Iritzia: ‘Dura lex, sed lex’

Iritzia: ‘Dura lex, sed lex’

Lohizune Amatria

Legea gogorra da, baina lege. Betebeharra, gu guztion ongizatearen mesedetan, etorkizuneko belaunaldiek desio dugun gizartea bizi dezaten. Hitzez hitz hartu dute beretzat gure agintariek erromatar garaiko zuzenbidetik datorkigun esaera. Lege idatziak hautazko aukera oro deuseztatu zuen, lege saihetsezin eta orokortzaileak ezarriz. Nor-nori-nork aldagaia erabakigarria izan zen orduan; baita orain ere. Nork, zer eta noren mesedetan (eta noren aurka) ezartzen duen, alegia.

Maiatzean onartu zen Iruñean euskararen inguruko udal ordenantza berria. Ez ditu indarrean hilabete asko emanen hizkuntz eskubideak bermatzeko bidean aurrerapauso bat izan zen arauak. Ez gaituzte, baina, apirilean genuen egoerara eramango. Atzerago aurkitu du Enrique Maiak gustuko araua, betiere "gehiegikeriak" atzean uzteko. Ez omen baita onargarria hiriko paisaian euskarazko hitzak azaltzea (barkatu, aukera berdintasunik ematen ez duela esan nahi nuen). 6 Unibertsitate publikoa billabesa hartu eta nora doazen ez dakitela dabiltza elebakarrak.

Hirigunea, Auzogunea, Elkargunea eta Behatokia. Zertarako nahi ditugu euskaraz izendatu parte hartze organoak gaztelaniaz denek ulertzen badugu?

Hedabideen audientziaren arabera ezarriko ditu udalak aurrerantzean udal iragarkiak komunikabideetan. Hori baita "justuena": noraino iristen den, horraino emango zaio. Audientziaren muga, hori bai, guztientzat berdina izango da. Orokortzailea zapaltzailea denaren erakusle neurri hau. Gaztelania hutsean aritzen direnentzako, bi hizkuntzetan aritzen direnentzako edota euskaraz soilik aritzeko erabakia hartu dutenentzako, guztientzako berdin. Baliabideak murriztuz, euskaldunen ahotsa isilarazten saiatzen ari dira berriro.

"Eta kasu haurrei kontatzen diogunarekin, dena xurgatu egiten dute eta". Aurkitu dute hori konpontzeko bidea. Nafarroako ikastetxeetan erabiltzen diren euskarazko testuliburuak zentsuratu nahi dituzte (barkatu, ikuskatu), "Nafarroako curriculumarekin eta Foru Erkidegoko errealitate instituzionalarekin bat datozen egiaztatzeko". Gehiago ere eginen dute. Pailazoak aurten ez dira Iruñean egonen. Txosten tekniko bat falta dela esan, gehiago ez dute behar izan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna bertan behera uzteko. Dura lex, sed lex.

Elebitasuna modu "orekatuan" arautu nahi dute Navarra Sumak eta PSNk. Eskubideen balantza nabarmenki alde batera okerturik izanen dugu berriro elebidunek, eta orekari eusteko nola eginen dugun ez da egonen agintarien esku.

Gaur zortzi ez da haurrez beteko Baluarte. Baina Gaiarre leporaino bete genuen bi egunez jarraian Zaldi urdina antzezlana gozatu genuenok, eta aspaldi zintzilikatu zuten sold out kartela Navarra Arenan gaurko eta biharko kontzertuetarako. Zoritxarrez edo zorionez, euskal aisialdiak gurean asko du borroka eta erresistentziatik.

Ohar labur bat amaitzeko: Ez dut gaurkoaz spoilerrik nahi, eskerrik asko.

Oroitzapenak jotzeko notak

Oroitzapenak jotzeko notak

Edurne Elizondo

Hatz batek piano bateko tekla jotzen duen bezala: halaxe jotzen ahal du musika nota jakin batek pertsona baten burmuinean gordetako oroitzapen jakin bat.

