batek hondamendia baino ez du ekartzen", salatu du Goñik.
Administrazioa ere ez da babes berme. Argi du Goñik. Abiadura handiko trena eta Nafarroako ubidea aipatu ditu. "Bi proiektuon alde egin du gobernuak; Baztanen ere, Aroztegikoaren mehatxua dugu".
Basoiloekin gertatu dena azaldu du Goñik: "1970eko hamarkadan bost besterik ez ziren gelditzen; populazioa handitzeko neurriak hartu zituzten, eta, orain, 40 urte pasatu eta gero, 50 daude. AHTa eta ubidea mahai gainean jarri dituzte, eta bi proiektuon artean hegaztion ugaltze eremuak suntsituko dituzte, eginez gero", kritikatu du.
Eduardo Navascuesek ere proiektuok salatu ditu. Eta salatu du, halaber, Ablitasko babes bereziko eremuan gertatzen ari dena. "Natura 2000 Sareko espazio bat da, babestuta dago, baina, hala eta guztiz ere, moto gidariak sartzen dira, eta suntsitzen ari dira. Ugaltze garaia da oraingoa, eta jarduera horrek kalte handia egiten die estepako hegaztiei. Kontrola behar da, babesa bermatzeko neurriak". Babes hori etiketa huts ez izateko.
Hasi da aulkia sari duen jokoa
Edurne Elizondo
Martxan da jokoa. Bart gauerdirako, lasterketaren irteera marran ziren hautagai guztiak, eta, pistolaren hotsa entzun orduko, korrika hasi dira. Bi aste luze barru ailegatuko dira helmugara: hilaren 26ko Nafarroako Parlamentua osatzeko hauteskundeetara, alegia. Nafarroako Gobernuko egungo presidente Uxue Barkosekin batera, bertze 11 lehendakarigai ariko dira boto bila. 50 aulki daude jokoan, eta, haien bidez, herrialdeko gobernua osatzeko aukera.
483.783 herritarrek izanen dute bi aste barruko bozetan botoa emateko eskubidea. Duela lau urteko hauteskundeetan, %68,26 izan zen parte hartzea. Hilaren 26rako, hain zuzen ere, boto emaileak aktibatzea izanen da alderdi eta koalizio guztien helburu nagusietako bat. Gaur egungo egoera ez da duela lau urtekoa bezalakoa, eta hilabete eskaseko denbora tarte batean bigarrenez deitu dituzte herritarrak bozkatzera.
Apirilaren 28an egin zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta emaitzek Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan zer-nolako eragina izan dezaketen argitzea izanen da gako nagusietako bat. Legegintzaldian, aldaketaren eta erregimen zaharraren arteko tirabirek markatu dute jarduera politikoaren erritmoa, baina azken txanpan oholtza gainera igo dira orain arte oihalaren atzean ezkutatuta ziren bertze hainbat aktore, eta horrek ekarri du giroa aldatzea.
Joan den apirilean, eskuin muturrari eta faxismoari aurre egiteko asmoak baldintzatu zuen herritar anitzen botoa. Nafarroan, %76,29 izan zen parte hartzea, eta Navarra Sumak jaso zuen boto gehien. Bi aulki eskuratu zituen UPNren, Ciudadanosen eta PPren arteko eskuineko koalizioak Espainiako Kongresuan; bertze bi, PSNk; eta bakarra, berriz, Ahal Dugu-k, Ezker Batuak, Equok eta Batzarrek osatutako koalizioak. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak gauza bat dira, eta bertze gauza bat dira Nafarroako Parlamentua osatzeko bozak. Hala eta guztiz ere, PSNk maiatzeko hauteskundeetan bete dezakeen rolari so dira herritar anitz.
Gehiengoen jokoa
Geroa Baiko Uxue Barkosi dagokio agintean jarraitzeko erronkari aurre egitea. 2015etik, EH Bilduren, Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren babesarekin izan da Geroa Baiko Barkos gobernuko presidente, eta hilaren 26rako hauteskundeen testuinguruan, argi eta garbi erran du lauko gobernuaren aldekoa duela apustu nagusia.
Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k gehiengoa eman dieten 26 aulki izan dituzte Nafarroako Parlamentuan, azken lau urteotan. Gehiengo horri eustea du Barkosek helburu, baina zehaztu du "gehiengoen jokoa" herritarren esku dagoela, eta beren botoen bidez erabakiko dutela, hain zuzen ere, hilaren 26an. PSNrekin akordioa egiteko aukerari buruz, "behar diren gehiengoak gehitzeko prest" dela erantsi du, beraz.
