Zabaldu dute Iruñerriko Mintzakide egitasmoan izena emateko epea

Zabaldu dute Iruñerriko Mintzakide egitasmoan izena emateko epea

Uxue Rey Gorraiz

Bueltan da Iruñerriko Mintzakide egitasmoa. Bueltan da euskara praktikatzeko, euskara gozatzeko eta, azken batean, euskara bizitzeko aukerak zabaltzea helburu duen programa. Berriz ere, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak bilduko ditu egitasmoak, astean behin, eta ordubeteko hitzorduetan. Pandemia dela eta, bi eredu eskainiko dituzte aurten: aurrez aurrekoa eta Internet bidezkoa. Antolatzaileen esanetan, edozein aukera hautatuta ere, euskararen ibilbidean urratsak egitea da inportanteena.

1993an lotu zitzaion bideari Mintzakide. Bagera Donostiako euskara elkarteak sortu zuen proiektua. Urteek aurrera egin ahala, Euskal Herri osora zabaldu da, eta, zehazki, hamabosgarren aldia izanen du Iruñerrian. Iragan den urtean —hau da, hamalaugarrenean—, mila lagun inguruk hartu zuten parte.

Euskaraz "eroso eta gustura" aritzeko inguruak sortzeko abiarazi zuten Mintzakide. Haren sustatzaileak ohartu ziren euskal hiztunek bazutela horren premia, eta iruditu zitzaien ez zegoela hori asetzeko tresna egokirik; "hutsune bat" zegoen, alegia. Hala azaldu du Edurne Arrizibita Mintzakide egitasmoko langileak: "Oraindik ere, askok izaten dute ezintasuna beren egunerokoan euskara praktikatzeko". Dioenez, premia hori bereziki nabarmena izaten da euskara hezkuntza formalean ikasten dutenenetzat, baina argitu du "euskaldun osoentzat ere" biziki mesedegarria dela egitasmoa. Askotan, haren iritziz, euskarak apenas izaten baitu tarterik aisialdian.

Lasaiago, ausartago

Parte hartzaileek beren beldurrak uxatzea eta lotsak alboratzea erdietsi nahi du Mintzakidek, Arrizibitaren esanetan. "Hanka sartzeko beldurra izaten dute askok, eta, horregatik, batzuk ez dira ausartzen jendearen aurrean euskaraz aritzen. Horri kontra egin nahi diogu. Azken batean, hau ez da eskola bat, lasai aritzeko aukera bat baizik".

Mintzakide programako saioetan ez dago ikaslerik eta irakaslerik, ez eta testuliburu eta arbela aurrean aritu beharrik ere. Izatez, taldeak berak erabakitzen du zertan aritu asteroko hitzorduetan, lehentasunen eta zaletasunen arabera. Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea da parte hartzeko baldintza bakarra.

Aurten, pandemiak behartuta, taldeak txikiagoak izanen dira: bospasei lagunekoak. Betiere, arduradunek bermatu eginen dute talde guztietan egon daitezela bidelariak eta bidelagunak: euskara praktikatu eta gehiago erabili nahi duten pertsonak eta egunerokoan euskaraz aritzeko ohitura dutenak. Bi profilak batzea da haien asmoa, elkarrekin aritzeko.

Bidelaria da Ruben Gutierrez Lakuntza, orain dela hiruzpalau urtetik. Euskaltegian ikasi zuen euskara, baina gerora ohartu zen "ezinbestekoa" zitzaiola euskaraz gehiago aritzea, hizkuntzan gehiago murgiltzea. Kontatu du programak "are erakargarriago" egiten duela hizkuntzan sakontzeko prozesua, eta gaineratu du Mintzakideren funtzionatzeko erak jende anitzi laguntzen diola euskaraz "ausartago" aritzen. Batik bat, argitu du bidelaguna ez dela ikusten irakasle modura, eta zuzentzailea baino gehiago "laguntzen duen pertsona" dela, izenak adierazi gisan.

Udako etenaldiaren ondotik, zabalik da egitasmoan izen emateko epea. Internet bidez egin daiteke, Irunerrikomintzakide.eus atarian, baita webgunean adierazitako hainbat leku fisikotan ere. Aurten, arduradunek gazteak eta bidelagun gisa aritu daitezkeen pertsonak animatu nahi dituzte bereziki, profil horien beharra izaten baita nabariena azkenaldian.

“Justizia egin behar da, eta izugarrikerien irakurketa kritikoa”

“Justizia egin behar da, eta izugarrikerien irakurketa kritikoa”

Edurne Elizondo

Biktimen ondoan izan da Fernando Rey (Iruñea, 1961), Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuan egindako saioan. Aurreko egunetan eta asteetan ere mintzatu izan da haiekin, eta entzun ditu haien esperientziak: ETAk hildako Manuel Zamarreñoren alaba Naiara Zamarreñorenak, Guardia Zibilak hildako Josu Zabalaren iloba Belen Zabalarenak, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba Maria Jauregirenak eta estatu terrorismoak hildako Iñaki Etxaberen alaba Olatz Etxaberenak. Saioak utzitako "aje emozionalak jota" mintzatu da Foro Sozialaren barruan dagoen Baketik elkarteko kide Fernando Rey; "zubi lana egin nahi duen herritar bat" da.

Bigarrenez egin duzue indarkeriaren biktimen arteko solasaldia Nafarroako Parlamentuan. Zer moduz joan da?

Pozik atera nintzen. Egia da halako aje emozional bat utzi didala saioak, biktimen esperientziak ezagutu eta entzun eta gero. Pena da halako saioak jende gutxirengana ailegatzen direla, baina, aldi berean, parlamentuaren egoitzan eginda, oihartzun sozial handiagoa dute gero hedabideetan.