Garuneko kortex prefrontalaren erdialdea da musika gordetzen den tokia, eta hor daude emozioak eta oroitzapenak ere. Denak lotzea du xede musika terapiak, alzheimerra eta antzeko dementziak dituzten gaixoekin. Afan alzheimerra dutenen senitartekoen elkarteak tailerrak antolatu ditu, herriz herri, hori egiteko. Isabel Laranjeira eta Jose Landa adituak dira arduradunak; urrian jarri ziren martxan, eta abenduaren 17ra bitarte ariko dira lanean.

"Hitz egiteko gai ez dena, bat-batean, abesten hasten ahal da". Musika terapiak lor dezakeena kontatzen duenean, zirrara sumatzen zaio ahotsean Laranjeirari. Iruñeko Erruki Etxeko zaharrak artatzen ditu, duela 11 urtetik. Danbor baten hotsak pizten dituen memoriek hunkitzen dute; musikak gizakien burmuinean eragiteko duen gaitasunak liluratzen du. "Alzheimerrak jo dituenen bizi kalitatea hobetzea da helburu nagusia; gaitza ezin dugu sendatu, baina mantsotzen ahal ditugu haren ondorioak", nabarmendu du Laranjeirak. Musikak lortzen ahal du bertze zerbait ere: "Komunikaziorako esparru bat ematen die gaixoei; hitza ez dagoen tokian, musika egon daiteke", erantsi du.

Nafarroan, 5.500 pertsonak dute dementziarekin lotutako diagnostiko bat; dementzia horren eragile nagusia alzheimerra da: kasuen %70ean dago, hain zuzen ere. Gaitzak emakumeak jotzen ditu batez ere, andreak gehiago bizi direlako. Herrialdean, dementzia duten 5.500 pertsona horietatik %70 emakumeak dira.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jarri ditu datu horiek guztiak mahai gainean. Argi utzi du, gainera, alzheimerra dutenen kopuruak gora eginen duela; batetik, populazioa zahartzen ari delako, eta, bertzetik, diagnostikoa egiteko gaitasunak hobera egin duelako. Hala eta guztiz ere, alzheimerrak jota dauden pertsona anitzek ez dakite gaitz hori dutenik, oraindik ere. Hainbat ikerketaren arabera, gaixo direnen %50ek ez dute diagnostikoa jaso.

Taldeka eta banaka

"Munduan kokatzeko aukera ematen die musikak alzheimerra dutenei". Horixe erran du Isabel Laranjeirak, eta azaldu du munduan kokatze horrek zer ekartzen duen: "Alzheimerra dutenak, neurri handi batean, beren gaixotasuna bilakatzen dira; hau da, gaitzak dena hartzen du. Musika terapiaren bidez, lortzen ahal dugu gaitza alde batera uztea denbora batez. Alzheimerra duenak errealitate propio bat bizi du, baina errealitate hori existitzen da".

Gaixo denaren emozioak balioestea hagitz garrantzitsua dela erran du Laranjeirak, bide horretan. Emozio horiek adierazteko bidea ematen du musika terapiak, hain zuzen ere. Taldeka eta banaka artatzen ditu Laranjeirak gaixoak. Modu batera edo bertzera, metodologia antzekoa da, baina ez berdina. Banakako lana, batez ere, gaitza hagitz garatua dutenekin egiten du. Taldekako saioetan, gaixoen artean sortzen den harremana ere terapiaren zati bilakatzen da, azaldu duenez. "Elkarri egiten diote so, elkar entzuten dute; nota batek aspaldiko kanta bat ekartzen ahal du gogora, bai eta kanta batekin lotutako une edo oroitzapen jakin bat ere", gaineratu du musika terapeutak.