Barkosek eta gainerako hautagaiek datozen bi asteotako kanpaina aprobetxatu beharko dute gehiengo horiek beren aldera eramateko. Azken hitza herritarrek izanen dute, hilaren 26an. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzeko aukera izanen dute eskubide hori kendu zieten 2.000 pertsona inguruk, lehen aldiz. Adimen desgaitasuna duten pertsonak dira. Sistemak botoa emateko eskubiderik gabe utzi zituen, baina, hauteskunde legea aldatu eta gero, berreskuratu dute. Apirileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izan zuten botoa emateko aurtengo lehen aukera.
Apirileko hauteskunde horien aurretik, hain zuzen ere, karrikan egin zuten protesta Nafarroako gobernuz kanpoko hainbat erakundek, migratzaile anitzek ere botoa emateko eskubiderik ez dutela salatzeko. SOS Arrazakeriak eta Paperak Denontzat, Africa United eta Afrikako Lorea elkarteek agerian utzi zuten herrialdean bizi diren 50.000 migratzailek ezin izanen zutela parte hartu Espainiako Gorteetarako bozetan. Nafarroako Parlamenturako bozetan parte hartzeko ere, Espainiako herritartasuna izan behar dute botoa eman nahi duten migratzaileek.
Udal hauteskundeetan, berriz, Europako Batasuneko migratzaileek badute botoa emateko eskubidea, bai eta bertze herriren batekoak direnek ere, baldin eta Espainiako Gobernuak herri horiekin akordiorik sinatu badu. Herrialdean, zehazki, 2.915 migratzaile dira maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izanen dutenen zerrendan.
Nafarroan bizi diren migratzaile guztiek ezin dute botoa eman; ezta jaso ere. EH Bilduk Africa United elkarteko Modou Faye Beltxa sartu zuen Iruñeko Udalerako bere hautagaien zerrendan, baina ezin izan dute erregistratu, azkenean, ez duelako Espainiako herritartasuna. Duela hamar urtetik baino gehiagotik ditu Modou Fayek legeak Nafarroan egoteko eskatzen dizkion agiri guztiak, baina, hala eta guztiz ere, ezin izanen du zinegotzigai izan.
Are eskubide gutxiago dute paperik ez dutenek. 5.700 inguru izan daitezke herrialdean, gobernuz kanpoko erakundeen gutxi gorabeherako datuen arabera. Maiatzaren 26an parlamentuan eta udaletan banatuko dituzten aulkietan eseriko direnek ezarriko dituzten politikek, halere, haiei ere eraginen diete, jokoan diren gehiengoak osatzeko eskubiderik ez izan arren.
Giroa aldatu da
Joxerra Senar
Berriro PSNko idazkari nagusi izendatu ostean, 2017ko uztailean, Maria Txibitek honako promesa hau egin zuen: "2019an, Nafarroako Gobernuaren lidergoa hartu nahi dugu". Askok irrigarritzat jo genuen aipu hura, ikusirik garai hartan PSN b...
Zenbateraino berri, hori izanen da gakoa
Edurne Elizondo
Oraingo Iruñeko Udaleko hogeita zazpi zinegotzietatik, hamahiruk ez dute parte hartuko gaur hasi den hauteskunde kanpainan, erabaki dutelako ez aurkeztea hilaren 26ko bozetara. Horrek ezinbertzean ekarriko du erakunde hori berritzea; halere, boto emaileek erabakiko dute maiatzetik aurrerako udala zenbateraino izanen den berri edo ezberdin, haien esku baitago azken lau urteotako bidetik aurrera jarraitzea, edo bertze bide baten alde egitea.
Iruñeko Udalean aldaketa irudikatu duten taldeei dagokie hautesleen konfiantzari eusteko erronka; eskuinak, berriz, helburu du boterea berreskuratzea. UPNk Ciudadanosekin eta PPrekin bat egitea erabaki du hori lortzeko.
Herrialdeko 346 kontzejuetan eta 272 udaletan deitu dituzte nafarrak hauteskundeetara, hilaren 26rako. Guztietan ez dituzte eginen, ordea: adibidez, 31 udalerritan ez da hauteskunderik izanen ez delako hautagaitzarik aurkeztu; eta 92 kontzejutan ere ez. 113 udalerritan eta 223 kontzejutan, berriz, zerrenda bakarra aurkeztu da bi aste barruko hauteskundeetarako.
Hiriburuan, lehia handiagoa izanen da, zalantzarik gabe. Hamabi taldek aurkeztu dute Iruñeko alkate izateko hautagaitza; halere, haietako bat Ganemos Pamplona, zehazki, inpugnatu du Ahal Dugu-k.
