Nafarroa

Presoak boteretu zirenekoa

Presoak boteretu zirenekoa

Edurne Elizondo

Erabat aldatu ninduen". Horixe erran du Daniel Pontek (Madril, 1959) kartzelari buruz. 17 urte zituenean sartu zuten lehenengoz preso; Francoren garaiko Alferren eta Gaizkileen Legeak eraman zuen espetxera. Carabanchelgo, Teruelgo eta Zamorako kartzeletan izan zuten Espainian, bai eta Arabako Langraiz Okan ere. 22 urterekin atera, eta handik urtebetera berriz espetxeratu zuten, hainbat banketxetan lapurreta egin eta gero. "Bertze sei urte egon nintzen barruan. Kartzelak erabat aldatu ninduen. Jarrera otzana nuen sartu nintzenean, bai eta beldurra ere. Baina espetxean boteretu nintzen, lortu nuen presoon eskubideen alde borrokatzeko indarra, bai eta gure aldarrikapenak zabaltzekoa ere".

Espetxean, Copel koordinakundeko kide izan zen Pont. Sufritzen zuten errepresioari eta kartzelako baldintza gogor eta bidegabeei aurre egiteko altxatzea eta borroka egitea erabaki zuten preso sozialek osatzen zuten Copel. Milaka izan ziren, Espainiako Gobernuaren administrazioaren pean ziren espetxeetan, eta haien historia jaso dute koordinakundeko hainbat preso ohik, orain, Copel: una historia de rebeldía y dignidad (Copel: errebeldia eta duintasun istorio bat) izenburuko dokumentalean. Iruñean aurkeztu du Pontek, Copeleko kide Fernando Alcatrazekin batera.

1976ko abenduan sortu zen Copel, eta hiru urtez egon zen indarrean, 1979an desegin zuten arte. Denbora horretan, dozenaka mutin, gose greba, protesta eta ihesaldi egin zituzten hamaika espetxetan. Trantsizioa hasi zen garaian, duintasuna eta beren giza eskubideak errespetatzea exijitu zuten, bai eta amnistia ere, preso sozial guztientzat. Estutasunean jarri zuten estatua, eta garai hartako politikarien agendetan kokatu zuten presoen auzia. Espetxeetako teilatuetara igo ziren, beren burua zauritu zuten, su eman zieten ziegetako koltxoiei. Antolatzeko gai izan ziren, koordinatzeko gai, inolako buruzagirik gabe.

Antolatzeko eta lan egiteko modu hori da Fernando Alcatrazek (Valentzia, 1959) Copeli buruz nabarmendu nahi izan duena. Copeleko presoen alde hiriz hiri sortu ziren babes taldeetako batean aritu zen lehendabizi; gero, 18 urterekin kartzelan sartu zutenean, banketxeen kontra molotov koktelak botatzeagatik, koordinakundeko kide bilakatu zen. "Zortzi urte egon nintzen barruan. 26 urterekin atera nintzen. Oraindik ere beharrezkoak ditugun esperientziak eta ikasketak mahai gainean jartzea da Copelen historia kontatzea. Copel sortzeko izan ziren arrazoiak indarrean dira, oraindik ere", erran du.

Alcatrazen hitzekin bat egin du Salhaketako kide Libertad Francesek. Argi du Copeleko presoek salatzen zituzten giza eskubideen urratzeak gertatzen direla egun ere. Horregatik antolatu du Salhaketak dokumentalaren Iruñeko aurkezpena, hain zuzen ere. Lana egiteko prozesuan ere parte hartu du elkarteak, proiektua diruz lagunduta. Izan ere, hamabi urteko bidea dago Copeli buruzko dokumentalaren atzean. Baliabideak urriak izan dira, eta, azken txanpan, finantzaketa kolektiboaren alde egin zuten bultzatzaileek. Laguntza horri esker amaitu zuten lana, eta iazko azaroan estreinatu zuten.

14.000 preso

"Gizarteak ez dio espetxeari so egiten. Hirietatik atera dituzte kartzelak horretarako. Guztiz beharrezkoa da espetxeetan gertatzen dena agerian uztea, eta presoen eskubideak aldarrikatzea", nabarmendu du Francesek. Copeleko kideen xedea ere horixe zen. Hirietako erdiguneetatik hurbilago baziren ere, espetxeetako errealitatea ikusezina zen herritar gehienentzat, orduan ere. Hori aldatu nahi izan zuten Copelekoek beren protesten bidez.

Frankismoaren amaieran, 14.000 preso zeuden Espainiako administrazioaren peko kartzeletan, preso politikoak eta sozialak kontuan hartuta. Haietako 8.000 inguru Alferren eta Gaizkileen Legeak eraman zituen espetxera. Diktadorea hil eta gero, hainbat amnistia prozesuk kartzelatik atera zituzten preso anitz, baina milaka preso sozial barruan gelditu ziren. Horren aurka altxatu zen Copel. "Argi genuen une horretan kartzelan ginen preso guztiak ginela preso politikoak, eta irmo defendatu genuen preso guztien amnistia, espetxea errepresio gune bat zelako", gogoratu du Pontek.

Espetxeak ahaldundu zuela nabarmendu du solasaldiaren hasieran, eta mezu hori berretsi nahi izan du. "Copelek denoi ekarri zigun boteretzeko aukera. Ikasi genuen gure biktima izaera ez onartzen, ez behintzat jarrera kritiko eta erresistentziazkoa erakutsi gabe".

