Protesta oldea, gidabaimenaren etsaminatzaileen egoera salatzeko

Protesta oldea, gidabaimenaren etsaminatzaileen egoera salatzeko

Nafarroan, 2.000 ikasle baino gehiago dira gidabaimena lortu nahi eta azterketa egiteko egunik ez dutenak. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren menpe dauden etsaminatzaileek greba hasi zuten, iragan irailaren 14an, lan baldintza duinak exijitzeko eta "zuzendaritzaren pribatizazio saialdiak gelditzeko". Azken asteetan, gainera, autoeskoletako langileak ere batu zaizkie mobilizazio eta protestetan, egoerak eragindako "blokeoa" gainditzeko eta baliabide gehiago eskatzeko. Azken astean, autoeskolako autoen ilara handiak ikusi ahal izan dira Iruñeko karriketan, manifestazio horien karira.

CGT, Csif eta Asextra sindikatuek egin dute greba deialdia, eta arazoa "aspaldikoa" dela nabarmendu dute. "Ez dute gure lana behar bezala baloratzen; baliabide gutxirekin lan egin behar dugu eta, gainera, jakin badakigu trafiko zuzendaritzak presioak jasan dituela zerbitzua pribatizatzeko. Egoera iraultzeko egin dugu greba", azaldu du Asextra elkarteko kide den Arantza Percazek.

Zehazki, grebalariek lau ardatzetan banatu dituzte euren aldarrikapenak: azterketa kopurua murriztea, lanpostuaren arriskugarritasunari dagokion soldata osagarriak onartzea, zerbitzuaren pribatizazioa gelditzea, eta etsaminatzaileen segurtasuna bermatzea.

Percazen arabera, lan kargaren murrizketa ezinbesteko neurria da, zerbitzua hobetzeko eta kalitatea bermatzeko: "Irakasle bakoitzak egunean egin behar dituen azterketa kopurua txikitzea eskatzen dugu; 13tik 12ra pasatzea, alegia. Kalitate protokoloetan ezartzen diren gutxiengo baldintzak betetzeko modu bakarra da. Finean, Nafarroan sei etsaminatzaile bakarrik gaude, eta ez gara iristen".

Bestalde, lanpostuaren arriskugarritasuna "erabat frogatua" dagoela uste du Percazek. "Trafiko zuzendaritzak dio gure lanpostua bulego lanaren gisakoa dela, eta hori ez da egia. Goiz osoa errepidean ematea, oraindik gidatzeko gai ez den pertsona batekin, arriskutsua da. Bulego batean lan egiten duenak ez du kamioi batekin talka egiteko arriskurik".

Indarkeria kasuak

Etsaminatzailearen arabera, gainera, 2013. urtetik gaurdaino, gora egin du langileek pairatzen dituzten erasoen kopuruak: "Garai batean, gidabaimeneko azterketaren emaitza ez zuen etsaminatzaileak ematen, irakasleak baizik. Orain, berriz, momentuan esan behar diogu ikasleari azterketa gainditu duen ala ez. Guri ez zaigu inporta ikasleei azalpenak ematea, baina azterketaren emaitza ematen dugunean, ikasle batzuek bortizkeriaz erantzuten dute: irainak, mehatxuak, oihuak... eta noizean behin, baita eraso fisikoak ere. Horri irtenbidea eman beharko lioke DGTk, arauak aldatuta".

Frantzian indarrean den eredua aplikatzea eskatu diote grebalariek Espainiako Gobernuari: "Azterketaren hurrengo egunean, emaitza modu telematikoan jasotzen du ikasleak, Internet bidez".

Eskaera horiek ikusirik, Madrilek entzungor egin duela salatu dute trafikoko etsaminatzaileek, eta negoziatzen has daitezela eskatu diete Trafiko Zuzendaritzako arduradunei. "Orain arte, gure aldarrikapenak gutxietsi eta protestei bizkarra eman besterik ez dute egin zuzendaritzakoek. Grebaren eragina ukatu egin dute hainbat astez, egoerak gainezka egin dien arte", dio Percazek.

Hilabete bakarrean, 2.000 ikasle gelditu dira gidabaimena lortzeko azterketa egin gabe, eta ez diete beste egunik eman. Autoeskolen elkarteen arabera, gainera, itxaron zerrenda bost hilabete ingurukoa da dagoeneko.

Blokeo egoera gainditzea zaila izanen dela ikusita, Madrilen bilera egiteko gonbita luzatu die Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak etsaminatzaileen ordezkari sindikalei, negoziatzen hasteko. Hala ere, Nafarroako autoeskolen elkarteak eta etsaminatzaileen sindikatuek ez dituzte protesta ekintzak bertan behera utziko, DGTrekin hitzarmena lortu arte.

Iritzia: Bidea gozatzeko dagoela diotenean

Gaur ortzirala. 48 ordu eta… Txisssspun! Txupinazorik ez, baina ospakizunaren hasieran egonen gara Baztanen, urte eta erdi lanean aritu ta gero behin eguna iritsita. Eta hau poza! Baina zutabe hau idazten ari naizen honetan, ez dakit zerk pozten nauen gehien: Oinez eguna izateak, Baztanen ospatzeak edo preseski egun hau behin iritsita jada gure "lana" bukatuko dela jakiteak.

Eta ez da gutiagorako ere... Ez naiz ni izan lanez lepo egon den hamarnaka horietarikoa, baina antolakuntza barnetik nola doan ikusi ahal izan dut, batzordeetako batean boluntario gisa parte hartu dudalako. Eta hortxe hitz gakoa: boluntarioak. Baztanen jende anitzek eskaini dio azken urte eta erdi hau era boluntarioan Oinez-i, egunero inurrien modura lan eta lan. Eta anitz izan gara lan horrek guztiak merezi ote duen pentsatu dugunak, helburuekin ados gaudenak baina bidea gozatzeko ere badela pentsatzen dugunak.

Badaude dudetan paratzen ez diren aferak, noski: euskararen alde egitea merezi du, Nafarroa Oinez bat ospatzea merezi du. Baina Oinez egunaz gain egiten diren bertze hamaika jarduera, ekitaldi, ateraldi, aldizkari, bideo, kontzertu, publizitate... Eta horiek ekartzen duten lan karga guztiak merezi du? Erantzun positiboa dute, dudarik ez, eta urrian Nafarroa Oinez eguna iritsiko dela gogorarazten digute urte guztian, baina zeren truke? Hori da galdera.

Jakin badakigu Oinez baten antolakuntzan gehien inplikatzen diren pertsonak, haurrez gain, andereño, maisu, ikasle ohi eta gurasoak direla, eta nik ikusi dudanarengatik, gogoz inplikatu ere. Baina ikusi dut baita bere familia bizitzari, egunerokotasunak dakarren lanari, etxetik kanpoko bakoitzaren betebeharrei nola urte eta erdiz Oinez-i eskainitako ordu guztiak ere sartu behar izan dituzten. Egunero-egunero, urte eta erdiz. Harritu nau nola hainbertze jende gai izan den hori dena emateko. Eta horrela daude, erreta. Eguna noiz pasako orduak kontatzen... Ilusioz egon beharko genukeenean, ezta?

Eta ez gaizki ulertu; ilusioa daukagu, nola ez! Duela 33 urte Baztanen ez genuela Nafarroa Oinez bat ospatzen. Urte anitz dira gure ikastola Nafarroan dauden gainontzeko ikastolekin elkarlanean dabilela; urte anitz, bertze herrietako ikastolen besta ospatzen dugula; urte anitz, urria ailegatuta beti harat eta honat ibiltzen daramatzagunak. Eta gaurgero zuek denak gurera etortzeko gogoz ginen!

Baina nik, bertze anitzek bezala, Oinez-en prestaketaren eredu hau ikastola komunitatearentzat onuragarria ote den galdetu diot neure buruari, eta ondokoekin anitzetan solastatu ere bai. Helburuak zeintzuk diren argi dut, ados nago, baina formak? Hausnarketa sakon baten beharra ikusten dut nik; fite iritsiko den hausnarketa, espero.

Baina bueno, penak kanpora! Bidea gozatu ezean, goza dezagun eguna! Erran bezala, lan handia egin dugu, ikastolak behar zaituzte, eta dena prest daukagu! Igandean zuen zain egonen gara! Gora Nafarroa Oinez! Gora Baztan Ikastola! Hamabortz, ama bat!