Inportantea da halakoak parlamentuan egitea?

Bai, badauka garrantzia. Bilatzen da erakunde publikoek behar bezalako garrantzia ematea memoriaren auziari. Pozik gara, iaz egindako saioan baino talde gehiago izan direlako aurten. Iazkoan, PSN eta UPN gelditu ziren kanpoan.

Oraingoan, PSN egon da.

Pozgarria da. Saioa bukatu zenean, PSNko Inma Juriorekin mintzatu nintzen, eta galdetu nion ea entzun ote zuen zerbait arrarorik. Ezetz erantzun zidan, oso ongi joan zela. Esan nion mezua beti izan dela bera, baina aurrekoan ez zuten entzun nahi izan.

Zer diote biktimek?

Batetik, besteari entzun eta bestearen larruan jarri beharraz aritu dira. Bestetik, memoria inklusiboaren garrantzia nabarmendu dute. Inportantea da ETAren biktimak aintzat hartzea eta dituzten eskubide guztiak bermatzea, baina estatuaren terrorismoak edo polizia taldeek eragin dituzten biktimak bazter utzi gabe.

Biktimen arteko aitortza?

Hori oso inportantea da. Bakoitzak gatazkaren bere kontakizuna izanen du, baina, gatazka hori edonola aztertuta ere, edonola deskribatuta ere, egon gaitezen ados, behintzat, bi gauzatan: biktima guztiek dituzte eskubideak, eta biktima guztiak hartu behar dira aintzat. Giza eskubideak edozein proiekturen gainetik daude. Ez zegoen eskubiderik eta ez dago justifikaziorik ETAk egin zituen izugarrikeriak egiteko, eta ez dago eskubiderik inor torturatzeko eta estatuak inor hiltzeko.

Paco Etxeberria auzi medikuak erran izan du ETAren biktimek erakundeen aitortza jaso dutela, baina ez, ordea, herritar askorena; estatuaren indarkeriaren biktimen kasuan, kontrakoa gertatzen dela, herritarren babesa bai, baina erakundeen aitortza ez dutela jaso. Bat zatoz?

Bai. Parlamentuko saioan ere horixe esan dute batzuek, erakundeen aitortzarik ez, baina herriaren parte handi baten babesa sentitu dutela. Egin dira urrats batzuk: Eusko Jaurlaritzak aitortza egin dio Iñaki Etxaberen familiari. Pausoak eman dira, nahiz eta oraindik biktima guztiek ez duten aitortza hori jaso. Beste aldean, berriz, ETAren biktimek izan dute erakundeen aitortza, baina ez dute herritarren parte handi baten babesik izan.

Biktima guztiak ez dira prest parlamentuan egindakoaren gisako saio batean parte hartzeko. Hori baliatzen dute batzuek?

Parlamentuan argi eskatu dute biktimek: "Mesedez, ez manipulatu". Biktimek dolu prozesu bat pasatu behar dute; sentitzen duten amorrua gainditzeko prozesua luzea da, eta traba handia da prozesu horretan batzuek manipulatu nahi izatea. Bada jendea biktimen eskubide guztiak aldarrikatu, eta gai dena aurrerapausoak emateko, eta besteen sufrimenduari ere begiratzeko.

Sumatzen duzu aldaketarik?

Prozesu guztietan argi-ilunak daude. Alderdien artean izan dira aurrerapausoak: PSN parlamentuan egon izana, adibidez, inportantea da. Martin Zabalza Bake eta Bizikidetzarako zuzendaria PSNkoa da, eta elkarrizketa multilateralak bultzatzen ari da. Hori da prozesuak duen argi bat.

Eta ilunak?

Lasaitu da pixka bat giroa; arazo gutxiago dago onartzeko indarkeria adierazgarri guztiak direla baztertzekoak, baina, aldi berean, jendea urrundu egin da arazotik. Eta ez litzateke ona izanen hau ahaztea, zauriak ongi sendatu gabe. Oraindik badira arazoak. Ona da parte guztiek onartzea indarkeria erabiltzea ez zela bidezkoa izan, eta egindako mina aitortzea, baina estatuak oraindik ez du egin.

Noizbait eginen du?

Segur aski, ez du inoiz eginen. Estatuak esanen du noizbait tortura erabili duela? Gauza jakina da estatu guztiek erabili dutela. Halere, onartuko du hori Espainiak? Bere egiturak erabili dituela talde terroristak antolatzeko? Zaila ikusten dut. Eta badira bestelako arazoak ere.

Zer-nolako arazoak?

Naiara Zamarreñok aipatu ditu, adibidez, presoei egindako ongietorriak. Esan du min handia egiten diotela; ongi iruditzen zaiola egitea; normaltzat jo du maite duzun hori kartzelatik atera delako poztea eta ongietorria egitea, baina ez heroitzat hartuz. Hor bada beste problematika bat. Presoen egoera beste bat da; zergatik ez diren etxetik hurbil. Arazo horiei heldu behar zaie.

Ez enkistatzeko?

1936ko gerrarekin gertatu da bilobek egin behar izan dutela memoria jorratzeko lana. Eskuinak esan du kontu zaharrak direla, eta aurrera begiratu behar dela. Ez dugu iraganean iltzatuta gelditu behar, baina justizia egin behar da, eta izugarrikerien irakurketa kritikoa egin behar da; hurbilagokoa dugun indarkeriarekin ere bai. Aurrera egin behar dugu, bai, baina irakurketa kritiko hori eginez. Zauriak ongi itxi behar dira, eta irakurketa kritiko eta multilaterala egin.

Baketik elkartean ari zara orain; Nafarroako Gobernuan ere aritu zinen aurreko legealdian.

