Sua piztu du Iribasek Arte Eskolan ere

Ikastetxe publikoak, D ereduko hezkuntza komunitateak, ikastolak, guraso elkarteak, sindikatuak... eta orain, diseinuaren eta arte plastikoen sektore ia osoa. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariarekin suminduta daudenen zerrenda luzatzen ari da etengabe, eta azken lurrikararen epizentroa Iruñeko Arte Eskolan dago. Izan ere, hainbat urtez goi mailako diseinu ikasketa publikoak ezartzeari uko egin ostean, 2015-2016ko ikasturterako Diseinu Grafikoko lerro bat zabaltzea erabaki baitu Hezkuntza Departamentuak. Unibertsitate ikasketen baliokidea izanen da gradu hori, baina eskolak, ordea, ez dituzte emanen balizko ikasle, baliabide eta aukera gehien eskaintzen dituen tokian (Iruñerrian), baizik eta handik ia 100 kilometrora dagoen herri batean: Corellan.

Erabaki horren lehen biktima Miguel Askunze Iruñeko Arte Eskolako zuzendaria izan da, dimisioa aurkeztu baitzuen otsailaren 20an, plana ezagutu eta berehala. Zentzugabekeriatzat jo zuen Iribasen ateraldia, ikasketa programa berriak "ikasleak nahiz familiei kalte egiteaz gainera, nafarren interes orokorraren aurka" egiten duela iritzita.

Orain, Iruñeko Arte Eskolako gainontzeko irakasleek babesa adierazi diote zuzendariari. "Goi mailako diseinu ikasketekiko irizpide faltaren eta nagikeriaren azken adierazlea izan da erabaki hau", azaldu du arte plastikoko eta diseinuko irakasle Iñaki Otsoa Etxeberriak. "16 urte daramatzagu Iruñeko Arte Eskolan diseinu ikasketak ezar daitezen galdegiten. Behin eta berriro egin dugu eskaera. Espainiako erkidego guztietan ezarriz joan dira pixkanaka, baina Nafarroako Gobernuak ezezko borobila eman digu beti".

Gobernuaren ezezkoa, baina, hezkuntza publikoak bakarrik jaso du, Creanavarra akademia pribatuari baimena eman baitzioten iaz, goi mailako ikasketa horiek Iruñean eskaintzeko. "Akademia hori berehala legeztatu zuen Hezkuntza departamentuak, baimena eskatu bezain laster", dio Otsoak. Haren irudiko, zentro pribatuei mesede egitea izan da Hezkuntza kontseilariaren helburuetako bat: "Iribasen agintaldiaren ezaugarri nagusietako bat irakaskuntza pribatua lehenesteko joera izan da. Esate baterako, Nafarroako hiriburuan diseinuaren alorrean kalitatezko eskaintza publikoa eginez gero, nork ordainduko luke dirutza, akademia batean gauza bera ikasteko? Inor gutxik. Beraz, erabaki horren onuradun handiena akademia pribatu hori izanen da".

"Corella ez da arazoa"

Irakasleen esanetan, diseinu ikasketak Corellan ezartzeak arazo ugari eraginen ditu, "logikaren kontrako" erabakia delako. "Demografiari, kultur eskaintzari eta komunikabideei bizkarra emanda onartu da proiektu hau. Izan ere, interesa izan dezaketen ikasle gehienengandik urrun dago Corella, eta hara iristeko bideak eskasak dira; baina horrez gainera, diseinu ikasle batek kontuan izan behar ditu bestelako faktoreak ere: esate baterako, zein den hiri baten kultur eskaintza, lan egiteko aukerak, eta abar. Erriberatik kanpo, oso jende gutxi joanen da Corellara diseinu grafikoa ikastera. Nire seme-alabek diseinua ikasi nahiko balute, Gasteizera edo Bartzelonara joateko aholkatuko nieke", azpimarratu du Otsoak.

Hala eta guztiz ere, Iruñeko irakasleen aburuz, Corellako Arte Eskola ez da arazoa: "Gutako askok alabatzat dugu Corellako eskola; finean, gehienok bietan eman baititugu eskolak, Iruñean zein Corellan. Ni neu hango eskolako zuzendari izandakoa naiz. Arazoa zera da, bideragarritasun plan serio bat aurkeztu eta goi mailako zentro indartsu baten alde egin beharrean, ez hankarik ez bururik ez duen erabaki bat hartu dela".