Izate hutsagatik zigortuak

Izate hutsagatik zigortuak

Frontean hildakoak ez dira gerraren eta diktaduraren biktima bakarrak. Ezta fusilatuak edo espetxeratutakoak ere. 1936ko estatu kolpeaz geroztik, antolakuntza moral hertsia ezarri zuen frankismoak, eta herritarren eguneroko bizitza goitik behera kontrolatzen saiatu zen. Zapalkuntza fisiko eta psikologiko horren erdian egon ziren beti emakumeak. Gorriak izateagatik. Abertzaleak izateagatik. "Jarrera lotsagabea eta moralaren aurkakoa" edukitzeagatik. Edo, soilik, emakume izateagatik.

Frankismoak emakumeen kontra aplikatutako errepresioa abiapuntu gisa hartuta, Geronimo Uztariz Historia Ekonomiko eta Sozialaren Institutuak hitzaldi eta mahai inguru sorta antolatu du Barañaingo Kultur Etxean, Ostegun, historiaz jardun programaren barruan. Iragan den astean abiatu zen egitasmoa, Gemma Pierola historialari barañaindarraren hitzaldi batekin, eta hilaren 29ra arte iraungo du.

Geronimo Uztariz institutuko kidea eta hitzaldi sortaren arduraduna da Pierola. Frankismo garaiko emakumeen egoera askotan aztertu izan du, eta 2012an, doktore tesia aurkeztu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan: Emakumea eta ideologia diktadura frankistan. Nafarroa 1936-1960. Bertan, garai hartako "giro moral itogarria" deskribatzen zuen.

Kontrol zorrotz hori diktaduraren iraupena bermatzeko tresna izan zela nabarmendu du historialariak: "Gerra hitza aipatzean, konfrontazio fisikoa datorkigu gogora, baina errepresio hitzak esanahi zabalagoa dauka, eta horretan zentratu nahi izan dut. Ez da hildakoen zenbatze hutsa, eta hildakoekiko errespetu osoarekin diot. Frankismoaren errepresioa askoz harago iritsi zen: beldurraren demokratizazioa, gizartearen eta eguneroko bizimoduaren kontrola, erlijioaren inposatzea... Fisikoki neurtu ezin den zapalketa izan zen".

Pierolaren irudiko, gainera, errepresioa ez zen ausazkoa izan, aurrez planifikatutako estrategia baten fruitua baizik. "Zapalkuntza erabili zuen frankismoak, botere politikoa nahiz ekonomikoa bermatzeko, eta gizartea kontrolatzeko. Eta hori guztia 1936ko estatu kolpearen aurreko faseetan erabaki zuten militarrek".

Estrategia horren barruan, emakumearen irudi jakin bat ezarri zuen frankismoak: andrazkoak familia tradizionalaren epizentro eta sostengu gisa. Eta bide horretan, Elizaren laguntza osoa izan zuen. "Emakumeen kontrako errepresioaren ernamuina ez zen berria: emaztearen inguru naturala etxea dela, etxetik kanpo lan egitea debekatua duela, haren funtzioa ugaltzea eta balioak transmititzea dela... Ideia horiek guztiak ez zituen Francok asmatu. Baina frankismoaren meritua izan zen Eliza katolikoaren mezu zaharkitu hori bairatzea eta horri beste ideia bat eranstea: emakumea aurkeztea usteldutako eta apurtutako Espainia horren berreraikitzaile gisa", dio Pierolak. "Elizak eta estatuak diskurtso oso bat osatu zuten familiaren kontzeptuaren inguruan. Diskurtso moralizatzaile, kontrolatzaile eta zentsuratzailea, noski".

Ideologia horren atzean, baina, herritarren ekintza guztiak menderatu nahi zituen "antolakuntza moral itsu bat" zegoela uste du historialariak. "Guztia kontrolatu nahi zuten: ugalketa, sexualitatea, prostituzioa, etxetik kanpoko lana, non eta noiz bainatu Arga ibaian... guztia. Argi dut orduko Elizaren morala ongi etorri zitzaiola erregimen frankistari". Jakina, emakumeak egon ziren doktrina horren jomugan.

Men egin, onartu gabe

Esan izan da Nafarroako gizarteak diskurtso moral frankista barneratu zuela lau hamarkadetan, baina Pierola ez dator bat iritzi horrekin. "Diktadura batean, bizirik irautea beste aukerarik ez du jendeak; horregatik, nik zalantzak ditut frankismoaren ideologiak benetan izan zuen onarpenaz: mezua benetan onartu zuten herritarrek, ala jasan egin zuten? Nik uste dut emakumeek, gehienetan, men egin zutela, noizbehinka aginduak bete zituztela, eta oso gutxitan soilik onartu zutela diskurtsoa. Egoerara moldatzea eta egoera hori onartzea ez baitira gauza bera. Hortan datza emakume horien askatasuna".

Ondorio horietara iristeko, hainbat pertsonaren testigantzak jaso ditu ikerlari barañaindarrak, eta horietan oinarrituta, frankismoaren doktrinaren barneratze maila, egiazki, "oso txikia" izan zela uste du. "Onarpen eskas horren ondorioz, 1960ko hamarkadatik aurrera, konfrontazio sozial gogorragoak piztu ziren sistemaren kontra. Emakumeari lotutako estereotipo asko ere orduantxe hasi ziren zalantzan jartzen".

Hain zuzen, frankismo garaiko emakumeen jarrera aktiboa hizpide izanen dute datozen asteetako hitzaldietan ere. Hilaren 15ean, adibidez, Ezkabako emakumeak: laguntza sareak eta elkartasuna izenburuko hitzaldia eskainiko du Amaia Kowasch antropologo eta gizarte langile iruindarrak.

Ezkaba mendian dagoen Alfontso XII.a espetxe zaharra abiapuntu gisa hartuta, presoen emazte, ama, arreba edota lagunek diseinatutako elkartasun bide klandestinoak ikertu ditu Kowaschek, orain arte isildua izan den errealitate bat azaleratzeko: frankismoaren kontra borrokatzen ziren emakumeen militantzia. "Oso bizimodu gogorra izan zuten emakume horiek. Gizonak espetxean egon ziren, eta garrantzi handia eman zitzaien, baina emakumeen militantzia bigarren mailan gelditu da beti. Gainera, askotan modu biktimistan agertu dira. Badaude ikerketak emakumeen aurkako errepresiorik gogorrena aztertu dutenak, baina ez da inon agertzen emakume horiek egin zuten borroka senarra edo semea espetxetik ateratzeko eta, aldi berean, familia aurrera ateratzeko".

Ezkabako odisea

Ezkabako Alfontso XII.a gotorlekua 1934an bihurtu zen espetxe militar, eta orduantxe hasi ziren hainbat emakume laguntza sareak ontzen. Kowaschek bi multzotan sailkatzen ditu sare horiek: Iruñeko andreek osatutakoak eta Espainiako presoen emazte eta senideek sorturikoak.

"Iruñeko emakumeek beren ideologiagatik eta militantziagatik hamaika gauza egiten zituzten Ezkabako presoak laguntzeko; besteak beste, janaria eta arropa eraman, eskutitzak atera, albisteak kontatu eta bisitan joan", azaldu du antropologoak. Ezkaban preso zeuden gehienak, baina, ez ziren nafarrak, espainiarrak baizik. Hala, Segovian, Valladoliden eta beste zenbait hiritan emakumeen laguntza taldeak antolatu zituzten bisitak egiteko: "Guztien artean dirua eta janaria biltzen zuten, eta txandaka etortzen ziren Nafarroara".

Emakume haientzat, ez zen lan samurra Iruñera trenez edo autobusez etortzea eta bidaian hiru egun galtzea. "Lana baldin bazuten, lanegunak galtzen zituzten. Kanpotik zetorren jendeak harremana zuen bertako laguntza sareko emakumeekin. Tren geltokira joaten ziren bila; etxean hartu, eta jateko pixka bat ematen zieten", azaldu du Kowaschek.