Tresna bat da, finean, gaixotasuna duenarentzat, bai eta zaintzaileentzat ere. "Komunikazioa errazten du, eta gaitasunei eusten laguntzen du. Hobeki sentitzea da kontua". Zaintzaren esparrua ongi ezagutzen du Laranjeirak, bere ama jo baitu alzheimerrak. Gaitza dutenekin lan egiteko arrazoietako bat da hori, hain justu. Musika terapiaren berri izan zuen, eta sakontzen eta trebatzen hasi zen. Ia hamarkada bat egin du lanean jada. Zaintzaileak eta medikuak ditu bidean laguntzaile. "Musikaren onurak agerikoak baitira denontzat".

Kontsentsua eskatu dute

Kontsentsua eskatu dute

Edurne Elizondo
Kontsentsua. Horixe eskatu du Nafarroako Gobernuak, Belateko tunelen auziari buruz. Nafarroako Parlamentuan aritu da Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ziriza, eta talde guztien arteko adostasuna behar dela berretsi du. 1997. urt...

Iritzia: Gorrotoa, 140 karakteretan

Iritzia: Gorrotoa, 140 karakteretan

Saioa Alkaiza

Zenbat gorroto kabitu daiteke 140 karakteretan? Zerk bultzatu dezake Navarra Suma buru duen Iruñeko Udala elebiduna zen Twitter kontu bat hartu eta bitan zatitzera? Bat, gaztelaniaz (lehengo kontu elebidunak zeuzkan jarraitzaile guztiak bere eginez); bestea, euskaraz (huts-hutsetik abiatuta). Euskara idatzita ere ez ikusteko jendearen eskubidea defendatu nahi du alkate jaunak. Zer-nolako herra izan behar duen pertsonak hizkuntza batekiko, pantailan ere ikusi nahi ez duenean! Zer gara gu haientzat, beste mintzaira bat duten hiri bereko arrotzak ez bagara?

Kapital publikoa liburuarekin eta Jose Luis Otamendiren olerkiarekin oroitzen naiz halakoetan, ehuneko handi samar batean harritu ere ez naizelako egiten zapalkuntzarekin: "Euskaraz bizi nahi izaten dut batzuetan/ ehuneko handi samar batean/ badakit ni ez naizena ez hizkuntza bat/ ez bandera bat ez herri bat:/ ni bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz [...]/ ehuneko handi samar batean/ euskaraz bizi naizen euskalduna naiz/ eta batzuetan zeharo harritzen nau/ euskaraz bizi nahi izateko aukera izateak".

Eta Koldo Izagirrek esan zuen anakronismoa ere badela gure hizkuntza txiki gutxitu hau kulturarako erabiltzea, edo funtsean, agian, besterik gabe, erabiltzea: "Eta arrazoia daukate, neurri batean, euskararen zokoratzaileek: euskarak arrasto handia uzten du, farmazia euskaraz ikasita ez da farmazia bakarrik ikasten, hori da ikasitakoaren zatirik txipiena, kasik./ Beste horrenbeste esan lezake erdaraz ikastera behartzen duten euskaldunak gaztelaniagatik edo frantsesagatik, baina hori onura erantsia da, zabaltasuna eta mundutasuna ematen baitute hizkuntza gailenduek, omen./ Anakronismoa da hizkuntza gutiengotua kulturarako erabiltzea". Eta anakronikook, hemen gabiltza, dialektika galdua dagoen honetan, gaztelaniazko Twitter kontua segitzeari utzi, eta euskarazkoari klik emanez, halako bataila teknopolitiko batean, analogikoki diglosiko, digitalki elebidun harro.

"Nire hizkuntzak/ jende gutxirekin ulertarazten nau/ gehiagorekin inkomunikatzeko./ Nire hizkuntzak/ gutunak atzeratzen ditu,/ kartzelako patiokoa da". Idatzi zuen Jon Benitok Bulkada liburuan, eta kartzelako patioko hizkuntza den hau, jartzen dizkiguten barroteen artean biziberritzen dugu, gure hiri buruzagian euskaraz egindako esaldi bakoitzeko.