Hutsetik hasi behar izan genuen gobernuan. Lan ona egin zen, baina motz gelditu zen arlo askotan. Halere, nik orduan ikasi nuen administrazioa astuna dela; presio politikoak badirela, eta ausardia falta izan dela. Zuhurtziaz jokatu behar da, bai, baina uste dut gutxieneko oinarri etikoak ezartzen badira ez diegula uko egin behar. Giza eskubideak denonak badira, denonak dira; berdin du biktima hori biktimario ere izan bada. Nik beti izan dut amets herri honen bakea, justizia eta askatasuna. Saiatu naiz inplikatzen; zubi lana egin nahi duen herritar bat naiz.

Iritzia: Ez dut izan nahi normala

Iritzia: Ez dut izan nahi normala

Lohizune Amatria

Polemika interesatu" bat ekarri nahi dut mahai gainera. Eraso sexisten aurkako hiriko sarreretako panelak kentzeko "erabakirik" ez dagoela esan du Enrique Maia Iruñeko alkateak. Ados, erabakirik ez dute hartu. Ukatuko lukeen arren, ordea, argi eta garbi erakutsi du alkateak kartelak kentzeko nahia badutela. Beharra ikusten dutela.

Kartel horietan idatzita dagoena "begi-bistakoa" dela esan dute, argudiatzeko kartelek "ez dutela zentzurik" edo "kentzea litzatekeela egokiena". Baina ez da hori benetako arrazoia. Maia alkateak garbiago erakutsi zuen eskuinak gaiarekiko duen jarrera kazetariek aferari buruz galdetu ziotenean. Haren ustez, herritar asko "suminduta" daude kartelekin, "eraso sexistei buruz hitz egitea baita Iruñeaz jasotzen den lehen irudia". Hortxe arazoa: irudia, esanen dutena.

Tamalez, gizarte honetan izendatzen ez dena ez da ikusten, eta ikusten ez dena ez da existitzen.

Ikusaraz dezagun, bada.

Espainiako Estatuan bizi diren 16 urte edo gehiagoko emakumeen %57,3k indarkeria matxistaren bat pairatu dute inoiz. Irail hasierako albistea da, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak egindako Emakumeen aurkako indarkeriaren inkesta-ren emaitzak biltzen dituena. Bi emakumetik batek jasan du inoiz. Bitik batek. Ez gara intzidentziak alderatzen jarriko, baina nabarmentzeko moduko pandemia dela erakusten duelakoan naiz.

"Bere adineko beste edozein emakumek bezala", emakumeak erre egiten zuela, parrandan ateratzen zela eta lagunekin kafea hartzen zuela leporatu zion 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutako gizonetako batek biktimari auzitegian. Argazkiak egin zizkion detektibe agentzia batek uda hartan, eta, nahiz eta auziko epaimahaiak horiek frogatzat ez onartu, gehienen eskuetara iritsi ziren. Orain, emakumearen "bizimodu normala" erretratatzea, biktima zelatatzea, ez dela delitua ebatzi du justiziak.

Urriko albistea da. Bortxatzen gaituzte eta nola jokatu beharko genukeen esaten digute. Emakumeen giza eskubideak urratzen dituena baino, biktima da behin eta berriz epaitua dena, auzitegietan, kalean eta hedabideetan. Udako datuak eman berri ditu Foruzaingoak. Iazko datuekin alderatuta, erdira murriztu dira sexu erasoen salaketak. Testuingururik gabe irakurrita, pozteko moduko albistea dirudi. Baina salatu ez izanak ez du esan nahi erasoa gertatu ez denik. Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, etxean egoteko gomendioa jasotzen ari gara, etengabe; eta badakigu etxea ez dela leku segurua guztientzat. Itxialdia bitartean, adituek ohartarazi zuten emakume asko tratu txarrak ematen dizkieten gizonekin itxita zeudela eta zaildu egin zitzaiela laguntza eskatzeko modua. Orain ere hala izanen delakoan naiz, baina honi buruz ez da hitz egiten.

Eta, bitartean, Maiak dio "hiritar arruntarentzat" gaindituta dagoela Iruñea eraso sexistarik gabeko hiria dela esan behar izatea. Ez omen naiz ni "hiritar arrunta", beraz. Eta, benetan, eskuinak hitzari ezarri dion adierarekin bada, ez dut izan nahi normala.

Intsumisioaren kaleko kronika

Intsumisioaren kaleko kronika

Edurne Elizondo

Kalean egon nahi nuen, borroka egiten zutenekin". Horixe erran zuen Joxe Lacalle Uharte argazkilariak (Etxauri, 1951), Memorias de Lacalle (Txalaparta, 2017) bere aurreneko liburua aurkeztu zuenean. Eta hori egin du beti: kalean egon, borroka egiten dutenekin. Egin eta Euskaldunon Egunkaria hedabideetan kontatu zituen borroka horiek, prentsa argazkilaria izan zen garaian, eta, orain, erretiroa hartuta, bere bigarren liburuan jaso ditu: Si te mandan una carta kaleratu berri du Txalapartarekin, intsumisioaren aldeko kanpainari buruz.

Argazkilari "desobediente" baten kronika da Lacallek intsumisioaren inguruan osatu duena. 1989. urtean hasi zen derrigorrezko soldaduskaren aurkako kanpaina, eta 2001eko martxoan amaitu zen, Espainiako Gobernuak zerbitzu militarra bertan behera uzteko dekretua sinatu zuenean. 1988koa da Lacallek liburuan jasotako lehenengo irudia, eta 2000. urtekoa, berriz, azkena. Argazkilariak karrikan jarraitu zituen intsumisoek urte horietan egindako urratsak, eta irudi bilakatu zituen.