Jarduera horiek, noski, isilpekoak ziren, eta frankismoko agintariek zigor gogorrak ezarri zizkieten laguntza sareetako emakume askori: "Hainbat kasutan, argia, ura eta etxea kentzen zieten, edo lanik gabe uzten zituzten. Horrez gainera, atxilotu, polizia etxera eraman, eta torturatu egin zituzten emakume asko eta asko. Ezkabako presoak laguntzeagatik edo haiekin hitz egiteagatik salatzen zituzten. Asko arriskatzen zuten".

Garai hartako errepresioak orbain sakonak utzi zizkien andrazko askori. Orbain fisikoak, baina baita psikologikoak ere. Oraindik erabat desagertu ez den beldurra da horietako bat. Horretan bat egiten dute historialari gehienek. "Garai hartako ikara zantzuak antzeman daitezke oraindik. Izan ere, hain izan zen handia kontrolatzeko ahalegina, gizarte osoa beldurtzea lortu zuten", dio Pierolak.

Mugimendu sozialak

Barañaingo jardunaldien antolatzailearen arabera, frankismoaren errepresioak ez zuen etenaldirik izan diktadoreak bizirik iraun zuen bitartean —"fusilatze aginduak sinatzen zituen bitartean hil zen"—, baina emakumeen emantzipazio borrokak adierazpide berriak hartu zituen 1960ko hamarkadan.

Pixkanaka, langile batzordeetan, sindikatuetan eta bestelako elkarteetan antolatzen hasi ziren andrazkoak, baina orduan ere estatuaren egitura zurrunekin egiten zuten topo. Horri buruz hitz eginen du Nerea Perez Ibarrola historialari eta NUPeko irakasleak hilaren 29ko hitzaldian. "1960 eta 1970eko hamarkadetako mugimendu sozialak aztertu ditut, batez ere, eta askok uste dutenaren kontrara, emakumeen mugimendu soziopolitikoak askotarikoak izan ziren", azaldu du Perezek.

Garai hartan, Nafarroako langileen mugimendua "maskulinoa" zela dio NUPeko irakasleak: "Finean, nafar industrializazioa metalgintzaren sektorearen inguruan egituratu zen, eta Potasas edo Imenasaren gisako lantegi handietan, behargin gehienak gizonezkoak ziren. Halere, emakumezkoek ere presentzia izan zuten sindikatuetan, ehungintza fabriketan, bulegoetan eta beste toki askotan pisu handia zutelako".

Frankismoak eta Elizak ezarritako familia eredu hertsia eta emazteei buruzko estereotipoak indarrean ziren oraindik, baina errealitateak hankaz gora jarri zituen hainbat kontzeptu. "Oztopoak oztopo, aldarrikapen ugari egin zituzten emakume langileek urte horietan. Adibidez, andreek ikastun-epe luzeagoak zituzten gizonek baino; eta horrek esan nahi du denbora horretan gizonek baino gutxiago kobratzen zutela". Ezkondu ostean ere lanean segitzeko eta amatasun baimena hartzeko eskubideak izan ziren emakumeen beste aldarrikapen batzuk.

Borrokaz borroka, bidea urratu zuten frankismo garaiko andreek, eta garesti ordainduta ere, askatasun esparruak lortu zituzten. Frankismoak ezarritako zigorrei, baina, bigarren kondena gehitu zaie azken hamarkadetan: ahanztura. Kostako da hesi hori erabat birrintzea.

“Erabakitze eskubidea herriei dagokie, ez estatuei”

“Erabakitze eskubidea herriei dagokie, ez estatuei”

"Instituzioen sakratutasuna" apurtu nahi du Sabino Kuadrak (Amurrio, 1949). Horretarako izan dira azken legealdian ezagun egin duten diskurtso eta keinuak. Joan den astean, tribunatik kanporatu zuen Espainiako Kongresuko presidenteak, konstituzioaren orriak mozteko keinua ez zuelako zuzendu nahi izan. Lasai mintzo da, halere.

Zigorrik espero al duzu?

Espero dut Kongresuko mahaian zentzutasuna nagusitzea eta, alde horretatik, zigorrik ez izatea. Hasieran Kongresuko presidenteak ez zidan kargu hartu, eta, gerora, hitzez zigortu ninduenean, amaitutzat eman zuen gaia. Kontua da hooligan konstituzionalistek mendi bat egin dutela harea ale batetik. Horretan dihardute.

Konstituzioaren orriak moztea iraina izan zela diote.

Nik konstituzioaren hiru artikuluri dagozkion orriak moztu nituen, baina konstituzio horrek, haien konstituzioak, askoz orri gehiago ditu moztuak. Adibidez, lanerako eskubideari dagokion 35. artikuluarena, etxebizitza eskubideari dagokion 47. artikuluarena eta pentsio duinei erreferentzia egiten dien 50. artikuluarena. Porru eginda dago konstituzio hori; erabat hipokrita da. Hori da benetako iraina, eta hortik datoz lau milioi eta erdi langabe —erdiak inolako laguntzarik jaso gabe—, nahikoak ez diren pentsioak dituzten bederatzi milioi pentsiodun eta etxerik gabeko milioika pertsona. Hori da diputatuak kezkatu beharko lituzkeen iraina.

Ez da lehen aldia kargu hartzen dizutena.

Pare bat alditan kargu hartu didate, eta, oraingoan, tribunatik bota naute. Zergatik? Hipokrisiaren tenplua delako Kongresua. Aurrekoan, PPko eserlekuetatik "putaseme" eta "hiltzaile" oihuak entzun ziren. Beste batean, "puta" deitu zioten Onintza Enbeita nire kideari. Beste behin, tribunatik, hamaika aldiz jarraian deitu gintuzten "ETAren laguntzaile", bost minutuko hitzaldian. Delitu larri baten akusazioa da hori, baina, hala ere, ez zuten behin ere moztu pertsona hura. Liburu baten bi orri moztea hori guztia baino larriagoa al da? Nik ezetz uste dut. Hitzaldi erabat politiko bati laguntzen dion keinua da, eta hala ulertu behar da, adierazpen askatasunaren barruan.

Ezagunak egin dira zure keinu eta diskurtsoak. Ohiko formak hautsi dituzu, nolabait.

Instituzioen sakratutasuna apurtu beharko genuke, behi sakratu gisara eraikita baitaude. Gizakion ondorio gisa ulertu beharko genituzke, eta ez alderantziz, gizateriaren jatorria testu eta instituzio horietan balego bezala. Horri guztiari buelta eman beharko genioke, eta jantziak, lengoaiak eta adierazpenak azpitik berreskuratu. Alde horretatik, ni naizena eta bozkatu nauen jendea dena islatzen saiatzen naiz. Baina badago beste kontu bat ere: nik 200 bat hitzaldi egin ditut Kongresuan, gehienak tribunan. 18 ordu inguru, orotara. Denbora horretan, bost alditan baino ez dut halako keinurik egin. Eta, hala ere, nigandik islatu duten irudia une horiei dagokiena da. Aberastasunaren banaketari buruzko nire hitzaldi batek milioi laurdenetik gora bisita izan zituen Youtuben, baina horretaz ez da hitz egiten. Nabarmenkeriaz kutsatutako irudia da zabaltzen dena. Ni txikitxoa naiz, pertsona normala, oso baketsua. Eta, halere, deabrutxo baten antzera erakusten naute.

Eroso sentitu al zara lau urte hauetan?

Amaiurren taldea bikaina izan da, eta eroso egon naiz alde horretatik. Baina baita ezeroso ere, ikusita Kongresua, PPren gehiengo osoarekin, iruzur handia dela. Adibiderako: estatuko aurrekontuetarako aurkeztutako emendakin zuzenketen hutsaren hurrena baino ez da onartu. Horrek erakusten du legealdian izandako joko politikoa, hutsa. PPk paretik kendu du dena. Askotan esaten dut Trentoko Kontzilioaren antzekoa izan dela hau, XVI. mendean loratzen hasia zen erreformari eta humanismoari aurre egin ziona. Legealdi hau ere, nolabait, kontrarreforma handia izan da. Lau urteko Trentoko Kontzilioa izan da.

Zer helburu zehaztu zenituzten orain dela lau urte?

