Nafarroa

Pirinioetan bizi eta lan egin nahi dutelako

Pirinioetan bizi eta lan egin nahi dutelako

Pirinioak aisialdirako espazio bat dira nafar anitzentzat. Asteburuetan edo oporretan bisitatu beharreko toki bat. Harat joan, eta handik itzultzeko ingurua. Pirinioetako herrietako biztanle anitzek ere egin dute handik hiriburura joateko urratsa. Iruñean aurkitu dute lana, eta hirian gelditu dira, herriak hustuz. "Neguak gogorrak dira, bai; komunikazioa txarra eta zerbitzuak eskasak. Baina ez dira horiek gure arazo nagusiak: gutxi garela, hori da kontua"

Horixe nabarmendu du Koldo Villalbak. Pirinioak ez dira aisialdirako gune harentzat; lantoki eta bizitoki ditu. Hori da egin duen apustua. Ez da bakarra. Aezkoa, Erroibar, Auritz, Luzaide eta Artzibarko herritarrek Pirinioetan Lan eta Bizi egitasmoan egin dute bat, eta mezu hori zabaltzeko jardunaldiak egin zituzten asteburuan.

Pirinioetako herrietan lan egin eta bizi diren hainbat eragilerekin mahai ingurua antolatu zuten, larunbatean. Villalbak hartu zuen parte. Orbaizetan bizi da, familiarekin. Ez da tokikoa bertakoa, ordea. "Bikotekidea eta biok iruindarrak gara; baina duela hamalau urte honat etortzea erabaki genuen, gustuko bizimoduaren bila".

Pirinioetako herritar anitzek azken urteetan egindako bidaiaren alderantzizkoa egin zuten, eta Orbaizetan maite duen hori lanbide bilakatzea lortu du Villalbak. Itari Natura enpresa sortu zuen, duela bost urte; bertzeen aisialdi bilakatu du bere lan esparru. "Bisita gidatuak egiten ditugu, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez". Iratiko basoa du Villalbak lantoki nagusi, eta Kataluniakoak, Madrilgoak eta Valentziakoak ditu bezeroak, batez ere. Euskal Herritik ere gero eta jende gehiagok jotzen du Itari Naturako arduradunarengana. "Hemengo jendeak uste du Irati ezagutzen duela, eta ez duela gidaririk behar. Baina guk basoa ikusteko beste modu bat eskaintzen dugu; landareei, animaliek utzitako arrastoei eta harriei ere egiten diegu so".

Pirinioak tokiko naturarekin lotzen dira, nagusiki, eta ezaugarri hori baliatu du Villalbak. Pirinioak basoak baino gehiago direla argi du, hala ere. Orbaizetan bizi da, eta halako herri bateko egunerokoak ezaugarri propioak dituela nabarmendu du. "Hemen ez dugu dendarik. Taberna bat bada, eta kultur elkartea ere sortu dugu. Hemen hori gertatzen da, tokiko jendeak hartu behar duela gauzak egiteko ardura; bertzela ez dugu deus".

Aezkoako Batzar Nagusian gertatzen dena jarri du horren adibide. "Hauteskundeak ditugu laster, eta berriz ere aurkeztea erabaki dut, inork ez duelako batzarreko kide izan nahi. Inplikazio gutxi dago. Iruñean segur aski gauza bera gertatuko da, baina jende gehiago bizi denez han, ez da deus gertatzen".

Zailtasunak zailtasun, Orbaizetan bizi nahi duela argi du Villalbak. "Hemen gustuko dudana egiteko aukera dudalako". Pili Fagoagak ere horixe du Pirinioetan. Aurizberrin jaioa da, eta herri hori du bizitoki eta lantoki. "Pirinioak turismoarekin lotzen ohi dira, baina ez da hori hemengo jarduera bakarra. Bada bertzerik". Zerbitzuen arloan aurkitu du Fagoagak bizimodua ateratzeko esparrua, hain zuzen ere.

Orbaizetako herrikide Irene Morenorekin jarri du abian Eskutik, zaharrak laguntzeko zerbitzua. "Zaharrak etxean artatzeko zerbitzuan aritu izan naiz ni lanean. Orduan konturatu nintzen zegoen beharraz". Garalur erakundeko teknikarien laguntzarekin bideragarritasunari buruzko ikerketa egin zuten, eta Fagoagaren usteak berretsi egin zituzten. "Badugu lanerako esparrua".

Fagoagak eta Morenok herritarrak eskualdean batetik bertzera mugitzeko zerbitzua eskaintzen dute. "Bankura, medikuarengana edo erosketak egitera laguntzen ditugu". Zaharren ardura duten zaintzaileen zama arintzeko ere egiten dute lan. Gainera, urtebetetze bestak eta gisakoak antolatzen dituzte, "jendeak elkartzeko aukera izateko".

Udalbiltzaren 6.000 euroko diru laguntza jaso eta gero, buru-belarri murgildu ziren Fagoaga eta Moreno haien proiektuan. Irailetik ari dira betean lanean. Kontent dago Fagoaga, herritik ez baitu kanpora atera nahi lanera. "Nahiago dut gutxiago irabazi eta herrian gelditu". Hamalau urterekin Iruñera joan behar izan zuen ikasketak amaitzera, eta 22 zituenean itzuli zen herrira. "Beti izan dut hemen lan egiteko aukera". Bertzelakoa zen Morenoren egoera. "Langabezian zegoen Eskutik sortzeko aukera sortu zenean". Fagoagak argi du inor ez dela Pirinioetako herrietara joanen inbertsioak egitera. "Administrazioa ez da gurekin oroitzen; ez urruti gaudelako, edo errepideak txarrak direlako; gutxi garelako baizik. Guk bilatu behar dugu gure bizimodua ateratzeko behar duguna".

Laurentxi, 1999tik

Fagoaga era askotako jarduerez ari da; ez bakarrik lanaz. Bertze edozein tokitan bezala, Pirinioetan ere lana ez baita dena. Horixe ongi dakite hango emakumeek. Ibar bakoitzean bazen emakume talde bat, eta 1999an, Laurentxi elkartean bat egitea erabaki zuten. Kulturarekin eta kirolarekin lotutako ekitaldiak antolatzen dituzte, genero ikuspuntua nabarmenduz, betiere. Urtero, gainera, topaketa egiten dute Pirinioetako emakumeek, erronka berriak mahai gainean jartzeko, errateko dutena zabaltzeko. "2016an Laurentxik prestatuko du topaketa", erran du Elena Jimenez kideak.

Bizkarreta-Gerendiaingoa da Jimenez, eta han bizi da. Lan, berriz, Garraldan egiten du. Villalbak eta Fagoagak bezala, Pirinioetako herrietako populazioaren tamaina jo du arazo nagusi. "Gutxi gara, eta horrek esparru guztietan badu eragina". Laurentxi elkarteko kideek sumatzen dute eragin hori. "Administrazioaren tokia betetzen dugu guk, neurri handi batean; berdintasun teknikaririk, adibidez, ez da hemengo herrietan; anitzetan herritarrek guregana jotzen dute zuzenean".

Administrazioaren babes horren falta agerikoa dela argi utzi du Jimenezek. "Aisialdia eta kultura ez dira lehentasuna". Herritarrei esker, hala ere, gauza anitz egiten dituztela nabarmendu du. "Eta herriz herri egiten dugun horren berri eman beharko genuke". Pirinioetan lan eta bizi direnen uzta baita.