Kartzelako poemak, Sarrionandia: "Euskaraz solasean hasiz gero/ hara hor funtzionario bat berehala/ ezkutuka gure ondora datorrela./ Ziur ez duela deus ulertzen,/ baina bertan geratzen da zelatan,/ espioi filmetako espioiaren moduan./ Dena dela, guk ez diogu euskarazko/ lehen ikasgaia ere emanen./ Oharkabean bezala dio gutako batek: 'Emukatup tab kogaid erug naedlakezta ae neztidnufnok nugud...'".

Imajina ditzaket udaleko Twitter kontuko kudeatzaileak Emukatup tab kogaid erug naedlakezta ae neztidnufnok nugud irakurriz, haserre, deus ulertu ezinda. Eta gu, barrez, jarraitzaile gehiago dituen euskarazko kontuari begira.

Baloikadak ahanzturaren aurka

Baloikadak ahanzturaren aurka

Edurne Elizondo

Bestaren gainetik, aldarrikapena. Osasunako zaleen egunak kutsu berezia izan du aurten, Sadar Bizirik plataformak aukera aprobetxatu baitu 1936an fusilatutako futbol taldeko kideak omentzeko: ehunka pertsonak egin zuten bat, igandean, Iruñeko Burguen plazan, Eladio Zilbeti, Natalio Cayuela, Ramon Bengarai, Fortunato Agirre eta Andres Jaso gogoratzeko; eta ez ahazteko, halaber, gorritxoen futbol taldea sortzeko bidean kideok eta altxamendu militarraren errepresioa pairatu zuten bertze anitzek egin zituzten urratsak.

2020. urtean mendeurrena ospatuko du Osasunak. Duela ia ehun urte, 1920. urteko udazkenean, jaio zen taldea, Iruñeko Gazteluko plazan, Kutz izeneko kafean. Fortunato Agirre eta Eladio Zilbeti izan ziren sortzaileetako bi. Sportiva eta New Club taldeak elkartuta sortu zuten Osasuna. Donibaneko zelaia 1922an ireki zuten, eta Espainiako Ligan 1928an egin zuen debuta Iruñeko taldeak, hirugarren mailan. Lehen mailan aritu ziren gorritxoak 1934-1935eko denboraldian, lehendabiziko aldiz. Hurrengo denboraldian jaitsi ziren, berriz ere, zehazki 1936ko apirilean. Zelai barruko arazoak, halere, hutsean gelditu ziren urte horretako udan, uztailaren 18ko altxamendu militarrak eztanda egin eta gero.

Nafarroan ez zen gerra fronterik izan, baina Francoren altxamenduak errepresio latza eragin zuen herrialdean, eta 3.500 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten. Iruñean bakarrik, 298 gizon eta bi emakume hil zituzten. Zerrenda horretan daude Osasunaren historiarekin estuki lotutako lau pertsona: Ramon Bengarai, Natalio Cayuela, Fortunato Agirre eta Eladio Zilbeti. Igandeko omenaldiak laurak gogoratu zituen, bai eta Andres Jaso ere, Asturiasen (Espainia) gertatutako bonbardaketa batean hildakoa; Osasunako jokalaria izan zen Jaso, 1930-1931ko sasoian.

"Osasun ariketa bat"

"Justizia eta memoria demokratikoko ariketa bat da izen horiek gogoratzea; mahai gainean jartzea beren historiak eta beren ideiak, bai eta beren sufrimendua ere; taldearen izenari so eginez, osasun ariketa bat bada". Horixe nabarmendu du Nafarroako historialari talde batek, Sadar Bizirik plataformak egindako omenaldiaren harira. Roldan Jimeno, Fernando Mendiola, Patxi Ozkoidi eta Mikel Lakasta historialariek sinatu dute frankismoak jo zituen Osasunako kideak gogoratzeko argitaratu duten testua, Osasunaren Memoria kolektiboko kide Mikel Huarterekin batera.

