Iritzia

Iritzia: EreduAz

Iritzia: EreduAz

Amets Aranguren Arrieta

Telefono dei batek aterarazi nau kontserbatorioko mediatekatik. Gorde gabeko zenbakia da. Astelehena da, hamar ordu daramat kontserbatorioan, eta eguneko azken klasean sartzear nago.

—Bai?

Eskegi, eta ahoan irribarre bat dudala hasi naiz gauzak biltzen. Berandu nabil.

—Amets! Maite hurbildu zait. Zer moduz?

—Ongi, ongi, zu?

—Joe, pozik ematen duzu.

—Bai, dei bat jaso berri dut…

Zalantzati nago, kontatu ala ez, izan ere, Faltzesko 23 urteko laguna da Maite, A ereduan ibilitakoa… Merezi du kontatzea…? Tira, saiatuko naiz, zergatik ez?

—Kontua da BERRIA egunkariak eskualdekako gehigarriak ateratzen dituela astero, Nafarroako Hitza hemen. Mobida da, ez dakit zerbait entzun duzun, duela bizpahiru aste bertako kolaboratzaileetako bat hil egin zela…

('Aber, Amets, zer ari zara kontatzen? Apenas ezagutzen zenuen zuk, nola ezagutuko du honek…', pentsatu dut nire baitarako.

Baztango idazle eta bertsolari…

—Jon. —Esan dit Maitek nik esaldia bukatu aitzin-.

'Bai…' harritu eta lotsatua atera zait.

—Bua, hau pena jakin genuenean… Euskara irakasle izan genuen txikitan eskolan, Faltzesen. Bera izan zen, Urkorekin, beste euskara irakaslearekin batera, Faltzesko euskararen egunaren sortzaile. Eta horren harira, eskolaz kanpoko gazte askorekin ere izan zuen harremana. Arrakasta itzela izan du gure herrian euskararen egunak urte luzez, orain pixka bat gain behera badago ere. Garai hartan, inguruko herri guztietako jendea biltzen zen Faltzesera egun horretan, kristona montatzen zen. Egia esan, erreferentzialtasuna lortu zuen Erriberan. Gogoan dut, irakasle ona izateaz gain, irakasle berri-gazte-guapo tipikoa zela Jon, badakizu… ikasle guztiek maite duten horietakoa. Euskara maitatzen irakatsi zigun, eta ni, pertsonalki, markatu ninduen. Zer pena…

Ez dut jakin zer esan.

Irentsi behar izan ditut nire pentsamenduak, eta poliki egin dugu Maitek eta biok mediatekatik 03 gelarako bidea. Maite hizketan. Ni isilik gelditu naiz, eta adi.

Ezjakintasunetik miresmenerako 30 metroko bidaia motza bezain sakona.

Begira, Jon, zenbat gauza kabitzen den zu bezalako hutsune batean.

Iritzia: Bagara nor

Iritzia: Bagara nor

Lur Albizu Etxetxipia

Gaur hasiko dira Euskal Herriko neska* gazteon topaketak. Lizarran elkartuko gara ehunka emakume* gazte, maratoi labur baten antza izanen duten 28 bat ordutan. Topaketak eta Lizarra bera topaleku, gune zentral, jakintza espazio, sorkuntza leku, bateragune bilakatuko dira.

Gaur, nondik gatozen ikusiko dugu eta ikasiko dugu. Non gaude feministak antolatuta? Zein herri, auzo eta eskualdetan? Zein dira egunerokotasunean ditugun korapiloak? Talde asko daude, eragile asko… herri bakoitzean talde feminista bat (edo gehiago) egotea eguneroko kontu bilakatu da, ohituta gaude dagoeneko horretara. Baina… norantz goaz? Zein eztabaida berri daude? Zein tresna behar ditugu mugimendu feminista indartzeko? Nola egin gazte perspektibatik?