Joseba Asiron alkatea izanen da EH Bilduko hautagaia berriz ere; Itziar Gomez, Geroa Bairena; eta Enrique Maia, berriz, Navarra Sumarena. Koalizio horretan UPN, PP eta Ciudadanos alderdiek egin dute bat.
Bertzalde, Maite Esporrin izanen da PSNko alkategaia; Edurne Egino Ezkerrarena; eta Andoni Romeo Aranzadi-Equorena. Aranzadi da hautagaia aldatu duen bakarra, hain zuzen. Gainera, ez da talde horren barruan gertatutako aldaketa bakarra. Izan ere, duela lau urteko udal hauteskundeetan, Aranzadi Ahal Dugu alderdiaren udal ordezkaria izan zen. Ana Lizoain izan zen 2015eko hauteskundeetan alkategaia, baina legegintzaldia amaitu baino lehen utzi zuen udaletxea, 2016ko urtarrilean. Orain, berriz, talde bakoitzak zerrenda propioa osatu du: Romeo da Aranzadi-Equoren alkategaia, eta Gaxan Sad Irisarri, berriz, Ahal Dugu-rena.
Krisiak
Bukatzear den legegintzaldi hau ez da gorabeherarik gabekoa izan Joseba Asiron alkatearentzat, behin baino gehiagotan agerian gelditu baitira udal gobernua babestu duten taldeen arteko desadostasunak. Taldeok 2017an hasi ziren soka tenkatzen, Pio XII.a etorbidea birplanteatzeko proiektuarekin. Aranzadiren eta EH Bilduren arteko tirabirak gelditu ziren agerian orduan. Egoerak okerrera egin zuen 2017ko abenduan, Aranzadiko hautetsi batek aurrekontuen aurkako botoa eman baitzuen. Soka, halere, hirugarrenean hautsi zen, 2018. urteko uztailean: sanferminen bezperan, uztailaren 5ean, Joseba Asiron alkateak udal gobernutik kanporatu zituen Aranzadiko hiru zinegotziak eta Ezkerrako Edurne Egino. Bi egun lehenago egindako bozketak eragin zuen alkatearen haserrea, sei milioi euroko superabita zertan inbertitu erabakitzean Aranzadi eta Ezkerra abstenitu egin baitziren. Joan den urtarrilean, gainera, 2019ko aurrekontuen bozketan abstenitu egin zen Aranzadi, berriz ere, eta hutsean utzi zuen kontuen aldeko EH Bilduren, Geroa Bairen eta Ezkerraren ituna.
2015eko hauteskundeek Iruñerriko bertze hainbat herritako udal gobernuetara eraman zuen aldaketa; bertzeak bertze, Barañainera, Berriozarrera, Antsoainera eta Atarrabiara. Herriotako alkateak karguari eusten saiatuko dira hilaren 26ko hauteskundeetan.
Lizarrako alkate Koldo Leoz ere ariko da aginteari eusteko lehian, bai eta Tuterako alkate Eneko Larrarte ere. Tafallako lehen zinegotzi Arturo Goldarazenak, berriz, ez aurkeztea erabaki du.
Hilaren 26an, 483.783 nafarrek izanen dute beren udalerrietako eta kontzejuetako gobernuak osatzeko hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Duela lau urte, %71,25ekoa izan zen parte hartzea.
Dekretu artean harrapatuta
Edurne Elizondo
Harritu gaitu agerraldiak; ez da egia irregulartasunak gertatu direnik". Horixe erantzun diote Nafarroako Osasun Departamentuko arduradunek herrialdeko gobernuz kanpoko hainbat erakundek jendaurrean egindako salaketari. Paperik gabeko m...
Batzen segitzeko ilusioz
Uxue Rey Gorraiz
Urte borobila dugu aurrean. Alfredo aspaldi hasi zitzaigun hori gogorarazten, ez da hala?", dio irribarretsu Maider Betelu Sakanako Guaixe aldizkariko kazetariak. Alfredo Alvarori berari egin dio galdera, erredakzioburuari, eta baietz esan du horrek, buruarekin keinu eginez. Aldizkariak 25 urte beteko ditu aurtengo abenduan, eta, urte hasieratik, gerora etorriko diren ospakizunak prestatzen ari da bederatzi kideko lantaldea erredakzioan. Biek hunkituta begiratzen dute atzera, orain arte egindako bideaz harro, eta aurrera jarraitzeko betiko ilusioaz.