Memoria astindu nahi izan dute historialariok; eta memoria astintzeko ekinaldia izan zen, halaber, igandeko omenaldia. Ez da izan azken hilabeteotan Osasuna taldeko iraganari so egiteko antolatutako bakarra, gainera. Sare sozialen bidez ere, izan ere, azken hamarkadetako isiltasuna apurtu nahi izan dute Sadar Bizirik plataformako eta Futbola Ere Lapurtu Ziguten ekimeneko kideek. Klubaren mendeurrenarekin lotu nahi dituzte frankismoak hildako Osasunako kideak gogoratzeko urratsak, biktima guztiek eta beren senideek aitorpena jaso dezaten.

"Isiltasunak luze iraun du, eta bada garaia atzean uzteko", nabarmendu zuten Sadar Bizirik plataformako arduradunek, igandean, Burguen plazan egindako omenaldian. Han izan ziren Agirre, Bengarai, Cayuela, Jaso eta Zilbetiren senideak, eta, haiekin batera, ehunka herritar eta memoria historikoaren esparruan lanean ari diren hainbat talde eta eragile. Sadar Bizirik taldeko kideek argi utzi zuten ez ahaztea helburu hartu duten memoriaren esparruko elkarte horiei esker ezagutzen direla, egun, orain arte ezkutuan egon diren historiak eta istorioak. "Osasunako kideon ibilbideak aztertuz gero, argi dago konpromiso garbia zutela justiziarekin eta askatasunarekin".

Konpromiso hori gogoratu, nabarmendu eta eskertu behar dela argi dute Sadar Bizirik plataformako kideek, eta bertze zale gorritxo anitzek ere; eta argi dute mendeurrenak emanen duela horretarako aukerarik egokiena. Proposamen zehatza egin diote Osasunari: hildako kideen senideek egin dezatela ohorezko sakea Sadar zelaiko partida batean, mendeurrenaren sasoian. Gorritxoen zuzendaritzako kide Cesar Muniainek zuzenean jaso du proposamena, Burguen plazako omenaldian izan baitzen, igandean. Taldeari dagokio orain hurrengo urratsa egitea. Asteon, Osasunako presidente Luis Sabalzak erran du taldea aukera "aztertzeko prest" dela, hain zuzen ere. Zehaztu du, halere, Ligaren baimena beharko dutela. Taldearen historian parte hartu dutenak gogoratzea "ontzat" jo du Sabalzak, eta Osasuna liburu bat prestatzen ari dela erantsi du. Bertzeak bertze, frankistek fusilatutako kideen bideaz ariko da lan hori, azaldu duenez.

Kartzela eta erbestea

Futbolaren mundua anitz aldatu da, Kutz kafean egindako bileretan lagun talde batek Osasuna sortu zuenetik. Taldearen lehen etapaz gozatu zuten Bengaraik, Agirrek, Jasok, Cayuelak eta Zilbetik; frankisten altxamenduak eta errepresioak hutsean utzi zituzten haien asmo eta proiektu guztiak. Ez ziren diktaduraren indarkeria sufritu zuten bakarrak izan: Osasunako bertze hainbat kide atxilotu zituzten, eta erbestera ihes egin behar izan zuten, bizia salbatzeko.

Osasunako entrenatzaile izan zen Emilio Urdiroz, eta Andres, Rafael eta Filomeno anaiekin espetxeratu zuten. Filomeno fusilatu egin zuten. Kartzelan sartu zituzten, halaber, Osasunako zuzendaritzako kide izandako Francisco Indabe, Federico Rosas eta Carmelo Monzon. Monzonek sei urte eman zituen espetxean, hain zuzen ere.