Iritzia: Urrezko domina liburuzain bati

Jimeno Juriori Nafarroako Urrezko Domina eman zioten joan den abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, Euskararen Egunean. Ezin data aproposagorik. Pozgarria benetan pertsona hori aukeratu izana, egin zuen ikerketa lan guztiak egin eta gero aski ongi merezitakoa baitzuen errekonozimendua, hil eta hamahiru urtera eman badiote ere…

Baina, dudatan nago harritzekoa ote den edo ez, liburuzaina ere izandakoaren bizitzaren partea ez baita aipatzen. Historialari, etnografo, ikertzaile… eta liburuzain. Zerrenda osatzen duen ogibide garrantzitsua eta zuzenean egiten zuenarekin lotua, baina berari buruz ari direnean gehienetan atzendua...

"1970. urtetik aitzin…" irakurri dut dominaren harira egindako zenbait artikulutan, eta pentsatu, orain aipatuko dute urte hartatik aurrera liburuzain lanetan ibili zela. Baina ez, ezta ere. Data hortan erreparatzen da, preseski hortan, baina ez San Pedroko liburutegiko zuzendari izendatu zutela errateko, Iruñeko lehen auzo liburutegia ireki zela aipatzeko (datu horrek berak daukan garrantziarekin, Jimeno Jurio buru egon edo ez) baizik, eta urte hartatik aitzin bere lan garrantzitsuenak egin zituela errateko. Eta nik pentsatu: eta zergatik ez da aipatzen liburutegien munduan ere aitzindari izan zela? San Pedroko liburutegia ireki eta lehenengo egunetan izandako jende jarioa zela-eta sarrera 14 urtetik goitikoei mugatu behar izan zitzaiela? Hala ere, bera horrekin ados ez eta haurrentzako gela bat irekitzea proposatu zuela, irakurketa ttikitatik sustatzea garrantzizkoa zela uste zuelako? Hau da, bildu zuen informazio hori guztia biltzeaz gain, denon eskura jartzea garrantzizkoa zela pentsatzen zuela erratea, eta denon eskura liburutegian baino inon hobe egonen zela pentsatzen zuela. Ikertu eta informazioa zabaldu, txanpon beraren bi aldeak direla, alegia. Bata ikerlariak egina, bertzea, liburuzainak. Bietan, bera. Horrela pentsatzen zuen hark, horrela egin zuen. Eta horrela mantentzen da gaur egun, Jimeno Jurio deituriko San Pedroko liburutegian haren lan guztiak biltzen dituen tokiko funtsean.

Hortaz, harritzekoa dela diot lan horiek guziak aipatu eta goraipatzen direnean, eta berak nahi izan zuen bezala denon eskura non aurkitu daitezkeen ez aipatzea. Nafarroako Liburutegian ere, Nafarroako ondarea izanik, haren lan gehiena bilduta dago, eta, Urrezko Domina dela-eta, interes gune berezi bat egin da oraindik ere eskuragarriago paratuz eta, bide batez, Jimeno Juriok liburuzain lanak nola egiten zituen erakusketa baten bitartez erakutsiz.

Baina hori dena ez omen da interesgarria edo, bederen, mediatikoa. Toki guttitan ikusi dut nik, edo, agertu bada, albiste nagusiaren aldameneko artikulu ttiki batean izan da, informazio gehigarri gisa, osatzeko edo.

Arrazoia izanen zuen Tomás Yerrok, azaroan Nafarroako Liburuzainen Elkarteak antolatutako Jardunaldi Profesionaletan, liburuzainaren ofizioa ez dela aski baloratzen edo ikusarazten zioenean. Hedabideetan ez zela apenas agertzen zioen hark, eta nik erantzun ez nengoela guztiz ados, nire izena eta nire ogibidea hilabetero ateratzen zirela BERRIAN, adibidez. Baina ni ez naiz inor, eta norbait baden Jimeno Juriori ez bazaio liburuzain hitza hasieratik lotzen, zer pentsatu ematen du…

Agendatik atera dute euskara

Agendatik atera dute euskara

Zazpigarren puntuaren izenburuak zalantzarako aukera gutxi uzten zuen: "Euskara plana indargabetu, eta udala Uematik atera". Ezustekorik ez zen izan joan den ostiraleko osoko bilkuran, eta Lesakako Geroa Baik bere gehiengoa baliatu zuen bozketa bakar baten bidez bi erabaki horiek hartzeko. Talde horretako sei zinegotziek egin zuten proposamenaren alde; EH Bilduko bostek, aldiz, kontra. Aurrera egin zuen, beraz: Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateari utziko dio Lesakak, eta euskara planik gabe geldituko da udala, gainera. Agendatik atera dute euskara.

Osoko bilkuran errandakoei eutsi die Geroa Baiko alkate Jose Luis Etxegaraik. EH Bilduko zinegotzien "presioak" gogor salatu ditu, eta presio horien ondoriotzat jo ditu hartutako erabakiak. Lotu egin ditu biak, gainera; Uematik ateratzea eta euskara plana indargabetzea, alegia. "Finean, Uemak inposatutakoa zen Lesakako euskara plana; erabaki batek bertzea ekarri du".

Jose Luis Etxegaraik behin eta berriz errepikatu du: "Ez dugu inolako inposiziorik onartuko; presiopean ez dugu lanik eginen". Geroa Baik alkatetza lortu zuenean euskara plana ezartzeko asmoa bazuela erantsi du alkateak. "Baina gure abiaduran". EH Bilduk hori egiten ez diola utzi erran du Etxegaraik. "Egunero etorri zaizkigu hau eta bertzea egin behar genuela erratera. Egin beharrekoak eginen genituela erantzun diegu beti, baina ez digute aukerarik eman; horregatik hartu ditugu hartutako erabakiak; presio hori kentzeko".

Diru kontuak ere mahai gainean jarri ditu Lesakako alkateak. "Zein da kontua, norbait askatzea euskararen alde egin dezan? Euskararen alde inor ez da ari doan. Bortzirietako Euskara Mankomunitatean gaude, eta horretarako ere 86.000 euroko saila dugu; bertze 7.000koa Uemarako; eta itzulpenak egiteko ere laguntzarik ez digute ematen".

Etxegaraik ukatu du euskararen aurka egin dutela. Euskararen egoerak ez du zerikusirik Ueman egotearekin, haren hitzetan, eta euskara planik gabe ere udaletxean jendea orain arte bezala artatuko dutela gaineratu du Lesakako alkateak. Euskararen alde, gainera, jendea "konbentzitu" egin behar dela erran du, "hizkuntza inposatu beharrean".

Are gehiago, Frankismoaren garaian euskaraz mintzatzen zirenen egoerarekin alderatu du orain herrian gaztelaniaz ari direnena: "Gazte garaian nola mintzatu erraten ziguten. Baserritik herrira jaitsi, eta euskaraz aritzeagatik irri egiten ziguten; eta irri egiten ziguten horien seme-alabek eta ilobek orain bertze diktadura bat jarri nahi dute, baina bertze aldera egiteko, berriz ere errateko nola mintzatu", erran zuen Etxegaraik, osoko bilkurako eztabaidan.

Euskararentzat gauzak ez dira aldatuko Lesakan. Horixe nabarmendu du herriko alkateak. Bere horretan jarraituko dutela, Ueman egoteak eskatzen dituen konpromisoak betetzeko beharrik izan gabe ere; udaletxean euskararen erabilera normalizatzea helburu duen plana izan gabe ere.

"Lesakak hautsi du zubia"

Lesakako Udalak hartutako erabakiek izan dezaketen eraginari buruz kezka handia agertu dute herriko Euskara Batzordeko kideek, ordea; bai eta Uemako eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateko arduradunek ere. "Penaz" hartu dute erakundeotako ordezkariek Lesakako Udalak egindako urratsa.