Otsoaren ustez, ikasketak zentralizatzea "ezinbestekoa" izanen da, diseinu ikasketak sendotze aldera. "UPNk dio zerbitzuak deszentralizatu behar direla, herrialdea behar bezala egituratzeko, baina badaezpada, haien egoitza nagusia Iruñeko bigarren zabalgunean dago eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzu guztiak hiriburuan daude, eta ez Lizarran, adibidez. Horrekin esan nahi dut zerbitzuak beste eskualdeetara zabaltzea oso ongi dagoela, baina populazioaren gehiengoari bizkarra eman gabe".

Ikasleek diotenez, euren planteamendua ez da beste eskola publikoen kontrakoa, "kalitatearen aldekoa" baizik: "Ez genuke inoiz eskatuko Corellan ezarritako ikasketak bertan behera uzteko. Ezta pentsatu ere! Baina zentro indartsu bat behar dugu, diseinuaren adar guztiak hartuko dituena —diseinu grafikoa, etxe barruko diseinua, moda diseinua eta ekoizpen diseinua—, kalitatezkoa eta lehiakorra izanen dena".

“Bakartiagoa da hemen Korrika, baina baita intimoagoa eta politagoa ere”

"Lan handia" izan dute Ana Colomok (Iruñea, 1965 ) eta Aezkoako Korrikako batzordekoek asteotan. Orain, Korrika heltzea baino ez da falta. Datorren ostiralean iritsiko da Nafarroako Pirinioetara, eta elurra ere ez da faltako.

Zer lan egin duzue orain arte?

Denetarik. Aurreko asteburua errepideak markatzen eman genuen, baita kartelak herriz herri jartzen ere. Urepelera ere joan behar izan dugu hainbat gauza eramatera. Telefonoarekin ere erne ibili behar izaten dugu etengabe. Lan handia da.

Hotza eta elurra ez dira faltako Nafarroako Pirinioetan.

Askotan izan da Korrika zuria inguru hauetan. Gogoan dut Orreagan hasi zenekoan elurte handia izan zela. Hotza izatea espero dugu. Euria ez dugu gustuko, baina elurrarekin korrika egitea errazagoa da. Ez dugu arazorik izaten pasatzeko.

Herri txikiak dira zuen ingurukoak. Jende gutxi ibiltzen da Korrikan?

Jendea egon beti badago, baina egia da beste leku batzuetan ikusten den multzo hori ez dagoela. Bakartiagoa da hemen Korrika, baina intimoagoa ere, eta politagoa akaso. Edonola, Garraldan kontzentrazio eskola dago, eta Korrikan parte hartuko dute; beraz, oso hunkigarria izango da 100 bat haur eta gazte ikustea.

Zer da zuretzat Korrika?

Egunean bertan, zerbait hunkigarria, eta hilabeteetako lanaren saria. Hunkigarria da ikustea jendeari berdin zaiola eguraldia edo ordutegia, eta beti dagoela ateratzeko eta laguntzeko prest.

Biluztasuna publikoaren alde

Abel Azkonak, artista nafarrak, hezkuntza publikoarekiko konpromiso pertsonala argi utzi zuen joan den martxoaren 3an Iruñeko karriketan egindako performanceren bitartez.

Abelek berak ere honelako ekintza egitearen ondorioz nolako tratua izanen zuen ez zuen jakinen, seguruenik, eta bere gain hartu zuen aldarrikapenaren arriskua. Abelek emandako azalpenen arabera, bortitz eta zakar tratatu zuten udaltzainek. Aldarrikapenaren errepresioa ohiko kontua da gure herrian, eta hizpide azken bolada honetan, muturreko eskuinak legeak ezartzen dituen zigorrak gogortu nahi dituen honetan, Isilarazteko Legearen bitartez, nahiz tokian tokiko udal ordenantzen bitartez.

Abel Azkonari elkartasun osoa agertu nahi dio Steilas-ek, hezkuntza publikoarekin erakutsi duen konpromisoagatik, publikotasunaren garrantzia nabarmentzeagatik. Ez da bere interes pertsonalengatik eginiko ekintza, hausnarketarako deia da, bai eta ikasketa artistikoek bizi duten egoera tamalgarriaren salaketa ere. Sare publikoan goi mailako diseinu ikasketak egiteko biluzturiko oihuaz baliatu da.

Hezkuntza Departamentuak gaiari behar bezala heldu behar lioke, are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroa dela, Kantabriarekin batera, hezkuntza publikoan honelako goi mailako ikasketak eskaintzen ez dituen erkidego bakarra. Egoera honen atzean ikasketen pribatizazioa dagoela jakitea guztiz lotsagarria da, baina berau UPN eta PPren hezkuntza politikaren ikurra da. Alfonbra gorria eskaintza pribatuari, kontzertinak publikoari.