Vicente Rei Osasunako masajista izan zen. Errepublikanoen esku zen eremura ihes egitea lortu zuen, hasieran. Erbestera atera, baina Gurseko kontzentrazio esparruan itxi zuten, azkenean.

Jokalarien artean ere sasoi iluna izan zen 1936ko altxamenduak eragindakoa. Txomin Meaurio, adibidez, Ezkabako gotorlekura eraman zuten preso, eta sei urtez izan zen han. Juanin Bilbao eta Julian Tell Perez ere espetxeratu zituzten. Osasunako lehendabiziko presidente izandako Eduardo Aizpunek, berriz, erbestera bidea hartu behar izan zuen; taldeko presidenteorde izandako Augusto Bizkarrak ere ihes egin behar izan zuen. Humbelino Urmenetak ez zuen lortu. Atxilotu egin zuten, eta Ardura Politikoen Epaitegiak isuna jarri zion. Urmenetak diseinatu zuen Osasunaren armarria.

Osasunako kideon guztion senideek ere pairatu behar izan zuten frankismoaren errepresioa. Eta, gero, isiltasuna. Ahanztura. Horren aurka egin nahi dute orain zale gorritxoek. Isiltasuna atzean uzteko eta memoria erdigunean jartzeko baloikada eman nahi dute, Sadarren. Ehun urte balio duen sakea eginez.

1936AN HILDAKOAK

1936AN HILDAKOAK

Fortunato Agirre (1893-1936)

Osasuna sortu zutenetako bat izan zen. EAJko kidea zen, eta 1936ko altxamendu militarra gertatu zenean, Lizarrako alkatea zen. Lizarran, Izarra taldea sortu zuen, eta herriko lehen ikastola bultzatu zuen. Antza, altxamenduaren berri izan zuen gertatu aurretik, eta Espainiako errepublikako agintariei abisua eman zien. Berandu, ordea. Taxoaren fusilatu zuten.

Andres Jaso (1912-1936)

Osasunako jokalaria izan zen, 1930-1931ko denboraldian. 18 urte besterik ez zuen orduan futbolariak. Osasunatik Zaragozara joan zen, eta handik Valentzia eta Gijonera. Sporting Gijon taldeko jokalaria zen 1936ko altxamendu militarra gertatu zenean. Asturiasen zendu omen zen, Cangas de Onis herrian, bonbardaketa baten ondorioz.

Natalio Cayuela (1891-1936)

Osasunako presidente izan zen Natalio Cayuela: lehendabizikoz, 1923. urtean, eta, bigarrenez, 1928tik 1935era. Nafarroako Auzitegiko idazkari izan zen. Ezkerreko gizona, altxamendu militarra geldiarazten saiatu zirenetako bat izan zen. Cadreitako Valcalderan fusilatu zuten Cayuela, 1936an. Urte hartako abuztuaren 23an, 52 pertsona fusilatu zituzten han.

Eladio Zilbeti (1898-1937)

Osasuna sortzeko prozesuan parte hartu zutenetako bat izan zen Eladio Zilbeti, eta, hainbat ikerlariren arabera, berak proposatu zuen futbol taldearen izena, Kutz kafean egindako bileretako batean. ANVko kide izan zen. 1936ko abenduaren 21ean atxilotu , eta espetxera eraman zuten. Fusilatzeko atera zuten. Etxaurin hil zuten, 1937ko urtarrilean.

Ramon Bengarai (1896-1936)

Osasunako zuzendaritzako kide izan zen, hainbat urtez. Lanbidez tipografoa zen. Sindikalista gisa aritu zen, eta Iruñeko Udalean, gainera, zinegotzi. Ramon Bengarai Fronte Popularreko lehendabiziko hautagaia izan zen. Altxamendu militarra gertatu eta gero, ezkutatzen saiatu zen, errepresioari ihes egiteko. Baina ez zuen lortu. Atxilotu eta fusilatu egin zuten.