Boterea beren esku izan zutela erantsi du. "Arazo larria eragin genion estatuari kartzeletako teilatuetara igota eta ziegei su emanez". Estatuak ikasi zuen, ordea, pultsuari erantzuten. "Preso nor zegoen orduan? Pobreak, gizarteak baztertuak, orain bezala. Benetan sinetsi zuten demokraziaren aldeko beren aldarrian, baina estatuak errepresioa baino ez zien eman", erran du Alcatrazek.

Errepresio horrek, gainera, hainbat aurpegi ezberdin erakutsi zituen. Batetik, estatuak sakabanatu egin zituen Copeleko kide nagusi gisa identifikatu zituenak. "1.000 preso inguru mugitu zituzten espetxe batetik bertzera", azaldu dute Copeleko kideek. Bertzetik, tratu txarrak eta torturak areagotu ziren. "Indarkeriak goia jo zuen Herrera de la Manchako espetxea inauguratu zutenean. Istiluetarako poliziak sartu zituzten espetxeetan". 1978ko ekainean zabaldu zuten Herrera de la Manchako kartzela.

Urte horretako otsailean errepresiorik gordinena sufritu zuen Agustin Rueda Copeleko presoak. Koordinakundeko kide izateagatik Carabanchelera mugitu zuten urtarrilean. Ihesaldi batean parte hartu eta gero, jipoia eman zioten Ruedari, eta, kolpeen ondorioz, hil egin zen.

Hirugarren elementua jarri du mahai gainean Pontek estatuak presoen borroka indargabetzeko erabilitako tresnen adierazgarri: droga. "Espetxeetan heroina sartzen hasi ziren". Laugarren auzia aipatu nahi izan du Alcatrazek: Carlos Garcia Valdes Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusiaren jokabidea eta haren jarduerak izan zuen eragina, alegia. "Izendatu zutenean, Copeleko kide anitzek konfiantza zuten harengan, baina errepresioarekin baino ez zuen erantzun". Garcia Valdes bertzelako irudi bat ematen saiatu zela erantsi du Alcatrazek. "Partekatutako kudeaketaren auzia jarri zuen mahai gainean, presoen protestak baretzeko. Baina garrantzirik gabeko kontuetan baino ez zuen ezarri". Gogoratu du oraindik indarrean dagoen Espetxeen Lege Organiko Orokorraren atzean Garcia Valdesen lana dagoela, eta, haren bidez, "Copelen protestak indargabetu eta errepresioa legitimatzea" bertzerik ez zutela helburu. "Lege horren arabera, edozer gauza har dezake estatuak mutin gisa", erantsi du Francesek, araudiaren eragina egungo errealitatera ekartzeko.

Alcatrazek ikuspuntu kritikoa du Copel koordinakundearen azken garaiari buruz, uste baitu Garcia Valdesek zabaldutako bidetik beren aldarrikapenak lausotu, eta, neurri batean, amore eman zutela preso anitzek. Ez da iritzi berekoa Pont: "Copelek inoiz ez zuen erran mutinen bidetik jarraitu behar ez genuenik, eta preso sozial guztientzat indultua lortzeko borrokan segitu genuen; partekatutako kudeaketaren bidetik negoziazioak gertatzen ziren bitartean, ihesaldiak egiten jarraitu zuten presoek, gainera".

Emakumeak, ikusezin

Copeleko kideek ez zuten preso sozialen amnistia lortu. Baina orduko irakaspenen garrantzia nabarmendu nahi izan dute Pontek eta Alcatrazek. "Geure burua batzarren bidez antolatzeko gaitasuna erakutsi genuen; antolatzeko eta koordinatzeko gai izan ginen". Francesek txalotu egin du Copeleko presoen esperientzia, eta nabarmendu du lortu zutela trantsizioaren garaiko ardatzeko bat bilakatzea presoen auzia.

Gizonen espetxe barruko borroka islatzen du Copeli buruzko dokumentalak, baina aipamen berezia egin die lanak preso ziren emakumeei. "Matxistak ginen", onartu du Pontek. Orain, bereziki nabarmendu eta eskertu nahi izan du babes taldeetan aritu ziren emakume guztien lana. "Anitz egin zuten". Senideek osatutako babes taldeetan emakumeak izan ziren nagusi. Copeleko kideak laguntzen aritu ziren abokatuen artean ere anitz ziren emakumeak.

Espetxeetan gutxiago ziren. "300 inguru, 1970eko hamarkada hartan", azaldu du Pontek. "Madrilgo eta Bartzelonako espetxeetan ziren, eta Talavera de la Reinako zentro batean. Mojek zuten preso ziren emakumeen ardura; emakume pobreak ziren, ikasketarik gabeak, gehienak. Mojen zaintzapean, politizatzeko aukera gutxiago izan zuten", erran du Copeleko kideak.

Hala eta guztiz ere, antolatzeko eta protesta egiteko gai izan ziren preso ziren emakumeak ere. "Madrilgo espetxeko teilatura igo ziren, eta gose grebak ere egin zituzten. Kontua da emakumeen borroka ezkutuan gelditzen zela; are ikusezinagoa zen", gaineratu du Alcatrazek. Copeleko kideak nabarmendu nahi izan du preso anitzen ihesaldietan ere laguntzaile izan zirela emakumeak.

Gaur egun preso direnak laguntzeko eta babesteko sareetan ere emakumeak dira nagusi. Orain, halere, 1970eko hamarkadan baino zailagoa da Copelen gisako esperientzia bat martxan jartzea, preso sozialen eskubideen alde. Saiakerak badirela erran du Fernando Alcatrazek. "Dozenaka presok osatutako talde bat bada, gure bidetik aurrera egiteko urratsak egiten saiatzen ari dena". Ezkor agertu da, halere, valentziarra. Daniel Pontek ere beltz ikusten du egungo egoera. "Gure garaian baino okerrago daude espetxeak". Kartzelei so egiteko eskatu diote gizarteari.