1994tik hilabetero hasieran eta astero ondoren, sakandarren etxeetara ailegatzen da aldizkaria, euskarazko tokiko informazioa emateko. Mende laurdena eginen du Guaixek, Sakanatik eta Sakanarentzat.
Eskualde horretako euskaltzaleen artean piztutako ilusioak abiarazi zuen Guaixe, orain dela 25 urte. Ibarrean gertatzen denaren berri euskaraz emateko premia ikusita jarri zuten martxan proiektua hiru emakumek: Amaia Amilibiak, Olatz Irizarrek eta Aitziber Etxaizek. Kazetaritzako ikasleak ziren hirurak garai hartan, eta Urdiainen hasi ziren, hango udalak utzitako lokal batean.
Egitasmoaren inguruan babes taldea eratu zen, Bierrik elkartea bultzatzaile, eta abenduan argitaratu zuten lehenbiziko zenbakia. Aldizkarian, Sakanako herrietako kronikak irakur zitezkeen, bakoitzean zeuden berriemaileek idatziak. Maider Beteluk egiten zuen Lakuntzakoa, adibidez. "Hasiera gogorra izan zen, baina oso polita", dio hunkiturik, hastapenak gogora ekarrita.
Kutxa mordoa dute erredakzioan pilaturik asteotan —orain erredakzioa Altsasun dago—, bata bestearen gainean. "Guaixe-ak eta Oixe-ak daude barrenean", argitu du Beteluk. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun Guaixe astekariak hainbat aldaketa izan ditu urte hauetan, gaur egungo itxura eta formatua hartu arte. "Hilabetekaria ginen hasieran, baina ohartu ginen zaharkituta gelditzen ginela. Albisteak berandu iristen ziren." Arazo horri aurre egin nahian sortu zuten Oixe, hilabetekariaz gain astero argitaratu zena. 2001etik 2003ra, bi aldizkariak aldi berean argitaratu eta gero, Guaixe astekariaren aldeko apustua egin zuten. Baita bete-betean asmatu ere, urteek erakutsi dutenez. Erabakia "ausarta" izan zen, Alfredo Alvaroren ustez: "Astekari bihurtzeko pausoa eman genuenean, jende asko beldur zen orrialdeak betetzeko adina material izango ote genuen". Ordutik, ostiralero 24 orrialdeko aldizkaria ateratzeko gai direla ikusi dute, batzuetan baita gehiagokoa ere. "Informazio olatuak gainditu egiten gaitu beti", erantsi du erredakzioburuak.
Letra eta irudiak aski ez, eta irratien uhinetara egin zuen salto Guaixe-k, 1999ko udaberrian. Orduantxe hasi zen Alfredo Alvaroren ibilbidea ere, Beleixe irratiaren sorrerarekin. "Irratiarekin informazio asko igortzea lortu genuen, eta askoz presenteago geunden egunerokoan", azaldu du Beteluk. Gaur egun, astelehenetik ostiralera, egunero egiten dute zuzeneko emisioa Egun On Sakana saioarekin, 10:00etatik 12:00etara. Irratiarekin batera, sareak ere erraztu egin du berehalakotasunez jarduteko bidea, nahiz eta oraindik ere astekari fisikoa den beren produktu kuttuna. "Ohiturak beste batzuk izan arren, batzuek oraindik papera maite dugu", dio umoretsu Alvarok, aleetako bat eskuetan.
Bat-bateko informazioa eta berehalako erantzunak ematea egin du posible guaixe.eus-ek. "Pil-pilean dauden gai batzuen inguruan beharrezkoa dugu hori, erreferenteak gara eta". Bereziki Altsasuko auziaz ari da Maider Betelu.
Bi kazetariak sinetsita daude ibarraz kanpotik ere begiratzen dietela, baina harro azaltzen dute zilborra Sakanan duten komunikabidea direla. Argi dute hori. Gustura jartzen dute fokua beste hedabideek paratuko ez luketen gertaera txikiago horietan. "Guretzat ez dira txikikeriak, eta jendeak horien inguruko informazioa behar du", nabarmendu du Alvarok.
Garai latzetan, babes
Gertukoa eta gertutik; horrela egiten dute lan egunero. "Gaia edozein dela ere, tokiko ikuspegitik lantzen saiatzen gara, gurera ekarrita. Gripe epidemiaz ari bagara, esan dezagun zer eragin izan duen gure herrietan". Alfredo Alvarok argi du tokiko hedabideak bigarren edo hirugarren mailakoak direla askorentzat. "Madrildik begiratuta? Guztien azpian gaude!". Ez Sakanan, ordea.