Iruñeko Arte Eskola Publikoan goi mailako ikasketak egiteko hamar urte luzeko aldarrikapenaren aurrean gaude, baina administrazioak ez entzunarena egin du behin eta berriro. Orain, hauteskunde atarian gauden honetan, Correllan eskainiko direla eman dute aditzera, kontuan hartu gabe berri honek ez dituela asetzen ikasleen beharrak (gehiena Iruñerrikoa da). Beste behin ere UPNren agintekeriaren aurren gaude, bere feudoan, Corellan bertan eta inguruan, botoak mantentzearren. Iruñeko Arte Eskolako ikasleek euren protesta departamentura eraman dute, eta sare publikoan ikasteko aldarrikapena nabarmendu dute, bai eta Abel Azkonarekiko elkartasuna ere. Polizia Foralak aterarazi ditu. Berriro errepresioa.

Arazoaren jatorrira joan behar dugu, eta dei publikoa egin nahi diogu maiatzeko hauteskundeen ondorioz gobernuaren ardura hartuko duen alderdiari benetako lana egin dezan ikasketa artistikoen alde, LOMCEk ikasketa hauek iraintzen ditu, eta orobat, sare publiko osoa sendotzeren alde. UPNren utzikeria begi bistakoa da; erakutsi duen kudeaketa txarra asaldagarria.

Biluztasuna genero artistiko dela gogorarazi digu Abelek; artean biluztasunak erakutsi du obra egin den garaiarekin zerikusia duela, estetikaren estandar sozialekin, garaiaren moralitatearekin. Biluztasuna zilegi da museoaren lau pareten artean erakusten denean, baina karrikan denean erreprimitzen da. Ez da onartzen gorputza erabiltzea protestak gauzatzeko, gorputzean bertan grabatzea geure aldarrikapenak. Kultura judu kristauan "jatorrizko bekatuaren" sinboloa da biluztasuna, baina gure ikuspuntutik berau ez da bekatu iturri, ez baita zuzena eta zilegi den jokabidetik aldentzen; aitzitik, Abel Azkona lurrean ikusteak, biluzik, udaltzainez inguraturik, zirrara sorrarazten digu. Irudi hauek bestelakorik dakarkigute burura, hots, ez gaituztela kalean ikusi nahi gure eskubideen defentsan. Kalea denona eta denontzat den uste sendoa dugulako, gure kaleetan agertzen segituko dugu, biluzik edo jantzirik, espazioak okupatuz, oihu eginez.

“Herriak ematen digun hori itzultzeko modua da Korrika kulturala”

Badira hainbat urte Korrikaren inguruan kultur jarduerak antolatzen dituela AEK-k, lasterketaren aurreko hilabeteetan. Aurten ere izan da Korrika Kulturala, eta, besteak beste, Erkuden Aristu (Iruñea, 1978 ) izan da antolakuntzan lanean.

Zein da Korrika Kulturalaren helburua?

AEKri egokia iruditu zitzaion herriak bere parte hartzearen bitartez ematen duen horretatik jasotzen dena nolabait itzultzea. Herriak ematen duen hori itzultzeko modua da Korrika Kulturala. Euskal kultura sustatzea da xedea, hainbat arlotako sorkuntza lanak jendaurrean aurkeztuz.

Zer ekintza antolatu dituzue?

Iruñerrian, hauek izan ditugu: Burlatan Fausto antzezlana aurkeztu genuen. Iruñean, Zentral Kafe Antzokian, Gosariak ikuskizuna, eta Nafarroako Antzerki Eskolan Bertsolaritzaren sekretuak saioa plazaratu genuen. Bertso bira ere egin dugu bertso eskoletako kideekin batera.

Zer moduko harrera izan duzue?

Denetarikoa. Bertsolaritzaren sekretuak eta Gosariak saioek harrera ona izan dute. Bestalde, auzo eta herrietako Korrika batzordeek ere antolatu dituzte gauzak, bertso afariak edo bakarrizketak, kasurako. Horretaz gain, Irrintzi euskaltegian formatu txikiko saio bat egin genuen, kristoren arrakasta izan zuena: ikasleak norabait joan beharrean sortzaileak joan ziren euskaltegira. Hamar minutuko bakarrizketa bat, ipuin kontalari bat eta mago bat izan genituen, eta ikasleak txandaka pasatu ziren euren aurretik.