"Hasieratik egin nuen bat haien aldarrikapenekin. Borroka karrikara eraman zuten, eta irudimena baliatuz, lortu zuten helburua betetzea", erran du Lacallek. 1970eko hamarkadaren hasieran deitu zuten argazkilaria soldaduska egitera, eta lau hilabetez egon zen kuartelean, Irunen (Gipuzkoa). "Bizkarra gaizki nuen, beti oinazeak jota, eta etxera bidali ninduten, azkenean". Garai hartan, Jehovaren Lekukoak ziren, batez ere, armadari uko egiten ziotenak, erlijioarekin lotutako arrazoiengatik. "Kuartelean, behin, hainbat gazte sartu zituzten ziegan, uniformea jantzi nahi izan ez zutelako. Jehovaren Lekukoak ziren. Ni bidali ninduten ziega zaintzera, eta sarjentuak erran zidan: 'Ihes egiten saiatzen badira, bota bi tiro'. Horixe izan zen nik armadarekin izan nuen esperientzia".

Soldaduska "gizon bilakatzeko" urratsa zen Lacalleren gazte garaian. "Izugarria zen. Nik ez nuen egin nahi, baina ez zen erraza uko egitea". Horregatik, militarren aurkako kanpaina hasi zenean, txalotu egin zuen gazteen ekimena.

Kontzientzia eragozpenaren aldeko ekintzaile talde baten protesta izan zen Lacallek soldaduskaren aurkako mugimenduaren testuinguruan jorratu zuen lehendabizikoa. "Aizoaingo kuartelean egin zuten, Espainiako armadaren egunean. Harrituta gelditu nintzen harat joan eta militarrak ikusi nituenean haurrei metrailetak nola erabili irakasten. Lauzpabost gazte sartu ziren, eta armadaren aurkako eskuorriak bota zituzten. Atxilotuta eraman zituzten, eta ni ere bai".

Intsumisoek Aizoainen egindako bertze protesta bat gogoan du Lacallek, militarrek bere lankide bati besoa hautsi ziotelako: "Ez zegoen ospitalera eramateko modurik, ez ziguten uzten. Hurrengo egunean, argazkilariok karrikan salatu genuen gertatutakoa; besoa hautsita atera zen lankideak ezin izan zuen hori egin, lana galtzeko mehatxua egin baitzioten".

Artxiboa digitalizatzen

Egun hartako argazkirik ez du Lacallek. "Karreteak kendu zizkidaten". Intsumisioari buruz, halere, ehunka irudi ditu gordeta. Erretiroa hartu zuenean, beti paperean egindako argazkien negatiboak digitalizatzen hasi zen, eta lan horren lehen emaitza izan zen 2017an kaleratutako Memorias de Lacalle.

Bere artxiboa digital bilakatzeko lanean murgilduta jarraitzen du Lacallek. 2018an, intsumisioaren aldeko mugimendua jarri zuen erdigunean, eta jasotako uztaren emaitza da oraingo Si te mandan una carta. Haren argazkiekin batera, intsumisioaren alde aritu zirenen testuak jaso ditu lanak. Tartean dira Toñin De la Cuesta intsumiso ohiaren hitzak. Kojon Prieto y los Huajolotes taldeko kide ohia ere bada De la Cuesta, eta talde horren kantak eman dio izena Lacalleren liburuari. "Behin Sarasate pasealekuan aritu ziren kantatzen", oroitu du. Manifestazioetako leloak ere gogoan dauzka Lacallek, eta ezin izan dio eutsi tentazioari: "Intsumisoak aurrera!", abesten hasi da.

Gazteen hamaika ekintzaren lekuko izan zen argazkilaria. Eta gertutik jarraitu zituen, halaber, intsumisoen alde haien lagunek eta senideek egindako urratsak. Sortu zituzten babes sareetan emakumeek bete zuten rola nabarmendu du. Liburuan ere hartu dute hitza. Hitzaurrea, adibidez, intsumisoen abokatu izandako Patricia Morenok sinatu du; eta liburu barruko orrietan jasota daude, bertzalde, Argiñe Salanuevaren hitzak. Unai Salanueva intsumisoaren arreba da. Espetxera itzuli behar zuenean, bere buruaz bertze egin zuen gazteak, 1997. urtean.

Kartzela, borroka gune

Iruñeko espetxe zaharra izan zen intsumisioaren aldeko mugimenduaren jokaleku nagusietako bat Nafarroan, han itxi baitzituzten derrigorrezko soldaduskari eta haren ordezko zerbitzuari uko egin zioten gazte anitz. Kartzela barruan ez zioten lan egiteari utzi, halere, eta, autoritarismoaren kontrako jarrera batetik, beren jarduera politikoari segida eman zioten, espetxean ere. Aldarrikapenerako toki bilakatu zuten, egin eta erakutsi zituzten pankarten bidez, bertzeak bertze; kanpoan, berriz, senideen astean behineko elkarretaratzeek eutsi zioten intsumisioaren aldeko borrokari.

Espetxe barrukoak eta kanpokoak argazki bilakatu zituen Lacallek. "Garai hartan, auzitegiaren eraikin berria egiten ari ziren, eta han sartzen nintzen, kartzelako patioan ziren intsumisoen argazkiak egitera; azkenean, harrapatu ninduten, eta zinpeko guardak jarri zituzten", gogoratu du. Ondoko etxe batean aurkitu zuen behatoki berria Lacallek.

Espetxeko atarian, halaber, kanpaina osoko unerik gogorrenetako bat gertatu zitzaion argazkilariari, 1993an. "Atean intsumisoen aldekoak zeuden pankarta batekin; auto bat pasatu zen aurretik, ziztu bizian; gelditu, eta pistola eskuan zuela atera zen barrutik gizon bat. Polizia zen, eta tiro egiten hasi zen".