Ez dago jakiterik gaur nor garen, atzo nor izan ginen jakin gabe. Nondik etorri ziren eztabaida haiek eta non piztu zen borroka hau. Zein olatu egon diren eta olatu horiek ea gorantz, beherantz eraman gaituzten eta zergatik. Zein izan dira mugimendu feministan izan diren eztabaida nagusiak? Zein izan dira borroka feminista esanguratsuenak? Nondik datoz jardunaldi feministak? Gazte topaketak noiz egin izan dira eta nola heldu diogu garai desberdinetan gazteek feminismoari? Mugimenduaren genealogiak ezagutuko ditugu.

Bihar ere galdera eta erantzun berriak sortu eta eraiki nahi ditugu. Zer da autodefentsa feminista? Zein tresna erabili izan dira eta erabiltzen ditugu orain? Taldeetan, nola lantzen dugu autodefentsa feministaren gaia? Festetan autodefentsak goia jo du? Non jarri nahi dugu bereziki arreta, zein esperientzia hartuko ditugu aintzat?

Lizarrak eztabaida anitzak jarriko ditu mahai gainean: feminismo dekolonialak duen rola eta hemen egin diezaiokegun ekarpena, marxismoaren eta feminismoaren arteko loturak eta hausturak zein izan diren, zein den borrokarako subjektua, nola lotzen diren borrokak, zein diren ditugun (eta beste batzuek esleitu dizkiguten) kontraesanak.

Feminismoak gauza asko dira. Ez bakarrak, ez monolitikoak, ez homogeneoak, ez borroka ildo bakarrekoak. Borroka egiteko moldeak ere hamaika dira. Horretan ere, beste hausnarketa eta zirkuitu proposatzen dira: zer da bollera izatea 2019an, Euskal Herrian? Nola borrokatzen gara landa eremuan? Nolako militantzia eskatzen dute herriek? Zein dira feminismo antiespezistaren oinarriak? Zein sorkuntza espazio nahi ditugu eta zein da guk geuk sortu nahi dugun iruditegia? Zer esanen dugu Jardunaldi Feministetan, gazte moduan? Ekintza zuzenaren inguruan zein lanketa ditugu? Bizitzak erdigunean jarri behar direla esaten dugun honetan, zein dira horretarako gako ekofeministak?

Asko izanen gara asteburu honetan, azaroan askoz gehiago izateko. Gazte gisa guk ere badugulako zer esan, zer egin eta zer partekatu. Badugu zer borrokatu.

Zein eder egonen den Lizarra, eta zer udazken goxoa datorkigun Euskal Herrira.

Iritzia: Errudun?

Iritzia: Errudun?

Lohizune Amatria
Erruz entzun dut egunotan erruari buruz. Errua. Ardura. Erantzukizuna. Egotzi. Leporatu. Bota. Ezarri. Batek besteari, oso gutxitan norberak bere buruari.Espainiako gorteetarako hauteskundeak izanen ditugu azaroaren 10ean. Errudunik ez...

Iritzia: Zer den naturala

Iritzia: Zer den naturala

Saioa Alkaiza

Euskara naturala egiten omen dute batzuek eta ez beste batzuek, zuzentasunaren eta herri hizkeraren hierarkian. Elkartze sexu-afektibo naturalak eta ez-naturalak omen daude, homofoboen eta transfoboen ustez, are naturaren kontrakoak omen diren elkartze batzuk ere bai.

Naturala izan daiteke norbait, normala denean, normala normaren gertutasun horretan. Normala omen da pisu zehatz bat, altuera bati atxikia, gorputz klase bati esleitua, logikoa eta nagusia omen den desira bati lotua, esentziazkoa omen den genero bati emana. Naturala omen da adin batetik aurrera lasaitzea, eta bestelako bizi klase bat bilatzea. Normala, hipoteka bat, seme-alabak, soldatapeko lana, sarerako konexioa smartphon-ean eta, agian, txakur bat, paseatzeko, hiriko berdegune batetik, natural-natural kasu eginez bizilagunei. Naturala da, diotenez, aldakaririk ez duen musika nota. Naturala omen, bertso etorriya, eta ez bestea, prestatutakoa deritzotena.