Sona, boleroa eta guajiroa, Zentralen

Sona, boleroa eta guajiroa, Zentralen

Kubatik Euskal Herrira etorri, eta kontzertu sorta bat egiten dabil egunotan Ray Fernandez musikagilea. Iruñean egingo du azkeneko emanaldia, igandean. Karibeko son, bolero eta guajiro doinuen bitartez, amodioari eta desamodioari kantatuko dio Fernandezek. Baina hitz umoretsuz apaindutako kronika soziala ere izango da Tres tanguistas y un perro izeneko emanaldian. 22:00etan arituko da, Zentral aretoan. Sarrera sei euroan eros daiteke. Paris 365 jantokia diruz laguntzeko bideratuko dute dirua.

“Ikastolen izaera kooperatiboa defendituko dut beti”

Oin bat Lizarran, bestea Iruñean. Halaxe dabil Josu Reparaz egunotan (Arbizu, 1965), galtzak bete lan. Iragan astean hautatu zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari, baina ikasturtea amaitu arte, jardunean izanen da azken 16 urteotan zuzendu duen Lizarra ikastolan ere.

Ikastola bat zuzendu duzu orain arte. Hemendik aurrera, 15 ikastola koordinatzen dituen erakundea kudeatuko duzu. Prest ikusten duzu zeure burua?

Erabakia hartzea ez zitzaidan batere erraza egin, Lizarra ikastolan oso gustura nagoelako; baina behin erabakia hartuta eta ikastola guztien babesa izanda, kargu berri hau arduraz, baikortasunez eta ilusioz hartuko dut. Nire bizitza profesionalean erronka berri bat da. Lankideen profesionaltasunak eta parte hartzeak indar handia ematen didate. Dena den, iraila bitarteko hilabete hauek eromena izango dira.

Alde handia dago Lizarran zenuen karguaren eta oraingoaren artean?

Bigarren mailako kooperatiba da NIE; beraz, ikastola bakoitzaren autokudeaketa oinarrizko kontua da. Nire ahalegina lidergo predagogikoa, administrazioaren eraginkortasuna, lantaldeen kohesioa eta ikastolen modernizazioa bultzatzea izango da.

Nola baloratuko zenuke zure aurrekoaren, Pello Mariñelarenaren ibilbidea?

Urte hauetan, ikastolek hobekuntza garrantzitsuak izan dituzte, horietako asko NIEtik bultzatu diren proiektuei eta lortu diren diru laguntzei esker. Horretan, Pellok zerikusi handia izan du. Ikastolak handitu egin dira, eta kokatuta dauden gizarteetan erreferente bilakatu dira alderdi pedagogiko, linguistiko eta sozialean.

Zeintzuk izanen dira zure erronka nagusiak hemendik aurrera?

Batetik, harreman instituzionaletara hurbilduko nau nire jardun berriak; baina, oro har, ikastolen gardentasunaren eta koordinazioaren hobekuntza izanen da nire xede nagusia. Ikastolak bizitzarako eskolak izan daitezen ahaleginean jardungo dut, horrek esan nahi duen berrikuntza pedagogiko eta metodologikoarekin. Irakaskuntza euskaldun eleanizkuna bermatzen duen proiektuan sakontzen segitzeko ahaleginak ere toki garrantzitsua izango du; euskararen erabilera eskola eremutik harago zabaltzeko konpromisoarekin. Azkenik, NIEtik bultzatuko ditudan proiektuek ikasleak izango ditu ardatz, eta horien bakarkako pentsamendua eta zentzu kritikoa garatzea.

Otsailean, Euskararen Legearen erreforma onartu zen Parlamentuan. Zer deritzozu?

Erreforma honek biztanleen eskubideen berdintasuna bermatzen duen heinean, egokia da. Aldaketa positiboa da hezkuntza sistemarentzat, eta, bereziki, euskarazko irakaskuntzarentzat. Euskararen normalizazio prozesuan urrats bat gehiago da, baina oraindik urrats asko falta dira, eremu ez-euskalduneko ikasleek ere euskaraz bizi ahal izateko eskubidea bermatua izan dezaten. Ikastolak izango dira eremu horretan murgiltze linguistikoa eskaintzen segituko duten ikastetxe bakarrak eta hori oso faktore garrantzitsua da benetako euskalduntzea lortu nahi badugu.

UPNk lege erreformaren kontra erabili izan dituen argudioetako bat da "eremu ez-euskalduneko ikastolei" kalte eginen diela. Ados al zaude horrekin?