Hiru helburu nagusi genituen. Lehenengoa, orduan Euskal Herrian abiatzen ari zen bake prozesuarekin lotutakoa; hura bultzatu nahi genuen. Bigarrenak erabakitzeko eskubidearekin zuen zerikusia. Espainiako Estatuan nazioek jasaten duten bazterketa eta zapalketa salatu nahi genuen. Hirugarrena gehiengo sozialak pairatzen ari ziren krisi ekonomiko eta sozialari zegokion. Bazen beste lerro bat ere: zubiak eraiki nahi genituen gainerako nazioetako indarrekin, eta baita estatuko ezkerreko indar politiko eta sozialekin ere.

Bistan da lehen helburuak, behintzat, ez direla bete.

Bai, bistan da. Horma ikaragarri bat topatu dugu aurrean. Bake prozesuari dagokionez, ez da aurrerapauso bakarra eman, ezta txikia ere. Kontrakoa, atzerapausoak eman dira: legez kanporatze gehiago izan dira, ehunka pertsona pasatu dira Auzitegi Nazionaletik, torturatu egiten da, preso politikoen aitortzan urratsik ez da egin, hurbiltzeaz zer esanik ez... Zero. Bigarrenik, arlo nazionalean, EAJren jarrera xuhurrak Euskal Herritik prozesu bat abiatzea galarazi du, estatuari erabakitze eskubidearen aitortza exijitzeko. Hala ere, ikusi dugu Kataluniako kasuan PPren gobernuak izan duen jarrera. Ezezkoa eta inposizioa izan da estatuaren erantzuna. Azkenik, arlo sozialean, bitarteko guztiak jarri dituzte krisiaren irteera Ibexeko 35en eta banku handien errailetik egiteko. Beraz, konkista materialei dagokienez, argi dago ez dugula bakar bat ere izan. Baina konkista politikoei dagokienez, uste dut gure paperak balio izan duela gure herriaren eskubideak ikusgarri egin eta otsoaren kobazuloan defendatzeko. Eta, bide horretan, aurrera egin dugu jende ezberdinarekin harremanak sendotzeko helburuan.

PPren hormaz mintzatu zara. Etsigarria behar du proposatutako ezer ez onartzeak.

Neurri batean bai. Egia da haien jarrera bortitzagoa izan dela gurekin, baina kontuan hartu talde bakar batek ere ez duela legealdi osoan ezer aurrera atera, UPNk salbu. Gurekin bazterketa handiagoa izan da, halere. Hasieratik talde propioa izateko eskubidea ukatu ziguten. Antzera hasi eta bukatu dugu; hasieran taldea ukatu ziguten, eta bukaeran hitzaldi bategatik zigortu nahi gaituzte. Eta erdian zer? Bada, gure mugitzeko eta hitz egiteko eskubidearen ukazio etengabea. Baina talde guztiek sufritu dute hori.

Zure hitzen arabera, "Espainiako Kongresua ez da euskal herritarron parlamentua". Eta, halere, han egon beharra al dago?

EH Bilduk antolatutako batzarretan ari da hori eztabaidatzen, egindakoa baloratzeko eta horren arabera estatuko instituzioetan parte hartzeko irizpideak zehazteko. Nire iritzia zera da: argi eta garbi dago materialki ez dugula ezer lortu, baina uste dut ikuspuntu politiko batetik esan dezakegula gure lana positiboa izan dela Euskal Herrian dauden arazoak mahai gainean jartzeko. Justizia ministroari zakar poltsa beltz bat eraman ahal izateak, une horretan 30 gazte torturak salatzen ari zirela esateko, oraindik indarrean dauden mota horretako basakerien aurkako salaketari indarra emateko balio du.

EH Bildu aurkezten bada, eta hala dirudi, han egongo al da Sabino Kuadra?

Nire asmoa da orain arte egindakoari jarraipenik ez ematea. Baina, tira, batzarrak egiten ari dira, eta, beraz, ikusiko dugu.

Kalean aktibista, eta instituzioan politikari. Biak izandakoa zara zu. Zein da formula, bi aldeak uztartzeko?

Funtsezkoena jendearekin harreman zuzena izatea da. Parlamentutik kanpo, lau urte hauetan 105 hitzaldi eman ditut, bai Euskal Herrian eta baita estatuko beste leku batzuetan ere. Egiten ari zarena kontatzeko modu zuzena da hori; egiten ari zaren horren inguruko iritziak entzuteko, eta, beharko balitz, mezuak moldatzeko. Harreman hori oso garrantzitsua da. EH Bilduk, Nafarroan behintzat, harreman zuzena izan du borroka sozial, feminista edo ekologista guztiekin. Horrek laguntzen du instituzioak irents ez gaitzan, gure bide orria guk geuk markatu ahal izateko. Hau da, ez dadila izan Kongresuko gai ordena gure jarduna zehazten duena, gizarteko borroka horiek baizik.

Aurreikuspenak betetzen badira, gehiengo osoa galduko du PPk hurrengo hauteskundeetan. Aldaketa politikoa dakar horrek ezinbestean?

Azken urteetan ezegonkortasuna izan da nagusi. Xake taulan hilabetez hilabete aldatu dira piezak, eta aldatzen ari dira. Bat-batean, Kataluniako hauteskundeak iristen dira, eta bakoitza bere tokian jartzen dute. Beraz, zaila da gertatuko denaz hitz egitea. Edonola, egia da bipartidismoa amaitutzat eman zela, baina hori ez dago hain argi. Sistemaren alderdiak gutxi mugitu dira. Baina egia da nazioetatik, Kataluniatik, Valentziatik, Galiziatik eta Euskal Herritik, mantentzen dela estatuarekiko pultsu hori, eta estatuan sortu den borroka soziala ere ez dela desagertu. Zer eragin izango du horrek hurrengo urteetan? Bada, ez dakit, baina espero dut maila politiko zein sozialean hainbat gauza desataskatu ahal izatea.

Espainiako ezkerrean sinisten al duzu? Hor dago Podemosen aukera...

Azken boladako eboluzioa ez da bereziki positiboa izan. Uste dut maila sozialean zein politikoan atzera egin duela. Maila sozialean, Podemosen inguruan egon zitezkeen hausturaren aldeko ideiak itxura sozialdemokrata duen programa batean egokitzen joan dira gutxika. Alor nazionalean, Kataluniako azken hauteskundeetan izaniko jarrera penagarria izan da. Prozesuaren gakoak Madrilen kokatu dituzte, eta hori zoritxarreko deriba da. Erabakitze eskubidea herriei dagokie, ez estatuei. Eta erabakitze eskubidea ezin da inoiz ematen den zerbait balitz bezala ulertu, aitortzen den zerbaiten gisa baizik. Beraz, hartu beharreko bidea hemen hasten da, Nafarroan, Euskal Herri osoan, baita Katalunian edo Galizian ere. Espazio propioak egonkortu behar dira, bide propioak abiatzeko —Euskal Bidea hemen, kasurako—, beharrezkoak diren harreman guztiekin, baina erabateko independentziarekin, gure erritmo, lehentasun eta bideak guk geuk zehaztu ahal izateko. Ezin dugu itxoin Madrilen norbaitek giltzarrapoaren giltzak eman arte.

Anjel Mariezkurrena: «Hau ez da isilik ikusteko kantaldia»

Anjel Mariezkurrena: «Hau ez da isilik ikusteko kantaldia»

Kantu zaharrak berreskuratzeko saialdi xume baten gisara sortu zen, baina aurreikuspen guztiak gaindituak ditu. Folklorearen mugez harago, askotariko estiloak uztartuko dituzte larunbat honetan, Iruñea Kantuan ikuskizunaren hirugarren aldian. Kantaldiaren sortzaile Anjel Mariezkurrena (Eratsun, 1968) "harriturik" dago, euskal tradizioan oinarritutako emanaldiaren arrakasta itzela ikusita.

Zer da, zehazki, Iruñea Kantuan ikuskizuna?

Bada, hirugarrenez eginen dugun ekitaldia da, beti bezala, Euskal Herriko kantu zaharrak ardatz hartuta. 2013. urtean hasi ginen, eta espero ez genuen arrakasta lortu genuen. Horri segida eman genion iaz, eta beste pauso bat eman nahi dugu orain.

Zu zara egitasmoaren sortzailea. Zerk eraman zintuen halako kontzertu handiak antolatzera?