Tradizioa omen da tonu pastelez janztea, adin batetik aurrera, eta emakumezkoek ile luzea izatea gaztaroan eta ama izan arte, eta motza baina femeninoa gero; eta tradizioa, gizonen ile motz betierekoa. Genero rolak bezain naturala. Naturala omen da kapitala eta esku ikusezin batez bere burua kontrolatuko duen merkatua. Magia bezain naturala. Naturala, neoliberalismoaren arkitektura soziala. Tradiziozkoa. Normala, pobrezia eta jabetza pribatua. Erregeak, mugak, migranteak erreskatatu dituen barku bati sarrera ukatzea, gosea, klima aldaketa, langileriaren zapalkuntza, ezberdinkeria… Eta dena, naturala. Normala. Betikoa.

Zein naturala dena. "Edo, agian, antinaturalak izaten ari gara, gu unibertsoarekin ustez harmonia erabatekoan geunden gu hauek, gure autoetan sartuta, adreiluz eta zementuz egindako gure etxebizitzetan lotan, gure fabriketan lanean, gure auzokideak bonbardatuz", Brigitte Vasallok esaten duen moduan. Agian, naturaltasuna bera ez da existitzen.

Intsumisio ariketa bat da Vasalloren lana, baita eztabaidagaiak ipintzekoa ere: "Naturaltasunaren argudioa, ez baldin badoa esentzialismoaren erretorikatik harago, egitura sozialak inbisibilizatzeko termino bat baino ez da, eta orain dela milaka urtetako enigmatan harrapatuta uzteko forma, gizakia hau edo beste balitz bezala, horrek, besterik gabe, gauzak konponduko balitu bezala".

Naturaltasunaren tranpan katigatzen gaituzte, hegemonia irents dezagun. Eta, hala ere, aipatuko digute tradizioa eta aipatuko digute betikoa, eta horrela egin izan da herrian beti, eta zu ez zara herrikoa, eta ez duzu deus ulertzen....

"Gauzen naturaltasun hipotetikoaren eztabaida dator beti gauzen egoera indartzera: argudio hegemonikoa da eta mugitu ezinezkoa; […] Izan ere, non dago gauzen aurreko egoera hori, muga markatzen duen aurre-egoera hori?". Gakoa da, hain zuzen ere, ez dela existitzen.

Iritzia: Kale nagusiak

Iritzia: Kale nagusiak

Lur Albizu Etxetxipia

Aurretik hamaika aldiz kontatu dizkigutenak bizitzeak ez du preziorik (noizbehinka). Egoera nolakoa den eta bere nondik norakoak esplikatzen ahalegindu zaizkizu; istorioaren —eta historiaren— zergatiak. Gatazkaren ibilbidea, korapiloa non zegoen, nora mugitu zen, non dagoen orain eta zein bide geratzen den egiteko. Oraindik ere. Irakurri dituzu liburuak, kronikak, ahotsak entzun. Bideoak ikusi (joan aurretik prestatzeko).

Memorian daukazu zerbait gertatzen dela herri horretan —behintzat— urtean behin, baina neurri batean egunerokoa guztiz baldintzatzen duela: nortasuna, ohiturak, lagunak, non ikasi eta non ez, non poteoan ibili eta non ez, nor bozkatu eta nor ez, nor agurtu, nori bizkarra eman.

Deialdia egina zegoen, eta aurten bertaratzeko aukera genuen. Baietz, joateko, giroa ez zela erraza izaten eta babesa ematea garrantzitsua zela. Baietz, oso goiz zela, baina merezi zuela urtean behin egitea. Baietz, festa bera —eta haren zergatiak— sobera ongi ulertu gabe eta berezko ospakizunarekin ados egon gabe ere, joan behar genuela. Autoa goizeko seietan hartu igande batean. Igande batean, goizeko seietan.

