Uxue Rey Gorraiz
Hemen dira Bardoak. Hilabeteetako prestaketaren ondoren, gaur abiatuko da Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa. Lehenbiziko hiru saioak Txantrean (Iruñea), Etxarrin (Larraun) eta Iturmendin eginen dituzte, iluntzean, eta beste bi ere izanen dira asteburuan; Erron bihar, eta Beran etzi. Taldeak bi fasetan lehiatuko dira Lizarrako finalerako sailkatu ahal izateko. Guztira, 96 parte hartzaile izanen dira aurtengo aldian, hamahiru talde osatuta, eta hogei saio girotuko dituzte kantuz eta errimaz.
2012an antolatu zen lehen aldiz Bardoak, eta Nafarroako bertsolaritzaren hauspo eta elkargune izaten jarraitu nahi du txapelketak gaur hasiko duen aldian. Izan ere, egitasmoak helburu berari eusten dio bere sorreratik: auzolana eta kolektiboa oinarri izanik, Nafarroako bertso eskolen arteko saretzea du xede nagusi. Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, horiek dira Nafarroako bertsolaritzaren beraren oinarri. "Bertso eskolei bultzada emateko balio du txapelketak, beren artean harremanetan egon daitezen, eta, jakina, elkarrekin gozatu dezaten".
Denetariko bertsolariek osatzen dituzte taldeak: gazteak eta hain gazte ez direnak elkarrekin ariko dira bertsotan datozen asteotan, "giro informal eta etxekoan", oro har. "Bakarkako txapelketak duen seriotasun eta lehia puntu hori murriztu egiten da, eta horrek presioa arintzen laguntzen du, hasiberrien mesederako bereziki", azaldu du Ander Perezek. Gainera, taldeak beraiek dira gai-jartzaile eta epaile ardurak hartzen dituztenak ere. Zita bakoitzean, tokiko eragileek ere parte hartuko dute saioen antolaketan, egitasmoak berezko ezaugarritzat duen "auzolanerako grinari" eutsiz, betiere.
Berrikuntza batekin dator txapelketa aurten. Orain arte, aurreko aldietan, talde parte-hartzaileen herrietan egin izan dira txapelketako saio guztiak. Horrela, talde bakoitzak bere herrian edo bere multzo bereko beste batenean egiten zuen bertsotan. Oraingo honetan, berriz, kontua aldatu eginen da finalaurrekoetan, eta beste herri batzuek hartuko dituzte saiook.
Hain zuzen, Anizen, Atarrabian, Goizuetan, Jauntsaratsen, Tafallan eta Tuteran izanen dira. Hainbat arrazoi daude erabaki horren atzean, baina, kontu praktikoak alde batera utzita, "bertsolaritzaren mapa Nafarroan zabaldu nahia" azpimarratu dute antolatzaileek. "Ohartu ginen parte hartzen zuten herriak asko izanagatik ere motz gelditzen ginela, eta haratago joan behar genuela", dio Perezek. Saretzea are zabalagoa izatea nahi dute, bardoen kantuak txoko gehiagotan aditu daitezen. Hamazazpi udalerritan eginen diete harrera osotara.
Bertsolaritzaren sasoi ona
Errotzen ari den txapelketa da Bardoak. Perezek dioenez, saioek harrera beroa izaten dute fase guztietan, eta helburuak betetzea lortzen dute aldiro. Bertsolari zein bertsozaleen harrobia indartzen ari dela ikusten dute antolatzaileek horrela, eta sinetsita daude Nafarroako bertsolaritzaren "sasoi onaren isla" dela hori. Saioak egiten diren herrietan, aretoak lepo betetzen dituzte. Helburua betetzen ari ote den adierazten duen datua ez da, dena dela, entzuleen kopurua soilik. Hala dio elkarteko koordinatzaileak: "Zenbakietan galtzen gara askotan, BECen egiten diren finalak bezalakoak baititugu burutan, baina txapelketaren beste berezitasun batek egiten du egitasmoa benetan arrakastatsu bere xumean: Nafarroako herri bakoitzeko errealitateetara egokitu, eta giro ederra sortzen da plazan".
Erakusleiho den txapelketaren atzean lan handia dagoelako lortzen da halakorik. "Egitasmo hauek ez dira ezerezetik sortzen. Urte osoan egiten den transmisio lan handiari zor zaio emaitza". Hezkuntza arautuan bertso eskolak ematen aritzen diren irakasleez ari da Perez, batik bat. Gaur egun, Nafarroako 42 udalerritan irakasten zaie gaztetxoei bertsotan eskola orduetan; 2.900 ikasle ingururi, alegia. Transmisio modu hori egonkortzeko bidean dela diote Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideek, nahiz eta toki guztietara era berean iristea ezinezkoa den oraindik.
Hezkuntza arautuaren barrenean egonik, instituzioen diru laguntzen menpeko dira, hein batean. "Gorabeherak izaten dira batzuetan, gobernuko edo udaletako koloreen arabera. Horregatik, eskualde batzuetara iristea ez da erraza izaten, eta beste batzuetan, iritsi bai, baina bidean gelditu gara". Urteetako lanak fruituak emanen dituela sinetsita daude, ordea.
Nafarroako hainbat herri, plaza eta txokotan bertsolaritzaz gozatzeko aukera eskainiko dute Bardoek beste behin datozen asteotan. Umoreak ere ez du hutsik eginen bidean, bertsolariek argi izan arren zein den beren helburua. Martxoaren 28an Lizarrako Ikastolako areto nagusian eginen den finalerako txartela eskuratu nahian lehiatuko dira hamahiru taldeak. Nafarroako bertsolaritzaren festa handia izanen da Lizarrakoa.