Serio jarri da Lacalle ordukoak oroitu dituenean. "Sekulakoa izan zen; tiro egiten hasi zen! Bertze argazkilariak korrika joan ziren. Gero ni zergatik gelditu ote nintzen galdetu zidaten, eta garbi erantzun nien: gelditu izan ez banintz, ez legoke une horretako argazkirik". Liburuan jaso ditu argazkilariak egun horretako tentsioa islatzen duten irudiak. "Robert Caparen jarraitzailea naiz ni ezizen horrekin egin zuten lan Gerda Taro eta Ende Erno Friedman argazkilariek; haren esaldi bat nire egin dut beti: argazkia behar bezain ona ez izateko arrazoia dela behar bezain hurbil ez egotea".

Liburuak aukera eman dio Lacalleri karrikan intsumisoen ondoan egindako argazkiei bertze modu batera so egiteko. Militarismoaren aurka ari ziren gazteen borrokaren eta garaipenaren kronika osatu ahal izan du, denborak eman dion ikuspuntuari esker. Ordukoak gorde ditu, baina zabaltzen jarraitzeko: "Duela urte anitz egindako argazkiek bide berri bat hasi dute, nolabait erranda". Intsumisioa irudi bilakatu du Lacallek. "Ezin zuen bertzela izan; ni ere argazkilari intsumiso bat izan naiz beti", nabarmendu du argazkilariak. Asteburuan aurkeztu zuen liburua, Gazteluko plazako azokan; bere irudien atzekoak kontatzen jarraitzeko irrikan da.

Oztoporik gabeko auzoa

Oztoporik gabeko auzoa

Edurne Elizondo Iturramaren atzetik, Donibane da zahar gehien duen Iruñeko auzoa: bizilagunen ia %32k ditu 65 urte baino gehiago, eta %12k, berriz, 80 baino gehiago, Iruñeko erroldaren joan den otsaileko datuen arabera. Donibaneko Adinekoaren Adeko Akordioaren sinatzaileek kontuan izan dituzte datu horiek, eta diagnostiko bat egin dute zaharren beharrak aztertzeko. Agerian utzi dute karrika anitzetan badirela adinekoentzat arrisku bilaka daitezkeen oztopoak,...

“Galderak egiten dituen antzerkia gustatzen zait”

“Galderak egiten dituen antzerkia gustatzen zait”

Uxue Rey Gorraiz

Antzerkigilea, aktorea, Lehen Hezkuntzako irakaslea eta beste da Maialen Diaz (Beltzuntze, 1988). 2019an, Nafarroako Antzerki Eskolak haurrentzako antzerki testuen sariketako irabazle izendatu zuen Diaz, Ilargiaren atzean lanarengatik. Idazkera aberatsa, emozioak transmititzeko gaitasuna eta istorioaren garapen eta egitura borobila nabarmendu zituzten epaimahaikoek. Iragan den larunbatean gorpuztu zituzten estreinakoz hark idatzitako hitzak oholtza gainean: Virginia Zerberak zuzendu du obra.

Larunbatean izan zuen obrak lehen emanaldia. Pozik zaude emaitzarekin?

Oso. Lan izugarri polita egin du lantalde osoak. Gainera, oso harrera ona izan zuen, aretoaren edukiera mugatua egonik ere. Asko gustatu zait Virginia Zerbera zuzendariak egindako lana, eta aktoreak ere ederki aritu dira. Antzezlanean jorratzen den gaia nahiko delikatua da, haur baten bidaia emozionala kontatzen baita, eta iruditzen zait sentiberatasun handiz landu dutela.

Zer kontatzen da, zehazki?

Hasieran alaba bakarra den neskato baten historia da. Neska horrek ahizpa bat nahi du, eta desio hori bete egiten da azkenik, neska bat adoptatzen baitu familiak. Ordea, hainbeste desiratzen zuen zerbait lortzen duenean ikusten du familian duen lekua aldatu egiten dela. Gertatu zaiona polita den arren, bizitzan aldaketa horiek onartzeak eta etorrera hori aberasgarria dela ikusteak gorabehera asko izan ditzake. Gerta daiteke, antzezlanean agertzen den bezala, jeloskor jartzea, amaren arreta bereganatu nahi izatea… Horretaz guztiaz hitz egiten du obrak.

Adopzioaz hitz egiten da antzezlanean. Zehazki gai hori jorratzeko premia sentitu zenuen?

Adopzioa bera interesekoa zait, gai moduan, baina uste dut, adopzioaz haratago, alteritatearen onarpenaz ari garela antzezlanean. Norbait zurean hartzean, are gehiago familiaren gisako inguru intimo batean... zailtasunak izan daitezke; ez da erraza. Ulertu behar izaten dugu gauza asko positiboak izan daitezkeela, nahiz eta ez izan zuk espero bezalakoa. Gainera, maitasunaz ere hitz egiten du obrak, eta ahizpatasunaz.

Antzezlana haurrei zuzendua izanik, berezia behar du izan kontatzeko moduak?

Bai, noski. Kasu honetan, nik haurrei eskaini nahi izan diet pertsonaiarekin batera bidaiatzeko eta katarsia bizitzeko aukera. Horrez gainera, obran nagusi den gaia lantzeko, protagonistak bizi dituen sentimendu batzuk kanpora atera ditut, izaki mitologiko batzuen agerpena baliatuta. Uste dut horrek laguntzen duela emozioak haurraren gaineko epaiketarik gabe lantzen. Nik nahiago izan dut kode fantastikoa erabili, psikologizazioa baino. Kasu honetan, behintzat, haurrek hobeki ulertuko dute horrela.

Nolakoa da eszenaratzea?