Ez dut uste ikastolek jasan dezaketen balizko kaltea denik UPNren benetako arrazoia lege aldaketaren kontra egiteko. Ez dakigu erreformak zer-nolako eragina izango duen matrikulazioan, dakiguna da eremu erdalduneko ikastolek 44 urte daramatzatela euskarazko eta kalitatezko irakaskuntza sustatzen, langileen lanari eta familia askoren ahaleginari esker. Ez dira urte asko pasatu ikastola hauek itunpeko izan zirenetik, baina horrek ez du arindu hauen zorra. Ikastolak aitzindari izan dira euskararen hezkuntza eleanizkunetan, metodologia berritzaileen ezarpenean eta gurasoen partaidetza zuzenean. Ez dut uste Euskararen Legea aldatzeak hori guztia bertan behera utziko duenik.

Beste arazo eta polemika batzuei ere aurre egin beharko diezu. Besteak beste, LOMCE legea, edota UPNk euskarazko testuliburuen kontra abiaturiko sorgin ehiza. Zer egin dezake NIEk halako esku-sartzeen aurrean?

Ez naiz nekatuko gure hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen, jakinda oso emaitza onak eman dituela. Ikastetxe pribatu eta publikoen arteko eztabaida antzu horretan, ikastolen izaera kooperatiboa defendatuko dut, Ikastolak herritik jaio direlako eta herriarentzat egiten dutelako lan, auzolanaren balio erantsiarekin. Historikoki, ikastolek sortu dituzten testuliburuek eta bestelako baliabideek Europako hainbat aintzatespen eta sari jaso arren, debekatuak izan dira hemen; baina guk material propioen diseinuari eutsiko diogu. LOMCEren ezarpenari dagokionez, berriz, aldaketarik gogorrenetako bat ezar litezkeen kanpoko probak eta amaiera azterketak dira. Legeak dioenaren arabera ezartzen badira, eman beharreko edukiak eta metodologia baldintzatuko dituztelako.

Aurtengo Nafarroa Oinez lehenbizikoa izanen da zuretzat, NIEko zuzendari gisa. Nola daramazue prestaketa lana?

Oraindik ez naiz Nafarroa Oinez-en antolaketa orokorrean murgildu. Azken urte hauetan bezala, Artea Oinez erakusketaren antolaketan ari naiz, eta esan dezaket erakusketa bikaina izango dela aurtengoa. Baztan: barrutik eta kanpora izenburupean, euskal artearen tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu. Bestalde, Erronka —euskara ardatz hartuta, gazteei aisialdi osasuntsua eskaintzeko eta partaidetza aktiboa sustatzeko egitasmoa— indarra hartzen ari da, iazko eskarmentuaren ondoren. Oinez Basoa ere indartsu dago Baztanen, haraneko biztanle bakoitzeko zuhaitz bat landatzeko asmoa baitugu. 8.000 zuhaitz landatuko dira guztira.

Zirkua denon ogiaz pagatzen

"Osasunak plan ekonomiko serio bat aurkeztu zigun, eta guk onartu egin genuen Parlamentuan, uste baitugu Osasunari laguntza eman behar zaiola. Finean, Osasuna benetan maite dugunak UPN, PSN eta PP garelako". Yolanda Barcina presidenteak iragan azaroan egin zituen adierazpen horiek Television Española kate publikoan, talde gorritxoa ekonomikoki erreskatatzeko legea onartu ostean. Esaldi horrekin, agerian gelditu zen, Barcinarentzat, alderdi politikoak bi multzotan sailkatuak daudela: alde batean leudeke Osasuna maite dutenak; bestean, maitasunik ez diotenak.

Maitasun hori, ordea, polemika mikatz baten erdigunean dago orain, Osasuna auziko inputatu batzuek adierazi baitute Nafarroako Ogasunak bazuela klubeko agintariek egindako negozio ilunen berri. Deklarazio horiek ekaitzaren begian jarri dituzte UPNren gobernuko zenbait kargudun. Izan ere, Osasunarena ez da futbol talde baten barruan gertatutako ustelkeria kasu hutsa. Erpin anitzeko eskandalua da, eta hainbat faktore nahasten dira bertan.

ZER DA 'OSASUNA AUZIA'?

Bi hari nagusik osatzen dute Osasunaren inguruan sortutako mataza iluna: batetik, Iruñeko 2. instrukzio epaitegian ikertzen ari diren ustelkeria kasua (horri deitzen zaio Osasuna auzia); eta bestetik, auzi ekonomikoa edo zorrari dagokiona.