Mugarik gabeko ofizialtasuna

Mugarik gabeko ofizialtasuna

Edurne Elizondo

Erdigunean. Egungo testuinguru politikoaren erdigunean jarri nahi du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak hizkuntza. Erdigunean, oraindik ere, euskarari ezartzen zaizkion mugek "lehen eta bigarren mailako herritarrak" sortzen dituztela salatzeko; erdigunean, muga horiek, oraindik ere, euskaraz bizitzea "ezinezko" bilakatzen dutela agerian uzteko. Mezu hori zabaltzeko, manifestaziora deitu ditu EHEk Euskal Herriko herritarrak: Iruñean eginen dute protesta nazionala, bihar, 17:30ean, autobus geltoki zaharretik abiatuta, Mugarik gabeko euskara lelopean.

"Herrialde guztietan eztabaida erabakigarriak gertatzen ari dira orain, eta horietan eragin behar dugu", erran du EHEko kide Azaitz Gartziak, egungo testuinguruaren garrantzia azaltzeko: "EAEn estatutu berriari buruzko eztabaida dago mahai gainean, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, lurralde elkargoari buruzkoa. Nafarroan hauteskundeak izanen dira urtebete barru, eta euskararen legea dute mahai gainean", erran du.

Duela bi aste, hain zuzen ere, euskararen lege berri bat ontzeko batzordea osatu zuten Nafarroako Parlamentuan. Euskararen ofizialtasuna, hizkuntza eskubideak eta egungo egoera soziolinguistikoa oinarritzat hartuta, lege proposamen bat prestatu beharko du lantaldeak, sei hilabetean. "Berandu bada ere, batzorde horrek euskarari ematen badio behar duen lehentasuna, izan dadila ongi etorria", erran du Gartziak.

Legegintzaldiaren erdia baino gehiago joan dela argi du EHEko kideak, baina uste du gelditzen den urtean badela denbora nahikoa euskarak behar dituen aldaketak egiteko. "Borondate politikoa izatea da kontua; ausardiaz jokatzeko borondatea behar da". Orain arte gobernuak egindako bideak uste baino gutxiago eman duela aitortu du Gartziak: "Hainbat esparrutan aurrerapauso txikiak eman dira, baina ez dira nahikoak. Tamalez, aldaketa gutxi ekarri dio egungo gobernuak euskarari. Euskarak behar du lehentasun bilakatzea, euskarak behar du ofizialtasuna Nafarroa osoan, Euskal Herri osoan", erran du, argi eta garbi, Gartziak.

Gobernuak ez du eman euskalgintzako kideek espero zutena; eta gobernuko kideen artean euskararen inguruan gertatu diren tirabirak ere ez ditu ontzat jo EHEko kideak. Oposizioko taldeen jarrerak, ordea, ez du ezustean harrapatu: "Lehengo lepotik burua". Legegintzaldiaren hasieratik, euskararen aurkako diskurtsoa nagusitu da oposizioko taldeen artean. Duela bi aste, bertze urrats bat aurrera egin zuen PPNko parlamentari Ana Beltranek bide horretan, eta Nafarroako Parlamentura gonbidatutako Soziolinguistikako Klusterreko kideei erran zien "molestatzera" eta "min ematera" baino ez zirela joan legebiltzarrera, euskaraz egiteagatik. Beltranen hitzek hautsak harrotu zituzten parlamentuan.

Estrategiarik eza

"Ana Beltran zuzen da euskara ofiziala ez dela esaten duenean", erran du Gartziak. "Hori da, hain zuzen ere, aldatu nahi duguna". Euskararen kontrako gisa horretako erasoak gerta ez daitezen, eta euskaldunek "lehen mailako herritarrak" izateko aukera izan dezaten. "Euskara ez da baztertzailea", nabarmendu du Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak. "Euskarak balio du jendartea osatzeko, herria egiteko, ezberdinak batzeko. Horretarako, ofizialtasuna behar du", erantsi du.

Hori lortzeko bidean Nafarroako Gobernuak du ardura nagusia, baina bertze hainbat erakundek ere badute zer egin, bertzeak bertze, udalek. Iruñekoa da herrialdeko nagusia. Karrikiriren Karrika aldizkarian, hain zuzen ere, udal horrek euskararen inguruko estrategiarik ez duela aitortu zuen Iruñeko alkate Joseba Asironek, otsailean egindako elkarrizketan. Iruñean euskararen egoera diglosikoa bazter uzteko estrategiarik ote zegoen galdetu zion Karrika-k Asironi, eta ondokoa izan zen alkatearen erantzuna: "Ez dut uste. Baina hori da, zalantzarik gabe, inoiz serio hartu beharko dugun erronka, euskarak behar du eta". Alkateak onartu zuen, gainera, bere ustez erakunde publikoek ez dietela herritarren premiei erantzuten, hizkuntzen gaiari buruz. "Inoiz ez dute egin", gaineratu zuen alkateak.

Asironen adierazpenek bertzelako azalpenik ez dutela behar erran du Gartziak: "Estrategiarik ez badago... larria da. Planik ez badugu, ezer gutxi lortuko dugu. Jende askoren buruan dago euskara gatazka dela; euskarak gatazkak ditu, ordea, eskubideak urratzen direlako. Gure pentsamendua ere aldatu behar dugu. Behar diren plan estrategikoak egin behar dira udaletan eta gobernuan, euskara lehentasun bilakatzeko".