Berez, hamabost urte daramatzat ohiko kantagintzaren berreskuratze lanetan, 2000. urte inguruan hasi bainintzen Kantu Zaharren Eguna antolatzen, Dantxarinean. Gure herriko ohiturak eta historia bizirik mantentzeko modu bat zen hori. Amarengandik eta aitarengandik jaso nuen nik zaletasuna, eta etxean ikusitakoa berreskuratzeko modua zen. Eratsunen, adibidez, bazen tradizio handia, mahai inguruan kantatzekoa. Bederatzi hilabetez mendian edo basoan lanean ibilitakoak herrira itzultzen zirenean, hiru astez egoten ziren han, kantuan, goizez eta arratsaldez. Ohitura horiek galduko ziren beldur, kantu zaharren eguna antolatzen hasi nintzen. Hori guztia Euskal Herriko historia ere badelako.

Bai Kantu Zaharren Eguna baita Iruñea Kantuan ere egitasmo arrakastatsuak dira. Zein da sekretua?

Zaila da gauza bakar bat esatea. Ni saiatzen naiz estilo eta diziplina ezberdinak eskaintzen. Ez da soilik kantua, dantzariak ere badira, joaldunak, musikariak... Eta, horrez gainera, urtero-urtero sorpresak ere gehitzen dizkiot egitarauari.

Ez da gauza bera kantu zaharrak lagun artean abestea edo pieza horiek Baluarteren gisako auditorium batean entzutea...

Ez, ez... Horregatik, Iruñea Kantuan egitasmoa antolatzen hasi nintzenean, nire helburua ez zen Baluarte betetzea. 600-800 pertsona elkartu izan bagenitu, gu pozik. Baina dena bete zen, eta jende asko kanpoan gelditu zen! Oso polita izan zen. Eta, hala eta guztiz ere, nik faltan sumatu nuen gauza bat: jendearen parte hartzea. Zuk diozun bezala, ez da gauza bera kantu zaharrez gozatzea bazkalostean, mahai baten inguruan; edo horiek antzoki batean entzutea. Agertokiko abeslariak kantuan hasten diren unean, ikusleak isil-isilik gelditzen dira. Iruñea Kantuan kantaldia estreinakoz egin genuenean, emakume batek zera esan zidan: "Aizu, ederra izan da. Bai polita! Arazo bakarra nire senarra izan da... ez da behin ere isildu". Eta horixe da, hain zuzen, behar duguna! Ez dadila inor isilik egon. Hau ez da isilik ikusteko moduko kantaldia.

Kantatzera animatuko dituzue ikusleak, beraz?

Bai. Helburu horrekin egin dugu kantuen aukeraketa. Boga boga, Lau teilatu, Nafarroako jota, habanera bat, Haika mutil, Aita-semeak...

Taula gainean, ordea, ez dira soilik tradizio zaharreko kantariak izanen: Maite Itoitz, John Kelly, Zuriñe Hidalgo...

Horixe da ideia! Hemengo ohitura zaharrak berreskuratzea, eta horietara ahalik eta jende gehien erakartzea. John Kellyk eta Maite Itoitzek, adibidez, kutsu propioa emanen diete abestiei, baina, horiekin batera, a cappella abesten duen artzain talde bat ere izanen dugu agertokian: Menditarrak.

Egitaraua ikusita, argi dago berebiziko pisua izanen dutela hemengo abeslariek.

Bai, ahalegin berezia egiten dugu Nafarroako kantariak egitarauan sartzeko: Paz de Zigandako helduen abesbatza, Mendigoiti eta Sarrigurengo eskoletako ikasle taldeak, Doneztebeko dantzariak... Iruñeko Orfeoia ekartzeko saioa ere egin genuen, eta Igor Ijurra zuzendariarekin hitz egin nuen horretarako, baina azkenean, agenda arazoengatik, ezin izan zuten.

Artisten agenda arazoez gainera, halako kontzertu erraldoi bat antolatzeak buruhauste handiak eraginen zizkizuen. Nolakoak izan dira prestaketa lanak?

Lan itzela da, bai, baina oztopo gehienak gainditu ditzakegu urte hauetako esperientziari esker. Zortzi edo bederatzi hilabete behar izaten ditugu Iruñea Kantuz-en gisako ikuskizun bat prestatzeko: abestiak aukeratu behar dira; Txema Gartzes eta Iñaki Diegezek moldaketak egin behar dituzte; abeslarien, dantzarien eta bestelakoen agendak bateratu behar dira; haurren parte hartzea antolatu behar da; argiztapena, agertokia, auditoriumaren erreserba... Kontuak atera, zenbateko lana den hori guztia.

Hirugarren aldia duzue Iruñean, baina Bilbon eta Donostian ere antolatu dituzu halako kantaldiak. Etorkizunean egitasmoa beste hiriburu batzuetara eramateko asmorik ba al duzu?

Bada, egia esan, bai. Aukera bat da hori. Kantuan formatua Iruñean sortu zen. Oso bertokoa da, oso gurea. Baina Bilbon eta Donostian ere arrakasta handia lortu du ikuskizun mota honek. Hurrengo urrats naturala Gasteiz eta Baionara zabaltzea izanen litzateke. Ikusiko dugu.

Iritzia: Sarraski sinesgaitza

Ezin sinetsita. Nafarroako gizartea halaxe dagoela adierazi zuen atzo Uxue Barkos lehendakariak, behin eta berriz, NUPeko sarraskiaren inguruko xehetasunak aipatzeko prentsaurrekoan. Agerraldia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ate nagusiaren ondoan egin zuen, dozenaka kazetariren aitzinean, atzoko hilketa masiboa bukatu eta bi ordura.

Oraindik ere odol arrastoak ikus zitezkeen Barkosek mintzatzeko erabili zuen atriletik gertu. Foruzaingoko buru Torcuato Muñozekin batera mintzatu zen lehendakaria eta hainbat alditan bere mintzaldia eten behar izan zuen, negar malkoak idortzeko. "Ezin sinetsita gaude", adierazi zuen. "Nork pentsatuko zuen halako zerbait gurean ere gerta zitekeela".

NUPeko sarraskiaren ustezko egilea, Christian Huarte Mendoza, duela egun batzuetako Roseburg hiriko (Oregon, AEB) sarraskia imitatu nahi izan duela uste du Foruzaingoak. "Arrosadia izeneko campusa izateko zorte txarra izan dugu", azaldu zuen Muñoz foruzainak. "Hala, gaur goizean, 09:17ak aldera, ustezko hiltzailea unibertsitateko gelategiko ate nagusitik sartu da, soinean bortz pistola eta errifle bat zituela. Sartu eta berehala atezain batek ikusi du eta garrasika hasi da, eta hark jaso ditu lehen tiroak. Gero, ustezko hiltzailea ikasgela batean sartu da eta irakasle bat eta hamahiru ikasle hil ditu. Hori eginda, ondoko komunean sartu da, juramentu militarren bat oihukatu du, komun-ontzi batean eseri da, eta bere buruaz bertze egin du erriflearekin buruan tiro emanda".

Armen kontrolaz

"Nahi izanen banu ere, ez nuke jakinen zer egin behar den armen kontrola zorrotzagoa izan dadin", desenkusatu zen Barkos lehendakaria, Javier Esparza UPNkoak hainbat minutu lehenago eginiko adierazpenei erantzunez. Izan ere, oraindik gorpu guztiak altxatuta ez zituztelarik, Esparzak gogor kritikatu zuen Gobernua, sarraskia "agintari berrien inakzioari" egotzi zion eta Barne departamentuko buru Maria Jose Beaumonten dimisioa eskatu zuen.

"Susmagarriak 6 arma erabili ditu gaur, eta etxean bertze zazpi aurkitu dizkiogu", esplikatu zuen Muñozek. "Arma guztiak legearen barruan erosi zituen, eta horiek erabiltzeko beharrezko baimenak zituen. Munduko bertze zenbait herritan ez bezala, nik uste hemen ongi kontrolatzen ditugula armak eta haien jabeak. Baina, jakina, edozein tokitan atera daiteke ero bat eta halako zerbait egin. Hori saihetsezina da".

Atzo eguerdian bidalitako prentsa ohar batean, Adecana Nafarroako ehiztarien elkarteak eskatu zuen NUPeko sarraskia "ez erabiltzea armen kontrol zorrotzagoa onartzeko". Ehiztarien aburuz, "mundu osoko kontrolik zorrotzenak" jasaten dituzte arma jabeek "Espainian". Kontrako bidean, EH Bilduk iragarri zuen laster lege proposamena aurkeztuko duela Parlamentuan, etxean suzko arma duen edozeinek azterketa psikologiko bat gaindi dezan ezarriko duena.