2012 inguruan, krisi ekonomikoak gogor astindu zuen Sakana, eta, era berean, baita hedabidea bera ere. Guaixe-k eta Beleixek kolpe latza jaso zuten urte horretan, eta kinka larrian egon ziren biak. 2011ko Guaixe-ren azken zenbakia berezia izan zen horregatik: argazkien ordez, zuriuneak ikusten ziren astekarian. Protesta keinu bat izan zen, hedabideek jasaten zuten egoera kezkagarriaren erakusle. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erretiratu zituen, eta Eusko Jaurlaritzak ematen zituenak ere murriztu egin ziren urte berean. Hala ekarri dute gogora Maider Beteluk eta Alfredo Alvarok, ahotsa apalduta. Bien begietan mina nabaritu daiteke oraindik hain garai gogorrak oroitzean.
"Gurea bezalako komunikabide bat beti dago nolabaiteko krisian, baina egon zitezkeen baldintzarik okerrenek bat egin zuten orduan", azaldu du Beteluk. Astekariak ohi baino orrialde gutxiagoko aleak argitaratu zituen denbora batez, eta zuzeneko emisio orduak gutxitu egin ziren irratian.
Okerrena, ordea, lantaldearen murriztea izan zen. Horrela diote Beteluk eta Alvarok aho batez, zalantzarik egin gabe. Bi izan zirela adierazi du erredakzioburuak hatz keinu batekin: bi langilek galdu zuten beren Guaixe-ko lanpostua. "Oso traumatikoa izan zen. Bai joan zirenendako, bai gelditu ginenendako".
Egoera lazgarri horretatik ateratzea lortu zuten, ordea. "Bazkideei esker izan zen gehienbat", dio Alvarok, eta aurpegiera aldatu zaie biei berehala. Oroitzapen goxoa da hori. Herritarrengandik jaso zuten administrazioak ematen ez zien babesa. 2.000 esker izeneko kanpaina abiarazi zuten bazkidetza sustatzeko eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, eta jendeak erantzuten jakin zuen. Galerak izan bazituzten ere, lortu zuten bidean aurrera egitea. "Herritarrak izan ziren gure sostengu nagusia, eta horrela da oraindik. Gurekin jarraitzen dute", dio irribarrez Beteluk.
Mankomunitateak eta atzean dauden udalek emandako laguntza ere ez du ahaztu nahi izan, ordea. Sakandarren babesa ezinbestekoa izan da beti, erredakzioburuaren hitzetan: "Eskerrak eman besterik ezin dugu egin".
Sakana, euskara, 'Guaixe'
Erredakzioko kartoizko kutxetan bilduak dituzten ale horien antzekoak urte hasieratik ari dira Sakanan barna, batetik bestera, herriak bisitatzen. Erakusketa ibiltaria antolatu du Guaixe-k mende laurdena ospatzeko. Hilabetekariaren eta astekariaren ale zaharrak ikusgai dira bertan. Urdiainen hasi zuten bidea, otsailean, Guaixe-ren jaioterrian, alegia. Ondoren, Ziordira, Altsasura eta Arbizura ere joan da erakusketa, eta herri gehiago ere izanen ditu helmuga.
Sakanako ibarrak berezko duen konplexutasuna nabarmendu dute Beteluk eta Alvarok. Txikitasunetik lan egiten dutela diote behin eta berriz; txikiak direla, baina oso ibar dinamikoa, kulturalki aberatsa, eta bizia. Hogei mila biztanle inguru dira, 28 herritan banatuak. "Batzen gaituen hori zer den? Sakanak guztiok batzen gaituen bezala, euskarak batzen gaitu, eta Guaixe-k ere bai", azaldu du Beteluk. Horregatik dute aukeratua lelo hori: Batzen gaituena.
Guaixe-koek egunero sentitzen dute sakandarrek dieten estimua. Kazetaritza hurbiletik landuta, hurbil nabaritzen dituzte irakurleak. "Faltan sumatzen gaituztela esaten digute oporretan egon eta astekaririk argitaratzen ez denean. Seinale ona, ezta?", dio pozik Maider Beteluk. Beren babesa eta epeltasuna sentitu dezakete, eskaera edo galdera izan, edo kritika edo keinu. Euskal hiztunenak zein erdaldunenak, gainera. "Euskaraz ez dakitenek ere estimu handitan gaituzte: la Guaixe kontzeptua hedatua dago oso", dio Beteluk irriz.
Urteurren berezi bat ospatzea beti da aitzakia ona atzera begiratu, hausnartu eta hurrengo pausoak zein izan daitezkeen hobeki ikusteko. Guaixe-k batu egiten du Sakana, eta asmo horrekin jarraitzeko grina dute oraindik. "Batzen segi dezagun".