Mugarik gabeko ofizialtasuna nahi dute EHEko kideek, eta horixe aldarrikatzera aterako dira bihar arratsaldean Iruñeko karriketara. Aldarrikapen hori gauzatzeko bidean bi elementu "funtsezko" jo ditu Gartziak, hain zuzen ere. Batetik, euskaraz bizitzeko esparruak irabaztea. "Ahaldundu behar dugu, eta kalera atera euskaraz bizi nahi dugula erakustera; horretarako behar ditugu mediku euskaldunak, behar ditugu euskaldunak lanaren, hezkuntzaren esparruan". Bertzetik, burujabetzarekin lotu du Gartziak euskaraz bizitzeko bide hori. "Herri gisa ere urratzen dituzte ditugun eskubideak. Espainiak eta Frantziak gure erabakiak gustuko ez badituzte, helegiteak aurkezten dituzte. Norbanako eta herri gisa egin behar diogu aurre egoera horri. Katalunian ezarri dute 155. artikulua, eta gurera ere etorriko dira", erran du EHE taldeko kideak.

Ofizialtasunaren eta burujabetzaren aldeko bidean urratsak egin nahi ditu EHEk biharko protestaren bidez. "Euskaraz bizitzeko eskubidea dugula erakutsi behar dugu; eskubidea eta nahia". Herritarrak deitu ditu Gartziak EHE taldearen deialdiarekin bat egiteko, eta karrikara eramateko euskararen aldeko aldarria. Karrikan errateko mugarik gabeko euskara nahi dutela; mugarik gabeko ofizialtasuna.

Lehiaketa eta festa

Lehiaketa eta festa

Kattalin Barber
Ia bi hilabeteko ibilbidearen ostean, bihar amaituko da Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. 17:30ean eginen dute finala, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian. Leitzako Aldatzea Komeni, Baztan-Malerrekako Addams Familia e...

Iritzia: Pobre izateak lotsatzen zaitu?

Saioa Alkaiza

Autokazetaritza ariketa bat da hau, autoetnografia saiakera bat, objektibitatea kapitalismoaren lubakian gordetako gezurra dela dakigunontzat.

Ez dakit zenbat elkarrizketa egin ote ditudan nire bizitzan, kazetari gisa daramatzadan urteetan; euskal prentsaren ekoizpen maila azkarra aintzat hartuta, ehunka izan daitezke. Baina, gaur, amarekin eseri naiz mahaian.

Langabezian dago. Orain gutxi arte, edadetuak zaindu ditu ospitalean, unerik okerrenetan, egun gutxi geratzen zitzaizkienean, hil-hurren zeudenean, eta ez daki zenbatek eman duten azken hatsa haren aurrean Nola da posible ez jakitea? Ba, ez dakit, Saioa; asko, nahi baino askoz gehiago. Zaharren zaintzaile eta unean uneko erizaina, etxe garbitzailea, ostalaria, dendaria, tapizaria… 62 urte dauzka, lanak laztutako eskuak, larritasunak puztutako begi zuloak eta 600 euroko bermatutako errenta.

"Gaizki bizi gara, oso justu; alokairua ordaindu behar dut, komunitatea, gasa, ura, telefonoa, garraio publikoa, jakiak… 600 euro gutxienekoa da". Kalkulu matematiko finak zehazten ditu hilaren hondar egunak; bere buruari ezarritako gastu kantitatetik ez ateratzeko saiakerak hartzen du egunerokotasuna.

"Ni moldatzen naiz etxean bakarrik nagoelako, eta ez dudalako ia gasturik". Galdera: Eta luxurik ba al daukazu? "Etxerako erosketak egiteaz gain, kafetxoren bat hartzen dut, baina deus gutxi gehiago. Ez dit ematen". Luxuari buruz galdetuta, kafea aipatu du.

Harentzat ez dira existitzen kanpora joateko egunak, eta barrez lehertu da galdera entzutearekin batera: "Oporretara? Ez, inondik inora ez, bai zera! Keba. Gastuak neurtuta dauzkat, ez gehiago ezta gutxiago ere. Ez, ez, ezinezkoa da".

Uste ustel asko dago oinarrizko errentaren inguruan, tartean behar ez duten batzuek jasotzen dutela, nahiz eta frogatuta dagoen oso urria dela behar ez eta eskatzen dutenen kopurua. Hari ez zaizkio axola besteen esanak. "Egia esan, sekula ez naiz larritu jendeak pentsa dezakeenarekin; errenta da gaur-gaurkoz daukadan bizirauteko modu bakarra. Ez da inolako desohorea. Nik lan egin dut, pila bat, bizitza guztian, eta, hala ere, ez dut nahikoa kotizatu; badakizu, beti etxeko lanetan eta zaintzan eta kontraturik gabe… eta, orain, nire adinean, ez dut lanik. Ezin dut besterik egin".

Emakumezkoa, 60 urtetik gorakoa eta ikasketarik gabea. Larri iristen da hilabete bukaerara. Errenta berritu behar diote eta bi hilabetez ez du dirurik jasoko, behin kasua berraztertuta, galdutako hilabeteetako dirua sartuko dioten arren. Nola egin dezake aurrera errenta kobratzen duen batek hilabete horietan? Areago, eta inguruan babes sarerik ez balu, beste askok ez duten gisan, zer eginen luke?

Kezkatuta amaitu dut elkarrizketa. Ama, lotsa ematen dizu nik errentari buruz galdetzeak eta hau argitaratzeak? "Ez, inondik inora ez! Zergatik?". Begira-begira geratu zait, begiak iltzatuz: "Eta zuri? Lotsa ematen al dizu jendeak hau irakurtzeak?". Ez dakit zer erantzun.