Penaz, bereziki, Uemak. Mankomunitateko lehendakari Josu Labakak argi utzi du, hala ere, orain arte zutik ziren elkarlanerako zubiak Lesakak hautsi dituela. "Udal horrek hartu du erabakia; guk, noski, errespetatzen dugu, baina ez dugu bat egiten. Mila galdera eta kezka sortzen dira orain, Lesakak euskara sustatzeko hartuko duen jarrerari buruz; eskualdeko ikuspegia lantzea ere zailagoa izango da orain". Elkarlanerako atea, hala ere, zabalik utzi nahi du Labakak. "Espero dut bidean berriz ere bat egitea Lesakako Udalarekin; herritarren babesa badugu".

"Atzerapauso handitzat" jo du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Mentxu Peñak ere Lesakan gertatu dena. Bortzirietako bost herriak ziren, orain arte, Uemako kide. Lesakak bakarrik utzi ditu, orain, bertze laurak. Bat eginda jarraituko dute, hala ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitatean. Lesakak bi ordezkari ditu erakunde horretan; biak dira EH Bildukoak, udal gobernuko kideek hala erabakita. Mankomunitateak, halaber, batzorde bana du eskualdeko herri bakoitzean. Euskaltzale orok du parte hartzeko aukera; bai eta alderdiek eta eragileek ere. EH Bildu badago; Geroa Bai, berriz, ez. Uemako batzarrean ere, ordezkaririk ez du izan Geroa Baik. Lesakari hiru zegozkion, baina bakarra izendatu zuen udalak: oposizioko kide Maider Arrieta.

Lesakako Euskara Batzordeko kide da Edurne Rekondo, eta "larritzat" jo du joan den asteko osoko bilkuraren ondotik sortu den egoera. Geroa Baik agintea hartu eta berehala hasi ziren euskara plana betetzeko trabak, Rekondoren hitzetan. "Hainbat lehiaketa publikotan hizkuntza irizpideak ez dituzte kontuan hartu".

Plana aurrera eramateko jarraipen batzorde bat bada udalean, baina euskara batzordeak eskatu arren, ez du bilerarik egin, arazoari buruz eztabaida egiteko, Rekondok salatu duenez. Etxegaraik erran du euskara plana ez zela ordenantza; ez zutela betetzeko beharrik, alegia. Ez du horrekin bat egin Rekondok: "Udalak onartutako plana zen, eta betetzeko zegoen".

Plan horren xedea, edonola ere, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzea zela nabarmendu du Euskara Batzordeko ordezkariak, eta kezkagarritzat jo du, ondorioz, bertan behera utzi izana. "Geroa Bai gauzak nahasten ari da; planak ez zuen inposatzen, ez zuen euskaraz ez dakien inor euskaraz egitera behartzen".

Herrian hori argi uzteko eta azaltzeko beharra badela uste du Rekondok. Hori dela eta, Euskara Batzordeak bilerara deitu ditu herritarrak, abenduaren 18rako. Batzordeak, gainera, plan berria onartzeko prozesua jarri nahi du martxan. "Orain arteko plana oinarri hartuta, hura egokitzeko eta berriz martxan jartzeko urratsak egin nahi ditugu; Uemak egina zen, baina Lesakarentzat, eta batzordearen oniritziarekin". Rekondok uste du udalak hutsetik hasi nahiko duela plan berri bat. Ostiraleko osoko bilkuran, dena den, alkateak argi utzi zuen orain ez dela plan hori egiteko momentua. "Baditugu bertzelako lanak". Geroa Baiko Nafarroako arduradunek, berriz, auziari buruz ez dutela deus errateko azaldu dute.

Euskara plan batek zer ekartzen duen azaltzeko beharraz bat egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Mentxu Peñak Rekondorekin, eta erakunde horretatik ere "pedagogia" egiteko beharra nabarmendu du. "Euskaraz ez dakitenak eta alfabetatu gabeko euskaldunak haien eskubideak kontuan hartuko ez dituzten beldur dira; lan egin behar dugu herritarrei argi uzteko helburua dela euskara bere tokian jartzea". Lesakak hartutako erabakiei buruz, herriak atzera egin duela azaldu du Peñak. "Pena da alkate euskaldun batek jarrera hori izatea".

Tresnak tonuan jartzeko ordua

Tresnak tonuan jartzeko ordua

Datorren ostegunean Baluarten emango duten kontzertua prestatzeko ari dira lanean, egunotan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikariak. Tresnak tonuan jartzeko ordua dute. Oholtza gainean jotzeko; bai eta agertokitik kanpo ere. Gorabeheraz betetako urteak izan dira azkenok Nafarroako orkestrako kideentzat: murrizketek eragin diete, batetik; irailean egindako ikuskaritzak, bertzetik, ustezko irregulartasunak utzi ditu agerian erakunde horren kudeaketan. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko oraingo arduradunei dagokie datozen urteotarako norabidea zehaztea.

Departamentuko agintariek, hasteko, irailean egindako ikuskaritzak agerian utzitako datuak aztertzeko eskatu diote Nafarroako Kontuen Ganberari. "Horretan ari dira, eta txostena laster jasotzea espero dugu", azaldu du Kultura zuzendari Fernando Perezek. Kontuak "argitu" nahi dituzte, orkestrak etapa berri bat hasi ahal izateko. Ustezko irregulartasunena izanen da jorratu beharreko arloetako bat, bide berri horretan urratsak egiteko; baina ez da bakarra izanen. Aurrekontuak eta orkestraren egoitzaren auzia ere badaude mahai gainean, bertzeak bertze.

Kudeaketa "gardena"

Ikuskaritzak agerian utzitako datuen berri Nafarroako Orkestra Sinfonikoko egungo kudeatzaile Joaquin Romerok eman zuen, lehendabizikoz, joan den maiatzean. Romeroren zalantzak berretsi zituen ikuskaritzak.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Santa Cecilia Orkestran du jatorria; Pablo Sarasatek sortu zuen, 1879. urtean. Egungo orkestra Pablo Sarasate Fundazioak kudeatzen du. Fundazio hori 1997an jarri zen martxan, eta sustatzaile ditu Nafarroako Gobernua, Santa Cecilia Kontzertu Elkartea eta Iruñeko Udala.

Kudeaketaren inguruko zalantzek 2007-2014 urte bitarteko epea hartzen dute. Garai horretan, Florentino Briones zen orkestrako kudeatzaile. Kultura kontseilari Ana Herrerak berak joan den urrian azaldu zuenez, Santa Cecilia Kontzertu Elkartearen eta Pablo Sarasate Fundazioaren arteko kontuen kudeaketan gertatu dira ustezko irregulartasunak. 325.728 euro da bi elkarteon arteko kontuetan ageri den aldea. Santa Ceciliak 2007tik 2014ra bitarte pilatutako kopurua litzateke hori. Kontua da 2007. urtera arte Pablo Sarasate Fundazioak berak kudeatzen zituela denboraldirako abonamenduen diru sarrerak. "Urte horretan, Santa Ceciliak hartu zuen bere gain lan hori; argi ez dauden hainbat kontu aurkitu ditugu; Santa Ceciliak bere kudeaketarako gastuak aipatzen ditu, bai eta Florentino Brionesi egindako hainbat ordainketa ere, bertzeak bertze haren etxebizitzaren alokairua pagatzeko. Hori guztia argitu beharra dago", erran du Perezek.

Orkestrako musikariek ere "gardentasuna" eskatu dute. "Iraganean gertatu dena argitzea nahi dugu, eta aurrera begira ere, kudeaketa gardena egin dezatela", nabarmendu du Nafarroako Orkestra Sinfonikoko langile batzordeko buru Ferran Tamaritek.