Amorru kolektiboaren indarra
Edurne Elizondo
Amorrua, antolatuz gero, aldaketak eragiteko tresna boteretsu bilaka daiteke. Lelo hori bere egin du Iruñeko Farrukas talde feministak. Indarkeria matxistak eragindako amorruak ekarri zuen kolektiboaren sorrera, duela bost urte, eta amorru horrek eraman ditu bere kideak autodefentsa feministaren aldeko aldarria egitera.
Ozen, gainera. "Amorru kolektiboaren indarra" baliatu nahi dute, patriarkatuaren aurka borroka egiteko. "Erasotzen gaituztenean, geure burua defendatzeko zilegitasun osoa daukagu", erran dute, argi eta garbi,"eta hori sinetsi behar dugu; bada garaia".
Iruñeko Txantrea auzoko bestetan txosnetan gertatuko eraso matxista batek piztu zuen feministen amorruaren kandelaren mukia. Borroka moldeak aldatzeko beharra sentitu zuten Iruñeko hainbat feministak, amorru horri bidea emateko. Karrika, gaua eta besta espazioak gozatzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuten, "askatasunean eta berdintasunean".
Gogo horrek ekarri zuen 2014ko sanferminen aurreko manifestazioa: gauez egin zuten protesta emakumeek, beltzez jantzita, aurpegia estalita, eta zuziak eskuetan. "Lau izanen ote ginen beldur ginen; mila inguruk egin zuten bat", gogoratu dute Farrukas taldeko kideek, hunkituta.
2014. urtekoa izan zen lehendabizikoa, eta haren ondotik sortu zuten kolektiboa, berez. Geroztik, urtero egin dute sanferminen aurreko gaueko protesta, eta Euskal Herriko bertze hainbat herritan eta hiritan ere hasi dira gisa bereko manifestazioak egiten. "Bazen gure barruko amorru hori erantzun bilakatzeko beharra", azaldu dute kolektiboko kideek.
Erasoei erantzuteko zilegitasuna jarri dute mahai gainean Farrukas taldeko kideek, hasieratik. Asmo horrekin bat egiten du kolektiboak lelotzat hartutako esaldiak: Beldurra aldez aldatuko da. "Gure aurkako eraso gero eta bortitzagoen aurrean, modu gero eta bortitzagoan erantzuteko eskubidea aitortu diogu, azkenean, geure buruari", berretsi dute kolektibo feministako kideek.
Urrats hori egin izanak eragin zituen kritikak, hasieran. "Beldurra aldez aldatuko zela erratea gehiegizkoa iruditu zitzaien anitzi; ez zuten ulertu. Egoera aldatuz joan da, halere, eta gure mezua onartzen hasi da gizartea".
Emakumeek beren burua defendatzeko eskubidea dutela; hori da Farrukas taldeko kideen mezua. Oinarrizkoa eta argia, baina, hala eta guztiz ere, barneratzeko zaila, bai eta emakume anitzentzat ere: "Emakume batek jasandako erasoari erantzuten dioenean, kanpotik zalantzan jartzen da jokabide hori; eta barrutik ere, emakumeak joera du pentsatzeko agian ez zela hainbertzerako, erantzuna gehiegizkoa izan dela... Geure burua epaitzen dugu, barruraino sartu zaigun patriarkatuak hartzen duelako hitza". Patriarkatuaren ahotsa isilarazi nahi dute Farrukas taldeko kideek, hain zuzen ere, eta, ematen duen erantzuna edozein dela, babesa agertu egungo sistema matxistak zapaldutako emakume orori. "Bortizkeria jasaten dugunean, erantzun bortitza emateko eskubidea dugu", berretsi dute.
Ahizpatasuna
Munduan egoteko modu bat da autodefentsa feminista. Jarrera bat. Ibiltzeko eta esertzeko modu bat. Eta lotuta ekartzen du herritar gisa emakumeek dituzten eskubideen defentsa. Ahalduntzea da, eta ahizpatasuna bultzatzea. Horri buruz anitz dakite Farrukas taldeko kideek, sororitatea baitute kolektiboaren oinarri nagusi. "Indar asko ematen diogu elkarri".
Emakumeen arteko sareen garrantzia agerian gelditu zen aurreko astean, Farrukas kolektiboak maiatzaren 11n eginen duen besta iragartzeko antolatutako ekinaldian. Zabaldin egin zuten bat taldeko kideek eta haien lagunek, besta giroan. Erakusketa bat jarri dute han, kolektiboak egindako bost urteko bideari buruz. Egindako urratsen lekuko diren kartelak eta argazkiak zintzilikatu dituzte Zabaldiko paretetan.