"Ohituta gaude halakoak telebistan ikusten", bukatu zuen Barkosek. "AEBetan-eta, badakizue, eguneroko kontua da. Baina sinesgaitza da hemen, gure Nafarroa maite honetan, halako sarraski bat gertatu izana".

Bidador, hurbileko eruditu hori

Bidador, hurbileko eruditu hori

Hil eta berehala Artikako Kultur Etxean egin zioten omenaldia da Bidadorrekiko miresmenaren eta maitasunaren erakusgarri argiena. Orduan batu zirenek azaldu zuten haren izaera poliedrikoa: euskara beti ardatz, dantzan, filologian, historian, literaturan eta kazetaritzan aritu zen, ikerketa eta dibulgazioa txanpon beraren bi aldeak bihurtuta. Baina haren ofizioek bezainbeste, edo are gehiago, haren pertsonak utzi zuen aztarna gertutik ezagutu zutenen artean. Horietako batzuen iritzia jaso du Nafarroako Hitza-k, Bidador eta haren pertsona hobeto ezagutzeko asmoz.

BIDADOR DANTZARIA
Kobratzen ez zuen mertzenarioa

Zalantzarik gabe, dantza izan zen Joxemiel Bidadorren pasio handienetako bat. Modu bikoitzean bizi izan zuen, gainera. Dantzari gisara, batetik, baina baita euskal dantzen historia eta bilakaeren ikertzaile gisara ere. Oparoa da arlo horretan eginiko lana.

1990eko hamarkadaren hastapenetan hasi zen dantzan, Iruñeko udal taldean. Han ezagutu zuen Patxi Laborda, dantzaria, eta egun Bilbon dantza irakaslea dena. "Gazteen artean sartu zen Bidador", Labordak dioenez. "Eta, printzipioz, dantzatzera zetorren, besterik ez", gerora garatuko baitzuen dantzen ikerlari eta sustatzaile rola.

1988an desegin zen udal dantza taldea, Iruñeko Udalak dantzariei ekitaldi ofizialetan dantzatzen zituzten koreografietan ikurrina eramatea debekatu zienean. Ondorioz, Duguna dantza taldea eratu zuten aurrez udal taldean ibilitako batzuek, eta, ordutik, bertan ibili zen dantzan Bidador ere. Taldearekin batera sortutako fanfarrean ere aritu zen tarteka, bonboa jotzen.

Baina Dugunakoa izateaz gain, beste hainbat taldetan ere parte hartu zuen Bidadorrek. Eta hori, garai horretan, ez zen batere ohikoa, Labordak dioenez: "Garai hartan gehienok ginen abizena genuen dantzariak. Ez dakit zer dantzari, ez dakit zer taldetakoa. Bidadorrek horrekin apurtu zuen. Hainbat talderekin dantzatu zen, eta taldeek eskaera bat egiten zutenean hara joaten zen bera dantzatzera. Nolabait, kobratu gabeko mertzenarioa zen. Eta garai hartan hori ez zen batere normala, eta ez zen ongi ulertzen. Nolabaiteko traizioa zen".

1997an, bestalde, San Lorentzoko Danzanteen sortzaileetako bat ere izan zen. Jesus Pomarez izeneko baten ideia izan zen dantzari taldea sortzea, Labordak gogoratu duenez. Batez ere, Corpus egunaren prozesioa —nahiko "zoldatsua zena"— alaitu nahian. Aspaldiko eskuizkribuak aztertuta izan zuten XVIII. mendera arte Iruñean aritutako dantzarien berri, eta horietan oinarrituta sortu zuten taldea. Sorrera prozesu horretan parte hartu zuen Bidadorrek, eta taldean dantzari aritu zen, azken egunetaraino.

BIDADOR IKERLARIA
Dantzan, euskaran eta literaturan arakatuz

Dantzaren inguruko zaletasuna, edonola, ikerketa lerro bilakatu zuen Bidadorrek. Gaztetatik zetorkion interesa, Labordaren hitzetan: "Asko mintzatzen ginen dantzaz. Interes franko genuen, eta ahal genuen guztia irakurtzen genuen. Baina ulertu beharra dago garai hartan formazio handirik ere ez zegoela, eta ikerkuntzan apenas zegoela ezer".

Bidadorrek bete zuen hutsune hori: moralitateak euskal dantzen bilakaera historikoan izandako eragina aztertu zuen. Literaturako, dokumentazioko eta legegintzako testigantzak eta erreferentziak bilduz osatu zuen bilakaera horren inguruko doktoretza tesia, 90eko hamarkadaren azkeneko txanpan aurkeztua. Urte batzuetara, testu hura berraztertu eta berridatzi zuen, eta Dantzen erreforma Euskal Herrian izenburuarekin gorpuztu. 2005. urtean, Bilboko Udalak antolatutako Unamuno saiakera saria irabazi zuen lan horrek. "Azken lau mendeetan Euskal Herrian gertatutakoa jakiteko testu ezinbestekoa" da hori, Labordaren ustez, "jomuga bat", nonbait. "Izan ere, ordura arte idatzitako gehienak intuizioak, espekulazioak eta norberaren usteak ziren, baina Bidadorrena izan zen nik esku artean izan nuen lehen testu zientifikoa", dio Labordak. Horregatik uste du hori izan zela Bidadorren "benetako ekarpena". Eta gaineratu du: "Seguru nago urte batzuk barru jendeak Bidador ezagutuko duela lan hori idatzi zuelako".

Dantzaz gain, euskal filologia ere izan zen Joxemiel Bidadorren ikerketa esparru nagusienetako bat. Oso gazte zelarik, 22 urterekin, Noticias y restos del euskara de Val de Ollo lana idatzi zuen, eta gurasoen jatorriko haraneko euskararen aztarnak jaso. Aurrerago ere ikertu zuen Nafarroako euskararen historia, eta hainbat testu eta argitalpenetan jaso zituen ondorioak.

Baina Bidadorren ikertzaile rola euskal literaturarekin da lotua, batez ere. Nafarroako euskarazko idazleen ikerlari eta historialari oparoa izan zen. Urteetan pilatutako materialak, datuak eta jakinduriak Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra liburuan batu zituen 2004. urtean, Pamiela argitaletxearen eskutik. Gazteleraz idatzi zuen testua, eta ez da kasualitatea. Patxi Larrion Bidadorren lagun minak ditu orduko xehetasunak: "Nafarroako Gobernuak diru parrastada handia eman zion urteetan OPUSeko unibertsitateari, Nafarroako literatura ikertzeko". Pentsa zitekeen ikerketa horretan ez zirela euskal idazleak sartzen. "Ni horretaz jabetu nintzen, eta horrek Bidadorren liburuaren argitaratzea azkartu zuen. Orduan erabaki zuen gazteleraz egitea", unibertsitatearen ikerketari erantzunez.

Lan horrek, euskal idazleek historian zehar Nafarroan izandako presentzia ezkutatua mahai gainean jartzearekin batera, aldarrikapenari ateak ireki zizkion. 2004ko abenduan, liburua argitaratu eta gutxira, Baziren, Bagara manifestua sinatu eta aurkeztu zuten Nafarroako dozenaka euskal idazlek, euskarazko literatur sorkuntzak herrialdean izan zuen eta duen balioaren aitorpena exijitzeko. Bultzatzaileen artean, nola ez, Bidador zegoen.

Oro har, arloz arlo egindako ikerketa lanen zorroztasun eta seriotasuna goraipatu ohi zaio Bidadorri. Labordak dioenez, "sistematikoki, gaiak ongi landuz" ikertu zuen dantza mundua. Larrionek dioenez, bestalde, "Bidadorren lan egiteko modua, intuizioa, gauza asko maisuki ekartzeko modua" igartzen da Materiales... lanean. "Oso aditua den jendeak irakurri du, eta txunditurik geratu izan da".