Musikarien lanaren alde egin du Tamaritek, eta argi utzi du gobernuak orkestrak aurrera egitea nahi badu, haren aldeko apustua egin behar duela. "Gure aurrekontuaren %90 diru publikoak ematen digu; baina ez guri bakarrik; munduko orkestra guztietan gertatzen da hori", azaldu du.

Izan dituzten murrizketak salatu ditu. 5,7 milioi euro izan zen aurrekontua 2010. urtean. Kopuru horrek behera egin du azken urteotan. 2016ko aurrekontuen proiektuan, 3,7 milioi euroko diru saila jaso du Kulturak orkestrarentzat.

Kultura zuzendariak argi utzi du kopuru hori ez dutela aldatuko. Nabarmendu du, gainera, departamentuaren helburua dela arlo guztien arteko oreka lortzea. "Sail guztiak dira inportanteak. Orain arte, adibidez, arte plastikoek gutxi jaso dute, eta diru sail hori handitu dugu".

"Orkestrak Nafarroako errealitate ekonomiko eta sozialera egokitu beharko du", gaineratu du Fernando Perezek. Tamaritek, berriz, "egonkortasuna" eskatu du, musikariek haien lana egin ahal izateko. Orkestrak, bertzeak bertze, hainbat urtetarako hitzarmena eskatu dio gobernuari. Horrekin ados da Perez, eta Kultura Departamentuaren asmoa hori dela azaldu du. Orkestrako kideekin lan egiteko prest da, lan baldintzak egonkortze aldera. Erran du, hala ere, orkestrak bertze diru iturri batzuk bilatu behar dituela.

Perezek ez du bat egin orkestrako kideekin egoitzaren auzian. Egun musikariek Barañaingo auditoriuma erabiltzen dute entseguak egiteko, eta Baluarte kontzertuak egiteko. Tamaritek uste du azken horrek beharko lukeela haien egoitza. Kulturak, berriz, Barañainen alde egin du. Elkarrizketari eman nahi dio bidea. Denen artean orkestraren bidea zehazteko.

“Gure inguruaren nahiak asetzen ditugu, gureak alde batera utzita”

“Gure inguruaren nahiak asetzen ditugu, gureak alde batera utzita”

Pertsona helduago baten azaletik kontatu du Esti Martinezek (Iruñea, 1991) haurdun geratu nahi ez duen baina gizarteak haurduntzen duen emakume baten istorioa. Horregatik, irakurle asko eta epaileak harritu egin dira Zuberoa Oteiza izenordearen atzean Martinez zegoela jakitean: 24 urteko gazte bat. Arratsalde batean gertatzen da guztia, baina, lerroz lerro, bederatzi hilabete igaro direla sinetsarazi dio egileak bere lana eskuetan hartu duen orori. Baita epaileari ere. Azkenean, Martinezen Silikonazko sabela narrazioak jaso du 25. Pedro Atarrabia literatur lehiaketako saria.

Nola jaso duzu sariaren berria?

Epaileetako batek, Felipe Juaristik, deitu zidan duela pare bat aste, eta haren ahotik jakin nuen euskarazko narrazioen saria niri ematea erabaki zutela. Bere iritzia ere esan zidan, baina orduan ez nuenez uste dei hori jasoko nuenik, ez dut ondo gogoratzen zer esan zidan [barre artean]. Badirudi norbait helduagoa espero zutela, idazteko moduagatik eta kontatzen den istorioagatik. Egia esan, nahiko balorazio ona egin zidan, eta hori ere sorpresa polita izan da niretzat.

Baina ez da jaso duzun lehenengo saria.

Esan daiteke lehenengo sari handia Pedro Atarrabia izan dela. Horrez gain, duela bi urte Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako sormen saria irabazi nuen Deiaren zain lanarekin, eta, horren aurretik, Iruñeko Udalak aipamen berezia eman zidan idazle berrien lehiaketan; baina handiena hau izan da, zalantzarik gabe.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Betidanik gustuko izan dut irakurtzea, txiki-txikitatik. Nerabea nintzenean hasi nintzen gauzak idazten, eta azken lauzpabost urteotan ipuinekin hasi naiz, edo, behintzat, lehendik idazten nuenari forma eta itxura pixka bat ematen.

Silikonazko sabela ipuinak jaso du azken saria. Amatasuna edo amatasunik eza da narrazioaren ardatza. Nola bururatu zitzaizun gaia?

Aspalditik idatzia nuen; ez nuen sariketa honetarako idatzi bereziki. Berez, beste istorio batekin hasi zen guztia, baina pixkanaka forma aldatzen hasi nintzen, eta hau da atera den emaitza. Amatasunaren gaiarekin adierazi nahi nuen askotan gure inguruaren desioak asetzen ditugula, gureak alde batera utzita. Uste dut amatasunaren kontuarekin jende asko horrela senti daitekeela. Behar bat iristen denean edo adinera iristerakoan, badirudi tokatzen zaizula eta hori dela zure inguruak eskatzen dizuna. Nahiz eta zure benetako nahia ez izan.

Nola laburbilduko zenuke istorioa?

Normalean, zail samarra egiten zait istorioa zertan datzan azaltzea. Protagonista neska gazte bat da, eta bat-batean, espero ez duenean, haren inguruko lagunak haurdun geratzen hasten dira, tantaka-tantaka. Konturatu gabe, puntu kritiko horretara iristen da, eta inguruak nolabait haurduntzen du neska. Badirudi haurdunaldi horietaz kutsatzen dela. Ipuina denboran, berez, arratsalde bateko kontua da, baina egun horretan haurdunduz doa, eta ipuina erditzearekin amaitzen da.

Baina ez da haurdunaldi erreal bat, ezta?

Beste modu batera ere interpreta daiteke agian; ireki samarra da. Nik ezetz esango nuke, ez dela benetako haurdunaldi bat. Arratsalde bateko istorioa da, eta ez bederatzi hilekoa. Aipatzen den guztia ilusio moduko bat da, sinbolikoa. Ardatza silikonazko sabela da. Horrekin benetakoa ez den zerbaiti erreferentzia egin nahi izan diot. Gainera, azkenean badirudi pertsonaia silikona zati bat maitatzera heltzen dela.

Amonaren bizimoduarekin hasi duzu istorioa.

Belaunaldien arteko harremana dago lerro artean, amona-bilobek elkar ezagutu ez zuten arren. Protagonistaren amona inudea zen, eta, seme-alabak etxean utzita, Santanderrera joan behar izan zuen beste batzuen haurrak elikatzera. Protagonistak ere, hein batean, bere inguruaren desioak elikatzen ditu. Erditzera iristen da, eta badirudi bera ere ongi sentitzen dela, eta horri esker lagun artean onartuko dutela.

Zertan dira berdinak amona eta biloba?

Bakoitzaren izaera ez dut askorik landu. Hasieran, islatu nahi izan nuen amonak etxean hutsune bat utzi zuela, eta nolabait berak ere jasotzen duela amonak utzitako zulo hori bere belaunaldian. Amona oso bakarrik sentitzen da hartzen duen erabaki horretan, eta protagonista ere, jendez inguratuta egon arren, nahiko bakarrik sentitzen da.

Gorka bikotekidea dauka ondoan. Errealitatean maiz gertatzen den moduan, Gorkak aita izan nahi du, baina protagonistak oraindik ez.

Istorioan muturrera eramaten da kontu hori, eta, azkenean, neskak silikonazko sabela erabiltzen du, haien harremanean dagoen hutsune hori betetzearren edo. Bikote harremanean uste dut askotan iristen dela momentu bat non batak nahi duen eta besteak ez. Era berean, badaude bikote asko haien hutsuneak betetzeko seme edo alaba bat edukitzen dutenak. Kasu honetan, antzeko zerbait gertatzen da, baina benetako umerik gabe.