Hartu genuen autoa goizeko seietan eta abiatu ginen. Aurreko guztiari euria batu zitzaion, eta ustekabean harrapatu gintuen. Han geunden, Hondarribian, goizeko zazpiak pasatxo, gu, galdurik. Hitzordurako lekua topatu genuen, nahiko azkar. Aurpegi ezagunak ikusten hasi ginen, etxean sentitzen —pixka bat gehiago—. Konturatu orduko, Kale Nagusian gora igotzen ari ginen hamarnaka emakume, ahal genuen moduan aurre eginez euriari. Ez dakit tentsioa usaintzen den, aurretik prest dagoen edo ezustekoan harrapatzen zaituen. Baina sentitu, sentitu egiten da. Tentsioari eta borrokari gorputz osoa jarri genion.

Hortik aurrerakoa bideoetan eta asteleheneko titularretan ikusiko zenuten. Jaizkibelek beste aurrerapauso bat eman du, eta atzeraezina da duela urte gehiegi hasitako bidea. Bizkarra ematen zutenen gainetik eta plastiko beltzen gainetik txalo-zaparrada amaigabeak, oihuak, barreak eta animoak. Zarata horren guztiaren gainetik ere, desfilea egiten ari ziren guzti-guztiei aurpegira eta begietara begiratzeko nahia, aitortza keinuak, malkoren bat edo beste eta, azken finean, zerbait berezia bizitzen ari izatearen sentsazio indartsu hori.

Zein surrealista den batzuetan gure herrietan gertatzen dena. Edo hori iruditzen zaigu? Duela ez hainbesteko Baztango irudiak ditugu gordeta buruan, eta duela ez hain hamarkada gutxi geure amek borroka gogorra egin behar izan zuten elkarteetan bazkide izan ahal izateko, adibidez. Zenbat lan oraindik ulertzeko ezetz, gizonak bakarrik ezin direla erdigune bakar, absolutu eta normal izan. Tradizioak zalantzan jarri ahal izateko ere aukera berak eman behar zaizkigula. Bestela, guk hartu beharko ditugu. Tradizioak zalantzan jarri nahi ditugulako ere. Baina plazak, erdiguneak eta kaleak guk (ere) okupatuta. Baimenik eskatu gabe.

Iritzia: Enrique Maiaren soldata

Iritzia: Enrique Maiaren soldata

Jon Barberena Ibarra

Bai, badakit. Berriz ere Iruñeko alkatea zarenetik, lanpetua zaude, Enrique. Aginte makila berreskuratu,eta buru-belarri ari zara, hiri buruzagiko aniztasuna kontuan hartuz, hiritar guziendako agintzen eta, batik bat, oinarri-oinarrian elkarbizitza sendotzen eta hauspotzen.

Horren adibide dugu behar-beharrezkoa dugun armada laudatzea. Bakea nagusitu dadin, metrailetak erabiltzen dituzten neska-mutiko fierrak goraipatzea. Aurtengo apirilean, Armadaren etorbidea izena kendu, eta Katalina Foixkoa etorbidea izena paratu zion Joseba Asironen taldeak Iruñeko etorbide nagusienetako bati. Nik ere ez dakit nola atrebitu ziren holako astakeria egitera. Konkista aitzineko azken erregina izan zen Katalina Foixkoa, pertsona baliogarria, kementsua eta azkarra, baina armadaren balioarekin alderatuz gero, ezer guti. Enrique, normala da armadari eta militarismoari gorazarre egitea, gu guzion defentsan eta arma merkeak etikoki darabiltzaten soldaduak omentzea, alegia. "Espainiako armada loriatsuari" eskaini diozu etorbidea. Iñaki Iriartek eta Patxi Perezek Leitzan erakutsi duten gisara, diktadura sasoia presente duzu.

Bertzalde, agerikoa denez, iruindarren erosotasuna bermatu nahi duzu, eta, horretarako, autoen joan-etorri azkarra eta horiek aparkatzeko tokia ziurtatu nahiko zenituzke. Hiritarren erosotasuna lehenetsi, norbanakoaren osasuna eta airearen kutsaduraren aitzinetik. Europako hiri anitzek hartu duten kontrako noranzkoan abiatu, eta autoz betetako karrikak, kez betetako birikak eta bozina soinu lasaigarriak hiri buruzagiko ezaugarri bihurtu. Hori dela eta, Pio XII etorbidean aparkaleku gehiago paratu nahi dituzu, horrela, lau urte hauetan mugikortasun jasangarriaren alde tematu direnei bizkarra eman, eta ohiko hiri bihurtu nahi duzu Iruñea. Ez al dira, ba, hiriaren berezko osagaiak ibilgailuen kaosa, kea eta auto ilara akiezinak?