BIDADOR DIBULGATZAILEA
"Ez zuen berarentzat ezer gordetzen, beste ikerlari batzuek egiten duten moduan"

Nafarroako hedabide asko izan ziren Bidadorren ikerketen lekuko. Euskaldunon Egunkaria-ko Nafarkaria gehigarrian nabarmendu zen batez ere, 1995etik aurrera, Klasiko bitxi, arront klasiko sailean. Atal horretan aurkeztu zituen Nafarroako euskarazko idazleen inguruko aurkikuntza bitxi eta ordura arte ezezagunenak. Hain zuzen ere, zutabe horretan bildutako materialarekin osatu zuen geroago lehen aipatutako liburu sonatua.

Garai hartan, Alberto Barandiaran zen Nafarkaria-ko arduraduna. Eta gogoan du Bidadorrek gehigarriari egindako ekarpena: "Oso testu bereziak ziren, oso bitxiak. Hasi eta konturatu ginenerako ehun bat kolaborazio zituen eginak, beti zintzo-zintzo". Dioenez, paperean ekartzen zizkien artikuluak idatzita, "orduan ohikoa zen bezala". Bidadorren jarrera goraipatu du Barandiaranek: "Sekula trukean deus eskatu gabe egiten zuen lana, beti oso fin. Nik beti lotu izan dut Bidador eskuzabaltasunarekin. Berari gustatzen zitzaizkion gauzak baldin baziren, dena emateko prest zegoen".

Lan horretan, historiaren lanbro artean ahaztutako Nafarroako euskal idazleak berreskuratu zituen. Guztien artean, sona handia izan zuen Alexander Tapia Perurena 1936ko gerra aurreko idazle iruindarraren azaleratzea. "Berak atera zuen argitara", Barandiaranek dioenez. "Eta bere lana ez zen inondik kopiatutako gauza. Ikerketa lan txukuna zegoen atzean, iturriak aurkitzeko sekulako lana".

Euskalerria Irratian ere ibili zen Bidador, kolaboratzaile lanetan. Ongi gogoan du hori Reyes Ilintxeta irratiko esatariak: "Oso gustura etortzen zen irratira, oso hiztun ona zen, oso solaskide ona, eta oso ongi prestatzen zituen gaiak. Bere ikerketetan aurkitutako perla bitxiak ekartzen zizkigun. Adibidez, XVII. mendeko sukaldaritza liburu bat, euskaraz idatzia. Beti ziren halako perlak".

Ilintxetak dioenez, "oso gizon okupatua zen Bidador, baina hala ere ez zuen inoiz inolako trabarik jartzen irratira etortzeko. Eta kontatzen zituenak gai zailak edo zientifikoak baziren ere, oso modu dibertigarrian kontatzen zituen". Finean, bere jakinduria zabaldu nahi izaten zuen Bidadorrek —"beste mundu bateko burua zuen, hainbesteko informazioa buru batean sartzeko"—, gainerakoen eskuetan jartzeko: "Ez zuen ezer berarentzat gordetzen, beste ikerlari askok egiten duten moduan. Berak ikertutakoa konpartitzen zuen, uste zuelako garrantzitsua zela hemengo euskaldunok gu baino lehenago izandako euskaldunak ezagutzea".

BIDADOR POETA
Poesiarekiko "kezka berezia"

Literatur zaletasunak berehala hurbildu zuen Joxemiel Bidador Pamiela argitaletxera. Jose Angel Irigarai etxe horretako editoreak, hain justu, "euskal letretako ekitaldiren batean" ezagutu zuen Bidador, orain hamabost edo hogei urte. Eta berehala piztu zion mirespena: "Segituan konturatu nintzen, beste asko bezalaxe, zer-nolako pertsona zen, irekia, ironikoa, letretan oso barneratua". Harremana sendotu zen heinean, eta konfiantza irabazita, argitaletxearentzako kolaboratzea proposatu zion Irigaraik Bidadorri, haiengana iristen ziren liburuak irakurri eta haien argitalpena baloratzeko. "Oso zintzo eta iritzi interesgarriz" parte hartu zuen Bidadorrek, Irigaraik dioenez. "Bazuen neurria hartzeko gaitasun handia, eta esaten zuen ezin zela edozer argitaratu, baina gauza bitxiak iristen zirenean segituan esaten zien baietz". Oro har, "elkarlan polita" izan zela gogoratzen du poeta iruindarrak.

Harremanaren ondorioz, Bidadorren poesiarekiko sentsibilitateaz eta "kezka bereziaz" konturatu zen Irigarai, eta zerbait idatzi eta argitaratzeko proposamena egin zion. "Bai, ari nauk", erantzun omen zion Bidadorrek. Eta 2009ko abenduan, posta elektronikoz, zirriborroa bidali zion Bidadorrek editoreari. Handik gutxira hil zen, ordea, 2010eko martxoan, eta lehenago bidalitako zirriborroari itxura eman eta argitaratu zuen orduan Pamielak, Hutseaniko hazkurria izenarekin. "Oso luma onekoa zen", dio Irigaraik. Eta bat dator Ilintxeta ere, haren euskararen maila goraipatzerakoan: "Euskaldun berria zen, eta ikaragarria zen zer-nolako maila zuen lagunarteko euskaran zein literarioan. Beti harritzen gintuen esamolde edo hitzen batekin. Izugarri maite zituen hitz arraroak, sonoritate polita zutenak".

BIDADOR LAGUNA
Gizon baten bi aldeak

Pamielan egindako harremanen ondorioz, argitaletxearen Zelaia sariko epaimahaikide gisara ere ibili zen Bidador, hasieratik. Eginkizun horretan bat egin zuen Pili Yoldi kazetariarekin ere. Beste hainbat esparru eta testuingurutan ere elkarrekin ibiliak ziren, eta oroimen ona gorde du Yoldik Bidadorrengandik. "Geniala zen", dio. "Gogoratzen naiz mahai baten bueltan kontatzen zituen pasadizoez. Oso hizlari ona zen, oso dibertigarria. Jakinduria handia zuen, eta, gainera, oso ongi zekien gauzak hornitzen, anekdotekin. Asko ikasi genuen berarekin, baina ez bakarrik ikasi, baita dibertitu eta maitatu ere. Oso maitagarria zen".

Hain zuzen ere, antzekoa da erreportaje honetarako elkarrizketatutako guztiek Bidadorrengandik gorde duten irudia. Dantzari, ikertzaile, dibulgatzaile eta poetarena bai, baina lagunarena bereziki. "Ezin duk imajinatu zeinen ongi pasatu dugun elkarrekin", dio Larrionek. Bidadorrekin bizitako pasadizo irrigarriz gordea du oroimena Larrionek, Castejonera liburu bat aurkeztera joan eta haien burua zentral termikoaren aurkako koordinakundearen bileran nahasita ikusi zutenekoa, kasurako. Edota Larrionek Mendigatxa sindromea deitzen duen hura, Resurreccion Maria Azkueren berriemailea izandako Mariano Mendigatxaren harira piztutako solasaldia gogoan: "Marka da gero; umorea behar da duela ia bi mende jaiotako morroi baten inguruan ordu txikietan aritzeko mahai baten bueltan. Gure izatearen funtsa Erronkariko laborari baten eta apaiz garbizale baten arteko gutun trukean topatu nahian. Nori kontatuko diozu XXI. mendean hori dela izan dezakezun elkarrizketa, solasaldirik kilikagarriena?".

Ilintxetak ere gogoan ditu Bidadorrekin igarotako uneak. "Beti zebilen hitz eta pitz, irriz, eta oso giro polita sortzen zuen. Bera egoten zen toki guztietan beti sortzen ziren halako solasaldi dibertigarriak". Irigaraik, bestalde, "bere talantea eta talentua" gogoratzen ditu, eta nola horrek egiten zuen "inguruan jendea biltzeko gai".

Horra hor, bada, gizon baten bi aldeak. Ikerlari akademiko jakintsua, batetik; kaleko lagun eta solaskide gertukoa, bestetik. Finean "eruditu" bat baitzen Bidador, Barandiaranek dioenez. Eta bere "kontrastea" zen "erudizioa" zuela testuetan, "baina gero oso pertsona xehea, umila eta atsegina zen. Oso Alde Zaharrekoa, oso Iruñekoa eta oso euskaltzalea, noski". Bidador, beraz, hurbileko eruditu hori.