Osasuna auziak klubaren egungo zuzendaritzak eginiko salaketa du abiapuntu. Horren arabera, 2,4 milioi euro atera ziren Osasunaren kontuetatik azken bi denboraldietan, eta ez dago horien arrastorik ez justifikaziorik. Fermin Otamendi epailearen ustez, berriz, falta den kopurua handiagoa da: 3,7 milioi euro.

Angel Bizkai 24 urtez Osasunaren kudeatzaile izandakoak LFP Espainiako Futbol Liga Profesionalari aitortu zion 1,6 milioi euro erabili zirela sei partidatako emaitzak "erosteko". Ordainketak, ustez, bi higiezin kudeatzaileri zein Portugalgo Madeira uharteko Flefield sozietateari egindako fakturen bidez ezkutatu ziren. Baina delitu hori konfirmatuko balitz ere, diru asko galdu da bidean. Zehazki, 800.000 eta 2,1 milioi euro artean. Dirutza hori noren poltsikoan dagoen ikertzen ari da epailea orain.

ERANTZULEAK

Otamendi epaileak Patxi Izkoren eta Miguel Artxankoren zuzendaritzetako kideak jo ditu Osasuna auzia-ren erantzule nagusitzat, eta dagoeneko 12 pertsona inputatu ditu. Behin-behineko espetxealdia ezarri zien Artxanko presidente ohiari eta Txuma Peralta kudeatzaile ohiari —iragan den asteartean atera zen Artxanko kartzelatik, 500.000 euroren bermea ordainduta—. Horiez gainera, Osasunako beste hainbat kargudun ohi inputatu ditu epaileak: Izko, Bizkai, Jose Manuel Purroy, Juan Pascual, Diego Makirriain...

Erantzukizun zuzenaz harago, prozesu judizial honek agerian utzi du zeharkako erantzukizuna ere izan zutela beste hainbat erakunde eta kargudun publikok. Hala, Izkok eta Bizkaik epailearen aurrean azaldu zutenez, Nafarroako Ogasunak bazuen jarduera irregular horien berri, eta "beste aldera begiratu zuten".

Zehazki, Izkok adierazi zuenez, Ogasunak ikuskapen akta bat hasi zuen, klubak 500 euroko billeteekin egindako 300.000 euroko diru mugimendu batengatik, baina "kontseilari batek" espedientea geldiaraztea lortu zuen. Aurretik, Bizkaik esan zuen "Ogasun Departamentuko zerga-ikuskatzaile bat" ere jakinaren gainean zegoela eta operazio ilunak justifikatzeko laguntza eman ziola.

Ustelkeriaren lohiarekin zikintzeko arriskua ikusita, Nafarroako Gobernuak nahiago izan du ezjakinarena egin: "Ez dut horren gaineko informaziorik" esan du Lurdes Goikoetxea Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, bere departamentuaren inplikazioaz galdetu diotenean. Yolanda Barcinak, berriz, erantzukizun oro saihestu du, pilota Miguel Sanzen teilatuan utzita: "Nik dakidana esan dezaket, eta gobernu honek egiten duenaren erantzule naiz bakarrik". Iragan astean, Patxi Izkok eta Miguel Sanzek elkarrekin bazkaldu zuten Iruñean, baina Sanzen esanetan, "kasualitate hutsa" izan zen.

ZORRAREN AUZIA

Zalaparta mediatiko txikiagoa sortu du Osasunaren zorrari lotutako polemikak, baina desagertutako diru kopuruari eta dimentsio politikoari erreparatuta, ustezko iruzurren auzia baino larriagoa izan daiteke.

Izan ere, 2002. urtean Patxi Izko Osasunako presidentetzara iritsi zenean, talde gorritxoaren zorra 19,88 milioi eurorena zen. Iaz, berriz, horren laukoitza: 80 milioitik gorakoa. Bitarte horretan, Osasunak bere historiako kirol emaitza onenak eta lorpen handienak erdietsi zituen.

INSTITUZIOEN ARDURA

Zorraren pilatze neurrigabea ezin uler daiteke, Nafarroako Gobernuaren, legebiltzarraren eta Nafarroako Kutxaren inplikazioa aintzat hartu gabe: CANek hipoteka mailegua eman zion Osasunari 2003an, zorra berriro finantzatzeko. Urte horretan, parlamentuak foru lege bat babestu zuen, klubak zorrari erantzuten ez bazion gobernuak zorraren bermea aurkez zezan. Lege hark Ekonomia Departamentuari baimena ematen zion Osasunaren finantza operazioak zorrotz ikuskatzeko, baina gobernuak ez du inoiz halakorik egin, zorra etengabe pilatu baita ordutik. Iazko udazkenean jakin zen klubaren zorra 80 milioi euro zela eta, horietatik, 53 milioi zor zizkiola Ogasunari.