Eskola publikoa ere beti izaten duzu gogoan, nahiz eta eskola horiek diruz ez dituzun inoiz sobera lagundu. Horren adibide dugu duela guti Joseba Asironen taldeak berritutako Hello Egunsenti haur eskolan eginiko adierazpen aski logikoak. Argi eta garbi adierazi berri duzu heldu den ikasturtean Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza ttipituko duzula, eskaintza gehiegizkoa delako. Azken batean, Europako lurralde bakarra da gurea berea den hizkuntza baten kontra egiten duena, eta, doike, Navarra Sumaren bereizgarri propio hori mantentzea gauza ederra da.

Gogor hasi zara lanean, Enrique. Agintea hartu bezain fite, soldata goititzeko erabakia hartu duzu. Justifikatua dago arras, denok bai baitakigu gorrotoz hartutako hainbertze erabakik nekea eta estres maila handia sortuko dizkizutela. Segi horretan, euskara eta euskaldunak zangotrabatzen; bakearen izenean, metrailatzen dabiltzanak omentzen eta natura kez ureztatzen. Kasu, hainbertze gorrotok urdailean ultzerak sor ditzake; zaindu.

Iritzia: Eskua altxatu zutenekoak

Iritzia: Eskua altxatu zutenekoak

Lohizune Amatria

Portugalen harrapatu nau zutabe hau idatzi beharrak. Portugalgo kostaldean zehatzago esanda, Peniche herrian. Herria penintsula txiki batean dago kokatuta, eta arroila ikaragarri politak daude zona honetan. Horiek ikusteko leku aproposarenaren bila, azkenean, herriaren sarreran dagoen aparkalekuan utzi dugu autoa. Herria ezagutzeko paseo bat eman, eta arroilaraino iritsiko ginela pentsatu dugu.

Ez da hala izan. Ez ditugu arroilak aurkitu; bai, ordea, askoz interesgarriagoa izan den eraikin zaharberritu bat: Penicheko gotorlekua. Antza, garai batean herria ez zen gaur egun dena, eta irlatxo bat zuen ondoan. Irla hori penintsulari lotuz joan zen denborarekin, eta gizakiak berehala aprobetxatu zuen hori hantxe eraikitzeko. Gaztelu bat izan zen lehenik, gobernadorearen etxea, 1836aren inguruan.

Lehenengo Mundu Gerraren garaian kartzela izan zen. Alemaniarrak eta austriarrak atxiki zituzten barruan. 1930az geroztik, 1974ra arte, Portugalgo Estatu Berria bitartean, Oliveira Salazar diktadoreak hasitako eta Marcello Caetanok jarraitutako agintaldi autoritarioan, segurtasun handiko espetxe politikoa izan da. Egun, ordea, erresistentzia antifaxistaren museo bilakatu dute.

Zer zen ongi jakin gabe sartu ginen gotorlekuan. Presoek familiakoekin hitz egin ahal izateko gelaxkak bisitatu ditugu. Baita sekretu izeneko bakartze zelda txikia ere. Antonio Dias Lourenço komunista eduki zuten han, esaterako, 1954an. Atean zulo txiki bat eginez alde egitea lortu zuen. Hogei metroko hormatik zintzilikatu zen, zapi batzuekin egindako soka bat baliatuta. Apurtu, eta itsasora jauzi zen. Arrantzale zenbaiten laguntzaz lortu zuen ihes egitea. 1960an, berriz, Penicheko ihesa gertatu zen. Hamar bat komunistak egin zuten ihes, tartean Portugalgo Alderdi Komunistako idazkari nagusiak.