«Segundoak ere lapurtzen dizkigute poliziek, ahal duten bakoitzean»

«Segundoak ere lapurtzen dizkigute poliziek, ahal duten bakoitzean»

Garai batean, gorrotoa zien elkarrizketei Mila Jimenez txantrearrak (Los Arcos, 1961). Senideak eta Etxerat elkarteetako bozeramaile izandakoak ez zuen biziki maite hedabideen aurrean agertzea. Argi du, baina, ezinbestekoa dela tragedia txikiak, intimoak, azaltzea, sakabanaketaren drama ikaragarria bere osotasunean ulertu ahal izateko. Bihotza eztarrian, prest dago bere istorioa jendeari kontatzeko. Grabagailuaren botoia sakatu baino lehen, ordea, abisua: "Mikelek telefonoz hots eginen du laster, eta orduan elkarrizketa eten beharko dugu". Ados.

Jimenezen bikotekidea da Mikel. Mikel Izpura. Preso iruindarra. 15 urte luze daramatza kartzelaz kartzela. Aurretik, beste horrenbeste, erbestean. Ihesi. Aranjuez eta Badajozko espetxeetatik igaro ostean, Murtziakoan dago gaur egun (Espainia), 750 kilometrora.

Azken urtebetean, bitan eraman dute Iruñeko kartzelara, minbiziak jota hil hurren den anaia bisitatu ahal izateko. Bisita laburrak izan ziren, eta Izpurak apenas izan zuen aukerarik eskuburdinak kendu eta familia besarkatzeko. "Bisita arraroak izan ziren, presazkoak, prezipitatuak. Ez genuen bakarka hitz egiteko astirik ere izan. Eta nik asko nuen kontatzeko", azaldu du Jimenezek.

Minbizia du hark ere. Iaz detektatu zioten. Zorionez, diagnostikoa hobea da. "Teorian, gainditu dut gaixotasuna, baina oraindik ezin dut bidaia luzerik egin". Hilabeteak daramatza Murtziara bildu gabe. Harresi bihurtu zaie sakabanaketa.

"Kartzelaldia ez da batere samurra izan, toki batetik bestera mugitu baitute Mikel. Aranjuezen preso sartu zutenean, bi astean behin joaten ginen. Gero, ekonomikoki itogarria bihurtu zen erritmo hori guretzat, eta hilabetean behin joaten hasi ginen". Arazo ekonomikoa ez da huskeria. Urte hauetan guztietan, milioiak urtu zaizkio Jimenezi errepidean. Pezetatan nahiz eurotan. "Hasieran saiatu nintzen gastuen zerrenda egiten, baina etxebizitza bat baino gehiago ordaintzeko adina gastatua neramala ikusi nuenean, amore eman nuen".

Funtzionarioen tratu txarrak ere ohikoak izan dira. "Bisitariak miatzeari ekin zioten zaindariek, eta ni ez nengoen horretarako prest. Pentsa: hamar orduz autoan bidaiatu ostean, lorik egin gabe, nekatuta, hara heldu eta hara! Miaketa. Ustez, ausazkoak ziren miatze horiek, baina nire kasuan, sistematikoak ziren. Horregatik, bi urtez, uko egin nien bisean bisekoei".

Zailtasunak zailtasun, seme bat izan zuen bikoteak kartzelaldiaren lehen urteetan: Ekhi. Madrilen jaio zen. "Ekhik kartzelan ezagutu du aita, eta, duela gutxira arte, normaltzat jo izan du egoera hori. Bidaiak eta bisean biseko bisitak ziren ezagutzen zuen bakarra. Orain, jada, ez. 13 urte ditu, eta gertatzen ari dena ulertzen du. Badaki ez dela bidezkoa aita hilean ordu eta erdi soilik ikustea. Eta min ematen dio".

Azken urteetan, sakabanaketari aurre egiteaz gainera, eritasunen kontra ere borrokatu behar izan du Jimenezen eta Izpuraren familiak, eta horrek zeharo konplikatu du egoera: "Melanoma diagnostikatu zioten Mikelen anaiari, baina minbizia biriketara hedatu zen, eta, gaur egun, azken fasean dago metastasia. Iazko uztailean, zazpi hilabeteko bizi-itxaropena eman zioten; beraz, otsailean gainditu zuen aurreikuspen hori. Metastasia detektatu ziotenetik ezin izan du bidaiatu".

Aste santuaren aurretik, baimen berezia eman zioten Izpurari, anaia eta bikotekidea ikusi ahal izateko. "Ostiral arratsalde batean eraman zuten Iruñeko kartzelara; larunbatean, bisita normala egin ahal izan genuen; eta astelehenean, etxera ekarri zuten. Poztasun erabatekoa izan zen hori guretzat". Pozak, baina, gutxi iraun zuen. Semearen bila joan zen Jimenez, baina poliziek ez zioten gazteari pasatzen uzten: "Ekhik hilabeteak zeramatzan aita ikusi gabe, eta irrikan zegoen hura besarkatzeko, baina, polizien arabera, gaixo zeuden senideak bisitatzeko baimena zuen Mikelek soilik, eta beraz, ezin zuen semea ikusi". Familiaren etsipena eta ekina ikusita, amore eman zuten agenteek, eta 20 minutuz elkarrekin egoteko aukera izan zuten hirurek. Ez zen, ordea, Espainiako erakundeek ezarritako traba bakarra izan. Ordutik, beste behin egon da Izpura Iruñeko kartzelan, hilurren den anaiari agur esateko baimen berezia eskatuta; baina iragan den astean, berriz eraman zuten Murtziara.

Presoaren beraren osasun arazoak tarteko —barne belarriko mailua hautsia du, eta beste belarrian, kiste bat antzeman diote—, behin betiko leku aldatzea eskatua du familiak, ebakuntza Nafarroako osasun sistemaren barruan egin diezaioten. Prozesua, alta, "oztopo lasterketa baten antzekoa" dela nabarmendu du.

"Datuak objektiboak dira, eta gure eskaera, erabat zentzuzkoa. Orain arte Iruñera ekarri ez badute, borondaterik ezarengatik izan da", dio. Murtziako kartzelako medikuaren diagnostikoa behar du orain Izpurak bere eskaera justifikatzeko, baina astebete luze baten ostean, medikuak ez du oraindik artatu. Bitartean, zain egotea, beste aukerarik ez du.

Espainia, eskujokotan

Presoaren senideek salaketa jarria dute Arartekoaren bulegoan, Izpuraren eskubideak urratzen ari direla argudiatuta, baina orain arte bide horrek ere ez du fruiturik eman. "Arartekoak eskertu egin zigun harengan jarritako konfiantza, baina Madrilen esku utzi zuen auzia, eskuduntzarik ez zuela argudiatuta. Finean, preso politikoez ari garenean, eskuak garbitzen dituzte instituzioek".

Espainiako hauteskundeak gertu egoteak ere kalte egin diela uste du Jimenezek: "Trukerako txanpon gisa erabiltzen dituzte presoak, eta orain, bozak gertu ditugula inoiz baino gehiago nabaritzen da hori. Torlojuak muturreraino estutzen dituzte, euren helburu politikoak lortzeko".

Solasaldiaren bukaeran, sakelakoak jo du. "Mikel da, barkatu". Elkarrizketa baten erdian dagoela azaldu dio bikotekideari. Izpura harrituta dago, euren tragedia txikiak, intimoak, hedabideen arreta merezi duela ikusita. Osasun kontuez hitz egin dute, familiaz eta Izpura etxera ekartzeko prozesu labirintikoaz. Gehiagorako astirik ez dute izan. Agur esan behar izan diote elkarri. Presaka. Bost minutuko deiak bakarrik onartzen dira Murtziako espetxean. Solasak 4 minutu eta 58 segundo iraun du. "Segundoak ere lapurtzen dizkigute, ahal dutenean".

Orain arte galdutako segundo, egun eta urte guztiak berreskuratzeko borrokan segituko du Jimenezek aurrerantzean ere. "Jada ez dut negarrik egiten. Urteen joan-etorrian gogortu naiz, baina beste aukerarik ez dudalako", esan du agurtu aurretik.

Hartzak haien bakardadean

Hartzak haien bakardadean

Udan basoak emandako fruituak ongi aprobetxatu dituzte. Marrubi, mugurdi eta ahabia anitz izan da aurten, eta izan dute, ondorioz, zer jan. Udazkeneko uzta jaso beharko dute orain: ezkurrak, pagatxak eta gaiztainak bilatzeko ordua dute, negurako prest...