Haietako bat da 2016ko sanferminetako txupinazoarena. Egun hartan, Farrukas kolektiboak koordinatuta, Euskal Herri osoko 70 emakume sartu ziren Iruñeko Udaletxe plazara, eta Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen pankarta handi bat zabaldu zuten.
Egun horretakoak emozioz gogoratu dituzte Farrukas taldeko kideek. "Sekulakoa izan zen; plaza, txupinazoaren egunean, gizonezkoen espazio bat da, eta emakumeen aurkako bortizkeria handikoa, gainera", salatu dute. Horregatik, argi dute "gauza handia" izan zela han sartzea, pankarta zabaltzea eta beren espazioa defendatzea. "Kolpeak eta irainak jaso genituen", azaldu dute. Baina merezi izan zuela argi dute: bestaren erdigunean jarri zuten autodefentsa feministaren aldeko aldarria.
Borrokan jarraitzeko gogoz dira Farrukas taldeko kideak; amorrua borrokarako tresna bilakatuz, eta sistemak zapaldutakoen arteko sareak osatuz, amorru hori antolatzeko eta bideratzeko. Atzera ere begiratu nahi izan dute kolektiboko feministek, aurrekoek egindako urratsak aldarrikatzeko, eta feminismoaren memoria egiteko. "Hori ere beharrezkoa da". Memoriak eta orainak bat eginen dute maiatzaren 11n, Iruñeko Jazar espazioan. Egun osoz ospatuko dute feministek farrukak direla.
Hartzen udaberri berria
Edurne Elizondo
Ezohiko udaberria da oraingoa Pirinioetako mendebaldeko hartzentzat: mendiotako basoetan bi eme daude, lehendabiziko aldiz, 2004. urtetik. Urte hartan, ehiztari batek tiroz hil zuen Cannelle, Pirinioetan jaiotako azken hartz arre emea. Hamar hilabeteko kume bat zuen Cannelle-k, hil zutenean: Cannellito. Bakarrik gelditu zen mendebaldeko gunean, bere aita Nere hartzarekin.
Bi arrak bakarrik izan dira, 2018ko udazkenera arte. Sorita eta Claverina askatu zituen iaz Frantziako Gobernuak, Biarnon (Okzitania). Eslovenian jaiotakoak dira bi hartz emeak. Han harrapatu, eta Pirinioetara eraman zituzten, iazko urriaren hasieran, Frantziako Gobernuak mendebaldeko gunea sendotzea erabaki eta gero. Ingurua ezezaguna da haientzat, eta egokitzeko bidean dira, oraindik ere. Gizakien presioak eragin du Pirinioetako hartzen populazioak behera egitea, eta gizakiak erabaki du, orain, bi banako horiek tokiz aldatzea, espezieari mesede egiteko.
Sorita Goi Pirinioetan da. "Ez da zulotik atera", azaldu du Biarnoko FIEP taldeko kide Gerard Caussimontek. Horrek erran nahi du, segur aski, kume bat edo gehiago dituela. Urtarrilean jaiotzen dira, emeak aterpe hartutako zuloaren barruan. Claverina, berriz, Nafarroan da: Erronkarin. Martxoaren 26an kaleratutako prentsa oharrean ezagutarazi zuen gobernuak hartza herrialdean zela. Eta herrialdean jarraitzen du. "Gainera, litekeena da bakarrik ez egotea. Nere-k badaki emeak hemen direla", erran du Caussimontek. Sorita-k eta Claverina-k markatutako tokietan izan da arra, eta zuhaitz berak markatu ditu. Iaz, Cannellito-rekin batera, Arango ibarrera ailegatu zen Nere, Herrialde Katalanetara, alegia. Baina udazkenean itzuli zen mendebaldera. Cannellito-k, berriz, erdialdeko gunean jarraitzen du.
Claverina ez da zuloan, eta, mugitzen ari dela ikusita, adituek uste dute kumerik ez duela. Udaberrian hasten da hartzen araldia. Nere-k eta Claverina-k bat egiten badute, hurrengo urtarrilean gora egin dezake mendebaldeko populazioak. Nere inguruan dagoen ar bakarra ez dela zehaztu du Caussimontek, gainera. "Bost urteko Rodri dago Goi Pirinioen eta Pirinio Atlantikoen arteko mugan. Arango ibarretik etorri da, segur aski Nere-k eta Cannellito-k harat joateko bidean utzitako arrastoei jarraituz". Nere 1997an jaiotako hartza da, eta horrek eremuko hartz nagusi bilakatzen du.