Gertakariei buruz irakurtzen ari ginela, nahigabean Iruñea etorri zait gogora. Iruñea eta Ezkabako gotorlekua. Ihesa. Hildakoak. Fusilatuak. Elkarte eta senideengatik izan ez balitz, ezer gutxi jakingo genukeen gertatutakoaz.

Aitonaren anaia ere badut gogoan. Ezkaban eduki zuten. Galiziara eraman zuten ondoren. Camposancos kontzentrazio esparrutik idatzi zituen azken eskutitzak. Han ere izan naiz. Ez zen erreza izan eraikina aurkitzea. Ez dago plakarik, ez informaziorik. A Guardako biztanleei galdetu behar izan genien. Harritu egin ziren.

Landarediak jan egin du Jesuiten eskola izandako eraikina. 90eko hamarkadan egin zuten azken erreforma, baina kresalak nabarmenki kaltetu ditu hormak.

Krabelinen Iraultzaren ondotik askatu zuten Penicheko gotorlekua, 1974an. Sei urte geroago bilakatu zuten museo. 1945ean itxi zuten Ezkabakoa, eta frankismoa amaitu zela 44 urte dira. Itxita jarraitzen du.

Espainiako estatuak memoriarako baino, desmemoria elikatzeko ditu gordeak.

Iritzia: Turistok

Iritzia: Turistok

Saioa Alkaiza

Astebete daramat hondartzan (baina Euskal Herrian), eta zutabe hau argitaratzerako, Pirinioetan egonen naiz, mendian. Euskaldun onaren bidaiak. Hegazkinik ez, bidaia luzerik ez, kutsadura gutxi eta kontsumo juxtua. Kontzientzia garbiketa zuria, neronen pribilegioak bezainbeste.

Baina oporrak, ai, oporrak, kapitalismoaren troiako zaldi morenotua, etnozentrismoaren zilbor-heste basa, errutinaren blody mary pozoitua; inork ez dizue ukorik egin nahi, ezta nik ere: izan Hego Amerikan, motxila, gitarra, malabare, Las venas abiertas de América latina eta guzti, izan kanpin dendan, musika jaialdi, kanpin gas herdoildu eta musika taldeetako kamisetekin edota mendiko botekin, izan Nuevo Mexikoko resortean, bikini zuri eta lastozko txapela, izan furgoneteo guayan, hondartzara begira lo egin eta bertako dutxak aprobetxatuz, zein Torrevellako lagunaren lagunaren pisu turistikoan, zure burua baino handiagoak diren flotagailuekin. Hortxe goaz denok, zuen bila.

Egiatan gureak ez diren bizitza horien irudikapenak dira oporrak, oasi kontsumistak: oro har, erosiko ez genituzkeen gutiziak erosteko unea, jantziko ez genituzkeen jantziak janztekoa, eginen ez genituzkeen horiek egitekoa. Edota monotoniak ukatzen dizkigunak martxan jartzeko momentuak: parapentea egin, ia inoiz egiten ez duzun txangoa prestatu, bizikletaz gurutzatu herrialde erdia... "Gozatu, ikusi, deskonektatu". Turiston mantrak.

Zeren eta, zeinek bidaiatzen du(gu)? Zeintzuok eta zeinengana? Zertarako? Urrutira goaz, gu, bidaiari dirudunok, antropologiak erabilpenaren erabilpenaz urratu duen Bestearengana goaz. Besteak: gu ez garen horiek. Haiek, exotikoak diren horiek, gehienez ere, "natibo jatorrak" deituko ditugunak, harat-honako tratuan bost euroko mozkina lortu badugu. Bestela, eta gure nahiei izkin eginez gero, lehortzat izendatuko ditugunak.

Eta, horren urrutira ez bagoaz ere, ez diogu utziko turista izateari, gurean tokatuta Go home-ka agurtuko genituzkeenak gara, airbnb-ren eraginez kostako etxeen prezioa sanferminetako terrazen pare jartzen dugunak. Herri batzuk udatiarrez bete eta biziz husten ditugunak gara. Bai eta motxilero alternatiboenak garenean ere.