Oso berezia da, eta askotariko espazioak sortu dituzte oso elementu gutxirekin. Gainera, istorioan oso inportantea den elementu baten bueltan egin dute eszenaratzea: hari mataza bat da guztiaren oinarria. Izan ere, pertsonaietako batek, amak, gainerakoen hitzen hariari tiraka josten ditu arropak. Metafora bat da; erakutsi nahi du istorioz eginda gaudela.

Sariketako epaileek azpimarratu zuten zure lana oso ongi garatua eta borobildua dagoela.

Uste dut egiturarengatik esan zutela. Kasu honetan, arreta jarri nahi izan nion dramaturgia aldetik oso argia izateari. Estilo ariketa baten modukoa izan da,

Sentimenduak eta emozioak transmititzeko gaitasuna ere nabarmendu zuten. Hori duzu gustuko?

Artistak bezainbeste bide daude; bakoitzak berea du. Nire kasuan, bai, iruditzen zait horrelakoa dela nire begirada eta hori dela nik eskaintzen dudana. Polita iruditzen zait espazioa publikoarekin partekatzea, bidea elkarrekin egiteko. Antzerkiak daukan ezaugarrietako bat da hunkigarritasuna, sentimenduak lantzeko gaitasuna, eta, literatura ez bezala, jende askoren artean gertatzen da, eta une jakin batean. Emozioak lantze aldera, elkarketaren balioa oso garrantzitsua iruditzen zait.

Zertan aurkitzen duzu idazteko inspirazioa?

Zirrara bereziren bat eragin didan edozer izan daiteke, jakin-mina piztu didan zerbait. Niretzat idaztea da ulertzen saiatzea, nahiz eta gero, paradoxikoki, gustatzen zaidan testuak galderak uztea airean. Ez zait gustatzen erantzunak ematen dituen antzerkia, galderak egiten dituena baizik.

Behin inspirazioa aurkituta, nolakoa da sorkuntza prozesua?

Ez da inoiz noranzko bakarreko bidea; bidaia ez dut egiten norabide bakarreko errepidean. Inportanteak dira bat-batean azaltzen zaizkidan flash modukoak, irudiak, eta horiek gordetzen dituzten galderak. Gero, noski, aurkitu behar izaten dut hori guztia egituratzeko modua. Egia esateko, lan handia egiten dut ordenagailua ireki baino lehenago, kontuari bueltak ematen, dokumentatzen… deus idazten hasi aurretik.

Zer iritzi du jendeak haurrei zuzendutako antzerkiaz?

Uste dut batzuetan nahasi egiten dugula entretenimenduarekin, eta iruditzen zaigu helduei zuzendutakoa baizik ezin dela izan antzerki serioa. Haurrek merezi, ulertu eta eskertzen dute beraiei zuzendutako antzerkia. Harrigarria eta oso polita da ikustea nola ateratzen diren antzokietatik emanaldi baten ondotik. Nik aldarria egingo nuke genero honen alde, eta argi utzi behar da, entretenimenduaz haratago, haurrentzako antzerkia mundu bat dela, eta merezi duela arreta.

Bazterra hautu bat denekoa

Bazterra hautu bat denekoa

Edurne Elizondo

Bazterrean mugitzen den subjektu politiko bat gara". EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduko kide Kepa Yecorak erran ditu hitzok, kolektibo horrek bihar Iruñeko Kondestablearen jauregian eginen duen jardunaldiaren atarian. Buruari ekin bazterrean izenburupean antolatu dute biharko saio hori, asmo nagusi batekin: kolektiboa "berrindartzea", eta bere diskurtsoa "garatzea eta sendotzea". Egun osoko egitaraua prestatu dute hausnarketa kolektiboa bultzatzeko.

Ez da kasualitatea orain hartu izana gogoeta egiteko tarte hori. Biharko saioaren bidez, EHGAMeko kideek nahi dute bidean une batez gelditu, nolabait: gelditu, egindako urratsak aztertu, eta aurrera begirakoak zehaztu. Kolektiboaren egungo jarduera ez baita hasierako bera, eta kideek aurrean duten gizartearen errealitatea ere ez. Orain arte lortutakoa "defendatu" nahi dute, "sortzen" jarraitzeko.

1976an sortu zen Nafarroako Homosexualen Batzordea, eta handik bi urtera, 1978an, Ekainaren 28ko manifestazioa egin zuten, Tuteran, lehen aldiz. Iruñean, 1982an egin zuten protesta aurrenekoz, eta seiehun pertsona inguruk parte hartu zuten han. 1970eko hamarkada bukaeran sortu zuten EHGAM, hain zuzen, eta, 1980ko hamarkada amaieran eta 1990ekoan, batez ere, indar handia izan zuen Iruñeko karriketan, "ekintza zuzenaren" bidez. Orduko manifestazioak eta kanpainak oroitu, eta garbi erran du EHGAMeko kide Oskar Sadak badela "zer ospatu".

2000. urtean, EHGAMek bertze gisa bateko lana lehenetsi zuen karrikako jardueren gainetik. "Jendeak bere bizi kalitatea hobetzeko tresnak eskatzen zizkigun. EHGAMeko bi kide egon ginen Herbehereetan, Alemanian eta Katalunian, eta, hango kolektiboen lan egiteko moduak ezagutu eta gero, Kattalingorri jarri genuen martxan", kontatu du Sadak.

"Mariken diskurtsoa"

Kattalingorri aholkularitza jasotzeko eta elkarri babesa emateko toki bilakatu zuten hasieratik. Bat egiteko eta hitz egiteko espazio aske eta seguru bat, finean. EHGAMek jarri zuen martxan, baina joan zen nortasun propioa garatuz, kideek beren kolektiboaren izena behin-behinean bazter utzi arte.