Zuk ere noizbait sentitu duzu zeure burua zerbait egitera behartua, ingurukoek behartua?

Behin baino gehiagotan. Pertsonaiaren kasua ez da nire errealitatera hurbiltzen, baina bai egoera orokorra. Haurdunaldiaren kontuarekin inguruaren eragina islatu nahi izan dut, baina ez da gai horretan bakarrik gertatzen den zerbait. Lagunartekoen eragina, eta, oro har, gizartearena oso handia da gure kulturan. Askotan zuk zerbait egin nahi duzu, baina ingurukoen beldurrez ez duzu egiten. Gehiegitan gertatzen da hori.

Bizirik atera dira

Bizirik atera dira

Lorea, Edurne, Izar eta Nora; asmatutako lau izen, benetako bertze horrenbertze emakumeren istorioak kontatzeko. Indarkeriazko istorioak dira. Indarkeria matxistak erdi bi egin baitzituen laurak. Hautsi egin zituen, haien bizitzaren une batean. Iraindu, mehatxatu eta kolpatu egin zituzten, ia hil arte. Agerikoak dira orbainak haien azalean; eta ikusten ez badira ere, mingarriagoak dira gogoan iltzatuta gelditu zaizkienak. Beldurra hurbil sentitzen du Edurnek, oraindik ere; bakardadearen eta babesgabetasunaren beldur da, berriz, Nora. "Sistemak ez du funtzionatzen", salatu du Loreak. Eta gizartearen ardura agerian utzi du Izarrek: "Epaitu nautela sentitu dut". Elkarri ematen diote babesa, hautsitakoa konpontzeko prozesuan. Barrukoa kanpora atera dute orriotan, mezu hori zabaltzeko: aurrera egin daitekeela. Haiek egin dute. Bizirik atera dira. "Ez isildu, eta salatu", erran nahi izan diete indarkeria pairatzen ari diren emakumeei.

Indarkeria matxista sufritu eta bizirik atera direlako, hain zuzen ere, argi utzi dute ez dituztela nahi hitz hutsak. Ez dela hori emakumeek behar dutena. Ekintzak nahi dituzte. Emakumeak lagundu eta babestuko dituzten neurriak. Agintari konprometituak, argazkia bilatzen duten horien tokian. Enpatia. "Gizartearen isiltasunak ere kolpatzen gaituelako", nabarmendu du Norak.

"Hain da garrantzitsua babesa!", berretsi du Izarrek. Gogoan du, ordea, berarenganako hoztasuna; epaitegietan eta ospitalean jasandako tratu hotza. 49 urte ditu, eta 15 urtez egon zen ezkonduta; tratu txar psikologikoak sufritu zituen. "Orduan ez nintzen konturatzen, baina ezkondu bezain pronto hasi zen nire kontrako indarkeria; hasieran zolia zen, baina areagotuz joan zen denborak aurrera egin ahala". Senarrak ez zuela deustarako balio errepikatzen zion, behin eta berriz. Ez zuela deus egiten ongi. Ez zela deus lortzeko gai. Eta Izarrek sinetsi egin zuen. Sinetsi egin zuen ez zela inor. Eta depresioak gogor jo zuen, ondorioz. "Ezin nuen lo egin; ezin nuen deus jan; hamabost kilo argaldu nintzen". Medikuek emandako pilulak baino ez zituen hartzen, egunez eta gauez. "Banekien ezin nuela horrela jarraitu; gizon hura utzi behar nuela; baina kosta egin zitzaidan erabakia hartzea".

Egin zuen, azkenean. "Nire bizitza hagitz tristea zela konturatu nintzen; egin behar nuela zerbait". Arazoak ez ziren dibortzioarekin amaitu, ordea; indarkeriak jarraitu zuen. "Banandu eta gero, nire kontra egin zuen. Hasi zen niri jazartzen; karrikara atera, eta atzetik nuen beti; telefonoz deitu, eta iraintzen ninduen; mehatxu egiten zidan; alaba kenduko zidatela erraten zidan, erotuta nengoela". Beldurrak hartu zuen Izar.

Senar ohia salatu zuen, baina auziak ez zuen aurrera egin. "Indarkeria psikologikoa jasan duzula erakustea hagitz zaila da, oraindik ere". Lezio hori ikasi zuen Izarrek, eta etorkizuna beltz agertu zen haren aurrean. "Ez nuen aurkitzen nire egunerokoa aldatuko zuen konponbiderik. Hagitz gaizki nengoen. Pilula potoa osorik hartu eta ia...". Izarrek ezin izan du esaldia amaitu. Ia hil egin zen. Ospitalera garaiz eraman zuten, ordea. Eta onik atera zen. Gogoan du, hala ere, erietxean inork ez zuela bere egoera indarkeria matxistarekin lotu. Medikuek ez zutela inolako txostenik idatzi, hori aipatu eta salatzeko. "Psikologia saileko gaixoa nintzen ni orduan; nire historia medikoa bazuten. Baina ez zuten deus egin. Eta nik hil egin nahi nuen. Bertzerik ez. Hil egin nahi nuen".

Psikologo batek eman zion une hartan behar zuen laguntza. "Familiari ia ez nion deus erran gertatzen ari zenaz. Ahizpari bai, eta hark anitz lagundu zidan. Hainbat lagun nire kontra jarri zituen senar ohiak, ordea. Bertzeentzat pertsona ona eta atsegina zen, beti laguntzeko prest zena". Izarrek ongi ezagutzen zuen, ordea, eta psikologo haren eskutik, azkenean, paper batean jasota gelditu zen Izar indarkeria matxistaren biktima zela. Hasi zen hobera egiten, eta bertze emakumeen eta hainbat elkarteren babesarekin, aurre egin zion senar ohiari. "Konturatu zenean ez nintzela isiltzen eta borrokatzeko gai nintzela, bakean utzi ninduen".

Nerabezaro lapurtua

Jasandako indarkeriak hamaika ondorio eragin zizkion Izarri. Psikologoek artatu beharrekoekin batera, baita bertze hainbat motatakoak ere. Ekonomikoak, adibidez. "Zenbait lan galdu egin nituen depresioak jota egon nintzenean; alaba galtzeko beldurrak ere behartu ninduen etxean gelditu eta hainbat lanposturi ezetz erratera".

Edurneri ere, ikasteko eta nahi zuen lanpostua bilatzeko aukera ebatsi zion indarkeria matxistak. 50 urte ditu, eta 13 zituenean amaren etxetik atera zuen gizon batek. Nerabezaroa lapurtu zion. Amets guztiak. Bere seme-alaben aita dena espetxean da egun, bertze emakume bat hiltzeagatik. Kartzelatik baldintzapean aske atera zenean hil zuen. Alaba adingabea bortxatzeagatik zegoen barruan. Lau urte barru beteko du zigorra, eta une horren beldur bizi da Edurne.

Sorterriko gizartearen matxismoa goiz ezagutu zuen Edurnek. "13 urte nituenean, nire atzetik hasi zen 20 urteko mutil bat; haren aitak nirea ezagutzen zuen, eta egun batean haren etxera gonbidatu ninduten urtebetetze besta batera. Joan nintzen, baina, besta amaituta, gizonak ez ninduen nire etxera eraman nahi izan, bueltan. Biharamunean ailegatu nintzenean, amak bota egin ninduen. Gizon haren etxean gelditu behar izan nuen".

Haur bat bertzerik ez zela nabarmendu du, behin eta berriz. Gizonaren etxean, kolpeak lehen unetik bilakatu ziren eguneroko kontu. "Tortura zen hura". 15 urterekin izan zuen lehen seme-alaba. Bost ditu, denera. Laugarrenaren haurdunaldian, sabela zapaldu egin zion bikotekideak Edurneri. Handik hiru egunera jaio zen haurra, behar baino lehen. "Ia hil egin zen".