Paradisuaren paradoxa izendatu zuen Pamela Nowicka idazleak, Vacaciones en el paraiso, turismo y desarrollo liburuan; paradisuaren paradoxa, joaten direnentzako toki idiliko bilakatzen den hori bertakoentzako ez-bizigarri bihurtzen baita aldi berean.

Marc Augé antropologoak "turismoaren kaleidoskopio ilusorioa" utzi eta aniztasunaz gozatu behar zela zioen, ahal dela, gertuko tokietara joanez, eta bidaia agentziek produktu-helmuga bilakatu dituzten tokietatik urrunduz. Batek daki.

Zutabe hau bera ere, autoparodia ilusorio bat baino ez da izan, autokonplazentzia ariketa bat. Motxila egitera noa.

Iritzia: Iruñea

Iritzia: Iruñea

Lur Albizu Etxetxipia

Hiria isildu da, eta herrietara ihes eginen dugu askok. Azken asteetan zurrunbiloak santu izena hartu du, eta Iruñeak okupatu ditu geure buru eta bihotzak. Sanferminek pista batzuk eman dizkigute.

Lehen pista: udaltzaingoak nola lan eginen duen. Kalean ez ezik, udaletxe barruan ere bertako zinegotziei kolpeka aritzera ausartu dira; udaltzainburuak eta Carmen Albak (gogoratzen PPren gobernu-ordezkari hura? Bai, zinegotzia da Iruñean) bostekoa eman zioten elkarri. Ikurrina balkoitik kanpo, zinegotzi abertzale eta ezkertiarrak balkoitik kanpo. Entzierroan bertan kolpeak, identifikazioak eta isunak. Prozesioan kolpeak. Atxiloketak ea noiz datozen.

Bigarren pista: zezenik gabeko arratsaldeak posible dira. Zezen-plaza aquapark bilakatu zenean ere inoiz etsitzen ez duten haiek han jarraitu zuten. Kultura deitzen duten torturarik gabe eta toreatzailerik gabe (hori ere garrantzitsua da). Gero eta peña gehiagok hartu dute konpromisoa bestelako egitasmoak antolatzeko, eta ez da arraroa tradizio hauek traizionatzeko erabakia hartu dutenak ikustea. Badugu zer pentsatu, peñek badute zer esan.

Hirugarren pista: mobilizatu beharrarekin edo gabe, eraso sexistek hor jarraitzen dute. Eta hor jarraitzen dute gure atzetik dabiltzanek, ateraino jarraika ditugunek, begirada nazkagarriak botatzen dizkigutenek. Edo tabernari emakumeei (eta gazteak baldin badira, askoz hobe) kubatak eta tragoak eta katxiak eta zuritoak nola jartzen diren erakusten dietenek. Pausoz pauso, barraren beste aldean haiek (gizonak, eta helduak) egonen balira bezala. Hor jarraitzen dute alkoholaren aitzakiaz, "burua galdu nuen" aitzakia hartuta egiten dituztenak justifikatzen duten horiek. Oso astunak zarete, benetan. Barre egiteko gogoa emanen liguke egunero-egunero aguantatu behar izanen ez bazintuztegu. Barregarria izanen litzateke geure bizitzetan horrelako eraginik ez balu (beldurra, amorrua, haserrea, inpotentzia… Gehitu zureak zerrenda honetara). Ez zaudetenean dena askoz errazagoa da, ez dugu zuen inolako beharrik. Festa egiteko (ere) ez zarete beharrezkoak. Ez egin esfortzurik. Sanferminak dira, baina denak ez du balio. Hausnarketa egiteko eskatuko nizueke, baina zertarako?

Laugarren pista: Iruñeak hiri handia dela erakutsi du beste behin ere. Harrera onekoa, umore onekoa, elkartasunezkoa. Antifaxista, euskalduna, herrikoia. Inposizioen kontra borrokatzen dena. Inprobisazioaren aldekoa, kolore askotakoa. Kaleak lehertu dira beste behin ere, antolatu dira milaka herri-ekimen, mobilizazio, ekitaldi, kontzertu, egitarau… herritik eta herriarentzat. Ez diezagutela gure Iruñea lapurtu!