Sustraiak behar du non errotu

Sustraiak behar du non errotu

Edurne Elizondo

Wallmapu mapan jarri dute. Izen bereko Euskal Herriko elkarteko kideak Nafarroako Parlamentuan izan dira, eta maputxeen herrira begira jarri dituzte talde politikoetako ordezkariak: Txileko eta Argentinako gobernuen administrazioaren pean sufritzen ari diren errepresioaren berri jaso eta zabal dezaten; egoerari buelta emateko presioa egin dezaten. "Laguntza eske gatoz, maputxeen aldeko adierazpen instituzionala eskatzera", erran zuten Wallmapu Euskal Herria elkarteko Gabi Basañezek eta Mery Ann Garlingek, parlamentarien aurrean otsailaren 20an egindako agerraldian. Adierazpena onartzeko zain dira orain.

Lurrari lotutako herria da maputxeena; lurra da mapu, eta jendea, berriz, txe. Beren lurraldeari erraten diote Wallmapu: inguruko lurra. Egun, Txileren eta Argentinaren artean banatuta dago lurralde hori; 1,8 milioi maputxe inguru bizi dira Txilen —Ulumapu deitzen duten lurraldean—, eta 200.000 inguru Argentinan, Puelmapun. Kolonizazioaren ondorioz, lurralde horren %10 dago bakarrik maputxeen esku, gainontzekoa enpresek eta latifundistek hartua dute. Maputxe gehienak Hego Konoaren hegoaldean bizi dira, estatuek kendu ezin izan zizkieten lurretan.

Espainiako konkistatzaileak Amerikara iritsi zirenetik Abya Yala erraten zioten jatorrizko biztanleek, lurrari eusteko etengabeko borrokan aritu dira maputxeak. Galdutakoa berreskuratzeko azken hamarkadetako nahiak eta bide horretan egindako urratsek ekarri dute jazarpenak gora egitea.

Errealitate horren adierazgarri, hainbat datu jarri dituzte mahai gainean Wallmapu Euskal Herriko kideek: 2001etik, Pinocheten diktaduran onartutako terrorismoaren aurkako legedia ezartzen diola Txilek maputxeen herriari, adibidez. "Legedi horrek ekartzen du, bertzeak bertze, maputxeak hiru urtez espetxean sartzeko aukera, epaiketarik egin gabe".

Horixe nabarmendu zuen Garlingek parlamentuan, eta horixe berretsi du elkarte bereko Iban Gartziak ere. Maputxeen aurkako errepresioari buruz gehiago erran du: "Atxilotzeak, torturak, bai eta hilketak ere eguneroko kontua dira Wallmapun".

Multinazionalen interesak

Gertutik ezagutu du Gartziak eguneroko hori. 2016ko otsailean joan zen Wallmapura lehendabizikoz, eta handik ia sei hilabetera atxilotu, eta kanporatu egin zuen Txileko Gobernuak. Urte bereko irailean Wallmapura itzuli zen irundarra, bigarren aldi horretan Argentinako Gobernuaren administrazioaren pean dagoen eremura. Bost hilabetez egon zen, eta handik bueltan hasi zen Wallmapu Euskal Herria sortzeko proiektua mamitzen.

"Urte batean lau maputxe hil dituzte", nabarmendu du Gartziak. Haien alde ari zen Santiago Maldonado gazte argentinarraren hilketa ere gogora ekarri du Wallmapu Euskal Herria elkarteko kideak. Iazko abuztuaren 1ean desagertu zen, maputxeen aldeko protestetan parte hartu eta gero. Urriaren 17an aurkitu zuten Maldonadoren gorpu hila. "Santiago Maldonadoren heriotzak oihartzun zabalagoa izan du zuria zelako, eta argentinarra. Askok esan dute Maldonadorena izan dela lehendabiziko desagertzea demokrazia garaian, eta hori ez da egia. Maputxe asko desagertu dira aurretik ere. Haien aurkako arrazakeria oso handia da".

Arrazakeria, kolonialismoa, pobrezia, kulturaren eta lurraren galera... Anitz dira maputxeak jotzen dituzten auziak. Denek, halere, badute ezaugarri komun bat, gaur egun: enpresa multinazional handien interesek duten indarra, baliabideak dituzten lurrak mugarik gabe ustiatzeko. Tartean, maputxeenak. Enpresa horien jarduerak ekarri du, batetik, lurren galera, eta, bertzetik, maputxeek lur horiekin duten lotura eta harreman propio eta berezia suntsitzea.

Jatorrizko herri bat da maputxeena, kultura, sinismen eta hizkuntza propioa dituena, eta halaxe azaldu zuen Basañezek Nafarroako Parlamentuan. Wallmapu Euskal Herria elkarteko kideek maputxeen eusteko gaitasuna nabarmendu dute, batez ere. "Espainiako konkistatzaileei aurre egin zieten; haiekin akordioak egin behar izan zituzten, ezin izan zituztelako mendean hartu", gogoratu dute. Herri idependentea izatea lortu zuela erantsi dute, 1885. urtean Txilek eta Argentinak kanpaina militar banarekin maputxeen aurka egin zuten arte. "Milaka eta milaka maputxe hil zituzten; kontzentrazio esparrutara eraman eta behartutako lanak egin behar izan zituzten ere".

Txileko eta Argentinako diktadurekin egoerak okerrera baino ez zuen egin maputxeentzat. Gaur egun, enpresa hidroelektrikoak, basoen esplotazioan ari direnak edo meategiak ustiatu nahi dituztenak dituzte maputxeek aurrean. Enpresek dute boterea, eta desorekaz betetako errealitate horretan maputxeak dira gehienetan galtzaile. "Natura arpilatzen ari dira, eta baliabideak lapurtzearekin batera, bizitzeko moduak eta harremanak suntsitzen ari dira". Pobrezia du egoera horrek ondorio, batetik, eta aldatu nahi dutenen kriminalizazioa, bertzetik.