Kolpeak, irainak, mehatxuak. Bai eta seme-alaben aurkako tratu txarrak ere. Etxea infernu bihurtu zion gizonaren indarkeriak familia guztiari. Bosgarren haurra jaio baino lehen, senide baten etxera ihes egitea erabaki zuen Edurnek. "Itzuli behar izan nuen, ordea, haurrak hilko zituen beldur nintzelako". Orduan ere Edurnek argi zuen hiltzeko gai zela gizon hura. Saiatu zen, behin baino gehiagotan. "Lepotik ia hil arte heldu ninduen behin; nabalarekin ere behin baino gehiagotan egin zidan mehatxu".

Bosgarren haurra jaio eta gero, bigarrenez alde egin zuen Edurnek. Orduan bai, betiko. Epaile baten agindua lortu zuen seme-alabak gizonaren etxetik ateratzeko. "Amaren etxean utzi nituen, Iruñera etortzeko". Handik zazpi urtera lortu zuen familia berriz ere elkartzea. Saminez eta doluz betetako familia zen, hala ere. Indarkeriak bere aurpegirik krudelena erakutsi zion Edurneri bikotekideak alaba bortxatu zuenean. "Ikaragarria izan zen". Edurnek ezin dio negarrari eutsi. Alabak aurrera egin duela nabarmendu du, dena den. "Nik ere bai. Baina ez gara denak berdinak". Indarkeriak bere hiru semeetako birengan izan duen eragin latza aipatu du: "Tratu txarrak jaso eta gero, erasotzaile bilakatu da haietako bat; bizkarrean ditu aitak egindako deskarga elektrikoen arrastoak. Bertze bat espetxean izan da, drogekin lotutako arazoen ondorioz. Han zegoela jakin nuen nire amaren etxean izan zenean nire anaiek semeaz abusatu zutela. Hark aitortu zidan. Bihotza apurtu zitzaidan une hartan".

Loreak adi entzun ditu Edurneren hitzak. Lagunak bizi izandakoak zerbait mugitu dio barruan. "Zure esperientziarekin alderatuta, nirea...". Ez du esaldia amaitu. Pentsatzen gelditu da. Edurnek bukatu du, haren ordez. "Bakoitzak bizi du berea. Denak dira latzak. Eta inork ez ditu merezi".

"Ez nintzen jabetzen"

Loreak 43 urte ditu, eta hiru seme-alabaren ama da. Tratu txar psikologikoak eta fisikoak jasan ditu. "Feminista eta independentea izan naiz beti; sekula ez nuen pentsatu gizon baten menpe egonen nintzela noizbait". Izarren hitzak bere egin ditu: "Tratu txar psikologiko horiek sotilak ziren hasieran; ez nintzen konturatzen. Lehen kolpeak jaso nituenean ere, ez nintzen jasaten ari nintzen indarkeriaz benetan jabetzen". Dibortziatzea erabaki zuen arte. "Seme-alabak jotzen hasi zen senarra. Zerbait egin behar nuen".

Sententzia jaso bezain pronto, etxeko sarraila aldatu zuen. Egun batean, ordea, sarrailak ere ez zuen senar ohia geldiarazi. "Seme-alabak hartzera etorri zen; aurpegiratu nion pentsioa ez zidala ordaindu, eta ez niola sartzen utziko. Une horretan, sorbaldetatik heldu ninduen, eta atearen kontra bota ninduen, indarrez. Hainbat kolpe eman zizkidan. Seme-alaben aurrean". Semeak eman behar izan zien larrialdi zerbitzuei abisua. "Ni ez nintzen gai. Etxeko atea zabalik zela oihu egin nuen, baina inor ez zen laguntzera etorri".

Senarraren aurkako salaketa jarri zuen egun horretan, lehendabiziko aldiz. "Eta senarrak nire kontrakoa ere bai, seme-alabak eramaten ez uzteagatik. Eraso egin niola ere salatu zuen". Loreak ezin zuen sinetsi. Are gutxiago, fiskalak senar ohiaren aurka eginen ez zuela erran eta gero. Epaiketaren eguna du Loreak gogoan. "Epailearen aurrera joan nintzen pentsatuz senar ohia epaituko zutela; baina epaiketa bion aurkakoa zen, familia barruko indarkeriagatik!". Sistemak huts egin zuela salatu du. "Aretoan nire ondoan izan nuen senar ohia. Nerbioek jota nintzen, negarrari ezin eutsi". Sententziak biak jo zituen errudun. "Helegitea aurkeztu dut, noski".

Administrazioak ez duela babestu sentitzen du Loreak. Familiaren laguntza beti izan du, ordea. Eta eskertu du. Beldurra ez dela desagertu onartu, eta aitortu du bere salaketa eragin zuen erasoa jasan arte ez zuela uste senar ohia hori egiteko gai izanen zenik.

Edurnek bezala, ordea, Norak beti izan zuen argi senarra bera hiltzeko gai izanen zela. Eta saiatu zen. Aurpegian utzi zizkion 2008. urtean gertaturiko eraso haren arrastoak. Arropen azpian ere bai. Baina ispiluari so egiten dion bakoitzean ikusten dituen orbainek egiten diote min gehien Norari. "69 puntu eman zizkidaten aurpegian. Ispilu batean nire burua ikusten dudan bakoitzean, ordukoak etortzen zaizkit burura. Ezin diot eraso horri ihes egin". Gizarte Segurantzak, gainera, uko egin dio behar dituen ebakuntzak ordaintzeari. "Erakunde publikoek erabat babesgabe utzi naute".

Nora hiltzen saiatu eta gero, bere buruaz bertze egin zuen haren senar ohiak. 16 urterekin hasi zuten harremana, eta lehendabizikoz haurdun gelditu zenean hasi zen emakumea indarkeria matxista sufritzen. Seme-alabengatik eutsi zion egoerari. "Bakarrik nintzen; ez nekien zer egin; ez nintzen senarra uzteko gai".

Urrats hori egiteko indarra lortu zuen, azkenean. Baina beldur zela nabarmendu du Norak. "Argi nuen alde eginen nuen egun berean ni hiltzen saiatuko zela". Egoeraren berri eman zion seme zaharrenari. Baina ez zion sinetsi. Aitak amari emandako labankaden berri izan zuenean, lur jota gelditu zen. "Badakit errudun sentitzen dela, baina ez du zertan", erran du Norak.

Hil nahi zuen gizonari aurre egin zion emakumeak. Eta horregatik salbatu zen. Loreak errandako hitzak ekarri ditu gogora, eta berak ere oihu egin zuela nabarmendu du: "Banekien bizilagunak etxean zirela. Atea ireki nuen, eta oihu egin nuen, senar ohiak iletik heldu eta barrura sartu baino lehen. Baina inor ez zen laguntzera etorri". Ondoko eraikineko bizilagun batek erantzun zion Noraren laguntza deiari. "Etorri zenean haren aurpegia zuri zegoen; odolez betea nintzen". Hogei minutuz egon behar izan zuen karrikan, anbulantziaren zain.

"Indartsua naizela ematen du, baina nik uste dut jaso ditudan kolpeek egin nautela indartsu". Malkoek irrist egin diote Norari. "Anitzetan pentsatzen dut nola ote den posible niri halakorik gertatu izana; edozeini gertatzen ahal zaio; hori da kontua".

Edurnek lehortu ditu Noraren malkoak. Jaso du Izarren eta Lorearen besarkada bana ere. Eskutik heldu diote elkarri. Elkarrekin indartsuago direla sentitzen dutelako. Bizirik atera, eta aurrera egin dutelako.