Orain, baina, erdigunera itzultzeko ordua du EHGAMek. Izen eta abizenez. "Gero eta diskurtso ezberdin gehiago garatzen ari dira LGTBI+ kolektiboaren barruan; orain arte, elkarlanean aritu gara besteekin, eta albo batean utzi dugu gure diskurtsoa osatzeko lana. Orain horri ekin nahi diogu, gure diskurtsoa indartzeari", erran du Kepa Yecorak.

"Gure diskurtsoa". Yecorak eta Sadak azaldu dute horrek zer erran nahi duen: "Gure diskurtsoaz ari garenean ari gara mariken diskurtsoaz". Eta "marikak" dira "bazterrean" mugitzen den subjektu politiko bat, Yecorak bertze deus baino lehen nabarmendu duenez. "Mariken diskurtsoa bazterrean eta bazterretik" osatu nahi dute EHGAMeko kideek, hain zuzen ere, bere egin baitute bazterrean egoteko aldarria: sistemak ezarritako arauen araberako erdigunea ez dute maite.

Botere harremanak nagusi dituen egungo sisteman, zisheteropatriarkatuaren eredua da hegemonikoa; gauza guztien neurria ezartzen duena, alegia; erdian dagoena. Horregatik nahi dute EHGAMeko kideek bazterrean bizi. Gauza guztien neurria ezartzen duen arau horrek badu eragina ere homosexualen kolektiboan, eta egoera horrek pizten dituen eztabaidak erdigunean jarri nahi dituzte, biharko jardunaldiaren bidez: "Egungo jendartean bada berdintasunaren aldeko nolabaiteko aldarria; ematen du jendarteak balioa ematen diola berdintasun asmo horri, baina ez da egia: jendarteak arautik hurbil dauden ereduak baino ez ditu onartzen; benetako berdintasuna aldarrikatzen dugu guk, eta horretarako ez dugu inoren baimena behar", nabarmendu du Kepa Yecorak.

Sistemak, beraz, "arautik hurbil dauden homosexualak" onartuko lituzke, EHGAMeko kidearen hitzetan: homosexual "zuri, eder eta aberatsak", alegia. "Gay izateari buruz ere oso diskurtso arautzaileak ari dira garatzen, azken urteotan; maskulinitatea, gay direnen maskulinitatea ere, oso lotuta dago eredu bakar batekin, eta gu ez gara eroso sentitzen eredu horretan".

Egungo gizarteko eredu hegemonikoak binarismoa du ezaugarri nagusietako bat; EHGAMeko kideek, baina, horren kontrako jarrera hartu dute. "Binarismo arautzailearen aurka gaude", erran du Oskar Sadak. Hausnarketarako mami diren galderak, auziak eta ereduak aipatu ditu EHGAMeko kideak, eta horien inguruan gogoeta egiteko beharra nabarmendu du: "Gu non kokatzen gara? Zer gara? Marikak? Marikak izateko gizon izan behar dugu? Zis gizonak? Edo trans gizonak ere?". Hausnartzera eta hitz egitera deitu ditu Sadak jardunaldian ariko diren herritarrak: "Auzi pila dugu jorratzeko, libreago izateko; libreago izateko lan hori ez da bakarrik guretzat, gainera, gure askatasunak ere besteena ekartzen baitu".

Sadaren hitzen ildotik, emakume transak baztertzen dituen feminismoaren aldarriek azken boladan izan duten "oihartzuna" aipatu du Yecorak, eta argi utzi nahi izan du zer erran badutela auzi horri buruz: "Guk ez diogu inori esanen zer den gizon edo emakume izatea; ez dugu esanen nor den gizon edo emakume; ez ditugu ezarriko gauza bat edo beste izateko baldintzak. Genero autodeterminazioan sinisten dugu, eta, ondorioz, argi dugu nork bere burua definitzeko eskubidea duela". Hau da, "hamaika modu" daudela gizon, emakume edo bertze izateko. Kontua ez baita bazterra erdigunera eramatea, baizik eta erakustea erdigunea egon daitekeela bazterrean ere: aniztasunaren balioa eta genero adierazpen askotarikoen balioa nabarmenduko duen bazterrean, hain zuzen ere.

"Autoestimutik eraiki"

Biharko jardunaldiak biharko diskurtsoa sendotzera eraman nahi ditu EHGAMeko kideak; prozesu horretan, kolektiboko arduradunek ezinbertzean egin diote so orain arte egindako bideari, eta, gaurkoak eta atzokoak alderatuta, "pozik" erran du Oskar Sadak: "Iruditzen zait autoestimu polit batetik eraikitzen ahal direla gauza politagoak erresistentziatik bainoago; eta hori da guk gure borrokarekin egungo gazteei eman dieguna".

"Egungo gazte horiek jakin behar dute aurretik zer egin den; jakin behar dute hor daudela beste batzuek egindakoari esker", erantsi du Kepa Yecorak. Memoria jorratzeko beharra aipatu du Sadak ere, baina, bertze gauza guztien gainetik, "ahalduntzeko" urratsak jo ditu funtsezko: "Guk kaleak hartu genituen, eta, gisa berean, ahalduntzeko beharra dute egungo gazteek".

EHGAMeko bi kideek eskertu dute, hain zuzen ere, kolektibo horrek emandako "ahalduntzerako arnasa". Talde hori sortu zutenean baino anitzez ere kolektibo gehiago dago Nafarroan, gaur egun, eta ontzat jo dute hori EHGAmeko kideek. "Inportantea da erreferentziazko gune askeak izatea, are gehiago herri txikietan", erran du Yecorak.

Gune askeak izatea ez da nahikoa EHGAMeko kideentzat; gizarte aske bat nahi dute, bazterreko guztientzat. Argi dute gizarteak urratsak egin dituela azken hamarkadetan, eta, egun, bertzeak bertze, erakunde publikoen esku dira garai batean herritarrek sortutako kolektiboek eskaintzen zituzten zerbitzuak. Kattalingune du Nafarroako Gobernuak, adibidez, LGTBI+ kolektiboa artatzeko eta bere eskubideak babesteko.