Azaroaren 27an, erreskate legea onartu zuten UPNk, PSNk eta PPk parlamentuan, bideragarritasun plan bat edo kontuen ikuskatzea exijitu gabe. Ordaintzeko baldintzak leundu zizkioten Osasunari, eta zorraren zati handienaren ordainean zenbait instalazio ematea (Sadar eta Taxoare) adostu zuten.

PSNk udal etxebizitzen ordenantza “edukiz hustu” duela salatu dute

Iruñeko egoera kontraesanezkoa da Geroa Bai, Ezkerra, Aralar eta Bilduko zinegotzien ustez. Gero eta kaleratze gehiago gertatzen dira hirian. Baina udalak 200 etxebizitza publiko baino gehiago ditu hutsik. Kontraesanari aurre egiteko, gizarte langileekin eta herri plataformekin adostutako udal etxebizitzen ordenantza proposamena aurkeztu zuten urtarrilean. EH Bilduk salatu duenez, baina, zuzenketen epean, "ordenantza aurrera ateratzeko aukera suntsitu du PSNk". Hurrengo agintaldirako uztea erabaki dute talde bultzatzaileek, egin ezean "ikuspegi sozialetik justifika ezina izango litzatekeen ordenantza" onartuko zutelakoan.

Bilduko zinegotzi Eva Arangurenek azaldu du PSNren jarrera: "Oposizioko gainerako indarrekin akordio bat lortzeari uko egin, eta ordenantzaren edukia deuseztatzeko 23 zuzenketa aurkeztu ditu". UPNren planteamendua bere egin duela salatu du, eta "marra gorriak" gainditzen dituen lau zuzenketa aurkeztu dituela, zerbitzuaren beharra duten pertsona eta familia gehienak kanpoan geratuko liratekeelako.

Larri dauden pertsonek udal etxebizitzak erabiltzeko aukera izatea du helburu Bilduk, Ezkerrak, Aralarrek eta Gero Baik garatutako proposamenak. "Tramitazioarekin jarraituz gero, lau zuzenketa horiek aurrera aterako zirela ohartarazi zigun PSNk, UPNren babesa zutelako", azaldu du Arangurenek. Horregatik, 2012an UPNk aurkeztutako eta udalbatzak baztertutako ordenantzak zituen "gabeziak" errepikatuko zirelakoan, tramitazioa gelditu dute. "Hauteskundeetan bestelako gehiengoak lortzen baditugu, berriz helduko diogu gaiari".

Hutsik dauden etxebizitza horiek erabili ahal izateko, ondoko baldintzak ezarri ditu PSNk, zuzenketen bidez: ikasketa, jantoki edota eskola garraiorako diru laguntzak diru sarrera gisa kontabilizatzea; etxebizitzak seme-alaba adingabeak dituzten familiek soilik erabili ahal izatea; urtebeteko kontratua salbuespenezko egoeretan soilik luzatu ahal izatea eta pilatze egoeran urtebetez bizi izana frogatu beharra. Neurriak "guztiz baztertzaileak" direla salatu du Arangurenek: "UPNren babesarekin, proiektua edukiz hustu dute".

Alokairu soziala helburu

"Espekulazioa gelditu eta hirigintza ustelkeria bertan behera uztea" da EH Bilduren helburua. Hala azaldu du Joseba Asiron alkategaiak. UPNren jarrera espekulazioa babestea eta ondare zein lurzoru publikoa xahutzea izan da, haren esanetan; eta horri aurre egiteko, etxebizitza sozialen aldeko Aloka proiektua aurkeztu du.

"Kaleratzeen aurkako plana bultzatuko dugu", azaldu du. Bankuekin harremana berraztertu nahi dute; udaltzaingoaren esku hartzea saihestu; eragileekin koordinatuz, aholkularitza lana egin; eta udal etxebizitzen ordenantza martxan jarri. Etxebizitza soziala sustatzeko bulegoa sortzea ere proposatu du EH Bilduk. Asironek dioenez, alokairu sozialeko etxebizitzen eta lurzoru publikoen poltsa osatzeko kudeaketa zuzeneko organoa izango da.