Lokatz arteko urratsak

Lokatz arteko urratsak

Oasi txiki bat ikusten hasi da Nafarroako euskalgintza azkenaldiko basamortu beltzean. Helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko entitate juridikoak izango dira onuradunak kasu honetan, Euskarabideak 131.867 euroko diru saila jarriko baitu 2015eko urritik abendura egingo diren ikastaroetarako. Pozik hartu dute berria Kontseiluak, AEK-k eta IKAk, baina datorren urteko aurrekontuen zirriborroak hareaz bete du berriz ere oasia. "Euskararen egoera benetan hobetuko duen diru sailik ez dugu ikusten. Gainera, Euskararen Legea aldatu ezean, emango diren pauso gehienak lokatz arteko urratsak izango dira". Halaxe baieztatu du Xabi Gartzia Nafarroako AEK-ko arduradunak.

2012ko urritik hutsaren hurrena izan da euskaltegiek eta gau eskolek jasotako diru laguntza, aurrekontuetan 245.000 euroko diru saila onartu arren. Hori dela eta, ikasleek matrikuletan bere gain hartu behar izan dute gobernuak egin ez duen ahalegina. Ikasleek 2 euro ordaintzen badute orduko, gobernuak ematen zuenarekin pertsona eta orduko 0,5 euro lortzen zen; ikasleek ordaintzen dutenaren laurdena. "Horrek ez dauka izenik". Irakasleen soldata eta lan baldintzak ere kaskartzen joan dira.

Gobernu berriarekin amets berriak sortu ziren berehala. Akordio programatikoan bertan estrategikotzat hartzen da helduak euskalduntzen eta alfabetatzen dituen sektorea, eta jasota dago presazko kontua dela diru sail bat zehaztea. Azkenean, iritsi da lehenengo berria. Ia 132.000 euro izango dituzte urteko azken hiruhilekorako. "Berri ona da; behingoagatik norbait gutaz gogoratu da, baina ezin gara hemen gelditu. Urtarriletik aurrera Euskarabidearekin bildu eta plangintza bat osatzea da gure lehentasuna", ohartarazi du Gartziak.

Iritzi berekoa da Sagrario Aleman, IKAko arduraduna. "Euskararekiko zorra hor dago, baina ez da zor ekonomikoa bakarrik. Uste dugu administrazioari ahalegin berezia egitea tokatzen zaiola, ez baitu ezertarako balio sektore estrategikoa garela esateak, gero ez bada ezer egiten. Hitzarmen iraunkorrak lortu nahiko genituzke". Foru gobernuak hasi berri duen bideari argi-ilunak ikusten dizkio Nafarroako euskalgintzak, ordea. Hiru zutabe aipatu ditu Iñaki Lasa Kontseiluko kideak: corpus juridikoa, baliabideak eta plangintza.

Euskararen Legea dago lehendabiziko zakuan: "Jakin badakigu lege hori berez badela baztertzailea, eta hori aldatu gabe dekretu bidezko erreformak beti izango dira hanka motzak, Euskararen Legeak oinarria eskaintzen baitio gainerako arkitektura juridikoari". Hortik aurrekontuetara jauzi egin du Lasak. "Lehendabiziko zutabea etsigarria bada, bigarrena are etsigarriagoa da. Aldaketaren gobernu honek beste hizkuntza politika bat egin nahi duela dio, baina aurrekontuen egitura eta diru sailak errepikatzen dira. Zenbakiak ere ez dira beste munduko ezer. UPNk sina zitzakeen aurrekontu hauek".

Are gehiago, krisi garai bete-betean, UPNk 394.000 euro jarri zituen arlo horretarako. "2016an aldaketaren gobernuak 300.000 euro esleitzen ditu, duela bost urte baino 100.000 gutxiago. Hori onartezina eta iraingarria da", salatu du Lasak. Halaber, ohartarazi du lehen aurrekontu osoaren %0,07 izaten zela euskalgintzarako, eta gobernu berriak %0,1 egingo duela. Hizkuntzaren normalizaziorako zifra egokia %2an kokatzen du Kontseiluak. "Euskalgintzak pairatu behar duen prekaritatea ezin izango da gainditu aurrekontu hauekin".

Alemanek eta Gartziak ere beldurrez begiratzen diote aurrekontuaren zirriborroari. IKAko arduradunak uste du hasteko diru sail hori onar daitekeela, baina hurrengo urteetan igotzen joatea ezinbestekoa dela. "Nafar guztiek euskara dohainik ikasteko eskubidea dute, baina hori erdiestetik urrunegi gaude. Gainera, ezin dira nafar batzuk baztertu bizi diren tokiagatik, eta hori lortzen du oraingo Euskararen Legeak". Gartziak segitu du: "Aldaketa dakartela diote, baina aurrekontuak ikusi ditugunean ohartu gara aurreko gobernuaren antzekoak direla. Aldaketa aurrekontuetan ere nabaritu behar da, eta oraindik ez dugu hori ikusi".

Diru gabe, plangintzarik ez

Kontseiluko kideak hirugarren zutabearekin lotu ditu diru sailak. Lasak gogorarazi duenez, Nafarroan ez da sekula politika planifikaturik egin administrazioa —Osasunbidea, Foruzaingoa eta abar— euskalduntzeko, eta 2016ko aurrekontuetan ere ez da "zentimorik ere aurreikusten" sail horietarako. "Akordio programatikoan dago zirkuituak eraikiko dituztela, baina ez dago diru sailik aurreikusita zirkuitu horientzat. Argi esan behar dugu hau ez dela aldaketa euskararentzat. Diru horiekin ezin da plangintzarik abiatu; ikusiko dugu zer gertatzen den euskaltegiekin".

Lasaren aburuz, berriz, "txalogarria" da gobernuak lehenbailehen zerbait emateko egin duen ahalegina, baina abendutik aurrerakoa ilun ikusten du. "Ez dakit ez ote dugun geure burua berriz kalean ikusten. UPNk Euskararen Legea ez aldatzeagatik eta aurrekontu eskasak aurkezteagatik protestatzera ateratzen ginen. Oraingo administrazioak bide beretik jarraituz gero, ez gara etxean ezer egin gabe geratuko".

Gartziak jakinarazi du Euskarabidearekin harremana lortzeak itxaropena sortu diela, azken urteetan modu erabat paraleloan lan egin baitute. Alemanek ere argiren bat ikusten du tunelean, baina uste du zuhurtziaz jokatu behar dela. "Badirudi beraiek ere badakitela diru hori gutxi dela, baina espero dugu norabide egokian aurrera egitea, epe luzerako plangintza bat eginez. Gobernu aldaketagatik bakarrik ez da gure herria euskaldunduko, eta guk ere lanean jarraitu behar dugu, euskara irakasten, erabiltzen eta ikasten. Gure egitekoak berdin segitzen du".

Ikusezina dena ikusgarri bihurtuz

Ikusezina dena ikusgarri bihurtuz

Autismoa buruko gaixotasun bat da, eta hori duten umeek ez dute ezer sentitzen. Beti bakartuta daude gainera". Okerrak. Uste faltsuak. Gisa horretako erantzunak eman dituzte Nafarroako zenbait ikaslek autismoaz zer zekiten galdetuta. Sindrome ikusezina da, fisikoki ez da nabaritzen, eta horrek mota askotako arazoak sor ditzake. "Helduentzat ulertzeko zaila bada, are zailagoa gaztetxoentzat", jakinarazi du Paula Rodriguez Nafarroako Autismo Elkarteko zuzendariak. Horri erantzuteko lehen urratsa egin dute, Nafarroako bi ikastetxetan sentsibilizazio saioak egin baitituzte ikasleekin.