Iruñean Asiron batzuen artean hartu eta airera botatzen dute. Maitasun keinuak handik eta hemendik. Maia, zuk ez duzu sekula lortuko. Itzuliko gara!

[Nire miresmen osoa egunero edo ia egunero ostalaritzan, kaleak garbitzen edo beste edozein lanetan ibili zaretenontzat. Zuek bai handiak!]

Iritzia: Kirola eta obsesioa

Iritzia: Kirola eta obsesioa

Jon Barberena Ibarra

Ez dut kirolari buruz gehiegi solastatzeko ohiturarik, hare gutiago, idaztekoa. Halere, duela guti, berriz ere, dopin hitzak lekua hartu du txirrindularitzan. Horrek ez ninduen sobera harritu, baina, kontua da, oraingo honetan, afera ez dela maila profesionalean pasatu, denbora-pasa eta afizio gisa praktikatzen dutenen artean baizik. Berriki, El Correo-k jakinarazi du Raul Portillok eta Jose Antonio Larreak EPO baliatu zutela euren balentriak edo ekintza gogoangarriak lortzeko. Portillo, errate baterako, alimaleko negozio bilakatu den Quebrantahuesos martxa zikolturistan lehendabizikoa ailegatu izan da, eta harena da Irati Xtrem martxa zikloturistan Larrau hupatzeko eginiko denborarik onena. Berarendako izan ziren, behin eginbeharrak akituta, ondokoen miresmena, txaloak eta laudorioak. Burrunba horren erdian, autoestimua hanpatu eta bere egoa hauspotu zuen.

Gainera, zenbait egunkari irabazle hitza erabiltzen tematu dira martxa horien berri ematerakoan, eta, horrez gain, Internet dago, dena erakusten duen leiho preziatu hori. Dudarik ez dago, izena eta abizenak zenbait hedabidetan barreiatzeak norberaren egoan eragina du, eta, nonbait, urrearen prezioa du fama eta itxurakeria gainbaloratuak dauden gizartean. Onenak izan behar dugu kiroletan, prestigiozko lanpostua lortu, irribarre perfektua erakutsi.

Agerikoa da norgehiagoka eta apustua errotuak ditugula, izaera lehiakorra baitugu euskal herriko gizonok, batik bat. Rh negatiboaren eta geneen kontuak aipatzen dira, baina horren gibelean ez ote dago sistema neoliberal basatiaren izpiritua? Mugaraino ailegatu beharra, hoberena izan beharra, estatus sozial eta ekonomiko jakin bat eskuratu beharra… Etengabeko gainditze fase batean bizi gara, eta, horrek momentuko pozak ekartzen badizkigu ere, geure buruarendako zama bihurtzen da, frustrazio.

Egoa inoiz ase ezin den barne sits apetatsua da, eta tranpa edo iruzur egiteko prest gaude lauda gaitzaten. Era berean, batzuk, akaso, ez dira dopina hartzera ailegatuko, baina bai kirola obsesioz bizitzera. Horrela, sozialki euren buruak baztertuko dituzte forma fisiko egokia erdiesteko helburua lehenetsiz. Hori guztia, El Diario Vasco-k Behobia-Donostia lasterketaren biharamunean argitaratzen duen sailkapenean postu batzuk aitzinatzeko edo hogei orduz menditik barna lasterka aritzeko. Obsesibo hau ez da euskal kulturaren ezaugarri, sistema kapitalista eta patriarkal honen parte baizik.

Zorionez, badugu zer ikasi eta zer desikasi anitzek. Erkuden Almagrok sortu zuen Bizikume, eta han adin eta erritmo aski desberdinetako emakumeak biltzen dira pedalei eragiteko. Gizon anitzen filosofiarekin alderatuz gero, bertzelakoa da: "Beste erritmo batzuk ditugu, beste elkarrizketa gai batzuk… Beste modu batera ibiltzen gara. Ez zaigu axola helmugara azkar iristea: disfrutatu egin nahi dugu". Horixe da erronkarik handiena, obsesionatu gabe, disfrutatzea.