“Osasuna txotxongilo bat izan da, batzuen eta besteen eskuetan”

Osasunaren aktualitateari hurbiletik kasu egiten dio Rafa Aguilera Radio Euskadiko esatariak. Klubaren agintea bazkideei itzultzea xedetzat duen Kutz proiektuaren sustatzaileetako bat da.

Zer ari da gertatzen Osasunarekin?

Zehaztasun guztiak ez ditugu ezagutzen, eta, akaso, ez ditugu inoiz ezagutuko, baina laburbilduz, esanen nuke gertatzen ari den guztia aro baten amaieraren adierazlerik garbiena dela. Futbola ulertzeko (eta kudeatzeko) modu jakin baten amaiera, alegia.

Futbola aipatzen duzunean, futbol profesionalaz ari zara, ezta?

Bai, bai, eta ongi dago ñabardura hori azaltzea. Gauza bat da futbola, kirol jarduera gisa ulertuta; eta oso bestelako bat, futbol profesionalaren ikuskizuna. Negozioa.

Orain arte argitaratu dena izozmendiaren tontorra besterik ez dela diote adituek...

Hala ematen du, bai, baina goizegi da ezer ziurtatzeko. Oraingoz, ziur dakigun bakarra da Osasunaren diru kutxak hustu egin direla nolabait. Kontabilitateak adierazten duenez, diru hori atera egin zen klubetik, baina ez dago argi nora joan zen. Bizkai kudeatzaile ohiaren testigantza oinarri hartuta, badirudi partiden emaitzak erosteko erabili zela; baina gogoan izan behar dugu Bizkai ez dela lekuko soil bat. Aferan leporaino sartua dago, eta haren adierazpenak kontu handiz hartu beharko genituzke.

Horregatik diozu 'Osasuna auzia' ez, 'Bizkai auzia' dela hau...

Oraingoz, behintzat, bai. Finean, Angel Bizkai klubeko kudeatzaile nagusia izan da 24 urtez, eta denbora horretan, sei presidente izan ditu Osasunak: Fermin Ezkurra, Javier Garro, Juan Luis Irigarai, Javier Miranda, Patxi Izko eta Miguel Artxanko. Futbolaren negozioaren erdigunean egon da beti eta dirutzak maneiatu ditu. Erantzukizun apur bat izanen du auzi honetan guztian, ez?

Zein izan da, beraz, klubaren papera auzi honetan?

Antzezlan honetan, Osasuna tresna bat izan da, aktorea bainoago. Txotxongilo bat, zenbaiten eskuetan. Klubak partidak erosi zituen lehen mailari eusteko? Baliteke, baina kirolaz harago, futbolaren elitean mantentzeak baditu bestelako ondorioak ere; esate baterako, diru sarrera handiak kudeatzeko gaitasuna bermatzea. Are gehiago, klubak Nafarroako Ogasunari 53 milioi euro zor zizkiola argitaratu zenetik. Egoera horretan, batzuek ikusi zuten aukera bakarra zutela zorrak kitatzeko eta, aldi berean, kutxan eskua sartzen segitzeko: lehen mailari eustea. Nola edo hala.

Hain zuzen, Ogasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak beste alde batera begiratu dutela esan dute Bizkaik eta Izkok epailearen aurrean.

Argi dago Miguel Sanzen agintaldiak iraun zuen bitartean, laxokeria erabatekoa izan zela; bestela, ezin da ulertu Osasunaren zorra hainbeste handitu izana.

Eta hori ez al da partiden iruzurra baino larriagoa?

Falta den diru kopuruari erreparatuta, argi dago baietz. Normala da jendea haserretzea, Osasunak fabore tratua izan duelako, eta horri gehitu behar zaizkio klubak bestelako enpresa txikiekin eta hornitzaileekin dituen zorrak. Oso-oso handia da zuloa, eta administrazioak ez dio zentzuzko azalpen bat eman horri: nola liteke futbol talde batek halako zorra pilatu izana?

Zuk zeuk bota duzu galdera. Erantzunik baduzu?

Hasieran esan dizudan bezala, ziurtasunik ez dut, baina ezagutzen ditut aurrekariak. Jo dezagun, adibidez, San Antonio eta Itxako taldeen desagerpenera. Kirol erreferente handiak izan ziren biak ala biak, maila goreneko taldeak. Eta desagertu egin ziren, zorrek itota. Bide batez esanda, inork ez zituen zor horiek bere gain hartu. Bada, Osasunarekin antzeko zerbait gertatzen ari da, baina zorra askoz handiagoa denez, ez dut uste oraingo honetan gizarteak zapoa irentsiko duenik.