Normalean, sindromea duen pertsonak berak erabakiko du nor gertura daitekeen laguntzera, nor gustatzen zaion eta nor ez. Baina badaude bere hurbiltasuna erdiesteko moduak: "Eskuetatik goxo heldu, eta haurraren begien parera jaitsi behar dugu, irribarre eginez. Konplizitatea lortu, eta hor gaudela erakutsi behar diegu. Gero, eskua luzatu eta berari gustatzen zaionera jolastu beharko dugu hasieran, bertzela ez baitzaio interesatuko". Pazientzia izatea da gakoa. "Gogorra izan daiteke, baina nahi bada, ahalko da azkenean; ez da hain zaila", gaineratu du Rodriguezek.

Errutinaren garrantzia

AEBetan egindako ikerketa baten arabera, 68 jaioberritik batek autismoa du: "Hori izugarria da", ohartarazi du elkarteko zuzendariak. "Mota asko daude, eta bakoitzaren egoerara egokitzen jakin behar dugu". Ezaugarri batzuetan bat egiten dute, ordea: ez dute begietara begiratzen, ez dituzte txantxak eta bigarren zentzuak ulertzen, eta oso zurrunak dira eguneroko errutinarekin. Zerbait aldatzekotan, aurre hartzen saiatu behar da: "Egunero amonaren etxera joaten bagara, aurretik azaldu beharko diogu gaur zergatik ez garen joanen, berak barneratu dezan". Hori guztia ikusarazten saiatu dira Alesbesko El Castellar ikastetxean eta Iruñeko Iñaki Otxoa de Oltza institutuan.

Dinamika batekin hasi ohi dute saioa maila altuenetan. Boluntario bat gelatik kanpora atera, eta bitartean Rodriguezek gainerakoekin hitz egiten du. Zuzendariak hitz zehatz batzuk erraterakoan, ikasle guztiek oihuka, txaloka edo mugitzen hasi behar dute. Jakina, kanpoan zegoenak ez du zergatia ulertzen. "Neska bat asko larritu zen, eta gelditzeko eskatu zigun, ia oihuka. Hori da, hain zuzen, autismoa dutenei gertatzen zaiena. Ez dituzte egoera batzuk ulertzen, eta horregatik zapuzten dira, edo arraro jokatzen dute. Baina beti egonen da arrazoiren bat".

Horren ondoren, Hugo, un amigo con Asperger bideoa ikusten dute. Protagonistak sindrome neurologiko bat dauka, eta errutina bat mantentzen du ikasgelan. Hugo, baina, ez dago bakarrik; lagun bat dauka ondoan, behar duen bakoitzean laguntzeko prest. "Hori ikusarazi nahi izan diegu ikasleei, garrantzitsua baita autismoa duen bati laguntzea". Bideoaren amaieran, Hugok sentiarazi diena azaldu behar dute ikasleek, eta, pixkanaka, autismoaren ezaugarriak atera behar dituzte denen artean. Ohartzerako, saioaren hasieran zeuden aurreiritziak desagertzen dira.

Irakasleen jarrera ere funtsezkoa da. "Jolastokian inklusioa lantzeko proiektu bat abiarazi dugu. Joan den astean, esaterako, formazio saio bat egin genuen irakasle batzuekin, eta oso ongi atera zen". Rodriguezen arabera, inklusioa egunerokoan nabaritu behar da, baina urritasuna ere bai. "Ikusezina dena ikusteko moduak bilatu behar dira".

Azkenik, zuzendariak piktogramak ekarri ditu gogora, autismoa duten pertsonentzat ezinbesteko pilare baitira. Denetarako erabiltzen dituzte: jolasteko, komunikatzeko, zenbatzeko... Gizarte osoa irudien bidez irudikatu beharko litzatekeela uste du Rodriguezek. "Beti exijitzen diegu gure ohituretara eta beharretara egokitzeko, baina gu gara egokitu behar dugunak".

Iritzia: Film bat, eta ohera?

Nora joango gara asteburu honetan? Zer egingo dugu?". Ostiralero Whatsappeko talde jakin batean errepikatzen dugun galdera da. Lagunen erantzuna gero eta etsigarriagoa da: "Ni, pijama jantzi, eta ohera joango naiz". A ze plana! Baina larunbata da, 21:00ak, eta sutondoan bero nagoela pijama janztea erabaki dut. Larunbat gaueko film txar bat ikusi, eta ohera noa.

"Ez dugu deus egiten, ez gara ateratzen". Horrelakoak ere irakurtzen ditut talde berean. Eta nik ere jartzen ditut halakoak. Baina zeinena da errua? Gauzak antolatzen dira, elkartzeko gogoa dugu; beraz, zergatik ez dugu egiten? Galderari erantzuna emateko, gure taldearen hainbat ezaugarri jakitea komeni da. Aezkoa ibarreko lagun talde bat gara, herri txiki batean gaztetatik elkartzen den taldea. Eta nongoak garen aipatzeak garrantzia du, horrek eragiten duelako dugun egoera, nire ustez.

Pirinioetan ez dago bizitzarik. Hilzorian dago. Pirinioetan ez dago bizitzeko aukerarik, ez dago gazteentzako erraztasunik. Hoberena Iruñera joatea da. Bertan bada lana, bizitza soziala egiteko aukera, badira zinema aretoak, milaka jatetxe, marka ezberdinetako dendak, liburutegi asko, kiroldegiak... Bai, horrela pentsatzen dugu. Zulo beltz batean bizi garela errepikatzen diogu geure buruari behin eta berriz. Egoera horrelakoa dela sinisten dugun arte. Nahi gabe askotan.

Baina ez da egia. Besteak beste, utzikeria instituzionalak eragin duen mitoa da. Pirinioetan bada bizitza, badira bizitzeko baliabideak, eta bada lanetik kanpo bizitzaren alderdi soziala garatzeko aukera ere. Egun hainbestetan errepikatzen den hitza da gakoa: ahalduntzea. Pirinioetako herritarrengandik sortu beharreko gauza da, ez baitira kanpotik etorriko gure egoera konpontzera. Guk erabaki beharko genuke nolako Pirinioak nahi ditugun, nolako garapen ekonomikoa nahi dugun. Gure zonaldean, esaterako, turismoa bultzatu izan da nagusiki, baina herritar guztiak ez dira horri esker bizi. Zein beste sektore bultzatu behar dugu? Nola?

Eremuaren garapenerako bestelako estrategia bat beharko genuke, eta hori sortzeko herritarren parte hartzea sustatu. Herritarrek osatzen baditugu Pirinioak. Indarrak batuz goragoko erakundeetan eragiteko aukera izanen dugu, urrunago iristeko aukera. Eta herritarren parte hartzetik sortutako estrategia batek, gainera, babes sozial zabala izango luke herrian.

Ahal dugun lasterren egin beharreko lana da, baina, nire ustez. Egoera ez baita batere ona. Behin eta berriz entzuten dugu Pirinioak jendez husten ari direla, eta hori egia da. Baina gauzak alda daitezke, egoerari buelta emateko saioa egin beharko genuke. Eta ez badugu asmatzen, beste zerbait probatu.

Baina oinarritik abiatu beharko genuke aldaketa. Gure pentsamenduetatik. Gure ingurura begiratu, eta urte hauetan guztietan Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko herritar askok sortu dituzten ekimenak aztertu. Horietatik ikasi. Argi dago bidea ez dela erraza izango. Baina nahi badugu, posible egingo dugu.

Aiba, Whatsappen mezu bat: "Zer egingo dugu asteburu honetan?".