Horri buruz anitz daki Ruben Colliok. Maputxea da. Bere komunitatean Austriako RP Global enpresa hidroelektrikoaren asmoen aurka aritu dira borrokan. Gisako multinazionalek ekarri dute, bertzeak bertze, maputxeen lurren galera eta uraren pribatizazioa. Colliok eta haren bikotekide Macarena Valdesek ozen salatu dituzte beren lurren aurkako proiektuak. Beren salaketak izan du ondoriorik: 2016. urteko abuztuan, Macarena Valdes hil egin zuten. "Urkatuta aurkitu zuten. Aurretik, enpresaren asmoen aurka egiteagatik mehatxua jaso zuen", azaldu du Gartziak. "Denok argi genuen ez zuela bere buruaz beste egin".

"Emakume, maputxe eta borrokalari sutsua zelako hil dute; bere lurra defendatzeagatik", erran zuen Colliok, argi eta garbi, Valdesen heriotza gertatu eta gero. Valdesen familiak ez du amore eman, ordutik, eta emakume maputxea hil zutela erakusteko ahaleginak eman du fruiturik. Joan den urtarrilean jendaurrean agertu zen Ruben Collio eta ezagutarazi zuen Valdesen gorpuari bigarren autopsia bat egitea lortu zutela, eta autopsia horren emaitzak agerian utzi zuela, zalantzarik gabe, emakumeak ez zuela bere buruaz bertze egin. "Hil zuten, eta, gero, bere gorpua zintzilikatu zuten".

Bigarren autopsiaren emaitza ezagutu zuenetik, Valdesen heriotzari buruzko auzia berriz zabaltzea izan da Collioren helburu nagusia. Oraingoz, halere, Txileko justiziak ez du aintzat hartu eskaera hori.

"Hemendik egin behar dugu lan Valdesen heriotza argitzeko eta erantzule guztiak agerian uzteko", erran du Iban Gartziak. Lan horren barruan kokatu du Wallmapu Euskal Herriak Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldia, bai eta erakunde horretako batzordearekin egindako lan saioak ere. "Gure elkartearen tokia herri mugimenduan dago, baina argi dugu erakundeek ere egiten ahal dutela presioa, eta horren alde egin nahi dugu". Wallmapuren eta Euskal Herriaren arteko zubi izan nahi du izen bereko hemengo elkarteak. Elkar babesteko, elkarri irakasteko.

Salaketa saritua

Salaketa saritua

Edurne Elizondo

Saria jaso du bere lanak; eta saria jaso du lan horien bidez egin nahi duen salaketak ere. Horixe nabarmendu du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistak, Picture of The Year International nazioarteko sari ospetsua irabazi eta gero. 2014. urtean sinatu zuen Tras Los Murosek bertze animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzten zuen bere lehendabiziko argazki erreportajea: Iruñeko sanferminetan egin zuen. Orain, lau urte joan eta gero, Hiltegi izenburuko irudi sortaren bidez jaso du kazetaritza grafikoaren arloko sari garrantzitsuenetako bat. "Lana saritu dute, bai eta lan horrek egin nahi duen salaketa ere", berretsi du argazki kazetariak.

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Iruñeko sanferminetan ez ezik, Euskal Herriko bertze hamaika txokotan ere atera du kamera, bertze animalien zapalkuntza eta erabilera salatzeko. Picture Of The Year International sariak nabarmendu duen irudi sorta, berriz, Mexikon egin du Tras Los Murosek. Saritutako argazkiekin batera, Hiltegi izenburuko dokumentala ere osatu du ekintzaileak, bai eta hiltegien inguruko ikerketa lan zabala ere. 50 hiltegi ingurutan sartu da.

Hiltegietan egindako ikerketa horrek, hain zuzen ere, munduko edozein txokotan gertatzen den errealitate bat islatzen duela erran du, argi eta garbi, Tras Los Murosek: "Hainbat kontu zehatz bazter utzita, ikerketak erakusten du edozein hiltegitan gertatzen dena. Animaliak hiltzen dituzte espazio horietan. Denok dakigu hori, baina gizarte gisa ez dugu egin, oraindik ere, horri buruzko gogoeta sakon bat".

Gogoeta hori abiatzea da Tras Los Murosek egindako argazkien helburua, hain zuzen ere: "Heriotzaren fabrikak dira hiltegiak, eta fabrika horietan sartzeko atea ireki nahi dut, irudien bidez. Heriotzaren fabrika horiek zilegizko espaziotzat hartu ditugu, bai eta beharrezkotzat ere", erantsi du.

Berri gutxi, tarte txikia

Duela lau urte martxan jarri zenetik, behin baino gehiagotan erran du Tras Los Murosek kazetariek egin beharreko lana egiten dutela bera bezalako ekintzaileek; oro har, bertze animaliek sufritzen duten zapalkuntzak tokirik ez duela hedabideetan. Horregatik, hiltegien egunerokoa islatzen duen argazki sorta saritu izana "pizgarritzat" hartu du. "Etsigarria da, anitzetan, bertze animalien zapalkuntza hedabideetara ailegatzeko zenbat lan behar den konturatzea; ederki dakite esparru horretan lanean ari diren erakundeek".