'Camille', 1997tik
Cannelle hil baino hamar urte lehenago, Claude hartz arre emea akabatu zuten, tiroz, Pirinioetan, 1994. urtean. Nafarroan, aspaldikoak dira plantigradoari buruzko lekukotasunak. XIX. mendearen lehen erdian, Izaban, Erronkarin eta Otsagabian ehizatzen zuten, oraindik ere, Eugeni Casanovak Crónica de un exterminio. El oso en el Pirineo bere liburuan aipatu zuenez. Egile horrek Francisco Purroi biologo nafarraren hitzak jaso zituen, bertzeak bertze, lan horretan. Purroiren arabera, 1974. urtean, hartz bakarra gelditzen zen Nafarroan, eta Erronkariko ibarrean zegoen.
1983. urtera arte, hartzak bere arrastoa utzi zuen Erronkariko mendietan. Urte horretatik aurrera, ordea, arrastoak desagertu egin ziren, eta, hamabost urtez, hartzik gabe gelditu ziren Erronkari eta Nafarroa. 1998. urtean Camille arra Erronkarin agertu zen arte. Bi urte lehenago hasi zen basozain lanetan Iosu Anton. Camille-ren urratsak jarraitu zituen, 2010ean hartza hiltzat eman zuten arte. "1997. urterako jada Erronkarin zen Camille", zehaztu du Antonek.
Camille-ri egindako azken argazkiek agerian utzi zuten gaixo zela. "Atzeko hanketako ilea galdu zuen. Hasieran, hazteriak jota zela aipatu zen, baina teleskopioekin animaliari denbora luzez so egiteko aukera izan genuen, eta azkurarik ez zuen". Camille Erronkarin egon zen denboran, hartzaren inguruko informazioa biltzea izan zen Antonen lan nagusietako bat. Gorotzak, ileak eta bertze jasotzea, adibidez, azterketa genetikoak egin ahal izateko. Orain, Claverina-ri so egitea egokitu zaio Antoni. Bai eta Nere-ri ere, emearen atzetik bada. Claverina askatu zutenean, lurreko hiru igorle eta GPS bat zituen, eta gailu horiei esker, hainbat ordutako atzerapenaz bada ere, basozainek jakin dezakete hartza non dagoen eta nondik mugitzen den.
Etapa berri bat
"Oraingoa abagune garrantzitsua izan daiteke mendebaldeko hartzen populazioarentzat", nabarmendu du Antonek. Claverina-k eta Sorita-k ezar dezakete orain arteko eta hemendik aurrerako egoeraren arteko aldea, hain zuzen ere. Sorita-k kumeak dituela baieztatzen bada, hasteko, udaberri-uda hauetan jada egon daitezke hartz kumeak mendebaldean. Orain hamabost urte dituen Cannellito da eremu horretan jaiotako azkena. Oraingo araldian Nere-k eta Claverina-k bat egiten badute, gainera, hurrengo urtarrilean ere jaio daitezke kume gehiago.
Caussimontek 1997ko Pirinioetako erdialdeko egoerarekin parekatu du orain mendebaldean dutena. Erdialdean hartza desagertu egin zen, eta Eslovenian harrapatu eta han askatutako Melba, Ziva eta Pyros hartzei esker, eremu horretakoa da, orain, Pirinioetako nagusia. Melba eta Ziva 1996an ailegatu ziren Pirinioetara; Pyros, berriz, 1997an. Melba ehiztari batek akabatu zuen. Ziva-k hartu zuen haren kumeen ardura, ama galdu zutenean.
Pyros orain jo dute hiltzat, azken bi urteotan haren arrastorik ez baitute aurkitu. "Hartz zaharra zen; berez hil dela erran daiteke". Pyros da erdialdean sortutako kume gehienen aita, eta 29 urte zituela uste dute adituek. "Hori da aske bizi diren hartzen adin muga", zehaztu du Caussimontek. Papillon 28rekin hil zela gogoratu du. Mendebaldeko guneko hartz arra zen hori, eta 2004. urtean zendu zen. Hil baino pixka bat lehenago igorle bat jartzeko harrapatu zuten, eta haren gorputzean adinaren ondorioak nabarmenak zirela baieztatu ahal izan zuten. Oraingoa ez da jada Papillon-en aroa. baina hartzak jarraitzen du Pirinioetako bere betiko lurraldean. 2018ko erroldaren arabera, berrogei banakok osatzen dute egungo populazioa. Gutxi, gizakiaren presioak eragindako gainbeherari buelta emateko.