"Aurrerapauso" horiek onartu dituzte EHGAMeko kideek, baina erakundeak "zaintzeko" beharra nabarmendu dute. Ez hori bakarrik: "Nork bere esparrua du; badira zerbitzu publikoak, batetik, eta bertzetik daude gure aldarriak. Osagarri izan daitezke, edo elkarren kontrakoak", azaldu du Yecorak. "Kritiko" izateko beharra erantsi du Sadak. Horretarako aukera izanen dute biharko jardunaldian. Hausnartzeko, kritiko izateko, eta sortzen jarraitzeko aukera.

Gorrien memoria

Gorrien memoria

Edurne Elizondo

Suhiltzailea da lanbidez, baina Mikel Huartek artxiboetako agirien artean sartu du burua azkeneko hilabeteotan, helburu garbi batekin: frankisten errepresioa sufritu zuten Osasuna taldeko kideen memoria jaso eta zabaltzea. Sare sozialetan hasi zuen bide hori, eta liburu batean jaso du orain, Txalaparta etxearen eskutik: Rojos. Futbol, política y represión en Osasuna (Gorriak. Futbola, politika eta errepresioa Osasunan). Gaur aurkeztuko dute, Iruñean.

Felix Monreal kazetariak emandako pistek eman zioten atentzioa Mikel Huarteri gaia lantzen hasteko. "Osasunako hainbat kidek 1936ko altxamendua gertatu eta gero errepresioa sufritu zutela aipatu zuen; izen batzuk eman zituen, eta gehiago ote ziren pentsatuz, bila hasi nintzen", gogoratu du Huartek.

Soziologiako eta Gizarte Laneko ikasketak egin zituen Huartek, baina futbola beti izan du pasio; jardunaldiak antolatu zituen Futbola ere lapurtu ziguten izenburupean, 2015ean, bertze hainbat kiderekin batera, dirua oinarri duen oraingo futbolari buruz hausnarketa egiteko.

Jardunaldi horien bidetik sortu zen Twitterren kontu bat irekitzeko asmoa: Huartek kontu horren bidez zabaldu zuen frankisten errepresioa sufritu zuten Osasunako kideen berri, iazko uztailaren 18an.

Interneten bidez egindako lan horri esker, ezagutzen ez zituen testigantzak eta datuak jaso ditu Huartek. Eta jasotako hori guztia behar bezala gordetzeko beharrak eraman du liburua egitera. "Osasunari buruzko liburuetan jaso izan da frankisten aldean hildako kideen berri Antonio Oloriz, Jose Bezunartea, Angel Avizcuri, Otxoa de Olza eta Dueñas; ez, ordea, frankisten errepresioa sufritu zutenena. Argi nuen memoria hori jaso eta errepresioa pairatu zutenei aitortza egin behar zitzaiela; arrastoa utzi zuten hamaika arlotan", nabarmendu du Huartek.

Bengarairen biografia

Frankistek Osasunako zuzendaritzako kide edo jokalari izandako sei fusilatu zituzten, 1936ko altxamendua gertatu eta gero: Eladio Zilbeti, Natalio Cayuela, Fortunato Agirre, Filomeno Urdiroz, Alberto Lorenzo eta Ramon Bengarai. 1920ko udazkenean sortu zen Osasuna kluba, eta Agirre eta Zilbeti izan ziren sortzaileetako bi. 1922an, Donibaneko zelaia ireki zuten, eta Espainiako Ligan 1928an egin zuen debuta taldeak. 1934-1935eko denboraldian aritu ziren gorritxoak lehen mailan aurrenekoz. 1936ko apirilean berriz jaitsi ziren. Uztailetik aurrera, halere, zelai barruko arazoak hutsean gelditu ziren, militarrak altxatu eta gero.

Frankistek hildakoen artean, nabarmentzekoa da Ramon Bengaraik egin zuen bidea. Horregatik, Huarteren eskutik sortutako proiektu beraren barruan, Osasunako zuzendaritzako kide izandakoaren biografia argitaratu du Katakrakek: Ramon Bengaray, Osasuna y república (Ramon Bengarai, Osasuna eta errepublika). Esther Aldabe historialariak sinatu du, baina argi utzita "talde lana" dagoela liburu horren atzean. Josu Chueca historialariak idatzi du hitzaurrea.

Historialaria ez ezik, "futbolzale amorratua" ere bada Aldabe: "Erraza izan zen Huarteren proposamenari baiezkoa ematea". Artxiboko agirien artean ezagutu zuten elkar, eta proiektuaren berri jaso bezain pronto erabaki zuen Aldabek Bengarairen biografia idazteko lanean inplikatzea. Lanbidez tipografoa zen Bengarai, baina "hamaika arlotan" egin zuen bidea: "Sindikalista izan zen, Iruñeko Orfeoiko abeslari, bai eta politikari ere", aipatu du Aldabek. Fronte Popularreko presidente izan zen Nafarroan; 1936an fusilatu zuten.

Bengarairen eta errepresioa sufritu zuten Osasunako gainerako kideen memoria "ezabatu" egin dutela nabarmendu du Aldabek. "Klubak berak ez du ahaleginik egin gertatu zena zabaltzeko. Orain plazaratu diren liburuen atzean ere herritarren ekimena dago", erantsi du historialariak. "Gorritxoen memoria jaso beharra zegoen; futbolaren esparruan egindako lanaz gain, herrialdeko gizartearekin eta kulturarekin ere konpromisoa hartu zuten", bukatu du Huartek.