Oraindik ere hedabideetara bertze animalien zapalkuntzari buruz ailegatzen diren berriak "gutxi" direla eta eskaintzen zaien tartea "txikia" dela erran du Tras Los Murosek. Onartu du, halere, azken lau urteotan berak egin duen lanak izan duela oihartzuna, bertzeak bertze, sare sozialetan, eta jende anitzek jo duela beregana ahalegina eskertzeko. "Sortu den eztabaida eta bertze animaliengan dagoen kezka, halere, ahalegin kolektibo baten emaitza da, argi eta garbi. Kezka hori, gainera, gero eta handiagoa da. Ezin dugu ahaztu milaka pertsona aritu direla eta ari direla, hamarkadaz hamarkada, animalien askapenaren alde lanean", nabarmendu nahi izan du.

Euskal Herrian ere, sortzen ari dira bertze animalien erabilera salatzeko taldeak. Nafarroan, bertzeak bertze, LiberAbere ari da. Tras Los Murosek, halaber, Donostiako Askekintza taldeko kideekin lan egin du, zenbaitetan. Talde horrek Gurean izenburuko dokumentala aurkeztuko du datorren astean, Euskal Herriko bestetan gertatzen den animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzteko; Iruñeko sanferminetan gertatzen dena ere bai. Dokumentalarekin batera, Tras Los Murosek egindako argazki sorta zabaldu du taldeak.

Lanean jarraituko du ekintzaileak. Kide batek animatu zuen Picture of The Year sarira aurkezten. Sariaren bultzada jaso du orain. Lanean, salatzen segitzeko.

Zientzian alfabetatzeko

Zientzian alfabetatzeko

Edurne Elizondo
Zientzia, teknologia eta gizartea. Harreman estua dago hiru esparruon artean, eta agerian gelditzen da, nabarmen, uraren inguruko gatazketan. Nafarroan, hainbat daude mahai gainean: adibidez, Itoizko urtegia eta azpiegitura horri lotuta...

Iritzia: Zuentzat, zuekin, zuei

Lur Albizu Etxetxipia

Planto eginen genuela esan, eta egin dugu. Ez dugu inoren leziorik behar, badakigu zertan ari garen. Emakumeek*, feminismoek, kaleak hartu ditugu. Geratzeko etorri gara. Kontuan hartuko gaituzue? Kontuan hartuko dituzue militatzeko beste erak? Kontuan hartuko dituzue gauzak egiteko moduak? Kontuan hartuko duzue beste inon baino askoz emakume* gazte gehiago bildu dela prozesu honetan? Aintzat hartuko duzue emakumeon* hitza, edo erabakiak zuen kabuz eta zuen "kudeaketetan" hartzen jarraituko duzue?

Hitz hauek greban parte hartu zenuten emakume* guztiei. Azken aste eta hilabeteetan gelditu gabe lanean ibili zareten guztiei. Egunero greban pentsatu duzuenei, ekitaldiak prestatzen egon zaretenei. Batzarrak antolatu dituzuenei, batzuk eta besteak prestatzeko erotu zaretenei. Hasieratik honekin aurrera egin behar zela zenekitenei. Konbentzituta zeundetenei eta apustu erraldoia egin duzuenei. Txandak egin dituzuenei; ahal zenutena egiteko prest agertu zaretenei.

Gertukoen eta ez hain gertukoen zalantzak (pazientzia handiz) argitu dituzuenei. Herriz herri batzarrak, egitasmoak eta ekintzak loratu dituzuenei. Lehen haziak jarri zenituztenei. Amantalak zintzilikatu dituzuenei. Bideoak egin dituzuenei. Batzarretan aspertu zaretenei, haserretu zaretenei, barre egin duzuenei. Urduri jarri zaretenei. Lan-kargak itoko zintuztetela uste zenutenei. Señorei. Egunak telefonora itsatsita egon zaretenei. Institutuetan greba onartzeko izateko arazoak izan dituzuenei, beste hezkuntza baten alde jo eta ke ibili zaretenei. Mila diseinu egin, eta Whatsapp taldeetan desesperatu zaretenei. Pankartak nola egiten diren irakatsi nahi izan diguzuenei.

Aliantzak josi eta saretu dituzuenei. Hasieran beste batzuekiko mesfidantzak zenituztenei; ostegunean mesfidantzak besarkada bihurtu ziren. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsi duzuenoi. Antolatzeko beste era bat dagoela demostratu duzuenei. Beste dimentsio batzuk ikusarazi dizkiguzuenei. Ematen duena baino errazagoa zela esaten zenutenei.

Greba feministak eztanda egin zuenean, gauez, egunak izanen zuen tamainaz ohartu zinetenei. Ur kuboa gainera bota zizuetenei. Piketeak egin zenituztenei; auzoa, herria, hiria pankartaz josi zenutenei. Ekintzak egin nahi izan eta lortu ez zenutenei. Errepideak moztu eta paretetan oihuak margotu zenituztenei. Dantzatu, txalo egin zenutenei. Aski dela esateko elkartu zinetenei. Bideak moztu, Corte Inglés inguratu, Inditex itxi zenutenei.

Posible izanen zela sinetsi zenutenei. Aurreikuspenak gainditu eta plaza guztiak bete zenituztenei. (Jo)ahaldundu zinetenei. Pankarta eraman, eta zoriontsu izan zinetenei. Jendaurrean hitz egin zenutenei. Elkar besarkatu zenutenei. Egunaren amaieran negar egiteari eutsi ezin izan zeniotenei eta eutsi zeniotenei. Gorputzak eztanda eginen zuela pentsatu zenutenei. Lagunak egin dituzuenei. Bideko lagunei.

(Donibanekoei, irribarre egiten jarraitzeagatik; keinu bakoitzarengatik. Oso harro egoteko moduko auzoa eta kideak dituzu, Antxo. Jtk!).

Atzera urratsik ez egiteko

Atzera urratsik ez egiteko

Edurne Elizondo
Ez dute atzera urrats bakar bat ere egin nahi. "Osasun arreta guztion oinarrizko eskubide bat da, paperik izan edo ez", erran du, irmo, SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek. Haren hitzak berretsi ditu Munduko Medikuak erakundeko ...

Jasotako uzta zabaltzeko

Jasotako uzta zabaltzeko

Kattalin Barber

Iraultzak kalean jaio baina liburutegietan eraikitzen dira". Premisa hori hartu du abiapuntu Zuriñe de la Cuevak egiten ari den lana azaltzeko. Justo de la Cueva idazle, soziologo eta pentsalari marxistaren alaba, beste hainbat kiderekin batera, intelektualaren legatua ordenatzen eta sailkatzen ari da, gizartearen esku jartzeko asmoarekin. 10.000 liburu baino gehiago dituzte Euskal Herriari, frankismoari, marxismoari, antropologiari eta soziologiari buruz. Hirukoitza da egitasmoaren helburua: ordenatzea, sailkatzea eta funtsaren kultur-ondarea zabaltzea.

Joan den urteko apirilean zendu zen Justo de la Cueva idazlea. Jaiotzez madrildarra zen, baina aspaldi kokatu zen Nafarroan. Euskal Herriko auzi politikoei buruz hainbat publikazio argitaratu zituen pentsalariak; tartean, La escisión del PNV (1988), La negación radical vasca del capitalismo mundial (1994) eta Esos asesinos que impunemente matan cada día a miles de personas (1996) liburuak. "Gure helburua bere ondarea ordenatzea, sailkatzea, katalogatzea, digitalizatzea, hedatzea eta sozializatzea da", azaldu du De la Cuevak.

Politika eta gizarte zientzien inguruko milaka liburu dauzkate gordeta familiaren Etxarri Aranazko etxeko etxabean. "Bertan, teoria eta historia marxistak leku nabarmena du; halaber, frankismoari eta Euskal Herriaren hurbileko historiari buruzko lan kopuru itzela dago". Hain zuzen ere, 1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadetako Euskal Herrian sortutako milaka dokumentu eta libururen isla da Justo de la Cuevaren artxibo gunea. "Liburuez gain, garai bateko kartelak, aldizkariak eskuorriak, bideoak eta beste ditugu. Oraindik badaude kutxak hainbat dokumentazioz beteak, katalogatzeko daudenak", esan du. Izan ere, 70 metro koadroko etxabea da, eta 50 dokumentazio kaxa eta 10.000 liburu daude.

Egoera ez dela batere ona badaki De la Cuevak, eta, horregatik, ahalik eta lasterren ordenatzea da helburua. Behin ordenatu eta katalogatu ondoren, pentsalariaren irizpideei jarraikiz, leku bat bilatuko diote legatu guztiari. Egun, artxibo gunea ez dago jendearentzat irekita, eta liburuak eman eta saltzea aurreikusten dute.

Lan guztia aurrera eramateko, Justo de la Cuevaren irizpideei jarraituko diete, hala idatzita utzi zuelako hil baino lehenago. Alabak azaldu duen moduan, bi urte beharko dituzte, "gutxi gorabehera", egitasmoa osatzeko. Hamalau pertsonako taldea osatu dute auzolanean liburu eta artxibo guztiak katalogatu eta digitalizatzeko. Hala ere, proiektuaren logistikarako finantzaketa behar dute, eta finantzaketa kolektibo bidez lortu nahi dute beharreko diru kopurua. Asteotan, gainera, aurkezpenak egiten ari dira Euskal Herrian, Bartzelonan eta Madrilen.

Katalogo birtuala

"Liburuak katalogatzeko merkatuan dauden erremintak oso garestiak dira, eta ez dira gure beharretara egokitzen; hori dela eta, artxibo modulu bat programatzen ari gara lana aurrera eramateko". Drupal software librea erabiliko dute, haiek berek sortuko duten artxibo moduluarekin batera. Gutxienez, 7.000 euroko finantzaketa lortu nahi dute, programazioa, ordenagailuak eta diseinua ordaintzeko. "Harrera ona du proiektuak; gertatzen zaiguna da gehienetan jende heldua dela interesa duena, eta ez dute oso ongi ulertzen nola funtzionatzen duen finantzaketa kolektiboak", azaldu du De la Cuevak.

Nolanahi ere, argi du lanean jarraituko dutela eta finantzaketa lortzeko bideak aurkituko dituztela. Halaber, gazteengana heltzea nahiko lukete: "Batzuetan zaila da memoriaren kontakizuna transmititzea, baina lan hau beharrezkoa dela uste dugu, jendearen esku jartzeko. Horixe da gure lehentasuna".

Marxistaren ondarea ikertzaileentzat edota interesa izan dezakeen edonorentzat jarri nahi dute eskura. Balio handiko liburutegi eta artxibo gunea dela dio De la Cuevak. "Justo komunista zen, eta materialismo historiko eta dialektikoaren erremintak erabiltzen zituen errealitatea ikertzeko. 1980tik 2000ra arteko Euskal Herriko klase borrokaren isla da artxibategia". Ezker abertzaleko militantea izan zen De la Cueva, eta liburu eta dokumentu asko utzi zituen idatzita. Horrez gain, Basque Red Net webgunearen sortzailea izan zen, eta ia hamar urtez astero idazten zuen bertan Euskal Herriko errealitate politikoari buruzko erradiografia bat. 2004. urtean itxi zuen Poliziak webgunea. Torturaren aurka egindako jardueretan ere ezaguna izan zen De la Cueva. "Gizartearentzat egindako lan guztia itzultzen saiatzen ari gara". Idatzitako eta pilatutako liburu guztiak gizartearen esku jartzeko asmoarekin.